—IX—

 

        Beti izaten da, norbaiten heriotzaren ondoren, jalgitzen den baldidura bat bezala, hain da izan ere zail deusezaren jazokuntza hau ulertzea eta sinestera etsitzea. Baina, baten mugiezinaz ohartu zenean ordea, Charles Emmaren gainera jausi zen garraisika:

        — Adio! adio!

        Homaisek eta Canivetek eraman zuten gelatik kanpora.

        — Erresi zaitez!

        — Bai, zioen hark aharran, zuhurra izango naiz, ez dut ezer txarrik egingo. Baina utz nazazue! ikusi egin nahi dut! nire emaztea da! Eta negar egiten zuen.

        — Egizu negar, zioen botikarioak, libratu bidea naturari, horrek lasaitu egingo zaitu!

        Haur bat baino ahulago bilakaturik, behera eramaten utzi zien, eskaratzera, eta M. Homais, berehala, bere etxera itzuli zen.

        Plazan, itsua hurreratu zitzaion, zeinak, Yonvilleraino errestan etorririk, ukendu antiflogistikoaren esperantzan, bidari bakoitzari galdetzen baitzion botikarioa non bizi zen.

        — Tira, aizu! Aurreragoko beste zereginik ez banu bezala! Ah! zer egingo da ba, itzul zaitez beste batean!

        Eta zalaparta batean sartu zen farmaziara.

        Bi gutun idatzi beharrean zegoen, Bovarytentzako edabe sorgarri bat egin beharrean, pozoindatzea ezkuta zezakeen gezur bat aurkitu eta hori Fanal-erako artikulu batean idatzi beharrean, berriak jakin nahirik zain zeuzkan pertsonak kontatu gabe; eta, Yonvilletar guztiek bere istorioa entzun zutenean, alegia Emmak arsenikoa azukretzat hartu zuela, bainila-krema bat egiterakoan, Homais, berriro ere, Bovaryren etxera itzuli zen.

        Bakarrik aurkitu zuen (M. Canivet abiatu berria zen), besaulkian eserita, leihoaren ondoan, begirada tentel batez eskaratzeko harlauzei so.

        — Orain, esan zion botikarioak, zeuk jarri beharko zenuke zeremoniarako ordua.

        — Zertarako? Zein zeremonia?

        Gero, ahots zezelkari eta ikarati batez:

        — Oh! ez, ez da hala? ez, gorde egin nahi dut.

        Homaisek, zerbait egin behar eta, apaletik pitxer bat hartu zuen jeranioak ureztatzeko.

        — Ah! eskerrik asko, esan zuen Charlesek, zu ona zara!

        Eta ez zuen bukatu, botikarioaren keinu hark gogorarazten zizkion oroitzapen ugaritan hatsankaturik.

        Orduan, lekoratzearren, Homaisek egoki iritzi zion baratzaintzaz apur bat elekatzeari; landareek hezetasuna behar zuten. Charlesek burua apaldu zuen baieztapen modura.

        — Bestalde, eguraldi onak laster hasiko dira berriro.

        — Ah! egin zuen Bovaryk.

        Botikarioa, ideiak agorturik, leihoko errezel txikiak emekiro alboratzen hasi zen.

        — Hara! hor doa M. Tuvache.

        Charlesek makina baten gisa errepikatu zuen:

        — Hor doa M. Tuvache.

        Homais ez zen ausartu hari berriro hileta-xedapenez hitz egiten; elizgizona izan zen horretara deliberatzea lortu zuena.

        Bere kabinetan sartu zen, luma bat hartu zuen, eta, denboralditxo batez zotinka aritu ondoren, idatzi zuen:

        Bere ezkontza-soinekoaz jantzirik ehortzi dezaten nahi dut, zapata zuriekin, koroa bat. Adatsak sorbalden gainean bedatuko zaizkio; hiru zerraldo, bata haritzezkoa, bestea kaobazkoa, bestea berunezkoa. Ez diezadatela ezer esan, izango dut adorea. Balusa berdezko oihal handi bat ipiniko zaio gainetik. Hala nahi dut. Egin ezazue.

        Jaun haiek erruz harritu ziren Bovaryren ideia erromaneskoez, eta berehalakoan joan zitzaion botikarioa esatera:

        — Balusa hori larregikoa iruditzen zait. Gastua, bestalde...

        — Eta zure axola al da ba? oihukatu zion Charlesek. Utz nazazu! zuk ez zenuen maite! Alde hemendik!

        Elizgizonak besarpetik hartu zuen lorategian barrena ibilalditxo bat eginarazteko. Lurreko gauzen hutsalkeriaz elekatzen zen. Jainkoa benetan handia zen, benetan ona; haren dekretuei zuen egin behar zitzaien txintik gabe, eta gainera eskerrak eman.

        Charlesek biraoka ekin zion.

        — Higuin dut, zuen Jainko hori!

        — Asaldazioaren izpiritua zuregan dago oraindik, hasperendu zuen elizgizonak.

        Bovary urrun zen. Urrats handiz zihoan, hormari jarraiki, keretaren ondotik, eta hortzak kirrinka zerurantz altxatzen zituen madarikazio-begiradak; baina hosto batek berak ere ez zuen horratio zirkin egin.

        Euri-lanbroa ari zuen. Charles, bularra biluzi baitzeukan, azkenerako hotzikaraz hasi zen; etxeratu egin zen sukaldean esertzera.

        Seietan, txatar-zarata entzun zen plaza aldetik: Hirondelle zen orduantxe iristen; eta Charles hantxe egon zen burua leiarren kontra, bidaiari guztiak bata bestearen ondoren jaisten ikusten. Felicitek koltxoi bat hedatu zion eskaratzean; bertan etzan zen eta loak hartu zuen.

        Filosofoa izanik ere, M. Homaisek errespetatzen zituen hildakoak. Beraz, Charles gizajoarenganako herrarik gorde gabe, arratsean etorri zen berriro gorpuari beila egitera, hiru liburu berekin zituela, eta orri-zorro bat, nola batzuk hartzeko.

        M. Bournisien han aurkitzen zen, eta, etzangutik kanpora aterea zuten ohearen buruan bi kandela handi zeuden pizturik.

        Botikarioak, isiltasuna astun baitzitzaion, ez zuen luze eman zenbait dolamen formulatzen «emakume gazte dohakabe» hartaz; eta apaizak erantzun zuen, jadanik ez zela geratzen haren alde otoitz egitea besterik.

        — Halere ordea, zioen Homaisek, bietariko bat: edota Jainkoaren grazian hil da (Elizak esaten duen bezala), eta orduan ez dauka bat ere gure otoitzen beharrik; edota damurik gabe zendu da (hala da, nik uste, elizak esaten duen bezala), eta hortaz...

        Bournisienek moztu egin zuen, tonu zakarrez ihardetsiz, horregatik ez zegoela zertan gutxiago otoitz eginik.

        — Baina, argudiatu zuen botikarioak, Jainkoak gure behar guztiak ezagutzen dituenez, zertarako balio dezake otoitzak?

        — Nola! zioen elizgizonak, otoitzak! Zu ez al zara ba kristaua?

        — Barkaidazu! zioen Homaisek. Nik miresten dut kristautasuna. Lehendabizi esklabuak askatu ditu, moral bat sartu du munduan...

        — Ez gara horretaz ari! Testu guztiek...

        — Oh! oh! testuei dagokienez, ireki ezazu historia; gauza jakina da jesuitek faltsifikatu dituztela.

        Charles sartu zen, eta, oherantz aurreratuz, errezelak ireki zituen geldiro.

        Emmak eskuineko sorbaldaren gainera makurturik zeukan burua. Bere ahoaren ertzak, irekita baitzegoen, zulo beltz bat bezala egiten zuen bere aurpegiaren behealdean, bi erpuruek kakotu gabe segitzen zuten eskuzabaletan; hauts zuri baten antzekoak ihinztatzen zituen bere betileak, eta bere begiak desagertzen hasiak ziren oihal mehe bat zirudien zurbildura likitsu batean, zenbait armiarmak gainean sarea egin balute bezala. Maindirea abaildu egiten zen bularretatik belaunetaraino, ondoren oinetako behatz-puntetan berriro altxatuz; eta Charlesi iruditzen zitzaion, masa elemenak, egundoko pisuak zamatzen zuela hura.

        Elizako erlojuan ordubiak jo zituen. Ilunpetan barrena terrazaren oinean zihoan ibaiaren murmurio ozena entzuten zen. M. Bournisienek, aldian-aldian, zintz egiten zuen zarata handiz, eta Homaisek bere lumari kirrinkarazten zion paper gainean.

        — Ea ba, lagun, esan zuen, erretira zaitez, ikuskizun horrek jota uzten zaitu.

        Charles joan ondoren, botikarioak eta apaizak beren eztabaidari ekin zioten berriro.

        — Irakurtzazu Voltaire! zioen batak; irakurri Holbach, irakurri Entziklopedia!

        — Irakur itzazu Lettres de quelques juifs portugais! zioen besteak; irakurtzazu Raison du christianisme, Nicolas egilea, magistratu ohia!

        Berotu egiten ziren, gorri zeuden, batera hitz egiten zuten, elkarri entzun gabe; Bournisien eskandalizatu egiten zen halako ausardiaz; Homais txunditu egiten zen halako tentelkeriaz; eta ez zeuden urrun elkarri irainak botatzetik, Charles berriro, bat-batean, azaldu zenean. Liluramendu batek erakartzen zuen. Behin eta berriz eskilarak igotzen zituen.

        Emmaren aurrez aurre pausatzen zen hura hobeto ikusteko, eta sakona izatearen poderioz jada oinazetsua ez zen betespen hartan galtzen zen.

        Katalepsiaren istorioez oroitzen zen, magnetismoaren mirariez; eta bere buruari esaten zion ezen, biziki nahi izanez gero, lortuko zukeela agian Emma berpiztea. Halako batean harenganantz makurtu ere egin zen, eta ahapeka oihukatu ere: «Emma! Emma!» Bere arnasak, bortizki jaurtikia, kandelen garra dildil arazi zuen Normaren kontra.

        Egunsentian, madame Bovary ama heldu zen; Charlesek, besarkatzean, berriro negarrez gainezka egin zuen. Saiatu zen dama, botikarioak egin zuen bezalaxe, hiletetako gastuei buruz zenbait ohartarazpen egiten. Hain gogor oldartu zitzaion non isildu egin baitzen, eta gainera berehalakoan hirira joateko gomendioa eman zion, behar zena erostera.

        Charles bakarrik geratu zen arratsalde osoan; Berthe madame Homaisen etxera eramana zuten. Felicite zegoen goian, gelan, Lefrançois atsoarekin.

        Arratsean, bisita batzuk izan zituen. Altxatzen zen, eskuak estutzen zizkizun ezin hitz eginik, eta besteen alboan esertzen ziren, behekosuaren aurrean zirkuluerdi handi bat egiten zutela. Aurpegia apaldurik eta zangoa belaun gainean, beren hanka dilindatzen zuten, aldi berean tarteka hasperen handi bat botaz; eta bakoitza neurriz kanpo aspertzen zen; nor abiatukoa zen ordea gorabehera.

        Homais, bederatzietan itzuli zenean (bera baino ez zen ikusten plazan, bi egun hartan), alkanfor, erretxin lurrintsu eta belar usandunen horniduraz kargaturik zetorren. Kloroz betetako ontzi bat ere bazekarren, kiratsak uxatzeko. Une horretan, neskamea, madame Lefrançois eta Bovary ama Emmaren inguruan harat-honat zebiltzan, hura beztitzea bukatzen; eta oihal luze gogorra jaitsi zuten, satenezko bere zapatetaraino estaltzen zuela.

        Felicite negarzotinka ari zen:

        — Ah! nire etxekoandre gaixoa! nire etxekoandre gaixoa!

        — Begiraiozue, zioen hasperenka ostalersak, zeinen polita dagoen oraindik ere! Esan ere esan liteke, une batetik bestera jaiki behar duela.

        Gero makurtu egin ziren hari bere koroa ipintzeko.

        Burua apur bat altxatu behar izan zitzaion, eta orduan likido beltzezko zurrusta bat isuri zen, okada baten gisa, bere ahotik.

        — Ah! ene Jainkoa! soinekoa, kontuz ibili! oihukatu zuen madame Lefrançoisek. Lagundu iezaguzu ba! esaten zion botikarioari. Beldurrez al zaude, ala?

        — Beldurra, nik? ihardetsi zuen sorbaldak altxatuz. Nola ez ba! Horrelakorik franko ikusi izan dut ospitalean, farmazia ikasten ari nintzela! Pontxea egiten genuen disekzioen anfiteatroan! Ezerezak ez du izutzen filosofo bat; eta gainera, esan ere askotan esan dut, nire gorpua ospitalei lagatzeko asmoa daukat, Zientziaren zerbitzurako izan dadin.

        Heltzean, apaizak galdetu zuen ea zer moduz zegoen Monsieur; eta, botikarioaren erantzunaren segidan, esan zuen:

        — Kolpea, ulertzen duzu, oraindik berriegia da!

        Orduan Homaisek zoriondu egin zuen, hark, mundu guztiak ez bezala, lagun maite bat galtzeko arriskurik ez zeukalako; horri, apaizen zelibatoari buruzko eztabaida jarraiki zitzaion.

        — Zeren, zioen botikarioak, ez da naturala gizon batek emakumerik gabe pasatzea! Ikusi izan dira krimenak...

        — Baina, arranopola! oihuka elizgizonak, nola nahi duzu ezkontzaz lotutako pertsona batek gorde ahal izatea, jo dezagun, konfesioko sekretua?

        Homaisek konfesioari eraso zion. Bournisienek defendatu egin zuen; luze aritu zen egin arazten zituen bihurketez. Bat-batean zintzo bilakaturiko lapurren zenbait gertakari aipatu zituen. Zenbait militarrek, penitentziaren auzitegira hurbildurik, ezkatak sentitu zituzten beren begietatik erortzen. Bazen Fribourgen ministro bat...

        Bere adiskidea lo zegoen. Gero, gelako egurats astunegian apur bat itotzen zenez, leihoa ireki zuen, eta horrek iratzarri zuen botikarioa.

        — Tori, sudurrauts pixka bat! esan zion. Hartzazu, argitu egiten du.

        Ahausi etengabeak errestatzen ziren urrunean, nonbait.

        — Entzuten al duzu zakur bat zaunkaz? esan zuen botikarioak.

        — Hilak sentitzen dituztela diote, erantzun zuen elizgizonak. Erleak bezala da; hauek erlauntzatik hegaztatu egiten dira pertsonak hiltzean. — Homaisek ez zien ihardetsi sineskeria hauei, zeren berriro lo baitzegoen.

        M. Bornisienek, sendoagoa izaki, jarraitu zuen denbora batez ahapean ezpainak mugitzen; gero, ezarian, kokotsa beheratu zuen, bere liburu beltz lodiari jaregin zion eta zurrungaka hasi zen.

        Bata bestearen aurrez aurre zeuden, sabela aurrera, aurpegia putzukaturik, bekozkoa zimur, hainbat desakordioren ondoren azkenik giza-ahulezia berean elkarturik; eta ez ziren mugitzen beren alboko gorpua baino gehiago, zeinak lo itxura baitzeukan.

        Charlesek, sartzean, ez zituen esnatu. Azkeneko aldia zen. Bere agurrak egitera zetorkion.

        Belar usandunak artean ketan ari ziren, eta lurrun-zurrunbilo urdinka batzuk leihoertzean nahasten ziren sartzen zen lainaldearekin. Izar batzuk bazeuden, eta gaua epela zen.

        Kandelen argizaria malko lodika erortzen zen oheko izaren gainera. Charlesek erortzen begiratzen zien, haien gar horiaren leinuruaren kontra bere begiak nekatuz.

        Distirek dardara zegiten satenezko soineko gainean, ilargi argia bezain zuri. Emma azpian desagertzen zen; eta Charlesi iruditzen zitzaion ezen, bere baitatik at barraiatuz, Emma nahas-mahas galtzen zela inguruko gauzen artean, isiltasunaren baitan, gauaren baitan, iraganean zihoan haizearen baitan, igotzen ziren usain hezatsuen baitan.

        Gero, bat-batean, Tostesko jardinean ikusten zuen, eserlekuaren gainean, laparresiaren kontra, edota Rouenen, kaleetan barrena, beren etxearen atalasan, Bertauxko larrainean. Oraindik ere entzuten zuen sagarrondoen pean dantzan zebiltzan mutikoen barre alaia; haren adatsen lurrinaz beterik zegoen gela, eta haren soinekoak dardara egiten zion besoetan pindar-zarata batekin. Eta hauxe bera zen, berbera!

        Luze egin zuen horrela gogoratzen desagerturiko zorion guztiak, haren jarrerak, haren keinuak, haren ahotsaren soinua. Etsipen baten ondoren, beste bat zetorren beti, atergabe, gainezka egin duen itsasandiaren uhinak bezala.

        Ikusmin izugarri bat izan zuen: geldiro, behatzen puntaz, pilpiraka, beloa altxatu zion. Baina laborrizko garrasi bat bota zuen eta horrek beste biak esnatu zituen. Hauek behera jaitsi zuten, eskaratzera.

        Gero Felicite etorri zen esatera, nagusiak ile-xerlo bat eskatzen zuela.

        — Moztu ba! ihardetsi zuen botikarioak.

        Eta, neskamea ausartzen ez zenez, bera joan zen, guraizeak eskuan. Hain bortizki egiten zuen dardar non toki askotan xulatu baitzuen lokietako larrazala. Azkenik, hunkipenaren kontra bere burua teinkatuz, Homaisek bizpahiru mozketa handi jo zituen itsu-itsuan, eta horrek marka zuri batzuk egin zituen adats beltz eder hartan.

        Botikarioa eta apaiza berriro beren zereginetan murgildu ziren, ez horratio tarteka lo egin gabe, horretaz elkar salatzen zutelarik esnaldi bakoitzean. Orduan Bournisien jaunak gela ur bedeinkatuz garaztatzen zuen eta Homaisek kloro poxin bat botatzen zuen lurrean.

        Felicitek ardura izan zuen komodan haientzako pattar botila bat, gazta eta bixkotxo handi bat ipintzeko. Hartan botikarioak, ezin baitzuen gehiago, hasperendu zuen goizeko laurak aldera:

        — Alajaina, pozik hartuko nuke bizigarri pixka bat!

        Elizgizonak ez zuen erregutzeko aukerarik eman; irten zen bere meza ematera joateko, itzuli zen; ondoren biek jan eta zurrut egin zuten, aldi berean irrimurri pixka bat eginez, zergatik jakin gabe, tristura saioen ondoren harrapatzen gaituen alaitasun lainotsu horrek kitzikaturik; eta, azkeneko tragoxkan, apaizak esan zion botikarioari, eskuaz sorbaldan emanez:

        — Azkenerako bat etorriko gara!

        Behean, sarreran, langileak topatu zituzten iristen. Orduan, Charlesek, bi orduz, oholen kontra durundatzen zuen mailuaren tortura pairatu behar izan zuen. Gero, haritzezko zerraldoan jaitsi zuten eta hau beste bietan gardainatu zuten; baina, hilkutxa zabalegia zenez, tarteak koltxoi baten artilez bete behar izan ziren. Azkenik, hiru tapak marraskatu, iltzatu eta soldeaturik geratu zirenean, ate aurrean ipini zuten; etxea zabal-zabal ireki zuten, eta Yonvilleko jendea etortzen hasi zen.

        Rouault zaharra heldu zen. Plazan bertan ondoezak jo zuen zapi beltza hautematean.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia