—VII—

 

        Biharamuna Emmarentzat egun hiltamutsua izan zen. Gauzen azalean nahaskiro kulunkatzen zen egurats beltz batek inguratua iruditu zitzaion dena, eta oinazea bere ariman alarau eztiekin zokoratzen zen, neguko haizeak gaztelu abandonatuetan egiten duen bezala. Sekulan itzuliko ez denaz izan ohi den ametseria zen, egitate burutu bakoitzaren ondoren hartzen zaituen lazotasuna, ohizko mugimendu ororen trenkadurak, luzaroko bibrazio baten supituko etendurak ekartzen dizun min hori.

        Vaubyessardtik itzultzean bezala, koadrilak bere buruan zurrunbilokatzen ziren hartan bezala, malenkonia hits bat zeukan, etsimendu soraio bat. Leon berragertzen zen handiago, ederrago, eztiago, lainotsuago, beragandik aldendua zen arren, ez zuen utzia, hura hantxe zegoen, etxeko hormek haren errainua gordetzen zutela zirudien. Emmak ezin zuen apartatu bere begirada hura ibili izana zen tapiz hartatik, hura eseri izana zen haltzari huts haietatik. Ibaia bazihoan beti ere, eta astiro bultzatzen zituen bere palasta apalak bazter labainean barrena. Sarritan ibiliak ziren han paseatzen, uhinen murmurio berberatan, goroldioz estalitako harrikarian. Zeinen eguzki ederrak izan zituzten! Zeinen arratsalde ederrak, bakarrik, gerizpean, jardineko zokoan! Hark ozenki irakurtzen zuen, buru hutsik, makilamutur lehorrezko aulki batean jarrita; belazetiko haize freskoak dardara eragiten zien liburuaren orriei eta pendizeko amatxiloreei... Ah, joana zen, bere bizitzako xarma bakarra, zorion baten esperantza posible bakarra! Nolaz ez zuen berak zorion hori atxiki, aurkeztu zitzaionean! Zergatik ez zion eutsi bi eskuez, bi belaunez, joan nahi izan zuenean? Eta Leon maitatu ez izanagatik bere burua madarikatzen zuen; haren ezpainen egarria eduki zuen. Gogoak ere eman zion haren bila korrika joateko, haren besoetara jausi eta esateko: «Ni naiz, zurea nauzu!» Baina Emma aldez aurretik larritzen zen eginkizunaren zailtasunengatik, eta bere nahikundeak, atsekabez emendaturik, are gartsuago bilakatzen ziren.

        Ordudanik, Leonen oroitzapen hau bere asperraren zentroa bezala izan zen; bidaiariek elur gainean, Errusiako estepa batean, abandonaturiko suak baino bortitzago pindartzen zuen. Emma hartarantz oldartzen zen, haren kontra kukubilkatzen zen, su itzaltzear hura emekiro irabiatzen zuen, hura gehiago zuzper zezakeenaren bila ibiltzen zen bere inguruan; eta gomutapurrik urrunenak nahiz abagunerik hurbilenak, igartzen zuena irudikatzen zuenarekin batera, barreiatzen ari zitzaizkion apeta boluptuosoak, adar iharrak bezala haizetan kraskatzen ziren bere zorion-proiektuak, bere bertute antzua, bere esperantza eroriak, etxeko zirtzileriak, dena biltzen zuen, dena jasotzen zuen, eta dena erabiltzen zuen bere tristura berotzeko.

        Alabaina garrak iraungi ziren, nahiz hornidura berez ahitu zelako nahiz pilaketa gehiegikoa gertatu zelako. Maitasuna poliki-poliki itzali egin zen urrundeaz, oroit-mina ito egin zen ohituraren pean; eta bere zeru hitsa purpuratzen zuen sutearen zohardura ilunbe handiagoz estali zen eta graduz gradu ezabatu zen. Bere kontzientziaren lokarduran, senarrarenganako higuinak ere amorantearenganako aharrausitzat hartu zituen, gorrotoaren erredurak laztantasunaren berotzat; baina, aldagoia beti ere bazebilenez, eta irritsa errautsetaraino gargaildu zenez, eta inolako laguntzarik heldu ez zenez, inolako eguzkirik azaldu ez zenez, alde guztietatik gau beltz izan zen, eta Emma galdurik geratu zen aldenik alde zulatzen zuen hotz izugarri batean.

        Orduan Tostesko egun gaiztoak hasi ziren berriro. Orain bere burua askoz dohakabeagotzat zeukan, zeren oinazearen esperientzia baitzuen, hura amaituko ez zen ziurtasunarekin batera.

        Bere buruari hain sakrifizio handiak inposaturiko emakume bati zilegi zekiokeen zenbait apeta. Belaunikaleku gotiko bat erosi zuen, hilabetean hamalau libera gastatu zuen azkazalak garbitzeko limoitan; Rouenera idatzi zuen kaxemira urdinezko soineko bat eskatuz; Lheureuxenean, bertako exarperik ederrena aukeratu zuen; gerrian lotzen zuen bere txabusinaren gainetik; eta, leihatilak itxirik, eskuan liburu bat, kanape batean etzanda egoten zen, pildaire honetan.

        Sarritan, bere orrazkera aldatzen zuen: txinatarren eran, kiribil lasatan, motots txirikordatutan jartzen zen; buruaren alboan marra bat egin zuen eta haren pean kiribildu zuen ilea, gizon gisa.

        Italiera ikasi nahi izan zuen: erosi zituen hiztegiak, gramatika bat, paper zuri hornizioa. Irakurketa seriosetan saiatu zen, historia, filosofia. Gauez, batzuetan, Charles tupustean esnatzen zen, gaixoren batengatik bere bila zetozen ustetan:

        — Banoa, zizakatzen zuen.

        Eta Emmak marruskatzen zuen poxpolu baten zarata zen, kriseilua berriro piztearren. Baina bere irakurketetan bere tapizerietan bezalaxe zen, denak, hasi orduko, alasan pilakatzen ziren; hartzen zituen, uzten zituen, beste batzuetara pasatzen zen.

        Aldarteak izaten zituen, zeinetan erraz bultza baitziezaiokeen nabarmenkerietara. Egun batez baieztatu zuen, bere senarraren aurka, baso-erdi handi bat pattar aise edango zukeela, eta, Charlesek ezetzean desafiatzeko astakeria egin zuenez, kondarretaraino zurrutatu zuen pattarra.

        Bere aire «lurrunduak» eta guzti (Yonvilleko «etxekoandreen» hitza zen hau), Emmak ez zirudien, halere, alai, eta, gehienetan, bere ahoaren ertzean gordetzen zuen, neskazaharren eta handinahi txuluteginen aurpegia zimurtzen duen ikoldura higikaitz hori. Zeharo zurbil zegoen, arropa zuria bezain zuri; sudurreko azala sudurzuloetarantz teinkatzen zen, bere begiek lainotsuki begiratzen zizuten. Lokietan hiru ile urdin aurkitu izanagatik, bere zahartzaroaz hitz egin zuen.

        Sarritan izaten zituen ondoezak. Egun basez odola errustatu ere egin zuen, eta, Charles lehiatzen zenez, bere kezka nabarmenduz:

        — Ah bah! erantzun zuen Emmak, eta zer axola?

        Charles bere kabinetean abaro hartzera joan zen; eta negar egin zuen, bi ukondoak mahai gainean, bere bulego-besaulkian eserita, buru frenologikoaren pean.

        Orduan bere amari idatzi zion etortzeko eskatuz, eta bien artean eleketa luzeak izan zituzten Emmari buruz.

        Zein erabaki hartu? Zer egin, Emmak tratamendu oro arbuiatzen baitzuen.

        — Badakizu zer beharko lukeen zure emazteak? errepikatzen zuen Bovary amak. Eginkizun behartuak, eskulana! Bera ere balego, beste asko bezala, bere ogia irabaztera beharturik, ez luke izango halako lurrunik, buruan sartzen dituen ideia-pila horretatik baitatozkio, eta bizi den soraiokeriatik.

        — Alabaina izaten du zereginik, zioen Charlesek.

        — Ah! zereginak! Zertan ordea? Nobelak irakurtzen, liburu txarrak, erlijioaren kontra dauden obrak, eta Votairerengandik ateratako diskurtsoak medio apaizez trufatzen direnak. Baina hori guztia urrun doa, nire ume gaixoa, eta erlijiorik ez daukanak beti ere okerreko bidean bukatzen du.

        Beraz, Emmari nobelak irakurtzen eragotzi egingo zitzaiola erabaki zen. Lanbideak ez zirudien inolaz ere erraza. Damatxoa bera arduratu zen horretaz: Rouendik pasatzean, berak pertsonalki joan behar zuen liburuen alokatzailearenera eta hari aditzera eman, Emmak harpidetzak eten egiten zituela. Eta ez al zegokeen ba poliziari ohartarazteko eskubidea, baldin eta liburudunak hala ere bere pozointze-lanean jarraitzen bazuen?

        Amaginarrebaren eta errainaren agurrak lehorrak izan ziren. Elkarrekin egonak ziren hiru asteetan zehar, biek ez zuten lau hitz trukatu, informazioez eta adeitasunezkoez aparte, mahaian elkartzen zirenean, eta arratsean oheratu aurrez.

        Madame Bovary ama asteazken batez joan zen, Yonvillen merkatu eguna.

        Plaza, goiz-goizetik, karreta zerrenda batez gainezka zegoen, zeinak, denak ipurdiz eta gurtagak airean, etxe zerrendan barrena hedatzen baitziren elizatik hasi eta ostaturaino. Beste aldean, oihalezko txosnak zeuden non saltzen baitziren algodoizko ehunak, estalkiak eta artilezko galtzerdiak, zaldientzako kraistuekin batera eta xingola urdinen xortak ere, zeinak puntatik haizetan hegaztatzen baitziren. Kinkaileria handia lurrean hedatzen zen, arraultze-piramideren eta gazta-otarreren artean, zeinetatik lasto likitsu batzuk ateratzen baitziren; garijotzeko makinen ondoan, kaiola zapal batzuetan kakarazka ari ziren oilo batzuk beren lepoak pasatzen zituzten barroteen artetik. Jendetza, leku berean pilakaturik mugitu nahi gabe, farmaziaren aurrealdea puskatzeko kinkan zegoen alditan. Asteazkenetan, beti jendez beterik zegoen eta elkarri bultzaka, ez hainbeste medikamenduak erosteko baizik eta kontsultak hartzeko, hain zen izan ere fama handikoa musde Homaisen aipua, inguruetako herrietan. Bere zentzutasun sendoak liluraturik zeuzkan landatarrak. Mediku guztiak hain mediku handiago bati bezala begiratzen zioten.

        Emma ukondoz leihoan zegoen (maiz egoten zen han: leihoak ordezkatzen ditu, probintzietan, antzokiak eta paseoa), eta oiesen iskanbilari begira dostatzen ari zen, halako batean balusa berdezko longain batez jantzitako jaun bat hauteman zuenean. Eskularru horiak zeramatzan, nahiz eta oinetan galzain zakarrak izan; eta medikuaren etxerantz zihoan, atzetik baserritar bat zuela burua makurturik eta aire oso pentsakorrez oinez.

        — Ikus al dezaket mediku jauna? galdetu zion, atalasean Feliciterekin solasean ari zen Justin.

        Eta, etxeko sehitzat harturik:

        — Esaiozu Rodolphe Boulanger jauna, Huchettekoa, etorri dela.

        Ez zen inola ere lurralde-harrokeriaz izan iritsi berriak bere izenari partikula eranstea, baizik eta bere burua hobeki ezagutzera ematearren. La Huchette, eskierki, Yonvilletik hurbileko finka bat zen eta bertako gaztelua erosi berria zuen, berak bakarrik lantzen zituen bi etxalderekin batera, neke handiegirik hartu gabe horratio. Soltero bizi zen, eta ziotenez bazeukan gutxienik hamabost mila libera errentatan!

        Charles sartu zen salan. Boulanger jaunak bere gizona aurkeztu zion, zeinak odolaterea egin ziezaion nahi baitzuen, gorputz osoan barrena txingurriak igartzen baitzituen.

        — Horrek purgatu egingo nau, argudiatzen zien arrazoibide guztiei.

        Bovary hasi zen beraz berda bat eta konketa bat ekarriz, eta Justini eskatu zion hura sostengatzeko. Gero, baserritar jada zurbilarengana zuzendurik:

        — Ez izan beldurrik, adiskide.

        — Ez, ez, erantzun zuen besteak, zuk jo aurrera!

        Eta, harroputz airez, bere beso lodia luzatu zuen. Lantzetaren sastadapean, odola jalgi zen eta ispiluaren kontra zirtatzera joan zen.

        — Hurbildu ontzia! oihuka Charlesek.

        — Aiko! zioen laborariak, zinez esan liteke iturritxo bat jarioan! Bai gorria daukadala odola! Horrek seinale ona izan behar du, ez al da hala?

        — Batzuetan, berriro osasun-ofizialak, hasieran ez da ezer igartzen, gero sinkopea deklaratzen da, eta batez ere hau bezala askai oneko jendearen artean.

        Laborariak, hitz hauek entzunik, bere behatz artean jiraka zerabilen kaxatxoa askatu zuen. Bere sorbalden teinkada batek karranka eragin zion aulkiaren bizkarrari. Bere kapelua erori egin zen.

        — Banengoen ba ni, esan zuen Bovaryk bere behatza zainaren gainean ipiniz.

        Ontzia dardarka hasia zen Justinen eskuetan; belaunak kordokan zituen, zurbildu egin zen.

        — Nire emaztea! nire emaztea! dei egin zuen Charlesek.

        Salto batean jaitsi zituen Emmak eskilarak.

        — Ozpina! deiadarka Charlesek. Ah! Jainkoaren izenean, bi batera.

        Eta, bere asalduran, lan zuen konpresa ipintzen.

        — Ez da ezer, zioen lasai Boulanger jaunak, bere besoen artean Justin hartzen zuen bitartean.

        Eta mahai gainean eseri zuen, haren bizkarra hormaren kontra finkatuz.

        Madame Bovary hari korbata eransten hasi zen. Alkandoraren kordoietan korapilo bat zegoen; zenbait minutuz aritu zen mutil gaztearen idunean bere behatz arinak erabiltzen; ondoren ozpina isuri zuen batistazko bere musuzapian; hartaz lokiak bustitzen zizkion txaplaka eta gainera putz egiten zuen, emekiro.

        Orgaria esnatu zen: baina Justinen sinkopeak artean irauten zuen, eta bere betseinak begizuringo belurietan desagertzen ziren, lore urdin batzuk esnetan gisa.

        — Hau ezkutatu egin beharko litzaioke, esan zuen Charlesek. Madame Bovaryk ontzia hartu eta mahaipean utzi zuen; makurtzean egin zuen mugimenduan, bere soinekoa (udako soineko bat zen lau aloztuna, kolore horia, gerri luzea, gona zabala), soinekoa bere baranoan hedatu zen salako baldosen gainean; — eta, Emmak, pikotxean, besoak zabalduz pixka bat alderoka egin baitzuen, ehunaren puzturak zapart egiten zuen lekurik leku, bere gerrontzearen malguduren arabera. Ondoren, pitxar bat ur hartzera joan zen, eta azukre-koxkor batzuk urtzen ari zen botikarioa heldu zenean. Zalaparta hartan neskamea bila joana zitzaion; bere ikaslea begiak zabalik hautematean, lasaitu zitzaion arnasa. Gero, bere inguruan jiraka, goitik behera begiratzen zion.

        — Memeloa! zioen; benetako memeloa! zazpi letratako memeloa! Ha zer nolako gauza, horixe, flebotomia bat! eta ezeren beldur ez den morrosko bat! urtxintxa baten parekoa, hementxe bistan duzuena, intxaurrak astintzearren zoratzeko alturatara igotzen den hau. Ah! bai, hitz egin ezak, harro-harro! Jarrera ederra, gero farmazia-lanean aritzeko; zeren kinka larritan deiturik kausitu haiteke, auzitegi aurrean, magistratuen kontzientzia argitzeko; eta odola hotz mantendu behar izango duk, arrazoitu, gizon gisa azaldu, edota ergel bat bezala geratu!

        Justinek ez zuen erantzuten. Botikarioak segitu zuen:

        — Nork eskatu dizu etortzeko? Jauna eta etxekoandrea nekarazten ari zara beti! Gainera, asteazkenetan behar-beharrezkoa dut zure presentzia. Oraintxe bertan bada hogei pertsona etxean. Dena utzi dut, zureganako dudan interesarengatik. Ea ba, zoaz! azkar! itxoin niri, eta zaindu ustrailak!

        Justin, jazten ari baitzen, abiatu zenean, zorabioez mintzatu ziren pixka bat. Madame Bovary halakorik sekulan izan gabea zen.

        — Harrigarria da emakume baten baitan! esan zuen Boulanger jaunak. Bestalde, badago jende delikaturik ere. Horrela ikusia dut nik, duelu batean, lekuko bat kordea galtzen kargatzen ari ziren pistolen zarata hutsarengatik.

        — Niri, zioen botikarioak, besteren odola ikusteak ez dit ezertxo ere egiten; baina nirea daridala pentsatze hutsa aski litzateke niri ondoeza eragiteko, hartaz gehitxo pentsatuz gero.

        Bitarte horretan Boulanger jaunak bere morroia bidali egin zuen, izpiritua lasai zezan gomendatuz, zeren bere irudipena joana baitzen.

        — Horrek eman dit zuek ezagutzeko aukera, erantsi zuen. Eta hau esatean Emmari so egiten zion.

        Gero mahai ertzean hiru libera utzi zituen, ezaxolati agurtu eta joan egin zen.

        Laster zegoen ibaiaren beste aldean (hura zen bere bidea Huchetrera itzultzeko); eta Emmak belazean ikusi zuen, zumarzurien pean oinez zihoala, aldian-aldian pausoa baretuz, pentsatzen ari den norbaiten gisa.

        — Biziki polita da! zioen berekiko; biziki polita da, medikuaren emaztea! Hortzak ederrak, begi beltzak, oin poxpolinak, eta paristar baten tankera. Non demoniotatik atera da horrelakoa? Non aurkitu ote du, mutil kankar horrek?

        Monsieur Rodolphe Boulangerek hogeita hamalau urte zuen; tenperamenduz mutiria eta adimenez zorrotza zen, eta bestalde emaztetan sarri ibilia izaki, hauekikoa ongi ezagutzen zuen. Oraingo hau polita iruditu zitzaion: hartaz ari zen beraz pentsatzen, eta haren senarraz.

        — Zeharo tentela delakoan nago. Senarrarekin asperturik dago dudarik gabe. Azkazal zikinak eta hiru egunetako bizarra ditu. Eta hura bere zaldiarekin gaixorik gaixo dabilen bitartean, emaztea galtzerdiak pasaratzen geratzen da. Eta aspertu noski! Hirian bizi izan nahi, arratsero polka dantzatu! Emazte gaixoa! Ahozabalka maitasunaren atzetik, zamo bat uraren atzetik bezala sukalde bateko mahai gainean. Lausenguzko hiru hitzekin, adoratu egingo zintuzke, ziur naiz! Benetan goxoa litzateke! xarmangarria!... Bai, eta baina ondoren nola hastandu?

        Orduan plazeraren gainezkak, perspektiban ikusirik, bere amoranteaz pentsarazi zion, kontrastez. Berak mantentzen zuen Rouengo komedia-aktoresa bat zen; eta, irudi horri buruz pausatu zenean, zeinarekiko, oroitzapenean ere, betekada baitzeukan:

        — Ah! Madame Bovary, pentsatu zuen, hura baino askoz politagoa da, batez ere frexkoagoa. Virginie, bene-benetan, gizenegi jartzen ari da. Bere jolasekin hain da aspergarria. Eta, bestalde, ixkirengatik duen mania hori!

        Landan ez zebilen inor, eta Rodolphek bere inguruan ez zuen entzuten bere oinetakoak zihoztatzen zituzten belarren xaflada erregularra baino, urrunean olo artean kukubilkaturiko kirkilen xirritarekin batera; berriro Emma ikusten zuen salan, ikusi zuen bezala jantzirik, eta erantzi egiten zuen.

        — Oh! lortuko dut! oihukatu zuen, makilaren kolpe batez bere aurrean sokor bat lehertuz.

        Eta, berehala, eginkizunaren alde politikoa aztertu zuen. Berekiko galdetzen zuen:

        — Non elkartu? Zeren medioz? Umea beti lepoan izango dugu, eta neskamea, eta auzokoak, senarra, molde orotako poxelua franko. Ah Bah! zioen, denbora gehiegi galtzen da!

        Gero berriro hasi zen:

        — Izan ere, bihotzean ginbaleta bezala sartzen zaizkizun begiak ditu. Eta larrantz beluri hori!... Eta nik emakume beluriak adoratzen baititut!

        Argueilko aldapa gainera iristean, bere erabakia jadanik hartua zen.

        — Abagunea bilatu besterik ez dago. Ea ba! aldian behin bertatik pasatuko naiz, ehiza bidaliko diet, hegaztiak; odol-ateratzeak ere egingo ditut, behar izanez gero; lagun egingo gara, nire etxera gonbidatuko ditut... Ah! arraioa! erantsi zuen, laster dira Biltzarrak; Emma han izango da, eta ikusiko dut. Hasi egingo gara, eta ausartki, hori baita seguruena.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia