—VII—

 

        Estoiko izan zen, biharamunean, Maitre Hareng prokuradorea bere etxean azaldu zenean, bi lekukorekin, atxikipenaren akta jasotzera.

        Bovaryren kabinetatik hasi ziren eta buru frenologikoa ez zuten inskribatu, bere lanbiderako lanabes gisa eman baitzuten; baina kontatu zituzten sukaldean platerak, tupinak, aulkiak, argimutilak, eta, bere logelan, apaletako pitxi guztiak. Arakatu zituzten bere soinekoak, arropa zuria, apainketa-gela; eta bere existentzia, bere xokorik kutunenetaraino, luze hedatua geratu zen, autopsiatzen ari diren gorpu bat bezala, hiru gizon haien begibistan.

        Maitre Harengek, jantzi beltz mehar batean botonaturik, gorbata zuriz, eta orkaiak oso estu zituela, tarteka errepikatzen zuen:

        — Mesedez, madame? mesedez?

        Sarritan oihukatzen zuen:

        — Xarmanta!... biziki polita!

        Gero berriro idazten hasten zen, ezkerreko eskuaz eusten zion adarrezko tintontzian bere luma bustiz.

        Geletakoa bukatu zutenean, ganbarara igo ziren.

        Emmak han gordetzen zuen Rodolpheren gutunak giltzapeturik zeuden pupitrea. Ireki egin behar izan zen.

        — Ah! gutun batzuk! esan zuen Maitre Harengek irribarre zogi batez. Baina, utzi mesedez! zeren ziurtatu beharrean nago kaxan beste gauzarik ez ote dagoen.

        Eta paperak okertu zituen, apur bat, haien artetik napoleonak jalgi erazteko bezala. Orduan Emma asaldatu egin zen, esku lodi hura ikustean, bare gisako behatz gorri begats haiekin, bere bihotzak pirpira egin izan zuen orri haien gainean pausatzen.

        Aldegin zuten noizbaitekoan! Felicite itzuli zen. Zelatatzera igorria zuen Bovary aldentzeko; eta amenjesus batean kokatu zuten teilatupean atxikipenaren zaindaria, zeinak zin egin baitzuen hantxe geratuko zela.

        Charles, arrats hartan, kezkatsu iruditu zitzaion. Emmak larritasunezko begiradaz barrandatzen zuen, haren aurpegiko zimurretan akusazioak hauteman ustez. Gero, bere begiak pantaila txinatarrez hornitutako tximini gainean pausatzean, edota errezel zabaletan, besaulkietan, alegia bere bizitzako garraztasuna arindu zuten gauza guzti haietan pausatzean, aladura batek erasotzen zion, edo gehienbat egundoko atsekabe batek eta honek irritsa kitzikatu egiten zion, deuseztatu beharrean. Charlesek sua zirikatzen zuen gozo-gozo, bi oinak suburnietan zituela.

        Momentu batean zaindariak, bere ezkutalekuan asperturik nonbait, zarata pixka bat egin zuen.

        — Norbait al dabil bat goian? esan zuen Charlesek.

        — Ez! orduan Emmak, irekita geratu den sabaileiho bat da haizeak eraginik.

        Biharamunean, igandea, Rouenera abiatu zen, izena ezagutzen zuen bankari guztiengana joateko xedez. Haiek landetxean edo bidaian ziren. Emmak ez zuen etsi, eta topatu ahal izan zituenei, dirua eskatu zien, beharrean zegoela zineztatuz, eta bihurtuko ziela. Batzuk barre egin zioten sudurpuntan; guztiek ukatu zioten.

        Ordubietan, Leonen etxera joan zen, atea jo zuen. Ez zuten ireki. Noizbait ere Leon azaldu zen.

        — Nolaz hemen?

        — Gogaitu egiten zaitu!

        — Ez..., hain...

        Eta aitortu zuen, jabeak ez zuela bat ere atsegin han «emakumeak» errezibitzea.

        — Zurekin hitz egin beharrean nago, esan zion Emmak. Orduan Leonek giltza jaso zuen. Emmak geldiarazi egin zuen.

        — Oh! Ez, han, gure txokoan.

        Eta beren gelara joan ziren, Boulogne hotelera.

        Heldu zirenean Emmak baso handi bat ur edan zuen. Oso beluri zegoen. Esan zion:

        — Leon, mesede bat egin behar didazu.

        Eta estu atxikitzen zizkion bere bi eukuetatik astinduz, erantsi zuen:

        — Entzuidazu, zortzi mila libera behar dut.

        — Baina eroruta zaude!

        — Oraindik ez!

        Eta, segidan, atxikipenaren historia kontatuz, bere herstura azaldu zion; zeren Charlesek ez baitzekien ezer: bere amaginarrebak arbuiatu egiten zuen, Renault zaharrak ezer ezin zezakeen; baina hark, Leonek, bizkor mugitu behar zuen nahitaezko kopuru hori atzemateko...

        — Nola nahi duzu...?

        — Bai txepela zarela! oihukatu zion.

        Orduan Leonek esan zuen zozoki:

        — Gaitza bapikatzen ari zara. Agian milaren bat eskutukin zure morroi hori baretu egingo litzateke.

        Are arrazoi gehiago zerbait bideratzen saiatzeko; ez zen posible nolabait ere hiru mila libera ez atzematea. Bestalde, Leon jar zitekeen kaiero bere ordez.

        — Zoaz! saia zaitez! beharrezkoa da! korri! Oh! Ahalegindu! Ahalegindu! biziki maiteko zaitut!

        Irten zen, ordubeteren buruan itzuli zen, eta aurpegi solemne batez esan zuen:

        — Hiru pertsonarekin egon naiz... alferrik!

        Gero eserita egon ziren bata bestearen aurrez aurre, subajuaren alde banatan, geldi, hitzik gabe. Emmak sorbaldak altxatzen zituen aldi berean zorua istikatuz. Ahopean esaten entzun zion Leonek:

        — Zure lekuan banego, nik atzemango nuke, bai horixe!

        — Non ordea?

        — Zure estudioan!

        Eta Emmak so egin zion.

        Haren betsein sutuetatik ausardi infernutiarra jalgitzen zen, eta betazalak era lizunkoi eta kitzikagarriz juntatzen ziren; — hainbat non gizon gaztea ahultzen sentitu baitzen krimen bat aholkatzen zion emakume haren borondate mutuaren pean. Orduan Leon beldur izan zen, eta, argibide oro hastantzearren, bere bekokia kolpatu zuen oihukatuz:

        — Morel gaur gauean itzultzekotan da! Hark ez dit ukatuko, hala espero dut (bere lagunetariko bat zen, negoziogizon aberats purrukatu baten semea), eta bihar ekarriko dizut zera, erantsi zuen.

        Esperantza hau, Leonek uste adinako bozkarioz hartu izanaren trazarik ez zuen izan inolaz ere Emmak. Susmatzen ote zuen gezurra? Lotsagorrituz jarraitu zuen Leonek:

        — Alabaina, hiruretan ikusiko ez baninduzu, ez egon nire zain, laztana. Joan beharrean nago, barkatu. Agur!

        Eskua estutu zion, baina zeharo geldo sentitu zuen. Emmak jada ez zeukan inolako sentimendutarako indarrik.

        Laurak jo zituen; eta Emma Yonvillera itzultzeko altxatu zen, ohituren eraginari automata baten gisa men eginez.

        Eguraldi ederra egiten zuen; martxoko egun horietako bat zen argitsua eta garratza, zeru oso zurian eguzkiak distiratzen duenetakoa. Rouendarrak jai-jantzitan zoriontsu plantaz pasiatzen ziren. Katedraleko plazara heldu zen. Bezperatatik irteten ari ziren; jendetza jarioan zihoan hiru ateetatik, zubi baten hiru arkueratik ibaia bezala, eta, erdian, harkaitz bat hain mugikaitzago, klabera zegoen.

        Orduan egun hartaz oroitu zen non, pirpira biziz eta esperantzaz beterik, bere amodioa baino sakonera gutxiagoz bere aurrean hedatzen zen nabe handi hartan barrura sartu baitzen; eta oinez segitu zuen, bere beloaren pean negarrez, balditurik, zabuka, zorabiatzeko zorian.

        Kontuz! egin zuen garrasi irekitzen ari zen zalgurdi-ate batetik irtenez ahots batek.

        Emma gelditu egin zen zaldi beltz bati pasatzen uzteko, tilbury baten pertiken artean putingoka, zebelin larruz jantzitako gentleman batek gidaturik. Nor zen hura ordea? Berak ezagutzen zuen... Kotxea oldartu zen eta desagertu zen.

        Baina huraxe zen, bizkondea! Emma itzuli zen; kalea hutsik zegoen. Eta hain abaildurik, hain triste geratu zen non horma baten kontra bermatu baitzen ez erortzeko.

        Gero pentsatu zuen oker iruditu zitzaiola. Gainera, berak ez zekien ezer. Orok, beregan eta beregandik at, abandonatu egiten zuen.

        Galdurik sentitzen zen, menturaren menturan piririka leze mugaezinetan barrena; eta ia bozkarioz izan zen, Croix Rouge-ra heltzean, Homais hantxe hautematea, farmazi-horniduraz betetako kaxa handi bat Hirondelle-ren gainean kargatzen begira; eskuan, lepokozapi batean, sei cheminot zeuzkan bere emaztearentzat.

        Madame Homaisek biziki atsegin zituen opil astun horiek, turbante formakoak, zeinak garizuman jaten baitira gurin gaziarekin: elikadura gorikoetarik azken aztarrena, agian gurutzaden mendedanik datorrena, zeinaz asetzen baitziren garai batean normandiar sendoak, mahai gainean ikusi uste zituztelarik, zuzi horiren argitara, hipokras pegarren eta egundoko okelapusken artean, sarrazeno-buruak irensteko. Botikarioaren emazteak haiek bezalaxe ausikitzen zituen, heroikoki, bere hagindura higuingarria gorabehera. Beraz, M. Homaisek hirira bidaia egiten zuen guztietan, huts egin gabe ekartzen zizkion, beti okin handiaren etxean erosiz, Massacre kalean.

        — Biziki pozten nau zu ikusteak! esan zion eskua eskeiniz Emmari Hirondelle-ra igotzen laguntzeko.

        Gero, cheminotak sareko uhaletatik zintzilikatu zituen, eta burutsik jarri zen, besoak gurutzaturik, jarrera pentsakor eta napoleoniar batean.

        Baina, itsua, ohi bezala, aldaparen oinean azaldu zenean, oihukatu zuen:

        — Nik ez dut ulertzen, agintedunek oraindik ere industria hain errudunak ametitzea. Giltzaperatu egin beharko lituzkete dohakabe hauek, eta lanen batera behartu. Horra nire ohorezko hitza, Aurrerakuntza dortoka-pausoan doala! Barbarerian bete-betean blai segitzen dugu!

        Iltzeetatik askatutako tapizeria-poltsa baten gisa atearen ertzean balantzaka zebilen kapelua luzatzen zuen itsuak.

        — Hona hemen, zioen borikarioak, gaitz gangailentsu bat!

        Eta, arlote gizajoa lehendik ezagutu arren, lehen aldiz ikustearen itxura egin zuen, betzuringoa, betzuringo opakoa, esklerotika, facies eta molde horretako hitzak ahopean esan zituen, eta gero aita gisako tonuz galdetu zion:

        — Aspaldidanik al daukazu, lagun, gaitz izugarri hau? Tabernan mozkortu ordez, hobe egingo zenuke janeurri bati jarraituz.

        Ardo ona, garagardo ona eta haragi-erre ona har zitzan gomendatzen zion. Itsuak bere kantuan segitzen zuen; bestalde, ia inozoa zirudien. Azkenean, M. Homaisek ireki zuen bere poltsa.

        — Tori, hona hemen sos bat, itzul iezadazu bi xentimo: eta ez ahaztu nire aholkuak, ongi kausituko zara.

        Hivertek sori hartu zuen ozenki jalgitzea haien eraginkortasunari buruz zenbait zalantza. Baina botikarioak ziurtatu zuen berak sendatuko zukeela berak asmatutako ukendu antiflogistiko batez, eta bere helbidea eman zuen:

        — M. Homais, azoka ondoan, nahiko ezaguna.

        — Ea ba! ordainetan, esan zuen Hivertek, komeria egin behar diguzu.

        Itsua bere izterburuen gainean abaildu zen eta, burua atzera botarik, bere begi berdaskak birakatuz eta mihia aterata, urdaila iguzten zuen bi eskuez, eta aldi berean ahuri helkor bat botatzen zuen, zakur goseti baten gisa. Emmak, nazkaturik, sorbalda gainetik jaurtiki zion bost liberatako txanpon bat. Hura zen bere ondare guztia. Ederto iruditzen zitzaion horrela botatzea.

        Kotxea jada abiatua zen, M. Homaisek bat-batean leihatilatik burua atera eta deiadar egin zuenean:

        — Irinezkorik eta esnezkorik ez! Larrazal gainean artilea jantzi eta parte gaiztotuak epuru-bikorren ketara jarri!

        Bere begien aurrean iragaiten ziren gauza ezagunen ikuskizunak poliki-poliki aldentzen zuen Emma bere oinaze presentetik. Unadura jasanezin batek abailtzen zuen, eta zozoturik heldu zen bere etxera, etsiturik, ia lokarturik.

        — Behar dena gerta dadila! zioen berekiko.

        Gainera, nork jakin? zergatik ez zen, momentu batetik bestera, gertaera apartekoren bat sortuko? Lheureux hil zitekeen noski.

        Goizeko bederatzietan, plazako ahots-zaratak iratzarri zuen. Azoka inguruan jende pila bat zegoen zutabe baten kontra erantsitako kartel handi bat irakurtzeko, eta Justin ikusi zuen petrilarri batera igotzen eta kartela puskatzen. Baina, une horretan, mendi-goardak lepazamarrera bota zion eskua. M. Homais irten zen botikarik, eta Lefrançois atsoak, jendetzaren artean, hitzaldi bat ematen ari zela zirudien.

        — Madame! Madame! oihukatu zuen Felicitek sartzean, doilorkeria bat da!

        Eta neska gaixoak, hunkiturik, atetik erauzi berria zuen paper hori bat luzatu zion. Emmak lehen begiradan irakurri zuen, bere altzari guztiak salgai zeudela.

        Orduan elkarri so egin zioten isilean. Bata bestearentzako ez zeukaten, neskameak eta etxekoandreak, inolako sekreturik. Azkenik Felicitek hasperendu zuen:

        — Nik zu bezala, madame, M. Guillauminengana joko nuke.

        — Hala iruditzen zaizu?

        Eta galdera honek esan nahi zuen:

        — Zuk etxea morroiaren bidez ezagutzen duzun horrek, nagusiak inoiz hitz egin al du nitaz?

        — Bai, joan zaitez, ongi egingo duzu.

        Emma jantzi zen, bere soineko beltza azabatxe alezko bere txanoarekin jarri zuen, eta, ikus ez zezaten (artean ere jende asko zegoen plazan), herriaz kanpotik hartu zuen uraren ertzeko bidean barrena.

        Zeharo hatsanturik heldu zen notarioaren atariko itxiturara; zerua ilun zegoen eta elur pixka bat ari zuen.

        Txirrinaren soinura, Theodore, gerrontze gorriz, eskilaraburuan azaldu zen; ia-ia familiarki etorri zitzaion atea irekitzera, adiskide bati gisa, eta jangelara sartu zuen.

        Portzelanazko berogailu handi bat burrundan ari zen hormazuloko apala betetzen zuen kaktus baten pean, eta, zur beltzezko marko batzuetan, haritz-koloreko paperaren kontra, Steuben-en Esmeralda zegoen, Schopin-en Putiphar-ekin batera. Mahai zerbitzatuak, zilarrezko bi ontzi-berogailuek, ateen kristalezko eskulekuak, zoruko oholtzak eta altzariek, orok distira egiten zuen garbitasun arduratsuz, ingelesez; leiarrak apaindurik zeuden, ertz bakoitzean, kolorezko beirakiz.

        — Han da hau jangela, pentsatzen zuen Emmak, nik beharko nukeen bezalakoa.

        Notarioa sartu zen, palmazko bere txabusina ezkerreko besoaz soinaren kontra estutuz, aldi berean beste eskuaz erantzi eta berriro fite jazten zuelarik balusa marroizko bere txanoa, hanpuruski eskuineko alderantz ipinia, non labaintzen baitziren hiru xerlo beilegiren muturrak zeinak, lepagainetik hartuta, bere kaskasoila inguratzen baitzuten.

        Eserleku bat eskaini ondoren, bera eseri zen gosaltzeko, atrebentziarengatik franko desenkusatuz.

        — Jauna, esan zuen damak, erregutuko nizuke...

        — Zer da, madame? Zuk esan.

        Bere egoera azaltzen hasi zitzaion Emma.

        Maitre Guillauminek ezagutzen zuen, oihal-merkatariarekin sekretuan elkar-harturik zegoenez, haren baitan beti kausitzen baitzituen kapitalak, kontratatzeko eskatzen zizkioten hipoteka-maileguetarako.

        Beraz hark bazekien (eta Emmak berak baino hobeto) ordainduko haien historia luzea, txikarrak hasieran, endosatzaile gisa askotariko izenak zeramatzatela, epe luzetara tartekatuak eta etengabe berrituak, harik eta egun batez, protestu guztiak bildurik, merkatariak bere lagun Vinçarti enkargatu zion arte behar ziren jazarpenak bidera zitzan haren izen propialean, herrikideen artean inolaz ere trigre baten gisa azaldu nahi ezik.

        Emmak Lheureuxen kontrako ahakarrez tartekatu zuen bere kontaketa, ahakar hauei notarioak aldian-aldian mintzo hutsalen batez erantzuten zielarik. Bere txuleta janez eta bere tea edanez, kokotsa jaisten zuen bere korbata zerukolorearen gainera, bi orratz diamantedunez ziztatua, urrezko kateatxo bat estekatzen zuela, eta irriño bitxi batez egiten zuen irribarre, era melenga eta anbiguo batez. Baina, damak oinak bustitsuak zituela oharturik:

        — Hurbil zaitez ba berogailura... gorago..., portzelanaren kontra.

        Berogailua zikintzeko beldur zen Emma. Notarioak galai tonuz esan zion:

        — Gauza ederrek ez dute ezer hondatzen.

        Orduan hura hunkitzen saiatu zen Emma, eta, bera ere samurturik, bere etxeko esturak, tekelak eta beharrak hari kontatzeari eman zion. Hark ulertzen zuen hori: emakume dotore bat! eta, jateari utzi gabe, damaren alderantz erabat biratua zen, eskierki belaunaz haren botina ferekatzen zuela, zeinaren zorua berogailuaren kontra makotzen baitzen lurruna botaz.

        Baina, Emmak mila eskutu eskatu zionean, notarioak ezpainak estutu zituen, gero biziki penaturik azaldu zen haren fortunaren artezkaritza aurrez eduki ez izanaz, zeren bazegoen hamaika bide, eta oso erosoak, baita dama batentzako ere, norberaren diruari etekinik ateratzeko. Nahiz Grumesnilgo zohikaztegietan nahiz Havreko terrenoetan menturatu zatekeen ia segurtasun osoz espekulazio bikainik; eta amorruz tripajaten laga zuen ziurki irabazi izan zitzakeen dirutza izugarrien ideiarekin.

        — Nolatan, jarraiki zion notarioak, ez zinen etorri nire etxera?

        — Ez dakit ba nik, esan zuen Emmak.

        — Ea, zergatik? Hainbesteko beldurra ematen nizun? Aitzitik neu naiz kexu beharko nintzatekeena! Abantzu ez dugun elkar ezagutzen! Nik halere begirune handia dizut: horretaz ez duzu noski zalantzarik, ala?

        Eskua luzatu zuen, Emmarena hartu zuen, musu irrikatsu bat eman zion, eta bere belaunaren gainean gorde zuen; haren behatzekin jostatzen ari zen emekiro, mila eztitasun kontatzen zion bitartean.

        Haren ahots gexalak xuxurlatu egiten zuen, erreka ixurkari baten gisa; haren betseinetik pindar bat jalgitzen zen bere betaurrekoen istargimendutik barrena, era haren eskuak aurrera zihoazen Emmaren mahukan barnean, besoan haztaka egiteko. Emmak bere masailaren kontra sentitzen zuen arnasa estu baten hatsa. Gizon hark izugarri gogaitzen zuen.

        Emma jauzi batean zutitu zen eta esan zion:

        — Monsieur, zain nago!

        — Zeren zain! esan zuen notarioak, bat-batean zeharo beluri bilakaturik.

        — Dirua.

        — Baina...

        Gero, irrits bortitzegi baten oldarrari amore emanez:

        — Dena den, bai!

        Belauniko errestatzen zen Emmarenganantz, bere txabusinaz arretarik hartu gabe.

        — Otoi, gera zaitez! maite zaitut!

        Gerritik heldu zion.

        Purpurazko olde bat igo zen berehala madame Bovaryren aurpegira. Atzera egin zuen planta ikaragarri batez, oihukatuz:

        — Nire zorigaitzaz ari zara lizunki baliatzen, monsieur! Urrikalgarri naiz, baina ez salgai!

        Eta irten egin zen.

        Notarioa arras kikildurik geratu zen, begiak tapizeriazko oskierresta ederretan tinkaturik. Maitasunaren opari bat zen. Ikuspen horrek azkenik kontsolatu egin zuen. Bestalde pentsatzen zuen, halako abentura batek urrunegi lerratuko zukeela.

        — Bai doilorra! bai zitala!... Hau laidoa! zioen Emmak berekiko, oin urduriz ihesi kamioko orrikaren pean. Arrakastarik ezaren etsimenduak indartu egiten zuen bere ahalke irainduaren sumindura; iruditzen zitzaion, Probidentzia amorratzen ari zela bere kontrako jazarketan, eta, harrotasunez burgoiturik, inoiz eduki gabea zen bere buruarenganako hainbat preziamendu eta besteenganako hainbat arbuio. Halakoxe borrokazaletasun batek bulkatzen zuen. Gizonak jotzea nahi izango zukeen, haiei aurpegira tuka egitea, guztiak xehatzea; eta oinez aurrera segitzen zuen arin, zurbil, dardarizoka, amorrazioz, begi negartsuz ostertz hutsa barrandatuz, eta itotzen zuen gorroto hartan atsegin hartuz bezala.

        Bere etxea begiztatu zuenean, hildura batek lotu zuen. Ezin zuen aurrera egin; beharrezkoa zen ordea; bestalde, nola ihes egin? Felicite bere zain zegoen atean.

        — Eta...?

        — Ez! esan zuen Emmak.

        Eta, ordu laurden batez, biek elkarrekin, laguntzeko agian prest izan zitezkeen Yonvilleko pertsona desberdinak errepasatu zituzten. Baina, Felicitek norbait izendatzen zuen bakoitzean, Emmak ihardesten zuen:

        — Posible al da! Ez dute nahi izango!

        — Eta nagusia laster da hemen!

        — Badakit bai... Utz nazazu bakarrik.

        Ahalegin guztiak eginak zituen. Orain ez zegoen jada zer eginik; eta Charles azaltzean, berak esan beharko zion beraz:

        — Bazter zaitez. Oinpean darabilzun tapiz hori ez da jadanik gurea. Zure etxetik, ez daukazu altzari bat, orratz bat, lastaizpi bat ere, eta ni naiz porrot eragin dizuna, gizajo horri!

        Orduan intziri handi bat izango zen, gero negar egingo zuen ugari, eta azkenik, txundioa iraganik, barkatu egingo zuen.

        — Bai, zioen marmarrean hortzak kirrinka, barkatu egingo dit, ni ezagutu izana barka niezaionekotz niri eskaintzeko milioi batez aski izango ez lukeen horrek... Sekula ez! sekula!

        Bovaryren bere gaineko nagusitasunaren ideiak sumindu egiten zuen. Bestez, berak aitortu ala ez aitortu, berehala, segituan, bihar, hura ez zen eskierki hondamendiaren jakin gabetan izango; beraz, eszena izugarri hura iguriki beharra zegoen eta haren gogohanditasunaren pisua nozitu. Lheureuxen etxera itzultzeko gogoak eman zion: zertarako ordea? Bere aitari idazteko: berantegi zen; eta agian damutzen hasia zen besteari ez amore eman izanagatik, bidean zaldi baten trosta entzun zuenean. Bera zen, langa irekitzen ari zen, igeltsuzko horma baino zuhailago zegoen. Eskilaretara jauzi eginez, plazan barrena aldegin zuen Emmak bizkor asko; eta alkatearen emazteak, Lestiboudoisekin solasean ari baitzen elizatarian, zergabiltzailearen etxean sartzen ikusi zuen.

        Korrika joan zen madame Caron-i esatea. Bi dama hauek ganbarara igo ziren; eta, haga batzuetan hedaturiko arroparen artean ezkutaturik, eroso paratu ziren Bineteneko barnealde osoa ikusmiratzeko.

        Binet bakarrik zegoen, bere mandioan, zurez imitatzen bolizko lan deskribakaitz horietako bat, ilargierdiz eta bata bestearen barruan kokaturiko esferaz konposatua, guztia zuzen obelisko bat bezala eta ezertarako balio ez duena; azken zatiari ekiten ari zitzaion, edo burutzen ote? Lanlekuko arginabarretan, hauts gorraila hegaldatzen zen bere lanabesetik, zaldi baten asapalan ferrapetik pindarrezko gandor bat bezala: bi gurpilak biraka ari ziren, burrundaka; Binet irribarrez ari zen, kokotsa apaldurik, sudurregalak zabalik, eta nonbait galdua zirudien dohatsutasun bete-bete horietako batean, zalantzarik gabe lanbide eskasek bakarrik eragiten duten horretan, zailtasun errazez laketzen baitute adimena eta asetzen baitute eginkizun batean zeinaren haindian ez baitago zertan amesturik.

        — Ah! begira hor! esan zuen madame Tuvachek.

        Baina ez zen abantzu posible, tornua zela eta, Emmak esaten zuena entzutea.

        Halako batean, libera hitza sumatu uste izan zuten dama hauek, eta Tuvache atsoak ahapean xuxurlatu zuen:

        — Erreguka ari zaio, bere kontribuzioetan luzamendu bat lortzearren.

        — Dirudienez! zioen besteak.

        Aldenik alde zebilela ikusi zuten, hormen kontra hautemanez dafaila-uztaiak, kandela-oinak, eskudel-bolak, Binetek atseginez bere bizarra iguzten zuen bitartean.

        — Zerbait enkargatzera etorri ote zaio? esan zuen madame Tuvachek.

        — Baina ez du ezer saltzen ordea! argudiatu zion auzoak.

        Zergabiltzaileak entzuliar planta zeukan, begiak zabal-zabal, ulertuko ez bazukeen bezala. Emmak modu samurrez, erreguka, jarraitzen zuen. Gizonarengana hurbildu zen; bularra hatsanka ari zitzaion; jadanik ez ziren mintzo.

        — Limurtu nahiez ari ote zaio? esan zuen madame Tuvachek. Binet gorri zegoen belarrietaraino. Emmak eskuak hartu zizkion.

        — Ah! Hau gehiegi da!

        Eta dudarik gabe nardabideren bat ari zitzaion proposatzen zeren zergabiltzaileak, —gizon adoretsua zen horratio, Bautzen eta Lutzenen gudukatua, Frantziako kanpaina egina, eta gurutze-dominarako izendatua ere bai— bat-batean, suge bat ikusita bezala, atzera egin baitzuen urrun ere urrun, oihukatuz:

        — Madame! hori pentsatzea ere!...

        — Horrelako emakumeak zigorkatu beharra legoke! esan zuen madame Tuvachek.

        — Non da ordea? hasi zen madame Caron.

        Zeren hitz hauen bitartean Emma desagertua baitzen; gero, Grande-Ruetik barrena zihoala eta kanposantura joateko bezala eskuinetara hartzen zuena begiztaturik, aierutan nahastu ziren.

        — Etxekoandre, esan zion Rolet atsoari inudearen etxera beltzean, itotzear nago! lasaidazu.

        Ohe gainera jausi zen; zotinka ari zen. Rolet atsoak gona batez estali zuen eta zutik geratu zen bere alboan. Gero, erantzuten ez zuenez, andre gajoa urrundu egin zen, bere gorua hartu zuen eta linoa harilkatzen hasi zen.

        — Oh! amai ezazu! murmurikatu zuen, Bineten tornua entzuten zuelakoan.

        — Nork gogaitzen du? galdetzen zuen inudeak berekiko. Zertara etorri da hona?

        Hara joana zen, bere etxetik iraizten zuen izu molde batek bultzaturik.

        Ahozgora etzanik, geldi-geldi eta begiak tinki, uherki bereizten zituen objektuak, horretara bere aditasuna seta inozo batez xedatzen zuen arren. Hormako harrodurak betesten zituen, bi ilati muturrez mutur ketan, eta bere buru gainean habearen arrailduran barrena zebilen armiarma luze bat. Azkenik bildu zituen bere ideiak. Oroitzen zen... Egun batez, Leonekin... Oh! bai urrun geratzen zela... Eguzkiak distira zegien ibaiaren gainean eta aihenzuriei lurrina zerien... Orduan, purrustan doan erreka batean bezala bere oroitzapenetan eramanik, laster heldu zen bezperako egunaz gogoratzera.

        — Ze ordu da? galdetu zuen.

        Rolet atsoa irten zen, bere eskuin eskuko behatzak zerua argien zegoen aldera altxatu zituen, eta astiroki itzuli zen esanez:

        — Hirurak, laster.

        — Ah! Eskerrik asko! eskerrik asko!

        Zeren hura etorriko baitzen. Ziur zen! Dirua aurkituta izango zuen. Baina beharbada hara joango zen, bera han ez zegoenik pentsatu ere egin gabe; eta inudeari agindu zion korrika bere etxera joan zedin hura ekartzera.

        — Mugi arin!

        — Baina, nire dama maitea, banoa! banoa!

        Eta Emma harritu egiten zen, orain, lehenik hartaz ez pentsatu izanaz; atzo, bere hitza eman zuen, ez zuen huts egingo; eta jadanik ikusten zuen bere burua Lheureuxen etxean haren bulego-mahaiaren gainean hiru banku-bileteak zabaltzen. Gero, Bovaryri gauzak azaltzeko erako istorio bat asmatu behar izango zen. Zein?

        Halatan, inudeari aski luze zihoakion itzultzen. Baina, bordan erlojurik ez zegoenez, Emma beldur zen agian bapikatzen ez ote zuen denboraren luzera. Baratzean harat-honat paseatzen hasi zen, pausoka; bidean barrena joan zen hesiaren kontra, eta arin itzuli zen, andre gajoa beste bide batetik itzulia izango zen esperantzan. Azkenik, itxoiten asperturik, hastantzen zituen susmoek erasorik, jada jakin gabe han zuela mende bat edo zuela minutu bat ote zegoen, bazter batean eseri zen eta begiak itxi zituen, belarriak bozatu zituen. Atekak kirrinka egin zuen: Emmak jauzi egin zuen; berak hitz egin baino lehen, Rolet atsoak esana zion:

        — Inor ez dago zure etxean!

        — Nola?

        — Oh! inor ez! Eta nagusia negarrez ari da. Zuri deika. Zure bila dabiltza.

        Emmak ez zuen ezer erantzun. Hatsanka zegoen, begiak bere ingurura biraka, eta anartean etxeko emakumea, haren aurpegiaz izuturik, atzeraka ari zen instintiboki, hura zoraturik zegoelakoan. Bat-batean Emmak bekokia zaplatu zuen, garraisi bat bota zuen, zeren Rodolpheren oroitzapena, tximist handi bat gau ilunean bezala, iragana baitzitzaion ariman. Hain ona zen hura, hain adeitsua, hain eskuzabala! Eta, bestalde, baldin berari mesede hura egiteko zalantzarik bazuen, berak jakingo zuen noski hartara behartzen, begiñika bakar batez elkarren arteko amodio galdua gogoraraziz. Beraz Huchette alderantz abiatu zen, zuela gutxi hain bortizki sumindu zuen hartaraxe korrika eskaintzera zihoala ohartu gabe, eta pailardiza hartan tutik ere erreparatu gabe.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia