—VIII—

 

        Heldu ziren, eskierki, Biltzar famatu haiek! Ospakizun egunean goiz, biztanle guztiak, beren atarietan, prestakuntzetan ari ziren; udaletxearen aurrealdea huntzezko txirikordaz apaindua zegoen; denda bat eraikita zegoen, belardi batean, orritserako, eta, plazaren erdian, eliza aurrean, bonbarda molde batek seinalatu behar zituen Prefet jaunaren etorrera eta nekazari sarituen izena. Buchyko goardia nazionala (Yonvillen bertakorik ez baitzen) etorria zen suhiltzaileen gorputzarekin bateratzera, zeinaren kapitaina Binet baitzen. Egun horretan, idunekoa ohi baino are altuagoa zeraman; eta, bere tunikan galkaturik, soina hain zeukan zurrun eta higikaitz non bere pertsonaren bizi-parte osoa jaitsia zuela baitzirudien bere bi hanketara, zeinak kadentziaz altxatzen baitziren, urrats markatutan, mugimendu bakar batez. Zergabiltzailearen eta koronelaren artean lehiaren batek irauten zuenez, batak zein besteak, norberaren trebeziak azaltzearren, bakoitzak bere aldetik maniobrarazten zituzten beren gizonak. Txandaka ikusten ziren behin eta berriz pasatzen txarratel gorriak eta atorra-papar beltzak. Artean bukatu gabe eta berriro hasten zen! Sekula izan gabea zen hainbesterainoko punpezia-hedamendurik! Herritar askok, bezperatik, beren etxeak txukunduak zituzten; bandera hirukoloredunak leiho erdirekietatik dilindan zeuden; taberna guztiak beterik zeuden; eta, egiten zuen eguraldi ederra medio, boneta enpesatuek, urrezko gurutzeek eta burukozapi kolorezkoek zuriago ziruditen elurra baino, eguzki zuritan istargitzen zuten, eta beren pikardura sakabanatuaz nabarmenarazten zuten xenilen eta bruxa urdinen monotonia iluna. Inguruetako laborari-andreek, zalditik jaistean, zikin beldurrez bildutako beren soinekoa gorputzaren kontra estutzen zien orratz handia askatzen zuten; eta senarrek, aitzitik, beren kapeluak zaintzearren, gainetik estaltzen zuten musuzapi batez, honen mutur bati hortzetan eutsiz.

        Herriaren bi muturretatik zetorren jendetza kale nagusira. kaletxikietan, ibiltokietan, etxeetan barrena zabaltzen zen, eta tarteka ate-mailukoren bat entzuten zen erortzen, jaia ikustera joateko irteten ziren harizko eskuxorrodun andreen atzean. Gehien miresten zena, argitxilinez betetako tantai luze bi ziren, agintariek egon behar zuten oholtza hegikatzen; halaber bazeuden, udaletxeko lau pilareen kontra, lau haga antzeko, bakoitza oihal berdaxkazko estandarte batekin, urrezko letratan izkribuz horniturik. Batean irakurtzen zen: «Merkataritzari»; bestean: «Nekazaritzari»; hirugarrenean: «Industriari», eta laugarrenean: «Arte-Ederrei».

        Baina aurpegi guztiak argitzen zituen bozkarioak, madame Lefrançois ostalersa goibeldu egiten zuela zirudien. Bere sukaldeko mailetan zutik, bere golkorako marmarrean ari zen:

        — Ha zer inozokeria! Zer nolako inozokeria beren oihalezko barraka hori! Zer uste dute ba, prefeta gustora izango dela han, dendapean bazkaltzen, txerpolari bat bezala ala? Eta horrelako estekuei deitzen diete herriaren ona egitea! Horretarako ez zegoen, noski, Neufchâtelera txiribogin baten bila joan beharrik! Eta norentzat? eta behizain batzuentzat! oinutsgorri arlote batzuentzat!

        Botikarioa pasatu zen. Frak beltza zeraman, nankinezko galtzak, kastore-larruzko zapatak eta, aparteko gisa, kapela kopalet apal bat.

        — Agur! esan zuen; barkatu, presaka naiz.

        Eta alarguntsa gizenak nola zihoan galdetu zionez:

        — Harrigarria iruditzen zaizu, ez al da hala? Ni, beti neure laborategian gizaixoaren arratoia bere gaztan baino zokoraruago egoten naizen hau.

        — Zein gazta? ostalersak.

        — Ez, ezer ez! ez da ezer! berriro Homaisek. Alegia bakarrik esan nahi nizun, madame Lefrançois, ni nire etxe barruan geratu ohi naizela. Gaur, ordea, gertakaria ikusirik, beharrezkoa da noski...

        — Ah! Hara al zoaz? esan zuen alarguntsak erdeinu-airez.

        — Bai, hara noa, ihardetsi zuen botikarioak harriturik; ez ote naiz ba batzorde kontsultatiboko partaide?

        Lefrançois atsoa une batez begira egon zitzaion, eta azkenerako irribarrez erantzun zion:

        — Hori beste gauza bat da! Baina nondik nora duzu zuk nekazaritzarekin zerikusirik? Horretaz ulertzen al duzu ba?

        — Jakina ba, ulertzen dudala, zeren eta farmazilaria bainaiz, hau da, kimikaria! Eta kimikak, madame Lefrançois, naturako gorputz guztien eragin elkarrekiko eta molekularraren ezagutza xedetzat duenez, horretatik jarraitzen da nekazaritza bere eremuan barne aurkitzen dela! Eta, hain zuzen, ongarrien konposizioa, likidoen hartzidura, gasen analisia eta kiratsen eragina, zer da hori guztia, galdetzen dizut nik, kimika huts eta soila ez bada?

        Ostalersak ez zuen ezer erantzun. Homaisek segitu zuen:

        — Agronomo izateko, beharrezkoa dela uste al duzu norberak lurra laboratu izana edo hegaztiak purra-purra gizendu izana? Ezagutu behar dena alabaina zera da, erabiltzen diren substantzien konstituzioa, geruza geologikoak, eragin atmosferikoak, lurren, mineralen, uren kalitatea, gorputz desberdinen dentsitatea eta beraien uielkortasuna! Zer dakit ba nik? Eta higienearen printzipio guztiak sakon jakin beharra dago, zuzentzeko, kritikatzeko edifizioen eraikuntza, abereen erregimena, sehien elikadura! Eta botanika ere, madame Lefrançois, halaber jakin beharra dago; landareak bereizteko gai izan. Ulertzen duzu? Osasungarriak direnak edendunetatik; elkorrak zeintzuk diren eta zeintzuk elikakorrak; ona ote den hemen erauztea eta han ereitea, batzuk ugaltzea, beste batzuk deuseztatzea; labur esanda, zientziaren jakitun mantendu behar da txosten eta paper publikoen bidez, beti erne egon, aurrerapenak seinalatzeko...

        Ostalersak ez zion begirik kentzen Café Français-ko ateari, eta botikarioak segitu zuen:

        — Jainkoak nahi baleza gure nekazariak kimikari izatea, edota gutxienez ere zientziaren aholkuak hobeto entzutea behintzat! Badut neuk ere lantxo bikain bat berriki idatzia, hirurogeita hamabi orrialdetatik gorako txostena: Sagardoaz, bere fabrikazioaz eta bere ondorioez, horri buruzko zenbait gogoeta berriz jarraiturik du izenburua, eta Rouengo Elkarte agronomikora igorri dut; horrek balio izan dit hartako partaide gisa onartua izateko ohorea, nekazaritza sekzioan, pomologia klasean. Begira! nire lantxoa publizitatera eman balitz...

        Baina botikarioa gelditu egin zen, kezkatua ere hain kezkatua baitzirudien Lefrançois andreak.

        — Begiraiezu ordea! zioen andreak, ez da ulertzekoa! Horrelako txiologa batean!

        Eta, puntuzko bere jantzi-sarea bular gainean teinkatzen zion sorbalda-altxatze batekin, bi eskuez seinalatzen zuen bere lehiakidearen taberna, nondik une hartan kantuak irteten baitziren.

        — Dena den, ez zaio luzerako geratzen, erantsi zuen; zortzi egun baino lehen, horrenak egin du.

        Homaisek atzera egin zuen baldiduraz. Emakumeak hiru mailak jaitsi zituen, eta, hari belarrira mintzatuz:

        — Baina nola! hori ez dakizu? Aste honetan enbargatu behar dute. Lheureux da salarazten duena. Ordaindukoz asasinatu du.

        — Bai hondamendi izugarria! oihukatu zuen botikarioak, zeinak beti izaten baitzuen esaera egokiren bat helde imajinagarri orotarako.

        Ostalersa beraz istorio hori kontatzen hasi zitzaion, zeina Theodoren, monsieur Guillauminen sehiaren bidez baitzekien, eta, Tellier gaitzetsi zuen arren, Lheureux kulpatzen zuen. Mihizuri bat zen, narrats bat.

        — Ah! hortxe duzu, esan zuen, begira plazan: madame Bovary, ginbail berdea daramana, agurtzen ari da. Gainera madame, Boulangeren besotik doa.

        — Madame Bovary! esan zuen Homaisek. Banoa korrika hari nire adeia eskeintzera. Agian atsegin izango du leku bat barruan edukitzea, peristilopean.

        Eta, luzeago kontatzeko deika ari zitzaion Lefrançois atsoari entzun gabe, botikarioa pauso arinez urrundu zen, ezpainetan irribarrea eta zangoa teink, ezker-eskuinetara diosala franko banatuz, eta bere atzetik haizetan kulunkatzen ziren bere frak beltzaren hegal handiez leku handiak beteaz.

        Rodolphek, urrundik ikusi baitzuen, pauso azkarra hartu zuen; baina madame Bovary hatsantu egin zen; gizonak pausoa baretu zuen beraz eta irribarrez esan zion, tonu zakarrez:

        — Gizon potolo horri itzur egitearren da: badakizu, botikarioari.

        Emmak ukondoko bat eman zion.

        — Zer esan nahi du horrek? galdetu zuen berekiko.

        Eta betertzez begiratu zion, oinez aurrera jarraituz.

        Bere perfila hain zegoen jabal, non ezer ez baitzen igarri. Argi betetan nabarmentzen zitzaion, kainabera horrien antzeko xingola zurailak zeuzkan bere txanoaren obaloan. Bere begiek, betile makotu luzedunak, zuzen aurrera begiratzen zuten, eta, nahiz eta ongi irekiak, matrailondoetan barrena apur bat saihestuak ziruditen, bere azal finaren pean emeki pirpiratzen zuen odolaren eraginez. Kolore arroxa batek zeharkatzen zuen bere sudur-ttenkada. Sorbalda gainerantz makurtzen zuen burua, eta bere ezpainen artean hortz zurien punta nakaratua ikusten zen.

        — Nitaz trufatzen ari ote da? pentsatzen zuen Rodolphek.

        Baina Emmaren keinu hura ordea, ohartarazpen bat besterik ez zen izan; zeren monsieur Lheureux beraiekin baitzuten, eta aldian-aldian mintzatu egiten zitzaien, elkarrizketan sartzearren bezala.

        — Egun bikaina benetan! Mundu guztia kalean dabil! Haizeak ekialdetik datoz.

        Eta madame Bovaryk, Rodolphek bezalatsu, abantzu ez zion erantzuten, eta aldiz egiten zuten mugimendurik txikienean, hura hurbildu egiten zitzaien esanez: «Mesedez?» eta bere kapelara altxatzen zuen eskua.

        Errementariaren etxe aurrera heldu zirenean, kalean barrena itxiturara arte segitu ordez, Rodolphek, bat-batean, zeharbide bat hartu zuen, madame Bovary berarekin erakarriz; oihukatu zuen:

        — Arratsaldeon, Lheureux jauna! Atsegin izan dut!

        — Nola hastandu duzun! esan zuen Emmak barrez.

        — Zergatik, zioen gizonak, zergatik utzi inori norbera inbaditzen? eta, gaur, zurekin egoteko zoriona dudanez...

        Emma gorritu egin zen. Gizonak ez zuen esaldia bukatu. Ondoren eguraldi ederraz mintzatu zen, eta belar gainean ibiltzearen plazeraz. Margarita batzuk erneberriak ziren.

        — Begira ze bitxilore politak, esan zuen gizonak, inguruetako neska maitemindu guztiei orakulurik franko egiteko aski legoke.

        Erantsi zuen:

        — Batzuk bilduko banitu? Zer iruditzen zaizu?

        — Maiteminduta al zaude ba? esan zuen damak eztultxikika.

        — Eh! eh! auskalo, erantzun zuen Rodolphek.

        Belartzaria betetzen hasia zen, eta etxekoandreek tupust egiten zizuten beren guardasol handiekin, beren saskiekin eta beren umeekin. Sarritan norbera gaitzitu beharra zegoen landatar-emakume zerrenda luzeren baten aurrean, neskameak galtzerdi urdinez, oinetako zapalekin, zilarrezko eraztunekin, eta hurbiletik pasatzean esne-usaina botatzen zutela. Elkarri eskutik helduta zebiltzan, eta horrela hedatzen ziren belartzariaren luzera osoan barrena, lertxun zerrendatik hasi eta orritserako dendaraino. Baina azterketaren momentua zen, eta nekazariak, bata bestearen ondoren, makila batzuetan finkaturiko soka luze batek moldatzen zuen hipodromo antzeko batean sartzen ziren.

        Abereak han zeuden, sudurra soka aldera jiraturik, beren gilbor desberdinak nahas-mahas errengaratuz. Zerriek lozorroan muturra lurrean sartzen zuten; txahalak orroaka ari ziren; ardiak beeka; behiek, zango bat bildurik, belar gainean zeutzan beren sabela, eta, esnaurrean astiro, beren inguruan burrundari zebiltzan mandeulien pean betazal astunak ñikatzen zituzten. Orgariek, mahukahutsik, erremaletik eusten zieten kamezari putinkariei, zeinak irrintzi egiten baitzuten sudurzuloak betean behorren alderantz. Hauek soraio zeuden, burua luzatuz eta zurdea dilingo, bitartean beren moxalak beren itzalean abaro hartu edo tarteka titia edoskitzera etortzen zitzaizkiela; eta, gorputz nahaspilatu hauen guztien uhinduraren gainetik, ikusten zen haizetara altxatzen, tirain baten gisa, kuma zuriren bat, edota adar zorrotzen batzuk eta korrika zebiltzan gizonen batzuen buruak gailentzen. Aparte, lehiatokitik at, ehun urrats urrunago, zezen beltz handi muturrekodun bat zegoen, sudurretan burdinazko uztai bat zuela, eta brontzezko animalia bat baino gehiago mugitu gabe. Ume pildaire batek eusten zion soka batetik.

        Halatan, bi errengaren artean barrena, jaun batzuk zihoazen pausaje astunez, abere bakoitza aztertuz, eta ondoren txutxumutxuka elkarri kontsultatuz. Haietariko batek, zeinak munta handiagokoa baitzirudien, album batean, zihoan eran, zenbait ohar idazten zuen. Epaimahaiko burua zen: Monsieur Derozerays de la Panville. Rodolphe hauteman zuen orduko, bizkor hurbildu zitzaion, eta aire adeitsu batez irribarre eginez esan zion:

        — Baina zer, monsieur Boulanger, abandonatu egiten al gaituzu? Rodolphek iharduki zuen bazetorrela. Baina mahaiburua desagertu zenean:

        — Ez horratio, esan zuen, ez naiz joango: zure lagungoa hobea da horrena baino.

        Eta, Biltzarrez trufa eginez, Rodolphek, aisekiago zirkulatzearren, bere txartel urdina erakusten zion jendarmeari, eta tarteka geratu ere egiten zen, madame Bovary abantzu miratzen ez zen ieki ederren baten aurrean. Horretaz ohartu zen, eta orduan Yonvilleko damei buruz txantxak esaten hasi zen, haien apainkera zela-eta; gero bere burua desenkusatu zuen berearen zabarkeriagatik. Honek gauza arrunt eta fazatien inkoherentzia hori zeukan, non sumatu uste baititu, jende arruntak, maizenik, bizimodu xelebre baten agerpena, sentimenduaren anabasak, artearen tiraniak, eta beti ere gizarteko eratsutasunekiko nolabaiteko arbuioa, horrek liluratzen duelarik edo amorrarazten. Horrela, eskutur plisatudun bere atorra batistazkoa haizearen menturara puzten zen, dril grisezko bere maripulixaren irekiduran, eta marra zabalezko bere galtzek txonkatiletan agerian uzten zituzten nankinezko bere botinak, txarolezko larruz estekatuak. Hain zeuden lustratuak non belarra islaratzen baitzen beraietan. Beraiekin zanpatzen zituen zaldi-gorotzak, esku bat txamarraren poltsikoan eta bere lastozko kapela alboka ipinirik.

        — Bestalde, erantsi zuen, landan bizi izanez gero...

        — Dena da alferreko pena, esan zuen Emmak.

        — Egia da! ihardetsi zuen Rodolphek. Pentsa gero jende jator hauetarik bat bera ere ez dela gai frak baten gorpuzkera berarik konprenitzeko!

        Orduan probintziako kaxkarkeriaz hitz egin zuten, hark itotzen zituen bizitzez, hartan galtzen ziren ilusioez.

        — Neu ere, zioen Rodolphek, tristuratan murgiltzen naiz...

        — Zu! esan zuen Emmak harriduraz. Baina nik oso alaitzat ematen zintudan.

        — Ah! bai, itxuraz, zeren jendearen artean badakit jartzen nire aurpegian mozorro isekari bat; eta, alabaina, zenbat bider, kanposantu bat ikustean, ilargi argitan, nire buruari galdetu diodan, ez ote nukeen hobe lo dautzanei lagun egitera joan...

        — Oh! Eta zure lagunak? zioen damak. Ez duzu haietaz pentsatzen.

        — Nire lagunak? Zeintzuk ordea? Bai al dut lagunik? Nor kezkatzen da nitaz?

        Eta azken hitz hauei ezpain artean xixtu bat bezala iratxeki zien.

        Baina elkarrengandik aldentzera beharturik kausitu ziren, gizon batek beren atzean zeraman aulki-meta handi bat zela medio. Hain gainezka kargatua zihoan non bere eskalaproien punta bakarrik ikusten baitzitzaion, zuzen zabalduriko bere bi besoen muturrekin batera. Lestiboudois zen, ehortzailea, elizako aulkiak jendetza artera garraiatzen. Bere interesei zegokien orotarako irudimenez jantzia, medio hau zuen aurkitua biltzarretatik etekina ateratzeko, eta bere ideia arrakastatsu suertatzen ari zitzaion, zeren jada ez baitzekien nori aditu. Izan ere herritarrak, beroa baitzuten, intsentsu-usaindun lastoa zuten aulki hauen harrapazka zebiltzan, eta kandelen argizariz zetakaturiko hauen bizkar sendoen kontra ezartzen ziren, nolabaiteko benerazioz.

        Madame Bovaryk berriro Rodolphen besoa hartu zuen; bere buruarekin hizketan bezala segitu zuen gizonak:

        — Bai! Hainbat gauza faltatu izan zait! Beti bakarrik! Ah! bizitzan helbururen bat izan banu, laztan bat topatu banu, norbait aurkitu banu... Oh! nola xahutuko nukeen gauza naizen energia guztia, dena gaindituko nukeen, dena hautsi!

        — Halere iruditzen zait, esan zuen Emmak, ez zarela hain urrikalgarria.

        — Ah! hala uste duzu? esan zuen Rodolphek.

        — Zeren azken finean..., berriro Emmak, libre zara.

        Eta zalantzaz:

        — Aberatsa.

        — Ez zaitez nitaz trufatu, ihardetsi zuen gizonak.

        Eta Emmak zin egiten zuen ez zela trufatzen ari, kainoikada batek eztanda egin zuenean; berehala, nahas-mahasean elkarri bultzaka ziren denak herri alderantz.

        Okerreko alerta bat zen. Prefet jauna ez zen iritsia; eta epaimahaiko partaideak biziki larriturik kausitzen ziren, batzarraldia hasi behar ote zuten hala artean itxoin behar zuten jakin ezinik.

        Azkenik, plaza zokoan, alogerako lando handi bat agertu zen, bi zaldi argalek errestaturik, kapelu zuridun kotxero batek txandaka besagain zihoztatzen zituela. Binetek ez zuen oihukatzeko astia baino izan: «Armetara!» era koronelak hari imitatzeko. Jendeak kaparretarantz jo zuen korrika. Oldartu egin ziren. Batzu-batzuek beren idunekoa ere ahaztu zuten. Baina prefetaren jarraigoak larrialdi hura sumatu zuela zirudien, eta bi xamalko uztartuak, beren gurdikatearen gainetik zaloika, trosta apalean heldu ziren udaletxeko peristiloaren aurrera juxtu goardia nazionala eta suhiltzaileak han barreiatzen ari ziren momentuan, danborra joz eta pausoa markatuz.

        — Irmo! egin zuen garrasi Binetek.

        — Geldi! egin zuen koronelak garrasi. Lerroka ezkerretara!

        Eta, armak aurkeztu ondoren, non fusil-uztaien talka egitean eskilaretan behera piririkatu den kobrezko pertzaren soinua atera baitzen, fusil guztiak beheratu ziren berriro.

        Orduan ikusi zen karrozatik jaisten zilarrez brodaturiko frak motz batez jantzitako jaun bat, bekoki aldetik burusoila, kokotean galparra, larrantz beluria eta itxuraz biziki bihozbera. Bere bi begiak, oso handiak eta betazal lodiz babestuak, erdizka ixten ziren jendetzari begiratzeko, aldi berean sudur zorrotza altxatu eta bere aho barneratuari irribarre eragiten ziola. Alkatea bere xingolarengatik ezagutu zuen, eta hari adierazi zion Prefet jaunak ezin izan zuela etorri. Bera, prefekturako kontseilari bat zen; ondoren zenbait desenkusa erantsi zuen. Tuvachek zenbait konplimendurekin erantzun zion, bestea ahalketurik aitortu zen; eta horrelaxe geratu ziren, aurrez aurre, beren bekokiak ia elkar ukituz, inguruan epaimahaiko partaideak, udal zinegotziak, jauntxoak, goardia nazionala eta jendetza zituztela. Jaun Kontseilariak, hiruadarreko txapel txiki beltzari bere bularraren kontra eutsiz, bere olesak errepikatzen zituen, aldiz Tuvachek, mako baten gisa makurturik, berak ere irribarre egiten zuen, totelkatzen zuen, bere esaldiak bilatzen zituen, monarkiarekiko bere atxikimendua eta Yonvillen egiten zitzaion ohorea aldarrikatzen zituen.

        Hippolyte, ostatuko morroia, etorri zen kotxeroaren zaldiak erremaletik hartzera, eta bere hankokerraz herrenka, Lion d'Oreko estalpera eraman zituen, non nekazari ugari multzotu baitzen landoari begira. Danborrak jo zuen, kainoiak eztanda egin zuen, eta jaunak lerroan tranpalera igo ziren esertzera, madame Tuvachek laga zituen Utrecht gorrizko besalkietan.

        Jende hauek guztiek elkarren antza zuten. Beren aurpegi gorrail apotzek, eguzkiak apur bat sispilduak, pitargozoaren kolorea zuten, eta beren papilote harroek alde egiten zuten iduneko handi gogorretatik, zeinak ongi moldaturiko korapilodun korbata zuri batzuk mantentzen baitzituzten. Gerrontze guztiak balusazkoak ziren, lepokodunak; erloju guztiek zeramaten xingola luze baten muturrean kornalinazko zigilu obalaturen bat; eta beren bi eskuak beren bi izterren gainean ipintzen zituzten, bota trinkoen larruak hain leinurutsuago distiratzen zuen xurpailgabeko oihalezko galtzen zankartea tentuz apartatuz.

        Gradu handiko damak atzean zeuden, afalondoan, pilareen artean, aldiz jende arrunta aurrean, zutik, edota aulkietan eserita. Hain zuzen, Lestiboudoisek ekarriak baitzituen belarditik bildutako guztiak, eta elizatik beste gehiagoren bila ere bazebilen minutuero korrika, eta halakoxe zaramatika eragiten zuen bere tratugintzarekin, non lan handia baitzen tranpaleko eskilara txikiraino iristen.

        — Niri iruditzen zait, zioen monsieur Lheureuxek (bere lekua hartzera zihoan botikarioari zuzendurik) bi masta veneziar ipini behar zirela hor: berrikuntza gisa gauza larderiatsu xamar eta aberats batekin, oso polit egingo zukeen begibistara.

        — Halaxe da, erantzun zuen Homaisek. Bai, zer nahi duzu ba! alkatea baita guztia bere kapelupean hartu duena. Ez du gusto handirik, Tuvache gizajo horrek; eta arteen jeinua deritzan horretatik zeharo soil ere soil dago.

        Bitartean Rodolphe, madame Bovaryrekin, udaletxeko lehen solairura igoa zen, biltzar aretora, eta, hutsik zegoenez, ikuskizunaz lasaiago gozatzeko han ongi egongo zirela adierazi zuen. Hiru taburete hartu zituen mahai obalatuaren ondotik, monarkaren irudiaren petik, eta, leihoetariko batera hurbildurik, elkarren ondoan eseri ziren.

        Zalaparta bat izan zen tranpal gainean, xuxurlaketa luzeak, negoziaketak. Azkenik, jaun Kontseilaria zutitu zen. Orain bazekiten Lieuvain zeritzala, eta haren izena bata besteari errepikatzen ari ziren jende artean. Beraz orri batzuk parekatu ondoren eta hobeto ikustearren begia haien gainera doitu ondoren, ekin zion:

        «Jaunak,

        »Zilegi bekit lehenik (gaurko bilera honen xedeaz zuekin mintzatu aurrez, eta sentimendu honetan, ziur naiz, zuek guztiok bat etorriko zarete), zilegi bekit, esan bezala, justizia egitea administraritza gorenari, gobernuari, monarkari, jaunak, gure subiranoari, gure errege maitatuari, zeina ez baita ezaxolati joritasun publikoaren nahiz pribatuaren arlo orori dagokionean, eta zeinak esku hain irmoz eta hain zuhurrez gidatzen baitu Estatuaren orga itsaso ekaizti bateko arrisku etengaberen artean, bestalde jakinez bakea nahiz gerla, industria, merkataritza eta arte ederrak errespeta arazten».

        — Pixka bat, zioen Rodolphek, atzeratu egin beharko nintzateke.

        — Zergarik? esan zuen Emmak.

        Baina, momentu horretan, Kontseilariaren ahotsa aparteko tonu batez ozendu zen. Deklamatzen ari zen:

        «Jada ez da garai hura, jaunak, non liskar zibilak odoltzen baitzituen gure plaza publikoak, non ondasunduna, negozio-gizona, langilea bera ere, arratsean bake-bakean lotaratuz, sute-deien zarataz bat-batean esnaturik gertatzearen beldur-ikaraz baitziren, non esakera iraultzaileenek azpijaten baitzituzten oinarriak ozarki...».

        — Izan ere, zioen berriro Rodolphek, behetik ikus bainazakete; eta gero hamabost egun behar izango nituzke desenkusatzen, eta, nire aipu txarrarekin...

        — Oh! zeure burua beltzitzen ari zara, esan zuen Emmak.

        — Ez, ez, nire aipua arbuiagarria da, zin egiten dizut.

        «Baina, jaunak, jarraitu zuen Kontseilariak, baldin eta, nire oroitzapenetik irudi goibel hauek apartatuz, gure aberri ederraren gaur egungo egoerara nire begiak zuzentzen baditut: zer dakust bertan? Edonon loratzen dira merkataritza eta arteak; edonon komunikazio-bide berriek, Estatuaren gorputzean beste hainbeste arteria berri gisa, haren baitan hartueman berriak finkatzen dituzte; gure lantegi-zentro nagusiek beren jarduerari berriro ekin diote; erlijioa, finkoago, bihotz guztietan kokatzen da alai; gure portuak beterik daude, konfidantza erneberritzen ari da, eta azkenik Frantziak arnasa hartzen du!...».

        — Bestalde, erantsi zuen Rodolphek, agian, jendearen ikuspuntutik, ez ote dute arrazoi?

        — Nolaz? esan zuen Emmak.

        — Zer ba!, zioen gizonak, ez al dakizu ba, zuk, badaudela anima batzuk etengabe oinazetuak? Txandaka behar izaten dituzte ametsa eta ekintza, grinarik xahuenak, gozamendurik zakarrenak, eta horrela oldartzen dira molde orotako fantasiatan, erokeriatan.

        Orduan Emmak, aparteko herrialdetan barrena ibilia den bidaiaria betesten den bezala begiratu zion, eta esan zuen:

        — Guk ez daukagu jolas horrenik ere, guk emakume gaixook!

        — Jolas tristea, zeren horretan ez baita zoriona kausitzen.

        — Baina inoiz kausitzen al da? galdetu zuen damak.

        — Bai, noizbait ere kausitzen da, erantzun zuen gizonak.

        «Eta hortxe dago zuek ulertu duzuena, zioen Kontseilariak. Zuek, nekazariok eta landa-langileok; zuek, erabateko zibilizazio-obra baten aitzindari baketsuok! aurrerakuntzarako eta moralitaterako gizonok! zuek ulertu duzue, berriz diot, ekaitz politikoak benetan are beldurgarriagoak direla atmosferaren nahastaldiak baino...».

        — Noizbait topatu egiten da, errepikatu zuen Rodolphek, egun batez, bat-batean eta etsitzeko zorian zeundenean. Orduan ikuspegiak zabalduxe egiten dira, ahots bat bezala da oihuka: «Hemen da!» Pertsona horri zure bizitzaren kointa egiteko beharra sentitzen duzu, dena berari emateko, dena sakrifikatzeko beharra. Ez da esplikaziorik izaten, elkar sumatzen dute. Elkar hautemana dute beren ametsetan. (Eta begiratu egiten zion). Azkenean ere, hortxe da, hainbeste bilatutako altxor hori, hortxe, zeure aurrean; distira egiten du, pindarka egiten du. Halere zalantza egiten duzu oraindik, ez zara sinestera ausartzen; itsuturik geratzen zara, ilunpetatik argitara irtetean bezala.

        Eta, hitz hauek bukatzean, Rodolphek imintzioa erantsi zion bere esaldiari. Eskua pasatu zuen aurpegian, zorabioak jo duen gizon baten gisa; gero Emmarenaren gainera erortzen laga zuen. Emmak erretiratu egin zuen bere eskua. Baina Kontseilariak irakurtzen segitzen zuen:

        «Eta nor harrituko litzateke, jaunak? Bakar-bakarrik nahiko itsu dagoena, nahiko murgildurik dagoena (ez naiz beldur esatean) nahiko murgildurik dagoena beste garai bateko aurreritzietan oraindik ere nekazal herrien izpiritua ez ezagutzeko eran. Non aurkitu, hain zuzen, landa-herrietan baino abertzaletasun gehiago, kausa publikoarekiko zaletasun gehiago, hitz batean, inteligentzia gehiago? Eta ez naiz ari, jaunok, axaleko inteligentzia horretaz, izpiritu nagien apainduria hutsalaz, baizik eta adimen sakon eta zuhur horretaz gehienbat, zeina saiatzen baita ororen gainetik helburu baliagarriak lortzen, horrela bakoitzaren onerako, guztion onurarako eta Estatuaren sostengutarako lagunduz, legeekiko errespetuaren eta betebeharren praktikaren fruitu...».

        — Ah! berriz ere, esan zuen Rodolphek. Beti betebeharrak, abaildurik nago hitz horiez. Zuntzun zahar saldo bat dira flanelazko gerrontzez, eta txopetadun eta errosariodun saindujale saila, etengabe gure belarrietara leloka: «Betebeharra! Betebeharra!» Zer arraio gero! betebeharra, handia dena sentitzea da, ederra dena maitatzea, eta ez gizarteko itxurakeria guztiak onartzea, ezartzen dizkigun desohore guztiekin.

        — Halere..., halere..., ihardukitzen zuen madame Bovaryk.

        — Ba ez! zergatik jardun grinen kontra? Ez al dira ba hauek, lur honetan dagoen gauza eder bakarra, heroismoaren iturria, entusiasmoarena, poesiarena, musikarena, arteena, ororena alegia?

        — Baina, zioen Emmak, munduaren iritziari apur bat jarraiki beharra dago eta haren moralari obeditu.

        — Ah! baina bi moral daude, erantzun zion gizonak. Bata txikerra, aurnitua, gizonena, etengabe aldatzen ari dena eta hain ozenki marru egiten duena, behean zalapartatzen dena, lurrazalean, hor ikusten duzun ergel multzo hori bezala. Bestea ordea, sekulakoa, baranoan eta gainetik dago, inguratzen gaituen paisaia eta argitzen gaituen zeru urdina bezala.

        Monsieur Lieuvainek ahoa xukatu berri zuen bere musuzapiaz. Berriro ekin zion:

        «Eta zertarako aritu ni, jaunak, laboraritzaren baliagarritasuna zuei hemen frogatzen? Nork zuzkitzen du ba gure beharretarako? Nork hornitzen du ba gure bizibiderako? Ez al da laboraria? Laboraria, jaunak, bere esku lankorraz landetako ildo jorietan ereinez, garia ernarazten duen laboraria, gari hau eihorik aparailu bitxiren bidez hauts bihurtzen baita, horretatik hirin izenez irteten delarik, eta, gero, hirietara garraiaturik, berehala eramaten dute okinenera, zeinak atontzen baitu hartaz pobrearentzako nahiz aberatsarentzako hazkurria. Ez al da halaber laboraria bere artalde ugariak, gure jantzitarako, belazeetan gizentzen dituena? Zeren nola jantziko ginateke gu, zeren nola elikatuko ginateke gu laboraririk gabe? Eta joan ere, jaunok, exenplu bila hain urrun joan beharra al dago? Nork ez du sarritan pentsatu, gure lobiroetako apainduria horretatik, abere apal horretatik ateratzen den etekin garrantzitsuaz, zeinak hornitzen baikaitu aldi berean gure etzanguetarako burko bigunez, gure mahaietarako okela guriz, eta gainera arraultzez? Baina ez nuke bukatuko baldin eta zerrendan eman behar banitu bata bestearen ondoren, lur ongi landuak, ama eskuzabal batek bezala, bere haurrei oparo banatzen dizkien ekoizkin desberdinak. Hemen mahastia da, beste horretan sagardo-sagarra; han koltza; beste hartan gaztak; eta linoa; jaunak, ez dugu ahaztu behar linoa! zeinak azken urte hauetan gehikuntza nabarmena izan baitu eta zeinari buruz bereziki ohartarazi nahi baitzaituztet».

        Ez zegoen ohartarazi beharrik: zeren jendetzaren aho guztiak irekirik baitzeuden, haren mintzoak edateko bezala. Tuvachek, haren alboan, begiak zabal-zabalik entzuten zion; Dorozerais jaunak, aldian-aldian, eztiro ixten zituen betazalak; eta, urrunago, botikarioak, bere seme Napoleon belaunen artean zuela, bere eskua uztaitzen zuen belarriaren kontra silaba bat bera ere ez galtzearren. Epaimahaiko beste partaideek beren kokotsa astiro kulunkatzen zuten gerrontze baitan, baiespen seinale gisa. Suhiltzaileek, tranpalaren oinean, beren baioneten gainean hartzen zuten atseden; eta Binet, geldi-geldi, ukondoa kanpora zegoen, sablearen punta airean zuela. Entzuten zuen agian, baina ez zuen ezer hauteman behar sudur gainera jaisten zitzaion bere kaskoaren hegala medio. Bere lekutenienteak, musde Tuvacheren seme gazteenak, are bapikatuago zuen berea; zeren egundokoa baitzeraman eta buru gainean dilinda egiten baitzion, indianazko bere fularraren motor bat kanporatzen utziz. Haren pean irribarre egiten zuen erabateko haur-eztitasunez, eta bere aurpegi txiki zurailak, iztilak zerizkiola, bozkario, akidura eta logale espresioa zeuzkan.

        Plaza etxeetaraino jendez gainezka zegoen. Leiho guztietan ikusten zen jendea ukondoak tinkaturik, beste batzuk zutik ate guztietan, eta Justinek, farmaziaren aran aurrean, begiratzen zuenaren betespenean zeharo tinkaturik zirudien. Isiltasuna arren, monsieur Lieuvainen ahotsa airean galtzen zen. Jende arteko aulki zaratek han-hemenka mozten zituzten esaldi-puskaka iristen zitzaizun; gero, bat-batean, idi-marrua luze bat entzuten zenuen zeure atzetik irteten, edota arkumeen beekarak kalertzetan elkarri erantzuten. Eskierki behizainek eta artzainek beren abereak haraino bultzatuak baitzituzten, eta aldian-aldian marruaka egiten zuten, muturretik zintzilik zuten hostailetik beren mihiaz izpiren batzuk erauziz.

        Rodolphe Emmarengana hurreratua zen, eta ahapeka esaten zuen, agudo hitz eginez:

        — Munduaren zimarku honek ez al zaitu asaldatzen? Bai al da sentimendu bat bakarrik ere horrek gaitzesten ez duenik? Instinturik nobleenak, sinpatiarik garbienak jazarri egiten dituzte, kalumniatu, eta, noizbait ere bi arima gaixok elkarrekin topo egiten badute, dena antolaturik dago bateratzerik izan ez dezaten. Arima horiek ordea saiatuko dira, hegoei eragingo diete, elkarri dei egingo diote. Oh! ez dio axolarik, goiz edo berandu, sei hilabete barru, hamar urte barru, elkartu egingo dira, elkar maitatuko dute, zeren halabeharrak hala galdatzen baitu eta bata bestearentzat jaioak baitira.

        Besoak belaunen gainean gurutzaturik zegoen, eta, horrela aurpegia Emmarenganantz altxatuz, hurbiletik so egiten zion, finkoki. Damak haren begietan urrezko izpi txikiak somatzen zituen, bere betsein beltzen inguru guztira izarniatuz, eta haren adatsa ziratzen zuen ukenduaren lurrina ere nabaritzen zuen. Orduan ahuldura batek jo zuen, Vaubyessarden dantzara atera zuen bizkondeaz oroitu zen, zeinaren bizarrak, bertako ile haiek bezala, bainila eta limoi usaina lurrintzen baitzuen; eta, oharkabeki, betazalak erdixka itxi zituen hura hobeto arnasteko. Baina, aulkian sorbaldak atzeraka etzanez egin zuen higidura honetan, urrunean hauteman zuen, ostertzeko zokoan, L'Hirondelle diligentzia zaharra, Leuxko aldapa astiro jaisten, bere atzetik errestan hauts-morots luzea zuela. Lando hori horretan zitzaion Leon, hain sarritan, bereganantz etorria; eta errepide horretan barrena joan zen betirako! Aurrez aurre ikusi uste izan zuen, bere leihoan, gero dena nahastu zen, laino batzuk iragan ziren; artean valsean jiraka zebilela iruditu zitzaion, argi-dilingoen pean, bizkondearen besotik, eta Leon ez zela urruti, etorri behar zuela... eta artean ere Rodolpheren burua sentitzen zuen bere alboan. Sentipen honen eztitasuna barneratu egiten zen honela garai bateko bere irritsetan, haize bolara baten eraginez hondar-aleak bezala, hauek zurrunbilatu egiten ziren haren arimaren gainean zabaltzen zen lurrinaren buhadan. Behin eta berriz ireki zituen sudurregalak, bortizki, ginbelen inguruko huntzaren freskura arnasteko. Eskuzorroak erantzi zituen eta eskuak xukatu zituen; gero, bere musuzapiaz, aurpegia haizatzen zuen, bere lokien taupadatan zehar jendetzaren zurrumurrua eta bere esaldiak salmodiatzen ari zen Kontseilariaren ahotsa entzuten zituen bitartean.

        «Jarrai ezazue! Eutsi iezaiozue! ez entzun ohikeriaren burutazioak, ezta enpirismo ausartegiaren aholku arinegiak ere! Saia zaitezte batez ere lurraren hobekuntzan, ongarri bikainetan, zaldi, abelgorri, ardi eta urde arrazen garakuntzan! Biltzar hauek izan daitezela zuentzat lehiazelai baketsu gisa non irabazleak, irteerakoan, eskua luzatuko baitio bentzutuari eta anaia gisa jokatu harekin, arrakasta handiago baten esperantzan! Eta zuek, morroi agurgarriok! sehi apalok, zeintzuen lanbide nekosoak ezein gobernuk ez baititu aintzakotzat hartu gaurdaino, zatozte zuen bertute isilaren saria jasotzera, eta ziur izan zaitezte, Estatuak gaurgero zuengan finkaturik dituela begiak, berak adoretzen zaituztela, berak babesten zaituztela, zuen erreklamazio justuak bidezkotzat jasoko dituela, eta arinduko duela, bere esku dagoen heinean, zuen sakrifizio nekosoen zama!».

        Monsieur Lieuvain hartan eseri zen; Monsieur Derozerays zutitu zen, beste hitzaldi bati ekinez. Honena, agian, ez zen izan Kontseilariarena bezain loretsua; baina hau estilo-aiurri positiboago batez baliatzen zen, alegia, ezagutza bereziagoz eta kontsidero garrantzitsuagoz. Beraz, gobernuaren laudorioak leku gutxiago hartzen zuen honetan; erlijioak eta laboraritzak betetzen zuten gehiago. Han ikusten zen bataren eta bestearen arteko zerikusia, eta nola lehiatu ziren beti zibilizazioaren alde. Rodolphe, Madame Bovaryrekin, ametsez, sentikizunez, magnetismoaz ari zen solasean. Gizarteen sorburuetaraino joanez, ari zen hizlaria deskribatzen garai ohil haiek, non gizonak ezkurrez bizi baitziren baso zokoetan. Gero piztiak larrutzeari utzi zioten, oihalak soineratu, soroak goldatu, mahastia landatu zuten. Hau onerako al zen, eta ez al zegoen aurkikuntza honetan abantaila baino eragozpen gehiago? Derozerays jaunak auzi hau planteiatzen zuen. Magnetismotik, poliki poliki, kidetasunetara heldua zen Rodolphe, eta, Jaun Presidenteak Cincinnatus bere goldean, Diocletien bere azak landatzen eta Txinako enperadoreak urteak hazaroz inauguratzen aipatu bide zituen bitartean, gizon gazteak emakume gazteari azaltzen zion, erakarpen jarkiezin haiek aurretiko beste bizialdiren batean zutela beren zergatia.

        — Esateko, guk, zioen, zergatik ezagutu dugu elkar? Zein halabeharrek nahi izan du? Dudarik gabe, urruntasunean barrena, bateratzera doazen bi ibai bezala, gure isuri partikularrek elkarrengana bultzatu gaituztelako izan da.

        Eta haren eskua hartu zuen; Emmak ez zuen erretiratu.

        «Orohar laboretza onak!» zioen oihuka presidenteak.

        — Hala, adibidez, ni zure etxera etorri nintzenean...

        «Bizet jaunari, Quincampoixtarra».

        — Ba al nekien nik zuri lagun egin behar nizunik?

        «Hirurogeita hamar libera!».

        — Ehun aldiz behintzat alde egin nahi izan dut, eta baina zuri jarraiki natzaizu, geratu egin naiz.

        «Simaurrak».

        — Gaur arratsean geratuko naizen bezala, eta bihar, eta ondorengo egunetan, nire bizitza guztian!

        «Caron jaunari, Argueilkoa, urrezko domina bat!».

        — Zeren inoiz ez dut aurkitu inongo lagunen baitan xarma hain erabatekoa.

        «Bain jaunari, Givry-Saint-Martingoa!».

        — Nik ere bai, niregan eramango dut zure oroitzapena.

        «Merino-ahari batengatik...».

        — Baina ahaztu egingo nauzu, itzal bat bezalaxe iragango naiz.

        «Belot jaunari, Notre-Damekoa...».

        — Oh! ez, ni zerbait izango naiz zure pentsamenduan, zure bizitzan, ez da hala?

        «Urde-arraza, saria ex aequo: Leherisse eta Cullembourg jaunei; hirurogei libera!».

        Rodolphek eskua estutzen zion, eta bero-bero sentitzen zuen eta dardarati, berriro hegaztatu nahi duen usapal gatibuaren gisa; baina, nahiz eskua askatu nahi zuelako edota presio hari erantzuten ziolako, damak behatz-higidura bat egin zuen; gizonak esan zuen:

        — Oh! Eskerrik asko! Ez nauzu baztertzen! Bai ona zarela! Ulertzen duzu zurea naizela! Utzidazu zu ikusten, zu kontenplatzen!

        Leihoetatik heldu zen haize bolada batek mahaiko tapiza zimurkatu zuen, eta, plazan, behean, laborari-emakumeen tximel handi guztiak altxatu ziren, zalapartan dabiltzan tximeleta zuriren hegoak antzo.

        «Ale oliotsuren patsaren erabilpena», jarraitu zuen presidenteak.

        Presaka ari zen:

        «Ongarri flandestarrak, — linuaren laboretza, — urxukagintza, luzarorako maiztertza, — sehien zerbitzuak».

        Rodolphek ez zuen jada hitz egiten. Elkarri begira ari ziren. Irrits goren batek dardara eragiten zien beren ezpain agorrei; eta, ezarian, oldargabe, beren behatzak elkar nahasi ziren.

        «Catherine-Nicaise-Elisabeth Leroux, Sassetot-la-Guerrierekoa, etxalde berean berrogeita hamalau urtez zerbitzatu izanagatik, zilarrezko domina — hogeita bost liberatako sariduna!

        »Non da bera, Catherine Leroux?» errepikatu zuen Kontseilariak.

        Emakumea ez zen aurkezten, eta ahotsak entzuten ziren xuxurlaka:

        — Zoaz ba!

        — Ez.

        — Ezkerretara!

        — Ez zaitez beldur izan!

        — Ah! zer nolako tuntuna!

        — Zer, hemen al da? zioen oihuka Tuvachek.

        — Bai!... hemen da!

        — Hurbil dadila ba!

        Orduan ikusi zen tranpalera hurreratzen planta beldurtidun andre xahar txiki bat, bere pilda pobreen barruan kuzkurturik zirudiela. Oinetan zurezko eskalaproin lodiak zituen, eta, gerritik behera, mantal urdin handi bat. Bere aurpegi argala, burutxeta mendelgabe batez inguratua, errezil-sagar ximel bat baino zimurragoa zegoen pleguz, eta bere zokota gorriaren mahuketatik bi esku luze irteten ziren, juntura lakardunak. Bihitegietako hautsak, lixubetako potasak eta artileen koipeak hainbeste zizkioten lazkartu, urratu eta gogortu non zikinak baitziruditen ur garbitan ikuziak zituen arren; eta, zerbitzatu izanaren poderioan, erdi irekiak geratzen ziren, jasandako hainbat sufrikarioren testigantza umila beren kasa aurkeztearren bezala. Monje-zorroztasunezko zertxobaitek nabarmentzen zuen haren aurpegiaren espresioa. Tristura edo hunkidurazko ezerk ez zuen biguntzen begirada zurbil hura. Abereekin usutua izaki, hauen mututasuna eta naretasuna bereganatuak zituen. Lehen aldia zuen hainbesterainoko jendetzaren erdian aurkitzen zela; eta, banderengatik, danborrengatik, frak beltzez jantzitako jaunengatik eta Kontseilariaren ohorezko gurutzearengatik bere barnean izuturik, geldi-geldi zegoen, aurreratu behar zuen ala ihes egin behar ote zuen jakin gabe, zergatik jende guztiak bultza egiten zion eta zergatik aztertzaileek irribarre egiten zioten jakin gabe. Horrela zegoen, burges bozkari haien aitzinean, sehikuntzako mende-erdi hau.

        — Hurbil zaitez, Catherine-Nicaise-Elisabeth Leroux agurgarri hori! esan zuen Kontseilari jaunak, zeinak hartua baitzuen presidentearen eskuetatik sarituen zerrenda.

        Eta paper-orria eta gero andre xaharra txandaka aztertuz, aita baten tonuaz errepikatzen zuen:

        — Hurbil zaitez, hurbil zaitez!

        — Gorra al zara? esan zuen Tuvachek, bere aulkian jauzi eginez. Eta belarrira oihuka hasi zitzaion:

        — Berrogeita hamalau urtetako zerbitzuak! Zilarrezko domina! Hogeitabost libera! Zuretzat da.

        Gero, bere domina hartu zuenean, begiratu egin zion. Orduan dohatasunezko irribarre bat zabaldu zitzaion aurpegian, eta joatean, murduskatzen entzuten zitzaion:

        — Herriko apaizari emango diot, nire aldeko mezak eman ditzan.

        — Zer nolako fanatismoa! zioen botikarioak notarioaren aldera makurturik.

        Ospakuntza bukatua zen; jendea sakabanatu egin zen; eta, hitzaldiak jada irakurriak zirenez, bakoitzak berriro bere lerruna hartzen zuen eta den ohiturara itzultzen zen: nagusiek sehiak ebaintzen zituzten, eta hauek abereak makilkatzen zituzten, adarren artean koroa berde bat, berriro ikuilura zihoazen garaile soraioak.

        Bitarte horretan goardia nazionalak udaletxeko lehen oinera igo ziren, beren baionetetan opilak burruntzaturik, eta batailoiko danborreroak otarre bat botila zeramala. Madame Bovaryk Rodolpheren besoa hartu zuen; honek bere etxera lagundu zion; atarian banandu ziren; gero gizona bera bakarrik pasiatzen ibili zen belazean, bazkal ordura arte hartan itxoinez.

        Orritsa luzea izan zen, zaratatsua, gaizki zerbitzatua; hain zeuden pilakatuak non nahiko lan baitzen ukondoak higitzen, eta eserlekutarako baliaturiko ohol meharrak hausteko zorian izan ziren bazkaltiarren zamaren pean. Oparo jaten zuten. Bakoitzaren kuota-partearen heinean opa zion norberak bere buruari. Izerdia zerien bekoki guztiei; eta lain zurizka bat kulunkatzen zen, ibai baten lurruna udazkeneko goiz batez bezala, mahaiaren goialdean, kinke dilingoen artean.

        Rodolphek, denda-oihalaren kontra bizkarra etzanik, hain gotorki pentsatzen zuen Emmaz, non ez baitzuen ezer entzuten. Bere atzean, belar gainean, sehiek plater zikinak pilakatzen zituzten; bere albokoak hizketan ari ziren, berak ez zien ihardesten; edalontzia betetzen zioten, eta pentsamenduan isiltasuna kokatzen zitzaion, marmarizoa ozentzen joan arren. Emmak esan zuenaz eta haren ezpainen formaz ari zen ametsetan; haren aurpegiak, ispilu magiko batean bezala, 'xakoen' plaka gainean distiratzen zuen; haren soinekoaren tolesdurak hormetan behera jaisten ziren, eta maitasun egunak amaigabeki iragaiten ziren etorkizunaren ikuspegietan.

        Arratsean ikusi zuen berriro, su-festa denboran; baina bere senarrarekin, madame Homaisekin eta botikarioarekin zegoen, zeina sobera alatzen baitzen galdutako suzirien arriskuarengatik; eta, momentuoro, bere lagunak utzi eta Binetengana joaten zen gomendioak egitera.

        Muscle Tuvacheren helbidera igorritako pieza piroteknikoak, gehiegizko arretaz, haren sotoan giltzapetuak egon ziren; horrela polbora umela nekez sutzen zen eta parterik nagusiena, herensuge bat isatsa hozkatuz irudikatu behar zuena, erabateko porrota izan zen. Noizean behin, erroma-kandela arloteren bat ateratzen zen; orduan jendetzak ahozabalik deiadarka hasten ziren, hartan nahasten zirelarik ilunpetan gerrondoan kilikatzen zituzten emakumeen garrasiak. Emma, isilik, Charlesen sorbaldaren kontra kukubilkatzen zen ernekiro; gero, kokotsa altxaturik, suzirien argi xurrustarei segitzen zien ortzi beltzean. Pizturik zeuden argi-txilinen leinurutara betesten zuen Rodolphek.

        Poliki-poliki itzali egin ziren. Izarrak piztu ziren. Euri tanta batzuk erori ziren. Emmak burukozapia lotu zuen bere burutsean.

        Une horretan, Kontseilariaren landoa irten zen ostatutik. Bere kotxeroa, hordi baitzegoen, bat-batean lozorroak hartu zuen eta urrunetik hautematen zen, kapotaren gainetik, bi argimutilen artean, bere gorputzaren mukulua, eskuinetara nahiz ezkerretara zabuka, azpihabeen tangalen arabera.

        — Benetan, esan zuen botikarioak, gogor zigortu beharko litzateke hordikeria! Udaletxeko atarian, taula 'ad hoc' batean, astero idatziz azaltzea nahi izango nuke nik, astean zehar edozein alkoholez intoxikatu diren guztien zerrenda. Bestalde, estatistikari dagokionez, hortxe izango genituzke urtekari ageri gisa, eta hauek, behar izanez gero,... Baina barkatu.

        Eta beste behin ere kapitainarengana joan zen korrika.

        Hau etxera zihoan. Bere tornua ikustera zihoan.

        — Agian ez zenuke gaizki egingo, esan zion Homaisek, zure gizonetariko bat bidaliko bazenu edo zeu joango bazina...

        — Utz nazazu ba bakean, erantzun zuen zergabiltzaileak, zeren eta ez baita ezer!

        — Lasai egon zaitezte, esan zuen botikarioak, bere lagunen ondora itzuli zenean. Monsieur Binetek ziurtatu dit, neurriak hartuak direla. Inolako txingarrik ez da eroriko. Uhagak beterik daude. Goazen lotara.

        — Bai horixe! badut beharra ere, esan zuen madame Homaisek, ahozabalka ondotxo ari baitzen; baina ez dio axolarik, egun ederra izan dugu benetan gure jairako.

        Rodolphek ahapeka errepikatu zuen begirada samur batez:

        — Oh! bai, benetan ederra!

        Eta, agurtu ondoren, bizkarra eman zioten elkarri.

        Bi egun geroago, Fanal de Rouen-en artikulu handi bat zegoen biltzarrei buruz. Homaisek moldatua zen, etorri handiz, biharamunean bertan:

        «Zergatik buruntza haiek, lore haiek, lili-ustai haiek? Norantz lehiatzen zen jendetza hura, itsaso haserre bateko uhinen gisa, eguzki tropikal baten turrustapetan, zeinak zabaltzen baitzuen bere beroa gure soroen gainera?».

        Ondoren, laborarien kondizioaz mintzatzen zen. Egia, gobernuak asko egiten zuen, baina ez aski! «Aurrera! egiten zion oihu; mila erreforma dira behar-beharrezkoak, burutu ditzagun». Ondoren, Kontseilariaren sarrerari ekinez, ez zuen inola ere ahazten «gure gudalostearen aire martziala», ezta «gure herriko emakume bizkorrenak», ezta agure burusoilak ere, «han zeuden patriarka irudikoak, zeinetariko batzu-batzuk, gure falange hilezkorren apurrak, oraindik ere beren bihotzak taupaka sentitzen baitzituzten danborren doinu arrarekin batera». Epaimahaiko partaideen artean bere burua aipatzen zuen lehenetarikoa, eta gogorarazi ere egiten zuen, ohar batean, ezen Monsieur Homaisek, farmazilariak, Txosten bat bidalia zuela sagardoari buruz Nekazaritza Elkartera. Sarien banaketara heltzen zenean, taiu ditiranbikoz deskribatzen zuen sarituen bozkarioa. «Aitak bere semea besarkatzen zuen, anaiak anaia, senarrak emaztea. Bat baino gehiagok erakusten zuen harrotasunez bere domina umila, eta zalantzarik gabe, etxeratzean, etxekoandre zintzoarekin batera, negarrez zintzilikatuko zuten beren bordatxoko horma apaletan.

        «Seiak aldera, afari batek, monsieur Liegearden belartzarian prestatua, jaiko partaide nagusienak bildu zituen. Arraiziarik handiena ez da eten unetxo batez ere. Askotariko topak bota dira: Monsieur Lieuvainek, monarkarengatik! Monsieur Tuvachek, prefetarengatik! Monsieur Derozeraysek, laboraritzarengatik! Monsieur Homaisek, industria eta arte ederrengatik, bi ahizpa hauengatik! Monsieur Leplicheyk, hobekuntzengatik! Arratsean, su-festa distirante batek argitu ditu bat-batean aireak. Esan zitekeen benetako kaleidoskopioa zela, benetako opera apainduria, eta, une batez, gure herri txikiak uste ahal izan du Mila eta Bat Gau-etako ipuin baten erdira eramana zutela.

        »Egiazta dezagun, inolako gertakari dohakaitzik ez dela heldu famili-biltzar hau nahastatzera».

        Eta eransten zuen:

        «Bakar-bakarrik apezteriaren falta nabaritu da. Sakristiek, nonbait, beste era batean ulertzen dute aurrerapidea. Hor konpon, jaun Loiolatarrok!».

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia