MADAME BOVARY ZERUETAN ZARENA

 

        Flaubert eta Emma Bovary

        Kuriosoa da baina zenbat eta gehiagotan irakurri «Madame Bovary», orduan eta konbentzituago nago nobela horren balioaz. Maisu-lana iruditzen zait liburua, handia Flauberten talentua. Hala ere bada obraren perfekzioa eta nire irudipena iluntzen dituen zerbait: gero eta jasanezinagoa aurkitzen dut Emma Bovary protagonista, mediokridadearen eredu bere fikziozko munduan. Aitortu beharrean nago ordea, Emma Bovary bezalako pertsonaia bat jenio batek soilik sor dezakeela. Ederra da (literarioki esanda), berekoia, oso argia ez, teatrera oso, handitasun-ametsak darama hara-hona.

        Emma Bovaryren historia etengabeko engainuarena da. Hasteko, bere burua eta senarra ditu engainatzen, inguratzen dutenak engainuan erortzen dira, eta zer esanik ez, engainu horretako partaide eta konplize bihurtzen da irakurlea. Seguru nago joko horretatik kanpo geratzen den bakarrenetakoa idazlea bera dela. Oso ondo baitzekien zer nolako pertsonaia eta emakume sortzen ari zen; bere estatusari ez dagokion egoera nahi lukeen emakume anbiziosa, egunerokotasunari aurre egiteko borrokatu beharrean, egunerokotasun hori zetaz eta lakirioz jantzirik disimilatu duena. Askotan aipatu izan da histeriaren manupean ibiltzen zirela Flaubert eta Emma Bovary, histeriak lotzen zituela haien kirioen mataza. Aipa dezadan beraz Flauberten sekretua. Bere aita medikuari iruzur egin zion. Sinestarazi zion gaixo zegoela eta horregatik utzi behar zituela Zuzenbide ikasketak. Aita konbentzitu baldin bazuen, horrek esan nahi du gure idazlea histrioniko eta gezurti aparta zela; obserbadore ona izanik oso ondo ezagutzen zituela gizon-emakumeen ahuldadeak, eta berak ere etekina ateratzen zietela horiei. Aprobetxategi galanta genuen.

        Beste egurreko ezpala da Flaubertek bere fikziozko kreaturarekin zituen harremanak. Berak idatzitako gutunetan garbi azaltzen zuen Emma Bovaryk sorrarazten zion nazka. Egia esan, Flaubert ez zen san Antonio, urkoa ez zitzaion maitagarri; are gehiago, mespretxuz hartzen zituen auzokoak eta lagunak. Baina haren defentsan esatea zilegi da, bere burua ere sarri askotan zitzaion jasanezin. Zikoitza zen traturako.

        Misogino omen zen, hala diote ezagutu zutenek, eta hala iruditzen zaio irakurleari, beti mantentzen baitu distantzia luze-zabala bera eta Emma Bovaryren artean, pertsonaiarekin identifikatzera inoiz iritsi gabe. Baina emakumeak gogoko ez bazituen, gauza bera esan daiteke gizonezkoei buruz. Esan nahi dut ez zuela inguruko jendea aintzat hartzen. Flauberten ustea da mediokridadea literaturgai bilaka daitekeela jenialidadea bilakatu izan den modura. Hori onartuz gero, gizateriaren kontra zuzentzen da Flauberten kritika, errukirik gabe, eta sexoen arteko ezberdintasuna kontutan hartzeke.

 

        Konfliktoak

        Hiru konflikto ageri zaizkigu nobelan zehar: Charles Bovaryrena, Emma Bovaryrena eta Monsieur Homaisena.

        Charles Bovaryk sortzen du Emma Bovaryren baitako konfliktoa. Jakina baita debekupeko harremanei ekiten badie emakume ezkondu batek, senarraren pasibitatearengatik dela neurri handian. Hiru emakume igarotzen dira Charlesen bizitzetik: bere ama, aurreneko emaztea eta Emma, bigarren emaztea. Hiru emakumeek eragina dute, hiruren artean moldatzen baitute Charlesen izpiritua, konformista bihurturik. Inguratzen duen errealitate pertsonala eta soziala onartzen du Charlesek. Pertsonaia honekin entsaiatu zuen Flaubertek determinismoari buruz zuen teoria. Emakumearen presentzia kaltegarria da gizonezkoentzat; halaxe da Charlesentzat hiru emakumeena, eta halakoxea bihurtzen da Emmaren eragina Leon eta Rodolphe bere maitaleentzat, gizonezkoak amodio-harremanetan galtzaile baitira beti, Flauberten ustetan.

        Errealitatearekin da Emmaren konfliktoa. Alde batetik, insatisfakzio sexuala dakusagu; izan ere, bere hezkuntza kastrantea dela medio Charlesek ez baitu imajinatzen emakumeak sexudun direnik. Bestetik, fikziozko heroekin eraiki du mundua, fikzioaren arabera interpretatu nahi duelarik bere egoera. Egunerokotasunari gorroto dio, egunerokotasunak esan nahi baitu sexu-monotonia, amatasuna, dirua, eta gaueko zopa ketsua, Emmak nazka dion errealitate bete baten sinbolo. Emma, esan dezadan garbi, idealista da, bere ondasun pitzarrak eta bere bizitzea errekara botatzen baditu, ez da dirusurrean dabilelako. Amodioarena eta sexoarena da Emmaren gose infinitoa. Hiri txikian bizi denez, ihesbide gutxi eta txikiak aurkituko ditu.

        Monsieur Homaisen konfliktoa estatus politikoaren kontrakoa da. Zinismoa eta ilustrazioa dira darabiltzan armak. Oso jantzia dago fisiokratek erabili ohi dituzten argumentoetan, eta periodikoa irakurrizale dugu. Erregimenaren aurkako izanik, azkenean, gauza guztiek beren tinua hartzen dutenean, irabazle ikusiko dugu. Garaiko burgesiaren adierazle zaigu pertsonaia han, Inperioan integratuz aberastasuna lortu zuen jende-klase baten aintzindari. Arribista baten irudia ekartzen digu Flaubertek, baina ez dugu ahaztu behar, idazlearen ispilu eta zuriketa ere badela, izan ere Flaubertek Napoleon III.aren ordena onartu baitzuen eta lortu zituen beste batzuei ukatu zitzaizkien ohoreak.

       

       

        Idazkera

        Zer dira hitzak? Zentzuen luzapena ez bada? Flauberten baitan kontraesan bat ageri da: desio eta errealitatearen artekoa. Beranduago Cernudak poetizatuko zuen berbera. Hala zioen Flaubertek: «Bizitzak bere horretan ez du pena merezi». Flauberten pertsonaiak, san Julian, san Anton, Emma Bovary, ihesaren heroeak dira.

        Baina ezin da ahaztu bizitzea egokitu zitzaion garaia, determinismoa nagusi zen momentua. Felicite, «Bihotz apal bat»eko pertsonaia, jostailu da patuaren eskuetan, eta Emma irakurtzen hasten denean Rousseauren «Eloisa Berria», garbi ikusten da saio guztiak frakasora daudela kondenaturik. Honetan ez baitago engainurik.

        Patuak agintzen du Emma sutsua izatea gorputzez eta izaeraz, eta Normandiako herri zarraztrajo batean sortua izatea, hiri handi batean, Parisen esaterako, jaio beharrean.

        Erromantizismoaren ametsak ez du zereginik nobela honetan. Ez dago inongo ihesbiderik. Lord Byronen ametsa hilda dago, behin ere bizirik egon baldin bazen behintzat. Objetua da baliogarri izan daitekeen bakarra. Kapitalismoaren aro berri bati dagokion bezala. Eta idazlana dugu objetuen artean perfektoena. Perfekzioa baita Flauberten idazkeraren ezaugarria. Eskuz landatutako harri bitxia dirudi.

        Oreka lortzen du Flaubertek, konposizioan, hiztegian, esaldi bakoitzaren erritmoan. Frantsesez irakurri duzuenok konturatuko zarete berehala zeinen zaila den duintasunez nobela hau euskaratzea.

 

Felipe Juaristi

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Gustave Flaubert - Madame Bovary" orrialde nagusia