—IV—

 

        Laster hasi zen, Leon, bere lagunen aurrean harroxko sarrairoak hartzen, haiekin ibiltzeari utzi zion, eta lege-paperez zeharo zabartu zen.

        Emmaren gutunen zain egoten zen; behin eta berriz irakurtzen zituen. Idazten zion. Bere irritsaren eta bere oroipenen indar guztiaz gogoratzen zuen. Ausentziaz murriztu ordez, hura berriz ikusteko gogoa hazi egin zen, hainbeste hazi ere non larunbata goiz batez bete estudiotik alde egin baitzuen.

        Aldapa gainetik, ibarrean elizako kanpandorrea hauteman zuenean bere latorrizko bandera haizetan jiraka zuela, milionarioek beren herrixka bisitatzera itzultzen direnean eduki bide duten gozamen hura sentitu zuen, harrotasun garailez eta hunkidura berekoiez nahasia.

        Bere etxearen inguruan itzuli bat egitera joan zen. Argi batek distiratzen zuen sukaldean. Errezel atzean bere errainua zelatatu zuen. Ez zen ezer azaldu.

        Lefrançois atsoak, ikustean, oihu handiak bota zituen, eta «handitua eta argaldua» kausitu zuen, eta Arthemisek berriz, aitzitik, «potzolotua eta belzkarretua» kausitu zuen.

        Sala txikian afaldu zuen, garai baretan bezala, baina bakarrik, zergabiltzailerik gabe; zeren Binetek, Hirondelle-ren zain egoten unaturik, behin betirako ordubetez aurreratua baitzuen bere otordua, eta, orain, bostetan puntuan afaltzen zuen, ordea gehienetan tematzen zen halere tramankulu zaharra berandu zebilela esaten.

        Leon horratio deliberatu zen; medikuaren atea jotzera joan zen. Madame bere gelan zegoen, eta handik ez zen jaitsi ordu laurden bat geroago baino. Monsieur pozik agertu zen Leon ikusteaz; baina ez zen mugitu arrats osoan, ezta hurrengo egun osoan ere.

        Ikusi zuen Emma bakarrean, arratsean, oso berandu, jardinaz bestaldean, zurrunean; — zurrunean, bestearekin bezala! Aldagoia zen, eta guardasolpean ari ziren solasean, tximisten argitan.

        Beren bananketa jasanezina bilakatzen zen.

        — Nahiago hil! zioen Emmak.

        Haren besoaren gainean bihurrikatzen zen, negarrez.

        — Agur!... agur!... berriro noiz ikusiko zaitut?

        Egindako bidean atzera itzuli ziren berriz ere elkar besarkatzeko; eta hantxe egin zion Emmak promes laster aurkituko zuela, nolanahikoa izanik ere modua, bere burua libre kausitzeko parada iraunkorra, astean behin gutxienez. Emmak ez zuen hortaz zalantzarik. Eta, bestalde, itxaropenez beterik zegoen. Dirua etorri bide zitzaion.

        Halatan, marra zabalezko errezel hori parea erosi zuen bere gelarako, haien merke-aukera aidatua baitzion monsieur Lheureuxek; tapiz batez amets egin zuen, eta Lheureux, «itsasoa edan beharra ere ez zela» esanez, halako batez hornitzera konprometatu zen itxuroski. Jadanik ezin zuen haren zerbitzuak alde batera utzi. Egunean hogei aldiz bidaltzen zuen norbait haren bila, eta Lheureuxek berehala plantatzen zizkion bertan bere gauzak, bere buruari murmurio bat ere zilegitu gabe. Ez zen halaber ulertzen zergatik Rollet atsoak egunero Emmaren etxean bazkaltzen zuen, eta zergatik bakarkako bisitak ere egiten zizkion.

        Garai-modutsu hartan izan zen, negu-hasiera aldera alegia, musika-irrits handi batek jo zuela zirudienekoa.

        Charles entzuten ari zitzaion arrats batean, lau bider segidan hasi zen atal berbera jotzen, eta beti ere oker, Charlesek, diferentziaz ohartu gabe, oihukatzen zuen bitartean:

        — Ederto!... Oso ongi!... Oker zaude! segi aurrera!

        — Ezetz ba! higuingarria da! behatzak baldarturik dauzkat. Biharamunean, berarentzako zerbait jotzeko eskatu zion Charlesek.

        — Ea ba, zure atseginerako!

        Eta Charlesek aitortu zuen, Emma apur bat atzenduta zegoela. Pentagramaz huts egiten zuen, nahastu egiten zen; gero, brast geldituz:

        — Ah! akabo! klaseak hartu beharko nituzke; baina...

        Ezpainak ausiki zituen, eta erantsi zuen:

        — Saio bakoitzeko hogei libera, garestiegi da!

        — Bai, egia... garestitxo..., esan zuen Charlesek irriabar tentel batez. Baina, merkeago ere ausaz balitekeela iruditzen zait ba; zeren badira aipurik gabeko artistak, sarritan ospetsuek baino gehiago balio dutenak.

        — Bila itzazu, esan zuen Emmak.

        Biharamunean, etxeratzean, begi fineziosez betetsi zuen, eta azkenerako ezin izan zion esaldi honi eutsi.

        — Zeinen burugogorra zaren batzuetan! Barfeucheresen izan naiz gaur. Eta horra! madame Liegeardek ziurtatu dit, Miserikordian dauden bere hiru alabatxoek klaseak hartzen dituztela saioko berrogeita hamar sosetan batez beste, eta maistra ospetsu batengandik gainera!

        Emmak sorbaldak altxatu zituen, eta ez zuen gehiago ireki bere pianoa.

        Baina albotik pasatzen zenean (Bovary bertan kausitzen bazen), hasperen egiten zuen:

        — Ah! nire piano gaixoa!

        Eta inor bisitara zetorrenean, ez zion huts egiten adierazteari, musika abandonatua zuela eta orain ezin zuela berriro hartara itzuli, ezinbesteko arrazoirengatik. Orduan urrikaldu egiten zitzaizkion. Lastima benetan! halako talentu bikaina edukita! Bovaryrekin ere hartaz hitz egin izan zuten. Lotsarazi egiten zuten, eta batez ere botikarioak:

        — Oker ari zara! Inoiz ez dira utzi behar naturaren ahalmenak debet. Bestalde, pentsa ezazu, lagun, Madame ikastera bideratzean gerorako ekonomizatzen ari zara zure haurraren musika-hezkuntzaren gain! Nik behintzat kausitzen dut, amak berak eskolatu behar dituela bere haurrak. Hau Rousseauren ideia bat da, agian berrixamarra oraindik, baina azken finean garaile irtengo dena, ziur naiz, amarengandiko edoskitzea bezalaxe, eta txertuak bezalaxe.

        Charles beraz berriro ere pianoaren arazo honetara itzuli zen. Emmak garrazki erantzun zuen, hobe zela saltzea. Piano gaixo hura, hainbat atsegin harro emanak zizkiona, joaten ikustea, emaztearen parte baten suizidio zehatzezina bezala zen Bovaryrentzat.

        — Zuk nahi izango bazenu..., esaten zion Emmari, noizbehinka klase bat, hori ez litzateke, nolanahi ere, zeharo galerakorra.

        — Baina klaseak, erantzuten zuen Emmak, ez dira probetxukoak segidan izan ezik.

        Eta horrelaxe moldatu zen bere senarrarengandik baimena lortzen, astean behin hirira joateko, bere amorantea ikustera. Eta, hilabetearen buruan, aurrerapen nabarmenak egin zituela kausitu zuten gainera.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia