—XII—

 

        Berriro amodiotan hasi ziren. Sarritan, baita egunaren erdian ere, Emmak bestegabe idatzi egiten zion; gero, leiarren bestaldetik, keinu egiten zion Justini, eta hau, bere mantala berehala askaturik, habailan joaten zen Huchettera. Rodolphe etortzen zen; hari esateagatik zen, aspertu egiten zela, bere senarra gorrotagarria zela eta existentzia nazkagarria!

        — Eta zen egingo dizut ba nik? bota zion egun baten, ernegaturik.

        — Ah! Zuk nahi bazenu!...

        Emma lurrean eserita zegoen, haren belaunen artean, adatsak askaturik, begirada galdurik.

        — Zer ordea? esan zuen Rodolphek.

        Emmak hasperendu zuen:

        — Beste leku batera joango ginateke bizitzera..., norabait...

        — Zu zoratuta zaude, benetan! esan zuen barrez. Posible al da?

        Emma berera itzuli zen; besteak ez ulertuarena egin zuen eta solasgaiez aldatu zuen. Gizonak ulertzen ez zuena zera zen, nahasmendu hori guztia maitasuna bezain gauza xinple batean. Emmak zergatiko bat bazeukan, arrazoi bat, eta bere atxikimendurako laguntzaile bat bezala.

        Laztantasun hau, eskierki, egunean-egunean are handiagotzen ari zen senarrarekiko higuinaren pean. Zenbat eta gehiago ematen zitzaion batari, hainbat eta arbuiatzenago zuen bestea; sekulan ez zitzaion iruditzen Charles hain gogaikarri, behatzak hain karratuak zituenik, izpirituz hain soraio, moldez hain arrunt nola Rodolpherekin egon ondoren, biak elkarrekin aurkitzen zirenean. Halakoetan, emaztearena eta bertutetsuarena egin ala, garretan pizten zen ile beltzak bekoki brontzeaturantz kiribil batean bihurkatzen zitzaizkion buru hartaz pentsatzean, aldi berean hain sendoa eta hain lerdena zen gorputz hartaz, azken finean, gizon hartaz, zeinak hainbesteko esperientzia baitzeukan arrazoian hainbesteko oldarra irritsean! Azkazalak zizelari baten arduraz limatzen bazituen, harentzako zen, eta baila larrazal gainean nahiko cold-cream sekulan ez izatea, eta musuzapietan nahiko patchouli ez izatea ere. Besokoz, bitxiz, idunekoz jazten zen. Hark etorri behar zuenean, kristal urdinezko bere bi ontzi handiak larrosaz betetzen zituen, eta bere gela eta bere burua printze baten zain dagoen gortesana baten gisa prestatzen zituen. Neskamea etengabe arropa zuria garbitzen aritu beharrean izaten zen; eta, egun osoan, Felicite ez zen sukaldetik mugitzen, eta bertan Justin txikia, askotan lagun egiten baitzion, hari lanean begira egoten zen.

        Neskamea lisatzen ari zen ohol luzean ukondoa, miguru behatzen zituen bere inguruan ipinitako emakume-jantzi haiek guztiak: bonbazinezko azpikogonak, besanak, lepokoak, eta galtza irekiak, aldakatan zabalak eta barrenetan estutzen direnak.

        — Zertarako izaten da hau? galdetzen zuen mutikoak bere eskua krinolinaren edo karfeten gainean pasatuz.

        — Sekulan ez al duzu ba ezer ikusi? erantzuten zuen barrez Felicitek; zure etxekoandreak, madame Homaisek, honelakorik eramango ez hain bezala.

        — Ah bai, jakina! madame Homais!

        Eta tonu gogoetatsuz eransten zuen:

        — Hura ordea, Madame bezala dama bat al da?

        Baina Felizite ernegatu egiten zen bere inguruan hura horrela itzuli-mitzulika ikusteaz. Berak sei urte gehiago zuen, eta Theodore, monsieur Guillauminen sehia, hasia zuen gorte egiten.

        — Utz nazazu bakean! zioen neskameak bere enpesa-potoa lekuz aldatuz. Zoaz hemendik arbendolak xehatzera; emakume artean muturra sartuta zabiltza beti; horrelakoetan nahasteko itxoin ezazu, ume ziztrin horrek, harik eta kokotsean bizarra eduki arte.

        — Aizu, ez haserretu, haren botinak garbituko dizkizut.

        Eta berehala hartzen zituen leihondotik Emmaren oinetakoak, lohiez estaliak, —rendez-vous'erako lohia— zeina hautsetan jalgitzen baitzen haren behatzen pean, eta emeki igotzen so egiten zion mutikoak eguzki-iñar batean.

        — Hori da beldurra botinak hondatzeko! zioen sukaldarisak, zeinak ez baitzuen hainbeste arreta ipintzen berak garbitzen zituenean, zeren eta Madamek, oihala jada berri ez zegoen orduko, berari uzten baitzizkion.

        Emmak mordoa zeukan bere alasan, eta berak alferrik hondatzen zituen bata bestearen ondoren, Charlesek sekulan ohartarazpen txikienik ere bere buruari zilegitu ez ziolarik.

        Eta horrelaxe jalgi zuen hirurehun libera zurezko zango baterako, Emmari komenigarri iruditu baitzitzaion Hippolyteri opari egitea.

        Egurrezko hanka kortxoztaturik zegoen, eta junturak malgukidunak zituen, mekanika konplexua galtza beltz batzuez estalirik, bota bernizatu batez bukatzen zela. Baina Hippolytek, hain zango eder batez egunero baliatzen ausartzen ez zenez, Madame Bovaryri otoi eskatu zion beste bat erosoagoa erdiets ziezaion. Erosketa honen kostuak ere, jakina, medikuak hartu zituen bere gain.

        Beraz, ikuilu-morroia poliki-poliki hasi zen berriro bere lanbidean. Lehenago bezala ikusten zen herrian barrena ibiltzen, eta Charlesek urrundik entzuten zuenean, galtzara gainean, haren hanka-makilaren hots zekena, laster asko hartzen zuen beste bide bat.

        Monsieur Lheureux zen, merkataria, mandatuaz arduratu zena; horrek aukera eskaini zion Emmarekin sarritan tratatzeko. Parisetiko salkin berriez mintzatzen zen damarekin, mila emakume-bitxikeriaz, oso adeibera azaltzen zen eta inoiz ez zuen dirurik galdatzen. Bere apeta guztiak asebetetzeko erraztasun honetara abandonatzen zen Emma. Horrela, bereganatu nahi izan zuen, Rodolpheri emateko, Rouengo guardasol-denda batean aurkitzen zen zaharo oso polit bat. Monsieur Lheureuxek, hurrengo astean, mahai gainean ipini zion.

        Baina biharamunean etxean aurkeztu zen berrehun eta hirurogeita hamar liberatako faktura batekin, xentimoak kontatu gabe. Emma biziki larritu zen: idazmahaiko kaxoi guztiak hutsik zeuden; hamabost egun baino gehiago zor zitzaion Lestiboudoisri, bi hiruhilabeteko neskameari, beste gauza pila bat gehiago, eta Bovary larri zegoen monsieur Derozeraysen igorpenaren zain, zeinak, urtero, San Pedroak aldera ordaindu ohi baitzion.

        Emmak hasieran lortu zuen Lheureux txuliatzea; hark azkenerako pazientzia galdu zuen: Jazartzen ari zitzaizkion, bere kapitalak hortik zehar ziren, eta, eta baten batzuk berreskuratzen ez bazituen, ekarritako merkantzia guztiak kentzera beharturik gertatuko zatekeen.

        — Ah! Har itzazu ba! esan zion Emmak.

        — Oh! txantxetan ari nintzen! erantzun zuen besteak. Izatekotan, zaharoa bakarrik auhendatzen dut. Alafede, Monsieuri eskatuko diot.

        — Ez! Ez! esan zuen Emmak.

        — Ah! Harrapatu haut! pentsatu zuen Lheureuxek.

        Eta, bere kausitaz ziur, han joan zen ahopean berekiko errepikatuz eta ohizko bere xixtuñoa joaz:

        — Hala bedi! ikusiko dugu! ikusiko dugu!

        Emma buruhausten ari zen hartatik nola irten, noiz eta sukaldarisak sartu eta tximiniaren gainean paper urdinezko kuezta txiki bat laga zuenean monsieur Derozeraysen partetik. Emma jaurtiki zen hartarat, ireki zuen. Hamabost napoleon zeuden. Hain zuzen kontuarena. Entzun zuen Charles eskilaran; urrea bere kaxoiaren zokora bota zuen eta giltza hartu egin zuen.

        Handik hiru egunetara azaldu zen berriro Lheureux.

        — Konponbide bat daukat zuri proposatzeko, esan zuen; baldin eta, esandako zenbatekoaren ordez, zuk hartu nahi izango bazenu...

        — Hona hemen! esan zion Emmak, eskuan hamalau napoleon ipintzen zizkiola.

        Merkataria txundituta geratu zen. Orduan, bere txuluta disimulatzeko, estakurutan hizjariotu zen, eta zerbitzu-eskaintzatan, zeinak Emmak ezetsi egin baitzituen guztiak; gero zenbait minutuz egon zen hark itzuli zizkion ehun sous'tako bi txanponak bere amantalaren poltsikoan haztakatuz. Ekonomizatzea hitz ematen zion bere buruari, gero itzultzeko...

        — Ah bah! pentsatu zuen, ez zaio gehiago bururatuko.

        Zilar gorlatuzko eskulekudun zaharoaz beste, Rodolphek jasoa zuen zigilu bat izkiribu honekin: Amor nel Cor; gainera, etxarpe bat musu-bozaki bat egiteko, eta azkenik zigarro-toxa bat bizkondearen haren berdin-berdina, behin batez Charlesek kamioan jaso eta Emmak gordeta zeukan hura bezalakoa. Halere opari hauek umilatu egiten zuten. Hauetarik asko errefusatu zituen: Emma tematu zen, eta Rodolphek obeditzen amaitu zuen, hura tiraniko eta larregi inbadikor kausitu zuelarik.

        Gainera ateraldi bitxiak izaten zituen:

        — Gauerdiko hamabiak jotzean, esaten zion, nitaz pentsatuko duzu.

        Eta, baldin eta hartaz ez pentsatu izana aitortzen bazuen, ahakarrak ugari izaten ziren, eta aldioro betiko hitzekin bukatzen ziren:

        — Maite nauzu?

        — Noski ba, maite zaitudala! erantzuten zuen gizonak.

        — Asko?

        — Bai horixe!

        — Besterik ez duzu maite izan, ez?

        Birjin hartu nauzula uste al duzu ala? botatzen zuen besteak barrez.

        Emmak negar egiten zuen, eta kontsolatzen saiatzen zen Rodolphe, bere protestak xirtoz apainduz.

        — Oh! maite baitzaitut! hasten zen berriro Emma, zu gabe ezin bizi izateraino maite zaitut, badakizu hori? Batzuetan zu berriro ikusteko gogoa sartzen zait eta horrelakoetan amodioaren amorru guztiek zartatatzen naute. Nirekiko galdetzen dut: «Non ote da? Agian beste emakumeren batekin hizketan ari da. Besteak irribarre egiten dio, bera hurbiltzen zaio...». Oh! ez, ez al da hala, ez duzula besterik atsegin? Ederragoak badira; baina, nik, hobeto dakit maitatzen! Zure zerbitzaria eta ohaidea naiz ni! zu nire erregea zara, nire idoloa! ona zara! ederra zara! argia zara! azkarra zara!

        Hainbatetan entzunak zituen gauza horiek esaten, non berarentzat ez baitzeukaten orijinalik ezer; amorante guztien antzekoa zen Emma; eta berritasunaren xarma, jantzi bat bezala poliki-poliki erortzean, biluzi uzten zuen bistan grinaren betiereko monotonia, zeinak forma berberak eta hizkera berbera baititu beti. Ez zuen bereizten, praktikaz hain jantzitako gizon honek, sentimenduen desberdintasuna adierazpenen berdintasunaren pean. Zeren eta, ezpain lizun edo salkoiek xuxurlatuak baitzizkioten esaldi berdintsuak, motelki baino ez zuen sinesten hauen xalotasunaz; beheititu beharra zegoen, pentsatzen zuen, txera epelak estaltzen dituzten bapikako diskurtsuak; arimaren betedura ordea batzuetan metafora hutsalenen bidez gainezkatuko ez balitz bezala, zeren eta inork, inoiz, ezin baitezake eman bere beharren neurri zehatza, ez bere kontzeptuena ez eta bere oinazeena, eta giza-mintzoa pertz pitzatu baten antzo baita non jotzen ditugun hartzari dantza eragiteko melodiak, noiz eta izarrak hunkitu nahi genituzkeenean.

        Baina, ezein kinkatan atzeko aldean mantentzen denak daukan kritika-abantaila horrekin, Rodolphek hauteman zuen maitasun honetan beste zenbait gozamen eskorkatu bide. Ahalke oro deserosotzat jo zuen. Begirunerik gabe tratatu zuen. Gauza malgu eta usteldua bihurtu zuen. Atxikimendu zirauki-modutsu bat zen Emmarena harenganako mirespenez, bereganako boluptuositatez betea, toiltzen zuen dohatasun bat; eta bere arima horditasun horretan hondoratzen zen eta bertan ito, kikildurik, Clarenceko dukea bere malbasia-upelean bezala.

        Bere amodio-ohituren eragin hutsez, Madame Bovary aldatu egin zen gisaz. Bere begiradak ausartagoak bilakatu ziren, bere diskurtsoak libreagoak; egin ere, zigarro bat ahoan, Rodolpherekin pasiatzeko arrunkeria egin zuen, munduaz nausatzeko bezala; dena den, artean zalantzaz zeudenek jada ez zuten gehiago zalantzarik izan ikusi zutenean, egun batez, Hirondelle-tik jaisten, soina gerrontze batean hertsaturik, gizon baten erara; eta madame Bovary ama, zeina, bere senarrarekin izugarrizko tekela izan ondoren, bere semearen etxean babestera etorria baitzen, ez zen izan gutxien eskandalizatutako burgesa. Beste gauza franko ere gaitzitu zitzaion: hasteko Charlesek fitsik ere entzun gabe zituen bere aholkuak nobelak debekatzeari buruz; gero, etxearen moldakera gaitzi zitzaion; zilegi hartu zuen zenbait ohartarazpen egitea eta haserretu egin ziren, batez ere behin, Felicite zela medio.

        Madame Bovary amak, bezpera arratsean, korridorean barrena zihoala, gizon batekin harrapatu zuen, gizon bizar-beltz bat, berrogei urte ingurukoa, zeinak, urrats-hotserara, arin aldegin baitzuen sukaldetik. Orduan Emmak barreari ekin zion, baina dama gajoa sumindu egin zen, deklaratuz ezen, hazturez ez trufatzekotan behintzat, sehien ohiturak zaindu egin behar zirela.

        — Zein mundutakoa zara zu? esan zuen errainak, begirada hain mutiriaz non Madame Bovaryk galdetu baitzion ea ez ote zen ari bere aieka propiala defendatzen.

        — Alde hemendik! bota zuen emakume gazteak jauzi batean zutiturik.

        — Emma!... Ama!... Zioen ozenki Charlesek bakeak egin nahiez.

        Baina emakumeak itzuriak ziren biak ere beren suminduran. Emma zangopilaka ari zen errepikatuz:

        — Ah! zer nolako jendetasuna! Larre-atso halakoa!

        Charlesek bere amarengana jo zuen korrika; bere onetik aterata zegoen, zezelka zioen:

        — Lotsagabe bat da! buruarina! edo okerragoa agian!

        Eta berehala alde egin nahi zuen, baldin bestea etortzen ez bazitzaion desenkusatzera. Charles bere emaztearengana itzuli zen eta arren erregutu zion amore eman zezan: belauniko jarri zitzaion; Emmak noizbaitekoan erantzun zuen:

        — Hala bedi! banoa.

        Eskierki, bere amaginarrebari eskua luzatu zion markesa baten duhintasunez, esanez:

        — Desenkusa nazazu, madame.

        Gero, bere gelara igo eta luze jauzi zen ahozpez bere ohearen gainean, eta han haur batek bezala egin zuen negar Emmak, burua burkoan murgildurik.

        Elkarren artean hitzartua zuten, berak eta Rodolphek, ezen aparteko gertakaririk izanez gero, Emmak paperzuri mutur bat lotuko zukeela pertsianan, hura, ausaz, Yonvillen aurki baledi, etxe atzeko zurrunara arin etor zedin. Emmak egin zuen seinalea; zuela hiru ordu laurden zain zegoen non eta azoketako ertzean hauteman zuenean bat-batean Rodolphe. Tentaturik egon zen leihoa irekitzeko, dei egiteko; baina hura ordurako desagertua zen. Berriro etsipenean erori zen.

        Berehala, ordea, espaloian norbait zebilela iruditu zitzaion. Bera zen, dudarik gabe; eskilarak behera jaitsi zen, baila zeharkatu zuen. Han zegoen, kanpoan. Haren besoetara jauzi zen.

        — Kontu izan gero, esan zuen gizonak.

        — Ah! bazeneki! zioen damak.

        Eta hari dena kontatzen hasi zen, presaka, segidarik gabe, egitateak bapikatuz, asko asmatuz, eta parentesiak oparo tartekatuz, hain ugari non gizonak ezer ez baitzuen ulertzen.

        — Ea ba, nire aingeru gaixoa, izan adorea, kontsola zaitez, hartzazu pazientzia!

        — Baina horra lau urte pazientzia hartzen ari naizela eta sufritzen ari naizela!... Gurea bezalako maitasuna zeruaren aurrez aurre aitortu beharko litzateke! Ni torturatzen ari dira. Ezin dut gehiago! Salba nazazu!

        Rodolpheren kontra hertsatzen zen. Bere begiek, malkoz beterik, garrak uhinpean bezala pindarkatzen zuten; bere eztarriak kolpe sarrika hatsankatzen zuen; inoiz ez zuen Rodolphek hainbeste maite izan; hainbat non burua galdu baitzuen eta esan zion:

        — Zer egin behar da? Zer nahi duzu?

        — Eraman nazazu! zioen Emmak. Ebatsi nazazu!... Oh! otoi eskatzen dizut!

        Haren ahoaren kontra oldartu zen, bertatik laztan batean lurruntzen zen baiezko ustekabea atxikitzearren bezala.

        — Baina..., hasi zen Rodolphe.

        — Baina zer?

        — Eta zure alaba?

        Momentu batez gogartu zuen, gero erantzun zuen:

        — Geurekin hartuko dugu, gero gerokoak!

        — Zer nolako emakumea! zioen berekiko, urruntzen so eginez.

        Zeren jardinean barrena itzuria baitzen. Deika zituen.

        Bovary ama, ondorengo egunetan, oso harriturik egon zen bere errainaren metamorfosiaz. Eskierki, Emma menerakorrago azaldu zen, eta luzkarttipiak gatzunetan jartzeko errezeta bat hari eskatzeraino ere eraman zuen bere adeitasuna.

        Bata eta bestea hobeto atzipetzearren al zen? Edota, estoizismo boluptuos antzeko zerbaitengatik, sakonkiago sentitu nahi ote zuen abandonatzera zihoan gauzen mindura? Baina ez zuen horretaz arretarik hartzen, aitzitik: lasterreko bere zorionaren dastapen aitzinatuan galdurik bezala bizi zen. Hau zen Rodolpherekin etengabeko solasgaia. Haren sorbaldaren kontra ezartzen zen, xuxurlatzen zuen:

        — Eh! Posta-kotxe barruan egongo garenean!... Pentsatzen al duzu horretaz? Posible al da? Landoa habailan abiatzen sentituko dudan momentuan, globoan igoko bagina bezala izango dela iruditzen zait, hodeietarantz abiatuko bagina bezala. Badakizu egunak kontatzen ari naizela?... Eta zu?

        Inoiz ez zen izan madame Bovary denboraldi hartan bezain ederra; bozkariotik, gogoberotik, arrakastatik sortzen den, eta inguruabarrekin tenperamentuaren harmonia besterik ez den definiezineko edertasun hori zeukan. Bere apeta, bere atsekabe, plazeraren esperientzia eta bere ilusio beti ere gazteek, loreei gorotzak, euriak, haizeek eta eguzkiak egiten dieten bezala, garatua zuten gradazioz, eta azkenean ere bere naturaren osotasunean zabaltzen ari zen. Bere betazalek propio dolatuak ziruditen bere begirada luze amurusentzako non betseina galtzen baitzen, anartean hats bortitz batek bere sudur-hegal meheak zabaldu eta, argitara ilaun beltz apur batek iluntzen zuen bere ezpainen hegi haragitsua altxatzen ziola. Esan zitekeen, artista ustelgaldutan trebe batek adelatu zuela bere garondoan bere ileen bihurkina; mordoska lodi batean kiribiltzen ziren, zabarki, eta egunero askatzen zituen adulterioaren menturen arabera. Bere ahotsak, orain, malgudura belaskagoak hartzen zituen, bere soinak ere bai; barneratzen zitzaizun zerbait mehaxka jalgitzen zen bere soinekoaren azpilduretatik eta bere oinaren kopaduratik. Charlesek, ezkonberritako garaian bezalaxe, gozagarria eta zeharo jarkiezina kausitzen zuen.

        Gauaren erdian etxera itzultzen zenean, ez zen iratzartzera ausartzen. Portzelanazko ontziko argiñoak erlantz dardaratia biribiltzen zuen sabaian, eta sehaska txikiaren errezel itxiek, itzalpean bonboilatzen zen etxola bat bezala egiten zuen, ohearen alboan. Charlesek so egiten zien. Bere haurraren arnasa arina entzun uste izaten zuen. Orain hazten joango zen; urtaro bakoitzak, laster, aurrerapen bat ekarriko zuen, ikusten zuen jada arrastirian eskolatik itzultzen, irribarretsu, soinekotxoa tintaz orbandurik, eta besoan bere otarretxoa zeramala; gero barnetegian sartu beharko zuten, hori asko kostako zen; nola moldatu? Orduan gogoetan aritzen zen. Inguruetan etxalde bat alokatzea ere pentsatzen zuen, berak zainduko zukeen, goizero, gaixoak bisitatzera zihoanean. Hango irabaziak gorde egingo zituzkeen, aurrezki kutxan sartu; gero akzioak erosiko zituzkeen, nonbait, edonon; bestalde bezeria ugaltzen joango zen; horrekin kontatzen zuen, zeren Berthe ongi eskolatua izan zedin nahi baitzuen, buruz jantzia izan zedila, pianoa ikas zezala. Ah! bai polita izango zela, gero, hamabost urtetan, noiz eta, amaren antzekoa, hark bezala berak ere eramango zituenean, udan, lastozko ginbail handiak! Urrunetik bi ahizpatzat joko zituzten. Arratsean beren ondoan lanpararen argitan lanean irudikatzen zuen. Oskierrestak brodatuko zizkion; etxeko lanez arduratuko zen; etxe guztia beteko zuen bere xarmaz eta bere alaitasunez. Azkenik, pentsatuko zuten haren enpleguaz: etxe oneko mutil jator bat aurkituko zioten; hark zoriontsu egingo zuen; horrek beti iraungo zuen.

        Emmak ez zuen lo egiten, lotan egotearen itxura egiten zuen; eta, gizona bere ondoan lokartzen ari zen bitartean, bera beste amets batzuetan esnatzen zen.

        Lau zaldiren asapalan, bazeramaten zuela zortzi egun herrialde berri baterantz, nondik ez baitziren gehiago itzuliko. Bazihoazen, bazihoazen, besoa besoan, mintzatu gabe. Sarritan, mendi baten tontorretik bat-batean hiri distiratsuren bat hautematen zuten kupula, zubi, itsasuntzi, limoiondo-baso eta marmol zurizko katedralekin beren kanpandorre zorrotzetan zikoina-habiak zituztela. Pausoan ibiltzen ziren harlosa handiengatik, eta lurrean loresortak zeuden zeinak gorontz gorriz jantzitako emakume batzuek eskaintzen baitzizkizuten. Kanpai hotsak entzuten ziren, mandoen arrantzak, gitarren murmurekin eta iturrien azantzarekin batera, zeintzuen lurrunak hegaztatuz freskatzen baitzituen fruitu pilak, piramidetan taiutuak, ur zurrusten pean barretsu zeuden estatua zurpailen oinetan. Eta gero, arrats batean, heltzen ziren arrantzale-herrixka batera non sare beltz batzuk baitzeuden haizetan lehortzen labarretan eta etxoletan luze. Hantxe geratuko ziren bizitzen: etxe apal teilatu zapaldun batean, palmondo batek gerizpetua, goiko baten zokoan, itsasoaren ertzean. Gondolaz paseatuko ziren, hamakan kulunkatuko ziren; eta beren bizialdia erraza eta lasaia izango zen beren zetazko jantziak bezala, erabat bero eta izartsua, betetsiko zituzten gau eztiak bezala. Halere, berekiko agertarazten zuen etorkizun horren hondargabetasunean, ezer bitxirik ez zen azaltzen: egunak, denak bikainak, elkarren antzekoak ziren olatuak bezala; eta hori ostertz infinituan, harmoniatsuan, urdinkan eta eguzkiz betean kulunkatzen zen. Baina haurra eztulka hasten zen bere sehaskan, edota Bovaryk bortitzago egiten zuen zurrunka, eta Emma ez zuen loak hartzen goizaldean baino, egunsentiak leiarrak zurizkatzen zituenean eta jada Justin txikiak, plazan, farmaziako hegazpeak zabaltzen zituenean.

        Monsieur Lheureuxi etorrarazi eta esana zion:

        — Beroki baten beharrean izango naiz, beroki handi bat, lepo luzeduna, forratua.

        — Bidaiaren batera al zoaz? galdetu zion.

        — Ez! baina..., berdin da, zurekin kontatzen dut, ez al da hala? eta bizkor!

        — Merkatariak burua makurtu zuen.

        — Baina ere behar izango dut, berriro Emmak, kutxa bat..., ez astunegia..., erosoa.

        — Bai, bai, ulertzen dut, laurogeita hamabi zentimetro inguru, bider berrogeita hamar, gaur egun egin ohi diren bezala.

        — Gauetarako poltsa barekin.

        — Dudarik gabe, pentsatu zuen Lheureuxek, hemen badago istiluren bat.

        — Eta tori, esan zuen madame Bovaryk, bere gerrikotik erlojua ateraz, hartzazu hau: horretatik kobratuko duzu zurea.

        Baina merkataria oihuka hasi zitzaion oker zegoela esaten; elkar ezagutzen zutela; bera fidakaitza al zen ba Emmari buruz? Zer nolako umekeria! Damak halere erautsi egin zuen gutxienez ere katea behintzat har zezan, eta Lheureuxek jadanik bere poltsikoan sartua zuen eta bazihoan, Emmak berriz deitu zionean.

        — Guztia zeure etxean utziko duzu. Berokiari dagokionez, —gogoetan zirudien— ez, etzazu ekarri; beste gabe, jostunaren helbidea emango didazu eta niretzako prest edukitzeko ohartaraziko diozu.

        Hurrengo hilean egin behar zuten ihes. Bera Yonvilletik abiatuko zen Rouenen erosketak egitera joateko bezala. Rodolphek lekuak hartuta izango zituen, pasaporteak jasota, eta Parisera ere idatzia izango zuen Marseilara arteko posta-bidaia osoa segurtatzeko, han erosiko baitzuten zalgurdi bat eta, handik, gelditu gabe segituko zuten Genovarako errepidean barrena. Berak ardura hartua izango zuen Lheureuxen etxera bidaltzeko bere bagaia, zeina zuzenean eramango baitzuten Hirondelle-ra, horrela inork susmorik ez izateko eran; eta, guzti horretan, bere haurra ez zen ezertarako aipatzen. Rodolphek itzur egiten zion hartaz mintzatzeari; Emmak agian ez zuen hartaz pentsatzen.

        Rodolphek beste bi aste luzatu nahi izan zuen, zenbait xedapen burutzearren; gero, zortzi egunen buruan, beste hamabost eskatu zituen; gero gaixo zegoela esan zuen; ondoren bidaia bat egin zuen; abuztua joan zen, eta, luzamendu guzti hauen ostean, erabaki zuten, atzeraezineko menduz irailaren 4rako izango zela, astelehena. Azkenik larunbata, bezpera-aurrekoa, heldu zen. Rodolphe etorri zen arratsean, ohi baino garaizago.

        — Dena prest dago? galdetu zion Emmak.

        — Bai.

        Lorearlo bat inguratu zuten, eta terrazaren ondoan esertzera joan ziren, hormako baraldan.

        — Triste zaude, esan zuen Emmak.

        — Ez, zergatik?

        Halere era bitxi batean, samurki, so egiten zion Emmari.

        — Joan behar duzulako da? berriro Emmak; zure kutunak, zure bizitza uzteagatik? Ah! ulertzen dut... Baina, nik, nik ez daukat ezer munduan! niretzat zu zara dena. Ni ere dena izango naiz zuretzat, familia bat izango natzaizu, aberri bat: zainduko zaitut, maitatuko zaitut.

        — Bai xarmangarria zarela! esan zuen Emma bere besoetan estutuz.

        — Benetan? zioen Emmak barre boluptuos batekin. Maite nauzu? Zin egizu ba!

        — Maite zaitudan! Maite zaitudan! baina adoratu egiten zaitut eta, laztana!

        Ilargia, zeharo borobil eta purpura kolorekoa, jeikitzen ari zen lurraren arrasean, belazearen zokoan. Laster igotzen zen zumarzurien adarren artean, zeintzuk estaltzen baitzuten tartean tarteka, errezel beltz zulatu baten gisa. Gero, zuritasunez dotore, berak argitzen zuen zeru hutsean azaldu zen; eta orduan, astiroagotuz, ibaiaren gainera erortzen utzi zuen orban handi bat, zeinak eragiten baitzuen izar elemenia bat, eta zilarrezko leinuru hark hondoraino bihurkatzen zela zirudien, ezkata argitsuz jantzitako suge bururik gabeko baten gisa. Horrek bazuen argimutil izugarriren baten antza ere, zeinari, bere luzera osoan, diamante urtua baitzerion tantaka. Gau eztia bere inguruan hedatzen zen; itzal-mihise batzuk betetzen zuten ostaia. Emmak, begiak erdi itxirik, hasgorapen handiz arnasten zuen ibilian zebilen haize freskoa. Ez ziren elkarrekin mintzo, egon ere galduegiak baitzeuden beren ameskizunaren inbasioan. Iragan egunetako samurtasuna itzultzen zitzaien bihotzera, oparo eta isilean joanean zihoan ibaia bezala, seringilen usainak zekarrena bezainbateko nagitasunanekin, eta beren oroitzapenetan islaratzen zituen, belarretan luze zitzaten sahats ekuruen itzalak baino errainu eskerga eta malenkoniatsuagoak. Tarteka gau-piztiren batek, triku nahiz erbinudek, ehizari ekinez, hostoak astintzen zituen, edota noizbehinka muxika helduren bat entzuten zen keretatik bere kasa erortzen.

        — Ah! ederra gaua! esan zuen Rodolphek.

        — Gehiago ere izango ditugu! jarraiki zion Emmak.

        Eta, bere buruari hitz egiten bezala:

        — Bai, ona izango da bidaiatzea... Zergatik daukat bihotza triste, ordea? Ezezagunaren larderia ote da..., utzitako ohituren ondorioa..., edo agian...? Ez, zorionaren gaindidura da! Bai ahula naizela, ez al da hala? Barkaidazu!

        — Oraindik garaiz zaude! oihukatu zuen Rodolphek. Gogartu orain, agian gero damutu egingo zara.

        — Sekulan ez! erantzun zuen oldarki. Eta, gizonarengana hurbilduz:

        — Zein zorigaizto gerta dakidake ba? Ez dago deserturik, ez amildegirik ezta ozeanorik nik zurekin zeharkatuko ez nukeenik. Elkarrekin biziko garen eran besarkada bat bezala izango da egunetik egunera estuagoa, beteagoa! Ez dugu ezer izango artegatuko gaituenik, ez kezkarik ez inolako oztoporik! Bakarrik izango gara, guztiz geuretzako, betikoz... Hitz egin ezazu ba, erantzuidazu.

        Gizonak tarte erregularka ihardesten zion: «Bai... Bai!...».

        Emmak eskuak ile artean pasatuak zizkion , eta haur-ahotsez errepikatzen zuen, nahiz eta malko mardulak isuri:

        — Rodolphe! Rodolphe!... Ah! Rodolphe, nire Rodolphetxo laztana!

        Gauerdia jo zuen.

        — Gauerdia! esan zuen Emmak. Ea, bihar da! beste egun bat oraindik!

        Rodolphe altxatu egin zen abiatzeko; eta, egiten ari zen higitze hura beren iheserako seinalea izan balitz bezala, Emmak, bat-batean, aire alaia hartuz:

        — Pasaporteak badituzu?

        — Bai.

        — Ez al duzu ezer ahaztu?

        — Ez.

        — Ziur zaude?

        — Baietz.

        — Provence hotelean itxoingo didazu, ez da?... Eguerdian? Keinu bat egin zuen buruaz.

        — Bihar arte, beraz! esan zuen Emmak azken balaku batean. Eta urruntzen begiratu zion.

        Rodolphek ez zuen burua jiratzen. Emma korrika joan zen haren atzetik, eta, lahar artean ibai bazterrerantz makurturik:

        — Bihar arte! oihukatu zuen.

        Gizona jadanik ibaiaz beste aldean zen eta bizkor zihoan belazean barrena.

        Zenbait minuturen buruan, Rodolphe gelditu egin zen; eta, bere jantzi zuriarekin mamu baten gisa ilunpean emekiro desagertzen ikusi zuenean, halakoxe bihotz-taupakarak eraso zion non zuhaitz baten kontra tinkatu baitzen ez erortzeko.

        — Zer nolako ergelontzia naizen! bota zuen, biraoka izugarriro eginez. Bost axola, amorante polita zen!

        Eta, berehala, Emmaren edertasuna azaldu zitzaion berriro, amodio haren plazer guztiekin batera. Hasieran hunkitu egin zen, gero asaldatu Emmaren kontra.

        — Zeren, azken finean, zioen imintzioka, nik ezin dut neure burua erbesteratu, haur baten kargua neure buruari leporatu.

        Are gehiago bermatzeko esaten zituen gauza hauek berekiko.

        — Eta, bestalde, trabak, gastua... Ah! ez, ez, mila bider ez! Tentelkeria handitxoa litzateke!

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia