—V—

 

        Arriluzko fatxada, doi-doi bat zetorren kalearen, edo hobeto esateko errepidearen, lerroarekin. Atearen atzean zintzilikaturik aurkitzen ziren esklabina txikidun beroki bat, erremal bat, larru beltzezko txano bat eta, txoko batean, lurrean, polaina pare bat artean lohi lehorrez beterik. Eskuinetara sala zegoen, alegia otorduak egiteko eta egonean egoteko aretoa. Paper kanari-horia, gueneko aldean lore xurailezko xorta batez burutua, oso osorik dardaritzen zen gaizki teinkaturiko oihalaren gainean, algodoi zurizko errezelak, mendel gorri batez inguratuak, leihoetan zehar elkarren artean gurutzatzen ziren, eta su gaineko apal meharrean Hipokratesen burua zeukan erloju batek dizdiratzen zuen, zilar plakatuzko bi argimutilen artean, eite obalatuzko globo batzuen azpian. Korridorearen beste aldean Charlesen kabineta zegoen, sei urrats inguru zabaleko gela txikia, mahai bat, hiru aulki eta bulego-besalki batekin. «Dictionnaire des sciences médicales» obraren tomoek, orriak ebaki gabe, baina pasatuak zituzten bata bestearen ondoko salmenta guztietan nozitu izandako azala zutela, ia beraiek bakarrik hornitzen zituzten pinu-zurezko bibliotekako sei apalak. Sukaldeko saltsen usaina hormatik barrena bertaraino sartzen zen, kontsulta denboran, eta era berean entzuten ziren sukaldetik kabineteko gaixoen eztulak eta jalgitzen zuten beren istorio osoa. Ondoren, aurrez aurre baila zuela, non aurkitzen baitzen ikuilua, labe bat zeukan areto handi zaharkitu bat zetorren, eta orain suegurtegitarako, sototarako, ganbaratarako erabiltzen zen, txatarrez, upela hutsez, erabilezineko laborantza-lanabesez beterik, eta erabilpena asmatu ezineko beste gauza pila bat ere hautsez estalita.

        Baratzea, zabal baino luzeagoa, kereta moduan albarikokeondoz estalitako pezuzko bi hormaren artean zihoan, landetatik bereizten zuen arantzazko laparresi batetaraino. Erdian, arbelezko eguzki-erloju bat zegoen, harlanduzko oin baten gainean; basarrosa maskalez hornituriko lau loresailek inguratzen zuten simetrikoki landareri seriosaren arlorik baliagarriena. Han hondoan, llerkoen azpian, igeltsuzko apaiz bat bere brebiarioa irakurtzen ari zen.

        Emma geletara igo zen. Lehenengoa ez zegoen haltzariz jantzita; baina bigarrenak, ezkon-etzangua zenak, kaoba-zurezko ohea zeukan oihal gorrizko gelaoste batean. Txirlazko kaxa batek apaintzen zuen komoda; eta, idazmahaiaren gainean, leihoaren ondoan, bazegoen, pitxar batean, laranja-lore sorta bat, saten zurizko xingola batez loturik. Ezkonberriren loresorta bat zen, bestearen loresorta! Emmak so egin zion. Charles ohartu zen, hartu zuen eta ganbarara eramatera joan zen, bitartean besalki batean eserita (bere gauzak bere inguruan ipintzen ari ziren), Emma bere ezkonberri-loresortaz pentsatzen ari zen, kartoi batean bildurik baitzegoen, eta bere buruari galdetzen zion, amets eginez, ea hartaz zer egingo ote zuketen baldin eta menturaz bera hiltzea gertatuko balitz.

        Lehen egunak, bere etxean zein aldakuntza egin pentsatzen eman zituen. Argimutiletako globoak erretiratu zituen, paper berria jarrarazi zuen, eskilarak pintatu eta lorategian eserlekuak egin arazi, eguzki-erlojuaren inguruan; halaber galdetu zuen nola moldatu behar zen urmahel zurrustadun bat edukitzeko arrain eta guzti. Bere senarrak berriz, kotxez pasiatzea atsegin zuela jakinik, «boc» bat aurkitu zuen oso modu onean, eta, argiontzi berriak eta larrulatzezko lohibabesak ipini ondoren, ia-ia tilbury bat zirudien.

        Gizona beraz zoriontsu zen eta munduan ezertaz kezkatu beharrik gabe. Elkarrekin otordu bat aurrez aurre, arratsean errepide nagusian barrena pasiera bat, buruko zapirantz haren eskuaren keinu bat, leiho baten txaratiletik zintzilik haren lastozko ginbaila ikustea, eta Charlesek artean sekula sumatu ere gabeko beste gauza askoren plazerak, hauek osatzen zuten orain bere zorionaren etengabea. Ohean, goizetan, buruko gainean alboz albo, eguzkiaren argiari begiratzen zion haren txanetaren papilote xaflatuek erdizka estaltzen zizkioten masaila gorrixketako ilaunen artean pasatzen. Horren hurbiletik ikusirik, haren begiak handiagoak iruditzen zitzaizkion, batez ere esnatzerakoan betazalak behin eta berriz segidan irekitzen zituenean; ilunpean beltzak eta egun argitan urdin ilunak, bata bestearen gaineko kolore-geruzak bezala zituzten, eta hauek, hondoan lodiagoak, esmaltearen azalerantz argiagotzen zihoazen. Gizonaren begia sakonera hauetan galtzen zen, eta haietan ikusten zuen bere burua txiki-txiki sorbaldetaraino, jantzitako bere buruko zapiarekin eta bere alkandoraren goiko aldea irekita. Jaiki egiten zen. Emaztea leihora irteten zen abiatzen ikusteko; eta han geratzen zen, ukondoak leiho-ertzean tinkaturik, bi jeranio-potoren artean, soinean lasa zeukan bere txabusina jantzirik. Charlesek, kalean, bere ezproin-hedeak lotzen zituen zedarriaren gainean, eta hari mintzatzen segitzen zuen emazteak han goitik, bere ahoaz lore edo belar izpiren bat erauzten zuen bitartean, gero putz eginez haren aldera botatzeko, eta hau, itzulbiraka, kulunkatuz, airean txori baten antzo zirkulu-erdiak eginez, han joaten zen, erori aurrez, atarian ekuru zegoen behor zahar zuriaren zurda gaizki orraztuei atxikitzera. Charlesek, zaldi gainetik, musu bat bidaltzen zion; emazteak keinu batez erantzuten zuen, leihoa ixten zuen, gizona abiatu egiten zen. Eta orduan, hauts zerrenda luzea bukaerarik gabe hedatzen zuen errepide nagusian barrena, zuhaitzak gangadura gisa makurtzen ziren murko-bideetan zehar, gariak belaunetaraino iristen zitzaizkion bidexiorretan aurrera, bere bizkarretan eguzkia eta bere sudurretan goizeko airea, bihotza gaueko zorionez beterik, izpiritua bare, haragia pozik, han joaten zen bere zorionaren hausnarrean, afaldu eta gerora ere lisirtzen ari diren trufen gustua artean murtxikatzen dutenak bezala.

        Anarteraino zer izan zuen ba onik, bere bizialdian. Agian ikastetxeko garai hura, lau hormaren artean hertsirik egoten zen hartakoa, bera baino aberatsagoak edo klaseetan azkarragoak ziren ikaskide haien artean bakarrik, bere hizkerarengatik barre eragiten zienean, bere jazkerarengatik adarra jotzen ziotenean, eta haien amak bisitara mahuketan goxokiak zituztela etortzen zirenean? Agian geroago, medikuntza ikasten ari zenean eta bere amorante bilaka zitekeen langile-alabatxoren bati edo besteri kontradantza ordaintzeko poltsa nahiko berria inoiz izaten ez zuen garai hartan? Ondoren hamalau hilabetez bizi izan zen alarguntsarekin, zeinaren oinak, ohe barruan, koilak bezain hotzak baitziren. Baina, orain ordea, adoratzen zuen emakume polit hau berea zuen bizitza osorako. Unibertsoak, berarentzako, ez zuen gainditzen haren gonaren bira zetatsua; hura ez maitatzea alatzen zion bere buruari, berriz ere hura ikusteko gogoa sartzen zitzaion; berehalaxe itzultzen zen, eskilaretan gora igotzen zen, bihotza taupaka. Emma, bere gelan, bere burua apaintzen arituko zen; gizona urratsisilez bertaratzen zen, bizkarrean munkatzen zuen, hark garrasi bat botatzen zuen.

        Haren orrazia, haren eraztunak, haren lepoihala etengabe ukitzeko gogoari ezin zion eutsi; batzuetan, ahobeteko musu handiak ematen zizkion masailetan, edota munka txikiak herrenkadan bere beso biluzian barrena, behatzen puntatik hasi eta sorbaldaraino; eta emazteak iraitzi egiten zuen, erdi irribarrez erdi zaputzean, hankapetik atera ezin duzun haur bati egiten zaion bezala.

        Ezkondu zen aurrez, maitemindurik zegoela uste izan zuen; baina maitasun horretatik eratorri behar izango zukeen zoriona etorri ez zenez, nonbait herraturik egon behar zuen inolaz ere, pentsatzen zuen bere artean. Eta Emmak jakin egin nahi zuen, zehatz mehatz zer ulertzen ote zen bizitzan, liburuetan hain ederrak iruditu zitzaizkion zoriona, irritsa eta lilura hitzez.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia