—II—

 

        Emma jaitsi zen lehenengo, eta ondoren Felicite, monsieur Lheureux, inude bat, eta Charles bere txokoan iratzarri beharra izan zen, gaua heldu orduko hantxe lo seko geratua baitzen.

        Homais azaldu zen, bere kortesia eskaini zion Madameri eta adeitsuki agurtu zuen Monsieur, haiei zerbitzurik eskaini ahal izanaz xarmaturik zegoela esan zuen, eta bere burua gonbidatzeko atrebentzia izan zuela erantsi zuen txeratsuki, gainera bere emaztea kanpora joana baitzen.

        Madame Bovary sukalderatu zenean, sutondora hurbildu zen. Bere bi behatzen puntaz bere soinekoa belaunen gainetik atxiki eta, horrela orkatiletaraino altxaturik, botin beltzez jantzitako bere oina garretarantz luzatu zuen jiraka erretzen ari zen arkume-izterraren gainetik. Suak bete-betean argitzen zuen, bere soinekoaren bilbea, bere larrazal zuriko txularme berdinak, baita tarteka ñirñirkatzen zituen bere betazalak ere argi gordinez gardenduz. Erdirekitako atetik zetorren haizearen ufakoaren arabera kolore gorri zabala hedatzen zitzaion gainera.

        Suaz beste aldetik, gizon gazte ilehori bat begira ari zitzaion isil-isilik.

        Yonvillen, nonbait zen Guillaumin notarioaren urgazle, asper-asper egiten zenez, monsieur Leon Dupuis-k (bera zen Lion D'or-eko maizeneko bezeroetarik bigarrena) bere otordu garaia atzeratu egiten zuen, arratsa solasean iragaiteko aukerako bidaiariren bat ostatura helduko ote zen zain. Bere lanbidea burutu eta besterik zer egin asmatu ezinik, punttu-punttuko orduan iritsi beharrean gertatzen zen zenbait egunez, eta zoparekin ekin eta harik eta gaztarekin bukatu arte Bineten hizjario-erasoa jasan behar izaten zuen. Pozik onartu zuen, beraz, ostalersaren proposamena helduberriekin batera afaltzeko, eta jangela handira pasatu ziren, non madame Lefrançoisek, arrandiz, presta arazia baitzuen lau kubiertoz mahaia.

        Homaisek bere txapel greziarra erantzi gabe segitzeko baimena eskatu zuen, mukieriaren beldurrez.

        Gero, bere alboko damarengana itzuli eta:

        — Madame, eskierki unatu xamar zara. Izugarriak baitira izan ere gure Hirondelle horren barruan hartzen diren astinduak!

        — Egia da hori, erantzun zuen Emmak, baina zalapartak dibertitu egiten nau beti; lekuz aldatzea atsegin dut.

        — Hain da aspergarria izan ere, hasperendu zuen urgazleak, beti leku batera bertara iltzaturik egon beharra.

        — Ni bezala bazeunde, esan zuen Charlesek, etengabe zaldiz ibiltzera beharturik...

        — Baina, jarraitu zuen Leonek madame Bovaryrengana zuzenduz, atseginagorik ez dago, nire ustez; ahal denean behintzat, erantsi zuen.

        — Gainera, zioen botikarioak, medikuntza-lana gure eskualde hauetan ez da oso neketsua; zeren gure kamioen egoerak kabrioletaz baliatzeko bidea ematen baitu, eta, gehienetan, nahiko ongi ordaindu ohi da, laborariek ondasunik aski izaki. Medikuntzaren ikuspuntutik, hestemin, marranta, sabeljario eta antzeko kasu arruntez aparte, uzta garaiko helgaitzen bat edo beste izaten dugu noizbehinka, baina guztitara ere, gauza larririk asko ez, bereziki seinalatzekorik ez, umorotz ugariak izan ezik, eta hauek, zalantzarik gabe, gure nekazarien etxebizitzetako higiene-kondizio tamalgarriek eraginak. Ah! borrokatu beharreko aurreritzi frankorekin topo egingo duzu, Bovary jauna; ohiturazko hamaika burugogorkeria ere bai, eta zure zientziaren ahalegin guztiek egunero haien kontra topo egingo dute; zeren oraindik ere bederatziurrenetara, erlikietara, apaizarengana jotzen baita, noski, medikuarengana edo botikarioarengana zuzenean etorri baino lehen. Halere, klima, egia esan, ez da hain txarra, eta gure herrian laurogeita hamar urtetatik gorakoak ere batzu-batzuk baditugu. Termometroa (neuk egiaztatu izan dut) neguan lau gradutaraino jaisten da, eta, urtegarai bortitzenean hogeita bost, asko jota hogeita hamar zentigradutara heltzen da, alegia hogeita lau Reaumur gehienez ere, edota berrogeitamalau Fahrenheit (neurri ingelesa), gehiagorik ez! — eta, hain zuzen, alde batetik Argueilko basoak babesten gaitu iparreko haizeetatik, bestalde Saint Jean mendiak mendebaleko haizeetatik; eta bero hau, hala eta guzti ere ibaiak jaregiten duen lurruna eta larreetan aurkitzen diren anitz piztia direla medio, hauek, zuk dakizun bezala, amoniako ugari bafadatzen baitute, alegia gatzugaia, hidrogenoa eta oxigenoa (ez, gatzugaia eta hidrogenoa bakarrik), eta honek lurreko lupetza basituz, lurrun-jario guztiak nahasiz, nolabait esateko guztiak sorta batean bilduz, eta eguratsean hedaturiko elektrizitatearekin, dagoenean behintzat, bere kasa konbinatuz, luzarora ahal izango luke, lurralde tropikaletan bezala, kirats osasungaitzik sortu; — bero hau, alegia, egokiro epeldurik gertatzen da sorburua duen lekuan, edota zehazkiago esateko sorburua lukeen aldean, hots, hegoaldean, hego-ekialdeko haizeen eraginez, hauek, Seine ibaian barrena iragaitean berez freskaturik, batzuetan Bat-batean heltzen zaizkigu, Errusiako haizegorriaren gisa.

        — Inguruetan paseabideren batzuk izango al dituzue behintzat? zioen madame Bovaryk gizon gazteari mintzo.

        — Oh! oso gutxi, erantzun zuen hark. Pature deritzan leku bat badago, aldapa gainean, baso hegian. Batzuetan, igandez, hara joaten naiz, eta hantxe egoten naiz liburu batekin, eguzkiaren sarrerari begira.

        — Eguzkiaren sarrera bezain gauza miragarririk ez da niretzat, zioen damak, eta batez ere itsasertzean.

        — Oh! biziki maite dut itsasoa, esan zuen monsieur Leonek.

        — Eta bestalde ez al zaizu iruditzen, ihardetsi madame Bovaryk, izpirituak librekiago bogatzen duela zabalera mugagabe horretan, zeinaren betespenak arima jasotzen baitizu eta idealaren eta amairik gabearen ideiak ematen baitizkizu?

        — Gauza bera gertatzen da mendialdeko zenbait paisaiatan, esan zuen Leonek. Iaz Suitzan izan zen lehengusu bat badut nik, eta hark esan zidanez, lakuen poesia, urjauzien xarma, glaziareen eragin itzela ezin omen dira irudikatu. Handitasun sinesgaitzeko pinuak ikusten omen dira, uramiletan zehar, eta erroitzetan eskegitako etxolak, eta han, zure azpian mila oin beherago, ibarrak bere zabaltasun osoan, hodeien tarteguneetatik. Ikuskari horiek entusiasmagarriak izan behar dute, otoitzera eragin, extasira! Horrela ez nau bat ere harritzen musikari ospetsu harenak, bere irudimena hobeto kilikatzearren pianoa jotzera leku ikusgarri itzel horietako baten aurrera joan ohi zen hark.

        — Musika egiten duzu? galdetu zuen damak.

        — Ez, baina biziki atsegin dut, erantzun zuen gizonak.

        — Ah! ez iezaiozu jaramonik egin, Bovary andrea, tarteratu zuen Homaisek bere plateraren gainera burua luzatuz, apaltasun hutsa da. — Nola gero, adiskide! Eh! orain-hurrengo batean ere, zure gelan, miragarri bikain kantatzen zenuen l'Ange Gardien. Laborategitik entzuten nizun; aktore bati bezalaxe ateratzen zitzaizun.

        Leonek, hain zuzen, botikarioaren etxean zuen ostatu, non gelatxo bat baitzeukan bigarren solairuan, plazara begira. Bere etxenagusiaren laudorioaz lotsagorritu egin zen, eta hura jadanik medikuarengana itzuli eta Yonvilleko biztanle handikienen zerrenda banan-bana jalgitzen ari zitzaion. Pasadizoak kontatu eta zenbait argibide ematen ari zitzaion; notarioaren aberastasunak zehazki ez zituela inork ezagutzen, eta enbarazurik franko egiten zuen Tuvache etxea ere han zegoela.

        Emmak zioen:

        — Eta zein musika duzu atseginena?

        — Oh! musika alemana, amets egitera bultzatzen duen hori. — Italiarrak ezagutzen al dituzu?

        — Oraindik ez; baina datorren urtean ikusiko ditut, Parisera bizitzera joango naizenean, nire zuzenbide-estudioak bukatzera.

        — Ihes egin duen Yanoda gizarajo hori dela-eta, zioen botikarioak, zure senar jaunari azaltzea ohore izan dudan bezala; hark egin dituen erokeriei esker, Yonvilleko etxerik erosoenetariko batez gozatzeko aukera izango duzue. Batez ere mediku batentzat biziro egoki daukana, inork ikusi gabe sartu eta irten ahal izateko eran Allée-ra ematen duen atea da. Bestalde, etxe baterako atsegina den gauza oroz horniturik dago: lixiba-lekua, sukaldea sukaltatze eta guzti, famili-aretoa, fruitu-umaotegia e.a. Diruari erreparatzen ez zion mutila zen! Jardinaren buruan, ibaiaren ertzean, beste gabe udan zerbeza edateko pendiz bat eraiki arazi zuen, eta etxekoandreak baratzea atsegin badu...

        — Nire emaztea ezer gutxi aritzen da horretan, esan zuen Charlesek; zerbaitetan jardutea gomendatzen zaion arren, beti ere bere gelan geratzen da, irakurtzen.

        — Ni bezala, ihardetsi zuen Leonek; izan ere zer hoberik arratsean sutondoan liburu batekin egotea baino, haizeak leihoetako beirak astintzen dituen bitartean, kriseilu-garraren argitan?...

        — Ez al da hala? esan zuen damak, bere begi beltzak handi irekirik hari aurrez-aurre tinkatuz.

        — Inolako kezkarik gabe, segitu zuen gizonak, orduak badoaz joanean. Mugitu ere gabe pasiatzen zara ikusi uste dituzun herrialdeetan barrena, eta zure pentsamenduak, fikzioari atxikirik, xehetasunen artean jolas egiten du edo abenturen isladari darraio. Pertsonaien artean nahasten da; badirudi, haien janzturen barnean pirpiraka ari dena zen zarela.

        — Egia da! egia da! zioen damak.

        — Inoiz edo behin gertatu al zaizu, berriro Leonek, sumatu izan duzun ideia lainotsu bat liburu batean topatzea, urrunetik datorren irudi ilunen bat, zure sentimendurik zolienaren bete-beteko azalpen gisa?

        — Nabaritu izan dut hori, erantzun zuen.

        — Hain zuzen horregatik, zioen gizonak, niri batez ere poetak gustatzen zaizkit. Nik olerkiak prosa baino samurragoak idoro ditut, eta gainera askoz hobeto eragiten dute negarra.

        — Baina luzera ordea aspertu egiten dute, Emmak ihardetsiz, eta orain, aitzitik, hasi eta bukatu hats batean irakurtzen diren istorioak biziki maite ditut, beldurra eragiten dutenak. Heroe arruntak eta sentimendu epelak, naturan dauden bezalakoak, arbuio ditut.

        — Eskierki, oharteman zuen urgazleak, bihotza hunkitzen ez duten obra horiek, nire iritzirako, Artearen benetako xedetik urrun geratzen dira. Izan ere hain da goxoa, bizitzako desenkantuen artean, nobleziazko izakeratan, maitasun garbitan eta zorion-girotan pentsamenduz murgiltzea. Niri dagokidanez, hemen, mundutik urrun bizi naizelarik, horixe dut nire jostabide bakarra; hain baliakizun gutxi eskaintzen du, eskaini ere, Yonvillek!

        — Tostesek bezala inolaz ere, esan zuen Emmak; irakurtegi bateko harpidedun izan naiz beti ere.

        — Madamek hartaz baliatzeko ohorea egin nahi badit, esan zuen botikarioak azkeneko hitz hauek entzutean, neuk daukat autorerik hoberenez osaturiko biblioteka bere esku jartzeko: Voltaire, Rouseau, Delille, Walter Scott, L'Echo des Feuilletons e.a., eta gainera zenbait aldizkari ere hartzen dut, hauen artean Le Fanal de Rouen egunero, eta bestalde azken honetako berriemailea naiz Buchy, Forges, Neufchatel, Yonville eta inguruko herrietarako.

        Bazen bi ordu t'erdi mahaian zirela; zeren eta Artemise neskameak, bere oin-puntetako txinelak baldosa gainean soraioki errestatuz, platerak banaka-banaka ekartzen baitzituen, dena ahazten zitzaion, ez zuen ezer ulertzen eta beti ere billareko atea erdirekirik uzten baitzuen, krisketa-muturraz hormaren kontra danbaka.

        Bera ohartu gabe, hizketan ari zen bitartean, Leonek madame Bovary eserita zegoen aulkiaren barroteetariko baten gainean pausatu zuen bere oina. Damak zeta urdinezko korbatatxo bat zeraman, zeinak eusten baitzion batistazko lepo-tutuari esola bat bezain zuzen; eta emakumeak egiten zituen buru-mugimenduen arabera, bere aurpegiaren behealdea ehun artean murgiltzen zen edo handik irteten zen emekiro. Horrela, elkarrengandik hurbil-hurbil, Charles eta botikarioa solasean ari ziren bitartean, elkarrizketa uher horietako batean barrena sartu ziren, non esaldien menturak elkarrenganako sinpatiaren erdimuin finkora eramaten baitu beti ere. Pariseko ikuskariak, zenbait nobelaren izenburuak, dantza berriak, eta ezagutzen ez zuten mundua, dama bizi izana zen Tostesko herria, orain biak zeuden Yonville, dena arakatu zuten, orori buruz hitz egin zuten afariaren bukaera arte.

        Kafea zerbitzatu zutenean, Felicite etxe berriko gela prestatzera joan zen, eta afaltiarrek berehalaxe utzi zuten mahaia. Madame Lefrançois errautsen ondoan lo zegoen, eta morroia berriz, kriseilua eskuan zuela, Bovary jaun-andreen zain zegoen beren etxeraino laguntzeko. Bere txima gorrien artean ahotz-izpiak zituen nahasian, eta ezkerreko hankaz erren egiten zuen. Bere beste eskuaz apaiz jaunaren guardasola hartu zuenean abiatu egin ziren. Auzaldea lo zetzan. Arkupetako harroinek errainu handiak luzatzen zituzten. Lurra erabat grisa zegoen, uda-gau batez bezalaxe.

        Baina, medikuaren etxea ostatutik berrogeita hamar pausotara baitzegoen, ia berehalaxe elkarri gauona opa behar izan zioten, eta laguntaldea sakabanatu egin zen.

        Emmak eskaratzera orduko sentitu zuen bere sorbalda gainera erortzen, oihal hezatsu baten gisa, igeltsuaren hotza. Hormak berriak ziren eta zurezko eskilara-mailek kirrinka egin zuten. Gelan, lehen solairuan, errezelik gabeko leihoetatik egunargi zuriska sartzen zen. Zuhaitz-buru batzuk sumatzen ziren, eta urrunago belazeak, ibaiaren bideari jarraiki ilargi-argitan zerion lainaldetan erdi-hondoraturik. Apartamentuaren erdian nahas-mahasean, komoda-kaxoiak, botilak, errezel-makilak, urre-koloreko txistenak aulki gainetan koltxoiekin eta lurrean ontziak, — altzariak ekarri zituzten bi gizonek hantxe utzia baitzuten dena zabarki.

        Leku ezezagun batean lotaratzen laugarren aldia zuen. Lehenengoa komentura sartu zenean izan zen, bigarrena Tostesa iritsi zenean, hirugarrena Vaubyessarden, laugarrena hauxe zen; eta hauetariko bakoitza bere bizitzako fase berri baten ekinera gisa kausitua zitzaion. Berak ez zuen pentsatzen leku desberdinetan gauzak berdin gerta zitezkeenik eta, hanarteraino bizi izandakoa txarra zenez, bizi izateko geratzen zenak hobea izan behar.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia