—VIII—

 

        Gaztelua, eraikuntza modernokoa, italiar erakoa, bi hegal aurreraturekin eta hiru harreskilararekin, belaze zabal baten behealdean hedatzen zen, non behi batzuk baitzebiltzan larrean, zuhaitz handitako basagunetxo sakabanaturen artean, eta zuhamuxka mordoskak berriz, rododendroak, seringak eta andurak berde desberdinezko beren muluak kapelutzen zituzten hondarrezko bidearen lerro bihurrian barrena. Erreka bat pasatzen zen zubi baten azpitik; laino artean sumatzen ziren lastozko teilatudun eraikin batzuk, han-hemenka banaturik belazean, zeina basoz estalitako bi hegik inguratzen baitzuten isuri leunean, eta atzealdean, muinoetan, bi lerro paralelotan altxatzen ziren estalpeak eta ikuiluak, aintzinako gaztelu eraitsitik gordetako hondakinak.

        Charlesen boc-a erdiko harreskilararen aurrean gelditu zen; zerbitzari batzuk agertu ziren; Markes jauna aurreratu zen, eta, medikuaren emazteari bere besoa eskainiz, eskaratzera lagundu zion.

        Oso altua, marmolezko lauzaz zolaturik zegoen, eta ahotsekin batera eliza batean bezala durundatzen zuten oin hotsek. Aurrez aurre eskilara bat zihoan zuzen gora, eta ezkerretan jardinerantz ematen zuen loriobide batek billar-salara zeraman, nondik entzuten baitziren, atera orduko, bolizko bolen karanbolak. Areto nagusira joateko hura zeharkatzen ari zela, jokoaren inguruan ikusi zituen Emmak aurpegi zuhurreko gizonak, korbata altuen gainean kokotsa pausaturik, guztiak kondekoratuak, eta billarreko makilari eraginez isilean irribarreka. Hormetako zur ilunaren gainean, urrekoloreko marko handi batzuk beren ertzaren behealdean letra beltzez idatzitako izenak zeramatzaten. Emmak irakurri zuen: «Jean-Antoine d'Andervilliers d'Yverbonville, Vaubyessadko kondea eta Fresnayeko baroia, Coutrasko guduan hila 1587.eko urriaren 20an». Eta beste batean: «Jean-Antoine-Henry-Guy d'Andervilliers Vaubyessardkoa, Frantziako almirantea eta Saint-Michel ordenako zalduna, Hougue-Saint-Vaasteko gudukan zauritua 1692.eko maiatzaren 29an, Vaubyessarden hila 1693.eko urtarrilaren 23an». Gero, ozta hautematen ziren ondoren zetozenak, zeren lanparen argiak, billarreko ehun berdearen gainera jaurtikirik, ilungunea uzten baitzuen aretoan kulunkatzen. Mihise horizontalak nabartuz, hauen kontra zartatzen zen ertz zorrotzetan, bernizaren arraildurei jarraiki. Eta urrez islaturiko karratu beltz handi hauetatik guztietatik, pinturaren zati argiagoren bat edo beste nabarmentzen zen, han-hemenka, bekoki zurail bat, zuri begira zeuden bi begi, jantzi gorrien sorbalda hautseztatuaren gainean ileordeak deskiribiltzen, edota galtzari baten mihiztoa izter mardul baten goian.

        Markesak ireki zuen saloiko atea; dametariko bat zutitu egin zen (andere Markesa berbera), Emmarengana etorri zen eta bere alboan eserarazi zuen, zizailu batean, eta lagunkiro solasean hasi zitzaion, aspaldidanik ezagutu izan balu bezala. Berrogei urte inguruko emakumea zen, soinez ederra, sudur makoa, ahots errestakorra, eta bere ile gaztainkararen gainean, arrats hartan, puntuzko burukozapi sare bat zeraman atzealdera triangeluan erortzen zitzaiola. Gazte horail bat zegoen bere ondoan, bizkar luzeko aulki batean; eta beren jakaren botoizuloan lore txiki bana zeramaten jaun batzuk, damekin solasean ari ziren tximiniaren inguruan.

        Zazpietan zerbitzatu zuten afaria. Gizonak, ugariago izaki, eskaratzean lehen mahaian eseri ziren, eta damak bigarrenean, jangelan, Markes eta Markesarekin.

        Emma, sartzean, giro bero batez inguraturik sentitu zen, loreen eta dafaileria ederraren lurrin nahasiarekin, jakien lurruna eta trufen usainarekin batera. Argimutiletako kandelek zilarrezko gazta-ontzien gainera luzatzen zituzten garrak; kristal zizelatuek, gandu hitsez estaliak, argizpi zurbilak bidaltzen zizkioten elkarri; loresortak zerrendan zeuden mahai guztian luze, eta, hegal zabaldun plateretan, mahaizapiek, gotzai-kapeluren antzera moldatuak, bakoitzak opiltxo obalatu bat zeukaten beren bi tolesduren ahozabalaren barruan. Abakandoen hagin gorriek erretiluak gainditu egiten zituzten; fruitu handiak otarre saretan mailakaturik zeuden goroldio gainean; galeperrek beren lumak zituzten, lurruna zerien; eta, zetazko galtzerdiak jantzita, galtza motzetan, korbata zuria eta paparoa, epaile bat bezain borbots, mahai-zainak, afaltiarren sorbalden artean okela zatikatuen erretiluak pasatuz, bere goilararen kolpe batez jauzarazten zuen zeuk aukeratutako puska. Kobrezko barradun portzelanazko berogailu handiaren gainean, kokotseraino jantzitako emakume-estatua batek ekuru begiratzen zuen jendez betetako aretora.

        Bovary andreak hauteman zuen, dama askok ez zituztela ipini eskuestalkiak beren edalontzietan.

        Bitartean, mahaiaren goiko muturrean, emakume guzti haien artean bakarrik, bere plater betearen gainera makurturik eta haur batek bezala dafaila lepoan loturik, agure bat jaten ari zen, ahotik saltsa zeriola tantaka. Begiak gorriturik zeuzkan eta txikorda txiki bat zeraman xingola beltz batez loturik. Markesaren aitaginarreba zen, Laverdiere duke zaharra, Artoisko kondearen begikoa izana, Vaudreuilgo ehiza-saioen garaian, Conflansko markesaren etxean, eta, ziotenez, Marie-Antoinette erreginaren amorantea izana monsieur de Coignyren eta monsieur de Lauzunen artean. Nabarmenkeriaz gainezkako bizitza zuen eramana, dueluz, jokoz, emakume-ebasketaz betea, bere ondasun guztiak xahutu zituen eta bere familia guztia izutu. Morroi batek, haren aulkiaren atzean, ozenki izendatzen zizkion, belarrira, berak totelka behatzez seinalatzen zituen erretiluak; eta beti ere, agure ezpain-dilingo horrengana itzultzen ziren Emmaren begiak bere kasa, gauza harrigarri eta miresgarriren batera bezala. Gortean bizi izana zen eta erreginaren ohean etzan izana!

        Champagneko ardoa izotzetan zerbitzatu zuten. Emma bere larrazal osoaz hotzikaratu zen bere ahoan haren hotza sentitzean. Granadak inoiz ikusi gabe eta ananak sekulan jan gabe zegoen. Azukre hautsa bera ere beste edonon baino zuriagoa eta finagoa iruditu zitzaion.

        Damak, ondoren, beren geletara igo ziren dantzarako prestatzera.

        Aktoresa baten estreinaldiko kontzientzia arretatsuaz apaindu zen Emma. Ileapaintzailearen gomendioen arabera adelatu zuen bere ilea, eta ohearen gainean zabaldutako bere oihalezko soinekoan sartu zen. Charlesi sabela estutzen zioten galtzek.

        — Orkaiek traba egingo didate dantzarako, esan zuen gizonak.

        — Dantza? ihardetsi zuen Emmak.

        — Bai!

        — Baina zoratu egin zara! zutaz trufatuko lirateke, gera zaitez zure lekuan. Bestalde, mediku batentzat egokiago da, erantsi zuen.

        Charles isildu egin zen. Gelaren mutur batetik bestera zebilen, Emma jantzi arte zain.

        Atzetik ikusten zuen, ispiluan, bi argiontziren artean. Haren begi beltzek are beltzago ziruditen. Bere adatsek, belarrietarantz leunkiro harrotuak, printzel urdinez distiratzen zuten; arrosa batek bere mototsean dardara egiten zuen xuxtar higikorrean, bere hostoen ertzean ur tanta aizun batzuekin. Soineko zafran zuraila zeraman, berdez nahasturiko ipotxarrosazko hiru xortaz dotoreturik.

        Charles sorbaldan musu ematera etorri zitzaion.

        — Utz nazazu! esan zion, dena zimurtzen didazu.

        Bibolinen ritornello bat entzun zen, eta turuta baten soinua. Emmak eskilarak jaitsi zituen, ez korritzen saiatuz.

        Koadrilak hasiak ziren. Jendea heltzen ari zen. Elkarri bultzaka. Bera ate ondoan pausatu zen, aulkitto batean. Kontradantza bukatu zenean, lekua libre geratu zen zutik solasean ari ziren gizonezko taldeentzako eta erratilu handiak zekartzaten libreadun sehientzako. Eseritako emakumeen zerrendan, haizagailu pintatuak astintzen ziren, loresortek erdizka ezkutatzen zituzten aurpegietako irribarreak, eta urrezko tapoidun potoxinak esku erdi-irekietan jiraka zebiltzan, beraietako eskuzorro zuriek hatzazalen forma markatu eta eskumuturretako haragia hertsatzen zutelarik. Egalun apainduriek, diamantezko orratzek, dominazko eskuturrekoek ikara zegiten gorontzetan, distira bularretan, soinua beso biluzietan. Adatsek, bekokian ongi erantsiak eta garondoan bihurrituak, koroa, luku edo xorta modura zeuzkaten miosotiak, jazminak, granada-loreak, galburuak edo nabarloreak. Bake-bakean beren lekuetan, bekozko iluneko ama batzuk turbante gorriz jantzita zeuden.

        Bere zaldunak behatz-puntetatik heldurik, ilaran jartzera joan zenean eta dantzari ekiteko arku-kolpearen zain egon zenean, pixka bat taupaka egin zion Emmari bihotzak. Baina emozioa berehala desagertu zen; eta, orkestraren erritmoan kulunkatuz, aurrerantz lerratzen zen, idunaren mugimendu zoliekin batera. Irribarrea jalgitzen zitzaion ezpainetara arrabitaren zenbait samurtasun bide, honek, batzuetan, bakarrik jotzean, beste instrumentuak isiltzen zirenean; urrezko luisen soinu garbia entzuten zen alboan, mahaietako tapizaren gainera jaurtikitzen; gero berriro hasten zen dena batera, pistoizko turutak soinu printzal bat botatzean. Oinak batera jausten ziren, gonak puztu egiten ziren eta elkar ferekatu, eskuak elkarri eman, eta askatu; begiak ere, zure aurrean beheratuz, zureetan tinkatzera itzultzen ziren.

        Gizon batzuk (hamabostekoren bat) hogeita bostetik berrogei urtetara bitartekoak, dantzarien artean sakabanatuak nahiz ate ondoetan solasean, famili-aire batez bereizten ziren jende multzotik, beraien arteko adin, jazkera edo aurpegi diferentziak edozein izanik ere.

        Beren jantziek, hobeto eginak, oihal zaluagozkoak ziruditen, eta haien ileek, lokiak aldera kiribilez moldatuak, ukendu finagoz lustratuak. Aberastasunaren larrantza zeukaten, portzelanen xuailtasunak, satenaren leinuruak, haltzari ederren bernizak nabarmenagotzen duten larrantz zuri hori, eta elikadura gozoren erregimen zogi batek osasuntsu mantentzen duena. Haien idunak aise jiratzen ziren korbata zapalen gainean; haien papilote luzeak iduneko zabalen gainera erortzen ziren; inizial handi batez brodaturiko musuzapiez xukatzen zituzten ezpainak, eta usain eztia zerien. Zahartzen hasiak zirenek gazte itxura zuten, eta heldutasunezko zertxobait nabari zen aldiz gazteen aurpegietan. Beren begirada aihergabeetan, egunik egun asetako irritsen naretasunak flotatzen zuen; eta, beren jarduera baretsuen bidez ateratzen zen gauza erdierrazak menderatzeak ematen duen mutirikeria berezi hori, zeinetan indarra erabiltzen baita eta harrokeria laketzen baita, arrazako zaldiak meneratzea eta emakume galduen lagunartea.

        Emmarengandik hiru pausotara, urdinez jantzitako zaldun bat Italiaz hitz egiten ari zen perlazko apaindura zeraman emakume gazte zuhail batekin. Goresten ari ziren San Pedroko zutabeen lodiera, Tivoli, Vesuvio, Castellamare eta Cassineak, Genovako arrosak, Coliseoa ilargi-argitan. Emma entzuten ari zen bere beste belarriaz, ulertzen ez zituen hitzez jositako elkarrizketa bat. Inguraturik zeukaten mutil gaztetxo bat, zeinak, aurreko astean, «Miss Arabelle» eta «Romulus» garaitu eta bi mila luis irabazi baitzuen lezoin bat saltatzen, Ingalaterran. Bata bere lasterkariez kexu zen, gizendu egiten baitziren; beste bat inprimategiko akatsez, bere zaldiaren izena andeatu baitzuten.

        Dantza-aretoko airea astuna zen; argiak larutzen ari ziren. Billar-aretora gibelatzen ziren. Sehi bat aulki batera igo zen eta bi kristal puskatu zituen; beiraki pusken zaratara, madame Bovaryk burua jiratu zuen eta jardinean, leihoen kontra, begira zeuden laborari-jendearen aurpegiak hauteman zituen. Orduan Bertauxen oroipena heldu zitzaion. Berriro bere etxaldea ikusi zuen, aintzira zingiratsua, bere aita atorra jantzirik sagastian, eta bere burua ere ikusi zuen, garai batean bezala, esnetegian tupinetako esnegaina behatzaz biltzen. Baina, oraingo oreneko distiretara, bere iraganeko bizitza, ordurarte hain argitsua, zeharo histen zen, eta zalantzan jartzen zuen bizi izana ere ia. Bera han zegoen; bestez, dantzaren inguruan, itzala besterik ez zegoen, gainerako guztiaren gainean kokatuta. Ezkerreko eskuaz maskor urregorri batean eusten zion marraskinezko elatu bat jaten ari zen, eta begiak erdizka ixten zituen, goilarea hortzetan zuela.

        Dama batek, bere alboan, haizagailua lurrera erortzen utzi zuen. Dantzari bat ari zen pasatzen.

        — Egingo al zenidake, jauna, esan zuen damak, kanape honen atzean dagoen nire haizagailua jasotzeko mesede?

        Jauna makurtu zen, eta, bere besoa luzatzeko mugimendua egiten zuen bitartean, Emmak dama gaztearen eskua ikusi zuen haren kapelara gauza zuriren bat, triangelutan tolesturik, botatzen. Jaunak haizegailua jasoz, damari eskaini zion, begirunez; damak buruaren keinu batez eskerrak eman eta bere loresorta usaintzeari ekin zion.

        Afariaren ondoren, non ugari izan baitziren Espainiako ardoak eta Rhineko ardoak, zopak karramarroekin eta almendra-esnearekin, Trafalgar erako puddingak eta mota guztietako okela hotzak inguruan jelatinarekin erretiluetan dildil egiten zutela, kotxeak, bata besteen ondoren, joaten hasi ziren. Muselinazko gortina ertzetik apartatuz, beren linternen argia ilunpean errestatzen ikusten zen. Eserlekuak argitu egin ziren; jokalari batzuk geratzen ziren artean; musikariek beren behazpuntak freskatzen zituzten beren mihingainetan; Charles erdilotan zegoen, bizkarra ate baten kontra tinkaturik.

        Goizeko hiruretan, kotiloia hasi zen. Emmak ez zekien baltsean. Mundu guztia baltsean zebilen, baita mademoiselle d'Andervilliers bera eta andere Markesa ere. Gazteluko ostatiarrak besterik ez zen geratzen, dozena bat pertsona gutxi gora behera.

        Hartan, nabasiki Bizkondea deitzen zioten baltselari bat, zeinaren maripulix oso irekiak bere bular ondoan orkoitua baitzirudien, bigarren aldiz ere etorri zen madame Bovary gonbidatzera, berak gidatuko zuela eta oso ongi moldatuko zela ziurtatuz.

        Geldiro hasi ziren, gero lasterrago segitu zuten. Jiraka zebiltzan: dena zebilen jiraka beren inguruan, argiak, altzariak, zurezko hormak, eta zorua, pibote puntan diska bat bezala. Ateen ondoan pasatzean, Emmaren soinekoa, barreneko aldean gizonaren galtzei atxikitzen zitzaien; bere hankak elkarren artera sartzen ziren; gizonak berarengana jaisten zituen begiradak, berak harengana jasotzen zituen bereak; lozorroa bezala zetorkion, gelditu egin zen. Berriro ekin zioten; eta, mugimendu arinago batez, Bizkondea, bera eramanez, berarekin desagertu zen lorioaren muturreraino, non, hatsanka, erortzeko zorian egon baitzen emakumea, eta, une batez, burua haren bular gainean pausatu zuen. Eta gero, beti ere jiraka, baina polikiago, berriro bere lekura eraman zuen; hormaren kontra sostengatu zen eta eskua begien aurrean ipini zuen.

        Berriro ireki zituenean, aretoaren erdian, aulkixut batean eseritako dama batek hiru baltselari zituen belauniko bere aurrean. Hark Bizkondea hautatu zuen, eta bibolina berriro jotzen hasi zen.

        Haiei hegira zeuden; iragaiten ziren eta berriro itzultzen ziren, emakumea gorputzez ekuru eta kokotsa apal, eta gizona beti jarrera berean, sorbaldak atzeraka, ukondoa makoturik, ahoa aurrerantz. Hark bai bazekien baltsean, emakume hark! Denbora luzez jarraitu zuten eta beste guztiak nekarazi zituzten.

        Oraindik ere zenbait minutu solasean egin zuten, eta, agurren ondoren, edo hobeto egunonen ondoren, gazteluko ostatiarrak ohantzera joan ziren.

        Charles errestan zihoan aldapan gora, belaunak gorputzean sartzen zitzaizkion. Bost ordu segidan paseak zituen, zutik mahaien aurrean, whistera jokatzen begira, hartaz ezer ulertu gabe. Eta bere botak atera zituenean atseden-suspirio handi bat ere bota zuen.

        Emmak besana bat ipini zuen bere sorbaldetan, leihoa ireki zuen eta ukondoak bertan pausatu zituen.

        Gaua beltza zen. Euri tanta batzuk ari zituen. Betazalak freskatzen zizkion haize hezea arnastu zuen. Dantzako musikak burrunba egiten zuen artean bere belarrietan, eta bere ahaleginak egiten zituen esna mantentzeko, laster abandonatu behar izango zuen luxuzko bizitza honen lilura luzatzearren.

        Egunsentia argitzen hasi zuen. Gazteluko leihoei begira egon zen, luzaro, bezperan hauteman zituen guzti haien gelak zeintzuk ote ziren asmatzen saiatuz. Haien bizitzak ezagutzea, haietan sartzea, haietan nahastea nahi izango zukeen.

        Baina hotzak ikaraz zegoen. Erantzi zen eta izaren artean kiribildu zen, lotan zetzan Charlesen kontra.

        Jende asko izan zen gosaltzen. Otorduak hamar minutu iraun zuen; ez zen inolako likorerik atera, eta horrek medikua harritu egin zuen. Ondoren mademoiselle d'Andervilliersek opil hondarrak otarretxo batean bildu zituen, urmaheleko zisneei eramateko, eta negutegi beroan paseatzera joan ziren, non, ontzi eskegiren azpian piramidetan mailakatzen baitziren landare bitxiak, ilez laztuak, zeinek, suge-habi beteegiak bezala, dilindan erortzen uzten baitzituzten, beren ertzetatik, kordoi luze berdeak elkarren artean korapilaturik. Azkeneko muturrean zegoen laranjadiak, aterberik aterbe zeraman gazteluaren etxakoetaraino. Markesak, emakume gaztea laketzearren, zaltegiak ikustera eraman zuen. Saski antzeko ganbelen gainaldean, portzelanazko plaka batzuk beltzez zeramaten zaldi bakoitzaren izena. Abereak zalapartatu egiten ziren beren tokian, ondoan mihia klaskatuz pasatzean. Zelategiko zoruak iñatu egiten zuen saloi bateko oholtzak bezala. Zalgurdi pildak bi zutabe jirakorretan jasorik zeuden erdian, eta ahokoak, zaharoak, erremalak, txarrantxak horman zehar zerrendan ipinita.

        Charles, bitarte horretan, sehi bati eskatzera joan zen, bere boc-a uztar zezan. Harreskilararen aurrera atera zioten eta, pardel guztiak bertan sarturik, Bovary senar-emazteek Markes jaunari eta Markesa andereari beren esker-agurrak azaldu zizkieten, eta Tostes aldera abiatu ziren.

        Emmak, isilik, gurpilei begiratzen zien jiratzen. Charlesek, eserlekuaren muturreko ertzean eserira, bi besoak aldebanaturik gidatzen zuen, eta zalditxoa trosta-ibilian zihoan, berarentzat zabalegi ziren gurtagen artean. Hedeak lasa, gilborra jotzen zuten bertako izerdiz hanpatuz, eta boc-aren atzealdean estekaturiko kaxak gurtesiaren kontra ematen zituen danbatako handi erregularrak.

        Thibourvilleko lepoetan ziren eta horra non beraien aurretik, Bat-batean, zaldun batzuk pasatu ziren barrez, hortzetan zigarroak zituztela. Emmak haien artean Bizkondea ezagutu uste izan zuen; jiratu zen, eta ez zuen hauteman hortze-hegian jaisten eta igotzen buruen mugimendua besterik, trostaren edo asapalaren kadentzia desberdinaren arabera.

        Legoa laurden bat aurrerago, gelditu egin behar izan zuten, hautsita zegoen aztanuhala konpontzeko, sokaz.

        Baina Charlesek, pildei azken begirada bat botatzerakoan, lurrean zerbait ikusi zuen, bere zaldiaren hanka artean; eta zigarro-toxa bat jaso zuen dena berdez brodatua eta bere erdian armarri irudiarekin, zalgurdi baten atea bezala.

        — Eta gainera barruan bi zigarro daude, esan zuen; gaur arratserako, afalondorako.

        — Erretzen al duzu ba? galdetu zuen emazteak.

        — Noizbehinka, aukera suertatzen denean.

        Bere aurkipena poltsikoan sartu zuen eta bere xamalkoari zaharoz eragin zion.

        Beren etxera iritsi zirenean, afaririk ez zegoen prest. Etxekoandrea haserretu egin zen. Nastasiak ozarki erantzun zion.

        — Hanka hemendik! esan zuen Emmak. Hau maxiatzea da, alde etxe honetatik.

        Afaltzeko tipula-zopa zegoen eta zekorki zati bat mingotxetan. Charlesek, Emmaren aurrean eserita, aire zoriontsuz eskuzabalak igurtziaz esan zuen:

        — Atsegin da berriro etxean egotea!

        Nastasia negarrez entzuten zen. Charlesek maite zuen pixkatxo bat neska gajo hura. Hark lagun egin izan zion, garai batean, arrats askotan ere askotan, bere alargun-denborako astisoberatan. Hura izan zuen bere lehen bezeroa, herriko bere ezagun aintzinakoena.

        — Benetan kanpora bota al duzu? esan zuen azkenik.

        — Bai. Eta nork eragotziko dit? erantzun zuen andreak.

        Gero sukaldean berotu ziren beren gela prestatzen zuten bitartean. Charles zigarroa erretzen hasi zen. Ezpainak luzatuz erretzen zuen, unetik unera ttuka, ahotara bakoitzeko atzera eginez.

        — Zeure buruari kalte egingo diozu, esan zuen emazteak erdeinuz.

        Bere zigarroa utzi zuen, eta lasterka joan zen ponpatik baso bat ur hotza irenstera. Emmak, zigarro-toxa atxiki eta arramario-zokora bota zuen arin.

        Egun luzea izan zen, biharamunekoa. Bere jardintxoan paseatzen ibili zen, bidatz beretarik iraganez eta itzuliz, loresailen aurrean, kereten aurrean, igeltsuzko apaizaren aurrean geldituz, berak hain ongi ezagutzen zituen garai bateko gauza hauek guztiak liluraz begiztatuz. Bai urrun iruditzen zitzaiola, dagoeneko, dantza hura! Nork aldentzen ote zituen ba, elkarrengandik hain urrun, herenegungo goiza eta gaurko arratsaldea? Vaubyessarderako bere bidaiak bere bizitzan zulo bat egina zuen, ekaintz batek, gau bakar batean, mendietan noizbehinka irekitzen dituen arraildura handi horiek bezala. Halere etsi egin zuen: bere soineko ederra begirunerik handienaz jaso zuen komodan eta satenezko bere oinetakoak ere, beren zola zoruko argizari limurikorrez horizkatua zutela. Bere bihotza haiek bezalaxe zegoen: aberastasunarekin ferekatzeaz, ezabatuko ez zen zerbait kokatua zuen gainean.

        Zeregin bat izan zen beraz, Emmarentzat, dantza haren oroitzapena. Asteazkena iristen zen guztietan, bere buruari esaten zion esnatzean: «Ah! duela zortzi egun... duela hamabost egun... duela hiru aste, hantxe nintzen!». Eta poliki-poliki fisonomiak nahasten joan zitzaizkion oroimenean; kontradantzen doinua ahaztu zitzaion; jada ez zituen ikusten hain argiro sehi libreadunak eta gelak; xehetasun batzuk joan egin ziren, baina atsekabea geratu egin zitzaion.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia