—XI—

 

        Berriki irakurria zuen hankokerrak sendatzeko metodo berri baten laudorioa; eta, aurrerapenaren aldekoa zenez, ideia patriotiko hau sortu zuen, alegia Yonvillek, tokatzen zitzaion graduan jartzeko, strephopodi-operazioak eduki behar zituela.

        — Zeren, esaten zion Emmari, zer arriskatzen da? Hautemazu (eta bere behatzekin zenbatzen zituen entseguaren abantailak): arrakasta ia ziur, gaixoaren arindura eta liraintzea, operatzaileak ospea berehala lortzea. Zure senarrak, esate baterako, zergatik ez luke nahi izango Lion d'or-eko Hippolyte gizajo hori gaitzetik libratu? Kontu izan gero, horrek ez lukeela huts egingo bere sendakuntzaren berri bidaiari guztiei kontatzen, eta gainera (Homaisek ahotsa apaltzen zuen eta bere ingurura begiratzen zuen) nork eragotziko lidake egunkarira horri buruz ohartxo bat bidaltzen? Eh! ene ba! artikulu bat zabaltzen da... hartaz mintzatzen da..., azkenerako elur-bola egiten da! Eta nork daki? nork jakin?

        Izan ere, Bovaryk arrakasta izan zezakeen; ezerk ez zion baieztatzen Emmari hura trebea ez zenik, eta zer nolako atsegina beretzat haren aipua eta fortuna ugaldurik kausituko ziratekeen bideari ekinarazi izana! Maitasuna baino tinkoagoko zerbaitetan finkatzea besterik ez zuen eskatzen Emmak.

        Charlesek, botikarioak eta Emmak eraginik, konbentzimenduari amore eman zion. Rouendik Duval doktorearen liburua ekarrarazi zuen, eta, arratsero, burua bi eskuen artean zuela, irakurketa horretan murgiltzen zen.

        Hark ekinoak, varusak eta valgusak estudiatzen zituen bitartean, alegia estrephokatopodia, estrephendopodia eta estrephexopodia (edo, hobeto mintzatzeko, oinaren desbideratze desberdinak, nahiz beherantz, barnealderantz edo kanpoalderantz), estrephipopodiarekin eta estrephanopodiarekin batera (bestera esateko: azpialdeko bihurdura eta gorantz txutikatzea), monsieur Homaisek, orotariko arrazonamenduren bidez, aholkatzen zuen ostatuko morroia opera zedin.

        — Ia ez duzu sentitu ere egingo, agian, min txiki bat; odolatera txiki bat adinakoxe xixtako bat besterik ez da, zenbait karatxoren erauzketa baino gutxiago.

        Hippolytek, gogoeta eginez, begi tentelak jirakatzen zituen.

        — Bestalde, ekiten zion berriro botikarioak, hori ez zait fitsik behatzen! zuregatik da! gizabide hutsez! Nik, lagun, zure herreneria zantar horretatik libre ikusi nahi zintuzket, zure gerrontze-aldeko zabukera hori gabe, horrek, zuk besterik esan arren, zure lanbiderako nabarmenki kaltetu behar baitzaitu.

        Orduan Homaisek azaltzen zion zenbateraino sentituko zuen ondoren bere burua lerdenago eta pizkorrago, eta aditzera eman ere egiten zion, hobeto kausituko zela emakumeei laket izateko, eta ikuilu-morroia toil-toil irribarrez hasten zen. Gero harrokeriaren aldetik erasotzen zion:

        — Ez al zara ba gizona, alajaina? Zer izango ote zen soldadu joan behar izan bazenu, banderen pean gudukatzera?... Ah! Hippolyte!

        Eta Homais urrundu egiten zen deklaratuz, zientziaren onurei uko egiten halako zipozkeria, halako itsukeria ez zuela ulertzen.

        Amore eman zuen dohakabeak, zeren hura zimarku bat bezala izan baitzen. Binet, besteren arazotan inoiz nahasten ez zen arren, madame Lefrançois, Artemise, auzotarrak, eta monsieur Tuvache alkatea bera ere, mundu guztia tarteratu zitzaion, sermoika aritu zitzaizkion, lotsarazi zuten; baina azken finean erabakitzera etsitu zuena zera izan zen, hura ez zitzaiola ezer kostako. Bovaryk bere gain hartzen zuen operaziorako makina hornitzea ere. Emmari bururatu zitzaion eskuzabaltasun hori; eta Charlesek baiezkoa eman zuen, bihotzaren zolan berekiko esanez bere emaztea aingeru bat zela.

        Botikarioaren kontseiluekin, eta hiru bider hasieratik ekinez, egin arazi zion beraz zurginari, sarrailkinak lagundurik, zortzi libra inguruko kaxa molde bat, eta non burdina, zura, txapa, larrua, torlojuak eta dranbalak ez baitziren inolaz ere xuhurkaturik kausitu.

        Hartan ordea, Hippolyteri zein zurda moztu jakiteko, zein moldetako hankokerra zeukan jakin behar zen aurrez.

        Zangoarekin lerro ia zuzena egiten zuen oina zeukan, horrek eragozten ez bazuen ere barnealdera bihurkatua egotea, beraz ekinoa zen varus apur batekin nahasturik, edota varus arin bat ekinoz bortizki larritua. Baina ekino honekin, zabala izan ere zaldi baten oina bezala, azal lakarduna, zurda iharrak, behatz handiduna, eta azkazal beltzek perra-iltzeak ziruditela, estrephopodoak, goizetik hasita gauera bitartean, orein baten antzo egiten zuen asapala. Plazan ikusiko zenuen taigabe, gurdien inguruan aputika, bere ostiko desberdina aurrera botaz. Sendoagoa ere bazirudien hanka horretatik bestetik baino. Hartaz baliatu izanaren poderioz, pazientziaren eta energiaren kualitate moralak bezalatsu bereganatuak zituen, eta eginkizun gogorren batzuk ematen zizkiotenean, aukeran haren gainean hartzen zuen oin.

        Beraz, ekino bat zenez, Akilesen zurda moztu behar zen, ondoren kabil-aurreko giharreari ekin beharraz aparte varusetik libratzearren: zeren medikua ez baitzen ausartzen golpe bakar batean bi operazio menturatzera, eta dardaraz ere bazegoen jadanik, berak ezagutzen ez zuen alde garrantzitsuren bati erasotzeko beldurrez.

        Ez Ambroise Parèk, Celsoz gero lehen aldiz, hamabost mendetako tartearen ondoren, arteria baten berehalako lotura aplikatzean; ez Dupuytrenek enzefalo-geruza lodi batean barrena zornagune bat irekitzerakoan; ezta Gensoulek ere, goiko masailaren lehen erauzpena egin zuenean, ez zuten noski bihotza hain taupadatsu, eskua hain dardaratsu, adimena hain atezuan nola monsieur Bovaryk Hippolyterengana hurbildu zenean, bere tenotomoa behatzen artean. Eta, ospitaletan bezala, alboan ageri ziren, mahai baten gainean, lits pila bat, hari ezkodunak, benda asko, benda piramide bat, botikarioarenean zegoen benda guztia. Antolaketa hauek guztiak goiz-goizetik apailatu zituena monsieur Homais zen, hainbat jendetza liluratzeko nola bere burua ilusionatzeko. Charlesek larrazala ziztatu zuen; zirtako idor bat entzun zen. Zurda mozturik zen, operazioa bukatua zen. Hippolyte harriduraz ez zen bere onera itzultzen; Bovaryren eskuen gainera makurtzen zen atergabe muin emanez.

        — Ea ba, lasai zaitez, zioen botikarioak, geroxeago azalduko duzu zure ongilearenganako eskerrona!

        Eta ondorea kontatzera jaitsi zen atarian geraturik zeuden bost edo sei kuxkuxerori, zeinek uste baitzuten Hippolyte oinez tente azaltzera zihoala. Ondoren Charles, bere gaixoa motore mekanikoaren barruan gardainaturik, bere etxera itzuli zen, non Emma, antsi bizitan, zain baitzuen afalondoan. Lepora ikotu zitzaion senarrari; mahaira eseri ziren; asko jan zuen gizonak, eta, baita nahi ere, otorduburuan hartu nahi izan zuen kikara bat kafe, igandez jendea zegoenean bestetan bere buruari aizu ez zion bonbonkada.

        Beila xarmangarria izan zen, eleketaz, boti ametsez betea. Beren fortuna etorkizunaz mintzatu ziren, beren etxean ezarri beharreko hobekuntzez; bere ospea hedatzen ikusten zuen, bere ongizatea emendatzen, bere emaztea bera maitatzen beti; eta emaztea zoriontsu kausitzen zen bere burua eraberritzeagatik sentimendu berri batean, zintzoago batean, hobe batean, alegia laztantzen zuen mutil gizajo harekiko nolabaiteko samurtasuna sentitzeagatik azken finean. Rodolpheren ideia, une batez, iragan zitzaion buruan barrena; baina bere begiak Charlesengana itzuli ziren: eta hauteman ere bai harriduraz, hortzak ez zeuzkala bat ere zatarrak.

        Ohean ziren monsieur Homais sartu zenean, sukaldaria arren, tupustean gela barrura, paper-orri idatziberri bat eskuan zuela. Fanal de Rouen-era igorri behar zuen iragarpena zen. Irakurtzeko zekarkien.

        — Irakurri zeuk, esan zuen Bovaryk.

        Irakurri zuen:

        — «Europako lurren eretz bat sare batek bezala oraindik estaltzen duten aurreritziak gorabehera, hasi da halere argia gure landetan sartzen. Halatan non, asteartean, Yonvilleko gure herri txikia kausitu baita, aldi berean filantropiarik goreneko ekintza bat den saiakuntza kirurgiko baten antzoki. Monsieur Bovaryk, gure medikurik printzipalenetariko batek...».

        — Ah! Gehiegi da! gehiegi da! zioen Charlesek, zirrarak hatsanturik.

        — Ez gizona! ezta inola ere! nola gero!... «Hanka oker bat operatu dio...». Ez dut termino zientifikoa ipini, zeren, badakizu, egunkari batean..., mundu guztiak agian ez luke ulertuko; beharrezkoa da masak...

        — Halaxe da, esan zuen Bovaryk. Jarrai ezazu.

        — Aurretik hasiko naiz, esan zuen botikarioak. «Monsieur Bovaryk, gure medikurik printzipalenetariko batek, hanka oker bat operatu dio Hippolyte Tautain deritzanari, hogeita bost urte honetan zaltegi-morroia bera, madame Lefrançoisek daukan Lion d'or hotelean, Armes plazan. Saiakeraren berritasunak eta sujetari zatxekion garrantziak halako jende ostea erakarria zuen non benetan gainezka baitzegoen etxeko ataria. Ebakuntza, bestalde, sorginkeriaz bezalaxe burutu zen eta osta azaldu ziren azal gainera odoltantaren batzuk, zurda bihurriak noizbait ere artearen ahaleginen pean amore eman zuela adieraztearren bezala. Gaixoak, gauza harrigarria (de visu baieztatzen dugu), ez zuen bat ere oinazerik nabarmendu. Bere egoerari oraindainokoan ez bide litzaioke ezer hoberik opa. Orok ematen digu uste izateko bidea, eriondoa laburra izango dela, eta nork daki jakin ere ez ote dugun, hurrengo herriko jaietan ikusiko gure Hippolyte jatorra dantza bakikoetan partaide, bestari alairen koru baten erdian, eta horrela guztien begibistan frogatu, bere fleita eta pikoak medio, bere erabateko sendakuntza? Ohore beraz jakitun bihotzonekoei! Beren gauetako lana espeziearen hobekuntzara edota aisantziara kontsakratzen duten adimen nekagaitz horiei ohore! Ohore! Hiru bider ohore! Ez ote da tenorea deiadar egiteko itsuek ikusiko dutela, gorrek entzungo dutela eta herrenak oinez ibiliko direla? Baina garai batean fanatismoak bere hautatuei prometatzen ziena, zientziak orain gizaseme guztientzat burutzen du! Gure irakurleak jakinaren gainean edukiko ditugu sendakuntza ohargarri honen jarraikako faseei buruz».

        Horrek ez zuen eragotzi horratio ezen, bost egun beranduago, Lefrançois atsoa zeharo izuturik garrasika hel zedin:

        — Lagundu! hiltzorian dago!... burua galtzeko punttuan nago!

        Charlesek zalapartaka jo zuen Lion d'or-erantz, eta botikarioak, plazan barrena iragaiten hauteman baitzuen, kapelarik gabe, farmazia utzi zuen. Han azaldu zen bera ere, hatsestuka, gorri, urduri, eta eskilarak igotzen zituzten guztiei galdezka:

        — Zer du ba gure estrefopodo interesgarriak?

        Bihurkatu egiten zen, estrefopodoa, dardarizo izugarritan, halatan non bere hanka hertsaturik zegoen motore mekanikoak hormaren kontra eraitsitzear jotzen baitzuen.

        Tentu handiz, menbruaren jarrera ez desegokitzearren, erantzi zioten beraz bota, eta ikuskizun ikaragarria agertu zen. Oinaren eiteak halako hanturatan desagertzen ziren non larrazalak oso-osorik zartatzeko zorian baitzirudien, eta makina famatuak eragindako ekimosiz estalirik zegoen. Hippolyte jada arrenkuratua zen hartaz sufritzeaz; ez zuten arretarik hartu; aitortu beharra izan zen, ez zegoela erabat oker, eta ordu batzuez libre utzi zioten oina. Baina ubeldura apur bat desagertu zen orduko, bi jakintsuek aproposekoa iritzi zioten menbrua berriro tramankuluan ezartzeari, eta are gehiago hertsatuz, gauzak agudoagotzeko. Dena den, handik hiru egunetara, Hippolytek gehiago ezin zuenez, beste behin ere kendu egin zioten mekanika, hauteman zuten ondorioaz biziki harritzen zirelarik. Hantura beluri bat hedatzen zen zangoan, eta tartean tarteka fliktena batzuekin, hauetatik likido beltz bat zeriola. Hau bihurkera seriosa ari zen hartzen. Hippolyte aspertzen hasia zen, eta Lefrançois atsoak sala txikian jarri zuen, sukaldetik hurbil, olguraren bat bederen eduki zezan.

        Baina zergabiltzailea, zeinak han afaltzen baitzuen egunero, minduratsu kexatu zen halako auzakidetzaz. Orduan billar-salara eraman zuten Hippolyte.

        Hantxe zegoen, bere estalki lodien pean intzirinka, zurbil, bizarra luze, begiak zulo, eta, aldian behin, bere buru izerditua jiratuz euliak pausatzen ziren buruko zikinaren gainean. Madame Bovary etortzen zitzaion ikustera. Bere kataplasmentzako zapiak ekartzen zizkion, eta kontsolatu egiten zuen, adore ematen zion. Bestalde, ez zen izaten lagun-faltan, batez ere merkatu-egunetan, laborariek bere inguruan billareko bolak sakatzen zituztenean, billare-makilekin lehiatzen zirenean, erre, edan, kantatu, marru egiten zutenean.

        — Zer moduz hago? esaten zuten hari sorbaldan emanez. Ah! harrokeria handirik gabe, dirudienez! baina heure errua duk. Hau egin beharko huke, hura egin beharko huke.

        Eta bereaz bestelako erremedioren bidez sendatuak suertatu ziren jenderen istorioak kontatzen zizkioten guztiak; gero, kontsolamendu gisa, eransten zuzen:

        — Hik heure buruari entzuten diok gehitxo! altxa hadi ba! errege baten gisa habil axanparaz! Ah! ez ziok axolarik, adarjole arraioa! ez duk ondo usantzen!

        Pasmoa, hain zuzen, gero eta gorago zihoan. Bovary bera ere gaixotu egiten zuen horrek. Orduero etortzen zitzaion, momentuero. Hippolytek begiak izuikaraz beterik so egiten zion eta zotinka zezelkatzen zuen:

        — Noiz sendatuko naiz?... Ah! salba nazazu!... Zein dohakabea naizen! ni bai naizela dohakabea!

        Eta medikua joan egiten zen beti ere dieta gomendatuz.

        — Ez iezaiok jaramonik egin, moteil, ekiten zion Lefrançois atsoak; jadanik nahikoa eta gehiegi martirizatu haute! Gero eta ahulago geratuko haiz. To, irentsizak!

        Eta salda eder bat edo aurkezten zion, arkume-izter zatiren bat, urdai-xerraren bat, eta tarteka pattar-baxoren bat, zeina ezpainetara eramateko ez baitzuen adorerik izaten.

        Bournisien apaizak, okerrago zihoala jakinik, ikustea eskatzeko bidea egin zuen. Bere gaitzarengatik urrikalduz hasi zen, aldi berean deklaratuz hartaz bozkariatu beharra zegoela, zeren eta Jaunaren borondatea baitzen, eta abaguneaz fite baliatu zeruarekin bakeak egiteko.

        — Zeren, hala zioen elizgizonak tonu paternal batez, zure betebeharrak apur bat zabartzen ari baitzinen; oso noizbehinka ikusten zintugun elizkizunetan; zenbat urte da mahai saindura hurbildu ez zarela? Nik ulertzen dut zure eginkizunek, munduko zurrunbiloak apartatu ahal izan zaituztela zure salbazioaren arduratik. Baina, orain, horretaz hausnartzeko garaia da. Ez ezazu etsi halere; ezagutu izan dut errudun handirik, Jainkoaren aurrera aurkeztear, (zu oraindik ez zara inolaz ere horretan, ongi dakit nik hori), haren urrikalmendua erregutzen, eta ziurki gertuerarik hoberenetan hil ziren. Espero dezagun, zuk ere, haiek bezalaxe, jarraibide onak emango dizkiguzula! Beraz, bada ezpada ere, nork eragotziko ote lizuke ba goizero eta arratsero «Agur Maria graziaz betea» bat eta «Aira gurea zeruetan zarena» bat errezatzea! Bai, egin horixe! niregatik, niri poz emateko. Zer kostatzen da ba?... Agintzen al didazu?

        Gizaixoak agindu egin zuen. Apaiza berriro etorri zen hurrengo egunetan. Ostalersarekin solasean aritzen zen eta pasadizoak ere kontatzen zituen tarteka txisteak eta hitz-jokoak nahasiz, zeinak ez baitzituen Hippolytek ulertzen. Gero, abaguneak aukera ematen zion orduko, berriro erlijio-gaietara sartzen zen, hartarako aurpegia ipiniaz.

        Bere lehiak arrakasta izan zuela zirudien; zeren estrefopodoak laster azaldu baitzuen Bon-Secoursera erromes joateko gogoa, sendatzen baldin bazen: horri buruz Bournisien jaunak erantzun zuen, inolako eragozpenik ez zuela ikusten; bi ardura hobe bat baino. Ez zen ezer arriskatzen.

        Botikarioa asaldatu egin zen apaizaren trikimailuak zeritzan horren kontra; kaltegarriak ziren, hala zioen berak, Hippolyteren zuzperraldirako, eta madame Lefrançoisri errepikatzen zion:

        — Utziozue! utziozue! morala nahastatzen diozue zuen mistizismo horrekin!

        Baina emakume gajoak ez zion gehiago ezer entzun nahi. Hura zen guztiaren eragile. Aiherkunde-izpirituz, ur-bedeinkatu ontzi bat ere zintzilikatu zuen bete-beterik gaixoaren oheburuan, ezpel adar batekin.

        Ez zirudien ordea erlijioak ere kirurgiak hain gehiago laguntzen zionik, eta garaitu ezinezko usteldura igotzen zihoan beti ere gorputzadarretatik sabelerantz. Nahiz eta edabeak bestelakotu eta kataplasmak aldatu ere, giarreak, egunetik egunera, are gehiago jalgitzen ziren, eta azkenik Charlesek buruaren baiezko keinu batez erantzun zuen Lefrançois atsoak galdetu zionean ea ez ote zezakeen, galduak galdu, andreak berak monsieur Canivet, Neufchâtelgoa, ekarrarazi, ospe handikoa baitzen.

        Medikuntzan doktore, berrogeita hamar urte, gradu on baten jabe eta bere buruarengan segurantza, ofiziokidea ez zen herabe izan erdeinuz barre egiteko, belauneraino pasmoak jotako zango hura idoro zuenean. Gero, moztu beharra zegoela garbi deklaraturik, botikara joan zen, gizon dohakabe bat egoera hartara bihurtzeko gauza izan ziren astatzarren kontra bereak eta bi botatzera. Monsieur Homais bere xenilaren botoitik astinduz, deiadarka ari zen botika barruan.

        — Parisko asmakariak dira hauek! Horra hor Hiriburuko jaun horien ideiak! Estrabismoa, kloroformoa eta litotrizia bezalaxe, gobernuak debekatu behar izango lukeen munstrokeria pila! Baina erpixiarena egin nahi ordea, eta erremedioz galkatzen zaituzte ondorioez arduratu gabe. Gu ez gara hain jakintsuak, hemen; gu ez gara jakintsuak, xanfarinak, pinpirinak; gu medikuak gara, sendagileak, eta ez litzaiguke burutik pasako primeran dabilen norbait operatzea! Hanka okerrak zuzendu! Zuzen al daitezke ba hankokerrak? Zera bezala da hori, adibidez, txalkor bat zuzen zuzendu nahi izatea!

        Homais sufritzen ari zen mintzaldi hori entzutean, eta gortelari-irribarre baten pean estaltzen zuen bere ondoeza, monsieur Canivetekin, zeinaren errezetak batzuetan Yonvilleraino ere heltzen baitziren, adeitsuki konpondu beharrean izaki; halaber ez zuen Bovaryren defentsarik hartu, ez zuen inolako oharkuntzarik ere egin, eta, bere printzipioak aldera utzirik, bere duintasuna sakrifikatu zuen bere negozioaren interes seriosagoen alde.

        Gertaera garrantzitsua izan zen herrian Canivet doktoreak buruturiko izter-mozketa hau! Biztanle guztiak, egun horretan, goizago jaikiak ziren, eta Grande-Ruek, jendez beterik eta guzti ere, bazeukan zerbait goibela heriotza-exekuzio bat bailitza. Janari dendan Hippolyten gaitzaz eztabaidatzen zen, beste dendek ez zuten ezer saltzen, eta madame Tuvache, alkatearen emaztea, ez zen leihotik mugitzen, operatzailea etortzen ikusteko zeukan ezinegonarengatik.

        Bere landoan heldu zen berak gidatzen zuela. Baina, haren gorputzarraren pisuaren pean denboraren poderioz eskuin aldeko balezta emana zegoenez, gertatzen zen kotxea apur bat zeharkatu egiten zela ibilian, eta beste kuxinaren gainean, bere alboan, kaxa handi bat hautematen zen, karamuko gorriz azaleztatua, zeinaren hiru sarraila kobrezkoek maisuki distiratzen zutela.

        Lion d'or-eko ataripean zurrunbilo bat bezala sartu zenean, doktoreak, oso ozen deiadarka, bere zaldia askatzeko agindu zuen, gero ikuilura joan zen oloa ongi jaten ote zuen ikustera; zeren, gaixoaren etxera iristean, lehenik bere behorraz eta bere landoaz arduratzen baitzen. Hori dela eta esan ere esaten zen: «Ah! monsieur Canivet, bitxia da!» Eta estimu are handiagoa zitzaion sotiltasun asaldakaitz harengatik. Unibertsoa leher zitekeen azken gizoneraino, berak ordea ez zukeen huts egingo bere ohituretarik txikienean ere.

        Homais aurkeztu zen.

        — Zurekin kontatzen dut, esan zuen doktoreak. Prest al gara? Aurrera!

        Baina botikarioak lotsagorriturik aitortu zuen, horrelako operazio batean bertan egoteko sentiberegia zela.

        — Ikusle hutsa zarenean, zioen, irudimena, badakizu, laztu egiten da! Eta gainera nerbio-sistema hain daukat...

        — Ah bah! moztu zuen Canivetek, zuk, aitzitik, apoplexiarako joera daukazula iruditzen zait. Eta, bestalde, horrek ez nau harritzen; zeren, zuek, farmazeutiko jaunok, etengabe zuen sukaldean sarturik zabiltzate, eta horrek azkenerako aldatu egin behar zuen tenperamentua. Begiraidazu niri, ordea: egunero, lauretan jaikitzen naiz, ur hotzez mozten dut bizarra (nik ez dut sekula hotzik) ez dut franelarik jazten, ez dut inoiz katarrorik harrapatzen, kutxa ona da! Batean honela, bestean hala bizi naiz, filosofo gisa, datorrena datorrela. Horregatik ez naiz ni zuek bezala bat ere menddere eta zeharo berdin zait kristau bat nahiz eskura datorren lehen lumakia zatikatu. Jakina, esango duzu zuk, ohitura..., ohitura!...

        Orduan, bere maindiren artean estuasunez izerditan zegoen Hippolytekiko inolako begiramenik gabe, jaun hauek elkarrizketari ekin zioten non botikarioak kirurgilariaren odol-hotza jeneral batenarekin gonbaratu baitzuen; eta alderatze hau atsegin izan zuen Canivetek zeina luze mintzatu baitzen bere artearen galdakizunez. Berak sazerdotego gisa behatzen zuen, osasun-ofizialeek desohoratzen zuten arren. Noizbait ere, gaixoarengana itzulirik, Homaisek ekarritako bendak aztertu zituen, hankokerraren hartan aurkeztu ziren berberak, eta norbait eskatu zuen menbruari eusteko. Lestiboudoisen bila bidali zuten norbait, eta monsieur Canivet, bere mahukak altxaturik, billar-salara pasatu zen, eta aldiz botikarioa bertan geratu zen Arthemiserekin eta ostaliersarekin, biak beren amantalak baino zurikailago, eta belarria atearen kontra luzaturik.

        Bovary, bitarte horretan guztian, bere etxetik mugitzen ez zen ausartzen. Behealdean zegoen, salan, surik gabeko tximini-zokoan eserita, kokotsa papar gainean, eskuak baturik, begiak tinko. Zer nolako zorigaiztoa! pentsatzen zuen, zer nolako etsimendua! Hartuak zituen ba alabaina ardura asmagarri guztiak. Halabeharra nahastua zen hartan. Dena den, baldin eta Hippolyte, gero, hiltzea kausitu baledi, bera litzateke asasinatu zukeena. Eta gainera, zein arrazoi eman behar zuen bisitetan, galde ziezaiotenean? Agian, halere, zerbaitetan oker ibilia ote zen? Saiatzen zen, ez zuen aurkitzen. Baina kirurgilari ospetsuenek ere huts egiten zuten noski. Horra hor sekulan sinetsi nahi izango ez zuketena! aitzitik barre egingo zuten, marmarrean jardun! Hau Forgesaino zabalduko zatekeen! Neufchâtelaino! Rouenaino! alde guztietara! Eta nork jakin bere ofiziokideek bere aurka ez ote zuten idatziko? Polemika sortuko zatekeen, egunkarietan erantzun behar izango zukeen. Hippolytek berak ere auzitara eraman zezakeen. Desohoreturik, porrot eginik, galdurik ikusten zuen bere burua! Eta bere irudimena, hipotesi mordo batek erasorik, hauen artean zabukatzen zen, itsasora eramandako upela huts bat bezala tirainen gainean piririka.

        Emmak, aurrez aurre, so egiten zion; bera ez zen haren umilazioan partaide, berak beste bat sentitzen zuen: halako gizon batek zerbait balio izan zezakeela uste izana zen, jadanik hogei bider haren kaxkarkeria nahiko hauteman izan ez balu bezala.

        Charles aldenik alde ibilian zebilen, bere gelan. Bere botek kirrinka egiten zuten zoladura gainean.

        — Eseri! esan zion Emmak, amorrazi egiten nauzu! Eseri egin zen.

        Nola ordea moldatu zen bera (hain azkarra izanik) beste behin ere huts egiteko? Bestalde, zein tehenteria tamalgarrirengatik hala alferrik galdua bere bizialdia etengabeko sakrifiziotan! Bere luxusenak gogoratu zituen, bere arimaren gabezia guztiak, ezkontzako zatarkeriak, elkarbizitzakoak, bere ametsak lohitan eroriak enara zaurituren gisa, gutiziatu izan zuen guztia, bere buruari ukatu zion guztia, eduki ahal zezakeen guztia! Eta zergatik, zergatik?

        Herria betetzen zuen isiltasunaren erdian, garrasi arrailgarri batek zulatu zuen airea. Bovary beluri bilakatu zen zorabiatzear. Emmak bekainak zimurtu zituen keinu nerbioso batean, gero jarraitu egin zuen. Horregatik izan zen, ordea, izaki horregatik, ezer ulertzen ez zuen, ezer sentitzen ez zuen gizon horregatik! Zeren hantxe zegoen, lasai-lasai, burutik pasatu ere egin gabe ezen haren izenaren irrigarrikeriak aurrerantzean hura bezalaxe zikinduko zuela Emma bera ere. Berak egin zituen ahaleginak hura maitatzeko, eta negarrez damutua zen beste gizon bati amore eman izanagatik.

        — Baina agian valgus bat zen? oihukatu zuen bat-batean Bovaryk, gogoetan ari baitzen.

        Esaldi honen ezusteko tunpakoaz, berunezko bala bat zilarrezko erratilu batean bezala bere pentsamenduaren gainera erortzean, Emmak ikaraz burua altxatu zuen hark zer esan nahi ote zuen sumatzearren; eta elkarri so egin zioten isilean, elkar ikusteaz ia txunditurik, hain baitzeuden beren kontzienteaz elkarrengandik urrun. Charlesek gizon hordi baten begirada uherraz so egiten zion, aldi berean entzunez, arrail, hankamoztuaren azken garrasiak zeinak jarraikako modulaziotan errestatzen baitziren, sakada zorrotzez etenik, lepo egiten ari zaizkion piztiren baten urruneko alarauaren gisa. Emmak bere ezpain zurailak ausikitzen zituen, eta, hautsia zuen marmukarriaren printza bat bere behatzen artean jirakatuz, Charlesi buruz finkatzen zuen bere betseinen punta suhartua, garrezko bi gezi bezala tiratzeko prest. Harengan orok haserrarazi egiten zuen orain, haren aurpegiak, haren jantziak, esaten ez zuenak, haren pertsona osoak, haren izateak berak. Emma damutu egiten zen, krimen batez bezala, iraganeko bere bertuteaz, eta hartatik artean geratzen zena bere harrotasunaren kolpe zakarren pean lurjotzen ari zen. Adulterio garailearen ironia gaizto guztietan atsegin hartzen zuen. Bere amorantearen oroitzapena zetorkion erakartasun zorabiagarriz; hartara jaurtikitzen zuen bere arima, entusiasmo berri batek irudi hartarantz eramanik; eta Charles bere bizitzatik hain aldendua iruditzen zitzaion, betirako hain ausente, hain ezinezkoa eta deuseztatua, nola hiltzera joango bailitza eta bere begien bistan agoniatu bailitza.

        Urrats hotsa izan zen espaloian. Charlesek begiratu egin zuen; eta, pertsiana jaitsietatik barrena, azokako ertzean hauteman zuen, bete-betean eguzkitan, Canivet doktorea, bere fularrarekin bekokia xukatzen. Homaisek, haren atzetik, kaxa gorri handi bat zeraman eskuan, eta biak farmazi aldera zihoazen.

        Orduan, bat-bateko samurduraz eta huzkurduraz, Charles bere emaztearengana itzuli zen esanez:

        — Besarka nazazu, laztana!

        — Utz nazazu! esan zion Emmak, haserrez gorri-gorri.

        — Zer duzu? zer duzu? errepikatzen zuen gizonak balditurik. Lasa zaitez, lasaitu! Badakizu maite zaitudala!... zatoz!

        — Aski da! oihukatu zuen itxura ikaragarri batez.

        Eta, salatik aldeginez, Emmak hain zakar itxi zuen atea non barometroa hormatik jauzi egin baitzen eta lurrean apurtu.

        Charles bere besaulkian abaildu zen, irabiaturik, Emmak zer eduki ote zezakeen bila, nerbioetako gaitzen bat imajinatuz, negarrez, eta bere inguruan jiraka nolabait ere sentituz halakoxe zorigaiztoko eta ulertezineko zerbait.

        Rodolphe, arratsean, baratzera heldu zenean, harreskilararen oinean aurkitu zuen, lehen mailaren gainean, bere amorantea zain. Hertsiki besarkatu zuten elkar, eta beren herra guztia elurra bezala urtu zen musu haren berotan.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia