—II—

 

        Ostatura heltzean, madame Bovary harritu egin zen dilijentzia ez hautemateaz. Hivert, berrogeita hamahiru minutuz haren zain egona baitzen, azkenerako joana zen.

        Ezerk ez zuen ordea joatera behartzen; baina bere hitza emana zuen, arratsean itzuliko zela. Bestalde Charles zain zeukan; eta Emmak dagoeneko sentitzen zuen bihotzean meneratasun koldarra, emakume askorentzat, adulterioaren zigorra eta aldi berean bahisaria dena.

        Fite egin zuen maleta, kontua pagatu zuen, larrainean kabriolet bat hartu zuen, eta, zaltzainari presa sartuz, adore emanez, minutuero ordua eta egindako kilometroak galdetuz, erdietsi zuen Hirondelle harrapatzea Quincampoixko lehen etxeak aldera.

        Xoko batean eseri bezain pronto, begiak itxi zituen eta aldaparen oinean ireki zituen, non hauteman baitzuen urrunetik Felicite, errementariaren etxe aurrean barrandan nabari zegoela. Hivertek eutsi zien zaldiei, eta sukaldarisak, atemailara igorik, misterioski esan zuen:

        — Madame, monsieur Homaisen etxera joan beharrean zaude segituan. Presazko gauzaren baterako da.

        Herria isil zegoen ohi bezala. Kale ertzetan, arrosa-koloreko pila txikiak zeuden airetara ketan, konfituren garaia baitzen, eta Yonvillen mundu guztiak egun berean egiten baitzuen bere hornidura. Baina botikarioaren dendaren aitzinean pila askoz zabalagoa miresten zen, eta beste guztiak gainditzen zituena botika-etxe batek herriko jendearen labeen gain eduki behar duen aldeaz, emendio orokor batek banan-banako gurarien gain.

        Sartu zen Emma. Besalki handia iraulita zegoen, eta Fanal de Rouen bera ere lurrean zetzan, haren bi hanken artean zabaldurik. Korridoreko ateari bultza egin zion; eta, sukaldearen erdian, arakatz aletuz betetako pitxar nabarren artean, azukre hautsaren, azukre koxkorren, mahai gaineko balantzen, surtako eltzeen artean, Homaistar guztiak hauteman zituen, handiak eta txikiak, kokotseraino igotzen zitzaizkien mantalekin eta eskuan sardeskak zituztela. Justinek, zutik, burua makurtzen zuen, eta botikarioa garrasika ari zen:

        — Nork esan dik horren bila «capharnaum»-era joateko?

        — Zer da ba? Zer gertatzen da?

        — Zer gertatzen den? erantzun zuen botikarioak. Ari gara konfiturak egiten: egosten ari dira; baina gainezka egitera zihoazen irakin bortitzegia medio, eta nik beste ontzi bat eskatzen dut. Orduan, hau, zabarkeriaz, alferkeriaz, nire laborategira joan da, bere iltzean zintzilikaturiko «capharnaum»-eko giltza hartzera!

        Botikarioak horrela deitzen zion ganbaratxo bati, teilatupean, bere ofizioko lanabes eta merkantziaz betea. Sarritan pasatu ohi zituen han ordu luzeak bakarrik, etiketatzen, ontziz aldatzen, lokarriak jartzen; eta berak ez zuen behatzen biltegi soil gisa, baizik eta benetako saindutegi gisa, handik jalgitzen baitziren gero, bere eskuez elaboraturik, molde orotako pilulak, aleak, belarrurak, lozioak eta edabeak, inguruetan bere ospea hedatuko zutenak. Munduan inork ez zuen han oinik ipintzen; eta hainbesteraino errespetatzen zuen non berberak pasatzen baitzuen erratza. Alegia, farmazia, zetorren guztiari irekirik, bere harrotasuna zabaltzen zuen lekua baldin bazen, capharnauma zen bere abaroa non, berekoiki bere baitara bildurik, Homaisek atsegin hartzen baitzuen bere kuttuntasunen egikaritzan; beraz Justinen kokorrodura adeigabekeriaz eskerga iruditzen zitzaion; eta, arakatzak baino gorriztago, errepikatzen zuen:

        — Bai, capharnaumgoa! azidoak alkali kaustikoekin batera giltzapetzen dituen giltza! Eta haraxe joan behar Emendio-ontzi bat hartzera! ontzi estalkidun bat! eta agian hartaz ez naiz sekulan baliatuko! Orok du bere garrantzia gure artearen operazio delikatuetan! Baina, ze demonio! berezkuntzak finkatu beharra dago eta ia-ia etxeko usantzatarako ezin da erabili farmazeutikoetarako xedaturik dagoenik. Kapoin bat bisturi batez zatikatzea bezalaxe litzateke, magistratu batek ...

        — Baina lasa zaitez! zioen madame Homaisek. Eta Athaliek, xenilatik tira eginez:

        — Aita! aita!

        — Ez, utz nazazue! ekiten zion berriro botikarioak, utz nazazue! alajaina! berdin litzateke espezia-denda bat jartzea, horra nire ohorezko hitza! Tira, tira! hik ez ezer errespetatu! hautsi! puskatu! itxainak askatu! malbaxuria erre! pepiniloak potoetan mariatu, bendak zarratatu!

        — Zuk bazenuen ordea..., esan zuen Emmak.

        — Hori gero! — Bai al dakik zertara arriskatzen hintzen?... Ez al duk ezer ikusi, txokoan, ezkerretan, hirugarren apalean? Hitz egin ezak, erantzun, esan zerbait behintzat!

        — Nik ez... dakit, zezelkatu zuen mutikoak.

        — Ah! hik ez dakik! Horra ba! nik bai, bazekiat! Botila bat ikusi duk, kristal urdinezkoa, argizari horiz zigilatua, barrean hauts zuri bat daukana, eta bertan neuk idatzirik: Arriskutsua! Eta badakik barruan zer zegoen? Artsenikoa! Eta hik zer eta huraxe ukitu behar! harexen alboan zegoen ontzia hartu!

        — Alboan! oihukatu zuen madame Homaisek eskuak elkartuz. Artsenikua? Gu guztiok pozoindu ahal izan gaituzu!

        Eta haurrak garrasika hasi ziren, jadanik beren erraietan oinaze izugarriak sentitzen hasiak bailiren.

        — Edota gaixo bat pozoindu! jarraitu zuen botikarioak. Beraz kriminalen eserlekura joan nendin nahi al zenuen, auzitegian? Urkabera errestatzen ikusi? Ez dakizu zer nolako arreta gordetzen dudan maneiatzerakoan, nahiz eta ohitura itzela eduki. Sarritan izutu egiten naiz neure kasa, nire erantzukizunaz pentsatzean! Zeren gobernuak pertsekutatu egiten baikaitu, eta eraentzen gaituen legeri zentzugabea benetan Damoklesen ezpata bat bezala da gure buruen gainean dilingo!

        Emmari jada ez zitzaion burutik pasatzen ere berarengandik zer nahi zuten galdetzerik, eta botikarioak esaldi hatsangatuz jarraitzen zuen:

        — Horra nola eskertzen dituzun zureganako ditugun onberatasunak! Horra nola ordaintzen dizkidazun nik barra-barra eskaintzen dizkizudan ardura hain aitatiarrak! Zeren, ni gabe, non izango zinatekeen? Zer egingo zenukeen? Nork ematen dizu jatena, hezkuntza, jantzia, eta egun batez gizartearen lerrunetan ohorez agertzeko modu guztiak! Baina horretarako izerdia finki bota beharra dago ahaleginean, eta, esaten den bezala, eskuetan ikorzirinak lortu. Fabricando fit faber, age quod agis.

        Latinak jaulkitzen zituen, hain zegoen sutan. Txinera eta groenlandiera ere aipatuko zituzkeen, baldin bi hizkuntza horiek ezagutu balitu; zeren krisialdi horietako batean aurkitzen baitzen, non arima osoak erakusten baitu nahasi-mahasian barnean duen guztia, Ozeanoak bezala, ekaitzetan, bere ertzetako gorbeletatik hasi eta bere hondaleetako hondarretaraino zirrikatzen dela.

        Eta berriro ekin zion:

        — Ikaragarri damutzen hasia naiz zure pertsonaren kargua hartu izanaz! Hobe egingo nukeen une hartan jaio zinen krakan bertan eta zeure mixerian usteltzen utzita! Zuk ez duzu sekulan balio izango piztia adardunak zaintzeko bestetarako! Inolako gaitasunik ez daukazu zientzietarako! Apenas dakizun etiketa bat eransten! Eta hemen bizi zara, nire etxean, kalonje baten gisa, moko-goxo, patxada ederrean!

        Baina Emmak, madame Homaisengana itzulirik:

        — Etortzeko esan didate...

        — Ha! ene Jainkoa, moztu zuen dama gajoak tastaire triste batez, nola esango nizuke ba nik?... Zorigaitz bat da!

        Ez zuen bukatu. Botikarioa burrundaka ari zen:

        — Hustu! Garbitu! Eraman! eta arin gero! Eta, Justin bere bruxaren lepotik astinduz, poltsikotik liburu bat jalgi arazi zion.

        Mutikoa makurtu zen. Homais bizkorragoa izan zen, eta, liburua jasorik, hari so zegoen, begiak zabal zabalik, baraila irekirik.

        — L'Amour... conjugal! esan zuen, bi hitz hauek astiro bananduz. Ah! oso ongi! oso ongi! oso polita! Eta irudiak! ... Ah! hau gogorregia da!

        Madame Homais aurreratu zen.

        — Ez, hau ez ukitu!

        Haurrek estanpak ikusi nahi izan zituzten.

        — Kanpora! esan zien larderiatsuki.

        Eta irten egin ziren.

        Mutur batetik bestera ibili zen lehenik, urrats handiz, bere behatzen artean liburua irekita mantenduz, begiak jiraka, hatsanturik, hanpaturik, sorreriak jota. Gero zuzen hurbildu zitzaion bere ikasleari, eta, besoak gurutzaturik bere aurrean tente:

        — Baina zuk beraz bizio guztiak dituzu, dohakabe horrek!... Kontuz gero, maldabehera batean zaude!... Zuk ez duzu noski gogartu, hau, liburu zital hau, nire haurren eskuartera eror zitekeenik, beren buruetan txinparta pizt zezakeenik, Athalieren xahutasuna lausotu, Napoleon usteldu zezakeenik? jadanik gizon gisa osaturik dago. Ongi ziur al zaude, gutxienik ere behintzat, ez dutela irakurri? Niri ziurtatzeko gauza al zara...?

        — Baina, aizu, jauna, esan zuen Emmak, zerbait bazenuen niri esateko... ?

        — Egia da, madame. Zure aitaginarreba hil da!

        Hain zuzen musde Bovary aita egun bi lehenago hila zen, bat-batean, sorreri-atake bat medio, mahitik altxatzean; eta, Emmaren sentiberatasunarekiko gehiegizko begirapenez, Charlesek monsieur Homaiseri eskatua zion berri lazgarri hau tentuz adieraz ziezaion hari.

        Bere esaldia hausnartua zuen, borobildu zuen, legundu, erritmatu; maisulan bat zen zuhurtziaz eta iragakeraz, esamolde finez eta eztitasunez; baina haserreak aurre hartu zion erretorikari.

        Emmak, inolako xehetasunik jasotzeari uko eginez, utzi egin zuen botika; zeren monsieur Homaisek hartua baitzuen berriro bere gaitzespenen haria. Ari zen horratio baretzen, eta, orain, doinu aitatiar batez marmaratzen zuen, bere txano greziarraz haizatzen zen bitartean.

        — Ez da nik obra hori zeharo arbuiatzen dudalako! Egilea medikua zen. Obra horrek baditu bere alde zientifikoak, gizaseme bati ezagutzea gaizki ez datozkionak, eta, atrebentziz esan ere esango nuke, beharrezkoa dela gizonak ezagutu ditzan. Baina beranduago, beranduago! Itxointzazu behintzat zeu ere gizon izan arte eta zure tenperamentua egina eduki arte.

        Emmaren mailukotsera, Charles, zain baitzegoen, besoak zabaldurik hurbildu zitzaion eta, ahotsean malkoak zituela, esan zion:

        — Ah! nire lagun laztana...

        Eta emekiro makurtu zen Emma besarkatzeko. Baina, haren ezpainek ukitzean, bestearen oroitzapena atxiki zitzaion, eta eskua pasatu zuen Emmak bere aurpegian zirgit eginez.

        Alabaina erantzun zuen:

        — Bai, badakit..., badakit....

        Charlesek gutuna erakutsi zion non kontatzen baitzuen bere amak gertaturikoa, inolako hipokrisia sentimentalik gabe. Bakar-bakarrik, bere senarrak erlijioaren laguntzak hartu ez izana auhendatzen zuen, Doudevillen hil baitzen, kalean, kafetegi bateko atarian, ofiziale-ohirekin bazkari patriotiko baten ondoren.

        Emmak gutuna itzuli zion; gero, afarian, adeitasunez azaldu behar-eta, nolabaiteko higuinaren itxura egin zuen. Baina, senarrak adoretzen zuenez, jateari ekin zion deliberatuki, bitartean Charles, bere aurrez aurre, ekuru zegoen, jarrera abaildu batean.

        Aldian-aldian, burua altxatuz, begirada luze bat zuzentzen zion dena hersturaz beterik. Behin hasperen egin zuen:

        — Berriro ikustea nahi izango nukeen!

        Emma isilik zegoen. Azkenean, hitz egin beharra zegoela konprenituz:

        — Ze adin zuen, zure aitak?

        — Berrogeita hemezortzi urte!

        — Ah!

        Eta horixe izan zen dena.

        Ordu laurden bat beranduago Charlesek esan zuen:

        — Nire ama gaixoa!... zer egin behar du, orain?

        Ezjakin-keinu bat egin zuen Emmak.

        Hain isil ikusirik, atsekabeturik zegoela suposatzen zuen Charlesek eta ezer ez esatera behartzen zuen bere burua, hunkitzen zuen oinaze hura ez suspertzearren. Halere, berea astinduz:

        — Ongi leketu al zinen atzo? galdetu zuen.

        — Bai.

        Mahaitik dafaila jaso zutenean, Bovary ez zen altxatu. Emma ere ez; eta, hari so egon ahala, ikuskari honen monotoniak hastandu egiten zuen pixkanaka-pixkanaka bere bihotzaren dolumen oro. Bere senarra txepela iruditzen zitzaion, ahula, deuseza, alegia gizaixo bat, inolako moduz ere. Nola libratu hartaz? Zer nolako arrats akabaezina! Halakoxe sorgorgarriren batek, opio-lurrun baten gisa, soraioturik zeukan.

        Ohol gainean makila baten hots zekena entzun zuten eskaratzean. Hippolyte zen, Madameren maletak ekartzera.

        Haiek lurrean pausatzeko, zirkulu-laurden bat deskribatu zuen nekez bere hanka-makilarekin.

        Jada ez du pentsatu ere egiten hortaz! zioen Emmak berekiko mutil gizarajoari begira, bere adats gorri oparoa izerdiz tantaka zuela.

        Bovary txanpon baten bila ari zen bere poltsaren zokoan; eta han, bere gauzaezkeria sendaezinaren destaina pertsonifikatua bezala, zutik zegoen gizon haren presentzia hutsean berarentzako umilaziotan zegoen guztia ulertzearen antzik gabe:

        — Kontxo! Loresorta polira daukazu! esan zuen, tximini gainean Leonen brioletez errepaturik.

        — Bai, zioen damak ezaxolatuki, lehentxeago erosi dudan loresorta bat da... eskale bati.

        Charlesek brioletak hartu zituen, eta, malkoz gorrituriko bere begiak haien gainean freskatuz, emekiro usaintzen zituen. Emmak berehala kendu zizkion eskutik, eta ontzi batean uretan ipintzera eraman zituen.

        Biharamunean, madame Bovary ama heldu zen. Berak eta bere semeak negar asko egin zuten. Emma, eman beharreko zenbait aginduren aitzakiatan, desagertu egin zen.

        Hurrengo egunean, dolujarriez arduratu behar izan zuten elkarrekin. Uraren ertzera joan ziren, jostun-kaxekin, pendizaren pean esertzera.

        Charlesek bere aitaz pentsatzen zuen, eta harritu egiten zen hainbaterainoko txera sentitzeaz gizon harenganako, zeina oso hala-hola baino ez zuela maite uste izan baitzuen anarteraino. Madame Bovary amak bere senarraz pentsatzen zuen. Garai bateko egunik txarrenak inbidiagarriak azaltzen zitzaizkion orain. Ohitura hain luze baten instintuzko galduminaren pean dena ezabatzen zen; eta, aldian behin, bere jostorratzari eragiten zion bitartean, malko lodi bat jaisten zen bere sudurrean behera eta han geratzen zen momentu batez dilingo.

        Emmak pentsatzen zuen, zuela berrogeita zortzi ordu abantzu, elkarrekin zeudela, mundutik urrun, hordidura betean, eta elkar betesteko aski begirik gabe. Desagerturiko egun hartako xehetasunik oharkaitzenak berreskuratzen saiatzen zen. Baina amaginarrebaren eta senarraren presentziak gogaitu egiten zuen. Ezer ez entzutea nahi izango zukeen, ezer ez ikustea, ez artegatzearren bere amodioaren barnebilkuntza, zeina galtzen baitzihoan, berak zernahi eginik ere, kanpoko sentsazioen pean.

        Soineko baten forraduraren joskura askatzen ari zen, haren hari-litsak bere inguruan barreiatzen zirela; Bovary amak, begiak altxatu gabe, bere guraizeei kirrinka eragiten zien, eta Charles, bere oskierresta mendeldunekin eta gelajantzitarako erabiltzen zuen bere xenila nabarrarekin, han zegoen bere bi eskuak patriketan eta mintzatu ere ez zen egiten; beren ondoan Berthek, amantal txiki zuriz, bere palaz ibilbideetako hondarra harrotzen zuen.

        Bat-batean, monsieur Lheureux oihal-merkataria ikusi zuten atekatik sartzen.

        Bere zerbitzuak eskeintzera zetorren, ohondikozko kinka kontutan harturik. Emmak erantzun zuen, bere ustez halakorik gabe moldatu ahal izango zela. Merkatariak ez zuen etsi.

        — Barkatu mila bider, esan zuen; aparteko elkarrizketatxo bat eduki nahi nuke.

        Gero, ahots apal batez:

        — Beste gorabehera hari buruzkoa da... badakizu? Charles gorri-gorri jarri zen belarrietaraino.

        — Ah! bai..., noski.

        Eta, bere larriduran, emaztearengana itzulirik:

        — Ezin ote zenuke..., laztana...?

        Emmak ulertu ziola zirudien, altxatu egin baitzen, eta Charlesek bere amari esan zion:

        — Ez da ezer! etxerako huskeriaren bat dudarik gabe.

        Ez zuen nahi bere amak jakin zezan ordaindukoaren kontua, haren ohartarazpenen beldur.

        Bakarrik kausitu ziren bezain pronto, monsieur Lheureux hasi zen, nahiko argi eta garbi, Emmari zorionak ematen herentziarengatik, gero axolagabeko gauzaz solasean, keretei buruz, uztari buruz, beraren osasunaz, zeina beti ere erdipurdi baitzihoakion, batean hala bestean hola. Izan ere, mila demonioren nekeak hartzen zituen bere gain, nahiz eta, jendearen esamesak gorabehera, bere ogiaren gainean gurinik ipintzeko lain ere ez atera.

        Emmak hitz egiten uzten zion. Hain izugarriro ari zen aspertzen bi egun hartan!

        — Eta zu erabat sendaturik al zaitugu? jarraitu zuen. Alafede, ederrak pasatzen ikusi dut zure senar gizarajoa! Mutil jatorra da, elkarren artean zenbait arazo izan dugun arren.

        Ea zeintzuk, galdetu zuen Emmak, zeren Charlesek ezkutatu egin baitzion hornizioen bihurketa.

        — Baina zuk oso ongi dakizu! esan zuen Lheureuxek. Zure gurari haiengatik zen, zure bidaia-kaxa haiek.

        Kapelua bi begien gainera jaitsia zuen, eta bi eskuak bizkar atzean, irribarrez eta txistuka, aurrez aurre begiratzen zion Emmari, jasanezinezko modu batean. Ba ote zuen zerbaiten susmorik? Emmak galdurik segitzen zuen molde orotako beldurren artean. Azkenean, horratio, ekin zion berriro:

        — Elkarrekin adiskidetu gara, eta hari beste konponbide bat proposatzera nentorren.

        Bovaryk sinaturiko ordaindukoa berritzea zen. Monsieurek, bestalde, bere gisara jokatuko zuen; ez zeukan buruhausteren beharrik, batez ere orain hainbesteko enbarazu pila izan bide zuen honetan.

        — Eta gainera hobe egingo luke zama hori beste norbaiten gain utziz, zure gain, esate baterako; eskuordetza batekin, erosoa izango litzateke, eta orduan guk elkarrekin edukiko genituzke gure negoziotxoak...

        Emmak ez zuen ulertzen. Merkataria isildu egin zen. Ondoren, bere egitekora pasatuz, Lheureuxek deklaratu zuen, Madame ezin libratu izango zela berari zerbait erostetik. Barege-oihal beltz bat igorriko zion, hamabi metro, soineko bat egiteko adina.

        — Zuk hemen daukazuna etxerako ona da. Beste bat behar duzu bisitetarako. Nik hori lehen begiradan hauteman dut, sartu orduko. Begi amerikanoa daukat nik.

        Ehuna ez zuen igorri, berak ekarri zuen. Gero neurriak hartzera etorri zen, beste zenbait aitzakia medio berritan itzuli zen, aldioro atsegin azaltzen saiatuz, eta adeitsu, feudo bilakatuz, Homaisek esango zukeen bezala, eta beti ere Emmari ezarian zenbait aholku emanez eskuordetzari buruz. Ordaindukoaz ez zen mintzatzen. Emmak ez zuen hartaz pentsatzen; Charlesek, eriondoaren hasieran, zer edo zer kontatu zion noski; baina hainbeste nahasketa iragan zen bere buruan non berak ez baitzuen jada gogoan. Bestalde, tentuz saiatu zen Emma inolako interes-eztabaidarik ez sortarazten; madame Bovary ama harritu egin zen horretaz, eta haren umore-aldakuntza gaixoaldian hartutako sentimendu erlijiosoei eratxeki zien.

        Baina, ama joan ondoren, Emmak ez zuen luze eman Bovary txunditzen bere zentzu on praktikoarengatik. Informazioa bildu beharra omen zegoen, hipotekak egiaztatu, ikusi ea leku ote zen lizitazio bat edo likidazio bat.

        Termino teknikoak botatzen zituen, menturara, hitz handiak esaten zituen ordenuaz, etorkizunaz, zuhurtziaz, eta herentziaren enbarazuak bapikatzen zituen etengabe: horretan, egun batez senarrari baimen orokor baten eredua «bere negozioak administratzeko eta kudeatzeko, ezein mailegu egiteko, ordaintzeko oro sinatzeko eta endosatzeko, ezein kopuru pagatzeko, e.a.». Lheureuxen lezioei aterea zien etekina.

        Charlesek, xaloki, paper hura nondik zetorren galdetu zion.

        — Monsieur Gillauminengandik.

        Eta, munduko odolotzik hotzenaz, erantsi zuen:

        — Ez naiz gehiegi fidatzen. Notarioek hain dute aipu txarra! Agian aholku eskatu behar izango genuke... Guk ezagutzen dugun bakarra... Oh! inor ez.

        — Nolaz eta Leonek..., ihardetsi zuen Charlesek, pentsatzen ari zen bitartean.

        Baina postaz elkar ulertzea zaila zen. Orduan Emma bidaia hori egiteko prest azaldu zen. Senarrak eskerrak eman zizkion. Emazteak erautsi egin zuen. Amultsutasun-lehiaketa bat izan zen. Azkenik, Emmak oihukatu zuen asaldapen-tonu itxuratsu batez.

        — Ez, mesedez, ni joango naiz.

        — Bai ona zarela! esan zion Charlesek bekokian musu emanez. Biharamunean bertan, Hirondelle hartu zuen Rouena joateko, monsieur Leoni aholku eskatzera: hiru egun geratu zen bertan.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia