—I—

 

        Monsieur Leonek, bere zuzenbide-ikasketak egiten zituen bitartean, dexente usutua zuen La Chaumière, non lortu baitzuen arrakasta politik franko, planta dotorea kausitzen zioten jostuntxoen artean. Ikasleetarik zintzoena zen. Ilea ez zeraman luzeegi ezta motzegi ere, hilaren lehenengoan ez zuen jaten bere hiruhilabetetarako dirua, eta irakasleekin harreman onetan mantentzen zen. Gehiegikeriak egiteari dagokionean, horretatik beti aldendu izan zen, hainbat uzkurreriagatik nola findadeagatik.

        Sarritan, bere gelan irakurtzen geratzen zenean, edota arratsean Luxembourgeko ezkien pean eserita, bere Kodea lurrera erortzen uzten zuen, eta Emmaren oroitzapena etortzen zitzaion. Baina, poliki-poliki, sentimendu hura ahuldu egin zen, eta beste irrits batzuk pilatu zitzaizkion gainean, nahiz eta hauetan barrena hark irauten segi; zeren Leonek ez baitzuen itxaropen oro galtzen, eta hartan bazegoen berarentzat nolabaiteko promesa bat etorkizunean kulunka, nola fantasiazko hosto arteren batean urrezko fruitu bat dilingo.

        Gero, hiru urtetako ausentziaren ondoren berriro ikustean, bere grina berpiztu egin zen. Deliberatu beharrean zegoen azken finean, pentsatzen zuen, hura bere egin nahi izatera. Bestalde, bere herabetasuna higaturik zegoen zenbait lagunarte eroxkoren harremanetan, eta berriro probintziara zetorren, boulevardeko asfaltoa oin txarolatuez istikatzen ez zuen edonor mespretxatuz.

        Hegalunez jantzitako dama paristar baten ondoan, doktore ospetsu, pertsonaia kondekoratu eta kotxedun baten sala handian, urgazle gizaixoak, dudarik gabe, dardar egingo zukeen haur baten gisa; baina hemen, Rouenen, portu gainean, mediku txastar haren emaztearen aurrean, aiseki sentitzen zen, aldez aurretik ziur lilura eragingo zuela. Zentzutasuna, pausatzen den ingurunearen baitan datza: bastardean ez da hitz egiten laugarren oinean bezala, eta emakume aberatsak badirudi bere inguruan dituela, bere bertutea zaintzeko, bere banku-bilete guztiak, koraza baten gisa, bere gorontzearen forraduran.

        Bezpera arratsean, monsieur eta madame Bovaryrengandik banantzean, Leon, urrunetik, jarraiki egin zitzaien kalean; gero, Croix Rouge-n gelditu zirela ikusirik, orpoak jiratu eta plan bat hausnartzen iragana zuen gau osoa.

        Biharamunean beraz, bostak aldera, ostatuko sukaldean sartu zen, eztarria hertsaturik, masailak beluri, eta ezerk atzerarazten ez duen koldarren delibero horrekin.

        — Monsieur ez dago, erantzun zuen sehi batek.

        Hori asturu onekoa iruditu zitzaion. Igo zen.

        Emma ez zen urduritu hura sartzean; aitzitik, desenkusatu egin zen, ostatu non hartua zuten esatea ahantzi izanagatik.

        — Oh! asmatu egin dut, hasi zen Leon.

        — Nola?

        Saiatu zen azaltzen halabeharrak gidatu zuela harengana, instintu batek. Emma irribarrez hasi zen, eta berehala, bere lelokeria konpontzeko, Leonek kontatu zuen, goiz osoa pasatu zuela bata bestearen ondoren hiriko hotel guztietan bila.

        — Geratzea erabaki duzu beraz? erantsi zuen.

        — Bai, esan zuen Emmak, eta gaizki egin dut. Gauzatu ezineko plazereetara ez da ohitu behar, norberaren inguruan hainbeste eskakizun dagoenean...

        — Oh! pentsatzen dut, bai...

        — Ba, ez, zu ez baitzara emakumea.

        Baina, gizonek ere bazeuzkaten beren penak, eta gogoeta filosofikoetan barrena abiatu zen elkarrizketa. Emma luze aritu zen txera lurtarren miseriaz eta bihotza zokoraturik egoten den betiereko isolamenduaz.

        Bere burua baliaraztearren, edo bereari eragiten zion malenkonia haren imitazio inuxente batengatik, gizon gazteak deklaratu zuen, bere ikasketa-denbora osoan izugarri aspertu zela. Auzilanak ernegarazi egiten zuen, beste bokazio batzuk erakartzen zuten eta bere ama etengabe ari zitzaion, gutun bakoitzean, tormentu ematen. Zeren gero eta gehiago zehazten baitzituzten beren atsekabearen arrazoiak, bakoitza, hitz egin ala, gero eta areagoko konfidentzia honetan pixka bat buruberotuz. Baina batzuetan gelditu egiten ziren beren ideiaren azalpen osoaren aurrez aurre, eta orduan halere hura adieraziko zukeen esaldi bat bururatzen saiatzen ziren. Emmak ez zuen ez aitortu beste batenganako bere irritsa; gizonak ez zuen esan ahantzia zuenik.

        Agian jadanik ez zituen gogoan dantza ondoko afariak, zenbait bargastarekin; eta dama ez zen oroitzen dudarik gabe garai bateko elkarkizunez, goizez belar artean bere amorantearen gaztelurantz korrika joaten zenekoez. Hiriko zaratak abantzu ez ziren heltzen beraiengana; eta gelak txikia zirudien, beren bakardadea are estuagotzeko aproposa. Emmak, bonbasizko txabusina batez jantzirik, besalki zaharraren bizkarraren kontra pausatzen zuen bere mototsa; hormako paper horiak urrezko hondo bat bezala egiten zuen bere atzean: eta bere buru biluzia ispiluan errepikatzen zen, bere arroil zuria erdian, eta bere belarrien gangaila adatsen azpitik agerian zuela.

        — Baina, barkatu, esan zuen Emmak, oker ari naiz! nire betiko kexuekin aspertu egiten zaitut!

        — Ez, inolaz ere! inolaz ere!

        — Jakingo bazenu nik amestu izan nuen guztia! zioen damak, malko bat biribilkatzen zuten bere begi ederrak sabaira altxatuz.

        — Eta neuk ere! Oh! ederki sufritu dut! Sarritan, irteten nintzen, joaten nintzen, errestatzen nintzen kaietan barrena, jendetzaren zarata artean zorabiaturik, jazartzen ninduen obsesioa ezin hastandurik. Bazen boulebardean, estanpa-saltzaile batenean, Musa bat irudikatzen zuen grabatu italiar bat. Tunikaz jantzita dago, eta ilargiari begira ari da, bere adats soltean miosotis batzuekin. Zer edo zerk hara bultzatzen ninduen taigabe; ordu osoak egin izan ditut han.

        Gero, ahots ikaratsu batez:

        — Zure antza zuen piska bat.

        Madame Bovaryk burua jiratu zuen, bere baitatik jalgitzen sentitzen zuen irribarre jarkiezina bere ezpainetan hark ikus ez zezan.

        — Sarritan, berriro Leonek, idazten nizkizun gutunak eta gero urratu egiten nituen.

        Emmak ez zuen erantzun. Leonek jarraitu zuen:

        — Batzuetan bururatzen zitzaidan, menturaren batek ekarriko zintuela. Kausitu uste izan zaitut kale ertzetan: zurearen antzeko txal bat, belo bat atetik zabuntzen zitzaien lando guztien atzetik joaten nintzen korrika.

        Emmak erabakita zirudien hari hitz egiten uztera moztu gabe. Besoak gurutzatu eta aurpegia apaldurik, bere oskierresten bigitxinari begiratzen zion, eta bere oineko behatzez, tarteka, mugimendu txikiak eragiten zituen haien satenean.

        Halere, hasperendu zuen:

        — Dagoen deitoragarriena da, nik bezala alferrikako bizialdia errestatzea, ez al da hala? Gure oinazeak norbaitentzat baliagarri gerta baldin balitez, sakrifizioaz pentsatzean kontsolatuko ginateke!

        Bertutea, betebeharra eta, isileko inmolazioak goraipatzen hasi zen gizona, berak ere ase ezin zuen sinestezineko sakrifizio-beharra zeukalarik.

        — Biziki maiteko nuke, esan zuen Emmak, ospitaletako monja izatea.

        — Horra! ihardetsi zuen Leonek, gizonek ez daukate horrelako eginkizun saindurik, eta nik ez dut inon ikusten inolako ofiziorik..., agian medikuarena izan ezik behintzat...

        Bere sorbalden altxatu-begi batez, Emmak moztu egin zuen bere gaixoaldiaz arrenkuratzeko, hiltzeko zorian egona baitzen; lastima! jadanik ez zukeen gehiago sufrituko. Leon berehala zen hilobiko jabalduraren gura, eta gainera, arrats batez, bere testamentua idatzi ere egin zuen, Emmak emanda zeukan balusa-mendelezko oin-estalki eder hartan bilduta ehortz zezaten gomendatuz; zeren horrela izan bailitza nahi izango baitzuketen, batak bai besteak orain beren iraganeko bizitza egokitzen zioten ideal bat moldatzen zutelarik. Bestalde mintzoa, sentimenduak beti ere luzeagotzen dituen xaflagailu bat da.

        Baina oin-estalkiaren asmakari hari buruz:

        — Zergatik ordea? galdetu zuen Emmak.

        — Zergatik?

        Zalantzan zegoen.

        — Biziki maite izan zaitudalako!

        Eta, oztopoa gainditu izanagatik bere burua txalotuz, Leonek, betertzez, haren fisionomia zelatatu zuen.

        Zerua bezala izan zen, haize-bolada batek hodeiak ohiltzen dituenean. Goibeltzen zituen pentsamendu tristeren mordoak haren begi urdinetatik erretiran zirudien; haren aurpegi osoak distiratu zuen.

        Gizona zain zegoen. Azkenean erantzun zuen:

        — Betidanik izan dut susmoa...

        Orduan, elkarri kontatu zizkioten bizitza urrun hartako gertakari txikiak, zeinaren plazerak eta malenkoniak, hitz bakar batean, laburbildu berriak baitzituzten. Leon aihen xurizko sehaskaz oroitzen zen, Emmak jazten zituen soinekoez, haren gelako altzariez, haren etxe osoaz.

        — Eta gure kaktus gaixoak, non dira?

        — Hotzak hil ditu joan den neguan.

        — Ah! Zenbat pentsatzen nuen haietaz, ez dakizu! Garai hartan bezalaxe ikusten nituen sarritan, eguzkiak, udako goizetan, leihosarean ematen zuenean bezala... eta zure bi beso biluziak loreen artean pasatzen hautematen nituenean.

        — Lagun gaixoa! esan zuen Emmak hari eskua luzatuz.

        Leonek, laster asko, bertan itsatsi zituen bere ezpainak. Gero, zabal-zabal arnasa hartu ondoren:

        — Zu niretzat garai hartan zinen, nire bizitza arrobatzen zuen nik ez dakit zen indar ulertezin. Behin batez, esate baterako, joan nintzen zure etxera; baina zuk ez duzu gogoan izango, dudarik gabe.

        — Bai, esan zion. Jarraizazu.

        — Zu behean zinen, eskaratz-aitzinean, irteteko prest, azkeneko eskilara-mailan; — gainera lore txiki urdindun ginbaila zenuen; eta, zure aldetik inolako gonbiterik gabe, neure damu eta guzti ere, lagundu egin nizun. Baina unetik unera ordea, neure tentelkeriaren kontzientzia argiagoa neukan, eta bidean aurrera zure alboan segitzen nuen, zuri jarraitzera erabat ausartu gabe, eta zuregandik aldendu nahi ezik. Denda batean sartzen zinenean, ni kalean geratzen nintzen, leiarretatik begiratzen nizun zure eskularruak erantzi eta salmahaian dirua kontatzen. Ondoren, madame Tuvachenean jo zenuen atea, ireki zizuten, eta ni hantxe geratu nintzen ergel baten gisa, zure atzean gainera etorri zen ate handi astunaren aurrean.

        Madame Bovary, hari entzunez, hain zaharra izateaz harritzen zen; azaltzen ari ziren gauza hauek guztiek bere bizialdia luzeagotzen zutela iruditzen zitzaion; horrek neurgabetza sentimentalak bezala gauzatzen zituen non lekuratzen baitzen bera; eta tarteka esaten zuen, ahopean eta betazalak erdi itxirik:

        — Bai, egia da!... egia da!... egia da...

        Zortziak jotzen entzun zituzten Beauvoisine auzoko erloju desberdinetan, pentsio-etxez, elizaz eta jauregi abandonatuz beterik baitago. Jada ez ziren mintzo; baina, elkarri begira, xuxurla bat sentitzen zuten beren buruetan, beren betsein tinkoetatik gauza doinutsuren batek elkarrengana aldegin izan balu bezala. Orduantxe elkartuak zituzten eskuak; eta iragana, etorkizuna, oroipenak eta ametsak, dena nahasirik kausitzen zen estasi hartako eztitasunean. Gaua usutzen ari zen horma gainetan, non distiratzen baitzuten artean, ilunkaran erdi galdurik, lau estanparen kolore lodiek Tour de Nesle-ko lau pasarte irudikatuz, oinean izkiribu bat zutela, espainolez eta frantsesez. Gilotinazko leihotik, zeru beltzeko ertz bat ikusten zen, bi teilatu zorrotzen artean.

        Komoda gaineko bi kandela piztera altxatu zen Emma, gero berriro esertzera etorri zen.

        — Horra ba!... esan zuen Leonek.

        — Horra ba!... erantzun zuen damak.

        Eta gizona bila ari zen, etendako elkarrizketa berriro nola bideratuko, Emmak esan zionean:

        — Zergatik ez ote dit, gaurdaino, inork horrelako sentimendurik inoiz adierazi?

        Urgazleak oihukatu zuen ezen natura idealak zailak zirela ulertzen. Berak, lehen begirada orduko maite izan zuela; eta etsitu egiten zen pentsatzean edukiko zuketen zorionean baldin eta, zoriaren mesede bat medio, elkar lehenago kausitu izanik, bata besteari askaezineko eran lotu izan balira.

        — Hortaz pentsatu izan dut noiz edo behin, esan zuen Emmak.

        — Zer nolako ametsa! ahapeka Leonek.

        Eta haren gerriko zuri luzearen mendel urdina leunkiro haztatuz, erantsi zuen:

        — Nork eragozten digu berriro hastea?...

        — Ez, lagun, erantzun zuen Emmak. Ni zaharregia naiz... zu gazteegia zara..., ahantzi nazazu! Beste batzuek maitatuko zaituzte..., maitatuko dituzu.

        — Ez zu bezala! oihukatu zuen.

        — Haurra zara gero! Ea, izan gaitezen zuhurrak! halaxe nahi dut!

        Eta beren maitasunaren ezintasunak azaldu zizkion, eta mantendu beharrean zeudela, lehenago bezala, senide-adiskidantza baten hein soiletan.

        Serioski mintzo al zen horrela? Dudarik gabe Emmak ez zekien ezer bere buruaz, amainuaren xarmak eta hartatik bere burua defendatu beharrak zeharo arazoturik; eta, begirada samur batez gizon gaztea beretsiz, emekiro hastantzen zituen haren esku ikaratiek entseiatzen zituzten fereka herabetiak.

        — Ah! barkatu, esan zuen gizonak atzera eginez.

        Eta Emma, izularri lainotsu batek harrapatu zuen, herabe honen aurrez aurre, arriskutsuagoa hau berarentzat, besoak zabalik hurbiltzen zitzaioneko Rodolpheren ausartzia baino. Sekula ez zitzaion iruditu hain eder beste gizonik inor. Xalotasun ezti bat jaulkitzen zitzaion haren jarrerari. Makotzen ziren betile luze finak beheratzen zituen. Haren masaila, epidermi leuna, bere pertsonaren irritsez gorritzen zen —pentsatzen zuen Emmak— eta bere ezpainak hartara eramateko gogo gaindituezina sentitzen zuen. Orduan, ordua begiratzeko bezala erlojurantz makurturik:

        — Zer berandu den, ene Jainkoa! esan zuen Emmak. Hau hizjarioa guk daukaguna!

        Gizonak ulertu zuen zeharresana eta bere kapeluaren bila abiatu zen.

        — Ikuskaria ere ahaztu egin zait! Eta propio horretarako utzi nauen Bovary gizajoa! Monsieur Lormauxek, rue Grand-Pontekoak, eraman behar ninduen bere emaztearekin.

        Eta parada galdua zen, zeren biharamunean bertan baitzihoan.

        — Benetan? zioen Leonek.

        — Bai.

        — Alabaina beharrezkoa dut zu berriz ikustea, hasi zen Leon, zuri esan beharra neukan...

        — Zer?

        — Gauza bat... larria, seriosa. Eh! ez, gainera, ez zara joango, ez da posible! Jakingo bazenu... Entzuidazu... ez al didazu ba ulertu? ez duzu beraz igarri?...

        — Halere ederki hitz egiten duzu ba, esan zuen Emmak

        — Ah! txantetan! Aski da, aski da! Egizu, errukiz, berriro ikus zaitzadan..., behin..., behin bakarrik.

        — Ea ba! ...

        Emma gelditu egin zen; gero, damuturik bezala:

        — Oh! hemen ez!

        — Nahi duzun lekuan.

        — Nahi al duzu...

        Gogoetan zirudien, eta, tonu motz batean:

        — Bihar, hamaiketan, katedralean.

        — Han izango naiz! oihukatu zuen Leonek damaren eskuak atxikiz, eta hark erretiratu egin zituen.

        Eta, biak zutik aurkitzen zirenez, gizona damaren atzean eta Emma burua apaldurik, Leon haren leporantz makurtu zen eta luze musukatu zuen garondoan.

        — Baina zoratuta zaude! ah! zoratuta zaude! zioen Emmak barretxiki ozenen artean, musuak ugaltzen ziren bitartean.

        Horretan, haren sorbalda gainetik burua luzatuz, haren begien baietzaren bila zirudien Leonek. Haiek bere gainera jausi zitzaizkion, maiestate izoztu batez beterik.

        Leonek hiru pauso egin zituen atzeraka, irteteko. Atalazean geratu zen. Gero ahots ikarati batez xuxurlatu zuen:

        — Bihar arte.

        Buruaren keinu batez erantzun zuen Emmak eta txori bat bezala desagertu zen alboko gelan barrena.

        Emmak, arratsean, amaiezineko gutun bat idatzi zion urgazleari, non aldera uzten baitzuen «rendez-vous»a; orain dena bukaturik zegoen, jada ez zuten inoiz gehiago, beren zorionarengatik, elkarrekin kausitu behar. Baina, gutuna itxi zuenean, Leonen helbidea ez zekienez, biziki enbarazuturik aurkitu zen.

        — Neuk emango diot, esan zuen berekiko; etorriko da.

        Leonek, biharamunean, leihoa ireki eta kantuabarrean balkoian, berak lustreatu zituen bete xapinak, eta eskualdi bat baino gehiagorekin. Galtza zuriak jantzi zituen, galtzerdi finak, jaka berdea, zeuzkan usangai guztietarik isuri zuen bere musuzapian, gero, ilea kizkurrarazi ondoren, deskizkurtu egin zuen, bere adatsari dotoretasun natural handiagoa ematearren.

        — Oraindik goizegi da! pentsatu zuen ileapaintzailearen kukuerlojuari begiratuz, bederatziak seinalatzen baitzituen.

        Moda-aldizkari zahar bat irakurri zuen, irten zen, zigarro bat erre zuen, hiru kale gora joan zen, garaia bazela pentsatu zuen eta Notre-Dameko elizatarirantz abiatu zen astiro.

        Udako goiz eder batez zen. Zilarreriek distira egiten zuten zilarginen dendetan, eta katedralaren gainera lapranean heltzen zen argiak isladurak pausatzen zituen harri grisen hausturetan; txori konpainia bat zurrunbilatzen zen zeru urdinean, hirustakerako dorretxoen inguruan; plazak, garrasiz durundaka, bere galtzara hegiztatzen zuten loreen usaina zuen, arrosak, jasminak, krabelinak, lilipak eta akarak, berdegune hezetan, katubelarretan eta txorientzako xoihaska artean desberdinki sakabanaturik; iturria, erdian, gurgurika ari zen, eta guardasol handiren pean, piramidetan mailakaturiko meloien artean, zenbait saltzailek, buru-hutsik, paperean biltzen zituzten brioleta-xortak.

        Gizon gazteak hauetako bat hartu zuen. Lehen aldia zuen emakume batentzat loreak erosten; eta bere bular artea, haien usaina arnastuz, harrotasunez puztu zen, beste bati zuzentzen zion gorazarre hura beregana itzuli balitzaio bezala.

        Halere, ikusiko ote zuten beldur zen; elizan sartu zen bipilki.

        Hartan, klabera atalazean zegoen, ezkerretako atariaren erdian, Marianne dansant-aren pean, lumagandorra buruan, ezpata izterrean, makila eskuan, kardinal bat baino maiestatetsuago eta kopoi bat bezala distirante.

        Leonengana hurbildu zen, eta, elizgizonek haurrei itaunka ari direnean hartzen duten onberatasun lausengarizko irribarre horrekin:

        — Monsieur, dudarik gabe, ez da hemengotarra. Monsieurek nahi al du elizako bitxitasunak ikusi?

        — Ez, esan zuen besteak.

        Eta beheko aldeen jira egin zuen lehenik. Gero plazan begiratzera etorri zen. Emma ez zen heltzen. Koruraino igo zen.

        Nabea urbedeinkatuaren ontzi beteetan miratzen zen, ojiben hasierarekin eta leiarreri-zati batzuekin. Baina pinturen isladurak, marmolaren ertzean puskaturik, urrunago jarraitzen zuen, harlosen gainean, tapiz nabar baten gisa. Kanpoko egunargia eliza barruan luzatzen zen hiru errainu itzeletan, hiru atari irekietatik. Aldian behin, hondoan, sakristau bat pasatzen zen elizakoi presatuen zeharkako belaunplegua aldare aurrean eginez. Kristalezko argidiak dilingo zeuden geldi. Koruan, zilarrezko argimutil bat zegoen pizturik; eta, aldamenetako kaperetatik, elizako leku ilunetatik, hasperen-heiagora gisakoak jalgitzen ziren noizpehinka, ixten zen burdinesi baten hotsarekin batera, bere oihartzuna ganga altuetan durundatuz.

        Leon, ibilkera zuhurrez, hormen hegiz hegi zebilen. Bizitza ez zitzaion inoiz hain ona iruditu izan. Emma laster etorriko zen, xarmangarri, urduri; bere atzetik segika zituen begiradak zelatatuz, —bere soineko hegaldunarekin, urrezko betaurrekoekin, bere botin mehekin, berak oraindik dastatu gabeak zituen dotorezia molde guztiekin, eta jausten ari den bertutearen ezinesaneko lilurarekin. Eliza, ganbara erraldoi baten gisa, damaren inguruan adelatzen zen; gangak makurtu egiten ziren haren maitasunaren aitorpena itzalpean jasotzeko: leiarrek distira egiten zuten haren aurpegia argitzeko, eta intsentsu-ontziak piztu egingo ziren hura aingeru bat bezala ager zedin, lurrun-kearen artean.

        Artean ere ez zetorren. Leon aulki batean jarri zen eta bere begiek leiar urdin batekin topo egin zuten non ikusten baitira otarreak daramatzaten batelari batzuk. Luzaro begiratu zion, arretaz, eta arrainen ezkatak eta jipoinen botoizuloak kontatzen zituen, bere pentsamendua Emmaren bila alderrai zebilen bitartean.

        Klabera, aparte xamar, bere barnean asaldatu egiten zen, katedrala bere kasa miresten haizu zen handik honako haren kontra. Iruditzen zitzaion, bidutzi baten gisa ari zela portatzen, nolabait ere lapurtzen ari zitzaiola, eta ia-ia sakrilegio bat egiten.

        Baina zetaren frufru bat harlosa gainean, ginbail baten hegia, lepoko beltz bat... Bera zen! Leon zutitu eta korrika joan zen harekin elkartzera.

        Emma zurbil zegoen. Arin zebilen.

        — Irakurtzazu! esan zuen hari paper bat luzatuz... Oh! ez.

        Eta brastakoan erretiratu zuen bere eskua, Amabirjinaren kaperan sartzeko, non, aulki baten kontra belaunikaturik, otoitzean hasi zen.

        Gizon gaztea haserre zen fantasia santujale harekin; gero horratio nolabaiteko xarma nabaritu zuen horrela ikusiaz, «rendez-vous» baten erdian bere otoitzetan hala galdurik markesa andaluz baten gisa; gero ez zitzaion luze joan aspertzen, Emmak ez baitzuen bukatzen.

        Emma errezatzen ari zen, edo batipat errezatzen saiatzen zen, supituko deliberoren bat zerutik jaitsiko ote zitzaion esperoan; eta, Jainkoaren sorospena erakartzeko, tabernakuluko distiraz betetzen zituen begiak, loreontzi handitan zabalduriko juliana zurien usaina arnasten zuen, eta belarria zabaltzen zion elizako isiltasunari, zeinak ez baitzuen egiten bere bihotzeko zalaparta handiagotu baino.

        Zutitzen ari zen, eta jada bazihoazen, klabera hurbildu zitzaienean arin-arian, esanez:

        — Madame, dudarik gabe, ez da hemengotarra. Madamek nahi al du elizako bitxitasunak ikusi?

        — Ezetz! oihukatu zuen urgazleak.

        — Zergatik ez? hasi zen Emma.

        Zeren bere bertute kordokariaz Amabirjinari, eskulturei, hilobiei, aukera guztiei atxikitzen baitzitzaien.

        Beraz, ordenuz jardutearen amoreagatik, klaberak sarreraraino gidatu zituen, plaza ondora, eta han, harlosa beltzezko zirkulu handi bat, inolako izkiribu edo zizeldurarik gabe, bere makilaz seinalatuz:

        — Horra hor, ekin zion majestuoski, Anboiseko kanpai ederraren zirkunferentzia. Berrogei mila libra pisatzen zuen. Ez zegoen hura adinako beste bat Europa osoan. Hura galdaztu zuen langilea, egin izanaren bozkarioz hil zen...

        — Goazen, esan zuen Leonek.

        Gizonak aurrera segitu zuen; gero, Amabirjinaren kaperara itzulirik, erakuspen-keinu sintetiko batean luzatu zituen besoak, eta, laborari etxagun batek bere keretak erakusten dizkizun baino harroago:

        — Harlosa xinple honek estaltzen du Pierre de Brézé, Varenneko eta Brissaceko jauna, Poitouko mariskal handia eta Normandiako gobernaria, Montlhéryko batailan hila, 1465.eko uztailaren 16an.

        Leonek, ezpainei hozka, zorua ostikatzen zuen.

        — Eta, eskuinetan, burdinaz zeharo estalitako aitonseme hau, zaldi aztoratu baten gainean, bere biloba Louis de Brézé da, Breval eta Montchaubeteko jauna, Maulevriereko kondea, Maounyko baroia, erregeren txanbelana, Ordenako zalduna eta era berean Normandiako gobernaria, 1531.eko uztailaren 23an hila, igande batez, izkiribuak dioen bezala; eta behealdean, hilobira jaisteko prest dagoen gizon hori, berbera duzue. Inolaz ere ezin daiteke, ez al da hala?, ezdeustasunaren irudikapen bikainagorik ikusi.

        Madame Bovaryk bere betaurrekoak hartu zituen. Leon, ekuru, begira zeukan, hitz bat bera ere berriz esaten, keinu batño ere egiten saiatu gabe, hainbesterainoxe sentitzen zen etsiturik hizjarioaren eta antsigabekeriaren aldeko delibero bikoitz haren aurrez aurre.

        Betiko erakuslea segi eta segi:

        — Bere ondoan, belauniko negarrez ari den emakume hau bere emaztea da, Diane de Poitiers, Brézéko kondesa, Valentinoisko dukesa, 1499.ean jaioa, 1566.ean hila; eta, ezkerretan, haur bat daraman hau, Amabirjina. Orain, jira zaitezte alde honetara: hona hemen Amboisetarren hilobiak. Biak kardinal izan ziren eta Rouengo artzapezpiku. Hemengo hau Louis XII. erregearen ministro zen. On asko egin zion katedralari. Bere testamentuan hogeita hamar mila eskutu kausitu ziren pobreentzako.

        Eta, gelditu gabe, hitz egin ala, barandaz gainezkako kapera batera bultzatu zituen, batzuk baztertu zituen, eta gaizki egindako estatua bat eskierki izan zitekeen bloke antzeko bat azaldu zuen.

        — Garai batean, esan zuen hasperen luze batez, Rikardo Lehoi-Bihotz, Ingalaterrako errege eta Normandiako dukearen hilobia apaintzen zuen. Calvinistak izan ziren, jauna, egoera honetara bihurtu zutenak. Zitalkeriaz, lurpean hobiratu zuten, Monsignoreren aulki episkopalaren pean. Hona hemen, Monsignore bere egongura sartzen den area. Goazen Zorroterako leiarreriak ikustera.

        Baina Leonek atera zuen arin-arin bere patrikatik txanpon zuri bat eta Emmari besotik heldu zion. Klabera zeharo txunditurik geratu zen, garaiz kanpoko eskuzabaltasun hura ulertzen ez zuela, arrotzari artean hainbeste gauza geratzen zitzaiolarik ikusteko. Beraz, deika:

        — Eh! monsieur. Dorrepunta! Dorrepunta!...

        — Mila esker, esan zuen Leonek.

        — Monsieur oker dago! Laurehun eta berrogei oinbete du, Ejiptoko piramide handiak baino bederatzi gutxiago. Dena galdazkoa da, eta gainera...

        Leon ihesi zihoan; zeren, iruditzen zitzaion, bere maitasuna, zeina, ia bi ordu hartan, elizan eskantitua baitzen harriak bezala, orain airetan galtzera zihoala kelaino baten gisa hodi trenkatu, kaiola luzanga, tximinia sare antzeko hartatik barrena, zeina hain xelebreki ozartzen baitzen katedralaren gainean, perzkile fantasiatsu baten entsegu bitxi baten antzo.

        — Nora goaz ba? zioen damak.

        Erantzun gabe, Leonek aurrera segitzen zuen pauso biziz, eta jada madame Bovary bere behatza ur bedeinkatutan bustitzen ari zen, beren atzean entzun zutenean arnas bortitz bat hatsanka, makila baten jauziek tarteka erregularki etenda. Leon jiratu zen.

        — Monsieur!

        — Zer?

        Eta klabera hauteman zuen, bere besapean eta sabelaren kontra orekan mantenduz hogeikoren bat liburutzar azaleztatu zeramala. Katedralari buruz tratatzen zuten obrak ziren.

        — Inozoa! marmartu zuen Leonek elizatik kanpora oldartuz. Elizatarian mutiko bat zebilen aputika.

        — Hoa lando baten bila!

        Haurra bala bat bezala abiatu zen, Quatre-Vents kalean barrena; biak bakarrik geratu ziren minutu batzuez, aurrez-aurre eta apur bat urduri.

        — Ah, Leon!... Benetan... nik ez dakit... ongi ote dagoen...!

        Hala mindulikatzen zuen. Gero, aire serios batez:

        — Oso desitxurosoa da, badakizu?

        — Zertan? ihardetsi zuen urgazleak. Parisen egiten da!

        Eta hitz honek, argudio iharduki-ezin baten gisa, deliberatu zuen.

        Artean landoan ez zen heltzen. Leon beldur zen Emma ez ote zen berriro elizan sartuko. Noizbait ere azaldu zen landoa.

        — Gutxienez ere iparraldeko atetik irten zaitezte behintzat! oihukatu zien atalasean geratua zen klaberak, Berpizkundea, Azken Iudizioa, Paradisua, Dabid Erregea eta Zorigaiztokoak infernuko garretan ikusteko.

        — Jauna nora doa? galdetu zuen kotxeroak.

        — Nahi duzun lekura! esan zuen Leonek Emmari kotxe barrura bultza eginez.

        Eta makina astuna ibiltzen hasi zen.

        Rue Grand-Pont jaitsi zuen, Place des Arts, Quai Napoleon, Pont Neuf zeharkatu zituen eta planto geratu zen Pierre Corneilleren estatuaren aurrean.

        — Segi! esan zuen barnetik irten zen ahots batek.

        Kotxea berriro abiatu zen, eta, La Fayette bidagurutzetik aurrera, aldapa-behera eramaten utziaz, trenbideko geltokian sartu zen asapala handian.

        — Ez, zuzen aurrera! egin zuen deiadar ahots berak.

        Landoa irten zen burdinesietatik, eta berehala, ibilbidera heldurik, trosta apalean jarraitu zuen, zumar handien artean. Kotxeruak bekokia xukatu zuen, larruzko kapelua izterren artean ipini zuen eta kotxea zeharkaleetatik kanpora eraman zuen, uraren ertzera, belarretatik hurbil.

        Ibai-hegian barrena joan zen, uharriz zolaturiko zirga-bidean barrena, eta, luzaro, Oyssel aldetik, irlez haindian.

        Baina, bat-batean, jauzi batez habailatu zen Quatremares, Sotteville, La Grand-Chaussée, rue d'Elbeuf barrena, eta hirugarren geldiunea egin zuen jardin des Plantes aurrean.

        — Segitzeko ba! oihukatu zuen ahotsak haserreago.

        Eta segituan, berriro bere bideari helduz, iragan zituen Saint-Sever, Quai des Curandier, Quai aux Meules, berriro ere zubia, Champs de Mars plaza eta ospitaleko jardinen atzealdea, non beltzez jantzitako agure batzuk baitzebiltzan eguzkitan paseoan, huntzez erabat berdeturiko terraza batean. Bouvreil boulebarda igo zuen, boulevard Cauchoise egin zuen, gero, Mont-Riboudet osoa Devilleko aldaparaino.

        Itzuli egin zen; eta orduan, deliberorik eta norakorik gabe, menturaren menturan, alderrai ibili zen. Ikusi zuten Saint-Pol-en, Lescure-n, Gargan mendian, Rouge-Mare-n eta Gaillardbois plazan; Maladrerie kalean, Dinanderie kalean, Saint-Romain aurrean, SaintVivien, Saint-Maclou, Saint-Nicaise, Douane aurrean, Basse-Vieille-Tour-en, Trois-Pipes-en eta Cimetière Monumental-en. Aldian behin, kotxeroak, bere aulki gainean, etsipen begiradak botatzen zituen tabernetara. Ez zuen ulertzen zein ibili-behar-amorruk bultzatzen zituen bi haiek inolaz ere gelditu nahi ez izateko. Batzuetan saiatzen zen, eta berehalakoan entzuten zituen bere atzean haserre-oihuak jalgitzen. Orduan fin zihoztatzen zituen bere bi xamalko patsetan izerdituak, baina zabukadei kontu egin gabe, han-hemenka bazterrak ferekatuz, arretarik gabe, desmoralizaturik, eta ia negarretan egarriz, nekez eta tristuraz.

        Eta portuan, kamioi eta upel artean, eta kaleetan, zedarri ertzetan, hiritarrek begiak zabal-zabal irekitzen zituzten probintzietan hain bitxia zen gauza haren aurrean txunditurik, kotxe bat errezelak itxirik, eta horrela behin eta berriz segidan azaltzen, hilobi bat hain hertsiago eta itsasuntzi bat bezala kulunka.

        Halako batean, egunaren erdian, landan bete-betean, argiontzi zilarreztatu zaharren kontra eguzkiak bortizkien jotzen zuen momentuan, esku biluzi bat pasa zen oihal horizko errezel txikien azpitik eta paper-zati zarratatuak bota zituen, zeinak haizetan barraiatu baitziren eta urrunago abaildu, tximeleta txuriren gisa, hirusta gorri lorebeteko zelai batean.

        Gero, seiak aldera, Beauvoisine auzaldeko kalexka batean gelditu zen kotxea, eta bertatik jaitsi zen, beloa eraitxirik oinez, burua jiratu gabe joan zen emakume bat.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia