—I—

 

        Estudioan ginen Zuzendaria sartu zenean, bere atzetik kalejantzian berri bat zuela eta klase-zaindari bat pupitre handi bat zeramala. Lo zeudenak esnatu egin ziren, eta bakoitza bere lanean harrapatu balute bezala zutitu zen.

        Zuzendariak keinu egin zigun eser gintezen; ondoren, ikasketa-maisuarengana itzuli eta:

        — Monsieur Roger, esan zion ahopean, hona hemen gomendatzen dizudan ikasle bat, bosgarrenean sartu da. Bere lanaz eta portaeraz merezi badu, handietara pasatuko da, adinez dagokion bezala.

        Bazterrean pausaturik, atearen atzean, doi-doi hautemateko eran, berria mutiko nekazari bat zen, hamabosten bat urte ingurukoa, eta gu guztiotariko inor baino luzeagoa. Ilea kopetan zuzen moztua zeraman, herri-txikiko txantre baten antzo, tankera zuhurra eta oso aztoratua. Nahiz eta bizkar zabalekoa ez izan, oihal berdezko bere txamarra botoi-belztuna deseroso zetorkion nonbait soinean eta besomuturretako zuloetatik eskutur gorriak, biluzi ibiltzen ohituak, ageri zituen. Bere hankak, galtzerdi gorriz jantzirik, tirantez oso tiraturiko praka horizta batzuetatik ateratzen zitzaizkion. Oinetan zapata zeken batzuk zeramatzan, gaizki lustratuak, iltzez hornituak.

        Ikasgaien errezitazioa hasi zen. Hura buru-belarri egon zen entzuten, sermoian bezain adi, zangoak gurutzatzen ere ausartu gabe, ezta ukondoak tinkatzen ere, eta, ordubietan, kanpaiak jo zuenean, ikasketa-maisuak ohartarazi egin behar izan zion, ilaran gurekin batera jar zedin.

        Ikasgelara sartzean gure bonetak lurrera botatzeko ohitura genuen, horrela eskuak libreago edukitzearren; alatzetik bertatik jaurtiki behar izaten ziren aulkipera, hormaren kontra jotzean hauts ugari harrotzeko eran; horrela zen hango jokoa.

        Baina, maniobra horretaz ohartu ez zelako edo horretara plegatzera ausartu ez zelako, errezoa bukatu eta gero ere behintzat, berriak bere boneta artean bere bi belaunen gainean zeukan. Ordena konposatuko kapelu horietako bat zen, non kausitzen baitira ilezko sonprailuaren elementuak, chapskarenak, kapela borobilarenak, ugadera-larruzko txanoarenak eta algodoizko txapelarenak, gauza pobre horietako bat, alegia, zeinaren itsusitasun mutuak ergel baten aurpegiak adinako espresio-sakontasunak baititu. Oboidea eta balen-bizarrez hanpatua, hiru buzkantz zirkularrez hasten zen; segidan, xingola gorri batek bereizirik balusazko erronbo batzuk eta untxillezko batzuk txandakatzen ziren; ondoren zaku antzeko zerbait zetorren poligono kartoneztatu batez buruturik, galarru-bordatu bihurri batez estalirik, eta honetatik zintzilik, kordoi luze mehegi baten puntan, urre-harizko gurutzaburu txiki bat, purpuseta eran. Berria zen; bixerak distira egiten zuen.

        — Altxa zaitez, esan zuen irakasleak.

        Altxatu egin zen. Bere boneta erori egin zitzaion. Gela osoak barreari eman zion.

        Jasotzera makurtu zen. Alboko batek ukondoaz jo eta lurrera bota zion, berak berriro ere jaso egin zuen.

        — Jaregiozu ba zure boneta horri, esan zuen irakasleak, gizaseme jarria izaki.

        Ikasleak algaraz lehertzen hasi eta mutil gizarajoa larritu egin zen, hain larritu ere, non ez baitzekien boneta eskuan gorde behar ote zuen ala lurrean utzi ala bere buruan jantzi.

        Berriro eseri zen eta belaunen gainean ipini zuen.

        — Altxa zaitez, berriz ere irakasleak, eta esadazu zure izena.

        Berriak izen ulertezin bat ahoskatu zuen totelka.

        — Berriz!

        Silaba-totelkada berbera entzun zen, gelako uhuka-oihuek estalirik.

        — Ozenkiago! maisuak deiadarka, ozenkiago!

        Berriak orduan, erabateko erabakia harturik, egundoko ahoa ireki zuen eta eztarria lehertzear bota zuen, norbaiti deika bezala, hitz hau: Charbovari.

        Bat-batean oldartu zen iskanbila, in crescendo ozendu zen, garrasi zorrotzez (uhuriaka, ahausika, lurrari ostikoka, errepikatuz: Charbovari! Charbovari!), gero nota bakanetan errestatu zen, nekez baretuz, eta tarteka berriro kolpean hasten zen eserlekuren bateko ilaran, edo han-hemenka lehertzen zen, gaizki itzalitako petardo baten gisa, barre itoren bat.

        Halere, zigor-erauntsipean ordea, itzuli zen ordena poliki-poliki gelara, eta irakasleak, noizbaitekoan ere Charles Bovaryren izena atxikirik, diktatu, letreiatu eta berrirakur erazi ondoren, gizaixoari segituan agindu zion nagien aulkian esertzera joan zedin, irakaslemahaiaren oinean. Mugitzen hasi zen baina, abiatu baino lehen, zalantza izan zuen.

        — Zeren bila zabiltza? galdetu zuen irakasleak.

        — Nire bo..., esan zuen berriak herabeki, bere baranoan begirada kezkatiak pasiatuz.

        — Bostehun berso klase osoak! ahots haserrez oihukatzeak gerarazi zuen, Quos ego hark bezala, beste ekaitz bat. — Trankil egon zaitezte ba! jarraitu zuen irakasleak asaldaturik, eta bere kapelapetik atera berria zuen mokanesaz bekokia xukatuz: Eta zuk, berriak, hogei aldiz kopiatuko didazu ridiculus sum aditza.

        Ondoren, ahots samurragoaz:

        — Aizu! aurkituko duzu zure boneta; inork ez dizu lapurtu!

        Dena bere onera itzuli zen. Buruak karpeten gainera makurtu ziren, eta berria ereduzko jarreran egon zen bi ordutan zehar, nahiz eta, tarteka, lumapuntaren bidez jaurtiki eta bere aurpegian zaplaztatzera zetorren paper-bolatxoren bat edo beste izan zen arren. Baina hark, eskuaz xukatu eta geldi-geldi segitzen zuen, begiak apaldurik.

        Gauean, Estudioan, bere pupitretik mahuka-muturrak atera zituen, bere gauzatxoak ordenatu zituen, bere papera arreta handiz marratu zuen. Lanean serioski aritzen ikusi genuen, hitz guztiak hiztegian begiratuz eta bere gain lan handia hartuz. Bistan erakutsi zuen borondate on horri esker, hain zuen, ez zuen beheragoko klasera jaitsi beharrik izan; zeren eta, bere erregelak pasamoduan zekizkien arren, ez baitzeukan ia inolako dotoreziarik esakeran. Bere herriko apaizarekin hasia zuen latina, bere gurasoek, diruak premiaturik, ahalik eta beranduen arte ez baitzuten bidali ikastetxera.

        Bere aita, Charles-Denis-Bartholomé Bovary, ofiziale mediku militar baten laguntzaile-ohia, 1812. urte aldera kinto-libratze arazotan konprometatua, eta garaimodutsu hartan zerbitzua uztera behartua, bere xarma pertsonalez baliatu zen orduan, ehun-merkatari baten alabaren baitan eskaintzen zen hirurogei mila liberatako dotea iraitzean atxikitzeko, hura bere giza-plantaz enamoratu baitzen. Gizaseme bikaina, arranditsua, ezproin-soinu handia eraginez, papiloteak bibotearekin elkarturik zituela, behatzak beti eraztunez horniturik eta kolore ikusgarriz jantzirik, gizaseme bizkorraren itxura zeukan, salmentari bidaiante baten bixitasun airosarekin. Ezkondu ondoren, bere emaztearen fortunaren kontura bizi izan zen bi edo hiru urtez, ongi janez, berandu jeiki, portzelanazko pipa handitan erre, arratsean espektakuluen ondoren arte etxeratu gabe eta kafetegietan sarri ibiliz. Aitaginarreba hil zen eta ezer gutxi utzi zuen; hori gaitzi izan zitzaion, fabrikan ekin zion, hartan diru apurren bat galdu zuen, ondoren landetara erretiratu zen eta hura aurrera atera nahi izan zuen. Baina, nekazaritzan ere nonbait ez izan ehungintzan baino trebatuago, bere zaldiak zamalkatu egiten baitzituen laborantzara bidali ordez, bere sagardoa botilaka edaten baitzuen upaka saldu ordez, bere oilategiko hegaztirik ederrenak jan egiten baitzituen eta bere zerrien urdaiaz bere ehize-oinetakoak gantzutzen baitzituen, ez zitzaion luze joan ohartzeko, hobe zuela espekulazio oro bertan behera utzi.

        Urteko berrehun libera medio, aurkitu zuen herrixka batean, Caux eta Picardie arteko mugan, bizileku-molde bat erdi landetxe erdi jauregia, alogeran hartzeko. Eta, zaputz, atsekabez doluturik, zerua akusatuz, mundu guztiaren kontra bekaizti, berrogeita bost urtez gero bere baitan hertsi zen, gizonez nazkaturik, zioen berak, eta bakean bizitzea deliberaturik.

        Bere emaztea hartaz txol enamoraturik egona zen garai batean; senarra beregandik are gehiago urrundu zuten mila mirabekeriaz maite izan zuen; lehen alaia, lagunkorra, guztiz maitalea, zahartzean ordea (airetara irekirik mintzen den ardoa bezala), umore-gaitz, karrankari, urduri bilakatu zen. Hainbat sufritua zen, kexatu gabe, hasieran, hura herriko maripurtzil guztien atzetik ikusten zuenean eta hamaikatxo zulo gaiztotatik arratsean bidaltzen ziotenean, ahiturik eta mozkor-kiratsa zeriola! Gero harrotasuna erreboltatu zitzaion. Orduan isildu egin zen, hil arte guztian gorde zuen estoizismo mutu batean bere amorrua irentsiz. Hara eta hona negoziotan zebilen beti. Auzi-prokuradoreengana, presidentearengana, bera joaten zen, zor-agirien epe-buruak gogoan izaten zituen, luzamenduak lortzen zituen; eta, etxean, lisatu, josi, lixiba jo, langileak zaindu eta kontuak ordaintzen zituen, eta bitartean etxekojauna, ezertaz arduratu gabe, etengabeko lozorro zaputzean mokorturik egoten zen, sutondoan pipatzen, errautsetara ttuka, eta hartatik ez zen esnatzen andreari gauza higuingarriak esateko baino.

        Haurra izan zuenean, inudetu beharra izan zen. Etxera itzultzean, printze bat bezala mixkindu zuten umea. Bere amak gozokiz elikatzen zuen; bere aitak oinutsik ibiltzen uzten zion, eta, filosofatzeari emanez, esan ere egiten zuen, zeharo biluzi ere ibil zitekeela, piztien umeak bezala. Amaren jiteen kontrakarran, haurtzaroaz halakoxe ideial ordoski bat zeukan buruan, zeinaren arabera saiatzen baitzen bere semea hezitzen, laztasunean, espartarren erara hazi nahiez, hura askai ederrekoa egitearren. Surik gabe bidaltzen zuen ohera, ron hurrupa handiak edaten eta prozesioei irain egiten irakasten zion. Baina, berez baketsua izaki, txikiak erantzun eskasa ematen zien haren ahaleginei. Amak bere atzetik zeraman beti; kartoizko jostailuak musarratzen zizkion, ipuinak kontatzen zizkion, berarekin aritzen zen solasean bozkario malenkoniatsuz eta hizjario-balakuz beteriko bakarrizketa etengabetan. Bere bizitzako bakardade hartan, haur haren baitan ipini zituen bere arrandi sakabanatu eta apurtu guztiak. Goreneko graduez amets egiten zuen, jada handia eginik ikusten zuen, dotorea, zorrotza, finkatua, zubi eta errepide injinerutzan edo magistraturan. Irakurtzen irakatsi zion, eta kantatzen ere, berak zeukan piano zahar batean, bi edo hiru erromantzatxo. Baina, hau guztia zela-eta, Bovary jaunak, letrez gutxi axolatzen baitzen, esaten zuen ez zuela pena merezi! Inoiz izango al zuen gobernuaren eskoletan zertaz mantendurik, kargu bat edo negozio bat erosteko lain? Bestalde, mutiria izanik, gizona beti ateratzen baita aurrera munduan. Bovary andreak ezpainak ausikitzen zituen eta haurra dilingo-dalango ibiltzen zen herrian barrena.

        Laborarien atzetik joaten zen, eta sokorka uxatzen zituen beleak, zeinak hegaztatu egiten baitziren. Arroiletan barrena masustak jaten zituen, puloiak zaintzen zituen arbazta batez, belar iharra eskuaretzen zuen, basoetan zehar korrika ibiltzen zen, euri egunetan elizatariko aterpean txingotan jolas egiten zuen, eta, jaiegun handietan, sakristauari otoi eskatzen zion kanpaiak jotzen utz ziezaion, bere gorputz osoa soka handitik dilindatu eta hark bere kulunkan eramanik sentitzearren.

        Hazi ere horrela egin zen haritz bat bezala. Esku sendoak egin zitzaizkion, kolore ederrak.

        Hamabi urtetan, bere amak lortu zuen ikasketei ekin ziezaien. Horretaz apaiza arduratu zen. Baina ikastorduak hain laburrak eta hain gaizki jarraituak izaki, ezin zuten noski gauza handitarako balio izan. Hutsarteetan ematen zituzten, sakristian, zutik, presaka, bataio baten eta hileta batzuen artean; edota apaizak norbait bidaltzen zuen bere ikaslearen bila Angelus ondoren, berak irten beharrik ez zeukanetan. Bere gelara igotzen ziren, bertan egokitzen ziren: eulibeltzak eta gautximeletak hegabiraka ibiltzen ziren kandelaren inguruan. Bero egiten zuen, haurra loak hartzen zuen; eta gizon gizarajoak, eskuak zilbor gainean zituela lokarturik, ez zuen denbora luzerik behar izaten zurrungaka hasteko, ahoa zabalik. Beste batzuetan, apaiz jaunak, inguruetako gaixoren bati elizakoak ematetik itzultzean, Charles zelaietan zehar bereetakoak egiten ikusten zuenean, hots egiten zion, ordu laurden batez sermoia bota eta tenoreaz baliatzen zen aditz-jokuak errepika arazteko zuhaitz baten oinean. Eta baina euria zetorren etenaraztera, edota inguruan pasatzen zen ezagunen bat. Gainontzean, hartaz kontent zen apaiza beti, eta gizontxoak oroimen azkarra zuela ere esaten zuen.

        Charles ezin zitekeen hartan geratu. Andrea gogor jarri zen. Lotsaz, edota asperturik gehienbat, etxekojaunak amor eman zuen jarkipenik gabe eta artean beste urtebete itxoin zuten harik eta haurrak lehen jaunartzea egin zuen arte.

        Beste sei hilabete ere iragan ziren; eta, hurrengo urtean, bidali zuten Charles behingoan ere Rouengo ikastetxera, aitak berak eraman zuelarik, urriaren bukaera aldean, San-Romanetako feriaren egunetan.

        Gutariko edonori ezinezkoa litzaioke orain hartaz ezer gogoan izatea. Tenperamendu eratsuzko mutila zen, errekreoetan jolas egiten zuen, estudioan langilea, klasean entzun, logelan ondo lo eta jangela ondo jaten zuena. Ganterie kaleko kinkaila-saltzaile bat zeukan babesle, eta honek ateratzen zuen hilean behin, igandez, bere denda itxi ondoren, itsasuntziei begira pasiatzera portu aldera bidaliz, eta gero zazpiak ondoren eramaten zuen berriro ikastetxera, afal aurrean. Ostegun gauero, eskutitz luze bat idazten zion bere amari, tinta gorriz eta hiru lakrez zigilaturik; ondoren historiako bere apunteak errepasatzen zituen, edota estudioan harat-honat zerabilten Anacharsisen bolumen zahar bat irakurtzen zuen. Pasieretan, morroiarekin hitz egiten zuen, laboraria baitzen bera bezala.

        Saiatzearen poderioz, beti ere klasearen erdialdean mantendu zen; behin batez, natur-historian lehen accesit bat irabazi ere egin zuen. Baina, hirugarrena bukatzean, bere gurasoek ikastetxetik atera egin zuten medikuntza ikastarazteko, batxilerra burutu arte bera bakarrik moldatzeko gauza izango zela pentsatuz.

        Bere amak aukeratu zion gela bat, Eau-de-Robec kaleko laugarren batean, ezaguna zuen tindatzaile baten etxean. Amak berak burutu zuen haren ostatatze-tratua, altzariak lortu zituen, mahai bat eta bi aulki, bere etxetik ekarrarazi zuen basagerezizko ohe zahar bat, eta gainera burdinazko txopeta bat erosi zuen, bere seme gaixoa berotu behar zuen suegur-hornidura eta guzti.

        Eta astebetearen buruan ama joan egin zen ongi portatzeko mila gomendio eman ondoren, orain bere kasa abandonaturik geratuko baitzen.

        Iragarki-taulan irakurri zuen ikasketa-programak, zorabiaturik utzi zuen; anatomia-ikasketak, patologia ikasketak, fisiologia-ikasketak, farmazi ikasketak, kimika-ikasketak, botanika-ikasketak, eta klinikakoak, eta terapeutikakoak ere, hori higienea eta medikuntzagaiak kontatu gabe, guztiak ere etimologiarik ezagutzen ez zuen hitzak eta bakoitza ere ilunpe gurgarriz betetako saindutegitako ate bana bezala.

        Ez zuen ezer ulertu; entzun bai entzun, ez zuen ezer atxikitzen. Lana egiten zuen horratio, apunte-koadernoak azala jarrita zeuzkan. Klase guztietara joaten zen, ez zuen bisita bat bera ere galtzen. Bere eguneroko eginkizuntxoa betetzen zuen, begiak estalirik toki berean jiraka dabilen igara-zaldiak bezala, lantzen ari den beharraren zantzurik ere gabe.

        Mutilaren gastuak murriztearren, bere amak astero igortzen zion, errekardariaren bidez, labean erretako zekorki zati bat, eta hori jaten zuen goizean, ospitaletik itzultzean, oinzolak hormakontra ostikoka berotuz. Segituan korrika joan beharra zegoen klaseetara, anfiteatrora, ospiziora, eta bere etxera itzuli, kale guztiak barrena. Gauean, bere etxenagusiaren afari urriaren ondoren, bere gelara igotzen zen eta lanari ekiten zion, bere soinean jantzi bustiei txopeta goriaren aurrean lurruna zeriela.

        Udako arrats ederretan, kale epelak hutsik dauden garaian, neskameak atarietan gabote-jolasean aritu ohi direnean, bere leihoa ireki eta ukondoz pausatzen zen bertan. Rouengo auzo hau nobleziarik gabeko Venezia-txiki kaskar bat bihurtzen duen ibaia, han behean bere azpian zihoan hori, ubel edo urdin, bere zubi eta barandilen artean. Langile batzuek, ertzean kukurturik, beren besoak garbitzen zituzten uretan. Ganbara gainetatik ateratzen ziren haga batzuetatik zintzilik algodoi-matazak egoten ziren airetan lehortzen. Aurrez-aurre, teilatuez bestaldean, zeru haundi gardena hedatzen zen, sartzen ari zen eguzki gorriarekin. Han bai egingo zuela giro ona! Zer nolako freskura hariztiko itzalean? Eta bere sudurrak irekitzen zituen, bereganaino heltzen ez ziren landetako usain onak arnasteko.

        Argaldu egin zen, kaizuz luzatu, eta bere aurpegiak ia interesgarri bihurtze arterainoko halakoxe espresio mindurua hartu zuen.

        Arian-arian, zabarkeriaz, hartuak zituen erabaki guztiak bertan behera uzten joan zen. Behin batez, bisitara huts egin zuen, biharamunean bere klasera, eta, nagikeria dastatuz, poliki-poliki, ez zen gehiago betebeharretara itzuli.

        Kabaretetarako ohitura hartu zuen, dominoen grinarekin. Areto publiko zikin batean gauero sartu eta han marmolezko mahai batzuetan puntu beltzez markaturiko arkume-hezur txiki batzuk kaskatzea, bere askatasunaren egintza preziatu bat iruditzen zitzaion, eta berekiko goratu egiten zuen bere buruarenganako istimuan. Mundu-bizitzako hastapena bezala zen, debekuzko plazeretarako sarbidea; eta, sartzerakoan, bozkario ia sentsual batez pausatzen zuen eskua ateko krisketan. Orduan, bere baitan hertsaturiko gauza asko hedatu egin ziren; ongietorrietan kantatzen zituen kopla batzuk buruz ikasi zituen, Beranger-ekiko entusiasmatu zen, pontxe egiten ikasi zuen eta azkenik amodioa ezagutu zuen.

        Prestakuntza-lan hauei esker, osasun-ofizialetarako azterketetan zeharo porrot egin zuen. Gau hartan bertan bere etxean zain zituen bere arrakasta ospatzeko!

        Oinez abiatu zen eta herriaren sarrera-aldean gelditu eta bere amari abisua bidali zion, eta dena kontatu zion. Amak desenkusatu egin zuen, porrotaren errua azterketarien injustiziari leporatuz, eta zuzpertu zuen pixka bat, gauzak konpontzen ere bera arduratuz.

        Handik bost urtetara bakarrik jakin zuen Bovary Jk egia; egia zaharra zen, onartu egin zuen, bestalde ezin suposaturik beregandik sortutako gizon bat memeloa izan zitekeenik.

        Beraz Charles berriro lanari lotu zitzaion eta bere azterketarako gaiak etenik gabe prestatu zituen, galde-erantzun guztiak aurrez buruz ikasiz. Nota nahiko ona atera zuen. Bai egun ederra bere amarentzat! Egundoko afaria eman zuten.

        Nora joango ote zen bere artea egikaritzera? Tostes-era. Han mediku zahar bat besterik ez zegoen. Bovary andrea aspaldi hartan zelatan zegoen hura noiz hilko. Gizon gizarajoa artean azken bidaiarako zorroa tolesten, eta Charles jadanik aurrez aurre instalaturik zen haren ondorengo gisa.

        Baina ez zen aski bere semea hezi izana, hari medikuntza ikastarazi izana eta medikuntzan lan egiteko Tostes aurkitu izana: emaztea ere behar zuen. Amak bai aurkitu ere: Dieppeko ataltzain baten alarguntsa, berrogeita bost urtekoa eta mila eta berrehun liberatako errentaduna.

        Nahiz eta itsusia izan, txilarre lehorra bezain idorra, eta udaberria muinez bezainbat zuldarrez jantzia zegoen arren, eskiarki Dubuc andreari non aukeraturik ez zitzaion falta. Bere xedeetara heltzeko, Bovary andreak hauek guztiak iraitzi behar izan zituen, eta apaizen sostengua zeukan zerriki-dendari baten azpijokoak ere trebezia handiz desegin zituen.

        Charlesek sumatua zuen ezkontzaren bidez egoera hobe baten etorrera, libreago izango zelakoan eta bere buruaz eta bere diruaz baliatzeko aukera izango zuelakoan. Baina bere emaztea izan zen nagusi; senarrak jendearen aurrean halako esan behar zuen, eta beste honako ez zuen esan behar, ostiralero barau egin behar zuen, emazteari iruditzen zitzaion bezala jantzi, ordaintzen ez zuten bezeroak bere aginduz hertsatu. Emazteak irekitzen zizkion bere eskutitzak, bere joan-etorriak zelatatzen zituen, eta bere kabineteko kontsultak entzuten zizkion, paretaz bestaldetik, emakumeak zituenean.

        Goizero bere txokolatea behar zuen, amairik gabeko mila balaku. Arrenkuraz ari zen etengabe bere nerbioengatik, bere bularrarengatik, bere umoreengatik. Oin-hotsak kalte egiten zion; alde egin behar; bakardadea gorrotagarri bilakatzen zitzaion; bere albora itzuli behar, hiltzen ikustearren, noski. Arratsean, Charles etxeratzen zenean, emazteak maindireen azpitik bere besoluze meheak ateratzen zituen eta lepoaren inguruan pasatzen zizkion, eta, ohearen ertzean eserrarazi ondoren, bere atsekabeez mintzatzen hasten zitzaion: ahazturik zeukala, beste norbait maite zuela! Esan ziotela bai, dohakabea izango zela; eta bukatzeko jaraberen bat eskatzen zion bere osasunarentzako, eta amodio pixka bat gehiago.

 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia