—I—

 

        Yonville-l'Abbaye (jada hondakinik ere geratzen ez den aintzinako Kaputxinoen komentu bat zela eta horrela izendatua) Rouendik zortzi legoatara dagoen herri bat da, Abbevilleko errepidearen eta Beauvaiskoaren artean, Rieule erreka txikiak ureztatzen duen haranaren zokoan, bere bokale aldera hiru errota jira arazi ondoren Andellera jaurtikitzen dena, eta honetan amuarrain batzuk ere izaten dira, zeinak kainaberaz arrantzatzen mutikoak igandetan laketzen diren.

        Errepide nagusia La Boissieren uzten da eta ordekari jarraikitzen zaio Leuxko aldaparen gainera arte eta handik begiztatzen da harana. Zeharkatzen duen errekak, fisonomia desberdineko bi eskualde bezala egiten ditu hartaz: ezkerretara dagoen guztia belardi da, eskuinetara dagoen guztia labore. Belazea muino apalezko burute baten pean luzatzen da Bray eskualdeko larreekin atzealdetik elkartzeko, eta aldiz ekialdetik, lautada, emeki-emeki igoz, zabaltzen doa eta begibistatik galtzerainoko guztian hedatzen ditu bere gari-soro horailak. Belar ertzetik iragaiten den urak bereizten ditu marra zuri batez belartzarien kolorea eta ildoena, eta landak, horrela, zabaldutako mantu handi bat dirudi, zilarrezko galartzu batez mendelturik balusazko lepoa duela.

        Ortzimugan, iristerakoan, zure aurrean dituzu Argueilko basoko haritzak, goitik behera arroil gorri luzez, desberdinez, marraturiko Saint-Jean aldapako malkarrekin. Euriteen lorratzak dira, eta arrilu-nabardura horiek, mendiaren kolore grisaren gainean xerra meharretan ebakiak, harago inguruko eskualdean darien metaliturri anitzetatik datoz.

        Normandia, Pikardia eta Ile-de-Franceren arteko mugaldean gara hemen, lurralde bortea, eta bertako hizkera elairerik gabea da, halaber paisaia aiurririk gabekoa. Hemen da eskualde osoko Neufchatel-gaztarik txarrena egiten dena, eta, bestalde, nekazaritza nekosoa da, zeren eta simaur ugari behar baita hondarrez eta harriz betetako lur tortoil hauek gozatzeko.

        1835. urtera arte ez zegoen Yonvillera iristeko bide taiuzkorik; baina garai inguru hartan moldatu zuten Abbevilleko errepidea Amienskoarekin lotzen duen auzabide handia, Rouendik Flandres aldera doazen gurtzainek batzuetan erabiltzen dutena. Halere, Yonville-l'Abbayek bere hartan iraun du, bere irtenbide berriak arren. Soroak hobetu ordez, belazeetan tematzen dira oraindik ere, nahiko esmoil izan arren, eta hirigune nagiak, lautadatik aldenduz, ibai aldera hazten segitu du noski. Urrundik ikusten da, ibai ertzean luze etzanik, ur bazterrean siesta egiten ari den unai baten gisa.

        Aldaparen barrenean, zubiaren ondoren, galtzara bat hasten da ikararbola gaztez landatua, eta zuzen-zuzen eramaten zaitu herriko lehen etxeetaraino. Laparresiz inguraturik daude, eraikin sakabanatuz betetako larrainen erdian, tolareak, gurditegiak eta destilategiak zuhaitz hostotsuren pean barreiatuak, beren adar artetik zintzilik esku-eskilarak, hagak edo segak dituztela. Lastozko teilatuak, begien gainera eroritako larruzko txanoak bezala, behe leihoen gutxi-gora-behera hereneraino jaisten dira, hauen beira lodi sabelduak erdian koskor batez hornituak daudelarik, botilipurdien eran. Habe beltzek diagonalean zeharkatzen duten igeltsuzko horman tarteka udareondo erkinen bat atxikitzen da, eta ezkaratzek beren ateetan txanketa jirakor txiki bat dute, sagardotan bustitako ogibeltz papur batzuk mokokatzera atalarrira datozen txitoetatik babesteko. Larrainak gero eta estuagoak dira, etxebizitzak bata bestearengandik hurbilago, laparresiak desagertzen doaz; garo xorta bat dilindan dabil leiho baten pean erratz-kirten baten puntan; errementari baten sutegia dago eta segidan gurdigin bat kanpoan kamioa ere hartuz bi edo hiru gurdi berri dituela. Gero, hesitura batean barrena, etxe zuri bat ageri da, behatza ezpainetan pausaturik duen Amour batek apaindutako belartxagune borobil batez bestaldetik; mailadiaren alde bakoitzean burdinazko bi ontzi daude; atean zigiluek distira egiten dute; notarioaren etxea da, eta herri-inguruetako ederrena.

        Eliza kaleaz bestaldean dago, hogei pauso aurrerago, plazaren sarreran. Inguruan duen kanposantu txikia, besoak bertan pausatzeko altura duen horma batez itxia, hain dago hilobiz betea non lurrazaleko harri zaharrek etenik gabeko lauzadura osatzen baitute, eta belarrak berez marraztu ditu lauki berde erregularrak. Eliza erabat berreraiki zuten Charles X.ren erregetzako azken urteetan. Zurezko sabaia guenetik usteltzen hasia da eta, han-hemenka, bere kolore urdinean zulogune beltzak ditu. Atearen gainaldean, organoak zeudekeen tokian, gizonentzako solairu bat dago, eskalaproien pean burrunba egiten duen eskilara kiribil batekin.

        Egun-argiak, kolore bereko leiartzetatik heldurik, saiheska argitzen ditu, han-hemenka tapiz iltzatu batzuez jantzitako hormaren trabesean lerrunkaturik dauden bankuak, eta tapizen azpialdean letra handiz hitz hauek: «Halako Jaunaren bankua». Harago, eliza-barnea mehartzen den tokian, konfesionarioak bikotea osatzen du Amabirjinaren estatua batekin, satenezko soinekoz jantzia, zilarrezko izarrez betetako tulezko mantalina bat buruan, eta masailak Sandwich irletako idolo batek bezala arras purpureztatuak. Azkenik Saint-Familleren kopia batek, Barne Ministroak opari egina, lau argimutilen artean aldare nagusia dominatuz, burutzen du hondoan ikuspegia. Koruko aulkiak, pinu-zurezkoak, pintatu gabe geratuak dira.

        Merkatuak, alegia hogeiren bat zutabek sostengaturiko teilazko teilatu bat, berak bakarrik hartzen du Yonvilleko plaza handiaren erdia inguru. Udaletxea, Parisko arkitektu baten diseinuen aranera eraikia,tenplu greziar baten moldekoa da, botikarioaren etxearen alboan kantoia egiten duela. Behe-oinean hiru pilare joniko dauzka, eta lehen oinean puntu-erdiko arkuz lorio bat, eta aldiz burutzen duen tinpanoa galiar oilar batek betetzen du, hanka batez Kartan finkatua eta besteaz justiziaren balantza sostengatuz.

        Baina begiak gehien erakartzen dituena, Lion d'Or ostatuaren aurrez aurre, zera da, Homais jaunaren botika! Arratsean, gehienbat, bere kinkea pizturik dagoenean eta bere erakusleihoa apaintzen duten kristalezko poto gorri eta berdeek lurrean, urrutira, beren bi argi-koloreak luzatzen dituztenean, orduan, haietan barrena, Bengalasuetan bezala, botikarioaren errainua sumatzen da bere pupitrearen gainean ukondoak tinkaturik. Bere etxea, goitik beheraino, izkribu-plakaz estalirik dago idazkera ingelesez, biribiltxoz, moldez: «Vichy, Seltz eta Bareges urak, arropa arazkorrak, Raspail sendagaia, Arabiarren rakahuta, Darcet pastilak, Regnault kipurra, bendak, bainuak, osasun-txokolateak, e.a. Eta izenburuak, dendaren zabalera osoa hartuz, urrezko letratan dio: Homais, farmazilaria. Gero, dendako zokoan, salmenta-mahai gainean gardainaturiko balantza handien atzean, 'laborategia' hitza hedatzen da ate kristaldun baten gainean zeinak, bere alturaren erdialdera, berriro errepikatzen baitu Homais, urrezko letraz, azpi beltz baten gainean.

        Horrez gero ez dago beste zer ikusirik Yonvillen. Kalea (bakarra), fusil tirabide bateko luzerakoa eta zenbait dendaz hegitua, Bat-batean bukatzen da kamioaren bihurgunean. Eskuinetara uzten bada eta Saint-Jean aldapa behera jarraituz gero, berehala heltzen da kanposantura.

        Kolera garaian, handiagotzeko, horma-alde bat eraitsi egin zuten eta alboan hiru akre lur erosi; baina zati berri hau guztia ia habitatu gabe dago, eta hilobiak, garai batean bezalaxe, ate ondoan metatzen segitzen dute. Zaindaria, bera baita aldi berean ehortzailea eta elizako sakristaua (horrela parrokiako gorpuetatik etekin bikoitza atereaz), hutsik dagoen lurraldeaz baliatu da bertan patata ereiteko. Urterik urte, horratio, bere sorotxoa murrizten ari da, eta, izurrite bat datorrenean, ez daki heriotzengatik poztu behar duen edo hilobiengatik penatu.

        — Zu hildakoen lepotik bazkatzen zara, Lestiboudois! esan zion azkenik, egun batez, apaiz jaunak.

        Mintzo ilun horrek pentsa arazi egin zion; denboraldi batez gerarazi zuen; baina, gaur egun ere oraindik, bere tuberkuluen laborantzari jarraikitzen zaio, eta baieztatu ere sotiltasun ausartez baieztatzen du haiek beren kasa ernetzen direla.

        Kontatu bide diren gertaeren ondoren, eskierki ezertxo ere ez da aldatu Yonvillen. Latorrizko hirukoloretako banderak jiraka segitzen du elizako kanpandorrearen puntan; moda-saltzailearen dendak indianazko bi banderolak kulunkatzen ditu oraindik haizetan; botikarioaren hilorrak, ardagai zurizko paketeen gisa, gero eta gehiago ari dira usteltzen beren alkohol arretan, eta, ostatuko ate handiaren gainean, urrezko lehoi zaharrak, euriek destindaturik, oraindik ere bidariei bere toto-kizkurrak erakusten dizkie.

        Bovary senar-emazteek Yonvillera iritsi behar zuten egunean, Lefrançois andere alarguntsa, ostatu honetako etxekoandrea, hain zebilen lanpeturik non izerdi patsetan ari baitzen bere eltzeei eragiten. Merkatu eguna zen, biharamunean, herrian. Aurrez haragia ebaki beharra zegoen, oilaskoak garbitu, salda eta kafea egin. Gainera, bere ostalierren bazkaria ere bazeukan, medikuarena, haren emaztearena eta haien neskamearena; billarrak algara bizitan burrunbatzen zuen; hiru errotari, sala txikian, deika ari ziren pattar eske; egurra garretan zegoen, txingarrak pindarka, eta, sukaldeko mahai luzearen gainean, arkume-laurden gordinen artean, plater pilak altxatzen ziren, espinakak txikitzen ari ziren pikaderaren astinduekin dardara eginez. Eskortan hegaztiak kakarazka entzuten ziren neskamea atzetik segika zutela lepoa mozteko.

        Gizon bat, larru berdezko oskierrestak oinetan, baztangak apur bat markatua eta buruan urrezko purpuxetadun balusazko txanoa, bizkarra berotzen ari zen tximiniaren kontra. Bere aurpegiak ez zuen azaltzen berekiko atsegina baino, eta bere buruaren gainean, zumitzezko kaiola batean, zintzilikaturiko gardantxuloak bezain aire lasaia zeukan bere bizitzan: botikarioa zen.

        — Artemise! egiten zuen garrasi ostalersak, txikitu egurra, bete pitxarrak, ekarri pattarra, mugi zaitez! Gutxienik ere jakingo banu behintzat, zuk espero duzun jende horri zer postre eskaini! Ene Jainkoa! etxealdaketako horiek ekin diote berriz ere beren zalapartari billarrean! Eta ate handiaren azpian geratu den beraien gurdia? Hirondelle trebe da iristerakoan hori deboilatzeko. Hots egiozu Polyteri hortik eraman dezan!... Esatea ere, Homais jauna, gaur goizaz gero beharbada hamabost partida jokatu dituztela eta zortzi pitxar sagardo edan!... Baina tapiza urratu behar didate, segitzen zuen andreak urrunetik haiei begira, bere bitsadera eskuan.

        — Kaltea ez litzateke handia, erantzun zuen Homais jaunak, erosiko zenuke beste bat.

        — Beste billar bat! alarguntsak oihuka.

        — Honek ezin baitu gehiago iraun, madame Lefrançois, berriro ere esango dizut, oker zaude! oso oker zaude! Eta gainera billarzaleek, gaur egun, zulo estuak nahi dituzte eta makila astunak. Jada karanboletara ez da jokatzen; dena aldatu da! Garaiekin batera aurreratu behar da! Begira Tellierri, hori bai...

        Ostalersa gorri-gorri jarri zen amorruz.

        — Haren billarra, nahi duzuna esan, zurea baino politagoa da; eta, eman dezagun, Poloniaren aldeko edo Lyongo uholdetuen aldeko txapelketa patriotiko bat antolatzea pentsatzen dela...

        — Hori bezalako txaldanek ez gaituzte, ez, beldurtuko! moztu zuen ostalersak, bere sorbalda gizenak altxatuz. Tira! tira! Homais jauna, harik eta Lyon d'or bizirik den arte, jendea hona etorriko da. Gure poltsan ez dabil haizerik! Aldiz goiz hauetako edozeinetan ikusiko duzu Cafe français itxita, eta leiho aurrean kartel eder batekin!... Nire billarra aldatu, jarraitzen zuen bere golkorako hitz eginez, hain erosoa zait gainera nire lixuba jasotzeko, eta bertan, ehiza garaian, sei bidaiari ere sartu izan ditut gainean lotan!... Eta Hivert barekondo hori ez da heltzen!

        — Zure jaun horien afarirako al zaude haien zain? galdetu zuen botikarioak.

        — Zain egon? Eta baina Binet jauna! Seiak jotzearekin batera ikusiko duzu sartzen, izan ere bera bezalako beste bat ez baita lurbira osoan puntualtasunerako. Bere tokia behar du beti sala txikian! Nahiago luke hil, beste leku batean afaltarazi baino! eta hain mixkina da! eta sagardoarekin hain asmagaitza! Ez da monsieur Leon bezala; hura, batzuetan zazpietan iristen da, baita zazpi t'erdietan ere; jaten duenari ez dio begiratzen ere. Hori bai gizaseme zintzoa! Inoiz ez hitz bat bestea baino ozenago.

        — Izan ere bada diferentziarik franko, bistan da, hezkuntza jaso duen norbaiten eta zergabiltzaile den karabinero-ohi baten artean.

        Seiak jo zuten. Binet sartu zen.

        Xenila urdinez jantzita zegoen, bere gorputz argalaren inguruan bere kasa zuzen-zuzen erortzen zitzaiola, eta larruzko bere bonetak, buru gainean kordoiz lotutako belarriduna, agerian uzten zuen, kopetegal altxatuaren azpian, kaskoaren ohiturak beheititua zuen bekoki soila. Oihal beltzezko gerrontzea zeraman, zurdilezko lepokoa, galtza grisak, eta, urtaro orotan, bere behatzetako joanikoteak medio bi kozkor paralelo zituzten bota ongi lustratuak. Ilepunta batek berak ere ez zuen gainditzen bere bizar gorriaren muga-lerroa, zeinak, matrailezurra ingurukatuz, lorearlo baten hegiak bezala kokatzen baitzuen bere aurpegi hits luzea, bere begi txikiekin eta sudur makoarekin. Karta-joko guztietan trebea, ehiztari ona eta idazkera eder baten jabe, tornu bat zeukan etxean eta hartan jolasten zen etxea-bete zeuzkan dafaila-uztaiak egiten, artista baten joranaz eta burges baten berekoikeriaz.

        Sala txikirantz abiatu zen: baina lehenik hiru errotariak atera arazi behar izan zen; eta Binet, bere mahaia hornitzen egin zuten denbora guztian, isilik egon zen bere tokian, berogailuaren ondoan; gero atea itxi zuen eta boneta erantzi zuen, ohi bezala.

        — Ez dira horratio kortesiak izango mihia histuko diotenak! esan zuen botikarioak, ostalersarekin bakarrik geratu zen orduko.

        — Sekulan ez du gehiago hitz egiten, erantzun zuen andreak; etorri ziren hona, joan den astean, bi oihal-saltzaile bidaiari, grazia handiko mutilak, eta, arratsean, egundoko gauza barregarri pila kontatu zuten, niri barrez malkoak ateratzeraino: ba aizu! berak hortxe segitu zuen, konkor-konkor, hitzik esan gabe.

        — Bai, esan zuen botikarioak, ez imajinaziorik, ez ateraldirik, lagunarteko gizona egiten duenik ezertxo ere ez!

        — Baliakizunik baduela diote ba, halere, argudiatu zuen ostalersak.

        — Baliakizunak! errepikatu zuen Homais jaunak; horrek, baliakizunak? Bere kirakoen artean, baliteke, erantsi zuen beste tonu lasaiago batez.

        Eta berriro berak:

        — Ah! harreman ugari dituen negozio-gizon bat, legegizon bat, mediku bat, farmazilari bat aldartetsu eta oies ere bilakatzerainoxe arazoturik egotea, nik ulertzen dut; horrelako hamaika aipatzen da historian! Baina, gutxienez ere, horiek zerbaitetaz pentsatzen dute behintzat. Niri, esate baterako, zenbat aldiz gertatu ote zait etiketa bat idazteko bulegoko mahai gainean nire lumaren bila ibiltzea eta, noizbait ere, nire belarrian ipinia nuela kausitzea!

        Hartan, Lefrançois andrea atera irten zen, Hirondelle iristen ez ote zen begiratzera. Ikaratu egin zen. Beltzez jantzitako gizon bat sartu zen Bat-batean sukaldean. Nabari zen, arrastiriko azken zohargitara, aurpegi gorrizta zeukala eta gorputz atletikoa.

        — Zerbait egin al dezakegu zuretzako, apaiz jauna? galdetu zuen ostatuko etxekoandreak, sukanean beren kandelekin zutabe-zerrenda gisa ipinita zeuden kobrezko argimutiletariko bat hartzen zuen bitartean; zerbait hartu nahi al duzu? Arakatz likore ttantta bat, baso bat ardo?

        Kortesia handiz errefusatu zuen elizgizonak. Aurreko batean Ernemonteko komentuan ahaztu zuen guardasolaren bila zetorren, eta, hura arratsean bertan apaizetxera norbaiten bidez eraman arazi ziezaion madame Lefrançoisri eskatu ondoren, irten egin zen elizara joateko, Angelusa jotzen ari baitzen.

        Botikarioak, haren oinetakoen hotsa plazan jada entzun ez zuenean, zuela gutxiko haren portaera oso desegokia kausitu zuen. Freskagarri bat onartzeari uko egite hura, hipokresiarik gorrotagarriena iruditzen zitzaion; apaizek guztiek ematen zioten zurrutari inork ikusten ez zituenean, eta hamarrenen garaiak itzularazten saiatzen ziren.

        Ostalersak bere apaizaren defentsa hartu zuen:

        — Gainera zu bezalako lauri egingo lioke horrek gerrentzin bere belaunaren gainean. Joan den urtean, lastoa jasotzen lagundu zion gure jendeari; eta sei ahotz-haxe ere eramaten zituen batera, indartsua izan horratio!

        — Ederto! esan zuen botikarioak. Bidal itzazu gero zure alabak konfesiora horrelako sasoia duten morroskoengana! Gobernua banintz, hilean behin apaizei odolateratzea egin araziko nieke, nik. Bai, madame Lefrançois, hilero, flebotomia oparo bana, gizabidearen eta ohituren interesez!

        — Baina zaude isilik, Homais jauna! Fedegabea zara zu! Ez daukazu erlijiorik!

        Botikarioak erantzun zuen:

        — Nik badut erlijioa, nire erlijioa, eta horiek guztiek baino gehiago gainera, beren berritxukeria eta komeriantekeria guztiekin ere! Aitzitik, nik Jainkoa adoratzen dut! Izaki Gorena, Sortzailea badela sinesten dut, edozein delarik ere, hori gutxi axola, hemen behean ipini gaituena gure hiritar-eginkizunak eta famili-gurasorenak betetzeko; baina nik ez daukat joan beharrik, eliza batera, zilarrezko ontziei muin ematera eta gu baino hobeto elikatzen diren zurikondo pila hori nire poltsatik gizentzera! Zeren eta Jainkoa ohoratu liteke era berean baso batean, landa batean, edo baita ortze-sabaiari so ere, aintzinakoek bezala. Nire Jainkoa, neurea, Sokratesen Jainkoa da, Franklinena, Voltairerena eta Berangerrena! Ni, bikario saboiarraren Fede-aitorpenaren eta 89.eko printzipio hilezkorren alde nago! Eta ez dut noski ametitzen gure Jainkoaren gizontxorik makila eskuan bere baratzean pasiatzen dabilenik, bere lagunak balea-sabeletan ostatatzen dituenik, garrasi bat boteaz hil eta hiru egunen buruan berpizten denik: gauza zentzugabeak beren baitan, eta, bestalde, fisikako lege guztien kontrakarrakoak zeharo; eta honek, bide batez, frogatzen dizu, apaizak beti ere ezjakinkeria nabarmen batean murgildurik egon direla, eta herriak ere beraiekin batera hortxe hondoratzen saiatzen direla.

        Isildu egin zen, entzulegoaren begien bila bere inguruan, zeren, bere suharrean, botikarioak, momentu batez, bete-betean udal batzarraldian zegoela uste izan baitzuen. Baina ostatuko etxekoandreak jada ez zion entzuten: urruneko burrundara bati luzatzen zion belarria. Lando baten zarata nabaritu zen lurra jotzen zuten ferra lasa batzuen klaskaketarekin batera, eta Hirondelle, noizbaitean, ate aurrean gelditu zen.

        Kutxa hori bat zen bi gurpil handik garraiatua, zeinak, gainalderaino igotzen zirelarik, bidaiariei kamioa ikusten galarazi eta bizkarrak zikintzen baitzizkieten. Bere leihatila estuetako leiar txikiek dardara zegiten beren markoetan kotxea itxirik zegoenean, eta lohi-zipriztinak gordetzen zituzten, han-hemenka, ekaitz-euriek ere erabat garbitzen ez zuten hauts-geruza zaharraren artean. Hiru zaldiz uztarritua zen, eta hauetarik bata aurreratua, eta, aldapak jaisterakoan, azpia jotzen zuen binbilikatuz.

        Yonvilleko burges batzuk bildu ziren plazara; guztiek batera hitz egiten zuten, berriak, argibideak eta xixtroak eskatuz: Hivertek ez zekien nori erantzun. Herrialdeko mandatuak hiritik egiten zituena bera zen. Dendetara joaten zen, zapatariari larru-bilguak ekartzen zizkion, perratzaileari burdinak, bere amorantearentzako sardina-zahar dupa, txapelginarenetik ginbailak, ileapaindegitik bilordeak; eta, bidean barrena, itzultzerakoan, bere paketeak banatzen zituen, eskortetako itxituren gainetik botatzen zituela, bere eserlekuan zutik, eta birikak betean deiadar eginez, bere zaldiak bakarrik zihoazen bitartean.

        Ustekabe batek berandutu zuen; madame Bovaryren xarlango emeak landetan zehar ihes egin zuen. Ordu laurden luze batez xixtuka aritu zitzaizkion. Hivert itzuli ere egin zen legoa erdi bat atzera, hauteman zuela ustetan minutuero; baina bideari jarraiki behar izan zitzaizkion. Emmak negar egin zuen, haserretu zen; ezbehar horren errua Charlesi leporatu zion. Lheureux jauna, landoan berarekin aurkitzen zen oihal-merkatari bat, saiatu zen hura kontsolatzen galdutako zakurren mila exenpluren bidez, urte luzeren buruan beren jabea ezagutzen ohi dutela-ta. Halako bat aipatu zuen, berak zioenez, Constantinoplatik Parisera itzuli zena. Beste batek berrogeitamar legoa egin omen zituen zuzen-zuzenean eta lau ibai iragan igerika; eta bere aitak berak ere izan omen zuen txalin-txakur bat, zeinak, hamabi urte kanpoan pasa ondoren, Bat-batean bizkarrera jauzi egin baitzion, arrats batez, kalean, kanpoan afaltzera zihoan batean.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia