APIRILAK 8, 1928

 

        Egunak ospel eta hotz argitu zuen, ipar-ekialdetik zetorren argi griseko murru mugikorra, itxuraz, hezetasunean desegin beharrean, partikula ñimiño eta pozoitsuetan sakabanatzen zena, hautsa bezala, Dilseyk txabolako atea ireki eta kanpora azaldu zenean, orratzen gisara haragian zeharka sartu zitzaiona, hezetasuna baino areago beste substantzia bat prezipitatuz, olio mehe, erabat jelatu gabekoaren zerbait bazuena. Lastozko sonbreiru beltz tente bat zeraman turbantearen gainean eskegia, eta zetazko soineko purpuraren gainetik tertziopekozko kapa marroi bat, larru anonimo eta sarnotsu batez inguratua, eta atean gelditu zen pixka batean, aurpegi sartu eta urtetsua eguraldiari buruz altxatuta, bere esku iharra arrain baten sabela bezain belaxka, gero kapa alde batera mugitu eta soinekoaren bularraldea aztertu zuen.

        Soinekoa, kolore erregetiar eta hilzorikoaz, laxa-laxa jausten zen bere sorbalda gainetik, bere bular erorietan behera, eta sabelaldean estutu ondoren berriro jausten zen, apur bat tropoilotuz udaberria eta eguraldi epelak aurreratu ahala banaka-banaka kenduko zituen azpiko arropen gainetik. Garai batean handia izandako andrea zen, baina orain bere eskeletoa azal hustuaren zimur erorietan bilduta zutitzen zen, sabel ia hidropikoaren gainean berriro teinkatzen zen azalean, muskuluak eta ehunak egunen edo urteen poderioz ahitutako kemen edo sendotasun haiek izan balira bezala, eskeleto uztartezina bakarrik gelditu zen arte zutik, erruina edota mugarri bat bezala errai logaletu eta iragazgaitzen gainetik, eta guzti haren gainetik aurpegi abaildua, hezurrak haragiaz kanpora baleuzka bezala, egun hasi berrirantz altxatuta aldi berean fatalista eta harridurazkoa zen espresioaz, desilusio bat hartu duen umearena bezalakoa, harik eta buelta eman eta berriro etxera sartu eta atea itxi zuen arte.

        Atearen ondo-ondoan lurra biluzik zegoen. Patina moduko bat zeukan, belaunaldi askoren oin biluzien ukituagatik edo, zilar zaharrak edo eskuz karetutako etxe mexikarren paretak bezala. Etxearen aldamenean, udan itzala ematen ziotela, hiru masustondo zeuden, hosto lumatsuak, geroago esku-ahurrak bezain zabal eta patxadatsuak izango zirenak, kulunkatu egiten zirelarik, txapal-txapal flotatzen zutelarik alde mugikorrean. Bi basamika, hutsetik atera, haize boladarekin jirabira batzuk egin kolore biziko paper edo oihal puskak bezala eta masustondoetan hartu zuten ostatu, harantz-honantz builosoan balantzatuz, garrasi eginez beren oihu zorrotzak urratu eta paper edo oihal puskak balira bezala sakabanatzen zituen haizeari. Gero beste hiru elkartu zitzaizkien eta pixka batean balantzaka eta kulunkatzen ibili ziren adar bihurrituetan, garrasi eginez. Txabolako atea ireki eta Dilsey berriro azaldu zen, oraingoan gizonezko sonbreiru feltrozkoaz eta ejertzitoko gaban batekin, haren barren zarpailduen azpitik ginga oihaleko soineko urdina tolesdura tropoilotsuetan jausten zela, bere gorputz inguruan harrotuz patioa zeharkatu eta sukaldeko ateko koskak igotzen zituen bitartean.

        Geroxeago berriro azaldu zen, oraingoan euritako zabaldu bat zeramala, aurrerantz okertuz haizearen kontra, eta egur muntoraino joan eta lurrean utzi zuen euritakoa, artean zabalik. Segituan harrapatu zuen, eta geldiarazi eta helduta eduki zuen pixka batean, bere ingurura begiratuz. Gero itxi eta lurrean utzi eta sutarako egurra pilatzen hasi zen bere beso tolestuan, bere bularraren kontra, eta euritakoa jaso eta nola edo hala ireki eta eskailera kosketara itzuli eta badaezpadako orekan eduki zuen egurra euritakoa ixten saiatzen zen bitartean, gero txokoan apoiatuta utziz, juxtu atearen atzean. Ekonomikaren atzeko tiraderara bota zuen egurra. Gero gabana eta sonbreirua erantzi eta hormatik amantal zikindu bat hartu eta jantzi eta sua piztu zuen ekonomikan. Hartan ari zela, su-burdinaren barrei kolpeka eta txapa gaineko estalkiekin kinkatekoka, Mrs Compson hoska hasi zitzaion eskailera burutik.

        Saten beltz akoltxatuko bata zeraman soinean, esku batekin helduz kokots azpian ixten zuena. Beste eskuan goma gorriko poltsa-bero bat zeukan, eta atzeko eskaileraren goialdean gelditu zen, «Dilsey» hots eginez aldika eta inflexiorik gabeko ahotsez erabateko iluntasuneraino jaisten zen eskailera-kaxa isilerantz, gero leiho gris batek zeharkatzen zuen tokian berriro zabaltzeko. «Dilsey», hots egin zuen, inflexio edo indar edo presarik gabe, erantzunik espero ez balu bezala. «Dilsey».

        Dilseyk erantzun eta ekonomika kolpatzeari utzi zion, baina sukaldea zeharkatzeko betarik eman baino lehen Mrs Compsonek berriro hots egin zion, eta jangela zeharkatu eta bere buruaren errainua leihoaren mantxa grisera aurreratu baino lehen, berriro.

        «Bai», esan zuen Dilseyk, «Bai, banoa. Ur be'o pixka bat e'ukitakoan se'ituan beteko dizut». Gonak goratu eta eskailerak igo zituen, argitasun grisari bidea moztuz erabat. «Uztazu hortxe eta segi ohe'a».

        «Ezin nuen asmatu zer gertatzen zen», esan zuen Mrs Compsonek. «Gutxienez ordubete pasa dut esna, sukaldean txintik sentitu gabe».

        «Uztazu hortxe eta segi ohe'a», esan zuen Dilseyk. Nekez igotzen zituen eskailerak, formagabea, arnasestuka. «Minutu batean sua piztuta e'ukiko dut, eta beste bi minututan ura be'otuta».

        «Ordubete badaramat hor etzanda, gutxienez», esan zuen Mrs Compsonek. «Pentsatu dut beharbada ni sua piztera noiz jaitsiko zain egongo zinela».

        Dilseyk eskaileraren gailurreraino heldu eta poltsa-beroa hartu zuen. «Minutu batean prest izango da», esan zuen. «Lusterrek lo hartu du gaur goizean, gaua'n erdia esna pasa du-eta, funtzio horretan. Ne'onek piztuko dut sua. Segi ezazu o'ain, bestela esnatu e'ingo dituzu-eta besteak ni prest e'on baino lehen».

        «Lusterri lana galarazten dioten gauzak egiten uzten badiozu, zeu izango zara kaltetua», esan zuen Mrs Compsonek. «Jasoni ez zaio hau batere gustatuko, jakiten badu. Badakizu ezetz».

        «Ez zen joan Jasonen dirua'kin», esan zuen Dilseyk. «Ho'i behintzat se'urua da». Eskaileretan behera abiatu zen. Mrs Compson bere gelara itzuli zen. Berriro oheratzen ari zela, Dilsey artean eskailerak jaisten sentitu zuen halako mantsotasun mingarri eta latz batekin, erotzeko modukoa ere izango zena baldin eta isildu ez balitz despentsako ateak bere hara-hona txikiagotu ahala.

        Sukaldera sartu eta sua piztu eta gosaria prestatzen hasi zen. Hartan ari zela dena utzi eta leihora joan eta bere txabola aldera begiratu zuen, gero ateraino joan eta ireki eta oihu egin zuen eguraldi txarraren aurrean.

        «Luster!» egin zuen oihu, bertan geldituz entzuteko, burua okertuz haizea saihesteko, «Aizak, Luster?» Erne zegoen, eta berriro oihu egitekotan zegoela Luster sukaldeko izkinatik azaldu zen.

        «Etxeko'ndre?» esan zuen inuzenteki, hain inuzenteki non Dilsey begira geratu baitzitzaion, mugitu ere gabe une batez, harridura hutsa baino gehiago ere bazen zerbaitekin.

        «Non hintzen?» esan zuen.

        «Inon ez», esan zuen Lusterrek. «Hortxe, sotoan».

        «Zertan a'i hintzen sotoan?» esan zuen berak. «Ez ha'i hor euritan gelditu, txoroa», esan zuen.

        «Ez nintzen ezertan a'i», esan zuen Lusterrek. Koskak igotzen hasi zen.

        «Ez ge'o ate horreta' ingu'atu besokada e'urrik gabe», esan zuen berak. «Nik ekarri behar hi'e egurra eta nik piztu behar hi'e sua. Ez al nian esan atzo gauean tiradera goraino bete arte ez hemendik alde'iteko?»

        «Bete nuen», esan zuen Lusterrek. «Beteta utzi nuen».

        «No'a alde'in du orduan?»

        «Ez ba nik jakin. Nik ez dut ukitu».

        «Ba be'ira, o'aintxe beteko duk», esan zuen berak. «Eta ge'o igo gora eta ea Benjy zertan den».

        Atea itxi zuen. Luster egur muntoraino joan zen. Bost basamikak etxe gainean jirabira batzuk egin, garrasika, eta masustondoetara itzuli ziren berriro. Haiei begira geratu zen. Harri bat hartu eta bota egin zien. «Ospa», esan zuen, «Segi atze'a infernu'a, hu'a da zuen tokia-eta. O'aindik ez da astelehena».

        Egur mordo handi batekin kargatu zen. Ez zeukan haren gainetik ikusterik, eta balantzaka joan zen kosketaraino eta kosketan gora eta estropezu egin zuen zalaparta handiz atearekin, txotxak sakabanatuz. Orduan Dilseyk etorri eta atea ireki zion eta hark estropezuka segi zuen sukaldetik. «Aizak, Luster!» egin zuen oihu Dilseyk, baina ordurako egurra tiraderara botea zuen trumoi burrunbada batez. «A!» esan zuen.

        «Etxe guztia esnatu nahi al duk?» esan zuen Dilseyk. Zartako bat eman zion garondoan. «Segi gora eta jantzi Benjy o'aintxe bertan».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen. Kanpoko aterantz jo zuen.

        «No'a hoa?» esan zuen Dilseyk.

        «Pentsatu dut hobe nuela etxea'i buelta eman eta aurrealdetik sartzea, Miss Cahline eta besteak ez esnatzeko».

        «Segi gora atzeko eskaile'atik nik esan bezala eta jantzi arropak Benjyri», esan zuen Dilseyk. «Ea, segi».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. Buelta eman eta jangelako atetik atera zen. Une bat geroago ateak kulunka egiteari utzi zion. Dilsey opilak egiten hasi zen. Ogi-oholaren gainetik baheari etengabe eragin ahala, eta hasieran bere golkorako, doinu edo hitz berezirik gabeko zerbait kantatzen hasi zen, errepikatzen zen zerbait, lanturosoa eta kexatia, austeroa, ogi-oholaren gainera irinezko elur jasa fin, etengabekoa jausten zen bitartean. Ekonomika hasia zen epeltasuna ematen, gela suaren xuxurla txikiekin betetzen, eta bat-batean indar handiagoz kantatzeari ekin zion, bere ahotsa ere beratu egin balitz bezala epeltasun geroz handiagoarekin, eta orduan Mrs Compsonek hots egin zion berriro etxe barrutik. Dilseyk aurpegia goratu zuen bere begiek hormak eta sabaia zeharkatzeko gaitasuna balute bezala eta benetan zeharkatu eta andre zahar hura ikusiko balute bezala bere bata akoltxatuarekin, eskailera burutik hoska automata baten erregulartasunaz.

        «O, Jainko be'einkatua», esan zuen. Bahea utzi eta amantalaren ertza astindu eta eskuak garbitu eta, poltsa-beroa utzitako aulkiaren gainetik hartuta, ontziaren girtena amantalaz bildu zuen, lurrun pixka bat ere botatzen baitzuen orain. «O'aintxe noa», hots egin zuen, «Ura o'aintxe puntuan be'otu da».

        Ez zen ordea poltsa Mrs Compsonek nahi zuena, eta, bart hildako oiloa balitz bezala helduta, Dilseyk eskailera barrenera joan eta gorantz begiratu zuen.

        «Luster ez al da'o ba be'a'kin?» esan zuen.

        «Luster ez da etxera etorri ere egin. Hortxe egon naiz ohean noiz sentituko ote nuen. Berandu etorriko zela banekien, baina behinik behin Benjyk Jason esnatu baino lehen ailegatzea espero nuen, noiz eta Jasonek goizean lo egin dezakeen asteko egun bakarrean».

        «Nola nahi duzu ba inork lo e'itea, e'unak argitu duen ezke'o eskaile'a gain horretan bazaude jendea'i ojuka», esan zuen Dilseyk. Eskailerak igotzeari ekin zion, neke handiz. «Ordu erdi bat ba'a mutil ho'i gora bidali dudala».

        Mrs Compson begira zeukan, esku batez batari kokots-azpian helduz. «Zertara zoaz?» esan zuen.

        «Benjy jantzi eta sukalde'a jaitsiko dut, Jason eta Quentin esnatu ez ditzan», esan zuen Dilseyk.

        «Ez al zara oraindik gosariarekin hasi?»

        «Ho'i 're e'ngo dut», esan zuen Dilseyk. «Eta zuk hobe duzu atze'a ohe'a joatea Lusterrek sua piztu arte. Hotza e'iten du gaur goizean».

        «Badakit», esan zuen Mrs Compsonek. «Oinak jela bezalaxe dauzkat. Esnatu egin naute, hain neuzkan hotzak-eta». Dilseyk eskailerak nola igotzen zituen begira zegoen. Denbora asko behar izan zuen. «Badakizu nola haserretzen den Jason gosaria berandutzen denean», esan zuen Mrs Compsonek.

        «Ezin dut gauza bat beste'ik e'in aldiko», esan zuen Dilseyk. «Segi atze'a ohe'a, zu'kin kargatu gabe 're nahiko lan ba'aukat-eta gaur goizean».

        «Dena utzi eta Benjy janztera joateko asmoa baduzu, neronek jaitsi beharko dut gosaria prestatzera. Nik bezalaxe dakizu nola jartzen den Jason zera berandutzen denean».

        «Eta nork jango du zu'e mordoiloa?» esan zuen Dilseyk. «Esai'azu ho'i. Ea, segi», esan zuen, neke handiz igoaz. Mrs Compson begira zeukan, berak eskailerak igo bitartean, esku batez horman apoiatuz, gonak goratuz besteaz.

        «Eta esnatu egingo al duzu zertarako eta janzteko?» esan zuen.

        Dilsey gelditu egin zen. Oina hurrengo mailarantz altxatuta, hantxe gelditu zen, eskua hormaren kontra eta atzean leihoaren mantxa grisa. Mugimendurik eta formarik gabe, errainu egiten zuen.

        «Ez al da'o ba esna?» esan zuen.

        «Nik begiratu dudanean behintzat ez», esan zuen Mrs Compsonek. «Baina jaikitzeko garaia badu. Ez du behin ere zazpi t'erdietatik aurrera lo egiten. Badakizu ezetz».

        Dilseyk ez zuen ezer esan. Ez zuen beste mugimendurik egin, baina ikusi ezin bazuen ere, salbu eta sakontasunik gabeko forma borobilxka bat bezala, Mrs Compsonek bazekien beheratu egin zuela aurpegia apur bat eta orain behia euritan egoten den bezalaxe zegoela, poltsa-bero hutsari zintzurretik helduta.

        «Ez zara zu zera guzti honekin burutu behar duzuna», esan zuen Mrs Compsonek, «Ez da zure ardura. Zuk joatea badaukazu. Ez duzu eguna joan eta eguna etorri karga honekin burutu behar. Ez zaude beraiekin zorretan, ezta Mr Compsonen memoriarekin ere. Badakit behin ere ez duzula Jasonekiko batere samurtasunik izan. Ez zara behin ere hori gordetzen saiatu».

        Dilseyk ez zuen ezer esan. Poliki-poliki buelta eman eta beherantz abiatu zen, gorputza makurtuz maila batetik besterakoan, ume txikiek egiten duten bezala, eskua horman jarriz. «Segi ezazu, eta utzi Benjy bakean», esan zuen. «Ez berriz sartu koarto horretan. Aurkitu bezain pronto bidaliko dut Luster. Uztazu bakean».

        Sukaldera itzuli zen. Begiratu bat eman zion ekonomikari, gero amantala burutik atera eta gabana jantzi eta kanpoko atea ireki eta ataria goi eta behe miatu zuen. Haizeak, zakarra eta xehea, haragia sastatzen zion, baina ez zegoen han beste ezer mugimendua zuenik. Jaitsi zituen koskak, kontu handiz, hotsik ez ateratzeagatik edo, eta sukaldeko izkina inguratu zuen. Eta une hartan bertan Luster agudo eta inuzenteki azaldu zen sotoko atetik.

        Dilsey gelditu egin zen. «Zertan habil?» esan zuen.

        «Ezertan ez», esan zuen Lusterrek, «Mr Jasonek sotoko itogin ho'i nondik ote zetorren be'iratzeko esan zidan».

        «Eta noiz esan zian ho'i e'iteko?» esan zuen Dilseyk. «Lehengo Urteberri e'unean, ezta?»

        «Lo dauden bitartean be'iratzea iru'itu zait onena», esan zuen Lusterrek. Dilsey sotoko ateraino joan zen. Luster baztertu egin zen, eta Dilseyk kirik egin zuen lur heze eta lizun eta kautxu usaina botatzen zuen iluntasunerantz.

        «Mmm», esan zuen Dilseyk. Berriro begiratu zion Lusterri. Honek eutsi egin zion haren begiratuari espresio eme, inuzente, irekiaz. «Ez zekiat zertan habilen, baina hemen zer e'inik ez daukak. Gaur goizean ni amorrarazi nahian ibiliko haiz beste guztiak bezala, ezta? Segi gora eta ea Benjy zertan den, a'itzen?»

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. Sukaldeko kosketarantz abiatu zen azkarki.

        «Aizak», esan zuen Dilseyk, «Ekarri beste besokada bat egur, hemen ha'oenez».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen. Kosketan Dilseyrekin gurutzatu eta egur muntoraino joan zen. Handik gutxira, berriro ere atean ezinean ari zela, berriro ere ikusiezin eta itsu bere egur pilaren barrutik eta atzetik, Dilseyk atea ireki eta sukaldean zehar gidatu zuen esku irmoz.

        «Ea, ea berriro kaxoi horreta' bota», esan zuen. «Ea bota».

        «Beharko», esan zuen Lusterrek, arnasestuka, «Bestela ezin ba utzi».

        «Orduan e'on geldi'ik pixka batean», esan zuen Dilseyk. Banaka banaka egur puskak kentzeari ekin zion. «Zer duk ordea gaur goizean? Nik egur bila bidali, eta gaur arte bizia 're galduko huen aldiko sei puska ez ekartzea'atik. Zerbaitera'ko baimena eskatu nahian al babil? Ez al da o'aindik funtzio ho'i herritik joan?»

        «Bai, etxeko'ndre. Joan da».

        Tiraderan jarri zuen azken egur puska. «Eta o'ain segi gora Benjygana, lehen ere esan diat-eta», esan zuen. «Eta ez diat beste inor eskaile'etatik hoska ikusi nahi nik txilina jo arte. A'itu duk?»

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. Hara-honako atetik ezkutatu zen. Dilseyk ekonomikan beste egur pixka bat jarri eta ogi-oholera itzuli zen. Segituan zen berriro kantari.

        Gela epeltzen ari zen. Sukaldean batetik bestera zebilela, gosarirako osagaiak bere inguruan biltzen, otordua koordinatzen, Dilseyren azalak tonu lustretsu, oparoa hartu zuen laster, lehentxeago bai bereak eta bai Lusterrenak erakusten zuten errautsaren antzeko tonu haren aldean. Arasaren gaineko horman, ikusiezina gauez izan ezik, lanpararen argitan, eta orduan ere bere sakontasun enigmatikoa agerian utziz orratz bat besterik ez zuelako, erloju batek tiki-taka egiten zuen, eta une hartan, aurrena hots bat atereaz eztarria garbitzeko bezala, bost aldiz jo zuen.

        «Zortziak», esan zuen Dilseyk. Gelditu eta burua goratu zuen, adi. Baina ez zen erlojua eta sua besterik aditzen. Labea ireki eta ogiaren erretiluari begiratu zion, gero makurtuta gelditu zen norbaitek eskailerak jaisten zituen bitartean. Jangelatik sentitu zituen oinak, gero hara-honako atea zabaldu eta Luster sartu zen, atzetik gizon handi bat zuela, substantzia bereziren batez egina zirudiena, haren partikulek elkarren artean edo eusten zien eskeletoari lotu nahi izan ez, edo lotzerik izan ez balute bezala. Bere azalak hila zirudien eta ilerik ez zuen; bera ere hidropikoa, pauso baldarra zuen, hezitako hartz batena bezalakoa. Ilea, zurbila eta fina. Kopetan behera ondo-ondo orraztua zeraman dagerrotipoetako umeek bezala. Begi argiak zituen, nabar-lorearen urdintasun ezti eta zurbilekoak; aho lodia berriz irekita zeukan, lerde pixka bat zeriola.

        «Hotzik ba al dauka?» esan zuen Dilseyk. Eskuak amantalean garbitu eta kopeta ukitu zion.

        «Be'ak ez dakit, baina nik bai», esan zuen Lusterrek. «Pazko astean beti hotza. Ez dut nik behin ere bestelako'ik eza'utu. Miss Cahlinek dio be'e poltsa-beroa prestatzeko beta'ik ez ba'aukazu ez horre'atik kezkatzeko».

        «O, Jainko be'einkatua», esan zuen Dilseyk. Aulki bat eraman zuen egurrarentzako tiradera eta ekonomikaren arteko txokoraino. Gizona joan eta bertan eseri zen zintzo-zintzo. «Be'iratu jangelan eta ea ikusten duan non utzi dudan poltsa-beroa», esan zuen Dilseyk. Lusterrek poltsa-beroa ekarri zuen jangelatik, eta Dilseyk bete eta eman egin zion ostera. «Segi agudo», esan zuen. «Be'irazak ea Jason esnatu den. Esaiek dena prest da'oela».

        Luster atera egin zen. Ben ekonomikaren ondoan eserita zegoen. Laxa-laxa zegoen, inolako mugimendurik gabe, buruaren hura izan ezik, halako goitik beherako mugimendu etengabeko bat egiten baitzion, Dilseyren joan-etorriak segitzen zituen bitartean bere begirada ezti, zehaztugabeaz. Luster itzuli zen.

        «Jaiki da», esan zuen, «Miss Cahlinek dio ate'atzeko mahaira». Ekonomikaraino etorri eta suaren gainean jarri zituen eskuak ahurrak beherantz zituela. «Jaiki da, Jason ere. Gozoa esnatu da gaur goizean».

        «Zer du o'ain?» esan zuen Dilseyk. «Kendu enba'azutik. Ezer e'ite'ik ba al daukat ba, hi ekonomika'n aurrean tente ha'oela?»

        «Hotzak na'o», esan zuen Lusterrek.

        «Lehena'o ate'atzea hituen kontuak, hor soto zuloan e'on bai zenean», esan zuen Dilseyk. «Zer gertatzen zaio Jasoni?»

        «Benjyk eta biok be'e koartoko leihoa puskatu omen dugu».

        «Puskatuta al da'o ba?» esan zuen Dilseyk.

        «Hala dio be'ak», esan zuen Lusterrek. «Nik puskatu omen dut».

        «Nola, gau eta e'un giltzaz itxita e'ukitzen du-eta?»

        «Harrika puskatu omen nuen», esan zuen Lusterrek.

        «Eta egia al da?»

        «Ez», esan zuen Lusterrek.

        «Ez ge'o ne'i gezurrik esan, motel», esan zuen Dilseyk.

        «Nik ez dut holako'ik e'in», esan zuen Lusterrek. «Galdetu Benjyri. Nik ez daukat leiho horrekin ze'ikusi'k».

        «Hortaz zeinek puskatu du ba?» esan zuen Dilseyk. «Quentin esnatu nahian zebilek, ho'i dik dena», esan zuen, opilen erretilua labetik atereaz.

        «Segur asko», esan zuen Lusterrek. «Bai jende xelebrea. Eskerrak ez naizen ho'ien familiakoa».

        «Ez haizela zer?» esan zuen Dilseyk. «Gauza bat esango diat, beltza. Beste Compsondar ho'ietako e'ozeinek a'ina gaiztakeria daukak hik barruan. Seguru esaten al di'ak ez huela hik leihoa puskatu?»

        «Zerta'ako puskatu behar nuen?»

        «Zerta'ako di'a hi'e gaiztakeria guztiak?» esan zuen Dilseyk. «Eta o'ain zaindu ho'i, ez dezala berriro eskua erre mahaia jartzen dudan bitartean».

        Jangelara joan zen, eta handik harantz eta honantz sentitu zuten. Gero itzuli eta sukaldeko mahaian plater bat jarri eta jana atera zuen bertara. Benek begiratu egiten zion, lerdea zeriola, soinu arin, irrikatsu bat eginez.

        «Ondo da, laztana», esan zuen, «Hemen duzu gosaria. Ekarri be'e aulkia, Luster». Lusterrek aulkia hurbildu eta Ben eseri egin zen, mainaka eta lerdea zeriola. Dilseyk lepoan zapi bat lotu eta ahoa lehortu zion haren mutur batekin. «Eta ea gaurkoa'atik ez dizkioan arropak zikintzen», esan zuen, Lusterri koilara bat emanez.

        Benek mainak utzi zituen. Begiratu egiten zion koilarari, bere ahoraino igotzen ari zela. Bazirudien irrika ere gogortua zegoela bere baitan, eta gosea bera artikulatu gabea, gosea zer zen ere ez baleki bezala. Lusterrek trebetasun eta axolagabetasunez ematen zion jana. Hala ere, aldian behin behar beste arreta jartzen zuen koilara hurbiltzera balihoa bezala egin eta Benjyri ahoa alde hutsaren gainean itxiarazteko, baina bistakoa zen Lusterren burua beste nonbait zegoela. Aulkiaren bizkarrean zeukan beste eskua eta modu dudati, delikatuan mugitzen zuen haren azal hilaren gainean, hustasun hiletik musika entzunezinen bat atera nahian ari balitz bezala, eta halako batean, bere behatzek akabatutako egurrari arpegio isil eta konplikatu bat ateratzen zioten bitartean, ahaztu egin zen Benjyri koilararekin zirika segitzeaz ere, azkenean Benjyk, bere mainekin, berriro errealitatera ekarri zuen arte.

        Dilsey harantz eta honantz zebilen jangelan. Bat-batean txilin txiki argi bati eragin zion, gero sukaldetik Lusterrek Mrs Compson eta Jason eskaileretan behera sentitu zituen, eta Jasonen ahotsa, eta begiak zurian jarri zituen hura entzutean.

        «Horixe, badakit ez dutela horiek puskatu», esan zuen. «Horixe, badakit. Eguraldi aldaketak puskatuko zuen beharbada».

        «Ez dakit nola gertatuko zen», esan zuen Mrs Compsonek. «Zure gela giltzaz itxita egoten da egun osoan, zuk uzten duzun bezala herrira joandakoan. Gu ez gara behin ere sartzen, bakarrik igandean, garbiketa egiteko. Ez al duzu pentsatuko nahi ez nauten tokira sartzen naizenik, edo beste inori hori egiten utziko niokeenik».

        «Ez dut esan zuk puskatu duzunik, ezta?» esan zuen Jasonek.

        «Ez dut zure gelan sartu nahi», esan zuen Mrs Compsonek. «Errespetatu egiten dut bakoitzaren bizitza pribatua. Ez nuke hankarik ate aurrean jarriko ezta giltza banu ere».

        «Bai», esan zuen Jasonek, «Badakit zure giltzek ez dizutela balio. Horretarakoxe aldatu nuen sarraila. Baina nik zera jakin nahi dut, leiho hori nola puskatu den».

        «Lusterrek dio be'ak ez duela e'in», esan zuen Dilseyk.

        «Hori berari galdetu gabe ere banekien», esan zuen Jasonek. «Non da Quentin?» esan zuen.

        «I'ande goizetan e'oten den tokian», esan zuen Dilseyk. «Baina ze gertatzen zaizu azken e'un ho'ietan?»

        «Begira, honek aldatu beharra dauka», esan zuen Jasonek. «Joan gora eta esan horri gosaria prest dagoela».

        «Uztazu bakean, Jason», esan zuen Dilseyk. «Asteko e'un guztietan hortxe jaikitzen da gosari'ako, eta Cahlinek i'andetan ohean ge'atzen uzten dio. Ondo asko dakizu zuk ere».

        «Ezin dut sukaldea bete beltz bere peskizan eduki, nahi nuke baina», esan zuen Jasonek. «Joan eta esan jaisteko gosaltzera». «Inork ez dauka be'e peskizan e'on beharrik», esan zuen Dilseyk. «Be'e gosaria epelean gordeko dut eta ge'o be'ak...»

        «Ez al didazu aditu?» esan zuen Jasonek.

        «A'itu dizut, bai», esan zuen Dilseyk. «Beste'ik a'itzen al da ba, zu etxean zauden bitartean. Quentin e'o zu'e ama ez denean, Luster eta Benjy. Zergatik uzten diozu hola portatzen, Miss Cahline?»

        «Hobe duzu berak esandakoa egitea», esan zuen Mrs Compsonek, «Bera da orain etxeko nagusi. Guri bere nahiak errespetatzea eskatzeko eskubidea badu. Ni saiatzen naiz horretan, eta nik ahal badut, zuk ere bai».

        «Ba zentzu'ik gabea da be'ak be'e petralean Quentin jaiki a'aztea zergatik eta buruan jarri zaiolako», esan zuen Dilseyk. «Ze'a usteko duzu, be'ak puskatu zuela leiho ho'i».

        «Puskatuko zuen, bai, bururatu izan balitzaio esan zuen Jasonek. «Segi ezazu eta egin nik esandakoa».

        «Ba be'ak e'in balu 're nik ez nioke kulpa'ik botako», esan zuen Dilseyk, eskaileretarantz zihoala. «hor zabiltza beti be'a nola amorraraziko, etxean pasatzen duzun denbora be'einkatu guztian».

        «Ixo, Dilsey», esan zuen Mrs Compsonek, «Ez dagokigu ez zuri eta ez niri Jasoni zer egin behar duen esatea. Batzuetan oker dagoela pentsatzen dut, baina bere nahiak obeditzen saiatzen naiz zuen guztien onerako. Nik mahaira etorri ezinik ez baldin badaukat, Quentinek ere ez».

        Dilsey atera egin zen. Eskailerak igotzen sentitu zuten. Denbora askoan sentitu zuten eskaileretan.

        «Morroi sorta politta daukazu», esan zuen Jasonek. Aurrena amari atera zion jana eta gero bere buruari. «Behin ere eduki al duzu bertan akabatzerik ere merezi zuenik? Bakarren bat edukiko zenuen ni artean gogoratzeko txikiegia nintzenean».

        «Amore eman beharra daukat beraien aurrean», esan zuen Mrs Compsonek. «Hain nago erabat horien mende. Horrelakorik ez litzateke gertatuko indartsua banintz. Nahiago nuke hala banintz. Nahiago nuke etxeko-lan guztiak egiteko gauza banintz. Hartara karga hori behintzat kenduko nuke zure bizkarretik».

        «Bai, eta txerritegi txukunean biziko ginateke gainera», esan zuen Jasonek. «Azkar, Dilsey», egin zuen oihu.

        «Badakit kulpa botatzen didazula», esan zuen Mrs Compsonek, «gaur elizara joaten uzteagatik».

        «Nora joaten?» esan zuen Jasonek. «Oraindik ez al du ba funtzio madarikatu horrek alde egin?»

        «Elizara», esan zuen Mrs Compsonek. «Beltzek Pazko eguneko zeremonia berezia dute. Joateko modurik izango zutela agindu nion Dilseyri orain bi aste».

        «Eta horrek esan nahi du bazkari hotza izango dugula», esan zuen Jasonek, «edo batere bazkaririk ez».

        «Badakit nire errua dela», esan zuen Mrs Compsonek, «Badakit kulpa botatzen didazula».

        «Zergatik?» esan zuen Jasonek. «Ez zenuen zuk Kristo piztu, ezta?»

        Dilsey azkeneko maila igotzen sentitu zuten, gero haren oin mantsoak beren buruen gainetik.

        «Quentin», esan zuen. Aurreneko aldiz hots egin zuenean Jasonek labana eta sardexka utzi eta ama eta biak elkarren zain bezala gelditu ziren tartean mahaia zutela, jarrera berberarekin biak; bata hotz eta maltzur, ilaje ilun mardula, kopetaren alde batean eta bestean, bi uhin tematsutan kiribiltzen zitzaiola tabernari baten karikaturan bezala, eta begiak urren kolore berekoak beltzez inguratutako irisekin kaniken modura; bestea berriz hotz eta kexati, ile zuri-zuriarekin eta bere begiak puztuak eta harrituak eta hain beltzak non nini huts edo iris huts ematen baitzuten.

        «Quentin», esan zuen Dilseyk, «Altxa zaitez, laztana. Zu'e zain daude gosaltzeko».

        «Ezin dut ulertu nola puskatu den leiho hori», esan zuen Mrs Compsonek. «Seguru al zaude atzoko kontua dela? Beharbada aspalditik dago horrela, eguraldi bero horiekin. Goiko markoa pertsianaren atzean gelditzen da-eta...»

        «Azkeneko aldiz esango dizut atzo gertatu zela», esan zuen Jasonek. «Bizi naizen gela ezagutu behar nukeela ez al zaizu iruditzen? Zer uste duzu, astebete pasa ahal izango nuela hor, eskua sartzeko adinako zuloarekin...» bere ahotsa eten egin zen, atzera egin zuen, eta bere amari begira utzi zuen une hartan ezer gabe huts-hutsik zeuden begiekin. Bere begiak arnasari eusten ari balira bezalaxe zen, eta bitartean ama begira zeukan, bere aurpegia matrail-eroria eta kexatia, bukaezina, igarlea eta hala ere motela. Hala eserita zeudela Dilseyk esan zuen,

        «Quentin. Ez Ni'ekin jostatu, laztana. Etorri gosaltze'a, laztana. Zu'e zain daude».

        «Ezin dut ulertu», esan zuen Mrs Compsonek, «Zera da, norbait etxean sartzen saiatu balitz bezala...» Jason zutitu egin zen kolpetik. Bere aulkia atzeraka irauli zen. «Zer...» esan zuen Mrs Compsonek, hari begiratuz korrika bere ondotik pasa eta saltoka eskaileretan gora zihoala, han Dilseyrekin topo egiteko. Jasonen aurpegia itzalean zegoen orain, eta Dilseyk esan zuen,

        «Zapuztuta da'o. Zu'e amak ez du ireki o'aindik...» Baina Jasonek korrika haren ondotik pasa eta pasillotik barrena segi zuen ate bateraino. Ez zuen hots egin. Krisketari heldu eta irekitzekoa egin zuen, gero krisketa eskuan zuela eta burua apur bat makurtuta gelditu zen, atearen bestaldeko gela dimentsioduna baino askoz harantzagoko zerbait entzun nahian ari balitz bezala, aditu ere egiten zuena ordurako. Bere jarrera entzun ahal izateko beharrezko mugimendu guztiak egiten dituenarena zen, bere burua engainatzearren jadanik aditua duenari buruz. Bere atzetik Mrs Compson eskailerak igotzen ari zen, eta izenaz hots egiten zion. Orduan Mrs Compsonek Dilsey ikusi zuen eta hari hots egiteari utzi eta Dilseyri hoska hasi zen.

        «Esan dizut o'aindik ez duela atea ireki», esan zuen Dilseyk.

        Hark hitz egin zuenean Jasonek buelta eman eta harengana jo zuen korrika, baina bere ahotsa lasaia zen, axolagabea. «Giltza berarekin al du?» esan zuen. «Berak al du orain, esan nahi dut, edo bila joan beharko al...»

        «Dilsey», esan zuen Mrs Compsonek eskaileretatik.

        «Ze?» esan zuen Dilseyk. «Zergatik ez duzue uzten...»

        «Giltza», esan zuen Jasonek, «Gela horretakoa. Beti berarekin ibiltzen al du. Ama». Orduan Mrs Compson ikusi eta eskailerak jaitsi zituen harengana joateko. «Eman giltza», esan zuen. Jantzita zeraman soingaineko beltz maiztuaren poltsikoak haztatzen hasi zitzaion. Mrs Compsonek gogor egiten zuen.

        «Jason», esan zuen, «Jason! Ohera bidali nahi al nauzue berriro bai Dilseyk eta bai zuk?» esan zuen, ondotik kentzeko ahalegina eginez, «Igandean ere ezin ote nauzue bakean utzi?»

        «Giltza», esan zuen Jasonek, haztatu egiten zuela, «Eman giltza segituan». Atzerantz begiratu zuen, ate aldera, kolpetik irekitzea espero balu bezala, berari hara itzultzeko betarik eman gabe artean ez zeukan giltzarekin.

        «Aizu, Dilsey!» esan zuen Mrs Compsonek, soingainekoa gorputz inguruan estutuz.

        «Eman giltza, atso txoroa!» egin zuen oihu Jasonek bat-batean. Atera zuen haren poltsikotik burdinazko eraztun bati lotutako giltza herdoildu mordo bat, erdi aroko kartzela-zainena bezalakoa, eta korrika abiatu zen ostera pasillotik bi andreak atzetik zituela.

        «Aizu, Jason!» esan zuen Mrs Compsonek. «Ez du dagokiona aurkituko», esan zuen, «Badakizu behin ere ez diodala inori nire giltzak hartzen uzten, Dilsey», esan zuen. Antsika hasi zen.

        «Ixo», esan zuen Dilseyk, «Ez dio ezer e'ingo. Ez diot utziko».

        «Baina igande goizean, non eta nire etxean», esan zuen Mrs Compsonek, «Nik egin ditudan ahaleginekin denak Kristau legean hazteko. Utzi dagokion giltza bilatzen, Jason», esan zuen. Haren besoan jarri zuen eskua. Gero indarrean hasi zen harekin, baina hark ukondoaren mugimendu batekin alde batera bultza eta begira geratu zitzaion une batez, begi hotz eta larrituekin. Gero ateari eta giltza traketsei ekin zien ostera.

        «Ixo», esan zuen Dilseyk, «Aizu, Jason!»

        «Gauza ikaragarriren bat gertatu da», esan zuen Mrs Compsonek, berriro ere antsi eginez, «Badakit baietz. Aizu, Jason», esan zuen, berriro ere helduz. «Gela bateko giltza bilatzen ere ez dit uzten non eta nire etxean!»

        «Ti'a, ti'a», esan zuen Dilseyk, «Ze gerta daiteke? Hementxe na'o ni. Ez diot utziko minik e'iten. Quentin», esan zuen, ahotsa goratuz, «Ez ika'atu, laztana, hementxe na'o ni».

        Atea barrurantz zabaldu zen. Jason ate aurrean gelditu zen une batez, gela ezkutatuz, gero alde batera egin zuen. «Sartu», esan zuen ahots lodi, arinez. Haiek barrura sartu ziren. Ez zen neska baten gela. Ez zen inoren gela, eta kosmetiko merkeen usain zantzuak eta objektu femenino apurrak eta gela feminizatzeko ahalegin gordin eta alferrikakoen beste probak haren anonimotasuna areagotzea besterik ez zuten egiten, etxe-maiteetako gelek izan ohi duten behin-behinekotasun hil eta estereotipatu hori emanez. Ohea banatu gabe zegoen. Lurrean, zeta merkeko azpiko arropa zikin bat, arrosegia aukeran; galtzerdi bakar bat kaxoi erdi ireki batetik zintzilik. Leihoa zabalik zegoen. Udareondo bat altxatzen zen han, etxearen kontra. Loretan zegoen eta adarrek igurtzi eta arraskatu egiten zuten pareta, eta alde oparoak, leihotik sartuz, loreen usain errukiorra ekartzen zuen gelara.

        «Horra ba», esan zuen Dilseyk, «Ez al dizut nik esan ondo ze'oela?»

        «Ondo?» esan zuen Mrs Compsonek. Dilseyk gela barrura segitu zion eta ukitu egin zuen.

        «Ea, zoaz etzate'a», esan zuen. «Hamar minutu aski ditut aurkitzeko».

        Mrs Compsonek bere ondotik apartatu zuen. «Aurkitu oharra», esan zuen. «Quentinek ohar bat utzi zuen hura egin zuenean».

        «Ondo da», esan zuen Dilseyk, «Aurkituko dut. Ea, zoaz zu'e koarto'a».

        «Izena Quentin jarri zioten momentuan jakin nuen hau gertatuko zela», esan zuen Mrs Compsonek. Komodara joan eta hango gauza sakabanatuak azpikoz goratzen hasi zen: perfume botilak, hauts kaxa bat, koskaka ibilitako lapitza eta, karminez gorritutako eta hautsez zikindutako painuelu zurtzitu baten gainean, alderdi bat hautsita zeukan artazi parea. «Aurkitu oharra», esan zuen.

        «Aurkituko dut», esan zuen Dilseyk. «Ea, zatoz. Jasonek eta biok aurkituko dugu. Zu zatoz zu'e koarto'a».

        «Jason», esan zuen Mrs Compsonek, «Non da Jason?» Atera joan zen. Dilseyk atzetik segi zion pasilloan barrena, beste ate bateraino. Itxita zegoen. «Jason», hots egin zuen atetik. Ez zen erantzunik izan. Krisketarekin saiatu zen, gero berriro hots egin zion. Baina oraingoan ere ez zen erantzunik izan, zeren hura armairuko gauza guztiak bere atzerantz botatzen ari baitzen: jantziak, zapatak, maleta bat. Orduan ohol puska matxinbratu batekin azaldu zen eta hura lurrean utzi eta berriro armairura itzuli eta metalezko kutxa batekin azaldu zen. Hura ohe gainean utzi eta sarraila hautsiari begira egon zen poltsikotik giltza-katea atera eta giltza bat aukeratzen zuen bitartean, eta gero beste pixka batean giltza aukeratua eskuan zuela egon zen, sarraila hautsiari begira. Giltzak gero ostera poltsikoan gorde eta ohe gainera irauli zuen kontu handiz kutxaren barrukoa. Arreta berarekin bereizi zituen paperak, banaka-banaka hartuz eta eraginez. Gero kutxa ahoz behera jarri eta hari ere eragin eta paperak astiro atzera lehengo tokian utzi eta hantxe gelditu zen berriro, sarraila hautsiari begira, kutxa eskuan zuela eta burua makurtuta. Leihotik kanpora basamika batzuk sentitu zituen jirabiraka eta garrasika pasa, eta aldentzen, beren oihuekin aldea zartatzen zutela, eta automobil bat han nonbaitetik pasa eta itzali egin zen haren hotsa ere. Bere Amak bere izena esan zuen berriro atearen bestaldetik, baina bera ez zen mugitu. Dilsey Ama pasilloan zehar eramaten sentitu zuen, eta gero ate bat itxi zen. Orduan kutxa atzera armairuan jarri eta arropak berriro hara bota eta telefonora jaitsi zen. Han zegoela, aurikularra belarrian jarrita, zain, Dilseyk eskaileretan behera jaitsi zen. Begiratu zion, gelditu gabe, eta aurrera segi zuen.

        Linea eman zioten. «Jason Compson naiz», esan zuen, hain ahots zakar eta lodiz non berriro esan beharra izan baitzuen. «Jason Compson», esan zuen, ahotsa menderatuz. «Eduki kotxe bat prest, hamar minututan, zuk zeuk joaterik ez badaukazu ordezko batekin. Hor izango naiz... Zer?... Lapurreta. Nire etxean. Badakit nor... Lapurreta, esan dut. Eduki kotxe bat pre... Zer? Ez al dizute ba ordaintzen legea bete erazteko?... Bai, bost minututan hor naiz. Eduki kotxea prest berehala abiatzeko. Bestela, parte emango diot gobernadoreari.»

        Aurikularra kolpe batez eskegi, jangela zeharkatu, non ia ukitu ere gabeko gosaria mahai gainean hoztuta zegoen, eta sukaldera sartu zen. Dilsey poltsa-beroa betetzen ari zen. Ben berriz eserita, lasai eta huts. Haren ondoan Lusterrek txakur txiki bat ematen zuen, esna eta erne. Zerbait jaten ami zen. Jasonek sukaldea zeharkatu zuen.

        «Ez al duzu gosaldu behar?» esan zuen Dilseyk. Berak ez zion kasurik egin. «Segi zu'e gosaria jate'a, Jason». Berak aurrera segi zuen. Kanpoko ateak danbatekoa atera zuen bere atzetik. Luster zutitu eta leihotik begiratzera joan zen.

        «Ufalatx», esan zuen, «Zer gertatu da hor goian? Jo e'in al du Miss Quentin?»

        «Hik ixtak ahoko zuloa», esan zuen Dilseyk. «Jartzak berriro Benjy martxan eta ederki be'otuko haut. Ahal dela bakean e'ukizak ni etorri arte». Poltsari tapoia jarri eta atera egin zen. Eskailerak igotzen sentitu zuten, gero Jason, bere automobilean etxe aurretik pasatzen. Gero ez zen sukaldean beste soinurik, bakarrik ontziaren borbor murmurioa eta erlojua.

        «Ba al dakizu ze apustu e'ingo nukeen?» esan zuen Lusterrek. «Apustu e'ingo nuke jo e'in duela. Apustu e'ingo nuke buruan eman diola eta o'ain medikua'n bila doala. Apustu ho'ixe e'ingo nuke». Erlojua tiki-taka ari zen, solemnitatez eta sakon. Gainbehera zihoan etxearen pultsu lehorra ere izan zitekeen hura; handik gutxira klaskateko bat atera eta eztarria garbitu eta sel aldiz jo zuen. Benek harantz begiratu zuen, gero Lusterren buruak leihoan egiten zuen bala itxurako errainuari begiratu eta burua gora eta behera mugitzen hasi zen berriro, lerdea zeriola. Mainak egin zituen.

        «Zaude isilik, erdi eroa», esan zuen Lusterrek jiratu gabe. «Ze'a ematen du, gaur ez garela eliza' joango». Baina Ben, aulkian eserita, esku handi belaxkak belaun artetik dinbili-danbala zituela, lanturuka ari zen emeki. Bat-batean negarrari eman zion, orro hots geldoa, esanahi gabea eta sostenitua. «Ixo», esan zuen Lusterrek. Jira eta eskua goratu zuen. «Astindu bat ematea nahi al duzu?» Baina Benek begiratu eta, arnasaldi bakoitzarekin, orro egiten zuen poliki-poliki. Lusterrek etorri eta eragin egin zion. «Ixo se'ituan!» egin zuen oihu. «Be'ira», esan zuen. Ben aulkitik altxa erazi eta aulkia ekonomikaren aurreraino arrastatu zuen, eta sutako atea ireki eta aulki gainean jarri zuen Ben bultzaka. Zera ekartzen zuten gogora, kai barru estu batetik petrolio-ontzi astun bati bultzaka doan atoiontzia. Ben eseri egin zen berriro ate arrosaren aurrean. Isildu egin zen. Orduan erlojua aditu zuten berriro, eta Dilsey eskaileretatik mantso-mantso. Sartu zenean hura mainaka hasi zen berriro. Gero ahotsa goratu zuen.

        «Ze e'in diok?» esan zuen Dilseyk. «Zergatik ez duk bakean uzten, gaurkoa'atik behintzat?»

        «Nik ez diot ezer e'in», esan zuen Lusterrek. «Mr Jasonek ika'atu e'in du, ho'i du dena. Ez zuen ba Miss Quentin hilko, ezta?»

        «Ixo, Benjy», esan zuen Dilseyk. Isildu egin zen hura. Dilsey leihora joan eta kanpora begiratu zuen. «Atertu al du?» esan zuen.

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. «Aspaldi atertu zuen».

        «Hortaz zoazte kanpo'a pixka batean», esan zuen. «Azkenean lortu diat Miss Cahline lasaitzea».

        «Eliza' joango al gara?» esan zuen Lusterrek.

        «Horren berri 're izango duk garaia aile'atutakoan. Ez egiok etxe'a inguratzen utzi nik hotse'in arte».

        «Belardi'a joate'ik ba al dauka'u?» esan zuen Lusterrek.

        «Bai. Baina ez egiok etxe'a inguratzen utzi. Gaurkoz nahiko lan izan diat».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. «No'a joan da Mr Jason, mammy?»

        «Ho'i 're hi'e kontua al da?» esan zuen Dilseyk. Mahaia garbitzen hasi zen. «Ixo, Benjy. Lusterrek kanpo'a ate'ako zaitu jostatze'a».

        «Ze e'in dio Miss Quentini, mammy?» esan zuen Lusterrek.

        «Ez dio ezer e'in. Alde'ingo al duzue hemendik?»

        «Apustu e'ingo nuke ez da'oela hemen», esan zuen Lusterrek.

        Dilseyk begiratu egin zion. «Eta hik nola dakik ez da'oela hemen?»

        «Benjy eta biok leihotik behera jaisten ikusi genuen bart. Ez al da hala, Benjy?»

        «Benetan?» esan zuen Dilseyk, hari begira.

        «Gauero ikusten dugu ho'i e'iten», esan zuen Lusterrek, «Udareondo horretatik jaisten da».

        «Ez ge'o ne'i gezurrik esan, beltza», esan zuen Dilseyk.

        «Ez naiz gezurretan a'i. Galdetu bestela Benjyri».

        «Zergatik ez duk hortaz ezer esan?»

        «Ez zen Ni'e kontua», esan zuen Lusterrek. «Ez dut zuri jendearen kontuetan nahastu nahi. Etorri, Benjy, goazen kanpo'a».

        Atera egin ziren. Dilsey une batez mahai ondoan gelditu zen, gero jangelara joan eta gosariko trasteak bildu eta bere gosaria jan eta sukaldea garbitu zuen. Gero amantala kendu eta zintzilik utzi eta eskailera barrenera joan eta adi egon zen une batez. Ez zen ezer aditzen. Gabana eta sonbreirua jantzi eta bere txabolarantz jo zuen.

        Ateri zegoen. Haizeak hego-ekialdetik jotzen zuen orain, eta zerua adabaki urdinetan zatituta zegoen. Muino baten gailurrean eguzkiaren argia, herriko zuhaitz eta teilatu eta kanpandorreak baino harantzago, oihal puska zurbil bat bezala pausatu, eta ezabatu egiten zen gero. Kanpai-hotsa ekarri zuen aldeak, eta seinalearen zain egon balira bezala, beste kanpaiek soinu hura jaso eta errepikatu egin zuten.

        Txabolako atea ireki eta Dilsey azaldu zen, berriro ere kapa marroiaz eta soineko purpura kolorekoarekin, ukondorainoko eskularru zuri zikinak jantzita baina oraingoan turbanterik gabe. Atarira atera eta Lusterri hots egin zion. Zain egon zen une batez, gero etxeraino joan eta hura inguratuz sotoko aterantz jo, paretaren ondo-ondotik mugituz, eta barrurantz begiratu zuen atetik. Ben mailetan eserita zegoen. Haren aurrean Luster pikotxetan zegoen lur hezearen gainean. Zerrote bat zeukan ezkerreko eskuan, hoja apur bat okertuta zeukana bere eskuaren presioagatik, eta jo egiten zuen zerra-hoja hura Dilseyk hogeita hamar urte baino gehiagoz opilen orea biguntzeko erabilitako egurrezko mazu gastatuarekin. Zerroteak soinu nagi bakar bat atera zuen heriotza azkarrez itzali zena, hoja bihurgune garbi arin batekin utziz Lusterren eskuaren eta lurraren artean. Geldi-geldirik, sumaezina, tripa ateratzen zuen.

        «Holaxe e'iten zuen beak», esan zuen Lusterrek. «Baina ez dut asmatzen ze'ekin jo behar dudan».

        «Horretan di hintzen, orduan?» esan zuen Dilseyk. «Emai'ak mazu ho'i».

        «Ez dut hondatu», esan zuen Lusterrek.

        «Ekarri hona», esan zuen Dilseyk. «Eta utzi zerrote ho'i hartutako tokian».

        Zerrotea utzi eta mazua ekarri zion. Orduan Ben antsika hasi zen berriro, etsi-etsian eta luze. Ez zen ezer. Soinu hutsa. Pentsa zitekeen denbora guztia eta injustizia eta atsekabea ahots bihurtu zirela une batez planeten konjuntzio batengatik.

        «A'itzen al diozu», esan zuen Lusterrek, «Holaxe da'o kanpo'a bidali gaituzunetik. Ez dakit zer duen gaur goizean».

        «Ekartzak hona», esan zuen Dilseyk.

        «Etorri, Benjy», esan zuen Lusterrek. Koskak jaitsi eta besotik heldu zion Beni. Hura zintzo-zintzo etorri zen, antsika, itsasontziek atera obi duten soinu zakar geldo hori, soinua bera sortu baino lehen hasia dirudiena, soinua bera gelditu baino lehen isildua dirudiena.

        «Korri eta ekarri be'e txanoa», esan zuen Dilseyk. «Eta Miss Cahlinek ez dezala hi'e txintik a'itu. Ea, bizkor. Bestela 're nahiko be'andu dugu-eta».

        «Baina be'a sentitu e'ingo du, isiltzen ez baduzu», esan zuen Lusterrek.

        «Abiatzen garenean isilduko da», esan zuen Dilseyk. «Usaina a'itzen du. Ho'i du dena».

        «Ze usain, mammy?» esan zuen Lusterrek.

        «Segizak txanoa'n bila», esan zuen Dilseyk. Luster joan egin zen. Sotoko atean gelditu ziren biak, Ben Dilsey baino malla bat beherago. Zerua adabaki mugikorretan zatituta zegoen orain, eta lorategi utzitik arrastatzen zituzten beren itzal bizkorrak, hautsitako hesiaren gainetik eta patioan barrena. Dilseyk Benen burua laztantzen zuen, astiro eta behin eta berriz, kopeta gaineko ilea lisatuz. Hark antsika segitzen zuen isil-isilik, presarik gabe. «Ixo», esan zuen Dilseyk, «Ixo. Se'ituan abiatuko gara. Ixo». Antsi egiten zuen isil-isilik eta behin eta berriro.

        Luster itzuli zen, buruan lastozko sonbreirua koloretako zintarekin, eta eskuan painuzko txanoa. Ematen zuen sonbreiruak, ikusleari fokuaren argiak bezala, isolatu egiten zuela Lusterren buru-hezurra bere banakako plano eta angelu guztietan. Haren itxura hain zen bereziki bakana non aurreneko begi kolpean sonbreiruak juxtu Lusterren atzean legokeen norbaiten buru gainean jarria ematen baitzuen. Dilseyk sonbreiruari begiratu zion.

        «Zergatik ez duk jantzi sonbreiru zaharra?» esan zuen.

        «Ezin izan dut aurkitu», esan zuen Lusterrek.

        «Nola aurkituko huen ba. Apustu e'ingo nikek atzo gauean nonbait gorde huela gehiago aurkitze'ik ez izateko. Ho'i 're hondatu e'in nahiko duk».

        «Ai, mammy», esan zuen Lusterrek. «Ez du euri'ik e'ingo».

        «Eta ho'i nola dakik? Jaztak sonbreiru zaharra eta gordezak berria».

        «Ai, mammy».

        «Orduan segi guardasola'n bila».

        «Ai, mammy».

        «He'orrek auke'atu», esan zuen Dilseyk. «E'o sonbreiru zaharra e'o goardasola. Ne'i berdin zaidak bata ala bestea».

        Luster txabolara joan zen. Ben antsika ari zen isil-isilik.

        «Goazen», esan zuen Dilseyk, «Harrapatuko gaituzte. Kantuak a'ituko ditugu». Etxea inguratu eta langarantz jo zuten. «Ixo», esaten zuen Dilseyk aldian behin kamiotik zihoazela. Langaraino heldu ziren. Dilseyk zabaldu egin zuen. Luster atzetik zuten kamioan behera, euritakoarekin. Emakume bat zetorren berarekin. «Hemen di'a», esan zuen Dilseyk. Langa pasa zuten. «Ea ba», esan zuen. Ben isildu egin zen. Luster eta bere amak harrapatu egin zituzten. Fronyk zeta urdin biziko soinekoa zeraman eta sonbreiru loreduna. Emakume argala zen, aurpegi txapal, atseginekoa.

        «Sei astetako lana da'aman soinean», esan zuen Dilseyk. «Ze e'ingo dun euria hasten badu?»

        «Busti, noski», esan zuen Fronyk. «O'aindik ez naiz euria geldia'azteko gauza.»

        «Mammy beti euria e'ingo duela esaten», esan zuen Lusterrek.

        «Ez banaiz ni zuengatik kezkatzen, ez dakit nor kezkatuko den», esan zuen Dilseyk. «Goazen, nahiko be'andu badugu-eta».

        «Shegog errebe'enduak predikatuko du gaur», esan zuen Fronnyk.

        «Bai?» esan zuen Dilseyk. «Nor da?»

        «Saint Louisekoa», esan zuen Fronyk. «Predikari handia».

        «Mmm», esan zuen Dilseyk, «Hemen ze'a behar dugu, hemengo beltz gazte txoroxka ho'iei Jainkoa'anako beldurra sartuko dien gizona».

        «Shegog errebe'enduak predikatuko du gaur», esan zuen Fronyk. «Hala diote».

        Kalean barrena segi zuten. Kalearen luzera baketsu guztian barrena, kanpaia haizetsuen azpitik, zuri jendea elizarako bidean zihoan talde distiratsuetan, aldian behin eguzki-une badaezpadakoetatik pasatuz. Haize boladatsua zebilen, hego-ekialdekoa, hotza eta zorrotza egun epelen ondoren.

        «Nahia'o nuke gehi'o eliza' ekarriko ez bazenu, Mammy», esan zuen Fronyk. «Jendeak hitze'in e'iten du».

        «Ze jendek?» esan zuen Dilseyk.

        «Nik kontuak a'itzen ditut», esan zuen Fronyk.

        «Eta nik bazekinat zer jende klase den ho'i», esan zuen Dilseyk, «Zuri jende eskasa. Ho'ixe. Zurien eliza'ako behar bezain ona ez dela iru'itzen zaien, baina beltzen eliza be'a'ntzako behar bezain ona ez dela.»

        «Kontua da hitze'in e'iten dutela», esan zuen Fronyk.

        «Orduan bidali itzan Ni'egana», esan zuen Dilseyk. «Esaien Benjy bizkorra izatea e'o ez Jainko ona'i berdin-berdin zaiola. Zuri jende eskasa'i bakarrik axola dio horrek».

        Kale bat eskuadran okertu, beherantz joaz, eta lurrezko bide bihurtzen zen. Bi aldeetan terrenoa aldapa behera pikoagoan jausten zen; lautada handi bat txabola txikiz zipriztindua, haien teilatu erasanak bidearen maila berean zeudelarik. Belarrik gabeko terreno txikietan altxatzen ziren, traste hautsi, adreilu, ohol, ontzi... behin baliagarritasuna izandako gauzez estalitako sailetan. Ez zen han sastraka oparoa besterik hazten, eta zuhaitzei zegokienez masustondoak eta askaziak eta sikomoroak —etxeak inguratzen zituen idortasun latz haren zerbait bazuten zuhaitzak; haien ernamuinek ere irailaren aztarren triste eta tematsua ziruditen, udaberriak ere aurrera segitu balu bezala kasurik egin gabe, bertan behera utziaz, hazten ziren toki hartako beltz usain bizi eta nahastezinarekin elika zitezen.

        Ateetatik beltzek kontuak esaten zizkieten pasaeran, gehienetan Dilseyri:

        «Arreba Gibson! Ze mo'uz gara gaur goizean?»

        «Ni ondo. Zu 're bai?»

        «Ni 're ederki, eskerrik asko».

        Txaboletatik azaldu eta biderainoko pendiza itzaltsuan gora igotzen ziren —kolore serioekin jantzitako gizonak, marroi ilun edo beltzez, urrezko erloju kateekin eta batzuk bastoiarekin; gizon gazteak berriz urdin bortitz merke edo arraiekiko oihalez, eta sonbreiru fanfarroiekin; andre apur bat tente eta sibilanteak, eta umeak zuriei erositako bi eskuko arropekin, Beni gau animalien disimuluaz begiratzen ziotenak.

        «Ezetz joan eta ukitu».

        «Zergatik ez ba?»

        «Ezetz. Baietz beldurra eman».

        «Ez lioke jendea'i minik e'ingo. Erdi eroa izatea, ho'i du dena».

        «Nola liteke erdi ero batek jendea'i minik ez e'itea?»

        «Horrek behintzat ez. Nik ukitu nuen».

        «Ezetz berriz ukitu».

        «Miss Dilsey be'ira da'o-eta».

        «Bestela 're ez zuk».

        «Ez dio jendea'i minik e'iten. Erdi eroa izatea, ho'i du dena».

        Eta zaharrenak Dilseyrekin hizketan patxada osoan, nahiz eta, non eta oso zaharrak ez ziren, Dilseyk Fronyri uzten zion erantzuna.

        «Mammy ez dabil oso ondo gaur goizean».

        «Lastima. Baina Shegog errebe'enduak laster konponduko du ho'i. Hark emango dio kontsolamendua eta arindua».

        Bideak gorantz jotzen zuen berriro, eszena atzeko oihal pintatu baten antza zuen paraje bateraino. Aritzek koroatzen zuten buztin gorriko bretxa batean egina, bideak eten egiten zela kolpetik ematen zuen, zinta moztu bat bezala. Haren ondoan eguraldiak zigortutako eliza baten kanpandorre irregularra altxatzen zen pintura bateko eliza balitz bezala, eta eszena guztia lur lauaren azken muturrean altxatutako kartoi pintatu bat bezain laua eta perspektibarik gabea zen, espazioko eguzki haizetsuaren eta apirilaren eta kanpaiez betetako eguerdiartearen kontra. Elizarantz zihoazen denak tropelean, sabbat eguneko intentzio mantsoaz. Emakumeak eta umeak barrura sartzen ziren, gizonak atarian gelditu eta kontuak esaten zituzten talde baketsuetan kanpaiak isildu bitartean. Gero sartu egin ziren haiek ere.

        Eliza apainduta zegoen, baratz eta hesietako lore banaka batzuekin eta paper kixkurreko serpentina koloretakoekin. Pulpituaren gainean Eguberrietako kanpaia hondatu bat zegoen zintzilik, akordeoiaren antzera zabaltzen diren horietakoa. Pulpitua hutsik zegoen, nahiz ordurako korua bere tokian egon, abanikoei eragiten berorik ez izan arren.

        Andre gehienak aretoaren alde batean bilduta zeuden. Hizketan ari ziren. Orduan kanpaiak behin jo eta sakabanatu egin ziren denak nor bere tokira eta kongregazio guztia eserita gelditu zen une batez, zer gertatuko ote. Kanpaiak beste behin jo zuen. Korua zutitu eta kantari hasi zen eta kongregazio osoak aldi berean jiratu zuen burua, sei ume txiki —lau neska tximeletak bezalako zintatxoez lotutako txirikorda estuekin, eta ile motz-motzeko bi mutil— sartu eta erdiko pasillotik abiatu zirenean, lore eta zinta zuriko goarnizio batez elkarri lotuta, eta atzetik bi gizon zituztela bata bestearen segidan. Bigarren gizona izugarri handia zen, kafe argiaren kolorekoa, errespetua sartzen zuena bere lebita eta gorbata zuriarekin. Bere burua magistrala eta sakona zen, bere lepoa tolesdura oparoetan jausten zen bere alkandora-lepoaren gainera. Baina ezaguna zuten, eta beraz buruek buelta emanda segitu zuten hura pasatakoan ere, eta korua isildu zen arte ez zuten konprenitu predikari bisitaria jadanik barruan zela, eta beren artzainaren aurretik joandako gizona pulpitura sartzen ikusi zutenean, haren aurretik orduan ere, soinu deskribaezin bat aireratu zen, hasperen bat, desilusio eta harridurazko soinu bat.

        Bisitaria normala baino txikiagoa zen, eta alpakazko txamarra zarpailtsu bat zeraman. Aurpegi beltz zimurtua zuen, tximu txiki zahar batena bezalakoa. Eta koruak berriro kantatzen zuen bitartean eta sei umeak ere zutik jarri eta zurrumurru mehe, ikaratu, doinurik gabekoez kantatzen zuten bitartean, halako konsternazio batekin begiratzen zioten itxura hutsaleko gizon hari, artzainaren masa eskergaren ondoan eserita are txikiagoa eta kaikuagoa zirudien gizonari. Artean hari begira zeuden, konsternazioz eta sinetsi ezinik, artzainak zutitu eta haren aurkezpena egin zuenean ahots oparo, ozenez, zeinaren igurtziak berak bisitariaren hutsaltasuna aregoatzen zuen.

        «Ekarri dute ba ho'i Saint Louisetik honaino», esan zuen Fronyk ahopeka.

        «Ho'i baino erreminta xelebreagoak e'abiltzen ikusi dinat nik Jainkoa», esan zuen Dilseyk. «Ixo», esan zion Beni, «Se'ituan hasiko di'a berriro kantari».

        Bisitaria hitz egiteko zutitu zenean bere ahotsak gizon zuri batena ematen zuen. Ahots uniforme eta hotza. Lodiegia zirudien haren barrutik etorria izateko eta hasieran jakin-minez entzun zioten, tximu baten hizketa entzun izango zuten bezala. Eta soka baten gaineko dantzariari begiratu izango zioten bezala hasi zitzaizkion begiratzen. Ahaztu egin zuten bere itxura hutsala ere, bere ahotsaren alanbre hotz, inflexiorik gabekoaren gainetik korrika abiatu eta orekan jarri eta aurrerantz ekiteko zuen trebetasunagatik, eta beraz azkenean, irristada batez bezala atrilaren ondoan atseden hartu zuenean beso bat haren gainean jarriz sorbaldaren parean eta bere tximu gorputza momia bat edo ontzi huts bat bezain geldirik zuela, kongregazioak hasperen egin zuen amets kolektibo batetik esnatu balute bezala eta mugitu egin zen apur bat eserlekuetan. Pulpituaren atzean koruak abanikoei eragiten segitzen zuen. «Ixo. Se'ituan hasiko di'a kantari», esan zuen Dilseyk ahopeka.

        Orduan ahots batek esan zuen, «Anaiok».

        Predikaria ez zen bitarte hartan mugitu. Artean atrilaren gainean zeukan besoa, eta postura berean segitu zuen ahotsa oihartzun ozenekin hormen artean itzaltzen zen bitartean. Eguna eta gaua bezain desberdina zen bere lehengo doinuaren aldean, turutarena bezalako kualitate triste, tinbratu batekin, bihotzetaraino sartzen zitzaiena, han berriro hitz egiteko oihartzun pilatu eta geroz ahulagoekin itzali ondoren ere.

        «Anai-arrebok», esan zuen berriro ahotsak. Predikariak besoa mugitu eta atrilaren aurretik harantz eta honantz hasi zen, eskuak atzean zituela, figura iharra, konkortua, denbora luzean lur gupidagabearekin borrokatzera behartua egon den norbaitena bezalakoa, «Badut Bildotsaren oroitzapena eta odola!» Harantz eta honantz segitzen zuen gelditu gabe paper kiribilduaren eta Eguberritako kanpaiaren azpitik, konkortuta, eskuak atzean zituela. Harkaitz txiki leundu bat bezalakoa zen, bere ahotsaren olatuen etorriak estaltzen zuena. Ematen zuen bere gorputzarekin elikatzen zuela ahotsa, hortzak haragian sartu balizkio bezala sukubo baten gisara. Eta ahots hark kontsumitzen zuen bitartean kongregazioak bere begi guztiez begiratzen ziola ematen zuen, harik eta hura ezer ez eta beraiek ere ezer ez bihurtu ziren arte eta ahotsik ere izan ez zen arte baizik eta haren ordez beren bihotzak salmodia neurriez elkarri hizketan hitzen beharrik gabe, eta hala atrilaren kontra apoiatu zenean, tximu aurpegia goratuta, bere jarrera gurutzefika bare, torturatu batena bezalakoa, zarpailtasun eta hutsaltasun haiek gainditu eta garrantzirik gabeko bihurtzen zituena, hasperen luze kexati bat altxa zen haiengandik, eta andre bakar baten soprano ahotsa: «Bai, Jesus!»

        Argitasun iheskorra eliza gainetik pasa ahala leiho zikinek bristadak atera eta degradazio fantasmalean zurbiltzen ziren. Atarian kotxe bat pasa zen errepidetik, hondarraren kontra ahaleginean, urrutian isildu zen. Dilsey tente-tente eserita zegoen, eskua Benen belaunean jarrita. Bi malko irristatu ziren bere masail erorietan behera, sakrifizio eta abnegazio eta denborak utzitako milaka eta milaka printzen artetik pasatuz.

        «Anaiok», esan zuen artzainak murmurio zakar batean, mugitu gabe.

        «Bai, Jesus!» esan zuen andrearen ahotsak, artean isilka.

        «Anai-arrebok!» Bere ahotsa turutekin batera entzun zen berriro. Besoa mugitu eta tente jarrita eskuak goratu zituen. «Badut Bildotsa'n o'oitzapena eta odola!» Ez zuten zehatz antzeman noiz bihurtu zen bere intonazioa, bere ebakera, beltzena bezalakoa. Eserita gelditzea besterik ez zuten egin, eserlekuetan apur bat kulunkatuz, ahotsa beraietaz jabetzen zen bitartean.

        «Ze'a luze, hotzak... Nik esaten dizuet, Ai, anaiok, ze'a luze, hotzak... Ikusten dut argia eta ikusten dut hitza, bekatari giza'ajo ho'i! Egipton ezkutatu ziren, karroza balantza e'ileak; belaunaldiak ere ezkutatu ziren. Bazen bat abe'atsa: non da o'ain, Ai, anaiok? Bazen bat eskekoa: non da o'ain, Ai, arrebok? Nik esaten dizuet, Ai, salbazioa'n esnea eta ihintza ez ba'auzkazue urte luze, hotzak pasatakoan!»

        «Bai, Jesus!»

        «Esaten dizuet, anaiok, eta esaten dizuet, arrebok, garaia aile'atuko dela. Bekatari giza'ajoak dio Utzi Jainkoa'n ondoan lota'atzen, utzi ne'i Ni'e karga honetaz libratzen. Ze esango du orduan Jesusek, Ai, anaiok? Ai, arrebok? Ba al duzue Bildotsa'n o'oitzapena eta odola? Ez baitut zerua gehie'i kargatu nahi!»

        Txamarra haztatu eta painuelu bat atera eta aurpegia lehortu zuen. Soinu apal bateratu bat altxa zen kongregazioaren artetik: Mmmmmmmmmmmmm!» Andrearen ahotsak esan zuen, «Bai, Jesus! Jesus!»

        «Anaiok! Be'iratu hor ese'ita dauden ume ho'iei. Behin Jesus ere horrelakoxea izan zen. Be'e amatxok loria eta minak sufritu zituen. Batzuetan beharbada besoan hartuko zuen ilunabarrean, aingeruek lo har arazteko kantatzen zuten bitartean; beharbada atetik kanpo'a be'iratu eta Erromako poliziak ikusiko zituen pasatzen». Harantz eta honantz segitzen zuen, aurpegia lehortuz. «Entzun, anaiok! Ikusten dut eguna. Maria atean ese'ita da'o Jesus, Jesus txikia, ma'alean hartuta. Horko ume ho'iek bezalaxe, Jesus txikia ''re. A'itzen ditut aingeruak bake eta loriazko kantak kantatzen; ikusten ditut ixten a'i di'en begiak; ikusten dut Maria salto batean zutitzen, ikusten dut soldadua'n aurpegia: Hiltze'a gatoz! Hiltze'a gatoz! Zu'e Jesus txikia hiltze'a gatoz! A'itzen ditut amatxo gaixoa'n negar eta aieneak Jainkoa'n salbazioa eta hitza gabe!»

        «Mmmmmmmmmmmmmmmm! Jesus! Jesus txikia!» eta beste ahots bat, goratzen:

        «Ikusten dut, O, Jesus! O, ikusten dut!» eta baita beste bat ere, hitzik gabe, uretan gora igotzen diren burbuilak bezala.

        «Ikusten dut, anaiok! Ikusten dut! Ikusten dut ikuskizun suntsitzaile, itsugarria! Ikusten dut Kalbarioa, arbola sakratuekin, eta ikusten ditut lapurra eta hiltzailea eta ho'iek a'ina 're ez den bestea; a'itzen ditut fanfarroikeriak eta harrokeriak: Jesus baldin bazara, altxa zu'e arbola eta zoaz! A'itzen ditut andreen kexak eta ilunabarreko aieneak; a'itzen ditut ne'arrak eta garrasiak eta Jainkoa'n aurpegia bestalde'a ji'ata: Hil e'in dute Jesus; hil e'in dute Ni'e Semea!»

        «Mmmmmmmmmmmmm! Jesus! Ikusten dut, Ai, Jesus!»

        «Ai bekatari itsua! Esaten dizuet, anaiok; zuei 're bai, arrebok, Jainkoak Be'e aurpegi Ahaltsua ji'atu zuenean, hala esan zuen, Ez dut zerua gehiegi bete nahi! Ikusten dut Jainko nahigabetua Be'e atea ixten; ikusten dut uholde handia lur osoa estaltzen; ikusten ditut iluntasuna eta heriotza belaunaldien gainetik irauten. Eta ge'o, Anaiok! Bai, anaiok! Ze ikusten dut? Ze ikusten dut, ai bekatari! Berpizkundea eta argia ikusten ditut; Jesus eztia ikusten dut ze'a esaten Zuek berri'o bizi zaitezten hil ninduten; ikusi eta sinesten dutenak behin ere hil ez daitezen hil nintzen. Anaiok, Ai Anaiok! Azken Juizioko e'una ikusten dut eta urrezko turutak a'itzen ditut loria aldarrikatzen, eta Bildotsa'n odola eta o'otzaipena zuten hildakoak hilobietatik altxatuta!»

        Ahots eta esku guztien erdian eserita, Ben joanda bezala zegoen bere begiratu urdin eztiarekin. Dilsey zuzen-zuzen eserita zegoen haren aldamenean, tentetasunez eta lasai negar eginez Bildots gogoratuaren epeltasun eta odol hartan.

        Eguerdi distiratsutik zihoazela errepide hondartsuan gora, sakabanatzen ari zen kongregazioak berriro ere patxada ederrean taldeka hitz egiten zuen bitartean, berak negarrez segitu zuen, elkarrizketen axolarik gabe.

        «A ze nolako predikaria! Hasieran hutsa ematen zuen, baina bai ze'a!»

        «Boterea eta loria ikusi ditu».

        «Bai, egia. Ikusi e'in ditu. Aurrez aurre ikusi 're».

        Dilseyk ez zuen txintik ateratzen, bere aurpegiak ez zuen dardararik ere egiten malkoak beren bide sakon eta bihurrietatik abiatzen zirenean. Burua tente zuela zihoan, haiek lehortzeko ahaleginik egin gabe.

        «Zergatik ez dituzu ne'arrak uzten, mammy?» esan zuen Fronyk. «Jende guzti ho'i be'ira daukazu. Laster zuri jende'a'kin e'okituko gara».

        «Aurrenekoa eta azkenekoa ikusi ditut», esan zuen Dilseyk. «Ez ni'atik kezkatu».

        «Aurreneko eta azkeneko zer?» esan zuen Fronyk.

        «Ze axola dio», esan zuen Dilseyk. «Hasiera ikusi dut, eta o'ain azkena ikusten dut».

        Kalera heldu baino lehen negar egiteari utzi zion hala ere, eta gona goratu eta begiak lehortu zituen bere gaineko azpikogonaren ertzarekin. Gero aurrera segi zuten. Ben bere ondoan zihoan, hankak arrastaka, Lusterrek beren aurretik egiten zituen pailazokeriei begira, euritakoa eskuan zuela eta lastozko sonbreiru berria eguzkitan lotsagabeki okerka, biak txakur txiki bizkorra eta hari begira dagoen txakur handi tontoa balira bezala. Langara ailegatu eta barrura sartu ziren. Segituan Ben mainaka hasi zen berriro, eta une batez denak kamioan gora begira egon ziren, etxe koadratu, pintatu gabera, bere habe ustelduekin.

        «Ze gertatzen da gaur hor goian?» esan zuen Fronyk. «Zer edo zer bada».

        «Ezer ez», esan zuen Dilseyk. «Hik zaindu hitzan hie kontuak eta zuri jendeak zain ditzala bereak».

        «Zer edo zer bada», esan zuen Fronyk. «Goizean sentitu dudan aurrenekoa horren lanturuak izan dira. Baina ez da Ni'e kontua».

        «Ba nik ba'akit zer den», esan zuen Lusterrek.

        «Hik behar duana baino gehiago dakik», esan zuen Dilseyk. «Ez al diok o'aintxe Fronyri a'itu ez dela hi'e kontua? E'amantzak Benjy atzealde'a eta bakean e'ukizak nik bazkaria jarri arte».

        «Nik ba'akit non da'oen Miss Quentin», esan zuen Lusterrek.

        «Ba golkoan gordezak he'orrentzat», esan zuen Dilseyk. «Quentinek hi'e kontseilu'n bat behar duenean, jakina'n gainean jarriko haut. Eta o'ain zoazte atzealde'a jostatze'a».

        «Ba'akizu ze gertatuko den ha'ako hartan bola'kin jostatzen hasten di'enean», esan zuen Lusterrek.

        «Ez dituk o'aindik puska batean hasiko. Ordu'ako T.P. hemen izango duk kotxean e'amateko. Ti'a, emai'ak sonbreiru berri ho'i».

        Lusterrek sonbreirua eman zion eta Ben eta biak atzeko patiotik abiatu ziren. Benek mainaka segitzen zuen, baina ez indar handiz. Dilsey eta Frony txabolara joan ziren. Geroxeago Dilsey berriro azaldu zen, oraingoan ere kalikutezko soineko maiztuarekin, eta sukaldera joan zen. Sua itzalita zegoen. Etxean ez zen txintik. Amantala jantzi eta gora igo zen. Ez zen txintik inon. Quentinen gela haiek utzita bezalaxe zegoen. Sartu eta azpiko arropa lurretik jaso eta galtzerdia tiraderan sartu eta itxi egin zuen. Mrs Compsonen atea itxita zegoen. Dilsey haren ondoan gelditu zen pixka batez, adi. Gero ireki eta barrura jo zuen, alkanfore kirats sarkorraren barrura. Pertsianak beheratuta zeuden, gela erdi ilunpetan, ohea ere bai, beraz aurrena Mrs Compson lo zegoela pentsatu zuen eta atea ixtera zihoan besteak hitz egin zuenean.

        «Eta?» esan zuen, «Zer da?»

        «Ni naiz», esan zuen Dilseyk. «Ezer nahi al duzu?»

        Mrs Compsonek ez zuen erantzun. Une baten ondoren, burua batere mugitu gabe, esan zuen: «Non da Jason?»

        «Ez da o'aindik etorri», esan zuen Dilseyk. «Ze nahi duzu?»

        Mrs Compsonek ez zuen ezer esan. Hainbat pertsona hotz eta ahulek bezala, azkenean erremediorik gabeko hondamenaren aurrean egokitutakoan halako sendotasun bat, indar bat, ateratzen zuen nonbaitetik. Bere kasuan konbikzio tinko bat zen, artean bere osoan ezagutzerik ez zegoen gertaera hari buruz. «Eta?» esan zuen bat-batean, «Aurkitu al duzu?»

        «Aurkitu zer? Zertaz a'i zara?»

        «Oharra. Ohar bat uzteko begirunea izango al zuen behintzat. Quentinek ere horrenbeste egin zuen».

        «Zertaz a'i zara?» esan zuen Dilseyk, «Ez al dakizu ondo da'oela? Baietz ilundu baino lehen ate honexetatik sartzen ikusi».

        «Berriketak», esan zuen Mrs Compsonek, «Odolean dago. Nolako osaba, halako iloba. Edo ama. Ez dakit zer litzatekeen okerrena. Eta uste dut berdin zaidala».

        «Zergatik hitze'iten duzu tankera horretan? esan zuen Dilseyk. «Zergatik e'in behar luke holako gauza bat?»

        «Ez dakit. Zer arrazoi zuen Quentinek? Jainkoaren izenean, zer arrazoi zuen? Ez zen besterik gabe ni iraintzeagatik, niri min egiteagatik izango. Jainkoak, nornahi dela ere, ez luke horrelakorik ametituko. Dama bat naiz. Ez duzu beharbada sinetsiko nire ondorengoak ikusita, baina hala naiz».

        «Zaude, eta ikusiko duzu», esan zuen Dilseyk. «Gauean hemen izango da, hortxe bertan, be'e ohean». Mrs Compsonek ez zuen ezer esan. Alkanforez kutsatutako zapia bere kopeta gainean zegoen. Soineko beltza berriz ohe-zangoan zabalduta. Dilseyk atearen krisketean zeukan eskua.

        «Eta?» esan zuen Mrs Compsonek. «Zer nahi duzu? Jason eta Benjaminentzat bazkaria jartzeko asmorik ba al duzu, ala ez?»

        «Jason ez da o'aindik etorri», esan zuen Dilseyk. «Zer edo zer jarriko dut. Se'uru ez duzula ezer nahi? Poltsa bero al daukazu o'aindik?»

        «Biblia eskuratuko al zenidake?»

        «Goizean eman dizut, abiatu baino lehen».

        «Ohearen ertzean utzi duzu. Zenbat denboran espero zenuen hor irautea?»

        Dilsey ohera hurbildu eta, ilunpetan, haren ertzaren azpian haztaka hasi zen. Ahuspez aurkitu zuen Biblia. Orri zimurtuak lisatu eta ohe gainean utzi zuen liburua berriro. Mrs Compsonek ez zituen begiak ireki. Bere ilea eta burkoa kolore berekoak ziren, botikaz kutsatutako zapi haren toka azpian moja zahar bat ematen zuen errezatzen. «Ez berriro hor utzi», esan zuen, begiak ireki gabe. «Hor utzi duzu lehen ere. Ohetik jaiki arazi nahi al nauzu lurretik jasotzeko?»

        Dilseyk haren gainetik makurtuz liburua hartu eta ohearen alderdirik zabalenean utzi zuen. «Dena dela argi'ik ez daukazu leitzeko», esan zuen. «Nahi al duzu pertsiana pixka bat goratzea?»

        «Ez. Utzi bere horretan. Segi eta prestatu jateko zerbait Jasonentzat».

        Dilsey atera egin zen. Atea itxi eta sukaldera itzuli zen. Ekonomika hotza zegoen ia. Han zegoela arasa gaineko erlojuak hamar aldiz jo zuen. «Ordu bata», esan zuen berak ozenki, «Jason ez da etorriko. Aurrenekoa eta azkenekoa ikusi ditut», esan zuen, ekonomika hotzari begira, «Aurrenekoa eta azkenekoa ikusi ditut». Janari hotzak atera zituen mahai baten gainera. Batera eta bestera zebilela himno bat kantatzen zuen. Lehenengo bi lerroak kantatzen zituen behin eta berriz doinua bukatzeraino. Otordua antolatu zuen eta atera joan eta Lusterri hots egin zion, eta geroxeago Luster eta Ben sartu ziren. Benek lanturuka segitzen zuen pixka bat, bere golkorako bezala.

        «Ez da bate'e isildu», esan zuen Lusterrek.

        «Zatozte jate'a esan zuen Dilseyk. «Jason ez da bazkaltze'a etorriko». Mahaian eseri ziren. Ben ederki konpontzen zen janari trinkoak bakar-bakarrik jateko, nahiz eta orain ere, aurrean janari hotza eduki arren, Dilseyk zapi bat lotu zion lepoan. Luster eta biek jan egin zuten. Dilsey sukaldetik zebilen, gogoratzen zituen himnoaren bi lerroak kantatzen. «Jatea ba'aukazue», esan zuen, «Jason ez da etorriko».

        Handik hogei miliatara zegoen une hartan. Etxetik atera zenean herrirantz gidatu zuen habaila bizian, aurrea hartuz igande goizeko talde patxadatsuei eta alde urratuak zekartzan kanpaia larridunei. Plaza hutsa zeharkatu eta kolpetik besteak baino are baketsuago zegoen kale estu batetik jo zuen, eta egurrezko etxe baten aurrean gelditu eta lorez inguratutako bidexkatik joan zen portxeraino.

        Tela metalikozko atearen bestaldean jendea zegoen hizketan. Atea jotzeko eskua goratu zuenean pausoak aditu zituen, beraz eskuari bere hartan eutsi zion harik eta gizon handi batek, painuzko praka beltz finak eta leporik gabeko alkandora almidoituarekin, atea zabaldu zuen arte. Ile mardul eta tximosoa zuen, altzairuaren gris kolorekoa, eta bere begi grisak mutil-koskor batenak bezain borobil eta distiratsuak ziren. Jasonen eskua hartu eta, eragiten zion bitartean, etxe barrura eraman zuen.

        «Sartu barrura», esan zuen, «Sartu barrura».

        «Abiatzeko prest al zaudete?» esan zuen Jasonek.

        «Pasa barrura», esan zuen besteak, ukondotik bultzatuz gizon bat eta andre bat eserita zeuden gela bateraino. «Ezagutzen duzu Myrtleren senarra, ezta? Jason Compson, Vernon».

        «Bai», esan zuen Jasonek. Ez zion gizonari begiratu ere egin, eta sheriffak aulki bat inguratu zuenean gizonak esan zuen,

        «Atera egingo gara lasai hitz egin dezazuen. Goazen, Myrtle».

        «Ez, ez», esan zuen sheriffak, «Segi zuen tokian. Ez da horren serioa izango, ezta, Jason? Eser zaitez».

        «Bidean esango dizut», esan zuen Jasonek. «Hartu sonbreirua eta txamarra».

        «Atera egingo gara», esan zuen gizonak, altxatuz.

        «Segi zuen tokian», esan zuen sheriffak. «Jason eta biok portxera aterako gara».

        «Hartu sonbreirua eta txamarra», esan zuen Jasonek. «Dagoeneko hamabi ordutako aurrea hartu digute». Sheriffak portxera eraman zuen. Andre batek eta gizon batek zerbait esan zioten sheriffari pasatzerakoan. Berak keinu atsegin eta dotore batez erantzun zuen. Kanpaiek joka segitzen zuten, Nigger Hollow izenaz ezagutzen zuten alderditik. «Hartu sonbreirua, Sheriff', esan zuen Jasonek. Sheriffak bi aulki inguratu zituen.

        «Eseri eta esan zein den arazoa».

        «Telefonoz ere esan dizut», esan zuen Jasonek, zutik. «Denbora aurreratzeagatik egin dut hori. Justiziagana jo behar ote dut zure egitekoak betetzera behartzeko?»

        «Eseri eta kontatu dena», esan zuen sheriffak. «Arduratuko naiz zutaz, zaude lasai».

        «Zera arduratuko zara zu!» esan zuen Jasonek. «Honi esaten al diozu nitaz arduratzea?»

        «Zugatik ari gara atzeratzen», esan zuen sheriffak. «Eseri eta kontatu dena».

        Jasonek kontatu egin zion, bere irain eta ezintasunezko sentimendua bere hitzen soinuarekin berarekin elikatzen zela, halako moldez non une baten ondoren presa ere ahaztua baitzuen bere auto-justifikazio eta laido pilaketa bortitzean. Sheriffak arretaz begiratzen zion bere begi hotz distiratsuekin.

        «Baina ez dakizu beraiek egin duten», esan zuen. «Irudipena besterik ez duzu.»

        «Ez dakidala?» esan zuen Jasonek. «Bi egun oso pasa ditut-eta kale ziztrin guztietatik berari segika, beste horrengandik apartatu nahian, berriro beste horrekin harrapatzen banuen zer egingo nion esan eta gero. Zera esango didazu ba, ez dakidala pu...»

        «Tira, tira», esan zuen sheriffak, «Nahikoa da. Nahikoa entzun dut». Kalearen bestalderantz begiratu zuen, eskuak poltsikoetan zituela.

        «Eta zugana jotzen dudanean, justiziaren ordezkari batengana», esan zuen Jasonek.

        «Funtzio hori Mottsonen izango da aste honetan», esan zuen sheriffak.

        «Bai», esan zuen Jasonek, «Eta ofizialen bat aurkitzerik banu, kargu horretarako aukeratu duen jendea babesteaz pixka-pixka bat arduratuko litzatekeena, ni ere han nintzateke honezkero». Bere istorioa errepikatu zuen, zakarki laburtuz, benetako plazera aterako balu bezala bere laido eta ezintasunetik. Sheriffak ez zuen ematen entzuten zionik.

        «Jason», esan zuen, «Nolatan zeneuzkan hiru mila dolar etxean gordeta?»

        «Zer?» esan zuen Jasonek. «Nire dirua non gordetzen dudan nire kontua da. Zurea atzera nireganatzen laguntzea da».

        «Zure amak ba al zekien horrenbeste diru zeneukala etxean?»

        «Begira», esan zuen Jasonek, «Lapurreta egin dute nire etxean. Badakit nortzuk egin duten eta badakit non dauden. Justiziaren ofiziala zaren partetik jo dut zugana, eta azkeneko aldiz galdetuko dizut: nirea dena berreskuratzeko ahaleginik egingo duzu ala ez?»

        «Zer egingo diozu neska horri, harrapatzen badituzu?»

        «Ezer ez», esan zuen Jasonek, «Ezta ezer ere. Ez nioke eskurik gainean jarriko. Puta hori, lanposturik gabe utzi ninduena, sekula aurrera egiteko izan dudan aukera bakarra gabe, nire aita hil zuena eta egunetik egunera nire amaren bizitza laburtzen ari dena eta nire izena herri osoaren aurrean barregarri utzi duena. Ez diot ezer egingo», esan zuen. «Ezta ezer ere».

        «Zuk zeuk behartu duzu neska hori alde egitera, Jason», esan zuen sheriffak.

        «Nik nire etxea nola eramaten dudan ez da zure kontua», esan zuen Jasonek. «Lagunduko didazu ala ez?»

        «Zuk zeuk bidali duzu etxetik», esan zuen sheriffak. «Eta nire susmoak ere baditut diru horren benetako jabeari buruz, beharbada ez dut behin ere seguru jakiterik izango baina...»

        Jason zutik zegoen, eta poliki-poliki ertza jiratzen zion sonbreiruari bere eskuetan. Hala esan zuen, lasai: «Ez al duzu batere ahaleginik egin behar harrapatzen laguntzeko?»

        «Hori ez da nire kontua, Jason. Benetako probaren bat bazenu, zerbait egin beharko nuke. Baina probarik gabe, ez zait iruditzen niri dagokidan kontua denik».

        «Hori da zure azken hitza, ezta?» esan zuen Jasonek. «Pentsa ezazu ondo».

        «Hori da, bai, Jason».

        «Ondo da», esan zuen Jasonek. Sonbreirua jantzi zuen. «Damutuko zaizu. Izango dut babestuko nauenik. Hemen ez da Errusian bezala. Hemen ez da aski metalezko txapatxo bat eramatea justiziaren aurrean immunitatea izateko». Koskak jaitsi eta automobilean sartu eta martxan jarri zuen motorra. Sheriffak abiatzen ikusi zuen, buelta ematen, eta etxe aurretik habaila bizian pasa eta herrirako bidea hartzen.

        Kanpaiak jotzen ari ziren berriro, eguzki-argi iheskorrean gora, soinu puska distiratsu, desordenatuekin. Gasolindegi batean gelditu zen, eta pneumatikoak begiratzeko esan eta depositua bete erazi zuen.

        «Bidaia e'itekotan, e?» galdetu zion beltzak. Berak ez zuen erantzun. «Azkenean egu'aldi ona ate'ako duela ematen du», esan zuen beltzak.

        «Zera aterako du eguraldi ona», esan zuen Jasonek, «Eguerdia baino lehen euria izango diagu goian-behean». Zerurantz begiratu zuen, euria imajinatuz, buztinezko errepide irristakorrak, eta bera herritik kilometro batzuetara, automobila lokatzetan hondoratuta. Halako garaipen sentimendu batekin pentsatu zuen hori, eta bazkaria huts egingo zuela, eta orain abiatu ezkero bere presa grina asetzeko, bi herrietatik ahalik eta urrutien egongo zela eguerdia ailegatzerako. Horretan zirkunstantziak lagun zituela iruditu zitzaion, beraz hala esan zion beltzari:

        «Zer arraio ari haiz? Ordaindu egin al dik norbaitek ahal duan denbora guztian kotxea hemen geldituta edukitzeko?»

        «Honako pneumatiko honek bate'e haize'ik ez dauka», esan zuen beltzak.

        «Hortaz kendu enbarazutik eta utzi niri bonba hori», esan zuen Jasonek.

        «O'ain puztuta da'o», esan zuen beltzak, zutituz. «O'ain gi'atzeko moduan zara».

        Jason barrura sartu eta motorra martxan jarri eta abiatu egin zen. Bigarrengoan zihoan, motorra totelka eta pufaka zuela, eta bere azkarrenean jarri zuen motorra, azeleragailua beheraino zanpatuz eta haizearen balbula modu basatian sartu eta atereaz. «Euria egingo du», esan zuen, «Utzi niri erdi bideraino ailegatzen, eta gero egin dezala euria goian-behean». Eta aurrera segi zuen, kanpaiak eta herria atzean utziz, bere burua lokatzetan ezinean imajinatuz, garraio-mando pare baten bila. «Eta madarikatu guzti horiek elizan izango dira». Bere burua azkenean eliza bat aurkitzen imajinatu zuen, eta mando parea hartzen, eta orduan nagusia kanpora atera, berari garrasika, eta berak lurrera botatzen zuen ukabilkazo batez. «Jason Compson naiz. Ea ni geldiarazterik badaukazun. Ea sheriff posturako ni geldiaraziko nauen gizonik aukeratzerik baduzun», esan zuen, bere burua soldadu ilara batekin auzitegian sartzen eta sheriffa handik arrastaka ateratzen imajinatuz. «Zera usteko du, hortxe eskuak antxumatuta gelditzea badaukala, nik lanpostua nola galtzen dudan begira. Nik erakutsiko diot horri zer den lanpostu bat». Bere ilobagan ez zuen batere pentsatzen, ezta diruaren balio arbitrarioan ere. Ez batak ez besteak ez zuten azken hamar urteetan ez entitaterik ez indibidualtasunik izan berarentzat; biek batera lortu baino lehen kendu zioten banketxeko lanpostua sinbolizatzen zuten.

        Aldea geroz distiratsuagoa zen, itzal pusketa bizkorrak ez ziren jadanik nagusi, eta iruditu zitzaion egunaren argitze hura etsaiaren beste trikimailu bat zela, bataila berri bat, zeinetara berak zauri zaharrak zekartzan. Aldian-aldian eliza baten aurretik pasatzen zen, egurrezko batimendu pintatu gabekoak txapazko kanpandorreekin, lotutako zaldi-kotxe eta automobil zaharrez inguratuak, eta haietako bakoitza begiraketa postu bat zela iruditzen zitzaion, Zirkunstantzien erretagoardiek ezkutuko begiratuak botatzen zizkiotela handik. «Eta madarikatua Zu ere», esan zuen, «Ea Zu gauza zaren ni geldiarazteko», bere burua bere soldadu ilararekin imajinatuz, atzetik sheriffa esku-burdinekin lotuta zutela, Ahalguztiduna Bere tronutik jaitsarazten, hartara behartu ezkero; zeruko eta infernuko legioen borroka, eta bera haien artetik bere bidea bilatzen eta azkenean bere iloba iheslariari hatzaparra botatzen.

        Haizea hego-ekialdetik zetorren. Gelditu gabe haize ematen zuen bere aurpegian. Iruditzen zitzaion sentitu egiten zuela haren kolpea buru-hezurreraino sartzen, eta bat-batean, aurresentipen zahar batek jota, frenoei eman eta gelditu eta bertan eserita geratu zen batere mugitu gabe. Gero eskua leporaino altxa eta maldizioka hasi zen, eta hantxe segitu zuen eserita, murmurio zakar batez maldizioka. Denbora luze samarrean gidatu beharra zuenean alkanforez kutsatutako painuelu batez baliatzen zen, herritik atera orduko lepoan lotzen zuelarik, haren lurruna arnasteko, eta kotxetik jaitsi eta asientuko kuxina goratu zuen han ahaztutakoren bat ba ote zeukan ikusteko. Bi asientuen azpian begiratu eta gelditu egin zen beste pixka batean, maldizioka, bere garaipenak zer burla egiten zion ikusirik. Begiak itxi zituen, atean apoiatuz. Edo itzuli eta ahaztutako alkanforea hartu edo bestela aurrera segi zezakeen. Kasu batean zein bestean, buruko min latza izango zuen, baina bazekien etxean alkanforea aurkituko zuela, igandea izanda, eta aldiz aurrera segitzen bazuen, ez jakin. Baina itzultzen baldin bazen, ordu t'erdi beranduago helduko zen Mottsonera. «Beharbada poliki gidatuko banu», esan zuen. «Beharbada poliki gidatuko banu, beste zerbaitetan pentsatuz...»

        Barrura sartu eta abiatu egin zen. «Beste zerbaitetan pentsatuko dut», esan zuen, beraz Lorrainegan pentsatzen hasi zen. Harekin ohean imajinatu zuen bere burua, baina haren ondoan etzanda besterik gabe, laguntzeko erregutuz, gero berriro ere diruaz pentsatu zuen, eta emakume batek, neska batek, ziria sartu ziola. Behinik behin lapurreta gizonaren lana izan zela sinesterik izan balu. Baina berarentzat galdutako lanpostuaren ordaina izan behar zuena lapurtuko zion ba, hainbeste ahalegin eta arriskurekin bereganatu zuena, nork eta galdutako lanpostuaren sinboloa bera zen harexek, eta denetan okerrena, neska puta batek. Aurrera segitu zuen, aurpegia txamarraren ertzaz babestuz haize tematsutik.

        Bere patuaren eta bere borondatearen indar aurkakoak bata besteagana hurbiltzen ikusten zituen bizkorki, aldaezina izango zen topagune baterantz; maltzur bihurtu zen. Ezin dut baldarkeriarik egin, esan zion bere buruari. Gauza bakar bat izango zen zuzena, alternatibarik gabe: huraxe egin beharko zuen. Haiek biek ikusi orduko ezagutuko zutela pentsatu zuen, eta berak aldiz aurrena neska ikusi beharko zuen, non eta gizonak gorbata gorri harekin segitzen ez zuen. Eta gorbata gorriaren mende egon behar hartan laburtzen zela hondamen hurbila iruditu zitzaion; usaina ere hartzen zion ia, eta sentitu ere egiten zuen, buruaren ziztaden gainetik.

        Azken muinoaren gailurrera heldu zen. Kea zegoen haranean, eta teilatuak, eta kanpandorre bat edo beste zuhaitzen gainetik. Muinoan behera jaitsi eta herrian sartu zen, abiadura mantsotuz, bere buruari gogora eraziz zuhur jokatu behar zuela, karpa non jarri zuten aurkitu behar zuela aurrena. Orain ezin zuen ondo ikusi, eta bazekien hondamena zela zuzenean buruarentzako zerbaiten bila joateko esan eta esan ari zitzaiona. Gasolindegi batean esan zioten ez zutela artean karpa altxa, baina karromatoak geltokian zeudela, aparteko karril batean. Harantz jo zuen.

        Kolore nabarmenez pintatutako bi kotxe pullman zeuden karrilean. Automobiletik jaitsi baino lehen ondo begiratu zituen. Ahaleginak egiten zituen arnasa sakonetik ez hartzeko, odolak bere buru-hezurra tankera hartan kolpa ez zezan. Jaitsi eta geltokiko murruaren ondotik abiatu zen, kotxeak zainduz. Arropa banaka batzuk zeuden leihoetatik zintzilik, nagi-nagi eta zimur, garbitu berriak balira bezala. Lurrean, baten sarrerako kosken ondoan, lonazko hiru aulki zeuden. Baina bizitza aztarrenik ez zuen ikusi harik eta gizon batek amantal zikin batekin atean azaldu eta keinu zabal batez ontzien urez betetako eltzea hustu zuen arte. Eguzkiak bristadak ateratzen zituen eltzearen metalezko tripotxean, eta gizona karromatora sartu zen berriro.

        Orain ustekabean harrapatu beharko dut, horri beste biei abisatzeko betarik eman gabe, pentsatu zuen. Ez zitzaion burutik pasa ere egin beharbada ez zirela han egongo, karromatoan. Naturaren legeen aurkakoa eta gertaeren erritmo osoaren kontrakoa izango baitzen haiek han ez egotea, guzti-guztiaren emaitza gauza bakar baten mende ez egotea: bestea aurrena nork ikusiko ote alegia, edo berak haiek edo haiek bera. Eta areago: berak ikusi behar zituen aurrena, eta dirua berreskuratu, eta gero zer egiten zuten berari bost axola zion. Beste gainerakoan mundu guztiak jakingo zuen berari, Jason Compsoni, lapurreta egin ziola Quentinek, bere ilobak, puta batek.

        Ondo begiratu zuen berriro. Gero karromatora joan eta koskak igo zituen, bizkor eta hotsik gabe, eta ate aurrean gelditu zen. Sukaldea ilun zegoen, janari lizunduen kiratsarekin..Gizona mantxa zuri bat besterik ez zen, tenore ahots kraskatu, dardaratiz, kantatzen zuena. Gizon zahar bat, pentsatu zuen berak, eta ez ni adinakoa. Barrura jo zuen gizonak begiak goratzen zituen unean.

        «E!» esan zuen gizonak, kantatzeari utziz.

        «Non dira?» esan zuen Jasonek. «Azkar. Lotarako karromatoan?»

        «Non da nor?» esan zuen gizonak.

        «Ez niri gezurrik esan», esan zuen Jasonek. Aurrerantz jo zuen, estropezu eginez iluntasun narrasean.

        «Zer dugu ordea?» esan zuen besteak, «Nori esaten diozu gezurtia?» Eta Jasonek sorbaldatik heldu zionean, hala esan zuen, «Begirozu gero, adiskidea!»

        «Ez gezurrik esan», esan zuen Jasonek, «Non dira?»

        «Geldi, sasikume zikin hori!» esan zuen gizonak. Bere besoa ahula eta mehea zen Jasonen ukabil barruan. Libratzeko ahalegina egin zuen, gero jiratu eta atzean zeukan mahai trastez betean miatzen hasi zen.

        «Ea», esan zuen Jasonek, «Non dira?»

        «Oraintxe esango dizut non diren», egin zuen garrasi gizonak, «Utzidazu nire labana aurkitzen».

        «Aizu», esan zuen Jasonek, besteari eutsi nahian, «Gauza bat galdetzea besterik ez dizut egin».

        «Sasikume zikin bon», egin zuen garrasi besteak, mahai gaina miatuz. Jasonek bi besoetatik heldu nahi izan zion, haren amorrazio txikitxo hura preso hartu nahian. Gizonaren gorputzak hain zaharra ematen zuen, hain ahula, eta hala eta guztiz hain fatalki asmo bakarrarekin itsutua non, aurreneko aldiz, Jasonek zer nolako hondamenerantz amiltzen ari zen ikusi zuen, garbi eta garden ikusi ere.

        «Geldi!» esan zuen, «Tira! Tira! Banoa. Eman alde egiteko beta».

        «Ni gezurtitzat hartu!» egin zuen antsi besteak, «Libratu. Libratu pixka batean. Nik erakutsiko dizut zuri».

        Jasonek erotuta bezala begiratu zuen bere ingurura, besteari eutsiz. Kanpoan eguraldia argitsua eta eguzkitsua zen orain, bizia eta argitsua eta hutsa, eta laster patxadan bazkaltzera etxeratuko zen jendeaz pentsatu zuen, igandeko bazkari festatsu eta errespetukoak, eta bere burua amorrarazitako zahar txiki, fatal hari eutsi nahian ikusi zuen, libre uztera ere ausartu ezinik bizkarra eman eta korrika alde egiteko.

        «Geldirik egongo al zara nik alde egin arte?» esan zuen, «Bai ala ez?» Baina besteak indar egiten segitzen zuen, eta Jasonek esku bat libratu eta buruan eman zion. Kolpe baldar, presatia, eta ez oso gogorra, baina bestea segituan abaildu zen eta eltze eta pertzen kinkatekoen artean lurreraino irristatu zen. Jason, haren gainetik, arnasestuka zegoen, erne. Gero jira eta korrika abiatu zen. Atean bere burua frenatu eta polikiago jaitsi zen, eta han gelditu egin zen berriro. Bere arnasak halako a a a hots bat ateratzen zuen, eta bertan segitzen zuen hura geldiarazi nahian, begiratuak botaka alde batera eta bestera, bere atzetik hanken arrastada-hotsak aditu eta jiratu egin zenean zahar txiki hura baldarki eta amorrarazita karromatotik salto egiten ikusteko denbora juxtuarekin, aizkora herdoildu bati aldean eraginez.

        Aizkorari heltzekoa egin zuen, kolpea sentitu gabe baina erortzera zihoala konprenituz, eta pentsatuz Orduan horrela bukatuko da dena, eta hiltzera zihoala uste izan zuen eta zerbaitek garondoan jo zuenean hala pentsatu zuen, Hor joko ninduen ba. Baina beharbada aspaldi jo ninduen, pentsatu zuen. Eta nik orain arte ez dut sentitu, eta pentsatu zuen Azkar. Azkar. Bukatu lehenbailehen, eta orduan ez hiltzeko desira bortitz bat jabetu zen bere buruaz eta indar egiten hasi zen, zaharra bere ahots kraskatuaz antsika eta maldizioka aditzen zuela.

        Indar egiten segi zuen hanka gainean jarri zutenean ere, baina haiek heldu egiten zioten eta gelditu egin zen.

        «Odol asko ari al naiz botatzen?» esan zuen, «Nire garondoa. Odoletan al nago?» Artean hori esaten ari zela, bultzaka zeramatela antzeman zuen, bizkor-bizkor, eta zaharraren amorraziozko ahots mehea bere atzean itzaltzen sentitu zuen. «Begiratu bat eman nire buruari», esan zuen, «Itxoin, nik...»

        «Zera itxoingo dugu», esan zuen heltzen zion gizonak, «Laster akabatuko zintuzke liztor zikin horrek. Segi aurrera. Ezer ez duzu».

        «Eman egin dit», esan zuen Jasonek. «Odoletan al nago?»

        «Segi aurrera», esan zuen besteak. Geltokiaren beste aldera eraman zuen Jason, kamioi bat geldituta zegoen plataforma hutseraino. Tente-tente hazten zen han belarra lore tentez inguratutako sail batean, seinale elektriko batekin: jarri zure [begia] Mottsonen, hitzaren tartea giza begi batek betetzen zuela, nini elektrikoarekin. Gizonak askatu egin zuen.

        «Tira», esan zuen, «Alde hemendik eta ez gehiago hona inguratu. Zer nahi zenuen? Zure burua hil?»

        «Bi lagunen bila nenbilen», esan zuen Jasonek. «Haiek non ziren galdetzea besterik ez diot egin».

        «Noren bila zabiltza?»

        «Neska bat», esan zuen Jasonek. «Eta gizon bat. Atzo Jeffersonen gorbata gorria zeraman. Beste funtzio horretakoa. Lapurreta egin didate».

        «O», esan zuen gizonak. «Zu al zara? Beno, ez daude ba hemen».

        «Pentsatzen nuen», esan zuen Jasonek. Hormaren kontra apoiatu eta eskua garondora eraman eta ahurra begiratu zuen. «Odoletan nengoela uste nuen», esan zuen. «Aizkoraz eman zidala uste nuen».

        «Railarekin jo duzu burua», esan zuen gizonak. «Hobe duzu joatea. Ez daude hemen».

        «Bai. Beste horrek ere hemen ez daudela esan du. Gezurretan ari zela pentsatu dut».

        «Ni ere gezurretan ari naizela uste al duzu?» esan zuen gizonak.

        «Ez», esan zuen Jasonek. «Badakit ez daudela hemen».

        «Hemendik ospa egiteko esan diot mutilari, bai neskak eta bai berak», esan zuen gizonak. «Ez dut nire taldean horrelakorik ametituko. Nirea errespetuko funtzioa da, errespetuko taldearekin».

        «Bai», esan zuen Jasonek. «Ez duzu jakingo nora joan diren?»

        «Ez. Ezta jakin nahi ere. Ez diot horrelako aziorik nire taldeko inori ametitzen. Zu neskaren... anaia?»

        «Ez», esan zuen Jasonek. «Berdin dio. Ikusi egin nahi nituen, hori besterik ez. Seguru zaude ez didala eman? Alegia, odolik ez daukadala».

        «Odolik ere izango zen, bai, heldu naizen momentuan heldu ez banintz. Tira, ez zaitez gehiago hona inguratu. Sasikume horrek laster asko akabatuko zintuzke. Zurea al da horrako automobil hori?»

        «Bai».

        «Beno ba, sartu barrura eta segi atzera Jeffersonera. Aurkitzen badituzu ere ez dituzu nire funtzioan aurkituko. Nirea errespetuko funtzioa da. Lapurreta egin dizutela esan al duzu?»

        «Ez», esan zuen Jasonek, «Horrek axolarik ez du». Automobilera joan eta barrura sartu zen. Zer egin behar ote dut? pentsatu zuen. Orduan gogoratu egin zitzaion. Motorra martxan jarri eta kalean gora gidatu zuen, astiro, drugstore bat aurkitu arte. Atea giltzatuta zegoen. Une batez eskua krisketean zuela eta burua apur bat makurtuta gelditu zen. Gero buelta eman eta geroxeago gizon bat azaldu zenean inon drugstore bat ba ote zegoen zabalik galdetu zion, baina ez zegoen. Orduan iparralderantz zihoan trena noiz pasatzen zen galdetu zion, eta gizonak esan zion ordu bi t'erdietan. Kalea gurutzatu eta berriro automobilean sartu eta han gelditu zen eserita. Geroxeago bi mutiko beltz pasa ziren. Hots egin zien.

        «Zuetako batek ba al daki automobila gidatzen?»

        «Bai, na'usi».

        «Zer kenduko didazue oraintxe bertan Jeffersonera eramateagatik?»

        Elkarri begiratu zioten, xuxurlatuz.

        «Dolar bat emango dizuet», esan zuen Jasonek.

        Xuxurlatu egin zuten berriro. «Ez dauka'u ba prezio horretan joate'ik», esan zuen batek.

        «Zenbatengatik joango zinatekete?»

        «Hik joate'ik ba al daukak?» esan zuen batak.

        «Ni ezin nauk joan», esan zuen besteak. «Zergatik ez duk he'orrek e'amaten. Beste zere'inik ez daukak».

        «Bai, bazeukaat».

        «Ze egin behar duk ba?»

        Xuxurlatu egin zuten berriro, barrez.

        «Bi dolar emango dizkizuet», esan zuen Jasonek. «Edozeini».

        «Nik ere joate'ik ez daukat», esan zuen aurrenekoak.

        «Ondo da», esan zuen Jasonek. «Alde».

        Eserita gelditu zen pixka batean. Erloju bat ordu erdia jotzen sentitu zuen, gero jendea pasatzen hasi zen, igande eta Pazko eguneko jantziekin. Batzuk begiratu egiten zioten pasaeran, begiratu egiten zioten automobiltxoaren bolantearen atzean geldi-geldi eseritako gizon hari, bere bizitza ikusiezinak galtzerdi zarpaildu batek bezala bere litsekin inguratzen zuela. Geroxeago beltz bat azaldu zen buzoz jantzita.

        «Zuk joan nahi al duzu Jeffersone'a?» esan zuen.

        «Bai», esan zuen Jasonek. «Zenbat kenduko didazu?»

        «Lau dolar».

        «Bi emango dizkizut».

        «Ez daukat ba joate'ik lau baino gutxiago'ngatik». Automobileko gizona geldi-geldi zegoen. Begiratu ere ez zion egiten. Beltzak esan zuen, «Ni'e beharrik baduzu ala ez?»

        «Ondo da», esan zuen Jasonek, «Sartu».

        Bere tokitik kendu zen eta beltzak bolantea hartu zuen. Jasonek begiak itxi zituen. Jeffersonen zerbait aurkituko dut honentzako, esan zion bere buruari behar bezala jarriz automobilaren saltoei aurre egiteko, han aurkituko dut zerbait. Aurrera segi zuten, jendea patxada ederrean etxerantz eta igandeko bazkarietarantz zihoan kaleetatik, eta herritik atera ziren. Horretan pentsatzen zuen. Ez zuen pentsatzen bere etxeaz, Ben eta Luster sukaldeko mahaian bazkari hotza jaten ari ziren etxe hartaz. Zerbaitek —hondamendi eta mehatxu ezak, etengabeko gaiztotasunezko egoera batean— Jefferson ahaztea ametitzen zion, berak noizbait ikusitako beste edozein herri balitz bezala, non bere bizitzak abiapuntu berria izango zuen.

        Ben eta Lusterrek bukatu zutenean Dilseyk kanpora bidali zituen. «Eta ea lauak arte bakean e'ukitzen duan. T.P. hemen izango duk ordu'ako».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. Atera egin ziren. Dilseyk bere otordua egin eta sukaldea jaso zuen. Orduan eskailera barrenera joan eta erne jarri zen, baina ez zen batere soinurik. Sukaldea zeharkatu eta patioko atetik atera eta eskailera-kosketan gelditu zen. Ben eta Luster ez ziren ageri, baina, han zegoela, sotoko atetik zetorren beste dardarizo nagi bat aditu zuen eta ateraino joan eta beherantz begiratu eta goizeko eszenaren errepikapena ikusi zuen.

        «Holaxe e'iten zuen», esan zuen Lusterrek. Halako etsipen itxaropentsu batez begiratzen zion zerrote geldiari. «O'aindik ez dut asmatu ze'ekin jo behar dudan», esan zuen.

        «Eta ez duk hemen behean aurkituko», esan zuen Dilseyk. «Ate'azak eguzkita'. Pneumonia harrapatuko duzue biok lur heze horren gainean».

        Zain gelditu eta patioan barrena hesi ondoko zedro multzo baterantz joaten ikusi zituen. Gero bere txabolara segitu zuen.

        «Eta o'ain ez ge'o berriz hasi», esan zuen Lusterrek, «Nahiko lan eman di'azu gaurkoz». Hamaka bat zegoen alanbre katramilatuei lotutako barrika tabilez egina. Luster hamakan etzan zen, baina Benek aurrera segitu zuen, makal eta noraezean. Mainaka hasi zen berriro. «Ixo», esan zuen Lusterrek, «Astindu e'ingo zaitut». Etzan egin zen berriro hamakan. Ben ez zen orain mugitzen baina Lusterrek mainaka aditzen zuen. «Isilduko zara, bai ala ez?» esan zuen Lusterrek. Zutik jarri eta Benengana hurbildu zen. Lur muntto txiki baten aurrean pikotxetan jarrita zegoen. Haren bi muturretan, kristal urdineko botila huts bana zegoen lurrean sartuta, lehenago barruan benenoa edukitakoak biak. Baten barruan sorgin-belar zuztar zimeldu bat zegoen. Ben pikotxetan zegoen haren aurrean, lanturuka, soinu mantso, artikulaziorik gabeaz. Artean lanturuka bere inguruak makal-makal miatu eta abartxo bat aurkitu eta beste botilan sartu zuen. «Zergatik ez zara isiltzen?» esan zuen Lusterrek, «Nahi al duzu lanturuka a'itzeko arrazoi bat ematea? Zer iru'itzen zaizu e'itera noana?» Belaunikatu eta aitaren batean botila lurretik atera eta bere atzean gorde zuen. Benek lanturuak utzi zituen. Pikotxetan zegoen, lehen botila egondako txuloari begira, eta gero, birikak betetzen ari zenez, Lusterrek berriro begi bistara atera zuen botila. «Ixo!» esan zuen ezpain artean, «Ez ge'o orroka hasi. Ez ge'o. Hementxe da'o. Ikusten. Be'ira. Hemen gelditu ezke'o berriro hasiko zara. Ea ba, goazen ikuste'a ea bola'i joka hasi di'en». Beni besotik heldu eta gora altxa zuen, eta hesira joan eta han gelditu ziren bata bestearen ondoan, artean loratu gabeko ezker-aihen katramilatuaren artetik kirika eginez.

        «Hortxe», esan zuen Lusterrek, «Hortxe datoz batzuk. Ikusten?»

        Laukotea green-ean jokatzen ikusi zuten, eta handik atera eta hurrengo abiapuntura joan eta bolari berriro jotzen. Ben begira zegoen, mainaka, lerde-jarioka. Laukoteak aurrera jo zuenean berak hesiaren ondotik segitu zuen, burua gora eta behera mugituz eta lanturuka. Batek esan zuen,

        «Hona, caddie. Ekarri poltsa».

        «Ixo, Benjy», esan zuen Lusterrek, baina Benek bere trosta baldarrean segitu zuen, hesiari helduta, bere ahots zakar, etsiaz antsika. Gizonak jokatu eta aurrera segitu zuen, eta Benek harekin batera segitu zuen hesia eskuadran okertzen zen tokiraino, eta hesiari heldu zion, begiak abiatu eta bazihoazen jokalariengan jarrita.

        «Isilduko al zara o'ain?» esan zuen Lusterrek, «Isilduko al zara o'ain?» Besoa astindu zion Beni. Ben hesiari helduta zegoen, etengabe eta zakarki antsika. «Ez al duzu gelditu behar?» esan zuen Lusterrek, «Bai ala ez?» Benek hesitik barrena begiratzen zuen. «Ba ondo da», esan zuen Lusterrek, «Nahi al duzu orroka a'itzeko arrazoi bat?» Bere sorbalda gainetik begiratu zuen, etxe aldera. Gero xuxurlatu zuen: «Caddy! Fin orru o'ain. Caddy! Caddy! Caddy!»

        Geroxeago, Benen oihuen arteko tarte mantsoetan, Lusterrek Dilsey hoska aditu zuen. Beni besotik heldu eta patioa zeharkatu zuten, harengana joateko.

        «Esan dizut nik ez zela bakean Congo», esan zuen Lusterrek.

        «Bilau ho'i!» esan zuen Dilseyk, «Ze e'in diok?»

        «Nik ez diot ezer e'in. Esan dizut martxan jartzen dela, jende ho'i jostatzen hasten denean».

        «Etorri hona», esan zuen Dilseyk. «Ixo, Benjy. Ea, ixo». Baina Ben ez zen isiltzen. Patioa bizkor-bizkor zeharkatu eta txabolara joan eta barrura sartu ziren. «Segizak azkar beste zapata horren bila», esan zuen Dilseyk. «Eta ez Miss Cahline molestatu. Ezer esaten badu, esan Ni'ekin da'oela. Ea ba, segi; horrenbeste e'in ezinik ez duk noski izango». Luster kanpora atera zen. Dilseyk oheraino eraman zuen Ben, eta bere ondoan eser arazi eta heldu egin zion, aurrerantz eta atzerantz kulunkatuz, ahoko lerdea lehortuz bere gonaren ertzarekin. «Ea, ixo ba», esan zion, burua laztanduz, «Ixo. Dilsey zu'ekin da'o-eta». Baina hark orro egiten zuen poliki-poliki, anima apartatuta, malkorik gabe; eguzki azpiko miseria mutu guztien soinu grabe etsia. Luster itzuli egin zen, saten zuriko txapina batekin. Horituta zegoen orain, puskatuta eta zikinduta, eta». Benen eskuan jarri zutenean isildu egin zen une batez. Baina antsika segitzen zuen, eta laster bere ahotsa indartzen hasi zen berriro.

        «T.P. aurkituko hukeela iru'itzen al zaik?» esan zuen Dilseyk.

        «Atzo esan zuen gaur St Johnera joatekoa zela. Lauretan etorriko zela esan zuen».

        Dilsey aurrerantz eta atzerantz kulunkatzen zen, Benen burua laztanduz.

        «Zenbat denbora, Ai Jesus», esan zuen, «Zenbat denbora».

        «Nik gi'atzea ba'aukat karrikotxea, mammy», esan zuen Lusterrek.

        «Akabo zinatekete biok», esan zuen Dilseyk. «Beti gaiztakerian babil. Bazekiat nahiko buru baduala. Baina ezin nauk hitaz fi'atu. Ea, ixo», esan zuen. «Ixo. Ixo».

        «Ez, ondo e'ingo dut», esan zuen Lusterrek. «T.P.-rekin gi'atzen dut». Dilsey aurrerantz eta atzerantz kulunkatzen zen, Beni helduta. «Miss Cahlinek dio zuk ezin baduzu bakean e'uki, jaiki eta behera etorri eta be'ak isilaraziko duela».

        «Ixo, laztana», esan zuen Dilseyk, Benen burua laztanduz. «Luster, laztan hori», esan zuen Dilseyk, «Zu'e mammy zaharra gogoan hartu eta gi'atuko al duzu karrikotxe ho'i behar bezala?»

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. «T.P.-k bezalaxe gi'atuko dut».

        Dilseyk Benen burua laztantzen zuen, aurrerantz eta atzerantz kulunkatuz. «Ahal dudana e'iten dut», esan zuen. «Ondo asko daki ho'i Jainkoak. Hoa ba, ekartze'a», esan zuen, zutituz. Lusterrek aldean alde egin zuen. Ben txapinari helduta zegoen, negarrez. «Ea, ixo. Lusterrek karrikotxea ekarri eta kanposantu'a e'amango zaitu. Ez gara zu'e txanoa'n bila joate'a arriskatuko», esan zuen. Gelaren txoko batera joan, diagonalean eskegitako kalikutezko gortinak armairuarena egiten zuen tokira, eta berak soinean ibilitako feltrozko sonbreirua atera zuen. «Okerragoak ere pasa ditugu, jendeak baleki», esan zuen. «Jainkoa'n umea zara, nolanahi 're. Eta ni re Berea izango naiz luze baino lehen, goratua bedi Jesus. Etorri». Sonbreirua buruan jarri eta txamarraren botoiak lotu zizkion. Antsika ari zen gelditu gabe. Kendu zion txapina eskutik eta gorde zuen eta atera egin ziren biak. Luster karrikotxe mailatu eta okertu bati lotutako zaldi zuri zahar batekin azaldu zen.

        «Kontuz ibiliko al haiz, Luster?» esan zuen.

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. Beni atzeko asientuan esertzen lagundu zion. Negar egiteari utzia zion, baina orain mainaka hasi zen berriro.

        «Lorea nahi du-eta» esan zuen Lusterrek, «Itxoin, bat ekarriko diot».

        «Geldik e'on ha'i», esan zuen Dilseyk. Joan eta bridari eutsi zion. «Ea, segi ba azkar eta ekarriok bat». Lusterrek etxearen bestaldera jo zuen korrika, lorategirantz. Nartziso bakar batekin itzuli zen.

        «Ho'i puskatuta ze'ok», esan zuen Dilseyk, «Zergatik ez diok oso'ik ze'oen bat ekarri?»

        «Beste'ik ez dut aurkitu», esan zuen Lusterrek. «Denak hartu zenituzten osti'alean, eliza apaintzeko. Itxoin, konpondu e'ingo dut». Beraz Dilseyk zaldiari eusten zion bitartean Lusterrek abartxo batekin eta bi soka muturrekin lorearen zuztarrarentzako euskarri bat egin eta Beni eman zion. Gero igo eta uhalak hartu zituen. Dilseyk artean bridari eusten zion.

        «Ba al dakik bidea?» esan zuen, «Igo kalea, plaza'i buelta eman, kanposantu'aino segi, eta etxe'a zuzen-zuzenean».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek, «Arre, Queenie».

        «Kontuz ibiliko al haiz?»

        «Bai, etxeko'ndre». Dilseyk brida askatu zuen.

        «Arre, Queenie», esan zuen Lusterrek.

        «Aizak», esan zuen Dilseyk, «Emai'ak latigu ho'i».

        «Ai, mammy», esan zuen Lusterrek.

        «Ea eman», esan zuen Dilseyk, erruberaren ondora joanez. Lusterrek eman egin zion, gogoz kontra.

        «O'ain ezin izango dut sekula santan Queenie martxan jarri».

        «Ez horre'atik kezkatu», esan zuen Dilseyk. «Queeniek hik baino hobeto zekik no'a joan behar duen. Hi ese'i eta eutsi uhalei, eta horrekin dena e'ina daukak. Hortaz ba'akik bidea, e?»

        «Bai, etxeko'ndre. T.P.-k igandero e'iten duen bidea».

        «Ba hik gaur be'ak bezalaxe e'in».

        «Ho'ixe. Ez al dut ba T.P.-rentzat ehun aldiz baino gehi'o gi'atu?»

        «Ba gaur ere bai», esan zuen Dilseyk. «Ea ba, segi. Eta Benjyri zer edo zer gertatzen bazaio, beltza, ez zekiat ze e'ingo diadan. Lan fortzatueta'ko jaioa haiz, baina hi'etzako tokia e'in baino lehen bidaliko haut hara».

        «Bai, etxeko'ndre, esan zuen Lusterrek. «Arre, Queenie».

        Uhalekin Queenieren bizkar zabala jo eta karrikotxea balantzaka abiatu zen.

        «Aizak, Luster!» esan zuen Dilseyk.

        «Arre, ti'a!» esan zuen Lusterrek. Berriro jo zuen uhalekin. Tripa-hots gordeekin Queenie trostan kamiotik astiro-astiro abiatu eta kalerantz jo zuen. Han Lusterrek aurreranzko erorketa luze eta suspenditu baten antza zuen pausoa har erazi zion.

        Benek mainak utzi zituen. Asientuaren erdian eserita zihoan, lore konpondua tente-tente ukabilean hartuta, bere begiak bareak eta ezin esanezkoak. Bere aurrean Lusterren buru borobila momenturo atzerantz jiratzen zen, etxea ezkutatu zen arte, orduan kalean bazterreratu eta Ben begira zuela kotxetik jaitsi eta makil bat hartu zuen hesi batetik. Queenie burua beheratu eta belarra jaten hasi zen harik eta Lusterrek kotxera igo eta burua altxa erazi eta berriro martxan jarri zuen arte, orduan ukondoak eskuadran jarri eta makila eta uhalak goratuta itxura fanfarroitsua hartu zuen, batere proportziorik ez zuena ez Queenieren tapa-tapa motelarekin ez bere heste-akonpainamenduen organo soinu grabeekin. Automobilek aurrea hartzen zieten, eta oinezkoek ere bai; halako batean beltz gazte talde batek:

        «Hara, Luster ere. No'a hoa, Luster? Hezurtegi'a?»

        «Bai», esan zuen Lusterrek, «Baina ez zuek denok joango zareten hezurtegi'a. Arre, elefantea».

        Plazara inguratzen ari ziren, soldadu Konfederatuak, marmolezko besoaren azpitik, bere begi hutsak haize eta eguraldiaren gorabeheretara zuzentzen zituen tokira. Luster beste apur bat tentetu eta makilkazo bat eman zion Queenie elkorrari, begiratu bat boteaz plaza ingurura. «Hara, Mr Jasonen automo'ila», esan zuen, eta orduan beste beltz talde bat antzeman zuen. «Goazen beltz ho'iei e'akuste'a zer den nor izatea, Benjy», esan zuen, «Zer diozu?» Atzerantz begiratu zuen. Han zegoen Ben eserita, lorea ukabilean hartuta, bere begirada huts eta bare. Lusterrek Queenie berriro jo eta monumentuaren ezker aldetik bidali zuen.

        Une batez Ben erabat isilduta gelditu zen. Gero makakorroka hasi zen. Makakorroa makakorroaren atzetik, bere ahotsa goraka zihoan, ia arnas hartzeko ere tarterik gabe. Oihu haietan, harridura baino gehiago, horrorea zegoen; shocka; begirik gabeko, mihirik gabeko agonia; hots hutsa, eta Lusterren begiak jiraka une zuri batez. «Jainko santua», esan zuen, «Ixo! Ixo! Jainko Santua!» Berriro buelta eman eta jo egin zuen Queenie makilarekin. Puskatu egin zen eta bota egin zuen eta Benen ahotsa bere crescendo sinestezin hartarantz igotzen zen bitartean Lusterrek uhal muturrei heldu eta aurrerantz makurtu zen, Jasonek plaza salto batean zeharkatu eta hanka karrikotxearen koskan jartzen zuen momentu berean.

        Eskuaren atzeaz zartako bat emanda Lusterri alde batera bultza eta uhalak hartu eta Queenieri atzeraka tira eta uhalak tolestatu eta gibelaldean eman zion. Jo eta jo aritu zitzaion, laukoan jartzeraino, Benen agonia zakarra inguruan orroka zutela, eta monumentuaren eskuin aldetik pasatzera behartu zuen. Orduan ukabilkazo bat eman zion Lusterri buruan.

        «Ezkerraldetik eramatea baino gauza hoberik ez al zaik bururatu?» esan zuen. Atzerantz okertu eta jo egin zuen Ben, lorearen zuztarra berriro puskatuz. «Hago isilik!» esan zuen, «Hago isilik!» Uhalei tiratuta Queenie geldiarazi eta jauzi egin zuen lurrera. «Eramantzak etxera. Beste behin langa pasatzen baduk berarekin, akabatuko haut!»

        «Bai, na'usi!» esan zuen Lusterrek. Uhalak hartu eta jo egin zuen Queenie haien muturrarekin. «Ea! Ea aurre'a! Benjy, Jainkoa'n izenean!»

        Benen ahotsak orro egiten zuen. Queenie martxan jarri zen berriro, bere hankek beren tapa-tapa erregularra hartu zuten berriro, eta Ben isildu egin zen berehala. Lusterrek begiratu azkar bat bota zuen atzerantz bere sorbalda gainetik, gero aurrera segitu zuen. Lore puskatua Benen ukabiletik zintzilik zegoen eta bere begiak hutsak eta urdinak eta bareak ziren berriro, erlaitz eta fatxadak ostera goxo-goxo ezkerraldetik eskuinaldera irristatzen ziren bitartean; poste eta zuhaitz, leiho eta ate, eta iragarki, dena bere ohiko ordenan.

 

 

 

© William Faulkner

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"William Faulkner / Hotsa eta ardaila" orrialde nagusia