—IV—

 

        Lehen hotzak hasi orduko, Emmak bere gela utzi egin zuen salan bizitzeko, sabai bajudun gela luzea hau, non, suburuaren gainean, marmukarri trinko bat baitzegoen ispiluaren kontra ipinita. Bere besaulkian eserita, leihoaren ondoan, herriko jendea espaloian barrena iragaiten ikusten zuen.

        Leon, egunean bi aldiz, bere bulegotik Lion d'Or-era joaten zen; Emmak, urrunetik, etortzen aditzen zuen; makurtu egiten zen entzuten; eta mutil gaztea errezelaren bestaldetik lerratzen zen, beti era berdinean jantzirik eta burua jiratu gabe. Baina, ilunabarrean, kokotsa ezkerreko eskuan, hasitako tapizeria belaunen gainean abandonatua zuenean, sarritan ikara eragiten zion Bat-batean lerratzen zen errainu horren agerpenak. Altxatu egiten zen eta mahaia presta zezaten agintzen zuen.

        Monsieur Homais afal-garaian heltzen zen. Boneta greziarra eskuan, urrats isilez sartzen zen inor ez kexarazteko eta beti ere esaldi berbera errepikatuz: «Gabon lagunok!». Gero, bere lekuan jarria zenean, mahaiaren kontra, senar-emazte bien erdian, medikuari bere gaixoen berri galdetzen zion, eta honek ordainsariren posibilitateaz kontsultatzen zuen. Ondoren, egunkarian zekarrenaz mintzatzen ziren. Homaisek, ordurako, ia buruz jakiten zuen; eta oso-osorik aditzera ematen zion, kazetariaren gogarteak eta Frantzian nahiz atzerrian gertaturiko hondamendi indibidualen historiak eta guzti. Baina, gaia agortzen zenez, ez zitzaion luze joaten ikusten zituen janariez ohartarazpen batzuk botatzeko. Batzuetan, erdi zutiturik, Madameri seinalatu ere egiten zion adeitsuki puskarik samurrena, edo, neskamearengana itzulirik, zenbait aholku ematen zion haragi-saltsak moldatzeko eta gozagarrien higienerako; zoragarri hitz egiten zuen lurrinez, usaigurinez, zukuez eta jelatinaz. Bestalde, burua errezetaz bere botika ontziz baino beteago, Homais biziki trebea zen askotariko gozokiak, ozpinak eta likore goxoak egiten, eta halaber ezagutzen zituen berogailu ekonomikotan aurrerapen berri guztiak, eta gaztak kontserbatzeko eta ardo gaixotuak zaintzeko artea ere bai.

        Zortzietan, Justin etortzen zen haren bila botika ixteko. Orduan Homais jaunak begi isekariz so egiten zion, batez ere Felicite bertan aurkitzen bazen, ohartua baitzen bere ikasleak zaletasuna zuela medikuaren etxerako.

        — Nire morroskoa, zioen, zenbait burutazio edukitzen hasia da, eta nik uste, deabruak eraman nazala, zuen neskameaz maitemindurik dabilela!

        Baina akats larriago bat, eta aurpegiratzen ziona, beti elkarrizketak entzuten aritzea zen. Igandeetan, esate baterako, ez zegoen modurik irten arazteko salatik, nora Homais andreak deitzen baitzion besaulkietan lokartzen ziren haurrak hartzeko, haien kaliko-azalak, lasaiegiak, bizkarrez teinkatuz.

        Ez zen jende asko etortzen botikarioaren tertuli hauetara, bere marmarreriak eta bere iritzi politikoek aldenduak baitzituzten beregandik bata bestearen ondoren askotariko pertsona errespetagarriak. Urgazleak ez zuen han izatetik huts egiten. Txilina entzuten zuen orduko, laster joaten zen madame Bovaryren aurrerik, haren txala hartzen zuen, eta aparte jasotzen zituen, botikako mahaiaren azpian, elurra zegoenean damak oinetakoen gainetik eraman ohi zituen mendelezko oski-erresta lodiak.

        Lehenik hogeita hamaikara jokatzen zituzten partida batzuk; ondoren Homais jaunak «ecarte»ra jokatzen zuen Emmarekin; Leonek, damaren atzean, bere iritziak ematen zizkion. Zutik eta eskuak haren aulkiaren bizkar gainean, haren mototsa hozkatzen zuten orraziaren hortzak begiratzen zituen. Kartak botatzeko egiten zuen mugimendu bakoitzean, soinekoa eskubiko aldetik igo egiten zen. Bere adats bildutik, kolore beltzarana jaisten zen bere sorbalda gainera, eta, gero eta zurahilago, poliki-poliki itzalean galtzen zen. Bere jantzia, segidan, bi aldeetara erortzen zen aulki gainera, harro-harro, tolesduraz beterik, eta lurreraino hedatzen zen. Leonek, aldian behin, bere botaren zorua haren gainean pausatzen sentitzen zuenean, alderatu egiten zen norbait hankapean harrapatu balu bezala.

        Kartetako saioa bukatzen zenean, botikarioak eta medikuak dominora jokatzen zuten, eta Emmak, lekuz aldatuz, ukondoak mahai gainean tinkatzen zituen L'Illustration gainetik begiratzeko. Bere moda-aldizkaria ekarria zuen. Leon alboan jartzen zitzaion; biek elkarrekin begiratzen zituzten grabatuak eta elkarri itxoiten zioten orri-bukaeran. Sarritan, olerkiak errezita ziezazkion eskatzen zion otoi emakumeak; ahots lerrakorrez deklamatzen zizkion Leonek, eta artezki hasperenduz maitasunezko pasarteetan. Baina dominoen zaratak gaitzitzen zuen Emma; Homais jauna oso trebea zen joko honetan, eta seiko bikoitzez bete-betean irabazten zion Charlesi. Gero, hiru ehunekoak bukaturik, suaren aurrean luze esertzen ziren biak eta berehala loak hartzen zituen. Sua hautsetan iraungitzen zen, te-ontzia hutsik zegoen; Leon artean irakurtzen ari zen, Emma hari entzuten, ezarian jira araziz lanpararen pantaila, non pintaturik baitzeuden gazoihalean pierrot batzuk kotxe barruan eta soka-dantzarisa batzuk beren zabuekin. Leon gelditu egiten zen, keinu batez bere entzulego lokartua seinalatuz; orduan ahots isilez hitz egiten zioten elkarri, eta are eztiagoa iruditzen zitzaien izaten zuten elkarrizketa beste inork entzuten ez zuelako.

        Horrela finkatu zen beren artean halako elkarte molde bat, liburu eta erromantzeren trukaketa etengabe bat; monsieur Bovary, oso jeloskorra ez izaki, ez zen hartaz harritzen.

        Bere eguna zela eta buru frenologiko eder bat jaso zuen Charlesek, bular alderaino zenbakiz erabat josia eta urdin pintatua. Urgazlearen adeitasun bat zen. Beste gehiago ere izaten zituen, Rouendik haren mandatuak egiteraino ere; eta nobelista baten liburuak landare mamitsuetarako apeta modan jarria zuenez, Leonek Madamentzako erosten zituen, eta bere belaunen gainean ekartzen, Hirondelle-n, haien arantza gogorrez behatzak zulatuz.

        Bere leihoaren kontra oholtxo bat ipinarazi zuen baranda gisa bere loreontziei eusteko. Urgazleak ere bazuen bere jardintxo dilingoa; bakoitza bere leihoan loreak zaintzen hautematen zuten elkar.

        Herriko leihoen artean bazegoen beste bat are sarriagotan okupatua: zeren, igandeetan goizetik hasi eta gauera arte, eta arratsaldero, baldin eguraldi argia bazen, ganbara bateko argizuloan ikusten baitzen monsieur Bineten perfil argala bere tornuaren gainean makurturik, zeinaren karranka monotonoa Lion d'or-etik ere aditzen baitzen.

        Arrats batez, etxeratzean, Leonek bere gelan balusa eta artilezko tapiz bat aurkitu zuen, hondo zuri baten gainean hostoekin. Madame Homaisri deitu zion, eta monsieur Homaisri, Justini, haurrei, sukaldariari; bere ugazabari ere hartaz mintzatu zitzaion; mundu guztiak ezagutu nahi izan zuen tapiz hura; zergatik zituen medikuaren emazteak urgazlearekiko halako eskuzabaltasunak? Gauza bitxia iruditu zitzaien, eta azken finean pentsatu zuten, haren lagun kuttuna izan behar zuela.

        Leonek hala ematen zuen sinestera, izan ere etengabe ari baitzitzaizun haren xarmaz eta haren gogamenaz mintzatzen, hainbeste non Binetek halako batean biziki zakar erantzun baitzion:

        — Eta zer axola zait ba niri, haren lagunartekoa ez naiz-ta!

        Bere burua torturatzen zuen, hari bere deklarazioa egiteko moduaren bila; eta, hark atsegin ez izateko beldurraren eta bera hain koldar izateaz lotsaren artean beti ere zalantzan, negar egiten zuen etsipenez eta desiraz. Gero delibero kaliputsuak hartzen zituen; gutunak idazten zituen eta urratu egiten zituen, gero gibelatzen zituen geroko-geroka luzamendutan ibiltzen zen. Maiz abiatzen zen orotara ausartzeko asmoz; baina deliberamendu honek laster abandonatzen zuen Emmaren begibistan, eta Charlesek, etorri eta bere «boc»-era igotzera gonbidatzen zuenean, inguruetan gaixo batzuk ikustera elkarrekin joateko, berak berehala onartzen zuen, Madame agurtzen zuen eta joaten zen. Senarra, ez al zen ba haren gauza bat?

        Emmari dagokionez, ez zion bere buruari galdetu ere hura maite ote zuen jakiteko. Maitasunak, berak hala uste, Bat-batean heldu behar zuen, distira eta leinuru handirekin, — zeruetako aldagoia, bizitzaren gainera erortzen dena, iharrosten duena, borondateak hostoak bailiren erauzten dituena eta bihotz osoa leizera daramana. Berak ez zekien, etxeetako terraza gainetan, euriak lakuak egiten dituela zorrotenak itsu daudenean, eta hala iraungo zukeen bere segurantzan, eta baina hartan, horman arraildura bat aurkitu zuen supituan.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia