—XIV—

 

        Hasteko, ea zekien nola moldatu Homaiseri bere etxetik hartutako medikamendu guztiak medeatzeko; eta, nahiz eta, mediku gisa, haiek ez pagatzea posible zukeen arren, eskerzor horrek apur bat lotsarazi egiten zuen horratio. Gero, etxeko gastua, orain sukaldarisa etxekoandre izaki, izugarria bilakatzen zen; pagakizunak zaparradaka heltzen ziren etxera; hornitzaileak marmarrean zebiltzan; batipat monsieur Lheureuxek estu hartzen zuen. Eskierki, Emmaren gaixoaldiaren gogorrenean, hark, bere faktura bapikatzeko abaguneaz baliatuz, berehala eraman zituen berokia, gauetarako poltsa, baten lekuan bi kaxa, eta beste gauza pila bat ere. Charlesek alferrik esan zion haien beharrik ez zeukala, merkatariak harro erantzun baitzion eroskari haiek guztiak enkargatu zitzaizkiola eta ez zituela beretzako hartuko; bestalde, Madame bere eriondoan gaitzitzea zatekeela; Monsieurak gogoetatuko zuela; labur, pronto zegoela auzitara eramateko, bere eskubideak bertan behera utzi eta bere merkantziak atzera bueltan eraman baino lehen. Haiek dendara itzultzeko agindu zuen Charlesek; Feliciteri ahaztu egin zitzaion; Charlesek berak bazuen beste kezkarik; hartaz ez zuten gehiago pentsatu; monsieur Lheureux erasoan itzuli zen, eta, oraintxe mehatxuka oraintxe zinkurinaka, halaxe maniobratu zuen non Bovaryk azkenean ordainduko bat sinatu baitzion sei hilabeteko epeaz. Baina ordaindukoa sinatu orduko, ideia ausart bat piztu zitzaion: monsieur Lheureuxi mila libera mailegutan hartzea alegia. Beraz, galdetu zuen, urduri trazaz, ea ez ote zegoen diru hura lortzeko modurik, urtebeterako eta nahi zen korrituan izango litzatekeela erantsiz. Korrika joan zen Lheureux bere dendara, eskutuak ekarri zituen eta beste ordainduko bat diktatu zuen, zeina medio Bovaryk deklaratzen baitzuen ordaindu behar zuela haren agindura, hurrengo irailaren 1ean, mila eta hirurogeita hamar libera kopurua; horrek, aurrez itunduriko ehun eta laurogeiekin, zehazki mila eta berrehun eta berrogeita hamar egiten zuelarik. Horrela, ehuneko seian mailegutuz, gehi laurden bat komisioa, eta hornidurak gutxienez heren bat ona irabazitan uzten ziolarik, horrek, hamabi hilabetetan, eman behar zion ehun eta hogeita hamar liberatako mozkina; eta negozioa horretan ez zela bukatuko espero zuen, ordaindukoak ezin izango zituztela pagatu, berritu egingo zituztela, eta bere diru gaixoa, medikuarenean osasun-etxe batean bezalaxe elikatu ondoren, itzuliko zitzaiola, egun batez, dexente guriago, eta gizenduta zakua lehertzear.

        Dena, bestalde, ongi zihoakion. Sagardo-hornidura baten adjudikazioduna zen Neufchatelgo ospitalerako; monsieur Guillauminek akzioak agintzen zizkion Grumesnilgo zoikaztegietan, eta Arcueil eta Rouen artean dilijentzia-zerbitzu berria jartzea zuen amets, zeinak luzaro baino lehen, zalantzarik gabe, porrot eragingo baitziokeen Lion d'or-eko tramankulu horri, eta, lasterrago ibiliaz, prezioz merkeago izanez eta atu gehiago eramanez, bere eskuetan ipiniko baitziokeen Yonvilleko merkataritza guztia.

        Charlesek sarritan galdetu zion bere buruari nola ordaindu ahal izango ote zuen, hurrengo urtean, hainbeste diru, eta saiatzen zen bila, irtenbideak irudikatzen zituen, adibidez bere aitarengana jotzea edo zerbait saltzea. Baina bere aitak entzungor egingo zukeen eta berak, berriz, saltzekorik ezer ez zeukan. Orduan, hainbateko estekuak kausitzen zituen non bere kontzientziatik berehala hastantzen baitzuen gogoeta-gai hain desatsegina. Emmaz ahaztea jaukitzen zion bere buruari; halatsu nola, bere pentsamendu guztien jabea emakume hura izaki, etengabe hartaz ez pentsatzea hari zerbait ebastea izan balitz bezala.

        Negua gogorra izan zen. Madameren eriondoa luzea izan zen. Eguraldi ona egiten zuenean, bere besaulkian eramaten zuten leihoaren ondora, Plazara begiratzen zuenera, zeren orain antipatia baitzion jardinari eta alde hartako pertsiana beti itxita egoten zen. Zaldia saltzea nahi izan zuen; garai batean atsegin zuena, orain higuin zuen. Bere ideia guztiak bere burua zaintzera mugatuak ziruditen. Bere ohean egoten zen otamentxoak egiten, neskameari dei egiten zion bere belar-uren berri galdetzeko edo berarekin solasean aritzeko. Bitartean, azokako teilatu gaineko elurrak leinuru zuria jaurtikitzen zuen, ekuru, gela barruan; ondoren, euria izan zen. Eta Emma, egunean-egunean, nolabaiteko herstura batez egoten zen, gertakari hutsalen errepika hutsezinaren zain, nahiz eta haiek ia fitsik ez axola. Hauetarik aipagarriena, arratsean, Hirondelle-ren helera zen. Orduan ostaliersa garrasika hasten zen eta beste ahots batzuk ihardesten zuten, bitarte horretan Hippolyten eskuargiak, goialdean baul bila, ilunpean izar batek bezala egiten zuela. Eguerdian, Charles etxera itzultzen zen; ondoren irten egiten zen; gero Emmak salda bat hartzen zuen, eta, bostak aldera, ilunkastean, eskolatik zetozen haurrek, beren eskalaproinak espaloian errestan, guztiek jotzen zuten beren erregelaz aterpeko teilatertza, batak bestearen ondoren.

        Ordu horretan etorri ohi zitzaion Bournisien jauna bisitan. Bere osasunaz galdetzen zuen, albisteak ekartzen zizkion eta erlijiora zentzatzen zuen, erakargarritasunik falta ez zitzaion hizjariotxo loxinkari batean. Haren sotana ikuste hutsak pizkortu egiten zuen.

        Bere gaixoaldiaren gogorrenean, hiltzorian zegoela uste izan zuen egun batean, jaunartzea eskatu zuen; eta, bere gelan sakramenturako prestakuntzak egiten ari ziren eran, jarabez jositako komoda aldare gisa antolatzen zuten bitartean eta Felicite dalia-lorez lurra ihaurtzen ari zen heinean, zerbait indartsua sentitzen zuen Emmak bere gainean pasatzen, zeinak baitzuen eskantzutzen bere oinazeetatik, hautemate orotatik, sentimendu orotatik. Bere haragi arinduak ez zuen jada pisatzen, beste bizitza bat hasten zen; iruditu zitzaion ezen bere izatea, Jainkoarengana igoaz, maitasun hartan deuseztatzera zihoala lurrunetan suntsitzen den intsentsu piztua bezala. Ur bedeinkatuz ihintzatu zituzten oheko maindireak; apaizak erretiratu zuen kopoi santutik hostia zuria; eta bozkario zerutiar batez ahundurik aurreratu zituen bere ezpainak aurkezten zitzaion Salbatzailearen gorputza onartzeko. Bere etzanguko errezelak malguki puzten ziren bere inguruan, hodeiak antzo, eta komoda gaineko bi kandela piztuen leinuruak gloria itsugarriak bailira iruditu zitzaizkion. Orduan bere buruari erortzen utzi zion, espazioetan barrena entzun ustetan harpa serafikoen kantua eta zeru urdinean hauteman ustetan, urrezko trono batean, palma berdeak zituzten santuen artean, Aita Jainkoa maiestatez erabat distirante, eta, seinale batez, lurrerantz jaitsiarazten zituela suzko hegaldun aingeruak bera besoetan eramateko.

        Ikuskari dirdaitsu honek bere oroimenean iraun zuen amets egin zitekeen gauzarik ederrena bezala; hainbat non orain ahalegintzen baitzen berriro sentsazio hura bereganatzen, zeinak artean irauten baitzuen, baina modu ez hain esklusiboan eta baina eztitasun hura bezain sakonarekin. Bere arimak, burgoikeriaz makituak, atseden hartzen zuen azkenerako kristau-umiltasunean; eta, ahula izatearen plazera dastatuz, Emmak berarengan betesten zuen bere borondatearen suntsimendua, zeinak egin behar baitzien graziaren inbasioei sarbide zabal bat. Beraz bazen zorionaren ordez dohatsutasun handiagorik, beste maitasun bat maitasun guztien gainetik, tartekapenik eta bukaerarik gabea, eta sekula eta beti hazten joango zena! Begiztatu zuen, bere itxaropeneko liluramenduen artean, garbitasun egoera bat lurraz gainetik flotatzen, zeruarekin nahasturik, non egotea aspiratu baitzuen. Santa bilakatu nahi izan zuen. Errosarioak erosi zituen, kutunak jantzi zituen; bere gelan, oheburuan, erlikitegi bat eduki nahi zuen, esmeraldaz gardainatua, arratsero musukatzeko.

        Apaiza miresturik zegoen xedapen guzti haiengatik, nahiz eta Emmaren erlijioak, bere iritzirako, amai zezakeen arren, suharduraren poderioz, heresia edota nabarmenkeria ere ferekatzen. Baina, gai hauetan oso trebea ez zenez, hauek halakoxe neurri bat gainditzen zuten heinean, monsieur Boulardi, Monsignorearen liburuzainari, idatzi zion hark bidal ziezaion zerbait bikaina sexuko pertsona batentzat, zeina gogamenez jantzia baitzen. Liburuzainak, beltzei pirtxileria igorriko liekeen adinako ezaxolaz, nahas-mahas bildu zuen errezo-libururen negozioan garai hartan erabili bide zen oro. Galderaz eta erantzunezko eskuliburu txikiak ziren, tonu harroko panfletoak M. de Maistreren erara, eta nobela gisako batzuk arroxaz kartonatuak eta estiloz melengak, seminarista koblakari edo marimaistra damuturen batzuek fabrikatuak. Han zeuden Pensez-y bien; l'Homme du monde aux pieds de Marie, par M. de ***, décoré de plusieurs ordres; des Erreurs de Voltaire, à l'usage des jeunes gens eta abar.

        Madame Bovaryk ez zeukan artean adimena nahiko argia edozertan ere serioski saiatzeko; bestalde, harrapazkaegi ekin zien irakurketa hauei. Haserretu egin zen kultuaren aginduen kontra; idatzi polemikoen harropuzkeria higuin izan zuen, berak ezagutzen ez zuen jendea jazartzeko era hankerrarengatik; eta erlijioz eraberrituriko ipuin profanoak, munduari buruzko hainbesterainoko ezjakinkeriaz idatziak iruditu zitzaizkion non berak froga-aiduru zeuzkan egietatik haiek hastandu baitzuten ezarian. Alabaina berak gogor jarraitu zuen, eta, liburua eskuetatik erortzen zitzaionean, arima etereo batek sor zezakeen malenkonia katoliko finenak atzitutzat ematen zuen bere burua.

        Rodolpheren oroipenari dagokionez, bere bihotzaren azkeneko zokoraino eraitsia zuen; eta han irauten zuen, errege-momia bat lurpe batean baino solemneago eta ekuruago. Maitasun handi baltsamatu hartatik hats-laino bat jalgitzen zen zeinak, orotan barrena iraganez, samurduraz lurrintzen baitzuen Emmak bizi izan nahi zuen orbangabepenezko eguratsa. Bere belaunikaleku gotikoan belaunikatzen zenean, garai batean bere amoranteari, adulterioko bihotz-isurietan xuxurlatzen zizkion mintzo ezti berberak zuzentzen zizkion Jaunari. Sinesmena eratortzeagatik zen; baina inolako gozamenik ez zen jaisten zeruetatik; eta hala altxatzen zen, menbruak nekaturik, atzipe itzel baten sentimendu lausotsu batekin. Bilaketa hura, pentsatzen zuen, ez zen beste meritu bat baino; eta, bere debozioaren hantustean, Emmak bere burua parekatzen zuen beihalako dama handi haiekin, zeinen arrandia amestu baitzuen La Villièren erretratu baten aurrean, eta zeinak, beren soineko luzeen isats apain-jarioa halako maiestateaz errestatuz, bakardadeetara erretiratzen baitziren han Kristoren oinetan isurtzeko bizitzak zauritzen zuen bihotzaren malko guztiak.

        Orduan, gehiegizko karitatetara eman zen, pobreentzako arropak josten zituen; emazte erdituberriei suegurra bidaltzen zien; eta Charlesek, egun batez, etxeratzean, hiru arlote topatu zituen sukaldean mahairaturik zopa jaten. Bere alabatxoa berriro etxera etorrarazi zuen, ze bere senarrak, bere gaixo-denboran, berriz ere inudearen etxera bidalia baitzuen. Irakurtzen irakatsi nahi izan zion; Berthek negar eta negar egin arren, bera ez zen jada haserretzen. Etsipenaren aldeko eskantitze bat zen, barkazio unibertsal bat. Bere mintzaera orori buruz aztarren idealez beterik zegoen. Bere haurrari esaten zion:

        — Zure sabelmina joan al zaizu, aingerutxo horri?

        Madame Bovary amak zer jorraturik ez zuen aurkitzen, salbu agian umezurtzentzako atorrak ehuntzeko tehenteria hura, bere pildak adabatu ordez. Baina, bere etxeko istiluez asperturik, atso gajoak atsegin hartzen zuen etxe naretsu honetan, eta geratu ere bertan geratu zen Pazko-ondoren arte, Bovary zaharraren eztenkadei itzur egitearren, zeinak ez baitzuen huts egiten, ostiral santu oroz, lukainka bat beretzat enkargatzea.

        Bere amaginarrebaren laguntzaz aparte, zeinak bermatzen baitzuen apur bat bere zuhurtziaren zuzentasunaz eta bere portamolde zentzutsuaz, Emmak, ia egunero, bazuen beste lagunarterik ere. Hala ziren madame Langois, madame Caron, madame Dubreuil, madame Tuvache eta, erregularki ordubietatik bostetara, madame Homais jatorra, zeinak sekulan ez baitzuen nahi izan, berak behinik behin, bere auzokoaren lepo botatzen ziren esamesetarik bat bera ere sinetsi. Homais txikiak ere etortzen ziren bisitan; Justinek lagun egiten zien. Beraiekin igotzen zen gelara eta zutik geratzen zen ate ondoan, ekuru, hitzik egin gabe. Sarritan ere madame Bovaryk, hura aintzat hartu gabetan, bere buruaren apainketari ekiten zion. Bere eustorrazia kentzetik hasten zen, brastako batean burua astinduz; eta, adats hura guztia bere kiribil beltzak jalgirik iztazainetaraino jaisten, lehen aldiz hauteman zuenean, hura izan zen berarentzat, mutiko gizaixoarentzat, supituan sartzea bezala gauza handi eta berri batean, zeinaren distirak izutu baitzuen.

        Emmak, zalantzarik gabe, ez zituen erreparatzen haren arreta isil eta haren herabeak. Damak ez zuen inolaz ere aieru ezen, maitasuna, bere bizitzatik desagertua, pirpiraka zegoela bere alboan, oihal zarpailezko alkandora haren pean, bere edertasunaren jarioetara irekitako bihotz nerabe hartan. Bestalde, halako axolagabetasunean biltzen zuen orain dena, mintzo hain amultsuak eta begirada hain aidorrak zituen, gisa hain askotarikoak, non jada ez baitzen bereizten berekoikeria karitatetik, ezta ustelkeria bertutetik. Arrats batez, esate baterako, neskamearen aurka eraso zion, irteteko baimena eskatzen baitzion eta aitzakiaren baten bila zezelka ari baitzen, gero bat-batean:

        — Maite duzu beraz? esan zion.

        Eta, gorritzen ari zen Feliciteren erantzuna iguriki gabe, aire triste batez emendatu zuen:

        — Ea ba, segi bixkor! ongi pasa!

        Udaberria hastean, jardina azpikoz gain aldarazi zuen mutur batetik besteraino, Bovaryren ohartarazpenak gora-behera; senarra poztu egin zen, halere, noizbait ere hura nolabaiteko borondateren bat azaltzen ikusteaz. Zuzpertzen zihoan eran are gehiago agertu zituen. Lehenbizi, aurkitu zuen modua Rollet atsoa, inudea, ohiltzeko, zeinak hartua baitzuen, eriondoko denboran, sukaldera sarritxo etortzeko ohitura bere bi ugazumeekin eta bere apopiloarekin, kanibal bat baino haginkatiagoa bera. Gero Homais familiarengandik libratu zen, gainerako bisita guztiei segidan jaregin zien eta maiztasun urriagoz joaten zen elizara ere, botikarioaren onespen handienarekin, zeinak esan baitzion orduan adiskidetsuki:

        — Xeroratzen ere ari zinen apur bat!

        Bournisien jauna, lehen bezalaxe, egunero azaltzen zen, dotrinatik irtetean. Nahiago izaten zuen kanpoan geratu airea hartzen saroiaren erdian; berak horrela deitzen zion pendizari. Charles etxeratzen zen ordua zen. Bero izaten zuten; sagardo gozoa ekartzen zuten eta elkarrekin edaten zuten Madameren erabateko zurperkuntzarako.

        Binet han kausitzen zen, beheraxago alegia, terrazako hormaren kontra, karramarroak harrapatzen. Bovaryk freskatzera gonbidatzen zuen, eta hura bikain moldatzen zen potoxinak irekitzen.

        — Egin behar da, zioen bere inguruan eta paisaiaren hegietaraino begirada atsegindua hedatuz, botila honela eduki plomuan mahai gainean, eta, hariak moztu ondoren, kortxoa bultzatu kolpe-txikika, poliki, poliki, jatetxeetan Seltz urari egiten zaion bezala, bestalde.

        Baina sagardoa, frogaketan ari zen bitartean, sarritan jauzten zitzaien bete-betean aurpegira, eta horrelakoetan elizgizonak, barre lodi batez, ez zuen inoiz huts egiten ateraldi hau:

        — Bere bikaintasuna begibistara saltatzen da!

        Gizon jatorra zen, izan ere, eta ez zen eskandalizatu ere egin, egun batez, botikarioa Charlesi aholku ematen ari zitzaion batean, Madame laketzeko Rouengo antzokira Lagardy tenore ospetsua ikustera eraman zezan. Homaisek, isiltasun hartaz harriturik, haren iritzia jakin nahi izan zuen, eta apaizak aitortu zuen, hazturentzako arrisku gutxiagokotzat jotzen zuela musika literatura baino.

        Baina botikarioak letren defentsari ekin zion. Antzerkiak, argudiatzen zuen, aurreritziak oinarritzeko zerbitzen zuen, eta, plazeraren mozorropean, bertutea irakasten zuen.

        — Castigat ridendo mores, Bournisien jauna! Horrela, begira itzazu Voltaireren tragedia gehienak; artezki ereinik daude gogoeta filosofikoz, horrela herriarentzako moralaren eta diplomaziaren benetako eskola bilakatzen direla.

        — Nik, esan zuen Binetek, behin batean ikusi nuen Le Gamin de Paris izeneko obra bat, eta han, benetan burutik zeharo jota dagoen jeneral zahar baten izakera azaltzen da. Honek, agirakatzen du familia-seme bat, langile-neska bat amainatu zuena, eta hau azken finean...

        — Noski baietz! jarraitu zuen Homaisek, badago literatura txarra farmazia txarra dagoen bezalaxe; baina arte ederretarik garrantzitsuena osotoro kondenatzea inozokeria iruditzen zait, ideia gotiko bat, Galileo giltzaperatu zuten garai arbuiagarri haietarako hobea.

        — Badakit nik, argudiatu zuen apaizak, badaudela obra onak, autore onak; halere, besterik ez bada ere sexu desberdineko pertsona horiek mundu-punpeziaz apainduriko leku xarmangarri batean bildurik, eta gero mozorro-jantzi pagano horiek, tindatze horiek, zuzi horiek, ahots anddereus horiek, horrek guztiak azkenerako sortarazi behar du izpirituaren nolabaiteko aizukeria eta pentsamendu desonestak eragin, tentazio lizunak. Hori da behintzat Elizako Guraso guztien iritzia. Dena den, jarraitu zuen ahots-tonu mistikoa bat-batean hartuz, erpuruaren gainean tabako poxi bat kiribiltzen zuen bitartean, baldin eta Elizak ikuskariak kondenatu baditu, arrazoi zuelako izan da; haren aginduen menpean jarri beharrean gaude.

        — Zergatik, galdetu zuen botikarioak, eskomekatzen ditu komedianteak? garai batean ordea, ageri askoan parte hartzen zuten ba kultuaren ospakizunetan. Bai, koruaren erdian jokatzen ziren, antzesten ziren misterioak zeritzaten fama antzeko batzuk zeinetan ahalkekortasunaren legeak sarritan kausitzen baitziren laidotuak.

        Hasperen bat botatzearekin konformatu zen elizgizona, eta botikarioak jarraitu zuen:

        — Biblian bezala da; badago..., badakizu..., zertzelada bat baino gehiago... gordin askorik, zenbait gauza... benetan... nabarmenkeriak!

        Eta monsieur Bournisienek egin zuen haserre-keinu baten segidan:

        — Ah! Nirekin ados izango zara, pertsona gazte baten eskuetan ipintzeko liburua ez dela, eta ni haserre izango nintzateke baldin eta Athalie...

        — Baina protestanteak dira, eta ez gu, oihukatu zuen besteak ernegaturik, Biblia gomendatzen dutenak!

        — Ez du axolarik! zioen Homaisek, harriturik nago nola, gure egunotan, argien mende batean, oraindik ere tematzen diren kaltegabekoa, moralizatzailea eta batzuetan higienikoa ere den dostaketa intelektual bat proskribatzen, ez al da hala, doktore?

        — Bai noski, erantzun zuen medikuak soraioki, beharbada ideia berberak izanik inor mindu nahi ez zuelako, edo agian inolako ideiarik ez zuelako.

        Elkarrizketak bukaturik zirudien, botikarioari komenigarri iruditu zitzaionean azken ostiko bat botatzea.

        — Ezagutu ditut nik, zenbait apaiz, dantzarisen izterjokoa ikustera joateko prakaz jazten zirenak.

        — Ea gero! esan zuen apaizak.

        — Ah! ezagutu ditut!

        Eta bere esaldiko silabak bananduz, Homaisek errepikatu zuen:

        — E-za-gu-tu ditut.

        — Ba, oker zeuden! esan zuen Bournisienek, zernahi entzutera etsiturik.

        — Alajaina! eta bestelakorik ere egiten dute franko! oihukatu zuen botikarioak.

        — Jauna!... iharduki zuen elizgizonak begi hain oldarkorrez, non botikarioa larderiatu baitzuen.

        — Bakarrik esan nahi dut, argudiatu zuen orduan tonu ez hain mutirian, tolerantzia dela biderik finkoena arimak erlijiora erakartzeko.

        — Egia da! egia da! amore eman zuen gizajo onpuskak berriro aulkian eseriaz.

        Baina bi minutu besterik ez zen geratu. Gero, hura joan zenean, monsieur Homaisek esan zion medikuari:

        — Hauxe da esaten dena mokoka-saioa! Ikusi duzu zer nolako jorratua eman diodan!... Dena den, sinetsidazu, eraman ezazu Madame ikuskarira, zure bizitzan behin bederen belabeltz horietariko bat amorrarazteko bestetarako ez bada ere sikira, zer arraio! Inork ordezkatu ahal banindu, neuk lagunduko nizueke. Bizkor ibili! Lagardyk emanaldi bat bakarrik izango du; Inglaterrarako konprometaturik dago ordainsari bikainak medio. Diotenez, axeri ederra izan behar du! Urretan igeri dabil! Hiru ohaide eta bere sukaldaria berarekin eramaten ditu! Artista handi hauek guztiek bi muturretatik erretzen dute kandela; bizimodu lotsagabea behar dute, beren irudimena apur bat kitzika dezan. Baina ospitalean hiltzen dira, nahiko buru izan ez dutelako, gaztetan, zerbait aurreratzeko. Horra ba, on egin deizuela; bihar arte!

        Ikuskariaren ideia hau berehala erne zen Bovaryren buruan; zeren segituan eman baitzion aditzera bere emazteari, zeinak hasiera batean uko egin zuelarik, nekea, deserosotasuna, gastua alegatuz; baina, ohi ez bezala, Charlesek ez zuen amore eman, hain iruditzen zitzaion laketaldi hura onurakor izan behar zitzaiola emazteari. Ez zuen inolako eragozpenik ikusten; bere amak hirurehun libera igorriak zizkien hauekin kontatzen ez zutelarik, zor arruntak ez ziren bat ere egundokoak, eta monsieur Lheureuxi kitatu beharreko ordaindukoen epea artean hain luzea zen non ez baitzegoen hartaz pentsatu beharrik. Bestalde, Emmak hartan kuperatasuna ere ipintzen zuela irudituz, Charlesek are gehiago iharduki zuen berean; halatan non azkenerako, obsesioen poderioz, Emma deliberatu baitzen. Eta, biharamunean, zortzietan, Hirondelle-n sartu ziren.

        Botikarioak, zeini ezerk ez baitzion Yonvillen eusten eta baina bertatik ez mugitzera behartutzat baitzeukan bere burua, haiek abiatzen ikustean hasperen egin zuen.

        — Ea ba, ongi ibili! esan zien, zuek bai zaretela hilkor zoriontsuak!

        Gero, Emmarengana zuzendurik, zeta urdinezko lau hegaletako soinekoz jantzia:

        —«Amour» bat bezain polita kausitzen zaitut! Rouenen izango duzu begiztari franko!

        Dilijentzia Croix-Rouge hotelean gelditzen zen, Beauvoisine plazan. Probintzietako hiripe guztietan dauden horietako ostatu bat zen, ikuilu handirekin eta lotarako gela txikirekin, larrainaren erdian oiloak ikusten direla oloari mokoka denda-bidaiarien gurtarin lokatzatuen pean; — ostatu zahar ederrak, negu-gauetako haizetan kirrinka dagiten zur bipitsuzko balkoiekin, beti jendez, zarataz eta janariz beterik, mahai beltzak kafe pattarrez likistuak dituztela, leiar lodiak euliek horizkaturik, dafaila umelak ardo-urdinez orbanduak; eta, beti herrixka-usainez, baserri-morroiak kale-jantzian bezala, kale aldera kafetegi bat dutela, eta landa aldetik baratzea. Charles, berehala, batetik bestera hasi zen. Eszenaurrea galeriekin nahastu zuen, besalki-etsaria palkoekin, esplikazioak eskatu zituen, ez zituen ulertu, kontrolatzailearengandik zuzendariarengana bidali zuten, ostatura itzuli zen, berriro sarrera-txartelen bulegora joan zen, era, horrela behin eta berriz, hiriaren luzera osoa ibilkatu zuen, antzokitik hasi eta boulevarderaino.

        Madamek ginbail bat erosi zuen, eta eskularruak, eta loresorta bat. Monsieur oso beldur zen hasiera galduko ote zuten; eta, salda irensteko astirik hartu gabe, artean itxirik zeuden antzokiko ateen aurrean plantatu ziren.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia