HITZAURREA

 

        Carlos Fuentes Mexiko Hirian jaio zen, 1928an. Aitaren ogibidea zela eta —diplomatikoa zen—, atzerrian bizi izan zen hainbat urtez. 1945ean Mexikora itzuli zen, eta abokatu-ikasketak egin zituen. Garai hartan ekin zion egunkarietan-eta artikuluak idazteari, eta Los días enmascarados (1954) ipuin-sortarekin eman zion hasiera bere literatura-ibilbide luze eta oparoari. Ia denetik idatzi izan du: eleberriak, ipuinak, saiakerak, antzerki-lanak...

        Carlos Fuentes XX. mendeko mexikar idazlerik garrantzitsuenetariko bat da: bera izan zen Juan Rulforekin batera «hispanoamerikar nobela berriaren» aitzindari Mexikon. Los días enmascarados ipuinekin, «nobela tradizionala» deiturikoaren errealismoa alde batera utzi eta errealismo magiko, fantastiko bati lotu zitzaion. Fuentesen lehen eleberrian —La región más transparente (1958)— agertzen dira jada haren nobelagintzaren giltzarri nagusiak: fantasia eta errealitatea uztartu, eta narrazio-teknika berritzaileak sortu. Las buenas conciencias (1959) nobela da ezaugarri horien bidea jarraitu ez duen bakarra. Izan ere, nobela horretan, arrazoia ondo ez dakigula, Fuentes «narratiba errealistari» atxiki zitzaion; gainerako lanetan, ordea, kritika soziala eta literatura egiteko molde berriak uztartu ditu, bai formari, lengoaiari eta, oro har, narrazio-teknikei dagokionez. «Lengoaia asmatzea historiak isildu duen guztia esatea da» zioen Fuentesek, La nueva novela hispanoamericana lanean.

        Esan ez ezik, lortu ere egin zuen, maisuki lortu ere, nobela honetan —La muerte de Artemio Cruz (1962)— ondo baino hobeto erakusten duen bezala. Bertan, hil-hurren dagoen agure baten egoeraren eta historiaren bidez, Fuentesek Mexikoko historiaren eta kulturaren kritika zorrotza egiten baitu, garai hartarako erabat berritzaileak ziren narrazio-teknikak erabiliz. Idazleak ez ditu berrikuntza tekniko horiek besterik gabe —bere idazkeraren erakustaldi hutsa egiteagatik— erabiltzen; alderantziz baizik: Artemio Cruzen heriotza liburuko idazkera gaiarekin erabat loturik dago. Are gehiago, kontatzen zaigun horrek horrelaxe kontatua izatea eskatzen du.

        Honela laburbiltzen du Carlos Fuentesek berak Artemio Cruzen heriotza liburuan kontatzen duen istorioa: «Liburuan mesenterioko infartuak jota hilko den agure baten hil aurreko hamabi orduak kontatzen dira. Hamabi ordu horietan hamabi egun tartekatzen dira, Artemiorentzat guztiz erabakigarriak diren hamabi egun. Badago hirugarren elementu bat ere: subkontzientea. Virgilio moduko bat izango da subkontzientea, eta protagonista bere infernu horren hamabi zirkuluetan zehar gidatuko du. Subkontzientea izango da, halaber, Artemioren ispilua, Artemio Cruzen beste zatia, geroaldian hitz egingo duen Zu hori. Subkontziente hori Ni-ak —hilzorian dagoen agureak— ezagutuko ez duen etorkizunari atxikitzen zaio. Ni zaharra orainaldia da, eta Bera-k Artemio Cruzen iragana erreskatatzen du. Hiru pertsona —Ni, Zu, Bera— horien arteko, azkenetan dagoen pertsonaia horren bizitza osatzen duten hiru denbora horien arteko, ispilu-elkarrizketa bat da nobela.»

        Nobelaren egituraketak, denboraren erabilerak, hainbat esaldi eta pasarteren esanahiaren nondik norakoa ez ulertzeak ez dio, beharbada, irakurleari hasiera batean nobelaren barruan sentitzen lagunduko, baina aurrera egin ahala irakurlea informazioa osatzen joango da, idazleak trebetasun handiz han eta hemen utziriko «aztarnei» esker puzzlearen piezak antolatzen, ordu artekoei zentzua hartzen. Eta orduan bai, orduan zailtasunek gozamenari egingo diote leku, gozamenari eta idazle batek hain modu trebean narrazio-teknikak eta gaia uztartu izanak eragiten duen lilurari.

        Itzulpenari dagokionez, pare bat kontu esan nahi nuke. Lehenengoa, puntuazio-marken ez ohiko erabilera, Fuentesek darabilen beste baliabide tekniko berritzaile bat da. Baliabide tekniko hori itzulpen honetara ahalik eta fidelen ekartzen saiatu banaiz ere, zenbaitetan komak (,) eta puntu eta komak (;) sartu behar izan ditut, testuaren iluna argitze aldera. Bigarrena: jatorrizkoan NI, ZU, BERA ataletako Ni, Zu, Bera «pertsonaiak» minuskulaz daude; itzulpenean, ostera, maiuskulaz. Horren arrazoia «bera» izenordeak sor zitzakeen nahasmenduak saihestea izan da.

        Amaitu aurretik, nire esker ona adierazi nahiko nioke Eskarneri, bera izan baitut «argitxoa» ur handietan barnako nire bidaia honetan.

Zuriñe Goti Artabe

 

 

 

© Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia