—XIII—

 

        Etxera iritsi orduko, Rodolphe zakarki eseri zen bere bulegoan, hormaren kontra trofeo gisa egiten zuen orein-buruaren pean. Baina, baina luma behatzen artean izan zuenean, ez zuen jakin ezer aurkitzen, hala izan ere non, bi ukondoak tinkaturik, gogoetari eman baitzitzaion. Emma iragan urrun batera gibelatua iruditzen zitzaion, hartua zuen erabaki-horrek bat-batean bien artean egundoko tartea ezarri berri balu bezala.

        Emmaren zer edo zer berreskuratzearren, alasara joan zen, bere ohearen buruan, Reimsko bixkotxo-kaxa baten bila, han sartu ohi baitzituen bere amorante-gutunak, eta hartatik hauts umelaren eta larrosa ximelen usaina aidatu zen. Lehenik musuzapi bat hauteman zuen, ttantta hitsez betea. Emmaren musuzapi bat zen, sudurretik odola zeriola egon zen batekoa, paseo batean; Rodolphe jadanik ez zen oroitzen. Haren ondoan, txoko guztietan tope eginez, Emmak emandako miniatura; haren apainduria harroxkoa iruditu zitzaion eta haren begirada zeharkatua itxurarik penagarrienekoa; gero, irudi hari so egitearen eta modeloaren oroitzapena gomutaratzearen poderioz, Emmaren aurpegikera poliki-poliki nahastatzen joan zen bere oroimenean, aurpegi biziak eta aurpegi pintatuak, bata bestearen kontra igurtziaz, elkar ezabatu izan balute bezala. Azkenik haren zenbait gutun irakurri zuen; beren bidaiari buruzko esplikazioz beterik zeuden, azalpen motzak, teknikoak eta premiatzaileak negozio-izkribuak bezala. Luzeak berrikusi nahi izan zituen, garai bateko haiek; kaxaren hondoan haiek atzemateko, Rodolphek gainerako guztiak nahaspilatu zituen, eta oharkabeki paper eta gauza pila hartan miaka hasi zen, bertan nahas-mahas loresortak, galtzari bat, mozorro beltz bat, orratzak eta ilexerloak — ilexerloak! beltzaranak, horailak; batzuk, kaxaren burdinduran katiaturik, puskatu ere egiten ziren irekitzen zenean.

        Horrela bere oroikarrien artean denborapasa, gutunetako idazkerak eta estiloa aztertzen zituen, beren hortografiak bezain askotarikoak. Samurrak nahiz alahiak ziren, jostariak, malenkoniatsuak; baziren maitasuna eskatzen zutenak baita dirua eskatzen zutenak. Hitzen bat zela medio oroitzen zen aurpegiez, zenbait keinuz, ahots-doinu batez; batzuetan, alabaina, ez zen ezertaz oroitzen.

        Izan ere, emakume haiek, guztiak arrapaladan bere pentsamenduratuz, elkarri traba egiten zioten eta txikertu egiten ziren bertan, berdintzen zituen maitasun-maila bat beraren pean bezala. Beraz gutun nahastuak eskutaraka hartuz, zenbait minutuz jolasean jardun zen bere eskuineko eskutik bere ezkerreko eskura haiek purraran erorrarazten. Azkenik, asperturik, jabaldurik, kaxa berriro alasara eramatera joan zen Rodolphe berekiko esanez:

        — Zer nolako txorakeria pila!...

        Horrek laburbiltzen zuen bere iritzia; zeren plazereek, eskolaumeak ikastetxe bateko bailan bezala, hainbat istikatua zuten bere bihotza non bertan ez baitzen ezer berderik ernetzen, eta hartatik pasatzen zenak, umeak hain zorongoago, hartan ez baitzuen lagatzen sikira, haiek bezala, bere izena horman grabaturik

        — Ea ba, esan zion bere buruari, has gaitezen!

        Idatzi zuen:

        «Izan adore, Emma! izan adore! Nik ez dut eragin nahi zure bizialdirako zorigaitza...».

        — Azken finean, egia da, pentsatu zuen Rodolphek; bere onerako dihardut; ondradua naiz.

        «Zuhurtziaz aztertu al duzu zure erabakia? Badakizu zein hondaletara errestatzen zintudan, aingeru gaixo hori? Ez, ez al da hala? Zu fidati eta itsu-itsuan zindoazen, zorionaz, etorkizunaz sinetsirik... Ah! dohakabeak gu! burugabeak!».

        Rodolphe gelditu egin zen, hemen estakuru on bat aurkitzeko.

        — Nire ondasun guztiak galduak direla esango banio?... Ah! ez, eta, bestalde, horrek ez luke ezer eragotziko. Geroxeago berriro hasi beharra izango litzateke. Sar ote daiteke ordea horrelako emakumerik arrazoipidean?

        Gogoetan aritu zen, gero erantsi zuen:

        «Nik ez zaitut ahaztuko, hori sinetsita izan, eta zureganako beti ere atxikimendu sakona izango dut; baina, egun batez noizbait, lehentxeago edo geroxeago, sugar hau (horixe da giza-gauzen zoria) urritu egingo litzateke, zalantzarik gabe! Asperra etorriko litzaiguke, eta nork daki ez ote nukeen jasan behar izango zure alhaduretan presente izatearen eta neuk ere hartan partehartzearen oinaze izugarria, zeren eta neuk eraginak bailirateke. Jazo bide zaizkizun saminaldiez pentsatze hutsak torturatu egiten nau, Emma! Ahaztu nazazu! Zergatik gertatu behar zuen nik zu ezagutzea? Zergatik zinen hain ederra? Nire errua al da? O nire Jainkoa! ez, ez, ez iezaiozu leporatu halabeharrari baino!».

        — Horra hitz bat beti ere eragina duena, esan zuen berekiko.

        «Ah! ikusi ohi diren emakume txolin horietariko bat izan bazina, eskierki, ahal izango nukeen, nerekoikeriaz, esperientzia bat entseiatu hartan zuretzat arriskurik gabe. Baina, aldi berean zure xarma eta zure pairamena egiten duen zure asaldazio ezti horrek, eragotzi egin dizu ulertzea, emakume adoragarri horri, gure etorkizuneko egoeraren faltsikeria. Neuk ere, hasieran ez nuen horretaz gogoetatu, eta zorion ideal horren gerizpean atsedenean nengoen, manzaniloarenean bezala, ondorioak sumatu gabe».

        — Lukurreriaz atzera egin dudala uste izango du agian... Ah! bost axola! hor konpon, hau bukatu beharra dago!

        «Mundua ankerra da, Emma. Edonora joan bagina ere, jazarri egingo gintuzkeen. Nozitu behar izango zenituzkeen mihiluze-galderak, faltseria, erdeinua, laidoa agian. Laidoa zuri! Oh!... Eta ni ordea, zu tronu batean eserrarazi nahi zintuzkeen hau! Ni, zure pentsamendua talisman baten gisa daraman hau! Zeren erbesteratzeaz zigortu bide baitut nire burua egin dizudan kalte guztiarengatik. Ni banoa. Nora? Ezer ez dakit, zoraturik nago! Agur! Ona izan zaitez beti! Galdu zaituen dohakabearen oroipena gorde ezazu. Nire izena erakuts iezaiozu zure haurrari, bere otoitzetan errepika dezan».

        Bi kandelen metxa dildil zegoen. Rodolphe zutitu egin zen leihoa ixtera joateko, eta, berriro eseri zenean:

        — Iruditzen zait hauxe dela guztia. Ah! hau ere bai, berriro zirika eta mirika etor ez dadin:

        «Jada urrun izango naiz zuk lerro triste hauek irakurriko dituzunean; zeren lehenbailehen aldegin nahi izan baitut zu berriz ikusteko tentaziotik itzur egitearren. At ahulezia! Itzuliko naiz; eta agian, noizbait, hotz-hotzean solas egingo dugu elkarrekin gure aspaldiko amodioez. Agur!».

        Eta azken agur bat zegoen bi hitzetan banaturik: A Dieu!, gustuz aparta iruditu baitzitzaion.

        — Nola sinatuko dut, orain? zioen berekiko. Biziro adeitsuki zure... Ez. Zure lagun?... Bai, horixe da.

        «Zure lagun».

        Berriro irakurri zuen bere gutuna. Ona iruditu zitzaion.

        — Emakumetxo gaixoa! pentsatu zuen hunkiduraz. Harkaitz bat baino soraioagotzat joko nau; malko batzuk beharko ziratekeen hemen gainean; baina, nik, ezin dut negarrik egin; ez da nire errua. Beraz, godalet batera ura atera, bertan behatza busti zuen eta tanta lodi bati erortzen utzi zion goitik, zeinak orban hits bat egin baitzuen tinta gainean; gero, gutuna nola zigilatu bila zebilela, Amor nel Cor zigiluarekin topo egin zuen.

        — Hau ez da hain egokia abagunerako... Ah! bah! bost axola!

        Horren ondoren, hiru pipa erre zituen eta ohera joan zen.

        Biharamonean, jaiki zenean, (ordubiak inguruan, berandu lokartua baitzen), saskitxo bat muxika bil arazi zuen Rodolphek. Gutuna ipini zuen zokoan, mahats-hosto batzuen pean, eta berehala agindu zion Girardi, bere labore-morroiari, hura zoliki madame Bovaryren etxera eraman zezan. Erabide honetaz baliatu ohi zen Emmarekin berriak trukatzeko, hari bidaliz, urtaroaren arabera, fruituak edo ehizia.

        — Nire berri galdetzen badik, esan zion, bidaia batera joana naizela erantzungo diok. Berari eman behar diok otarrea, bere eskuetara... Hoa, eta kontuz ibili!

        Girardek bere bruxa berria jantzi zuen, bere musuzapia muxiken baranoan lotu zuen, eta, bere kalotx ferratuetan urrats handi astunka, lasai-lasai hartu zuen Yonvillerako bidea.

        Madame Bovary, morroia bere etxera heldu zenean, xurimenta pilo bat moldatzen ari zen Feliciterekin, sukaldeko mahaiaren gainean.

        — Hona hemen, esan zuen sehiak, gure nagusiak bidaltzen dizuna.

        Larderio bat atxiki zitzaion Emmari, eta, bere poltsikoan txanponen bat bilatzen zuen bitartean, begirada laborrituaz so egin zion laborariari, hark berak ere balditurik begiratzen zion bitartean, nola horrelako opari batek norbait hainbeste hunki zezakeen ez zuelarik konprenitzen. Azkenik irten zen. Felicite bertan geratu zen. Ezin zuen gehiago; salara sartu zen lasterka, muxikak hara eramatera bezala, otarrea irauli zuen, hostoak erauzi zituen, gutuna aurkitu zuen, ireki zuen, eta, bere atzean ikaragarrizko sutea egon balitz bezala, Emma iheska joan zen bere gelarantz, zeharo izuturik.

        Charles han zegoen, Emmak hauteman zuen; senarra mintzatu zitzaion, berak ez zuen ezer entzun, eta biziro jarraitu zuen mailak igotzen, hatsanturik, zoraturik, horditurik, eta beti ere paper-orri izugarri hari eutsiz, bere behatzetan klaska egiten ziola latorri batek bezala. Bigarren solairuan, gelditu egin zen itxita zegoen ganbarako atearen aurrean.

        Orduan lasaitu egin nahi izan zuen; gutunaz oroitu zen; amaitu beharra zegoen, ez zen ausartzen. Bestalde, non? nola? Ikusi egingo zuten.

        — Ah! ez, hemen, pentsatu zuen, ongi egongo naiz. Atea bultzatu zuen eta sartu zen.

        Arbelek plomuan erortzen uzten zuten bero astuna, zeinak hertsatzen baitzizkion lokiak eta itotzen baitzuen; errestatu zen txapitola itxiraino, bertako maratilatik tira egin eta argi itsugarria jalgi zen supituan.

        Aurrez aurre, teilatuen gainetik, landa hedatzen zen bete-betean bistak eman ala. Behean, bere azpian, herriko plaza hutsik zegoen; espaloiko harriek pindarka zegiten, etxeetako haize-orratzak geldirik zeuden; kale ertzean, beheragoko solairu batetik, modulazio kirrinkatsuzko burrundara-molde bat irten zen. Binet zen bere tornuan.

        Txapitolako leihoaren kontra tinkatu zen eta gutuna berriro irakurtzen ari zen amorruzko irri-murrika. Baina zenbat eta gehiago tinkatzen zuen bere aditasuna hainbat eta nahastenago ziren bere ideiak. Berriro hura ikusten zuen, entzuten zuen, bere bi besoez inguratzen zuen, eta ariete-kolpe handika gisa bere bularpean jotzen zuten bihotz taupadak bata bestearen segidan agudotzen ziren pausagune desberdinka. Bere ingurura botatzen zituen begiradak, lurra noiz erroiztuko desiatzen. Zergatik ez akabatu? Nork eragozten zion ba? Bera libre zen. Eta aurrera egin zuen, galtzarari begiratu zion esanez:

        — Goazen! Goazen!

        Behetik zuzenean igotzen zen inar distiratsuak hondalerantz tirakatzen zuen bere gorputzaren pisua. Iruditzen zitzaion, plazako zoru zabukaria hormetan gora igotzen zela, eta solairua ertzean makurtzen ari zela, kulunkatzen den itsasuntzi baten gisa. Bera ertz-ertzean zegoen, ia dilingo, espazio handi batez inguraturik. Zeruaren urdinak inbaditzen zuen, airea zebilen bere buru arrolduan, ez zeukan amore eman besterik, bere burua harrapatzen utzi besterik; eta tornuaren burrundara ez zen eteten, deika ari zitzaion ahots haserre baten gisa.

        — Etxekoandre! Etxekoandre! Charlesek deiadarka. Emma gelditu egin zen.

        — Non zaude ba? Zatoz!

        Heriotzatik libratu berri zela pentsatzeak, sarrakioz ondoez arazteko zorian eduki zuen; begiak itxi zituen; gero, esku batek bere mahuka gainean ukitzean zirgit egin zuen: Felicite zen.

        — Monsieur zain duzu, madame; zopa mahaian dago.

        Eta jaitsi egin behar izan zuen! mahairatu egin behar!

        Jaten saiatu zen. Ahokadek ito egiten zuten. Orduan bere dafaila destoleztu zuen zurtzidurak aztertzeko bezala eta lan hartan benetan ahalegindu nahi izan zuen, ehunaren hariak kontatzen. Bat-batean, gutunaren oroipena etorri zitzaion. Galdu egin al zuen? Eta non aurkitu behar zuen? Baina izpirituan hainbaterainoko unadura sentitzen zuen non inolaz ere ezin izan baitzuen aitzakia bat asmatu mahaitik joateko. Gainera koldar bilakatua zen; Charlesen beldur zen; hark bazekien dena, hori ziur! Hain zuzen, hitz hauek ahoskatu zituen, era bitxian:

        — Dirudienez, monsieur Rodolphe ez dugu berehalakoan ikusiko.

        — Nork esan dizu? galdetu zuen Emmak zirgit batean.

        — Nork esan didan? erantzun zuen, tonu zakar hartaz apur bat harriturik; Girardek, arestian Cafe Français-ko atean berarekin topo egin dudanean. Bidaiaren batera joana da, edo joatekotan da.

        Negar-zotin bat irten zitzaion.

        — Zerk harritzen zaitu ba? Horrelaxe joan ohi da aldian-aldian hortik zehar laketzera, eta, alafede! nik ontzat ematen dut. Dirua eduki eta ezkongabea izaki!... Gainera, polito olgatzen da, gure laguna! Zer nolako alproja! Monsieur Langloisek kontatu izan dit...

        Isildu egin zen, gizalegez, neskamea baitzetorren.

        Honek berriro otarrean ipini zituen apal gainean sakabanaturiko muxikak; Charlesek, bere emaztearen gorriduraz ohartu gabe, ekarrarazi zizkion, bat hartu zuen eta beste gabe horzkatu zuen.

        — Oh! bikaina! zioen. Tori, dastatu.

        Eta saskia luzatu zion, zeina Emmak emekiro baztertu baitzuen.

        — Usnatu orduan: zer nolako usaina! esan zuen senarrak hari sudurpetik behin eta berriz muxika pasatuz.

        — Ito egiten naiz! oihukatu zuen Emmak jauzi batean zutituz.

        Baina, borondatearen ahalegin batez, desagertu zen herstura hau; gero:

        — Ez da ezer! esan zuen, ez da ezer! nerbioetakoa da! Eser zaitez, jan!

        Zeren beldur baitzen galdezka hasiko ez ote zitzaion, zaintzen, bakarrik ez ote zuen utziko.

        Charles, hari obeditzearren, eseri zen berriro, eta bere eskura tukatzen zituen, berehala bere platerera husten zituen muxika-hezurrak.

        Halako batean, tilbury urdin bat iragan zen trosta handian plazan barrena. Emmak garrasi bat bota zuen eta ziplo erori zen lurrera, ahozgora.

        Eskierki, Rodolphek, gogoeta frankoren ondoren, Rouen aldera abiatzea erabakia zuen. Eta, Huchettetik Buchyra, Yonvilleko bidea besterik ez dagoenez, herria zeharkatu behar izan zuen, eta Emmak ezagutu egin zuen, arrastiria tximistak bezala ebakitzen zuten farolen argitara.

        Botikarioak, etxean sortu zen zalaparta medio, hara jo zuen lasterka. Mahaia, plater guztiekin batera, iraulita zegoen; saltsaz, okelaz, labanez, gatzontzi eta oliontziz ihaurri zegoen etxea; Charles laguntza eske ari zen; Berthe, izuturik, garrasika; eta Felicite, bere eskuak ikaraz, Madameren arropak lasatzen ari zen, dardarizo-higidurak baitzituen gorputzean.

        — Banoa korrika nire laborategira, esan zuen botikarioak, ozpin lurrintsu apur baten bila.

        Gero, potoxinetik arnastuz Emmak begiak ireki zituenez:

        — Ziur nintzen, esan zuen; hildakoa ere piztuko lizuke honek.

        — Hitz egiguzu! esaten zuen Charlesek, hitz egiguzu! Itzul zaitez zeure onera! Ni naiz, maite zaituen zure Charles! Ezagutzen nauzu? Begira, hemen zure alabatxoa: besarka ezazu ba!

        Haurrak besoak luzatzen zituen bere amarengana haren lepotik zintzilikatzeko. Baina, burua jiratuz, ahots trebukariz esan zuen Emmak:

        — Ez, ez... inor ez!

        Berriro kordea galdu zuen. Bere ohe gainera eraman zuten.

        Luze zetzan, ahoa zabalik, betazalak itxirik, eskuak zabal ezarririk, ekuru, eta argizarizko estatua baten gisa zuri. Bere begietatik bi malko-erreka irteten ziren, geldiro burukoaren gainera isurtzen zirela.

        Charles, zutik, gelaren zokoan zegoen, eta botikarioak, bere alboan, isiltasun oldozkorra gordetzen zuen, zeina edukitzea komenigarria baita bizitzako parada seriosetan.

        — Lasai zaitez, esan zion ukondoa eraginez, paroxismoa pasa dela uste dut.

        — Bai, orain apur bat atsedenean dago! erantzun zuen Charlesek, emazteari lotan begira. Emakume gaixoa!... Emakume gaixoa!... horra berriro ere erorita!

        Orduan Homaisek galdetu zuen ea nola jazo zen istripua. Charlesek erantzun zion, bat-batean etorri zitzaiola muxikak jaten ari zen bitartean.

        — Harritzekoa!... ekin zion botikarioak. Baina baliteke sinkopea muxikek eragin izana! Natura hain hunkikorrak dira izan ere batzuk zenbait usaini buruz! eta halaber ikertzeko gai ederra litzateke, nahiz patologiaren ikuspegitik nahiz fisiologiaren ikuspegitik. Apaizek ezagutzen dute horren garrantzia, baita nahastu ere haiek nahastu izan dituzte betidanik beren zeremonietan lurringaiak. Adimena laborritu eta estasiak eragitearren izaten da, bestalde gauza erraza sexuko pertsonen baitan hori lortzea, besteok baino samurberagoak baitira. Aipatu ohi dute adar errearen usainarengatik zorabiatzen denik, edota ogi bigunarenagatik.

        — Kontu izan esnatu gabe! esan zuen ahopeka Bovaryk.

        — Eta ez dira gizakiak bakarrik, jarraitu zuen botikarioak, anomalia hauen harrapakizun, baizik eta animaliak ere. Esateko, zuri ez zaizu ezezagun, nepeta catariak, arruntki katu-belarra deritzanak, eragiten duen ondorio afrodisiako aparta, felino-jendearen baitan; eta, bestalde, egiazkotzat neuk bermatzen dudan adibide bat aipatzeko, Bridouxek (garai bateko nire kideetariko bat, gaur egun Malpalu kalean finkatua) badu zakur bat zeina, tabako-toxa bat aurkezten zaion orduko, dardarizoak jotzen baitu. Eta sarritan egin ere ohi du esperientzia bere lagunen aurrean, Guillaume basoko bere landetxean. Sinestekoa al da, urtzintzeragile xinple batek lauhankako baten organismoan horrelako triskantzarik egin dezakeenik? Biziki bitxia da, ez al da egia?

        — Bai, esan zuen Charlesek, entzuten aritu gabe.

        — Horrek frogatzen digu, jarraitu zuen besteak askitasun amultsuzko aire batez irriparrezka, nerbio-sistemako irregularitateen elemenia. Madameri dagokionez, beti iruditu izan zait, hala aitortzen dut, benetako sentsitibo bat. Beraz ez nizuke inolaz ere aholkatuko, lagun, sendagaiak direlako horietarik bat bera ere, zeinak, sintomei erasotzeko aitzakiatan, tenperamentuari erasotzen baitiote. Ez, alferrikako medikamentaziorik ez! Janeurriak eta kito! Lasaigarriak, eztigarriak, gozagarriak. Gero, ez al duzu pentsatzen, agian irudimena astindu beharko litzatekeela?

        — Zertan? nola? esan zuen Bovaryk.

        — Ah! horretantxe datza arazoa! Horixe da hain zuzen arazoa: That is the question! duela gutxi egunkari batean irakurri nuen bezala. Baina Emmak, esnatuz, oihukatu zuen:

        — Eta gutuna? Eta gutuna?

        Eldarnioa zeukala uste izan zuten; gauerditik aurrera bai eduki zuen: garun-sukarra zitzaion azaldu.

        Berrogeita hiru egunez Charles ez zitzaion aldendu. Bere gaixo guztiak abandonatu zituen; jada ez zen oheratzen; etengabe pultsua hartzen ari zitzaion, enplastuak jartzen, ur hotzezko txaplatak. Justin Neufchateleraino bidaltzen zuen koila bila; koila bidean urtzen zen; berriro bidaltzen zuen. Monsieur Caniveti egin zion kontsulta-deia; Lariviere doktorea, bere irakasle-ohia, etorrarazi zuen Rouendik; etsita zegoen. Gehien izutzen zuena, Emmaren abaildura zen; zeren ez baitzuen hitz egiten, ez zuen ezer entzuten, eta bazirudien sufritu ere ez zuela egiten, — bere gorputzak eta bere arimak beren istilu guztietatik biek batera atseden hartu izan balute bezala.

        Urriaren erdi aldera, bere ohean eserita egoteko gauza izan zen, bere atzean burkoak zituela. Charlesek negar egin zuen, erreximentazko bere lehen opilxigorra jaten ikusi zuenean. Indarrak bihurtu zitzaizkion; zenbait orduz jaikitzen zen arratsaldean, eta, hobeto sentitzen zen egun batean, jardinean barrena bere besotik joan-etorri bat eginarazten entseiatu zen Charles. Bideko hondarra orbelen pean desagertzen zen; pausoka-pausoka zebilen Emma, bere oskierrestak narraka, eta, sorbaldaz Charlesen kontra sostengatuz, irribarre egiten segitzen zuen.

        Horrela joan ziren jardinaren hondoraino, terraza ondora. Tente jarri zen poliki-poliki, eskua ipini zuen begien aurrean, begiratzeko: urrunera begiratu zuen, oso urrunera; Baina ortze-hegian belar-su handiak besterik ez zegoen, muino gainetan ketan.

        Nekatu egingo zara, laztana, esan zuen Bovaryk.

        Eta, pendizpean sarrarazteko emekiro bultza eginez:

        — Eser zaitez aulki honetan: hemen ongi egongo zara.

        — Oh! ez, hor ez, hor ez! zioen ahots ahundu batez.

        Zorabio bat eduki zuen, eta, arratsaz gero, bere gaitza berritu zitzaion, itxura aldakorrago batez, hori bai, eta jite konplexuagoz. Batean bihotzean zuen mina, hurrengoan bularrean, edo garunean, edota menbruetan; gorminak etorri zitzaizkion eta hartan hauteman uste izan zituen Charlesek minbizi baten lehen sintomak.

        Eta mutil gizajoak, horretaz gain, dirularriak ere bazituen!

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia