—VI—

 

        «Paul et Virginie» irakurria zuen, eta banbuzko etxetxoaz, Domingo beltzaz, Leial zakurraz amets egina zen, baina batez ere anaiatxo zintzoren baten adiskidetasunaz, kanpandorrea baino altuagoko zuhaitz handietara zuretzako fruitu gorriren bila doanarena, edo hondarretan oinutsik korrika txori-habia bat ekartzen dizunarena.

        Hamahiru urte bete zituenean, bere aitak berak eraman zuen hirira, komentuan sartzeko. Saint Gervais auzoko ostatu batean hartu zuten etzauntza, non Mademoiselle de La Valliére-n historia irudikatua zuten platerak izan baitzituzten afaltzerakoan. Azalpen idatziek, labainen urraduraz han-hemenka moztuak, erlijioa, bihotz-samurtasunak eta Gorteko punpeziak goresten zituzten guztiek.

        Lehen garaietan ez zen ez aspertu komentuan, aitzitik atsegin izan zuen monjatxoen elkartean, zeinek, bera laketzearren, kaperara eramaten baitzuten, jangelatik korridore luze batean barrena sartuaz. Errekreoetan oso jolas gutxi egiten zuen, katixima ongi ulertzen zuen, eta bera zen beti bikario jaunari erantzuten ziona, galdera zailetan. Beraz klaseetako giro epeletik sekulan irten gabe bizi izanik eta kobrezko gurutzedun errosarioak zeramatzaten larrantz zuriko emakume haien artean, aldareko lurringozoei, ur bedeinkatuaren freskurari eta kandelen leinuruari darien ahuldura mistikoan lokartu zen eztiki. Mezari jarraiki ordez, ertz urdinezko santu-irudiei begiratzen zien bere liburuan, eta atsegin zuen bildots gaixoa, eta gezi zorrotzez zulaturiko bihotz sakratua, edo bidean bere gurutzearen gainera erortzen den Jesus urrikalgarria. Saiatu zen, sakrifizioz, egun oso batez jan gabe geratzen. Bete beharreko promes bila ibiltzen zen berekiko.

        Konfesiora joaten zenean, pekatu txikiak asmatzen zituen, apaizaren xuxurla-babesean ahalik eta denbora luzeenez geratzearren, ilunpean belauniko, eskuak elkarturik, aurpegia sarearen kontra. Sermoietan sarri azaltzen diren ezkongai, senar, maitale zerutiar eta ezkontza eternoaren konparazioek, ustekabeko gozamenak harrotzen zizkioten arimaren zolan.

        Arratsean, oroitzaren aurrez, irakurketa erlijioso bat egiten zen estudioan. Hau, astegunetan, Historia Santuaren laburpenen bat edo Frayssinous abadearen «Conferences» izaten zen, eta, igandean, olguratarako, «Génie du Christianisme»-tik pasarteren batzuk. Zer nola entzun izan zuen, lehenengo aldietan, lurreko eta betikotasuneko oihartzun guztietan errepikatzen, malenkonia erromantikoen auhendura ozena! Bere haurtzaroa merkatari auzalde bateko denda-zoko batean iragana izan balitz, agian bere barnea zabalduko zitzaien naturaren eraso lirikoei, zeinak, komunzki, idazleen azalpenen bidez besterik ez baitzaizkigu heltzen. Baina berak gehiegi ezagutzen zuen landa; artaldeen beekarak, esnekenteak, goldeak ezagunak zituen. Giro baretara ohitua izaki, bera aitzitik artekatsuetarantz itzultzen zen. Itsasoa ez zuen maite ekaitzengatik baino, eta berdea hondakinen artean sakabanaturik zegoenean bakarrik. Beharrezkoa zitzaion gauzetatik nolabaiteko etekin pertsonal bat ustiatu ahal izatea; eta alperrekotzat iraizten zuen bere bihotzaren berehalako kontsumorako baliagarri ez zen oro, — tenperamenduz artista baino gehiago sentimentala izaki, emozioren bila eta ez paisaiaren bila.

        Bazen komentuan hilero zortzi egunez etortzen zen neskazahar bat, arropa zuria lantzera. Iraultzaren eraginez lur jotako aintzinako aiton-semeren familia batekoa izaki artzapezpikuak babesten zuenez, jangelan egiten zituen otorduak monjen mahaian, eta, jatostean, solasalditxo bat egin ohi zuen beraiekin, berriro lanera igo aurrez. Sarritan pentsionistek estudiotik alde egiten zuten hura ikustera joateko. Buruz zekizkien joan den mendeko galai-abestiak, eta ahapeka abesten zituen bere jostorratzari eragiten zion bitarrean. Istorioak kontatzen zituen, berriak ekartzen zituen, hirian zure mandatuak egiten zizkizun eta, ezkutuka, beti ere bere mantalaren poltsikoan zuen nobelaren bat lagatzen zien handiei, eta atsotxo gajoak berak ere kapitulu luzeak irensten zituen bere laneko hutsarteetan. Amodioak, amoranteak eta maitaleak besterik ez zen han, dama pertsekutatuak areto bakartitan zorabioz erortzen, zaltzainak ostatu guztietan hiltzen, zaldiak orrialde guztietan lehertzen, baso ilunak, bihotz larridurak, zin egiteak, negar zotinak, malkoak eta musuak, ilargi argitan txalupatxoak, basotxikietan urretxindorrak, eta gizasemeak lehoia bezain ausartak, bildotsa bezain eztiak, izaten ez den bezain birtutetsuak, beti txukun plantatuak, eta zerraldontziei bezala negarra zerienak. Sei hilabetetan zehar, hamabost urtetan, irakur-gela zaharretako hauts honetan koipeztatu zituen beraz Emmak eskuak. Gero, Walter Scottekin, gauza historikoez zaletu zen, kutxatzarrak, goardia-gelak eta koblakariak izan zituen amets. Jauretxe zahar batean bizi izan nahiko zukeen, gaztelu-andere gorontze luzedun haiek bezala, zeinak, arkuburuko hirustaren pean, ukondoa harrian eta kokotsa eskuan, luma zuridun zaldun bat zaldi beltz baten gainean asapalan landaren azken muturretik noiz etorriko begira pasatzen baitzituzten egunak. Garai hartan Marie Stuarten kultua eduki zuen eta emakume ospetsu edo dohakabeekiko benerazio sutsua. Jeanne Darc, Héloise, Agnes Sorel, Ferronnière ederra eta Clémence Isaure, berarentzat, kometak bezala nabarmentzen ziren historiaren ilunpe hondogabearen gainetik, non halaber ageri baitziren han-hemenka, baina ilunpean galduago eta elkarren artean inolako zerikusirik gabe, san Louis bere haritzarekin, Bayard hiltzorian, Louis XI.aren zenbait oiestasun, Saint-Barthelemyren zertxobait, Biarnotarraren purpuila, eta Louis XIV goraipatzen zuten plater pintatuen oroitzapena beti ere.

        Musikako klaseetan, kantatzen zituen erromantzeetan, ez zen besterik azaltzen, urrezko hegodun aingerutxoak, madonak, lakutxoak, gondolariak, alegia estiloaren inozokeriaren eta notaren zuhurgabekerien bidez errealitate sentimentalen fantasmagoria erakargarria sumatzen uzten zioten konposizio baketsuak. Bere ikaskideetariko batzuk, opari gisa hartuak zituzten keepsakeak ekartzen zituzten komentura. Ezkutatu egin behar ziren, arazo bat zen; logelan irakurtzen zituzten. Haien azal satinatu ederrak emekiro erabiltzean, obraren oinean sinatu zuten egile ezezagunen izenetan pausatzen zuen bere begirada liluratua, gehienetan kondeak eta bizkondeak.

        Ikarak hunkitzen zuen, bere hatsaz grabatuen zetazko papera altxatzean, zeina erdi tolesturik igo eta emekiro erortzen baitzen berriro orriaren kontra. Balkoi bateko baranda atzean, beroki motzez jantzitako gizon gazte bat zen, gerrian katanarru bat zeraman soineko zuridun neska gazte bat bere beso artean hertsatuz; edota kiribil horaildun ladie ingelesen erretratu anonimoak, zeinek, beren lasta-ginbail borobilen azpitik, begi handi argiez begiratzen baitizute. Baziren zalgurdietan erraskail ageri zirenak, parkeetan barrena lerratzen, galtza zuriz jantzitako bi zaltzaintxok trostan gidatzen zuten zaltuztarriaren aurrean erbizakur bat saltaka zutela. Beste batzuk, sofa gainean gutun ireki baten urrean ametsetan, ilargiari so zeuden, errezel beltzez erdijantzitako leiho erdibildu batetik. Inuxenteak berriz, malko bat masailan, usapal bati mokomuxuka ari ziren kaiola gotiko baten burniharien artetik, edo, burua sorbalda gainean irribarrez, bitxilore bat hostokatzen ari ziren, oski muturjasoen antzo luzatutako beren eri zorrotzez. Eta zuek ere han zineten, pipa luzedun sultanok, pendizpeetan balditurik neska dantzarisen besoetan, djiaurrak, sable turkiarrak, txano greziarrak, eta batez ere zuek, eskualde ditiranbikoetako paisaia hitsak, non sarritan erakusten baitzaizkigu aldi berean palmondoak, pinuak, tigreak eskuinetan,lehoi bat ezkerretan, minarete tartaroak ostertzean, lehen planoan hondakin erromatarrak, gero gamelu kuzkurrak; — guztia ere oihan birjin ongi txukundu batez inguraturik, eta eguzki zirrinta perpendikular handi bat ñirñir uretan, non tarteka nabari baitira urradura zuritan, altzairu grisezko hondoaren gainean, zisne batzuk igeri.

        Eta kinkearen pantailak, Emmaren buruaren gainaldean horman eskegiak, argitzen zituen munduko irudi hauek guztiak, bere aurrean bata bestearen ondoren pasatzen zirenak, logelako isilean eta artean bulebarretan barrena zihoan zalgurdi berantiarren baten urruneko azantzetan.

        Bere ama hil zenean, negar handiak egin zituen lehen egunetan. Zenaren ileaz hileta-koadro bat egin ziezaioten enkargatu zuen, eta, Bertauxetara bidali zuen gutun batean, bizitzari buruzko gogoeta tristez erabat betea, noizbait ere hilobi hartan bertan ehortzi zezaten eskatzen zuen. Aita gizarajoari gaixorik zegoela iruditu zitzaion eta ikustera etorri zen. Emma berekiko poztu egin zen existentzia hitsen ideal miets hartara lehen saioan heldurik sentitzeaz, zeinetara sekula ez baitira bihotz oiesak iristen. Beraz meandro lamartinianoetara labaintzen utzi zion bere buruari, entzun zituen laku gainetan harpak, zisne hiltzearren kantu guztiak, hostoen erorketa guztiak, zerura igotzen diren birjina garbiak, eta Eternalaren ahotsa ibarretan barrena barreiatzen. Hartaz aspertu zen, ez zuen horratio aitortu nahi izan, ohituraz segitu zuen, gero haizekeriaz, eta azkenik, harriduraz ohartu zen nareturik sentitzen zela, eta ez zuela bihotzean tristurarik bekokian zimurrik baino gehiago.

        Monjatxo gajoak, hain garbitzat emana baitzuten haren bokazioa, harridura handiz ohartu ziren, Rouault andereñoak beren ardurapetik lekuturik zirudiela. Izan ere hain oparo eskaini zizkioten ofizioak, erretiroak, bederatziurrenak, sermoiak, hain ederki predikatua zioten santuei eta martiriei zor zaien begirunea, hain aholku zuzenak emanak zizkioten gorputzaren apaltasunerako eta arimaren salbaziorako ezen hark hedetik tira egiten zaien zaldiek bezala egin baitzuen: kolpean gelditu eta ahoburdina hortzetatik jalgi egin zitzaion. Izpiritu hura, bere suharren artean positiboa, zeinak eliza loreengatik, musika erromantzeetako hitzengatik, eta literatura bere grina-kitzikadurengatik maite izan baitzituen, fedeko misterioen aurrez aurre matxinatu egiten zen, diziplinaren kontra are gehiago asaldatzen zen bezalaxe, zeren bere konstituzioarekiko gauza antipatikoa baitzen. Bere aitak pentsiotik atera zuenean, hura joaten ikustean ez zen haserrerik izan. Superioraren iritzia zen eskierki, hura azken denboretan begirune eskasekoa bilakatu zela komunitatearekiko.

        Emmak, bere etxera itzulirik, atsegin izan zuen hasieran neskame-morroiei agintzen, ondoren landari nazka hartu zion eta bere komentua damuz zuen amets. Charles Bertauxetara lehen aldiz etorri zenean, etsimenduak jota ikusten zuen bere burua, jada ezer ikastekorik gabe eta ezer ez sentitzera beharturik.

        Baina egoera berri baten herstura, edo agian gizon honen presentziak eragindako sumindura, aski izan zen hari sinestarazteko ezen, ordurarte zeru poetikoetako distiran kulunka zebilen txori handi luma arrosailduntzat emandako irrits hura, azkenik ere berea zuela; — eta berak orain ezin pentsa zezakeen, bera bizi zen baretasun hura zatekeenik amestutako zoriona.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia