—III—

 

        Biharamunean, esnatzean, urgazlea hauteman zuen plazan. Bera gela-jantzitan zegoen. Mutilak burua altxatu eta agurtu egin zuen. Emmak presakako gur bat egin eta berriro leihoa itxi zuen.

        Leon zain egon zen egun osoan zehar arratsaldeko seiak noiz iritsiko: baina, ostatura sartzean, Monsieur Binet besterik ez zuen aurkitu mahairaturik.

        Bezperako afari hura berarentzat gertaera garrantzitsua zen; anarteraino inoiz ez zuen solas egin bi orduz segidan dama batekin. Nolaz adierazi ahal izan zituen, beraz, eta halako hizkera-moldez, aurrez hain ongi ezin esan izango zituzkeen gauza haiek guztiak? Azturaz herabe zen, eta aldi berean ahalketik eta itxura egitetik parte duen zuhurtzia hori gordetzen zuen. Yonvillen kausitzen zuten, behar den bezalako gizalegea zuela. Pertsona helduen arrazonamenduak entzuten zituen eta ez zirudien bat ere buruberoa politikan, gauza ohargarria gazte baten baitan. Gainera zenbait dohain ere bazeukan, akuarelaz pintatzen zuen, sol klabea irakurtzen bazekien, eta atsegin zuen afalondoan literatura lantzea, kartetan jokatzen ez zuenean. Homais jaunak aintzakotzat hartzen zuen bere eskolarengatik; Homais andreak txera zion bere atsegintasunarengatik, zeren sarritan eramaten baitzituen jardinera Homais txikiak, ume beti zikinak, gaizki heziak eta apur bat linfatikoak, beren ama bezala. Haiek zaintzeko, neskameaz aparte, Justin zeukaten, farmazia-ikaslea, Homais jaunaren lehengusu txikia, etxean karitatez hartua, eta aldi berean sehi gisa baliagarri zitzaiena.

        Botikarioa auzokiderik hoberenaren gisa portatu zen. Bovary andreari hornitzaileei buruzko argibideak eman zizkion, berari sagardoa ekartzen ziona espresuki etorrarazi zuen, berak dastatu zuen edaria, eta bera arduratu zen sotoan upela ongi ezar zezaten; berak erakutsi zuen halaber zein eratan moldatu behar zen gurin-hornidura oso merke lortzeko, eta Lestiboudois sakristauarekin trama egin zuen, hura baitzen, bere eliza eta hileta eginkizunez gain, Yonvilleko jardinik nagusienak zaintzen zituena, orduka nahiz urteko hainbesteko batean, pertsona bakoitzaren gustuaren arabera.

        Besteez arazotzeko beharrak bakarrik ez zuen bultzatzen botikarioa hainbesteko adeitasun eskuzabalera, bazegoen han hondoan egitamu bat.

        XI. urteko Haizetsuaren 19.ko legea, 1. artikulua, hautsi zuen, zeinak debekatzen baitio diplomarik ez daukan indibiduo orori medikuntza egikaritzea; hartan beraz, salakuntza ilunbetsuren batzuen ondorioz, Homaisek Rouenen aurkez zedin manamendua jaso zuen, erregeren prokuradorearen aurrera, bere kabinete partikularrean. Magistratuak zutik hartu zuen, togaz jantzirik, katazuri larrua lepoan eta boneta buruan. Goizez izan zen, bista baino lehen. Korridorean entzuten ziren jendarmeen bota gogorrak iragaiten, eta hersten ziren sarraila handiren urruneko zarata bezala. Odolkolpe batez erortzera zihoala uste izateko eran burrundatu zioten belarriek botikarioari; ziega zokoak sumatu zituen, bere familia negarrez, farmazia saldua, ontzi guztiak barreiaturik; eta kafetegi batean sartzera beharturik gertatu zen ron baso bat Seltz urarekin hartzera, bere onera itzuli ahal izateko.

        Poliki-poliki, ohartarazpen haren oroipena ahuldu egin zen, eta segitu egin zuen, garai haietan bezala, bere botika-atzean bere kontsulta txastarrak ematen. Baina alkateak begitea zion, bere ofiziokideak bekaizti zeuden, edozeren beldur izan behar. Kortesien bidez Bovary jauna atxikitzea, bere eskerrona irabaztea zen eta egunen batean hitz egin zezan eragoztea, baldin eta zerbaitetaz ohartzen bazen. Halaber, egunero, Homaisek egunkaria eramaten zion, eta sarritan, arratsaldean, momentu batez farmazia uzten zuen sendagile ofzialarengana joateko hitzaspertu bat egitera.

        Charles triste zegoen: bezeroak ez ziren etortzen. Ordu luzez egoten zen eserita, hitz egin gabe, bere kabinetera joaten zen lotara, edo bere emazteari josten begira egoten zen. Lekoratzeko, bere etxean enplegatu zen peontzan, eta saiatu ere egin zen ganbara pintatzen pintatzaileek utzia zuten margo hondar batekin. Baina diru arazoek kezkatzen zuten. Gastatu ere hainbeste zuen gastatu Tostesen konponketarako, emaztearen apainduratarako eta etxez aldatzeko, non ezkontsari guztia, hiru mila eskutu baino gehiago, xahutua baitzen bi urtetan. Gainera, Tostesetik Yonvillerako garraioan zenbait gauza hondatu edo galdu zen, igeltsuzko apaiza kontatu gabe, zeina, balantzara zakarregi batean gurditik erorira, mila puskatan txikitu baitzen Quincampoixko hatzolaren kontra!

        Beste kezka larriago bat etorri zitzaion lekoratzeko, bere emaztearen haurdunaldia alegia. Bukaera hurbiltzen ari zen eran, berak are laztankiago maite zuen. Beste haragi-lotura bat zen ezartzen ari zena, eta elkarganatze konplexuago baten sentimendu etengabea bezala. Haren ibilkera nagia eta gerrontzerik gabeko haren aldaken gainean gerria emeki jiratzen ikusten zuenean; biak elkarrekin, aurrez aurre, gozatsuki kontenplatzen zuenean eta emazteak, eserita, bere besalkian jarrera unatuak hartzen zituenean, orduan bere zorionari ezin zion barnean eutsi; altxatzen zen, besarkatzen zuen, eskuak aurpegian pasatzen zizkion, amatxo deitzen zion, dantza eginarazi nahi izaten zion, eta, erdi barrez erdi negarrez, gogora zetozkion molde orotako bitxikeria txeratsuak jalgitzen zizkion. Haur bat sortarazi izanaren ideiak atsegin ematen zion. Ezer ez zitzaion jadanik falta. Giza-existentzia bere zabalera osoan ezagutzen zuen, eta bi ukondoak tinkatuz mahairatzen zen patxadaz.

        Emmak, hasieran, harridura handia sentitu zuen, gero lehenbailehen erditzeko gogoa izan zuen, ama izate hori zer ote zen jakitearren. Baina, berak nahi zituen gastuak egiterik ez zeukanez, alegia txanel antzeko sehaska bat zeta arrosazko errezelekin eta txano brodatuak edukitzea, sein-atuari uko egin zion, samintasun eraso batean, eta herriko jostun bati enkargatu zion dena batera, ezer hautatu eta eztabaidatu gabe. Ez zen beraz laketu amaren samurtasuna guratzen den prestakuntza hauetan, eta hortaz agian, sorreratik bertatik, bere txera apur batez apaldurik geratu zen.

        Halere, Charlesek, otordu guztietan, umeaz hitz egiten zuenez, laster bera ere hartaz sarriago amesten hasi zen.

        Emmak semea nahi zuen; sendoa eta beltzarana izango zen, eta Georges deituko zion; eta haur arra edukitzearen ideia hau, iraganeko bere ahalezin guztien ordain-esperantza molde bat zen. Gizon bat, gutxienik ere, libre da; grinetan eta herrialdeetan barrena ibil daiteke, oztopoak zeharka ditzake, urruneneko gozamenak hozka ditzake. Baina emakume bati etengabe eragotzi egiten zaio. Aldi berean geldo eta malgu, bere kontra ditu haragiaren guritasunak legearen menpekotasunarekin batera. Bere borondateak, gerpa batez lotutako bere ginbailaren beloak bezala, haize orotara pilpiratzen du, beti dago erakartzen duen gurariren bat, beti eusten dion eratasunen bat.

        Igande batez erditu zen, seiak aldera, eguzkia irtetearekin batera.

        — Neska da! esan zuen Charlesek.

        Emmak burua jiratu zuen eta zorabiatu egin zen.

        Ia segituan, madame Homais bereganatu zen eta besarkatu egin zuen, halaber Lion d'or ostatuko Lefrançois andreak. Botikarioak, gizon zogia izaki, behin-behineko zorion-agur batzuk bakarrik zuzendu zizkion, erdi-irekitako atetik. Haurra ikusi nahi izan zuen eta ongi osatua kausitu zuen.

        Erditu ondoko denboran, asko saiatu zen bere alabarentzako izen baten bila. Lehenik bukaera italiarra zuten guztiak pasatu zituen banan-bana, esateko Clara, Louisa, Amanda, Atala; berak atsegin zuen Galsuinde, are gehiago Yseult edo Leocadie. Charlesek haurra bere ama bezala deitzea nain zuen; Emma horren aurka zegoen. Egutegia aldenik alde jorratu zuten, eta kanpokoei iritzia eskatu zieten.

        — Monsieur Leon, zioen botikarioak, lehengo batean berarekin solasean ari nintzela, harritu egiten zen zuek Madeleine ez hautatzeaz, gaur egun sobera modan dagoenez.

        Bovary amak ongi ozenki heiagoratu zuen pekatari-izen horri buruz. Monsieur Homaisek, bere aldetik, begiko zituen gizon handiren bat, gertaera ospetsuren bat edo gogamen bikain bat oroitarazten zuten guztiak eta sistema horren arabera bataiatuak zituen bere lau haurrak. Hala, Napoleonek ospea irudikatzen zuen eta Franklinek askatasuna; Irma, agian, erromantizismoari amore ematea izan zen; baina Athalie antzerki frantseseko obra-nagusirik hilezkorrenari omenaldia. Zeren bere konbentzimendu filosofikoek ez zituzten eragozten bere mirespen artistikoak; beregan, pentsatzaileak ez zuen inola ere itotzen gizon sentikorra; berak bazekien diferentziak ezartzen, irudimenaren arloa eta fanatismoarena aldebanatzen. Tragedia honetatik, adibidez, ideiak gaitzesten zituen, baina estiloa miresten zuen; gogamoldea madarikatzen zuen, baina zertzelada guztiak txalotzen zituen, eta pertsonaien kontra haserretzen zen, beraien diskurtsoaren alde suhartuz. Pasarte handiak irakurtzen zituenean, liluratu egiten zen; baina pentsatzen zuenean, ponteigelek hartatik beren kaparrerako abantaila ateratzen zutela, etsipenak jotzen zuen, eta, bere burua trabatzen zen sentimendu-korapilo honetan, aldi berean nahi izango zukeen bere bi eskuez Racine koroatu ahal izatea eta berarekin ordu laurden luze batez eztabaidatzea.

        Azkenik, Emmari gogoratu zitzaion Vaubyessardko gazteluan entzun zuela markesa neskagazte bati Berthe deitzen; orduantxe bertan hautatua geratu zen izen hori, eta, Rouault zaharrak etortzerik ez zeukanez, Homais jaunari erregutu zioten aitabitxi izan zedin. Opari gisa, guztiak bere dendako produktuak eman zituen, alegia: sei kaxa kereisanza, rakahut poto bat osoa, hiru lurrontzi malbazuri-orez, eta, gainera, apal batean atzeman zituen azukre gardenezko sei makila. Bataioko arratsean, afari handi bat izan zen; apaiza han aurkitzen zen; berotu egin ziren. Monsieur Homaisek, likoreetako tenorean, Le Dieux des bonnes gens kantatu zuen, Monsieur Leonek barkarola bat abestu zuen, eta madame Bovary amak, amabitxia baitzen, Inperioaren garaietako erromantze bat; azkenik, monsieur Bovary zaharrak, haurra jaitsi zezaten galdatu zuen, eta goitik buru gainera isurtzen zion txanpain-kopa batekin hura bataiatzeari ekin zion. Sakramentuetarik lehenaren iseka honek Bournisien abadea asaldatu egin zuen; Bovary zaharrak La Guerre des dieux-ko aipamen batez erantzun zion, apaizak joan egin nahi izan zuen: damak otoika ari zitzaizkion; Homais artean sartu zen, eta lortu zen elizgizona berriro eseri araztea, eta honek berriro lasai eraso zion, bere plater txikian, erdi edandako kikara-erdi kafeari.

        Monsieur Bovary aita artean beste hilabete batez geratu zen Yonvillen, non, goizetan plazan bere pipa erretzeko eraman ohi zuen zilarrezko galartzudun polizia-txapel hanpurutsu bat medio, bertako biztanleak liluratu baitzituen. Halaber pattarra ugari edateko ohitura zeukanez, sarritan bidaltzen zuen neskamea Lion d'orera beretzako botila bat erostera, hau bere semearen kontuan apuntatzen zutelarik; eta bere lepokoak lurrintzen, bere errainaren Kolonia-ur hornidura osoa bukatu zuen.

        Errainak ez zuen inola ere higuin haren lagungoan. Munduan zehar ibilia zen: Berlinez, Vienaz, Strasburgoz hitz egiten zuen, bere ofizial garaiez, izan zituen amoranteez, egin zituen bazkari handiez, gero txeratsu azaltzen zen, eta batzuetan, eskilaretan nahiz jardinean, gerritik heltzen ere zion ozenki esanez:

        — Charles, argi ibili!

        Horretan Bovary ama bere semearen zorionarengatik larritu zen, eta, bere senarrak, luzarora, emakume gaztearen ideien gain eragin inmorala izango ote zuen beldurrez, presa izan zuen abioa aurreratzen. Agian kezka seriosagorik ere bazuen. Bovary jauna ezer errespetatuko ez zuen gizona zen.

        Egun batez, Emmari Bat-batean beharra sortu zitzaion bere alabatxoa ikusteko, zeina zurginaren emaztearen baitan inudetua baitzegoen, eta, Amabirjinaren sei asteek oraindik irauten ote zuten egutegian begiratu gabe, han abiatu zen herriaren azken muturrean, aldaparen behealdean, errepidearen eta belazeen artean aurkitzen zen Rolleten etxerantz.

        Eguerdia zen; etxeek leihatilak itxirik zeuzkaten, eta zeru urdineko argi latzaren pean distiratzen zuten arbelezko teilatuek, beren gailur-ertzetan pindarrak zirtakatzen zituztela zirudien. Haize afoina zebilen. Emma oinez ibiltzean ahul sentitzen zen; espaloiko harkazkarrek min ematen zioten; bere etxera itzuli ala nonbait esertzera sartu zalantzan egon zen.

        Une horretan, Monsieur Leon irten zen auzoko ate batetik, galtzarbean paper-xorta bat zuela. Agurtzera etorri zitzaion eta itzalean jarri zen Lheureuxen dendaren aurrean, irekita zegoen kaparraren pean.

        Madame Bovaryk esan zuen, bere haurra ikustera zihoala, baina unatzen hasia zela.

        — Baldin..., hasi zen Leon, jarraitzen ausartzeke.

        — Zereginik bai al duzu nonbait? galdetu zion emakumeak.

        Eta, urgazlearen erantzuna bide, laguntzeko eskatu zion. Arratsean bertan, Yonvillen bazuten horren berri, eta Tuvache andreak, alkatearen emazteak, bere neskamearen aurrean esan zuen madame Bovary konprometatzen ari zela.

        Inudearen etxera iristeko, kalearen buruan ezkerretara jo behar zen, kanposantura heltzeko bezala, eta, etxetxiki eta larrain batzuen artean, xuandorrez hegiztaturik zegoen bidetxior bati jarraitu. Hauek loretan zeuden, aretxarteak ere bai, eta basarrosak, asunak eta sasi artetik altxatzen ziren lar aisitak ere. Laparresien hutsunetik hautematen ziren, txaboletan, zerri batzuk gorozpila gainean, edo behi muturrekodunak, beren adarrak zuhaitz-enborren kontra igurtziz. Biak, elkarren alboan, poliki zihoazen, emakumea gizonaren arrimuan sostengatuz, eta gizona bere pausoak zainduz harenekin neurtzen zituela; beren aitzinean euli multzo bat zihoan hegabiraka, aire berotan burrundan.

        Gerizpetzen zuen intxaurrondo zahar batengatik ezagutu zuten etxea. Apala eta teila arrez estalia, kanpoaldean, ganbarako argizuloaren azpian, tipula-korda bat zeukan dilingo. Zarbazta batzuk, elorrizko hesiaren kontra zutik, inguratzen zituzten letxu sail bat, izpiliku oin batzuk eta lore-ilarrak arbatan gora. Ur zikina jarioan zihoan belar artean zabalduz, eta inguru guztian pilda nahasi asko zeuden, puntuzko galtzerdiak, indiana gorrizko atorra bat eta oihal lodizko izara handi bat laparresi gainean luzetara hedaturik. Atekaren zaratara, inudea agertu zen, titia hartzen ari zen haur bat besoan zuela. Beste eskutik tiraka ume gaixo mengel bat zekarten, aurpegia gingilez betea, Rouengo bonetagile baten semea, zeina bere gurasoek, beren negozioan lanpetuegiak, landetxean uzten baitzuten.

        — Aurrera, esan zuen emakumeak; zure txikia hemen dago lotan.

        Gelak, eskaratzean, etxeko etzangu bakarra, errezel gabeko ohe zabal bat zeukan hondoan, hormaren kontra, eta oremahaiak hartzen zuen berriz leihoaren aldea, non leiar bat konpondurik baitzegoen paper urdinezko eguzki batez. Txokoan, ate atzean, iltze distirantedun bortzegiak harraskaren azpian jasorik zeuden, lepoan luma bat zeraman botila olioz betetako baten aldamenean; Mathieu Laensberg bat zegoen botata hautsez betetako suburuaren gainean, eskupeta-harriren, kandela muturren eta ardagai zatiren artean. Bukatzeko, etxebizitza hartako azken soberakina Ospe bat zen turuta batzuetan puzka, lurrin-prospekturen batetik moztutako irudia eskierki, eta sei hauspoiltzez hormari iltzatua.

        Emmaren haurra lotan zegoen lurrean, zumitzezko sehaska batean. Bilduta zegoen estalki eta guzti hartu zuen eta eztiki kantatzen hasi zen kulunkatuz.

        Leon harat-honat zebilen gelan; bitxia iruditzen zitzaion dama eder hura nankinezko jantzitan ikustea miseria guzti haren artean. Bovary andrea gorri bilakatu zen; gizona bestaldera jiratu zen, bere begiek agian nolabaiteko mutirikeria izan ote zuten ustetan. Gero Emmak, idunekoaren gainera oka egin berria zuen haurtxoa berriro etzan egin zuen. Inudea berehala etorri zen garbitzera, nabarituko ez zela baieztatuz.

        — Sarritan egiten dit horixe bera, eta etengabe garbitu eta garbitu ari naiz! Beraz mesede egingo bazenit eta Camus dendariari agindu, behar dudanean xaboi pixka bat hartzen utz diezadan? eta gainera zuretzat ere erosoago litzateke, ez baitzintuzket molestatuko.

        — Ongi da! Ongi da! esan zuen Emmak. Hurrengora arte, Rollet andrea!

        Eta irten egin zen, atalazean oinak garbituz.

        Emakume gajoak larraineko bururaino lagundu zion, gauez jaikitzea zeinen nekoso zitzaion kontatzen zion bitartean.

        — Batzuetan hain nago leher egina non nire aulkian loak hartzen bainau; gutxienez ere ehiotako kafe libratxo bat behintzat eman beharko zenidake zeren hilabete iraungo lidake eta goizetan hartuko nuke esnearekin.

        Haren eskerronak nozitu ondoren, madame Bovary joan egin zen; eta bidetxiorrean jadanik aurreratu xamar zihoala, eskalaproi-hots bat medio burua jiratu zuen: inudea zen.

        — Zer da?

        Orduan laborarisa, tiraka haltz baten atzera aparte eramanez, bere senarraz hitz egiten hasi zitzaion, zeinak, bere lanbidearekin eta urtean sei libera kapitainak...

        — Buka ezazu azkarrago, esan zion Emmak.

        — Ba, begira, ekin zion berriro inudeak hitz bakoitzeko hasperen bat botaz, beldur naiz ez ote duen tristurak joko ni neu bakarrik kafea hartzen ikustean; badakizu, gizonak...

        — Izango duzula ba, errepikatzen zuen Emmak, emango dizut!... Aspertu egiten nauzu!

        — Horra ba! dama maite gaixoa, izan ere bere zaurien ondorioz, izugarrizko karranpak ditu bularrean. Esan ere egiten du eta sagardoak ahuldu egiten duela.

        — Baina esan ezazu behingoz, Roller andrea!

        — Beraz, berriz ere inudeak kilimusi bat eginez, baldin eta gehiegi eskatzea ez balitz..., berriro ere gur egin zuen, — zeuk nahi duzunean, — eta bere begirada erreguka ari zen, — pegartxo bat pattar, esan zuen azkenean, eta haztaz igurtziko nizkioke oinak zure txikiari, mihia bezain beratxak baitauzka.

        Inudearengandik libraturik, Emmak berriro monsieur Leonen besoa hartu zuen. Denbora batez bizkor ibili zen; gero mantsoago, eta, aitzinean pasiatzen zerabilen bere begiradak, gizon gaztearen sorbalda topatu zuen, zeinaren longainak balusa beltzezko lepoa baitzeukan. Bere ile gaztainkerak gainera erortzen ziren, zapal eta ongi orrazturik. Haren azkazalak erreparatu zituen, Yonvillen eraman ohi zituztena baino luzeagoak. Urgazlearen zeregin handietariko bat zen haiek zaintzea eta, horretarako, labaina oso berezi bat zeukan bere idazmahaian gordeta.

        Ur-ertzari jarraiki itzuli ziren Yonvillera. Urtaro beroan, ibai-bazter zabalagoak beren oinarrietaraino agerian uzten zituen baratzeetako hormak, zeinak maila banaka batzuetako eskilarak baitzeuzkaten ibairaino. Han azantzik gabe zihoan, laster eta hotz bistarentzako; bertako belar handi meheak batera makurtzen ziren, bultzatzen zituen korrontearen arabera, eta abandonaturiko adats berderen antzo hedatzen ziren beren araztasunean. Aldian behin, ihien puntan edo igebelarren hostoetan, intsektu hanka-finen bat ibiltzen zen edo pausatzen zen. Elkarren jarraian lehertuz zihoazen uhinetako bonboilo txiki urdinak inar batez zeharkatzen zituen eguzkiak; sahats zahar kimatuek uretako islaran behatzen zuten bere azal grisa; harago, inguru guztian, belazeak hutsik zirudien. Otordu garaia zen landetxeetan, eta emakume gazteak eta bere lagunak ibilian ez zuten besterik entzuten bideko lur gainean beren urratsen kadentzia, elkarri esaten zizkioten hitzak, eta bere inguru osoan firfira zegien Emmaren soinekoaren fereka baino.

        Baratzeetako hormak, botila-puskazko beren txapel eta guzti, bero zeuden negutegi bateko leiarrak bezalaxe. Arriluetan zerbak erneta zeuden, eta, bere guardasol irekiaren ertzez, madame Bovaryk, pasatzean, hauts horitan jalgi arazten zuen haien lore zimelduetarik apur bat, edota kanpoaldera zintzilik zegoen ahuntzostoren eta aihenzuriren adarren bat zeta gainean errestatzen zen une batez, litsei atxikiz.

        Rouengo antzokian laster espero zuten dantzari-talde espainiar batez ari ziren hitz egiten.

        — Joango zara? galdetu zuen emakumeak.

        — Ahal badut, erantzun zuen gizonak.

        Ez al zeukaten elkarri esateko beste ezer? Beren begiak ordea solas askoz ere seriosago batez beterik zeuden; eta, esaldi arrunten bila saiatzen ziren bitartean, halakoxe ahuldura bat berbera sentitzen zuten biak menderatzen; arimaren surmur bat bezala zen, sakona, etengabea, ahotsenari gaina hartzen ziona. Samurtasun berri honetan harridurak ustekabean harrapaturik, ez zitzaien burutik pasatzen sentipen hori elkarri kontatzerik edo horren arrazoia aurkitzerik. Etorkizuneko zorionek, tropikoetako ur-hegiek bezala, aurretik duten neurtezinekoaren gain proiektatzen dituzte beren sorburu-samurdurak, haizexka lurrintsu bat, eta hordidura horretan lokartzen zara, hautematen ez den ikusmugaz arduratu ere egin gabe.

        Lurra, gune batean, hondoraturik aurkitzen zen animalien iragaitea medio. Lohietan tartekaturiko harri handi berdeetan oin hartuz ibili behar izan zuten. Sarritan, emakumea une batez gelditu egiten zen bere oskia non ipini begira, — eta, higitzen zen harriaren gainean zabuka, ukondoak airean, gerria makurturik, begirada kordokan, irri egiten zuen, putzu zuloetara erortzeko beldurrez.

        Bere jardinaren aurrera iritsi zirenean, madame Bovaryk ateka bultzatu zuen, mailak lasterka igo eta desagertu zen.

        Leon bere bulegora itzuli zen. Ugazaba kanpoan zen; txostenei gainbegirada bat bota zien, gero luma bat pikatu zuen, hartu zuen azkenik bere kapelua eta joan egin zen.

        Eta Belaze aldera joan zen, Argueilko aldaparen gainera, basorako sarreran; lurrean etzan zen pinupean, eta bere behatzen artetik zerura begiratu zuen.

        — Nola aspertzen naizen! zioen berekiko, nola aspertzen naizen!

        Urrikalgarri kausitzen zuen bere burua herri hartan bizi izateagatik, Homais lagun zuela eta Guillaumin jauna nagusi. Azken honek, negozioz zeharo lanpeturik, urrezko uztaidun betaurrekoekin eta papilote gorriak korbata zuriaren gainean, ez zuen ezer ulertzen izpirituaren findadeez, nahiz hasierako garaietan urgazlea liluratu zuten planta buruxut eta ingeles moldekoak egin izan zituen arren. Botikarioaren andreari dagokionez, Normandiako emazterik hoberena zen, bildots bat bezain goxoa, bere haurren, bere aitaren, bere amaren, bere ahaideen maitatia, inoren gaitzarendako negartia, etxeko arazoetan oro amore emailea, eta kortseen arbuiatzailea; — baina hain geldoa mugitzeko, hain aspergarria entzuteko, itxura hain arruntekoa eta elkarrizketa hain mugatukoa, non urgazleari inoiz ez baitzitzaion bururatu, nahiz eta hark hogeita hamar urte izan, nahiz eta berak hogei izan, nahiz eta elkarren alboko gelatan oheratu, eta hari egunero hitz egiten zion arren, hura inorentzat emakume bat izan zitekeenik, ezta hark bere sexukotik soinekoa besterik eduki zezakeenik.

        Eta ondoren, zer zegoen? Binet, merkatari batzuk, bizpahiru tabernari, apaiza, eta azkenik monsieur Tuvache, alkatea, bere bi semeekin, jende diruduna, zakarra, kamutsa, beren lurrak beraiek landuz, familian orritsak eginez, elizakoiak gainera, eta lagunartean zeharo jasanezinak.

        Baina, giza aurpegi guzti hauen funts arruntaren gainetik Emmaren betartea nabarmentzen zen isolatua eta halere urrunagoa; zeren haren eta bere artean leize uherrak bezala sentitzen baitzituen.

        Hasieran, sarritan etorri izan zen Emmaren etxera botikarioarekin batera. Charlesek ez zirudien oso gogatsu hura bere etxean errezibitzeko; eta Leonek ez zekien nola ekin, indiskretu izateko beldurraren eta ia ezinezkotzat ematen zuen kutuntasun baten nahikundearen artean.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia