—IX—

 

        Sei aste iragan ziren. Rodolphe ez zen itzuli. Arrats batez, azkenik, azaldu zen.

        Biltzarren biharamunean esana zion bere buruari:

        — Ez gaitezen hain agudo itzuli, huts egitea litzateke. Eta, astearen buruan, ehizara joana zen.

        Ehizaren ondoren, beranduegi zela pentsatu zuen, gero arrazonamendu hau egin zuen:

        — Baina, lehen egunetik bertatik maite izan banau, ni ikusteko larria dela eta, are gehiago maite izan behar nau. Jarrai dezagun beraz!

        Eta bere kalkulua ona izan zela konprenitu zuen, bera salan sartzean Emma zurbiltzen hauteman zuenean.

        Bakarrik zegoen. Eguna bukatzen ari zen. Muselinazko errezel txikiek, leiarretan behera, usutu egiten zuten ilunabarra, eta barometroaren urrekoloreak, zeinaren gainean jotzen baitzuen eguzki-izpi batek, izekiak hedatzen zituen ispiluan, marmukarriaren arrailduren artean.

        Rodolphe zutik geratu zen; eta bere lehen agur-esaldiei abantzu ez zien erantzun Emmak.

        — Nik, esan zuen gizonak, zereginak izan ditut. Gaixo egon naiz.

        — Larri? galdetu zuen Emmak.

        — Ba, begira! esan zuen Rodolphek haren alboan taburete batean eseriz, ez!... Ez dut etorri nahi izan.

        — Zergatik?

        — Ez al duzu sumatzen?

        Berriro ere begiratu zion, baina era hain mutirian non damak burua makurtu baitzuen koloreak gorriturik. Gizonak berriro:

        — Emma...

        — Jauna! egin zuen Emmak apur bat aldenduz.

        — Ha! bistan ikusten duzu, ihardetsi zuen gizonak ahots malenkoniatsuz, nik arrazoi nuela etorri nahi ez izatean; zeren izen hau, nire arima betetzen duen eta jaulki zaidan izen hau, zuk debekatu egiten baitidazu! Madame Bovary!... Bai, mundu guztiak horrela deitzen dizu!... Gainera ez da zure izena; beste baten izena da!

        Errepikatu egin zuen:

        — Beste batena!

        Eta aurpegia estali zuen eskuartean.

        — Bai, zutaz pentsatzen dut taigabe!... Zure oroitzapenak desesperatu egiten nau! Ah! barkatu!... Banoa... Agur!... Urrun joango naiz... hain urrun non gehiago ez baituzu entzungo nitaz mintzatzen!... Eta halere..., gaur ordea..., ez dakit zein indarrek bultzatu nauen oraindik ere zuregana! Zeren ez da zeruaren aurka borroka egiten, ez baitzaio ihardukitzen aingeruen irribarreari! zeure buruari utzi egiten diozu, ederra, xarmanta, adoragarria den horrek errestan eraman dezan!

        Lehendabiziko aldia zuen Emmak horrelako gauzak entzuten; eta bere harrotasuna, bainu berotan atseden duen bat bezalaxe, nagi-nagi eta oso-osorik sagaitzen zen hizkera honen berotasunean.

        — Baina, etorri ez banaiz ere, jarraitu zuen gizonak, zu ikusi ezin izan bazaitut ere, ah! gutxienez zu inguratzen zaituena betetsi dut behintzat. Gauez, gauero, jaikitzen nintzen, honaino iristen nintzen, zure etxeari begiratzen nion, ilargi-argitan distiratzen zuen teilatua, zure leihoaren aitzinean kulunkatzen ziren baratzeko zuhaitzak, eta argiño bat, leiarretan barrena distiratzen zuen leinuru bat, ilunpetan. Ah! zuk ez zenekien noski, hantxe zegoela, hain hurbil eta hain urrun, arlote mixerable bat...

        Zotin batean itzuli zen Emma gizonarengana.

        — Oh! Ona zara! esan zuen emakumeak.

        — Ez, maite zaitut, horra dena! Horretaz ez duzu zalantzarik! Esadazu; hitz bat! hitz bakar bat!

        Eta Rodolphe, ezarian, taburetetik lurreraino labaintzen ari zen; baina, kalotx-hotsa entzun zen sukaldean, eta salako atea, gizona ohartu zen, ez zegoen itxita.

        — Mesede egingo bazenit, jarraitu zuen gizonak zutituz, nire apeta bat asetzeko!

        Etxea bisitatzea zen; gizonak ezagutu egin nahi zuen; eta madame Bovaryk ez zuen hartan inolako eragozpenik hautematen, biak zutitzen ari ziren, Charles sartu zenean.

        — Egunon, doktore, esan zion Rodolphek.

        Medikua, ezusteko titulu honek balakaturik, adeitasunetan urtu zen, eta bestea horretaz baliatu zen bere burua apur bat itxuratzeko.

        — Madame bere osasunaz ari zitzaidan..., esan zuen.

        Charlesek solasa moztu zion: mila kezka zeuzkan, eskierki; bere emaztearen hersturak berriro hasiak ziren. Orduan Rodolphek galdetu zuen ea zaldiz ibiltzea ez ote zatekeen ona.

        — Noski! Oso ona, bikaina!... Hori da ideia! Jarraiki beharko zintzaizkioke.

        Eta, emazteak argudiatu zuenez berak ez zeukala inolako zaldirik, monsieur Rodolphek bat eskaini zion; uko egin zion eskainteari; gizonak ez zuen iharduki; gero, bere bisitaren aitzaki legea azaltzeko kontatu zuen, bere gurtzainak, odol-aterea egindako gizonak, artean ere zorabioak izaten zituela.

        — Neu pasatuko naiz zuenetik, esan zuen Bovaryk.

        — Ez, ez, bera bidaliko dizut; etorri egingo gara, hori erosoagoa izango da zuretzat.

        — Ah! oso ongi. Eskerrik asko.

        Eta, bakarrik geratu ziren orduko:

        — Zergatik ez dituzu onartzen Boulanger jaunaren eskainteak, hain eskuzabalak izanik?

        Emmak bekozko luzea ipini zuen, mila estakuru bilatu zuen, eta azkenik esan zuen horrek agian nabarmentxo emango zukeela.

        — Ah! niri bost axola! zioen Charlesek imintzio bat eginez. Ororen aurrez osasuna! Oker jokatu duzu!

        — Eh! nola nahi duzu ni zaldiz ibiltzea, amazona-jantzirik ez daukat eta?

        — Enkargatu egin behar duzu bat! erantzun zuen Charlesek. Amazona-jantziak erabaki arazi zion.

        Jantzia prest izan zenean, Charlesek monsieur Boulangeri idatzi zion, emaztea bere peskizan zeukala, eta bere oniritziarekin kontatzen zuela.

        Biharamunean, eguerdian, heldu zen Rodolphe Charlesen atarira bi zaldi apartekorekin. Batak purpuxeta arroxak zeramatzan belarrietan eta emakume-zela bat antezkoa.

        Rodolphek bota luze bigunak zituen jantzita, berekiko esanez ezen, dudarik gabe, Emmak ez zuela sekula ikusi haien antzekorik; eskierki, Emma xarmaturik geratu zen haren trakaz, eskilaraburuan azaldu zenean balusazko bere longain handiarekin eta puntuzko galtza zuriekin. Emma prest zegoen, bere zain zegoen.

        Justinek botikatik hanka egin zuen dama ikustearren, eta botikarioak ere barra zuen neke hori. Gomendioak egiten zizkion Boulanger jaunari.

        — Hain azkar heltzen dira ezbeharrak! Kontuz ibili! Zure zaldiak fuxosak dira agian!

        Emmak zarata entzun zuen bere buru gainean: Felicite zen, leiarren kontra ttarrapattaka, Berthe txikiarekin jolastearren. Haurrak urrundik muxu bat bidali zuen; bere amak zaharoaren eskulekuaz keinu bat eginez erantzun zion.

        — Ibilaldi ona egin! oihukatu zuen monsieur Homaisek. Eta kontuz ibili, batez ere! Kontuz!

        Eta bere egunkaria astindu zuen haiei urrutiratzen begiratuz.

        Lurra sentitu zuen orduko, Emmaren zaldiak asapalan ekin zion. Rodolphe bere alboan zihoan laukoan. Aldian behin hitzen bat esaten zioten elkarri. Aurpegia apur bat apaldurik, eskua goian eta eskuineko besoa hedaturik, Emma lazatu egiten zitzaion zela gainean kulunkatzen zuen mugimenduaren kadentziari.

        Aldaparen oinean, Rodolphek hedeei jaregin zien: biak jauzi batean abiatu ziren batera; gero, gainean, sostean, zaldiak gelditu ziren eta bere belo handi urdina erori egin zen berriro.

        Urriaren lehen egunetan zen. Behelainoa zegoen landan barrena. Gandumataza batzuk luzatzen ziren ostertzean, muinoen gerriaren kontra; eta beste batzuk, urraturik, igo egiten ziren, galdu. Batzuetan, laino-eten baten zirriztuan, eguzki zirrinta baten pean, urrunean begiztatzen ziren Yonvilleko teilatuak, uraren ertzeko baratze, larrain, horma eta elizako kanpandorrearekin batera. Emmak erdizka ixten zituen betazalak bere etxea aurkitzearren, eta sekulan ez zitzaion hain txiki iruditua bera bizi zen herrixka hutsal hura. Beraiek zeuden gailurretik, bailara osoak egundoko laku hits bat zirudien, airetara lurrun bihurtzen. Tartean tartekako zuhaitz sailak harkaitz beltzen gisa garaitzen ziren; eta gandua gainditzen zuten zumarzurien lerro altuek, haizeak iharrosten zituen hareetzak irudikatzen zituzten.

        Alboan, belarretan, pinuen artean, argi nabarra zebilen egurats epelean. Lurrak, tabako-hautsa bezala gorrizta, itzalixe egiten zuen urratsen hotsa; eta zaldiek, ibiltzean, beren ferra-ertzez aurrera bultzatzen zituzten pinuburu eroriak.

        Rodolphek eta Emmak horrela segitu zuten baso-hegian aurrera. Emmak aldian behin burua jiratzen zuen, haren begiradari itzurtzearren, eta orduan, ez zuen ikusten pinu lerrokatuen enborrak baino, zeintzuen segidako jarraikerak zorabiatu egiten baitzuen pixka bat. Zaldiek puzka egiten zuten. Zelen larruak kirrinka.

        Basoan sartu ziren momentuan, eguzkia azaldu zen.

        — Jainkoak babesten gaitu! esan zuen Rodolphek.

        — Zuk hala uste duzu? ihardetsi Emmak.

        — Aurrera! Goazen aurrera! berriro gizonak.

        Gizonak mihiaz kliska egin zuen. Bi abereak korrika zihoazen.

        Garo luzeak, bide bazterrean, Emmaren barreran atxikitzen ziren. Rodolphe, zihoan eran, makurtzen zen eta heinean kentzen zituen. Beste batzuetan, adarrak apartatzeko, ondotik pasatzen zen eta Emmak haren belauna sentitzen zuen bere zangoa ferekatzen. Zerua urdin bilakatua zen. Hostoak ez ziren higitzen. Zabaldi handiak zeuden txilarrez beterik lore-loretan. Brioleta-dafailak txandakatzen ziren zuhaitz-mordoekin, zeinak grisak, nabarrak eta urrekolorekoak baitziren, hostaila desberdinen arabera. Sarritan aditzen zen, sasipeetan, hegal-eragin ttipiren bat lerratzen, edota haritzetan hegaztatzen ziren beleen karranka arrakoil eta leuna.

        Jaitsi egin ziren. Rodolphek zaldiak lotu zituen. Emma zihoan aurretik, goroldio gainean, gurtarrastoen artean.

        Baina bere soineko luzeegiak enbarazu egiten zion, gibeletik altxaturik zeraman arren, eta Rodolphek, bere atzetik oinez, ehun beltzaren eta botin beltzaren artean betesten zuen haren galtzerdi zuriaren findadea, zeina haren biluztasunaren parte iruditzen baitzitzaion.

        Emma gelditu egin zen.

        — Nekaturik nago, esan zuen.

        — Ea, saiatu beste pixka bat! zioen gizonak. Ez etsi!

        Gero, ehun urrats aurrerago, berriro gelditu zen dama; eta, bere gizon-kapelutik aldaka-gaineraino trabeska jaisten zen bere beloan barrena, aurpegia hautematen zitzaion gardentasun urdinka batean, uhin azuren pean igeri bazebilkeen bezala.

        — Nora goaz ba?

        Gizonak ez zuen ezer erantzun. Emmak etenka hartzen zuen arnasa. Rodolphek bere ingurura botatzen zituen begiradak eta bibotea ausikitzen zuen.

        Tantai batzuk mozturik zeuden leku zabalago batera iritsi ziren. Eraitsitako zuhaitz-enbor batean eseri ziren, eta Rodolphe bere maitasunaz mintzatzen hasi zitzaion.

        Hasieran ez zuen izutu lausenguka. Ekuru, serios, malenkoniatsu egon zen.

        Emmak burua makurturik entzuten zion, bere oinaren puntaz lurrean txirbil batzuk iraultzen zituen bitartean. Baina, esaldi honetan:

        — Gure zoriak ez al dira orain baterakoak?

        — Ba ez! erantzun zuen damak. Ongi dakizu zuk hori. Ezinezkoa da.

        Eta zutitu egin zen abiatzeko. Gizonak eskumuturretik atzeman zuen. Emma gelditu egin zen. Gero, une batzuez begirada maitati eta bustitsu batez behatu ondoren, biziro esan zuen:

        — Ah, hegira, ez gaitezen gehiago hortaz mintza... Non dira zaldiak? Itzul gaitezen.

        Haserre eta gogait aieru bat egin zuen gizonak. Emmak errepikatu zuen:

        — Non dira zaldiak? Non dira zaldiak?

        Orduan irribarre bitxi bat eginez eta betseinak finko, hortzak hertsirik, aurrera egin zuen besoak zabalduz. Emmak atzera egin zuen dardaraz. Zezelka zioen:

        — Oh! Beldurra ematen didazu! Mina ematen didazu! Goazen.

        — Beharrezkoa denez, esan zuen Rodolphek aurpegia aldatuz.

        Eta berehala adeitsu, amultsu eta herabeti bilakatu zen berriro. Damak besoa eman zion. Itzuli ziren. Gizonak zioen:

        — Zer zenuen ba? Zergatik? Ez dut ulertu. Oker zaude, dudarik gabe. Zu nire ariman, madona bat zutoi batean bezala zara, leku altu, sendar eta orbangabe batean. Baina bizitzeko zure beharra dut! Zure begien beharra dut, zure ahotsarena, zure pentsamenduarena. Izan zaitez nire laguna, nire arreba, nire aingerua!

        Eta besoa luzatzen zuen eta gerria inguratzen zion. Emma saiatzen zen emekiro askatzen. Gizonak horrela eusten zion, ibilian.

        Baina bi zaldiak entzun zituzten hostaia hozkatzen.

        — Oh! oraindik ere, zioen Rodolphek. Ez gaitezen joan! Gera zaitez!

        Urrunago eraman zuen urmahel txiki baten ondora, non ur-dilista batzuk berdegunea egiten baitzuten uhinen gainean. Igebelar histu batzuk ekuru zeuden ihien artean. Belarretako haien urratsen abarrotsera, igel batzuk jauzi ziren ezkutatzera.

        — Oker ari naiz, oker ari naiz, esaten zuen Emmak. Zoraturik nago zuri entzuteko.

        — Zergatik?... Emma! Emma!

        — Oh! Rodolphe!... esan zuen emeki andre gazteak haren sorbalda gainera makurtuz.

        Bere soinekoaren ehuna longainaren balusari atxikitzen zitzaion, hasgora batez handitzen zen bere idun zuria atzerantz eraitsi zuen eta, ahundurik, negar batean, dardarizo luze batekin eta aurpegia estaliz, abandonatu egin zen.

        Arratseko itzalak jaisten ari ziren; eguzki horizontalak, adarren artean pasatuz, begiak itsutzen zizkion. Han-hemenka, bere inguru guztian, hostoetan nahiz lurrean, argi-errainuek dardara egiten zuten, kolibri batzuk, hegan, beren lumak barreiatu balituzte bezala. Isiltasuna edonon zegoen; zuhaitzetatik zerbait eztia irteten zela zirudien; Emmak bere bihotza sentitzen zuen taupadei berriro ekiten, eta odola bere haragian zirkulatzen esne-ibai baten antzo. Orduan, oso urrunean entzun zuen, basoaz bestaldetik, beste muinoetan, oihu ilaun luze bat, errestatzen zen ahots bat, eta Emmak isilean entzuten zuen, bere nerbio hunkituen azken dirdaiekin musika bat bezala nahasiz. Rodolphe, zigarroa hortzetan, bere labanarekin ari zen bi erremaletariko hautsitakoa konpontzen.

        Yonvillera itzuli ziren, bide beretik. Berriro ikusi zituzten lokatzetan beren zaldien oinarrastoak, alboz albo, eta sasi berak, harri berak belar artean. Ezer ez zen aldatua beren inguruan; eta Emmarentzat, horratio, zerbait bazen gertatua mendiak lekuz aldatu balira baino are garrantzitsuagoa. Rodolphek, aldian-aldian, makurtu eta eskua hartzen zion muin emateko.

        Xarmangarria zegoen, zaldiz! Zuzen, bere gerri mehea, belauna aberearen kumaren gainera plegaturik eta aire zabalak apur bat koloreztaturik, arrastiriko gorritasunean.

        Yonvillen sartzean, itzulika egin zuen Emmak harzolaren gainean.

        Leihoetatik begiratzen zioten.

        Bere senarrak, afaritan, betarte ona aurkitu zion; baina ez aditu egin zuen, senarrak bere pasieraz itaundu zionean; hantxe zegoen Emma, ukondoa bere plateraren aldamenean, bi ezkargi piztuen artean.

        — Emma! esan zion.

        — Zer?

        — Ba, gaur arratsaldean monsieur Alexandreren etxetik pasatu naiz; aspaldiko behor bat dauka, oraindik oso ederra, belaunean apur bat zauritua besterik ez, eta, ziur naiz, ehunen bat ezkututan eskura daitekeela...

        Erantsi zuen:

        — Eta atsegin zenukeela ere pentsatuz, hartu egin dut..., erosi egin dut... Ongi egin al dut? Esadazu ba.

        Baiezko zeinu gisa burua higitu zuen; gero, handik ordu laurdenera:

        — Gaur arratsean irten behar al duzu? galdetu zion Emmak.

        — Bai. Zer ba?

        — Oh! ezer ez, ezer ez, maite.

        Eta, Charlesengandik libratu zen orduko, bere gelan barroilatzera igo zen.

        Hasieran, zorabio bat bezala izan zen; zuhaitzak ikusten zituen, bideak, arroilak, Rodolphe, eta artean ere sentitzen zuen haren besoen herstura, hostaiak dardara eta ihiek xixtu egiten zuten bitartean.

        Baina, ispiluan bere burua hautematean, bere aurpegiaz harritu egin zen. Sekula eduki gabea zen hain begi handiak, hain beltzak, hain sakon handikoak. Bere baitan ihaurritako fintasunezko zerbaitek itxuraldatzen zuen.

        Berekiko errepikatzen zuen: «Amorante bat dut! amorante bat!» ideia horretaz atsegin hartuz, etorria ziezaiokeen beste nerabe-aro batenaz bezalaxe. Eduki behar zituen beraz azkenean ere maitasunaren bozkario horiek, etsitzat emana zuen zorionaren sukar hori. Zerbait liluragarritan sartzen ari zen, non dena irrits, extasi eta eldarnio izango baitzen; neurrigabetasun urdinka batek inguratzen zuen, sentimenduaren gailurrek pindarrak botatzen zituzten bere pentsamenduaren pean, bizitza arrunta ez zen ageri urrunean baino, oso behean, itzal artean, goialde hauen arteko hutsarteetan.

        Orduan, irakurriak zituen liburuetako heroisez oroitu zen, eta emazte adultera haien legio lirikoa kantuan hasi zen bere oroimenean liluratzen zuten ahizpa-ahotsez. Bera ere irudipen hauen benetako parte gisa bilakatzen ari zen eta gaztaroko amets luze hura egikaritzen, hainbat irrikatua zuen maitale-molde hartan bere burua hautemanez. Bestalde, Emmak mendekuaren atsegina nabaritzen zuen. Ez al zuen ba nahikoa sufritu! Baina orain garaile zen, eta maitasuna, hain luzaro hertsatua, oso-osorik jalgitzen zen burbulu bozkariotsuka. Aladurarik gabe dastatzen zuen, kezkarik gabe, asaldarik gabe.

        Biharamuneko eguna eztitasun berri batean iragan zen. Elkarri egin zioten zinik. Emmak bere tristurak kontatu zizkion. Rodolphek musuka mozten zion solasa; eta Emmak eskatzen zion, betazalak erdi itxian so eginez, berriz ere bere izenez dei ziezaiola eta maite zuela errepika zezala. Basoan zen, bezperan bezala, eskalaproingileren txapitola batean. Hormak lastozkoak zituen eta teilatua hain behera jaisten zen non makurturik egon behar baitzen. Elkarren kontra eserita zeuden, orbelezko ohe baten gainean.

        Egun hartatik aurrera, erregularki idatzi zioten elkarri arratsero. Emmak bere gutuna ibai ondoko jardin zokora eramaten zuen, baratzeko arraildura baten barrura. Rodolphe hara etortzen zen bila eta bertan ipintzen zuen beste bat zeina laburregia zela aurpegiratzen baitzion beti Emmak.

        Goiz batez, Charles egunsentia baino lehen irtena zen, berehalaxe Rodolphe ikusteko apetak atxiki zuen Emma. Huchettera laster iritsi zitekeen, eta han ordubetez geratu eta Yonvillen bueltan izan ere artean mundu guztia lotan zela. Ideia honek gutiziaz hatsanga eragin zion; laster kausitu zen belazearen erdian, non baitzihoan urrats arinez, bere atzera begiratu gabe.

        Egunargia hasten ari zen. Emmak urrunetik antzeman zion bere amorantearen etxeari, bere bi haizeorratz miru-isastunak goiztiri beluriaren kontra beltzez nabari zirela.

        Etxaldeko larrainaren ondoren, gaztelua izan behar zuen eraikin bat zegoen. Emma han sartu zen, bera hurbiltzean hormak bere kasa banandu balira bezala. Eskilara handi zuzen bat igotzen zen loriora. Emmak ate baten krisketari eragin zion eta, bat-batean, gelaren zokoan, gizon bat hauteman zuen lotan. Rodolphe zen. Oihu bat bota zuen.

        — Zu hemen! zu hemen! errepikatu zuen gizonak. Nola moldatu zara etortzeko?... Ah! zure soinekoa bustita dago!

        — Maite zaitut! erantzun zuen Emmak besoak haren lepoaren inguruan lotuz.

        Lehen ausartzia han arrakastatsu suertatu zitzaionez, aurrerantzean Charles goizean goiz irteten zen bakoitzean, Emmak fite jantzi eta otso-urratsez jaisten zituen ibai-bazterrera zeramaten harmailak.

        Baina, behientzako langa altxatuz gero, ibai bazterrean barrena zihoan hormari jarraiki behar zitzaion; urertza labaina zen; ez erortzeko, ziape ximelen tortoei heltzen zien eskuz. Gero labore-soroetan barrena hartzen zuen, bere botin meheak han hondoratuz, oztopatuz eta trabatuz. Bere lepokozapia, buru gainean lotua, haizetara astintzen zen belardietan; abelgorrien beldur zen, korrika hasten zen; hatsangaka heltzen zen, masailak gorriztak, eta bere pertsona osotik landare-izardiaren, belar hezearen eta aire zabalaren lurrun freskoa zeriola. Rodolphe, garai horretan, artean lo egoten zen. Udaberriko goiztiri bat bezala zen gelan sartzen.

        Errezel horiek, leihoetan zehar, argi nagi eta beilegiari uzten zioten emekiro pasatzen. Emma tentuka sartzen zen begiak ñikatuz, bere adatsetan pausaturiko ihintz punpuilek bere aurpegiaren inguru guztian topaziozko gandua bezala egiten ziotela. Rodolphek, barrez, bereganatzen zuen eta bere bihotzaren kontra estutzen zuen.

        Ondoren Emmak, gela arakatzen zuen, altzarietako kajoiak irekitzen zituen, haren orraziaz orrazten zen eta bizarra mozteko ispiluan bere buruari begira aritzen zen. Sarritan bere hortzen artean ipintzen ere zuen, gaumahaiaren gainean limoi eta azukrekoxkorren artean ur-pitxar baten ondoan egoten zen pipa handi baten kirtena.

        Ordu laurden bat ona behar izaten zuten adioetarako. Orduan Emmak negar egiten zuen; Rodolpherengandik sekulan ez aldentzea nahi izango zukeen. Bera hain indartsuagoko zerbaitek bultzatzen zuen harengana, eta hartan egun batez, ezustean azaltzen ikusirik, bekozkoa ilundu zuen Rodolphek, gogaindua den norbaitek bezala.

        — Zer duzu ba? esan zuen Emmak. Gaizki zaude? Hitz egidazu!

        Azkenik deklaratu zuen, aire serios batez, bere bisitak ozarregiak bilakatzen ari zirela eta Emma bere burua konprometatzen ari zela.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia