—X—

 

        Botikarioaren gutuna ez zuen jaso gertaeratik hogeita hamasei ordutara baino; eta, haren sentiberatasunarekiko begirunez, M. Homaisek halakoxe moduz idatzi zion, non ezinezkoa baitzen zeri atzeman jakitea.

        Gizon gizajoa lehenbizi apoplexiak jota bezala erori zen. Ondoren ulertu zuen, bere alaba ez zegoela hilik. Baina egon zitekeen... Dena den bere bruxa jantzi zuen, bere kapelua hartu, bere zapatari ezproin bat atxiki eta hankajoko bizian abiatu zen; eta, bide osoan, Rouault zaharra, hatsanka, larriduraz alhaturik joan zen. Halako batean, jaitsi beharrean ere gertatu zen. Ez zuen ezer ikusten, bere inguruan ahotsak entzuten zituen, bere burua erotzen sentitzen zuen.

        Eguna zabaldu zuen, hiru oilo beltz hauteman zituen zuhaitz batean lo; ikaratu egin zen, seinale horrek izuturik. Orduan Amabirjina santuari hiru mezajantzi agindu zizkion elizarako, eta oinutsik joango zela Bertauxeko kanposantutik Vassonvilleko kaperaraino. Ostatuko jendeari deiadarka sartu zen Marommen, sorbaldaren bulkara batez ireki zuen atea, olo-zakuaren gainera jauzi zen, sagardo-geza botila bat hosto zuen askan, eta zankaletran heldu non berriro bere zamalkoari, zeinari sua baitzerion lau ferretatik.

        Berekiko zioen salbatuko zutela nola edo hala; medikuek aurkituko zuten erremedioren bat, hori ziur zen. Berari kontatu izan zizkioten mirarizko sendakuntza guztiak gogoratu zituen.

        Gero, hilik azaltzen zitzaion alaba. Hantxe zegoen, bere aurrean, bizkarrez etzanik, bidearen erdian. Erremaletik tira egiten zuen eta lilurakeria desagertu egiten zen.

        Quincampoixen, bere buruari adore emateko, hiru kale hartu zituen bata bestearen gainean.

        Idazterakoan izenez herratuko zirela pentsatu zuen. Gutunaren bila hasi zen patrikan, han sentitu zuen, baina ez zen irekitzen ausartu.

        Dena adarjotzeren bat ote zen pentsatzeari ere eman zion, norbaiten mendekuren bat, pertsona txantxetariren baten asmadizoa; eta, bestalde, bere alaba hila balitz, nola ez ba jakin? Baina ez! landak ez zeukan ezer apartekorik: zerua urdina zegoen, zuhaitzak kulunkatu egiten ziren; artalde bat iragan zen. Herrixka begiztatu zuen; presaka ikusi zuten bere zaldian makur-makur eginda, kolpe handiz zihorkatzen zuela, petraletik odola tantoka.

        Kordea bihurtu zitzaionean, negar batez jausi zen Bovaryren besoetan:

        — Nire alaba! Emma! nire umea! nola ordea...?

        Eta besteak erantzun zuen zotinka:

        — Nik ez dakit, nik ez dakit! Madarikazio bat da!

        Botikarioak banandu zituen.

        — Xehetasun izugarri horiek alferrikakoak dira. Nik jarriko dut jauna jakinaren gainean. Jende asko dator. Duintasun pixkat, arraioa! Filosofia pixka bat!

        Mutil gizajoak kementsu azaldu nahi izan zuen, eta behin eta berriz errepikatu zuen:

        — Bai..., adorea!

        — Horra ba! oihukatu zuen gizonak, nik ere izango dut, ala Jainkoa! Azkenera arte eramango dut dena.

        Hilkanpaia jotzen ari zen. Dena prest zegoen. Abiatu beharrean ziren.

        Eta, koruko jarleku batean eseririk, bata bestearen ondoan, beren aurrean pasatzen eta etengabe pasa eta pasa ikusi zituzten hiru txantreak salmodiatzen. Sugeturutak soinu betean putz egiten zuen. Monsieur Bournisienek, apainduria handiz jantzirik, ahots zorrotzez kantatzen zuen; tabernakuluari gur egiten zion, eskuak altxatzen zituen, besoak hedatzen zituen. Lestiboudois eliza barruan zebilen bete bale-hagarekin; zerraldoa han zetzan, koruaren ondoan, lau kandela-zerrendaren artean. Charlesek, haiek itzaltzera altxatzeko gogoa zeukan.

        Saiatzen zen halere deboziotan kitzikatzen, berriro Emma ikusiko zukeen geroko bizitza baten esperantzara oldartzen. Hura bidaia batera, oso urrun, aspaldidanik, joana zela imajinatzen zuen. Baina, han behean aurkitzen zela pentsatzen zuenean, eta dena bukatua zela, lurpera eramango zutela, amorru basati, beltz, etsitu batek harrapatzen zuen. Batzuetan iruditzen zitzaion, jadanik ezer ez zuela sentitzen; eta bere oinazearen leunaldi hau dastatzen zuen, aldi berean bere buruari doilorra izatea leporatuz.

        Harlauzen gainean, denbora berdinka jotzen zituela, makila burnidun baten zarata elkorra bezala entzun zen. Hau hondotik zetorren, eta bat-batekoan gelditu zen elizabarneko aldamenetan. Txamarra arre lodi batez jantzitako gizon bat belaunikatu zen nekez. Hippolyte zen, Lion d'Or-eko morroia. Bere zango berria zuen jarria.

        Txantreetako batek egin zuen elizabarneen jira diru-eskean, eta txanpon handiek, bata bestearen ondoren, soinua ateratzen zuten zilarrezko erretiluan.

        — Mugi zaitez ba! ni sufritzen ari naiz, aizu! oihukatu zuen Bovaryk, bost liberako txanpon bat haserrez botatzen zion bitartean.

        Elizgizonak eskerrak eman zizkion gurkera luze batez.

        Kantatzen zuten, belaunikatzen ziren, berriro zutitzen ziren, hura ez zen bukatzen! Oroitu zen ezen behin batez, lehen garaietan, biak elkarrekin izan zirela mezatan, eta beste aldean zirela, eskuinetan, hormaren kontra. Berriro kanpaia hasi zen. Aulki-mugimendu handi bat izan zen. Eramaileek beren hiru makilak zerraldoaren azpian sartu zituzten, eta elizatik irten ziren.

        Orduan Justin azaldu zen botikako atalasean. Barrura sartu zen segituan, zurbil, balantzaka.

        Jendea leihoetan zegoen segizioa iragaiten ikusteko. Charles, aurrean, gerria tente zihoan. Adoretsu itxura arrandiatzen zuen eta keinu batez agurtzen zituen, kaletxikietatik edo etxeetatik jendetza artean sartzera zetozenak. Sei gizonak, hiru alde bakoitzean, pauso txikian zihoazen eta apur bat hatsanka. Apaizek, txantreek eta bi elizmutilek De Profundis errezitatzen zuten; eta haien ahotsak landetan barrena joaten ziren, goraka eta beheraka uhindurak eginez. Batzuetan desagertu egiten ziren bidearen bihurguneetan; baina zilarrezko gurutze handia beti altxatzen zen zuhaitzen artean.

        Emakumeak zetozen segidan, mantu beltzez estalirik txanoa jantzira; kandela handi bana zeramaten eskuan pizturik, eta Charlesek aunatzen sentitzen zuen bere burua errezoen etengabeko errepikatze harekin eta kandelagar haiekin, argizari eta sotana usain melenga haren pean. Haizekirri freskoa zebilen, zekalea eta koltza berdetzen ari ziren, ihintz tantoxkek dardar zegiten bidearen bazterretan, elorrizko hesietan. Molde orotako hots alaitsuek betetzen zuten ingurumaria: urrunean gurtarrastoetan barrena zihoan gurdi baten kirrinka, oilar batek errepikatzen zuen kukurrukua edo sagarrondoen pean iheska ikusten zen moxal baten asapala. Zen garbia hodei zurigorriz orbandurik zegoen; keadar urdinkak, atsoliliz estalitako etxolen gainera jaisten ziren; Charlesek, pasaran, larraineak ezagutzen zituen. Hau bezalako beste goiz batzuez oroitzen zen, gaixoren bati bisita egin ondoren, haietatik irteten eta Emmarengana itzultzen zenekoez.

        Zapi beltza, malko zuriz zipriztindua, aldian behin altxatu egiten zen zerraldoa azalduz. Eramaile nekatuek abiadura baretzen zuten; eta zerraldoa etengabe andarka zihoan, uhin bakoitzean zabu dagien txalupa bezala.

        Heldu ziren.

        Gizonek beheraino segitu zuten, hilobi-zuloa eginik zegoen belartzagune bateraino.

        Haren baranoan pausatu ziren; eta apaiza mintzo zen bitartean, lur gorria, alboetara baztertua, zaratarik gabe isurtzen zen ertzetatik, etengabe.

        Gero, lau sokak prest egon zirenean, haren gainera bultzatu zuten zerraldoa. Charlesek jaisten begiratzen zuen. Jaitsi eta jaitsi ari zen.

        Azkenik entzun zen punpateko bat; sokak kirrinka igo ziren berriro. Orduan Bournisienek pala hartu zuen, Lestiboudoisek luzatzen ziona; ezkerreko eskuaz, aldi berean eskuinaz garaztatzen zuela, palakada handi bat bota zuen bortizki; eta zerraldoaren zurak, harriek kolpaturik, betikotasunaren durunda dela iruditzen zaigun zarata ikaragarri hori egin zuen.

        Elizgizonak bere albokoari pasa zion ixipua. M. Homais zen. Honek benaz astindu zuen, gero Charlesi luzatu zion, zeina belaunetaraino hondoratu baitzen lurretan, eta eskuak betean botatzen zuen aldi berean deiadar eginez: 'Adio'. Musuak bidaltzen zizkion; zulorantz errestatzen zen harekin batera bertan hondoratzeko.

        Eraman egin zuten; eta laster lasaitu zen, agian sentituz, beste guztiek bezala, hura bukatu izanaren gozamen lainotsua.

        Rouault zaharra, itzultzean, lasai-lasai pipakada bat erretzen hasi zen; eta horri Homaisek, bere kolkorako, desegokia iritzi zion. Halaber errepatu zuen, M. Binet ez zela azaldu ere egin, Tuvachek 'hanka egin zuela' mezaren ondoren, eta Theodorek, notarioaren morroiak, jantzi urdina zeramala 'jantzi beltzik ezin aurkitu balitz bezala, usadioari jarraituz, zer arraio!' Eta, bere oharpenak adierazteko, talde batetik bestera zebilen. Emmaren heriotza deitoratzen zuten, eta batik bat Lheureuxek, zeina huts egin gabe etorri baitzen hobiratzera.

        — Damatxo gaixoa! zer nolako atsekabea bere senarrarentza!

        Botikarioa hasten zen berriro:

        — Ni izan ezean, ongi dakizue hori, bere buruaren kontrako atentatu galgarriren bat egingo zukeen!

        — Halako pertsona ona! eta oraindik joan den larunbatean bertan nire dendan ikusi nuela esatea ere!

        — Ez dut astirik izan hitz batzuk prestatzeko, zioen Homaisek, bere hilobiaren gainean jalgitzeko.

        Itzultzean, Charles erantzi egin zen, eta Rouault zaharrak bere bruxa berria plantxatu zuen. Berria zen, eta, bidean, begiak besomuturraz sarritan xukatu zituenez, tindura jaregin zuen haren aurpegian; eta malkoen arrastoek marrak egiten zituzten zikintzen zuen hauts geruzan.

        Madame Bovary ama beraiekin zegoen. Isilik zeuden hirurak. Azkenik gizon gizajoak hasperendu zuen:

        — Gogoan al duzu, lagun, ni behin batean Tostesera etorri nintzela, zuk zure lehen zendua galduberri zenuela. Garai hartan kontsolatzen zintudan! Aurkitzen nuen zer esanik; baina orain...

        Gero, bere bular osoa altxatu zuen heiagora luze batez:

        — Ah! nireak egin du, aizu! Nire emaztea ikusi dut joaten..., gero nire semea..., eta orain alaba, gaur!

        Berehala Bertauxetara itzuli nahi izan zuen, etxe hartan ezin zezakeela lorik egin esanez. Bere bilobatxoa ikusteari ere uko egin zion.

        — Ez! ez! pena handiegia hartuko nuke. Hori bai, musu handi bat emaiozu! Agur!... mutil jatorra zara! Eta gainera, sekula ez dut ahaztuko hau, esan zuen bere izterra joaz, ez beldurrik izan! beti jasoko duzu zure pauma.

        Baina, aldaparen gainera heldu zenean, jiratu egin zen, aspaldiko beste hartan Saint-Victor bidean jiratu zen bezala, bere alabarengandik aldentzerakoan. Herriko leihoak argi bizitan zeuden belazetan sartzen ari zen eguzkiaren lapraneko inarren pean. Eskua begien aurrean ipini zuen, eta ortzi-hegian hauteman zuen hormazko itxitura bat non zenbait zuhaitzek, han-hemenka, sorta beltzak egiten baitzituzten harri zurien artean, gero bere bideari jarraiki zitzaion, trosta txikian, zeren bere zamalkoak herren egiten baitzuen.

        Charles eta bere ama, beren nekea arren, oso denbora luzez geratu ziren arratsean elkarrekin solasean. Garai bateko egunez eta etorkizunaz mintzatu ziren. Ama Yonvillen bizitzera etorriko zen, berak eramango zuen etxea, ez ziren sekula gehiago elkarrengandik aldenduko. Agudeziatsu eta laztankiro jardun zen ama, zuela hainbat urte ihes egiten ari zitzaion txera berreskuratzeaz bere barnean pozturik. Hamabiak jo zituen. Herria, beti bezala, isilean zegoen, eta Charlesek, esna, Emmaz pentsatzen segitzen zuen.

        Rodolphe, egun osoan basoan barrena ibilia baitzen, laketzearren, lo zegoen lasai bere gazteluan; eta Leon, han urrunean, lo zegoen hura ere.

        Bazen beste bat, ordu hartan, artean lo ez zena.

        Hilobiaren gainean, pinuen artean, haur bat negarrez ari zen belauniko, eta bere bularrak, zotinka puskatutik, hatsanka zegien ilunpean, dolumen eskerga baten, ilargia baino eztiago eta gaua baino hondogabeago baten presioaren pean. Burdinazko ateak bat-batean kirrinka egin zuen. Lestiboudois zen; lehentxeago ahaztuta utzia zuen palaren bila zetorren. Justin ezagutu zuen horma igotzen, eta jakin zuen ordudanik zertan egon patatak lapurtzen zizkion gaizkileari buruz.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia