—IV—

 

        Ezteiliarrak garaiz iritsi ziren kotxez, zaldi bakarreko gurtarinez, bi gurpiletako zalgurdi eserlekudunez, kapota gabeko gurtitxi zaharrez, larruzko gortinadun landoz, eta hurbileneko herrietako gazte-jendea gurdietan zutik ilaratan, ez erortzeko eskuez gurtesiei helduz, trostan eta gogor astindurik. Hamar legoa ingurutik etorri ziren, Godervilletik, Normanvilletik eta Canytik. Bi familietako ahaide guztiak gonbidaturik zeuden; lagun haserretuekin bakeak eginak zituzten; aspaldian bistatik galdutako ezagunei idatzi zieten.

        Aldian behin, zaharokadak entzuten ziren laparresi atzetik; berehalaxe langa irekitzen zen: gurtarinen bat sartzen zen. Atariko eskilarako lehen harmailaraino asapalan, han tinko gelditzen zen, eta jendez husten zen, alde guztietatik irtenez belaunak iguzten eta besoak luzatzen. Damak, ginbaila buruan, hiriko erara jantzirik zeuden, urrezko erloju-kateak, puntak gerrian gurutzaturiko besanak, edo kolorezko lepozapiak gibelean orratz batez atxikirik eta atzealdetik lepoa erakusten zutela. Mutikoek, beren aitak bezala jantzirik, beren jantzi berriengatik deseroso ziruditen (askok estrinatu ere egun horretan egin baitzuten beren bizitzako lehen bota-parea), eta hauen ondoan ikusten zen, txintik esan gabe, beren lehen jaunartzeko jantzia abagu honetarako luzatua soinean, hamalau edo hamasei urteko zenbait neskato handi, haien lehengusina edo arreba zaharrenak segur aski, musugorri, kikildurik, arrosa-ukenduz ileak gantzuturik, eta beren eskuxorroak zikintzeko beldurraren beldurrez. Kotxe guztiak askatzeko nahiko gorta-morroirik ez zegoenez, jaunek besoak garbailtzen zituzten eta beraiek ekiten zioten lanari. Beren maila sozial desberdinari jarraiki frakez, xenilaz, maripulisez edo jakaz jantzirik zeuden; — jantzi onak, familia baten begirune osoaz inguratuak, eta armairutik festaburuetarako baino ateratzen ez zirenak; xenilak beren hegal handiak haizetan kulunkatuz, anoki zilindrikodunak, zakuak bezalako patrika zabalekin; maripulisak ehun lodizkoak, biseran kobrez inguraturiko txota bat eta guzti maizenik; jaka oso motzak, bizkarrean bi botoi elkarrengandik hurbil zituztela bi begi bezala, eta beren txaramelek bloke bat beratan arotz baten aizkoraz mozturik ziruditela. Bazen beste zenbait ere (baina hauek, jakina, mahaiaren beheko muturrean jan behar izan zuten) zeremonietako brusaz jantzirik, alegia idunekoa sorbalda gainetara eraitsia, bizkarra zimurdura meharretan tolestua eta gerria oso behean hertsatua gerriko josi batez.

        Eta alkandorak koraza gisa hanpatzen ziren bulargainetan! Jende guztiak ilea motxaldu berria zuen, belarriak aldendu egiten ziren buruetatik, bizarra motz kendua; zenbaitzuk halaber, egunsentia baino lehen jaiki baitziren, bizarra egiterakoan oso argi ikusi ez nonbait eta, sudurpean urratuak zituzten diagonalean, edo, masailan zehar, hiru liberatako eskutuaren zabalerako arrastarak, eta bidean kanpoko haizetan gaiztotu zirenez, horrek aurpegi gizen zuri bozkariotsu hauek guztiak plaka arrosaz nabartzen zituen pixka bat.

        Udaletxea etxaldetik legoa-erdi batera aurkitzen zenez, oinez joan ziren; eta itzuli ere bai, elizako zeremonia buruturik. Jarraigoa, hasieran batua kolorezko xingola bakar baten antzo landetan uhinduz, gari berdeen artean bihurkaturiko bidexiorrean barrena, laster luzatu zen eta puskatu egin zen solasean atzendu ziren talde desberdinetan. Musikaria aurrean zihoan zinta girgilez gandorturiko bere arrabitarekin; ezkonberriak zetozen ondoren, ahaideak, lagunak denak nahasian, eta atzean haurrak geratzen ziren, olo izpiei loretxilinak erauzten jolasean edo elkarren artean liskarrean, ikusten ez zituzten bitartean. Emmaren soinekoa, luzeegia, barrenetik pixka bat errestatu egiten zen; tarteka-tarteka gelditu egiten zen hari tira egiteko, eta orduan emekiro, bere behatz estaliez, kendu egiten zituen belar zakarrak kazkarroen gezitxoekin batera, eta bitartean Charles, esku hutsik, zain geratzen zen hark bukatu arte. Renault zaharrak, zetazko kapela berria buruan eta frak beltzaren besomuturrek eskuak hatzazaletaraino estaltzen zizkiotela, Bovary andere amari besoa emanda zihoan. Bovary jaun aitari dagokionez, zeina, bere baitarako jende hau guztia mespretxatzen zuenez, bestegabe pikura militarreko botoi zerrenda bakarreko xenila batez jantzirik etorria baitzen, neskagazte laborari-alaba horail bati kafetegi-zokoetako galaikeriak botatzen ari zitzaion. Neskak agurtzen zuen, gorritzen zen eta ez zekien zer erantzun. Ezteietako gainerako jendea beren gorabeherei buruz elkarren artean solasean ari zen edo atzetik elkarri txostaka, alaitasunerako aldez aurretik girotuz; eta, adi jarri ezkero, landetan barrena jotzen segitzen zuen musikariaren kren- kren hotsa entzuten zen. Bere atzetik urrun zirela ohartzen zenean, hatsa hartzen geratzen zen, bere arranbela kolofanez luzaro ezkotzen zuen, hariek hobeto kirrinka zezatzen, eta gero berriro oinez abiatzen zen, arrabitaren giderra jaitsiz eta altxatuz txandaka, bere buruari neurria ongi markatzeko. Tresnaren zaratak urrundik izutzen zituen txori txikiak.

        Gurdien estalpean zegoen mahaia ipinita. Mahai gainean lau azpizuin, sei oilasko saltsan, zekorki-tupin saltsatuak, hiru arkume-izter eta, erdi erdian, esnetxerri eder bat erreta, mingotx belarrezko lau odolkiz inguraturik. Ertzetan pattarra aurkitzen zen txanbiletan. Botiletako sagardo gozoari bere bits lodia zerion txantolepoetatik behera, eta edalontzi guztiak aurrez ardoz goraino beteak zituzten. Mahaia ukitu hutsarekin beren kasa kulunkatzen ziren krema horizko azpil handi batzuk aurkezten zituzten, beren azal berdinean marrazturik, ezkonberrien inizialak banan banako arabeskotan. Opilak eta pastelak egiteko Yvetota joan ziren pastelero baten bila. Eskualde hartan lehen aldia zuenez, fin saiatu zen bere lanean; eta ekarri ere bai, berberak, postretarako, jendea harridura-hasperenka utzi zuen tarta-eraiki bat. Oinean, lehenik kartoi urdinezko karratu bat zuen tenplu bat irudikatuz lorioak, zutabeak eta iztukuzko irudi txikiak zituela inguru guztian urre-paperezko izarrez konstelaturiko konka batzuetan; gero, bigarren oinean Saboiako okorezko dorre bat aingerubelarrezko, almendrazko, mahaspaxazko eta laranja puskazko harresi txikiz inguraturik; eta azkenik, gaineko xabalkoan, zeina harkaitzak konfiturazko aintzirekin eta ur-azalezko txalupak eta guzti zeuden belaze berde bat baitzen, Cupido txiki bat ikusten zen, txokolatezko dantzarte batean zabuka, eta honen bi zutabeak arrosa naturalezko bi pinportaz bukatzen ziren, bola gisa, erpinean.

        Arratsera arte, jan egin zuten. Eserita egoten nekatuxe zeudenean, sarobeetan paseatzera joaten ziren edota ganbaran tortoloxetara saio bat jokatzera, eta ondoren mahaira itzultzen ziren. Batzuk, azken aldera, loak hartu zituen eta zurrunga egin zuten. Baina, kafe garaian, berriro dena bizkortu zen; orduan kantuan ekin zioten, indar probak egin ziren, kargak eraman, behatzandiaren gainean norbera azpikoz gain jiratu, gurdiak bizkarrera altxatzen saiatu, pasadizo gordinak kontatu, damak musukatu. Arratsean, abiatzerakoan, oloz sudurzuloetaraino asetako zaldiek nahiko lan izan zuten pertiken artean sartzen; ostikoka hasten ziren, xutikatu egiten ziren, kraistuak hausten ziren, beren jabeak biraoka edo barrez; eta gau osoan, ilargiaren argitan, eskualdeko bideetan barrena izan zen gurtarinik asapala bizian errestaturik, arroiletan jauzika, harkazkar gainetik metroak saltoka, pendoitzak urratuz, erremalak atxikitzeko emakumeak atetik kanpora makurtzen zirela.

        Bertauxetan geratu zirenek edaten bota zuten gaua sukaldean. Haurrek aulkipeetan egin zuten lo.

        Emazte ezkonberriak bere aitari erregutu zion, ohizko txantxetatik libra zezan. Halere, bere lehengusuen arteko arrantzari bat (zeinak, gainera, alauza gisa mihiarrain pare bat ekarria baitzuen) bere ahoaz sarraile zulotik ura puskatzen hasia zen, Rouault zaharra heldu zenean horrelakorik eragozteko doi-doi garaiz, eta hari esplikatu zion ezen, bere suhiaren gradu itzaltsuak ez zuela ametitzen halako oieskeriarik. Lehengusuak, dena den, nekez amore eman zuen arrazoi hauen aurrean. Bere baitarako, Rouault zaharra harrotzat jauki zuen, eta bazter batean beste lau edo bost ezteiliarrekin elkartzera joan zen, zeinak, mahaian ausaz askotan segidan okela puskarik kaxkarrenak beraiei suertatu nonbait-eta, abegi txarrez hartuak izanaren iritzikoak baitziren, gonbidatzailearen lepo marmarrean ari ziren eta hari hondamendia opa zioten ahopean.

        Bovary andre amak ez zuen txintik ere esan egun osoan. Ez baitzioten aholkurik eskatu ez errainaren jantziaz ezta ezteietako ospakizunen ordenuaz ere; garaiz erretiratu zen. Bere senarrak, hari jarraitu ordez, Saint-Victoretik zigarropuruak ekarrarazi zituen eta eguna argitu arte erretzen aritu zen, kirsch-grogak edanez, bere ingurukoentzako nahastura ezezaguna izaki, eta hori berarekiko begirune ate handiagoaren iturburu gisa izan zen.

        Charles ez zen inolaz ere txantxetarako gizon jarria, ezteietan ez zen distirante nabarmendu. Erdipurdi erantzun zien, salda hartu orduko bota beharrezkotzat eman zituzten txantxei, ziriei, zeharritzei, ahobitako esanei, zorion-agurrei eta gordinkeriei.

        Biharamunean, aitzitik, beste gizon bat zirudien. Batipat bera zen bezperako birjinatzat har zatekeena, aldiz emazte ezkonberriak zerbait sumarazteko bide izan zitekeenik ezer ez zuen agertzera uzten. Bihurrienek ez zekiten zer erantzun eta, beraien alboan pasatzen zenean, gehiegizko izpiritu-teinkadaz so egiten zioten. Baina Charlesek ez zuen ezer disimulatzen. Nire emaztea deitzen zion, hika egiten zion, haren berri galdetzen zion edonori, haren bila zebilen edonon, eta sarritan eskortetara eramaten zuen, eta han, urrunetik ikusten zen, zuhaitz artean, gerritik besoa pasatzen ziola eta harengana erdi makurturik aurrera segitzen zuela, buruaz haren bruxaren brodadurak ximurtuz.

        Ezkontza ondorengo bigarren egunean, ezkonberriak joan egin ziren: Charlesek, bere gaixoak zirela medio, ezin zezakeen luzaroago faltatu. Renault zaharrak bere landoan eraman arazi zituen, eta Vasonvilleraino berak lagundu zien. Han, bere alaba berriro ere besarkatu zuen, jaitsi zen eta bere bidea hartu zuen. Ehun pauso inguru eman ondoren, gelditu egin zen, eta, landoan urrutiratzen ikusirik, haren gurpilak hautsetan jiratzen zirela, hasperen handi bat bota zuen. Gero bere ezteietaz oroitu zen, bere aintzinako garaiaz, bere emaztearen lehen sabelaldiaz; oso pozik zegoen, bera ere, haren aitaren etxetik beraren etxera eraman zuen egunean, zaldiz zeramanean elur gainean trostan; Eguberriak aldera baitzen eta landak zuri-zuri zeuden; hark beso batetik heltzen zion, bestea otarreari atxikirik zeraman; haizeak astintzen zituen haren Cauxko usariozko jantziaren farfaila luzeak, batzuetan aho gainetik pasatzen zizkion, eta, burua itzultzen zuenean, bere ondoan ikusten zuen, sorbalda gainean, haren aurpegi txiki gorrizta isilean irribarrez, ginbailaren urrezko xaflaren azpian. Behatzak berotzearren, bular gainera sartzen zizkion tarteka. Bai zaharra, hori guztia! Beren semeak hogeita hamar urte zukeen orain! Berriro atzera begiratu zuen, bidean ez zuen ezer hauteman. Triste sentitu zen hustutako etxe bat bezala; eta parrandako lainoek ilundutako bere garunean oroitzapen samurrak pentsamendu goibelekin nahasturik, une batez sartu zitzaion eliza aldetik jira bat egiteko gogoa ere. Baina hura ikusteak, ordea, are tristeago jarriko ez ote zuen beldur izan zenez, zuzenean bere etxera itzuli zen.

        Monsieur eta Madame Charles seiak aldera iritsi ziren Tostesera. Auzotarrak leihoetan kokatu ziren beren medikuaren emazte berria ikusteko.

        Neskame zaharra aurkeztu zen, ongietorria eman zion, afaria prest ez zegoelako desenkusatu zen, eta, bien bitartean, Madame bere etxearen ezagutza egitera bideratu zuen.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia