—XV—

 

        Jendea hormaren kontra geratzen zen, baranda batzuen artean simetrikoki aparkaturik. Inguruko kaleen ertzetan, egundoko afitxe batzuk letra barrokotan errepikatzen zuten: «Lucie de Lammermoor ... Lagardy ... Opera... e.a.». Eguraldi ederra egiten zuen; bero zen; izerdia jaisten zen kizkurretan barrena, musuzapi guztiak aterata bekoki gorriak xukatzen zituzten; eta tarteka ibaitik zetorren haize epel batek emeki erabiltzen zituen kafetegitxoen ateetan zintzilikaturiko kotizko kaparren mendelak. Pixka bat beraxago halere, gantz, larru eta olio usaina zuen aire izoztuzko jaidura batek freskatzen zuen. Upelak iraulkatzen diren biltegi beltz handiz betetako rue des Charrettesko balada zen.

        Barregarri azaltzeko beldurrez, Emmak, sartu aurrez, portu aldetik ibilalditxo bat egin nahi izan zuen, eta Bovaryk, zuhurtziaz, eskuan gorde zituen txartelak, galtzen patrika barruan, bere sabelaren kontra tinkaturik.

        Atalondotik bertatik bihotza taupadaka hasi zitzaion Emmari. Nahiezta irribarre egin zuen harrokeriaz, eskuinera beste korridorean barrena lehiatzen zen jendetza ikustean, aldiz bera printzipalen eskilara igotzen ari zelarik. Plazer izan zuen haur baten gisa ate zabal tapizatuak bere behatzaz bultzatzen; bularra betean arnastu zuen barnebideetako usain hautseztatua, eta, bere palkoan eseri zenean, dukesa baten aisatasunez lerdendu zuen gerria.

        Aretoa betetzen hasia zen, prismatikoak ateratzen zituzten beren xixkuetatik, eta abonatuak, urrunetik elkar hautemanez, elkarri agurka ari ziren. Salmenten kezketatik arte ederretan atseden hartzera zetozen; baina negozioak ahaztu gabetanik, artean ere algodoiaz, laurogeita bost gradutako alkoholaz edo indigoaz mintzo ziren. Han ikusten ziren zaharren buruak, espresiogabeak eta baketsuak, eta zeinak, ilez eta larrantzez zurizka, berunezko gandu batez histutako zilarrezko dominak baitziruditen. Gazte galantak etsarian hanpurutzen ziren, beren maripulixaren irekiduran korbata arroxa edo berde-sagarra hedaturik; eta madame Bovaryk miretsi egiten zituen goitik, urrezko heldulekudun eskumakiletan beren eskularru horien ahur atezutua tinkatzen.

        Horretan, orkestako kandelak piztu ziren; argiarmiarma jaitsi zen sabaitik, bere kristal-aldexken leinuruarekin sosteko alaitasuna aretoan isuriaz; gero musikariak sartu ziren bata bestearen ondoren, eta hasieran xaribari luze bat izan zen, baxuak burrundaka, arrabitak kirrinka, turutak tronpetaka, txilibistak eta txirulak txioka. Baina hiru kolpe entzun ziren eszenan; tinbalen arrada bat hasi zen, kobrezko instrumentuek errepikatu zituzten akordeak, eta oihalak, altxatuz, paisaia bat utzi zuen agerian.

        Baso bateko bidegurutze bat zen, iturri batekin, ezkerretan, haritz batek gerizpeturik. Herritarrak eta jaunak, burusia lepoan, ehiza-kantu bat ari ziren guztiak batera kantatzen; gero kapitain bat azaldu zen gaitzaren aingeruari deika bere bi besoak zerurantz jasorik; beste bat agertu zen; joan ziren, eta ehiztariek berriro ekin zioten.

        Berriro bere gaztaroko irakurketetan kausitzen zen, Walter Scottenean bete-betean. Entzuten ari zela iruditzen zitzaion, lainotan barrena, kornamusa eskoziarren doinua txilarretan errepikatzen. Bestalde, nobelaren oroipenak librettoaren ulerpena errazten zionez, esaldirik esaldi jarraitzen zuen joko nahasia, anartean bururatzen zitzaizkion pentsamendu atxikiezinak musikaren burrunbapean berehalakoan barreiatzen zirelarik. Melodien kulunketan nagitzen zen eta bere burua sentitzen zuen dardarikatzen bere izate osoaz, arrabiten arkuak bere nerbioetan barrena pasiatuko balira bezala. Ez zeukan aski begi betesteko jantziak, apainduriak, pertsonaiak, oinez ibiltzean ikara egiten zuten zuhaitz pintatuak, eta balusazko bukozapiak, longainak, ezpatak, beste mundu bateko eguratsean bezala harmonian higitzen ziren irudikapen haiek guztiak. Baina emakume gazte bat aurreratu zen poltsa bat jaurtikiaz zaldizko berde bati. Bakarrik geratu zen, eta orduan txilibista bat entzun zen zeinak iturriaren murmurioa bezala edo txoriaren txirulia bezala egiten baitzuen. Ahaire bihoztunez ekin zion Luciek sol nagusiko bere kabatinari; maitasunez arrenkuratzen zen, hegoak eskatzen zituen. Emmak, era berean, nahi izango zukeen, bizitzari ihesiaz, besarkada batean hegaztatu. Bat-batean, Edgar Lagardy azaldu zen.

        Hegoaldeko arraza sutsuei marmolen maiestatetik zertxobait ematen dien zurbiltasun dirdaitsu horietakoa zeukan. Bere soin indartsua kolore nabarreko gerrontze batean hertsaturik zuen; sastakai txiki zizelatu bat zuen tapaka ezkerreko iztar gainean, eta nagiduraz errestatzen zituen begiradak bere ertz zuriak azalduz. Ziotenez, arrats batez Miarritzeko hondartzan, non txalupak istinkatzen baitzituen, haren kantua entzutean, printzesa poloniar bat hartaz maitemindu omen zen. Harengatik bere sosak suntsitu zituen. Mutilak bertan behera utzi zuen beste emakume batzuen amoreagatik, eta aipu sentimental honek bere ospe artistikorako serbitu baino ez zuen egiten. Komeriante diplomatiko honek artera ere hartzen zuen karteletan esaldi poetikoren bat beti ere labainarazteko bere pertsonaren lilurari eta bere arimaren sentiberatasunari buruz. Ahots ederra, zentzutasun asaldakaitza, tenperamentua gehiago inteligentzia baino, enfasia gehiago lirismoa baino, hauek ziren, berritsu-natura miresgarri haren goratzea burutzen zurenak, zeinak bai baitzeukan ilemozkinetik eta toreadoretik zerbait.

        Lehen eszena orduko sutarazi zuen jendea. Lucie bere besoetan estutzen zuen, uzten zuen, itzultzen zen, etsiturik zirudien: haserre-brastakoak zituen, gero hondargabeko samurdurazko karranka elegiakoak, eta notak han jalgitzen ziren bere lepo biluzitik, zotinez eta musuz beterik. Emma makurtu egiten zen hura ikusteko, bere palkoko balusa bere azkazalez hatzamartuz. Bihotza betetzen zuen heiagora melodiatsu haiez zeinak lerratzen baitziren kontrabaxuen laguntzaz, itsasoan galdutakoen garrasiak ekaitzaren abarrots artean bezala. Hiltzeko zorian edukia zuten horditasun era herstura haiek guztiak kausitzen zituen. Kantoresaren ahotsa ez zitzaion iruditzen bere kontzientziaren oihartzuna baino zenik, eta liluratzen zuen ilusio hura beraren bizitzako zertxobait. Baina munduan inork ez zuen halako maitasunaz maitatu. Hark ez zuen Edgarek bezala negar egiten, azkeneko arratsean, ilargi argitan, elkarri esaten ziotenean: «Bihar arte; bihar arte!...». Aretoa lehertzear zegoen gorahotsen artean; berriro ekin zioten 'strette' osoari; maitaleak beren hilobiko loreez mintzo ziren, zin-hitzez, erbesteratzeaz, halabeharraz, itxaropenez, eta, azken agurra jaurti zutenean, Emmak garrasi zorrotz bat bota zuen, azken akordeen dardarizoarekin nahastu zelarik.

        — Zergatik du ordea jaun hori jazarrika? galdetu zuen Bovaryk.

        — Ez gizona, erantzun zuen Emmak; bere amorantea da.

        — Alabaina bere familiaren gain mendeku hartzea zin egiten du, eta aldiz besteak, lehentxeago etorri denak, esaten zuen: «Nik Lucie maite dut, eta berak maite nauela uste dut». Bestalde, bere aitarekin joan da, besoa besoan. Zeren hain zuzen bere aita da, ez al da hala, bere kapeluan oilar-luma bat daraman txiki itsusi hori?

        Emmaren esplikazioak gorabehera, Gilbertek bere nagusi Ashtoni bere zimarku nazkagarriak azaltzen dizkion duo errezitatuaz gero, Charlesek, Lucie atzipetu bide duen ezkontitz-eraztun faltsoa ikusirik, Edgardek igorritako maitasun-oroikarri bat zela pentsatu zuen. Aitortzen zuen, bestalde, istorioa ez zuela ulertzen, —musikaren erruz— asko nahastatzen baitzituen hitzak.

        — Zer axola du? esan zion Emmak; zaude isilik!

        — Baina niri ordea, berriro Charlesek haren sorbalda gainera makurturik, jakinaren gainean egotea gustatzen baitzait, hori badakizu.

        — Zaude isilik! ixo! esan zuen Emmak ernegaturik.

        Lucie aurreratu zen, bere emakumeek erdi sostengaturik, laranja-lorezko koroa bat adatsean, eta bere soinekoaren saten zuria baino zurikailago. Emma bere ezkontzako egunaz oroitzen zen; eta han berrikusten zuen bere burua, galsoroen erdian, bidexkan barrena, elizarantz zihoazenean. Eta berak ordea zergatik ez zuen, honek bezala, jarki, erregutu? Bera, aitzitik, pozik zegoen, zein hondaletan amiltzen ari zen ohartu gabe. Ah! baldin eta, bere edertasunaren freskuran, ezkontzako lohiduren eta adulterioko desilusioaren aurrez, bere bizitza bihotz handi tinko baten baitan ipini ahal izan balu, orduan bertutea, txera, irritsak eta betebeharra bateraturik, inoiz ez zatekeen jaitsiko dohatasun hain gorenetik. Baina zorion hura, zalantzarik gabe, nahikunde ororen etsipenerako asmaturiko gezur bat zen. Berak orain ezagutzen zuen grinen txikitasuna, zeina arteak bapikatzen baitzuen. Beraz hartatik bere pentsamendua aldentzen saiatuz, Emmak bere oinazeen errepikapen honetan begien atseginerako fantasia plastiko bat baino gehiago ez ikustea nahi zuen, eta berekiko irribarre ere egiten zuen kupida erdeinari batez, non eta antzokiaren zokoan, balusazko ateoihalen pean, longain beltz batez gizon bat azaldu zenean.

        Espainol erako bere kapelu handia, egin zuen aieru batean erori zen; eta berehala instrumentuek eta kantariek seikoari ekin zioten. Edgarek, haserrebiziz pindarka, beste guztiak menperatzen zituen bere ahots zoliagoaz; Ashtonek nota lodiagotan axut gizahiltzaileak jaurtikitzen zizkion; Luciek bere auhen zorrotza botatzen zuen; Arthurek aparte modulatzen zituen doinu ertainak, eta ministroaren baxu-ahotsak organo baten gisa burrunbatzen zuen, bitartean emakumeen ahotsek, haren hitzak errepikatuz, koruan ekiten ziotelarik, zoragarri. Guztiak errenkada berdinean zeuden imintzioka; eta amorrua, mendekua, jelosia, izularria, urrikalmendua eta txundidura aldi berean jalgitzen ziren haien aho erdirekietatik. Amurus laidotuak bere ezpata biluziari eragiten zion: bere iduneko farfaila brastadaka altxatzen zen, bere bularraren mugimenduen arabera, eta eskuinalderantz eta ezkerralderantz zebilen, urrats handika, orkatiletan lasatzen ziren bere bota bigunetako ezproin gorriztei oholzolaren kontra zarata eraginez. Amodio agortezina eduki behar zuen nonbait, pentsatzen zuen Emmak, halako jario oparoak jendetzarengana isurtzeko. Bere erdeinu-gurari guztiak suntsitzen ziren mendean hartzen zuen antzerki-pertsonaiaren poesiaren pean, eta, pertsonaiaren lilurak gizonarengana lerraturik, haren bizitza irudikatzen saiatu zen, bizitza durundatsu hura, bikaina, apartekoa, berak eraman ahal izango zukeena horratio, baldin eta halabeharrak nahi izan balu. Elkar ezagutuko zuketen, elkar maiteko zuketen! Harekin, Europako erresuma guztietan barrena, hiribururik hiriburu bidaiatuko zukeen, haren nekeen eta haren harrotasunaren partaide, hari botatzen zizkioten loreak bilduz, haren jantziak berak brodatuz; gero, arratsero, palko bateko zokoan, urrezko zurkaiztun hesi baten atzean, berak jasoko zituzkeen, ahozabalik, berarentzat baino kantatuko ez zukeen arima haren jaulkipenak; eszenatokirik, jokatzen ari zen bitartean, berari begiratuko ziokeen! Baina zoraldi batek harrapatu zuen: berari begira zegoen, ziur! Haren besoetara jausteko gogoa izan zuen haren indarrean babestera, maitasunaren beraren haragipenean bezala, eta hari esateko, oihukatzeko gogoa: «Har nazazu, eraman nazazu, goazen! Zuretzat, zuretzat! aire sugar guztiak eta nire amets guztiak!».

        Oihala jaitsi zen.

        Gasaren usaina hats-bafadekin nahasten zen; haizemaileen haizeak are itogarriago bihurtzen zuen eguratsa. Emmak irten nahi izan zuen; korridoreak jendez gainezka zeuden, eta berriro bere besaulkian erori zen pilpiraz hatsankaturik. Charles, zorabiatzen ikusteko beldur, kantinara joan zen korrika baso bat arbendoluraren bila.

        Nahiko lan izan zuen bere tokira itzultzen; zeren, bere eskuetan helduta zuen basoa medio, ukondoetan jotzen baitzuten urrats bakoitzeko, eta hiru laurden isuri ere egin zuen mahuka motzetako emakume Rouendar baten bizkar gainean, zeinak, likido hotza gultzurrunetan behera jarioan sentiturik, pauma-garrasiak bota baitzituen, hil balute bezala. Bere senarra, irule bat, traketsaren kontra asaldatu zen; eta, emazteak bere musuzapiaz gerezi-koloreko tafetanezko bere soineko ederrean orbanak xukatzen zituen bitarrean, senarrak kalte-galera, gastu, ordain hitzak marmarkatzen zituen tonu zakarrez. Noizbaitekoan, Charles iritsi zen bere emaztearen albora, eta hatsalbo esan ondoren:

        — Uste nuen bertan geratuko nintzela, alafede! Zer nolako jendetza!... jendearen emana!...

        Erantsi zuen:

        — Ea asmatzen duzun norekin topo egin dudan han goian. Monsieur Leon!

        — Leon?

        — Berbera! Zu agurtzera etortzekotan da.

        Eta, hitz hauek bukatzen ari zela, Yonvilleko urgazle-ohia sartu zen palkoan.

        Eta aitonen-semeren ganoraz luzatu zuen eskua; eta madame Bovaryk oharkabean aurreratu zuen berea, eskierki borondate bortitzago baten erakarpenari obedituz. Hosto berdeen gainera euria ari zuen udaberriko arrats harez gero sentitu gabe zuen, leihoaren ondoan zutik elkarri agur esan ziotenez gero. Baina, segituan, egoeraren moduzkotasunaz oharturik, bere oroitzapenen zurrundura hura eginahaleko batean astindu zuen eta esaldi arin batzuk zezelkatzen hasi zen.

        — Ah! arratsaldeon... Nolaz! zu hemen?

        — Ixo! egin zuen ahots batek etsaritik deiadar, zeren hirugarren ekitaldia hasten ari baitzen.

        — Rouenen zaude beraz?

        — Bai.

        — Noiztik?

        — Kalera! kalera!

        Jendea berenganantz jiratzen zen; isildu egin ziren.

        Baina, momentu hartatik hasita, Emmak ez zuen gehiago entzun; eta gonbidatuen korua, Ashton eta bere sehiaren eszena, re nagusian duo bikaina, dena urruntasunean iragan zen bere baitan, instrumentuak ozentasunez eskasagoak eta pertsonaiak gibelatuagoak bilakatu izan balira bezala: botikarioareneko karta jokaldiez oroitzen zen, eta inudearen etxerako ibilaldiaz, pendizpeko irakursaioez, eta sutondoko hitzaspertuez biak elkarrekin, maitasun gaixo hartaz hain barea eta hain luzea, hain zuhurra, hain samurra, eta berak halere ahantzia zuena. Zergatik itzuli zen? Zein mentura-konbinaziok kokatzen zuen berriro bere bizitzan? Bere atzean zegoen, bizkarra trenkaduraren kontra tinkaturik; eta, aldian behin, bere baitan dardari sentitzen zen, adatsera jaisten zitzaion haren sudurren arnas epelaren pean.

        — Laket al duzu han? esan zion Leonek bere gainean makurturik hain hurbil non bibotearen puntaz masaila ferekatu baitzion. Emmak erantzun zuen soraioki:

        — Oh! ene ba, ez! ez asko.

        Orduan antzokitik irtetea proposatu zuen, elatua hartzera norabait joateko.

        — Ah! oraindik ez! gera gaitezen! esan zuen Bovaryk. Emakumeak adatsa solte du: tragikoa izango dela esango nuke.

        Baina zoramenaren eszena Emmari ez zitzaion fitsik interesatzen, eta kantoresaren jokamoldea bapikatua iruditu zitzaion.

        — Bortitzegi egiten du garrasi, esan zuen Emmak, entzuten ari zen Charlesengana itzulirik.

        — Bai... agian... apur bat, ihardetsi zuen, bere plazeraren sanotasunaren eta bere emaztearen aburuekiko zuen begirunearen artean ezin erabakirik.

        Gero Leonek esan zuen hats-beheraka:

        — Zer bero egiten duen...

        — Jasan ezinekoa! egia da.

        — Gaitziturik al zaude? galdetu zuen Bovaryk.

        — Bai, itotzeko zorian: goazen.

        Monsieur Leonek leunkiro ipini zion bere sorbalden gainean farfailazko bere txal luzea, eta hirurak portu gainean esertzera joan ziren, haize zabalean, kafetegi bateko leihartzaren aurrean. Lehenik gaixoaldiaz mintzatu ziren, nahiz eta Emmak hitza moztu aldian-aldian Charlesi, monsieur Leon aspertzeko beldurrez, damak berak zioenez. Leonek kontatu zien, bi urte pasatzera zetorrela Rouenera garrantzi handiko estudio batean, eginkizunei gogor ekiteko helburuz, hauek desberdinak baitziren Normandian Parisen erabiltzen zituztenen aldean. Gero Berthez galdetu zuen, Homais familiaz, Lefrançois atsoaz; eta, senarraren aurrean, elkarri esateko besterik ezer ez zeukatenez, berehala itzali zen elkarrizketa.

        Ikuskaritik irten ziren batzuk espaloian pasatu ziren, ahopean nahiz eztarria betean kantatuz: O bel ange, ma Lucie! Orduan Leon, zaletuarena egiteko, musikari buruz hitz egiten hasi zen. Ikusiak zituen Tamburini, Rubini, Persiani, Grisi; eta haien aldean, Lagardyk, bere deiadarrak gorabehera, ez zuen tutik balio.

        — Alabaina, iharduki zuen Charlesek bere ron-izozkiari aminika hozka eginez, azkeneko ekitaldian zeharo miragarria dela diote behintzat; lastima da bukaera baino lehen aldegin izana, zeren hasia bainintzen gustua hartzen.

        — Nolanahi ere, berriro urgazleak, beste emanaldi bat laster izatekotan da.

        Charlesek erantzun zuen, biharamunean berean bazihoazela.

        — Nolaz eta, erantsi zuen bere emaztearengana itzulirik, zuk bakarrik geratu nahi ez baduzu behintzat, nire kuttun horrek.

        Eta, bere esperantzari eskaintzen zitzaion ustekabeko aukera honen aurrean maliobra aldatuz, Lagardyren azken puskari buruzko laudorioari ekin zion gizon gazteak. Hura apartekoa zen, sekulakoa! Orduan Charlesek erautsi zuen:

        — Igandean etorriko zara. Ea ba, delibera zaitez! oker zaude, baldin eta horrek on egiten dizula pittin bat bederen sentitzen baduzu.

        Bitarte horretan mahaiak, inguruan, husten ari ziren; zerbitzari bat etorri zen sotilki beren ondoan paratzera; Charlesek, ulertu baitzuen, bere poltsa atera zuen; urgazleak besotik eutsi zion, eta ez zitzaion ahaztu ere noski, beste bi txanpon zuri gehiago uztea, marmolaren kontra txintxin-hotsa atera arazi zielarik.

        — Haserre nago, benetan, marmaratu zuen Bovaryk, zuk diru hori...

        Besteak keinu erdeinati bat egin zuen txeraz beterik, eta, bere kapelua hartuz:

        — Konforme beraz, ez da hala? bihar seietan.

        Charlesek errepikatu zuen beste behin ere, berak ezin zezakeela luzaroago kanpoan geratu; baina ezerk ez zion eragozten Emmari...

        — Bai baina..., zezelkatu zuen damak irribarre bitxi batekin, nik ez dakit ba...

        — Begira! pentsatuko duzu, ikusiko dugu, gauak aholkua dakar...

        Gero Leoni, beraiekin baitzihoan:

        — Orain berriz ere gure alderdi hauetan zaitugunez, etorriko zara, hala espero dut behintzat, aldian behin afaria eskatzera, ez?

        Urgazleak baietsi zuen ez zuela huts egingo, bestalde Yonvillera joan beharrean baitzegoen bere estudioko gorabehera baterako. Eta Saint-Herbland pasabidearen aurrean banandu ziren, katedralean hamaika t'erdiak jotzen ari ziren momentuan.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia