—VI—

 

        Leihoa irekita zegoen arratsalde batez, eta, haren ondoan eserita, Lestiboudois sakristauari ezpela mozten hegira egon berria zela, Bat-batean Anjelusa jotzen entzun zuen.

        Apirilaren hasieran zen, primaderako liliak loratzen direnean; lorearlo jorratuen gainean haize epela iraulkatzen da, eta jardinek, emakumeak bezala, udako jaietarako apaintzen ari direla dirudite. Pendizaren barroteetatik eta haragoko inguru guztian, ibaia ikusten zen belazean, bihurgune alderraiak marrazten zituela belarretan. Arratsaldeko behelainoa hostorik gabeko zumatzurien artean pasatzen zen, haien adar artean geldituriko gasa mehe bat baino beluri eta gardenagoko tindura more batez haien hegiak nabartuz. Urrunean, abereak zebiltzan; ez zen entzuten haien urratsik, ez haien marrurik; eta kanpaiak, artean joka, bere auhendu baketsuan segitzen zuen aireetan barrena.

        Tilint errepikari honetan, emakume gaztearen pentsamendua gaztaroko eta pentsioko bere oroitzapen zaharretara herratzen zen. Aldare gainean lorez betetako ontziak gainditzen zituzten argimutil handiez oroitu zen, eta tabernakulu pilarexkadunaz. Nahi izango zukeen, garai hartan bezala, beren elizaulkietan makurturiko monjatxoen txano zurrunek han-hemenka beltzez markatzen zuten belo zuriren zerrenda luzean nahasirik kausitzea, oraindik ere; igandean, mezatan, burua altxatzen zuenean, Amabirjinaren aurpegi eztia hautematen zuen, gorantz zihoan intsentsuaren zurrunbilo urdinken artean. Orduan samurdura batek atxiki zuen: beratz sentitu zen eta zeharo abandonaturik, aldagoian biraka dabilen txori-luma baten gisa; eta ari zenaren kontzientziarik ere gabe abiatu zen elizarantz, edozein debozionetarako prest, nolanahi ere hartan bere arima murgiltzekotan eta bere existentzia osoa hartan desagertzekotan.

        Plazan, Lestiboudois topatu zuen, elizatik zetorrela; zeren, eguna ez moztearren, nahiago izaten baitzuen lana eten, eta gero berriro ekin, horrela Anjelusa bere erosotasunaren arabera jotzen zuelarik. Bestalde, txilinak, lehenago joz, dotrinarako orduaz ohartarazten zituen umeak.

        Dagoeneko batzuk, iritsiak baitziren, kanposantuko harlosen gainean puxtarritara jolasean zebiltzan. Beste batzuk, horma gainean zankaletran, beren hankei eragiten zien, itxitura txikiaren eta azkeneko hilobien artean hazten ziren asun handiak beren eskalaproinez moztuz. Berde zegoen leku bakarra zen; gainerako guztia harriak besterik ez zen, eta, sakristiako erratza gorabehera, hauts fin batez estalia beti.

        Haurrak espartinetan han ibiltzen ziren korrika beraientzat eginiko solairu batean bezala, eta beren ahotsen garrasiak entzuten ziren ezkilaren durunda artean. Han lermatu egiten zen soka lodiaren oszilazioen heinean, zeina, ezkildorrearen goietatik eroriz, puntaz lurrean narratzen baitzen. Enarak txilio txikiak botaz pasatzen ziren, beren hegadaren sorbatzez airea ebakitzen zuten, eta fite sartzen ziren beren habia horietara erlaitzeko teilapeetan. Elizaren zokoan kriseilu bat zegoen garretan, alegia argi-metxa bat ontzi dilingo batean. Haren argiak, urrunetik, narrio zurizka bat zirudien olio gainean dardaraz. Eguzki izpi batek zeharkatzen zuen elizbarne osoa eta are ilunago bihurtzen zituen behe-aldamenak eta zokoak.

        — Non da apaiza, galdetu zion madame Bovaryk, bere zulo lasaiegian ardatza astintzen jolasean ari zen mutiko bati.

        — Laster dator, erantzun zuen.

        Eta bai, presbiterioko ateak kirrinka egin zuen, Bournisien abadea agertu zen; umeek, nahas-mahas, eliza barrura ihes egin zuten.

        — Ume mukizu hauek! esan zuen marmarka elizgizonak, beti berberak!

        Eta, oztopatu berri zuen dotrina-liburu piltzartu bat jasoz:

        — Ez dute deus errespetatzen!

        Baina, madame Bovary hauteman zuen orduko:

        — Barka iezadazu, esan zuen, ez zintudan ikusten.

        Dotrina-liburua patrikan sartu zuen eta gelditu egin zen, sakristiako giltza astuna bere bi behatzen artean dilindatzen segituz.

        Bere aurpegia bete-betean jotzen zuen arratsaldeko eguzkiaren zohardurak larutu egiten zuen sotanaren landarra, ukondoetan distiratsua, azpietan listua. Bere bularrondo zabalaren gainean koipe eta tabako narrioek botoi txikien zerrendari jarraitzen zioten, eta are ugariago bilakatzen ziren anokitik urruntzearen heinean, non pausatzen baitziren bere larrazal gorriaren zimur oparoak; larrazala zipriztindurik zegoen izpil horiz, zeinak desagertu egiten baitziren bere bizar urdinkatzearraren bilo zekenetan. Afaldu berria zen eta furrundaka hartzen zuen arnasa.

        — Zer moduz zaude? erantsi zuen.

        — Gaizki, erantzun zuen Emmak; penaturik nago.

        — Horra ba! ni ere bai, zioen elizgizonak. Izan ere lehen bero hauek, harrigarriro ahultzen zaituzte, ez al da hala? Eta, zer nahi duzu ba! penatzeko jaio ginen, san Paulok zioen bezala. Eta baina, Bovary jaunak zer deritza?

        — Hark! esan zuen emakumeak mesprezu-keinu batez.

        — Zer! errepikatu zuen gizarajoak zeharo harriturik, ez al dizu ezer errezetatzen?

        — Ah! zioen Emmak, ez dira lur honetako erremedioak nik behar izango nituzkeenak.

        Baina apaizak, aldian-aldian, eliza barrura begiratzen zuen, non ume guztiak belaunikaturik sorbaldaz elkarri bultzaka ari baitziren, eta kartaxut zerrendak bezala erortzen ziren.

        — Nik jakin nahi nuke..., hasi zen Emma.

        — Itxointzak, itxointzak, Riboudet, egin zuen deiadar ahots haserrez elizgizonak, laster nauk hor hire belarri horiek berotzera, bihurri halakoa!

        Gero Emmarenganantz itzulirik:

        — Boudet obraginaren semea da; bere gurasoek aisako bizimodua dute eta bere gurari guztiak egiten uzten diote. Baina laster ikasiko luke horratio, nahi izango balu, zeren oso azkarra baita. Eta nik, batzuetan, txantxetan, Riboudet deitzen diet (Marommera joateko hartzen den aldapa bezala), eta esan ere bai: mon Riboudet. Ah! ah! Mont-Riboudet! Lehengo batean Monsignoreari kontatu nion hitz-joko hau, eta barre egin zuen... barre egitera dinatu zen. — Eta Bovary jauna, zer moduz?

        Emmak bazirudien ez zuela entzuten. Apaizak jarraitu zuen:

        — Beti ere oso lanpeturik, ez da? Zeren eskierki gu baikara parrokia honetan, bera eta ni, zereginik gehiena dugun bi pertsonak. Baina bera, gorputzen sendagilea da, erantsi zuen barre lodi batekin, eta ni berriz arimena!

        Apaizarengan finkatu zituen begi otoikorrak:

        — Bai..., esan zuen, zuk miseria guztiak arinagotzen dituzu.

        — Ah! ez iezadazu esan, madame Bovary! Gaur goizean bertan Bas-Diauvillera joan beharrean gertatu naiz, hantura zeukan behi batengatik; sorginkeria bat zela uste zuten. Haien behi guztiek, nik ez dakit nolatan... Baina, barkatu! Longuemarre eta Boudet! segi halere! ez al duzue sekulan amaitu behar!

        Eta, jauzi batean, eliza barrura oldartu zen.

        Umeak pupitre handiaren inguruan zebiltzan elkarri bultzaka, txantrearen aulki gainera igotzen ziren, misala irekitzen zuten; eta beste batzuk, otso-ibilkeran, laster konfesionario barrura ere ausartzear zebiltzan. Baina apaizak, itsumustuan, zaplaztako-zaparrada banatu zuen guztien artean. Txamarretaren lepotik hartuz, lurretik altxatzen zituen eta belauniko ipintzen zituen koruko harrolen gainean, bortizki, bertan landatu nahi izan balitu bezala.

        — Bai, esan zuen Emmaren ondora itzuli zenean, eta indianazko musuzapi zabala hedatuz, haren ertz bat hortzetan ipintzen zuelarik, nekazariak benetan urrikalgarriak dira!

        — Baita beste batzuk ere, erantzun zuen Emmak.

        — Bai horixe! hirietako langileak, esate baterako.

        — Ez dira horiek...

        — Barkatu, aizu! ezagutu izan ditut nik han ama etxekoandre gaixoak, emakume bertutetsuak, halaxe diotsut, benetako santak, eta ogia ere falta zitzaiela.

        — Baina beste haiek, hasi zen Emma (eta ezpain-hegia okertu egiten zitzaion mintzatzean), beste haiek, jauna, ogia badutenak, baina ordea...

        — Neguan surik ez dutenak, esan zuen apaizak.

        — Eh! zer axola?

        — Nola! zer axola? Nik uste dut, nik behintzat, ba epel-epel izanez gero, ongi janda..., zeren, dena den...

        — Ene Jainkoa! Ene Jainkoa! hasperenka Emmak.

        — Ondoezik aurkitzen al zara? zioen apaizak, kezkatu antzean hurbilduz; digestioa da, inolaz ere. Etxera itzuli behar duzu, Bovary andrea, te hurrupada bat edatera; horrek bizkortuko zaitu, edota baso bat ur freskoa azukrearekin.

        — Zergatik?

        Eta amets batetik esnatzen denaren itxura zeukan.

        — Eskua bekokian pasatzen ari zinen eta. Zorabioak jo zintuela uste nuen.

        Gero, harira itzulirik:

        — Baina, zerbait galdetzen ari zinen, ez? Zer zen? Jadanik ahaztu zait.

        — Nik? Ezer ez..., ezer ez..., errepikatzen zuen Emmak.

        Eta, ingurura so zerabilen begirada, geldiro jaitsi zen agure sotanadunaren gainera. Elkarri begira zeuden biak, aurrez aurre, mintzatu gabe.

        — Orduan, Bovary andrea, esan zuen azkenerako apaizak, desenkusa nazazu, baina ezer baino lehen betebeharrak, badakizu; nire bihurri hauekikoa burutu behar dut. Lehen jaunartzeak ere laster dira-ta. Beldur naiz ez ote gaituen beste behin ere ezustean harrapatuko! Beraz, Salbatore egunetik aurrera, recta edukitzen ditut asteazkenero ordubete gehiago. Haur gaixoak! inoiz ez litzateke garaizegi hauek Jaunaren bidean sartzeko, gainera, bestalde, bere Seme Jainkoaren ahoz berberak gomendatu digun bezala... Ongi izan, madame; eskumuinak zure senar jaunari.

        Eta elizan sartu zen, atetik bertatik belaun eginez.

        Eserleku zerrenda bikoitzaren artetik desagertzen ikusi zuen Emmak, ibilkera astunez, burua sorbalda gainera apur bat makurturik, bere bi eskuak kanpoan zeramatzala erdi irekiak.

        Gero bere bi orpoen gainean jiratu zen, bloke batean osorik, zutoin baten gainean estatua bat bezala, eta etxerako bidea hartu zuen. Baina apaizaren ahots lodia, umeen ahots zoliak artean bere belarrira iristen ziren eta atzetik jarraikitzen zitzaizkion:

        — Kristau al zara?

        — Bai, kristaua naiz.

        — Kristau izatea zer da?

        — Kristau izatea da, bataiatuta egonik..., bataiatuta egonik..., bataiatuta egonik.

        Bere eskilaretako mailak eskudelari atxikiz igo zituen, eta, bere gelara heltzean, besaulki batean erortzen utzi zion bere buruari.

        Leiarretako egunargi zurizka apaltzen zihoan emekiro zenbait uhindurarekin. Haltzariek beren lekutan higikaitzago bilakatuak ziruditen, eta itzalpean galtzear ozeano ilunbeltz batean antzo. Subajua itzalia zegoen, hormako erlojuak bere eraginean segitzen zuen, eta Emma nolabait ere otzanduz zihoan gauzen baretasun honetan, aldiz bere baitan hainbat asaldura izan arren. Baina, leihoaren eta jostun-mahaiaren artean, Berthe txikia han zegoen, puntuzko bere botatxoen gainean kulunkan eta bere amarengana hurbiltzen saiatuz haren mantalaren xingolak puntatik atxikitzeko.

        — Utz nazazu! esan zion amak eskuaz aldenduz.

        Neskato txikia berehala itzuli zen are hurbilago belaunen kontra; eta, hauetan besoak tinkatuz, bere amarengana altxatzen zuen begi urdin handia, bere ezpainetik mantalaren zeta gainera txistu garbizko hari bat isurtzen zitzaion bitartean.

        — Utz nazazu! errepikatu zuen emakume gazteak zeharo haserre. Haren aurpegiak izutu egin zuen haurra, eta garrasika hasi zen.

        — Eh! utz nazazu ba! esan zion emakumeak ukondoaz hastanduz.

        Berthe komodaren oinetara erori zen, kobrezko azpiertzaren kontra; hartaz masaila ebaki zuen, odola zerion. Madame Bovary hura altxatzera lehiatu zen, txilinaren kordoia puskatu zuen, bere indar guztiez neskameari dei egin zion, eta bere buruaren kontra ainduraka hastera zihoan, Charles agertu zenean. Afaltzeko ordua zen, etxera zetorren.

        — Begira, maite, esan zion Emmak ahots narez: horra gure txikia, jolasean zebilela zauritu berria da lurrean.

        Charlesek lasaitu egin zuen, kasua ez zen inolaz ere larria, eta «diachylum» bila joan zen.

        Madame Bovary ez zen salara jaitsi; bera bakarrik geratu nahi izan zuen bere haurra zaintzen. Orduan, hari lotan so, geratzen zitzaion kezka barreiatzen joan zen, eta berekiko bere burua benetan tuntuna eta onegia iruditu zitzaion arestian hain gauza gutxirengatik artegatu izanagatik. Berthe, eskierki, jada ez zen zotinka ari. Bere arnaskerak, orain, ezarian altxatzen zuen algodoizko estalkia. Malko handi batzuk geldirik zeuden, betileen artetik bi betsein beluri, hondoratu, ikusten uzten zituzten betazal erdi-itxien xokoan; esparadrapuak, masailan erantsirik, zeharka teinkatzen zuen azal atezua.

        — Gauza bitxia da, pentsatzen zuen Emmak, zeinen itsusia den haur hau!

        Charlesek, gaueko hamaiketan, botikatik itzuli zenean, (diachylumetik geratzen zitzaiona itzultzen izan baitzen, afalondoan), bere emaztea sehaskaren ondoan zutik kausitu zuen.

        — Baina ziur esan dizut ba ezer ez dela izango, esan zion bekokian musu emanez; ez ezazu zeure burua larritu, gajo horrek, bestela gaixotu egingo zara!

        Denbora luzez egona zen botikarioaren etxean. Nahiz eta oso hunkitua azaldu ez zen arren, monsieur Homais saiatu zen, horratio, Charlesi adore ematen, haren morala altxatzen. Beraz haurreria mehatxatzen duten askotariko arriskuez eta sehien zabarkeriaz solastu ziren. Madame Homaisek bazekien zertxobait hortaz, oraindik ere bular gainean baitzeuzkan, sukalde-sehi batek, aspaldi, bere brusara erortzen utzitako oporretara txingarraren markak. Eskierki gurasoek hartzen zuten arretarik franko. Labanak sekulan ez ziren zorrotzak egoten, ezta zoruak ere argizarituak. Leihoetan burdinazko sareak izaten ziren eta markoetan barra sendoak. Homaistar txikiek, beren independentzia gora-behera, ezin izaten zuten mugitu beren atzetik zaindari bat gabe; katarrorik txikienarekin, beren aitak eztul-jarabez asetzen zituen, eta lau urte baino gehiagora arte guztiek eramaten zituzten, derrigorrean, burute koltxatuak. Hori, egia da, madame Homaisen mania bat zen; bere senarra hortaz penaturik zegoen bere baitan, adimenaren organoentzat horrelako hertsakuntzaren ondorio posibleen beldur, eta menturatzen zen hari esateraino:

        — Caribeak edo Botocudoak bezala bihurtu nahi al dituzu?

        Charles, ordea, sarritan saiatu zen elkarrizketa mozten.

        — Zurekin hitz egin beharrean nago, xuxurlatu zion belarrira urgazleari, zeina bere aurrean abiatu baitzen eskilaretan.

        — Zerbaiten susmoren bat ba ote zuen? galdetzen zion Leonek bere buruari. Bihotza taupadaka zeukan eta aierutan galtzen zen.

        Azkenik Charlesek, atea itxi ondoren, eskatu zion, Ruenen ikus zezala zenbatsu izan zitezkeen dagerrotipo eder baten prezioak; bere emaztearentzat gorderik zeukan sorpresa sentimental bat zen, findadezko kortesia bat, bere erretratu bat frak beltzez. Baina aurrez jakin nahi zuen zeri atxiki; eginkizun hauek ez bide zuten monsieur Leon trabatu, zeren gutxi gora behera astero joaten baitzen hirira.

        Zein xedetan ordea? Homaisek susmatzen zuen guzti horretan gizon gazteren gorabeheraren bat, amorioren bat. Baina oker zegoen, Leon ez zebilen inolako amurusiaren atzetik. Sekulan ez bezain triste zegoen, eta madame Lefrançoisek ederki antzematen zion horri, orain bere platerean uzten zuen janari kopuruan. Hortaz gehiago jakitearren, biltzaileari itaundu zion; Binetek ihardetsi zion, berari ez ziola poliziak pagatzen.

        Bere ostatukidea, dena den, nahiko bitxia iruditzen zitzaion; zeren Leon maiz bere aulkian erraskail besoak zabalduz nolabait ere arrenkuratu egiten zen bizitzaz.

        — Ez baituzu nahiko olgetarik hartzen, zioen biltzaileak.

        — Baina zeintzuk?

        — Nik, zu bezala, tornu bat edukiko nuke!

        — Baina nik ez dakit tornatzen, erantzun zuen urgazleak.

        — Oh! egia da! zioen besteak bere matrailezurra ferekatuz, atseginarekin nahasturiko erdeinu aire batez.

        Leon unaturik zegoen emaitzarik gabe maitatzeaz; gainera sentitzen hasia zen, bizimodu berbera errepikatzeak eragiten duen ahuldura hori, inolako interesek gidatzen ez duenean eta inolako esperantzak sostengatzen ez duenean. Hain aspertua zegoen Yonvillez eta yonvilletarrez non zenbait jende, zenbait etxe ikusteak jasanezin adina sumintzen baitzuen; eta botikarioa, hain onpuska izanik ere, zeharo gogaikarri bilakatzen zitzaion. Halere egoera berri baten ikusmirak ordea, erakartzen zuen adina beldurtzen zuen.

        Engara hau laster bihurtu zen ernegazio, eta orduan Parisek astindu zuen berarentzat, han urrunean, bere dantza mozorrotuen fanfarea jostuntxoen farreekin eta guzti. Eta bere zuzenbide karrera han bukatu behar zuenez, zergatik ez zen joaten segituan? Nork eragotzi behar zion? Eta barne-prestakuntzak egiteari ekin zion; aurrez moldatu zituen bere eginkizunak. Jantzi zuen, bere buruan, apartamentu bat. Artista baten bizimodua eramango zuen han! Gitarra-lezioak hartuko zituen! Txabusina bat edukiko zuen, eta euskal-txapela, eta balusa urdinezko oskierrestak! Eta dagoeneko miresten zituen suburuan bi florete aspan, gainean buruhezur batekin eta gitarrarekin.

        Gauza zaila bere amaren baimena zen; baina ezerk ez zirudien horratio zuhurrago. Bere ugazabak berak bultzatzen zuen beste bulego bat bisitatzera, hartan gehiago aurreratu ahal izan zezan. Beraz erdibide bat hartuz, Rouenen bigarren urgazleren plazaren bat bilatu zuen, ez zuen aurkitu, eta azkenik bere amari gutun luze zehatz bat idatzi zion, non azaltzen baitzituen Parisera bizitzera berehalaxe joateko arrazoiak. Ama konforme izan zen.

        Leon ez zen presaka ibili. Hilabetean zehar egunero, Hivertek garraiatu zituen Yonvilletik Rouenera eta Rouenetik Yonvillera, haren baulak, maletak, paketeak; eta Leon, bere arropa guztiak bidali ondoren, bere hiru besaulkiak berritu arazi, fular-hornidura bat erosi, hitz batean esateko, munduaren biran bidaia egiteko baino xedapen gehiago hartu ondoren, astetik astera luzatzen joan zen, harik eta bere amaren bigarren gutuna hartu zuen arte, non joateko presa ematen baitzitzaion, oporrak baino lehen bere examina pasatu nahi zuenez.

        Besarkaden momentua heldu zenean, madame Homaisek negar egin zuen; Justin zotinka zegoen; Homaisek, gizon gogor gisa, bere hunkidura estali egin zuen; berak eraman nahi zuen bere lagunaren longaina notarioaren atariraino, zeinak baitzeraman bere landoan Leon Rouenera. Azken honek ozta-ozta zuen Bovary jaunari agur esateko astia.

        Eskilara-burura heldu zenean, gelditu egin zen, hain zegoen egon ere hatsanturik. Bera sartzean, madame Bovary biziro altxatu zen.

        — Berriz ere ni naiz! esan zuen Leonek.

        — Ziur nengoen!

        Emmak ezpainak ausiki zituen, eta odol olde bat igaro zitzaion larrazalaren pean, zeina erabat arroxaz koloratu baitzitzaion, ileen zainetatik hasi eta goletaren ertzeraino. Zutik segitzen zuen, horma oholtzatuaren kontra sorbaldaz tinkaturik.

        — Beraz, Monsieur ez da hemen? hasi zen gizona.

        — Kanpoan da.

        Emmak errepikatu zuen:

        — Kanpoan da.

        Orduan isilune bat izan zen. Elkarri so egin zioten; eta beren pentsamenduak, larridura berean balditurik, estu hertsatzen ziren, bi bular pilpiratsuren gisa.

        — Berthe besarkatu nain nuke, esan zuen Leonek.

        Emmak zenbait maila jaitsi zituen eta Feliciteri dei egin zion. Leonek azkar bota zuen bere ingurura begirada zabal bat, zeina hedatu baitzen hormetara, apaletara, tximiniara, dena barneratzearren bezala, dena eramatearren bezala.

        Baina Emma itzuli zen, eta neskameak Berthe ekarri zuen, hari baten puntan haizerrota bat buruz behera astintzen zuela. Leonek behin eta berriz musukatu zuen lepoan.

        — Agur, gaixoa! agur, txikitxo maitea, agur!

        Eta berriro amari utzi zion.

        — Eraman ezazu, esan zuen honek.

        Bakarrik geratu ziren.

        Madame Bovaryk, bizkarra jiratuta, aurpegia leiar baten kontra pausaturik zeukan; Leonek bere boneta eskuan zeukan eta hartaz emekiro taupadaka ari zen bere izterraren gainean.

        — Euria dator, esan zuen Emmak.

        — Txabusina badut, erantzun zuen gizonak.

        — Ah!

        Emma jiratu zen, kokotsa apal eta bekokia aurrera. Argia hartan marmol batean bezala labaintzen zen bekainen bihurguneraino, jakin ezin zelarik Emmak zeri begiratzen zion ortzimugan, ezta zer pentsatzen zuen ere bere barne-zolan.

        — Beno ba, agur! hasperendu zuen Leonek.

        Mugimendu zakar batez altxatu zuen burua:

        — Bai, agur... Joan zaitez!

        Elkarrengana aurreratu ziren: gizonak eskua luzatu zion, Emmak zalantza izan zuen.

        — Ingeles eran beraz, esan zuen emakumeak, bere eskua abandonatuz, eta barre egiten ahaleginduz.

        Leonek bere behatzen artean sentitu zuen, eta bere izate osoaren substantzia bera ahur hezatu hartara jaisten ari zela iruditzen zitzaion.

        Gero eskua ireki zuen; bien begiek topo egin zuten berriro ere eta desagertu zen gizona.

        Merkatu-enparantzara heltzean, gelditu egin zen, eta pilare baten atzean ezkutatu zen, etxe zuri hura bere lau leihosare berdeekin azkeneko aldiz betestearren. Leihoaren atzean, gelan, errainu bat ikusi uste izan zuen; baina errezelak, inork ukitu gabe bezala gakotik jalgirik, geldiro higitu zituen bere zehar-tolesdura luzeak, zeinak jauzi bakar batean guztiak hedatu baitziren, eta zuzen geratu zen, igeltsuzko horma bat baino mugikaitzago. Leon korrika hasi zen.

        Urrundik hauteman zuen, errepidean, bere nagusiaren landoa, eta alboan gizon bat mantalarekin, zaldiari eusten. Homais eta monsieur Guillaumin elkarrekin hizketan ari ziren. Haren zain zeuden.

        — Besarka nazazu, esan zuen botikarioak, malkoak begietan. Tori zure longaina, nire lagunzahar hori, kontuz gero hotzarekin! Zaindu zeure burua! Erne ibili!

        — Ea, Leon, landora! esan zuen notarioak.

        Homais lohibabesaren gainera makurtu zen eta, zotin artean etenkaturiko ahotsez, bi hitz triste hauei utzi zien erortzen:

        — Ongi joan!

        — Gabon, erantzun zuen Guillaumin jaunak. Jaregin dena!

        Abiatu ziren, eta Homais itzuli egin zen.

        Madame Bovaryk irekia zuen jardin aldeko leihoa, eta hodeietara begira zegoen.

        Mendebaldean pilatzen ari ziren, Rouen aldetik, eta fite kiribiltzen zituzten beren mataza beltzak, zeintzuen atzetik garaitzen baitziren eguzkiaren marra handiak, trofeo dilingo baten urrezko geziak bezala, zeru hutsaren gainerakoak portzelana baten zuritasuna zeukan bitartean. Baina haize bolada batek makur arazi zituen zumarzuriak, eta Bat-batean euria hasi zuen; hosto berdeen gainean zirtakatzen zuen. Gero berriro eguzkia azaldu zen, oiloek kantatu zuten, etxetxoriek sasi bustien artean astintzen zituzten hegoak, eta hondar gaineko ur istilek zeramatzaten jarioan akazia baten lore arroxak.

        — Ah! bai urruti izango dela honez gero! pentsatzen zuen Emmak.

        Monsieur Homais, ohi bezala, sei t'erdietan etorri zen, afal garaian.

        — Beno! esan zuen eseriz, bidean jarri dugu beraz gure gizon gaztea?

        — Hala dirudi! erantzun zuen medikuak.

        Gero, bere aulkian jiratuz:

        — Eta zer berri zuenean?

        — Gauza handirik ez. Nire emaztea bakarrik, gaur arratsaldean apur bat hunkiturik egon dela. Badakizu, emakumeak, edozein huskeriak larritzen ditu! nirea batez ere! Eta horren kontra asaldatzea oker legoke, zeren eta beren nerbio-apailamendua askoz malgukorragoa baita gurea baino.

        — Leon gizajoa! zioen Charlesek, nola bizi behar du Parisen!... Ohituko ote da hartara?

        Bovary andreak hasperen egin zuen.

        — Ez ba! esan zuen botikarioak mihiaz klaskatuz, poxin goxoenak jatetxean! mozorro dantzak! txanpaina! Hori guztia barra-barra, ziur da hori!

        — Ez dut uste burugalduko denik, argudiatu zuen Bovaryk.

        — Ezta nik ere! ihardetsi zuen biziro monsieur Homaisek, nahiz eta besteei jarraitu beharrean gertatuko den arren, jesuitatzat ez pasatzekotan behintzat. Eta zuk ez dakizu zer bizimodu daramaten alproja horiek, Quartier Latinean, aktoresekin! Gainontzean, begi onez begiratzen zaie estudianteei Parisen. Xarmarako trebezia apur bat bederen baldin badute, lagunarterik hoberenetan onartzen dituzte. Eta bada Faubourg Saint-Germaingo damarik ere haietaz maitemintzen denik, eta horrek, ondorioz, ezkontza oso ederrak egiteko aukera ematen die.

        — Baina, esan zuen medikuak, beldur naiz ez ote zaion... han...

        — Arrazoi duzu, moztu zuen botikarioak, horixe da dominaren ifertzina! Beti ere eskua sakelaren gainean ipinita eduki beharrean zaude. Esateko, jardin publiko batean zaude, jo dezagun; norbait aurkezten da, itxurosoa, kondekorazio eta guzti nahi bada, diplomatikotzat hartuko zenukeen bat; hizketan hasten zaizu: solas egiten duzue; intsinuatu egiten zaizu, surrauskada bat eskaintzen dizu edo zure kapelua jasotzen dizu. Lotura gero eta estuagoa da; kafetetxera eramaten zaitu, landako etxera etortzera gonbidatzen zaitu, bi ardoren artean molde orotako ezagupideak egitera eragiten zaitu, eta, denboraren hiru laurdenetan, ez da zure poltsa ebasteko edo ibilera kaltegarritara errestatzeko bestetarako.

        — Egia da, erantzun zuen Charlesek; baina ni batez ere gaitzez ari nintzen pentsatzen, esate baterako, probintziako estudianteak erasotzen dituen sukarrustelaz.

        Emmak zirgit egin zuen.

        — Erregimenaren aldakuntza dela medio, jarraitu zuen botikarioak, eta horretatik ekonomia orokorrerako erakartzen den nahasmenduarengatik. Eta gero, Pariseko ura, bistan da! jatetxeetako jatenak, janari saltsabizitsu horiek guztiek azkenerako odola berotzen dizute eta, esan ahala esan, eltzeko baten aldean ez dute fitsik balio. Nik neuk, betidanik nahiago izan dut herrietako sukalkia; osasungarriagoa da! Noski, Rouenen farmazia ikasten ari nintzenean, ostatu batean hartu nuen ostatu; irakasleekin egiten nituen otorduak.

        Eta horretan jarraitu zion bere iritzi orokorrak eta bere jite pertsonalak adierazteari, harik eta Justin bere bila etorri zen arte prestatu beharra zegoen gorringo-esne batengatik.

        — Ezta atseden alditxo bat ere! oihukatu zuen, beti lanari loturik! Minutu batez ere ezin naiz irten! Beti ere odola eta ura izerditzen aritu behar, labore-zamari bat bezala! Han penamena!

        Gero, atera heldu zenean:

        — Hain zuzen, esan zuen, jakin al duzue berria?

        — Zer berri?

        — Agi denez oso posible da, hasi zen berriro Homais bekainak altxatuz eta aurpegirik seriosena ipiniz, Behe-Seineko nekazarien biltzarrak aurten Yonville-L'Abbayen ospatuko direla. Zurrumurrua behintzat badabil. Gaur goizean, egunkariak ere zertxobait ukitzen zuen. Biziki garrantzi handikoa litzateke, gure eskualde-barrutirako! Baina gero mintzatuko gara horretaz. Ikusten dut, eskerrik asko; Justinek badu argimutila.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia