—V—

 

        Otsaileko igande batez izan zen, elurra ari zuen arratsalde batean.

        Guztiak joanak ziren, Monsieur eta Madame Bovary, Homais eta Monsieur Leon, Yonvilletik legoa erdi batera, haranean barrena, jartzen ari ziren lino-irundegi bat ikustera. Botikarioak berarekin eraman zituen Napoleon eta Athalie, ibilaraztera behartzearren, eta Justinek laguntzen zien aterkiak bizkarrean eramanez.

        Halere ez zegoen ezer horratio hain ikusgarri-ezagorik ikuskari hura baino. Lurralde zabal huts batek, non aurkitzen baitziren nahas-mahas, hondar eta harri piloren artean, engranaia-gurpil batzuk jadanik herdoildurik, leiho txiki ugariz zulaturiko eraikin koadrangular luze bat inguratzen zuen. Eraikitzen bukatu gabea zegoen eta teilatuko kapirioen artetik zerua ikusten zen. Gailurraren ostikoari loturik, galburuz tartekaturiko lasto-xorta batek haizetan klaska arazten zituen hiru-koloretako bere xingolak.

        Homais mintzatzen ari zen. Lagunarteari azaltzen zion eraikuntza honen etorkizuneko garrantzia, begira jotzen zituen zoruen indarra, hormen lodiera, eta biziki deitoratzen zuen makila metriko bat ez edukitzea, monsieur Binetek bere erabilpen partikularrerako zeukana bezalakoa.

        Emma, hari besoa emanik, pixka bat haren sorbaldan sostengatzen zen, eta eguzkiaren diskoari begiratzen zion urrunean irradiatzen, gandu artean, bere larutasun liluragarria; baina burua jiratu zuen: Charles han zegoen. Bere txanoa bekainetaraino sarturik zeukan, eta bere bi ezpain lodiek dardara egiten zuten, horrek bere aurpegiari nolabaiteko tentelkeria eransten ziolarik; bere bizkarra ere, bizkar patxaratsu hura, amorragarria zen ikusteko, eta emakumeak han hautematen zuen lebita gainean hedaturik pertsonaiaren ergeltasun osoa.

        Senarrari so zegoen bitartean, horrela bere amorruan boluptuositate gaizto molde bat dastatuz, Leon pauso bat aurreratu zen. Zuhailtzen zuen hotzak haren aurpegian ahidura eztiagoa pausatzen zuela zirudien; bere korbataren eta idunaren artean, bere alkandoraren lepoak, lasa xamar, larrazala agerian uzten zuen; belarriaren mutur bat ilexerlo baten azpitik irteten zen, eta bere begi urdin handia, hodeietarantz altxatua, zerua isladatzen den mendi arteko laku horiek baino gardenagoa eta ederragoa iruditu zitzaion Emmari.

        — Zorigaitzekoa! egin zuen Bat-batean botikarioak garrasi.

        Eta korrika joan zen bere semearengana, zeina kare pila batean orduantxe sartua baitzen bere oinetakoak zuriz pintatzearren. Zapatzen zuten erriten aurrez aurre, Napoleonek marruka ekin zion, Justinek lastazogi batez oinetakoak garbitzen zizkion bitartean. Baina labaina bat beharko zukeen; Charlesek berea eskaini zuen.

        — Ah! emazteak berekiko, labaina bat eramaten du patrikan, laborari baten antzo!

        Izotza ari zuen, eta Yonvillerantz itzuli ziren.

        Madame Bovary, arratsean, ez zen joan auzokoen etxera, eta, Charles abiatu ondoren, bakarrik sentitu zenean, paraleloa berriro hasi zen ia une bertako sentipen baten gardentasunaz eta oroimenak objektuei ematen dien urruntasunezko ikusmira horrekin. Bere ohetik garretan zegoen su argiari begira, artean ere ikusten zuen, han bezalaxe, Leon zutik, esku batez bere eskumakila malgu-araziz eta beste eskutik Athalie zuela, lasai-lasai koil puska bat xurgatzen. Xarmangarria kausitzen zuen; ezin zuen bere burua hartatik apartatu; beste egun batzuetako haren beste jarrera batzuez oroitu zen, hark esandako esaldiez, haren ahotsaren doinuaz, pertsona osoaz; eta errepikatzen zuen, ezpainak musu baterako bezala aurreratuz:

        — Bai, xarmangarria! xarmangarria!... Ez ote du norbait maite? galdetu zuen berekiko. Nor ordea?... baina neu!

        Froga guztiak batera azaldu ziren, bere bihotzak jauzi egin zion. Subajuko garrak erlantz alaia dardara-arazten zuen sabaian; bizkar gainera jiratu zen besoak luzatuz.

        Orduan hasi zen betiko auhendura: «Oh! baldin zeruak hala nahi izan balu! Eta zergatik ez da hala izan? Nork eragotziko luke beraz?...».

        Charles, gauerdian, etxeratu zenean, esnatze itxura egin zuen Emmak, eta, hark eranzten zarata atera zuenez, burukominaz arrenkuratu zen; gero inpentsan bezala galdetu zuen ea zer pasatu zen tertulian.

        — Monsieur Leon, esan zuen senarrak, goiz erretiratu da. Emmak ezin izan zuen irribarrea gorde, eta loak hartu zuen, lilura berri batez beterik arima.

        Biharamunean, ilunabarrean, sieur Lheureux moda-saltzailearen bisita izan zuen. Gizon pijoa zen gure merkataria.

        Jaiotzez gaskoina, baina normandiar bilakatua, bere hegoaldetarraren hizjarioa cauxtarraren zuhurtziaz bikoizten zuen. Bere aurpegi gizen, belaxka eta bizargabeak regaliz argiren egoskinez tindatua zirudien, eta bere ile zuriak are biziagoa bihurtzen zuen bere begi beltz txikien dizdizera zorrotza. Inork ez zekien lehenago zer izana zen: bizkarkari zioten batzuk, Routoten bankari, beste zenbaitek zioenez. Ziur dena da, egiten zituela alegia, buruz, Binet bera ere izutzeko moduko kalkulu korapilotsuak. Gizabidetsua adeikortasuneraino, gerria erdi makurturik egoten zen beti, agurtzen edo gonbidatzen ari den norbaiten jarreran.

        Krespoi batez apainduriko bere kapela atean laga ondoren, kartoizko kaxa berde bat ipini zuen mahaiaren gainean eta Madameri arrenkuratzen hasi zitzaion, biziki gizabidetsu, egun hartara arte bere konfidantza lortu gabe geratu izanagatik. Berea bezalako denda kaxkarra ez zegoen egina pertsona dotore bat erakartzeko; hitza bapikaz esan zuen. Baina ez zeukan ordea eskatu besterik, eta bera arduratuko zen nahi zukeen oroz hornitzen, nahiz mertzeri nahiz arropa zuri, boneteria edo modakotan; zeren erregularki hilean lau aldiz joaten baitzen hirira. Etxerik nagusienekin harremanean zegoen. Berari buruz hitz egin zitekeen Trois Frères, Barbe d'or edo Grand Sauvage-en; jaun horiek guztiek beren patrikak bezalaxe ezagutzen zuten! Gaur, beraz, aukera bitxienetariko bati esker eskuartean edukitzea kausitu zitzaion zenbait jenero, Madameri bidenabar erakustera zetorren. Eta kaxatik dozena erdi bat lepo brodatu atera zituen.

        Madame Bovaryk aztertu zituen.

        — Ez dut ezeren beharrik, esan zuen.

        Orduan Lheureux jaunak emekiro azaldu zituen hiru exarpe algeriar, orratz inglesez pakete zenbait, lastozko txinela pare bat eta, azkenik, kokozko lau arraultzontzi presidiariek trintxaz zizelatuak. Gero, bi eskuak mahai gainean, lepoa teinkaturik, gerria makurturik, jarraikitzen zitzaion, ahozabalik, merkantzi hauen artean erabaki ezinik harat-honat zebilen Emmaren begiradari. Aldian-aldian, hautsa astintzeko bezala, beren luzera osoan zabalduriko exarpeen zeta gainean azkazal-kolpe bat ematen zuen; hauek zirgit egiten zuten azantzaxka batekin, beren ehuneko urre-printzei pindarrak eraginez, izar txikiak bailiren, arrastiriko argi berdaskatan.

        — Zenbat kostatzen dira?

        — Huskeri bat, erantzun zuen, huskeri bat; baina ez dago presarik; zeuk nahi duzunean; gu ez gara judutarrak!

        Emmak hausnartu zuen unetxo batzuez, eta Lheureux jaunari berriro ere eskerrak emanez bukatu zuen, honek artegatu gabe erantzun zuelarik:

        — Ederki! beste batean konponduko gara; ni damekin beti moldatu izan naiz, nirearekin izan ezik behintzat! Emmak irribarre egin zuen.

        — Zuri esateagatik zen, berriro gizonak aire jatorrez bere ateraldiaren ondoren, alegia dirua ez dela ni kezkatzen nauena... Neuk emango nizuke, behar izanez gero.

        Emmak harridura-keinu bat egin zuen.

        — Ah! esan zuen gizonak bizkorki eta ahopean, ez dut urruti joan beharrik izango zuretzat aurkitzeko; seguru izan!

        Eta Tellier zaharraren, alegia Café Français-ko nagusiaren berri galdezka hasi zen, garai hartan Monsieur Bovaryk zaintzen baitzuen.

        — Zer ote du ba, gure Tellier zaharrak?... Eztul egitean etxe osoa astintzen du, eta beldur naiz ez ote duen, oso laster, franelazko atorra ez hain pinuzko maripulisa behar izango! Gazte denboran hainbeste barbuileri egina da izan ere! Jende horiek, madame, ez zeukaten inolako ganorarik! Pattarrez kiskalita geratu zen! Baina, dena den, tamalgarria da ezagun bat joaten ikustea.

        Eta, kartoizko kaxa ixten zuen bitartean, horrela ari zen medikuaren bezeriari buruz.

        — Eguraldia da, dudarik gabe, zioen leiarrei bekozkodun begiratuz, gaitzaldi hauen eragilea! Neu ere, ez naiz nire onean sentitzen; egun hauetariko batean etorri beharrean izango naiz «Monsieur»ri kontsultatzera, bizkarrean dudan oinaze batengatik. Ea ba, beste bat arte, Bovary andrea; zure peskizan geratzen natzaizu, zerbitzari txit umil hau!

        Eta atea itxi zuen emekiro.

        Emmak bere afaria gelan zerbitza arazi zuen, supazterrean, bandeja batean; luze egin zuen jaten; ona iruditu zitzaion dena.

        — Bai zuhurra izan naizela! zioen bere baitan exarpeak gogoratuz.

        Eskilaretan pauso-hotsa entzun zuen: Leon zen, Zutitu zen eta, komoda gainetik, azpiltzeko zapien artetik, pilako lehenengoa hartu zuen. Mutila azaldu zenean zeharo lanpetua zirudien.

        Elkarrizketa ahula izan zen, madame Bovaryk minutuero abandonatzen zuen, bitartean gizona bera ere oso urduri modutsu geratzen zela. Aulki txiki batean eserita, tximiniaren ondoan, bere behatzen artean bolizko estutxea jira arazten zuen; emakumeak jostorratzari eragiten zion, edo, aldian behin, bere azkazalaz oihalaren azpildurak tolesten zituen. Emmak ez zuen hitz egiten; mutila isilik, haren isiltasunak liluraturik, haren hitzek liluratuko zuketen bezalaxe.

        — Mutil gizajoa! pentsatzen zuen Emmak.

        — Zertan gogaikatzen ote dut? galdetzen zion mutilak bere buruari.

        Leonek halere, azkenerako esan zuen, egun haietako batean Rouena joan beharrean zegoela, bere lantokiko arazo batengatik.

        — Musikako zure abonamendua bukatu da, berritu egin behar al dut?

        — Ez, erantzun zuen emakumeak.

        — Zergatik?

        — Zeren...

        Eta, ezpainak estutuz, hari grisezko albainu luze bat teinkatu zuen astiro.

        Lanbide horrek enkoniatu egiten zuen Leon. Emmaren behatzek puntatik larrutzear ziruditen; esaldi lausengakor bat bururatu zitzaion, baina ez zen esatera arriskatu.

        — Beraz utzi egin behar al duzu? berriro mutilak.

        — Zer? esan zuen biziro: musika? Ah! bai horixe! Ez al daukat nire etxea begiratu beharra, nire senarra zaindu beharra, eta beste mila gauza, hori hain lehenagoko beste hamaikatxo eginkizun!

        Hormako erlojura begiratu zuen. Charles berandu zebilen. Orduan Emmak kezkatuarena egin zuen. Bi edo hiru aldiz errepikatu zuen:

        — Hain ona da!

        Urgazleak txera zion Bovary jaunari. Baina harekiko maitasarre honek era gozagaitzean txunditu zuen; halere ordea haren laudorioa egiten segitu zuen Leonek, eta bestalde, edonori egiten entzuten ziona, zioen berak, eta batez ere botikarioari.

        — Ah! Gizon zintzoa da, berriro Emmak.

        — Halaxe da, urgazleak.

        Eta mutila madame Homais-ri buruz hitz egiten hasi zen, haren pildaire oso zabarrak barrea eragin ohi baitzien gehienetan.

        — Eta zer axola du horrek? moztu zuen Emmak. Familiako ama on bat ez da kezkatzen bere apainduriaz.

        Eta berriro bere isiltasunera lerratu zen.

        Horixe bera izan zen hurrengo egunetan; bere hizkerak, bere jarduerak, dena aldatu zen. Etxeko lanak gogoz hartzen zituela ikusi zen, elizara itzuli zela erregularki eta bere neskamea gogorrago hartzen zuela.

        Berthe inudearengandik atera zuen. Felicitek eramaten zuen bisitariak etortzen zirenean, eta madame Bovaryk erantzi egiten zuen haren lohadarrak erakusteko. Haurrak adoratzen zituela aldarrikatzen zuen; hura zen bere kontsolamendua, bere bozkarioa, bere eromena, eta bere balakuak expantsio lirikoz laguntzen zituen, zeinek, Yonvilletarrez besteri, Notre-Dame de Parisko Sachette gogoraraziko baitzieketen.

        Charles etxeratzen zenean, bere oskierrestak errautsen ondoan aurkitzen zituen berotzen. Orain bere gerrontzeak ez ziren forradura faltan izaten, ezta alkandorak ere botoi faltan, eta eskierki atsegin zen hautematea arasan artilezko txano guztiak pila berdinetan jasorik. Jada ez zen ernegatzen, garai batean bezala, jardinean joan-etorrian ibiltzeagatik; senarrak proposatzen zuena beti onartzen zen, nahiz eta emakumeak ez sumatu zein borondateri menperatzen zitzaion txintik ere gabe; — eta Leonek supazterrean ikusten zuenean, afalondoan, bi eskuak sabel gainean, bi oinak suburdinen gainean, masaila liseriketarengatik gorritua, begiak atseginez bustirik, tapizaren gainean errestan zebilen haurrarekin, eta, besalkiaren bizkarraren gainetik, bekokian musu ematera zetorkion emakume gerri-segail hura:

        — Hau eromena! zioen berekiko, eta bereganaino nola heldu?

        Beraz hain bertutetsua eta hurbilgaitza iruditu zitzaion, non esperantza orok, baita ahulenak ere, abandonatu baitzuen.

        Baina, ukamendu hau medio, aparteko kondiziotan jartzen zuen dama. Emma, mutilarentzat, haragizko kualitateez gabetu egin zen, hauetarik ez bide baitzuen ezer lortu; eta, haren bihotzean, gora eta gora joan zen hegaztatzen den apoteosi baten era bikainean gailentzen. Sentimendu garbia zen, bizitzaren jarduketa eragozten ez duten horietakoa, bitxiak direlako lantzen diren horietakoa, eta zeinaren galerak, edukitza atsegin den baino are gehiago dolutuko baitzukeen.

        Emma argaldu egin zen, bere masailak zurbildu, bere aurpegia luzatu. Bere adats beltz, bere begi handi, bere sudur zuzen, bere txori-ibilkerarekin, eta beti isilik orain, ez al zirudien ba bere bizialdia doi-doi ukituz iragaiten ari zela, eta bere bekokian gorengo predestinazio baten aztarrena zeramala? Hain triste eta hain nare zegoen, aldi berean hain ezti eta hain eleurri, non bere alboan xarma izoztu batek harrapaturik sentitzen baitzinen, elizetan marmolen hotzarekin nahasturiko lore-usainaren pean zirraratzen den bezala. Besteak ere ez ziren libratzen liluramendu honetatik. Botikarioak esaten zuen:

        — Baliabide handitako emakumea da eta suprefektura batean ez litzateke lekuz kanpo kausituko.

        Burgesek haren ekonomia miresten zuten, bezeroek haren adeitasuna, pobreek haren karitatea.

        Baina bera grinaz betea zegoen, amorruz, gorrotoz. Tolesdura zuzendun soineko hark bihotz aztoratua ezkutatzen zuen, eta bere ezpain hain ahalketsuek ez zuten kontatzen bertako ekaitza. Leonez maitemindurik zegoen, eta bakardadea bilatzen zuen, haren irudipenean aisekiago atsegin hartu ahal izatearren. Haren pertsona ikusteak asaldatu egiten zuen gogoeta honen gurikeria. Emmak pilpira egiten zuen haren oin-hotsetara: gero, haren aitzinean, pirpira erori egiten zen, eta ondoren ez zitzaion geratzen tristuratan bukatzen zen harridura eskerga bat besterik.

        Leonek ez zekien, haren etxetik etsipenak jota irteten zenean, dama bere ondoren altxatzen zela, kalean ikustearren. Haren joan-etorriez kezkatzen zen; haren aurpegia zelatatzen zuen; istorio bat osoa asmatu zuen haren gela bisitatzeko aitzakia bat aurkitzearren. Botikarioaren emaztea zori onekoa iruditzen zitzaion teilatupe berean lo egiteagatik; eta bere pentsamenduak etengabe etxe hartara habailatzen ziren, beren hanka arroxak eta beren hego txuriak hantxe, zorrotenetan, bustitzera zetozen Lion d'or-eko usoak bezala. Baina Emma bere maitasunaz zenbat eta gehiago ohartu, are gehiago erreprimitzen zuen, nabari ez zedin, eta txikiagotzearren. Leonek hori sumatzea nahi izango zukeen; eta hori erraztuko zuketen halabeharrak eta hondamendiak imajinatzen zituen. Eusten ziona, dudarik gabe, nagikeria zen edo izularria, eta ahalkea ere bai. Pentsatzen zuen, urrunegi hastandu zuela, jada beranduegi zela, dena galdua zela. Gero, berekiko «Ni bertutetsua naiz» esatearen harrotasunak eta ispiluan bere buruari etsipen-jarrerak hartuz begiratzearen pozak, apur bat kontsolatzen zuen berak egin uste zuen sakrifiziotik.

        Orduan, haragiaren gogoak, diruaren gutiziak eta irritsaren malenkoniak, oro nahastatzen zen sufrikario bat beratan; — eta bere pentsamendua hartatik apartatu ordez, are gehiago atxikitzen zitzaion hari, oinaze hartan kitzikatuz eta edonon horretarako abagune bila. Gaizki zerbitzaturiko plater batengatik edo erdi irekitako atezirriztu batengatik ernegatu egiten zen, arrenkuratu egiten zen ez zeukan balusaz, falta zitzaion atseginaz, bere amets gorenegiez, bere etxe estuegiaz.

        Sumintzen zuena zen, Charlesek ez zuela bere sufrikarioaren susmo-itxurarik ere. Bera zoriontsu egiteaz hark zeukan uste osoa, laido mentsa iruditzen zitzaion, eta horri buruzko haren segurantzia, eskergaiztoa. Norengatik zen ba bera zuhur? Ez al zen ba, hura bera, zorion orotarako oztopoa, zorigaitz ororen sorburua, eta alde guztietatik hertsatzen zuen ugel korapilatsu baten errebolet-ziri zorrotza bezala?

        Beraz, haren bera-bakarraren gain irauli zuen bere atsekabeetatik sortzen zen gorroto oparoa, eta murrizteko ahalegin bakoitzak ez zuen balio izaten ugaltzeko baino; zeren alferrikako neke hau beste etsipen-arrazoiei gaineratzen baitzitzaien eta are gehiago bultzatzen zuen elkarren arteko aldentze hau. Bere eztitasunak berak, asaldazioak eragiten zizkion. Bere etxeko kaxkarkeriak luxuzko fantasiatara bultzatzen zuen, ezkon-laztantasunak nahikunde adulterotara. Charlesek jo zezan nahi izango zukeen, justukiago arbuiatu ahal izateko, mendeku hartu ahal izateko. Batzuetan harritu egiten zen pentsamendura heltzen zitzaizkion aieru ankerrez; eta segitu beharra al zegoen irribarre egiten, bere baitako errepikan zoriontsu zela entzuten, hala izatearen itxura egiten, senarrari hala sinesten uzten?

        Baina, hipokresia honen higuinaldiak bazituen horratio. Tentazioak ere edukitzen zituen Leonekin ihes egiteko, norabait, oso urruti, etorkizun berri batean saiatzera; baina berehala irekitzen zen bere ariman leize lainotsu bat, ilunpez betea.

        — Gainera, jadanik ez nau maite, pentsatzen zuen; zer etorkizun? zer laguntza espero, zein kontsolamendu, zein arindura?

        Xehaturik geratzen zen, hatsanka, geldo, isilean zotinka eta malkoak zerizkiola.

        Zergatik ez diozu esaten nagusiari? galdetzen zion neskameak krisialdi hauetakoetan sartzen zenean.

        — Nerbioak dira, erantzuten zuen Emmak; ez iezaiozu ezer esan, nahigabetu egingo zenuke.

        — Ah! bai, berriro Felicitek, zu ere Guerine bezalakoxea zara, Guerin zaharraren alaba, zuenera etorri aurrez Dieppen ezagutu nuen Polletko arrantzariarena. Hain triste, hain triste egoten zen, non, bere etxeko atarian zutik ikusita, ate aurrean zabalduriko hileta-oihal baten zarrasta eragiten baitzizun. Haren gaitza, dirudienez, buruan zeukan halakoxe laino baten antzeko zerbait zen, eta medikuek ezin zuten ezer, ezta apaizak ere. Horrek bortitzegi jotzen zuenean, itsas ertzera joaten zen bera bakarrik, eta eskierki aduanako tenienteak, bere jira egiterakoan, sarritan aurkitzen omen zuen ahozpez etzanik eta negarrez harrikarian. Gero, ezkondu ondoren, pasatu egin zaio, diotenez.

        — Baina, niri, ihardesten zuen Emmak, hain zuzen ezkondu ondoren jazo zait hau.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia