—VII—

 

        Batzuetan pentsatzen zuen bai, haiexek zirela hain zuzen bere bizitzako egunik ederrenak, eztei-ilargi egunak, esan ohi zen bezala. Hauen gozoa dastatzeko beharrezkoa zatekeen, dudarik gabe, ezkontzaren biharamunek nagi samurragoak dituzten herrialde izen-ozendun horietarantz joatea! Posta-aulkitan, zeta urdinezko errezelen pean, pausoka igotzen da bide mukerretan gora, zaltzainaren abestia entzunez, ahuntzen zintzarriekin eta urjauziaren azantz sorrarekin batera mendian errepikatzen dela. Eguzkia sartzen denean, zitroinondoen lurrina arnasten da itsasgolkoetako ertzean; gero, arratsean, txaletetako terrazan, biak bakarrik eta elkarren behatzak antxumaturik, izarrei begira egon proiektuak egiten. Iruditzen zitzaion, lurbirako zenbait lekuk zoriona ekoitzi behar zutela, zenbait lurretako propiala den eta beste edonon gaizki hazten den landarea bezala. Eta berak ezin ordea Suitzako txaleten balkoian ukondoak pausatu edo Eskoziako landetxe baten barruan bere tristura hertsitu, balusa beltzezko frak barren-luzeduna soinean eta bota bigunak oinetan eta kapelu txurruiloa eta eskuturretako farfailaz jantzitako senar batekin!

        Berak agian gogoa izango zukeen gauza hauen guztien konfidentzia norbaiti egiteko. Baina nola aditzera eman, ordea, lainoak bezala itxuraz aldatzen den, haizea bezala zurrunbilotzen den ondoez atxikiezin bat? Eta hitzak falta zitzaizkion, eta aukera, eta ausardia.

        Charlesek nahi izan balu halere, susmatu izan balu, haren begirada, behin bederen, bere pentsamenduarekin topo egitera etorri balitz, bere bihotzetik oldarrezko oparotasuna jalgi zatekeela iruditzen zitzaion, kereta batetik uzta erortzen den bezala eskua bertara luzatu orduko. Baina beren bizitzako intimitatea hersten zihoan heinean, harengandik banantzen zuen barne-etendura bat egiten ari zen.

        Charlesen elkarrizketa lana zen kale bateko espaloia bezala, eta mundu guztiaren ideiek han desfilatzen zuten, beren janzkera arruntean, hunkipenik, barrerik edo ametseriarik kitzikatu gabe. Berak zioenez, Rouenen bizi izan zen bitartean inoiz ez omen zuen grinarik izan teatrora Parisko aktoreak ikustera joateko. Ez zekien igeri egiten, ez armak erabiltzen, ez pistolaz tiratzen eta, behin batez, ezin izan zion esplikatu nobela batean aurkitua zuen zaldiketa-termino bat.

        Gizon batek, ordea, ez al zuen ba dena ezagutu behar, askotariko jardueratan gailendu behar, irritsaren kemenetan, bizitzako findadeetan, misterio guztietan emakumea eskolatu behar? Baina honek ez zuen ezer irakasten, ez zekien ezer, ez zuen ezer desio. Hark uste zuen zoriontsu zela emaztea; eta honek ezin zion eraman hain ongi finkaturiko baretasun hura, pisutasun lasai hura, ezta hark ematen zion zoriona bera ere.

        Batzuetan marrazten aritzen zen; eta Charlesentzat biziki laketgarri izaten zen hantxe geratzea, zut-zutik, hari begira bere kartoi gainean makurturik, begiak keinaka, bere obra hobeto ikustearren, edo erpuruaz ogi-mamizko bolatxoak borobiltzen. Pianoari dagokionez, zenbat eta azkarrago bere behatzek korritu, hainbat eta liluratuago senarra. Tentu zuhurrez sakatzen zuen tekla gainean, eta teklatu guztia zeharkatzen zuen goitik beheraino etenik egin gabe. Hark horrela eraginik, tresna zahar hura, zeinaren hariak dardarikatu egiten baitziren, herrian barrena azkeneko muturreraino ere entzuten zen, baldin eta leihoa irekita bazegoen, eta sarritan herriko aguazila, burutsik eta oski-erresta errepidean aurrera zihoala, hura entzuten geratzen zen, bere paper-orria eskuan.

        Emmak, bestalde, bazekien bere etxea eramaten. Gaixoei bisiten kontua bidaltzen zien, faktura usainik ez zuten ongi moldaturiko gutunetan. Igandetan edo, afaltzera auzotarren bat zutenean, plater apainik eskaintzeko modua aurkitzen zuen, klaudia-aranak mahats-hostoren gainean piramidetan ipintzeko moldatzen zen, konfitura-potoak plater batean iraulita ateratzen zituen, eta bazkalbururako ahoa garbitzekoak erosteaz ere hitz egiten zuen. Guzti honetatik Bovaryrenganako begirune handia jalgitzen zen.

        Horrelako emaztea zeukalako bere burua gehiagotzat estimatuz bukatzen zuen Charlesek. Harro erakusten zituen, salan, berun-arkatzezko bi krokis txiki, zeinak senarrak berak markozta arazi baitzituen marko oso zabalez eta hormako paperaren kontra eskegi kordoi berde luze batzuez. Mezatatik irtetean, bere atarian ikusiko zenuen tapizeriazko oski-erresta eder batzuekin.

        Berandu zen etxeratzen, hamarretan, batzuetan gauerdian. Orduan jateko zerbait eskatzen zuen, eta, neskamea oheraturik izaten zenez, Emma izaten zen zerbitzatzen ziona. Bere xenila erantzi egiten zuen laketkiago afaltzeko. Bata bestearen ondoren esaten joaten zen zein jenderekin topo egin zuen, zein herritan izan zen, zein errezeta idatzi zituen eta, bere buruaz asebeterik, okela-saltsaren hondarrak jaten zituen, bere gaztaren azala zuritzen zuen, sagar bat hozkatzen zuen, bere txanbila husten zuen, ondoren ohera joaten zen, bizkar gainean etzaten zen eta zurrunga egiten zuen. Denbora luzez algodoizko txanoaren ohitura izana zuenez, bere burukozapia ez zitzaion belarrietara atxikirik mantentzen; beraz ileak, goizerako, aurpegira erortzen zitzaizkion nahas-mahas eta bere burukoaren lumatxaz zuriturik, honen xingolak askatu egiten baitziren gauean zehar. Bota sendarrak eramaten zituen beti, hanka-muturretik orkatilerantz bi tolesdura lodik saihesten zutela, aldiz domuaren gainerakoak lerro zuzenean segitzen zuela, zurezko oin batek bezala teinkatuta. Berak zioenez, aski eta sobera ona zen landarako.

        Bere amak onetsi egiten zuen ekonomia honetan; zeren lehenago bezalaxe etortzen baitzitzaion bisitan, bere etxean ekaitz bortiz-xamarren bat izana zuenean; eta halere madame Bovary amak bere errainaren kontra erne jarrita zirudien. Beren fortuna-egoerarako aukeran harroxkotsuegi kausitzen zuen; egurra, azukrea eta kandela etxe handi batean bezala joaten ziren, eta sukaldean erretzen zen su guzti hura aski zatekeen hogeita bost plater prestatzeko! Berak jasotzen zuen arropa zuria arramarioetan eta okela ekartzen zuenean harakinari kontu hartzen irakasten zion; Emmak onartzen zituen lezio hauek; eta madame Bovary amak barra-barra ematen zizkion; eta 'amatxo' eta 'alabatxo' hitzak hitzetik hortzera erabiltzen ziren egun osoan zehar, ezpainetako dardaratxo batekin batera, bakoitzak bere mintzo gozoak amorru dardarizozko ahotsez botatzen zituztela.

        Madame Dubuc zenaren garaietan, ama zaharra gogokoentzat sentitzen zen artean; baina orain, Emmarenganako Charlesen amodioa berarenganako maitasunetik desertzioa iruditzen zitzaion, berea zuen horren kontrako inbasioa; eta bere semearen zorionari isiltasun triste batez erreparatzen zion, porrot egindako pertsona batek bere aintzinako etxean mahairaturik leiarretatik barrena jendeari begiratzen dion bezala. Bere semeari gogorarazten zizkion, oroitgarri gisa, bere neke eta sufrikarioak, eta, Emmaren arduragabekeriekin konparatuz, ondorio gisa ateratzen zuen ez zela inola ere arrazoizkoa hain era esklusiboan adoratzea hura.

        Charlesek ez zekien zer erantzun; bere ama errespetatzen zuen, eta baina bere emaztea amaigabe maite zuen; bataren ebazpena hutsezinezkotzat ematen zuen, eta bestea ordea hutsgabeko aurkitzen zuen. Madame Bovary ama joan ondoren, herabeki saiatzen zen gizona, eta haren hitz beretan, bere amatxori jalgitzen entzunak zizkion ohartarazpen hutsalenetariko bat edo beste menturatzen; Emmak, oker zegoela hitz batean frogatu eta bere gaixoengana bidaltzen zuen.

        Halatan Emmak, onak zirela uste zuen teorien aranera, bere buruari maitasuna opa nahi izan zion. Ilargi argitan, jardinean, errima leratsuetarik buruz zekien oro errezitatzen zuen eta adagio malenkoniatsuak kantatzen zizkion hasperenka; baina bera ondoren ere aurrez bezain bare aurkitzen zen, eta Charlesek ez zirudien maiteminduago ezta hunkituago ere.

        Horrela bere bihotzean sukarria apur bat astindurik izan zuenean pindar bat bera ere atera arazi gabe, eta bestalde, berak sentitzen ez zuena ezin ulertu izanik, eta halaber era egokitutan azaltzen ez zen oro ezin sinetsi izanik, neke handirik gabe konbentzitu zuen bere burua, Charlesen lerak ez zeukala jada ezer larregirik. Erregularrak bilakatuak ziren beren jostaldiak; ordu seinalatutan besarkatzen zuen. Ohitura bat zen besteren artean, eta aurrez jakiniko postre bat bezala, afariko monotoniaren ondoren.

        Bularreko fluxio batetik Bovary jaunak sendaturiko igurain batek, Italiako erbizakur kume bat eman zion Bovary andreari; pasiatzera berarekin eramaten zuen, zeren batzuetan irten egiten baitzen, tartetxo batez bakarrik egotearren eta betiko jardina hautsezko bidearekin begien aurrean ez edukitzearren.

        Bannevilleko hariztiraino joaten zen, hormaren ertza osatzen duen pabilioi abandonatutik hurbil, landa aldean. Badira han, lezoinean, belarren artean, orri zorroztun kainabera luze batzuk.

        Hasteko inguru guztira begiratzen zuen, bera etorri zen azkeneko aldiaz gero ezer aldatu ez ote zen ikusteko. Leku berean aurkitzen zituen kukubelarrak eta zerbak, asun sortak harri handien inguruan, eta liken plakak hiru leihoen luzeran, zeintzuen leihatila beti itxiak ustelduraz apurtzen ari baitziren, beren burdin-barra herdoilduen gainera. Bere pentsamendua, hasieran xederik gabe, alderrai ibiltzen zen, bere erbizakur kumea bezalaxe, zeinak landan zirkuluak egin, tximeleta horien atzetik zaunka ibili eta satitsuak ehiztatzen baitzituen gari soro baten ertzean mitxoletak hoxkatuz. Gero bere ideiak poliki-poliki finkatu egiten ziren eta, bere guardasolaren muturraz golpe txikika ziztakatzen zuen belar gainean eserita, Emmak berekiko errepikatzen zuen:

        — Ene Jainkoa, zergatik ezkondu ote nintzen?

        Bere buruari galdetzen zion, ez ote zatekeen medioren bat izan, zoriaren beste konbinazio batzuen bidez, beste gizon bat topatu izateko; eta irudikatzen saiatzen zen ea zeintzuk ote ziratekeen jazo gabeko gertakizun haiek, bizitza desberdin hura, berak ezagutzen ez zuen senar hura. Guztiek, izan ere, ez zuten honen antzik. Izan zitekeen ederra, azkarra, adeitsua, xarmangarria, komentuko bere lagun ohien ezkontideak dudarik gabe diratekeen bezala. Zer egiten ote zuten orain? Hirian, kaleetako zarata artean, antzokietako surmurren artean eta dantzalekuetako argitan, bihotza hedatzen duen, zentzuak zabaltzen dituen bizimodua zeramaten. Bera ordea, bere bizitza hotza zen leihozuloa iparraldera duen ganbara bezala, eta unadura, armiarma isil hori, ilunpean amarauna ehuntzen ari zitzaion bere bihotzeko zoko guztietan. Sarien banaketako egunez oroitzen zen, bere koroa txikiak jasotzera estradura igotzen zenekoez. Bere ile txirikordatuarekin, bere soineko zuria eta bere basakanezko oinetako irekiekin, itxura xarmanta zeukan, eta bere lekura itzultzerakoan, jaun haiek makurtu egiten ziren berari zorionak emateko; ataria zalgurdiz beterik zegoen, haien atekatik agur egiten zioten, musika-maisua agur esanez pasatzen zen, bere arrabita-kaxarekin. Bai urrun, hura guztia! zeinen urrun!

        Djaliri dei egiten zion, bere belaunen artean hartzen zuen, bere buru luze finaren gainean behatzak pasatzen zizkion eta esaten zion:

        — Ea, musu anderetxoari, penarik ez duan horrek.

        Gero, aharrausika geldiro ari zen animalia lirainaren betarte malenkoniatsuari erreparatuz, hunkitu egiten zen, eta, bere buruarekin konparatuz, ozenki hitz egiten zion, kontsolatu nahi den atsekabetu bati bezalaxe.

        Lantzean behin haize-boladak iristen ziren, itsasotik haizekirriak, zeintzuk, Caux eskualdeko lautada osoaren gainetik jauzka batean iraganik, ekartzen baitzuten, landetan barrena urrutiraino, freskura kresalatsua. Ihiek xixtu egiten zuten lurrazalean eta haritzen hostoek surmur dardarizo laster batean, eta adaburuek berriz, beti ere kulunkan, beren xuxurla handian segitzen zuten. Emma, bere besana sorbalda-kontra estutu eta altxatu egiten zen.

        Bidean, hostaiak apalduriko egunargi berdeak argitzen zuen bere oinen azpian emeki karrankatzen zen goroldio txaroa. Eguzkia sartzen zihoan; zerua gorri zegoen adar artean, eta lerroan zuzen landaturiko zuhaitzen enbor berdintsuek zutoin zerrenda arre bat ziruditen urrezko hondoaren kontra nabarmendurik; nolabaiteko beldur batek atxikitzen zuen, Djaliri dei egiten zion, Tostesera itzultzen zen arin errepidean barrena, besalki batean abailtzen, eta arrats osoan ez zuen hitzik egiten.

        Baina, irailaren bukaera aldera, halakoxe aparteko gauza bat kausitu zen bere bizitzan; Vaubyessardera gonbidatu zuten, Andervilliersko markesaren etxera.

        Restaurazio garaian Estatu-Idazkari izana, Markes Jauna, berriro bizitza politikora itzuli nahian, zehar-meharka ari zen antolatzen Diputatu Ganbararako bere kandidatura. Neguan, suegur banaketa ugari egiten zuen, eta, Kontseilu Nagusian, suharkiro erreklamatzen zituen beti ere bere eskualderako kamioak. Berote handien garaian, hantura bat eduki zuen ahoan, eta Charlesek sendatu zion mirakuluz bezala, bertan ziztako bat puntu-puntuan emanez. Ebakuntza ordaintzeko Tostesera bidalitako gizonak, arratsean kontatu zuen, medikuaren baratzetxoan egundoko gereziak ikusi zituela. Eta, Vaubyessarden gereziak kaxkar heltzen baitziren, Markes Jaunak txertaki batzuk eskatu zizkionez Bovaryri, bere burua behartutzat eman zuen berberak hori eskertzera, Emma ikusi zuen, iruditu zitzaion planta polita zeukala eta ez zuela laborarisa eran agurtzen; hain egoki ere, non ez baitzitzaien iruditu gazteluan graduz apaltzearen mugak gainditzen zituztenik ezta, bestalde, aldrebeskeriarik egiten zutenik ere bikote gaztea gonbidatuz.

        Asteazken batez, hiruretan, Bovary J. Andreak, beren landoa harturik, Vaubyessard alderantz abiatu ziren, arropakutxa handi bat atzean loturik eta aurrean ginbail kaxa bat leihoko oihalaren aitzinean ipinia. Charlesek, gainera, kartoizko kaxa bat zeraman hanken artean.

        Ilunabarrean heldu ziren, parkean kriseiluak pizten hastearekin batera, kotxeentzako argia izatearren.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia