—IX—

 

        Sarritan, Charles kanpoan zenean, arramariora joaten zen, laga zuen arropazuriren tolesdura artetik zeta berdezko zigarro-toxa hartzera.

        Begiratzen zion, irekitzen zuen, eta haren forraduraren lurrina ere usaintzen zuen, izustaz eta tabakoz nahasia. Norena ote zen?... Bizkondearena. Agian bere amorantearen opari bat zen. Hau, eskierki, palisandrozko bastidoreren batean brodatu zuen, begi orotatik ezkutatzen zen altzari moñoñoa, hainbat ordu eraman ziona eta langile pentsakorraren ilekiribil lazoak gainean pausatzen zitzaizkiona. Kalamu-ehun sarean barrena maitasun hatsa pasatua zen; orratzaren ziztada bakoitzak esperantza bat edo oroipen bat tinkatu zuen han, eta elkarren artean gurutzatutako zetazko hari hauek guztiak isileko irrits bat beraren jarraipena besterik ez ziren. Eta gero Bizkondeak, goiz batez, berarekin eraman zuen. Eta kanpai zabaleko tximinien gainean, loreontzien eta Pompadour erlojuen artean geratzen zenean, zertaz hitz egin ote zuten? Bera Tostesen zegoen. Hura, Parisen zegoen, orain; han nonbait! Nolakoa ote zen Paris hori? Bai izen neurrigabea! Berekiko errepikatzen zuen ahopean, bere buruari gusto emateko; katedraleko ezkila nagusiak bezala durrundatzen zuen bere belarrietan; bere ukendu-potoetako etiketen gainean ere distira egiten zuen bere begietara.

        Gauean, arraindariak beren gurdietan Marjolaine kantatuz bere leihopetik pasatzen zirenean, esnatu egiten zen; eta, herrigunetik irtetean, lur gainean berehala ilauntzen zen gurpil burdinduen zarata entzutean:

        — Bihar han izango dira! zioen berekiko.

        Eta haiei jarraikitzen zitzaien bere pentsamenduan, aldapak igoaz eta jaitsiaz, herri txikietan barrena, errepidean aurrera presaka izarren argitan. Distantzia zehazgabe baten buruan beti ere plaza nahasgarriren bat aurkitzen zen eta han ahitzen bere ametsa.

        Parisko plano bat erosi zuen, eta, bere behatzaren puntaz, maparen gainean, ibilaldiak egiten zituen hiriburuan barrena. Bulebarretan gora joaten zen, izkina bakoitzean geldituz, kaleen marren artean, etxeak irudikatzen dituzten karratu zurien aurrean. Begiak nekaturik, azkenean, betazalak ixten zituen, eta ilunpean ikusten zituen gasezko kriseiluak haizetan okertzen, antzerkietako lorioen aurrean zarata handiz jaisten ziren landoen oinlekuekin batera.

        Corbeille, emakumeen egunkariaren harpidedun egin zen, eta Sylphe des Salons-ena ere bai. Irentsi egiten zituen, ezertxo ere utzi gabe, lehen antzezpenen, lasterketen eta handiki-jaien kontu-aipamen guztiak, kantarisa baten estreinaldiaz, denda berri baten irekiduraz axolatzen zen. Bazekizkien moda berriak, jostun onen helbideak, Bois edo Operako egunak. Ikasi zituen, Eugene Sueren baitan, altzariztapenen deskripzioak; Balzac eta George Sand irakurri zituen, bere irrika pertsonalentzako irudimenezko asebideren bila. Mahaira ere bere liburua ekartzen zuen, eta orriak pasatzen zituen Charles berari hitz eginez jaten ari zen bitartean. Bere irakurketetan beti Bizkondearen oroitzapena etortzen zitzaion. Haren eta asmatutako pertsonaien artean alderakuntzak egiten zituen. Baina erdigunea Bizkondea zuen zirkulu hau, haren inguruan poliki-poliki zabaltzen joan zen, eta zeukan aureola hau, haren aurpegitik aldenduz, urrunago hedatu zen, beste amets batzuk argitzeko.

        Parisek, ozeanoa baino zabalago, egurats gorrizta batean distiratzen zuen beraz Emmaren begietara. Nahas-mahas hartan zalapartatzen zen bizitza ugaria, parteka banatuta zegoen halere, arlo desberdinetan sailkatua. Emmak ez zuen haietarik bizpahiru besterik hautematen, hauek beste guztiak ezkutatzen zizkioten eta hauek bakarrik gizadi osoa ordezkatzen zuten. Enbajadoreen mundua solairu distiratsuren gainean ibiltzen zen, ispiluz jantzitako saloietan, urrezko mendeldun balusazko tapizez estalitako mahai obalaturen inguruan. Bazen han ziadun soinekorik, misterio handirik, irribarrepean estalitako larritasunik. Ondoren dukesen lagunartea zetorren: han beluriak ziren; lauretan jaikitzen ziren; emakumeek, aingeru gaixoak! Ingalaterrako puntu-farfaila zeramaten beren gonapean, eta gizonek, trebezia ezezagunak gainaxal hutsalen pean, beren zaldiak lehertzen zituzten laketgarritarako, uda aldia pasatzera Badera joaten ziren, eta azkenik berrogei urte aldera, aberats-alabaren batekin ezkontzen ziren. Gauerditik aurrera afaltzen den jatetxeetako areto aparteetan, kandelen argitan, barre egiten zuen letretako jendearen eta aktoresen multzo nabarrak. Erregeak bezain eskuzabalak ziren hauek, irrits idealez eta eldarnio liluragarriz beteak. Besteez gainetiko existentzia zen, zeruaren eta lurraren artean, ekaitz artean, gauza sublimea. Munduko gainontzekoari dagokionez, guztia galdurik zegoen, toki zehatzik gabe eta existituko ez balitz bezala. Eta gainera, gauzak zenbat eta hurbilago eduki, are gehiago aldentzen zen hauetatik bere pentsamendua. Hurbilgoan inguratzen zuen oro, landa aspergarria, burges-txiki ergelak, bizitza kaxkarra, munduan salbuespen bat iruditzen zitzaion, bera harrapaturik zeukan zori partikular bat, eta aldiz honez bestaldean hedatzen zela bistaz galtzerainoko guztian zorionen eta irritsen herrialde mugagabea. Nahastatu egiten zituen, bere nahikundean, luxuaren sensualitateak bihotzaren bozkarioekin, azturen dotoreziak eta sentimenduaren eztitasunak. Ez al zitzaion ba beharrezkoa maitasunari, Indiako landareei bezalaxe, lur prestatua, tenperatura berezia? Ilargi argitan suspirioak, besarkada luzeak, abandonatzen diren eskuen gainera isurtzen diren malkoak, haragiaren sukar guztiak eta laztantasunaren ahuldurak ez ziren beraz aldentzen aisiaz beteta dauden gaztelu handietako balkoitik, tapiz lodi-lodi eta zetazko errezeldun salatxo batetik, loreontzi beteetatik, ohe bat oholtza gainera eraikia, ezta harri bitxien eta librea-kordoien ñirñirduratik ere.

        Goizero zaldia txarrantxatzera etortzen zen postako mutilak, bere eskalaproin handiekin zeharkatzen zuen lorioa; bere txamarrak zuloak zituen, bere oinak larrugorri zeuden oskien barruan. Eta galtza motzetako groom horrekin konformatu behar! Bere egitekoa burutuz gero, ez zen gehiago egun osoan itzultzen; zeren Charlesek, etxeratzean, berak eramaten baitzuen zaldia ikuilura, zela kentzen zion eta hedea pasatzen zion, neskameak besara bat ahotz ekarri eta, ahal zuen bezala, ganbelara botatzen zuen bitartean.

        Nastasieren ordez (azkenean ere joan baitzen Tostesetik malko-errekak isuriz), Emmak neskametarako hamalau urtetako neskato bat hartu zuen, umezurtza eta fisonomiaz gozoa. Algodoizko txanoak debekatu egin zizkion, beraiei hirugarren pertsonan hitz egin behar ziela erakutsi zion, baso-ura plater batean ekarri behar zela, sartu baino lehen atea jo behar zela, eta lisatzen, almidonatzen, etxekoandrea jazten, hartaz bere dontzeila egin nahi izan zuen. Neskame berriak txintik gabe obeditzen zuen, kanpora bota ez zezaten; eta, etxekoandreak giltza alasan laga ohi zuenez, Felicitek, arratsero, azukre hornidura txiki bat hartzen zuen, gero berak bakarrik jateko, ohean, bere errezoak egin ondoren.

        Arratsaldean, batzuetan, neskatoa kaleaz bestaldera joaten zen zaltzainekin solasera. Etxekoandrea goian egoten zen, bere gelan.

        Txabusina oso irekia jazten zuen, zeinak, soinaren lepoko tolesduren artean, zokota plisatu bat uzten baitzuen agerian urrezko hiru botoirekin. Bere gerrikoa purpuseta handidun kordoi bat zen, eta granate koloreko bere oskierresta txikiek xingola zabalezko xorta bat zeukaten, oin-lepoaren gainera zabaltzen zela. Paperzorro bat, gutunpapera, portaluma bat eta kartazalak erosi zituen, nahiz eta nori idatzirik ez eduki; apaleko hautsa kentzen zuen, bere buruari ispiluan begiratzen zion, liburu bat hartzen zuen, eta gero, lerro artean amets eginez, erortzen uzten zuen bere belaunen gainera. Bidaiak egiteko gogoa zeukan, edo bere komentura bizitzera itzultzekoa. Aldi berean desiatzen zuen hiltzea eta Parisen bizitzea.

        Charles, elurra izan nahiz euria, zeharbidetan barrena zamalkatzen zen. Laborarien etxeetako mahaian tortilak jaten zituen, ohe hezetan sartzen zuen besoa, odolatereen xorrostara epela aurpegian jasotzen zuen, karrankak entzukatzen zituen, konketak azterkatzen zituen, maindire zikinik franko altxatzen zuen; baina, arratsero, sua garretan aurkitzen zuen, mahaia prest, altzari zaloiak eta findadez jantzirako emaztea, xarmanta eta freskura-usainduna, usain hura nondik zetorren ere ezin jakin izateraino, edota balinba haren larrazala ez ote zen bere alkandora urrindatzen zuen.

        Pilaka milikuz xarmatzen zuen senarra; batean kandelentzako paperezko xirrindolak eratzeko modu berri bat zen, nahiz bere soinekoari aldatu zion alozna bat, edota neskameari oker irtendako plater erraz baten izen harrigarria, eta baina Charlesek, kondarretaraino, oso gustora jaten zuena. Erlojuetan zintzilikario mordo bat zeramaten dama batzuk ikusi zituen Ruenen; berak ere zintzilikarioak erosi zituen. Etxeko sukanean beira urdinezko bi pitxar handi nahi izan zituen, eta, handik zenbait denboratara, bolizko nezeser bat urrekoloreko oin batekin. Zenbat eta gutxiago ulertu Charlesek dotorezia hauek, are eta gehiago nozitzen zuen hauen lilura. Hauek zerbait gehitzen zieten bere zentzuen plazerari eta bere etxeko goxotasunari. Bere bizitzaren bidexka luzera osoan hareaztatzen zuen urrezko hautsa bezala zen.

        Ongi zebilen, itxura ederra zuen; bere aipua erabat finkaturik zegoen. Nekazari jendeak maite zuen harroa ez zelako. Haurrak ferekatzen zituen, inoiz ez zen tabernara sartzen, eta, bestalde, bere moralitatearengatik konfidantza sorrarazten zuen. Bereziki katarroetan eta bularreko gaitzetan zuen arrakasta. Bere jendea hiltzeko beldur handiz, Charlesek, hain zuzen, edabe aringarriak ia besterik ez zuen errezetatzen, lantzean behin oka-eragileren bat, oinen bainuak edo itxainak. Ez zen kirurgiari beldur ziolako; barra-barra egiten zizkizun odolateratzeak, jendea zaldiak bailiran, eta haginak ateratzeko deabru guztien eskua zeukan.

        Dena den, jakinean mantentzeko, Ruche medicale aldizkari berriaren harpidedun egin zen, zeinaren prospektua hartua baitzuen. Afalondoan irakurtzen zuen pixka bat, baina, liseriketarekin batera, gelako beroak eraginik bost minuturen buruan loak hartzen zuen; eta hantxe geratzen zen, kokotsa bere bi eskuen gainean, eta ileak zurdile gisa argimutilaren oineraino erorita. Emmak bizkarrak uzkurtuz begiratzen zion. Eta berak ez eduki behar senar gisa, gutxienez ere, gauez liburu artean lanean aritzen diren oldar isileko gizon horietako bat, eta azkenik hirurogei urtetan, erreumatismoen adina heltzean, beren frak gaizki josian ohorezko dominaz orratz bat eramaten duten horietakoa. Berak nahi izango zukeen, Bovary izen hura, halaber berea baitzen, ospetsua izan zedin, liburudendetako apaletan zabaldurik, egunkarietan errepikaturik, Frantzia osoan ezaguna eginik ikustea. Baina Charlesek ez zeukan inolako handinahirik! Ivetotko mediku batek, zeinarekin topo egin baitzuen zuela gutxi kontsulta batean, umilatu egin zuen apurtxo bat, gaixoaren ohe ondoan bertan, bildutako ahaideen aurrean. Charlesek pasadizo hori kontatu zionean, arratsean, Emmak bereak eta bi bota zituen ofiziokide haren kontra. Charles hunkiturik geratu zen. Bekokian musu eman zion malko bat zeriola. Baina emaztea lotsaz sumindurik zegoen, joka ekiteko gogoa zeukan, loriora joan zen leihoa irekitzera eta aire freskoa arnastu zuen baretzeko.

        — Gizaixoa! Zer nolako gizaixoa! zioen ahopean, ezpainak hozkatuz.

        Gainera, senarraren kontra haserreago sentitzen zen. Adinarekin, jokamolde oiesak hartzen ari zen; bazkalburuan, botila hutsen kortxoa ebakitzen zuen; jan ondoren, mihingaina pasatzen zuen hortzen gainean; zopa hartzerakoan, hurrupada bakoitzeko koroka egiten zuen, eta, gizentzen hasia zenez, bere begiek, berez ere txikiak, lokietara igotzen ari zirela ziruditen masailondoen hanturarengatik.

        Emmak, batzuetan, sartzen zion gerrontzean jertsearen ertz goma, bere korbata txukuntzen zion, edo bazterrera botatzen zituen hura jaztera zihoan eskularru histuak; eta hori ez zen, senarrak uste bezala, berarengatik; emazteak bere buruaren alde egiten zuen hori, berekoikeriaren lasaipenez, urduritasun erreaz. Batzuetan halaber, irakurri zituen gauzez hitz egiten zion, nobela bateko pasarte batetaz, antzerki-obra berri batetaz edo foiletinean kontatzen zen handiki munduko pasadizo batez; zeren, azken finean, Charles norbait zen, belarri bat beti irekia, onespen bat beti prest. Konfidentziarik franko egiten zion bere xarlango emeari ere! Egingo ziekeen surtako ileriei eta erlojuaren dindilari ere.

        Bere arimaren zokoan, halere, gertakizunen baten zain zegoen. Galdutako marinelek bezala, bere bizitzako bakardadean barrena begi etsituak pasiatzen zituen, urrunean uhartzeko laino artean bela zuriren baten bila. Berak ez zekien zein izango zen adur hura, zer haizek bultzatuko zuen bereganaino, zein itsas-hegitara eramango zuen, txalupa bat ala hiru zubitako untzia ote zen, larriduraz kargatua ala zorionez kainoizuloetaraino betea. Baina, goizero, esnatzean, egun hartarako espero izaten zuen, eta zarata guztiak entzuten zituen, itsumustuan jaikitzen zen, harritu egiten zen hura etorri gabe izateaz; gero, eguzkia sartzean, beti ere tristeago, jada biharamunean izatea desiatzen zuen.

        Udaberria heldu zen. Lehen beroekin batera itolarriak izan zituen, udareondoak loretu zirenean.

        Uztailaren hasieraz gero, bere behatzekin kontatu zuen zenbat aste geratzen zitzaion urrira iristeko, Andervilliersko markesak, agian, Vaubyessarden beste dantza bat emango zuela pentsatuz. Baina irail osoa iragan zen gutunik ez bisitarik gabe.

        Dezepzio honen unaduraren ondoren, bere bihotza, berriro, hutsik geratu zen, eta orduan egun berdinen zerrenda hasi zen beraz.

        Eta orain horrela segituko zuten beraz bata bestearen ondoren ilaran, beti berdin, ezin konta ala, eta ezer berririk ekarri gabe! Beste existentziek, arruntenak izanik ere, bazuten bederen gertakizunen baten aukera. Abentura batek erakartzen zuen batzuetan alehun gertakari, eta dekorazioa aldatu egiten zen. Baina, berari, ezer ez zitzaion suertatzen, Jainkoak nonbait hala nahi! Etorkizuna korridore zeharo beltza zen, eta azken muturrean atea ongi itxirik zeukana.

        Musika utzi zuen. Zertarako jo? Nork entzun behar zion? Zeren eta berak ezin izango baitzuen inoiz, balusazko jantzi mahuka-motzetan, Erard piano batean, kontzertuan, bere behatz aisitez bolizko teklak joz, haizexka baten gisa sentitu bere inguruan extasi-murmurioa barreiatzen, ez zuen beraz ikasten unatzeak merezi. Arramarioan utzi zituen bere marrazki-karpetak eta tapizeria. Zertarako aritu? Zertarako? Josteak amorrarazi egiten zuen.

        — Irakurri dut dena, zioen berekiko.

        Eta han egoten zen suhartzak gori arazten, edo euriari erortzen begira.

        Bai triste egoten zela, igandez; bezperetarako kanpaiak jotzen zuenean! Tuntundura adikor batean entzuten zituen, banaka-banaka jotzen, ezkilaren dangako pitzatuak. Katuren bat poliki-poliki zebilen teilatuetan, eguzkiaren izeki zurailetara bizkarra harrotuz. Haizeak, errepidean barrena, hauts boladak puskatzen zituen. Urrunean, tarteka, zakur batek uluaka egiten zuen; eta ezkilak, ixilgune berdinka, bere dangara monotonoan segitzen zuen, landetan barrena galduz.

        Hartan, irteten ziren elizatik. Emakumeak eskalaproin lustratuekin, laborariak brusa berriekin, haurrak burutsik saltaka haien aurrean, guztiak etxeratu egiten ziren. Eta gauera arte, bospasei gizon, beti berberak, kokiloan jokatzen geratzen ziren, ostatuko ate handiaren aurrean.

        Negua hotza izan zen. Kristalak, goizero, izotzez estalirik zeuden, eta argia, haietatik barrena zurizka, beira latzetan zehar bezala, batzuetan ez zen aldatzen egun osoan. Arratsaldeko laurak ezkero, lanpara piztu behar izaten zen.

        Eguraldi ona egiten zuenetan, jardinera jaisten zen. Ihintzak aza artean utziak zituen zilarrezko ehun-sareak batetik bestera hedatzen ziren hari argitsu luzez. Ez zen txoririk entzuten, dena loran zirudien, bai lastoz estalitako kereta bai mahatsondoa suge handi gaixo baten gisa horma-txapelaren pean, non ikusten baitziren, hurbilduz gero, hanka ugaridun kattalingorriak errestan. Llerkoen aldean, laparresiaren ondoan, bere breviarioa irakurtzen ari zen apaiz txapelokerdunak eskuineko oina galdua zuen, eta igeltsuak berak ere, izotzetan zartaturik, zaragar zuria sortua zuen bere aurpegian.

        Gero berriro igotzen zen, atea ixten zuen, txingarrak zabaltzen zituen, eta, suaren berotan ahulduz, unadurarik astunena sentitzen zuen bereganatzen. Pozik jaitsi zatekeen neskamearekin solasera, baina nolabaiteko ahalkeak eusten zion.

        Egunero, ordu berean, eskolamaisuak, zeta beltzezko boneta buruan, bere etxeko leihatilak irekitzen zituen, eta landazaina iragaiten zen, brusa gainean bere sablea zuela. Arratsean eta goizean, posta-zaldiek, hirunaka, kalea zeharkatzen zuten uraskara edatera joateko. Lantzean behin, taberna bateko ateak bere txilinari eragiten zion, eta, haizea zebilenetan, dendaren ezaugarritarako ziren motxailearen kobrezko bizarrontzitxoak karranka entzuten ziren bi burdinzirien gainean. Dekorazio gisa moda-grabatu zahar bat zeukan kristal baten kontra erantsita, eta ile horiak zituen argizarizko emakume-soin bat. Hark ere, ilemotxaileak, auhendatzen zuen bere bokazio huts egina, bere etorkizun galdua, eta, hiri handi batean, esateko Rouenen, adibidez, portu gainean, antzokitik hurbil, dendaren bat amestuz, han egoten zen egun osoan luze paseatzen, udaletxetik elizaraino, goibel, eta bezeroen esperoan. Madame Bovaryk begiak altxatzen zituenean, hantxe ikusten zuen beti, zentinela bat goardian bezala, bere boneta greziarra belarri gainean eta bere 'lasting' txamarrarekin.

        Arratsaldean, batzuetan, gizon baten burua agertzen zen salako leiarren atzean, buru brontzeatua, papilote beltzak, eta astiro irribarrez hortz zurizko irribarre zabal ezti batez. Berehala vals bat hasten zen, eta, organo-doinura, saloi txiki batean, behatz baten alturako dantzariak, zorongo arrosadun emakumeak, tiroles maripulixdunak, frak beltzez tximuak, galtza motzetan jaunak, jiraka eta jiraka egiten zuten besalki, kanape eta kontsola artean, urrekoloreko paperxerra batez haien ertzetan erantsirik zeuden ispilu-pusketan errepikatuz. Gizonak biraderari eragiten zion, eskubitara, ezkerretara eta leihoetarantz begiratuz. Aldian behin, kantoiharriaren kontra xistukada uher luze bat tukatzearekin batera, belaunaz altxatzen zuen bere tresna, zeinaren uhal gogorrak sorbalda nekatzen baitzion; eta, noiz minduraz eta errestan, noiz alai eta arin, tramankuluko musika burrundaka jalgitzen zen tafetan arroxazko errezeletik barrena, kobrezko arabeskodun sarearen azpitik. Beste nonbait, antzokietan, jotzen zituzten doinuak ziren, saloietan kantatzen zituztenak, arratsean armiarma-lanpara pizturen pean dantzatzen zituztenak, Emmarenganaino iristen ziren munduaren oihartzunak. Etengabeko zarabandak iragaiten ziren bere buruan, eta, tapiz bateko loreen gainean dantzari bat bezala, bere pentsamenduak jauzi egiten zuen notekin batera, ametsik amets kulunkatzen zen, tristurarik tristura. Gizonak bere elemusina honetan jasotzen zuenean, artile urdinezko estalki zahar bat zabaltzen zuen, bere tresna bizkarrera botatzen zuen eta pausaje nekosoz urruntzen zen. Emmak aldentzen begiratzen zion.

        Baina batez ere otordu garaian izaten zuen ezin jasana, eskaratzeko sala txiki hartan, berogailua kea zeriola, atea kirrinkaz, hormak izerditan, zorua ezkotua; bizitzako mingostasun guztia bere platerean zerbitzaturik iruditzen zitzaion, eta, saldaren lurrunarekin batera, bere arimaren zolatik igotzen zen beste hainbat garraztasun-bafadaren gisa. Charlesi luze joaten zitzaion jaten; Emmak ur batzuk kurruskatzen zituen, edota, ukondoa tinkaturik, bere aiztoaren puntaz ulearen gainean marrak egiten jostatzen zuen.

        Etxeko lanetan dena bere kasa uzten zuen orain, eta madame Bovary ama, garizumaren parte bat Tostesen pasatzera etorri zenean, biziki harritu zen aldakuntza honetaz. Izan ere, garai batean hain arduratsua eta zolia, orain ordea egun osoz geratzen zen jantzi gabe, algodoi grisezko galtzerdiak jantzi ohi zituen, kandelaz argitzen zen. Errepikatzen zuen, ekonomizatu beharra zegoela, ez baitziren aberats, eta eransten zuen oso pozik zegoela, oso zoriontsu zela, Tostes biziki atsegin zuela, eta bere amaginarrebari ahoa hertsarazten zioten beste zenbait erretolika berri. Gainera, Emmak ez zirudien jada haren aholkuei jarraikitzeko prest; behin halako batean, madame Bovary amak lehiatzeko burutazioa izan zuelarik, ezen ugazabek zaindu egin behar zutela beren sehien erlijioa, errainak begirada hain gozakaitzez eta irribarre hain hotzez erantzun zion, non emakume gajoa ez baitzen gehiago halakotan ausartu.

        Emma zaila ari zen bilakatzen, apetatsua. Zenbait plater eskatzen zuen beretzako, gero ez zuen ukitu ere egiten, egun batean ez zuen esne hutsa besterik edango, eta, biharamunean, te kikarak dozenaka. Sarritan, tematu egiten zen ez irteten, gero itolarriak izaten zituen, leihoak irekitzen zituen, arropa arinak jazten zituen. Bere neskamea ederki astindu ondoren, gero opariak egiten zizkion edota auzokoen etxera bidaltzen zuen denborapasa, halaber batzuetan eskaleei ematen zizkien bere poltsako txanpon zuri guztiak, nahiz eta ez izan inola ere bihozbera horratio, ezta ere besteren antsiak erraz hunkitzekoa, laborarien artetik irtendako jenderik gehiena bezala, beti gordetzen baitute ariman gurasoen eskuetako maskurduratarik zertxobait.

        Otsailaren bukaera aldera, Renault zaharrak, bere sendakuntzaren oroigarri, berak ekarri zion bere suinari puloi bikain bat, eta hiru egun geratu zen Tostesen. Charles bere gaixoekin lanpeturik izaki, Emmak egin zion lagun. Gelan pipatzen aritu zen, suburnietara tuka egin zuen, nekazaritzaz, zekorrez, behiez, hegaztiez eta udalaz mintzatu zen; alafede non, hura joan zenean, bera ere harritu zuen atseden sentimendu batez itxi baitzuen Emmak atea. Bestalde, ez zuen ezerekiko ez inorekiko arbuiorik ezkutatzen; eta noizbehinka iritzi bitxiak azaltzeari ekiten zion, onetsi ohi zena gaitzetsiz, eta gauza zitalak edo inmoralak onetsiz: eta horrek begiak zabal-zabal ireki arazten zizkion bere senarrari.

        Zorigaizto honek betirako iraun behar ote zuen? Ez al zen ba hartatik irtengo? Berak ere balio zuen horratio, zoriontsu bizi ziren emakume guzti haiek adina! Ikusiak zituen, Vaubyessarden, kaizu astunagoa eta portaera arruntagoak zituzten dukesak, eta Jainkoaren injustizia higuintzen zuen; burua horma kontra ipintzen zuen negar egiteko; bekaizti zen bizitza zalapartatsuez, gau mozorrotuez, plazer mutiriez, berak ezagutzen ez zituen eta hauek nonbait eman behar zituzten zorabio guztiengatik.

        Zurbiltzen ari zen eta bihotz-tupakoak izan ohi zituen. Charlesek suharbelarra eta alkanfor-bainuak hartu arazi zizkion. Entseiatzen zuten orok, are gehiago narriatzen zuela zirudien.

        Zenbait egunetan oparotasun sukarti batez eleketatzen zen; asaldapen hauei, Bat-batean, zurrundurak jarraikitzen zitzaizkien, non hitz egin gabe, mugitu gabe geratzen baitzen. Orduan suspertzen zuen gauza bakarra, potoxin bat Kolonia-ur besoetan zabaltzea izaten zen.

        Tostesez etengabe kexu zenez, Charlesi iruditu zitzaion, haren gaitzaren arrazoia herri hartako eraginen batean zetzala zalantzarik gabe, eta, ideia horretan finkaturik, beste nonbaitera mediku joatea pentsatu zuen serioski.

        Hartan, Emmak ozpina edan zuen argaltzearren, eztul txiki lehor bat harrapatu zuen eta zeharo galdu zuen jangura.

        Kostatzen zitzaion Charlesi Testes uztea, lau urtez egon ondoren eta bertan tokia egiten hasia zen momentuan. Beharrezkoa bazen, ordea! Rouena eraman zuen, bere irakasle-ohia ikustera. Nerbiotako gaitza zen: giroz aldatu behar zuen.

        Batera eta bestera bila ibili ondoren, Charlesek jakin zuen, bazela, Neufchatelgo eskualdean, Yonville-l'Abbaye zeritzan herri handi bat, eta bertako medikua, poloniar errefuxiatu bat, aurreko astean aldegin berria zela. Beraz herriko botikarioari idatzi zion galdetuz ea zenbatekoa zen biztanlegoa, hurbileneko ofiziokidea zer distantziatara aurkitzen zen, lehengo medikuak urtean zenbat irabazten zuen, e.a.; eta, erantzunak atseginkorrak izan zirenez, udaberri aldera hara aldatzea erabaki zuen, baldin eta Emmaren osasuna hobetzen ez bazen.

        Egun batez, abioaren aurrikuspenean kaxoi bateko gauzak zuzentzen ari zela, behatzak zulatu zituen zerbaitekin. Bere ezkontzako loresortaren burdinazko hari bat zen. Laranja-loreak hautsez hori zeuden, eta satenezko xingolak, zilarrezko eraztunak, bazterretan listen ari ziren. Surtara bota zuen. Lasto lehorra baino aiseago sutu zen. Gero errauts gainean sasi gorri bat bezala izan zen, eta poliki-poliki karraskatzen zihoan. Erretzen begira egon zitzaion. Kartoizko bikor txikiek zapart egiten zuten, latoizko hariak bihurritu egiten ziren, galartzua funditu egiten zen; eta paperezko lorehostoak, malgorturik, tximeleta beltzen gisa plakan zehar kulunkatuz, azkenean hegan joan ziren tximiniatik barrena.

        Tostesetik joan zirenean, martxoan, madame Bovary haurdun zegoen.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia