—X—

 

        Poliki-poliki, Rodolpheren beldur hauek harrapatu egin zuten. Maitasunak zoraturik zeukan hasieran, beste ezertaz ez zuen pentsatu. Baina, orain bere bizitzarako ezinbestekoa zitzaion honetan, hartatik zerbait galtzeko beldur zen, edota zerbaitek artegatuko ez ote zuen beldur. Haren etxetik itzultzerakoan, begirada kezkatiak botatzen zituen inguru guztietara, hegialdean iragaiten zen forma bakoitza eta hauteman zezaketen herriko leihatila bakoitza barrandatuz. Oinotsak, oihuak, gurdien zaratak entzuten zituen; eta gelditu egiten zen, bere buru gainean dilindatzen ziren zumarzurien hostoak baino zurbilago eta dardartiago.

        Goiz batez, horrelaxe etxerantz zetorrela, enkaraturik zeukala zirudien karabina baten kainoi luzea nabaritu uste izan zuen bat-batean. Trabeska gainditzen zuen belar artean erdi estalitako upela txiki baten ertza, lubaki baten bazter gainean. Emmak, izuikaraz ondoezak jotzeko zorian, alabaina aurrera egin zuen, eta gizon bat irten zen upeletik, kaxa barrutik altxatzen diren deabrutxo malgukidun horien gisa. Galzainak zeuzkan belaunetaraino loturik, txota begietaraino sarturik, ezpainak dardaraz eta sudurra gorri. Binet kapitaina zen, basahateen zelatan.

        — Urrunetik hitz egin behar zenuen! egin zuen garrasi. Fusil bat hautematen denean, ohartarazi egin behar da beti.

        Zergabiltzailea, horrela, jasan berria zuen beldurra estaltzen saiatu zen; zeren, txalupaz ez beste edonolatako ahate-ehiza gobernu-agindu batek debekatua izanik, monsieur Binet, legeekiko bere errespetoa eta guzti ere, urrapenean kausitzen baitzen. Halatan une oroz aditu uste zuen landa-zaina heltzen. Baina kezka honek kitzikatu egiten zuen bere plazera, eta, bere upelean bakar bakarrik, bere burua txalotzen zuen bere zorionarengatik eta bere maltzurreriarengatik.

        Emma ikustean, zama handi batetatik arindurik zirudien, eta berehala elkarrizketari ekin zion:

        — Ez du bero egiten, ziztatu egiten du!

        Emmak ez zuen ezer erantzun. Gizonak jarraitu zuen:

        — Eta zu ere goiztar zabiltza horratio!

        — Bai, esan zuen Emmak zezelka; nire haurra dagoen inudearenetik nator.

        — Ah! oso ongi! oso ongi! Ni berriz, ikusten nauzunez, argia urratu duenetik hementxe nago; baina eguraldia hain da ugertsua non, lumak muturraren aurrean eduki ezean...

        — Agur, Binet jauna, moztu zion Emmak orpoak jiratuz.

        — Zure zerbitzari, madame, esan zuen besteak tonu lehorrez. Eta berriro bere upelera sartu zen.

        Emma damutu egin zen zergabiltzailea hain zakarki utzi izanaz. Zalantzarik gabe, aieru kaltegarriak egingo zituen. Inudearen istorioa aitzakiarik okerrena zen, mundu guztiak baitzekien Yonvillen Bovary txikia zuela urtebete bere gurasoen etxera itzulia zela. Bestalde, inguru haietan ez zen inor bizi; bide hark ez zeraman Huchettera baino; Binetek, beraz, igarria zuen bera nondik zetorren, eta hura ez zen isilduko, berritsu arituko zen, hori ziur zen! Gezur-asmo asmagarri guztietan bere izpiritua hagorantzen egon zen arratsera arte, eta beti ere bere begien aurrean zuntzun zakutodun hura zuela.

        Charlesek, afalondoan, hain kezkatsu ikusirik, lekoratzearren, botikarioaren etxera eraman nahi izan zuen; eta Emmak farmazian hauteman zuen lehen pertsona hain zuzen bera izan zen, zergabiltzailea! Zutik zegoen dendamahaiaren aurrean, argiontzi gorriak argiturik, eta zioen:

        — Emadazu, mesedez, ontza erdi bat bitriolo.

        — Justin, oihuka botikarioak, ekar iezaguzu azido sulfurikoa. Gero Emmari, madame Homaisen apartamentura igo nahi baitzuen:

        — Ez, gera zaitez, ez du penak merezi, oraintxe jaitsiko da. Epel zaitez bitartean berogailuaren ondoan... Barkatu... Arratsaldeon, doktore (zeren botikarioak atsegin handia baitzuen doktore hitz hau ahoskatzen, hartan aurkitzen zuen bonbaziatik zertxobait, beste norbaiti zuzentzean ere, berarengana jalgiarazi izan balu bezala)... Baina kontuz ibili zaparria irauli gabe! hobe joan zaitez sala txikiko aulkien bila; badakizu ederki asko sala handiko besaulkiak ez direla lekuz aldatzen.

        Eta, besaulkia bere lekura eramateko, Homais dendamahaitik kanpora oldartu zen, Binetek ontza-erdi bat azukre-azido eskatu zionean.

        — Azukre-azidoa? esan zuen botikarioak erdeinuz, ez dut ezagutzen, ez dakit! Azido oxalikoa nahi ote duzu ausaz? Oxalikoa da, ez al da egia?

        Binetek esplikatu zuen, finkagarri baten beharra zeukala kobre-ura bere gisa konposatzeko, hartaz ehiza-tresna zenbaiti herdoila kentzeko. Emma ikarak jo zuen. Botikarioa esaten hasi zen:

        — Eskierki, eguraldia ez da egokia, umidura handia dago-ta.

        — Halere, berriro zergabiltzaileak aire xorrotx batez, bada oso ederki moldatzen den jenderik.

        Emma itotzear zegoen.

        — Emadazu baita ere...

        — Ez al du aldegin behar sekula! Emmak berekiko.

        — Ontzaerdi bat kolofon-erretxin eta turmentin, lau ontza argizari hori eta hiru ontzaerdi beltz-animalia, mesedez, nire ekipamenduaren uhal-bernizak garbitzeko.

        Botikarioa argizaria ebakitzeari ekiten ari zen, madame Homais azaldu zenean Irma bere besoetan zuela, Napoleon bere aldamenean eta Athalie atzetik. Balusazko aulkian esertzera joan zen, leihoaren kontra, eta mutikoa taburete baten gainean kukubilkatu zen, bere arreba zaharrena berriz kereisanza-ontziaren inguruan itzulika zebilen bitartean, bere aitatxoren ondoan. Hau han ari zen honilak bete eta ontziak zipoztu, etiketak erantsi eta paketeak egin. Bere inguruan isilik zeuden; eta tarteka besterik ez ziren entzuten balantzetan pisuak dindatzen, botikarioaren mintzo apal batzuekin batera bere ikasleari aholkuak ematen.

        — Zer moduz doa zuen gaztetxoa? galdetu zuen hitzetik hortzera Madame Homaisek.

        — Isilik! egin zuen deiadar bere senarrak, zifra batzuk idazten ari baitzen zirriborro-koadernoan.

        — Zergatik ez duzu ekarri? ekin zion berriro ahapean.

        — Ixo! Ixo! xuxurlatu zuen Emmak behatzez botikarioa seinalatuz.

        Baina Binetek, buru-belarri kontuaren irakurketari emanik, segur aski ez zuen ezer entzun. Noizbait ere irten zen. Orduan Emmak, lasaturik, hasperen handi bat bota zuen.

        — Bai bortizki hartzen duzula arnasa! esan zion madame Homaisek.

        — Ah! Bero egiten baitu, erantzun zuen Emmak.

        Biharamunean, beraz, elkarren arteko topabideak antolatzeari ekin zioten; Emmak bere neskamea erosi nahi zuen opari baten bidez; baina hobe zuketen Yonvillen etxe diskret bat aurkitu. Rodolphek agindu zuen bat bilatuko zuela.

        Negu guztian zehar, astean hiru edo lau bider, gau ilunean, Rodolphe jardinera heltzen zen. Emmak, nahita, kendua zuen atekako giltza, Charlesek galdua zela uste izan zuena.

        Ohartarazteko, Rodolphek eskutara bat hondar botatzen zuen pertsianen kontra. Emma itsumustuan jaikitzen zen; baina batzuetan itxoin beharrean izaten zen, zeren Charlesek sutondoan elekatzeko mania baitzeukan, eta ez zuen sekula bukatzen.

        Emma ezinegonez ernegaturik egoten zen; bere begiek ahal izan balute leihoetatik jauzi egin araziko zioketen. Dena den, gaueko bere apainketa egiten hasten zen; ondoren liburu bat hartzen zuen eta irakurtzen segitzen zuen lasai-lasai, irakurketak laketu bazukeen bezala. Baina Charlesek, jada ohetik, etzatera etortzeko dei egiten zion.

        — Zatoz ba, Emma, esaten zion, bada garaia.

        — Bai, banoa! erantzuten zuen Emmak.

        Kandelargiek itsutzen zutenez ordea, horma aldera jiratzen zen eta loak hartzen zuen. Emmak ihes egiten zuen, arnasari eutsiz, irribarrez, pilpiraka, erantzita.

        Rodolphek burusi handi bat zeukan; hartan biltzen zuen oso osorik, eta, besoa bere gerriaren inguruan pasatuz, jardineko zokoraino eramaten zuen hitzik egin gabe.

        Pendizaren pean zen, beste garai batean Leonek udako arratsetan hain amuruski begiratzen zion zurrun ustelduzko eserleku hartan bertan. Emmak orain ia ez zuen pentsatzen hartaz.

        Hostorik gabeko jazminaren adarretan barrena distiratzen zuten izarrek. Beren atzean entzuten zuten isurian zihoan ibaia, eta, aldian aldian, urpazterrean, kainabera lehorren kirrinka. Itzal-multzoak, han hemenka, puztu egiten ziren ilunpetan, eta noiz behinka, guztiak mugimendu bakarrez dardarizatuz, altxatu eta makurtu egiten ziren, beraiek estaltzeko helduak ziratekeen uhin beltz eskergen gisa. Gaueko hotzak are hertsikiago lotarazten zituen elkarrengana; beren ezpainetako hasperenak bortitzagoak iruditzen zitzaizkien; osta-osta ikuskatzen zituzten beren begiak handiagoak iruditzen zitzaizkien, eta, isiltasunaren erdian, bazen xuxurlan esandako hitzik, zeinak beren arimaren gainera kristal-ozentasunez erortzen baitziren eta bertan bibrazio biderkatuz oihartzuten baitziren.

        Gaua euritsua zenetan, kontsulta-kabinetean babestera joaten ziren, estalpearen eta ikuiluaren artean. Emmak sukaldeko argimutiletariko bat pizten zuen, liburuen atzean ezkutatua baitzeukan. Rodolphe bere etxean bezalaxe jartzen zen han. Biblioteka eta bulegoa ikusteak, apartamentu osoa alegia, bere alaitasuna kitzikatu egiten zuen; eta Emma asaldatzen zuten mila iseka Charlesi buruz egiteari ezin izaten zion eutsi. Seriosago ikusi nahi izango zukeen, eta aukeran dramatikoago ere bai, kanpoko bidean urrats-hotsak hurbiltzen entzun uste izan zuen hartan bezala.

        — Norbait dator! esan zuen Emmak.

        Gizonak argiari putz egin zion.

        — Zure pistolak hemen dituzu?

        — Zergatik!

        — Ba... zeure burua defendatzeko, esan zion Emmak.

        — Zure senarraren kontra? Ah! mutil gizajoa!

        Eta Rodolphek bere esaldia hau adierazten zuen aieru batez bukatu zuen: «Zartako batez zanpatuko nuke».

        Emma txunditurik geratu zen haren ausardiaz, nahiz eta eskandalizatu zuen nolabaiteko adeitasun falta eta oieskeria inuxente bat sentitu zuen arren.

        Rodolphek gogoeta franko egin zuen pistolen istorio honetaz. Emmak serioski hitz egin bazuen, biziki barregarria zen, pentsatzen zuen, baita gorrotagarria ere, zeren eta berak ez baitzeukan inolako arrazoirik Charles onpuska hura gorrotatzeko, gainera jeloskor errea esaten den horietakoa ez izanik; eta, horri buruz, Emmak egina zion berak gustorik onenekoa ere kausitzen ez zuen zin handi bat.

        Bestalde, oso sentimental bilakatzen ari zen. Elkarren erretratuak trukatu beharra izan zen, ile eskutarak moztu zituzten, eta orain Emmak bitxi bat eskatzen zuen, benetako ezkontza-eraztun bat, betirako elkartasunaren ezaugarri gisa. Sarritan mintzatzen zitzaion arratseko kanpaiez edo naturaren ahotsez; gero bere amaz eta Rodolpheren beraren amaz hitz egiten zion. Rodolphek zuela hogei urte galdua zuen. Emmak, halere, pinpirin-hizkeraz kontsolatzen zuen, ume abandonatu bati egingo litzaiokeen bezala, eta batzuetan esan ere esaten zion, ilargiari begira:

        — Ni ziur naiz, han goitik, biek elkarrekin, onesten dutela gure maitasuna.

        Baina hain zen polita ordea! Hain gutxi zituen edukiak molde horretako xalotasundunak! Aizunkeriarik gabeko maitasun hau zerbait berria zen berarentzat, eta, bere ohitura errazetatik atereaz, aldi berean bere harrotasuna eta bere sentsualitatea balakatzen zituena. Bere burges zuhurtziak arbuiatzen zuen Emmaren asaldazioa, berari, bihotzaren zolan, xarmangarria iruditzen zitzaion, zeren berarengana zuzendua baitzen. Beraz, maitatua izateaz ziur, ez zen gaitzitu, eta ezarian-ezarian bere jarduera-moldeak aldatu egin ziren.

        Jada ez zuen, garai batean bezala, negarra eragiten zioten hitz hain gozo haietakorik, ezta zorarazten zuten fereka oldartsu haietarik ere; alabaina ere beren maitasun handia, non bizi baitzen Emma murgildurik, bere pean urritzen ari zela zirudien, bere uharroilean lurperatzen ari den ibaia bezala, eta basa hauteman zuen. Emmak ez zuen halakorik sinetsi nahi; areagotu egin zen laztantasunean; eta Rodolphek, gero eta gutxiago, bere aihergatasuna ezkutatu zuen.

        Emmak ez zekien hari amore eman izanaz damu zen edota, aitzitik, are gehiago maitekuntu nahi ez ote zuen. Ahul sentitzearen umilazioa, boluptuosaldiek ametikatzen zuten herra bihurtzen zen. Ez zen atxikimendua, etengabeko erakarpena bezala zen. Rodolphek menperaturik zeukan. Emmak ia beldurra zion.

        Itxurak, hala eta guztiz ere, sekula baino bareagoak ziren, Rodolphek lortua baitzuen adulterioa bere apetaren arabera bideratzea; eta, sei hilabeteren buruan, udaberria heldu zenean, biak kausitzen ziren, bata bestearen aurrez aurre, etxeko su-lanboa narekiro mantentzen duten bi ezkondu bezala.

        Rouault zaharrak, bere zango konponduaren oroigarri, ohizko puloia bidaltzen zuen garaia zen. Oparia beti ere gutun batekin iristen zen. Emmak, otarreari lotzen zuen soka moztu eta ondorengo lerro hauek irakurri zituen:

        «Seme-alaba maiteok,

        »Gutun honek osasun onean aurkituko zaituztela espero dut, eta oraingo honek ere balioko duela besteek adina; zeren pixka bat samurragoa iruditzen baitzait, esatera ausartuz gero, eta guriagoa ere bai. Baina, hurrengoan, aldatzearren, oilar bat emango dizuet, nolaz eta oilopapoa nahiago ez duzuen behintzat, eta itzul iezadazue saskia, mesedez, aurreko beste biekin batera. Ezbehar bat izan dut gurdien estalpean, bertako teilatua, haizea gogor zebilen gau batez, zuhaitzetaraino hegaztatu baita. Uzta ere ez da izan egundokoa. Dena den, ez dakit noiz joango naizen zuek bisitatzera. Izan ere biziki zaila zait etxea uztea, bakarrik aurkitzen naizenetik, nire Emma gaixoa!».

        Eta hemen lerroen artean tarte bat utzia zuen, gizarajoak luma erortzen utzi balu bezala alditxo batez amets egiteko.

        «Niri dagokidanez, ongi nabil, joan den egunean Yvetoteko ferian harrapatu nuen katarroaz aparte, nora joana bainintzen artzain bat hartzeko, nirea kanpora bota dudanez, bere aho-zurikeria handiegia dela medio. Gu erruki alproja horiekin guztiekin! Gizalegerik gabekoa zen gainera.

        »Aurtengo neguan zuen eskualdetik barrena zebilela hagin bat ateratzen izan zen txerpolari batengandik jakin dut, Bovaryk gogor segitzen duela beti ere lanean. Horrek ez nau harritzen, eta bere hagina erakutsi zidan; kafe bat hartu genuen elkarrekin. Zu ikusi ote zintuen galdetu nion, ezetz esan zidan, baina bi abere ikusi zituela ikuiluan, hortaz nik ateratzen dut ongi ari dela lanean. Hala hobe, haur maiteok, eta gure Jainkoak bidal diezazuela pentsa daitekeen zorion oro.

        »Pena handia dut Berthe Bovary nire ilobatxo maitea oraindik ez ezagutzeaz. Jardinean, zure gelapean, olo-aranen aranondo bat landatu dut berarentzat, eta ez dut inork ukitzerik nahi, gero nire bilobatxoarentzako konpotak egiteko ez bada, nik gordeko baititut alasan, berari emateko, etorriko denean.

        »Agur, nire umeok. Musu bat zuretzat, alaba, eta zuretzat ere bai, suhia, eta txikiarentzat bi masailetan bana.

        »Eskumuinak guztioi, zuen aita laztanak,

        »THEODORE ROUAULT».

        Halaxe geratu zen minutu batzuez, bere behatzen artean paper lodi hura zuela. Ortografia-akatsak elkarren segidan lotzen ziren, eta Emma pentsamendu eztiari zerraikion, zeina hartan barrena kakarazten baitzen elorri-hesi batean erdi ezkutaturiko oilo baten gisa. Idatzia surtako hautsez lehortua zuen, zeren hauts gris pixka bat isuri baitzen gutunetik bere soineko gainera, eta ia hauteman uste izan zuen bere aita supazterrerantz makurtzen suhartzak atxikitzeko. Bai denbora luze zela aitarekin ez zegoela, sutondoko aulkitxoan, pindarka ari ziren itsas-ihien gar handitan makila baten punta erretzen zuenean bezala! Udako arratsaldeak gogoratu zituen eguzkiz beteak. Moxalek irrintzi egiten zuten pasatzean, eta asapalan, asapalan... Bazen bere leihopean erlauntz bat, eta erleek batzuetan, argitan jirabiraka, leiarren kontra jotzen zuten urrezko pilotak punpaka bezala. Zer nolako zoriona garai hartan! nolako askatasuna! nolako esperantza! ilusioak bai oparo! Jada ez zen fitsik geratzen! Bere arimaren abentura guztietan xahutuak zituen, elkarren segidako egoera guztietan, birjintasunean, ezkontzan eta amodioan; — horrela bere bizitzan zehar etengabe galtzen zituelarik, bideko ostatu guztietan bere aberastasunetik zertxobait lagatzen duen bidaiariak bezala.

        Baina nork bihurtzen zuen ordea hain dohakabe? Non zegoen hala deboilatu zuen hondamendi ikaragarria? Eta burua altxatu zuen, ingurura begiratuz, sufriarazten zion horren kausaren bila bezala.

        Apirileko iñar bat ñabartzen zen apaleko portzelanetan: sua garretan zegoen; bere oskiherresten azpian tapizaren leuntasuna sentitzen zuen; eguna zuria zen, eguratsa epela, eta bere haurra entzun zuen algarak botatzen.

        Eskierki, neskatoa iraulka zebilen belaxetan, ontzen ari ziren belarraren erdian. Ahozpez etzanik zegoen, metatxo baten gainean. Neskameak eusten zion gonatik. Lestiboudois eskuaretzen ari zen alboan, eta hura hurbiltzen zen bakoitzean, haurra aihertu egiten zen bi besoez airean eraginez.

        Ekar iezadazu! esan zuen bere amak, hura besarkatzera oldartuz. Zenbat maite zaitudan, nire haur gaixoa! zenbateraino maite zaitudan!

        Gero, belarri puntak zikinxamarrak zituela oharturik, berehala dei egin zuen ur beroaren eske eta garbitu egin zuen, aldatu zizkion zapiak, galtzerdiak, oinetakoak, osasunari buruz mila galdera egin zuen, bidaia batetik itzultzean bezalaxe, eta, azkenik, berriz ere musukatuz eta negar-murritz bat eginez, berriro neskamearen besoetan ipini zuen, zeina txunditurik baitzegoen gehiegizko samurtasun haren aitzinean.

        Rodolphek, arratsean, ohi baino seriosago hauteman zuen.

        — Pasatuko da, deliberatu zuen; aldarte bat da. Eta hiru topalditara segidan huts egin zuen. Berriro itzuli zenean, Emma hotz azaldu zen, eta ia erdeinuz.

        — Ah! denbora galtzen ari zara, panpoxa...

        Eta baten suspirio malenkoniatsuez, eta ateratzen zuen musuzapiaz ere, ez ohartuarena egin zuen.

        Eta Emma orduantxe damutu zen!

        Bere buruari galdetu ere egin zion zergatik arbuiatzen ote zuen Charles, eta hobe ez ote zatekeen hura maitatu ahal izatea. Baina Charlesek ez zuen aukera handirik eskaintzen sentimenduaren itzulera hauentzako, halatan non Emmak zalantza bizitan segitzen baitzuen bere sakrifizio-nahikundean, hartan botikarioa etorri zitzaionean abagunea egokiro hornitzera.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia