—III—

 

        Hiru egun bikainak izan ziren, eztiak, oparoak, benetako eztei-ilargia.

        Boulogne hotelean zeuden, portu gainean. Eta han bizi ziren, leihatilak itxirik, atea giltzaturik, goizetik ekartzen zizkien loreak lurrean eta siropak izotzetan.

        Arrats aldean, txalupa estali bat hartzen zuten eta irla batean afaltzera joaten ziren.

        Ordugarai hartan entzuten zen, lantegi inguruetan, untzien kroskoaren kontra istinkarien mailua durundaka. Mundrunaren kea zuhaitzen artetik jalgitzen zen, eta ibai-axalean koipe tanta zabalak ikusten ziren, eguzkiaren kolore purpuraren pean desberdinki kulunkan, brontze florentziarrezko plakak hezala, flotatzen.

        Txalupa amarraturen artean jaisten ziren, haien zehar-kable luzeek txaluparen goialdea apur bat ferekatzen zutela.

        Hiriko zaratak ezarian urruntzen ziren, karroen pirrilotsa, ahotsen iskanbila, zakurren ahausia untzietako zubi gainetan. Emmak ginbaila askatzen zuen eta beren irlan lehorreratzen ziren.

        Atean sare beltz batzuk zintzilik zeuzkan taberna bateko behe-salan jartzen ziren. Esperlin prejituak, krema eta gereziak jaten zituzten. Belar gainean etzaten ziren; zumarzurien pean besarkatzen ziren apartean; eta, beren dohatsutasunean, lurbirako ederrena iruditzen zitzaien lekutxo hartan bizi izan nahiko zuketen, bi Robinsonen gisa, betirako. Ez zuten lehen aldia zuhaitzak hautematen, eta zeru urdina, eta belartza, uraren ibilia eta haizexkaren hosto arteko bolada entzuten; baina dudarik gabe inoiz miretsi gabea zuten hori guzti anarteraino naturarik izan ez balitz bezala, edota beren irritsen asemenduaren ondoren baino hasi ez balitz bezala ederra izaten.

        Gaua hastean, abiatu egiten ziren. Txalupa irlen hegiari jarraikitzen zitzaion. Beraiek txalupa-hondoan geratzen ziren, biak itzalpeak ezkutaturik, hitz egin gabe. Arraun karratuek soinua ateratzen zuten burdinazko toleten artean; eta horrek isiltasunean metronomo baten taupakeraren gisa markatzen zuen; eta atzean errestan zerorren goroiteak ez zuen eteten bere txaplastako txiki leuna uretan.

        Behin batez, ilargia azaldu zen; orduan ez zioten huts egin esaldiak egiteari, astroa malenkoniatsua eta poesiaz betea kausitzen zutelarik; kantatzen ere hasi zen Emma:

        Un soir, t'en suvient-il? nous voguions, etc.

        Bere ahots armoniatsu eta iraungia uhinen gainean galtzen zen; eta Leonek bere inguruan, hegats-irabioren gisa, iragaiten entzuten zituen txiruliak haizeak eramaten zituen.

        Emma aurrean zegoen, txalupako itxituraren kontra tinkaturik, nora sartzen baitzen ilargia irekitako leihatiletariko batetik. Bere soineko beltzak, argalago egiten zuen, handiago bihurtzen zuen. Burua altxaturik zeukan, eskuak baturik, eta bi begiak zerurantz. Batzuetan sahatsen itzalak osorik estaltzen zuen, gero berriro azaltzen zen bat-batean, agerkari baten gisa, ilargiaren argitan.

        Leonek, lurrean, Emmaren ondoan, zeta gorrizko xingola bat aurkitu zuen bere eskupean.

        Untzizainak aztertu zuen eta azkenik esan zuen:

        — Ah! lehengo batean pasiatu nuen talde batena da agian. Komeriante sail bat etorri ziren, gizonezkoak eta emakumezkoak, pastelak, champaigne, turutak, eta fanfarreria guztiarekin! Bazegoen batez ere bat, gizon handi bikain bat, bibote txikiekin, barreragile apartekoa! eta honela esaten zuten:

        «Ea ba, kontaiguzu zerbait..., Adolphe.... Dodolphe..., uste dut.».

        Emmak zirgit egin zuen.

        — Ondoezik al zaude? galdetu zion Leonek harengana hurbilduz.

        — Oh! ez da ezer. Gaueko freskura nonbait.

        — Eta ez du, noski, emakume-faltarik ere izango, erantsi zuen marinel zaharrak, arrotzari konplimendu bat egin ustetan.

        Gero, bere eskuetara tu eginez, arraunak hartu zituen berriro.

        Banandu beharra izan zen alabaina! Adioak tristeak izan ziren. Rolet atsoaren etxera igorri behar zituen bere gutunak; eta kartazal bikoitzari buruz gomendio hain zehatzak egin zizkion Emmak, non gizonak biziki miretsi baitzuen honen amorante-maiña.

        — Beraz, dena ongi dagoela bermatzen didazu? esan zuen Emmak azken musuan.

        — Bai, ziur! — Baina zergatik ordea, pentsatu zuen gero, hartaz oroitzean bakarrik kaleetan barrena, ote dio hainbateko atxikimendua prokurazio horri?

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia