—III—

 

        Goiz batez, Rouault zaharra etorri zen sendatutako bere hankaren ordainketa Charlesi ekartzera: hirurogei libera berrogei sosetako txanponetan, eta puloi bat. Haren zorigaitzaren berri bazuen, eta ahal zuen eran kontsolatu egin zuen.

        — Nik badakit zer den hori! esaten zion bizkarrean xafladaka; zu bezalaxe egona naiz, neu ere! Nire emaztea, gaixo hura, hil zitzaidanean, landetan zehar joaten nintzen bakarrik egotearren, edozein zuhaitzen oinean etzaten nintzen, negar egiten nuen, gure Jainkoari dei egiten nion, ergelkeriak esaten nizkion; arbaztetan ikusten nituen satorrak bezala egon nahi izango nukeen sabelzola harrez josirik, lehertuta, alegia. Eta pentsatzen nuenean, beste batzuk momentu horretan bertan beren emaztetxoekin zeudela elkarren kontra besarkadan loturik, nire makilaz lurrean egundoko danbatekoak jotzen nituen; ia-ia eroturik bainengoen, ez nuen jan ere egiten; tabernara joatea pentsatze hutsak nazka ematen zidan, ez zenuke sinetsi ere egingo. Eta horrelaxe, poliki-poliki, egun bakoitzak aurrekoa estaliz, neguaren gainean udaberria eta udaren gainetik udazkena, iragan egin zen pixkinka-pixkinka, apurka-apurka; joan egin zen, alde egin zuen, zera jaitsi egin zela esan nahi dut, zeren eta beti geratzen baitzaizu zerbait hondoan, alegia... zama bat, hemen, bular gainean! Eta baina guztioi dagokigun zoria denez, ez dago geure buruari ahulezian erortzen zertan utzirik ere, eta, beste batzuk hil direlako, hil nahi izaterik ere... Astindu hori zeure gainetik, Bovary jauna; pasatuko zaizu eta! Egiguzu bisitatxo bat; nire alaba zutaz oroitzen da tarteka, badakizu, eta berak dioenez zuk ahaztu egin omen duzu. Laster dugu udaberria; untxiren bat bota araziko dizugu geure basoan, apur bat olga zaitezen.

        Charles jarraiki zitzaion haren aholkuari. Bertauxetara itzuli zen. Dena bezperan bezalaxe aurkitu zuen, zuela bost hilabete bezala, alegia. Udare-arbolak jada loretan zeuden, eta gure Renault zaharra, oraingoan zutik, hara eta hona zebilen, eta horrek bizi gehiago ematen zion etxaldeari.

        Medikuari kortesiak ahalik eta oparoen eskaintzera beharturik zegoela pentsatuz, haren atsekabezko egoerarengatik, aurrerantzean kapelarik ez eranzteko erregutu zion, ahots apalez mintzatu zitzaion, gaixo bailitzan, eta halaber haserretze itxura ere egin zuen eskierki harentzako gainontzeko guztia baino zerbait arinagorik prestatu ez izanagatik, esate baterako mami-poto batzuk edo udare egosiak. Zenbait istorio kontatu zuen. Charlesek barrez kausitu zuen bere burua. Baina bere emaztearen oroipenak, Bat-batean bereganaturik, goibeldu egin zuen. Kafea atera zuten; eta ez zuen hartaz gehiago pentsatu.

        Are gutxiago pentsatu zuen hartaz, bakarrik bizitzen ohitzearen heinean. Independentziaren gozamen berriak laster bihurtu zion bakardadea jasankorrago. Orain bere otordu-garaiak alda zitzakeen, kontuak eman beharrik gabe irten eta etxeratu, eta, nahiko nekaturik zegoenean, bere hanka eta besoak luze adina zabal ohean etzan. Beraz, bere burua txeraz hartu zuen, losindu egin zuen eta ematen zizkioten kontsolamenduak onartu egin zituen. Bestalde, bere emaztearen heriotza ez zitzaion inolaz ere oker baliatu bere lanbiderako, zeren eta hilabete batez aritu baitziren errepikatzen: «Gizon gazte gizarajoa! zer-nolako zorigaitza!» Bere izena hedatu egin zen, bere bezeroak ugaldu egin ziren; eta gainera gogoa zuenean Bertauxerara joaten zen. Xederik gabeko esperantza bat zeukan, zorion zehazgabe bat; bere aurpegia atseginagoa kausitzen zuen ispiluaren aurrean bere papiloteak orrazterakoan.

        Egun batez hirurak aldera iritsi zen; jende guztia landa-lanetara joana zen; sukaldean sartu zen, baina hasieran Emma ez zuen ikusi; leiholak itxirik zeuden. Zuraren pitzatuetatik, eguzkiak zoru gainean luzatzen zituen marradura mehar handiak, altzarien ertzetan puskatu eta sabaian dardarikatzen zirela. Euliak, mahai gainean, erabilita zeuden godaletetan gora igotzen ziren, eta hondoan itotzear burrunda egiten zuten, sagardo-kondarretan. Tximiniatik jaisten zen egun-argiak, elatzeko kedarrea balusatuz, pixka bat urdinkatu egiten zuen errauts hotza. Leihoaren eta sutondoaren artean, Emma josten ari zen; ez zeraman lepoihalik, bere sorbalda biluzietan izerdi-tanta txikiak ikusten ziren.

        Landa-herrietako ohiturari jarraiki, zerbait edatea proposatu zion emakumeak. Berak uko egin zion, hark erautsi, eta azkenik, barrez, elkarrekin likore-baso bana hartzea eskaini zion. Eta alasara joan zen curaçao botila baten bila; bi godalet txiki atzeman zituen, bata goraino bete zuen, bestean zertxobait isuri zuen eta, topa egin ondoren, ahora eraman zuen. Ia hutsik zegoenez, atzeraka irauli zen edateko: eta, burua atzeraka, ezpainak luzaturik, lepoa teink, barre egiten zuen ezer ez sentitzeaz, eta bitartean bere mihiaren puntak, bere hortz finen artetik aterata, ukituka mihizkatzen zuen godaletaren hondoa.

        Berriro eseri eta bere lanari ekin zion, algodoi zurizko galtzerdi bat sareztatzen: bekokia apaldurik ari zen lanean; ez zuen hitz egiten. Charlesek ere ez. Aireak, atearen azpitik pasatuz, hauts pixka bat bultzatzen zuen harlauzen gainean; haren errestari begira zegoen, eta bere buruko barne taupadak bakarrik entzuten zituen, oilategietan, urrun, erruten ari zen oilo baten kakarazarekin batera. Emmak, aldian-aldian, masailak freskatzen zituen eskuzabalak bertan ezarriz, ondoren hauek sutxakur handien burdinazko eskulekuetan hotzitzen zituela.

        Urtaroaren hasieraz gero zorabioak jasateaz kexu zen emakumea; itsasoko bainuak baliagarri gerta ote zekizkiokeen galdetu zion; komentuaz mintzatzen hasi zen, eta Charles bere ikastetxeaz, eta esaldiak etorri egin zitzaizkien. Haren gelara igo ziren. Aspaldiko bere musika-koadernoak erakutsi zizkion, sari gisa eman zizkioten liburu txikiak eta haritz-hostozko koroak, alasaren zoko batean abandonaturik. Bere amaz ere hitz egin zion, kanposantuaz, eta hilaren lehen ostiralero bere amaren hilobian ipintzeko loreak biltzen zituen arloa ere erakutsi zion jardinean. Baina etxean zeukaten lorezainak ez zuen tutik ulertzen; izan ere miraberia hain zen eskasa! Berak nahi bai nahi izango zukeen, gutxienez ere neguan behintzat, hirian bizi izatea, nahiz eta egun ederren luzeak landa-herria udan agian are aspergarriago bihurtu; — eta, esaten zuenaren arabera, bere ahotsa ozena zen, edo zorrotza, edo, Bat-batean ahunduraz beterik, modulazioak errestatu egiten zituen ia xuxurla batean bukatuz, bere buruari mintzatzen zitzaionean, — oraintxe alai, begi xaloak irekiz, oraintxe betazalak erdi itxirik, begirada asperrez itorik, pentsamendua alderrai.

        Arratsean, handik itzultzean, Charlesek banaka-banaka errepikatu zituen hark ahoskatu zituen esaldiak, hauek gogoratzen, hauen zentzua osatzen saiatuz, berak ezagutzen ez zuen garaian hark bizi izana zuen bizialdiaren zatiaz jabetzearren. Baina inoiz ezin izan zuen ikusi bere pentsamenduan, lehen aldiz ikusi zuenaz edo arestian utzi-berria zuenaz beste era batean. Gero, hura zer bilakatuko ore zen galdetu zion bere buruari, ea ezkonduko ote zen, eta norekin? Horra! Rouault zaharra ongi aberatsa zen, eta alaba!... hain ederra! Baina beti ere Emmaren aurpegia azaltzen zitzaion bere begien aurrean, eta ziba baten zurrungaren antzeko zera monotono batek burrunda egiten zion belarrietan: «Eta heu ezkonduko bahintz, horratio! ezkonduko bahintz!» Gauean, ez zuen lorik egin, bere eztarria hertsaturik zegoen, egarri zen; pitxarretik ura edatera jaiki zen, eta leihoa ireki zuen; zerua izarrez estalirik zegoen, haize beroa zebilen; urrunean zakur batzuk ahausika ari ziren. Bertaux aldera itzuli zuen burua.

        Pentsatuz ezen, azken finean, ez zuela deus arriskatzen, Charlesek bere buruari agindu zion egingo zuela eskaera, horretarako aukera eskainiko zitzaionean; baina, aukera eskaintzen zen bakoitzean, hitz egokiak ezin aurkitu izatearen beldurrak lotzen zizkion ezpainak.

        Rouault zaharra ez zatekeen haserre norbaitek bere alabarengandik libratuko zukeenekoan, etxean ez baitzion ia ezertarako balio. Desenkusatu egiten zuen berekiko, neskak laboraritzarako izpiritu finegia zuela iritziz, bestalde zeruak madarikatutako lanbidea izaki, zeren eta honetan inoiz ez baitzen milionariorik ikusten. Horretan aberastu ordez, berak ere galdu egiten zuen urtetik urtera gizarajoak: zeren, merkatuetan gozatzen bazuen ere, non laket baitzen ofizioko amarruetan, aitzitik, nekazaritzako lana bera ordea, landetxearen barne gobernuarekin batera, edonori baino gutxiago baitzegokion. Ez zituen gogo handiz ateratzen bere eskuak patrikeratik, eta bere bizimoduari zegokion orotan ez zuen gastua begiratzen, ongi jan, epelean egon eta lasai oheratu nahi izaten zuelarik. Atsegin zituen sagardo bizia, arkume-izter erregorria, kale eta patar nahasia luzez irabiatua. Otorduak sukaldean egin ohi zituen, bakarrik, suaren aurrez aurre, teatroan bezala erabat zerbitzaturik ekartzen zioten mahai txiki batean.

        Beraz Charlesi bere alabaren hurbilean masailmuturrak gorritzen zitzaizkiola ohartu zenean, horrek esan nahi baitzuen egun luze baino lehen ezkontzeko eskatuko ziola, Rouault zaharrak aurrez hausnartu zuen arazo guztia. Nolabait ere izpindola xamarra aurkitzen zuen, eta eskierki ez zen berak nahi izango zukeen bezalako suhia; baina ziotenez portaera zintzokoa, gordezalea, estudio handitakoa zen, eta zalantzarik gabe hura ez zitzaion zikoizkeriatan hasiko doteari buruz. Beraz, Rouault zaharra bere ondaretik hogeitabi akre saltzera beharturik izango zenez, asko zor baitzion igeltseroari, asko uhalginari, tolarearen haga aldatu beharra baitzegoen:

        — Alaba eskatzen badit, eman egingo diot, deliberatu zuen berekiko.

        San Migeletan, Bertauxetara hiru egun pasatzera etorria zen Charles. Azkeneko eguna joan zen aurrekoak bezalaxe, ordu laurdenka luzamendutan atzeratzen. Rouault zaharrak lagundu zion bidemutur batez. Murkoarteko bide batean aurrera zihoazen oinez, elkarri agur esateko heinean ziren; huraxe zen tenorea. Laparresiaren ertzerainoko epea eman zion Charlesek bere buruari, eta noizbait ere, hura iragan ondoren:

        — Rouault jauna, esan zuen ahopean, zerbait esan nahi nizuke ba.

        Gelditu egin ziren. Charles isilik.

        — Kontadazu ba, zure istorioa! Ez ote dakit ba dena! esan zuen Rouault zaharrak, eztiki barre eginez.

        — Rouault jauna..., Rouault jauna, zizakatu zuen Charlesek.

        — Nik neuk ez dut hoberik eskatzen, jarraitu zuen laborariak. Gure neskatoa eskierki nirekin bat etorriko den arren, galdetu beharra dago halere bere iritzia. Joan zaitez ba; ni etxera itzuliko naiz. Baiezkoa bada, entzudazu ongi, ez daukazu berriro etorri beharrik, jendearengatik alegia, eta, bestalde, alabarentzat gogorregia litzateke. Baina zu tripajaten gera ez zaitezen, nik leihola hormaren kontra zabal-zabal irekiko dut: atzealdetik ikusi ahal izango duzu, laparresiaren gainetik begiratuz.

        Eta urrundu egin zen.

        Charlesek bere zaldia zuhaitz bati lotu zion. Korrika joan zen bidetxiorrean paratzera; zain egon zen. Orduerdi bat iragan zen, gero hemeretzi minutu kontatu zituen bere erlojuan. Bat-batean zarata izan zen hormaren kontra; leihola irekita zegoen, artean dardar ari zen krisketa.

        Biharamunean, goizeko bederatzietarako, Charles etxaldean zen. Sartu zenean, Emma gorritu egin zen, halere, erabidetsu, barre txiki bat egiten bermatuz. Rouault zaharrak bere suhi-gaia besarkatu egin zuen. Interesen konponbideaz hasi ziren solasean; bazuten, bestalde, horretarako denbora franko, zeren eta ezkontza ezin baitzen itxuronean ospatu harik eta Charlesen dolua burutu arte, alegia hurrengo urteko udaberri aldera arte.

        Aiduruko honetan iragan zen negua. Rouault andereñoa bere deusez arduratu zen. Parte bat Rouendik ekarrarazi zen, eta berak alkandorak eta oherako txanoak josi zituen, abantzuan laga zizkioten moda-marrazki batzuei jarraiki. Charlesek etxaldera egiten zituen bisitetan, ezteien prestakuntzaz aritzen ziren solasean, afaria zein aretotan emango ote zuten; zenbateko plater pila behar izango zen eta jaki-bitartekoak zeintzuk izango ote ziren.

        Emmaren desioa, aldiz, gauerdian ezkontzea zen, zuzien argitan; baina Rouault zaharrari ez zitzaion inola ere sartu burutapen horrenik. Hortaz ospatu ziren ezteiak, eta hauetara berrogeita hiru pertsona etorri ziren, eta mahaian hamasei ordu bota zituzten, biharamunean berriro ekinez eta ondorengo egunetan beste pixka bat.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia