—II—

 

        Gau batez, hamaikak aldera, atari aurrean gelditu zen zaldi baten zaratak esnatu zituen. Neskameak ireki zuen ganbarako leihatila eta denboratxo batez eleketan aritu zen behean kalean zegoen gizon batekin. Medikuaren bila zetorren; gutun bat zekarren. Nastasiek hotzak dardaraz jaitsi zituen mailak, eta sarraila eta morroiloak, bata bestearen ondoren, irekitzera joan zen. Gizonak utzi zuen bere zaldia eta, neskamearen atzetik, Bat-batean sartu zen haren ondoren. Artilezko bere zapel mortxil-grisdunaren barrutik atera zuen zapi batean bildutako gutun bat, eta begirunez aurkeztu zion Charlesi, zeina burkoan ukondoz tinkatu baitzen irakurtzeko. Nastasiek, ohe alboan, argiari eusten zion. Etxekoandrea, ahalkez, trenkadaldeko tarterantz jiraturik zegoen eta bizkarra erakusten zuen.

        Gutun honek, argizari urdinezko zigilu txiki batez zigilatua, Bovary J.ri otoikatzen zion Bertaux-etako etxaldera berehalakoan joan zedin, hanka hautsi bat konpontzera. Alegia, Tostesetik Bertauxetara badago sei legoa luzetako bidea, Longueville eta Saint-Victortik barrena. Gaua beltza zen. Bovary andre gaztea, bere senarrari istripuren bat gerta zekiokeen beldur zen. Beraz, erabaki zen, ikuilu-morroia joango zela aurrez. Charles hiru ordu beranduago abiatuko zen, ilargia irtetearekin batera. Mutiko bat bidaliko zitzaion bila, etxalderako bidea erakutsi eta bideko langak ireki ziezazkion.

        Goizeko laurak aldera, Charlesek, bere gainjantzian ongi bildurik, Bertaux-etako etxalderako bidea hartu zuen. Loaldiko berotan artean lokarturik, bere aberearen trosta baketsuan kulunkatzen uzten zuen bere burua. Erreten-ertzetan sakontzen diren sasiz inguratutako zulo horien aurrean zaldia bere kabuz gelditzen zenean, Charles, tupustean atzarririk, laster oroitzen zen hanka hautsiaz, eta ezagutzen zituen haustura guztiak berriz bururatzen saiatzen zen. Jadanik ez zen euririk erortzen; eguna zabaltzen hasia zen, eta, hostorik gabeko sagarrondoen adarretan, txoriak geldi-geldirik zeuden, goizeko haize hotzetan beren luma txikiak harrotuz. Landeta laua bistaz galtze arteraino hedatzen zen, eta etxaldeen inguruko zuhaitz-basotxoek, elkarrengandik urrun tartekaturik, orban more-beltzak egiten zituzten zeruaren tonu goibelarekin batera ortzimugan galtzen zen azalera gris zabal hartan. Charlesek, aldian behin, begiak irekitzen zituen; gero, gogoa nekaturik eta logalea bere kasa itzulirik, laster sartzen zen nolabaiteko lozorro batean eta hartan, bere berrikitako sentsazioak oroipenekin nahasten baitziren, bere burua bikoitz sumatzen zuen, aldi berean, ikasle eta ezkondua, bere ohean etzanda arestian bezala, operatuen gela zeharkatzen garai batean bezala. Kataplasma-usain beroa ihintzaren usain berdearekin nahasten zen bere buruan; hala entzuten zituen oheen burdinazko mailak barra gainean errestan eta bere emaztea lotan... Vassonvilletik pasatzean, mutiko bat ikusi zuen, erroil baten ertzean, belarretan eserita.

        — Zu al zara medikua? galdetu zuen mutikoak.

        Eta, Charlesen erantzuna medio, eskalaproinak eskuetan hartu eta bere aurrean korrika hasi zen.

        Osasun-ofizialeak, bidean zihoan bitartean, bere gidariaren solasari esker ulertu zuen Rouault J. nekazarietarik nonbait aberatsenetakoa zela. Bezpera gauean, auzoko batenean Erregeak ospatzetik itzultzean, hanka hautsi zuen. Bere emaztea zuela bi urte hila zen. Harekin bere demoiselle besterik ez zen bizi, eta honek laguntzen zion etxeko lanak egiten.

        Gurtarrastoak sakonagoak bilakatu ziren. Bertauxetatik hurbil ziren. Mutikoa, hesiko zulo batetik barrena, desagertu egin zen, gero esparru baten bestaldetik itzuli zen bertako atea irekitzera. Zaldiak irrist egiten zuen belar bustiaren gainean; Charles makurtu egiten zen adarren azpitik pasatzeko. Etxeko zakurrak beren txokoan zaunkaz ari ziren beren kateetatik tiraka.

        Bertauxetara sartu zenean zaldia beldurtu egin zen eta brastako handi bat egin zuen.

        Itxura ederreko etxaldea zen. Ikuiluetan, irekitako ateen gainetik, laborantzarako zaldi handiak ikusten ziren ezarian jaten ganbela berrietan. Edifizioen luzetara goroztegi zabala hedatzen zen, lurratsa zerion, eta, oiloen eta puloien artean, bost edo seikoren bat pauma zebilen mokoka, Caux aldeko oilategietako luxua. Artegia luzea zen, etxea handia, bere hormak ahurra bezain leunak. Aterpean bi gurdi handi eta lau golde zeuden, beren zaharo, beren goilare, beren zaltresna guztiekin, hauen artile urdinezko mototsak bihitegietatik erortzen zen hauts finaz zikintzen zirelarik. Eskorta pendoitzean zihoan, simetrikoki tartekaturiko zuhaitzez landaturik, eta antzara saldo baten karranka alaia ateratzen zen ihidoi aldetik.

        Emakume gazte bat, hiru aloz-hegalez apainduriko meriñu-urdinezko soinekoz jantzirik, etxeko atalasera etorri zen Bovary J.ri harrera egitera, eta sukaldera lagundu zion, non su handia garretan baitzegoen. Suaren bornuan morroien bazkaria ari zen irakiten, tamaina desberdinetako eltze txikitan. Zenbait arropa busti ari zen lehortzen pantetx barruan. Burtzina, suhartzak eta hauspoaren mokoa dizdiz zeuden altzairu arradatua bezala, eta hormetan zehar berriz ugari hedatzen zen sukalde-tresneria, non mirailatzen baitzen desberdinki surtako gar argia, leiarretatik zetozen lehen eguzki-zohargiekin bateraturik.

        Charles igo zen, lehenengora, gaixoa ikustera. Ohean aurkitu zuen, estalkien pean izerditan eta bere algodoizko txanoa ongi urrutira iraitzia zuelarik. Berrogeita hamar urtetako gizon txiki potzolo bat zen, larrazal zurikoa, begiurdina, buruko aurrealdea soila, eta belarritakoak zeramatzan. Bere alboan, aulki baten gainean patar-damasa handi bat zeukan, eta bertatik tarteka hurrupa bat ateratzen zuen barrunbeak zuzpertzeko; baina, medikua ikusi zuen orduko, bere asaldapena apaldu egin zen, eta, hamabi ordu hartan ari zen bezala biraokatu ordez, motel-motel heiagoraka hasi zen. Haustura xinplea zen, inolako katramilarik gabekoa. Charles ezin zatekeen ausartu ere errazagorik espero izaten. Beraz, zaurituen ohe ondoan bere maisuen jokaera-moldeak gogoratuz, gaixoa adoretu zuen molde orotako hitz ederrez, bisturiak koipatzeko den olioaren antzeko balaku kirurgikoez.

        Oholkoak edukitzearren, gurditegira joan ziren, estrabe-haxe baten bila. Charlesek bat aukeratu zuen, zenbait zatitan moztu zuen eta beira-puska batez leundu zuen, neskamea bendak egiteko izarak zarratatzen eta Emma andereñoa kuxinak josten saiatzen ari ziren bitartean. Bere jostun-xixkua aurkitzerako denbora luzea eman zuenez, aita ernegatu egin zen; berak ez zuen ezer erantzun; baina, josten ari zen bitartean, bere behatzak xulatu eta berehala ahora eramaten zituen xurgatzeko.

        Charles harritu egin zen haren hatzazalen zuriaz. Distiratsuak ziren, puntazorrotzak, Dieppeko marfilak baino garbituagoak, eta almendra eran moztuak. Haren eskua ordea ez zen polita, aukeran ez nahiko zuhaila, agian, eta falanjeetan igar xamarra; gainera luzeegia zen, eta biraguneetan malgudura-marra beratxik gabekoa. Ederrik eder zuena, begiak ziren: nabarrak izanik ere beltzak ziruditen, betileak medio, eta bere begirada zabalkiro iristen zitzaizun ozartasun xalo batez.

        Jada bendak loturik, Rouault Jk berberak gonbidatu zuen medikua aharmen bat hartzera, abiatu baino lehen.

        Charles salara jaitsi zen, eskaratzera. Bi kubierto zeuden, zilarrezko godaletekin, mahai txiki baten gainean, turko-irudiko pertsonaiazko indi-ehun batez jantzitako errezeldun ohe handi baten oinean. Leihoaren aurrez aurre zegoen haritz-zurezko alasa altutik jalgitzen zen lili eta izara hezatsuren usaina aditzen zen. Lurrean, ertzetan, zutika taiuturik, gari-zakuak zeuden. Hiru harmailaren bidez igotzen zen alboko bihitegiaren gainezkakoa zen. Egongua apaintzeko, iltze baretik zintzilik, pintura berdea kresalaz harrotzen ari zitzaion hormaren erdian, Minerbaren buru bat zegoen arkatz beltzez marraztua, urrekoloreko markoan, eta oinean, letra gotikoz idatzirik zeraman: «Nire aitatxo maiteari». Lehenbizi gaixoaz mintzatu ziren, gero egiten ari zen eguraldiaz, hotz handiez, gauez landetan zehar zebiltzan otsoez. Rouault andereñoa ez zen hain laket nekazaritza-bizigiroan, batez ere orain ia berak bakarrik baitzuen etxaldea zaintzearen ardura. Salan hozkirri egiten zuenez, jaten ari zen bizarrean hotzikaraz zegoen andereñoa, eta horrek bere ezpain mardulak pixka bat nabarmendu egiten zituen, ohituraz hoxkatu egiten baitzituen isiluneetan.

        Bere iduna goleta zuri tolestu batetik irteten zen. Bere ilea, zeinaren bi adats beltzek bakoitza puska osokoa baitziruditen, hain ziren izan ere zapalak, buruaren erdian berezirik zegoen arroil fin batez, eta hau poliki-poliki hondoratzen zen buru-hezurraren makurdurari jarraiki; eta, belarri-gangaila doi-doi ikusten utziz, atzealdean nahasten ziren motots naharo batean, adegien inguruan bihurdura kizkur batez, zeina hantxe hauteman baitzuen landeta-medikuak bere bizitzan lehen aldiz. Matrailalboak gorriztak zituen. Bere gerrontzeko bi botoiren artean loturik, gizonek bezala, maskorrezko betaurrekoak zeramatzan.

        Charles, Rouault zaharrari agur egitera igo ondoren, abiatu aurrez salara itzuli zenean, zutik topatu zuen, bekokia leihoaren kontra, baratzera begira, non babarrunen zurkaitzak eratsiak baitzituen haizeak. Itzuli egin zen.

        — Zerbaiten bila zabiltza? galdetu zion.

        — Nire zaharoa, mesedez, erantzun zuen gizonak.

        Eta miaketan hasi zen ohe gainean, ateen atzean, aulkipeetan; lurrera erorita zegoen, zakuen eta hormaren artean. Emma andereñoak aurkitu zuen; gari-zakuen gainean makurtu zen. Charles, kortesiaz, lehiatu egin zen, eta, berak ere mugimendu berean besoa luzatu zuelarik, bere bularrondoa sentitu zuen azpian makurturik zegoen neska gaztearen bizkarra ferekatzen.

        Gorri-gorri zutitu zen neska eta sorbalda gainetik begiratu zion, bere idi-zurda luzatuz.

        Bertauxetara handik hiru egunetara etorri ordez, agindu zuen bezala, biharamunean bertan itzuli zen, eta gero astean bi bider ziurki, eta hori tarteka, oharkabean bezala, egiten zituen ustekabeko bisitak kontatu gabe.

        Gainontzean, dena ongi joan zen; sendakuntza arautu bezala gauzatu zen, eta, berrogeita sei egunen buruan, Rouault zaharra bere oilategian bakarrik ibiltzen saiatzen zela ikusi zutenean, Bovary J. trebetasun handiko gizontzat ematen hasi ziren. Rouault zaharrak esaten zuen, Yvetot-ko lehen medikuek ezta Rouengoek ere ez zuketela hobeto sendatuko.

        Charlesi dagokionez, ez zen saiatu ere egin bere buruari galdetzen ea zergatik etortzen ote zen atseginez Bertauxetara. Horrelakorik bururatu balitzaio ere, kasuaren grabetasunari eratxekiko ziokeen bere arreta sutsua, edota horretatik ateratzea espero zuen onurari beharbada. Baina horregatik ote zen ordea, etxalde hartara bere bisitak, bere bizimoldeko zeregin hutsalen artean, salbuespen xarmagarri bat izatea? Egun horietan goiz jeikitzen zen, asapalan abiatzen zen, astintzen zuen zaldia, gero jaitsi egiten zen oinak belarretan garbitzera, eta bere eskularru beltzak jazten zituen sartu baino lehen. Atsegin zuen bere burua larrainera heltzen ikustea, bere bizkarraren kontra langa jiratzen sentitzea, eta horma gainean kukurruka ari zen oilarra, atera irteten zitzaizkion mutilak. Atsegin zituen etxea eta abeltegiak; bere salbatzaile deituz eskuan xapla-xapla ematen zion Rouault zaharra atsegin zuen; atsegin zituen Emma andereñoaren eskalaproin txikiak sukaldeko harlosa ikuzien gainean; hauen orpogain altuek pixka bat handiagotu egiten zuten, eta, neska bere aurretik zihoanean, zurezko zoruek, azkar altxatuz, hots idor batez klaskatzen ziren larruzko oskien kontra.

        Eskilaretako lehen mailaraino laguntzen zion beti. Artean bere zaldia ekarri ez ziotenetan, neska hantxe geratzen zen. Elkarri agur esana zioten, ez ziren gehiago mintzatzen; aire zabalak inguratzen zuen, bere garandoko ilaunak nahasian harrotuz, edo bere mantalaren lokarriak gerrondoan astinduz, zeinak banderola gisa bihurkatzen baitziren. Behin batez, gesaltze garaian, atarian zuhaitzen azala jarioan ari zen, eraikinetako sabai gainetan elurra urtzen ari zen. Neska atalasean zegoen; bere guardasolaren bila joan zen, ireki egin zuen. Guardasolak, usapal-paparraren gisako zetazkoa, eguzkiak zeharkatzen baitzuen, bere aurpegiko azal zuria islara mugikorrez argitzen zuen. Haren pean bero epeletan irribarre egiten zuen; eta ur tantak entzuten ziren, banaka banaka, leinuru-oihal teinkatuaren gainera erortzen.

        Charles Bertauxetara joan ohi zen lehen garaietan, Bovary andre gazteak ez zion huts egiten gaixoaren berri galdetzeari, eta halaber, berak bikoitzean zeraman liburuan, Rouault J.rentzako orri zuri eder bat hautatua zeukan. Baina, hark alaba bat bazuela jakin zuenean, informazio bila hasi zen; eta jakin ere egin zuen, Rouault andereñoak, komentuan hezia, Ursulinetan hain zuzen, jasoa zuela esaten den bezala, hezkuntza bikaina, eta bazekiela, beraz, dantza, geografia, marrazkigintza, tapizak egiten eta pianoa jotzen. Hau gehiegikoa izan zen!

        — Horregatik du beraz, zioen berekiko, aurpegi hain alaia hura ikustera doanean, eta horregatik jazten al du gerrontze berria, euritan hondatzeko arriskuz? Ah! emakume hori! emakume hori!...

        Eta higuindu egin zuen, oldez. Hasieran, zipladaka lasatu zen. Charlesek ez zituen ulertu; ondoren, bidenabarreko gogoetaz, eta gizonak pasatzen uzten zituen ekaitzaren beldurrez; azkenik, apostrofe zuzen-zorrotzez, eta hauei ez zekien zer erantzun.

        — Nondik norakoa zen gero, Bertauxetara itzuli behar hori, zeren eta Rouault J. sendaturik baitzegoen eta jende hark oraindik ez baitzuen ordaindu? Ah! bazen han ordea pertsona bat, solasean zekien norbait, eta brodatzen ere, izpiritu finekoa. Hori zen hark atsegin zuena: hiriko andereñoak behar zituen! Eta berriro ekiten zion:

        — Rouault zaharraren alaba, hiriko andereño bat! Tira! bere aitona artzaina zen, eta badute lehengusu bat, auzipetzeko zorian ibilia kolpe txar batengatik, tekela batean. Ez dago hainbesteko espanturen beharrik, ez eta igandean elizan zetaz jantzirik azaldu beharrik ere, kondesa bat bezala. Eta bestalde zahar gizarajo hori, zeren, iazko koltzarik gabe, nahiko lan izango baitzukeen atzeratuak ordaintzen!

        Unaduraz, Charlesek utzi egin zion Bertauxetara itzultzeari. Heloisak zin eginarazia zion, sekula gehiago ez zela joango, eskua meza-liburuaren gainean, nigarzotin eta musuka askoren ondoren, maitasun-zalaparta handi batean. Obeditu egin zuen beraz; baina bere desiraren mutirigoak protestatu egin zuen bere portaeraren jopukeriaren aurka, eta, hipokresia-molde xalo bat medio, hura ikusteko debeku hau hura maitatzeko eskubidea bezala zela eman zuen berekiko. Eta gainera alarguntsa igarra zen; hortzak luzeak zituen; urtaro oroz buruko zapi beltza jazten zuen eta honen muturra omoplatoen artean jaisten zitzaion. Bere gerri gogorra zorro antzeko soinekotan galkaturik zegoen, motzegiak izaki, txonkatilak erakusten zituela bere zapata handien kadartsoak galtzerdi grisen gainean gurutzaturik.

        Charlesen ama noizean behin etortzen zen bisitan, baina, zenbait egunen buruan, bazirudien errainak ama axatzen ziola semeari; eta orduan, bi labana bezala, hura matrazatzeari ekiten zioten beren gogarte eta ohartarazpenen bidez. Oker egiten zuen hainbeste jatea! Zergatik hurrupa bat eskaini azaltzen zen edonori? Zer nolako kasketaldia gero, franelarik jantzi nahi ez hori!

        Eta gertatu zen ze, udaberri hasiera aldera, Ingouvilleko notario bat, Dubuc alarguntsaren fondoen edukitzailea, itsasaldi on batez itsasoratu egin zela, bere estudioko diru guztia berarekin eramanez. Heloisek, egia da, bazuen artean ere, sei mila liberatan balioztaturiko itsasuntzi parte batez gainera, Saint François kaleko bere etxea; eta halere, hain ozenki durundatu izandako dirutza guzti horretatik, etxean ordea, altzari bakan batzuk eta zenbait trapuzarrez beste, ez zen ezertxo ere azaldu. Gauza argitu egin behar izan zen. Dieppeko etxea hipotekaz bipiaturik aurkitu zen bere zutoinetaraino; notarioarenean jarrita zuena, Jainkoak jakin, eta txaluparen partea ez zen mila ezkututatik pasatu. Gezurretan aritu zitzaien beraz, atso gajoa! Bere amorrazioan, Bovary J. zaharrak, zolaren kontra aulki bat txikituz, bere emaztea salatu zuen beren semearen zorigaitza erakarri zuelako molde horretako xamalko batekin uztartuz, zeinaren pildek ez baitzuten azalak beste balio. Tostesera etorri ziren. Izan zen tekelarik franko. Izan zen kalapitarik. Heloisek, negar-zotinka, bere senarraren besoetara jauzi eginez, bere gurasoetatik defenda zezan otoikatu zion. Charlesek haren faboretan hitz egin nahi izan zuen. Gurasoak haserretu egin ziren, eta alde egin zuten.

        Baina zartada emana zegoen. Handik zortzi egunetara, eskortan arropa zabaltzen ari zelarik, odol-errustaka hasi zen, eta biharamunean, Charlesek leihoko gortinak ixteko bizkarra ematen zion bitartean, esan zuen: «Ai ene Jainkoa!» hasperen bat bota zuen eta kordea galdu zuen. Hilik zegoen! Zer nolako txundioa!

        Kanposantuan dena bukatu zenean, Charles etxera itzuli zen. Behean inor ez zuen topatu; lehenengora igo zen, gelara, emaztearen soinekoa ikusi zuen oraindik dilindan etzanguaren oinean; orduan, idazmahaiaren kontra jarririk, ametseria minduratsu batean galdurik geratu zen arratsera arte. Nolanahi ere, emazteak maite izan baitzuen.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia