—XI—

 

        Charlesek, biharamunean, haurra itzularazi zuen. Hark bere amaz galdetu zuen. Erantzun zitzaion, ama kanpoan zela, jostailuak ekarriko zizkiola. Berthe maiz mintzatu zen berriz ere horretaz; gero, denboraren poderioz, ez zuen gehiago hartaz pentsatu. Haur haren alaitasunak minduratu egiten zuen Bovary, eta botikarioaren kontsolamendu jasanezinak nozitu behar izaten zituen.

        Laster hasi ziren berrito diru arazoak, M. Lheureuxek kitzikatu egin baitzuen berriz ere bere lagun Vinçart, eta Charles neurriz gaindiko kopurutan zorpetu zen; zeren inoiz ez baitzuen amore eman nahi izan harenak izandako altzarietariko kaxkarrena ere saltzen uzteko. Horrek bere ama sutan jarri zuen. Ama baino are bortizkiago haserretu zen bera. Charles zeharo aldaturik zegoen. Amak alde egin zuen etxetik.

        Orduan mundu guztia hasi zen aprobetxatzen. Mademoiselle Lempereurek sei hilabetetako lezioak galdatu zituen, Emmak batño bera ere inoiz hartu ez zuen arren (Bovaryri erakutsi zion faktura ordaindu hura gorabehera): bi emakumeen arteko itun bat zen; liburuen alokatzaileak hiru urtetako harpidetzarena galdatu zuen; Rolet atsoak hogeiren bat gutunen ordainketa galdatu zuen; eta, Charlesek argibideak eskatu zizkionez, hau erantzuteko fintasuna eduki zuen:

        — Ah! nik ez dakit ezer! bere gorabeheretarako zen.

        Ordaintzen zuen zor bakoitzeko, azkena zela pentsatzen zuen Charlesek. Gehiago etortzen zitzaizkion, etengabe.

        Aspaldiko bisiten atzerapenak galdatu zituen. Bere emazteak igorri zituen gutunak erakutsi zizkioten. Orduan desenkusatu beharrean kausitu zen.

        Felicitek orain Madamen soinekoak jazten zituen; ez guztiak, zeren batzuk Charlesek gorde baitzituen, eta haiei so egitera joaten zen haren apaingelara, bertan hersten zelarik. Gutxi-asko haren kaizu beretsukoa zen Felicite, Charles sarritan, atzealdetik hautemanik, liluramendu batek atxikitzen zuen, eta oihukatzen zuen:

        — Oh! geratu! geratu!

        Baina, Mendekostez, Felicitek ospa egin zuen Yonvilletik, Theodorek eramanik, eta jantzigelan geratzen zen guztia lapurtuz.

        Garai inguru honetan izan zen Madame Dupuis alarguntsak ohore izan zuena, «bere seme M. Leon Dupuis, Yvetoteko notarioaren eta Bondevilleko mademoiselle Leocadie-Leboeuf-en arteko ezkontzaren berri» Chaslesi ematea, Charlesek, hari zuzendu zion zorion-gutunean, besteak, beste esaldi hau idatzi zuen:

        «Zenbateraino poztu zatekeen nire emazte gaixoa!».

        Egun batez, etxean noraezean txitxibitxian zebilela, ganbararaino igo zelarik, bere oskierrestaren pean paper finezko bolatxo bat sentitu zuen. Ireki zuen eta irakurri zuen: «Izan adoretsu, Emma! izan adoretsu! Nik ez dut zure bizialdiko zorigaitza egin nahi». Rodolpheren gutuna zen kaxen artean lurrera eroria, hantxe geratu baitzen, eta sabaileihotiko haizeak bultzatuberri baitzuen aterantz. Eta Charles hantxe egon zen zirgingabe eta ahozabalik toki hartan bertan non behinola, bera baino are zurikailago, Emmak, etsiturik, heriotzea nahi izan baitzuen. Azkenik, bigarren orrialdearen behealdean «R» txiki bat aurkitu zuen. Nor ote zen? Rodolpheren usutasunez oroitu zen, haren supituko desagerpenaz eta geroztik harekin topo egitean, bizpahirutan, hark eduki zuen jarrera zapuztiaz. Baina gutunaren tonu begirunetsuak ilusionatu egin zuen.

        Agian platonikoki maite izan dute elkar, esan zuen berekiko.

        Bestalde, Charles ez zen gauzen barnefuntseraino jaisten diren horietakoa; frogen aurrean atzera egin zuen, eta bere duda-mudako jelostasuna bere arrenkuraren hondargabetan galdu zen.

        Nonbait, pentsatzen zuen, adoratu egiten zuten. Dudarik gabe, gizon guztiek desio izan zuten. Hortaz, are ederragoa iruditu zitzaion; eta horretatik irrits iraunkorra piztu zuen, zakarra, bere etsipena sutzen zuena eta mugarik ez zeukana, zeren eta orain gauzatu ezina baitzen.

        Hari atsegin izateko, artean bizi izan balitz bezala, haren gurakoak, haren ideiak, bere egin zituen; txarolezko botak erosi zituen, korbata zurien usarioa hartu zuen. Kosmetikoa ipintzen zuen bibotean, ordaindukoak izenpetu zituen hark bezala. Hilobiaz handik ere ustelarazi egiten zuen.

        Zilarreria pezarik peza saldu beharrean gertatu zen, ondoren egongelako altzariak saldu zituen. Gela guztiak desornitu ziren; baina gela, haren gela, garai hartan bezala geratu zen. Afalondoren, Charles hara igotzen zen. Suaren aurrera bultzatzen zuen mahai borobila, eta haren besaulkia hurreratzen zuen. Bera haren aurrez aurre esertzen zen. Urrekoloreko argimutiletako batean kandela bat egoten zen piztuta. Berthek, bere ondoan, saintuak argitzen zituen.

        Sufritu egiten zuen, gizon gizajoak, hura hain gaizki jantzirik ikusita, oskiak lokarririk gabe, bruxaren galtzarbeko joskura gerriraino zarrataturik, zeren neskamea ia fitsik ez baitzen hartaz arduratzen. Baina hain zen eztitsua, hain adeibera, eta bere burutxoa hain panpoxkiro makurtzen zen bere masaila gorrixten gainera adats beilegi ederra erortzen utziaz, non gozamen kabugabe batek harrapatzen baitzuen, garraztasunez erabat nahasturiko plazera, erretxin usaina duten ardo gaizki irakitu horiek bezala. Berak konpontzen zizkion jostailuak, marimuxalak egiten zizkion kartoiez, edo panpinen sabel urratua josten zion. Gero, begiez jostun-otarrea topatzen bazuen, edo xingolaren bat errestan edota mahaiaren zirrikitu batean geratutako orratzen bat bera ere, ametsari ematen zitzaion, eta hain planta tristea edukitzen zuen non haurra ere bera bezalaxe triste jartzen baitzen.

        Jadanik inor ez zen etortzen haiek ikustera; zeren Justin Rouenera ihes egina baitzen, non janari-denda batean saltzaile bilakatu den, eta botikarioaren haurrak gero eta gutxiago ibiltzen ziren Bertherekin, M. Homais ez baitzen axolatzen, beren maila sozialen arteko aldea ikusirik, adiskidetasuna luza zedin.

        Itsua, bere ukenduaz ezin sendatu izan zuena, Bois-Guillaumeko aldapara itzuli zen, eta han bidaiariei kontatzen zien botikarioaren alfer-saioa, hainbestez ezen Homais, hirira zihoanetan, Hirondelle-ko errezelen atzean ezkutatzen baitzen, harekin kausitzeari itzur egitearren. Gorrotoa zion; eta, bere ospe propialaren interesez, harengandik nola edo hala libratu nahirik, haren kontra bateria ezkutu bat zuzendu zuen, zeinak nabarmentzen baitzuen bere adimenaren sakonera eta bere hantusteriaren makurkeria. Sei hilabetez segidan, irakurri ahal izan ziren beraz Fanal de Rouen-en honelatsu moldaturiko txatalak:

        «Picardieko eskualde malatsetarantz doazen pertsona guztiek erreparatuko zuten, eskierki, Bois-Guillaumeko aldapan, aurpegi-zauri izugarri batek jotako dohakabe bat. Gogaitu egiten zaitu, pertsekutatzen zaitu eta benetako zerga bat kobratzen du bidaiarien lepotik. Erdi Aroko denboraldi higuingarri haietan ote gara oraindik, zeinetan zilegi baitzitzaien arloteei gurutzadetatik ekarriak zituzten legena eta umorotzak gure herrietako plazetan erakusten ibiltzea?».

        Edota:

        «Arloteriaren kontrako legeak gorabehera, gure hiri handietako inguruek behartsu taldez kakazturik segitzen dute. Ikusten dira bakarka dabiltzanak ere eta, agian, ez dira arriskurik gutxiena sortzen dutenak. Zertan pentsatzen ari dira gure zinegotziak?».

        Gainera Homaisek gertakariak asmatzen zituen:

        «Atzo, Bois-Guillaumeko aldapan zaldi izuti batek...». Eta itsuaren presentziak eragindako istripu baten istorioa zetorren segidan.

        Hain egoki egin zuen non itsua atxilotu egin baitzuten. Baina berriro libre laga zuten. Hark berriro ekin zion, eta Homaisek ere berriro ekin zion. Borroka bat zen. Homaisek lortu zuen garaipena; zeren bere etsaia betirako giltzapera kondenatu baitzuten ospizio batean.

        Arrakasta honek oilartu egin zuen; eta ordudanik ez zen izan eskualde hartan zakur zanpatu bat, etxalde sutu bat, emakume egurtu bat, zeinaren berri hark berehala publikoari emango ez zionik, beti ere aurrerapenaren maitasunak eta abadeenganako gorrotoak gidaturik. Gonbarazioak egiten zituen lehen mailako eskolen eta praileanaidien artean, azken hauen narriotarako, elizaren alde emandako ehun liberatako diru-laguntza bat zela-eta Saint-Bathelemy gaua gogorarazten zuen, eta gehiegikeriak salatzen zituen, ozarreriak botatzen zituen. Hori zen bere hitza. Homaisek azpijana egiten zuen; arriskutsua bilakatzen ari zen.

        Hartan, kazetaritzaren muga estuetan ito egiten zen, eta laster beharrezkoa egin zitzaion liburua, obra! Orduan Statistique general du canton d'Yonville, suivie d'observations climatologiques moldatu zuen, eta estatistikak filosofiarantz bultzatu zuen. Arazo handiez kezkatu zen: arazo soziala, klase behartsuen moralizazioa, arraintzaintza, kautxua, trenbideak e.a. Burges izateaz lotsagorritu ere egin zen. Artista plantaren arrandi egiten zuen, pipatu egiten zuen! chic Pompadour estatuatxo bi erosi zituen, bere egongela apaintzeko.

        Ez zuen inolaz ere farmazia uzten; aitzitik! aurkikuntzen jakinaren gainean mantentzen zen. Txokolateen mugimendu handia jarraitzen zuen. Bera izan zen lehena Seine-Inferieure eskualdera cho-ca eta revalentia ekarrarazi zituena. Pulvermacher katea hidroelektrikoen aldeko entusiasmoaz suhartu zen; berak ere bazeraman bat; eta, arratsean, franelazko bere gerrontzea eranzten zuenean, Madame Homais zeharo liluraturik geratzen zen urrezko espiralearen aurrean zeinaren pean desagertzen baitzen hura, eta eszita bat baino zurrunduagoa eta mago bat bezain naharoa zen gizon haren aldeko suoldea emendatzen sentitzen zuen.

        Ideia ederrak izan zituen Emmaren hilobiaz. Lehendabizi proposatu zuen zutabe trenkatu bat oihaleri batekin, ondoren piramide bat, gero Vestaren tenplu bat, Torio borobil moldekoren bat... edota 'hormazar pila bat'. Eta, egitamu guztietan, ez zuen inolaz ere at uzten sahats negarti bat, tristuraren nahitaezko sinbolotzat jotzen baitzuen.

        Charlesek eta biek bidaia bat egin zuten elkarrekin Rouenera, hilobiak ikusteko, ehorzketa-enpresari baten etxera —artista pintore batek lagundurik, Vaufrylard izeneko morroi bat, Bridouxen laguna, eta denbora guztian txisteak botatzen aritu zena—. Dena den, ehunekoren bat marrazki aztertu ondoren, aurrekontu bat eskatu eta beste bigarren bidaia bat Rouenera eginik, Charles mausoleo baten alde deliberatu zen, zeinak bere bi horma nagusietan «jeinu bana zuzi itzali bana eutsiz» eraman behar baitzituen.

        Inskripzioari dagokionez, Homaisek ez zuen ezer aurkitzen hau bezain ederrik: Sta viator, eta horretan egiten zuen planto; irudimena industen zuen; etengabe errepikatzen zuen: Sta viator... Noizbaitekoan aurkitu zuen: amabilem conjugem calcas!! eta hori onartu zen.

        Gauza harrigarri bat zera da, alegia, Bovary, etengabe Emmaz pentsatuz ere, hura ahazten ari zela; eta desesperatu egiten zen sentitzean haren imajina bere irudimenetik aldegiten hura atxikitzeko egiten zituen ahalegin guztien artean. Gauero, halere, hura zuen bere amets; beti amets bera zen: bera Emmarengana hurbiltzen zen; baina, besarkatzen hasten zenean, usteljariotan erortzen zen bere besoetan.

        Ikusi zuten aste batean zehar arratsean elizara sartzen. M. Bournisienek bizpahiru bisita ere egin zion, gero abandonatu egin zuen. Bestalde, gizon gizajoa intolerantziara, fanatismora ari zen labaintzen, zioen Homaisek; mendeko izpirituaren kontra tximistak jaurtikitzen zituen eta hutsik egin gabe, hamabostero, sermoian, Voltaireren agonia kontatzen zuen, zeina bere gorozkiak jaten hil baitzen, edonork dakien bezala.

        Bovaryk bizi zuen bizimodu dirueuslea arren, bere aintzinako zorrak amortizatu ahal izatetik urrun zegoen. Lheureuxek uko egin zion inolako ordaindukorik berritzeari. Atxikipena gainean zen. Orduan bere amarengana jo zuen, zeinak baimena eman baitzuen hari hipoteka bat hartzen uzteko bere ondasunen gain, baina Emmaren kontrako ahakar gogorrak igorriz; eta, bere sakrifizioaren bueltan, Feliciteren triskantzatik libratutako txal bat eskatzen zuen. Charlesek ukatu egin zion. Liskartu egin ziren.

        Adiskidetzeko lehen saioak amak egin zituen, haurra bere etxean hartzea proposatuz, etxeko lanetan lagunduko baitzion. Charlesek baiezkoa eman zuen. Baina, abiatzerako momentuan, adore orok abandonatu egin zuen. Hau izan zen behin-betirako etendura, erabatekoa.

        Bere afektuak desagertzen ziren heinean, bere haurrarenganako maitasunera hertsikiago biltzen zen. Hain umeak kezkatu egiten zuen; zeren batzuetan eztula izaten baitzuen, eta masailalboetan zapla gorri batzuk baitzeuzkan.

        Bere aurrez aurre hedatzen zen, loretsu eta alaitsu, botikarioaren familia, munduan orok hura konplitzera laguntzen zuela: Napoleonek laborategian laguntzen zion, Arhaliek boneta greziarra brodatzen zion, Irmak paper borobilak mozten zituen gozokiak estaltzeko, eta Franklinek errenga batean errezitatzen zuen Pitagoraren taula. Aitarik zoriontsuena zen, gizonik dohatsuena.

        Okerra! irrits elkor batek hortzikatzen zuen: Homaisek gurutzea nahi zuen. Tituluak ez zitzaizkion falta:

        1. Koleraren garaian, mugagabeko ahaleginengatik nabarmendu izana; 2. utilitate publikodun obra zenbait, eta neure poltsikotik, argitaratu izana, esate baterako... (eta haako bere txosten hura gogoratzen zuen: Du cidre, de sa fabrication et de ses effets; gainera galderna iletsuari buruzko oharpenak, Academiara igorriak; estatistikako bere bolumena, eta baita farmaziako bere tesia ere); jakitun elkarte askotako partaide naizela kontatu gabe (bakar batekoa zen).

        — Dena den, oihukatzen zuen, aputika eginez, suteetan gailendu izanagatik besterik ez balitz ere!

        Orduan Homais Boterearen alde makurtzen zen. Prefeta jaunari zerbitzu handiak egin zizkion, ezkutuka, hauteskundeetakoan. Bere burua saldu zuen azken finean, pailardatu egin zen. Subiranoari eskaera bat zuzendu ere egin zion zeinetan erregutzen baitzion justizia egin ziezaion; gure errege ona deitzen zion eta Henri IV.rekin parekatzen zuen.

        Eta, goizero, botikarioa egunkarira oldartzen zen han bere izendapena aurkituko ote: hau ez zen heltzen. Azkenerako, gehiago ezin eutsirik, bene jardinean marraztarazi zuen ohorezko izarra irudikatzen zuen belartxa bat garako aldetik sortzen ziren bi belar-kalpar txikirekin xingola antzera. Haren baranoan pasiatzen zen, besoak gurutzaturik, gobernuaren gauzaezkeriaz eta gizonen eskergaitzaz gogoetatuz.

        Errespetoz, edo bere ikerketetan nagitasuna ezarrarazten zion sentsualitate molde batengatik, Charlesek artean ireki gabe zuen Emmak gehienetan erabili ohi zuen palisandrozko idazmahaiko konpartimendu sekretu bat. Egun batez, azkenik, aurrean eseri zen, giltzari eragin zion eta gakoa sakatu zuen. Leonen gutun guztiak hantxe aurkitzen ziren. Ez zegoen zalantzarik, oraingoan! Azkenekora arte irentsi zituen, miatu zituen xoko guztiak, altzari guztiak, kajoi guztiak, horma-atzeak, zotinka, alarauka, burugalduta, zoro. Kaxa bat aurkitu zuen, ostiko batez puskatu zuen. Rodolphen erretratua saltatu zitzaion bete-betean aurpegira, gutun eztitsu nahasien artean.

        Jendea harritu egin zen haren etsimenduaz. Ez zen inoiz irteten, ez zuen inor hartzen, bere gaixoak ikustera joateari ere uko egiten zion. Orduan esaten hasi ziren edatearren hersten zela.

        Noiz edo behin ordea, begiluzeren bat altxatzen zen jardineko itxituraren gainetik, eta txundiduraz hautematen zuen gizon bizarluze hura jantzi lardatsez estalirik, mutiri, eta oinez ibilian ozenki negarrez.

        Arratsean, udan, hartzen zuen alabatxoa eta kanposantura eramaten zuen. Gau ilunean itzultzen ziren, plaza aldera Bineten sabaileihoa beste argirik ez zegoenean.

        Halere bere oinazearen boluptuostasuna ez zen osoa, zeren bere inguruan ez baitzeukan partzuertuko zuenik; eta Lefrançois atsoari egiten zizkion bisitak, hartaz hitz egin ahal izatearren. Baina ostalersak ez zion entzuten belarri batez baino, berak ere hark bezalaxe bere penak baitzituen, zeren M. Lheureuxek azkenerako jarriberria baitzuen Favorites du Commerce, eta Hivertek, mandatuetarako aipu handiaz gozatzen baitzuen, soldata igoera galdatzen zuen eta 'Konkurrentziara' pasatzeko mehatxua egiten zuen.

        Egun batez, bere zaldia saltzera, —azken baliabidea—, Argueilko merkatura joan zelarik, Rodolpherekin topo egin zuen.

        Elkar hautematean beluritu egin ziren. Rodolphek, bere txartela bidali bakarrik egin baitzuen, lehenik zenbait desenkusa zezelkatu zuen, gero ozartu egin zen eta bere ausartzia eraman ere (oso bero egiten zuen, abuztua zen) tabernan zerbeza botila bat hartzera konbidatzeraino eraman zuen.

        Aurrez aurre ukondoak tinkaturik, bere zigarroa marruskatzen zuen aldi berean hitz eginez, eta Charles ametseriatan galtzen zen Emmak maite izan zuen aurpegi honen aurrean. Emmaren zerbait berriro ikusten ari zela iruditzen zitzaion. Liluramendu bat zen. Gizon hura izatea nahi izango zukeen.

        Besteak laboreez, abereez, ongarriez mintzatzen segitzen zuen, zeharradierazpenen bat irrista zitekeen zirrikitu oro esaldi banalez estaliz. Charlesek ez zion entzuten; Rodolphe ohartzen zen horretaz, eta haren aurpegiaren higikeran barrena segitzen zuen oroitzapenen iragaitza. Aurpegi hura purpuratzen ari zen poliki-poliki, sudurregalek fite pilpiratzen zuten, ezpainek dardar zegiten; izan zen une bat non Charlesek, amorru goibel batez beterik, bere begiak tinkatu baitzituen Rodolpheren aurka, eta hau, laborri molde batean, moztu egin zen. Baina laster azaldu zen berriro bere aurpegian herio-lazotasun bera.

        — Ez dizut herrarik, esan zuen.

        Rodolphe mututurik geratua zen. Eta Charlesek, burua bere bi eskuen artean, ahots motelez eta oinaze hondargabeen doinu etsituaz esan zuen:

        — Ez, jadanik ez dizut herrarik!

        Eta esaldi borobil bat ere erantsi zuen, sekulan esan zuen bakarra:

        — Halabeharraren errua da!

        Rodolphek, halabehar hura berak gidatu baitzuen, nahiko onpuska kausitu zuen kinka hartako gizon batentzat, baita komiko ere, eta apur bat doilor.

        Biharamunean, Charles aulkian esertzera joan zen, pendizpera. Argizpiak pasatzen ziren zuresitik barren; mahats-hostoek beren errainuak marrazten zituzten hondarraren gainean, jazminari lurrina zerion, zerua urdina zegoen, errauliek burrunda zegiten lili loratuen inguruan, eta Charles nerabe baten gisa hatsankatzen zen bere bihotz penatua puzten zuten amodio-jario uherren pean.

        Zazpietan, Berthe txikia, zeinak arratsalde osoan ez baitzuen ikusi, bila etorri zitzaion afaltzeko.

        Burua hormaren kontra etzanik zeukan, begiak itxirik, ahoa zabalik, eta bere eskuetan ile-beltz xerlo luze bat zeukan.

        — Aita, goazen ba!

        Eta, jolas egin nahi zuela pentsatuz, Berthek bultza egin zion emekiro. Lurrera erori zen. Hilik zegoen.

        Hogeita hamasei ordu geroago, botikarioak hala eskaturik, M. Canivet etorri zen. Ireki zuen eta ez zuen ezer aurkitu.

        Dena saldu eta gero, hamabi libera eta hirurogeita hamabost xentimo geratu zen, zeinak amonaren etxera mademoiselle Bovaryren bidaia ordaintzeko erabili baitziren. Emakume gajoa urte berean hil zen; Rouault zaharra perlesiak jota zegoen; izeba bat egin zen haren kargu. Hau pobrea da eta, bizibidea irabaztera, algodoi-irundegi batera bidaltzen du.

        Bovaryren heriotzaz gero, bata bestearen jarraian hiru mediku izan dira Yonvillen aurrerapiderik atera ezin izan dutelarik, hainbesterainoxe aurka egin baitie Homaisek hasieratik bertatik. Egundoko bezereria dauka; agintaritzak zuri egiten dio eta iritzi publikoak babestu egiten du.

        Jasoberria du ohorezko gurutzea.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia