APIRILAK 6, 1928

 

        Behin puta izan dena beti puta, ni horretan nago. Nik esaten dut suertea duzula horrek piper egitea baldin bada zure kezka guztia. Nik esaten dut oraintxe bertan ere hortxe sukaldean egon beharko lukeela, bere gelan egon ordez, aurpegia pinturaz betetzen eta sei beltzek bere gosaria noiz prestatuko zain, sei beltz aulkitik altxatzeko gauza ere ez direnak, non eta ogi eta haragi platerkada bat ez duten oreka gordetzen laguntzeko. Eta Amak esaten du,

        «Baina eskolako arduradunek nik bere gainean aginterik ez dudala pentsatzea ere, ez naizela gauza...»

        «Beno», diot nik, «Ez zara gauza, ezta? Sekula ez zara saiatu berarekin zerbait egiten», diot nik, «Nola hasiko zara ba hain berandu, hamazazpi urte dituenean?»

        Horretan pentsatzen aritu zen pixka batean.

        «Baina beste horiek zera pentsatzea ere... Noten buletina zuenik ere ez nekien. Lehengo udazkenean esan zidan aurten ez zituztela erabiliko. Eta orain Junkin Profesoreak deitu ez dit ba, beste klase batera huts egin ezkero eskola utzi beharko duela esateko. Nola moldatzen da? Nora joaten da? Zuk herrian pasatzen duzu egun osoa; ikusi beharko zenuke, kaletik ibiltzen bada».

        «Bai», diot nik, «Kaletik ibiliko balitz bai. Ez zait iruditzen piper egiten ibiliko litzatekeenik jendaurrean egin dezakeen zerbait egiteko», diot nik.

        «Zer esan nahi duzu?» dio berak.

        «Ez dut ezer esan nahi», diot nik. «Zure galderari erantzutea besterik ez dut egin». Orduan negarrez hasi zen berriro, esanez bere haragia eta odola oldartu egiten direla bera madarikatzeko.

        «Galdetu egin didazu», diot nik.

        «Ez nintzen zugatik ari», dio berak. «Denen artetik zu zara niretzat erreprotxe huts ez den bakarra».

        «Horixe», diot nik, «Ez dut behin ere horretarako betarik izan. Behin ere ez dut betarik izan Harvardera joateko Quentin bezala edo zurrutean neure burua akabatzeko Aitak bezala. Lan egin beharra izan dut. Baina, jakina, zera nahi baduzu, ni bere atzetik ibiltzea zer egiten duen ikusteko, denda utzi eta bilatuko dut beste lanen bat gauez egin dezakedana. Hartara egunez nik zainduko dut, eta gaueko txandarako Ben erabiltzea badaukazu».

        «Badakit ez naizela zuretzat buruhauste bat eta karga bat besterik», dio berak, burko gainean negarrez.

        «Horrenbeste jakiteko garaia badut», diot nik. «Hogeita hamar urte daramatzazu hori esaten. Benek ere badu jakiteko garaia honezkero. Nahi al duzu beste horri zerbait aitatzea?»

        «Ezer aurreratuko genukeela uste al duzu?» dio berak.

        «Ez, ni hasi orduko tartean sartzen bazara», diot nik. «Nik zelata egitea nahi baduzu, esatea aski duzu, eta gero utzi nire gisara. Ezertan saiatzen naizenero, zuk muturra sartu behar, eta gero ederki egiten digu barre bioi».

        «Gogoan izan haragi eta odol berekoak zaretela», dio berak.

        «Jakina», diot nik, «horixe neukan gogoan hain zuzen... haragia. Eta odol pixka bat ere bai, nire esku balego. Norbait beltzak bezala portatzen denean, nornahi dela ere, gauza bakarra egin daiteke, beltza balitz bezala tratatzea».

        «Ikara ematen dit, bere aurrean pazientzia galduko ote duzun», dio berak.

        «Begira», diot nik, «Zuk zerorrek ez duzu suerte handirik izan zure sistemarekin. Nahi duzu nik zerbait egitea, bai ala ez? Erabaki, bai ala ez; lanera joan beharra daukat».

        «Badakit esklabo bizi zarela gugatik», dio berak. «Badakizu nire esku balego, zeure bulegoa izango zenukeela, eta Bascomb bati dagokion ordutegia. Bascomb-tarra baitzara zu, zure abizena gorabehera. Seguru zure aitak aurrez ikusterik izan balu...»

        «Begira», diot nik, «Hark ere izango zuen noski aldian behin okertzeko eskubidea beste mundu guztiak bezala, Smith edo Jones batek bezalaxe». Negarrez hasi zen berriro.

        «Zuri hain hitz mingotsak entzutea ere, zure aita hilari buruz», dio.

        «Ondo da», diot nik, «Ondo da. Nahi duzun bezala. Baina bulegorik ez daukadanez, daukadanari ekin beharko diot. Nahi al duzu beste horri zerbait aitatzea?»

        «Ikara ematen dit, bere aurrean pazientzia galduko ote duzun», dio berak.

        «Ondo da», diot nik. «Hortaz ez diot ezer aitatuko».

        «Baina zerbait egin beharra dago», dio berak. «Jendeak zera pentsatzea ere, utzi egiten diodala eskolara joan gabe gelditzen eta kaletik ibiltzen, edo ez naizela gauza horrelakoak galarazteko... Jason, Jason», dio berak, «Hori egingo zenidan ba. Bakarrik utziko ninduzun ba, buruhauste guzti horiekin».

        «Tira, tira», diot nik, «Gaixotu egingo zara. Bitako bat egin dezakezu, edo egun osoan giltzapean eduki, edo nire esku utzi eta gehiago berari buruz kezkatu ez».

        «Nire haragia eta nire odola», dio berak, negarrez. Orduan nik esaten dut,

        «Ondo da. Arduratuko naiz ni. Ea, utzi negar horiek».

        «Ez pazientzia galdu», dio berak. «Ume bat besterik ez da, gogoan izan».

        «Ez», diot nik, «Ez dut galduko». Atera egin nintzen, atea itxiaz.

        «Jason» dio berak. Ez nuen erantzun. Pasilloan barrena abiatu nintzen. «Jason», dio berak atearen bestaldetik. Behera jaitsi nintzen. Jangelan ez zegoen inor, orduan sukaldean sentitu nuen. Ahaleginak egiten ari zen Dilseyk beste kafe katilu bat hartzen utzi ziezaion. Sartu egin nintzen.

        «Eskolako soinekoa izango duzu hori, ezta?» diot nik. «Gaur ez da ba jai eguna izango?»

        «Katilu erdi bat bakarrik, Dilsey», dio berak. «Mesedez».

        «Ez ba», dio Dilseyk, «Ez dizut ba emango. Ez duzu beste katilu baten beharrik, hamazazpi urteko neska-koskorra, Miss Cahlinek esatea du nahi duena. Segi eta jantzi eskola joateko, Jasonekin joango zara herri'aino. Be'andu helduko zara oste'a».

        «Ez», diot nik. «Oraintxe konponduko dugu hori». Begiratu egin zidan, katilua eskuan zuela. Atzerantz bota zuen ilea aurpegitik, kimonoa sorbaldatik behera irristatzen zitzaiola. «Utzi katilu hori eta etorri hona pixka bat», diot nik.

        «Zertarako?» dio berak.

        «Etorri», diot nik, «Utzi katilu horri arraskan eta etorri hona».

        «Ze asmo duzu ba, Jason?» dio Dilseyk.

        «Zera usteko duzu, nire gainetik ere pasatzea badaukazula, amonarekin eta beste guztiekin egiten duzun bezala», diot nik, «Baina ikusiko duzu, bai, nirekin gauzak bestela direla. Hamar segundo ematen dizkizut katilu hori uzteko, aditzen al didazu?»

        Niri begiratzeari utzi zion. Dilseyri begiratu zion. Jartzen data, «Zer ordu da, Dilsey. Hamar segundoak pasatakoan, egin txistu. Katilu erdi bat bakarrik, Dilsey, mes...»

        Besotik heldu nion. Katilua erortzen utzi zuen. Puskatu egin zen lurrean eta bera atzerantz bota zen, niri begira, baina nik besotik eusten nion. Dilsey bere aulkitik altxa zen.

        «Aizu, Jason», dio.

        «Askatu», dio Quentinek, «Masaileko bat emango dizut».

        «A bai, e?» diot nik, «A bai, e?» Masaileko bat eman zidan. Esku hartatik ere heldu eta basakatu bati bezala eutsi nion. «A bai, e?» esaten dut. «Hala iruditzen al zaizu?»

        «Aizu, Jason!» dio Dilseyk. Jangelaraino eraman nuen arrastaka. Askatu egin zen bere kimonoa, ziri-zaraka zebilen bere saihetsetan, ia larrugorritan madarikatu hura. Dilsey herrenka inguratu zen. Nik jira eta muturretan itxi nion atea ostikoa emanda.

        «Zuk alde hemendik», esaten dut.

        Quentin mahaian apoiatuta zegoen, bere kimonoa lotzen. Begira jarri nintzaion.

        «Ea ba», diot nik, «Zer adierazi nahi duzun jakin nahi dut, eskolara joan gabe eta zure amonari gezurretan eta zure buletinean bere izena faltsifikatzen eta zure amona kezkaz betetzen gaixo jartzeraino. Zer adierazi nahi duzu?»

        Berak ez zuen ezer esan. Itxi egiten zuen kimonoa kokots azpian, gorputz inguruan estutzen zuen, niri begiratuz. Artean pintatu gabe zegoen eta fusilei lustrea ateratzeko zapiarekin igurtzi balu bezala zeukan aurpegia. Joan eta eskumuturretik heldu nion. «Zer adierazi nahi duzu?» esaten dut.

        «Zuri ez dizu axola», dio berak. «Askatu».

        Dilsey atean azaldu zen. «Aizu, Jason», dio.

        «Ez al dizut esan ez hona etortzeko», diot nik, atzera begiratu ere gabe. «Jakin nahi dut nora joaten zaren eskolatik piper egiten duzunean», diot nik. «Kaletik ez zara behintzat ibiltzen, bestela ikusiko zintuzket. Norekin alde egiten duzu? Basoan gordetzen al zara ile gominatuko gexalme horietakoren batekin? Hara joaten al zara?»

        «Zu... madarikatu zikin hori!» dio berak. Indarrean ari zen, baina nik eutsi egiten nion. «Madarikatu zahar zikin hori!» dio berak.

        «Nik erakutsiko dizut zuri», diot nik. «Andre zahar bat ikaratuko duzu beharbada, baina nik erakutsiko dizut zuri hemendik aurrera nori kasu egin beharko diozun». Esku batez heldu nion. Orduan bera indar egitetik gelditu eta begira jarri zitzaidan, begiak handituta eta belztuta.

        «Zertara zoaz?» dio.

        «Zaude, gerrikoa kendu arte, eta nik erakutsiko dizut zuri», diot nik, gerrikoari tiratuz. Orduan Dilseyk besotik heldu zidan.

        «Jason», dio hark, «Aizu, Jason! Ez ote zara ge'o zu'e buruaz lotsatzen?»

        «Dilsey», dio Quentinek, «Dilsey».

        «Ez diot ba ametituko», dio Dilseyk, «Ez kezkatu, laztana». Besotik heltzen zidan. Orduan gerrikoa atera egin zen, eta astindu batez libratu nintzen eta bazterrera bultza nion. Mahaia jo zuen. Mugitu ere ezin zen egin ia, hain zen zaharra-eta. Baina horrek berdin dio: norbait behar sukaldean, gazteek irentsi ezin duten guztia jateko. Herrenka etorri eta tartean jarri zitzaigun, berriro niri heldu nahian. «Hortaz jo ne'i», dio, «norbaiti jo arteko onik ez baduzu. Ea, jo ne'i», dio.

        «Ez naizela gauza uste al duzu?» diot nik.

        «Ez da zuk e'in ezin duzun gaiztakeria'ik», dio berak. Orduan Ama sentitu nuen eskaileretan. Pentsatu behar nuen, noski, ez zela tartean sartu gabe geldituko. Libre utzi nuen. Atzerantz egin zuen balantzaka, hormaraino, kimonoari bere tokian eutsiz.

        «Ondo da», diot nik, «Geroxeagorako utziko dugu hori. Baina ez pentsa niri ziria sartuko didazunik. Ni ez naiz andre zahar bat, ezta erdi hilda dagoen beltz zahar bat ere. Axolagabe zikin hori», diot nik.

        «Dilsey», dio berak, «Dilsey, nire amarekin joan nahi dut».

        Dilsey ondora joan zitzaion. «Ti'a, ti'a», dio, «Ezta ukitu 're ez zaitu e'ingo ni hemen e'on bitartean». Ama eskaileretan behera zetorren.

        «Jason», dio, «Dilsey».

        «Ti'a, ti'a», dio Dilseyk, «Ez diot, ez, utziko zu ukitzen». Eskua jarri zion Quentini gainean. Berak zartako batez apartatu zuen.

        «Beltz zahar madarikatu hori», dio. Aterantz jo zuen korrika.

        «Dilsey», dio Amak eskaileretatik. Quentin eskaileretan gora joan zen korrika, amaren ondotik pasatuz. «Quentin», dio Amak, «Aizu, Quentin», Quentinek korrika segi zuen. Gora ailegatzen sentitu nuen, gero pasillotik zihoala. Gero ateak danbatekoa atera zuen.

        Ama geldituta zegoen. Orduan inguratu egin zen. «Dilsey», dio.

        «Ondo da», dio Dilseyk, «Banoa. Zuk segi automo'ila'n bila eta itxoin hor», dio, «ea hola eskola' e'amaten duzun».

        «Ez kezkatu», diot nik. «Eskolara eramango dut eta hantxe gelditu beharko du, bai, utzi hori neure kontu. Nik eman diot hasiera zera guzti honi eta ez naiz erdi bidean geldituko».

        «Jason», dio Amak eskaileretatik.

        «Zoaz ba», dio Dilseyk, aterantz hurbilduz. «E'o zertan zabiltza, ho'i 're martxan jarri nahian? Banoa, Miss Cahline».

        Atera egin nintzen. Eskaileretan sentitzen nituen. «Segi atze'a ohe'a», zioen Dilseyk, «Ez al dakizu o'aindik ez zaudela behar bezala jaikitzeko? Segi gora. Garaiz aile'atuko da, bai, eskola', utzi ho'i Ni'e kontu».

        Etxearen atzealdera joan nintzen automobila ateratzeko, eta gero buelta guztia eman behar izan nuen, aurrealderaino, haiek aurkitu baino lehen.

        «Zera usten nian, gurpil hori automobilaren atzealdean jartzeko esan niala», diot nik.

        «Ez dut ba beta'ik izan», dio Lusterrek. «Inor ez dauka zaintzeko mammyk sukaldeko lanak bukatu bitartean».

        «Bai», diot nik, «nik tripa bete behar sukaldea bete beltzi, horren atzetik ibil daitezen, baina automobilaren gurpila aldatuta ikusi nahi badut, neronek egin behar».

        «Norekin utzi'ik ez neukan», dio berak. Orduan bestea lanturuka eta lerde-jarioka hasi zen.

        «Eraman ezak atzealdera», diot nik. «Zer arraio bilatzen duk hemen edukita, jendearen bistan?» Alde egitera behartu nituen, hura benetako orroekin hasi baino lehen. Igandeetan ere nahiko lan izaten dugu, zelai madarikatu hori dena jendez betetzen denean, etxean horrelako ikuskizunik ez duen jendea eta ezta sei beltz ere tripa betetzeko, denak hortxe, sitsa bola puztu zikin bati joka. Holaxe segituko du korrika hesian gora eta hesian behera, ikusten dituenero orro eginez, eta uste gutxiena dudanean golferako sarrera kobratzen hasiko zaizkit, eta orduan Amak eta Dilseyk hartu portzelanazko krisketa parea eta makilak eta golfean hasi beharko dute beraiek ere, edo baita ni neu ere linterna batekin, gauez. Orduan, beharbada, Jacksonera bidaliko gaituzte denok. Old Home Week ospatuko lukete egun horretan, hori seguru.

        Garajera itzuli nintzen. Han zegoen gurpila, paretaren kontra etzanda, baina puska baterako bazeuden nik aldatuko nuela uste bazuten. Automobila atzeraka atera eta buelta eman nuen. Bera kamio ondoan zegoen zain. Esaten dut,

        «Badakit ez daukazula libururik: bakarrik galdetu nahi dizut, ez bazaizu atrebentzia iruditzen, zer egin duzun zenituenekin. Ez dut nik, jakina, galdera egiteko inolako eskubiderik», diot nik, «lehengo irailean haiengatik 11 dolar eta 65 zentabo ordaintzea besterik ez nuen egin».

        «Amak erosten ditu nire liburuak», dio berak. «Ez dut nik xentimo bat erabili zurerik. Hori baino lehen nahiago nuke gosez akabatzea».

        «Bai, e?» dio nik. «Esan hori zure amonari eta ea zer dioen berak. Ez du ematen zeharo larrugorritan zoazenik», diot nik, «aurpegian ematen dituzun zerrikeria horiek soinean daramazun beste ezerk baino azal gehiago gordetzen badizu ere».

        «Zer uste duzu, xentimorik erabili dudala zurerik edo harenik hau ordaintzeko?» dio berak.

        «Galdetu zure amonari», diot nik. «Galdetu zer gertatu zen txeke haiekin. Zerorrek ikusi zenuen nola erretzen zuen haietako bat, oker ez banago». Entzun ere ez zuen egiten, aurpegia dena pinturaz lika-lika eginda eta begiak txakurtxo batenak bezain gogor.

        «Ba al dakizu zer egingo nukeen hau zure edo haren diruaren xentimo batekin erosia dela uste banu?» dio, eskua soineko gainean jarriaz.

        «Zer egingo zenuke?» diot nik, «Barrika bat jantzi?» «Oraintxe bertan urratu eta kalera botako nuke», dio berak. «Ez al didazu sinesten?»

        «Nola ez ba», diot nik. «Besterik ez duzu egiten-eta».

        «Ba begira, egingo nukeen ala ez», dio berak. Heldu soinekoaren lepoari bi eskuekin eta urratzera balihoa bezala egin zuen.

        «Urratu, bai, soineko hori», diot nik, «Eta bizitza osoan gogoratuko duzun astindua emango dizut hementxe bertan».

        «Ba begira, egiten dudan ala ez», dio berak. Orduan ikusi nuen benetan urratu nahian ari zela, tira eta soinetik kendu nahian. Automobila gelditu eta bi eskuetatik heldu nionerako bazen han dozenaren bat lagun begira. Une batez itsututa bezala geratu nintzen, hain jarri ninduen sutan.

        «Egin beste behin horrelako bat, eta damutuko zaizu jaio izana», diot nik.

        «Orain ere damutzen zait», dio berak. Etsi egin zuen, eta orduan bere begiek halako espresio xelebre bat hartu zuten eta nik neure artean esaten dut automobil honetan negarrez hasten bazara, kale erdian, astindu egingo zaitut. Jo eta txikituko zaitut. Ez zen hasi, eta hala hobe ere berarentzat. Beraz libratu nizkion eskumuturrak eta gidatzen segi nuen. Zorionez ondoan genuen kaletxotik atzeko kale bat har nezakeen plazatik pasa beharrik ez izateko. Bearden terrenoan denda altxatzen hasiak ziren. Earlek bi pase emanak zizkidan gure eskaparateko iragarkiengatik. Eta hura hantxe eserita, aurpegia bestaldera jiratuta eta ezpainari koskaka. «Orain ere damutzen zait», dio. «Ez dakit zergatik izan nuen jaio beharra».

        «Eta nik ezagutzen dut gutxienez beste pertsona bat kontu horretaz dakien guztia ulertzen ez duena», diot nik. Eskolaren parean gelditu nintzen. Kanpaia ordurako joa, eta azkeneko ikasleak ari ziren sartzen. «Behingoz behintzat garaiz zara», diot nik. «Sartu eta bertan geldituko zara ala zurekin joan eta behartu egin behar zaitut?» Atera zen eta danba itxi zuen atea. «Gogoan izan esan dizudana», diot nik. «Benetan ari naiz. Entzun dezadala nik beste behin kale zokoetatik ezkutuka zabiltzala harroxkoa zikin horietako batekin».

        Jiratu egin zen hura entzutean. «Ni ez naiz ezkutuka ibiltzen», dio. «Ea nork dakien nik egiten dudan guztia».

        «Ondo asko daki mundu guztiak», diot nik. «Herri honetan denek dakite zu zer zaren. Baina ez dut hemendik aurrera ametituko, aditzen? Niri ez dit axola zer egiten duzun», diot nik, «Baina posizio bat badut herri honetan, eta ez dut ametituko nire familiako inor edozein beltz gonadun bezala ibiltzea. Aditzen didazu?»

        «Berdin zait», dio berak, «Gaiztoa naiz eta infernura joango naiz, eta berdin zait. Nahiago dut infernuan egon zu zauden tokian egotea baino».

        «Beste behin aditzen badut ez zarela eskolan izan, nahiago izango duzu, bai, infernuan bazina», diot nik. Jiratu eta korrika abiatu zen patioan barrena. «Beste behin, gogoan izan», diot nik. Berak ez zuen atzera begiratu.

        Postetxera joan eta korreoa jaso eta dendaraino segi eta automobila aparkatu nuen. Earlek begiratu egin zidan sartu nintzenean. Nire atzerapenagatik zerbait esateko beta eman nion, baina bakarrik esan zuen,

        «Burdinare horiek ailegatu dira. Zoaz Osaba Jobi muntatzen laguntzera».

        Atzeko partera joan nintzen, Job zaharra haiek desenbalatzen ari zen tokira, orduko hiru bat torlojuko abiaduran.

        «Niretzat aritu behar zenuke lanean», diot nik. «Herriko beste beltz alfer guztiek nire sukaldean jaten dute».

        «Ni la'unbat gauak pa'atzen dizkidan gizona gustu'a uzteko a'itzen naiz», dio berak. «Eta ho'i e'iten dudanean, denbo'a asko'ik ez zait ge'atzen beste gainontzekoak ere gustu'a uzteko». Tuerka bat estutu zuen. «Gaurko e'unean inork ez du herri honetan lan handi'ik e'iten, bakar-bakarrik gurgurioek», dio.

        «Ba pozik behar zenuke burdinare horien zain dagoen gurgurioa ez zarelako», diot nik. «Lehertuko zinateke lanean, makinak hori galarazteko prestatuak egon baino lehen».

        «Ho'i 're egia da», dio berak. «Bizimodu zaila, gurgurioek. Asteak dituen e'un guztietan lan e'in behar e'uzki berotan, bai euritan eta bai egu'aldi onarekin. Eta portxe'ik ez hantxe ese'ita jarri eta sandiak nola hazten di'en be'ira e'oteko, eta la'unbatak ere aparteko esanahirik ez haientzako».

        «Zuretzat ere larunbatek aparteko esanahirik ez lukete, zure soldata nire esku balego», diot nik. «Atera traste horiek kaxetatik eta eraman barrura».

        Haren amaren eskutitza ireki nuen aurrena, eta txekea atera nuen. Emakumezkoen gauzak. Sei egunetako atzerapena. Eta hala ere negozio bat eramateko gai direla sinesterazi nahi gizonei. Zenbat iraungo luke negozio lanetan hilaren aurrena seigarren egunean dela pentsatuko lukeen gizonak. Eta, jakina, banketxeak laburpena bidalitakoan, hura zera jakin nahian, zergatik ez dudan soldata seigarren egunera arte sartu. Horrelakoak sekula ez zaizkio emakume bati bururatzen.

 

        «Ez dut jaso Quentinen pazkoetako soinekoari buruzko eskutitzaren erantzunik. Ondo ailegatu al zen? Ez dut jaso berari idatzi dizkiodan azken bi eskutitzen erantzunik, bigarrengo txekea bestearekin batera kobratu bazen ere. Gaixorik al dago? Jarri jakinaren gainean segituan edo bestela neu joango naiz horra berri bila. Ezeren premiarik zuenean jakinaren gainean jarriko ninduzula hitzeman zenidan. 10a baino lehen zure berri izatea espero dut. Edo, ez, hobe berehala telegrafiatzen badidazu. Berari bidaltzen dizkiodan eskutitzak irekitzen ari zara. Seguru nago, neure aurrean irekiko bazenitu bezalaxe. Hobe duzu berehala bere berriekin helbide honetara telegrafiatzea».

 

        Une hartan Earl builaka hasi zitzaion Jobi, beraz gorde nituen eta hari bizitasun pixka bat ematera hurbildu nintzen. Herri honek behar duena esku-lan zuria da. Beltz zikin ganoragabeko horiek pasa dezatela gosea urte pare batez, orduan ikusiko dute zer aise bizi diren.

        Hamarretan-edo aurrealdera joan nintzen. Biajante bat zegoen han. Minutu pare bat falta ziren hamarretarako, eta kalean gora joatera gonbidatu nuen coca-cola bat hartzeko. Uzta kontuekin hasi ginen.

        «Ezer egiterik ez dago», diot nik, «Kotoia espekulatzaileen kontua da. Nekazariei kaskoak ederki berotu eta uzta handiak egitera bultzatzen dituzte gero zer eta merkatuan dena irabazi eta gizagaixo guztiak sosik gabe uzteko. Zer uste duzu, nekazariak ezer ateratzen duela, lepo gorritua eta bizkar konkortuaz aparte? Zer uste duzu, hura landatzeko izerdia botatzen duen gizonak ateratzen duela bizitzeko behar-beharrezkoa zaiona baino sos bat gehiago?» diot nik. «Uzta handia egiten baldin badu, biltzea merezi ez; uzta txikia egiten badu, kotoiari hazia kentzen hasteko nahikoa ez. Eta dena zertarako? ba ekialdeko judu zikin mordoxka batek, ez naiz judutar erlijioko gizonez ari», diot nik, «Ezagutu izan ditut hiritar onak ziren juduak ere. Baliteke zu zerorri ere hala izatea», diot nik.

        «Ez», dio berak, «amerikarra naiz».

        «Ez gaizki hartu», diot nik. «Nik gizon bakoitzari zor zaiona ematen diot, duen erlijioari edo beste ezeri begiratu gabe. Ez dut ezer juduen kontra banaka hartu ezkero», diot nik. «Arraza da problema. Ametituko duzu ez dutela ezer produzitzen. Pioneroei edozein herrialde berritara segitu eta arropak saltzen dizkiete».

        «Zu armeniarrez ari zara», dio berak, «ezta? Pionero batek ezertarako ez lituzke arropa berriak».

        «Ez gaizki hartu», diot nik. «Sekula ez diot inori bere erlijioa aurpegiratzen».

        «Horixe», dio berak, «ni amerikarra naiz. Nire gurasoek odol frantsesa ere badute, horregatik daukat horrelako sudurra. Baina ni amerikar peto-petoa naiz».

        «Bai ni ere», diot nik. «Ez gara asko honezkero. Ni zera ari nintzen, han New Yorken patxada ederrean eseri eta espekulatzaile gizagaixo horiek larrutzen dituzten tipo haietaz».

        «Hori egia da», dio berak. «Pobreak ez du espekulaziotik ezer ateratzen. Lege bat behar litzateke horren kontra».

        «Ez al zaizu iruditzen arrazoia dudala?» diot nik.

        «Bai», dio berak, «bai noski. Nekazaria beti galduan».

        «Badakit arrazoia dudala», diot nik. «Gizagaixoen jokoa da, non eta informazioa ateratzen ez zaion gauzak zertan dauden dakien norbaiti. Niri hantxe behar den tokian dagoen zenbait jenderekin harremanetan egotea tokatu zait. New Yorkeko manipulatzailerik handienetako bat dute kontseilari. Nire metodoa zera da», diot nik, «behin ere asko ez arriskatzea aldiko. Haiek zera bilatzen dute, hiru dolarrekin dirua harrapazka irabazi nahian dabilena, dena dakielakoan. Horrexegatik daude saltsa horretan sartuta».

        Orduan hamarrak jo zuten. Telegrafetxera joan nintzen. Merkatua hobetzen ari zen pixka bat, esana zuten bezala. Bazter batera joan eta berriro irakurri nuen telegrama, seguru egoteko. Hari begira nengoen bitartean beste informe bat heldu zen. Bi puntutako igoera. Denak erosten ari ziren. Elkarrizketak aditzea nahikoa zen hori jakiteko. Denak bere burua gurdiari lotuz. Hark bide bakarretik jo zezakeela ez balekite bezala. Lege bat edo horrelakoren bat balego bezala erostera behartzeko. Beno, ekialdeko judu horiek ere bizi beharra izango dute noski. Baina bertan hilko al naiz gauzek ez badute txarrera egin, orain edozein atzerritar zikinek, Jainkoak jarritako lurrean bizimodua ateratzerik ez daukala-eta, ez baitu hona etorri ezinik amerikarrei poltsikotik dirua kentzera. Beste bi puntutako igoera. Lau puntu. Baina arraio zikina, hantxe egongo ziren haiek, eta bai ondo asko jakin ere zer ari zen gertatzen. Eta haien kontseilua segitu behar ez banuen, zertarako ordaintzen nizkien hamar dolar hilero. Atera egin nintzen, eta orduan gogoratu eta itzuli eta telegrama bidali nuen. «Dena ondo. Q.-k gaur idatziko».

        «Q.-k?» dio enplegatuak.

        «Bai», diot nik. «Q.-k. Zer ba, ez al dakizu Q bat egiten?»

        «Seguru egon nahi nuen», dio berak.

        «Zuk bidal ezazu nik idatzi bezala eta nire garantia baduzu zure segurtasunerako», diot nik. «Bidal ezazu destinatarioaren kontura».

        «Zer ari zara bidaltzen, Jason?» dio Doc Wrightek, nire sorbalda gainetik begiratuz. «Erosketa agindu zifraturen bat?»

        «Ez dizu axola», diot nik. «Zuek segi deritzozuen bezala. Horretaz New Yorkeko beste jende horrek baino gehiago dakizu-eta»

        «Nahi ere baluke», dio Docek, «dirua aurreratuko nuen aurten libra bi zentabotara igo banu».

        Beste informe bat heldu zen. Puntu bateko jaitsiera.

        «Jason saltzen ari da», dio Hopkinek. «Begira bere aurpegia».

        «Ez dizue axola zertan ari naizen», diot nik. «Joka ezazue deritzozuen bezala. New Yorkeko judu aberats horiek ere bizi beharra dute beste gainerako guztiek bezala», diot nik.

        Dendara itzuli nintzen ostera. Earl aurrealdean ari zen. Joan nintzen atzealdera, idazmahaira, eta Lorraineren eskutitza irakurri nuen. «Aitatxo maitea nahiago nuke hemen bazina. Hemen festarik ez aitatxo herritik kanpo denean asko sentitzen dut nire aitatxo txintxoaren falta». Bai noski. Orain hurrena berrogei dolar eman nizkion. Eman egin nizkion. Behin ere ez diot emakume bati ezer agintzen eta zer emateko asmoa dudan ere ez diot esaten. Hori da haiek gobernatzeko modu bakarra. Beti asmatuko ote edukitzea. Eta ez bazaizu sorpresa bat emateko beste modurik bururatzen, ukabilkazo bat eman matrailezurrean.

        Hautsi eta tu-ontziaren gainean erre nuen. Arautzat daukat emakume baten idazkera daraman paper pusketarik sekula ez gordetzea, eta idatzi ere ez diet sekula idazten. Lorraine beti teman dabilkit idatzi diezaiodan baina nik esaten dut zerbaiten berri ematea ahaztu bazait itxoingo du berriro Memphisera itzultzen naizen arte baina esaten dut ez zait axola zuk aldian behin sobre arrunt batean idaztea, baina inoiz telefonoz deitzen saiatzen bazara, Memphis osoan ez da gehiago zuretzat tokirik izango esaten dut. Esaten dut han nagoen bitartean beste mutil guztiak bezalakoxea naiz, baina ez dut ametituko andre batek telefonoz deitzea. Tori esaten dut, berrogeita hamar dolarrak emanez. Inoiz mozkortu eta niri telefonoz deitzeko gogoa jartzen bazaizu, gogoratu ondo honetaz eta kontatu hamar arte pausoa eman baino lehen.

        «Noiz izango da hori?» dio berak.

        «Zer?» diot nik.

        «Noiz etorriko zara berriro?» dio berak.

        «Jakinaren gainean jarriko zaitut» diot nik. Orduan zerbeza bat erosi nahi izan zuen, baina ez nion utzi. «Gorde zure dirua», diot nik. «Erosi soineko bat horrekin». Neskameari ere bost dolarreko bat eman nion. Azken batean, nik esaten dudana, diruak baliorik ez du; nola gastatzen duzun, hor dago koska. Ez da inorena, eta hortaz zertarako pilatu. Eskuratu eta gordetzen dakienarena, horrexena da. Bada hemen Jeffersonen beltzei gauza ustelduak salduz diru pila ederra egin zuen gizon bat, bere denda gainean bizi zen txerritegi baten tamainako gela batean, eta otorduak ere berak prestatzen zituen. Orain dela lau edo bost urte gaixotu egin zen. Berebiziko ikara sartu zitzaion eta sendatu zenean eliza bateko kide egin eta misiolari txinatar bat erosi zuen, bost mila dolar urteko. Askotan pentsatzen dut zer amorrazioa hartuko lukeen, urteko bost mila horietan pentsatuz, hil eta gero zerurik ez dela aurkituko balu. Nik esaten dudana, hobe luke oraintxe bertan hiltzea, hartara dirua aurreratuko luke.

        Ondo erre zenean eta besteak txamarran gordetzera nindoala kolpetik zerbaitek esan zidan irekitzeko Quentinena ere etxeratu baino lehen, baina une hartan bertan Earl hoska hasi zitzaidan aurrealdetik, eta beraz utzi nituen alde batera eta harantz joan nintzen, eta hantxe egon nintzen hamabost minutuz lepagorri zikin haren zain hogeita bost zentaboko uhala edo hogeita hamabostekoa nahi zuen erabakitzen zuen bitartean.

        «Hobe zenuke ona hartzea», diot nik. «Nola aterako zarete ba aurrera, material merkearekin lan egiten baduzue?»

        «Beste hau ona ez bada, nolatan daukazue salgai?» dio berak.

        «Nik ez dut esan ona ez denik», diot nik. «Nik esan dut ez dela beste hori bezain ona».

        «Nola dakizu ezetz?» dio berak. «Inoiz erabili al dituzu ba zerorrek?»

        «Honengatik ez dituztelako hogeita hamabost zentabo eskatzen», diot nik. «Horrexegatik dakit ez dela hain ona».

        Hogei zentabokoa eskuetan zeukan, eta behatz artetik pasatzen zuen. «Nik uste honako hau hartuko dudala», dio. Ni biltzeko eskaini nintzen, baina berak enroilatu eta buzoan gorde zuen. Gero tabako poltsa bat atera eta kostata baina azkenean askatu zuen eta txanpon batzuk utzi zituen erortzen, poltsari eraginda. Hogeita bost zentaboko bat eman zidan eskura. «Hamabost zentabo horiekin bazkari-legea egingo dut», dio.

        «Ondo da», diot nik. «Zuk jakingo duzu. Baina datorren urtean berria erosi beharra izaten duzunean ez niri kexaka etorri».

        «Oraindik ez naiz datorren urteko uztarekin hasi», dio berak. Azkenean libratu nintzen harengandik, baina eskutitz hura ateratzen nuenero bazen zerbait. Mundu guztia herrian zegoen funtzioa zela-eta, tropelean zetorren jendea beren diruak zeri eta herriari batere probetxurik ekarriko ez zion zerbaiti emateko, ezer utziko ez zuen zerbaiti, bakarrik zera, Udaletxeko azpilari haiek elkarren artean banatuko zutena, eta Earl ere jo batera eta jo bestera kaiolan sartutako oiloa bezala, esanez «Bai, etxekoandre, Mr Compsonek kaso egingo dizu. Jason, erakutsi etxekoandre honi irabiagailu bat edo bost zentaboren balioko urtxiloak eltxo-sarearentzat».

        Beno, Jasoni lan egitea gustatzen zaio. Ez, esaten dut nik, ez ditut nik behin ere unibertsitateko abantailak ezagutu zeren Harvarden zera erakusten baitizute gauean igeri nola egin igeri egiten jakin gabe eta Sewaneen berriz ura zer den ere ez dizute erakusten. Nik esaten dut Estatuko Unibertsitatera bidali beharko nindukezue; beharbada nire erlojua sudurrerako spray batez geldiarazten ikasiko nuke eta orduan Benjy Marinara bidali ahal izango zenukete esaten dut edo zaldieriara bai behintzat, zaldi zikiratuak ere ametitzen baitituzte zaldierian. Gero, Quentin etxera bidali zuenean hari ere jaten eman niezaion hori ere ondo egongo da esaten dut nik, iparraldera joan gabe lan bila honaxe bidaltzen didate lana eta orduan Ama negarrez hasi zen eta nik esaten dut ez da umea hemen edukitzearen kontra ezer daukadalako; horrek batere pozik emango badizu lana utzi eta neronek haziko dut eta zure eta Dilseyren esku utziko dut eltzea betetzeko lana, edo Benjyren esku. Bestela aloka ezazue ikuskizun baterako; egon behar du nonbait hori ikusteagatik hamar zentabo ordainduko lukeen jenderik, orduan berak negar gehiago egin zuen eta nire ume nahigabetu gaixoa esaten zuen behin eta berriz eta nik esaten dut bai laguntza ederra emango dizu hazi behar duen guztia hazten denean dagoeneko ni halako bat eta erdi besterik ez da-eta eta berak esaten du laster hilko dela bera eta orduan hobeto konponduko garela denok eta orduan nik ondo da esaten dut, ondo da, nahi duzun bezala. Zure biloba da, eta hori gehiago da bere beste aitona-amonek segurutzat jo dezaketena baino. Nik bakarrik esaten dut denbora kontua besterik ez dela. Esaten duena beteko duela uste baduzu, eta ez dela umea ikusten saiatuko, zeure burua engainatzen ari zara zeren aurreneko aldi hartan ere Ama zera esan eta esan aritu baitzen izenez bakarrik zara Compsondarra Jainkoari eskerrak, zeren orain zu baitzara gelditzen zaidan guztia, zu eta Maury, eta nik esaten dut beno Osaba Maury gabe ere pasako nintzateke ni eta orduan etorri eta abiatzeko prest zeudela esan zuten. Amak orduan negar egiteari utzi zion. Beheratu zuen beloa eta jaitsi egin ginen. Osaba Maury jangelatik ateratzen ari zen, painuelua ahoan zuela. Pasillo moduko bat egin zuten eta kanpora atera ginen Dilseyk Ben eta T.P.etxearen atzealdera nola zeramatzan ikusteko denbora juxtuarekin. Koskak jaitsi eta barrura sartu ginen. Osaba Mauryk Arrebatxo gaixoa, arrebatxo gaixoa esaten zuen behin eta berriz, ahoaren zirrikitu batetik hitz eginez eta Amari eskuan takatekoak emanez. Auskalo zeren zirrikitu batetik hitz eginez.

        «Jarri al duzu zure krespoia?» dio Amak. «Zergatik ez gara abiatzen Benjamin atera eta sesioan hasi baino lehen. Ume gaixoa. Ez daki. Ez da konturatu ere egiten».

        «Tira, tira», dio Osaba Mauryk, eskuan tapatakoak emanez, ahoaren zirrikitu batetik hitz eginez. «Hala hobe ere. Ez dezala galeraren berririk izan ahal den bitartean».

        «Beste andreek umeen laguntza izaten dute honelako uneetan», dio Amak.

        «Hemen gauzkazu Jason eta biok», dio hark.

        «Hain da gogorra niretzat», dio Amak, «Biak horrela galtzea, bi urte baino gutxiagoan».

        «Tira, tira», dio hark. Une baten ondoren eskua gordean ahora eraman eta leihotik bota zituen. Orduan jakin nuen zeren usaina zen hura. Iltze-kanela. Segur aski pentsatu zuen Aitaren hiletan egin zezakeen gutxiena edo beharbada arasak pentsatu zuen orduan ere Aita zela eta zankadila jarri zion pasaeran. Nik esaten dudana, zerbait saldu behar bazuen Quentin Harvardera bidaltzeko alde ederra izango genuen denok arasa hori saldu eta diruaren hainbesteko batekin bortxazko kamixa erosi izan balu. Compsondarren guztia ezabatu egin bada nigana heldu baino lehen Amak esaten duen bezala, zeragatik izango da noski, hark dena edan zuelako. Behintzat ez dut nik sekula aditu ezer saltzera eskaini zenik ni Harvardera bidaltzeko.

        Beraz Amari eskuan tapatakoak ematen eta «Arrebatxo gaixoa» esaten segi zuen, eskuan tapatakoak ematen eskularru beltz haietako batekin faktura lau egun beranduago jaso genuena zeren hogeita seia baitzen zeren egun bera baitzen beste hilabete hartan Aita hara joan zenean eta hartu eta etxera ekarri zuen eta hura non zegoen edo horrelakorik ez zigun esan nahi izan eta Ama negarrez eta esaten, «Eta aita ez al duzu ikusi ere egin? Saiatu ere ez al zara egin umeari pentsioa pasa diezaion?» eta Aitak dio «Ez berak ez du xentimorik ere ukituko harenik» eta Amak dio «Legez behartzeko modua ere badago. Ezin du ezer frogatu non eta... Jason Compson», dio, «Ez zinen ba hain txoroa izango hari zera esateko...»

        «Ixo, Caroline», dio Aitak, orduan Dilseyri sehaska zahar hura ganbaratik ekartzen laguntzera bidali ninduen eta nik esaten dut,

        «Horra ba, gaur etxera ekarri didate lana» zeren bitarte guzti hartan gauzak zuzenduko zituztelakoan egon baikinen eta gizonak berarekin hartuko zuelakoan zeren Amak behin eta berriz esaten zuen hark izango zuela familiarekiko begirune pixkaren bat nire aukerak ez arriskuan jartzeko berak eta Quentinek zegozkienak izan eta gero.

        «Nongoa da ba?» dio Dilseyk, «Nik ez badut hazten zeinek haziko du ba? Zuek denok ere ez al zarete nik hazitakoak?»

        «Bai porru hazi ederrak atera ere», diot nik. «Dena dela, hemendik aurrera zertaz kezkatua izango du horri esker». Beraz sehaska jaitsi genuen eta Dilsey hura antolatzen hasi zen haren lehengo gelan. Orduan Ama berriro hasi zen, jakina.

        «Ixo, Miss Cahline», dio Dilseyk, «Esnatu e'ingo duzu».

        «Hor nola ba?» dio Amak, «Horko giroak kutsa dezan? Bestela ere nahiko lan izango du, jaso duen herentziarekin».

        «Ixo», dio Aitak, «Ez izan tuntuna».

        «Zergatik ez du ba hemen lo e'ingo?» dio Dilseyk, «Be'e amatxo gauero gauero ohe'atzen nuen gelan bakarrik lo e'iteko nahiko handia e'in zen ezke'o?»

        «Zu ez zara jabetzen», dio Amak, «Senarrak bazterrera botako zuen ba nire alaba, neure alaba propioa. Ume gaixo errugabea», dio, Quentini begira. «Behin ere ez duzu jakingo zer sufrimenduak sortu dituzun».

        «Ixo, Caroline», dio Aitak.

        «Zergatik jartzen zara horrela Jasonen aurrean?» dio Dilseyk.

        «Saiatu naiz babesten», dio Amak. «Beti saiatu naiz horrelakoetatik babesten. Nire ahalegin guztiak egingo ditut behintzat, umetxoari ere nire babesa emateko».

        «Gela honetan lo e'iteak ze kalte e'ingo dion, ho'i jakin nahi nuke nik», dio Dilseyk.

        «Ezin dut ezer egin horren kontra», dio Amak. «Badakit zahar gogaikarri bat besterik ez naizela. Baina badakit Jainkoaren legeak ezin direla zigorrik gabe hautsi».

        «Txorakeriak», esan zuen Aitak. «Jar ezazu hortaz Miss Carolineren gelan, Dilsey».

        «Esan txorakeriak direla», dio Amak. «Baina berak behin ere ez du jakin behar. Eta beste izen hori ere behin ere ez du aditu behar. Dilsey, galarazi egiten dizut inoiz izen hori bere aurrean aitatzea. Amarik izan duenik jakin gabe haziko balitz, eskerrak emango nizkioke Jainkoari».

        «Ez izan txoroa», dio Aitak.

        «Besteei eman diezun heziketan ez naiz ni behin ere sartu», dio Amak, «Baina orain ezin dut gehiago. Oraintxe erabaki behar dugu hau, gaur gauean. Edo ez da behin ere izen hori bere aurrean aitatuko, edo joan egin beharko du, edo neu joango naiz. Zuek aukeratu».

        «Ixo», dio Aitak, «Urduri zaude. Jar ezazu hemen, Dilsey».

        «Eta zu 're ondoezik zaude», dio Dilseyk. «Fantasma ematen duzu. Zoaz ohe'a eta pontxe bat prestatuko dizut ea hola lo pixka bat e'iten duzun. Apustu e'ingo nuke abiatu ezke'o ez duzula gaua beteko lo'ik e'in».

        «Ez», dio Amak, «Ez al dakizu medikuak zer esan duen? Zergatik zirikatzen duzu edan dezan? Hori da orain bere arazo guztia. Begira ni, nik ere sufritzen dut, baina ez naiz hain ahula whiskya edanez neure burua hiltzeko».

        «Berriketak», dio Aitak, «Zer dakite ba medikuek? Jendeari une horretan egiten ez duen huraxe egiteko aginduz ateratzen dute bizimodua, hori baita tximu degeneratuari buruz jakin daitekeen guztia. Hurrengoan abadea ekarriko duzu etxera, niri eskutik heltzeko». Orduan Amak negar egin zuen, eta hura atera egin zen. Behera jaitsi zen, eta orduan arasa sentitu nuen. Esnatu nintzen eta berriro ere behera jaisten sentitu nuen. Amak lotara joana izan behar zuen edo horrelakoren bat, zeren etxea isil-isilik baitzegoen azkenean. Aita ere isilik ibiltzen saiatzen zen, zeren ez bainuen sentitzen, bakarrik bere kamisoi barrena eta bere berna biluziak arasaren aurrean.

        Dilseyk prestatu zuen sehaska eta umea erantzi eta bertan sartu zuen. Ez zen batere esnatu hark etxera ekarri zuenetik.

        «Ia handiegia 're bada honako», dio Dilseyk. «Holaxe. Pasilloaren beste muturrean ne'onentzat koltxoia jarri eta harta' ez duzu gauean jaiki beharrik izango».

        «Ez dut lorik egingo», dio Amak. «Segi ezazu zure etxera. Gustura eskainiko diot geratzen zaidan bizitza, horrela zera galarazterik badaukat...»

        «Ea, isildu», dio Dilseyk. «Guk kasu e'ingo diogu. Eta zu 're zoaz ohe'a», esaten dit niri, «Bihar eskola' joan behar duzu».

        Beraz atera egin nintzen, orduan Amak hots egin zidan eta negarrez aritu zitzaidan pixka batean.

        «Zu zara nire esperantza bakarra», dio. «Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari gauero zugatik». Haiek noiz abiatuko zain geunden bitartean berak esaten du Eskerrak Jainkoari, hau ere eraman beharra baldin bazuen, zu utzi zaituelako nirekin eta ez Quentin. Zu ez zara Compsondarra Jainkoari eskerrak, zeren zu eta Maury baitzarete orain geratzen zaidan guztia eta nik esaten dut, Beno Osaba Maury gabe ere pasako nintzateke ni. Beno, haren eskuari tapatakoak ematen segi zuen bere eskularru beltzarekin, gauzak esanez. Kendu egin zituen pala hartzeko txanda etorri zitzaionean. Aurrean zeudenengana inguratu zen, euritakoekin tapatzen zituzten haien ondora, aldian behin zapalka eta hanketako lokatza kendu nahian ari zirelarik, eta palei ere kolpeak ematen erantsi zitzaiena kentzeko, huts soinu bat atereaz haren gainera erortzen zenean, eta atzerantz jo nuenean, karrikotxearen bestaldera, hilobi baten atzean ikusi nuen, botilatik beste tragoxka bat hartzen. Behin ere ez zuela bukatuko pentsatu nuen zeren nik ere traje berria baineukan soinean, baina gurpil gainean ez zegoen artean lokatz handirik, Amak bakarrik ikusi zuen eta esaten du Ez dakit noiz izango duzun berriz beste bat eta Osaba Mauryk esaten du «Tira, tira. Ez zaitez batere kezkatu. Beti izango duzue nire laguntza».

        Hala izan ere. Beti. Laugarren eskutitza harena zen. Baina ez zegoen hura ireki beharrik. Neronek idatzi ahal izango nuen, edo buruz errezitatu ahal izango nion amari, hamar dolar gehituz segurtasunaren izenean. Baina beste eskutitz hari buruz banuen susmorik. Bere beste trikimailu haietako bat proban jartzeko garaia bazuela iruditzen zitzaidan. Ederki asko konprenitu zuen aurreneko aldi harrezkero. Azkar asko ikusi zuen ez nintzela ni Aitaren terraje berekoa. Ia goraino betea zutenean Ama negarrez hasi zen, jakina, beraz Osaba Maury berarekin igo zen eta abiatu egin ziren. Eta Osaba Mauryk esaten du Norbaitekin itzultzeko modua izango duzu; pozik eramango zaituzte. Nik zure ama eraman beharra daukat eta nik ia-ia esan nion, Bai baten ordez bi botila ekarri behar zenituen baina non geunden gogoratu eta joaten utzi nien. Axola zitzaien ba ni bustitzea, Amak hartuko zuen gozatuarekin nik pneumonia harrapatuko ote nuen beldurrez.

        Beno, horretan pentsatzeari ekin nion aldi berean lurra han barrura nola botatzen zuten begiratuz. Nolanahi jaurtikitzen zuten, morteroa edo horrelako zerbait egiten ari balira bezala edo hesi bat altxatzen, eta xelebre samar hasi nintzen sentitzen eta beraz bueltaxka bat ematea erabaki nuen. Pentsatu nuen herrirantz jotzen banuen harrapatu egingo nindutela eta ni haietakoren batera igo arazi nahian hasiko zirela, beraz beltzen kanposanturantz jo nuen. Zedro batzuen azpian jarri nintzen, haietatik ia ez baitzen euririk pasatzen, bakarrik tanto batzuk aldian behin, eta toki hartatik banuen dena bukatu eta noiz abiatzen ziren ikusteko modua. Une baten ondoren denak joanak ziren eta minutu bat itxoin eta atera egin nintzen.

        Bidezidorretik segi beharra neukan belar bustia ez ukitzeko eta beraz ez nuen ikusi ia bertaraino heldu arte. Hantxe zegoen zutik, beroki beltz batekin, loreei begira. Segituan jakin nuen nor zen, hark jiratu eta niri begiratu eta bere beloa goratu baino lehen.

        «Kaixo, Jason», dio, eskua luzatuz. Bostekoa eman genion elkarri.

        «Zertan zabiltza hemen?» diot nik, «Ez zinela itzuliko agindu zeniola uste nuen. Buru gehixeago bazenuela uste nuen».

        «Bai?» dio berak. Loreei begira jarri zen ostera. Berrogeita hamar dolarren balioa izango zuten. Norbaitek erramilete bat jarria zuen Quentinenaren gainean. «Egiatan?» dio berak.

        «Baina ez naiz harritzen», diot nik. «Zurekin edozein gauza posible iruditzen zait. Inoren axolarik ez duzu. Zugatik, hor konpon dadila jende guztia».

        «O», dio berak, «zure lan hori». Hilobira begiratu zuen. «Sentitzen dut, Jason».

        «Apustu egingo nuke baietz», diot nik. «Orain umil-umil hitz egingo duzu. Baina itzuli beharrik ez zenuen. Ez da ezer geratu. Galdetu Osaba Mauryri, sinesten ez badidazu».

        «Ez dut ezer nahi», dio berak. Hilobira begiratu zuen. «Zergatik ez didate jakin arazi?» dio. «Kasualitate hutsez ikusi dut egunkarian. Atzeko orrialdean. Kasualitate hutsez».

        Ez nuen ezer esan. Han gelditu ginen, hilobira begira, eta orduan pentsatzen hasi nintzen ume ginen garaiaz eta hau eta besteaz eta xelebre sentitzen hasi nintzen berriro, amorrarazita edo horrelako zerbait, orain Osaba Maury etengabe etxean izango genuela pentsatuz, etxeko gorabehera guztiak bere kontura hartuz euritan utzi ninduenean bezala neure gisara etxera nendin. Esaten dut,

        «Axola dizu ba zuri, ezkutuka etortzeko bera hil orduko. Baina ez duzu ezer aurreratuko. Ez dezazula pentsa honetaz baliatuko zarenik hona ezkutuka sartzeko. Zeure zaldiaren gainean segitzerik ez baduzu, oinei eragitea asko duzu», diot nik. «Horrako etxe horretan zure izenik ere ez dakigu», diot nik. «Hori ba al dakizu? Ez zara etxekoa, bera eta Quentin ere ez diren bezalaxe», diot nik. «Hori ba al dakizu?»

        «Badakit», dio berak, «Jason», dio berak, hilobira begira, «zerbait egiten baduzu minutu batez ikusteko modua izan dezadan berrogeita hamar dolar emango dizkizut».

        «Zuk ez dauzkazu berrogeita hamar dolar», diot nik.

        «Konforme?» dio berak, begiratu gabe.

        «Ea erakutsi dirua», diot nik. «Berrogeita hamar dolar dauzkazunik ez dut sinesten».

        Bere eskuak berokiaren azpitik mugitzen ikusi nituen, gero eskua luzatu zuen. Bertan hilko al naiz diruz beteta ez bazegoen. Horiak ere bizpahiru ikusi nituen tartean.

        «Oraindik dirua ematen al dizu?» diot nik. «Zenbat bidaltzen dizu?»

        «Ehun emango dizkizut», dio berak. «Konforme?»

        «Minutu bat bakarrik», diot nik, «Eta nik esanda bezala. Ez nuke nahiko berak jakitea ezta mila dolarrengatik ere».

        «Bai», dio berak. «Zuk esanda bezalaxe. Minutu batez ikusi ahal izatea, besterik ez. Ez naiz eskean edo beste ezertan hasiko. Eta segituan joango naiz».

        «Emadazu dirua», diot nik.

        «Gero emango dizut», dio berak.

        «Ez al zara nitaz fidatzen?» diot nik.

        «Ez», dio berak. «Ezagutzen zaitut. Elkarrekin haziak gara».

        «Zu hortik honakoa jendeaz fidatu ezina aitatzeko», diot nik. «Beno», diot, «Euritatik alde egin beharra daukat. Agur». Joatekoa egin nuen.

        «Jason», dio berak. Gelditu egin nintzen.

        «Bai?», diot nik. «Azkar. Bustitzen ari naiz».

        «Ondo da», dio berak. «Tori». Ez zen inor ageri. Itzuli eta dirua hartu nuen. Heldu egiten zion artean. «Egingo al duzu?» dio, beloaren azpitik begiratzen didala, «Ematen al didazu hitza?»

        «Askatu», diot nik, «Zer nahi duzu, norbaitek etorri eta ikustea?»

        Askatu egin zuen. Poltsikoan gorde nuen dirua. «Egingo al duzu, Jason?» dio. «Ez nizuke eskatuko beste moduren bat balego».

        «Beste modurik ez dago, horretan arrazoi guztia duzu», diot nik. «Egingo ez dut ba. Baietz esan dut, ezta? Bakarrik zera, nik esanda bezala egin beharko duzula».

        «Bai», dio berak, «hala egingo dut». Beraz non itxoin behar zidan esan eta kotxeak alokatzeko tokira joan nintzen. Agudo ibili eta zaldia askatzen ari ziren momentuan heldu nintzen hara. Ordaindu al zuten galdetu nuen eta hark Ez esan zuen eta nik Mrs Compsonek zerbait ahaztu zuela esan nuen eta berriro behar zuela, beraz hartzen utzi zidaten. Mink zihoan gidari. Purua erosi nion, beraz bueltaka ibili ginen harik eta atzealdeko kaleetan, inork ikusi ezingo ez zuen kaleetan, iluntzen hasi zuen arte. Orduan Minkek esan zuen kotxea itzuli beharra zeukala beraz beste puru bat erosiko mola esan nion nik eta hala kamiotik jo genuen eta nik ataria pasa nuen etxeraino. Sarreran gelditu nintzen Ama eta Osaba Maury goian sentitu arte, eta orduan sukaldera joan nintzen. Han zeuden hura eta Ben Dilseyrekin. Amak ikusi egin nahi zuela esan eta etxera eraman nuen. Osaba Mauryren gabardina aurkitu nuen eta han bildu eta besoan hartu eta ostera kamiora atera eta kotxera igo nintzen. Geltokiraino eramateko esan nion Minki. Beldurra ematen zion aloka-etxetik pasatzea, beraz atzealdetik joan behar izan genuen eta izkinan argiaren azpian zutik ikusi nuen eta Minki esan nion hurbiltzeko espaloira eta nik Segi aurrera esandakoan, jotzeko zaldiei. Orduan kendu nion gabardina eta leihora hurbildu nuen eta Caddyk ikusi eta jauzi bezala egin zuen aurrerantz.

        «Jo, Mink!» diot nik, eta Minkek eman egin zien eta su-hiltzaileen kotxearen habailan pasa ginen haren aurretik. «Orain zoaz tren hori hartzera agindu duzun bezala», diot nik. Atzeko leihotik korrika ikusi nuen, guri segika. «Jo berriro», diot, «Goazemazu etxera». Izkina inguratu genuenean korrika segitzen zuen.

        Eta beraz gau hartan dirua berriro kontatu eta gorde egin nuen, eta ez nintzen hain txarki sentitu. Esaten dut ikasiko duzu noski horrela. Orain jakingo duzu noski ezinezkoa zaizula niri lana galdu arazi eta ondorioak ez pagatzea. Ez zitzaidan burutik pasa ere egin agindua bete eta trena hartuko ez zuenik. Baina garai hartan ez nituen ondo ezagutzen; esaten zidatena sinesteko baino buru gehixeago ez nik izan, zeren hurrengo goizean dendan azaldu ez zitzaidan ba, buru pixka bat izan bazuen ere beloa beheratuta ekartzeko eta inori hitzik ez egiteko. Larunbat goiza zen, zeren ni dendan bainengoen, eta bera ni nengoen idazmahairaino etorri zen zuzenean, pauso arinez.

        «Gezurtia», dio, «Gezurtia».

        «Erotu egin al zara?» diot nik. «Zer bilatzen duzu, hemen horrela azalduta?» Bera hitz egitera zihoan, baina isilarazi egin nuen. Esaten dut, «Dagoneko lan bat galdu arazi didazu; hau ere galtzea nahi al duzu? Niri esan beharrekorik baldin baduzu, ilundutakoan ikusiko gara nonbait. Zer esan behar didazu?» diot nik, «Ez al dut esandako guztia egin? Minutu batez ikusteko kontua esan nuen, ezta? Eta? Ez al zenuen ikusi?» Niri begiratzea besterik ez zuen egiten, dardarka sukarrak jota bezala, eta bi eskuak itxita espasmo mugimenduen antzekoekin. «Nik esandako guzti-guztia egin dut», diot, «Zeuk esan zenuen gezurra. Tren hura hartuko zenuela hitzeman zenuen. Ez al da hala Ez al zenuen hitzeman? Diru hori berreskura dezakezula uste baduzu, egin probatxo bat», diot. «Mila dolar izan balira ere, oraindik zorretan egongo zinateke nirekin pasa nuen arriskuagatik. Eta deskuiduan 17a atera eta gero oraindik herrian zabiltzala ikusten edo aditzen badut», diot, «Amari eta Osaba Mauryri esango diet. Eta orduan puska batean itxoin beharko duzu berriro ikusi baino lehen». Hantxe egotea besterik ez zuen egiten, niri begira, bi eskuak bihurrituz.

        «Madarikatua», dio, «Madarikatua».

        «Horixe», diot nik, «Ederki. Gogoan izan esan dizudana. 17a pasatzen utzi, eta esan egingo diet».

        Joan zenean hobeto sentitu nintzen. Esaten dut bi bider pentsatuko duzu, bai, niri agindutako lana galdu arazi baino lehen. Mutiko bat besterik ez nintzen garai hartan. Sinetsi egiten nuen jendeak zerbait egiteko kontua aitatzen zuenean. Asko ikasi dut geroztik. Gainera, nik esaten dudana, nik uste inoren laguntzarik ez dudala behar aurrera ateratzeko neure gisara konpontzeko modua izango dut orain artean bezala. Orduan bat-batean Dilsey eta Osaba Maury etorri zitzaizkidan burura. Pentsatu nuen Dilseygana joko zuela zuri-zuri eta Osaba Mauryk edozein gauza egingo zuela hamar dolarren truke. Eta ni hantxe, dendatik atera ere ezin nintzela neure Ama babesteko. Berak esaten duena, zuetako bat eraman beharra baldin bazuen, eskerrak Jainkoari zu utzi zaituelako nirekin zurekin fida naiteke eta nik esaten dut beno ez zait iruditzen sekula zuk harrapatzerik ez izateraino urrunduko naizenik dendatik. Norbaitek atxiki behar ba geratzen zaigun apurrari, nik uste.

        Beraz etxera ailegatu orduko Dilseyrena konpondu nuen. Esan nion Dilseyri hark legena zeukala eta biblia hartu eta usteldutako haragiak erortzen zitzaizkion gizonarena irakurri nuen eta esan nion inoiz berak edo Benek edo Quentinek hari begiratu ezkero beste horrenbeste gertatuko zitzaiela haiei ere. Beraz dena konpondu nuelakoan egon nintzen etxera etorri eta Ben orroka aurkitu nuen egun hartara arte. Kristoren iskanbila ateratzen eta hura isilduko zuenik ez. Amak esan zuen, Beno, eman ba txapina. Dilseyk ez entzuna egin zuen. Amak berriro esan zuen hura eta nik esaten dut joan egingo nintzela ezin nuela burutu istilu madarikatu harekin. Nik esaten dudana makina bat gauzarekin burutzeko gauza naizela ez dudala besteengandik gauza handirik espero baina egun osoa denda zikin batean lanean pasa beharra baldin badaukat, alazankoa, nik uste afalorduan bake eta lasaitasun pixka bat merezi dudala. Beraz joan egingo nintzela esaten dut eta Dilseyk segituan, «Jason!»

        Begira, di-da batean konprenitu nuen gertatzen zena, baina seguru egotearren joan eta txapina hartu eta ekarri egin nuen, eta nik pentsatutakoa izan, ikusi zuenean akabatu nahi bagenu bezalaxe jarri baitzen. Beraz Dilsey aitortzera behartu nuen, gero Amari kontatu nion. Orduan ohera eraman behar izan genuen, eta gauzak zertxobait baretu zirenean kristoren beldurra sartu nion Dilseyri. Beltz batekin hori posible den neurrian, jakina. Hori dute txarra morroi beltzek, zurekin denbora luzean egon direnean bost xentimoren baliorik ez dutela, hain iruditzen zaizkie inportanteak beren buruak. Etxeko gorabehera guztia beren esku dagoela uste dute.

        «Neska gaixo horrek be'e umea ikusteak ze kalte e'in lezakeen jakin nahi nuke», dio Dilseyk. «Mr Jason o'aindik hemen balitz ez litzateke holako'ik gertatuko».

        «Baina Mr Jason ez hemen izan», diot nik. «Niri batere kasurik ez didazula egingo badakit, baina Amak esandakoa beteko duzu noski. Segi ezazu horrelako kezkak ematen eta laster duzu bera ere hilobian, orduan etxe guztia jendailaz eta zera zikiratuez bete ahal izango duzu. Baina zer bilatzen zenuen idiota madarikatu horri hura ikusten utzita?»

        «Gizon hotza zara zu, Jason, baldin eta gizona bazara», dio berak. «Eskerrak ematen dizkiot Jainkoa'i nik bihotz handiagoa izatea'atik, nahiz beltza izan».

        «Behintzat eltzea betetzeko banaiz gizona», diot nik. «Eta berriro horrelakorik egiten baduzu, ez duzu gehiago eltze horretatik mokadurik probatuko».

        Beraz hurrena ikusi nuenean esan nion berriz Dilseygana jotzen bazuen, Amak Dilsey bota eta Ben Jacksonera bidali eta alde egingo zuela Quentin hartuta. Begira eduki nuen pixka batean. Inguruetan ez zegoen batere farolarik eta ez nuen bere aurpegia ondo ikusten. Baina niri begira sentitzen nuen. Txikiak ginenean zerbaitekin amorrarazi eta haren kontra ezer egiterik ez zeukanean goiko ezpaina dardarka hasten zitzaion. Dardara bakoitzarekin hortzak gehixeago azaltzen zitzaizkion, eta bitarte guztian poste bat bezain geldirik egoten zen, muskulu bat mugitu gabe, bakarrik ezpaina gero eta gorago dardarka hortzak agerian utziaz. Baina ez zuen ezer esan. Bakarrik esan zuen,

        «Ondo da. Zenbat?»

        «Beno, kotxeko leihotik begiratu bat emateagatik ehun izan baziren», diot nik. Beraz handik aurrera nahiko ondo portatu zen, bakarrik zera, egun batez banketxeko kontuaren laburpena ikustea eskatu zuela.

        «Badakit Amak endosatu dituela», dio, «Baina banketxeko kontua ikusi nahi dut. Neure begiekin ikusi nahi dut nora joaten diren txeke horiek».

        «Hori amaren gauza pribatuetan sartzea da», diot nik. «Bere kontu pribatuetan muturra sartzeko eskubiderik baduzula uste baduzu zera esango diot, zure ustetan beste norbait baliatzen dela txeke horietaz eta auditoria bat nahi duzula berarekin fidatzen ez zarelako».

        Ez zuen ezer esan eta mugitu ere ez zen egin. Ezpain artean Madarikatu hori ai madarikatu hori ai madarikatu hori esaten sentitzen nuen.

        «Esan garbi», diot nik, «Ez zait iruditzen inolako sekretua denik zuk eta nik bata besteaz pentsatzen duguna. Beharbada dirua itzultzea nahi zenuke», diot nik.

        «Begira, Jason», dio berak. «Orain ez niri gezurrik esan. Umeaz ari naiz. Ez dut eskatuko ezer ikusteko baimenik. Nahikoa ez baldin bada, gehiago bidaliko dut hilero. Bakarrik eman hitza berak... berak... Hori egin ezinik ez duzu. Gauzak berarentzat. Izan atsegina berarekin. Nik egin ezin ditudan gauzatxo horiek, egiten uzten ez didaten... Baina ez duzu egingo. Behin ere ez duzu zainetan odol bero tantorik izan. Begira», dio, «Amak niri itzultzea lortzen baduzu, mila dolar emango dizkizut».

        «Ez dauzkazu zuk mila dolar», diot nik, «Badakit gezurretan ari zarela».

        «Bai badauzkat. Edukiko ditut. Lortzeko modua badut».

        «Eta nik badakit nola lortuko dituzun», diot nik, «Umea lortu zenuen bezalaxe. Eta behar adina hazten denean...» Orduan benetan ni jotzera zihoala pentsatu nuen, eta gero ezin izan nuen asmatu zertara zihoan. Une batez erresorteak gehiegi estutu eta mila puskatan lehertzeko zorian dagoen jostailua bezala portatu zen.

        «O, erotuta nago», dio, «Burutik egin zait. Ezin dut eraman. Eduki zuek. Zer daukat buruan. Jason», dio, niri besotik helduz. Kiskaltzen zeuzkan eskuak, sukarrez bezala. «Zainduko duzula hitzeman behar didazu, egingo... Familiakoa duzu; zure haragia eta zure odola. Eman hitza, Jason. Aitaren izena daramazu: hari bi aldiz eskatu beharrik izango nuela uste al duzu? Behin bakarrik ere?»

        «Egia», diot nik, «Azken batean zerbait utzi zidan hortaz. Zer nahi duzu nik egitea?» diot, «Amantala eta ume-kotxe bat erostea? Nik ez zaitut honetara bultzatu», diot nik, «Zuk baino gehiago arriskatzen dut, zuk zer galdurik ez daukazu-eta. Beraz zera espero baduzu...»

        «Ez», dio berak, eta orduan barrez eta barreari eutsi nahian hasi zen aldi berean. «Ez. Nik zer galdurik ez dut», dio, hots hura eginez, eskuak ahora eramanez. «Zer gal-gal-galdurik», dio.

        «Ea», diot nik, «Nahikoa duzu!»

        «Ari naiz a-ahalegintzen», dio berak, eskuak aho gainean dituela. «Ai Jauna, ai Jauna».

        «Ni banoa hemendik», diot nik, «Ez naute hemen ikusi behar. Eta orain alde herritik, aditzen?»

        «Itxoin», dio berak, nire besoari helduz. «Pasa zait. Ez naiz berriro hasiko. Emango al didazu hitza, Jason?» dio, eta ni bere begiak sentituz ia aurpegia ukituko balidate bezala, «Emango al didazu hitza? Amak... diru hori... inoiz ezeren beharrik baldin badu... Txekeak bidaltzen badizkizut berarentzat, beste batzuk oraingo horietaz gain, emango al dizkiozu? Isilik gordeko al duzu? Arduratuko al zara bere gauzatxoak izan ditzan beste umeak bezala?»

        «Horixe», diot nik, «Ondo portatzen bazara eta nik esandakoa egiten baduzu».

        Eta beraz Earl dendaren aurrealdera etorri zenean sonbreirua jantzita esaten du «Roger-enera noa mokadu bat jatera. Ez dugu etxera bazkaltzera joateko betarik izango, nik uste».

        «Zer dela-eta betarik ez?» diot nik.

        «Funtzioa eta zera guzti horiek herrian daudela», dio berak. «Arratsaldean ere emanaldi bat eskaintzekotan dira, eta jendeak garaiz bukatu nahiko ditu erosketak hara joateko. Beraz hobe dugu Roger-encan sartu-atera bat egitea».

        «Ondo da», diot nik, «Zure estomagoa da. Zure negozioaren esklabo bihurtu nahi baduzu, nigatik libre zara».

        «Ez zait iruditzen zu behin ere negozio baten esklabo bihurtuko zarenik», dio berak.

        «Ez, non eta Jason Compsonen negozioa ez den», diot nik.

        Beraz atzealdera joan eta ireki nuenean txeke baten ordez ordain-agindu bat aurkitzea izan zen harritu ninduen gauza bakarra. Bai, jauna. Ezta bakar batekin ere ezin zara fidatu. Nik pasatako arriskuak pasa eta gero, neure burua arriskuan jarriaz Amak jakin ez zezan urtean behin edo bitan herrira etortzen zela, ni Amari gezurrak esatera behartuz. Hori izango da eskerra. Eta ez nintzateke batere harrituko ohar bat bidali balu postetxera beste inori kobratzen utzi ez diezaioten, umeari bakarrik. Horrelako ume bati berrogeita hamar dolar eman. Begira, nik banituen hogeita bat urte aurreneko aldiz berrogeita hamar dolar ikusi nituenean, eta bitartean beste mutil guztiek arratsaldea libre eta larunbat guztia ere bai eta ni berriz denda batean lanean. Nik esaten dudana, nola nahi dute ba inork umea menderatzea, beste horrek dirua ematen baldin badio gure atzetik. Zuk izan zenuen etxe berbera du esaten dut nik, eta heziketa ere berbera. Nik uste Amak zuk baino hobeto jakingo duela zer behar duen, zuk etxerik ere ez duzu-eta. «Dirua eman nahi baldin badiozu», diot nik, «Bidali Amari, ez ibili beste horri ematen. Zenbait hilero arrisku hau pasa beharra badut, nik esandakoa egin beharko duzu, edo bestela akabo».

        Eta juxtu hartan hastera nindoan momentuan zeren Earlek uste bazuen nik kalean gora korrika igo eta hogeita bost zentaboren balioko indigestioa irentsiko nuela bera gustura uzteko egotea zuen horretan. Beharbada ez naiz ni esertzen hankak kaobazko idazmahai baten gainean jarrita baina etxe honen barruan egiten dudanagatik ordaintzen didate eta hemendik kanpo bizimodu zibilizatua egitea posible ez bazait hori posible zaidan tokira joango naiz. Neure gisara konpon naiteke; ez dut inoren kaobazko idazmahairik behar neure buruari tente eusteko. Beraz juxtu hartan hastera nindoan momentuan. Dena utzi eta lepagorriren bati bost zentaboren balioko iltzeak-edo saltzera joan beharko nuen korrika, eta Earl berriz ogitarteko bat irensten eta honezkero bueltako bidean, segur aski, eta orduan txeke zuririk ez zitzaidala geratzen ikusi nuen. Beste batzuk lortzeko asmoa izan nuela gogoratu zitzaidan, baina orain beranduegi zen, eta orduan gora begiratu eta zein azalduko eta Quentin. Atzeko atetik. Job zaharrari han ote nintzen galdezka sentitu nuen. Barruan sartu eta tiradera ixteko denbora juxtua izan nuen.

        Idazmahairaino etorri zen. Nik nire erlojuari begiratu nion.

        «Dagoneko bazkaldu al duzu?» diot nik. «Hamabiak besterik ez dira. Oraintxe jo dute. Hegan egingo zenuen joan-etorria».

        «Ez dut etxean bazkalduko», dio berak. «Niretzako eskutitzik etorri al da gaur?»

        «Zer bit, espero al zenuen?» diot nik. «Laguntxoren bat al daukazu idazten dakiena?»

        «Amarena», dio berak. «Amaren eskutitzik etorri al da niretzat?» dio, niri begira.

        «Amarentzat etorri da bat», diot nik. «Ez dut ireki. Berak ireki arte itxoin beharko duzu. Utziko dizu noski ikusten».

        «Mesedez, Jason», dio berak, batere kasurik egin gabe, «Niretzat etorri al da?»

        «Zer duzu?» diot nik. «Behin ere ez zaitut inorengatik hain kezkatuta ikusi. Diru pixkaren bat bidaltzea esperoko duzu».

        «Zera esan zuen...» dio berak. «Mesedez, Jason», dio, «Etorri al da?»

        «Gaur azkenean eskolara joana izango zara, inondik ere», diot nik, «Edo mesedez esaten erakutsi dizuten beste nonbaitera. Itxoin pixka bat, bezero horri kasu egiten diodan bitartean».

        Kasu egitera joan nintzen. Itzultzeko jiratu nintzenean bera idazmahaiaren atzean ezkutatuta zegoen. Korrika joan nintzen. Mahaia korrika inguratu eta eskua tiraderatik ateratzen harrapatu nuen. Eskutitza kendu nion, bere behatz-koskoak mahaiaren kontra kolpatuz askatu zuen arte.

        «Hori ere badugu orduan, e?» diot nik.

        «Eman hori niri», dio berak, «Irekita daukazu. Eman hori niri. Mesedez, Jason. Nirea da. Izena ikusi dut».

        «Astindu ederra uhalarekin», diot nik. «Horixe da emango dizudana. Nire paper artean zulomian».

        «Dirurik ba al dago barruan?» dio berak, eskutitza harrapatzekoa eginez. «Dirua bidaliko zidala esan zuen. Agindu egin zidan. Eman hori niri».

        «Zertarako duzu zuk dirua?» diot nik.

        «Bidaliko zidala esan zuen», dio berak, «Eman hori niri. Mesedez, Jason. Ez dizut behin ere ezer eskatuko oraingoan ematen baldin badidazu».

        «Horretara noa, baina emadazu beta», diot nik. Eskutitza eta ordain-agindua atera nituen eta eskutitza eman nion. Berak ordain-agindua harrapatzekoa egin zuen, ia eskutitzari begiratu ere gabe. «Aurrena izenpetu egin beharko duzu», diot nik.

        «Zenbatekoa da?» dio berak.

        «Irakurri eskutitza», diot nik. «Bertan jarriko du noski».

        Azkar irakurri zuen, apenas bi begiratu.

        «Ez du jartzen», dio, gora begiratuz. Eskutitza lurrera erortzen utzi zuen. «Zenbatekoa da?»

        «Hamar dolar», diot nik.

        «Hamar dolar?» dio berak, niri begirik kendu gabe.

        «Pozik egon behar zenuke horrenbeste jasotzeaz», diot nik, «Zu bezalako ume bat. Eta zergatik zaude bat-batean horrelako diru premian?»

        «Hamar dolar?» dio berak, lotan hitz egingo balu bezala, «Hamar dolar besterik ez?» Ordain-agindua harrapatu nahi izan zuen. «Gezurretan ari zara», dio. «Lapurra!» dio, «Lapurra!»

        «Hori ere badugu orduan, e?» diot nik, nire ondotik apartatuz.

        «Eman hori niri!» dio berak, «Nirea da. Niri bidali dit. Ikusi egingo dut. Ikusi egingo dut».

        «Ba ote?» diot nik, berari eutsiz, «Eta nola konpondu behar ote duzu?»

        «Utzidazu ikusten, Jason», dio berak, «Mesedez. Ez dizut gehiago beste ezer eskatuko».

        «Gezurretan ari naizelakoan, e?» diot nik. «Ba horregatixe ez duzu ikusiko».

        «Baina hamar dolar bakarrik», dio berak, «Zera esan zidan... zera esan zidan... Jason, mesedez mesedez mesedez. Dirua behar dut. Beharrezkoa zait. Eman hori niri, Jason. Nahi duzun guztia egingo dut ematen badidazu».

        «Esan zertarako behar duzun dirua», diot nik.

        «Beharrezkoa zait», dio berak. Niri begira zegoen. Orduan bat-batean niri begiratzeari utzi nion begiak batere mugitu gabe. Gezurra esatera zihoala jakin nuen. «Dirua zor dut», dio. «Ordaindu beharra daukat. Gaur ordaindu beharra daukat».

        «Nori?» diot nik. Bere eskuak bihurritu bezala egiten ziren. Zer gezur esango ote pentsatu nahian ikusten nuen. «Berriro ere zorrean erosten ibili al zara?» diot nik. «Ez hori esateko lana hartu. Herri guztian zorrean salduko dizunik aurkitzen baduzu nik esandakoak esan eta gero, urka nazatela oraintxe bertan».

        «Neska bat da», dio berak, «Neska bat da. Dirua utzi zidan neska batek. Itzuli egin behar diot. Jason, eman hori niri. Mesedez. Nahi duzun guztia egingo dut. Beharrezkoa zait. Amak ordainduko dizu. Idatziko diot eta zuri ordaintzeko esango diot, eta gehiago ez diodala behin ere ezer eskatuko. Zerorrek ere ikusi ahal izango duzu eskutitza. Mesedez, Jason. Beharrezkoa zait».

        «Esan zertarako nahi duzun, eta ikusiko dut», diot nik. «Esan». Hantxe zegoen zutik, eskuekin soinekoa bihurrituz. «Ondo da», diot nik, «Hamar dolar gutxiegi baldin badira zuretzat, etxera eraman eta Amari emango dizkiot, eta orduan badakizu zer gertatuko den. Jakina ba, hamar dolarren beharra izateko aberatsegia bazara...»

        Hantxe zegoen zutik, lurrera begira, bere golkorako marmarka bezala. «Dirua bidaliko zidala esan zuen. Dirua bidaltzen duela esan zuen eta zuk esaten duzu ez duela bidaltzen. Diru pila bat bidali duela esan zuen. Niretzat dela dio. Hainbesteko bat niretzat dela. Eta zuk dirurik ez daukagula diozu».

        «Nik adina dakizu zuk horretaz», diot nik. «Ikusi duzu zer gertatzen den txeke horiekin».

        «Bai», dio berak, lurrera begira. «Hamar dolar», dio, «Hamar dolar».

        «Eta hobe zenuke zure izarrei eskerrak ematea hamar dolar horiek edukitzeagatik», diot nik. «Tori», diot nik. Atzekoz aurrera jarri nuen ordain-agindua idazmahaiaren gainean, eskuarekin eusten niola, «Izenpetu».

        «Utziko al didazu ikusten?» dio berak. «Begiratu egin nahi dut, hori da dena. Dioena dioela, hamar dolar besterik ez ditut eskatuko. Hartu zuk gainontzekoa. Ikusi egin nahi dut, hori da dena».

        «Ez, portatu zaren bezala portatu eta gero», diot nik. «Zera daukazu ikasi beharra, nik zer edo zer egiteko esaten dizudanean, egin egin behar duzula. Jarri zure izena lerro honetan».

        Luma hartu zuen, baina izenpetu beharrean hantxe geratu zen burua makurtuta eta luma eskuan dardarka zuela. Bere ama bezalaxe. «Ai, Jauna», dio, «ai, Jauna».

        «Bai», diot nik, «Hori ikasi beharreko gauza duzu, sekula beste ezer ikasten ez baduzu ere. Ea izenpetu, eta alde hemendik».

        Izenpetu egin zuen. «Non da dirua?» dio. Agindua hartu nuen eta sekantean lehortu eta poltsikoan gorde nuen. Orduan hamar dolarrak eman nizkion.

        «Eta orain, segi eskolara gaur arratsaldean ere, aditzen?» diot nik. Berak ez zuen erantzun. Billetea eskuan zimur-zimur egin, zatar bat edo antzeko zerbait balitz bezala, eta aurreko atetik atera zen juxtu Earl sartzen ari zen unean. Bezero bat sartu zen berarekin batera eta ate ondoan gelditu ziren. Nik gauzak bildu eta sonbreirua jantzi eta aterantz jo nuen.

        «Lan asko?» dio Earlek.

        «Ezer gutxi», diot nik. Berak atarira begiratu zuen.

        «Zure automobila al da horrako hori?» dio. «Hobe ez bazara etxera bazkaltzera joaten. Segur aski beste zalaparta pixka bat izango dugu funtzioa hasi baino lehen. Bazkal ezazu Roger-enean eta sartu txartel bat tiraderan».

        «Estimatzen dizut», diot nik. «Oraindik neure buruari jaten emateko adina banaiz, uste dudanez».

        Eta hantxe egongo zen, ate hura aztore batek bezala zaintzen ni itzuli arte. Beno, puska batean zaindu beharko zuen ba; neure ahaleginak egiten nituen nik. Orain hurrena hau azkenekoa da esaten dut; gogoratu beste batzuk lortu behar dituzula segituan. Baina nork gogora dezake zer edo zer ardaila guzti honen erdian. Eta orain beste funtzio madarikatu horrek ere hona etorri beharra edukiko zuen noiz eta nik txeke zuri baten atzetik herri guztia pasa beharko nuen egunean, etxeko martxa eramateko egin behar nituen beste gauza guztiez gain, eta Earl berriz atea zaintzen aztore bat bezalaxe.

        Inprimategira joan nintzen eta tipo bati broma bat egin nahi niola esan nion, baina ezer ez zeukan. Orduan garai bateko opera etxean begiratu bat emateko esan zidan, norbaitek han pilatu zituela-eta garai bateko Merchants' and Farmers' Bank-eko paper eta trasteak hark kiebra jo zuenean, eta hala beste kalexka batzuetatik desbideratu Earlek ez ikusteko eta azkenean Simmons zaharra aurkitu eta giltza eman zidan eta hara igo eta zulomian hasi nintzen. Azkenean Saint Louiseko banketxe bateko taloitegi bat aurkitu nuen. Oraingo hau aukeratuko zuen bertatik bertara begiratzeko, hori jakina zegoen. Baina hala beharko zuen. Ezin nuen denbora gehiago galdu.

        Dendara itzuli nintzen. «Ahaztu egin zaizkit Amak banketxera eramateko esandako paperak», diot nik. Idazmahaira joan eta txekea bete nuen. Neure presarekin-eta, eskerrak bista txartzen ari zaion esaten diot neure buruari, putatxo horrekin etxean, Ama bezalako andre kristau bihozbera. Nik bezain ondo dakizu zer izango den hazitakoan esaten dut baina hori zure kontua da esaten dut, zure etxean eduki eta hazi nahi baduzu, zergatik eta Aitagatik. Orduan bera negarrez hasiko zen eta bere haragia eta bere odola zela esango zuen eta beraz nik esaten dut Ondo da. Nahi duzun bezala. Zuk burutu ahal baduzu nik ere bai.

        Eskutitza txukun jarri eta sobrea itxi eta atera egin nintzen.

        «Ahal duzula ez denbora asko egin kanpoan», dio Earlek.

        «Ondo da», diot nik. Telegrafetxera joan nintzen. Hantxe zeuden mutil bizkor guztiak.

        «Zenbat zarete dagoeneko milioia egin duzuenak?» diot nik.

        «Horrelako merkatuarekin nork egin dezake zerbait?» dio Docek.

        «Zertan da?» diot nik. Sartu eta begiratu egin nuen. Irekitakoan baino hiru puntu beherago zegoen. «Aizue, mutilak, ez duzue ba ametituko kotoi merkatua bezalako huskeria batek zuei burua makurtzea, e?» diot nik. «Bizkorragoak zinetela uste nuen».

        «Bizkorrak, zakurraren putza», dio Docek. «Hamabitan hamabi puntu jaitsia zegoen. Sosik gabe geratu naiz».

        «Hamabi puntu?» diot nik. «Zer arraio dela-eta ez dit inork jakin arazi? Zergatik ez didazue jakin arazi?» esaten diot enplegatuari.

        «Nik datorren bezala hartzen dut», dio berak. «Ez naiz espekulazio zoko batean ari».

        «Bizkorra zara, e?» diot nik. «Hemen gastatzen dudan diru guztiarekin, niri hots egiteko beta aurkitu behar zenukeela nik uste. Edo ez da ba zure konpainia zikin hori ekialdeko beste azpilari zikin horiekin konspirazio lanetan ibiliko, ezta?»

        Ez zuen ezer esan. Lanpetuta balego bezala egin zuen.

        «Laster zara galtzetan kabitu ezinik», diot nik. «Uste gutxiena duzunean lanean hasi beharko duzu bizimodua ateratzeko».

        «Zer gertatzen zaizu?» dio Docek. «Oraindik hiru puntu gainetik zaude».

        «Bai», diot nik, «Baldin eta saltzekotan banengo. Uste dut oraindik ez dudala horrelakorik aitatu. Zuek ere sosik gabe al zarete, mutilak?»

        «Bi aldiz harrapatu naute», dio Docek. «Juxtu-juxtu erretiratu naiz».

        «Horra ba», dio I.O. Snopesek, «Nik bestetan irabazi izan dut; taxuzkoa iruditzen zait aldian behin niri irabaztea».

        Beraz elkarren artean salerosketan utzi nituen, bost zentaboan puntua. Beltz bat aurkitu eta nire automobilaren bila bidali eta izkinan geratu nintzen zain. Ezin nuen Earl kalean gora eta behera begira ikusi, begi bat erlojuan jarrita, nengoen tokitik ez baitzen atea ikusten. Handik astebetera edo itzuli zen automobilarekin.

        «Non arraio egon haiz?» diot nik, «Automobilarekin bueltak ematen neskak ikusten ote hinduten edo?»

        «Ahal bezain azkar etorri naiz», dio berak, «Buelta guztia eman behar izan diot plaza'i, gurdi guzti ho'iekin».

        Ez dut oraindaino bitartean beltz bakar bat ezagutu berak egindako guztiarentzat koartada borobila ez zuenik. Baina uztazu bat automobil batean bere gisara eta laster duzu bere burua nola nabarmenduko. Igo eta plaza inguratu nuen. Begiaren ertzaz Earl atean ikusi nuen, plazaren beste aldean.

        Zuzenean sukaldera joan eta bazkariarekin azkar ibiltzek esan nion Dilseyri.

        «Quentin ez da o'aindik etxe'atu», dio berak.

        «Eta zer?» diot nik. «Hurrena zera esango didazu, Luster ere oraindik ez dagoela prest bazkaltzeko. Quentinek badaki zer ordutan jaten den etxe honetan. Ea ba, segi azkar».

        Ama bere gelan zegoen. Eskutitza eman nion. Ireki eta txekea atera eta eserita geratu zen, txekea eskuan zuela. Txokora joan eta pala hartu eta pospolo bat eman nion. «Ea ba», diot nik, «Bukatu horrekin. Segituan negarrez zara».

        Pospoloa hartu baina ez zuen piztu. Hantxe eserita gelditu zen, txekeari begira. Nik espero bezalaxe.

        «Ez zait batere gustatzen hau egitea», dio, «Zure karga handitu Quentin gehituz...»

        «Konponduko gara noski», diot nik. «Ea ba. Bukatu horrekin».

        Baina bera hantxe eserita, txekea eskuan zuela.

        «Hau beste banketxe batekoa da», dio. «Orain artekoak Indianapoliseko banketxe batekoak ziren».

        «Bai», diot nik. «Emakumeei hori egitea ere ametitzen zaie».

        «Zer egitea?» dio berak.

        «Dirua bi banketxe desberdinetan edukitzea», diot nik.

        «O», dio berak. Txekeari begira egon zen pixka batez. «Poz handia da niretzat ikustea bera hain... berak hainbeste... Jainkoak onetsiko al du egiten ari naizena», dio.

        «Ea», diot nik, «Bukatu. Eman azkena dibertsioari».

        «Dibertsioari?» dio berak, «Pentsatzen dudanean...»

        «Zera usten nuen, dibertitzeagatik erretzen zenituela hileroko berrehun dolar horiek», diot nik. «Ea ba. Piztuko al dizut nik pospoloa?»

        «Onartu ere egingo nituzke», dio berak, «Nire umeen izenean. Urguilurik ez dut».

        «Ez zinateke behin ere gustura egongo», diot nik. «Badakizu ezetz. Hartu zenuen behin erabakia, orain eutsi hari. Konponduko gara».

        «Dena zure gain uzten dut», dio berak. «Baina batzuetan ikara ematen dit, hori eginez ez ote naizen gizalegez dagokizun guztia kentzen ari. Beharbada izango dut nire zigorra horregatik. Hala nahi baduzu, nire urguilua ito eta onartu egingo ditut».

        «Zer aurreratuko genuke orain hasita, hamabost urtez erre dituzun bezala erre eta gero?» diot nik. «Lehengoan segitzen baduzu, ezer ez duzu galdu, baina orain onartzen hasten bazara, berrogeita hamar mila dolarren galera izango duzu. Orain arte konpondu gara, ezta?» diot nik. «Ez zaitut oraindik pobre-etxean ikusi».

        «Bai», dio berak, «Guk Bascomb-tarrok ez dugu inoren karitate beharrik. Are gutxiago emakume galdu batenik».

        Pospoloa piztu eta txekeari su eman eta palan jarri zuen, eta gero sobrea, eta nola erretzen ziren begira gelditu zen.

        «Zuk ez dakizu zer den hau», dio, «Behin ere ez duzu jakingo ama batek zer sentitzen duen, Jainkoari eskerrak».

        «Makina bat emakume badaude munduan bera baino hobeak ez direnak», diot nik.

        «Baina ez dira nire alabak», dio berak. «Ez da nigatik», dio, «Gustura asko ametituko nuke atzera etxean, bekatu eta guzti, nire haragia eta nire odola da-eta. Quentinengatik da».

        Begira, Quentini inork min handirik egiteko aukera handirik ez zegoela esan ahal izango nuen, baina nik esaten dudana, gauza handirik ez dudala espero baina jan eta lo behintzat etxean emakume pare bat errietan eta negarrez eduki gabe egin nahi nituzkeela.

        «Eta zugatik», dio berak. «Ezagutzen ditut zure harenganako sentimenduak.»

        «Itzul dadila», diot nik, «nigatik baldin bada».

        «Ez», dio berak. «Zure aitaren memoriari zor diot hori».

        «Ez iezadazu esan, hainbeste denboran zu nola samurtuko ibili zen-eta, etxera itzultzen utzi zeniezaion Herbertek bazterrera bota zuenean», diot nik.

        «Ez duzu ulertzen», dio berak. «Badakit ez dizkidazula gauzak zailago jarri nahi. Baina niri dagokit nire umeengatik sufritzea», dio. «Eraman dezaket».

        «Ba niri iruditzen hori eginda alferrik sufritzea besterik ez duzula aurreratzen», diot nik. Papera erabat erre zen. Tximiniara eraman eta hara bota nuen. «Niri lastima iruditzen zait diru eder hori erretzea», diot.

        «Ez dezatela nire begiek behin ere ikusi neure umeek hor, onartu beharra duten eguna, bekatuaren etekinak», dio berak. «Nahiago nuke zu zeu ere hilkutxan hilda ikustea».

        «Nahi duzun bezala», diot nik. «Laster bazkalduko al dugu?» diot, «Zeren beste gainontzean itzuli egin beharko baitut. Gaur lan askorekin gabiltza». Zutitu egin zen. «Esan diot behin», diot nik. «Antza denez Quentin edo Luster edo beste norbaiten zain dago. Zaude, hots egingo diot nik. Itxoin». Baina eskailera burura joan eta hoska hasi zen.

        «Quentin ez da o'aindik etxe'atu», dio Dilseyk.

        «Beno, itzuli egin beharko dut ba», diot nik. «Jango dut ogitarteko bat herrian. Ez nieke Dilseyren asmoei enbarazurik egin nahi», diot. Beno, hori nahikoa izan zen Ama berriro martxan jartzeko, eta Dilsey berriz herrenka eta marmarka batetik bestera, esanez:

        «Ondo da, ondo da, ahal bezain azkar al naiz».

        «Ahaleginak egiten ditut zuek denok gustura uzteko», dio Amak, «Ahaleginak egiten ditut zuei gauzak samurtzeko».

        «Ez naiz ari kexatzen, ezta?» diot nik. «Lanera itzuli beharra daukadala, beste hitzik esan al dut nik?»

        «Badakit», dio berak, «Badakit ez dituzula izan besteek izan dituzten aukerak, herri txiki bateko denda-zuloan sartu behar izan duzula zeure burua. Nik zuk aurrera egitea nahi nuen. Banekien zure aitak ez zuela behin ere konprenituko zu zinela negozioetarako sena zuen bakarra, eta gero beste guztiak behea jo zuenean nik pentsatu nuen bera ezkondutakoan, eta Herbertek ere... agindu zuena agindu eta gero...»

        «Beno, hura ere gezurretan ibiliko zen segur aski», diot nik. «Deskuidatzen bazara banketxerik ere ez zuen. Eta baldin bazuen ere, nik uste Mississippiraino etorri beharrik ez zuela gizon bat behar bazuen harako».

        Jan egin genuen pixka batez. Ben sukaldean sentitzen nuen, Luster han ari zitzaion bazkaria ematen-eta. Nik esaten dudana, beste aho bat baldin badaukagu jaten emateko eta berak ez badu diru hori hartu nahi, zergatik ez bidali Ben Jacksonera? Zoriontsuago izango litzateke han, bera bezalako jendearekin. Nik esaten dut zera, Jainkoak ondo asko dakiela lehen ere etxe honetan nahiko toki gutxi duela urguiluak, baina urguilu handirik ez da behar hogeita hamar urteko gizona atarian mutiko beltz batekin jostatzen ikusi, hesi ondotik gora eta behera korrika ikusi, behi bat bezala marruka harako hartan golfean hasten direnero, eta ikusitakoa ez gustatzeko. Nik esaten dut hasieratik Jacksonera bidali izan balute igualekoxe egongo ginatekeela orain denok. Esaten dut, eginbeharreko guztia egin diozu; egin duzu zugandik espero zitekeen guztia eta baita jende gehienak egingo zuena baino gehiago ere, beraz zergatik ez bidali hara eta etekin hori atera ordaintzen ditugun zergei. Orduan berak esaten du, «Laster joango naiz. Badakit zuretzat ez naizela karga bat besterik» eta nik «Sinesten hastekotan nago, denbora puska bat bai baitaramazu hori esaten» bakarrik zera, esaten dut, hobe duzula ez niri esatea noiz zaren joatekoa zeren gau horretan bertan seguru hamazazpian sartuko dudala eta esaten dut uste dut ezagutzen dudala beste hori ere ametituko luketen toki bat ez dagoena ez Esne kalean ez Ezti Etorbidean. Orduan negarrez hasi zen eta nik esaten dut Ondo da ondo da beste edozeinek adina urguilu badut nire ahaideekiko nahiz beti ez jakin nondik etorriak diren».

        Jan egin genuen beste pixka batez. Amak Dilsey atarira bidali zuen Quentin azaltzen ote zen ikustera.

        «Lehen ere esan dizut ez dela bazkaltzera etorriko», diot nik.

        «Kontuz ibiltzea du», dio Amak, «Ondo asko daki ez diodala ametitzen kaletik ibiltzea bazkalorduan etxeratu gabe. Ondo begiratu al duzu, Dilsey?»

        «Hortaz galarazi», diot nik.

        «Zer egin dezaket», dio berak. «Ez nauzue aintzakotzat hartu. Sekula».

        «Tartean sartuko ez bazina, erakutsiko nioke nik bai obeditzen», diot nik. «Egun bat nahikoa nuke ederki asko taxutzeko».

        «Zakarregia izango zinateke berarekin», dio berak. «Zure osaba Mauryren jenioa duzu».

        Horrek eskutitza ekarri zidan gogora. Atera nuen eta eskura eman nion. «Ireki beharrik ez daukazu», diot. «Banketxeak jakin araziko dizu zenbat den oraingoan».

        «Zure izenean dator», dio berak.

        «Ea, ireki ezazu», diot nik. Ireki zuen eta irakurri eta eskura eman zidan.

        «Iloba gazte maitea—, dio.

 

        »Poztuko zaitu une honetan aukera batez baliatzeko egokieran aurkitzen naizela jakiteak, zeinari buruz, argi eta garbi utziko dizkizudan arrazoiengatik, ez dizudan xehetasunik emango harik eta modu ziurragoan adierazteko aukera izaten dudan arte. Nire esperientziak negozio munduan ahal dela gauza konfidentzialak ahotsa baino bitarteko konkretuagoen esku ez uzten erakutsi dit, eta nire neurriz gaineko zuhurtasunak, oraingo honetan, haren balioaren ideiaren bat eman beharko lizuke. Esan beharrik ez daukat bere fase guztien azterketa zehatz eta mehatza burutua dudala, eta inolako zalantzarik gabe esaten dizut bizitzan behin suertatu ohi diren urrezko aukera horietako bat dela, eta orain garbi ikusten dudala nire aurrean hainbeste denboran eta ekinaren ekinez nire ahaleginek izan duten jomuga, hau da, nire negozioen sendotze behin betikoa, neure familia atzera dagokion tokian jartzea ametituko didana, niri baitagokit familia horretan azken ondorengo arra izateko ohorea; zure ama eta bere umeak beti etxekotzat jo ditudan familia horretan, hain zuzen.

        »Gertatzen da, ordea, ni neu ez nagoela aukera horrek garantizatzen duen guztiaz baliatzeko egokieran, baina familiaz kanpokoengana jo baino lehen hori aurrera eramateko, gaur zure Amaren banketxean nire lehen inbertsioa osatzeko beharrezkoa zen kopurutxoa hartu dut. Hori dela-eta, hemen bertan bidaltzen dizut, formalitate huts bezala, eskuz idatzitako ohar bat, urteko ehuneko zortziarekin. Esan beharrik ez daukat formalitate hutsa dela hori, zure Ama segurtatzeko, gizonak beti dibertimendu eta jostailuarena egiten duen halabehar hori gauzatuko balitz ere. Ezen, jakina, neurea balitz bezalaxe erabiliko baitut kopuru hori, eta hartara zure Amari ere aukera honetaz baliatzeko modua eskainiko diet, nire ikerketa zehatz eta mehatzek —metaforaren baldarkeria ametitzen badidazu— ur fresko eta argi bare garbienaren iturri dela erakutsi baitute.

        »Hau, ulertuko duzun bezala, konfiantzan esaten dizut, negozio gizon batek beste bati bezala; beste inoren beharrik ez dugu gure mahastietako mahatsa biltzeko, ezta? Eta ezagututa zure Amaren osasun delikatua, eta hain heziketa delikatuko dama Hegotarrek negozio kontuen aurrean ezinbestean sentitzen duten beldurra, eta horrelako kontuak oharkabean elkarrizketan zabaltzeko duten joera xarmangarri hori, nik esango nizuke ez hau berari batere aitatzeko. Hobeto pentsatuta, honi buruz ez ezer egiteko aholkatzen dizut. Onena izango da kopuru hau egunen batean banketxeari itzultzea, batuketa eginda, esate baterako, zor dizkiodan beste kopurutxoekin, berari ezer esan gabe. Gure eginbeharra bera babestea baita ahal dela, mundu honetako materialtasun baxuetatik.

        »Zure Osaba bihotzekoa,

        »Maury L. Bascomb»

 

        «Zer pentsatzen duzu egitea?» diot nik, eskutitza mahaiaren gainetik botatzen diodala.

        «Badakit gaizki ikusten duzula nik ezer ematea», dio berak.

        «Zure dirua da», diot nik, «Txoriei bota nahi badiezu ere, zure kontua da».

        «Nire anaia da», dio Amak. «Azken Bascomb-tarra da. Gu joandakoan ez da besterik izango munduan».

        «Izango da, noski, horregatik pena izango duenik ere», diot nik. «Ondo da, ondo da», diot. «Zure dirua da. Egin berarekin nahi duzuna. Nahi al duzu banketxekoei ordaintzeko esatea?»

        «Badakit gogoz kontra egiten duzula», dio berak. «Jabetzen naiz bizkar gainean daramazun kargaz. Ni joandakoan arindu ederra hartuko duzu».

        «Orain ere arindu ederra har nezake», diot nik, «Ondo da, ondo da, ez dut berriro aitatuko. Ekarri eroetxeko guztiak etxera, hori nahi baduzu».

        «Zure anaia da», dio berak, «Gaitza baldin badu ere».

        «Zure libreta hartuko dut», diot nik, «Gaur kobratuko dut nire txekea».

        «Sei egun eduki zaitu zain», dio berak. «Seguru al zaude negozioa ondo doala? Xelebrea iruditzen zait enpresa solbente batek bere enplegatuei behar den egunean ordaindu ezin izatea».

        «Fidatzeko modukoa da», diot nik. «Banketxe bat bezain segurua. Hileroko kobraketak bukatu arte nireaz ez kezkatzeko esaten diot. Horregatik berandutzen da batzuetan».

        «Ezingo nuke burutu zugatik jarri nuen apur hura galduko bazenu», dio berak. «Askotan pentsatu dut Earl ez dela negozio gizon ona. Ez du zugan jartzen zuk negozioan egindako inbertsioak garantizatu beharko lukeen konfiantza guztia. Hitz egin egingo dut berarekin».

        «Ez, uztazu bakean», diot nik. «Negozioa berea da».

        «Mila dolar dauzkazu han jarrita».

        «Uztazu bakean», diot nik, «Ni erne nago. Zure ahalduna naiz. Ondo aterako da dena».

        «Ez dakizu zer lasaitasuna zaren niretzat», dio berak. «Beti izan zara nire urguilua eta nire poza, baina zeure borondatez niri gogor egitera etorri zinenean, zure soldata hilero nire izenean jarri nahi zenuela-eta, eskerrak eman nizkion Jainkoari zu nire ondoan uzteagatik besteak eraman beharra izan bazuen».

        «Txarrik ez zuten», diot nik. «Haiek ere ahal zutena egin zutela nik uste».

        «Tankera horretan hitz egiten duzunean, badakit samintasunez gogoratzen zarela zure aitaz», dio berak. «Eskubiderik ere baduzu. Bai noski. Baina zuri aditzeak bihotza zartatzen dit».

        Altxa egin nintzen. «Negar egitekotan bazaude», diot, «zerorrek bakarrik egin beharko duzu, nik itzuli beharra daukat-eta. Libretaren bila noa».

        «Nik ekarriko dizut», dio berak.

        «Zaude geldirik», diot nik, «Nik hartuko dut». Gora joan eta libreta hartu bere idazmahaitik eta herrira itzuli nintzen. Banketxera joan eta txekea eta ordain-agindua eta beste hamarrak sartu nituen, eta gero telegrafetxean gelditu nintzen. Irekitakoan baino puntu bat gorago zegoen. Ordurako hamahiru puntu galduak nituen, dena zergatik eta hura hamabietan builaka etorri zitzaidalako, eskutitz harekin gerra ematera.

        «Zer ordutan ailegatu da informe hori?» diot nik.

        «Orain dela ordubete edo», dio berak.

        «Orain dela ordubete?» diot nik. «Zertarako ordaintzen dizugu?» diot nik, «Astean behin informe bat pasatzeko? Horrela nola nahi duzu ba inork ezer egitea? Zera zikin guzti hau aldean gora lehertuagatik ere ez genuke ezertxo jakingo-eta».

        «Ez dut uste ezer egingo duzunik» dio berak. «Aldatu egin dute kotoi merkatuan jokatzen dutenen legea».

        «Egitan?» diot nik. «Ezer ez nekien. Western Union-en bitartez zabalduko zuten berria».

        Dendara itzuli nintzen. Hamahiru puntu. Bertan hilko al naiz inor kapaza bada zera zikin horretaz zertxobait ulertzeko, ezpadira New Yorkeko bulego horietan patxadan eseri eta zain gelditzen diren horiek, herri txikietako gizagaixoak beren diruak kentzeko erregutzera noiz etorriko ote. Beno, datorrenaren zain gelditzen den gizonak ez du konfiantzarik bere buruan, eta nik esaten dudana ez badituzu aholkuak segitu behar, zertarako ordaintzen dituzu. Gainera, jende hori saltsa guztiaren erdi erdian dago; badakite zer ari den gertatzen. Telegrama poltsikoan sentitzen nuen. Telegrafo konpainia frauderako erabiltzen zutela frogatuta dena egina neukan. Horrek esan nahiko luke tokia espekulazio zokoa zela. Eta zalantza handirik ere ez nuke izango, gainera. Baina ez iezadazu esan, Western Union bezalako konpainia handi eta aberats batek ez lituzkeela burtsako informeak garaiz pasa behar. Denboraren erdia nahikoa zaie-eta telegrama bat bidaltzeko zera esanez Zure kontua itxia. Baina axola zaie ba horiei jendea. Azal eta mami dira New Yorkeko beste horiekin. Itsua behar, hori ez ikusteko.

        Sartu nintzenean Earlek bere erlojuari begiratu zion. Baina ez zuen ezer esan bezeroa joan arte. Orduan esaten du,

        «Etxean izan al zara bazkaltzen?»

        «Dentistagana joan beharra neukan», diot nik, zeren nik non jaten dudan ez baita bere kontua baina arratsalde osoa berarekin pasa beharra daukat dendan. Eta bera etengabe tar-tar-tar nik pasa ditudanak pasa eta gero. Nik esaten dudana dendari txiki xaxtar bat dela aproposena bostehun dolar besterik ez dituen gizona dela aproposena bere diruaz berrogeita hamar mila dolar balira bezala kezkatzeko.

        «Esan besterik ez zenuen», dio berak, «Ni hemen, zuzenean etorriko zinelakoan».

        «Trukatuko dugu hortz hau nahi duzunean, eta hamar dolar emango dizkizut gainera tratua borobiltzeko», diot nik. «Bazkaltzeko ordubete izatekotan gelditu ginen», diot, «eta nire jokabidea gustatzen ez bazaizu, badakizu zer egin dezakezun».

        «Badakit, aspalditik gainera», dio berak. «Zure amagatik ez balitz honezkero egin nuen. Sinpatia handia diot dama horri, jason. Lastima nire zenbait ezagunek ez daukatela beste horrenbeste esaterik».

        «Hortaz gorde zerorrentzat», diot nik. «Sinpatia premian egokitzen garenean jakin araziko dizut aldez aurretik».

        «Denbora askoan babestu zaitut beste kontu hori dela-eta, jason», dio berak.

        «Bai?» diot nik, jarraitzen utziaz. Esan behar zuena entzunez isilarazi baino lehen.

        «Iruditzen zait zure amak baino hobeto dakidala nondik atera den automobil hori».

        «Hori uste duzu, orduan?» diot nik. «Eta noiz zabaldu behar duzu berria, alegia amari lapurtu niola?»

        «Nik ez dut ezer esaten», dio berak, «Badakit bere ahalduna zarela. Eta badakit oraindik mila dolar haiek etxe honetan segitzen dutela bere ustetan».

        «Ondo da», diot nik, «Horrenbeste dakizunez, beste zertxobait ere esango dizut: zoaz banketxera eta galdetu noren kontuan aritu naizen ehun eta hirurogei dolar jartzen hilabete bakoitzaren hasieran azken hamabi urteotan».

        «Nik ez dut ezer esaten», dio berak, «Bakarrik eskatzen dizut hemendik aurrera kontu gehixeagoz ibiltzeko».

        Ez nuen besterik esan. Alferrik da. Ikasi dut norbait tematsu jartzen denean bere gisara uztea dela egin dezakezun gauzarik onena. Eta norbaiti buruan jartzen zaionean zerbait esan behar dizula zure onerako, gabon pasa, aizu. Pozten naiz nire kontzientzia txakurtxo eriak bezala etengabe zaindu behar diren horietakoa ez delako. Ni inoiz zerbaitetan saiatuko banintz bera bere hutsaren hurrengo negozio horretan saiatzen den bezala ehuneko zortzia baino gehiago eman ez diezaion. Zera uste du nonbait, usuraren kontrako legea dela-eta auzitara eramango luketela ehuneko zortzia baino gehiago aterako balu. Zer aukera izango ditu ba gizonak, honelako herri bati eta honelako negozio bati lotuta badago. Begira, bere negozioa urtebetean nire kontu hartu eta ederki asko taxutuko nuke gehiago sekula lan egin beharrik izan ez zezan, nahiz gero berak dena elizari edo horrelakoren bati eman. Horrek amorrarazten nau denetan gehiena, hipokrita zikin horiek. Ulertzen ez duten guztia txartzat daukaten gizonak eta aukera egokitu orduko moralki behartuak sentitzen direnak ez dagokiena beste hirugarren bati kontatzera. Nik esaten dudana gizon batek nik erabat ulertzen ez dudan zerbait egiten duen bakoitzean gaizkile bat dela pentsatuko banu, segur aski ez litzaidake asko kostako horrako liburu horietan gauzaren bat aurkitzea zure iritziz korrika norbaiti kontatzera joatekoa ez dena, hain zuzen nire ustez horren berri izan beharko lukeen norbaiti, batez ere kontutan hartuta beharbada nire aldean asko jakingo zutela horretaz, eta ez jakinda ere niri bost axola eta berak esaten du, «Nire liburuak zabalik daude edozeinentzat. Negozio honi buruz kexaren bat duenak edo kexaren bat baduela uste duenak hor atzera joatea du eta ongi etorria izango da».

        «Horixe, zuk ez duzu ezer esango», diot nik, «Ez litzaizuke kontzientzia lasai geldituko. Hor atzera eraman eta berak bere gisara jakin dezan utziko duzu. Zuk zerorrek ez diozu ezer esango».

        «Ez dut zure kontuetan sartu nahi», dio berak. «Badakit ez dituzula izan Quentinek izan zituen zenbait gauza. Baina zure Amak ere bizimodu zoritxarrekoa izan du, eta zergatik joan zaren galdetzera etorriko balitzait, esan egin beharko nioke. Ez da mila dolar horiengatik. Hori badakizu. Baizik eta gizona inora ez delako ailegatzen egin dituen gauzak eta bere liburuak bat ez badatoz. Eta nik ez diot inori gezurrik esango, ez neure alde eta ez beste inoren alde».

        «Ba begira», diot nik, «Nik uste zure kontzientzia hori ni baino enplegatu baliotsuagoa duzula; eguerdian ez dauka etxera joan beharrik bazkaltzera. Bakarrik zera, ez iezaiozu utzi nire apetituarekin sartzen», diot nik, zeren nola arraio egingo ditut gauzak behar bezala, familia madarikatu horrekin eta berak batere ahaleginik egiten ez duela ez beste hori ez beste guztiak zaintzeko, beste aldi hartan bezala, haietako bat Caddyri musuka harrapatu zuenean, eta hurrengo egun osoan soineko beltza eta beloa jantzita ibili zen etxe guztitik eta Aitak ere ez zuen lortu hitzik ateratzea nahikoa zuen negar egitea eta bere alabatxoa hil egin zela esatea eta Caddyk hamabost urte besterik ez garai hartan handik hiru urteetara espartzua eta lixa-papera jantzi beharko zituen martxa horretan segitzera. Ametitu dezakedala uste al duzu bera herrira etorritako biajante guztiekin kaletik ibiltzea, esaten dut, eta gero denak elkarri zera esaten errepidean, neska xolobero bat non aurkitu Jeffersoneko joan-etorria egiterakoan. Urguilu handirik ez dut, ezin izan sukaldea bete beltz edukita tripa betetzeko eta estatuko asiloari apopilo nagusia kentzen diodan bitartean. Gobernadore eta jeneralen odola, esaten dut. Eskerrak ez dugula behin ere errege eta presidenterik izan; bestela honezkero Jacksonen ginen denok tximeleten atzetik korrika. Nik esaten dut nahiko lan izango genukeela nirea balitz ere; behintzat sasikumea zela seguru jakingo nuke, baina orain Jainkoak berak ere ez du segur aski horren berri zehatzik izango.

        Beraz handik pixka batera banda pieza bati ekiten sentitu nuen, eta orduan denak martxan jarri ziren. Funtziorantz, den-denak. Errekardaritzan hogei zentaboko uhal batengatik, hamabost zentabo aurreratuko ote, hartara gero denak zerari eman ahal izateko, hona etortzeko eskubidea beharbada hamar dolarrean erosi duen yanki mordoxka bati. Dendaren atzealdera joan nintzen.

        «Aizu», diot nik, «Argi ez bazabiltza tuerka horrek erroak botako dizkizu eskuan. Eta orduan aizkora hartu beharko dut ateratzeko. Zer uste duzu jango dutela gurgurioek, burdinareak haiei uzta eskaintzeko prestatzen ez badituzu? belarmina?»

        «Ze ederki jotzen duten tronpeta beste ho'iek», dio berak. «Esan di'ate funtzio horretako gizon batek kanta bat jotzen duela zerrote batekin. Banjo bat balitz bezala jotzen duela».

        «Entzun», diot nik. «Ba al dakizu zenbat gastatuko duten funtzioko horiek herri honetan? Hamar bat dolar», diot nik. «Oraintxe bertan Buck Turpinek bere poltsikoan dauzkan hamar dolarrak».

        «Zerta'ako ematen dizkiote ba hamar dolar Mr Bucki?» dio berak.

        «Hemen funtzioa eskaintzen uzteagatik», diot nik. «Ez zinateke urrutira ailegatuko hemen gastatuko dutenarekin».

        «Ze esan nahi duzu, hamar dolar pa'atzen dituztela funtzioa eskaintze hutsa'atik?» dio berak.

        «Hori bakarrik», diot nik, «Eta zenbat uste duzu...?».

        «Alajaina», dio berak, «Ze esan nahi duzu, dirua kentzen dietela hemen funtzioa eskaintzen uztea'atik? Gustu'a asko emango nituzke nik hamar dolar gizon ho'i zerrotea jotzen ikustea'atik, hala behar izan ezke'o. Bihar goizean prezio horretan bede'atzi dolar eta hiruro'eita hamabost zentaboko zorra e'ukiko nuke o'aindik be'a'kin».

        Eta gero Yanki bat kaskoak berotzen hasiko zaizu, beltzak aurrerantz doazela esanez. Doazela aurrerantz, ni horretan nago. Doazela aurrerantz harik eta Louisvilletik hegoaldera bat bakarra aurkitzeko modurik ez izan arte, ezta ehiza-txakur batekin ere. Zeren esan nionean larunbat gauean dena bildu eta gutxien-gutxienez mila dolar eramango zituztela konderritik, berak esaten du,

        «Ez zait ba gaizki iru'itzen. Nire ho'eita bost zentaboak gastatu ezinik ez daukat nik».

        «Tokitan, hogeita bost zentabo», diot nik. «Hori hasteko besterik ez da. Eta gastatuko dituzun hamar edo hamabost zentaboak bi zentaboko goxoki kaxa zikin batean edo horrelako zerbaitetan? Eta oraintxe alferrik galtzen ari zaren denbora, banda horri entzuten?»

        «Ho'i 're egia da», dio berak. «Gaueko hamabietan o'aindik bizi'ik banaiz ho'eita bost zentabo gehio e'amango dituzte herritik, ho'i se'uru».

        «Orduan ergel hutsa zara», diot nik.

        «Beno», dio berak, «Ez dizut ba ezetzik esango. Baina ho'i krimena balitz, katea'i lotutako preso guztiak ez li'ateke beltzak izango».

        Begira, juxtu une hartan begiak kasualitatez kaletxorantz altxa eta hantxe ikusi nuen. Atzerantz egin eta nire erlojuari begiratu nionean ez nuen hasieran behintzat gizona nor zen antzeman zeren erlojuari begira bainengoen. Ordu bi t'erdiak ziren, edozeinek, nik izan ezik, hura kalean ikusteko esperantza izan baino berrogeita bost minutu garaizago. Beraz atetik begiratu nuenean ikusi nuen estreinako gauza haren gorbata gorri hura izan zen eta gorbata gorria janzten zuen gizona zer terraje zikinetakoa izan ote zitekeen hasi nintzen pentsatzen. Baina neska bazihoan ezkutuka kaletxotik, atea zainduz, beraz ez nintzen beste harengan pentsatzen hasi ezkutatu ziren arte. Hain errespetu gutxi ote zidan galdetzen nion neure buruari, piper egin, nik galarazi ondoren, eta gero gainera denda aurretik pasatzeko, nik ikusten ote nuen-edo. Baina berak ezin zuen denda barrua ikusi zeren eguzkiak bete-betean ematen baitzuen atean eta automobil baten faroetatik barrena ikusten saiatzea bezalaxe zen, beraz hantxe gelditu eta pasatzen ikusi nuen, aurpegia pinta-pinta eginda pailazo batek bezala eta ilea dena gominaz eta kizkurrez beteta eta soinekoa berriz zera, nire gazte denboran emakume bat bernak eta atzealdea tapatzeko hura besterik ez zuela atera izan balitz, baita Gayoso edo Beale Street-era ere, laster asko bidaliko zuketen kartzela zulora. Bertan hilko al naiz ez badira janzten kalean gurutzatzen dituzten gizon guztiak eskua luzatu eta ipurtalde hari heltzeko gogoz utzi nahi balituzte bezala. Eta beraz gorbata gorria janzten zuen gizona zer terrajetako zikina izan ote zitekeen pentsatzen ari nintzela kolpetik eta neskak esan balit bezalaxe komediante haietako bat zela konprenitu nuen. Begira, makina bat gauzarekin burutzeko gauza naiz; beste gainontzean leku ederrean nengoke, beraz kale kantoia inguratu zutenean aldean atera eta atzetik abiatu nintzaien. Horra non nengoen ba, sonbreirurik gabe, arratsaldearen erdian, kale zoko guztiak miatzen nire amaren izen ona gordetzeko. Nik esaten dudana horrelako emakume batekin ezin dela ezer egin, barruan baldin badarama. Odolean baldin badarama, ezin dela ezer egin berarekin. Gauza bakarra egin dezakezu, ondotik kendu, eta segi dezala bere zimakoekin bizitzera.

        Kalean barrena abiatu nintzen, baina ez ziren ageri. Eta ni han, sonbreirurik gabe, niri ere burutik egin izan balitzait bezala. Eta, jakina, hori pentsatuko zuen edozeinek, bat eroa da eta besteak bere burua ito zuen eta bestea berriz kalera bota zuen senarrak, zergatik ez dira gainontzekoak ere erotuta egongo. Denbora guztian niri begira ikusten nituen aztoreak bezala, aukera aproposaren zain zera esateko Ba begira ez naiz batere harritzen aspalditik nuen susmoa familia osoa erotuta dago. Lurra saldu hura Harvardera bidaltzeko eta zergak ordaindu nik bi aldiz bakarrik beisbol partiduetan ikusi dudan estatuko Unibertsitateari laguntzeko eta etxean alabaren izena aitatzen utzi ez harik eta denboraldi baten ondoren Aitak herrira jaisteko gogoa ere galdu zuen arte nahiago zuen egun osoa hantxe eserita pasatzea bere botilarekin nik bere kamisoi barrena ikusten nuen eta bere berna biluziak eta botilaren kinkatekoak aditzen nituen eta azkenean T.P.-k zerbitzatu behar izaten zion eta berak esaten du Errespeturik ez diozu zure Aitaren memoriari eta nik esaten dut ez dakit zergatik seguru ondo gordea dagoela luzaro irauteko baina ni ere erotuta baldin banago auskalo zer egingo dudan urari begiratze hutsak gaixotu egiten nau eta lehenago eztarriratuko nuke gasolina whisky baso bat baino eta Lorraine haiei esaten edan ez du beharbada edango baina gizon ez dela uste baduzue nik esango dizuet egia jakiteko modua eta esaten du Horietako puta batekin txorakeriatan harrapatzen bazaitut ba al dakizu zer egingo dudan esaten du heldu eta astindu eder bat eman astindu eder bat eman neure eskuetan daukadan bitartean esaten du eta nik esaten dut ez badut edaten hori nire kontua da baina behin ere huts egin al dizut esaten dut nahi baduzu bertan bainua hartzeko adina zerbeza erosiko dizut zeren nik errespetu osoa baitiot puta zintzo ondradu bati zeren Amaren osasunarekin eta eusten saiatzen naizen posizioarekin handia da gero horrek beragatik egiten saiatzen naizenari errespetua izan ordez bere izena eta nire izena eta Amaren izena tankera horretan herri guztiaren aho-goxagarri bihurtzea.

        Non edo han ezkutatua zen. Ni hurbiltzen ikusi eta beste kaletxoren batetik alde egin zuen, kalean gora eta kalean behera gorbata gorriko komediante zikin batekin mundu guztiak hari begiratu eta zera pentsatuko zuelarik, zer terrajetakoa izan ote zitekeen gorbata gorria janzten zuen gizona. Begira, mutilak niri hizketan segitzen zuen eta beraz telegrama hartu nuen hartu nuenik ere jakin gabe. Ez nuen antzeman zer zen izenpetu arte, eta ireki ere axola handirik gabe ireki nuen. Segur aski banekien hasieratik zer izango zen. Horixe besterik ez nuen behar, propio zain egotea nik txekea libretan sartu arte.

        Ez dakit nola sar daitekeen New York baino handiagoa ez den hiri batean behar hainbat jende guri herri txikietako gizagaixooi diruak kentzeko. Egunero anima apartatuta lanean aritu goizean goizetik iluntzera arte, haiei zure dirua bidali eta paper puska bat jasotzen duzu bueltan, Zure kontua 20.62an itxi da. Engainatu egiten zaituzte, paperean irabazi batzuk pilatzen uzten dizute, eta gero tak! Zure kontua 20.62an itxi da. Eta hori nahikoa ez izanda, hilero hamar dolar ordaindu behar norbaiti lehenbailehen galtzeko modua esan diezazun, edo horretaz ezertxo ere ez dakielako edo telegrafo konpainiarekin bat eginda dagoelako. Beno, nirekikoak egin dituzte ba. Azkeneko aldiz zupatu dute niretik. Begi bistakoa zen edozeinentzat, judutar baten hitzaz fidatzeko bezain txoroa ez den edozeinentzat, merkatua goraka ari zela etengabe, uholdea berriro delta madarikatu guztia hartzeko zorian zegoelarik kotoi guztia lurretik oso-osorik ateratzeko lehengo urtean bezalaxe. Hori ere bada ba, urtea joan eta urtea etorri urak gizonaren uzta nola daraman ikusi, eta haiek han Washingtonen egunean berrogeita hamar mila dolar gastatzen Nikaraguan edo ez dakit non ejertzitoa mantentzeko. Berriro ere egingo du ba gainezka, eta orduan kotoi libera hogeita hamar zentaboan jarriko da. Begira, ni konforme nintzateke behin harrapatuko banitu eta nire diruak atzera nireganatuko banitu. Ez dut dirua harrapazka irabazi nahi; herri txikietako espekulatzaile horiek dira horren atzetik dabiltzanak, nik bakarrik nahi dut judu madarikatu horiek beren azpi-informazio garantizatu guztiekin atera dizkidaten diruak atzera nireganatzea. Gero akabo nire aldetik; hanketan musu ematera etorrita ere ez dute gehiago nire zentabo bat ikusiko.

        Dendara itzuli nintzen. Hiru t'erdiak ziren ia. Oso denbora gutxi ezer egiteko, baina ohituta nago horretara. Ez dut Harvardera joan beharrik izan hori ikasteko. Bandak jotzeari utzia zion. Denak barruan zeuzkaten orain, eta haize gehiago alferrik galdu beharrik ez zuten. Earlek esaten du,

        «Aurkitu zaitu, ezta? Hona ekarri du lehentxeago. Hor atzean zinela uste nuen».

        «Bai», diot nik, «Hartu dut. Ezingo zidaten arratsalde osoan ezkutatu. Txikiegia da herria. Etxera joan behar dut minutu batez», diot. «Soldatari kendu horrela gusturago geldituko bazara».

        «Segi ezazu», dio berak, «Konponduko naiz orain. Ez zenuen ba berri txarrik jasoko?»

        «Telegrafetxera joan beharko duzu jakitera», diot nik. «Haiek izango dute zuri kontatzeko astirik. Nik ez».

        «Galdetu besterik ez dut egin», dio berak. «Zure amak badaki nigan konfiantza izan dezakeela».

        «Estimatuko du», diot nik. «Ez naiz behar baino gehiago luzatuko».

        «Lasai ibili», dio berak. «Konponduko naiz orain. Segi ezazu».

        Automobila hartu eta etxera joan nintzen. Behin goizean, bi aldiz eguerdian, eta orain berriro, hura zela-eta eta herri guztia pasa behar haren atzetik eta erregutu egin behar beste haiei nik ordaindutako janaritik pixka bat jaten utzi diezadaten. Batzuetan eta dena zertarako pentsatzen dut. Orain arte pasa ditudanekin erotuta egon behar dut aurrera segitzeko. Eta orain segur aski tomate saski baten edo antzeko zerbaiten bila paseo luze polit bat emateko denbora juxtuarekin ailegatuko naiz etxera eta gero alkanfore fabrika batek bezalakoxe usainarekin itzuli beharko dut herrira nire burua lepo gainean leher ez dadin. Makina bat aldiz esan diot aspirina horiek ezertxo ere ez daukatela, bakar-bakarrik irina eta ura gaixo imajinarioentzat. Esaten diot buruko mina zer den ez dakizu zuk. Esaten diot zer uste duzu nigatik balitz ibiliko nintzatekeela automobil zikin horrekin eroarena egiten. Esaten diot gabe ere pasa ninteke lehen ere makina bat gauza gabe pasatzen ikasia naiz baina karrikotxe zahar zarpil horretan zure burua arriskatu nahi baduzu gizondu gabeko mutil beltz batekin hor konpon zeren Jainkoak Ben bezalakoak zaindu egiten baititu esaten dut, Jainkoak badaki zerbait egin beharra daukala haren alde, baina uste baduzu mila dolarren balioko makineria delikatua beltz gizondu gabeko baten eskuetan edo gizondutako batenetan utziko dudala, zoaz eta erosi zuk zerorrek zeren nik hori esaten diot automobilean ibiltzea gustatzen zaizu badakizu baietz.

        Dilseyk esan zuen Ama etxean zegoela. Sarrerara jo eta zer entzungo jarri nintzen, baina ez nuen ezer aditu. Gora igo nintzen, baina bere ate aurretik pasatzen ari nintzen momentuan hots egin egin zidan.

        «Nor ote zen jakin nahi nuen», dio. «Hainbeste denbora hemen bakarrik egonda soinu guztiak entzuten ditut azkenean».

        «Ez daukazu hemen gelditu beharrik», diot nik. «Egun osoa beste andreak bezalaxe bisitak egiten pasa zenezake, nahi izan ezkero». Ateraino etorri zen.

        «Beharbada gaixorik egongo zinela pentsatu dut», dio berak. «Halako presarekin bazkaldu duzularik».

        «Ea hurrengoan suerte hobea duzun», diot nik. «Zer nahi duzu?»

        «Zerbait gertatu al da?» dio berak.

        «Zer gerta liteke ba?» diot nik. «Ezin al naiz arratsalde erdian etxeratu etxe osoa asaldatu gabe?»

        «Quentin ikusi al duzu?» dio berak.

        «Eskolan da», diot nik.

        «Hirurak jo zuten», dio berak. «Gutxienez ordu erdia bada erlojua aditu dudala. Honezkero etxean behar luke».

        «Bai, e?» diot nik. «Behin ere ikusi al duzu ilundu baino lehen?»

        «Etxean behar luke», dio berak. «Ni neska gaztea nintzenean...»

        «Bazenuen norbait zuzen ibiltzera behartzeko», diot nik. «Berak ez, ordea».

        «Ezin dut ezer egin berarekin», dio berak. «Behin eta berriz saiatu naiz».

        «Eta ni saiatzerik ez duzu nahi, arrazoiren batengatik», diot nik, «Beraz gustura behar zenuke». Nire gelara joan nintzen. Giltzari buelta eman eta hantxe gelditu nintzen krisketa jiratu arte. Orduan esaten du,

        «Jason».

        «Zer», diot nik.

        «Zerbait gertatzen zela pentsatu dut, hori da dena».

        «Hemen ez», diot nik. «Okerreko tokira etorri zara».

        «Ez zaitut kezkatu nahi», dio berak.

        «Pozik aditzen dizut hori», diot nik. «Ez nengoen seguru. Oker egon nintekeela pentsatzen nuen. Zerbait nahi al duzu?»

        Handik pixka batera esaten du, «Ez. Ez ezer ez». Gero joan egin zen. Nik kaxa hartu eta dirua kontatu nuen eta berriro kaxa gorde eta atea ireki eta kanpora atera nintzen. Alkanforea gogoratu zitzaidan, baina beranduegi izango zen ordurako. Eta beste joan-etorri bat besterik ez nuen falta. Bere atean zegoen, zain.

        «Ezer nahi al duzu herritik?» diot nik

        «Ez», dio berak. «Ez dut zure kontuetan sartu nahi. Baina ez dakit zer egingo nukeen zerbait gertatuko balitzaizu, Jason».

        «Ondo nago», diot nik. «Buruko min pixka bat bakarrik».

        «Nahiago nuke aspirina bat hartuko bazenu», dio berak. «Badakit automobil hori erabiltzen segituko duzula».

        «Zer axola dio automobilak?» diot nik. «Nola emango dio ba automobilak buruko mina gizonari?»

        «Badakizu gasolinak beti ondoeza eman dizula», dio berak. «Mutil-koskorra zinenetik. Nahiago nuke aspirina bat hartuko bazenu».

        «Segi ba zure nahi horrekin», diot nik. «Kalterik ez dizu egingo»

        Automobilera igo eta herrirantz abiatu nintzen berriro. Kaletik abiatzea besterik ez nuen egin ford bat ikusi nuenean habaila gorrian nire aldera etortzen. Gelditu egin zen bat-batean. Gurpilen irristada hotsa aditu nuen eta jira zen alde batera eta jo atzera eta buelta eman eta juxtu zer arraiotan ote zebiltzan pentsatzen ari nintzenean, gorbata gorri hura ikusi nuen. Gero neskaren aurpegia ezagutu nuen, leihotik atzerantz begira zegoela. Kaletxo baterantz jo zuen. Berriro jiratzen ikusi nuen, baina beste kalera heldu nintzenerako ezkutatzen ari zen, demonioaren habailan.

        Sutan jarri nintzen. Gorbata gorri hura ezagutu nuenean, esan nizkionak esan eta gero, dena ahaztu nuen. Buruaz ere ez nintzen gogoratu harik eta lehenengo bidegurutzera ailegatu eta gelditu beharra izan nuen arte. Errepideetan gastatzen ditugun diruak gastatu eta ez didazu esango ez dela txapa ondulatu baten gainetik gidatzen saiatzea bezalaxe. Gizonak bere buruari nola eutsi diezaiokeen jakin nahi nuke, orgatila batekin ere. Iritzi onegia dut nire automobilaz; ez dut puska-puska egingo ford bat balitz bezalaxe. Seguruenik ere lapurtua zuten, gainera, eta hortaz axola zitzaien ba haiei. Nik esaten dudana odolak agintzen duela. Barruan horrelako odola baldin badaukazu, edozein gauza egingo duzu. Nik esaten dut zure ustetan berak zurekiko dituen eskubide guztiak kitatuta daude jadanik; hemendik aurrera zeure buruari bakarrik bota ahal izango diozu errua zeren bai baitakizu zer egingo lukeen zentzuzko edozein pertsonek. Nik esaten dut nire denboraren erdia detektibearena egiten pasa behar badut, lan hori ordainduko didaten tokira joango naiz behinik behin.

        Beraz bidegurutzean gelditu beharra izan nuen. Orduan gogoratu zitzaidan. Norbait barruan mailu batekin joka edukitzea bezala zen. Esaten dut ahaleginak egin ditut bere kezkarik izan ez dezazun; esaten dut niri dagokidanez, doala infernura nahi badu eta zenbat eta lehenago hobe. Esaten dut besterik nor espero duzu ba, ezpadira herrira etortzen diren biajante eta komediante merke guztiak zeren orain beste herriko gexalme horiek ere muzin egiten diote-eta. Ez dakizu zer ari den gertatzen esaten dut, ez dituzu aditzen nik aditzen ditudan kontuak eta imajinatuko duzu noski isilarazi egiten ditudala. Esaten dut nire familiak esklaboak zituen hemen zuek denok denda koxkor xaxtarretan eta beltz batek maiztergoan ere hartuko ez lituzkeen lurretan aritzen zineten bitartean.

        Behin ere lurrik landu bazuten behintzat. Eskerrak Jainkoak zerbait egin zuen herri honengatik, bertan bizi den jendeak sekula ez du ezer egin-eta. Ostiral arratsaldea, eta hemendik bertatik sekula goldatu ere gabeko hiru milia lur ikusi ahal nituen, eta konderriko gizon sasoiko guztiak hantxe herrian funtzio hartan. Kanpotar bat izan nintekeen gosez akabatzen, eta arimarik ez nuen aurkituko ezta herrirako bidea galdetzeko ere. Eta hura nik aspirina bat hartzeko ahaleginak egiten. Esaten dut ogia jan nahi dudanean mahaian jango dut. Esaten dut hor ari zara beti esaten zenbat gauzari egiten diezun uko gugatik eta urtean hamar soineko berri erosteko modua bazenuke botika zikin horietan gastatzen duzun diruarekin. Behar dudana ez da buruko minak sendatzeko zerbait baizik eta atsedenaldi bat minik eduki beharrik ez izateko baina egunean hamar ordutako lana egitera behartua nagoen bitartean sukaldea bete beltz ohituta dauden martxan mantentzeko eta funtziora bidaltzeko konderriko beste beltz guztiekin batera, baina hark berandu zuen. Hara ailegatzerako bukatua izango zen.

        Handik pixka batera automobileraino etorri zen eta ford batean bi lagunek pasa ote zuten jakin nahi nuela buruan sartu monean, baietz esan zuen. Beraz aurrera segi nuen, eta bideak bihurgune bat egiten zuen tokira heldu nintzenean gurpilen arrastoak ikusi nituen. A Russel bere sailean zegoen, baina ez nuen hari galdetzeko lanik hartu eta haren granja artean ia bistatik galdu gabea nuela ford hura ikusi nuen. Gorde egin nahi izan zuten. Hark beste edozein gauza egiterakoan lortzen zuen emaitzarekin, gutxi gorabehera. Nik esaten dudana ez da nik neuk horren kontra ezer dudalako; beharbada ezinezkoa zaio saihestea, baizik eta familiari hain begirune gutxi diolarik diskrezio pixka batez ibiltzeko ere kapaza ez delako. Beti beldurrez nabil kale erdian topatuko ote ditudan, edo plazan gurdi baten azpian, zakur parea bezala.

        Gelditu eta jaitsi egin nintzen. Eta orain itzulinguru bat eman eta sail goldatu bat zeharkatu beharko nuen, herria utzi ezkero ikusten nuen aurrenekoa, pauso oro atzetik norbait banu bezala sentituz, borra batekin buruan joka. Neure buruari esaten nion sailaren bestaldera heldutakoan terreno laua izango nuela behintzat hankazpian, pauso oro sastadak emango ez zizkidana, baina basora heldu nintzenean sastrakaz beteta zegoen eta sigi-saga pasa behar izan nuen haietatik barrena, eta gero sasiz betetako zanga batera iritsi nintzen. Haren ondotik segi nuen pixka batean, baina sasitza gero eta ugariagoa zen, eta bien bitartean Earl etxera deika arituko zen segur aski ni non ote nintzen galdezka Ama berriro zeharo kezkatuta utziaz.

        Azkenean handik ateratzea lortutakoan gelditu beharra izan nuen automobila non ote zegoen asmatzeko, hainbesteko bidea egin eta gero zeharka-meharka. Banekien ez zirela handik urruti izango, sastrakarik hurbilenean segur aski, beraz buelta eman eta errepiderantz jo nuen atzera. Orduan ez nekien zehatz zer distantziatara nengoen, beraz gelditu egin behar nuen entzuteko, eta orduan nire bernek odol gutxiago behar zutenez, burura igotzen zitzaidan dena noiz baino noiz lehertzeko zorian balego bezala, eta eguzkia ere jaisten niri begietan bete-betean ematea posible zitzaion punturaino eta belarriak ere zihitekoka nik ezer aditzerik ez izateraino. Aurrera segi nuen, isilik mugitzen saiatuz, orduan txakur bat edo antzeko zer edo zer aditu nuen eta zantzua hartzen zidanean habaila bizian nigana etorriko zela konprenitu nuen, orduan akabo dena.

        Kardulatz eta abartxo eta horrelako zikinkeriez beteta nengoen, arropa eta oinetakoen barruan eta denean, eta orduan kasualitatez bezala nire ingurura begiratu eta zumake pozoitsuko hosto batzuen gainean neukan jarria eskua. Harrigarriena zera zen, zumake pozoitsua izatea eta ez suge bat edo horrelako zerbait. Beraz ez nuen eskua handik kentzeko lanik ere hartu. Hantxe gelditu nintzen txakurra urrundu arte. Gero aurrera segi nuen.

        Automobila non egon zitekeen ideiarik ez neukan. Ezin nuen buruaz aparte beste ezertan pentsatu, eta tokiren batean gelditu eta benetan ford bat ikusi ote nuen galdezka hasten nintzen, eta ikusi banuen eta ez banuen berdintsu zitzaidan. Nik esaten dudana, pasa ditzala gaua eta eguna herriko prakadun guztiekin etzaten, zer axola dit niri. Ez nago ni zorretan gehiago aintzat hartzen ez nauen inorekin, ford hura hantxe utzi eta niri arratsalde osoa galdu arazita ere batere axola ez dionarekin eta Earl berriz Ama dendaren atzealdera eramateko prest liburuak erakusteko zergatik eta mundu honetarako bertutetsuegia delako. Esaten dut gorriak ikusteko zaude zeruan, inoren kontuetan muturra sartzerik ez duzula baina ez al zaitut gero behin ere horretan harrapatuko esaten dut, ez ikusia egiten dut zure amonagatik, baina ez al zaitut gero behin ere hemen horretan harrapatuko, nire ama bizi den etxean. Ile gominatsuko harroxkoa zikin horiek, beren ustetan berebiziko demoniokeriak egiten, nik erakutsiko diet horiei zertxobait infernuaz esaten dut, eta zuri ere bai. Gorbata gorri madarikatu hori infernuko sarrerako kordoia dela sinestaraziko diot, nire ilobarekin basotik ibil daitekeela uste badu.

        Eguzkia begietan nuela eta odola ere kolpeka momentu batetik bestera burua lehertu eta halaxe bukatuko zela dena pentsaraziz, sasi eta beste zera guztiekin trabatuz, ailegatu nintzen azkenean haiek egondako hondarrezko zangaraino eta automobila zegoen zuhaitza ere ezagutu nuen, eta zangatik atera eta korrika abiatu nintzen momentuan automobila abiatzen sentitu nuen. Agudo atera zen, bozina joaz. Jo eta jo segi zuten, Iah esaten ari balitz bezala. Iah. Iaaahhhhhhhh, bistatik ezkutatuz. Bistatik ezkutatzen ikusteko denbora juxtuarekin heldu nintzen errepidera.

        Nire automobila zegoen tokira heldu nintzenerako, ez ziren ageri, bozinak joka segitzen zuen. Begira, beste pentsamendurik ez nuen izan, bakarrik zera, Korri esatea. Korri atzera herrira. Korri etxera eta saiatu Amari sinestarazten ez zaitudala automobil horretan ikusi. Saiatu sinestarazten ez dakidala beste hori nor zen. Saiatu sinestarazten ez zaizkidala hamar oin falta izan zuek zangan harrapatzeko. Saiatu sinestarazten zutik zeundela, hori ere bai.

        Iahhhhh, Iahhhhh, Iaaahhhhhhhhh esaten segitzen zuen, gero eta ahulago. Gero isildu egin zen, eta behi bat marruka aditu nuen Russellen ukuiluan. Eta ezertan pentsatu gabe segitzen nuen. Ateraino joan eta ireki eta hanka goratu nuen. Irudipena izan nuen automobila errepidearen aldapak eskatzen zuena baino gehixeago okertzen ote zen, baina ez nintzen jabetu barrura sartu eta abiatu arte.

        Begira, hantxe eserita gelditu nintzen. Eguzkia sartzera zihoan, eta herria bost bat miliatara zegoen. Ez zuten behar beste barrenik izan sastatzeko, txuloa egiteko. Hustu bakarrik. Hantxe gelditu nintzen pixka batean, beltzez betetako sukalde hartan pentsatuz eta batek ere ez zuela izan kubierta euskarriraino altxa eta torloju pare bat estutzeko astirik. Xelebrea ere bazen zeren bera bezalako neska batek ere ezin izango baitzuen hura imajinatu eta bonba nahita eraman, non eta husten zuen bitartean bururatu ez zitzaion. Baina seguruenik ere zera gertatu zen, norbaitek hartu eta Beni eman ziola jostatzeko ur pistola bat balitz bezala zeren kapazak baitziren automobil guztia desmuntatzeko hark hala nahi bazuen eta Dilseyk esaten du, Inork ez du zu'e automo'ila ukitu. Zertan ibili behar dugu horrekin lardaskan? eta nik esaten dut Zu beltza zara. Suertea duzu, badakizu? Esaten dut egunen batean bata bestearen tokian jarriko gara zeren neska axolagabe batek egiten duenaren peskizan ibiltzeko zuria izan behar baina.

        Russellen etxeraino joan nintzen. Bazuen bonba. Hutsegite bat haien aldetik, segur aski. Baina artean ezin nuen sinetsi hark hura egiteko gibela izan zuenik. Beste pentsamendurik ez nuen. Ez dakit zergatik baina badirudi ez dudala behin ere ikasiko emakume bat edozein gauza egiteko gauza dela. Neure artean pentsatzen nuen, Ahaztu dezagun pixka batean nik zutaz pentsatzen dudana eta zuk nitaz pentsatzen duzuna: nik ez nizuke zuri horrelakorik egingo. Nik ez nizuke zuri horrelakorik egingo zuk niri lehenago edozein gauza eginagatik ere. Zeren nik esaten dudana odola beti odol eta horri kontra egiterik ez dago. Ez baita zortzi urtetako mutil-koskor bati ere bururatuko zitzaion broma egitea, baizik eta gorbata gorri bat janzteko kapaza den gizon bati zure osabaz barre egiten uztea. Herrira etorri eta kaikutzat hartzen gaituzte denok eta txikiegia iruditzen zaie bertan kabitzeko. Begira ez daki zenbaterainoko arrazoia duen. Eta neskak ere ez. Iritzi horretakoa baldin bada, segitzea du hartu duen bidetik eta hutsa gaineko arindua izango dugu.

        Gelditu eta Russelli bonba itzuli eta herrirantz jo nuen. Drugstorera joan eta coca-cola bat hartu nuen eta gero telegrafetxera joan nintzen. 12.21ean zegoen ixterakoan, berrogei puntutako jaitsiera. Berrogei bider bost dolar; erostazu zerbait horrekin ahal baduzu, eta berak esango du, beharrezkoa zait behar-beharrezkoa zait eta nik esango dut lastima beste norbaitekin saiatu beharko duzu ba, nik sosik ez daukat; lanpetuegi ibili naiz batere irabazteko.

        Begiratu besterik ez nion egin.

        «Berri bat emango dizut», diot nik, «Harrituko zara kotoi merkatua interesatzen zaidala jakiteaz», diot nik. «Ez zitzaizun horrelakorik burutik pasa ere egingo, ezta?»

        «Nire ahaleginak egin ditut zuri eskuratzeko», dio berak. «Dendan bi aldiz proba egin dut eta zure etxera ere hots egin dut, baina ez zekiten non zinen», dio, tiradera miatuz.

        «Eskuratu zer?» diot nik. Telegrama bat eman zidan. «Zer ordutan iritsi da hau?»

        «Hiru t'erdiak aldean», dio berak.

        «Bostak eta hamar dira orain», diot nik.

        «Saiatu naiz zuri eskuratzen», dio berak. «Ezin izan zaitut aurkitu».

        «Hori ez da nire errua, ezta?» diot nik. Ireki egin nuen, oraingoan zer gezur esan behar ote zidaten ikusteko. Oso egoera polittean ez daude Mississippiraino jaitsi behar badute hilean hamar dolar lapurtzeko. Saldu, dio. Merkatua aldakor egongo da, beherako joera orokorrarekin. Ez gobernuko informearekin larritu.

        «Zenbat kostatzen da horrelako telegrama bat?» diot nik. Esan egin zidan.

        «Beraiek ordaindu dute», dio.

        «Orduan horrenbeste zor diet», diot nik. «Banekien hori. Bidali hau destinatarioaren kontura», diot, inpreso bat hartuz. Erosi idatzi nuen, Merkatua aldean gora lehertzeko zorian. Noizbehinkako gorabeherak oraindik telegrafetxearen berririk ez duten beste gizagaixo batzuk sarean harrapatzeko. Ez larritu. «Bidali hau destinatarioaren kontura», diot nik.

        Mezuari begiratu zion, gero erlojuari. «Merkatua orain dela ordubete itxi da», dio.

        «Eta?» diot nik, «Hori ere ez da nire errua. Ez nuen nik asmatu; nik pixka bat erostea besterik ez nuen egin, telegrafetxeak gertatzen zenaren jakinaren gainean edukiko ninduelakoan».

        «Informeak ailegatu orduko erakusten dira», dio berak.

        «Bai», diot nik, «Eta Memphisen hamar segundo oro arbel batean jartzen dituzte», diot. «Gaur arratsaldean handik hirurogeita zazpi mila baino gutxiagora egon naiz».

        Mezuari begiratu zion. «Bidali egin nahi al duzu?» dio.

        «Oraindik horretan nago», diot nik. Bestea ere idatzi eta dirua kontatu nuen. «Eta beste hau ere bai, e-r-o-s-i idazteko gauza zarela seguru bazaude».

        Dendara itzuli nintzen. Banda aditzen nuen kalearen beste muturretik. Gauza handia da debekua. Garai batean familia guztiarentzat oinetako pare bakarra zutela etortzen ziren larunbatetan, eta gizonak eramaten zituen soinean, eta posta-bulegora joan eta beren paketea jasotzen zuten; orain berriz denak oinutsik funtziora, eta dendariak atean tigre ilarak edo kaiolan sartutako zerbait balira bezala, haiek nola pasatzen diren begira. Earlek esaten du,

        «Ez zen ba ezer serioa izango».

        «Zer?» diot nik. Bere erlojuari begiratu zion. Gero atera joan eta auzitegiko erlojura begiratu zuen. «Dolar bateko erlojua erosi behar zenuke», diot nik. «Hartara ez zaizu horrenbeste kostako beti gezurretan ari dela sinestea».

        «Zer?» dio berak.

        «Ezer ez», diot nik. «Ez al nizun okerrik egingo».

        «Ez da lan handirik izan», dio berak. «Funtziora joan dira denak. Ez da ezer».

        «Eta ezer baldin bada», diot nik, «Badakizu zer egin dezakezun».

        «Ez dela ezer izan esan dizut», dio berak.

        «Aditu dizut», diot nik. «Eta ezer baldin bada, badakizu zer egin dezakezun».

        «Utzi egin nahi al duzu etxe hau?» dio berak.

        «Hori ez da nire kontua», diot nik. «Nire nahiek axolarik ez dute. Baina ez pentsa hemen edukita babestu egiten nauzunik».

        «Negozio gizon ona izango zinateke nahi bazenu, Jason», dio berak.

        «Behinik-behin badakit nire gauzez arduratzen eta beste gainerakoenak bakean uzten», diot nik

        «Ez dakit zergatik egiten dituzun nik kalera botatzeko ahalegin horiek», dio berak. «Badakizu edozein momentutan joanda ere ez genukeela elkarrengana juzku txarrik egingo».

        «Beharbada horrexegatik ez naiz joaten», diot nik. «Nire lanaz arduratzen naizen bitartean, horregatik ordaintzen didazu-eta». Dendaren atzealdera joan eta ur tragoxka bat edan eta atzeko aterantz joan nintzen gero. Jobek azkenean antolatuak zituen burdinare guztiak. Bakea zegoen han, eta luze gabe burua zertxobait baretzen hasi zitzaidan. Kantari aditzen nituen orain, eta gero banda jotzen hasi zen berriro. Begira, bildu zitzatela konderriko hogeita bost eta hamarreko txanpon guztiak; ez ziren nire poltsikotik atereak. Nik ahaleginak egin ditut; nire adinera etorri eta etsitzeko ordua noiz duen ez dakien gizona txoro hutsa da. Batez ere nire arazoa ez delarik. Nire alaba balitz gauzak bestela lirateke, ez bailuke betarik izango; lan egin beharko luke gogotik elbarri eta idiota eta beltz mordoxka bati jaten emateko, zeren nola izango dut ba etxe horretara norbait ekartzeko azala. Hori egiteko errespetu handiegia diot nik inori. Gizona naiz, horrenbeste eraman ezinik ez daukat, nire odola eta nire haragia da eta gustura emango nioke kara nire laguna den edozein emakumeez errespeturik gabe hitz egitera ausartuko litzatekeen gizonari emakume zintzo madarikatu horiek dira horretan ibiltzen direnak gustura ezagutuko nuke emakume zintzo, santujale horien artetik zintzotasunean Lorraineren erdia dena, puta izan edo ez izan. Nik esaten dudana ezkontzekoa banintz zure onetik aterata jarriko zinateke badakizu baietz eta berak esaten du nik zu zoriontsu izatea nahi dut zeure familia izatea eta ez esklabo bizitzea zer eta gugatik. Baina laster joango naiz eta orduan emaztea hartu ahal izango duzu baina ez duzu behin ere aurkituko zuretzat nor den andrerik eta nik esaten dut baietz aurkituko dudala. Zure hilobitik altxatuko zinateke badakizu baietz. Esaten dut ez eskerrik asko oraingoz nahiko emakume badauzkat zaintzeko ezkonduko banintz andrea drogazalea-edo aterako litzaidake. Horixe bakarrik behar genuke familia honetan, esaten dut.

        Eguzkia eliza Metodistaren atzean ezkutatua zegoen, eta usoak hegaka zebiltzan atzera eta aurrera kanpandorrearen inguruan, eta banda isildu zenean urrumaka aditu nituen. Lau hilabete ez zeuden pasata Eguberriak ezkero, eta hala ere lehen bezain ugariak ziren ia. Apustu egingo nuke une hartan bertan Walthall artzaina bapo jartzen ari zela haien kontura. Edozeinek esango zuen jendeari tiroka genbiltzala, haren sermoiak entzunda eta gizonei eskopetak harrapatzen ikusita etorri zirenean. Bakea lurrean eta guztienganako borondate ona aitatuz eta txolarre bat ere ez dela lurrera jausiko. Baina berari zer axola dio haiek ugaritzea, zereginik ez dauka zer axola dio orduak. Ez du zergarik ordaintzen, ez dira urtero bere diruaz baliatzen auzitegiko erlojua garbitzeko, martxan segi dezan. Berrogeita bost dolar eman behar izan zizkioten gizon bati garbitzeko. Ehun usakume baino gehiago kontatu nituen lurrean. Zera pentsatuko zenuke, buru pixka bat behar luketela herritik alde egiteko. Pozik egon behar nuke uso batek baino lotura gehiago ez dudalako, hori ere esan dezaket.

        Banda jotzen ari zen berriro, kanta bizkor zalapartatsu bat, bukatzera balihoaz bezala. Gustura egongo ziren orain. Beharbada nahiko musika bazuten beren buruak entretenitzeko etxerainoko hamalau edo hamabost miliak egin eta zaldiak ilunpetan askatu eta ganadua gobernatu eta behiak jezten zituzten bitarte guztian. Musika txistukatu eta ukuiluko abereei txisteak kontatu eta horrekin denak kontentu, eta gero ganadua ere funtziora ez eramateagatik zenbat aurreratu zuten kalkula zezaketen. Gizon batek bost ume eta zazpi mando izan ezkero, funtziora familia eramanda hogeita bost zentabo aurreratu zituela kalkula zezaketen. Erraz askoa. Earl pakete pare batekin etorri zen.

        «Horiek ere gaur bidaltzekoak dira», dio. «Non da Osaba Job?»

        «Funtziora joango zen noski», diot nik. «Non eta zaindu ez duzun».

        «Ez da alde egiten duena», dio berak. «Berarekin fida naiteke». «Nigatik al diozu hori», diot nik.

        Atera joan eta kanpora begiratu zuen, belarria adi.

        «Ona da banda hori», dio. «Honezkero bukatzeko garaia badute, nik uste».

        «Non eta gaua bertan pasatzeko asmoa ez duten», diot nik. Enarak hasiak ziren, eta txolarreak auzitegiaren atariko zuhaitzetan biltzen sentitu nituen. Aldian behin banda bat teilatu gainean jirabiraka azaldu eta ezkutatu egiten zen gero. Usoek adina enbarazu egiten dute, nire iritzirako. Auzitegiaren atarian esertzerik ere ez daukazu, horien erruz. Konturatzen zarenerako, tak. Juxtu zure sonbreiru gainera. Baina milioiduna izan behar horiek akabatu ahal izateko tiroa bost zentaboan dagoela. Hortxe plazan beneno pixka bat jarriko balute, ospa denak egun batean, zeren dendari bat gauza ez bada bere animaliei plazatik korrika ibiltzen ez uzteko, hobe luke oiloen ordez beste zerbait saltzea, jaten ez duen zerbait, esate baterako goldeak edo tipulak. Eta gizon batek ez baditu bere txakurrak lotuta edukitzen, edo haien beharrik ez du edo ez luke txakurrik eduki behar. Nik esaten dudana hiri bateko negozio guztiak herri ziztrin batekoak bezala eramaten badira, herri ziztrin bat izango duzula azkenean.

        «Bukatu badute ere zuretzat mesederik ez», diot nik. «Orain zaldiak lotu eta abiatu egin beharko dute gauerdia baino lehen etxeratu nahi badute».

        «Beno ba», dio berak, «Gustatu egiten zaie-eta. Aldian behin gasta dezatela diru pixka bat funtzio batean. Mendi zuloetako nekazari horiek lana gogotik eta irabaziak urri».

        «Ez da mendi zuloetan edo beste inon bizitzera behartzen dituen legerik», diot nik.

        «Non egongo ginateke zu eta biok, nekazariengatik ez balitz?» dio berak.

        «Ni oraintxe bertan etxean», diot nik, «Etzanda, izotz poltsa bat buruan jarrita».

        «Maizegi izaten dituzu buruko min horiek», dio berak. «Zergatik ez duzu zerbait egiten norbaitek hortz horiek ondo aztertzeko? Denak begiratu al dizkizu gaur goizean?»

        «Nork?» diot nik.

        «Goizean dentistarenean izan zarela esan didazu».

        «Gaizki iruditzen al zaizu nik lan orduetan buruko minak izatea?» diot nik. «Hori al da?» Kaletxoa gurutzatzen ari ziren, funtziotik bueltan.

        «Hor datoz», dio berak. «Hobe izango dut aurrealdera joatea». Joan egin zen. Xelebrea da, baina zer edo zer gaizki doakizunero gizon batek hortzak begiratu behar dizkizutela esango dizu eta emakume batek ezkontzeko. Sekula ezertarako gauza izan ez diren gizonak etorriko zaizkizu zure gauzak nola eraman esatera. Galtzerdi pare bat gabeko unibertsitateko profesore horiek bezala, zuri hamar urtetan milioi bat nola egin esaten, eta senarrik lortzerik ere izan ez duen andrea hortxe duzu beti familia nola hazi behar duzun esateko prest.

        Job zaharra orgatilarekin etorri zen. Denbora puska bat behar izan zuen uhalak latigoaren zorroaren inguruan biltzeko.

        «Eta?» diot nik, «Ederra izan al da funtzioa?»

        «O'aindik ez naiz joan», dio berak. «Baina gaur gauean preso hartu nahi banaute denda horren barruan izango naiz».

        «Joango ez zinen ba», diot nik. «Hirurak ezkero kanpoan egon zara. Mr Earl oraintxe izan da hemen zure bila».

        «Ni'e lanetan ibili naiz», dio berak. «Mr Earlek ba'aki non e'on naizen».

        «Baliteke berari ziria sartzea», diot nik. «Ez diot kontatuko».

        «Ba ez nintzateke ni hemen beste ino'i ziria sartzen saiatuko», dio berak. «Zerta'ako galduko dut denbora ziria sartzen la'unbat gauean ikusi e'o ez ikusi igualtsu zaidan gizon bati? Ez naiz zu'i ziria sartzen saiatuko», dio. «Bizkorregia zaitut. Bai, bai ho'ixe», dio, kristoren lanak egiten ari balitz bezala zer eta bost edo sei paketetxo orgatilan jartzeko, «Bizkorregia zaitut. Herri honetan ez da bizkor kontuan zu'i aurrea hartuko dizunik. Sartuko zenioke zuk ziria baita be'e bizkorrean be'e burua'i segitu ezin dion gizona'i 're», dio, orgatilara igo eta uhalak askatuz.

        «Nor da hori?» diot nik.

        «Mr Jason Compson», dio berak. «Ti'a aurrea, Dan!»

        Erruberetako bat ateratzeko zorian zegoen. Begira gelditu nintzen atera baino lehen kaletxoa pasatzea lortzen ote zuen ikusteko. Baina utzi, utzi edozein ibilgailu beltz baten eskuetan. Nik esaten dut traste zahar hori lotsagarrikeria hutsa da, eta hala ere ehun urtez hortxe edukiko zenuke kotxeran mutil hori astean behin kanposantura joan dadin. Esaten dut ez da izango gauzak gogoz kontra egin beharko dituen aurrenekoa. Nik automobil horretan Parera behartuko nuke gizon zibilizatu bat bezala edo bestela etxean utziko nuke. Ba al daki ba nora joaten den edo zeren barruan, eta gu karrikotxea eta zaldia mantentzen berak igande arratsaldean bueltatxo bat eman dezan.

        Axola zitzaion ba Jobi errubera atera edo ez atera, non eta oinez bueltatzeko urruti egiten ez zitzaion. Nik esaten dudana soroa dela horientzako tokirik aproposena, han egun osorako lana balukete-eta. Ez dira kapazak oparotasunarekin edo lan erraz batekin burutzeko. Pixka batean jende zuriaren inguruan utzi ezkero laster dituzu ezertarako ez direla. Lanari buruz zure muturretan engainatzeraino heltzen dira, Roskus bezala hutsegite bakarra izan zuena behin deskuidatu eta hil egin zela. Beti lanari ihesean eta lapurretan eta zuri ziria sartu eta sartu harik eta egun batean makilarekin edo antzeko zerbaitekin bizkarrak berotzea beste erremediorik ez duzun arte. Beno, Earlek ikusiko du. Baina herrian nire negozioaren propaganda egiteko ez nituzke nik erabiliko beltz zahar txolindu bat eta izkina bat inguratzen duenero txiki-txiki egingo dela dirudien orgatila.

        Aldean bakarrik antzematen zen orain eguzkia, eta barruan iluntzen ari zuen. Aurrealdera joan nintzen. Plaza hutsik zegoen. Earl kutxa ixten ari zen atzean, eta erlojua jotzen hasi zen.

        «Ixtazu atzeko atea», dio. Atzera joan eta hura itxi eta itzuli egin nintzen. «Joango zara ba gaur gauean funtziora, e?» dio. «Atzo eman nizkizun txartelak, ezta?»

        «Bai», diot nik. «Zer nahi zenuke, itzultzea?»

        «Ez, ez», dio berak. «Ez nuen gogoratzen eman ote nizkizun. Pena litzateke alferrik galtzea».

        Atea giltzatu eta Gabon pasa esan eta joan egin zen. Txolarreek zuhaitz artean zalapartaka segitzen zuten, baina plaza hutsik zegoen kotxe bakar batzuengatik izan ezik. Ford bat zegoen drugstorearen aurrean, baina begiratu ere ez nion egin. Badakit noiz izan dudan nahikoa zerbaitez. Berari laguntzen saiatzea ez zait inporta, baina badakit noiz izan dudan nahikoa. Jakina, Lusterri gidatzen erakustea ere posible nuke, hartara gogoak eman ezkero egun osoa beste horren atzetik pasa ezinik ez lukete, eta ni etxean gelditu eta Benekin jostatzen ibiliko nintzateke.

        Sartu eta puru pare bat erosi nuen. Orduan berriro ere buruko mina jarriko zitzaidala iruditu zitzaidan, eta pixka batean haiekin hitz egitera gelditu nintzen.

        «Zer», dio Macek, «Aurten Yankees-en alde egingo zenuen noski apustu?»

        «Zer ba?» diot nik.

        «Bandera horrengatik ba», dio berak. «Liga osoan ez dago irabaziko dienik».

        «Egongo ez da ba», diot nik. «Horienak egin du», diot. «Talde batek horrelako suertea betirako duela uste al duzu?»

        «Nik ez diot horri suertea esaten», dio Macek.

        «Nik ez nuke apustu egingo Ruth horrek jokatzen duen talde baten alde», diot nik. «Ezta irabaztekoa zela jakinda ere».

        «Ez?» dio Macek.

        «Oraintxe esango nizkizuke Liga bateko nahiz besteko dozena bat gizon Ruth hori baino gehiago direnak», diot nik.

        «Zer duzu zuk Ruthen kontra?» dio Macek.

        «Ezer ez», diot nik. «Ez dut ezer bere kontra. Ezin dudala ikusi erretratuan ere». Atera egin nintzen. Argiak pizten ari ziren, eta jendea etxerako bidean zihoan. Batzuetan txolarreak ez ziren gelditzen erabat ilundu arte. Auzitegi inguruan argi berriak piztu zituzten gau hartan esnatu eta batetik bestera hegaka eta argiekin estropezuka pasa zuten gau osoa. Halaxe segi zuten ondorengo bi edo hiru gauetan, eta gero goiz batean ezkutatu egin ziren. Gero bi hilabete beranduago denak bueltan ziren ostera.

        Etxerantz jo nuen. Artean argiak piztu gabe zeuzkaten, baina denak leihoetatik begira egongo ziren, eta Dilsey berriz sukaldean marmarka bere jana balitz bezala bero gorde behar zuena ni ailegatu arte. Bere hitzak entzun eta munduan afari bakarra zegoela pentsatuko zenuke, nigatik minutu batzuez atzeratu behar zuen huraxe. Beno behintzat behingoz ez nituen etxerakoan Ben eta beste beltz hori langa gainean aurkitu kaiola berean sartutako hartza eta tximua bezala. Eguzkia sartzen hasi orduko hor doa langarantz behia ukuilurantz bezala, eta han egongo zaizu hari helduta buruari eragiten eta bere golkorako lanturuka bezala. Ez zenuen ba gaztigu makala izan. Niri gertatu izan balitzait berari gertatu zitzaiona langa irekiekin eroarena egiten ibiltzeagatik, betirako galduko nuen beste bat ikusteko gogoa. Askotan galdetu izan diot neure buruari zer pentsatzen ote zuen, han langan jarri eta eskolatik etxera zetozen neskei begira, zera desiratzen ahaleginduz, ez zuela desiratzen eta ezingo zuela desiratu gogoratzea bera ezinezkoa zitzaiona. Eta zer pentsatzen ote zuen eranzten zutenean eta bere buruari begiratu eta negarrez hasten zenean askotan egiten zuen bezala. Baina nik esaten dudana maizago egin behar luketela hori. Esaten dut badakit zer behar zenukeen zuk, Beni egin ziotena zuri egitea orduan zuzenago ibiliko zinateke. Eta ez badakizu zer izan zen, esan Dilseyri kontatzeko.

        Argia zegoen Amaren gelan. Automobila gorde eta sukaldera joan nintzen. Luster eta Ben han zeuden.

        «Non da Dilsey?» diot nik. «Mahaia jartzen?»

        «Goian da'o Miss Cahlinekin», dio Lusterrek. «Sesioan ibili di'a. Miss Quentin etxe'a etorri denetik. Mammy goian da borroka'ik e'in ez dezaten. Funtzio ho'i etorri al da, Mr Jason?»

        «Bai», diot nik.

        «Iru'itu zait bai banda a'itu dudala», dio berak. «Nahia'o nuke joate'ik baneuka», dio. «Joango nintzateke, hogeita bost zentaboko bat beneuka».

        Dilsey etorri zen. «Hemen zara e?» dio. «Zertan ibili zara gaur arratsaldean? Ba'akizu zenbat lan daukadan e'iteko; zergatik ez zara garaiz etorri?»

        «Auskalo, funtziora joango nintzen-eta», diot nik. «Afaria prest al dago?»

        «Nahia'o nuke joate'ik baneuka», dio Lusterrek. «Joango nintzateke, hogeita bost zentaboko bat baneuka».

        «Inongo funtziora' joan beharrik ez daukak», dio Dilseyk. «Eta zu sartu eta ese'i», dio. «Ez behintzat gora joan beste ho'iek berriz martxan jartze'a».

        «Zer dute?» diot nik.

        «Quentin lehentxo etorri da eta esan du arratsalde guztian be'e atzetik ibili zarela eta orduan Miss Cahline errietan hasi zaio. Zergatik ez duzu bakean uzten? Ezin al zara etxe berean zu'e odol berekoa den iloba'kin bizi beti sesioan ibili gabe?»

        «Ezin berarekin sesioan ibili», diot nik, «gaur goiz ezkero ez dut ikusi-eta. Oraingoan zer esan du egin dudala? eskolara joatera behartu dudala? Latza da hori», diot.

        «Beno, zuk kasu e'in zurea'i eta utzi neska bakean», dio Dilseyk, «Ne'onek zainduko dut zuk eta Miss Cahlinek uzten badi'azue. Sartu o'ain eta e'on zintzo nik afaria jarri arte».

        «Hogeita bost zentaboko bat baneuka», dio Lusterrek, «funtzio horreta' joateko modua banuke».

        «Eta hegoak bahitu zeru'aino hegan joateko modua bahuke», dio Dilseyk. «Ez diat funtzio horretaz beste txintik a'itu nahi».

        «Izan ere», diot nik, «Nik badauzkat bi txartel, eman egin dizkidate-eta». Txamarratik atera nituen.

        «E'abiltzeko asmo'ik ba al duzu?» dio Lusterrek.

        «Ez nik», diot nik. «Hamar dolar emanda ere ez nindukek hara joango».

        «Eman ba bat, Mr Jason», dio berak.

        «Bat salduko diat», diot nik. «Zer iruditzen zaik?»

        «Nik diru'ik ez daukat», dio berak.

        «Lastima», diot nik. Joatekoa egin nuen.

        «Eman bat, Mr Jason», dio berak. «Biak ez dituzu beharko».

        «Ixtak ahoa», dio Dilseyk, «Ez al dakik sekula ez duela ezer ematen?»

        «Zenbat eskatzen duzu?» dio berak.

        «Bost zentabo», diot nik.

        «Ez daukat horrenbeste», dio berak.

        «Zenbat daukak?» diot nik.

        «Ez daukat ezer», dio berak.

        «Beno ba», diot nik. Abiatu egin nintzen.

        «Mr Jason», dio berak.

        «Zergatik ez haiz isiltzen?» dio Dilseyk. «Burlatzaz a'i zaik. Be'ak e'abiliko ditik txartel ho'iek. Segi, Jason, eta uztazu bakean».

        «Ez ditiat behar», diot nik. Ekonomikarantz itzuli nintzen. «Erretzeko asmoarekin etorri nauk. Baina bat erosi nahi bahu bost zentaboan?» diot, berari begiratuz eta ekonomikaren tapa irekiaz.

        «Ez daukat horrenbeste», dio berak.

        «Beno ba», diot nik. Labera erortzen utzi nuen bat.

        «Baina, Jason», dio Dilseyk, «Ez al dizu lotsa'ik ematen?»

        «Mr Jason», dio berak, «Mesedez, na'usi, e'unero konponduko dizkizut kubertak hilabete osoan».

        «Dirua behar diat», diot nik. «Bost zentaboko batekin hirea duk».

        «Ixo, Luster», dio Dilseyk. Atzerantz bultza zion. «Ti'a», dio, «Bota barru'a. Ti'a. Bukatu behingoz».

        «Bost zentaboko batekin hirea duk», diot nik.

        «Ti'a», dio Dilseyk. «Honek ez dauka bost zentaboko'ik. Ti'a. Bota barru'a».

        «Beno ba», diot nik. Bota nuen eta Dilseyk tapa jarri zion suari.

        «Zu bezalako gizon handia», dio. «Alde Ni'e sukaldetik. Ixo», esaten dio Lusterri. «Ez ezak Benjy martxan jarri. Gauean hogeita bost zentaboko bat eskatuko zioat Fronyri hi'etzako eta bihar gauean joango haiz. Ea, ixo».

        Salara joan nintzen. Ez nuen goian ezer aditzen. Egunkaria zabaldu nuen. Handik gutxira Ben eta Luster etorri ziren. Ben hormako mantxa ilunera joan zen, lehen ispilua egoten zen tokira, eta eskuekin igurzten hasi zen lerdea zeriola eta lanturuka. Luster suari eragiten hasi zen.

        «Zertan ari haiz?» diot nik. «Gaur gauean ez diagu su beharrik».

        «Ea bakean e'oten den», dio berak. «Pazko astea hotza izaten da», dio.

        «Bakarrik zera, ez gaudela Pazko astean», diot nik. «Uztak bakean».

        Su-makila bere tokian utzi eta Amaren besaulkitik kuxina hartu eta Beni eman zion. Orduan suaren aurrean pikotxetan jarri eta bakean gelditu zen.

        Egunkaria irakurri nuen. Goitik txintik aditu gabe egon nintzen harik eta Dilsey etorri eta Ben eta Luster sukaldera bidali eta afaria prest zegoela esan zuen arte.

        «Ondo da», diot nik. Atera egin zen. Bertan eserita gelditu nintzen, egunkaria irakurtzen. Handik gutxira Dilsey atetik barrurantz begira antzeman nuen.

        «Zergatik ez zatoz jate'a?» dio.

        «Afariaren zain nago», diot nik.

        «Mahai gainean da'o», dio berak. «Esan dizut».

        «A bai?» diot nik. «Barkaidazu. Ez dut inor behera jaisten sentitu».

        «Ez di'a jaitsiko», dio berak. «Etorri zu jate'a, hola ge'o zertxobait igoko diet gora».

        «Ondoezik al daude?» diot nik. «Medikuak zer esan du daukatela? Baztangarik behintzat ez, baldinbaitere».

        «Ti'a, etorri hona, Jason», dio berak, «Ea bukatzen dudan».

        «Ondo da», diot nik, berriro egunkaria altxatuz. «Afariaren zain gelditzen naiz».

        Atetik niri begira sentitzen nuen. Nik egunkaria irakurri nuen.

        «Zergatik portatzen zara hola?» dio berak. «Bestela 're zenbat buruhauste dauzkadan ba'akizu ba».

        «Ama bazkaltzera jaitsi denean baino okerrago badago, konforme», diot nik. «Baina, ni baino gazteagoa den jendearen jana nik erosten dudan bitartean, jaitsi egin beharko dute mahaian jatera. Esan afaria prest dagoenean», diot, berriro egunkaria irakurriz. Eskaileretan gora igotzen sentitu nuen, hankak arrastaka zituela eta marmarka eta antsika mailak pikoak balira bezala eta hiru oinetako tartearekin batetik bestera. Amaren atean sentitu nuen, gero Quentini hoska, atea giltzaz itxita balego bezala, gero Amaren gelara itzuli zen eta gero Ama Quentinekin hitz egitera joan zen. Orduan behera jaitsi ziren. Nik egunkaria irakurtzen nuen.

        Dilsey atera etorri zen berriro. «Etorri», dio, «beste deabrukeria berri bat sumatu baino lehen. Gaur gauean zu'e onenean zaude»

        Jangelara jean nintzen. Quentin buru makur eserita zegoen. Aurpegia berriro pintatua zuen. Bere sudurrak portzelanazko isolatzaile bat ematen zuen.

        «Pozten naiz behera jaisteko moduan zaudela ikusteaz», esaten diot Amari.

        «Hori da zugatik egin dezakedan gutxien-gutxiena, mahaira etortzea», dio berak. «Berdin dio zer moduz nagoen. Konprenitzen dut gizon batek egun osoa lanean pasatzen duenean gustura hartzen duela afalorduan familia inguruan izatea. Gustura eduki nahi zaitut. Zera bakarrik eskatuko nuke, zu eta Quentin hobetoxeago konpontzea. Hartara errazago litzateke dena niretzat».

        «Poliki konpontzen gara», diot nik. «Nigatik egun osoa bere gelan itxita pasatzea du gogoak ematen badio. Baina otordu garaian ezin dut imintzio eta muturje horiekin burutu. Badakit betari eskatzeko asko dela hori, baina horrelakoxea naiz nire etxean. Zure etxean, esan nahi nuen».

        «Zurea da», dio Amak, «Orain zu zara etxeko nagusi».

        Quentin begirik altxa gabe zegoen. Zerbitzatu nuen eta bera jaten hasi zen.

        «Haragi puska ona egokitu al zaizu?» diot nik. «Bestela hobea bilatzen saiatuko nintzateke».

        Ez zuen ezer esan.

        «Haragi puska ona egokitu al zaizun esan dizut», diot nik.

        «Zer?» dio berak. «Bai. Ona da».

        «Beste arroz pixka bat nahi al zenuke?» diot nik.

        «Ez», dio berak.

        «Utzidazu beste pixka bat ematen», diot nik.

        «Ez dut gehiago nahi», dio berak.

        «Ez da ezer», diot nik, «Ez horregatik».

        «Joan al zaizu buruko mina?» dio Amak.

        «Buruko mina?» diot nik.

        «Izatekotan ote zeunden iruditu zait», dio berak. «Arratsaldean etorri zarenean».

        «O», diot nik. «Ez, ez du ageririk eman. Arratsaldean izan dugun lan guztiarekin ez naiz gehiago gogoratu ere egin».

        «Horregatik etorri al zara berandu?» dio Amak. Quentin adi ikusten nuen. Begiratu egin nion. Bere labana eta sardexka artean mugitzen ziren, baina niri begira harrapatu nuen, orduan bere platerera begiratu zuen berriro. Esaten dut,

        «Ez. Hirurak aldean tipo bati utzi diot kotxea eta zain egon behar izan dut ekarri didan arte». Jan egin nuen pixka batean.

        «Nor zen?» dio Amak.

        «Komediante horietako bat», diot nik. «Bere arrebaren senarrak kotxean alde egin omen du herriko emakumeren batekin, eta haiek harrapatu nahian ibili da».

        Quentin geldi-geldirik zegoen, mastekatzen.

        «Ez zenioke horrelako jendeari kotxea utzi behar», dio Amak. «Errazegi uzten duzu. Horrexegatik ez dizut nik ahal dela behin ere eskatzen».

        «Nik ere une batez horixe pentsatu dut», diot nik. «Baina itzuli da. Aurkitu omen du bilatzen zuena».

        «Emakumea nor zen» dio Amak.

        «Gero esango dizut», diot nik. «Ez zait gustatzen horrelako gauzez Quentinen aurrean hitz egitea».

        Quentinek jateari utzia zion. Noizetik noizera ur tragoxka bat hartu eta hantxe segitzen zuen opil bat papurtzen, aurpegia plater gainera makurtuta.

        «Bai», dio Amak, «Segur aski ni bezala etxe-zulotik atera gabe bizi diren andreek tutik ez dakite herri honetan gertatzen denaz».

        «Halaxe da», diot nik. «Tutik ez».

        «Nire bizitza hain izan da bestelakoa», dio Amak. «Itsuskeria horien berririk ez dut, Jainkoari eskerrak. Ezta izan nahi ere, gainera. Ni ez naiz jende gehiena bezalakoa».

        Ez nuen besterik esan. Quentinek hantxe segi zuen, opila papurtzen nik afaria bukatu arte, orduan esan zuen,

        «Joaterik ba al daukat orain?» inori begiratu gabe.

        «Zer?» diot nik. «Horixe, joaterik izango ez duzu ba. Gure zain al zeunden?»

        Begiratu egin zidan. Opil guztia papurtua zuen, baina bere behatzak artean hura papurtzen ari balira bezala mugitzen ziren eta begiak larrituta bezala zeuzkan eta orduan bere ahoari koskaka hasi zen bere burua pozondu behar balu bezala, berun gorri guzti harekin.

        «Amona», dio, «Amona...»

        «Beste zerbait nahi al zenuke jateko?» diot nik.

        «Zergatik tratatzen nau horrela, Amona?» dio berak. «Nik behin ere ez diot ezer egiten».

        «Denok elkarren artean ondo konpontzea nahi dut», dio Amak, «Zuek zarete gelditzen zaidan guztia, eta hobetoxeago konpon zaitezten nahi dut».

        «Bere errua da», dio berak, «Ez nau bakean utzi nahi eta beste erremediorik ez daukat. Ez badu ni hemen egotea nahi, zergatik ez dit uzten itzultzen nire...»

        «Nahikoa duzu», diot nik, «Ez beste hitzik esan».

        «Hortaz zergatik ez nau bakean uzten?» dio berak. «Berak... berak zera besterik...»

        «Aitarik ezean, bera duzu gauzarik antzekoena», dio Amak. «Berea da zuk eta biok jaten dugun ogia. Zuk obeditzea espero izatea bidezkoa ere bada».

        «Bere errua da», dio berak. Zutitu egin zen kolpetik. «Berak behartzen nau horretara. Baldin eta berak...» begira geratu zitzaigun, begiak larrituta, besoak astinduz bezala bere saihetsen kontra.

        «Baldin eta nik zer?» diot nik.

        «Egiten dudana egiten dudala, zure errua da», dio. «Gaiztoa banaiz, beste erremediorik izan ez dudalako da. Zuk behartuta. Nahiago nuke hilda banengo. Nahiago nuke denok hilda bageunde». Orduan korrika abiatu zen. Eskaileretan gora korrika sentitu genuen. Gero ate bat danba itxi zen.

        «Hori da inoiz esan duen zentzuzko gauza bakarra», diot nik.

        «Gaur ez da eskolan izan», dio Amak.

        «Nola dakizu?» diot nik. «Herrian izan al zara?»

        «Badakit eta kito», dio berak. «Nahiago nuke berarekin pixka bat atseginagoa bazina».

        «Horretarako egunean behin baino gehiagotan ikusi beharko nuke», diot nik. «Otorduro mahaira etor arazi beharko zenuke. Hala, aldi bakoitzean beste haragi puska bat emango nioke propina bezala».

        «Makina bat gauzatxo badaude zuk egin ahal izango zenituzkeenak», dio berak.

        «Esate baterako kasurik ez egitea eskolara joan dadin zaintzeko eskatzen didazunean?» diot nik.

        «Gaur ez da eskolan izan», dio berak. «Badakit ezetz. Berak dio arratsaldean kotxez buelta bat ematera joan dela mutil horietako batekin eta zu bere atzetik ibili zarela».

        «Nola», diot nik, «Nire kotxea arratsalde guztian beste norbaitek eduki badu? Gaur eskolan izan den ala ez pasatako kontua da honezkero», diot. «Horretaz kezkatu beharra badaukazu, kezkatu datorren astelehenean».

        «Biok elkarren artean ondo konpontzea nahi nuen», dio berak. «Baina haren egoskortasun guztia heredatu du. Eta Quentinena ere bai. Orduan ere pentsatu nuen, jasoa zuen herentzia jaso, eta gainetik izen hori jartzea, berari ere. Batzuetan pentsatzen dut Caddyk eta Quentinek ezarritako gaztigua dela bera».

        «Jainko santua», diot nik, «Ez daukazu buru makala. Nola ez zara ba beti gaixorik egongo?»

        «Zer?» dio berak. «Ez dut ulertzen».

        «Ez ote», diot nik. «Gauza asko daude andre zintzoak ulertzen ez dituenak, eta hala hobe ere berarentzat».

        «Horrelakoxeak ziren biak», dio berak. «Zuzendu nahi nituenean zure Aitarekin bat egin eta hirurak nire kontra jartzen ziren. Hark beti esaten zuen inork zaindu beharrik ez zutela, bazekitela jadanik garbitasuna eta zintzotasuna zer ziren, eta beste irakaspenik jasotzea inork ezin zuela espero. Gustura egongo al da orain».

        «Edozein gauza dela-eta Ben ere hortxe daukazu», diot nik, «Anima zaitez».

        «Beren bizitzetatik apartatu ninduten propio eta nahita», dio berak. «Beti Quentin eta biak elkarrekin. Beti nire kontra azpilanean. Eta zure kontra ere bai, zu gazteegia bazinen ere konturatzeko. Zuri eta bioi kanpotar bagina bezala begiratzen ziguten beti, eta Osaba Mauryri ere bai. Nik beti esaten nion zure aitari libertate handiegia ematen zitzaiela, gehiegi egoten zirela elkarrekin. Quentin eskolara hasi zenean besteari ere joaten utzi behar izan genion hurrengo urtean, Quentinekin egon zedin. Ezin zuen burutu zuetako inork berak egin ezin zuen zerbait egitea. Banitatea zuen, banitatea eta urguilu faltsua. Eta gero arazoekin hasi zenean Quentinek ere bestearena bezain txarra zen zerbait egin beharra sentituko zuela konprenitu nuen. Baina ez nuen pentsatu hain berekoia izango zenik zer eta... Ez nuen imajinatu ere egin berak...»

        «Beharbada Quentinek bazekien neska izango zela», diot nik, «Eta halako beste bat berak eraman zezakeena baino gehiago zela».

        «Quentinek bestea menderatu ahal izango zuen», dio Amak. «Itxuraz behintzat bera zen beste hark aintzat hartzen zuen pertsona bakarra. Baina hori ere gaztiguaren parte bat izango da, noski».

        «Bai», diot nik, «Lastima ez nintzela ni izan Quentinen ordez. Hartara askoz hobeto zinateke».

        «Ni mintzeko esaten dituzu gauza horiek», dio berak. «Baina merezi ere badut. Quentin Harvardera bidaltzeko lurra saltzen hasi zirenean zuretzat ere beste horrenbesteko neurriak hartu behar zituela esan nion zure aitari. Gero Herbert zuri banketxean lana emateko eskaini zenean esan nuen, orain Jasonek ere badu berea, eta gastu guztiak pilatzen hasi zirenean eta altzariak eta gainerako lurrak saldu beharra izan nuenean, berehala idatzi nion beste horri zeren pentsatu nuen ikusiko du noski Quentinek eta berak izan dutela beren partea eta baita Jasoni zegokionaren hainbesteko bat ere eta orain berari dagokiola Jasonekin kito egitea. Pentsatu nuen horrenbeste egingo du noski bere aitari zor dion errespetuagatik. Hori uste nuen, garai hartan. Baina andre zahar gajo bat besterik ez naiz; jendeak bere haragi eta odolekoen alde sakrifikatu beharra daukala sinestarazi zidaten txikitatik. Nire errua da. Arrazoizkoak ziren zure erreprotxeak».

        «Inoren laguntzarik behar dudala uste al duzu aurrera ateratzeko?» diot nik. «Are gutxiago bere umearen aitaren izena esaterik izango ez lukeen emakume baten laguntzarik».

        «Jason», dio berak.

        «Ondo da», diot nik. «Ez nuen hori esan nahi. Nola ba».

        «Hori posible dela uste banu, sufritu ditudanak sufrituta».

        «Nola izango da ba posible», diot nik. «Ez nuen hori esan nahi».

        «Hori gabe pasatzen utziko al didate behintzat», dio berak.

        «Horixe», diot nik. «Antza handiegia du biekin horren dudarik izateko».

        «Horrekin ezingo nuke burutu», dio berak.

        «Hortaz kendu burutik», diot nik. «Berriz aritu al zaizu ekinean gauean ateratzen uzteko?»

        «Ez. Bere onerako zela ulertarazi nion eta egunen batean eskerrak emango zizkidala horregatik. Liburuak hartu eta estudiatzen egoten da nik atea giltzaz itxi eta gero. Gau batzuetan hamaiketan ere argia piztuta ikusten dut».

        «Nola dakizu estudiatzen egoten dela?» diot nik.

        «Ez dakit besterik zer egingo lukeen han barruan bakarrik», dio berak. «Behin ere ez zaio irakurtzea gustatu».

        «Ez», diot nik, «Ez dakizu. Eta eskerrak eman behar zenizkioke zure izar onari horregatik», diot. Baina zer aurreratuko genuen hura ozenki esanda. Bera berriro negarrez hastea, besterik ez.

        Eskailerak igotzen sentitu nuen. Gero Quentini hots egin zion eta Quentinek Zer? esaten du atearen bestaldetik. «Gabon», dio Amak. Gero giltza sentitu nuen sarrailan, eta Ama bere gelara itzuli zen.

        Nire purua bukatu eta gora igo nintzenean, argiak piztuta segitzen zuen. Sarraila-zulo hutsa ikusten nuen, baina txintik ez nuen aditzen. Isilik estudiatzen zuen. Beharbada eskolan ikasi zuen hori. Amari gabon esan eta nire gelara joan eta kutxa atera eta berriro kontatu nuen. Amerikar Kapoi Handia zurrungaka sentitzen nuen makina zapalgailu bat bezalaxe. Nonbait irakurri nuen gizonezkoei hori egiten dietela emakume ahotsa izan dezaten. Baina hark beharbada ez zekien zer egin zioten. Zer egiten saiatu zen ere ez zait iruditzen zekienik, ezta Mr Burguessek zergatik jipoitu zuen ere hesolarekin. Eta eterraren eraginpena zegoen bitartean Jacksonera bidali izan balute, sekula ez zen aldeaz jabetuko. Baina hori errazegia izango zen Compsondar bati bururatzeko. Ez zuen horiek beharrezkoa duten konplexutasunaren erdia ere. Zain egongo ziren ba hura egiteko berak alde egin eta neska txiki bat bortxatzeko ahalegina egin arte kale erdian eta neskaren aitaren begi aurrean. Begira, nik esaten dudana hasi ez zirela behar bezain garaiz hasi mozketa lan horretan, eta bukatu berriz azkarregi. Gutxien-gutxienez beste bi ezagutzen ditut horrelako zerbaiten beharrean daudenak, eta bietatik bat hemendik milia bat baino gutxiagora, gainera. Baina beno ez zait iruditzen horrek ere mesede handirik egingo lukeenik. Nik esaten dudana behin puta izan dena beti puta. Eta utzi, utzi ni hogeita lau orduz New Yorkeko judu zikin horien abisurik gabe merkatuari buruz. Ez dut dirua harrapazka irabazi nahi; gorde hori jokalari bizkorrak sarean harrapatzeko. Nik nire dirua ostera nireganatzeko aukera taxuzko bat besterik ez dut nahi. Eta behin hori lortu ezkero Beale Street guztia eta eroetxe guztia ekartzea dituzte hona eta bik lo egitea dute nire ohean eta beste batek hartzea du nire tokia mahaian ere.

 

 

 

© William Faulkner

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"William Faulkner / Hotsa eta ardaila" orrialde nagusia