—V—

 

        Ostegunez zen. Jaikitzen zen eta isil-isilik jazten zen Charles ez esnatzearren, garaizegi prestatzen zela-eta kargu hartuko baitziokeen hark. Gero ibilian ibiltzen zen gelaren mutur betetik bestera; leihoen aurrean jartzen zen eta Plazara begiratzen zuen. Egunsentiak azokako pilareen artean zirkulatzen zuen, eta botikarioaren etxeak, leihatilak itxirik zituela, goizargitako kolore zuhailetan uzten zituen sumatzen bere letreroko maiuskulak.

        Hormako erlojuak zazpiak eta laurden markatzen zituenean, Lion d'or-era joaten zen, eta Artemise erortzen zitzaion, aharrausika, bertako atea irekitzera. Honek lurmendatzen zituen Madamentzat errautsetan hondoraturiko ikatzak. Bakarrik geratzen zen Emma sukaldean. Aldian behin irten egiten zen. Hivert han aritzen zen presatu gabe uztartzen eta, gainera, Lefrançois atsoari entzuten, zeinak, algodoizko boneta batez jantzitako bere burua leihatila batetik aterata, mandatuak enkargatzen baitzizkion eta beste edozein gizaseme nahasarazteko moduko esplikazioak ematen zizkion. Emmak bere botinen zoruak istikatzen zituen atariko harlauzen kontra.

        Noizbait ere, bere arrantxoa jan, bere kapusaia leporatu, bere pipa piztu eta bere zaharoa atzeman ondoren, astiro jartzen zen bere eserlekuan.

        Hirondelle trosta txikian abiatzen zen, eta, legoa baten hiru laurdenetan zehar tokian-tokian gelditzen zen bidaiariak jasotzera, hauek zelatan egoten baitziren zutik, bidearen ertzean, larrainerako erromaratearen aurrean. Bezperatik abisua emana zutenek berantetsi arazten zuten. Zenbaitzuk egon ere ohean egoten ziren artean beren etxeetan; Hivertek dei, garrasi, sakre egiten zuen, gero bere eserlekutik jaisten zen eta ateen kontra kolpe handiak jotzera joaten zen. Leihatila arrailduetatik haizea sartzen zen.

        Bitarte horretan lau aulkiak betetzen ziren, kotxea bazihoan aurrera, sagarrondo zerrendak jarraian igarotzen ziren; eta bidea, ur horiz betetako bere bi erreten luzeen artean, beti ere mehartzen zihoan ostertzerantz.

        Emmak mutur batetik bestera ezagutzen zuen; bazekien belartzari baten ondoren zutoin bat zegoela, gero zumar bat, borda bat edo kaminero-txabola bat; batzuetan, bere burua ustekabean harrapatzeko, begiak itxi ere egiten zituen. Baina geratzen zen distantziaren sentimendu zehatza inoiz ez zuen galtzen.

        Azkenik, arriluzko etxeak hurbiltzen ziren, lurrak soinua ateratzen zuen gurpilen pean, Hirondelle jardin artean leratzen zen, non hautematen baitziren, baranga batetik barrena, estatuak, mahatsondo bat, hagin muxarratuak eta zabu bat. Gero, begikaldi bakar batez, hiria agertzen zen.

        Anfiteatro modura jaitsiz eta lainoartean murgildurik, zubiez bestaldera zabaltzen zen, nahaskiro. Gero landalur hutsa igotzen zen berriro mugimendu monotono batean, harik eta urrunean ortze hitsaren ezbaiko oina ukitu arte. Horrela goitik ikusirik, paisaiak oso-osoan geldi-itxura zeukan pintura batek bezala; untzi ainguratuak xoko batean pilatzen ziren; ibaiak biribildu egiten zuen bere bihurgunea muino berdeen oinean, eta irlek, eite luzangakoak, geldituriko arrain beltz handiak ziruditen ur gainean. Fabriketako tximiniek egundoko motots nabarrak jaurtikitzen zituzten, muturretik hegaztatzen zirela. Fundizioen burrunba entzuten zen, gandu artean altxatzen ziren elizetako kariloi zoliekin batera. Bulebarretako zuhaitzek, hostorik gabe, sasitza moreak egiten zituzten etxeen artean, eta teilatuek, euriz distiratsu, desberdinki ispilatzen zuten, auzaldeen alturaren arabera. Aldian behin haize-kolpe batek eramaten zituen lainoak Sainte-Catherineko aldapa aldera, labar baten kontra isilean hausten ziren aireko uhinak bezala.

        Gauza zorabiagarriren bat jalgitzen zen berarentzako existentzia pilakatu haietatik, eta bere bihotza oparo puzten zen, han pilpiratzen zuten ehun eta hogei mila arimek guztiek batera igorri balute bezala berak haiei suposatzen zizkien grinen hatsa. Bere maitasuna handiagotu egiten zen espazioaren aurrean, eta arrabotsez betetzen zen igotzen ziren burrundara gandutsuekin. Berak kanpora jalgitzen zuen, plazetara, pasealekuetara, kaleetara, eta hiri zahar normandiarra egundoko hiriburu baten gisa hedatzen zen bere begien aurrean, bera sartzen ari zen Babilonia baten gisa. Leihatilatik kanpora makurtzen zen bi eskuez, haizekirria arnastuz; hiru zaldiak asapalan zihoazen. Harriek kirrinka zegiten lokatzetan, dilijentziak zabu egiten zuen, eta Hivertek, urrunetik, deiadar egiten zien orgatxarrei bidean, eta aldiz gaua Bois-Guillaumen iragana zuten burgesek lasai jaisten zuten aldapa beren familia-kotxe txikian.

        Erromaratean gelditzen ziren; Emmak bere eskalaproinak askatzen zituen, beste eskularru batzuk jazten zituen, bere txala txukun ipintzen zuen, eta, hogei pauso aurrerago, Hirondelle-tik irteten zen.

        Hiria orduan esnatzen zen. Enplegatuak, boneta greziarra buruan, dendetako erakusleihoak iguzten ari ziren, eta emakume batzuk, gerrian otarteak zituztela, oihu ozenak botatzen zituzten tarteka, kale ertzetan. Emma lurrera begira joaten zen oinez, hormak ferekatuz, eta jaitsitako bere belo beltzaren pean plazerez irribarreka.

        Ikusiko ote zuten beldur, gehienetan ez zuen hartzen biderik laburrena. Kalexka ilunetan barrena murgiltzen zen, eta erabat izerditan iristen zen rue Nationaleko behe aldera, han dagoen iturritik hurbil. Hauxe da antzokiaten, kafetinen eta emagurien auzaldea. Sarritan zalgurdiren bat pasatzen zen bere albotik, dardara zegiten apainduriaz adelaturik. Amantalez jantzitako mutil batzuek hondarra zabaltzen zuten harlauzen gainean, zuhaixka berderen artean. Asantzi-likore, zigarro eta ostra usaina hartzen zen.

        Emmak kale baterantz okertzen zuen; kapelatik kanpora irteten zitzaion adats kizkurrarengatik ezagutzen zuen hura.

        Leonek, espaloian, aurrera jarraitzen zuen; berak hoteleraino segitzen zion; hura igotzen zen, atea irekitzen zuen, sartzen zen... Zer nolako laztana!

        Gero hitzak, musuen ondoren, oldartu egiten ziren. Gero asteko atsekabeak kontatzen zizkioten elkarri, presentimenduak, gurunengatiko kezkak; baina orain dena ahazten zen, eta aurrez aurre begiratzen zioten elkarri, irri boluptuosez eta mintzakera samurrez.

        Ohea kaobazko ohe handi bat zen txalupa forman. Sabaitik jaisten ziren zeta gorrizko errezelak beheregi taiutzen ziren oheburu mako-hedatuaren aldetik; — eta ez zen munduan ezer bere buru beltzarana eta bere larrazal zuria bezain ederrik purpura kolore haren gainean nabarmendurik, noiz eta, lotsaizunezko keinu batez, bere bi beso biluziak hersten zituenean, aurpegia eskuen artean ezkutatuz.

        Gela epelak, bere tapiz diskret, bere apainduria eroska eta bere argi ekuruarekin, oso aproposa zirudien irritsaren mamitasunetarako. Gezi eran burututako kamadarrek, kobrezko errezeleuskarriek eta suburnietako bola handiek bat-batean distiratzen zuten, eguzkia sartzen bazen. Tximiniaren gainean, argimutilen artean bi itsaskurkuilu arroxa handi zeuden, belarrira doitzean itsasoaren hotsa entzuten den horietakoak.

        Bai atsegin zutela alaitasunez betetako gelatxo eder hura, bere arrandi higatuxamarra gorabehera! Altzariak beren lekuan aurkitzen zituzten beti, eta batzuetan aurreko ostegunean ahaztuak zituen ileorratzak ere; erloju handiaren zolaren pean. Sutondoan bazkaltzen zuten, palisandrozko inkrustaziodun mahaitxo txiki batean. Emmak zatikatzen zuen, eta puskak bere platerean ipintzen zizkion molde orotako balakuak jalgiz; eta barre ozen eta gordin batez egiten zuen irri Champagneko ardoaren aparrak gainez egiten zuenean baso arinetik bere behatzetako eraztunen gainera. Hain zeharo galdurik zeuden elkarren gozamenean non, han, beren etxe partikularrean zirela uste baitzuten, eta bertan bizi behar zutela hil arte, bi ezkonberri eternalen gisa. Gure gela esaten zuten, gure tapiza, gure besaulkiak, eta Emmak nire oskierrestak ere esaten zuen, Leonen opari bat izaki, Emmak izan zuen apeta bat. Saten arroxazko oskierresta batzuk ziren, zisnez mendelduak. Emma haren belaunetan esertzen zenean, bere zangoa, horrela laburregia, airean dilindatzen zen; eta oinetako panpox hura, ez baitzuen orpotoparik, behatzetatik bakarrik atxikitzen zitzaion bere oin biluziari.

        Lehen aldiz ari zen dastatzen Leon dotorezia femeninoen ezinesaneko findadeak. Aurkitu gabea zuen inoiz hizkeraren grazia hura, janzkeran halako zuhurtzia, uso lokartuaren jarrera haiek. Haren arimako garra eta haren gonako farfailak miresten zituen. Bestalde, ez al zen ba, graduko emakume bat, eta emakume ezkondua! benetako amorantea alegia!

        Haren umore aldartetsua medio, noiz mistikoa noiz alaia, nahiz kalakaria, isila, sumina, soraioa, beregan mila irrits gogora ematen zihoakion, senak edo reminiszentziak oroitarazten. Bera zen nobela guztietako maitaria, drama guztietako heroisa, olerki liburu guztietako lainarteko dama. Haren sorbaldetan hautematen zuen odaliska bainuan-eko anbar-kolorea; gaztelu-andere feudalen gerruntze luzea zeukan; bazuen halaber Bartzelonako emazte beluriaren antza, baina ororen gainetik Aingerua zen!

        Maiz, hari begiratzean, iruditzen zitzaion bere arimak harengana ihes egiten zuela, haren buruaren baranoan uhin bat bezala hedatzen zela, eta lerratuki jaisten zela haren bularteko zuritasunera.

        Lurrean jartzen zen, Emmaren aurrean; eta, bi ukondoak belaunen gainean, so egiten zion irribarre batez, eta bekokia teink.

        Emma harenganantz makurtzen zen eta xuxurlatzen zion horditasunez hatsanturik bezala:

        — Oh! ez zaitez mugi! ez zaitez mintzo! begiraidazu! Zure begietatik zerbait hain eztia jalgitzen da, hainbat on egiten dit! Haurra deitzen zion:

        — Haurtxo, maite al nauzu?

        Eta ez zuen entzuten Rodolpheren erantzunik, ahora igotzen zitzaizkion haren ezpainen lehiakarrean.

        Bazegoen erlojuaren gainean brontzezko Cupidon txiki bat, lili-xorta baten pean besoak biribilduz imintzioka. Askotan barre egin zioten; baina, elkarrengandik banandu behar zirenean, dena seriosa iruditzen zitzaien.

        Elkarren aurrez aurre geldi, errepikatzen zuten:

        — Ostegunera arte!... Ostegunera arte!

        Supituan Emmak burua hartzen zion bi eskuen artean, musu ematen zion fite bekokian oihukatuz: «Agur!» eta eskilaretara oldartzen zen.

        Rue de la Comediera joaten zen, ileapaintzaile batenera, bere mototsak txukunaraztera. Gaua sartzen zen; gasa pizten zuten dendan.

        Antzokiko txilina entzuten zuen, komedianteei jokaldirako deika, eta han ikusten zituen, aurrez aurre, aurpegi zuridun gizonak eta soineko higatudun emakumeak pasatzen, aldalekuetarako atetik barrena.

        Bero egiten zuen, ileorde eta ukendu artean berogailua burrundaka ari zen areto txiki apalegi hartan. Ilematxarden usainak, burua zerabilkioten esku koipetsu haiekin batera, ez zuen denbora luzea behar izaten Emma logaletzen, eta loak hartzen zuen pixka bat bere orraztailuaren pean. Sarritan morroiak, orrazten zuen bitartean, mozorro-dantzarako txartelak eskaintzen zizkion.

        Gero joan egiten zen! Berriro kaleak gora egiten zuen; Croix rouge-ra heltzen zen; goizean aulki baten pean ezkutatuak zituen eskalaproinak jasotzen zituen, eta bere lekuan jartzen zen, bidaiari ernegatuen artean. Batzuk aldaparen oinean jaisten ziren. Bera bakarrik geratzen zen kotxean.

        Bihurgune bakoitzean, gero eta gehiago ikusten ziren hiriko argi guztiak, etxe nahasien gainean laino argitsu zabal bat egiten zutela. Emma belauniko jartzen zen kuxinen gainean, eta liluramendu horretan galtzen zuen begirada. Zotinka aritzen zen, Leoni deitzen zion, eta mintzo samurrak igortzen zizkion, eta haizetan galtzen ziren musuak.

        Bazen aldapan arlote gizaixo bat bere makilarekin, dilijentzien artean alderrai. Piltzar nahaspila batek estaltzen zizkion sorbaldak, eta kastore-larru arraildu batek, kupeltxo modura biribildurik, ezkutatzen zion aurpegia; hain, eranzten zuenean, betazalen lekuan, bi betzulo zabal azaltzen zituen zeharo odoletan. Zintzilikario gorritan listen zen haragia; eta zornabildu berdetan mamitzen ziren likido batzuk zerizkion sudurreraino, eta han sudurzulo beltzek zurrupatzen zituzten dardarizo eta guzti. Hitz egin behar zizunean, burua etzaten zuen barre tentel batekin; — orduan bere betsein urdinkak, etengabeko mugimendu batean jiraka, lokietarantz zihoazen danba jotzera zauri biziaren ertzean.

        Kantu txiki bat abesten zuen kotxeei segika:

 

                Souvent la chaleur d'un beau jour

                Fait rêver fillette à l'amour.

 

        Eta gainerako guztian txoriak zeuden, eguzkia era hostaia.

        Batzuetan, bat-batean azaltzen zen Emmaren atzean, burua biluzi. Emma garrasika apartatzen zen. Hivert hurbiltzen zitzaion adarra jotzera. Saint-Romainetako ferian barraka bat hartzera zirikatzen zuen, edota, barreka, bere neskalaguntxoa zer moduz zihoan galdetzen zion.

        Sarritan, abiatuta gero, bere kapelua, mugimendu zakar batez, dilijentzian sartzen zen leihatilarik, eta bitartean bera, beste besoaz, ointokian atxikitzen zen, gurpilen lohizirta artean. Bere ahotsa, motela hasieran eta marrangatsua, zorrotza bilakatzen zen. Gauean barrena errestatzen zen, herstura zehazgabe baten heiagora lainotsua bailitzan; eta, txilin-soinuen artetik, zuhaitzen murmurio artetik eta kaxa hutsaren burrunba artetik barrena, ahots hark bazuen Emma urduritzen zuen urruneko zerbait. Hura arimaren zolaraino jaisten zitzaion leize batean zurrunbiloa gisa, eta mugagabeko malenkonia bateko espazioen artera eramaten zuen. Baina Hivertek, alderakargaz ohartzen baitzen, itsu-itsuan luzatzen zituen bere zaharoaz zarrada handiak. Zihoztak zaurietan zafratzen zuen, eta lohietara erortzen zen marru bat jaurtikiz.

        Gero Hirondelle-ko bidaiariak loak hartzen zituen azkenerako, batzuk ahoa zabalik, besteak kokotsa apaldurik, albokoaren sorbaldan sostengu hartuz, edota besoa uheletik pasaturik, kotxearen zabuekin batera erregularki kulunkatuz; eta kanpoaldean gurtarasen gilborrean dilindatzen zen kriseiluaren distirak, txokolate koloreko kalikozko errezeletan barrena sartuz, errainu odolkarak pausatzen zituen jende ekuru guzti haien gainean. Emmak, tristuraz hordi, daldara egiten zuen bere jantzien pean eta gero eta hotzago sentitzen zituen oinak, ariman heriotza zuela.

        Charles, etxean, zain egoten zitzaion; Hirondelle beti ere berandu zetorren ostegunetan. Noizbaitekoan ere heltzen zen Madame! Ozta-ozta besarkatzen zuen haurra. Afaria ez zegoen prest, bost axola! Desenkusatzen zuen sukaldarisa. Orain dena zilegi zitzaion, zirudienez, neska hari.

        Sarritan bere senarrak, haren beluritasunaz oharturik, gaixo ez ote zegoen galdetzen zion.

        — Ez, esaten zuen Emmak.

        — Baina, argudiatzen zion, baina zeharo xelebre zaude gaur.

        — Ez, ez da ezer! Ez da ezer!

        Zenbait egun ere bazen non, etxeratu orduko, bere gelara igotzen baitzen; eta Justin, han aurkitzen baitzen, isil-isilean ibiltzen zen, neskame iaio bat baino aztiago haren zerbitzuan. Ipintzen zituen poxpoloak, kandela, liburu bat, prestatzen zuen kamixa, ohea irekitzen zuen.

        — Ea ba, esaten zion Emmak, ongi da, joan zaitez!

        Zeren han geratzen baitzen zutik, eskuak zintzilik eta begiak zabalik, bat-bateko ametsaide baten hari elemenia artean trabaturik bezala.

        Biharamuneko eguna ikaragarria izaten zen, eta ondorengoak are jasangaitzagoak izaten ziren Emmak zeukan ezinegonagatik bere zorionari berriro atxikitzearren, — irrika latza, irudi ezagunez sutua, eta, zazpigarren egunean, zeharo aiseki lehertzen zena Leonen laztanetan. Gizonaren suhardurak lilura eta eskerron hedakuntzapean ezkutatzen ziren. Emmak zuhurki eta bere baitan murgildurik dastatzen zuen amodio hau, bere samurtasunaren artezi guztiez zaintzen zuen, eta noizbait galduko ez ote zen beldurrak ikara pixka bat eragiten zion.

        Sarritan esaten zion Leoni, ahots malenkoniatsuaren eztitasunez:

        — Ah! utzi egingo nauzu, bai!..., ezkondu egingo zara!... besteak bezalaxe izango zara.

        Hark galdetzen zuen:

        — Zeintzuk besteak?

        — Ba gizonak, aizu, erantzuten zuen.

        Eta gero eransten zuen, ahuldurazko keinu batez gizona hastanduz:

        — Zitalak zarete, denok!

        Munduko desengainuei buruz filosofikoki solasean ari ziren egun batez, esan ere esan zion (haren jelosgoa entseiatzearren edo agian lasaitubehar bortitzegi bati amore emanez) garai batean, bera baino lehen, beste norbait maite izan zuela, «ez zu bezala!» esan zion berehala, bere alabaren buruaren gain baieztatuz ez zela ezer gertatu.

        Gizon gazteak sinetsi egin zion, eta alabaina galdeka aritu zitzaion, hark zer egiten zuen jakitearren.

        — Itsasuntzi bateko kapitaina zen, lagun.

        Hau ez al zen ikerketa orori aurre hartzea, eta aldi berean bere burua oso goian ipintzea, berezkoz oldarkorra eta ohoretara ohitua izan behar zuen gizon batengan eragin omen izandako liluramendu hura medio?

        Urgazleak orduan sentitu zuen bere graduaren deusezkeria; txarratelak, gurutzeak, tituluak bekaiztu zituen. Damak hori guztia atsegin zuen nonbait; haren xahutzaile ohituretan hala sumatzen zuen.

        Alabaina, Emmak isildu egiten zituen bere nabarmenkerietarik asko, hala esate baterako bera Rouera eramateko tilbury urdin bat edukitzeko gogoa, zaldi ingeles batek tiraturik eta bota ifrentzudunez jantzitako «groom» batek gidaturik. Justin izan zen apeta hori iradoki ziona, bere etxean mirabe gisa bat zezan erregutuz; eta, gabezia honek elkartze aldi bakoitzeko heleraren plazera murrizten ez bazuen ere, itzuleraren mindura handiagotzen zuen eskierki.

        Sarritan, elkarren artean Parisez mintzo zirenean, Emmak azkenean xuxurlatzen zuen:

        — Ah! han bai ongi izango ginatekeela bizitzen!

        — Ez al gara ba zoriontsu? esaten zuen eztiro gizon gazteak, hari adatsetan eskua pasatuz.

        — Bai, egia da, esaten zuen damak, ni zoraturik nago: besarka nazazu!

        Sekula baino xarmangarriagoa zen bere senarrarekiko, pistatxe kremak egiten zizkion eta afalondoan valsak jotzen zituen. Gizon guztietarik dohatsuentzat kausitzen zuen beraz Charlesek bere burua, eta Emma kezkarik gabe bizi zen, eta baina hara non arrats batez tupustean:

        — Mademoiselle Lempereur da noski, lezioak ematen dizkizuna, ez?

        — Bai.

        — Ba begira! Arestian ikusi dut, zioen Charlesek, madame Liegearden etxean. Zutaz hitz egin diot: ez zaitu ezagutzen.

        Tximistaren antzo izan zen hura. Halere aire natural batez erantzun zuen horratio:

        — Ah! dudarik gabe ahaztu egingo zitzaion nire izena!

        — Baina Rouenen agian, esan zuen medikuak, piano irakasle diren mademoiselle Lempereur bat baino gehiago izango dira.

        — Baliteke!

        Gero biziro:

        — Hementxe ditut ordea bere errezibuak, tori! begira.

        Eta izkribumahaira joan zen, kajoi guztiak miatu zituen, paperak nahastu zituen eta azkenerako hainbesteraino galdu zuen burua non Charlesek biziki gomendatu baitzion, ordainagiri mixerigarri haiengatik halako nekerik har ez zezan.

        — Oh! aurkituko ditut, zioen Emmak.

        Eskierki, hurrengo ostiralean, Charlesek, bere jantziak gordetzen ziren gela ilunean bere bota bat jaztean, paper orri bat sumatu zuen larruaren eta bere galtzerdiaren artean, hartu zuen eta irakurri zuen:

        «Hartu dut, hiru hilabetetako lezioengatik, gehi zenbait hornidura, guztira hirurogeita bost libera. FELICIE LEMPEREUR, musika irakasleak».

        — Nola demonio dago hau nire botetan?

        — Seguraski, erantzun zuen Emmak, apalaren ertzean dagoen faktura-kaxa zaharretik eroriko zen.

        Une hartatik aurrera, bere bizitza gezur-gardainu bat besterik ez zen izan, non biltzen baitzuen bere maitasuna oihalen artean bezala, ezkutatzeko.

        Behar bat zen, grina bat, plazer bat, hainbesterainokoa non, berak esaten bazuen, halako kaletan, atzo, eskuineko aldetik iragan zela, pentsatzekoa baitzen ezkerreko aldetik hartu zuela.

        Goiz batez, ohi bezala arropa nahiko armez jantzirik abiatu berria zela, elurra hasi zuen berehalakoan; eta Charlesek, eguraldiari begira leihoan zegoenez, Bournisien jauna ikusi zuen sieur Tuvacheren gurtarin barruan Rouenera bidean. Jaitsi eta elizgizonari eraman zion txal lodi bat, Croix Rouge-ra heldu bezain pronto Madameri entrega ziezaion. Ostatura heldu orduko, Yonvilleko medikuaren emaztea non zegoen galdetu zuen Bournisienek. Ostalersak erantzun zuen, hura oso gutxitan etortzen zela ostatura. Hartan, arratsean, Hirondelle-n Madame Bovary hautemanik, bere enbarazua kontatu zion apaizak, bestalde garrantzi handirik eman gabe, zirudienez; zeren eta tenore hartan katedralean harritzekoak egiten ari zen sermoilari baten goratzarreari ekin baitzion, eta dama guztiak han zihoazela hari entzutera.

        Halere, hark inolako esplikaziorik eskatu ez bazuen ere, beste zenbaitek, hurrengo batean, zuhurtzia gutxiago erakuts zezakeen. Beraz egoki iruditu zitzaion aldioro Croix Rouge-n jaistea, eta horrela bere herriko jendeak eskilaretan ikusten zutenean inolako susmo txarrik ez zuten.

        Egun batez, ordea, M. Lheureuxekin topo egin zuen Boulogne hoteletik irtetean Leonen besotik; eta Emma beldur izan zen, mihiluze suertatuko ote zen pentsatuz. Hura ez zen hain tentela.

        Baina, handik hiru egunetara, gelara etorri zitzaion, atea itxi zuen eta esan zion:

        — Dirua beharko nuke.

        Emmak aitortu zuen, ezin ziola eman. Lheureux auhendamendutan hedatu zen, eta berak izan zituen mesede guztiak gogoratu zituen.

        Izan ere, Charlesek suskribaturiko bi ordaindukoetatik, Emmak artean bat baino ez zuen ordaindua. Bigarrenari zegokionez, merkatariak, hark hala erreguturik, amore eman zion haren ordez beste bi egiteari, eta hauek gainera epe oso luzerako berritu ziren. Gero poltsikotik atera zuen ordaindu gabeko hornizioren zerrenda bat, alegia: errezelak, tapiza, besaulkientzako mihisea, zenbait soineko eta apainduri-artikulu asko, hauen balioa guztira bi mila libera inguru izaki.

        Emmak burua makurtu zuen; hark jarraitu zuen:

        — Baina, dirurik ez badaukazu, zuk baduzu ondasunik.

        Eta Barnevillen, Aumaletik hurbil, kokaturiko borda kaxkar bat aipatu zion, zeinak ez baitzuen etekin handirik ematen. Monsieur Bovary aitak saldutako etxalde txiki batena zen garai batean, zeren Lheureuxek dena baitzekien, baita zenbat hektarea zituen eta auzokoen izenak ere.

        — Nik, zure lekuan, saldu egingo nuke, eta artean ere diru sobera geratuko litzateke.

        Emmak erosle faltaren koxka argudiatu zuen; merkatariak baten bat aurkitzeko esperantza eman zuen; baina berak saldu ahal izateko nola moldatu galdetu zuen Emmak.

        — Baina ez al daukazu ahalordea?

        Hitz hau haize bolada fresko bat bezala heldu zitzaion.

        — Utzidazu kontua, esan zion Emmak.

        — Oh! ez du merezi! esan zuen Lheureuxek.

        Hurrengo astean itzuli zen, eta harro azaldu zen, azkenerako lortu zuelako, hara-honaka gogorren ondoren, halako Langlois zeritzan bat kausitzea, zeinak, aspaldidanik, jabego hura begiz jota baitzeukan bere prezioa adierazi gabe.

        — Bost axola prezioa! oihukatu zuen Emmak.

        Aitzitik, itxoin beharra zegoen, mutil hura tentuz hartu beharra. Gorabeherak merezi zuen bidaia bat, eta, Emmak bidaia hori ezin egin zuenez, bera bertara joateko prest azaldu zen, Langloisekin aurrez aurre tratatzera. Itzultzean adierazi zuen, erostunak lau mila libera proposatzen zuela.

        Berri honekin Emmak lasaitu ederra hartu zuen.

        — Egia esan, erantsi zuen Lheureuxek, ongi pagatua dago. Kopuruaren erdia orduantxe bertan jaso zuen, eta, bere kontuak kitatzerakoan, merkatariak esan zion:

        — Pena ematen dit, bene-benetan, zu kolpe batean horrenbesterainoko kopuru garrantzitsuari jaregiten ikusteak.

        Orduan Emmak bankuko bileteei begiratu zien; eta, bi mila libera haiek suposatzen zituzten rendez-vous elemeniaz pentsatuz:

        — Nola ordea! Nola! zezelkatu zuen.

        — Oh! berriro merkatariak xano-xano barre eginez, fakturetan nahi den guztia ipintzen da. Nik ez ote ditut ba ezkonduen arteko gorabeherak ezagutzen?

        Eta zuzen-zuzen so egiten zion, aldi berean bere eskuan bi paper luze hatzazalen artean irristarazten zituela. Hartan, bere kartera ireki eta mahai gainean zabaldu zituen lau ordainduko, bakoitza mila liberatakoa.

        — Sina iezadazu hau, eta gorde guztia.

        Emmak protestatu egin zuen, eskandalizaturik.

        — Baina, soberakoa ematen badizut, erantzun zuen lotsagabeki M. Lheureuxek, ez al da zeuri mesede egitea?

        Eta, luma bat hartuz, kontuaren oinean idatzi zuen: «Hartu dut lau mila libera madame Bovaryrengandik».

        — Nolaz kezkatzen zara, zeren sei hilabete barru kobratuko baituzu zure bordaren atzeratua, eta azken ordaindukoaren epea kobrantzaren ondorenerako jartzen baitizut?

        Emma nahastu egiten zen apur bat bere kalkuluetan, eta bere belarrietan txintxin-hotsa entzuten zuen, urrezko txanponak zakuak leherturik bere inguruan zoru gainean hotsa ateratzen ari bailiran. Azkenik Lheureuxek azaldu zuen, bere lagun bat bazuela, Vinçart, Rouenen bankari, eta hark deskontatuko zituela lau ordainduko haiek, eta gero berak eskuratuko ziola Madameri benetako zorraren soberakoa.

        Baina, bi mila liberaren ordez, mila eta zortzirehun besterik ez zuen ekarri, zeren Vinçart lagunak (bidezkoa den bezala) berrehun hartu baitzuen, komisio eta deskontu gastuena.

        Gero errezibu bat eskatu zuen ezarian.

        — Badakizu..., merkataritzan..., batzuetan... Eta data ipini, mesedez, data.

        Fantasia gauzagarriren ikuspegi bat hedatu zen orduan Emmaren aurrean. Nahiko zuhurtzia eduki zuen mila eskutu aparte gordetzeko, eta horrekin pagatu ziren, epea burutzean, lehen hiru ordaindukoak; baina laugarrena, hala beharrez, ostegun batez erori zen etxean, eta Charles, artegatsu, bere emaztea noiz itzuliko zain egon zen pazientki esplikazioren esperoan.

        Ordainduko haren berri eman ez bazion, etxeko arazoak ez gaineratzeagatik zen; senarraren belaunetan eseri zen, ferekatu zuen, balakuz jardun zen, kredituz hartutako behar-beharrezko gauza guztien zerrenda luzea egin zion.

        — Dena den, konforme izango zara, hau guztia ikusi ondoren, garestiegi ere ez dela.

        Charlesek, beste burubiderik ezean, berehala jo zuen betiko Lheureuxengana, eta honek zin egin zuen gauzak baretuko zituela, baldin eta Monsieurek bi ordainduko sinatzen bazizkion, hauetariko bat zazpirehun liberatakoa, hiru hilabete hartu ordaintzeko. Hortetarako gauza izateko, gutun patetiko bat idatzi zion bere amari. Erantzuna igorri ordez, ama bera etorri zen; eta Emmak jakin nahi izan zuenean zerbait atera ote zion:

        — Bai, erantzun zuen Charlesek. Baina fakturaren berri galdatzen du.

        Biharamunean, egunsentian, Emma Lheureuxen etxera joan zen, mila libera gaindituko ez zituen beste kontu-paper bat egin ziezaion eskatzera; zeren, lau milakoa erakustekotan, bi heren ordainduak zituela esan behar izango baitzukeen, eta beraz etxearen salmenta aitortu, merkatariak egokiro eramandako negoziaketa, eta eskierki beranduago arte jakin ez zena.

        Artikulu bakoitzaren prezioa oso merkea izanik ere, madame Bovary amak alabaina gehiegizkoa kausitu zuen gastua.

        — Behar-beharrezkoa al zen tapiza? Zergatik aldatu behar zen besaulkien oihala? Nire garaian, besaulki bakarra izaten zen etxean, pertsona adinetuentzako, —hala zen behintzat nire amaren etxean, eta, horra nik esan, emakume zintzoa zen hura—. Mundu guztia ezin da aberats izan! Ez dago inolako fortunarik zarrastelkeriari eutsiko dionik! Ni lotsagorritu egingo nintzateke zuen gurikeria horretan bizitzeaz! eta ni halere zaharra naiz gero, mainak behar ditut... Eta hara! Hara kuxidadea! itxura hutsa! Nola! Bonbazinetarako zeta bi liberatan!... hamar sosetan mihisea aurki daitekeenean, baita zortzitan ere, horretarako zeharo aproposa!

        Emmak, kanape gainean erraskail, ahalik eta lasaien ihardesten zion:

        — Aski da, aizu! aski da!

        Besteak sermoia botatzen segitzen zuen, mixerikordian bukatuko zutela iragarriz. Bestalde, Bovaryren errua zen. Gaitzerdi halere, ahalorde hura deuseztatzea agindua zuen behintzat eta...

        — Nola?

        — Ah! zin egin dit, erantsi zuen emakume gajoak.

        Emmak leihoa ireki zuen, Charlesi dei egin zion, eta mutil gizajoa beharturik gertatu zen bere amak iraizitako hitza aitortzera.

        Emma desagertu zen, eta gero berriro fite sartu zen paperezko orri lodi bat maiestuoski hari luzatuz.

        — Mila esker, esan zuen atsoak.

        Eta notari-ahalmena surtata ihaurtiki zuen.

        Emma barrez hasi zen algara karrankari, zalapartatsu eta etengabeko batez: nerbioetako atake bat zuen.

        — Ah! ene Jainkoa! Charlesek oihuka. Bai, zu ere bai, oker ari zara! etorri eta istiluak sortzen dizkiozu!...

        Bere amak, sorbaldei eraginez, hori guztia imintzio hutsa zela esaten zuen.

        Baina Charlesek, lehenengo aldiz oldartuz, bere emaztearen defentsa hartu zuen, hainik non madame Bovary amak joan egin nahi izan baitzuen. Biharamunean bertan abiatu zen, eta, atarian, Charles geldiarazten saiatzen zenez, amak jarduki zuen:

        — Ez, ez! Ni hain maiteago duzu bera, eta arrazoi duzu, bidezkoa da. Gainontzean, hor konpon! ikusiko duzu!... Ongi izan!... zeren ni ez bainago etortzeko prest, zuk diozun bezala, horri istiluak sortzera.

        Charles ez zen halere ahalkez urriago geratu Emmarekiko, honek ez baitzuen inolaz ere ezkutatzen harenganako zeukan herra konfidantzarik ez izanagatik; erregu franko egin behar izan zion, Emmak berriro bere notari ahalordea hartzeko amore eman zezan, eta berak lagundu ere zion M. Guillauminen etxera beste bat lehengoaren berdina egitera.

        — Ulertzen dut bai, zioen notarioak, zientzia-gizon bat ezin daiteke bizitzako xehetasun praktikoetan zabartu.

        Eta Charles lasaiturik sentitu zen gogoeta lausengari han medio, ardura nagusiago baten itxura loxinkaria ematen baitzion bere ahuleziari.

        Zer nolako gaindidura, hurrengo ostegunean, hotelean, beren gelan, Leonekin! Barre, negar, kanta, dantza egin zuen, sorbete batzuk igotzeko agindu zuen, zigarroak erre nahi izan zituen, Leoni nabarmena iruditu zitzaion, baina adoragarria, egundokoa.

        Leonek ez zekien haren izate osoko zein erreakziok gehienik bultzatzen zuen Emma bizitzako gozamenetan oldartzera. Haserreti, lamiti, boluptuos bihurtzen zen; eta Leonekin pasiatzen zuen kaleetan barrena, burua zut, bere burua konprometatzeko —hala zioen berak— beldur gabe. Batzuetan halere, Emmak zirgir egiten zuen Rodolphekin topo egitearen bat-bateko burutapenarekin; zeren, nahiz eta betirako banandurik izan, harenganako atxikimendutik erabat libratu gabe zegoela iruditzen baitzitzaion.

        Arrats batean, ez zen Yonvillera itzuli. Charles zoratzear zebilen, eta Berthe alabatxoa, bere amatxorik gabe ez baitzuen oheratu nahi, intzirika ari zen bularra lehertzeko zorian. Justine errepidean barrena abiatua zen, bada-ezpada ere. M. Homais bere botikatik irten egin zen.

        Azkenik, hamaiketan, egonean egonezinik, Charlesek bere zalgurdia prestatu zuen, salto batean igo, aberea zigoztatu eta goizeko ordubiak aldera iritsi zen Croix Rouge-ra. Inor ez. Urgazleak agian ikusia izango zuela pentsatu zuen; baina non bizi zen ordea? Charles, zorionez, haren ugazabaren helbideaz oroitu zen. Hara jo zuen korrika.

        Eguna argitzen hasia zen. Letrero batzuk hauteman zituen ate baten gainean; atea jo zuen. Norbaitek, ireki gabe, deiadarkatu zion eskaturiko argibidea, irain itzelak erantsiz gauez jendeari gogait eragiten dabiltzanen kontra.

        Urgazlea bizi zen etxeak ez zeukan txilinik, ez mailukorik, ez atezainik. Charlesek ukabilkada handiak jo zituen leihatilen kontra. Polizia-agente bat suertatu zen pasatzen; orduan Charles beldurtu eta joan egin zen.

        — Zoraturik nago, zioen berekiko; M. Lormeauxen etxean geraraziko zuten nonbait afaltzen.

        Lormeaux familia jada ez zen Rouenen bizi.

        — Madame Dubreuil zaintzen geratuko zen. Eh! Madame Dubreuil duela hamar hilabete hil zen!... Non ote da ba?

        Ideia bat etorri zitzaion. Kafetegi batean «Annuaire» eskatu zuen, eta fite bilatu zuen Renelle-des-Maroquiniers kaleko 74.an bizi zen mademoiselle Lempereur-en izena.

        Bera kale honetan sartzearekin batera azaldu zen Emma ere beste muturrean; Charles, emaztea besarkaru ezezik, habailatu egin zen haren gainera, oihuka:

        — Nork gerarazi zaitu, atzo?

        — Ondoezik egon naiz.

        — Zerekin?... Non?... Nolaz?...

        Bekoki gainetik eskua pasatu zuen, eta erantzun zuen:

        — Mademoiselle Lempereuren etxean.

        — Ziur nintzen! Hara nindoan.

        — Oh! ez du merezi, esan zuen Emmak. Duela gutxi irten da; baina, aurrerantzean, egon zaitez lasai. Ni ez naiz libre, ulertzen duzu, luzamendurik txikienak horrela aztoratzen zaituela jakinda.

        Bere buruari ematen zion baimen molde bat bezala zen, bere ihesaldietan fitsik ere ez kezkatzeko. Eta baliatu ere egin zen horretaz aiseki, oparo. Leon ikusteko gogoak hartzen zuenean, joan egiten zen edozein aitzakia medio, eta, egun horretan espero izaten ez zuenez, Emma bere estudiora joaten zitzaion bila.

        Zorion handia izan zen, lehen aldietan; baina luze hain lehen ez zuen jadanik egia ezkutatu, alegia: bere ugazaba biziki kexu zela nahaste haiengatik.

        — Ah bah! zatoz hona! esaten zion Emmak.

        Eta Leonek itzuri egiten zion.

        Erabat beltzez jantzi zedin eta kokotsean bizar puntta bat luzatzen utzi zezan nahi izan zuen Emmak, Luis XIII.ren erretratuen antza izatearren. Leonen bizilekua ezagutu nahi izan zuen, kaxkarra kausitu zuen; gizona lotsagorritu egin zen, Emmak ez zion arretarik hartu, gero bereen antzeko errezelak erosteko aholkatu zion, eta, gastua argudiatzen zuenez:

        — Ah! ah! zure sosei eusten diezu! esan zuen Emmak barrez.

        Leonek aldioro kontatu behar izaten zion bere portaera guztia, azkeneko elkarraldiaz gero. Olerkiak eskatu zizkion, berarentzako olerkiak, amodiozko kantu bat bere ohorez; Leonek sekula ez zuen lortu bigarren bertsoaren errima aurkitzerik, eta azkenean soneto bat kopiatu zuen keepsake batean.

        Ez zen gehienbat harrokeriaz izan baizik eta hura laketarazteko xedez bakarrik. Ez zituen argudiatzen haren ideiak; haren apeta guztiak onartzen zituen; Leon bera ari zen haren amorantea bilakatzen hura berea zen baino gehiago. Mintzo samurrak esaten zizkion Emmak, arima atzipetzen zioten musuekin batera. Non ikasia ote zuen usteleria hura, sakona eta disimulatua izatearen poderioz ia inmateriala?

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia