—VI—

 

        Emma ikustera egiten zituen bidaietan, Leonek sarritan afaldu zuen botikarioaren etxean, eta bere burua hertsatutzat eman zuen, gizalegez, berak ere hura gonbidatzera.

        — Bai pozik! erantzun zuen M. Homaisek; gainera, apur bat zuzpertu beharrean nago, konkortzen ari bainaiz hemen. Antzokira joango gara, jatetxera, erokeriak egingo ditugu!

        — Ah! nire lagun zaharra! xuxurlatu zuen samurkiro madame Homaisek, hark jasan bide zituen arrisku lainotsuez izuturik.

        — Zer ba? ez al zaizu iruditzen nire osasuna nahikoa hondatzen dudanik botikako etengabeko jarioen artean biziaz! Hona hemen, bistan, emakumeen izakera: jeloskor dira Zientziarekiko, eta gero olgurarik bidezkoenak hartu nahi badituzu kontra izango dituzu. Bost axola, kontatu nirekin, egun hauetako batean Rouenen azalduko naiz eta biok elkarrekin xahutuko ditugu xemekoak.

        Botikarioak, garai batean, tentu handiz baztertuko zukeen horrelako esakuntzarik; baina orain mintzamolde eroska eta paristarrari emana zebilen, gusturik hoberenekoa kausitzen baitzuen, eta madame Bovaryk, bere auzokoak bezala, urgazleari galdeka aritzen zitzaion jakin-minez hiriburuko ohiturei buruz, eta argota ere hitz egiten zuen... burgesak liluratzearren, turne, bazar, chicard, chicandard, Breda-street esanez, eta Je me la casse Ni banoa esan ordez.

        Hartan, ostegun batez, Emma harritu egin zen M. Homais aurkitzean, Lion d'Or-eko sukaldean, bidaiari jantziz, alegia ezagutzen ez zitzaion beroki zahar batez estalirik, esku batean maleta bat zuela eta bestean bere dendako zango-zorroa. Bere asmoa ez zion inori aipatu, bere ausentziarengatik bezeroak kezkarazteko beldurrez.

        Bere gaztaroa igaroa zen lekuak berriro ikusteko ideiak asaldatu egiten zuen nonbait, zeren bide osoan ez baitzion utzi hausnartzeari; gero, iritsi orduko, bizkor salto egin zuen kotxetik Leonen bila abiatzeko; eta, iharduki zitzaion bai urgazlea, baina M. Homaisek Normandie kafetegi handirantz eraman zuen, eta bertan sartu zen maiestuoski, bere kapela erantzi gabe, zeharo probintzianotzat jotzen baitzuen leku publiko batean burutsik jarri beharra.

        Hiru ordu laurden egin zuen Emmak Leonen zain. Azkenik haren estudiora joan zen, eta, molde orotako aieru artean galdurik, hari axolagabekeria leporatuz eta bere buruari bere ahuldadea ohondikatuz, bekokia leiarren kontra erantsirik iragan zuen arratsaldea.

        Ordubietan artean mahaian zeuden elkarren aurrez aurre. Sala handia husten ari zen; berogailuaren hodiak, palmondo baten eitekoa, sabai zurian biribilkatzen zuen urrekoloreko bere azaua; eta berengandik hurbil, beiraduraz bestaldean, bete-betean eguzkitan, ur-zirrista batek gurgur egiten zuen marmolezko aska batean non, krexu eta esparrago artean, hiru misera soraio hedatzen baitziren luze, alboz albo pilan etzandako galeper batzuetaraino.

        Homais gozatzen ari zen. Okela onez baino are gehiago luxuz txerbeldu zen arren, Pomardeko ardoak horratio kitzikatzen zizkion apur bat kemenak, eta ron-tortila agertu zenean, emakumeei buruz teoria inmoralak azaldu zituen. Bera ororen gainetik erakartzen zuena, «chic»-a zen. Adoragarria zitzaion jazkera dotore bat ongi altzaritutako apartamentu batean, eta, gorputz dohainei dagokienez, okela onari ez zion muzin egiten.

        Leonek erlojuari begiratzen zion etsipenez. Botikarioak edan, jan, mintzatu egiten zuen.

        — Ondo urriturik ibiliko zara, esan zuen hitzetik hortzera, Rouenen. Dena den, zure amodioek ez daukate urrun etzangua.

        Eta bestea lotsagorritu zenez:

        — Aizu, esan egia! Ukatuko al didazu zuk Yonvillen...?

        Gizon gaztea zezelka hasi zen.

        — Madame Bovaryren etxean, ez ote zenuen ba gorteatzen...?

        — Baina nor?

        — Neskamea!

        Ez zen txantxetan ari; baina, harropuzkeriak zuhurtzia orori gaina harturik, Leonek, oharkabean, iharduki egin zion. Bestalde, emakume beltzaranak bestenik ez zuen atsegin.

        — Bat nator horretan, zioen botikarioak; jite handiagoa dute.

        Eta, bere lagunaren belarrira makurturik, emakume batek jitea baduela jakiteko bidea ematen duten sintomak adierazi zizkion. Digresio etnografiko bati ere ekin zion: emakume alemaniarra lainotsua zen, frantsesa lasaka, italiarra grinatsua.

        — Eta beltzak? galdetu zuen urgazleak.

        — Artistaren gustua da, esan zuen Homaisek. — Mutil! bi kikara-erdi!

        — Bagoaz? esan zuen azkenik Leonek ernegaturik.

        — Yes.

        Baina, joan baino lehen, jatetxeko nagusia ikusi nahi izan zuen eta zorionak eman zizkion.

        Orduan gizon gazteak, bakarrik geratzearren, zeregina zuela argudiatu zuen.

        — Ah! nik eskoltatuko zaitut! esan zion Homaisek.

        Eta, harekin kaleak behera zihoala, bere emazteaz, bere haurrez, haien etorkizunaz eta bere farmaziaz hitz egiten zuen, hura garai batean zenbateraino lur-jota zegoen kontatzen zuen, eta berak zenbaterainoko bikaintasun puntura altxatu zuen.

        Boulogne hotelaren aurrera heldurik, Leonek utzi egin zuen bat-batean, eskilarak gora igo zen, eta amorantea biziki asaldaturik aurkitu zuen.

        Botikarioaren izena entzutean, haserre bizian jarri zen. Leonek arrazoi sendoak pilatzen zituen alabaina; ez zen bere errua, ez al zuen ba monsieur Homais ezagutzen? Pentsa al zezakeen haren lagunartea nahiago zuenik? Baina Emma aldendu egiten zen; Leonek eutsi egin zion; eta, belauniko apaldurik, bere bi besoez gerria inguratu zion, irritsez eta eskarioz betetako jarrera ahuleziatsu batean.

        Emma zutik zegoen; bere begi handi suhartuek serioski eta era ia izugarri batean begiratzen zioten. Gero malkoek ilundu zituzten, bere betazal arroxak jaitsi ziren, bere eskuak abandonatu zituen, eta Leonek bere ahora zeramatzan sehi bat agertu zenean, jaunari adieraziz bere galdezka zirela.

        — Itzuliko zara? galdetu zuen Emmak.

        — Bai.

        — Baina noiz?

        — Berehala.

        — Amarru bat da, esan zuen botikarioak Leon ikustean. Gogaikatzen zintuela iruditzen zitzaidan bisita hori eten nahi izan dut. Goazen Bridouxenera «garus» baso bana edatera.

        Leonek zin egin zuen bere estudiora itzuli beharrean zegoela. Orduan botikarioa adarra jotzen hasi zitzaion papertzarren eta prozeduraren kontura.

        — Utz itzazu apur batez Cujas eta Barthole, zer demonio gero! Nork eragozten dizu? Izan ausarta! Goazen Bridouxenera; ikusiko duzu bere zakurra. Oso bitxia da!

        Eta urgazlea berean tematzen zenez:

        — Neu ere joango naiz ba. Zure zain nagoen bitartean egunkari bat irakurriko dut, edo Kode bat gainetik begiratu.

        Leon, Emmaren haserrearengatik, M. Homaisen hizjarioarengatik, eta agian bazkariaren pisutasunarengatik ere, balditurik, erabaki ezinik zegoen eta botikarioaren liluramenduaren menpean bezala, zeinak errepikatzen baitzuen:

        — Goazen Bridouxenera! hemendik bertan dago, Malpalu kalean.

        Orduan, koldarkeriaz, txaldankeriaz, egintzarik gogaikarrienetara bulkatzen gaituen kalifikaezineko sentimendu hori medio, Bridouxenera joateri amore eman zion; eta hau bere atari txikian aurkitu zuten, Seltz-ura egiteko makina baten gurpil handiari eragiten hatsanka ari ziren hiru mutiko begiratzen. Homaisek aholkuak eman zizkien; Bridoux besarkatu zuen; «garus» edan zuten. Hamaika aldiz aldegin nahi izan zuen Leonek; baina besteak gerarazi egiten zuen besotik atxikita esanez:

        — Berehalaxe! banoa. Fanal de Rouen-era joango gara, jaun haiek ikustera. Thomassin-i aurkeztuko zaitut.

        Libratu zen horratio eta antxintxika batean joan zen hoteleraino. Emma jadanik ez zegoen.

        Arestian joana zen, sumindurik. Orain higuin zuen Leon. Rendez-vousan hitzari huts egin izana laido bat iruditzen zitzaion Emmari, eta beste arrazoi gehiagoren bila ere zebilen harengandik aldentzeko: heroismorako gauzaeza zen, ahula, arrunta, emakume bat baino belaskagoa, zikoitza gainera, eta txaldana.

        Gero, bareturik, azkenerako idoro zuen, Leon kalumniatu egin zuela noski. Baina maite ditugunon erdeinuak beti ere apur bat banandu egiten gaitu. Idoloak ez dira ukitu behar: haien urrebitsa eskuetan geratzen da.

        Jada maizago mintzatzen ziren beren maitasunarekiko axolarik gabeko gauzez; eta, Emmak igortzen zizkion gutunetan, loreak, bersoak, ilargia eta izarrak ziren jardungai, lekoreko laguntza guztien bidez zuzpertzen saiatzen zen irrits ahuldu baten baliabide xaloak. Emmak aldioroz bere buruari agintzen zion, hurrengo bidaiarako, zorion sakona; gero berekiko aitortzen zuen ezer apartekorik ez sentitu izana. Kamusada hau berehala ezabatzen zen esperantza berri baten eraginez, eta Emma harengana itzultzen zen are sutsuago, gutiziosago. Mutiriki biluzten zen, bere gerruntzeko xingola mehea erauziz, zeinak bere aldaken baranoan xistu egiten baitzuen narran doan ziraun baten gisa. Bere oin hutsen puntetan joaten zen heste behin ere begiratzera ea atea itxirik zegoen, gero higidura bakar batez uzten zituen bere jantzi guztiak batera erortzen; — eta, beluri, hitzik gabe, serioski, haren bularraren kontra abailtzen zen dardarizo luze batez.

        Bazegoen, halere, tanta hotzez estalitako bekoki hartan, ezpain zezelkari haietan, betsein makur haietan, beso haien estuketan, halakoxe azkentasunezko zerbait, lainotsua eta goibela, zeina bien artean zara-zara leratzen ari zela iruditzen baitzitzaion Leoni, elkarrengandik banantzearren bezala.

        Galderak egiten ez zen ausartzen; baina, hura hain trebatua hautemanik, iragana zen nonbait, zioen Leonek berekiko, sufrimenduaren eta plazeraren gorabehera guztietatik. Garai batean xarmangarria zitzaionak, orain ikaratu egiten zuen apur bat. Bestalde, bere nortasunaren xurgapen egunetik egunera handiagoaren aurka oldartu egiten zen. Begitan zuen Emma etengabeko garaipen horregatik. Saiatu ere egiten zen hura ez maitatzen; gero, haren botinen kirrinka hutsarekin, koldar sentitzen zen, mozkortiak edari bizien aurrez aurre bezala.

        Emmak halere ez zizkion eskasian ematen, egia da, molde orotako mainak, hasi mahaiko kutixietatik eta janzkerako panpoxeriak eta begirada milingak ere. Yonvilletik larrosak ekartzen zituen bularrean, eta aurpegira botatzen zizkion, haren osasunaz ardura azaltzen zuen, portaerari buruz aholkuak ematen zizkion, eta, areago eustearren, zeruak agian esku hartuko zuen esperantzan, Amabirjinaren domina bat zintzilikatu zion lepotik. Haren lagunartearen berri biltzen zuen, ama bertutetsu baten gisa. Esaten zion:

        — Ez itzazu ikusi, ez zaitez irten, geu bestetan ez ezazu pentsatu, maite nazazu!

        Haren bizitza zelatatu ahal izatea nahi izango zukeen Emmak, eta kaleetan barrena hari jarraiki arazteko ideia bururatu zitzaion. Bazegoen egunero, hotel ondoan, bidaiariekin sartzen zen arlote antzeko bat, eta hark ez ziokeen uko egingo... Baina bere burgoitasuna oldartu zen.

        — Eh! zer egingo da ba! Engaina nazala, bost axola! Zer doakit ba niri?

        Elkarrengandik garaiz aldendu ziren egun batean, eta boulevardean barrena bakarrik zetorrela, bere komentuko hormak hauteman zituen; orduan aulki batean eseri zen, zumarren itzalean. Zer nolako jabaldura garai hartan! Nola irrikatzen zituen, zenbait libururi jarraiki irudikatzen saiatzen zen adierazezineko maitasun sentimendu haiek!

        Ezkonberritako lehen hilabeteak, basoan ibilaldiak zaldiz, valsean egiten zuen bizkondea, eta Lagardy kantatzen, dena iragan zen berriro bere begien aurrean... Eta Leon ere bat-batean besteen urruntasun berean azaldu zitzaion.

        — Baina maite dut ordea! zioen bere baitan.

        Eta zer! bera ez zen zoriontsu, inoiz ere ez zen izan.

        Nondik ote zetorren bizitzaren eskasia hura, berak sostengu hartzen zuen gauzen berehalako usteldura hura?... Baina, baldin eta inon bazegoen izaki indartsu eta eder bat, natura adoretsu bat, aldi berean suharduraz eta fintasunez betea, poetaren bihotza aingeru baten eitearen pean, brontzezko haridun lira, eztei-eresi elegiakoak zerurantz joz, zergatik ez ote zuen, menturaz, berak topatu behar? Oh! Ezin-ezinezkoa! Bestalde, ezerk ez zuen merezi bila ibiltzerik; dena zen gezurti! Irribarre bakoitzak asper-aharrausi bat ezkutatzen zuen, bozkario bakoitzak madarikazio bat, plazer orok bere okaztadura, eta musurik onenek ez zizuten uzten ezpainetan boluptuostasun gorenago baten irrika gauzatu ezina baino.

        Metalezko karranka bat errestatu zen aireetan eta komentuko kanpaiak lau dangada eman zituen entzutera. Laurak! eta iruditzen zitzaion bera hantxe zegoela, aulkiaren gainean, betieraz gero. Baina grinatza amaigabekoa koka daiteke minutu batean, jendetza bat leku txiki batean bezalaxe.

        Emma bereetan oso arazoturik bizi zen, eta diruaz ez zen arduratzen artxidukesa bat baino gehiago.

        Behin batez ordea, txepel plantako gizon bat, musugorria eta burusoila, Emmaren etxean sartu zen, M. Vinçart-ek, Ruengoak, igorri zuela deklaratuz. Bere longain berde luzearen alboko patrika hersten zuten orratzak atera zituen, bere mahukan ziztatu zituen eta adeitsuki paper bat luzatu zuen.

        Zazpirehun liberatako ordainduko bat zen, Emmak suskribatua, eta Lheureuxek, besterik agindu izan arren, Vinçarten kargura pasatua zuena.

        Neskamea bidali zuen haren etxera. Lheureuxek ez zeukan etortzerik.

        Orduan, ezezagunak, han segitzen baitzuen zutik, bere bekain lodi horailek estaltzen zituzten begirada barrandariak ezker eskuinetara botaz, planta xano batez galdetu zuen:

        — Zer erantzun eraman Vinçart jaunari?

        — Ba begira! erantzun zuen Emmak, esaiozu... ez daukadala... Datorren astean izango dut... Itxoin dezala... bai, datorren astean.

        Eta gizontxoa txintik esan gabe joan zen.

        Baina, biharamunean, eguerdian, protesto bat jaso zuen; eta paper zigilatua ikusteak, non sarri eta letra handiz nabarmentzen baitzen: «Hareng Abokatua, Buchyko agente judiziala», hain bortizki lazkitu zuen non ehun-merkatariaren etxera jo baitzuen lasterka.

        Bere dendan aurkitu zuen, pakete bat lotzen.

        — Zure zerbitzari! esan zuen, prest nauzu.

        Baina Lheureuxek bere zereginetan segitu zuen horratio, hamahiru urte inguruko neskato batek lagundurik, apur bat txalkorra, aldi berean dendaritzan eta sukaldaritzan zerbitzatzen zuena.

        Gero, bere eskalaproinak dendako oholtzan klaskaraziz, Madameren aurretik igo zen lehen solairura, eta gela mehar batean sartu zuen non pinuzurezko izkribu-mahai handi batek erregistro batzuk sostengatzen baitzituen, kateaturiko burdinazko barra batek trabeska defendaturik. Hormaren kontra, indianazko mihise batzuen pean, burdin-kutxa bat ikuskatzen zen, baina halako neurritakoa non ordaindukoez eta diruaz beste zerbait ere eduki behar baitzuen. M. Lheureuxek, hain zuzen, bahiturapean egiten zituen abantzuak, eta hantxe ipinia zuen madame Bovaryren urrezko katea, Tellier zahar gizajoaren belarritakoekin batera, eta honek, azkenerako saltzera beharturik, Quincampoixen erosi zuen janari denda kaxkar bat, eta hantxe ari zen bere katarroaz hiltzen bere aurpegia bezain horiak ez ziren kandelen artean.

        Lheureux eseri zen lastozko bere besaulki zabalean, esanez:

        — Zer berri?

        — Tori.

        Eta Emmak papera erakutsi zion.

        — Ederki! eta zer egin dezaket nik?

        Orduan Emma asaldatu zen, bere ordaindukoak ez zirkularazteko emana zuen hitza gogoraraziz; bestea ados zen.

        — Baina neu ere beharturik gertatu naiz, labana zintzurraren kontra neukan.

        — Eta zer gertatuko da orain? esan zuen Emmak.

        — Oh! oso xinplea da: auzitegiaren epaia eta gero enbargua..., bapo!

        Emma bere buruari gogor egiten ari zen hura ez jotzeko. Emekiro galdetu zion ea modurik ez ote zegoen M. Vinçart baretzeko.

        — Ah! nola ez ba! Vinçart baretu; ez duzu asko ezagutzen; arabiar bat baino ohilagoa da.

        Baina beharrezkoa zen ordea M. Lheureuxek horretan esku hartzea.

        — Entzuidazu! iruditzen zait, gaurdaino behintzat nahiko ongi portatu naizela zurekin.

        Eta, bere erregistroetariko bat zabalduz:

        — Horra!

        Gero bere behatzaz orrialdean gora igoz:

        — Ea... ikus dezagun... Abuztuaren 3an, berrehun libera... Ekainaren 17an ehun eta berrogeita hamar... martxoak 23, berrogeita sei... Apirilean...

        Gelditu egin zen, txorakeria bat egiteko beldurrez bezala.

        — Eta Monsieurek suskribaturiko ordaindukoez zer esanik ez, bat zazpiehun liberatakoa, beste bat hirurehunekoa!

        Zuri aurreratutako kopuru txikiak, interesak, horrek ez du kaburik, galtzeko adinako nahasketa. Horretan ez naiz sartu ere egiten!

        Emma negarrez ari zen, «bere monsieur Lheureux txintxoa» ere deitu zion. Baina hark beti ere «Vinçart zital» haren aitzakia jartzen zion. Bestalde, ez zeukan xentimorik ere, orain inork ez zion ordaintzen, bere lepotik jaten ari ziren, bera bezalako dendari pobre batek ezin zezakeen abantzurik egin.

        Emma isilik, zegoen; eta M. Lheureux, luma baten bizarrei hozka ari baitzen, haren isiltasunarengatik nonbait kezkatu egin zen, zeren segitu zuen:

        — Nolaz eta, egun hauetako batean sarreraren batzuk banitu... ahal izango nuke...

        — Bestalde, esan zuen Emmak, Barnevilleko atzeratuak jasotzean...

        — Nola?...

        Eta Langloisek artean ez zuela ordaindu jakitean, oso harriturik bezala zirudien. Gero, ahots eztitsu batez:

        — Eta zertan dugu tratua, esaidazu...?

        — Oh! nahi duzun bezala!

        Orduan, begiak itxi zituen pentsatzeko, zifra batzuk idatzi zituen, eta, nahiko lan izango zuela, arazoa latza zela eta bere galbidea zela deklaratuz, lau ordainduko diktatu zituen bakoitza berrehun eta berrogeita hamar liberatakoa, elkarren artean hilabeteko epea emanez.

        — Vinçartek entzun nahi izango al dit behintzat! Nolanahi ere, tratua hor dago, ni ez naiz badaezpadakoetan ibiltzen, nik gauzak biribil esaten ditut.

        Ondoren ezarian bezala salkin berri batzuk erakutsi zizkion, baina hauetariko batño bera ere, bere iritzian, ez zen Madamerentzako lain.

        — Honako oihal honek, metroa boxentimotan eta tindaduraren fintasuna ziurtaturik daukala pentsatzea ere! Eta harrapazka daramate! Zer den ez diegu esaten noski, pentsa dezakezu! besteekiko axerikeria honen aitorpenaren bidez bere zintzotasunaz erabat konbentzitu nahirik.

        Ondoren berriro dei egin zion, berriki «inkante batean» aurkitua zuen hiru kana gipure hari erakusteko.

        — Ederra da! zioen Lheureuxek, orain asko erabiltzen da, besalki-burutarako, aproposa da.

        Eta inkaminari batek baino agudoago, gipurea paper urdinez bildu zuen eta Emmaren eskuetan ipini zuen.

        — Gutxienez jakin beharko dut behintzat...?

        — Oh! gero, gero; esan zuen orpoak jiratuz.

        Arrats hartan bertan premiatu zuen Emmak Bovary bere amari idaztera, hark lehenbailehen igor ziezaien primantzaren azken parte osoa. Amaginarrebak erantzun zuen ez zegoela ezer gehiago: likidazioa buruturik zegoen, eta, Barnevillez gainera, seiehun errealetako errenta geratzen zitzaien, eta punttu-punttuan igorriko zizkiela.

        Orduan Madamek fakturak bidali zizkien bi edo hiru bezerori, eta aurki sarritan baliatu zen arrakastatsu suertatzen zitzaion erabide honetaz. Beti ere kontu handia zuen eransten, post-scriptum gisa: «Hontaz ez hitz egin nire senarrari, badakizu zeinen burgoia den... Barkatu... Zure zerbitzari...». Izan zen zenbait tiramen; berak interzeptatu zituen.

        Dirua biltzearren, bere eskularru zaharrak, bere ginbail zaharrak, txatarreria zaharra saltzeari ekin zion; eta harrapazkeriaz lehiatzen zen tratuan, —nonbait bere nekazari odolak etekinera bultzatzen. Gero, hirirako bere bidaietan, txitxibitxiak merkatatzen zituen, Monsieur Lheureuxek, besterik ezean, hartuko baitzizkion eskierki. Ostruka-luma batzuk, Txinako portzelana eta kutxaxka batzuk erosi zituen; edonori eskatzen zion mailegutan dirua, Feliciteri, madame Lefraçois-ri, Croix Rouge-ko ostalersari, edonon. Barnevilletik noizbaitekoan jaso zuen diruaz, bi ordainduko kitatu zituen, gainerako mila eta bostehun liberak jarioan joan zitzaizkion. Zorpetu zen berriro ere, eta beti hartan!

        Noizean behin, egia da hori, saiatzen zen kalkuluak egiten, baina gauza hain gehiegizkoak aurkitzen zituen non ezin baitzituen sinetsi. Orduan berriro hasten zen, nahaspilatzen zen berehala, dena bertan behera uzten zuen eta ez zuen hartaz gehiago pentsatzen.

        Ongi triste zegoen orain etxea! Hornilariak amorru aurpegiz irteten ikusten ziren. Mukizapiak sukalde gainean botata zeuden; eta Berthe txikiak, madame Homaisen eskandalu handirako, galtzerdi zulatuak zeramatzan. Baldin eta Charlesek, herabeki, ohartarazpenen bat jalgitzen bazuen, Emmak mutirikeriaz ihardesten zuen, hori ez zela inolaz ere bere erruz!

        Haserrealdi haiek zergatik? Nerbioetako aspaldiko gaitz harengatik esplikatzen zuen Charlesek dena; eta, haren gaixotasunak akastzat hartu izanagatik bere burua larderiatuz, berekoikeria leporatzen zion bere buruari, korrika Emma besarkatzera joateko gogoa zeukan.

        — Oh! ez, esaten zuen berekiko, gogait eragingo nioke!

        Eta halaxe geratzen zen.

        Afal ondoren, bakarrik pasiatzen zen jardinean; Berthe txikia bere belaunen gainean hartzen zuen, eta, bere medikuntza-aldizkaria zabalduz, hari irakurtzen irakasten saiatzen zen. Haurrak, ez baitzuen inoiz estudiatzen, luzaro hain lehen irekitzen zituen begiak handi eta triste eta negarrari ematen zitzaion. Orduan Charlesek kontsolatu egiten zuen; garastailuan ur bila joaten zitzaion hondarretan errekak egiteko, edota loresailetan xuhandor adarrak mozten zituen zuhaitzak landatzeko, eta horrek ezer gutxi hondatzen zuen jardina, erabat belartzarrez josia; izan ere hainbeste jornal zor zitzaion Lestiboudois-ri! Gero haurra hotzak zegoen eta ama galdetzen zuen.

        — Deitu neskameari, esaten zion Charlesek. Badakizu, txiki, zure amak ez duela inork aspertarazterik nahi.

        Udazkena hasten ari zen eta jada erortzen ari ziren hostoak, —duela bi urte Emma gaixo zegoenean bezala!— Noiz amaituko ote da hau guztia!... Eta pasieran segitzen zuen, bi eskuak atzealdean.

        Madame bere gelan zegoen. Hara ez ziren igotzen. Han egoten zen egun osoan, soraio, ia jantzi gabe, eta, aldian aldian, Rouenen algeriar baten dendan erosiak zituen emategi-pastila batzuk erre araziz. Gauez, bere alboan etzanda, gizon hura lotan ez edukitzearren, azkenerako, bekozkoren poderioz, bigarren solairura hastandu zuen; eta goizaldera arte irakurtzen aritzen zen, egoera odoltsurekin batera pasarte orgiakoak zeuzkaten liburu xelebre batzuk. Sarritan izuikarak harrapatzen zuen, garrasi bat jaurtikitzen zuen. Charles korrika etortzen zitzaion.

        — Ah! zoaz! esaten zion Emmak.

        Edo, beste batzuetan, adulterioak bizkortzen zuen barneko gar honek bortizkiago errerik, hatsanka, hunkiturik, irritsez beterik, leihoa irekitzen zuen, aire hotza arnasten zuen, bere adats astunegia haizetan ihaurtzen zuen, eta, izarrei so, printzeren amodioak desiatzen zituen. Hartaz pentsatzen zuen, Leonez. Orduan dena emango zukeen, asetzen zuten rendez-vous haietariko bat bakarraren truke.

        Bere gala egunak izaten ziren. Hauek bikainak nahi izaten zituen, eta, gastua Leonek bakarrik pagatu ezin zuenean, berak osatzen zuen gainerakoa oparo, eta hori halatsu gertatzen zen aldioro. Leon saiatu zen hari ulertarazten, hala bezain ongi izango ziratekeela beste nonbait, hotel apalagoren batean; baina Emmak eragozpenak idoro zituen.

        Egun batean, zilar gorriztazko sei goilaratxo atera zituen bere poltsatik (Rouault zaharraren eztei-saria zen), berehala joan zedin eskatuz, bere izenean, hura bahitura-etxera eramatera; eta Leonek obeditu egin zuen, nahiz eta jokabide hau desatsegin gertatu zitzaion. Bere burua konprometatzearen beldur zen.

        Gero, hartaz gogoetan, bere amorantea jokamolde bitxiak hartzen ari zela hauteman zuen, eta agian ez zeudela oker bera harengandik aldendu nahi izatean.

        Izan ere, norbaitek bidalia zion bere amari gutun anonimo luze bat, emakume ezkondu batekin galbidean zebilela kargu emateko; eta dama gajoak segituan, familien betiko mamua sumaturik, alegia zehazgabeko kreatura galgarria, sirena, munstroa, maitasunaren barnezolan fantastikoki bizi dena, maitre Dubocageri idatzi zion, haren ugazabari, zeinak bikain jokatu baitzuen arazo honetan. Hiru ordu laurdenez eduki zuen, begiak zabalarazi nahiez, amildegiaz ohartarazten. Horrelako nahasketa bat kaltegarri zitzaiokeen etorkizunean bere establezimenduari. Hausteko erregutu zion, eta, bere interes propialengatik sakrifizio hori egingo ez bazuen ere, egin zezala behintzat harengatik, Dubocagerengatik!

        Leonek azkenean zin egin zuen Emma ez zuela gehiago ikusiko; eta bere hitzari eutsi ez izana jaukitzen zion bere buruari, emakume hark aurrerantzean ere erakar zekiokeen enbarazu eta prediku oro kontutan izanik, goizetan berogailu inguruan bere adiskideek botatzen zituzten adarjotzeak kontatu gabe. Bestalde, lehen urgazle bilakatzera zihoan: serios izateko garaia zen. Halaber uko egingo zien txilibituari, sentimendu sutsuei, irudimenari: —zeren burges orok, bere gaztaroko beroalditan, bederen egun batez, minutu batez, bere burua trebetzat eduki baitu egundoko irritsetarako, ekintza gorenetarako. Lasaka erdipurdienak izan ditu sultanesak amets; notario bakoitzak bere baitan daramatza poeta baten kondarrak.

        Aspertu egiten zen orain, Emmak bat-batean bere bular gainean negarzotinka egitean; eta bere bihotza, musika-dosi tamaina bat besterik jasan ezin dezaketen jendeak bezala, aihergatasunez lokartzen zen jada eztitasunak hautematen ez zizkion amodio haren burrunbatan.

        Gehiegi ezagutzen zuten elkar posesioaren gozamena ehunkoizten duten lilurazio horiek edukitzeko. Hainbat zegoen Emma hartaz gogaiturik nola hura damaz asperturik. Orain adulterioan aurkitzen zituen Emmak ezkonbizitzako txepelkeria guztiak.

        Baina nola libratu ordea hartatik? Bestenaz, halako zorionaren purtziltasunarengatik umildurik sentitzen zen arren, hari atxikitzen zitzaion ohituraz edo galduraz; eta egunetik egunera are amorrutiago tematzen zen, handiegia nahi izatearen poderioz atsegin oro agortuz. Bere esperantza etsituen errua Leoni leporatzen zion, hark traizio egin izan balio bezala; eta beren arteko banakuntza erakarriko zukeen hondamendiren bat ere opatzen zuen, berak ez baitzeukan adorerik horretara deliberatzeko.

        Halere segitzen zuen horratio hari amodiozko gutunak idazten, ideia honek eraginik, alegia emakume batek beti ere idatzi egin behar diola bere amoranteari.

        Baina, idaztean, beste gizon bat hautematen zuen, fantasma bat bere oroitzapen sutsuenez egina, bere irakurtza ederrenez, bere irrits bortitzenez egina; eta azkenerako hain egitazkoa era atzemankorra bilakatzen zen gizona non Emmak liluraturik pilpiratzen baitzuen, halere ordea zehazki irudikatu ezinik, hainbaterainoxe galtzen baitzen hura, jainko baten gisa, bere atributuen joritasunaren pean. Gizonaren egongua herrialde urdinka zen, zetazko zurubiak kulunkatzen direna balkoietan, loreen hatsematearen pean, ilargi argitan. Bere ondoan sentitzen zuen, gizona etortzera zihoan eta bahitu egingo zuen oso-osorik pot batean. Segidan jota geratzen zen, birrindurik; zeren amodio bulta lainotsu hauek gehiago nekatzen baitzuten zalapartaldi handiek baino.

        Abaildura etengabea eta unibertsala sentitzen zuen orain. Jaso ere sarritan jasotzen zituen auzideiak, ia-ia begiratu ere egiten ez zituen paper tinbratuak. Jada ez bizitzea nahi izango zukeen, edo taigabe lo egitea.

        Garizuma erdiko ostegunean ez zen Yonvillera itzuli; arratsean mozorro-dantzara joan zen. Balusazko galtzak eta galtzerdi gorri batzuk jantzi zituen, ileorde batekin eta hiru adarreko kapelua belarri gainean. Saltaka ibili zen gau osoan, tronboien soinu zakarretan; zirkulua egiten zuten bere inguruan; eta antzokiko peristiloan kausitu zen goizean bost edo sei mozorroren artean, kaietako neskak edo marinelak, Leonen adiskideak, afaltzera joateaz mintzo zirela.

        Inguruko kafetegiak beterik zeuden. Portu gainean hauteman zuten jatetxe bat kaxkarrenetarikoa, eta bertako nagusiak gelatxo bat ireki zien laugarren oinean.

        Gizonak txutxumutxuka aritu ziren txoko batean, gastuaz elkarri galdeka dudarik gabe. Abokatu-urgazle bat, zaldizko soldadu bi eta enplegatu bat zeuden: zer nolako konpainia berarentzat! Emakumeei dagokienean, Emma berehala ohartu zen, haien ahotsen doinuaz, mailarik bajuenekoak izan behar zutela, ia guztiek. Orduan beldur izan zen, aulkia atzeratu zuen eta begiak beheratu zituen.

        Besteak jaten hasi ziren. Berak ez zuen jan; bekokia sutan zeukan, betazaletan ziztakoak eta larrazala izotza bezain hotza. Bere buruan sentitzen zuen dantzalekuko zorua, artean dardarka, dantzan ari ziren mila oinen bulkara erritmikoaren pean. Gero, pontxearen usainak zigarroen kearekin batera zorabiatu egin zuen. Kordea galtzen ari zen: leihoaren aurrera eraman zuten.

        Egunargia hasten ari zen, eta purpura koloreko orban handi bat zabaltzen zen zeru zuhailean Saint-Catherine aldetik. Ibai ubelak ikara zegien haizetan; ez zegoen inor zubi gainetan; dirdaiak itzaltzen ari ziren.

        Hartan bizkortu zen, eta Berthez pentsatzen jarri zen, han lotan, bere neskamearen gelan. Baina burdin-ziri luzez betetako orga bat iragan zen, etxeetako hormen kontra metalezko dardarizo gorgarria jaurtikiz.

        Emma zakarki aldendu zen, bere mozorro-jantzia erantzi zuen, Leoni esan zion itzuli beharrean zegoela, eta noizbaitekoan bakarrik geratu zen Boulogne hotelean. Dena eta bere burua ere jasanezina zitzaion. Nahi izango zukeen, txori baten gisa ihes eginez, norabait gaztetzera joan, oso urrun, espazio orbangabeetara.

        Irten zen, zeharkatu zuen boulevarda, Cauchoise plaza eta auzaldea, jardinak bistan hartzen zituen kale ireki batetaraino. Arin zebilen, aire zabalak baretu egiten zuen: eta ezari-ezarian, jendetzaren aurpegiak, mozorroak, koadrilak, dirdaiak, afaria, emakume haiek, dena desagertzen zen lainaide eramana bezalaxe. Gero, Croix Rouge-ra itzulirik, bere ohe gainera jaurtiki zen, bigarreneko gela txikian, Tour de Nesle-ren irudi batzuk zeuden hartan. Arratsaldeko lauretan Hivertek iratzarri zuen.

        Etxera heltzean, Felicitek paper gris bat erakutsi zion erloju atzean. Irakurri zuen:

        «Jakinarazpen-kopiaren eraginez, epai baten era exekutatzailean...».

        Zein epai? Bezperan eskierki, beste paper bat ekarria zuten, berak ezagutzen ez zuena; hitz hauek balditurik utzi zuten noski:

        «Erregeren, legearen eta justiziaren aginduz, Madame Bovaryri...».

        Orduan, zenbait lerro saltaturik, hauteman zuen:

        «Edonola ere hogeita lau ordutako epearen barruan». — Zer ordea? «Guztira zortzi mila libera kopurua ordaindu». Eta gainera beherago zioen: «Horretara hertsatua izango da zuzenbidezko molde oroz, eta batipat bere mueble eta efektuen bahikuntza exekutatzailez».

        Zer egin?... Hogeita lau ordu hartu zen; bihar! Lheureuxek berriro ere izutu egin nahi zuen nonbait, pentsatu zuen; zeren sumatu baitzituen bat-batean haren azpijoko guztiak, haren zurikerien xedea. Lasaitzen zuena, kopuruaren gehiegikoa zen.

        Baina erosi, ez ordaindu, mailegutan dirua hartu, ordaindukoak suskribatu, epe berri bakoitzean puzten zihoazen ordainduko hauek berritu, azkenerako moldatua zion kapital bat Lheureux jaunari, zeina horren esperoan baitzegoen ezinegonez bere espekulazioetarako.

        Antsikabe plantaz azaldu zen Emma haren etxera.

        — Badakizu zer gertatzen zaidan? Txantxetakoa da, noski!

        — Ez.

        — Nola ezetz?

        Lheureux aldendu zen astiro-astiro, eta besoak gurutzatuz esan zion:

        — Zuk uste al zenuen ba, damatxo, Jainkoaren maitasunagatik izango nintzela ni zure hornitzaile eta bankari sekula santa guztirako? Nik ere bildu beharko ditut ba, banatu ditudanak, bidezkoa da! Emma kopuruarengarik hasi zen deiadarka.

        — Ah! zer egingo da ba! auzitegiak ontzat eman du! Epaia hor dago! Jakinarazi dizute! Bestalde, ez naiz ni, Vinçart da.

        — Eta ezin izango al zenuke...?

        — Oh! ezta ezertxo ere.

        — Baina..., halere..., mintza gaitezen gizabidez.

        Eta ura jorratzen jardun zen; berak ezer ez omen zuela jakin... ustekabean harrapatu zuela...

        — Norena da errua? esan zuen Lheureuxek ironikoki mintzatuz. Hor nabil, ni, beltz baten gisa jo ta ke lanean, eta bitartean zu ederki asko denborapasa.

        — Ah! Moralik ez!

        — Horrek ez du sekula kalterik egiten, erantzun zuen besteak. Koldar izan zen, erregu egin zion; eta bere esku polit zuria eta luzea pausatu ere egin zuen merkatariaren belaunetan.

        — Utz nazazu! Amainatu egin nahi nauzula esan daiteke!

        — Doilorra zara! esan zion deiadarka Emmak.

        — Oh! oh! aurreratxo zoaz! besteak barrez.

        — Jakingo du jendeak zu nor zaren. Nire senarrari esango diot...

        — Ba, aizu! nik, neuk erakutsiko diot zertxobait zure senarrari!

        Eta Lheureuxek mila eta zortzirehun liberaren errezibua atera zuen bere dirukutxatik, Vinçarten deskontukoan berak eman ziona.

        — Zure lapurretatxoa, segitu zuen merkatariak, ez duela ulertuko uste al duzu, gizon gizajo horrek?

        Jota geratu zen, mazo batez eman baliote baino abailduago. Lheureux pasieran zebilen leihotik bulegoraino, errepika eta errepika:

        — Ah! erakutsiko diot, bai... erakutsiko diot, bai...

        Ondoren Emmarengana hurbildu zen, eta, ahots ezti batez:

        — Ez da atsegina, badakit; baina dena den, inor ez da horretaz hil, eta, neure dirua bihurtzeko geratzen zaizun modu bakarra denez...

        — Baina non atzeman behar dut? esan zuen Emmak besoak bihurrituz.

        — Ah! Bah! zuk bezala lagunak edukita!

        Eta era hain zorrotzez eta hain izugarriz so egiten zion non Emma erraietaraino dardaratu baitzen.

        — Agintzen dizut, esan zion Emmak, sinatuko dudala...

        — Badut aski, zure sinaduraz!

        — Salduko dut oraindik...

        — Nola ez ba! esan zuen sorbaldak altxatuz, ez zaizu ezer geratzen.

        Era dendarantz irekitzen zen leihatilatik oihu egin zuen:

        — Annette! hamalauko hiru oihalkiak ez ahaztu.

        Neskamea azaldu zen; Emmak ulertu zuen eta galdetu zuen «ea zenbat diru behar izango zen jazarpen guztiak gerarazteko».

        — Beranduegi da!

        — Baina milaka batzuk ekarriko banizkizu, kopuruaren laurdena, herena, ia dena?

        — Eh! ez, alferrik da!

        Eskilararantz bultzatzen zuen emeki.

        — Zinez eskatzen dizut, monsieur Lheureux, zenbait egun oraindik!

        Negar-zotinka ari zen.

        — Ene ba! malkoak!

        — Etsipenean uzten nauzu!

        — Ez naiz gutxi trufatzen zure etsipenaz! esan zuen atea ixterakoan.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia