—VIII—

 

        Bidean zihoala bere buruari galdetzen zion: «Zer esan behar dut? Nondik hasiko naiz?» Eta, aurrera zihoan heinean, ezagun kausitzen zituen sasiak, zuhaitzak, muino gaineko itsas-ihiak, han aurrean gaztelua. Bere lehen laztantasunaren sentipenetan aurkitzen zen berriro, eta bere bihotz gaixo hertsatua hartan zabaltzen zen amuruski. Haize epelak ematen zion aurpegian; elurra, urtuz, tantaka-tantaka erortzen zen ernemuinetatik belar gainera.

        Garai hartan bezala, parkeko are txikitik sartu zen, gero ezki trinkoren bi ilarak inguratzen zuten atari nagusira heldu zen. Haiek beren adar luzeak kulunkatzen zituzten, xixtuka. Zakurtegian zakurrek zaunka egin zuten guztiek, eta haien ahausien istiluak durunda egiten zuen inor azaltzen ez zelarik.

        Zurezko barandadun eskilara luze zuzena igo zuen, hautsez betetako harlauzaz zolaturiko loriora zeramana, non irekitzen baitziren zenbait gela ilaran, monastegietan edo ostatuetan bezala. Harena muturrean zegoen, erabat zokoan, ezkerretan. Bere behatzak sarrailean pausatu zituenean, indarrek supituan abandonatu egin zuten. Beldur zen hura han ez ote zen izango, ia-ia halaxe zuen desio, alabaina hori zen bere esperantza bakarra, azkeneko salbazio-aukera. Barnebildu zen une batez eta, presenteko beharraren sentimenduan bere adorea teinkatuz, sartu zen.

        Rodolphe sutondoan zegoen, bi oinak sutxakur gainean, pipakada bat erretzen.

        — Hara! zu zara! esan zuen, brastakoan zutituz.

        — Bai, ni naiz!... nik, Rodolphe, aholku bat eskatu nahi nizuke.

        Eta, eginahala guztiak arren, ezinezkoa zitzaion ahoa lazatzea.

        — Ez zara aldatu, beti ere xarmagarria zara!

        — Oh! erantzun zuen Emmak saminki, xarma tristeak dira hauek, lagun, zuk erdeinatu zenituenez.

        Orduan bere portaeraren esplikazio bati ekin zion Rodolphek, adierazmolde uhertsutan desenkusatuz, hoberik asmatu ezinean.

        Emmak haren mintzoetan katiatzen utzi zion bere buruari, are gehiago haren ahotsean eta haren pertsonaren betespenean; hainbat non sinestearen itxura egin baitzuen, edo agian sinetsi baitzuen, bien arteko hausturaren estakurua; sekretu bat zen, zeinaren baitan baitzegoen hirugarren pertsona baten ohorea eta bizia bera ere.

        — Dena dela! esan zuen Emmak hari goibelki begiratuz. Ederki sufritu dut!

        Tonu filosofiko batez erantzun zuen besteak:

        — Horrela da bizialdia!

        — Zuretzat bederen, esan zuen Emmak, ona izan al da gure bananketaz gero?

        — Oh! ez ona... eta ez txarra.

        — Beharbada hobe sekula banandu ez bagina.

        — Bai... beharbada!

        — Hala iruditzen zaizu? esan zion hurbilduz.

        Eta hasperen egin zuen.

        — Oh Rodolphe! Bazeneki!... Biziki nahi izan zaitut!

        Orduan hartu zion Emmak eskua, eta zenbait denboraz behatzak antxumaturik egon ziren, — lehen egunean bezala, Biltzarretan! Harrotasun adierazpen gisa, Rodolphek borroka zegien hunkiduraren kontra. Baina, haren bularraren kontra abaildurik, Emmak esan zion:

        — Nola nahi zenuen ni zu gabe bizitzea? Zorionaren ohitura ezin da galdu! Etsita nengoen! Hilko nintzela uste nuen! Kontatuko dizut hau guztia, ikusiko duzu. Eta zuk, ihes egiten zenuen nigandik!...

        Zeren, hiru urte hartan, itzur egiten baitzion arretatsuki, sexu indartsua karakterizatzen duen koldarkeria natural horren ondorioz; eta Emmak buruaren aieru panpoxekin segitzen zuen, kateme maitemindu batek baino mainuntziago:

        — Beste batzuk maite dituzu, esan egia. Oh! ulertzen diet, aizu! barkatzen diet; amainatu egingo zenituen, ni amainatu ninduzun bezala. Zu zara gizona, zu! Maite izanarazteko behar den guztia daukazu. Baina gu berriro hasiko gara, ez? Elkar maitatuko dugu! Hara, barrez ari naiz, zoriontsu naiz!... hitz egin ezazu ba!

        Eta ikusteko zoragarri zegoen, malko bat dildilka zeukan begirada harekin, ekaitz baten ura kaliza urdin batean bezala.

        Rodolphek bere belaunen gainera erakarri zuen, eta eskugainaz ferekatzen zituen haren adats lauak non, arrastiriko argitan, eguzkiaren azken leinuru bat islatzen baitzen urrezko gezi baten gisa. Emmak bekokia makurtzen zuen; azkenik Rodolphek musu eman zion betazaletan, eztiki, bere ezpainen puntaz.

        — Baina negar egin duzu! esan zion. Zergatik?

        Emmak intzirika ekin zion. Bere maitasunaren eztanda zela uste izan zuen Rodolphek; dama isiltzen zenez, azken ahalketzat hartu zuen isiltasun hau, eta orduan oihukatu zuen:

        — Ah! barkaidazu! zu zara atsegin dudan bakarra. Ergela eta zitala izan naiz! Maite zaitut eta beti maite izango zaitut! Zer duzu? Esantzazu ba!

        Rodolphe belaunikatu egin zen.

        — Horra ba!... porrot eginda nago, Rodolphe! Hiru mila libera aurreratu behar didazu!

        — Baina... baina..., zioen gizonak astiro-astiro altxatuz, haren karantzak adierazkortasun larria hartzen zuen bitartean.

        — Badakizu, jarraitu zuen Emmak agudo, nire senarrak notario baten esku ipinia zuela bere ondasun guztia; hark ihes egin du. Mailegutan hartu izan dugu dirua; bezeroek ez zuten ordaintzen. Bestez, likidazioa bukatu gabe dago; aurrerago izango dugu dirua. Baina, gaur, hiru mila liberaren faltaz, enbargatu egingo digute; berehalakoan da, oraintxe bertan; eta zure adiskidetasunarekin kontatuz, etorri egin naiz.

        — Ah! pentsatu zuen Rodophek, bat-batean zeharo beluri bilakaturik, horretara etorri da!

        Azkenik esan zuen planta oso barez:

        — Diru horrenik ez daukat, dama maite hori.

        Ez zen gezurretan ari. Eduki balu, emango zukeen, dudarik gabe, nahiz eta gehienetan gogaikarri izan horrelako obra onak egitea: diru eskaera bat izaki, maitasunaren gainera erortzen diren ekaitz guztietarik, hotzena eta deserrotzaileena.

        Emma lehenik begira geratu zitzaion apur batez.

        — Ez daukazu!

        Behin eta berriz errepikatu zuen:

        — Ez daukazu!... Azken lotsa honetatik libratu behar nuen nire burua. Zuk ez nauzu inoiz maite izan! Ez zara besteak baino hobea! Bere burua saltzen ari zen, bere burua galtzen.

        Rodolphek moztu egin zuen, bera ere «estu» zebilela baieztatuz.

        — Ah! erruki zaitut! esan zion Emmak. Bai, dexente!...

        Eta, panoplian distiratzen zuen karabina damaskinatu batean begiak pausaturik:

        — Baina, hain behartsua izanez gero, ez da zilarrik jartzen fusilaren kulatan! Ez da erosten karei-inkrustaziozko erlojurik! segitzen zuen Emmak Boulle dilindordua seinalatuz; ezta zilargorrizko txilinik zaharoetarako —ukitu egiten zituen!— ez girgilik bere erlojurako! Oh! ezer ez zaio falta! baita likore-toxa bat ere bere gelan; zeren, mizkintzen duzu zeure burua, ongi bizi zara, baduzu gaztelu bat, zenbait etxalde, basoak; oihanik oihan egiten duzu ehizan, Parisera joaten zara... Eta hauxe besterik izan ezean ere, oihukatu zuen beheko-suaren pantetxetik haren besomuturretako txirbiuak hartuz, huskeria hauetariko kaxkarrena bera! honetatik dirua egin daiteke!... Oh! diru horrenik ez dut nahi! gorde itzazu.

        Eta urruti jaurtiki zituen bi txirbiuak, zeintzuen urrezko katea puskatu egin baitzen hormaren kontra jotzean.

        — Baina, nik ordea, dena emango nizukeen, dena salduko nukeen, nire eskuez lan egingo nukeen, bidez bide eskean ibiliko nintzatekeen, zure irriño baten truke, begirada baten truke, zuri esaten entzutearren: «Mila esker!» Eta zu hor geratzen zara lasai asko zure besaulkian, dagoeneko nahikoa sufriarazi ez bazenit bezala! Zu gabe, ongi dakizu hori, oso zoriontsu bizi nintekeen! Nork behartzen zintuen? Erronka bat al zen? Alabaina maite ninduzun, hala zenion... Eta oraindik duela gutxi ere... Ah! kanpora bota baninduzu hobe! Eskuak beroak dauzkat zure musuez, eta horra tokia, tapizaren gainean, nire belaunetan amodiozko betikotasuna zin egiten zenidana. Sinetsarazi egin zenidan: bi urtetan zehar ametsik zoragarrienean eta gozoenean errestatu nauzu!... Eh? gure bidai asmoak, gogoan dituzu? Oh! zure gutuna, zure gutuna! hark zarratatu zidan bihotza! Eta gero, beregana itzuli naizenean, beregana, aberats, zoriontsu, libre den honengana! edozein morroik eskainiko lukeen laguntza baten eske, erreguka eta nire laztantasun guztia berari bihurtuz, berak zaputz egiten dit, hori hiru mila libera kostako litzaiokeelako!

        — Ez dauzkat! erantzun zuen Rodolphek, haserre etsituak, ezkutu batez bezala, estaltzen diren baretasun biribil horrekin.

        Emma irten egin zen. Hormek dardar zegiten, sabaiak zanpatu egiten zuen; eta berriro ere ibilbide luzean barrena iragan zen, haizeak sakabanatzen zituen orbel-pilen kontra tupustaka. Heldu zen noizbaitekoan burdin-arekaren aurreko arroilera; azkazalak puskatu zituen sarrailaren kontra, hainbestexe presatzen zen hura irekitzen. Gero, ehun urrats aurrerago, hatsanturik, erortzeko zorian, gelditu egin zen. Eta orduan, birakaturik, hauteman zuen beste behin ere gaztelu soraioa, bere parkearekin, jardinekin, hiru larrainekin, eta aurrealdeko leiho guztiekin.

        Baldiduraz konkorturik geratu zen, jada bere buruaren kontzientziarik gabe bere zainetako taupadengatik beste, zeinak ihes egiten entzun uste baitzituen landa betetzen zuen musika burrunbatsu baten gisa. Zola, bere omenpean, uhin bat baino begatsagoa zen, eta ildoak egundoko olatu arreak iruditu zitzaizkion, zapartaka. Bere buruan zegoen oroitarrastorik, ideiarik orok aldi berean aldegiten zion, jauzi bat beraz, supesta bateko mila puskaren gisa. Ikusi zuen bere aita, Lheureuxen kabineta, beren gela han nonbait, beste paisaia bat. Eromenak jotzen zuen, beldur izan zen, lortu zuen bere onera bihurtzea, nahiz eta dudamudatsu, egia esan; zeren jadanik ez zen oroitzen bere egoera izugarriaren zergatiaz, diru arazoaz alegia. Ez zuen sufritzen bere maitasunaz baino, eta arima bere burua abandonatzen sentitzen zuen oroitzapen hartan barrena, nola zaurituek, azkenetan, sentitzen baituten existentzia badoala odola darion zauritik.

        Gaua sartzen ari zen, belatxingak hegan zebiltzan.

        Bat-batean iruditu zitzaion, su koloreko bonboilotxoak lehertzen zirela airean bala birrintzaileak gisa zanpatuz, eta jirabiraka zebiltzan, jirabiraka, elurretan funditzera joateko, zuhaitzen adarren artean. Haietako bakoitzaren erdian, Rodolpheren aurpegia ageri zen. Ugaldu egin ziren, eta hurbiltzen ari ziren, sartu egiten zitzaizkion; dena desagertu zen. Etxeetako argiak hauteman zituen, urrunetik distiraka laino artean.

        Orduan azaldu zitzaion, leize baten gisa, bere egoera. Hatsanka ari zen bularra zartatzeko zorian. Gero, ia bozkariotsu bihurtzen zuen heroismo bulta batean, korrika jaitsi zuen aldapa, gero behientzako ohola zeharkatu zuen, bidexka, bidezabala, azoka, eta botikarioaren dendaren aurrera heldu zen.

        Ez zegoen inor. Sartzera zihoan; baina, txilinaren hotsera, norbait etor zitekeen; eta, hesitik barrena lerratuz, arnasari eutsiz, hormak haztamukatuz, aurreratu zen, labe gainean ipinita kandela piztu bat zegoen sukaldeko atalazeraino. Justinek, mahukutsik, erratilu bat zeraman.

        — Ah! afaltzen ari dira. Itxoin dezagun.

        Itzuli zen Justin. Emmak kax-kax jo zuen leiarraren kontra. Justin irten zen.

        — Giltza! han goikoa, zerak daudenekoa...

        — Nolaz!

        Eta so egiten zion, zeharo harriturik haren aurpegiaren beluriaz, zeina zuriz trenkatzen baitzen gauaren zola beltzaren gainean. Aparteko ederra kausitu zuen, eta mamu bat bezala maiestuosa; zen nahi ote zuen ulertu gabe, zerbait izugarria sumatzen zuen Justinek aldez aurretik.

        Biziro mintzatu zen Emma, ahapeka, ahots ezti, disolbakor batez:

        — Nahi dut giltza hori! Emaidazu.

        Trenkada mehea zenez, sardesken zarata entzuten zen plateren kontra jangelan.

        Lo egitea eragozten zioten arratoiak hil behar omen zituela zioen Emmak.

        — Nagusiari hots egin beharko nioke.

        — Ez! egon hemen!

        Gero, ezaxolatuaren tankeraz:

        — Bah! ez du merezi, neuk esango diot geroxeago. Goazen, argi egidazu!

        Laborategiko atea irekitzen zen korridorera sartu zen Emma.

        Hormakontran giltza bat zegoen Capharnaum etiketarekin.

        — Justin! oihukatu zuen botikarioak, ernegatzen.

        — Goazen gora!

        Eta Justinek atzetik segitu zion.

        Giltzak bira egin zuen sarrailean, eta Emma zuzen joan zen hirugarren apalerantz, hain ongi ere gidatzen baitzuen bere oroipenak, atxiki zuen poto urdina, erauzi zion tapoia, bertan sartu zuen eskua, eta, hauts zuri batez beterik aterata, hura jateari ekin zion beste gabe.

        — Geldi! oihukatu zion Justinek bere gainera jauzi eginez.

        — Ixo! norbait etor daiteke...

        Justin etsipenak jota zegoen, deitu egin nahi zuen.

        — Ez ezazu ezer esan, zure nagusiari leporatuko liokete dena!

        Gero Emma itzuli zen bat-batean bareturik, eta betebehar bat burutu izanaren lasaitasunean ia-ia.

        Charles, atxikipenaren berriak aztoraturik, etxera itzuli zenean, Emma bertatik irten berria zen. Charlesek garrasi, negar, alditxar egin zuen, baina Emma ez zen itzuli. Non izan zitekeen? Felicite bidali zuen Homaisenera, M. Tuvacheren etxera, Lheurexenera, Lion d'Or-era, alde guztietara; eta, bere estularriaren etenguneetan, bere aipua deuseztaturik ikusten zuen, beren ondasuna galdurik, Bertheren etorkizuna birrindurik! Eta zergatik!... ezta txintik ere! Zain egon zen arratsaldeko seiak arte. Azkenik, gehiago ezin eutsirik, eta Emma Rouenera abiatua zela pentsatuz, errepidean barrena joan zen, legoa erdi bat egin zuen, inor ez zuen topatu, artean ere zain egon zen eta itzuli egin zen.

        Emma itzulia zen.

        — Zer gertatzen zen?... Zergatik?... Esplikaidazu!...

        Emma bere idazmahaira eseri zen, gutun bat idatzi eta astiro zigilatu zuen, eguneko data eta ordua erantsiz. Ondoren solemnitatez esan zuen:

        — Bihar irakurriko duzu; ordura arte, mesedez, ezidazu galdera bat bera ere egin!... Ez, bakar batik ere!

        — Baina...

        — Oh! utz nazazu!

        Eta luze-luze etzan zen bere ohearen gainean.

        Ahoan sentitzen zuen keru garratz batek iratzarri zuen. Charles erdikusi zuen eta berriro begiak itxi zituen.

        Jakinguraz barrandatzen zuen bere burua, sufritzen ez ote zuen hautemateko. Baina ez! artean ezer ez. Entzuten zuen erlojuaren tiki-taka, suaren hotsa, eta Charles, bere etzanguaren ondoan zutik, arnasa hartzen.

        — Ah! benetan gauza gutxi da heriotzea! pentsatzen zuen. Loak hartuko nau eta kito dena! Ur hurrupa bat edan zuen eta hormarantz jiratu zen.

        Tinta zapore higuingarri hark segitzen zuen.

        — Egarriak nago!... Egundoko egarria daukat! egin zuen hasperen.

        — Zer duzu ba? zioen Charlesek edalontzi bat luzatuz.

        — Ez da ezer!... Ireki leihoa... ito egiten naiz!

        Eta goragaleak eman zion, hain supituan non doi-doi izan baitzuen astia burukopetik bere musuzapia hartzeko.

        — Kentzazu! esan zuen biziro; bota ezazu!

        Charles galdezka hasi zitzaion; berak ez zuen erantzun. Ekuru zegoen, zirrara txikienak oka eragingo ez ote zion beldur. Hartan, izotzaren hotza sentitzen zuen, oinetatik bihotzeraino igotzen zitzaiola.

        — Ah! hasi da, bai! murmurikatu zuen.

        — Zer esaten duzu?

        Emmak burua birakatzen zuen higikera ezti batez, larriduraz beterik, aldi berean ahoa etengabe irekiz, bere mihi gainean gauza oso astunen bat eraman izan balu bezala. Zortzietan okadak berriro hasi ziren.

        Charlesek nabaritu zuen, konketaren hondoan hondar zuri antzeko zerbait zegoela, portzelanaren alboei erantsirik.

        — Harrigarria da! bitxia da! errepikatu zuen.

        Baina Emmak ahots ozen batez esan zuen:

        — Ez, oker zaude!

        Orduan, emekiro eta ia ferekatuz bezala, urdail gainean pasatu zion eskua. Garrasi zorrotz bat jaurtiki zuen Emmak. Atzera egin zuen Charlesek zeharo izuturik.

        Gero Emma intzirinka hasi zen, motelki lehenik. Dardarizo handi batek astintzen zizkion sorbaldak, eta haren behatz kakotuak tinkatzen ziren izarak baino zurikailago ari zen bilakatzen. Haren pultsua, desorekatua, ia sumaezinekoa zen orain.

        Izerdia tantaka zerion, lurrun metalikozko hasperen batean finkatua zirudien haren aurpegiari. Haren hortzak klasketaka ari ziren, haren begi handiagotuek uherkiro so egiten zuten bere ingurura, eta galdera guztiei ez zien erantzuten burua mugituz beste; irribarre ere egin zuen bi edo hirutan. Poliki-poliki, haren heiagorak ozenagoak izan ziren. Alarau helkor bat jalgi zitzaion; hobeto omen zihoala zioen, eta berehala jaikiko zela. Baina dardarizoek harrapatu zuten; eta oihukatu zuen:

        — Ah! hau izugarria da, ene Jainkoa!

        Charles belauniko jaurtiki zen oheraren kontra.

        — Mintza zaitez! zer jan duzu? Erantzun ezazu, Jainkoaren izenean!

        Emmak sekula ikusi ez bezalako samurdurazko begiez so egiten zion Charlesek.

        — Horra ba, hor... hor!... esan zuen Emmak ahots ahulbera batez.

        Idazmahaira habailatu zen Charles, zigilua urratu zuen eta ozenki irakurri zuen! Ez dezatela inor salatu... Gelditu egin zen, eskua begien gainean pasatu zuen, eta berriro irakurri zuen.

        — Nola! Lagundu! Lagundu niri!

        Eta hitz hau errepikatu besterik ezin zuen: «Pozoindu! pozoindu!» Felicite Homaisen etxera joan zen korrika, eta honek plazan oihukatu zuen; madame Lefrançoisek entzun zuen Lion d'Or-etik; batzuk jaiki ziren beren auzokoei adierazteko, eta gau osoan herria esna egon zen.

        Konkorturik, zezelka, erortzeko zorian, Charles bueltaka zebilen gelan. Altzarien kontra tupust egiten zuen, ileak erauzten zituen, eta botikarioak sekula ez zukeen sinetsiko halako ikuskizun izugarririk izan zitekeenik.

        Bere etxera itzuli zen M. Canivet-i eta Lariviere doktoreari idaztera. Burua galtzen zuen; hamabost zirriborro baino gehiago egin zituen. Hippolyte Neufchatelera abiatu zen, eta Justinek hain bortizki ezproinatu zuen Bovaryren zaldia non Bois-Guillaumeko aldapan utzi baitzuen, ahiturik eta zeharo leherturik.

        Charlesek bere medikuntza-hiztegia gainbegiratu nahi izan zuen; ez zuen ikusten, lerroek dantza egiten zuten.

        — Lasai! zioen botikarioak. Antidoto indartsuren bat eman besterik ez dago. Zein da pozoina?

        Charlesek gutuna erakutsi zion. Arsenikoa zen.

        — Ea ba! berriro Homaisek, horren analisia egin beharko litzateke.

        Zeren hark bai baitzekien, pozoindura guztietan analisia egin behar dela; eta besteak, ez baitzuen ulertzen, erantzun zuen:

        — Ah! egintzazu! egintzazu! salba ezazu...

        Gero, Emmaren ondora itzulirik, lurrean uzkurtu zen tapizaren gainean, eta han geratu zen burua haren oheko ertzaren kontra tinkaturik, zotinka.

        — Ez ezazu negarrik egin! esan zion Emmak. Laster ez zaitut gehiago penatuko!

        — Zergatik? Nork behartu zaitu?

        Emmak ihardetsi zuen:

        — Beharrezkoa zen, lagun.

        — Ez al zinen zoriontsu? Nire errua al da? Nik egin dut ba ordea, ahal nuen guztia!

        — Bai..., egia da..., zu bai, zu ona zara!

        Eta eskua pasatzen zion ile artetik, geldiro. Sentsazio honen eztitasunak astunago bihurtzen zuen bere tristura; bere izate osoa etsipenez lurjotzen sentitzen zuen galdu behar zuela pentsatzean, noiz eta Emmak, aitzitik, bereganako sekula baino maitasun handiagoa aitortzen zuenean; eta berak ez zuen ezer aurkitzen; berak ez zekien, ez zen ausartzen, berehalako irtenbide baten hertsamenduak azken erremateraino nahasten zuelarik.

        Bukatuak zituen, pentsatzen zuen Emmak, hagorantzen zuten traizioak, purtzilkeriak eta ezin konta alako irritsak. Orain ez zuen inor gorrotatzen; bere pentsamenduan arrastiriko nahastura ari zen abailtzen, eta lurbirako zarata guztietarik Emmak ez zuen entzuten bihotz gaixo haren auhen aldizkatua baino, ezti eta zehazgabea, urruntzen doan sinfonia baten azken oihartzuna antzo.

        — Ekarridazue haurra, esan zuen ukondoaz altxatuz.

        — Okerrago ez zaude, ez da? galdetu zion Charlesek.

        — Ez! ez!

        Neskamearen besoetan heldu zen haurra, kamixoi luzez jantzirik, bertatik oin biluziak ateratzen zitzaizkiola, serios eta ia ametsetan artean. Harriduraz hautematen zuen gela dena azpikoz gain, eta begiez ñika zegien, altzarien gainean pizturik zeuden zuziek itsuturik. Hauek Urteberrietako edo «mi-carême»ko goizak gogorarazten zizkioten nonbait, orduan etortzen baitzen, horrela goiz esnaturik kandelen argitan, bere amaren ohera bere opariak jasotzera, zeren galdezka hasi baitzen:

        — Non da ba, ama?

        Eta mundu guztia isiltzen zenez:

        — Baina ez dut ikusten nire zapata txikia.

        Felicitek oherantz makurtzen zuen, haurrak aldiz tximini alderantz begiratzen zuen beti ere.

        — Inudeak hartu ote du? galdetu zuen.

        Eta, izen hau entzutean, bere adulterioen eta bere zorigaitzen oroitzapenetara eramaten baitzuen, madame Bovaryk burua jiratu zuen, ahora igotzen zitzaion beste pozoi bortitzago baten higuinez bezala. Berthe, bitartean, ohe gainean pausaturik zegoen.

        — Oh! ze begi handiak dituzun, ama! ze zurbil zauden! zenbat izerdi!

        Bere amak so egiten zion.

        — Beldurrak nago! esan zuen haurrak atzera eginez.

        Emmak eskua hartu zion musu emateko; haurrak zaputz egiten zion.

        — Aski da! eraman dezatela! oihukatu zuen Charlesek, zeina etzanguan zotinka ari baitzen.

        Gero sintomak baretu egin ziren momentu batez; bazirudien egonezin gutxiago zuela; eta, hutsaren hurrengo mintzo bakoitzeko, haren bularraren arnasa lasaixeago bakoitzeko, Charlesi itxaropena pizten zitzaion berriro. Azkenik, Canivet sartu zenean, haren besoetara jausi zen negarrez.

        — Ah! zu zara! mila esker! zu ona zara! Baina dena hobeto doa. Horra, hegira...

        Ofiziokidea ez zen inolaz ere iritzi berekoa, eta, berak esan ohi zuen bezala, inguru-minguru ibiltzen ez zenez, emetiko bat preskribatu zuen, urdaila erabat garbitzeko.

        Emmari ez zitzaion luze joan odola okatzeko. Bere ezpainak are gehiago hertsi ziren. Menbruak kuzkurturik zeuzkan, gorputza orban uherrez estalirik, eta bere pultsua behatzen pean labaintzen zen hari teinkatu baten gisa, harpa hari bat eteteko zorian bezala.

        Gero garrasika hasten zen, izugarri. Pozoia madarikatzen zuen, ahakar egiten zion, presa zedin erregutzen zion, eta bere beso zurrunduez hastantzen zuen, Charles, bera baino hiltzorikoago, edanarazten saiatzen zitzaion oro. Gizona zutik zegoen, bere musuzapia ezpainetan, itolarrika, negarrez, orpoetaraino inarrosten zuten negar-zotinek hatsanturik. Felicite hara eta hona zebilen korrika gelan; Homaisek, geldi-geldi, hasperen handiak botatzen zituen, eta M. Canivet, beti ere bere zentzunaren jabe, hasia zen horratio artegaturik sentitzen.

        — Deabrua!... halere... purgatu dugu ba, eta, kausa eten denez gero...

        — Ondorioa eten egin behar da, esan zuen Homaisek; hori bistakoa da.

        — Baina salba ezazu! oihukatzen zuen Bovaryk.

        Hartan, botikarioari entzun gabe, zeina artean hipotesi han menturatzen ari baitzen: «Paroxismo osasungarri bat da agian», Canivet bazihoan teriaka ematera, zaharo baten klaskatakoa entzun zenean; leiar guztiek dardar egin zuten, era posta-berlina bat, lohiez belarrietaraino betetako hiru zaldik habailan zeramatela, jauzi batean oldartu zen merkatuko ertzean. Lariviere doktorea zen.

        Jainko baten agerketak ez zukeen eragingo zirrara handiagorik. Bovaryk eskuak altxatu zituen, Canivet plott gelditu zen, eta Homaisek bere boneta greziarra doktorea sartu baino dexente lehenago erantzi zuen.

        Bichaten amantaletik irtendako kirurgia-eskola handiko partaide zen, sendagile filosoforen jada desagertutako belaunaldi hartakoa zeinek beren artea, maitasun fanatiko batez kuttunduz, handiespenez eta zorroztasunez egikaritzen baitzuten! Oro ikaratzen zen haren ospitalean hura haserretzen zenean, eta haren ikasleek hainbaterainoko benerazioa zioten non, bakoitza bere lanean finkatu orduko, ahalik eta gehien hura imitatzen ahalegintzen baitziren; horrela kausitu ohi ziren haien soinean, inguruetako herrietan, haren merinuzko berokia eta haren jantzi beltz zabala, besomutur askatuek esku mamitsuak pixka bat estaltzen zizkiotela, inoiz eskularrurik ez zeukaten esku benetan eder haiek, miserietan murgiltzeko prestuago egotearren bezala. Gurutze, titulu eta akademiekiko arbuiati, behartsuekiko abegikor, liberal eta paternala, eta birtutea sinetsi ez arren praktikatuz, santutzat abantzu pasa zitekeen baldin eta bere izpirituaren zorroztasunak deabru baten gisa beldurra sorrarazi ez balio. Haren begirada, bere bisturiak baino ebakileagoa, zuzen jaisten zitzaizun arimaren barnera eta estakuru eta ahalkeetatik barrena gezur oro desmoldatzen zuen. Eta horrela ibiltzen zen, talentu handiaren kontzientziak, ondasunak eta existentzia langile eta akasgabe bateko berrogei urtek ematen duten maiestate onbera horretaz beterik.

        Bekozko iluna ipini zuen atetik bertatik, Emmaren aurpegi gorpuplantakoa ikustean, bizkarrez etzanik, ahoa zabalik. Gero, itxuraz Caniveti entzunez beti ere, behatz erakuslea sudurpetik pasatzen zuen eta errepikatzen zuen:

        — Ongi da, ongi da.

        Baina sorbaldez keinu astitsu bat egin zuen. Bovaryk hauteman zuen: elkarri begiratu zioten; eta gizon honek, oinazeen eretzera hain ohitua alabaina, ezin izan zion eutsi paparrera erori zitzaion malko bati.

        Canivet alboko gelara eraman nahi izan zuen. Charles jarraiki zitzaion.

        — Benetan gaizki dago, ez da? Eta txaplata batzuk ipini ezkero? ez dakit ba! Zerbait topa ezazu behintzat, hainbat salbatu izan dituzu eta!

        Charlesek bere bi besoez inguratzen zion gorputza, eta era laborritsu batean begiratzen zion, erregukari, haren bularraren kontra txundioak erdijota.

        — Ea ba, nire ume hori, izan adorea! Ez dago zer eginik.

        Eta Lariviere doktorea aldendu egin zen.

        — Bazoaz?

        — Itzuliko naiz.

        Irten zen, zaltzainari agindu bat ematera bezala, Canivet jaunarekin, zeina ez baitzen bera ere Emma bere eskuen artean hiltzen ikusteko peskizan.

        Plazan bildu zitzaien botikarioa. Ezin zen, tenperamentuz, pertsona ospetsuengandik aldendu. Hortaz arren eskatu zion M. Lariviereri, berean bazkaltzea onartzearen ohore paregabea egin ziezaion.

        Laster bidali zituzten usapal bila Lion d'Or-era, aukeran aukerako txuleta bila harategira, Tuvacherenetik krema, Lestiboudoisenetik arraultzeak, eta botikarioak berak laguntzen zuen antolaketan, madame Homaisek esaten zuen bitartean, bere gerrontzearen kordoiak teinkatuz:

        — Barkatuko al diguzu, jauna; zeren, gure zorigaiztoko herrialde honetan, baldin eta bezperatik jakinean jarri ezean...

        — Godalet zangodunak!!! xuxurlatu zuen Homaisek.

        — Gutxienez ere, hirian bagina, hankatxa beteak jartzeko modua izango genuke.

        — Zaude isilik!... Mahaira, doktore!

        Ongi iritzi zion, lehen mokaduen ondoren, katastrofeari buruz zenbait xehetasun hornitzeari.

        — Lehenik eduki dugu idortasun sentimendu bat faringean, gero jasanezineko oinazeak epigastrioan, superpurgazioa, koma.

        — Nola pozoindu da ordea?

        — Nik ez dakit, doktore, eta gainera azido arseniko hori non eskuratu ahal izan duen ere bat ere garbi ez dakit.

        Justin, plater pila bat baitzekarren anartean, dardarizoak jo zuen.

        — Zer duzu zuk? galdetu zuen botikarioak.

        Mutil gazteak, galdera entzunik, dena lurrera erortzen utzi zuen, zarata handiz.

        — Txaldana! oihukatu zuen Homaisek, baldarra! traketsa! Astapikua!

        Baina, bat-batean, bere onera itzuliz:

        — Analisi bat entseiatu nahi izan dut, doktore, eta «primo», tentu handiz sartu dut hodi batean...

        — Hobe zenukeen, esan zuen kirurgilariak, zure behatzak sartu bazenizkio eztarrian behera.

        Bere ofiziokidea isilik zegoen, arestian jasoa baitzuen konfidentzialki jorratu eder bat bere emetikoa zela medio, eta beraz Canivet gizajoa, zango okerrarenekoan hain harro eta hiztuna, oso apal zebilen gaurkoan; irribarrea zegien etenik gabe, baiespen modura.

        Homais zabal-zabal zebilen bere anfitrioi-harrotasunean, eta Bovaryren ideia mingarriak lagundu egiten zion nolabait ere bere plazerera, berekiko egiten zuen irauldura egoista baten bidez. Gainera Doktorearen presentziak birloratu egiten zuen. Bere erudizioa hedatzen zuen, nahas-mahas aipatzen zituen errauliak, upas, mantzaniloa, sugegorria...

        — Eta irakurria ere badut, zenbait pertsona pozoindurik suertatu zela, doktore, eta tximistak jota bezala, keatze bortitzegia jasan zuten odolki batzuk medio! Hori zioen behintzat txosten biziki eder batean, gure farmazilari gorenetariko batek egina, gure maisuetako batek, Cadet de Gassicourt ospetsuak!

        Madame Homais azaldu zen berriro, ardo-izpirituarekin berotzen diren makina kordokari horietariko bat zeramala; zeren Homais kafea mahaian bertan egiten tematzen baitzen, bestalde gainera berak xigortua, berak porfidizatua, berak nahasia.

        — Saccharum, doktore, esan zuen azukrea eskainiz.

        Gero bere haur guztiak jaitsiarazi zituen, haien larrantzari buruz kirurgilariaren iritzia jakiteko guraz.

        Hartan, M. Lariviere abiatzera zihoan, madame Homaisek bere senarrarentzat kontsulta eskatu zionean. Hainbesteraino ari zitzaion odola (sang) loditzen non gauero afalondoan loak hartzen baitzuen.

        — Oh! gaitzitzen duena ez da zentzua (sens).

        Eta, oharkabeko ateraldi honetaz irribarretxo bat eginez, doktoreak atea ireki zuen. Baina farmazia jendez gainezka zegoen eta nahiko lan izan zuen libratzen Tuvache jaunarengandik, zeina bere emaztearengatik beldur baitzen bular-jarioren bat ez ote zuen, zeren errautsetara ttuka aritzeko ohitura baitzeukan; gero M. Binetengandik, zeinak sabelzorriak sentitzen baitzituen batzuetan, eta madame Caronengandik, zeinak hazkureak baitzeuzkan; eta Lheureuxengandik, zeinak zorabioak izaten baitzituen; Lestiboudoisengandik, zeinak erreumaidea baitzeukan; madame Lefrançoisengandik, zeinak bihotzerrea izaten baitzuen.

        Noizbaitekoan oldartu ziren hiru zaldiak, eta jendeak oro har kausitu zuen, doktorea ez zela oso abegikor azaldu.

        Olio santuekin azokapetik barrena iragaiten ari zen Bournisien jaunaren agerkuntzak lekoratu zuen atentzio publikoa.

        Homaisek, bere printzipioei hala baitzegokien, hildakoen usainak erakartzen dituen beleekin erkatu zituen apaizak; elizgizon bat ikustea berari pertsonalki desatsegina zitzaion, zeren sotanak beztidura gogorarazten baitzion, eta higuin zuen bata apur bat bestearen ohildurarengatik.

        Alabaina, bere misioa zeritzan haren aurrean atzera egin gabe, Bovaryren etxera itzuli zen Canivetekin batera, zeina M. Larivierek, abiatu aurrez, biziki ardurarazi baitzuen eginkizun horretaz; eta, bere emaztearen mukerdurarengatik izan ezean, berarekin eramango zituzkeen bere bi haurrak ere, ingurugiro bortitzetara ohitzearren, hura aurrerantzean buruan geratuko zitzaien lezio bat, exenplu bat, irudi solemne bat izan zedin.

        Gela, haiek sartu zirenean, solemnitate goibel batez gainezka zegoen. Jostun-mahaiaren gainean, zapi zuri batez estalia, algodoizko bospasei matazatxo zeuden zilarrezko erretilu batean, gurutze handikote baten ondoan, piztutako bi kandelargiren erdian. Emmak, kokotsa bere bularraren kontra, larregi zabaltzen zituen betazalak: eta bere esku gaixoak izaren gainean errestatzen ziren, jadanik hilmihisez estali nahiez diruditen hiltzorikoen keinu izugarri eta leun horrekin. Estatua bat bezain zurbil, eta begiak gorri txingar batzuen gisa, Charles, negarrik gabe, Emmaren aurrez aurre zegoen ohearen oinean, eta apaizak bitartean, belaun batez tinkaturik, mintzoak murmurikatzen zituen ahapean.

        Emmak aurpegia jiratu zuen poliki-poliki, eta bazirudien bozkarioz bete zela bat-batean estola morea ikustean, nonbait aparteko otzandura baten erdian kausituz bere lehen bulta mistikoetako boluptuostasun galdua, hasten ari ziren betirako dohatsutasunaren ikuspenekin batera.

        Apaiza altxatu egin zen gurutzea hartzera; orduan Emmak lepoa luzatu zuen egarri den norbaiten gisa, eta, Jainko-Gizonaren gorputzaren gainean bere ezpainak erantsiz, hantxe ipini zuen bere hiltzori-indar guztiaz berak sekula emandako amodio-musurik handiena. Ondoren Misereatur eta Indulgentiam errezitatu zituen apaizak, bere eskuin erpurua oliotan busti zuen eta azkenigurtziei ekin zien: lehenik begien gainean, zeinek hainbat grinatu baitzituzten soberantzia lurtar guztiak; gero sudurregaletan, haizekirri epelen eta amodio-lurrinen irrikati haietan; gero ahoaren gainean, zeina gezurretarako ireki izan baitzen, harrokeriaz deitoratu eta haragikeriatan garrasi egina baitzen; gero eskuen gainean, zeinek ukimendu leunetan atsegin hartzen baitzuten, eta azkenik oin-zoletan, hain arinak garai batean bere irritsen asetzera korrika zihoanean, eta jadanik gehiago ibiliko ez zirenetan.

        Apaizak behatzak xukatu zituen, olioz bustitako algodoi-matazak surtara bota zituen, eta hiltzorikoaren alboan esertzera itzuli zen, orain bere sufrimenduak Jesukristorenekin elkartu behar zituela eta bere burua Jainkoaren urrikalmenduaren esku abandonatu behar zuela esatera.

        Hartan bere aholkuak bukatuz, hari eskuetan kandela bedeinkatu bat ipintzen saiatu zen, laster inguratuko zuten dohatasun zerutiarren sinbolo. Emmak, ahulegi kausitzen, ezin izan zituen behatzak hertsi, eta kandela, M. Bournisien izan ezean, lurrera eroria zatekeen.

        Halere Emma ez zegoen hain zuhail, eta bere aurpegiak narotasunezko eitea zeukan, sakramentuak sendatu balu bezala.

        Apaizak ez zion hutsean utzi horren oharkuntza egiteari; esplikatu ere egin zion Bovaryri, Jaunak batzuetan luzatu ere egiten zuela pertsonen bizialdia salbaziorako komenigarria iruditzen zitzaionean; eta Charles beste egun hartaz oroitu zen non, horrela hiltzeko zorian, Emmak jaunartu baitzuen.

        — Agian ez zegoen zertan etsiturik, pentsatu zuen.

        Eskierki, Emmak bere ingurura so egin zuen, geldiro, amets batetik esnatzen den batek bezala, gero, ahots garbi batez, bere ispilua eskatu zuen, eta hartan pausaturik egon zen zenbait denboraz; harik eta begietatik malko mardul batzuk isuri zitzaizkion arte. Orduan eratzan zuen burua hasperen bat jaurtikiz eta berriro burukoaren gainera erori zen.

        Haren bularra berehala hasi zen presaka hatsantzen. Mihia oso-osorik irten zitzaion ahotik kanpora; haren begiak, biraka, itzaltzen ari diren lanpara-bonboilo biren gisa margultzen ziren, jada hiltzat emateko moduan, saihetsen ziztu beldurgarriarengatik ezean, arnasketa zakar batek astinduak, arima jauzika ari bailitzan jalgitzearren. Felicite gurutzearen aurrean belaunikatu zen, eta botikarioak berak ere plegatu zituen apur bat zangoak, M. Canivetek ezarian plazara begiratzen zuen bitartean. Bournisien hasia zen berriro errezotan, aurpegia etzangu-ertzaren kontra makurturik, bere sotana beltz luzea bere atzetik gelan arrastaka zuela. Charles beste aldean zegoen, belauniko, besoak Emmarengana luzaturik. Haren eskuak hartuak zituen eta estutu egiten zizkion, haren bihotzaren taupada bakoitzeko zirgit eginez, erortzen den deboilu baten kontrakolpeka bezala. Karranka bortitzagoa bilakatzen zen heinean, elizgizonak bere otoitzak lasterragotzen zituen: hauek Bovaryren zotin itoekin nahasten ziren, eta batzuetan dena desagerturik zirudien, hilkanpai baten gisa tilinkatzen zuten latinezko silaben murmurio gorberatan.

        Bat-batean, eskalaproin handi batzuen zarata entzun zen espalogainean, makila baten errestararekin batera; eta ahots bat altxatu zen, ahots erlats bat, kantari:

 

                Souvent la chaleur d'un beau jour

                Fait rêver fillette à l'amour.

 

        Emma altxatu egin zen galbanizatzen den gorpu baten gisa, ileak deslaian, betseina finko, ahozabalik.

 

                Pour amasser diligemment

                Les èpis que la faux moissonne,

                Ma Nanette va s'inclinant

                Vers le sillon qui nous les donne.

 

        — Itsua! oihukatu zuen.

        Eta Emma barrez hasi zen, barre itzel, zoroska, etsitu batez, dohakabearen aurpegi gogaikarria ikusi ustetan, ilunbe eternaletan zutitzen bidutzi baten gisa.

 

                Il souffla bien fort ce jour-là,

                et le jupon court s'envola!

 

        Dardaizo batek eraitsi zuen berriro lumatxa gainera. Guztiak hurbildu ziren. Jadanik ez zuen existitzen.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia