EKAINAK 2, 1910

 

        Leihoko markoaren itzala gortinen gainean azaldu zenean ordua zazpietatik zortzietara zihoan eta ni denboraren baitan nintzen berriro, erlojua aditzen. Aitonarena zen eta Aitak eman zidanean hala esan zuen, Quentin, itxaropen eta desira guztien mausoleoa ematen dizut; oinazetsuki litekeena da zuk giza esperientzia ororen reducto absurdum hori lortzeko erabiltzea, zeinak ezingo dituen zure beharrak harenak edo bere aitarenak baino hobeto bete. Ematen dizut ez denbora gogoan izateko, baizik eta aldian behin une batez ahaztu dezazun eta zure indar guztiak hura azpiratu nahian gal ez ditzazun. Zeren sekula ez baita batailarik irabazten esan zuen. Jo ere ez dira jotzen. Bataila zelaiak gizonari bere erotasuna eta etsipena agerian uztea besterik ez du egiten, eta garaipena filosofo eta eroen ilusioa da.

        Alkandora-lepoen kaxan apoiatuta zegoen eta ni etzanda, hura entzuten. Aditzen, hobeto esanda, zeren ez baitut uste inor sekula nahita egoten denik eskumutur edo paretako erloju bati entzuten. Ez da horren beharrik. Soinuaz ohartu gabe egon zaitezke tarte luze batez, eta gero segundo bateko tiki-taka nahikoa da aditu ez duzun denboraren martxa luze gutikorra zure buruan oso-osorik berritzeko. Aitak esan zuen bezala argi-izpi bakarti eta luzeetan Jesus ikus zenezake oinez, nolabait esateko. Eta San Francisco zintzoa Arrebatxo Heriotza esan zuena, sekula arrebarik izan ez zuena.

        Hormatik barrena Shreveren oheko erresorteak aditu nituen eta gero bere txapinak lurrean zizaka. Jaiki nintzen eta komodara joan eta haren gainetik eskua pasa eta erlojua ukitu eta ahuspez jarri eta ohera itzuli nintzen. Baina markoaren itzalak han segitzen zuen eta nik ikasia nuen ordua ia zehatz asmatzen, beraz bizkarra eman beharko nion, hazkura sentituz, goian zegoen bitartean, animaliek buru atzean eduki ohi zituzten begietan. Hartzen dituzun alferkeria ohiturak dira gero beti damua ekartzen dizutenak. Hori esan zuen Aitak. Kristo ez zutela gurutziltzatu: erruberatxoen tiki-taka ñimiñoak gastatu zuela. Arrebarik ez zuena.

        Eta hala, ezin nuela ikusi jakin orduko, zer ordu ote zen galdezka hasi nintzen neure buruari. Aitak esan zuen esfera arbitrario bateko orratz mekanikoei buruzko etengabeko espekulazioa, buru-funtzionamenduaren seinale dena. Eskrementua esan zuen Aitak izerdia bezala. Eta ni Ondo da esaten. Neure buruari galdezka. Segi zeure buruari galdezka.

        Lainotuta egon balitz leihora begiratu ahal izango nuen, alferkeria ohiturei buruz esan zuen hartan pentsatuz. New Londonen gustura izango zirela pentsatuz eguraldiak hartan eusten bazion. Eta zergatik ez? Andregaien hilabetea, dei egin zuen mintzoa Korrika atera zen ispilutik, pilatutako perfumetik. Arrosak. Arrosak. Mr eta Mrs Jason Richmond Compsonek holako eta halakoren ezkontza jakin arazten dute. Arrosak. Birjinak ez direnak zuhandor-gorria eta asklepia bezala. Esan dut intzestua egin dudala, Aita esan dut. Arrosak. Maltzurrak eta lasaiak. Harvarden urtebete pasa, baina estropadak ikusten ez badituzu, dirua itzuli beharko lukete. Jasonek har dezala. Eman Jasoni urtebete Harvarden.

        Shreve atean zegoen, alkandorari lepoa jartzen, bere betaurrekoek bristada arrosak botatzen zituztela, aurpegiarekin batera garbitu balitu bezala. «Piper egiteko asmoa al duk, gaur goizean?»

        «Hain berandu al da?»

        Bere erlojuari begiratu zion. «Bi minutu kanpaiak jotzeko».

        «Ez nekian hain berandu zenik». Erlojuari begira segitzen zuen, bere ahoa zera esanez bezala: «Azkar ibili beharko diat. Ezin diat berriz piper egin. Lehengo astean dekanoak esan zidaan...» Erlojua poltsikoan sartu zuen. Orduan nik hitz egiteari utzi nion.

        «Hobe duk galtzak jantzi eta aldean abiatzea», esan zuen. Atera egin zen.

        Jaiki eta harantz eta honantz hasi nintzen, haren mugimenduak entzunez hormatik barrena. Salara sartu zen, aterako bidean.

        «Oraindik ez al haiz prestatu?»

        «Oraindik ez. Hik segi ezak. Ni helduko nauk».

        Atera egin zen. Atea itxi zen. Bere oinak pasilloan barrena urrundu ziren. Orduan erlojua aditu nuen berriro. Harantz eta honantz ibiltzeari utzi eta leihora joan eta gortinak zabaldu eta korrika kaperara joaten ikusi nituen, betiko mutil berberak txamar-mahuka hegalari berberekin lehian, betiko liburu eta alkandora-lepo zintzilikatu berberak arrapaladan pasatzen uholdeak arrastatutako hondakinak bezala, eta Spoade. Shreveri nire senarra deitzen. A uztak bakean, esan zuen Shrevek, zentzu pixkaren bat baldin badu marizikin horien atzetik ez ibiltzeko, nori axola dio. Hegoaldean lotsatu egiten zara birjina izan ezkero. Mutilak. Gizonak. Gezurra esaten dute horretaz. Emakumezkoentzat garrantzi txikiagoa duelako, esan zuen Aitak. Esan zuen gizonezkoek asmatu zutela birjintasuna ez emakumezkoek. Aitak esan zuen heriotza bezalakoa dela: bakar-bakarrik egoera bat zeinetan besteak geratzen diren eta nik esan nuen, Baina horrek ez duela axolarik uste izatea eta berak esan zuen, Hori dute ba tristea gauza guztiek: ez bakarrik birjintasunak, eta nik esan nuen, Zergatik izan behar du berak eta ez nik birjina ez dena eta berak esan zuen, Horregatik da ba hori ere tristea; aldatzea ere ez du merezi ezerk, eta Shrevek esan zuen zentzu pixkaren bat baldin badu marizikin horien atzetik ez ibiltzeko eta nik esan nuen Sekula izan al duk arrebarik? E? E?

        Spoade denen erdian zegoen, dortoka bat bezala hosto ihar hegalariez betetako kale batean, alkandoraren lepoa belarri inguruan zuela, eta bere ohiko ibilera presa-gabeaz mugituz. South Carolinakoa zen, eta azken urtea egiten zuen. Bere clubekoen harrotasun guztia zen sekula ez zuela korri egiten kaperara heltzeko eta sekula ez zela hara garaiz heldu eta sekula ez zuela lau urtetan kale egin eta sekula ez zela egon ez kaperan ez aurreneko klasean bizkarrean alkandora eta oinetan galtzetinak jantzita. Hamarrak aldera Thompson tabernara joaten zen, bi kafe eskatu, eseri eta atera galtzetinak poltsikotik eta oinetakoak kendu eta jantzi egiten zituen kafea hozten zen bitartean. Eguerdi aldera alkandora lepo eta guzti jantzita ikusten zenuen, beste guztiak bezala. Besteak korrika pasatzen ziren bere ondotik, baina berak ez zuen sekula bere pausoa bizkortzen. Handik gutxira patioa hutsik zegoen.

        Txolarre bat eguzki argitatik zeharka pasa eta leihoaren koskara etorri zen, burua nire aldera okertuz. Bere begia borobila eta distiratsua zen. Aurrena begi batez begiratu zidan, gero tak! eta bestearekin, bere eztarriak edozein pultsuk baino taupada azkarragoak ematen zituela. Erlojua ordua jotzen hasi zen. Txolarreak begiz aldatzeari utzi eta batekin egon zitzaidan adi-adi begira harik eta kanpaiak isildu arte, bera ere entzuten aritu balitz bezala. Gero tak! koskatik abiatu eta ezkutatu egin zen.

        Tarte bat pasa zen azken kanpaikadaren dardara itzali arte. Aldean gelditu zen, aditua baino gehiago sentitua, tarte luze batez. Noizbait jo duten kanpaia guztiek dardarka segituko balute bezala argi-izpi luze mortuetan eta Jesus eta San Francisco bere arrebari buruz hizketan. Zeren infernua balitz guztia; horretan bukatuko balitz dena. Kito. Bukatu egingo balira gauzak, besterik gabe. Caddy eta biok hantxe beste inor gabe. Baldin eta gauza ikaragarriren bat egin ahal izan bagenu denei infernutik alde egin eraziko ziena gu biok han utzita. Intzestua egin dut esan nuen Aita ni izan nintzen ez zen Dalton Ames izan. Eta jarri zuenean Dalton Ames. Dalton Ames. Dalton Ames. Pistola nire eskuan jarri zuenean nik ez nuen egin. Horregatik ez nuen egin. Hura han izango zen eta Caddy ere bai eta ni ere bai. Dalton Ames. Dalton Ames. Dalton Ames. Baldin eta gauza ikaragarriren bat egin ahal izan bagenu eta Aitak esan zuen Hori ere tristea da, ezin da egin ezer hain ikaragarria ezin da egin ezer oso ikaragarria biharko egunean ere ez da gogoratzen gaur ikaragarria zirudiena eta nik esan nuen, Gauza guztiei alde egitea badago eta berak esan zuen, Zuk uste? Eta behera begiratu eta nire hezur zurrumurrutsuak ikusiko ditut eta haizea bezalako ur sakona, haizezko teilatu bat bezalakoa, eta aldi luze baten ondoren ezingo dituzte hezurrak ere bereizi hondar bakarti, bortxatu gabearen gainean. Harik eta Hark Altxa esaten duen Egunera arte, orduan plantxa bakarrik igoko da ur gainera. Ez da izaten ezerk ezin dizula lagundu ulertzen duzunean —erlijioak, urguiluak, ezerk— laguntza beharrik ez duzula ulertzen duzunean izaten da. Dalton Ames. Dalton Ames. Dalton Ames. Baldin eta bere ama izaterik eduki banu, etzanda gorputz zabaldua goratuta barrez, bere aita nire eskuaz geldiaraziz, eutsiz, ikusiz, begiratuz nola hiltzen zen bizi izan baino lehen. Minutu batez atean gelditu zen.

        Komodara joan eta erlojua hartu nuen, ahuspez segitzen zuena. Kolpatu nuen kristala komodaren ertzaren kontra eta kristal pusketak eskuan hartu eta hautsontzian utzi eta orratzak bihurritu eta atera eta ontzian jarri nituen haiek ere. Erlojuak tiki-taka egiten segitzen zuen. Ahoz gora jarri nuen, esfera hutsa, eta erruberatxoak tiki-taka eta tiki-taka haren atzetik, besterik ez balekite bezala. Jesus Galileatik ibiltzen eta Washington gezurrik esan gabe. Aitak erlojuarentzako pitxi bat ekarri zion Jasoni Saint Louiseko Feriatik: antzerki prismatiko ñimiño batzuk, eta begiaz keinu eginda barrura begiratu eta etxe-orratz bat ikusten zenuen, armiarma-sarea bezalako noria bat, Niagarako ur-jauziak orratz-buru baten gainean. Mantxa gorri bat zegoen esfera gainean. Ikusi nuenean erresumina jarri zitzaidan behatzean. Utzi nuen erlojua eta Shreveren gelara joan eta iodoa hartu eta ebakia pintatu nuen. Toailarekin, ertzetan segitzen zuten kristaltxoak kendu nizkion.

        Bi azpiko muda atera nituen, galtzetin, alkandora, alkandora-lepo eta gorbatekin, eta baula bete nuen. Dena sartu nuen, traje berria eta beste zahar bat eta bi oinetako pare eta bi sonbreiru izan ezik, eta nire liburuak. Liburuak salara eraman eta mahai gainean pilatu nituen, etxetik ekarritakoak eta beste haiek zeinez Aitak eran zuen garai batean bere liburuengatik ezagutzen zela gizon prestua; gaur egun itzuli ez dituenengatik ezagutzen da eta baula giltzaz itxi eta helbidea jarri nion. Ordu laurdena jo zuen. Gelditu egin nintzen entzutera kanpaiak isildu arte.

        Bainatu eta bizarra moztu nuen. Urak erresumindu egin zidan pixka bat behatza, beraz berriro pintatu nuen. Traje berria jantzi eta erlojua jarri eta maletan sartu nituen beste trajea eta akzesorioak eta bizar-labana eta zepiloak, eta baularen giltza paper batean bildu eta sobre batean sartu eta Aitaren helbidea jarri nion, eta bi oharrak idatzi eta lakratu egin nituen.

        Itzala artean erabat joan gabe zegoen koskatik. Atean gelditu nintzen, itzala nola mugitzen zen begira. Ia antzemateko moduan mugitzen zen, barrurantz arrastatuz, itzalari ate barrurantz bultzatuz. Baina nik aditu nuenerako bera korrika ari zen. Ispiluan korrika ari zen nik zer zen jakin baino lehen ere. Abiadura hartan, soinekoaren isatsa beso gainean bilduta laino bat bezala atera zen ispilutik korrika, bere beloa bristada luzeekin kulunkatzen zela bere takoiak hauskor eta bizkor beste eskuarekin soinekoari sorbalda gainean eusten ziola, ispilutik korrika ateratzen usainak arrosak Eden gainera dei egin zuen mintzoa. Gero portxea zeharkatu zuen nik ezin nituen bere takoiak aditu gero ilargi argitan laino bat bezala, beloaren itzal flotalaria belarretatik korrika zihoala, orroaren aldera. Soinekotik kanpora atera zen korrika, bere andregai jantziari eutsiz, orroaren aldera korri eginez non T.P. ihintz artean Iufa Zartzaparrila Benjy kaxaren azpian orroka. Aitak V formako koraza zilarrezko bat zeraman korrika zihoan bere bularrean.

        Shrevek esan zuen, «Beno, ez haiz... Zer da, boda ala hileta?»

        «Ez diat garaiz prestatzerik izan», esan nuen nik.

        «Nola ba, horrenbeste apainketarekin. Zer gertatzen da? Igandea zelakoan?»

        «Ez diat uste behingoz traje berria janzteagatik preso hartuko nautenik», esan nuen.

        «Estudiante jendeaz ari ninduan pentsatzen. Harvardera hoala pentsatuko diate. Klaseetara joateko ere harroegia bihurtu al haiz?»

        «Aurrena jan egin behar diat». Koska gaineko itzala joana zen. Eguzki argitara atera eta nire itzala aurkitu nuen berriro. Haren aurre-aurretik jaitsi nituen eskailerak. Ordu erdia jo zuen. Gero kanpaiak gelditu eta pixkanaka isildu ziren aldean.

        Deacon ere ez zegoen postetxean. Bi sobreei seiluak jarri eta Aitarena bidali eta Shreverena barruko poltsikoan gorde nuen, eta orduan Deacon azkeneko aldiz non ikusi nuen gogoratu zitzaidan. Maiatzaren hogeita hamarrean izan zen, G.A.R. uniformeaz jantzita, desfilearen erdi erdian. Edozein kale kantoitan pixka bat itxoin ezkero hantxe ikusiko duzu azaltzen den lehendabiziko desfilean. Aurreragokoa Colon edo Garibaldi edo horrelakoren baten urtebetetzean izan zen. Kale Garbitzaileen sailean zihoan, txistera batekin, bi hatzetako bandera italiarra eramanez, eta purua erreaz erratz eta pala artean. Baina azkenekoa G.A.R. haienean izan zen, Shrevek zera esan baitzuen:

        «Horra. Begira zer egin zion hire aitonak beltz zahar gizajo horri».

        «Bai», esan nuen nik, «Orain diren eta ez diren desfile guztietan parte hartzea bazeukak. Aitonagatik ez balitz, lan egin beharko likek zuriek bezalaxe».

        Ez nuen inon ikusi. Baina nik dakidala sekula ez da beltz bat aurkitzen, ezta beltz langile bat ere, haren beharrean zaudenean, are gutxiago esne mamitan bizi denen bat baldin bada. Tranbia bat heldu zen. Herrian jaitsi eta Parker-era joan eta gosari eder bat eskatu nuen. Jaten ari nintzela erloju bat aditu nuen ordua jotzen. Baina nik uste gutxienez ordubete beharrezkoa zaiola denboraren nozioa galtzeko, historiak berak baino luzaroago jardun duenari haren progresio mekanikoan sartu nahian.

        Gosaria bukatutakoan puru bat erosi nuen. Neskak esan zuen berrogeita hamar zentabokoak zirela onenak, beraz halako bat hartu eta piztu eta kalera atera nintzen. Atarian gelditu eta zupada pare bat eman nizkion, eta gero kale kantoi aldera jo nuen hura eskuan nuela. Bitxitegi baten eskaparate aurretik pasa nintzen, baina garaiz begiratu nuen bestaldera. Kantoian bi zapata-garbitzailek harrapatu ninduten, bakoitzak alde batetik, deiadarka eta karralka, zozoak bezala. Batari zigarroa eman nion, eta besteari bost zentaboko bat. Orduan bakean utzi ninduten. Purua zeukanak saldu egin nahi zion besteari bost zentabokoaren truke.

        Erloju bat zegoen, eguzkitan oso gora, eta pentsatu nuen gauza bat egin nahi ez duzunean, zure gorputza engainatzen saiatzen dela egin dezazun, oharkabean bezala. Lepo atzean muskuluak sentitzen nituen, eta orduan nire erlojuaren tiki-taka hura aditu nuen poltsiko barruan eta handik gutxira beste soinu guztiak isilduak ziren, nire poltsikoko erlojuarena izan ezik. Atzerantz jo nuen ostera, eskaparateraino. Lanean ari zen eskaparate atzeko mahaian. Burua soiltzen hasia zeukan. Lente bat zeukan begian, metalezko tutu bat aurpegian barruratua. Sartu egin nintzen.

        Denda tiki-takez beteta zegoen, kilkerrak bezala iraileko belar artean, eta horman haren buru gainetik zintzilik zegoen erloju handia aditu ahal izan nuen. Begiratu egin zidan, bere begia handia eta lausotua eta larritua lentearen bestaldean. Nirea atera eta eskura eman nion.

        «Erlojua puskatu zait».

        Salto egin erazi zion bere eskuan. «Hala ematen du, bai. Zapaldu egingo zenuen».

        «Bai, jauna. Komodatik erori zait eta zapaldu egin dut ilunpetan. Halere badabil oraindik».

        Atzeko tapa ireki eta barrua begiratu zion begi batez. «Ondo dagoela ematen du. Baina ezin esan aztertu arte. Gaur arratsaldean begiratu bat emango diot».

        «Gero ekarriko dut», esan nuen. «Esango al zenidake hor eskaparateko erlojuren bat ondo dagoen?»

        Nire erlojua bere esku ahurrean hartu eta begiratu egin zidan bere begi lausotu larrituaz.

        «Apustua egin dut lagun batekin», esan nuen, «Eta gaur goizean betaurrekoak ahaztu zaizkit».

        «Ea ba», esan zuen. Erlojua utzi eta aulkian erdi zutitu eta mostradorearen gainetik begiratu zuen. Gero begiratu bat eman zion hormari. «Hoge...»

        «Ez esan», esan nuen, «mesedez. Bakarrik esadazu baten bat ondo dagoen».

        Begiratu egin zidan ostera. Berriro aulkian eseri eta lentea kopetaraino igo zuen. Zirkulu gorri bat utzi zuen bere begiaren jira guztian eta joan zitzaionean bere aurpegi osoak biluzik zirudien. «Zer ospatzen duzue gaur?» esan zuen. «Beste estropada horiek ez dira datorren astera arte, ezta?»

        «Egia, jauna. Hau ospakizun pribatua besterik ez da. Urtebetetzea. Baten bat ba al dago ondo?»

        «Ez. Oraindik erregulatu eta orduan jarri gabe daude. Bat erosteko asmotan bazara...»

        «Ez, jauna. Ez dut erloju beharrik. Gure salan badaukagu paretako bat. Konpon eraziko dut beste hau bere beharra dudanean». Eskua luzatu nuen.

        «Hobe zenuke orain uztea».

        «Gero ekarriko dut». Erlojua eman zidan. Poltsikoan sartu nuen. Orain ezin nuen aditu, beste guztien artetik. «Eskerrak eman behar dizkizut. Ez al nizun denbora asko galaraziko».

        «Ez da ezer. Ekarri nahi duzunean. Eta hobe zenuke ospakizun hori atzeratzea estropada horiek irabazten ditugun arte».

        «Bai, jauna. Hobe nuke, bai».

        Kanpora atera nintzen, atea itxiz tiki-taka guztiei. Beste begiratu bat bota nuen eskaparate barrura. Begira neukan mostradorearen bestaldetik. Dozenaren bat erloju bazeuden eskaparatean, dozena bat ordu diferente eta bakoitza nire erlojuaren segurantza baiezkor eta kontraesale berberarekin, nahiz nireak orratzik ere eduki ez. Elkarri kontraesaka. Nirea aditzen nuen, tiki-taka egiten poltsiko barruan, inork ikusi ezin bazuen ere, ezer esaterik ez bazeukan ere norbaitek ikusita ere.

        Eta beraz hura hartu behar nuela esan nion neure buruari. Zeren Aitak esan zuen erlojuek denbora akabatzen dutela. Esan zuen denbora hilda dagoela erruberatxoek tiki-takatzen duten bitartean; soilik erlojua gelditutakoan hasten da denbora bizitzen. Orratzak zabalduta zeuden, ia ia horizontalean baina angelu arin bat osatuz, haizearen kontra okertzen den kaioaren modura. Niri damua ekarri ohi zidan guztia bere baitan hartuz ilgorak bere baitan ura gordetzen duen bezala, hala diote beltzek. Bitxi-egilea lanean ari zen berriro, mahaiari buruz makurtuta, tutua tunel bat bezala aurpegian barruratua zuela. Ilea bitan bereizia zeukan erditik. Arraia soilgune bateraino heltzen zen, lehortutako zingira bat bezala abenduan.

        Kalearen bestaldeko burdindegia ikusi nuen. Ez nekien plantxak pisura eros zitezkeenik.

        «Beharbada jostun plantxa handi bat nahiko duzu», esan zuen enplegatuak. «Hauek hamar libera pisatzen dute». Baina nik uste baino handiagoak ziren. Beraz seina liberako bi txiki hartu nituen, zeren bildu ezkero zapata pare baten itxura izango baitzuten. Nahiko astunak baziren biak batera, baina Aitak giza esperientziaren reducto absurdum hartaz esandakoa gogoratu zitzaidan berriro, pentsatuz nik antza zenez Harvarden ametitua izateko neukan aukera bakarrean. Beharbada datorren urterako; pentsatuz beharbada bi urte pasa behar direla unibertsitatean hura behar bezala egiten ikasteko.

        Baina nahiko astunak baziren alde zabalean. Tranbia bat etorri zen. Barrura igo nintzen. Ez nuen ikusi aurrealdeko txartela. Beteta zegoen, gehienbat itxura prosperoko jendea egunkariak irakurtzen zihoana. Asientu libre bakarra beltz baten ondoan zegoen. Bonbina eta zapata lustredunak zeramatzan eta eskuan puru baten hondakin itzalia. Nik pentsatu ohi nuen Hegoaldeko batek beti gogoan izan behar zituela beltzak. Pentsatzen nuen hori zela Iparraldekoek espero zutena. Aurreneko aldiz Ekialdera etorri nintzenean hala esaten nion neure buruari behin eta berriz Gogoan izan koloreko jendetzat hartu behar dituzula eta ez beltz bezala, eta ez balitz izan ez nintzelako askorekin egokitu, denbora pila alferrikalduko nuen eta buruhauste asko pasako nituen ikasi baino lehen jende guztia, bai zuriak eta bai beltzak, hartzeko modurik onena, beraien ustetan direnaren arabera hartzea dela, eta gero bakean uztea. Orduan konturatu nintzen beltza pertsona bat baino areago jokaera bat dela; bere inguruan bizi den zuri-jendearen kontra-irudia edo. Baina hasieran uste nuen mira sentitu behar nuela inguruan beltz pila bat ez edukitzeagatik zeren Iparraldekoek hori espero zutela nigandik uste bainuen, baina ez nuen jakin baietz, sentitu egin nuela benetan Roskus eta Dilsey eta besteen mira, Virginiako goiz hartara arte. Trena geldirik zegoen esnatu nintzenean eta gortina goratu eta kanpora begiratu nuen. Bagoiak paso-nibela blokeatzen zuen, bi hesi zuri muino batean behera jaisten ziren tokian gero kanporantz eta beherantz zabaltzeko eskeleto baten adarkeraren parte bat bezala, eta beltz bat zegoen mando baten gainean gurdi-arrasto gogortuen erdian, trena martxan noiz jarriko zain. Ez nekien noiz ezkero zegoen han, baina mando gainean zangalatraba zegoen, burua manta puska batean bilduta, biak han eraiki balituzte bezala hesiarekin eta bidearekin batera, edo muinoarekin batera, biak muinoan bertan zizelkatuak, seinale bat jarri balute bezala esanez Etxean zara berriro. Ez zeraman zelarik eta hanka zintzilikatuak ia lurreraino heltzen zitzaizkion. Mandoak untxi itxura zeukan. Leihoa igo nuen.

        «E, Osaba», esan nuen, «Ondo al goaz hemendik?»

        «Na'usi?» Begiratu egin zidan, gero manta laxatu eta belarri ondotik kendu zuen.

        «Eguberrietako erregalia!» esan nuen.

        «Ho'ixe, na'usi. Harrapatu e'in nauzu, e?»

        «Hau barkatzen dizut». Galtzak saretxotik hartu eta hogeita bost zentaboko bat atera nuen. «Baina hurrengoan kontuz ibili. Urte Berri pasa eta bi egunetara hemen izango naiz berriro, eta kontuz ibili orduan». Leihotik bota nuen txanpona. «Erosi zerbait Eguberrietarako».

        «Bai, na'usi», esan zuen. Jaitsi eta txanpona jaso eta bernaren kontra igurtzi zuen. «Eskerrik asko, na'usitxo. Eskerrik asko». Gero trena mugitzen hasi zen. Leihora atera nintzen, haize hotzera, atzerantz begiratuz. Hantxe segitzen zuen untxi itxurako mando flakoxtaren ondoan, biak ala biak ere miserable eta geldirik eta larritasunik gabe. Trenak kurba hartu zuen, makinak pufaka zituela kolpe motz, astunekin, eta holaxe ezkutatu ziren biak emeki-emeki bistatik, halako pazientzia miserable eta denboraz kanpoko batean, halako baretasun estatiko batean bilduta: umeen ezgaitasun saiatuaren eta fidagarritasun paradoxikoaren nahasketa hori arreta eta babesa ematen diena inolako arrazoirik gabe maitatzen dituenei eta behin eta berriz lapurtzen dituenei eta ardura eta obligantzei alde egiten diena azpilan izena emateko nabarmenegiak diren bitartekoekin eta lapurretan edo alde egin nahian harrapatzen dutenean ere bakarrik mirespen zabal eta espontaneoa garailearekiko gizon prestuak lehia garbian irabazi dionagana sentitzen duen mirespen hori, eta gainera tolerantzia samur eta etengabea zuri-jendearen gutizien aurrean aitona batek ume txatxu eta zailekin duena bezalakoa, nik ahaztua nuena. Eta egun guzti hartan, trena ataka malkartsuetatik eta mendi punta artetik sigi-saga zihoan bitartean, mugimendua errubera intziriati eta akituen soinu nekeza besterik ez zelarik eta mendi eternalak ere zeru lodian desegiten zirelarik, geure etxea eduki nuen gogoan, geltoki ospela eta lokatza eta beltzak eta nekazari jendea patxada ederrean plazatik bueltaka, jostailuzko tximuekin eta gurdiekin eta goxoki poltsekin eta kandela muturrak agerian zituztela, eta nire erraiak asaldatu egiten ziren eskolan bezala kanpaiak jotzen zuenean.

        Ez nintzen kontatzen hasten erlojuak hirurak eman arte. Orduan hasi egiten nintzen, hirurogei arte kontatu eta behatz bat tolestuz eta noiz tolestuko zituzten zain zeuden beste hamalau behatzetan pentsatuz, edo hamahiru edo hamabi edo zortzi edo zazpi behatzetan, harik eta bat-batean isiltasunaz eta buru arretatsuetaz konturatzen nintzen arte, eta orduan esaten nuen «Madame?» «Quentin duzu izena, ezta?» esaten zuen Miss Laurak. Orduan isiltasun handiagoa eta buru arretatsu krudelak eta isiltasunean goratzen ziren eskuak. «Esan Quentini nork aurkitu zuen Mississippi ibaia, Henry». «DeSotok». Orduan buruak ezkutatu egiten ziren, eta handik gutxira beldurra izaten nuen atzeratu egin ote nintzen eta azkar-azkar kontatu eta beste behatz bat tolesten nuen, eta gero beldurra izaten nuen azkarregi ote nindoan eta polikiago hasten nintzen, eta gero beldurtu eta azkarrago kontatzen nuen berriro. Beraz behin ere ez ginen kanpaia eta biok bat etortzen, eta abiatua zen jadanik libre utzitako hanken olatua, lurra sentituz zoru gastatuan, eta kristal pusketa bat bezalako egunak kolpe arin, zorrotz bat ematen zuen, eta nire erraiak asaldatu egiten ziren, geldi-geldirik eserita nengoela. Asaldatu geldi-geldirik eserita. Minutu batez atean gelditu zen. Benjy. Orroka. Benjamin nire zahartzaroko umea orroka. Caddy! Caddy!

        Alde egin egingo dut. Benjy negarrez hasi zen eta hark joan eta ukitu egin zuen, Ixo. Ez dut alde egingo, Ixo. Isildu egin zen. Dilsey.

        Nahi duenean usaina hartzen dio esaten diotenari. Ez dauka entzun edo hitz egin beharrik.

        Eta jarri dioten izen berri horri ere hartzen al dio usaina? Hartzen al dio usaina suerte txarrari?

        Zergatik kezkatu behar du suerteaz? Suerteak ezin dio kalterik egin.

        Hortaz zergatik aldatu diote izena, ezpada bere suertea hobetzen saiatzeko?

        Tranbia gelditu, abiatu, eta berriro gelditu zen. Leihoaren azpian jendearen kokoteak ikusten nituen pasatzen artean kolorea galdu gabeko lastozko sonbreiru berrien azpian. Orain andreak zeuden tranbian, erosketa saskiekin, eta laneko arropekin jantzitako gizonak hasiak ziren zapata lustredun eta lepo gogorren kopurua gainditzen.

        Beltzak nire belauna ukitu zuen. «Barkatu», esan zuen. Nik bernak baztertu eta pasatzen utzi nion. Murru biluzi baten ondotik gindoazen, eta hotsak durunda egiten zuen kotxe barruan, belaun gainean erosketa saskiak zeramatzaten andreen kontra eta sonbreiru zikin batekin zihoan gizon baten kontra, haren zintan puru bat sartuta. Ur usaina aditzen nuen, eta murruaren zirrikitu batean ur bristada bat eta bi masta ikusi nituen, eta kaio bat aldean geldi-geldirik, bi masten arteko alanbre ikusiezin baten gainean balego bezala, eta eskua altxa eta txamarratik barrena nik idatzitako eskutitzak ukitu nituen. Tranbia gelditu zenean jaitsi egin nintzen.

        Zubia zabalik zegoen goleta bati pasatzen uzteko. Atoian zeramaten, atoiontziak aldaka azpian bultzadak ematen zizkiola, ke arrasto bat utziaz, baina itsasontzia bitarteko bistakorik gabe mugitzen zela ematen zuen. Gerritik gora biluzik zegoen gizon bat soka biltzen ari zen brankako gazteluan. Bere gorputz belztuak tabako hostoen kolorea zuen. Leman beste gizon bat zihoan batere koparik gabeko lastozko sonbreiru batekin. Itsasontzia zubiaren bestaldera pasa zen, bere masta biluziekin fantasma bat egun argitan bezala mugituz, txoparen gainean hiru kaio orekan zituela jostailuak balira bezala alanbre ikusiezinen gainean.

        Zubia itxi zenean bestaldera pasa eta barandan apoiatu nintzen, txalupentzako estalpeen gainetik. Kabarra hutsik zegoen eta ateak itxita. Arraunlariak ez ziren hasten arratsaldeko azken ordura arte, atsedenean egon eta gero. Zubiaren itzala, barandaren lerroak, nire itzala ur gainean txapalduta, hain erraz engainatu nuen non ez ninduen utzi nahi. Berrogeita hamar oin bazituen gutxienez, eta sikiera zerbait eduki banu ur azpira sar erazteko, harik eta ito arte eutsiko zion zerbait, bi zapata bilduren itxurako paketearen itzala ur gainean luzatuta. Beltzek esaten dute itotako gizonaren itzala uretan gelditzen dela beti haren zain. Dizdizka eta bristadaka ari zen, arnasa hartuz bezala, kabarra berriz makal, arnasa hartuz bezala bera ere, eta zaborrak erdi urperatuta, kanpora atera nahian itsasorantz jotzeko, eta itsasoko leize eta hartzuloetara. Ur desplazamendua holako eta halakoren pareko da. Giza esperientzia ororen reducto absurdum hori, eta seina liberako bi plantxek jostun plantxa handi batek baino gehiago pisatzen dute. Zer bekatua horrela alferrikaltzea esango zuen Dilseyk. Amama hil zenean Benjy konturatu egin zen. Negar egin zuen. Usaina aditu du. Usaina aditu du.

        Atoiontzia ibaian behera itzuli zen, ura zilindro luze biratzaileetan irekitzen zuela, azkenean kabarrari ere eraginez bere iragaitearen oihartzunarekin, kabarrak zilindro biratzaileen gainean balantza egiten zuelarik ploplop hotsarekin, eta soinu luze kirrinkatsu bat atea ireki eta bi gizon azaldu zirenean, kanoa batekin. Ur gainean jarri zuten eta handik pixka batera Bland atera zen, arraunekin. Franelazko galtzak zeramatzan, txamarra grisa eta lastozko sonbreiru tente bat. Berak edo bere amak tokiren batean irakurria zuten Oxfordeko estudianteek franelazko galtza eta lastozko sonbreiruekin egiten zutela arraunean, eta beraz martxo hasieran birentzako kanoa bat erosi zioten Geraldi eta bere franelazko galtza eta lastozko sonbreiru haiekintxe ibaira joan zen. Txalupen estalpeetako jendeak poliziari deitzeko mehatxua bota zuen, baina hark segi egin zuen hala ere. Bere ama kotxe alokatu batean etorri zen, Artikoko esploratzaile batena bezalako larruzko beroki batekin, eta abiatzen ikusi zuen hogeita bost miliatako haizearekin eta ardi zikinen itxurako izotz geruza mordoxka baten artetik. Geroztik beti pentsatu dut Jaungoikoa ez dela bakarrik gizaseme prestu eta tipo zuzena; Kentuckytarra dela gainera. Hura abiatu zenean bere amak itzulinguru bat egin eta berriro ibaira etorri eta semearekin paraleloan gidatzen segi zuen, kotxea primeran zuela. Inork ez omen zuen asmatuko lehenagotik ere elkar ikusia zutela, biak Errege eta Erregina bezala, elkarri begiratu ere gabe, Massachusettsetik barrena elkarren ondoan mugituz, arruta paraleloekin planeta pare baten gisara.

        Kanoara igo eta abiatu egin zen. Orain nahiko taxuz egiten zuen arraunean. Bai behar ere. Bere amak ahaleginak egin omen zituen arrauna utzi eta bere klaseko besteek egin ezin zuten edo egin nahi ez zuten zerbaitetan has zedin, baina behingoz egoskor jarri zen. Horri egoskortasun deitzea posible baldin bada, printze aspertuaren arabera eserita, bere ile hori kizkur eta bere begi bioleta eta bere betile eta bere New Yorkeko jantziekin, bere amatxok Geralden zaldi eta Geralden beltz eta Geralden emakumeez hitz egiten zigun bitartean. Poz galanta hartuko zuten Kentuckyko aita eta senarrek berak Gerald Cambridgera eraman zuen egunean. Apartamendu bat zeukan herrian, eta Geraldek ere beste bat, kolegioan zituen gelez gain. Ondo iruditzen zitzaion Gerald nirekin ibiltzea zeren nik behintzat ezagun nuen halako noblesse oblige zentzu bat zergatik eta nire jaioterria Mason eta Dixon eta beren geografiagatik baldintzak (minimoak) betetzen zituzten beste zenbait herri baino beherago zegoelako. Barkatu egiten zuen behintzat. Edo begiak ixten zituen. Baina Spoade kaperatik ateratzen ikusi zuen ezkero Hark esan zuen hura ezin zela errespetuko andrea izan errespetuko andrea ez litzatekeela gaueko ordu hartan kalean ibiliko berak behin ere ezin izan zion Spoaderi barkatu bost izen edukitzea, tartean gaur egungo duketxe ingeles batena. Seguru nago gozatu egiten zuela bere buruari zera sinestaraziz, Maingault edo Mortemarreko ardi beltzen batek tratuak izan zituela basozainaren alabarekin. Oso posible zena, berak asmatua izan edo ez. Spoade alferrontzien munduko txapelduna zen, dena ametitzen zitzaiona eta nahi hainbat tranpa egiten zuena.

        Kanoa tanto bat besterik ez zen orain, eta arraunek bristada tartekatuetan harrapatzen zuten eguzkia, ontzia keinuka balihoa bezala. Sekula izan al duk arrebarik? Ez baina denak putak dituk. Sekula izan al duk arrebarik? Minutu batez egon zen. Putak. Puta ez minutu batez atean gelditu zen Dalton Ames. Dalton Ames. Dalton Alkandorak. Nik beti pentsatu nuen kaki kolorekoak zirela, militarrenak bezalakoak, Txinako zeta ederraz edo franelarik finenaz eginak zirela ikusi nuen arte, zeren haiekin hain ematen zuen beltzarana bere aurpegiak hain urdinak bere begiak. Dalton Ames. Hutsa falta zuen aristokrata baten izena izateko. Teatroko apaingarriak. Papier-maché, hori besterik ez, eta gero ukitu. O. Amiantoa. Ez dena brontzezkoa. Baina ez duzu etxean ikusiko.

        Caddy ere emakumezkoa da, gogoan izan. Emakume arrazoiengatik ere egin behar ditu zenbait gauza.

        Zergatik ez duzu etxera ekartzen, Caddy? Zergatik ibiltzen zara emakume beltzak bezala belardietan zangetan baso ilunetan berotuta gordeta amorratuta baso ilunetan.

        Eta handik gutxira baneraman denbora puska bat nire erlojua aditzen eta eskutitzak kraskaka sentitzen nituen txamarratik barrena, barandaren kontra, eta barandan apoiatu nintzen, nire itzalari begira, nola engainatu nuen. Baranda ondotik abiatu nintzen, baina nire trajea ere iluna zen eta baneukan eskuak lehortzerik, nire itzalari begira, nola engainatu nuen. Moilaren itzaleraino ekarri nuen. Gero ekialderantz jo nuen.

        Harvard nire Harvardeko mutila Harvard harvard Mendi-ibilera hartan ezagutu zuen mutiko aurpegi granotsuko hura koloretako zintekin. Hesi ondotik zelatan eta txakur txiki bati bezala txistu eginez atera erazteko. Jangelaraino sar erazi ezin zutelako Amak uste zuen sorginkeriaren bat bazuela hark eta gainera botako ziola biak bakarka egokitu ezkero. Hala ere edozein alproja Kaxaren ondoan etzanda zegoen leiho azpian orroka limousine batean azaldutako edozein alproja lore batekin botoitxuloan. Harvard, Quentin hau Herbert da. Nire Harvardeko mutila. Herbert anaia zaharrena bezala izango da guretzat dagoeneko lana ere agindu dio Jasoni banketxean.

        Atsegina, zeluloide kastakoa biajanteak bezala. Hortzez betetako aurpegia zuriak baina irribarrerik gabe. Izan dut han bere aditzerarik. Dena hortz baina irribarrerik gabe. Zuk gidatuko al duzu?

        Sartu Quentin.

        Zuk gidatuko al duzu.

        Berea da kotxea ez al zaizu harro egotekoa iruditzen zure arrebatxoa herriko lehen kotxearen jabea izatea Herberten erregalia. Louis lezioak ematen aritu zaio goizero ez al zenuen nire eskutitza jaso Mr eta Mrs Jason Richmond Compsonek zera jakin arazten dute beren alaba Candaceren ezkontza Mr Sydney Herbert Headekin Apirilaren hogeita bostean mila bederatziehun eta hamargarren urtean Jeffersonen Mississippin. Etxean izango dira Abuztuaren lehen egunetik South Bend Indianako Halako zenbakitan Halako Abenidatan. Shrevek esan zuen Ez al duzu ireki ere egin behar? Hiru egun. Aldiz. Mr eta Mrs Jason Richmond Compsonek Lochinvar gazteak azkartxo alde egin zuen Mendebaldetik, ez al zaizu iruditzen?

        Ni hegoaldekoa naiz. Xelebrea zara, e.

        O bai banekien herri txikiren batekoa izango zinela.

        Xelebrea zara, e. Zirko batean hasi behar zenuke.

        Hasi nintzen. Halaxe hondatu nituen begiak elefanteen arkakusoei ura ematen. Hiru aldiz. Herri txikietako neska horiek. Ez da beraiekin asmatzeko modurik, ezta. Beno, dena den Byronek ez zituen sekula bere nahiak bete, Jainkoari eskerrak. Baina ez jo gizon betaurrekodunik. Ez al duzu ireki ere egin behar? Mahai gainean zegoen ertz bakoitzean kandela bana piztuta sobre gainean liga arrosa zikin batez erantsita bi lore artifizial. Ez jo gizon betaurrekodunik.

        Herri txikietako jendea gizajoak askok eta askok ez dute sekula kotxe bat ikusi jo bozina Candace ea horrela Berak ez zidan begiratu nahi bidetik kentzen diren ez zidan begiratu nahi zure aitari ez litzaioke gustatuko baten bat azpian harrapatuko bazenu egia esaten dizut zure aitak ere kotxea erosi beharko du orain pena ere badut ekarri duzulako Herbert hain gustura ibili naiz noski karrikotxea ere hortxe dago baina gehienetan nonbaitera joan nahi nukeenean Mr Compsonek lanean edukitzen ditu beltzak eta akabo nintzateke haien lana etengo banu beti esaten du Roskus nire esanetara dagoela denbora osoan baina ondo asko dakit zer esan nahi duen horrek ondo asko dakit zenbat gauza agintzen dituen jendeak bakar-bakarrik kontzientziak lasaitzeagatik horrela tratatuko al duzu nire neska ttikia Herbert baina nik badakit ezetz Herbertek gehiegi mimatu gaitu denok Quentin idatzi al nizun Jason bere banketxera eramango duela batxilergoa bukatzen duenean Jason bankari bikaina izango da nire umeen artetik bera da zentzu praktikoa duen bakarra eskerrak eman behar dizkidazu horregatik nire familiatik datorkio hori beste guztiak Compsondarrak dira Jasonek irin-masa jartzen zuen. Kometak egiten zituzten etxe atzeko portxean eta bost zentaboan saltzen zituzten, berak eta Pattersondarren semeak. Jason tesorero zen.

        Tranbia honetan ez zegoen beltzik, eta kolorea galdu gabeko sonbreiruek leiho azpitik pasatzen segitzen zuten. Harvardera joan. Saldu egin dugu Benjyren Lurrean etzanda zegoen leiho azpian, orroka. Saldu egin dugu Benjyren belardia Quentinek Harvardera joateko modua izan dezan anaia bezala zuretzako. Zure anaia txikia.

        Kotxe bat behar zenuke mesede ikaragarria egin dizu ez al zaizu iruditzen Quentin nik dagoeneko Quentin deitzen diot badakizu Candacek hainbeste kontu esan dizkit berari buruz.

        Zergatik ez ba nire seme-alabak lagunak baino gehiago izatea nahi nuke bai Candace eta Quentin lagunak baino gehiago Aita nik zera egin dut zer pena zuk anaiarik edo arrebarik ez izatea Arrebarik ez arrebarik ez zuen arrebarik Ez galdetu Quentini bera eta Mr Compson pixka bat irainduta sentitzen dira mahaira jaisteko indarra biltzen dudanean orain nerbioek eusten didate gero izango ditut lanak dena bukatzen denean eta alabatxoa ondotik kentzen didazunean. Nire arrebatxoak ez zuen, Ama esaterik baneuka. Ama.

        Non-eta gustura asko egingo nukeena egiten ez dudan alegia zu eraman bere ordez ez zait iruditzen Mr Compsonek kotxea harrapatuko lukeenik.

        A Herbert Candace aditu al duzu hori Ez zidan begiratu nahi bere matrailezurraren angelu goxo tematsua atzerantz begiratu gabe Baina ez daukazu jelostu beharrik andre zahar bati koipea ematen horretantxe ari da alaba hazia eta ezkondua ezin dut sinetsi.

        Txorakeriak neska gazte baten itxura daukazu Candace baino askoz gazteagoa zara masailetan ere neska gazte batek bezalakoxe koloreak Erreprotxe eta malkoz betetako aurpegia alkanfore eta malko usaina ahots bat negarrez etengabe eta emeki ilun-bistako atearen bestaldetik arrats koloreko ezker-aihen usaina. Baul hutsak jaisten ganbarako eskaileratik hilkutxen hotsa ateratzen zuten French Lick. Heriotzarik aurkitu ez gatzagetan.

        Kolorea galdu gabeko sonbreiruak eta sonbreirurik ez. Hiru urte sonbreirurik jantzi gabe. Ezin nuen. Banintzen. Izango al da orduan sonbreirurik ni izango ez nintzatekeenez eta Harvardik ere ez orduan. Pentsamenduaren onena esan zuen Aitak huntz hila adreilu zahar hilari bezala atxikitzen den tokian. Harvardik ere ez orduan. Ez niretzat behintzat. Berriro. Lehen baino tristeago. Berriro. Denetan tristeena. Berriro.

        Spoadek alkandora bat zeraman soinean; orduan hala beharko. Berriro nire itzala ikusten dudanean deskuidatu ezkero uretan tankera hartan engainatu dudana berriro zapalduko dut nire itzal zula ezina. Baina arrebarik ez. Nik ez nukeen egingo. Ez dut ametituko inork nire alabari zelata egitea Nik ez nukeen egingo.

        Nola menderatuko ditut ba zuk beti niri eta nire nahiei errespeturik ez izaten erakutsi badiezu ondo asko dakit goitik behera begiratzen diozula nire familiari baina hori al da arrazoia nire umeei hainbeste sufriarazi didaten nire umeei errespeturik ez izaten erakusteko Nire itzalaren hezurrak asfalto barruraino zanpatuz takoi gogorrekin eta orduan erlojua aditzen ari nintzen, eta eskutitzak ukitu nituen txamarratik barrena.

        Ez dut ametituko ez zuk ez Quentinek ez beste inork nire alabari zelata egitea berdin dio zure ustetan zer egin duen.

        Behintzat onartuko duzu bera zaintzeko arrazoirik badagoela.

        Nik ez nukeen nik ez nukeen. Badakit ezetz ez nizun hain gogorrean hitz egin nahi baina emakumeek ez dute errespeturik elkarrekiko beren buruekiko.

        Baina berak zergatik Kanpaiak hasi ziren nire itzal gainetik abiatu nintzenean, baina ordu laurdena zen. Diakonoa ez zen inon ageri, pentsatu zuen nik hura egin nahiko egin ahal izango

        Berak ez zuen hori esan nahi emakumeek holaxe egiten dituzte gauzak dena berak Caddy maite duelako

        Kaleko farolak muinoan behera jaitsiko ziren gero herri alderantz igoko ziren Nire itzalaren sabelaren gainetik joan nintzen. Eskua hura baino harantzago luza nezakeen. Aita nire atzean sentituz udako eta abuztuko iluntasun zakarra baino harantzago kaleko farolak Aitak eta biok babestu egiten ditugu emakumeak elkarrengandik beren buruengandik gure emakumeak Horrelakoxeak dira emakumeak ez dira gauza jendea ezagutzeko hori gure lana da beraiek halako susmo oparotasun praktiko batekin jaiotzen dira aldian behin emaitzak ere izaten dituena eta gehienetan arrazoiz gaizkirako joera dute gaizkiak faltan duena beraiek betetzeko harekintxe biltzeko senaz bezala zu lozorroan oheko tapakietan biltzen zaren bezala gogoa ernalduz hartarako harik eta gaizkiak bere helburua lortzen duen arte helbururik bazuen eta ez bazuen Lehen ikasturteko bi estudianteren erdian zetorren. Artean erabat bere onera etorri gabe zegoen desfilearen ondoren, zeren militar agurra egin baitzidan, goi-mailako ofizialen estilora.

        «Pixka batean zurekin hitz egin nahi dut», esan nuen, geldituz.

        «Nirekin? Ondo da. Gero arte, lagunak», esan zuen, geldituz eta buelta emanez; «pozten naiz izan dugun hizketaldiaz». Horrelakoxea zen Deacon. Hau eta bestea esango dute jaiotzez psikologo direnei buruz. Kontatzen zutenez berrogei urtetan ez omen zuen tren bakar bat huts egin ikasturte hasieran, eta begiratze hutsarekin hartzen omen zion taxua Hegoaldeko bati. Ez zen behin ere okertzen, eta inor hizketan sentitu orduko, segituan asmatzen omen zuen zer Estatutakoa zen. Trenei itxoitera joateko bazuen benetako uniforme bat, Osaba Tomen Etxola estiloko arropak, adabaki eta guzti.

        «Bai, na'usi. Hemendikantxe, na'usitxo, holaxe», zure maletak hartuz. «Hi, mutiko, hator hona eta heldu maleta ho'iei». Hartan maleta-mendi mugikor bat hurbiltzen zen, atzean hamabosten bat urteko mutiko zuri bat ageri zuena, eta Diakonoak nola edo hala beste maleta bat gainean jarri eta bidali egiten zuen. «Ez ge'o e'ortzen utzi. Bai, na'usi, na'usitxo, emaiozu bai beltz zahar honi zu'e koartoko numeroa, eta zu ailegatze'ako hantxe izango duzu dena».

        Handik aurrera eta harik eta erabat menperatzen zintuen arte sartu eta atera ibiltzen zen beti zure gelatik, berritsu eta ubikuoa, nahiz bere portaerak pixkanaka ibarrerantz jo bere jantziak hobetu ahala, harik eta azkenean erabat odolustu zintuenean eta mesfidatzen hasten zinenean Quentin edo horrelakoren bat deika hasten zitzaizun arte, eta hurrena ikusten zenuenean Brooks etxeko traje baztertu bat eramango zuen eta sonbreiru bat Princentongo ez dakit zer cluben bandarekin norbaitek emandakoa eta berak pozik eta irmoki Abraham Lincolnen ejertzitoko bandatzat zeukana. Aspaldi, aurreneko aldiz Unibertsitatean azaldu zenean auskalo nondik etorrita, norbaitek teologia eskolan ikasia zelako istorioa zabaldu zuen. Eta horrek zer esan nahi zuen konprenitu zuenean halako inpresioa egin zion non bera ere istorio hura kontatzen hasi zen, azkenean benetakoa zela sinestera heldu arte. Edozein modutara, estudiante garaietako pasadizo luze zentzugabeak kontatu ohi zituen, familiartasun osoz hitz eginez hildako edo joandako profesoreei buruz, eta nori bere izenaz deituz, gehienetan oker. Baina estudiante hasi berri bakarti eta inuzenteek osatutako makina bat belaunaldiren gidari, kontseilari eta laguna izana zen, eta nik uste bere hipokresia eta trikimailu ziztrin guzti, haiekin ere Jainkoaren sudurrarentzat ez zuela beste edozeinek baino kirats okerragoa.

        «Hiruzpalau egunetan ez zaitut ikusi», esan zuen, artean gordetzen zuen militar aureola hartatik begiratzen zidala. «Gaixo egon al zara?»

        «Ez. Ondo ibili naiz. Lanean edo. Nik bai zu ikusi, ordea».

        «Bai?»

        «Lehengo egunean, desfilean».

        «A, bai. Han izan nintzen, bai. Ez naiz ni horrelako gauzen oso zalea, ulertzen didazu, baina mutilei, beteranoei-eta, gustatu egiten zaie ni ondoan edukitzea. Badakizu, dama horiek beterano guztiek parte hartzea nahi izaten dute. Eta nik haien gustua egin behar ba».

        «Eta beste italiar jendailaren festa hartan ere bai», esan nuen. «Orduan W C.T.U.-tarren gustua egiten ibiliko zinen noski».

        «Hori? Suhiagatik egin nuen hori. Udal zerbitzuetan lana aurkituko ote duen dabil. Kaleak garbitzeko. Nik zera esaten diot, erratza baten bila dabilela, harexen gainean lo egiteko. Hortaz ikusi ninduzun, e?»

        «Bi aldietan. Bai».

        «Esan nahi dut, uniformeaz. Zer moduzko itxura neukan?»

        «Ona. Beste edozeinek baino hobea. Jeneral egin beharko zintuzkete, Deacon».

        Besoa ukitu zidan, emeki, beltzen eskuek izan ohi duten ukitu gastatu, goxo horrekin. «Entzun. Hau isilik gordetzeko kontua da. Zuri esatea ez zait inporta zu eta biok kasta berekoak garelako, azken batean». Makurtu egin zen pixka bat nire aldera, azkar hitz eginez, niri begiratu gabe. «Jo ditut jo beharreko ateak. Itxoin datorren urtera arte. Itxoin, Itxoin. Eta ikusiko duzu noten ondoan desfilatuko dudan. Nola konponduko naizen esan beharrik ez daukat; baina esaten dizut, Itxoin eta ikusiko duzu, gazte». Orain begira neukan eta tapa sorbaldan jo eta bere takoi gainean kulunkatu zen buruaz baietz eginez. «Bai, jauna. Ez nintzen hutsaren truke demokrata egin orain hiru urte. Nire suhia udal zerbitzuetan; eta ni... Bai, jauna. Demokrata egiteak putaseme horri lan egin eraziko balio... Eta ni: zaude, zaude horrako izkina horretan herenegundik kontatzen hasi eta urtebetera, eta ikusiko duzu».

        «Hala espero dut. Merezi duzu, Deacon. Eta, esan behar nizula-eta...» Eskutitza atera nuen poltsikotik. «Eraman ezazu hau bihar nire gelara eta eman Shreveri. Zerbait izango du zuretzat. Baina bihar arte ezer ez, gogoan izan».

        Eskutitza hartu eta aztertu egin zuen. «Lakratuta dago».

        «Bai. Eta barruan zerbait dauka idatzita. Bihar arte ez du balio».

        «Mmm», esan zuen. Sobrea begiratu zuen, ezpainak zimurtuta. «Niretzako zer edo zer, diozu?»

        «Bai. Egin nahi dizudan erregali bat».

        Orain niri begira zegoen, sobrea zuri bere esku beltzean, eguzkitan. Bere begiak eztiak eta irisik gabeak eta marroiak ziren, eta bat-batean, bereganatuak zituen zuri jendearen uniforme eta politika eta Harvardeko portaera eta gainerako berriketa guzti haien atzetik, Roskus ikusi nuen niri begira, fidagaitz, gordean, mutu eta triste. «Ez zara ba beltz zahar honi broma bat egin nahian ibiliko, e?»

        «Badakizu ezetz. Hegoaldeko batek egin al dizu behin ere bromarik?»

        «Egia. Jende ona da. Baina ezin da beraiekin bizi».

        «Behin ere saiatu al zara?» esan nuen. Baina Roskus joana zen. Berriro ere hartua zuen aspalditik munduaren aurrerako aukeratutako itxura, ponposoa, faltsua, ez erabat baldarra.

        «Beteko ditut zure nahiak, gazte».

        «Bihar arte ez, gogoan izan».

        «Horixe», esan zuen; «ulertua dago, gazte. Beno...

        «Espero dut...» esan nuen. Begiratu egin zidan, amore emaile, sakon. Bat-batean luzatu nuen eskua eta bostekoa eman genion elkarri, berak grabetasunez, ejertzito eta udalarekiko bere ametsen gailur ponposotik. «Tipo ona zara, Deacon. Espero dut... Gazte pila bati lagundu diozu, han eta hemen».

        «Denak ondo tratatzen saiatu izan naiz beti», esan zuen. «Ez dut nik gizarte bereizketa ziztrinik egiten. Niretzat gizona gizon da, nonahi aurkitzen dudala ere».

        «Beti orain arte adina lagun aurkitzea espero dut».

        «Gazte jendea. Ondo konpontzen naiz beraiekin. Eta beraiek ere ez naute ahazten», esan zuen, sobreari eraginez. Poltsikoan sartu eta txamarra lotu zuen. «Bai, nagusi», esan zuen. «Lagun onak izan ditut».

        Kanpaiak berriro hasi ziren, ordu erdia. Nire itzalaren sabel gainean gelditu eta dangada geldo eta lasaiak entzun nituen eguzki argitan barrena, hostotxo mehe, geldien artetik. Geldoak eta baketsuak eta bareak, kanpaiek beti izaten duten udazken kutsu horrekin, bai andregaien hilabetean ere. Lurrean etzanda leiho azpian orroka Begiratu bat eman zionarekin batera konprenitu zuen. Umetxoen ahotik. Kaleko farolak Kanpaiak isildu egin ziren. Postetxera joan nintzen atzera, nire itzala espaloian hondoratuz muinoan behera jaitsi eta gero herri aldera igo horma batean bata bestearen gainean eskegitako faroltxoak bezala. Aitak esan zuen berak Caddy maite duelako bere akatsengatik maite du jendea. Osaba Mauryk suaren aurrean zangalatraba jarrita eskua luzatu beharra dauka Eguberrietakoa edan nahi badu. Jason korrika hasi zen, eskuak poltsikoetan zituela erori egin zen eta hantxe gelditu zen burruntzian sartutako oilaskoa bezala Vershek zutitu zuen arte. Korrika hasitakoan zergatik ez dituzu eskuak poltsikotik ateratzen hartara hanka gainean gelditu ezinik ez zenuke Sehaskan burua batera eta bestera jiratuz garondoan apoiatuta jiratuz. Caddyk esan zion Jasoni Vershek esan zuela Osaba Mauryk ez zuela lanik egiten txikia zenean burua sehaskan batera eta bestera jiraka ibiltzen zuelako.

        Han zetorren Shreve, hankak arrastaka, lodiki serio, bere betaurrekoek hosto korrikalarien azpitik bristadak botatzen zituztela putzutxoak bezala.

        «Ohar bat eman zioat Deaconi, gauza batzuetarako. Beharbada gaur arratsaldean kanpoan izango nauk, eta hik ez ezer eman bihar arte, konforme?»

        «Ondo da». Begiratu egin zidan. «Baina, zertan babil gaur, jakin badaiteke? Apain-apain jantzita eta noraezean, sati baten prologoa bezala. Psikologiara joan al haiz gaur goizean?»

        «Ez nauk ezertan ari. Bihar arte ezer ez, e?»

        «Zer daukak hor?»

        «Ezer ez. Zapata pare bat, zola-erdia jartzera eraman nuena. Bihar arte ezer ez, aditzen?»

        «Konforme. Ondo da. A, galdetu behar niala-eta, goizean hartu al duk eskutitza mahai gainetik?»

        «Ez»

        «Hantxe zegok. Semiramisena. Txofer batek ekarri dik hamarrak baino lehen».

        «Ondo da. Hartuko diat. Auskalo zer nahi duen orain».

        «Beste orkestra emanaldi bat, segur aski. Tarrapatatan Gerald tar-tar-tar. "Indar gehixeagoz danborrari, Quentin." Jainko santua, eskerrak ez naizen ni gizon prestu horietako bat». Segi egin zuen, liburu bati helduta, pixka bat itxuragabetua, lodiki saiatua. Kaleko farolak zuk horrela pentsatzen duzu gure arbaso bat gobernadore izan zelako eta beste hiru jeneral eta amarenak berriz ez bizirik dagoen gizona hilda dagoena baino gehiago da baina ez da bizirik edo hilda dagoen gizonik bizirik edo hilda dagoen beste edozein baino askoz gehiago denik Amaren buruan ordea hori horrela da. Bukatua. Bukatua. Eta pozonduta utzi gintuen denok bekatua eta moralitatea nahasten dituzu emakumeek ez dute hori egiten zure Amak moralitatea dauka gogoan bekatu den ala ez burutik ere ez zaio pasa

        Jason joan beharra daukat zuk zaindu besteak Jason hartu eta inork ezagutzen ez gaituen tokira joango naiz hartara aukeraren bat izango du hazi eta hau dena ahazteko besteek ez naute maite sekula ez dute ezer maitatu Compsondarren berekoikeria eta urguilu faltsu horrekin nire bihotzak Jasonengana bakarrik jo zezakeen beldurrik gabe

        txorakeriak Jason ondo dago zera ari nintzen pentsatzen hobeto sentitzen zarenean zuk eta Caddyk French Lickera joan behar zenuketela

        eta Jason hemen utzi zurekin eta beltzekin bakar-bakarrik

        Caddyk beste mutil hori ahaztuko du eta orduan zurrumurruak isildu egingo dira heriotzarik aurkitu ez gatzagetan

        beharbada senar bat aurkitu ahal izango diot heriotzarik ez gatzagetan

        Tranbia hurbildu eta gelditu egin zen. Kanpaiek ordu erdia jotzen segitzen zuten. Igo nintzen eta berriro abiatu zen, ordu erdia ezabatuz. Ez: laurden gutxi ziren. Orduan hamar gutxi izango ziren edozein modutara. Harvard utzi zure Amaren ametsa Benjyren belardia saldu zertarako eta

        zer egin dut nik horrelako umeak merezi izateko Benjaminekin izan nuen gaztigu nahikoa eta orain Caddyk ni gehiago aintzat ez hartzea bere ama propioa nik beragatik sufritu ditudanekin ametsak eta planak eta sakrifizioak egin ditut ibarreraino jaitsi nintzen eta hala ere begiak zabaldu zituen ezkero sekula ez ditu niganako pentsamendu berekoiak besterik izan batzuetan begiratzen diot eta benetan nire alaba ote den pentsatzen dut Jason izan ezik berak sekula ez nau une batez ere atsekabetu aurreneko aldiz nire besoetan hartu nuenetik orduan jakin nuen nire poza eta salbazioa izango zela pentsatzen nuen Benjaminekin gaztigu nahikoa banuela inoiz egin ditudan bekatuengatik pentsatzen nuen huraxe zela merezi nuen gaztigua nire urguilua baztertu eta bere ustetan ni baino gehiago zen gizon batekin ezkontzeagatik ez naiz kexatzen beste guztiak baino gehiago maitatu izan dut horregatik nire eginbeharra zelako Jasonek nire maitasuna eskatzen bazuen ere bitarte guzti hartan baina orain ikusten dut ez dudala nahikoa sufritu orain ikusten dut zure bekatuengatik ere ordaindu beharra daukadala nireengatik bezalaxe zer egin duzu zer bekatu bota ditu nire gainera zure familia goren eta boteretsuak baina zuk haien alde egingo duzu zuk beti aurkitu dituzu aitzakiak zure odolekoentzat bakarrik Jasonek egin dezake okerrik bera Compson baino gehiago Bascomb delako eta bitartean zure alaba nire alaba txikia nire neska-koskorra ez da bera ez da hobea ni neska gaztea nintzenean zoritxarrekoa nintzen Bascomb bat besterik ez nintzen erdi bidekorik ez zegoela erakutsi zidaten andre bat errespetukoa da edo ez da baina nire besoetan neukanean sekula ez nuen imajinatu nire alaba batek horrela utziko zuenik bere burua ez al dakizu bere begietara begiratzea nahikoa dudala jakiteko beharbada uste duzu kontatu egingo lizukeela baina berak ez ditu gauzak kontatzen isila da zuk ez duzu ezagutzen nik badakizkit berak egindako zenbait gauza eta hiltzea nahiago nuke horrelakoak zuri kontatzea baino hori da segi Jasoni kritikatzen bota niri errua arrebari zelatan jartzen dudalako hori krimena balitz bezala bitartean zure alabak posible duelarik badakit ez duzula Jason maite beti berari nondik akatsa bilatuko zabiltzala sekula ez duzu bai egiozu burla Mauryri beti egin diozun bezala ezingo didazu min handiagorik egin zure umeek jadanik egin didatena baino eta laster joango naiz eta Jasonek inor ez du izango maitatzeko guzti honetatik babesteko begira egoten natzaio egunero berari ere azkenean Compsondarren odola azaltzen hasiko ote zaion beldurrez auskalo norengana joateko alde egiten duen arreba batekin zuk ikusi al duzu noizbait gizon hori ez ote didazu utzi behar nor den jakiteko ahalegina egiten ere ez da nigatik ezingo nuke burutu aurrean ikustea zugatik da zu babesteko baina nork borroka dezake odol gaiztoaren kontra ez ote didazu utziko ahalegina egiten eserita gelditu behar ote dugu besoak gurutzatuta berak zure izena lokatzetatik arrastatzeaz gainera zure umeek arnasten duten aldea ere usteltzen duen bitartean Jason joaten utzi behar didazu ezin dut burutu utzi Jason niri eta geratu zu besteekin ez dira Jason bezala nire haragia eta odola arrotzak nirerik ezer ez eta beldurra ematen didate Jason hartu eta ezagutzen ez gaituzten toki batera joan gaitezke belauniko jarri eta nire bekatuen absoluzioa eskatuko dut berak madarikazio honi alde egiteko modua izan dezan besteak noizbait izan zirenik ere ahazten saia nadin

        Hura laurden gutxi baldin bazen, orain hamar minutu gehiago ez. Tranbia bat abiatu berria zen, eta jendea hurrengoaren zain zegoen jadanik. Galdetu egin nuen, baina gizonak ez zekien eguerdia baino lehen besterik aterako zen edo ez zeren interurbanoak badakizu. Eta hala aurrenekoa beste tranbia bat izan zen. Igo egin nintzen. Eguerdia sentitu egiten da. Meatzariek ere sentitzen ote dute lurraren erraietan. Horregatik sirenak; izerdia botatzen duen jendeagatik, eta izerditik nahiko urrun egon ezkero ez dituzu sirenak adituko eta Bostonen zortzi minutu aski dira izerditik horrenbeste urruntzeko. Aitak esan zuen gizona bere zoritxarren batuketa dela. Pentsa zenezake zoritxarra ere egunen batean nekatuko dela, baina orduan denbora bihurtzen da zure zoritxarra esan zuen Aitak. Kaio bat alanbre ikusiezin bati lotua espaziotik barrena arrastatzen zen. Eternitateraino eramaten duzu zure frustrazioaren sinboloa. Orduan hegoak handiagoak dira esan zuen Aitak baina nork daki arpa jotzen.

        Nire erlojua aditzen nuen tranbia gelditzen zenero, baina ez sarritan jaten ari ziren ordurako Nork joko luke Jaten jate kontua zure barruan espazioa ere bai espazioa eta denbora nahastuta Urdailak eguerdia dio burmuinak jateko ordua dio Ondo da auskalo zer ordu den zer axola du horrek. Jendea jaisten ari zen. Tranbia ez zen orain hain sarritan geratzen, jan beharrak hustuta.

        Gero eguerdia pasa zen. Jaitsi eta nire itzalean gelditu nintzen eta handik pixka batera tranbia bat ailegatu zen eta ni igo eta interurbanoen geltokira itzuli nintzen. Bat abiatzekotan zegoen, eta nik leiho ondoan asientua aurkitu eta abiatu egin zen eta tokia saretzen bezala ikusi nuen mareak utzitako erretenetan, eta gero zuhaitzetan. Aldian behin ibaia ikusi eta pentsatzen nuen gustura izango zirela haiek New Londonen baldin eta eguraldiak eta Geralden kanoa eguerdira arte bristadatsutik solemnitatez zihoala eta auskalo zer nahi zuen orain atso hark, goizeko hamarrak baino lehen niri ohar bat bidaltzeko. Zer erretratua Geraldena ni ere Dalton Ames o amiantoa Quentinek tiroa bota dio atzealdean nintzela. Erretratu bat tartean neskak ere izango zituena. Emakumeek beti haren ahotsa murmurio guztien gainetik dei egin zuen mintzoa gaizkirako joera dute, andre fidagarririk ez dela uste izateko joera, baina gizon batzuk inuzenteegiak direla beren buruak babesteko. Neska arruntak. Lehengusina urrun eta familiaren lagunak adiskidetasun hutsagatik odol berekoen obligazioez-edo inbestitutakoak noblesse oblige. Eta bera han eserita denen aurrean guri esaten zer lastima zen Geraldek familiakoen edertasun guztia heredatu izana gizon batek ez zuelako haren beharrik, hobeto zegoen hura gabe baina hura gabe neska bat galdua zen. Guri Geralden andreei buruz hitz egiten Quentinek tiroa bota dio Herberti tiroa bota dio haren ahotsari Caddyren gelako zorutik barrena onespen doinu harroaz. «Hamazazpi urte zituenean hala esan nion egun batean "Zer lastima zuk horrelako ahoa izatea neska baten aurpegian egon behar luke" eta imajinatzen al duzue gortinak arratsean apoiatuta sagarrondoaren usainaren gainetik bere burua arratsaren kontra besoak buruaren atzean kimono-hegoekin eden gainera dei egin zuen mintzoa arropak ohe gainera sudurrak ikusiak sagarrondoaren gaine zer esan zuen berak? hamazazpi urte besterik ez, pentsa. "Ama" esan zuen "sarritan aurkitzen da han."» Eta bera han errege baten arabera eserita bi edo hiru neskari begira bere betileetatik. Enarak bezala abiatzen ziren bere betileei ekiteko. Shrevek esan zuen berak beti Zainduko al dituzu Benjy eta Aita

        Zenbat eta gutxiago aitatzen dituzun Benjy eta Aita hobe noiz hartu dituzu aintzakotzat Caddy

        Eman hitza

        Ez daukazu haiengatik kezkatu beharrik zu baldintza onetan zoaz

        Eman hitza gaixo nago hitza eman behar didazu jakin nahi izan zuela nork asmatu zuen txiste hura baina bestalde Mrs Bland ederki kontserbatutako andrea iruditu zitzaion beti esan zuen haren asmoa zela Gerald egunen batean dukesa bat liluratzeko heztea. Shreveri Kanadiar gazte potolo hori deitzen zion niri bi alditan gela-lagun berria aurkitu zidan batere kontsultatu gabe, behin ni neu gelaz aldatzeko, beste behin

        Atea zabaldu zuen arratsean. Bere aurpegiak kalabaza tarta baten itxura zeukan.

        «Beno, bihotzez adio esatera nator. Halabehar krudelak banatuko gaitu beharbada, baina nik ez dut sekula besterik maitatuko. Sekula».

        «Zertaz ari haiz?»

        «Zortzi metrotako zeta abrikot kolorekoan bildutako halabehar krudelaz ari nauk metal libera gehiagorekin, karga berdina izanda, galeretara kondenatu batek baino eta Konfederazio zenduaren ordezkari peripatetiko paregabearen jaun eta jabe bakarraz». Orduan kontatu zidan hura zaindariagana joan zela bera beste gela batera alda zedin eta zaindariak aurrera Shreveri kontsultatu beharra zegoela esateko egoskortasuna azaldu zuela. Orduan hark proposatu zuen bidaltzeko segituan norbait Shreveren bila eta kontsultatzeko, eta Shrevek ez zuela nahi esan omen zuen, beraz handik aurrera kortesia juxtuaz tratatu izan zuen Shreve. «Araua dut emakumeei buruz behin ere gogorrean ez hitz egitea», esan zuen Shrevek, «baina andre horrek emagaldu baten antza handiagoa du Estatu eta dominio subirano hauetako beste edozein emakumek baino», eta orain Eskutitza mahai gainean eskuz entregatua, agindu koloretako orkideak usaindunak Jakingo balu ia leiho azpitik pasa naizela jakinik han zegoela batere Nire Madam maitea ez dut oraindik zure mezua jasotzeko aukerarik izan baina aldez aurretik arren barkatzeko eskatzen dizut ez naizelako hor izango gaur edo atzo eta bihar edo edozein Bai baitakit hurrengoa zera izango dela Geraldek beltza eskaileretatik behera bota zuenekoa eta beltzak teologia eskolan matrikulatzen uzteko erregutu zuela bere nagusi nagusitxo Geralden ondoan egon ahal izateko eta korrika joan zela geltokiraino karrikotxearen atzetik begietan malkoak zituela Gerald nagusitxoa abiatu zenean beste hura kontatzen duzun egun arte itxoingo dut sukaldeko atean eskopeta batekin azaldu zen zerrategiko senarrarena eta Geraldek jaitsi eta eskopeta bi puska egin eta eman egin ziola atzera eta eskuak zetazko painuelu batean garbitu eta sutara bota zuela painelua hori bi aldiz bakarrik entzun dut

        tiroa bota dio zeretik barrena sartzen ikusi zaitut beraz aukera egokia iruditu zait eta hemen naukazu elkarren ezaguera egin genezakeela pentsatu dut tori zigarro bat

        Milesker ez dut erretzen

        Ez gauzak ederki aldatuko ziren han nire garaiaz geroztik axola al dizu nik bat pizten badut

        Aurrera

        Milesker asko hitz egin didate zure amari berdin izango zaio pospoloa sutako sarearen atzera botatzen badut ezta zuri buruz Candacek zutaz hitz egitea besterik ez zuen egiten Licksen geunden bitartean. Jelostu ere egin nintzen hala esaten nion neure buruari nor ote da Quentin hori ikusi behar diat-ba zer itxura duen pieza horrek zeren neskatila horrek jota utzi baininduen ikusi nuenarekin batera zuri esatea ez zait axola behin ere ez zitzaidan burutik pasa bere anaiaz ari zitekeenik ezingo zuen zutaz gehiago hitz egin ezta munduko azken gizona izan bazina ere ezta bere senarra izan bazina ere iritziz aldatu eta ez al duzu zigarro bat hartuko

        Ez dut erretzen

        Hortaz ez dizut berriz esango nahiko tabako ona bada ere hogeita bost dolar kosta zitzaidan zientoa Habanako adiskide bati handizka erosita bai gauzak han ederki aldatuta egongo dira beti bisita bat egitera joatekotan nabil baina behin ere ez naiz erabakitzen lana besterik ez azken hamar urteotan ezin banketxea utzi gazteen ohiturak aldatu egiten dira unibertsitatean egon bitartean lehen urteetako bati garrantzitsuak iruditzen zaizkion gauzak badakizu esazkidazu hango kontuak

        Ez diet Aitari eta Amari ezer kontatuko hori bada kezkatzen zaituena

        Ez diezu ezer kontatuko ez diezu ezer o hori horretaz ari zara e konprenituko duzu bost axola zaidala zuk kontatzea edo ez konpreni ezazu horrelako gauza bat suerte txarra baina ez krimen bat ez nintzen ni izan aurrenekoa edo azkenekoa suerte txarra izan nuela hori besterik ez zuk beharbada suerte hobea izango zenuen

        Gezurra

        Zaude lasai ez zaitut esan nahi ez dituzun gauzak esatera behartu nahi ez zintudan mindu nahi jakina zu bezalako mutil gazte bati horrelako gauza bat askoz serioagoa iruditzen zaio orain hemendik bost urteetara baino

        Tranpak juzkatzeko modu bat besterik ez dut ezagutzen eta ez dut uste Harvarden egoteagatik beste iritzi bat hartuko dudanik

        Aktore pare bat baino hobeto ari gara Teatroa ikasia zara nonbait begira arrazoia duzu ez da beharrezkoa kontatzea joanak joan e ez dago arrazoirik horrelako huskeria bati gu bion artean tartekatzen uzteko gustukoa zaitut Quentin gustukoa dut zure itxura ez duzu beste probintziano horien antzik pozten naiz gauzak horrela konpontzeaz zure amari agindu diot zerbait egingo dudala Jasonen alde baina zuri ere eskua luzatzea gustatuko litzaidake Jason ederki legoke hemen ere baina honelako zulo batean ez dago tokirik zu bezalako gazte batentzat

        Milesker hobe duzu Jasonekin segitzea gehiago komeni zaizu ni baino

        Sentitzen dut beste istorio hura baina garai hartan mutil-koskor bat besterik ez nintzen sekula ez nuen izan zurea bezalako amarik zenbait fintasun erakusteko hori jakinda alferrik sufritzea besterik ez luke egingo bai arrazoia duzu alferrik litzateke Candaceri ere ez jakina

        Esan diet Aitari eta Amari

        Aizu begiratu pixka bat niri zenbat denbora uste duzu iraungo zenukeela nirekin

        Ez dut luze iraun beharrik izango zuk ere kolegioan ikusi bazenuen borrokan egin proba eta ea zenbat irauten dudan

        Ttattar madarikatu hori zertan zabiltzala uste duzu

        Egin proba eta ea

        Jainko santua zigarroa zer esango luke zure amak erredura bat ikusiko balu bere tximiniako koskan garaiz gara begira Quentin bioi damua ekarriko digun zerbait egiteko zorian gaude gustukoa zaitut ikusi orduko izan zintudan gustukoa zera esaten nion neure buruari edozein dela ere primerako tipoa izan behar du bestela Candacek ez luke horrenbeste goraipatuko entzun hamar urte badira mundutik barrena nabilela orduan gauzek garrantzia galtzen dute zu ere jabetuko zara horretaz ados jarri gaitezen biok horri dagokionez Harvard zaharraren seme bezala eta orain tokia ere ez nuke ezagutuko segur aski munduko tokirik onena mutil gazte batentzat haraxe bidaliko ditut nire semeak nik izan nituenak baino aukera hobeak eskainiko dizkiet itxoin ez joan oraindik eztabaida dezagun kontu hau gizon gazteak ideia horiek izaten ditu eta nik oso ondo ikusten dut hori mesede egiten diote unibertsitatean dagoen bitartean bere nortasuna osatzen dute aproposa tradizioentzat unibertsitatea baina munduratzen denean ahal duen modurik onenean konpondu behar zeren beste guztiek gauza bera egiten dutela ikusiko baitu eta zer arraio ordea eman diezaiogun bostekoa elkarri eta joanak joan zure amaren izenean gogoratu bere osasunaz tira emadazu bostekoa begira ikusi hau komentutik atera berria begira mantxa bakar bat ez ezta izur bat ere oraindik ikusi

        Zoaz pikutara zure diruarekin

        Ez ez tira orain familiakoa naiz begira badakit zer den mutil gaztea izatea asunto pribatu pila bat izaten dituzte kosta egiten da zaharrak sos batzuk luzatzea badakit ni ere horretatik pasea nago eta ez hain aspaldi ere baina orain ezkontzekotan naiz eta batez ere han tira ez txoroa izan entzun benetako hizketaldi bat egiteko aukera dugunean hiriko andre alarguntxo baten berri eman nahi dizut

        Ezagutzen dut gorde zure diru zikina

        Orduan hartu mailegu bezala itxi begiak momentu batez eta berrogeita hamar gehiago izango zara

        Kendu eskuak gainetik hobe zenuke zigarro hori koskatik kentzea

        Konta ezazu ba eta hor konpon zaitezela ea zer aurreratzen duzun txoro hutsa ez bazina honezkero konturako zinen kate motzean harrapatuta dauzkadala zer eta anaia batek Galahad umegorri batek zure amak hitz egin dit zutaz zure burua ideiez puztuta daukazula sartu o sartu maitea Quentin eta biok elkar ezagutzen ari ginen Harvardi buruz hizketan nire bila al zenbiltzan ezin bere gizontxoagandik apartatu e

        Atera pixka bat Herbert Quentinekin hitz egin nahi dut

        Etorri etorri egin dezagun hirurok hitz-aspertu bat elkar ezagutzeko oraintxe ari nintzaion esaten Quentini

        Tira Herbert atera zaitez momentu batez

        Beno ondo da zuk eta anaiatxoak elkar ikusi nahi duzue berriro ere e

        Hobe zenuke zigarro hori koskatik kentzea

        Zuk arrazoia beti bezala mutiko hortaz paseotxo bat ematera joango naiz mendera zaitzatela ahal duten bitartean Quentin etzitik aurrera etxeko jaunaren baimena beharko da ezta maitea emadazu musu bat laztana

        O nahikoa da gorde hori etzirako

        Orduan interesak eskatuko ditut ez utzi Quentini bukatzerik izango ez duen ezer egiten o bide batez kontatu al diot Quentini gizon haren loritoaren istorioa eta zer gertatu zitzaion istorio tristea hura ekartzen didazu gogora zuek ere gogoan izan agur eta ikusi arte

        Eta

        Eta

        Zertan zabiltza orain

        Ezertan ez

        Berriro ere nire kontuetan muturra sartzen ez al zenuen nahikoa izan lehengo udakoarekin

        Caddy sukarra daukazu Gaixo zaude zer duzu gaixo egoteko

        Gaixo besterik gabe. Ezin dut galdetu.

        Tiroa bota dio haren ahotsari zeretik barren

        Alproja horrekin ez Caddy

        Aldian behin ibaiak dizdiz egiten zuen gauzak baino harantzagotik, txinparta moduko bristadak bidaliz eguerdian barrena eta geroago ere. Askoz geroago ere, nahiz atzean utzia genuen hark kontrakorrontean arraunean segitzen zuen tokia, maiestuosoki jainkoaren, jainkoen begi aurrean. Hobeto. Jainkoak. Jainkoa ere jendaila artekoa izango litzateke Bostonen Massachusettsen. Edo beharbada senarra behintzat ez. Arraun bustiek keinuak egiten zizkiotela, keinu distiratsuak eta emakumezkoen palma-adarrak. Zuria. Zuria senarra ez izatera ez luke Jainkoa aintzat hartuko. Alproja horrekin, Caddy Ibaia bristadaka urruntzen zen bat-bateko bihurgune bat baino harantzago.

        Gaixo nago hitza eman behar didazu

        Gaixo zer duzu gaixo egoteko

        Gaixo besterik gabe ezin diot inori galdetu baina eman hitza esan zainduko dituzula

        Norbaitek zaintzea behar badute zugatik da zer duzu gaixo egoteko Leiho azpian kotxea geltoki aldera abiatzen sentitu genuen, 8ak eta 10etako trenera. Lehengusuak ekartzeko. Buruak. Bere burua handituz buru batekin eta bestearekin baina pelukerorik ez. Manikura neskak. Behin odol garbiko zaldi bat izan genuen. Ukuiluan bai, baina monturaren azpian mando zahar bat. Quentinek tiroa bota die haien ahots guztiei Caddyren gelako zorutik barrena.

        Tranbia gelditu egin zen. Ni jaitsi egin nintzen, nire itzalaren erdira. Errepide batek karrilak zeharkatzen zituen. Egurrezko estalpe bat zegoen paper zorro batetik zer edo zer jaten ari zen gizon zahar batekin, eta orduan tranbiaren hotsa ere desegin egin zen. Errepidea zuhaitz artean barruratzen zen. Han egon behar zuen itzalik, baina Ekaineko hostaila New Englanden ez da askoz lodiagoa Apirilekoa baino etxean Mississippin. Tximini bat ikusi nuen. Bizkarra eman nion, nire itzala hautsean zanpatuz. Gauza ikaragarriren bat zegoen nire barruan batzuetan gauez niri imintzioak egiten ikusten nuen haiengandik barrena ikusten nuen niri imintzioak egiten haien aurpegietatik barrena orain joan da eta gaixo nago

        Caddy

        Ez ukitu bakarrik eman hitza

        Gaixo bazaude ezin duzu

        Bai ahal dut horren ondoren dena ondo joango da ez du inportantziarik izango ez dezatela Jacksonera bidali eman hitza

        Ematen dizut Caddy Caddy

        Ez ukitu ez ukitu

        Nolakoa da Caddy

        Zer

        Imintzioak egiten dizkizun hori gauza hori haiengandik barrena

        Artean ikusten nuen tximinia. Han egongo zen ura, itsaso eta hartzulo baketsuetarako bidean. Bake-bakean hondoratuko ziren, eta Hark Altxa esandakoan bakarrik plantxak. Versh eta biok egun osorako ehizara ateratzen ginenean ez genuen janik eramaten, eta hamabietan puntuan ni gosetu egiten nintzen. Goseak egoten nintzen ordu bata aldera arte, eta gero gosea pasa egin zitzaidala ere ahaztu egiten nuen kolpetik. Kaleko farolak muinoan behera gero kotxea aditu nuen muinoan behera. Besaulkiaren besoa txapal fresko leun nire kopetaren azpian besaulkiari forma emanez sagarrondoa nire ile gainera okertuta edenaren gainetik arropak sudurrak ikusiak Sukarra daukazu atzo sentitu nuen labe baten ondoan egotea bezala da.

        Ez ukitu

        Caddy ezin duzu hori egin gaixo bazaude. Alproja horrekin.

        Norbaitekin ezkondu beharra daukat. Orduan esan zidaten puskatu egin beharko zutela hezurra berriro

        Azkenean tximinia ikusten ez nuela gelditu nintzen. Errepidea murru baten ondotik zihoan. Zuhaitzak okertu egiten ziren eguzki printzez zipriztindutako murruaren gainetik. Harria hotza zegoen. Haren ondotik joanda hoztasuna sentitzen zen. Baina gure herrialdea ez zen hau bezalakoa. Zerbait sentitzen zen handik ibiltze hutsarekin. Halako oparotasun bare eta bortitz bat, ogiak gosea bezala asetzen zuena. Zure inguruan flotatuz, ez harri bakoitzean luzatuz, harri ziztrin bakoitza goxatuz. Aldi baterako lana eman baliote bezala zuhaitzen artetik nahiko berdetasun ibil zedin eta distantziaren urdintasuna ere ez kimera ugari hori, esan zidaten puskatu egin beharko zutela hezurra berriro eta nire barruan zerbait A A A hasi zen esaten eta ni izerditan hasi nintzen. Zer axola dit badakit zer den berna puskatuta edukitzea hori besterik ez bada ez da ezer etxean gelditu beharko dudala beste pixka batean hori da den eta nire matraileko giharrak motelduz eta nire ahoa Itxoin Itxoin pixka bat esaka izerditik barrena a a a nire hortzen atzetik eta Aitak zaldi madarikatu hori zaldi madarikatu hori. Itxoin nik dut errua. Hesiaren ondotik saski batekin etortzen zen goizero sukalde aldera hesiaren luzera guztian bastoia arrastatuz nik goizero leihoraino arrastatzen nuen neure burua nire igeltsu eta guzti eta zain egoten nintzaion ikatz puska batekin mina hartuko duzu esan zuen Dilseyk bate'e zentzu'ik ez al duzu lau e'un ez di'a puskatu zenuela. Itxoin minutu batean ohituko naiz itxoin minutu bat segituan

        Soinuak ere ahuldu egiten zirela ematen zuen alde honetan, aldea bera akituta balego bezala hainbeste denboran soinuak garraiatzen ibilita. Txakur baten ahotsa trenaren soinua baino urrutirago heltzen da, ilunpetan behintzat bai. Baita zenbait jenderena ere. Beltzena. Louis Hatcherrek behin ere ez zuen erabiltzen bere ehizarako adarra nahiz berarekin eraman eta farola zahar hura ere ez. Nik esan nion, «Louis, orain hurrena noiz garbitu zenuen farola bon ?»

        «O'ain dela gutxi garbitu nuen. Gogo'atzen zara uholde hark hango jende guzti hu'a arrastaka e'aman zuenean? Ba e'un hartantxe garbitu nuen. Ni'e atsoa eta biok suaren aurrean ese'ita geunden gau hartan eta be'ak ze'a esan zidan "Louis, ze e'ingo duzu ur ho'i dena honaino heltzen bada?" eta nik esan nion "Egia. Hobe dut fa'ola garbitzea." Eta hala gau hartan bertan garbitu nuen».

        «Uholdea han goian izan zen, Pennsylvanian», esan nuen nik. «Ez zuen hemen beheraino ailegatzerik izango».

        «Zuk hala diozu», esan zuen Louisek. «Nik esango nuke ura Jeffersonen Pennsylvanyan a'ina igo daitekeela eta hangoak a'ina busti dezakeela. Gaine'a urak honaino ezin di'ela aile'atu diotenak di'a ge'o be'e etxearen teilatu gainean flotatzen azaltzen di'enak».

        «Martha eta biok batere atera al zineten kanpora gau hartan?»

        «Ho'ixe e'in genuen. Fa'ola garbitu nuen eta kanposantu atzean dagoen gain hartantxe pasa genuen biok gaua. Eta garaiagoren bat eza'utu bagenu, haraxe igoko ginen».

        «Eta geroztik ez al duzu farola garbitu».

        «Zerta'ako garbituko dut beharrik ez badu?»

        «Beste uholde bat etorri arte, esan nahi duzu?»

        «Ederki asko ate'a gintuen beste hartatik».

        «O, tira, Osaba Louis», esan nuen nik.

        «Ba bai. Zuk segi zu'e modu'a eta nik nire'a. Uholde batetik ate'atzeko honako fa'ola hau garbitzea aski badut, ez dut inorekin eztabaidatuko».

        «Osaba Louisek ez luke eze' harrapatuko argia e'amango balu ikusteko», esan zuen Vershek.

        «Be'ira, mutiko, ni inguru ho'ietan zarigueiak harrapatzen nenbilen, artean zu'e aitatxo'i buruko bartzak petrolioarekin itotzen zizkioten bitartean», esan zuen Louisek. «Eta bai makina bat harrapatu ere».

        «Ho'i egia da», esan zuen Vershek. «Nik uste Osaba Louisek zarigueia gehiago harrapatu dituela herri honetako beste ino'k baino».

        «Ba bai», esan zuen Louisek, «Nahiko argi badut, zarigueiek ederki ikus dezaten. O'aindaino bitartean ez zait bat bakarra ere kexatu. O'ain ixo. Hor da. Iufa. Hoa, zakurra». Eta hantxe gelditzen ginen hosto ihartu artean eserita, hostoek xuxurlatu egiten zutelarik gure itxarotearen arnasketa geldiarekin eta lurraren arnasketa geldiarekin eta haizerik gabeko Urriarekin, farolaren zoko usainak alde hauskorra kirasten zuelarik, zakurrei entzunez, eta urruti batean desegiten zen Louisen ahotsaren oihartzunari. Sekula ez zuen ahotsa goratzen, eta halere gau baketsuetan gure etxe aurreko portxetik ere aditu izan dugu. Txakurrei hots egiten zienean sorbaldatik zintzilik eramaten zuen eta sekula erabiltzen ez zuen adarrak bezalakoxe hotsa ateratzen zuen, baina garbiagoa, eztiagoa, bere ahotsa iluntasunaren eta isiltasunaren parte balitz bezala, sigi-saga handik atereaz, sigi-saga berriro bertara itzuliz. JuOuuuu. JuOuuuu. JuOuuuuuuuuuuuuuuu. Norbaitekin ezkondu beharra

        Asko izan al dira Caddy

        Ez dakit gehiegi zainduko al dituzu Benjy eta Aita

        Hortaz ez dakizu norena den berak ba al daki

        Ez ukitu zainduko al dituzu Benjy eta Aita

        Zubiraino heldu baino lehen hasi nintzen ura sentitzen. Zubia harri grisekoa zen, likenak estalia, hezetasun geldi batek ttanttotua goroldioa harrian gora igotzen zen tokietan. Haren azpian ura garbi eta geldi zegoen itzalean, harriaren kontra xuxurlaka eta klaskaka zeru jirabiratsuko zurrunbilo geroz ahulagoetan. Caddy horrekin

        Norbaitekin ezkondu beharra daukat Vershek bere burua elbarritu zuen gizon batez hitz egin zidan. Basoetara joan eta bizarlabana batekin egin omen zuen, zanga batean eserita. Bizar-labana hautsi bat, eta atzeraka botatzen omen zituen sorbalda gainetik mugimendu berbera bere osotasunean odol mataza atzerantz salto egiten zuzen-zuzenean. Baina ez da hori. Kontua ez da ez edukitzea. Kontua da sekula ez eduki izana orduan nik esan nezake O Hori Hori Txinera da nik ez dakit Txinera. Eta Aitak esan zuen hori da zu birjina zarelako: ez al zara konturatzen? Emakumezkoak sekula ez dira birjinak izaten. Garbitasuna egoera negatiboa da eta beraz naturaren kontrakoa. Zuri naturak egiten dizu mina ez Caddyk eta nik esan nuen Horiek hitz hutsak dira eta berak esan zuen Bai birjintasuna ere eta nik esan nuen zuk ez dakizu. Ezin duzu jakin eta berak esan zuen Bai. Behin horretaz ohartzera iristen garen unean tragedia ere bigarren eskukoa da.

        Zubiaren itzala jausten zen tokian oso beheraino ikusten nuen ura, baina ez hondoraino. Hosto bat luzaro uretan uzten duzunean ehuna joan egiten zaio handik gutxira eta hari delikatuak astiro kulunkatzen dira lotako mugimendua bezala. Ez dute elkar ukitzen, berdin dio zenbateraino egon ziren katramilatuta garai batean, berdin dio zenbateraino egon ziren garai batean hezurretatik hurbil. Eta beharbada Hark Altxa esaten duenean begiak ere ur gainera igoko dira, bake sakona eta loa utziaz, loriari begira Jartzeko. Eta handik gutxira plantxak ere ur gainera igoko dira. Zubiaren mutur baten azpian gorde nituen eta atzera itzuli eta barandan apoiatu nintzen.

        Ezin nuen hondoa ikusi, baina uraren mugimendua oso barruraino ikusten nuen begiak etsi baino lehen, eta orduan itzal bat ikusi nuen gezi lodi bat bezala eskegita korrontean gora. Efimeroak zubiaren itzaletik sartu eta atera zebiltzan juxtu ur gainean. Sikiera infernu bat balego hori baino harantzago: sugar garbia gu biok hilda baino gehiago. Orduan ni beste inor ez duzu edukiko orduan ni beste inor ez orduan gu biok arbuioaren eta horrorearen erdian sugar garbia baino harantzago Gezia handitu egin zen mugimendurik gabe, gero bihurketa azkar batekin amuarrainak euli bat harrapatu zuen ur azpitik elefanteak kakahuete bat jasotzerakoan duen fintasun digantetsu berberarekin. Zurrunbilo geroz ahulagoa korrontean behera desegin zen eta orduan gezia ikusi nuen berriro, muturra korrontearen kontra, uraren mugimenduarekin fintasunez kulunkatuz efimeroak zeharka etorri eta ur gainean pausatzen ziren bitartean. Orduan zu eta biok bakarrik arbuioaren eta horrorearen erdian sugar garbiaren hesi barruan

        Amuarrainak eskegita segitzen zuen, fin eta geldi itzal kulunkarien artean. Zubira hiru mutil heldu ziren arrantzako kanaberekin eta denok barandan apoiatu eta amuarrainari begira jarri ginen. Ezagutzen zuten arraina. Auzoko xelebrea zen.

        «Hogeita bost urte daramatzate amuarrain hori harrapatu nahian. Bostongo denda batek hogeita bost dolarreko kanabera eskaintzen du harrapatzen duenarentzat».

        «Hortaz zergatik ez duzue zuek harrapatzen? Ez al zenukete hogeita bost dolarreko kanabera gustura hartuko?»

        «Bai», esan zuten. Barandan apoiatu ziren, amuarrainari begira. «Nik behintzat bai», esan zuen batek.

        «Nik ez nikek kanabera hartuko», esan zuen bigarrenak. «Nik horren partez dirua hartuko nikek».

        «Beharbada ez liketek hori onartuko», esan zuen aurrenekoak. «Apustu egingo nikek kanabera hartzera behartuko hinduketela».

        «Orduan saldu egingo nikek».

        «Ez hituzke hogeita bost dolar hartuko».

        «Hortaz emandakoa hartuko nikek. Kanabera honekin hogeita bost dolarreko batekin adina arrain harrapa ditzaket». Orduan hogeita bost dolarrekin egingo luketenaz hitz egin zuten. Batera hitz egiten zuten, ahots temoso eta kontraesale eta larrituekin, irrealtasuna posibilitate bihurtuz, gero probabilitate, gero duda ezina den zerbait, jendeak egin ohi duen bezala beren desirak hitz bihurtzen direnean.

        «Nik zaldi bat eta gurdi bat erosiko nitizkek», esan zuen bigarrenak.

        «Baita zera ere», esan zuten besteek.

        «Horixe baietz. Bazekiat non eros ditzakedan hogeita bost dolarretan. Ezagutzen diat gizona».

        «Nor da?»

        «Horrek zer axola dio. Hogeita bost dolarretan eros ditzaket».

        «Bai, zera», esan zuten besteek, «Zertaz ari den ez zekik. Zerbait esan behar».

        «Hala uste al duk?» esan zuen mutilak. Haiek burlaka segi zuten, baina berak ez zuen besterik esan. Barandan apoiatu zen, ordurako gastatua zuen amuarrainari begira, eta bat-batean zakartasuna, gatazka, ezkutatu egin ziren haien ahotsetatik, beraientzat ere zera balitz bezala, besteak jadanik arraina harrapatua eta zaldia eta gurdia erosiak balitu bezala, horrela beraiek ere partaide eginez pertsona nagusiek, gailentasun isil baten itxura hartuz, edozertaz konbentzitzeko duten gaitasun horretaz. Nik uste jendeak, beren buruak eta elkar hitzen bitartez horrenbeste erabili ondoren, zentzurik erakusten duela behintzat mihi isila jakintsutzat hartzerakoan, eta momentu batez bi haiek beste hari aurre egiteko moduren baten bila antzeman nituen, hari zaldia eta gurdia nola harrapatuko».

        «Ez hituzke hogeita bost dolar hartuko kanabera horrengatik», esan zuen aurrenekoak. «Nahi duan apustua egingo diat».

        «Oraindik ez dik amuarraina harrapatu», esan zuen hirugarrenak bat-batean. Orduan beste biak oihuka hasi ziren:

        «Bai ba, zer esan dizuet nik? Zer izen du gizon horrek? Ezetz esan. Horrelako gizonik ez da-eta».

        «A, zaudete isilik», esan zuen bigarrenak. «Begira. Hemen duk berriro». Barandan apoiatu ziren, geldi-geldirik, berdin-berdinak, hiru kanaberak lerdentasunez okertzen zirela eguzki argitan, berdin-berdinak haiek ere. Amuarraina presarik gabe altxa zen, haziz zihoan itzala, emeki kulunkatuz; gero zurrunbilo ttipia korrontean behera desegin zen berriro, poliki-poliki. «Ene», xuxurlatu zuen aurrenekoak.

        «Gu orain ez gara harrapatzen saiatzen», esan zuen. «Bakarrik zera, Bostondik saiatzera etortzen den jendeari begira egoten gara».

        «Beste arrainik ez al da putzu honetan?»

        «Ez. Beste guztiak uxatu ditu. Inguru honetako arrantza tokirik onena zerean dago, Zurrunbiloan».

        «Ez duk egia», esan zuen bigarrenak. «Bigelowren Errotakoa bi aldiz hobea duk». Orduan pixka batez arrantzarako tokirik onena zein ote zen eztabaidatzen aritu ziren, eta gero kolpetik isildu egin ziren amuarraina berriro igotzen eta zurrunbilo hautsia zeru pixka bat zurrupatzen ikusteko. Nik herririk hurbileneraino zenbat bide zegoen galdetu nuen. Esan egin zidaten.

        «Baina tranbia linearik hurbilena handik dago», esan zuen bigarrenak, errepidearen behealdea seinalatuz. «Nora zoaz?»

        «Inora ez. Paseoan nabil».

        «Estudiantea al zara?»

        «Bai. Lantegirik ba al da herri horretan?»

        «Lantegirik?» Begira neuzkan.

        «Ez», esan zuen bigarrenak. «Han ez». Nire arropei begira zeuden. «Lan bila al zabiltza?»

        «Eta Bigelowren Errota, zer?» esan zuen hirugarrenak. «Hura lantegia da».

        «A zer lantegia. Berak benetako lantegia esan nahi dik».

        «Sirena duena», esan nuen nik. «Oraindik ez dut ordu bateko sirenarik entzun».

        «O», esan zuen bigarrenak. «Eliza Unionistaren dorrean badago erloju bat. Han ikus dezakezu zer ordu den. Ez al daukazu erlojurik kate horretan?»

        «Hautsi egin zait gaur goizean». Nire erlojua erakutsi nien. Seriotasunez aztertu zuten.

        «Oraindik badabil», esan zuen bigarrenak. «Zenbat balio du horrelako erloju batek?»

        «Erregalatu egin zidaten», esan nuen. «Aitak eman zidan batxilergoa bukatu nuenean».

        «Kanadarra al zara?» esan zuen hirugarrenak. Ile gorria zuen.

        «Kanadarra?»

        «Ez dik haiek bezala hitz egiten», esan zuen bigarrenak. «Nik entzun izan ditiat hizketan. Beltzen papera egiten duten komedianteek bezala hitz egiten diate».

        «Aizak», esan zuen hirugarrenak, «Ez al duk ikusten kaskarreko bat emango diala?»

        «Niri kaskarreko bat?»

        «Beltzek bezala hitz egiten duela esan duk».

        «O, ixtazue ahoko zuloa», esan zuen bigarrenak. «Hango muino haren goialdera ailegatutakoan ikusiko duzu dorrea».

        Eskerrak eman nizkien. «Suerte ona izan dezazuela. Baina ez hor beheko gizajo hori harrapatu. Bakean utzi dezaten merezi du».

        «Inork ezin du arrain hori harrapatu», esan zuen aurrenekoak. Barandan apoiatu ziren, uretara begira, hiru kanaberak su horiko hiru hari ematen zutela, eguzkitan okertuta. Nire itzalaren gainetik nindoan, berriro ere zuhaitzen itzal ttanttodunean hondoratzen nuela. Errepideak kurba bat egiten zuen, uretatik gorantz igoaz. Muinoa zeharkatu eta sigi-saga jaisten zen gero, begia eta izpiritua aurrerantz arrastatuz tunel berde bare baten azpitik, eta dorre koadratua zuhaitzen gainetik eta erlojuaren begi borobila baina aski urruti. Bide bazterrean eseri nintzen. Belarra orkatiletaraino heltzen zitzaidan, ugari. Errepide gaineko itzalak eguzkizko lapitz okerrekin marraztu balituzte bezain geldirik zeuden. Baina tren bat besterik ez zen, eta une bat geroago ezkutatu egin zen zuhaitzak baino harago, soinu luzea baino harago, eta orduan nire erlojua aditu nuen, eta ezkutatzen zen trena, beste nonbaiteko beste hilabete bat edo beste uda bat zeharkatzen ari balitz bezala, kaio pausatuaren azpitik habailan pasatuz, habailan beste gauza guztiak ere. Gerald izan ezik. Hark ere izango zuen handitasunik, eguerdian barrena bakar-bakarrik arraunean, arraun eginez bere burua eguerditik atera eta alde distiratsuan gora igoaz apoteosi baten modura, infinitu zorabiatzaile baterantz altxatuz eta han bera eta kaioa biak bakarrik, bata ikaragarri geldi, bestea inertziaren zerbait bazuen joan-etorri mugimendu etengabeko eta neurtuarekin, eta mundua ttipi-ttipi haien itzalen azpitik eguzkitan. Caddy alproja horrekin alproja horrekin Caddy

        Muinoaren goialdetik haien ahotsak heldu ziren, eta hiru kanabera lerdenak su urtuko hari orekatuak bezala. Begiratu egin zidaten pasaeran, pausoa mantsotu gabe.

        «Beno», esan nuen, «Ez dut ikusten».

        «Ez gara harrapatzen saiatu», esan zuen aurrenekoak. «Arrain hori ezin da harrapatu».

        «Hantxe dago erlojua», esan zuen bigarrenak, behatzaz seinalatuz. «Gehixeago hurbildutakoan ikusiko duzu ordua».

        «Bai», esan nuen, «Ondo da». Altxa egin nintzen. «Herrira al zoazte denok?»

        «Zurrunbilora goaz karpak harrapatzera», esan zuen aurrenekoak.

        «Zurrunbiloan ezin da ezer harrapatu», esan zuen bigarrenak.

        «Apustu egingo nikek errotara joan nahi duala, han egongo den adina jenderekin zipriztinak botatzen eta arrain guztiak uxatzen».

        «Zurrunbiloan ezin duk arrainik harrapatu».

        «Inon ez diagu ezer harrapatuko hemendik mugitzen ez bagara», esan zuen hirugarrenak.

        «Ez zekiat zergatik jarri zaian Zurrunbilora joateko tema», esan zuen bigarrenak. «Han ezin duk ezer harrapatu».

        «Joan beharrik ez daukak», esan zuen aurrenekoak. «Ez gaudek elkarri lotuta».

        «Goazen errotara igeri egitera», esan zuen hirugarrenak.

        «Ni behintzat Zurrunbilora niak, arrantzara», esan zuen aurrenekoak. «Zuek egin gogoak ematen dizuena».

        «Ea, esan, orain hurrena noiz aditu huen inork Zurrunbiloan arrainen bat harrapatu zuenik?» esan zion bigarrenak hirugarrenari.

        «Goazen errotara igeri egitera», esan zuen hirugarrenak. Dorrea zuhaitzen haranzko aldean hondoratu zen emeki, erlojuaren aurpegi borobila artean aski urrun zuela. Itzal ttanttodunaren gainetik gindoazen. Baratze zuri eta arrosa batera heldu ginen. Erlez beteta zegoen; aditzen genituen jadanik.

        «Goazen errotara igeri egitera», esan zuen hirugarrenak. Bidezidor bat abiatzen zen baratzaren ondotik. Hirugarren mutilak pausoa mantsotu eta gelditu egin zen. Aurrenekoak segi egin zuen, eguzki printzak sorbalda gaineko kanaberatik eta alkandoraren bizkarretik behera irristatzen zitzaizkiola. «Goazen», esan zuen hirugarrenak. Bigarren mutila ere gelditu egin zen. Zergatik ezkondu behar duzu norbaitekin

        Esatea nahi al duzu zer uste duzu esaten badut ez dela izango

        «Goazen errotara», esan zuen. «Tira».

        Aurreneko mutilak aurrera segi zuen. Bere oin biluziek ez zuten soinurik ateratzen, hostoak baino emekiago pausatzen zirelarik hauts finean. Baratzean erleek altxatzen ari den haizearen soinua egiten zuten, sorginkeria batek juxtu crescendoaren mugan harrapatutako soinua, eta hartan sostenitua. Bidezidorrak, loreez zipriztinduta, murruaren ondotik segitzen zuen, hostoen arkupetik, zuhaitz artean desegiteraino. Eguzkia zeharka sartzen zen bertaraino, sakabanatua eta lehiatsua. Itzalean tximeleta horiak dardaran zebiltzan eguzki printzak bezala.

        «Zertara joan nahi duk Zurrunbilora?» esan zuen bigarren mutilak. «Errotan ere arrantza egin dezakek, horren atzetik bahabil».

        «E, joan dadila», esan zuen hirugarrenak. Aurreneko mutilari begira geratu ziren. Eguzki argia zatika irristatzen zen urrunduz zihoan haren bizkarrean, kanaberan diz-diz eginez inurri horiak balira bezala.

        «Kenny», esan zuen bigarrenak. Esaiozu Aitari esango al diozu bai ni naiz nire aitaren Sortzailea nik asmatu nuen nik sortu nuen Esaiozu Aitari ez da horrelakorik izango zeren berak ez nintzela ni izan esango baitu eta orduan zu eta biok nork bere sortzailea maitatu behar duela-eta

        «O, goazen», esan zuen mutilak. «Barruan zeudek dagoeneko». Aurreneko mutilari begira geratu ziren. «Ea ba», esan zuten bat-batean, «segi ezak ba, amazulo. Igeri egitera joaten bada burua bustiko dik eta orduan jipoitu egingo diate». Bidezidorrera itzuli eta aurrera segi zuten. Itzalean, tximeleta horiak haien inguruan hegaldatzen ziren.

        besterik ezer ez dagoelako horregatik da nik uste badela besterik baina beharbada ez eta orduan ni Konturatuko zara injustiziak ere apenas merezi duela zu zeu zeure ustetan zarena. Mutilak ez zidan arretarik eskaintzen, matraila saiheska jarrita, aurpegia apur bat okertuta sonbreiru puskatuaren azpian.

        «Zergatik ez zara beraiekin igeri egitera joaten?» esan nuen. Alproja horrekin Caddy

        Orain ere okasio bila zenbiltzan ezta

        Gezurtia eta zital hutsa Caddy bere clubetik bota zuten kartetan tranpak egiteagatik Coventryra bidali zuten kopiatzen harrapatu zuten ikasturte erdiko azterketetan eta bota egin zuten

        Beno eta zer ez dut berarekin kartetan ibiltzeko asmorik

        «Arrantzan egitea igeri ibiltzea baino gehiago gustatzen al zaizu?» esan nuen. Erleen soinua apalagoa egin zen, artean sostenitua, isiltasunak, isiltasunean hondoratu beharrean, gure artean handitzea besterik egingo ez balu bezala, ura igotzen denean bezala. Errepidea okertu egiten zen berriro eta kale bihurtzen zen etxe zuriekiko belaze itzaltsuen artean. Caddy alproja horrekin Benjy eta Aitaz pentsatu eta horrelako gauza bat egin ote dezakezu ez nitaz

        Beste ezertan pentsa al dezaket ba beste ezertan pentsatu al dut ba Mutilak kalea utzi zuen. Egurrezko hesi bat pasa zuen batere atzera begiratu gabe eta belazetik zuhaitz bateraino joan eta kanabera lurrean utzi eta zuhaitzaren txardangoraino igo eta hantxe eseri zen, errepideari bizkarra emanda eta eguzki ttanttoduna ere azkenean geldi-geldirik haren alkandora zuriaren gainean. ezertan pentsatu al dut ba negarrik ere ezin dut egin lehengo urtean hil nintzen esan nizun baina orduan ez nekien zer esan nahi nuen ez nekien zer esaten ari nintzen Abuztu bukaerako egun batzuk horrelakoxeak izaten dira gure etxean, aldea hau bezain fina eta bizia, halako ukitu triste eta nostalgiko eta familiar batekin. Gizona bere klima esperientzien batuketa esan zuen Aitak. Gizona gogoak ematen dizun guztiaren batuketa. Propietate inpuruei buruzko problema, ezereza aldaezin bateraino eramana aspergarriki: hautsa eta desiraren arteko puntu mortua. Baina orain badakit hilda nagoela hara zer esaten dizudan

        Orduan zergatik entzun behar duzu inork ezagutzen ez gaituen toki batera joan gaitezke zu eta Benjy eta hirurok toki batera non Zaldi zuri batek tiratzen zion karrikotxeari, haren hankek kankatekoak ateratzen zituztela hauts finean; armiarma antzeko erruberek murmurio fin eta lehorra ateratzen zuten, muinoan gora zihoazela hostozko txal xuxurlariaren azpitik. Elm. Ez: ellum. Ellum.

        Zerekin zure unibertsitaterako diruarekin belardia salduta atera zuten diruarekin zuk Harvardera joateko modua izan zenezan ez al duzu ulertzen orain bukatu beharra daukazu bukatzen ez baduzu berak ez du ezer izango

        Belardia salduta Bere alkandora zuria geldi-geldirik zegoen txardangoan, itzal keinutsuan. Erruberak armiarmen modukoak ziren. Karrikotxearen kopaduraren azpian kaskoak garbi eta bizkor, brodatzen ari den damaren mugimenduak bezala, aurreratu gabe gutxiagotuz, hala nola teatroko danbor-gurpilaren gaineko figura, bizkorki eskenatokitik kanpo arrastatzen dutena. Kalea okertu egiten zen berriro. Kupula zuria ikusten nuen, erlojuaren baieztapen ergel eta borobila. Belardia salduta

        Aita hemendik urtebetera hilda egongo omen da ez badu edaria uzten eta ez du utziko ezin du utzi nirea ezkero lehengo uda ezkero eta orduan Benjy Jacksonera bidaliko dute ezin dut negarrik egin negarrik ere ezin dut egin minutu batez atean gelditu zen eta une bat geroago hura soinekotik tiraka ari zitzaion orroka eta haren ahotsaren olatuak kolpeka zebiltzan horma batetik bestera eta Caddy hormaren kontra kuzkurtzeen zen gero eta txikiago eginez bere aurpegi zuriarekin bere begiak bi behatzek barrura sartu balituzte bezala harik eta hark gelatik kanpora bultza zion arte bere ahotsa batetik bestera kolpeka isiltzen utziko ez balio bezala isiltasunean harentzat tokirik ez balego bezala orroka

        Atea irekitakoan txintxarriak tilin-tilin egiten zuen, baina behin bakarrik, ozen eta argi eta tipi ate gaineko iluntasun garbian, soinu tipi argi bakar hura ateratzeko neurtu eta egokitu balute bezala, txintxarria ez gastatzeagatik edota isilune luzeegi baten beharrik ez izateagatik isiltasuna berreskuratzeko, atea ogi erre berriaren usain epelari buruz irekitzen zenean; umetxo zikin bat pelutxezko hartza batenak bezalako begiekin eta bi txarolezko txirikordarekin.

        «Kaixo, arrebatxo». Hutsune epel eta eztian bere aurpegia kafe ttantta batez kutsatutako esne katilua bezalakoa zen. «Inor ba al dago?»

        Baina hark niri begiratzea besterik ez zuen egin ate bat zabaldu eta etxekoandrea etorri arte. Mostradore gainetik han kristalaren atzean ilaretan jarritako forma kirrikatsuekin haren aurpegi gris eta garbia bere ilea estu eta bakan buru-hezur gris eta garbitik, betaurrekoak montura gris eta garbikoak, eta hura dena aurrera jotzen, hurbiltzen alanbre baten gainetik bezala, denda bateko kaxa diru-kontatzaile baten tiradera bezala. Bibliotekari bat ematen zuen. Segurtasun ordenatuen apal hautseztatuen artean bizi den zerbait, aspaldidanik errealitatetik bereizi eta bake-bakean ihartuz doazen segurtasunak, injustizia buruturik ikusten duen alde bafada horrek zera lortu balu bezala

        «Horrelako bi, mesedez, etxekoandre».

        Mostradore azpitik egunkari puska koadratu bat atera eta mostradore gainean jarri eta bi opilak hartu zituen. Neskatoa haiei begira zegoen begiak geldi-geldirik eta kliskatu gabe zituela, bi paxa-ale balira bezala kafe ahuleko kikara batean geldi-geldirik flotatzen Judu jendailaren lurra Italiar jendailaren aberria. Ogiari begira, esku gris eta garbiei, urrezko eraztun zabal bat ezkerreko behatz bizkorrean, behatz-koskor urdin batek eusten zuena.

        «Zeuk egiten al duzu ogia, etxekoandre?»

        «Jauna?» esan zuen berak. Holaxe. Jauna? Teatroan ari balitz bezala. Jauna? «Bost zentabo. Besterik nahi al zenuen?»

        «Ez, etxekoandre. Nik ez. Baina damatxo honek bai». Ez zen nahiko garaia bitrinaren gainetik ikusi ahal izateko eta mostradorearen muturreraino joan eta neskatoari begiratu zion.

        «Zuk ekarri al duzu hona?»

        «Ez, etxekoandre. Hemen zegoen ni etorri naizenean».

        «Lotsagabe hori», esan zuen. Mostradore atzetik atera zen, baina ez zuen neskatoa ukitu. «Ezer sartu al duzu poltsikoetan?»

        «Ez dauka poltsikorik», esan nuen nik. «Ez zen ezertan ari. Hementxe zutik zegoen, zure zain».

        «Hortaz zergatik ez du txintxarriak jo?» Begiratu bat bota zidan. Zigor sorta bat besterik ez zuen falta, eta arbel bat bere atzean 2 x 2 = 5. «Soinekoaren azpian gordeko luke eta inor ez litzateke konturatuko. Aizu, txiki. Nola sartu zara hona?»

        Neskatoak ez zuen ezer esan. Andreari begiratu zion, gero niri begiratu beltz azkar bat bota eta andreari begiratu zion berriro. «Kanpotar horiek», esan zuen andreak. «Nola sartu da txintxarriak jo gabe?»

        «Nik atea ireki dudanean sartu da», esan nuen. «Behin bakarrik jo du biontzat. Dena dela dagoen tokitik ezingo luke ezer hartu. Gainera, hartuko lukeenik ere ez dut uste. Ezta, arrebatxo?» Neskatoa begira neukan sekretuki, kontenplatzaile. «Zer nahi duzu? Ogia?»

        Ukabila luzatu zuen. Bost zentaboko baten inguruan zabaldu zen, hezea eta zikina, azalean sartzerainoko zikintasun hezea. Txanpona heze eta epel zegoen. Bere usaina aditzen nuen, apur bat metalikoa.

        «Bost zentaboko ogirik ba al daukazu, mesedez, etxekoandre?»

        Mostradore azpitik egunkari puska koadratu bat atera eta mostradore gainean jarri eta harekintxe bildu zuen ogia. Txanpon hura eta beste bat mostradore gainean jarri nituen. «Eta beste horrelako opil bat, mesedez, etxekoandre».

        Beste opil bat hartu zuen bitrinatik. «Emadazu pakete hori», esan zuen. Nik eman egin nion eta berak askatu eta hirugarren opila bertan sartu eta berriro bildu eta txanponak hartu eta bere amantalean bi zentabo bilatu eta eman egin zizkidan. Nik neskatoari eman nizkion. Bere behatzak haien inguruan itxi ziren, heze eta bero, zizareak bezala.

        «Opil hori berarentzat al duzu?» galdetu zuen andreak.

        «Bai, etxekoandre», esan nuen. «Nik uste zure ogien usaina niri hainbat gustatuko zaiola».

        Bi paketeak hartu eta ogia neskatoari eman nion, mostradore atzetik andreak, bere burdin gristasunean, segurtasun hotzez begiratzen zigula. «Itxoin pixka bat», esan zuen. Denda-ostera joan zen. Atea berriro ireki zen, eta itxi. Neskatoa begira neukan, ogia soineko zikinaren kontra estutuz.

        «Zer izen duzu?» esan nuen. Niri begiratzeari utzi zion, baina geldi-geldirik segitzen zuen. Arnasa hartzen zuenik ere ez zuen ematen. Andrea itzuli zen. Itxura xelebreko gauza bat zeukan eskuan. Hildako sagutxo bat balitz bezalaxe zekarren.

        «Tori», esan zuen. Umeak begiratu egin zion. «Har ezazu», esan zuen andreak, zer edo zer hari neskatoaren aldera eragiten ziola. «Itxura arraroa daukala, beste txarrik ez du. Ez zait iruditzen aldea antzemango duzunik jaten duzunean. Tori. Ezin dut egun osoa hemen pasa». Umeak hartu egin zuen, artean andreari begira. Andreak eskuak amantalean igurtzi zituen. «Txintxarri hori konpon erazi beharra daukat», esan zuen. Ateraino joan eta astindu batez zabaldu zuen. Txintxarritxoak behin jo zuen, ahul eta argi eta ikusiezin. Aterantz eta andrearen bizkar aztertzailerantz abiatu ginen.

        «Eskerrik asko pastelagatik», esan nuen.

        «Kanpotar horiek», esan zuen hark, gorantz begira, txintxarriak tilin-tilin egin zuen iluntasunerantz. «Kasu egidazu eta ez zaitez horiengana inguratu, gazte».

        «Bai, etxekoandre», esan nuen. «Goazen, arrebatxo». Atera egin ginen. «Eskerrik asko, etxekoandre».

        Itxi zuen atea, eta astindu batez berriro ireki zuen, txintxarriari bere nota txiki bakarra atera eraziz. «Kanpotarrak», esan zuen, txintxarria aztertuz.

        Abiatu egin ginen. «Beno», esan nuen nik, «Eta izozki bat jango bagenu?» Bera pastel bihurritua jaten ari zen. «Izozkiak gustatzen al zaizkizu?» Begiratu beltz lasai bat bota zidan, mastekatuz. «Goazen».

        Drugstorera ailegatu eta izozkiak eskatu nituen. Berak ez zuen ogia utzi nahi. «Zergatik ez duzu uzten? Errazago jango zenuke», esan nuen, neure burua eskainiz hari eusteko. Baina berak heldu egin zion, izozkia karameluz egina balitz bezala mastekatzen zuen bitartean. Kosk egindako pastela mahai gainean zegoen. Gelditu gabe jan zuen izozkia, gero pastelari ekin zion ostera, bitrinetara begiratuz. Nik nirea bukatu eta atera egin ginen.

        «Zer aldetan bizi zara?» esan nuen.

        Karrikotxe bat, zaldi zuriarekiko hura zen. Peabody doktorea gizena izatea. Hirurehun libera. Harekin muinoan gora igotzeko, heldu egin behar. Umeak. Oinez joatea heltzea baino errazagoa muinoan gora. Ikusi sendagilea ez al duzu oraindik ikusi Caddy

        Ez dut ikusi beharrik orain ezin dut galdetu geroago bai, ez du axolarik izango

        Zeren andreak hain delikatuak hain misteriotsuak esan zuen Aitak. Zikintasun periodikoaren oreka delikatua bi ilargiren artean eskegia. Ilargiak esan zuen beteak eta horiak uzta garaiko ilargiak bezala bere aldakak izterrak. Kanpora haietatik kanpora beti baina. Horia. Oin zolak ibiliaren poderioz bezala. Gero jakin gizonen batek misteriotsu eta larri guzti haiek zera gordetzen zutela. Barruko gauza guzti horiekin kanpoko leuntasuna taxutzen dute ukitu bat besterik behar ez duena zertarako eta. Putrefakzio likidoa hala nola itotako gauzak flotatzen hala nola kautxu zurbil erdi puztua ezker-aihenaren usaina denean nahasten dela.

        «Hobe zenuke ogia etxera eramatea, ez al zaizu iruditzen?»

        Begiratu egin zidan. Lasai eta gelditu gabe mastekatzen zuen. Tarte neurtuetan distentsio txiki bat jaisten zen astiro bere eztarrian behera. Nire paketea ireki eta nire opiletako bat eman nion. «Agur», esan nuen.

        Segi egin nuen. Gero atzerantz begiratu nuen. Nire atzean zegoen. «Hemen nonbait bizi al zara?» Berak ez zuen ezer esan. Nire ondoan zetorren, nire ukalondoaren azpian nolabait esateko, jaten. Aurrera segi genuen. Dena baketsu zegoen, apenas inor inguruan ezker-aihenaren usaina denean nahasten zela Berak esango zidan ez zidan eskailera-kosketan eserita geratzen utziko bere atea ilun-bista nola ixten zen aditzeko Benjy artean negarrez aditzeko Afaria orduan jaitsi egin beharko zuen berak ezker-aihenaren usaina denean nahasten zela. Izkinara heldu ginen.

        «Beno, nik hemendik joan behar dut», esan nuen, «Agur». Bera ere gelditu egin zen. Pastelaren azken puska irentsi zuen, gero opilari ekin zion, haren gainetik begiratzen zidala. «Agur», esan nuen. Kaletik abiatu eta aurrera segi nuen, eta hurrengo izkinaraino ailegatu arte ez nintzen gelditu.

        «Zer aldetan bizi zara?» esan nuen. «Alde honetan?» Kalean behera seinalatu nuen. Berak niri begiratzea besterik ez zuen egin. «Hor nonbait bizi al zara? Apustu egingo nuke geltokitik hurbil bizi zarela, trenak dauden tokian. Ez al da hala?» Niri begiratzea besterik ez zuen egin, lasai eta misteriotsu eta mastekatuz. Kalearen bi alderdiak hutsik zeuden, belaze baketsuekin eta etxe txukunekin zuhaitzen artean, baina inor ez zen ageri, bakarrik gure atzeko haiek. Jiratu eta atzerantz jo genuen. Bi gizon aulkietan eserita zeuden denda baten aurrean.

        «Ezagutzen al duzue neskato hau? Zaletu bezala egin da nigana eta ezin diot atera non bizi den».

        Niri begiratzeari utzi eta umeari begiratu zioten.

        «Zera izango da, italiar familia berriren batekoa», esan zuen batek. Lebita maiztu bat zeraman. «Lehen ere ikusi dut. Zer izen duzu, neskato?» Une batez beltz-beltz begiratu zien, matrailak etengabe mugituz. Mastekatzeari utzi gabe irentsi zuen.

        «Beharbada ez daki ingelesez hitz egiten», esan zuen besteak.

        «Ogi bila bidali dute», esan nuen nik. «Zerbait esaten jakin behar du».

        «Zer izen du zure aitatxok?» esan zuen aurrenekoak. «Pete? Joe? John izena al du, e?» Beste koska bat kendu zion opilari.

        «Zer egin behar dut berarekin?» esan nuen. «Segi egiten nau. Bostonera itzuli beharra daukat».

        «Estudiantea al zara?»

        «Bai, nagusi. Eta itzuli beharra daukat».

        «Kalean gora igo eta Anseren eskuetan utzi zenezake. Kotxeak alokatzeko zera horretan egongo da. Aguazila».

        «Horrelakoren bat egin beharko dut, bai», esan nuen. «Zerbait egin beharra daukat berarekin. Eskertzen dizuet. Goazen arrebatxo».

        Kalean gora joan ginen, alderdi itzaltsutik, fatxada pitzatuaren itzalak kalea emeki iluntzen zuen lekutik. Kotxeak alokatzen zituzten tokira heldu ginen. Aguazila ez zegoen han. Gizon batek, ate baxu zabalaren kontra okertutako aulki batean eserita, amoniako usaineko brisara fresko eta iluna haraino heltzen zelarik ganbela ilaren artetik, postetxean begiratzeko esan zidan. Berak ere ez zuen umea ezagutzen.

        «Kanpotar horiek. Ezin ditut bata besteagandik bereizi. Zergatik ez duzu trenbidearen bestaldera eramaten? Han bizi dira, eta beharbada etorriko zaizu norbait bere eske».

        Postetxera joan ginen. Gure atzean zegoen, kalean behera joanda. Lebitaz jantzitako gizona egunkari bat zabaltzen ari zen.

        «Anse oraintxe abiatu da herritik», esan zuen. «Nik uste onena zera zenukeela, geltokitik harantz segi eta ibai ondoko etxe haietatik pasatzea. Han norbaitek ezagutuko du».

        «Hori egin beharko dut, bai», esan nuen. «Goazen, arrebatxo». Azken opil puska ahoratu eta irentsi egin zuen. «Beste bat nahi?» esan nuen. Berak begiratu egin zidan, mastekatuz, bere begiak beltz eta kliskatu gabe eta adiskidetsu. Atera nituen beste bi opilak eta berari bat eman eta kosk egin nion besteari. Geltokia non zegoen galdetu nion gizon bati eta berak erakutsi egin zidan. «Goazen, arrebatxo».

        Geltokira heldu eta trenbideak zeharkatu genituen, ibaia zegoen tokitik. Zubi batek zeharkatzen zuen, eta egurrezko etxeen nahaste-borraste batez osatutako kale bat ibaiari jarraitzen zitzaion, bizkarra ematen ziola. Kale narrasa, baina itxura heterogeneo eta bizikoa. Hutsune eta hesola puskatuko hesi batek ixten zuen terreno zaindu gabe baten erdian, karrikotxe zahar okertu bat eta etxe zarpaildu bat zeuden. Haren goiko leiho batetik kolore arrosa biziko janzki bat zegoen zintzilik.

        «Ba al du horrek zure etxearen antzik?» esan nuen. Berak begiratu egin zidan opilaren gainetik. «Hori ote?» esan nuen, seinalatuz. Berak mastekatzen segi zuen, baina iruditu zitzaidan bere espresioan zerbait baiezkoa, ameto emailea, antzematen nuela, nahiz oso garbia izan ez. «Hori ote?» esan nuen. «Goazen ba». Langa hautsia zeharkatu nuen. Atzerantz begiratu nuen, bere aldera. «Hemen?» esan nuen. «Ba al du honek zure etxearen antzik?»

        Baietz esan zuen buruaz azkarki, niri begira, ogiaren ilargi erdi hezea marraskatuz. Aurrera segi genuen. Bidezidor batek, belar izpi elkor eta freskoek zeharkatutako harlosa sakabanatu, hautsiekin, portxe hautsiraino eramaten zuen. Etxe inguru guztian ez zen mugimendu arrastorik, ezta goiko leihotik zintzilik zegoen arrosa koloreko janzkia mugituko zuen haizerik ere. Txintxarri bat zegoen sel bat oinetako alanbre bati lotutako portzelanazko tiradore batekin, baina tiraka aritzeari utzi eta atea jo nuen. Neskatoak ogiaren azala trabeska zeukan bere aho mastekatzailean.

        Andre batek atea ireki zuen. Begiratu egin zidan, gero italieraz hitz egin zion neskatoari habaila bizian, goranzko inflexioarekin, gero isilune galderazko bat. Berari hitz egin zion ostera, neskatoak azalaren muturraren gainetik begiratzen ziola, esku zikin batez ahoratzen zuen bitartean.

        «Hemen bizi dela dio», esan nuen. «Herrian aurkitu dut. Zurea al da ogi hau?»

        «Ni ez hitz egin», esan zuen andreak. Neskatoari hitz egin zion ostera. Neskatoak hari begiratzea besterik ez zuen egiten.

        «Hemen bizi ez?» esan nuen. Neskatoaren aldera seinalatu nuen, gero haren aldera, gero aterantz. Andreak buruari eragin zion. Azkar-azkar hitz egin zuen. Portxearen izkinaraino etorri eta errepidearen behealdea seinalatu zidan, hitz eginez.

        Nik ere buruaz ezetz egin nuen kemen handiz. «Zu etorri erakustera?» esan nuen. Besotik heldu nion, nire beste eskua errepidearen norabidean astinduz. Berak bizkor hitz eginen zuen, seinalatuz. «Etorri erakutsi zuk», esan nuen, ahaleginak eginez koskak jaitsi zitzan

        «Si, si», esan zuen, atzerantz eginez, eta auskalo zer erakusten zidala. Nik buruari eragin nion ostera.

        «Eskerrik asko. Eskerrik asko. Eskerrik asko Koskak jaitsi eta langa aldera abiatu nintzen, ez korrika, baina nahiko azkar. Langaraino heldu nintzenean gelditu eta begiratu egin nion une batez. Ogi azala ezkutatua zuen, eta bere begirada beltz adiskidetsuaz begiratzen zidan. Andreak portxean segitzen zuen, gu zaintzen.

        «Goazen ba», esan nuen. «Asmatuko dugu, orain ez bada gero».

        Juxtu nire ukalondoaren azpitik zihoan. Aurrera segi genuen. Etxe guztiek hutsik ziruditen. Arimarik ez zen ageri. Etxe hutsek izan ohi duten nolabaiteko arnas gabetasun hori. Baina denak ezin ziren hutsik egon. Hainbeste gela desberdin, sikiera hormei kolpetik puska kentzerik balego. Madame, zure alaba, mesedez. Ez. Madame, Jainkoaren izenean, zure alaba. Juxtu nire ukalondoaren azpitik zihoan, bere txirikorda tente distiratsuekin, eta orduan han genuen azkeneko etxea eta errepidea okertu eta murru baten atzean ezkutatu zen, ibaiari jarraituz. Andrea langa hautsitik azaldu zen, buru gainean txal bat jarrita kokots azpian eusten zuena. Errepidea okertu egiten zen, hutsik. Txanpon bat aurkitu nuen eta neskatoari eman nion. Hogeita bost zentabokoa. «Agur, arrebatxo», esan nuen. Gero korrika hasi nintzen.

        Azkar egin nuen korri, atzera begiratu gabe. Juxtu kurbara heldu baino lehen atzera begiratu nuen. Errepidean zegoen, ogia soineko txiki zikinaren kontra estutzen zuen figuratxo bat, bere begiak lasai eta beltz eta kliskatu gabe. Korrika segitu nuen.

        Bidezidor bat ateratzen zen errepidetik. Handik jo nuen eta une baten ondoren pauso bizkorra hartzeraino mantsotu nuen lasterketa. Bidezidorra etxeen atzealdetatik pasatzen zen —etxe pintatu gabeak, soketatik zintzilik kolore bizi eta alaiko janzki gehiago ageri zituztenak, eta atzeko partea hautsia zeukan mandio bat, poliki-poliki gainbehera zihoana fruitondo ilaren artean, inausi gabeak eta sastrakak itoak, arrosak eta zuriak eta zurrumurrutsuak eguzkiz eta erlez. Atzera begiratu nuen. Bidezidorraren sarrera hutsik zegoen. Areago mantsotu nuen pausoa, itzala lagun nuela, burua arrastaka zuelarik hesia gordetzen zuten sastraken artetik.

        Bidezidorrak langa itxi batera jotzen zuen, belarretan ezkutatzen zen, belar jaio berrian emeki markatutako bidexka soila. Langa gainetik arboladi batera pasa eta hura zeharkatu eta beste murru batera heldu eta haren ondotik segi nuen, orain itzala atzetik nuela. Aihenak eta laharrak zeuden gure etxean ezker-aihenak egongo ziren tokian. Etorriz eta etorriz batez ere arratsean euria egiten zuenean, hark ere ezker-aihenaren usaina hartzen zuelarik hura gabe ere nahikoa ez balitz bezala, nahiko eramanezina. Zergatik utzi diozu musu ematen musu ematen

        Utzi ez behartu egin dut ni nola amorrarazten nintzen begira Zer iruditzen zaizu hori? Nire eskuaren marka gorria bere aurpegian gora igotzen esku azpian argi bat piztu balitz bezala bere begiak geroz distiratsuago

        Masailekoa ez dizut eman musuka ibiltzeagatik. Hamabost urtetako nesken ukalondoak Aitak esan zuen eztarrian arrain-hexur bat bazeneuka bezala irensten duzu zer gertatzen zaizu eta Caddy mahaiaren bestaldean niri begiratu gabe. Herriko harroxko zikin bati utzi diozulako eman dizut masailekoa a horixe orain horixe jostaketa hutsa dela esango duzu noski. Nire esku gorria bere aurpegitik altxatzen. Zer iruditzen zaizu hori bere burua zerean marruskatzen. Belar zuztarrak haragian sartzen zaizkiola hazkura ematen bere burua marruskatzen, Esan ezazu jostaketa hutsa esan bai.

        Dena dela ez diot nik Natalie bezalako marizikin bati musurik eman Murrua itzalean sartu zen, eta gero nire itzala, ederki engainatu nuen berriro. Ahaztua nuen ibaia errepidearekin batera okertzen zela. Murruan gora igo nintzen. Eta orduan hura, ogia soinekoaren kontra estututa, begira neukan, nola egiten ote nuen jauzi lurrera.

        Sastraka artean geratu nintzen eta une batez elkarri begira egon ginen.

        «Zergatik ez didazu esan alde honetan bizi zarela, arrebatxo?» Ogia paperetik ateratzen ari zen pixkanaka; berri bat behar zuen. «Beno, goazen ba eta erakutsidazu etxea». ez Natalie bezalako marizikin bati. Euria ari zuen teilatu gainean aditzen genuen, ukuiluaren hustasun goxo garaitik hasperenka.

        Han? Caddy ukitzen

        Han ez

        Han? euri handirik ez baina teilatua besterik ez genuen aditzen eta nire odola edo bere odola balitz bezala

        Esku-eskaileratik behera bultza ninduen eta korrika alde egin eta bakarrik utzi ninduen Caddyk egin zuen hori

        Orduan hartu al zenuen mina Caddyk alde egin zuenean orduan izan al zen

        O Juxtu nire ukalondoaren azpitik zihoan, bere buruaren gaina txarolezkoa, eta ogia egunkaritik ateratzen zela.

        «Ez bazara laster etxeratzen ogirik gabe geldituko zara. Eta orduan zer esango du zure amatxok? Nik baietz zu altxa

        Ezin duzu astunegia naiz

        Joan egin al da Caddy etxera joan al da gure etxetik ez da ukuilua ikusten behin ere saiatu al zara ukuilua ikusten hango

        Caddyren erruz izan zen bultza egin ninduen korrika alde egin zuen

        Altxa zaitzaket begira nola altxatuko zaitudan

        O bere odola edo nire odola O Hauts finaren gainetik gindoazen, gure oinak kautxua bezain isilik hauts finean eguzkizko lapitzak zuhaitz artetik zeharka jausten ziren tokian. Eta berriro ere ura senti nezakeen itzal sekretutik arin eta baketsu zihoala.

        «Urruti bizi zara, e. Bizkor aparta izan behar duzu herrirainoko bide guztia bakar-bakarrik egiteko». Eserita dantza egitea bezalakoxea da behin ere egin al duzu dantza eserita ? Euria aditzen genuen, arratoi bat mandioan, ukuilua hutsa zaldirik gabe. Nola heltzen duzu zuk dantza egiteko horrela heltzen al duzu

        O

        Nik horrela heldu ohi nuen nahiko indarrik ez nuela uste zenuen ezta

        O O O O

        Nik horrela ohi heldu nuen esan nahi dut aditu al duzu esan dudana esan dut

        o o o o

        Errepideak segi egiten zuen, bare eta hutsik, eguzkia gero eta zeharkago. Bere txirikorda txiki tenteak zapi gorriko puskekin zeuden lotuta mutturretan. Paperaren ertz batek dardara egiten zuen pixka bat bera ibili ahala, ogiaren koskorra biluzik utziaz. Gelditu egin nintzen.

        «Aizu. Errepide honen inguruan bizi al zara? Ia milia bat pasa dugu etxe bakar bat ikusi gabe».

        Begiratu egin zidan, beltz eta misteriotsu eta adiskidetsu.

        «Non bizi zara, arrebatxo? Ez al zara han atzean bizi, herrian?»

        Basoan txori bat zegoen non edo han, zeharkako eguzki izpi bakan eta hautsiak baino harantzago.

        «Zure aitatxo kezkatu egingo da. Ez al duzu ikusten astindu bat irabaziko duzula ogiarekin zuzenean ez etxeratzeagatik?»

        Txoriak, ikusi ezin zela, soinu bat atera zuen berriro, zentzugabea eta sakona, inflexiorik gabea, labankazo batek moztuta bezala isildu zena, eta gero berriz, eta ezkutuko tokien gainetik doan ur arin eta baketsuaren sentsazio hori, ur sentitua, ez ikusia ez aditua.

        «O, arraioa, arrebatxo». Paperaren erdia zintzilik zegoen. «Ez du orain ezertarako balio». Puskatu eta bide bazterrera bota nuen. «Goazen. Herrira itzuli behar dugu. Ibaiari segituko diogu».

        Errepidea utzi genuen. Goroldio artean loretxo zurbilak hazten ziren, eta ur mutu eta ikusi gabearen sentsazioa. Nik horrela ohi heldu nuen esan nahi dut heldu ohi nuen Atean geratu zen guri begira eskuak aldaketan zituela

        Bultza egin nauzu zure erruz izan da mina hartu dut gainera Eserita ari ginen dantzan ezetz Caddy eserita dantza egiteko gauza izan

        Gelditu gelditu

        Zikina kentzen ari nintzaizun soinekoaren bizkarretik, besterik ez. Kendu zure atzapar zikinak nire gainetik zure erruz izan da zuk bultza nauzu haserre nago zurekin

        Ez dit axola begiratu egin zigun segi ba haserre joan egin zen Garrasiak eta palastadak aditzen hasi ginen; gorputz beltzaran baten distira ikusi nuen une batez.

        Segi ba haserre. Alkandora bustitzen ari zitzaidan eta ilea. Teilatutik barrena teilatua orain ozenki adituz Natalie ikusten nuen euritan lorategitik zihoala. Busti zaitez nahiago nuke pneumonia harrapatuko bazenu segi ezazu etxera zure behi bisajearekin. Ahal nuen indar guztiaz egin nuen jauzi txerritegira lokatz horizta gerriraino heldu zitzaidan kiratsa boteaz bertan sartu eta sartu aritu nintzen harik eta piririka erori arte. «Aditzen al dituzu igeri, arrebatxo? Gustura ibiliko nintzateke ni ere». Betarik izango banu. Beta izaten dudanean. Nire erlojua aditzen nuen, lokatza euria baino epelago zegoen usain latza zeukan. Caddy bizkarra emanda zegoen ni bere aurrean jarri nintzen. Ba al dakizu zertan ari nintzen? Berak bizkarra eman zidan ni bere aurrean jarri nintzen euria lokatzetan sartzen zela soinekotik barrena gorontza itsasten ziola usain latza zeukan. Besarkatzen horretantxe ari nintzen. Berak bizkarra eman zidan ni bere aurrean jarri nintzen. Besarkatzen ari nintzen hara zer esaten dizudan.

        Bost xentimoren axolarik ez dit zertan ari zinen.

        Ez dizula axolarik ez dizula axolarik nik erakutsiko dizut nik erakutsiko dizut bost xentimoren axola izaten. Kolpe batez nire eskuak apartatu zituen nik beste eskuaz lokatzez bete nuen ez nituen bere eskuaren zartako hezeak sentitzen nire bernetatik lokatza kendu eta bihurritzen ari zen gorputz heze gogorra igurtzi nion harekintxe bere behatzek nire aurpegiari nola ekiten zioten adituz baina ez nuen ezer sentitzen ezta euria zapore goxoa edukitzen hasi zenean ere nire ezpainetan.

        Aurrena uretatik ikusi gintuzten, buru eta sorbaldek. Garrasi egin zuten, eta batek tentetu, pikotxetan jarriz, eta jauzi egin zuen besteen artetik. Kastoreak ematen zuten, ura kokotseraino zutela, garrasika.

        «Eraman ezazu neska hori! Zertarako ekarri duzu neska bat hona. Alde!»

        «Ez dizue ezer egingo. Pixka batez zuei begira egon nahi dugu, besterik ez».

        Pikotxetan jarrita zeuden uretan. Beren buruak pilatxo batean bildu ziren, guri begira. Gero pilatxoa hautsi eta gugana abiatu ziren denak lasterka, eskuekin ura botatzen zigutela. Mugitu egin ginen bizkor.

        «Kontuz, mutilak; ez dizue ezer egingo».

        «Alde, Harvard!» Bigarren mutila zen, han zubian zaldia eta gurdiarena pentsatu zuena. «Ea mutilak, bota zipriztinak!»

        «Atera gaitezen eta bota ditzagun uretara», esan zuen beste batek. «Niri neskek ez didate beldurrik ematen».

        «Bota zipriztinak! Bota zipriztinak!» Gugana abiatu ziren lasterka, ura botatzen zigutela. Atzerantz mugitu ginen. «Alde!» egin zuten garrasi. «Alde!»

        Alde egin genuen. Ertzaren azpian bildu ziren denak, beren buru lustredunak erreskadan ur distiratsuaren kontra. Segi egin genuen. «Ez da guretzako tokia, e». Han eta hemen, eguzkia zeharka jaisten zen goroldio artera, gero eta etzanago. «Ume gaixoa, neskato bat besterik ez zara-eta». Goroldio artean lore txikiak hazten ziren, nik sekula ikusitako txikienak. «Neskato bat besterik ez zara-eta. Ume gaixoa». Bidexka bat zegoen, uraren bihurguneari jarraitzen zitzaiona. Orduan ura bare zegoen ostera, ilun eta bare eta arin. «Neskato bat besterik ez. Arrebatxo gaixoa». Belar hezean etzanda geunden arnasestuka euria perdigoi hotzak bezala nire bizkarrean. Orain axola al dizu e e

        Jainko santua zerri eginda gaude altxa zaitez. Euriak kopeta ukitzen zidan tokian erresumina sentitu nuen nire eskua gorritu egin zen tanto arrosak isuriz euritan. Min ematen al dizu

        Horixe baietz zuk zer uste duzu

        Begiak atera nahi nizkizun Jainko santua zer kiratsa daukagun hobe dugu errekan pixka bat garbitzea «Hortxe dugu berriro herria, arrebatxo. Etxera joan beharko duzu orain. Nik kolegiora itzuli beharra daukat. Begira zer berandu den. Orain etxera joango zara, ez da hala?» Baina berak niri begiratzea besterik ez zuen egin bere begirada beltz, misteriotsu, adiskidetsuaz, ogi erdi biluzia bularraren kontra estutzen zuela. «Bustita dago. Uste nuen garaiz apartatu ginela». Nire painuelua hartu eta ogia lehortzen saiatu nintzen, baina azala joaten hasi zitzaion eta beraz gelditu egin nintzen. «Bere gisara lehortzen utzi beharko dugu. Heldu horrela». Berak hala heldu zion. Arratoiak handik jaten aritu balira bezalako itxura zeukan orain. eta ura igotzen eta igotzen bizkar makurtuaren gainetik usteldutako lokatza kiratsa botatzen gainerantz gain zartakaria ttanttotuz koipeak paera beroan bezala. Esan dizut erakutsiko nizula nik

        Bost xentimoren axolarik ez dit egiten duzunak

        Orduan korrika hotsak entzun genituen eta gelditu eta atzera begiratu eta hura ikusi genuen bidean gora korrika, itzal horizontalak bernetan keinuka zituela.

        «Presa du. Hobe genuke...» orduan beste gizon bat ikusi nuen, gizon zahar samar bat modu baldarrean korrika, bastoi bati helduta, eta gerritik gora biluzik zegoen mutil bat, bere galtzei helduz korri egiten zuena.

        «Hemen da Julio», esan zuen neskatoak, eta orduan haren aurpegi italiarra eta haren begiak ikusi nituen nire gainera botatzera zihoan unean. Lurrera erori ginen. Bere eskuak aurpegian jo eta jo ari zitzaizkidan eta zerbait esaten ari zen eta niri kosk egin nahian, uste dut, eta orduan nire gainetik altxa zuten eta heldu egin zioten arnasestuka eta astinduka eta garrasika eta besoetatik heldu zioten eta ni ostikoz jotzen saiatu zen harik eta arrastaka apartatu zuten arte. Neskatoa uluka ari zen, ogiari bi besoekin helduz. Mutil erdi biluzia jo batetik bestera eta gora eta behera jauzika zebilen, bere galtzei eutsiz, eta norbaitek altxa egin ninduen beste figura erabat biluzi bat bidearen bihurgune lasaian korrika azaltzen ikusteko denbora juxtuarekin eta bat-batean norabidez aldatu eta basoan barruratzen, atzetik jantzi pare bat zituela oholak bezain tente. Juliok indar egiten segitzen zuen. Ni altxa ninduen gizonak esan zuen «Hara ba. Harrapatu zaitugu». Txalekoa zeraman baina txamarrarik ez. Haren gainean metalezko plaka bat zegoen. Beste eskuaz bastoi korapilatsu, leundu bati eusten zion.

        «Zu Anse zara ezta?» esan nuen. «Zure bila nenbilen. Zer gertatzen da?»

        «Jakin ezazu esaten duzun guztia zure kontra erabilia izango dela», esan zuen. «Atxilotuta zaude».

        «Io le aka'atu», esan zuen Juliok. Indarrean ari zen. Bi gizonek heldu zioten. Neskatoa uluka ari zen gelditu gabe, ogiari helduta. «Zu lapurtu la mia arreba», esan zuen Juliok. «Libratu ni, gizonak».

        «Nik bere arreba lapurtu?» esan nuen. «Hara, zera ibili naiz-eta...

        «Ixo», esan zuen Ansek. «Kontatuko diozu epaileari».

        «Nik bere arreba lapurtu?» esan nuen. Juliok gizonei alde egin eta nire gainera bota zen ostera, baina aguazilak heldu zion eta borrokan aritu ziren harik eta beste biek berriro bi besoetatik heldu zioten arte. Ansek libratu egin zuen, arnasestuka.

        «Kanpotar zikin horiek», esan zuen, «Gogoa ematen dit zu ere atxilotzekoa, erasoa eta kolpeak direla-eta». Nigana jiratu zen ostera. «Onez-onean etorriko zara edo eskuburdinak jarri behar dizkizut?»

        «Onez-onean joango naiz», esan nuen. «Nahi duzun bezala, ea hartara norbait aurkitzen dudan... zerbait egiten dudan... Bere arreba lapurtu», esan nuen. «Lapurtu bere...»

        «Jakinaren gainean jarri zaitut», esan zuen Ansek, «Zu salatzeko asmoa du bortxaketa aurrez pentsatua dela-eta. Aizue, ea neska hori isilarazten duzuen».

        «O», esan nuen. Gero barrez hasi nintzen. Beste bi mutil begi borobil ilea buruan pega-pega eginda zeukatenak sastraka artetik atera ziren, botoiak lotuz jadanik sorbalda eta besoak bustita zeuzkaten alkandorei, eta ni barreari eusten saiatu nintzen, baina ezin izan nuen.

        «Begira horri, Anse, nik uste erotuta dagoela».

        «Isil-isildu egin beharko dut», esan nuen, «Segi-segituan pasako zait. Lehengoan zera izan zen ja ja ja», esan nuen, barrez. «Utzi pixka batean esertzen». Eseri egin nintzen, eta begira neuzkan denak, eta neskatoa aurpegia arrastoz beteta eta marraskatua zirudien ogiarekin, eta ura arin eta baketsu bidexkaren azpialdetik. Une baten ondoren barrea gelditu egin zen. Baina nire eztarriak barrez hasteko ahaleginak egiten segitzen zuen, goralarria bezala estomagoa hutsik daukazunean.

        «Nahikoa dugu», esan zuen Ansek. «Kontrola ezazu zeure burua».

        «Bai», esan nuen, eztarria estutuz. Beste tximeleta hori bat zegoen, eguzkiaren printza bat libratu egin balitz bezala. Une baten ondoren ez neukan nire eztarria hainbeste estutu beharrik. Zutitu egin nintzen. «Prest nago. Nondik?»

        Bidexka segi genuen, beste bi haiek begira genituela Julio eta neskatoa eta mutilak han nonbait gure atzean. Bideak ibaiaren ondotik segitzen zuen zubiraino. Zeharkatu egin genituen hura eta trenbideak, eta jendea atarira ateratzen guri begiratzeko eta mutil gehiago ere nonbaitetik atera eta gorputz hartzen. Kale nagusira heldutakoan benetako prozesioa osatzen genuen. Drugstorearen aurrean automobil bat zegoen, baina nik ez nituen ezagutu Mrs Blandek zera esan zuen arte:

        «Hara, Quentin! Quentin Compson!» Orduan Gerald ikusi nuen, eta Spoade atzeko asientuan, garondoan apoiatuta. Eta Shreve. Bi neskak ez nituen ezagutzen.

        «Quentin Compson!» esan zuen Mrs Blandek.

        «Arratsaldeon», esan nuen, sonbreirua altxatuz. «Atxilotu egin naute. Sentitzen dut zure oharra hartu ez izana. Shrevek esan al dizu?»

        «Atxilotu?» esan zuen Shrevek. «Barkatu», esan zuen. Zutitu eta besteen hanka gainetik pasa eta atera egin zen. Nire franelazko galtza pare bat zeraman soinean, eskularru bat bezala geratzen zitzaiona. Ez nuen gogoratzen pare hura ahaztu izana. Mrs Blandek zenbat kokots zituen ere ez nuen gogoratzen. Neskarik politena Geraldekin zegoen, aurrealdean hura ere. Beloetatik barrena begiratzen zidaten, halako horrore delikatu batekin. «Nor dago atxilotuta?» esan zuen Shrevek. «Zer da hau, jauna?»

        «Gerald», esan zuen Mrs Blandek, «Bidal ezazu jende hori. Zu igo kotxera, Quentin».

        Gerald atera egin zen. Spoade mugitu ere egin gabe zegoen.

        «Zer egin du, Kap?» esan zuen. «Oilategiren bat lapurtu?»

        «Jakin ezazu...» esan zuen Ansek. «Ezagutzen al duzu atxilotua?»

        «Ezagutu?», esan zuen Shrevek. «Begira...»

        «Hortaz lagundu epaileagana. Justiziari galarazten ari zara. Goazen». Besotik tira zidan.

        «Beno, arratsalde ona pasa», esan nuen. «Pozten naiz zuek denok ikusi izanaz. Lastima zuekin geratzerik ez dudala».

        «Aizu, Gerald», esan zuen Mrs Blandek.

        «Begira, aguazil jauna», esan zuen Geraldek.

        «Jakin ezazu justiziaren ofiziale bati galarazten ari zarela», esan zuen Ansek. «Esatekorik baldin baduzu, etorri epaileagana eta identifikatu atxilotua». Aurrera segi genuen. Benetako prozesioa orain, Anse eta biok buru ginela. Haiei zera guztia kontatzen aditzen nituen, eta Spoade galderak egiten eta orduan Juliok zerbait esan zuen purrustadan italieraz eta nik atzera begiratu eta neskatoa ikusi nuen espaloian geldituta, niri begira bere begirada adiskidetsu, asmaezinaz.

        «Zu etxe'a segi», egin zion oihu Juliok, «Ni zuri hotzak kendu bai».

        Kalean behera joan eta belaze txiki batera sartu ginen. Kaletik aparte, bizitza bakarreko batimendu bat zegoen, zuriz inguratutako adreiluz egina. Harrizko bidexka batetik joan ginen ateraino, eta han Ansek gu ez beste guztiak geldiarazi eta kanpoan geratzera behartu zituen. Tabako zahartuaren usaina zuen gela biluzi batera sartu ginen. Burdinazko estufa bat zegoen hondarrez betetako egurrezko armazoi baten erdian, eta horman mapa maiztu bat eta herri bateko plano zikindua. Paperez betetako mahai harramazkatu baten atzetik gizon batek burdin griseko ile xerlo basa batekin begiratu egiten zigun altzairuzko antiojoen gainetik.

        «Harrapatu duzu, e, Anse?» esan zuen.

        «Harrapatu dut, Epaile jauna».

        Hautsez betetako liburutzar bat ireki eta bere ondora hurbildu eta ikatz-errautsa zirudien zerbaitez betetako tintontzian sartu zuen luma zaharra.

        «Entzun, jauna», esan zuen Shrevek.

        «Atxilotuaren izena», esan zuen epaileak. Esan egin nion. Liburuan idatzi zuen astiro, lumak harramazka egiten zuela intentzio mingarriz.

        «Entzun, jauna», esan zuen Shrevek, «Guk ezagutzen dugu mutil hau. Guk...»

        «Isilik salakoak», esan zuen Ansek.

        «Ixo, motel», esan zuen Spoadek. «Egin dezala bere modura. Dena den halaxe egingo du-eta».

        «Adina», esan zuen epaileak. Esan egin nion. Idatzi egin zuen, ahoa mugituz idatzi ahala. «Lanbidea». Esan egin nion. «Harvardeko estudiantea, e?» esan zuen. Begiak altxa zituen nire aldera, lepoa apur bat beheratuz antiojoen gainetik ikusi ahal izateko. Bere begiak argiak eta hotzak ziren, ahuntzarenak bezalakoak. «Zertan zabiltza, hona etorri eta umeak bahitzen?»

        «Erotuta daude, Epaile jauna», esan zuen Shrevek. «Mutil hau bahiketan ibili dela dioena...»

        Julio indarrean mugitu zen. «Erotuta?» esan zuen. «Nik harrapatu ez, e? Nik nire begiekin ikusi...»

        «Gezurti hutsa zara», esan zuen Shrevek. «Zuk sekula...»

        «Isilik, isilik», esan zuen Ansek, ahotsa goratuz.

        «Zuek zaudete isilik», esan zuen epaileak. «Isilik ez badaude, bota itzazu, Anse». Isildu egin ziren. Epaileak Shreveri begiratu zion, gero Spoaderi, gero Geraldi. «Ezagutzen al duzu gazte hau?» esan zion Spoaderi.

        «Bai, aibeza», esan zuen Spoadek. «Zera da, herri txiki batekoa, unibertsitatera etorri dena. Intentzio txarrik ez du. Nik uste aguazila ere jabetuko dela hutsegiteaz. Bere aita Eliza Kongregazionistako artzaina da».

        «Mmm», esan zuen epaileak. «Zertan ari zinen, zehazki?» Esan egin nion, berak bere begi hotz, zurbilekin begiratzen zidan. «Zer deritzozu, Anse?»

        «Balitekeela», esan zuen Ansek. «Kanpotar madarikatu horiek».

        «Io Amerikarra», esan zuen Juliok. «Io papera eduki».

        «Neska non da?»

        «Etxera bidali du», esan zuen Ansek.

        «Ikara edo horrelakorik seinale al zuen?»

        «Ez, harik eta Juliok atxilotuaren gainera salto egin duen arte. Ibai ondoko bidexkatik zetozen lasai-lasai, herri aldera. Igeri zebiltzan mutil batzuek esan digute zer bidetatik zihoazen».

        «Hutsegiteren bat egon da, Epaile jauna», esan zuen Spoadek. «Beti badu umeren bat edo txakurren bat holaxe, atzetik segika. Berak ezin du ezer egin».

        «Mmm», esan zuen epaileak. Leihotik begiratu zuen une batez. Gu hari begira geunden. Julio aditzen nuen bere burua arraskatzen. Epaileak begiratu egin zigun ostera.

        «E, zu, nahikoa al zaizu neskak minik ez duela izan jakitea?»

        «Mina ez orain», esan zuen Juliok bekozko ilunaz.

        «Lana utzi al duzu bere bila joateko?»

        «Horixe. Jo korrika. Jo korrika eroa bezala. Hemen begiratu, han begiratu, orduan gizon batek niri esan mutila ikusi neskari jana ematen. Neska harekin joan».

        «Mmm», esan zuen epaileak. «Begira, seme, nik uste zerbait zor diozula Juliori bere lana utzi erazteagatik».

        «Bai, jauna», esan nuen. «Zenbat?»

        «Dolar bat, nik uste».

        Dolar bat eman nion Juliori.

        «Beno», esan zuen Spoadek, «Hori baldin bada dena... orain libre izango da, ezta, aibeza?»

        Epaileak ez zion begiratu. «Zenbateko bidea egin duzu bere atzetik, Anse?»

        «Bi milia, gutxienez. Bi ordu behar izan ditugu harrapatzeko».

        «Mmm», esan zuen epaileak. Hausnarrean egon zen une batez. Gu hari begira geunden, bere gandor tenteari, bere antiojo sudur punttaraino eroriei. Leihoaren forma horia luzatu egin zen pixkanaka zoru gainean, hormaraino ailegatuz, gero handik gora igoaz. Hauts izpiak jirabiraka eta zeharka zebiltzan. «Sei dolar».

        «Sei dolar?» esan zuen Shrevek. «Zer dela-eta?»

        «Sei dolar», esan zuen epaileak. Une batez Shreveri begiratu zion, gero berriro niri.

        «Begira», esan zuen Shrevek.

        «Ixo», esan zuen Spoadek. «Eman, motel, eta alde egin dezagun hemendik. Andreak zain zeuzkaagu. Ba al dituk sei dolar?»

        «Bai», esan nuen. Sei dolar eman nizkion.

        «Kasu konpondua», esan zuen.

        «Eskaiozu erreziboa», esan zuen Shrevek. «Eskaiozu errezibo sinatua, diru horrengatik».

        Epaileak apal-apal begiratu zion Shreveri. «Kasu konpondua», esan zuen ahotsa goratu gabe.

        «Zer madarikatu ordea...» esan zuen Shrevek.

        «Zatoz hona», esan zuen Spoadek, besotik heltzen ziola. «Arratsalde ona izan, Epaile jauna. Mila esker». Atetik pasatzen ari ginela Julioren ahotsa goratu egin zen ostera, indarrez, eta isildu egin zen gero. Spoade begira neukan, bere begi ilunak burloso, pixka bat hotz. «Beno, adiskidea, honen ondoren Bostonen geldituko al haiz, noski, neska harrapaketan hasi nahi duanean».

        «Txoro madarikatu hori», esan zuen Shrevek, «Zer arraio habil, honaino etorrita, italiar jendaila horrekin txoroarena egiten?»

        «Goazen», esan zuen Spoadek, «Honezkero luzeiritzirik egongo dituk».

        Mrs Bland hizketan ari zitzaien. Miss Holmes eta Miss Damgerfield ziren eta hari entzuteari utzi eta berriro niri begira jarri ziren lehengo horrore delikatu eta jakinguratsu harekintxe, beloak sudurtxo zurien gaineraino goratuta eta begiak iheskor eta misteriotsu beloen azpitik.

        «Quentin Compson», esan zuen Mrs Blandek, «Zer esango luke zure amak? Gizon gaztea erraz sartzen da istilutan, baina aguazil batek preso hartzea, zer eta oinez zoazela! Zer uste zuten egin zuela, Gerald?»

        «Ezer ez», esan zuen Geraldek.

        «Txorakeriak. Esan zuk, Spoade, zer izan da?»

        «Neskato zikin hori bahitu nahian zebilen, baina garaiz harrapatu dute», esan zuen Spoadek.

        «Txorakeriak», esan zuen Mrs Blandek, baina bere ahotsa itzali bezala egin zen eta begira eduki nuen une batez, eta neskek arnasari eutsi zioten soinu eme bateratuaz. «Berriketak», esan zuen Mrs Blandek bizkorki, «Dena Yanki ezjakin baldar horien lana ez balitz bezala. Sartu, Quentin».

        Shreve eta biok bi asientu tolesgarri txikitan eseri ginen. Geraldek manibelari eman, kotxera igo, eta abiatu egin ginen.

        «Orain, Quentin, berriketa guzti hori zer izan den kontatu behar didazu», esan zuen Mrs Blandek. Nik kontatu egin nien. Shreve konkortuta eta amorrarazita zegoen bere asientu txikian eta Spoade berriro ere garondoan apoiatuta Miss Daingerfielden ondoan.

        «Eta xelebreena zera da, denbora guzti honetan Quentinek engainatuta eduki gaituela», esan zuen Spoadek. «Denbora guzti honetan zera uste izan dugu, gazte modeloa zela eta lasai utzi zezakeela edozeinek alaba bere eskuetan, azkenean poliziak bere langile gaiztoak agerian jarri dituen arte».

        «Ixo, Spoade», esan zuen Mrs Blandek. Kalean behera jaitsi ginen eta zubia zeharkatu eta leihotik zintzilik janzki arrosa zeukan etxearen aurretik pasa ginen. «Horra zer aurreratu duzun nire oharra ez irakurtzeagatik. Zergatik ez zara joan jasotzera? Mr MacKenziek esan omen dizu han zegoela».

        «Bai. Asmoa banuen, baina ez naiz gelara itzuli».

        «Hantxe edukiko gintuzun zure zain ez dakit zenbat denboran, Mr MacKenziegatik izan ez balitz. Ez zarela itzuli esan digunean, toki bat libre genuen eta gurekin etortzeko eskatu diogu. Dena dela oso pozik gaude zu gurekin izateaz, Mr MacKenzie». Shrevek ez zuen ezer esan. Besoak antxumatuta zeuzkan eta Geralden bonetaz harantz begiratzen zuen zuzen-zuzen. Kotxez ibiltzeko boneta zen, Ingalaterrakoa. Hala esan zuen Mrs Blandek. Etxe hura pasa genuen, eta beste hiru, eta beste atari bat non neskatoa langa ondoan zegoen. Orain ogirik ez zeukan, eta ikatz-errautsez arrastoak egin balizkiote bezala zeukan aurpegia. Eskuari eragin nion, baina berak ez zuen erantzun, burua poliki-poliki jiratzea besterik ez zuen egin kotxea pasatzerakoan, bere begirada tinkoaz segitzen gintuela. Orduan murruaren ondotik pasa ginen ziztu bizian, gure itzalak ere murrutik ziztu bizian zihoazela, eta geroxeago bide bazterrean botata zegoen egunkari puska baten ondotik pasa ginen eta ni barrez hasi nintzen berriro. Eztarrian sentitzen nuen barrea eta arratsaldea zeharka jaisten zen zuhaitzetan jarri nituen begiak, arratsaldea eta txoriak eta igeri zebiltzan mutilak gogoan hartuz. Baina hala eta guztiz ezin nuen hura gelditu eta orduan konprenitu nuen hura geldiarazteko gogor saiatzen banintzen negarrez hasiko nintzela eta lehen ere izana nuen beste pentsamendu hartan pentsatu nuen alegia ezin izango nintzela birjina izan, hainbeste zirelarik itzal artetik zebiltzanak neska ahots eztiekin xuxurlatzen txoko itzaltsuetan luzatzen eta handik ateratzen ziren hitzak eta perfumea eta begiak sentitu bai baina ikusten ez zirenak, baina hain erraza balitz hura egitea ez litzateke ezer izango eta ezer ez bazen, zer nintzen ni eta orduan Mrs Blandek esan zuen, «Quentin? Gaixo al dago, Mr MacKenzie?» eta orduan Shreveren esku gizenak nire belauna ukitu zuen eta Spoade hizketan hasi zen eta nik utzi egin nion hura geldiarazten saiatzeari.

        «Saski horrek galarazten badio, Mr MacKenzie, pasa ezazu zure aldera. Ardo saski bat ekarri dut, gizaseme gazteek ardoa edan behar dutela uste baitut, nahiz eta nire aitak, Geralden aitonak» duzu inoiz hori egin al duzu inoiz hori Iluntasun grisean argitxo bat bere eskuak elkarri lotuta

        «Edaten dute, lortzeko aukerarik dutenean», esan zuen Spoadek. «Ez al da hala, Shreve?» belaun inguruan bere aurpegia zerura begira ezker-aihen usaina bere aurpegian eta bere eztarrian

        «Garagardoa ere bai», esan zuen Shrevek. Bere eskuak nire belauna ukitu zuen berriro. Nik mugitu egin nuen berriro belauna. Lila koloreko pintura kapa mehe bat bezala hari buruz hizketan hura

        «Hi ez haiz gizaseme bat», esan zuen Spoadek. gure artera ekarriz bere forma lausotu zen arte baina ez iluntasunaren poderioz

        «Ez. Kanadarra naiz», esan zuen Shrevek. hari buruz hizketan arraunen palek keinuak egiten zizkiotela keinuak eginez Ingalaterran kotxez ibiltzeko egindako boneta eta denbora azpitik iheska eta haiek biak bata bestearen barruan nahastuta betirako hura ejertzitoan egona zen gizonak ere bazituen hilak

        «Asko maite dut Kanada», esan zuen Miss Daingerfieldek. «Nik uste zoragarria dela».

        «Inoiz edan al duk perfumerik?» esan zuen Spoadek. esku batez bizkarrean hartu eta berarekin alde egin zezakeen korrika Korrika

        «Ez», esan zuen Shrevek. korrika bi bizkarrekiko piztia eta bera lausotuta arraun keinutsuekin korrika Eubuleoren zerria korrika zenbatekin parekatuz Caddy

        «Ezta nik ere», esan zuen Spoadek. Ez dakit gehiegirekin zerbait ikaragarria zegoen nire baitan ikaragarria nire baitan Aita zera egin dut Inoiz egin al duzu hori Guk ez guk ez genuen hori egin hori egin al genuen

        «eta Geralden aitonak gosaldu aurretik biltzen zuen beti bere menda-belarra, artean ihintza gainean zeukanean. Wilkie zaharrari ere ez zion ukitzen uzten gogoratzen al zara Gerald berak biltzen zuen beti eta berak egiten zuen bere julep hura. Neskazahar bat bezain maniatikoa zen bere julep harekin, eta buruz zekien errezeta baten arabera neurtzen zuen dena. Gizon bakar bati eman zion errezeta hura; zerari» egin egin genuen nola liteke zuk ez jakitea pixka bat itxoiten baduzu nik esango dizut nola izan zen krimena izan zen krimen ikaragarria egin genuen ezin da ezkutatu zuk uste duzu baietz baina itxoin Quentin gizajoa sekula ez duzu horrelakorik egin ezta eta nik esango dizut nola izan zen Aitari esango diot orduan hala beharko du izan zeren zuk maite baituzu Aita orduan joan egin beharko dugu arbuioaren eta horrorearen erdian sugar garbia egin egin genuela esatera behartuko zaitut ni zu baino indartsuagoa naiz egin egin genuela konprenitzera behartuko zaitut zuk pentsatu zenuen haiek izan zirela baina ni izan nintzen entzun engainatuta eduki zaitut denbora guzti honetan zuk pentsatu zenuen ni etxean nintzela ezker-aihen madarikatu horren tokian ez pentsatzeko ahaleginak egiten hamaka zedroak olatu sekretuak arnas giltzaperatua arnas basatia edanez eta bai Bai Bai bai «ez zuen behin ere ardorik edaten, baina beti esaten zuen saski bat zer liburutan irakurri zenuen hori Geralden arraun trajearen hura azaltzen zen hartan ardoz beteta osagarri nahitaezkoa zela edozein gizasemeren merienda saskian» maite al zenituen Caddy maite al zenituen Ukitzen nindutenean hil egiten nintzen

        minutu batez han gelditu zen eta hurrengo minutuan Benjy uhurika ari zen eta soinekotik tiratzen zion sarrerara jo zuten eta handik eskaileretan gora uhurika eta eskaileretan gora bultzatzen ziola bainugelako ateraino eta gelditu egin ziren Caddyk bizkarra atearen kontra zuela eta besoa aurpegian eta hark uhurika eta bultzaka bainugelara sar arazi nahi zuelarik Caddy afaltzera etorri zenean T.P. jana ematen ari zitzaion Benjyri eta martxan jarri zen aurrena mainaka besterik gabe berak ukitu zuen arte orduan uhurika hasi zen bera han gelditu zen bere begiak arratoi zokoratuarenak bezalakoak orduan ni korrika nindoan iluntasun grisean euri usaina zegoen eta baita alde heze epelak botatzen zituen lore perfume guztiena ere eta kilkerren kantua belarretan isiltasun uhartetxo ibiltari batez laguntzen ninduela Fancy begira neukan hesiaren gainetik zirriborrotsua arropa soka batetik eskegitako edredoia bezala beltz madarikatu hori pentsatu nuen berriro ere ahaztu du jaten ematea korrika joan nintzen muinoan behera kilker gabetasun hartatik ispilu batetik pasatzen den hatsa bezala Caddy uretan etzanda zegoen burua hondar muturrean zuela ura bere aldaken ingurutik zihoala argi gehixeago zegoen uretan bere gona erdi blaituak dardara egiten zion saihetsetan uraren mugimenduarekin nora joanik ez zuten uhin astunak sortuz beren mugimenduarekin berritu egiten zirenak ni ertzean geratu nintzen ezker-aihenaren usaina aditzen nuen ur putzuaren gainean bazirudien aldeak ezker-aihenarekin eta kilkerren kirrinkarekin haragian senti zitekeen substantzia bat isurtzen zuela

        Benjy negarrez ari al da oraindik

        ez dakit bai ez dakit

        Benjy gizajoa

        ertzean eseri nintzen belarra hezea zegoen pixka bat orduan zapatak bustita neuzkala ikusi nuen

        atera uretatik erotuta al zaude

        baina bera ez zen mugitu bere aurpegia mantxa zuri bat zen ilearen markoak hondar mantxatik bereizten zuena

        atera segituan

        eseri egin zen gero zutitu bere gona dardarka gorputzaren kontra ura zeriola ertzera igo zen bere arropak dardarka eseri egin zen

        zergatik ez duzu bihurritzen katarroa harrapatu nahi al duzu

        bai

        ura zurrupaka eta gargarka zebilen hondar muturrean eta harantzago ilunpetan sahats artean ubehera zegoen tokian ura oihal puska bat bezala kizkurtzen zen artean argi pixka bat gordeaz urak egin ohi duen bezala

        hark mundu guztiko ozeano guztiak zeharkatu ditu

        orduan hari buruz hitz egin zuen bere belaun bustiak besarkatuz aurpegia atzerantz okertuta argitasun grisean ezker-aihenaren usaina argia zegoen amaren gelan eta Benjyrenean T.P. hura oheratzen ari zen tokian

        maite al duzu

        bere eskua atera egin zen ni ez nintzen mugitu nire besotik barrena jaitsi zen nire eskua hartu eta bere bularraren kontra jarri zuen bihotza taupaka zuela

        ez ez

        behartu egin al zintuen hortaz behartu egin zintuen hura egitera hura egiten uztera zu baino indartsuagoa zen eta hura bihar hil egingo dut zin egiten dizut hil egingo dudala aitak ez du geroago arte jakin beharrik eta orduan zu eta ni ez du inork jakin beharrik nire unibertsitateko dirua har dezakegu nire matrikula ezezta dezakegu Caddy gorrotoa diozu ezta ezta

        bere bularraren kontra jarri zuen nire eskua bihotza taupaka nik jiratu eta besotik heldu nion

        Caddy gorrotoa diozu ezta

        berak eztarriraino igo zuen nire eskua bere bihotza mailukazoka ari zen han

        Quentin gizajoa

        bere aurpegiak zerura begiratzen zuen baxu zegoen hain baxu non gauaren usain eta soinu guztiak han harrapatuta geratu zirela ematen baitzuen denda hondoratu baten azpian bezala batez ere ezker-aihenaren usaina arnasan sartua neukan bere aurpegian eta eztarrian zegoen pintura bezala bere odolak eskua kolpatzen zidan nire beste besoaren gainean apoiatuta nengoen dardarizoka eta jauzika hasi zitzaidan eta arnaska hasi beharra izan nuen batere alderik hartu nahi banuen ezker-aihen gris lodi haren artetik

        bai gorrotoa diot hil egingo nintzateke beragatik dagoeneko hil naiz beragatik behin eta berriz hiltzen naiz beragatik hori gertatzen denero

        eskua altxa eta gero ere abartxo eta belar gurutzatuek ahurra erretzen zidaten

        Quentin gizajoa

        atzerantz bota zen besoetan apoiatuz eskuak belaunen inguruan lotuta

        zuk ez duzu behin ere hori egin ezta

        zer egin zer

        hori nik egin dudana nik egin nuena

        bai bai askotan neska askorekin

        orduan negarrez ari nintzen bere eskuak ukitu egin ninduen berriro eta negarrez ari nintzen bere blusa hezearen kontra orduan bera bizkar gainean etzanda nire buruaz harantzagoko zeruari begira zirkulu zuri bat ikusi nuen bere irisen azpian nire labana ireki nuen

        gogoratzen al zara amama hil zen egunean zu zure azpiko-galtzatxoekin uretan eseri zinenean

        bai

        bere eztarrian jarri nuen labanaren punta

        segundo bateko kontua izango da segundo bat bakarrik gero neure buruari egingo diot neure buruari egingo diot gero

        ondo da zerorrena bakarrik egiterik izango al duzu

        bai ahoak badu nahiko luzera Benjy ohean da honezkero

        bai

        segundo bateko kontua izango da saiatuko naiz m nik ez egiten

        ondo da

        begiak itxiko dituzu

        ez honela indar handiagoz sartu beharko duzu

        ukitu zure eskuaz

        baina bera ez zen mugitu bere begiak zabal-zabalik zeuden nire buruaz harantzagoko zeruari begira

        Caddy gogoratzen al zara nola haserretu zen Dilsey zurekin galtzatxoak lokaztuta zeneuzkalako

        ez negarrik egin

        ez naiz negarrez ari Caddy

        sar ezazu sartuko al duzu

        nahi al duzu

        bai sar ezazu

        ukitu zure eskuaz

        ez negarrik egin Quentin gizajo horrek

        baina ni ezin nintzen gelditu berak bere bular gogor hezearen kontra zeukan nire burua bere bihotza aditzen nuen orain tinko eta mantso taupaka ez mailukazoka eta ura gargarka ilunpetan sahats artean eta ezker-aihen olatuak aldean gora igotzen besoa eta sorbalda bihurrituta neuzkan nire azpian

        zer da zertan ari zara

        bere muskuluak tentsatu egin ziren ni eseri egin nintzen

        nire labana erori egin zait

        eseri egin zen

        zer ordu da

        ez dakit

        hanka gainean jarri zen nik lurra miatzen nuen itsumustuan

        ni banoa utzi ezazu

        hantxe zutik sentitzen nuen bere arropa hezeen usaina aditzen nuen bera ere hantxe sentituz

        hemen nonbait behar du

        utzi ezazu bihar aurkituko duzu goazen

        itxoin pixka bat aurkituko dut

        beldurra ematen al dizu

        hemen dago hementxe zegoen

        a bai goazen

        zutitu eta segi egin nion muinoan gora igo ginen kilkerrak isildu egiten ziren gu hurbildu ahala

        xelebrea da gertatzen dena esertzen zara zerbait erortzen zaizu eta inguru guztiak miatu behar aurkitzeko

        gristasuna gris zegoen dena ihintza ere zeharka igotzen zelarik zeru griseraino gero zuhaitzak harantzago

        ezker-aihen madarikatu hori nahiago nuke ezkutatuko balitz

        lehen gustukoa zenuen

        gailurra zeharkatu eta zuhaitzetarantz segi genuen berak estropezu egin zuen nirekin apartatu egin zen pixka bat zanga orbain beltz bat zen belar grisean berak estropezu egin zuen berriro nirekin begiratu zidan eta apartatu egin zen zangaraino heldu ginen

        goazen bide honetatik

        zergatik

        ea ikusten diren oraindik Nancyren hezurrak aspaldi honetan ez zait burutik pasa begiratzea zuri

        aihen eta sasi beltzez beteta zegoen

        hementxe zeuden ez da ikusten hor dauden ala ez ezta

        nahikoa da Quentin

        goazen

        zanga estutu itxi egiten zen berak zuhaitzetarantz jo zuen

        nahikoa da Quentin

        Caddy

        bere aurrean jarri nintzen berriro

        Caddy

        nahikoa duzu

        heldu egin nion

        zu baino indartsuagoa naiz

        bera mugitu gabe zegoen gogor tematsu baina geldirik

        ez dut borrokarik egingo geldi hobe duzu gelditzea

        Caddy ez Caddy

        ez duzu ezer aurreratuko ez al dakizu ezetz utzi joaten

        ezker-aihena tantoka eta tantoka ari zen kilkerrak guri begira sentitzen nituen zirkuluan jarrita berak atzerantz jo zuen inguratu ninduen eta zuhaitzetarantz segi zuen

        zu itzuli etxera ez daukazu etorri beharrik

        segi egin nuen

        zergatik ez zara etxera itzultzen

        ezker-aihen madarikatu hori

        hesiraino heldu ginen berak arrastaka pasa zuen nik arrastaka pasa nuen tentetu nintzenean hura zuhaitz artetik gristasunera gure aldera ateratzen ari zen gugana zetorren garai eta txapal eta geldirik mugitu ere geldirik balego bezala mugituz Caddy harengana joan zen

        hau Quentin da bustita nago erabat bustita nago ez baduzu nahi ez zaude behartuta

        bien itzalak itzal bakarra bere burua altxa egin zen gizonaren buruaren gainetik zegoen zeruan gorago haien bi buruak

        ez baduzu nahi ez zaude behartuta

        gero bi bururik ez iluntasunak euri usaina zeukan belar busti eta hosto usaina argitasun grisa euria bezala tantoka ezker-aihena olatu hezeetan igotzen Caddyren aurpegia ikusten nuen mantxa bat haren sorbaldaren kontra gizonak beso batez heltzen zion Caddy umetxo bat baino handiagoa ez balitz bezala eskua luzatu zuen

        urte askotarako

        bostekoa eman genion elkarri gero hantxe gelditu ginen Caddyren itzala garai gizonaren itzalaren kontra itzal bakarra

        zer egingo duzu Quentin

        paseotxo bat uste dut basotik errepideraino joan eta herritik barrena itzuliko naizela

        jiratu egin nintzen abiatuz

        gabon

        Quentin

        gelditu egin nintzen

        zer nahi duzu

        basoan zuhaitz-igelak kantari ari ziren aldean euri usaina sentituz isilarazi ezin diren jostailuzko musika kaxak bezalako hotsa ateratzen zuten eta ezker-aihena

        etorri hona

        zer nahi duzu

        etorri hona Quentin

        itzuli egin nintzen berak sorbalda ukitu zidan makurtuz bere itzala bere aurpegiaren mantxa makurtuta gizonaren itzal luzetik nik atzera egin nuen

        kontuz

        segi ezazu etxera

        ez daukat logurarik paseo bat emango dut

        itxoidazu errekan

        paseo bat ematera joango naiz

        han izango naiz segituan itxoidazu itxoin

        ez basotik barrena joango naiz

        ez nuen atzera begiratu zuhaitz-igelek ez zidaten batere kasurik egiten argitasun grisa tantoka erortzen zen goroldioa bezala zuhaitzetan baina hala ere ez zuen euririk ari handik pixka batera bueltatu egin nintzen basoaren ertzeraino itzuli nintzen hara ailegatu orduko ezker-aihen usaina aditzen hasi nintzen berriro argiak ikusten nituen auzitegiko erlojuan eta herriaren plazaren argitasuna zeruan eta sahats beltzak erreka ondoan eta argia amaren leihoetan argia artean piztuta Benjyren gelan eta makurtu egin nintzen hesia pasatzeko eta korrika zeharkatu nuen belardia korrika joan nintzen belar grisetik kilker artetik ezker-aihenaren usaina gero eta biziagoa zen eta uraren usaina orduan ura ikusi nuen ezker-aihen grisaren kolorekoa erreka ertzean etzan nintzen aurpegia lurraren ondoan jarrita hartara ezker-aihen usaina aditzerik ez izateko orduan ez nuen aditzen eta hantxe geratu nintzen etzanda lurra nire arropetatik sartzen sentituz urari entzuten eta handik pixka batera arnasa ez neukan hain behartuta eta hantxe geratu nintzen etzanda pentsatuz aurpegia mugitzen ez banuen ez nuela arnasa behartu beharrik izango eta ezta haren usaina aditu beharrik ere eta orduan ez nintzen ezertan pentsatzen ari bera ertzetik etorri eta gelditu egin zen ni ez nintzen mugitu

        berandu da segi ezazu etxera

        zer

        segi ezazu etxera berandu da

        ondo da

        bere arropek xuxurlatu egiten zuten ez nintzen mugitu xuxurlatzetik gelditu ziren

        etxeratuko al zara esan dizudan bezala

        ez dut ezer aditu

        Caddy

        bai etxeratuko naiz zuk hala nahi baduzu etxeratuko naiz

        eseri egin nintzen bera lurrean eserita zegoen eskuak belaun gainean gurutzatuta

        segi ezazu etxera esan dizudan bezala

        bai nahi duzun guztia egingo dut guzti-guztia bai

        ez zidan begiratu ere egiten nik sorbaldatik heldu eta astindu egin nuen indarrez

        zaude isilik

        astindu egin nuen

        zaude isilik zaude isilik

        bai

        aurpegia goratu zuen orduan ikusi nuen begiratu ere ez zidala egiten zirkulu zuri hura ikusi nuen

        altxa

        tira egin nion hilarena egiten zuen hanka gainean jarri nuen

        orain segi

        Benjyk negarrez segitzen al zuen atera zarenean

        segi

        erreka zeharkatu genuen teilatua azaldu zen gero goiko leihoak

        orain lo dago

        gelditu beharra izan nuen langa ixteko berak iluntasun grisetik segi zuen euri usaina eta hala ere ez zuen euririk ari eta ezker aihena etortzen hasia zen lorategiko hesitik etortzen hasia bera itzalean sartu zen bere hankak aditzen nituen orduan

        Caddy

        gelditu egin nintzen eskailera-kosketan ez nituen bere hankak aditzen

        Caddy

        orduan bere hankak aditu nituen nire eskuak ukitu egin zuen ez hotz eta ez bero bakarrik geldi-geldirik arropak artean heze samarrak

        orain maite al duzu

        arnasarik hartu gabe bakarrik poliki-poliki urrutiko arnas bat bezala

        Caddy maite al duzu orain

        ez dakit

        argitasun grisetik kanpo gauzen itzalak gauza hilak bezala ur geldian

        nahiago nuke hilda bazeunde

        bai e sartuko zara ala ez

        bera al daukazu gogoan orain

        ez dakit

        esadazu zer daukazun gogoan esadazu

        nahikoa da nahikoa da Quentin

        zaude isilik zaude isilik aditzen al didazu zaude isilik isilduko al zara

        ondo da isilduko naiz hots handiegia aterako genuke

        hil egingo zaitut aditzen duzu

        goazen hamakara hemen sentitu egingo zaituzte

        ez naiz negarrez ari negarrez ari naizela uste al duzu

        ez orain ixo Benjy esnatuko dugu

        sartu etxera ea sartu

        ni ez negarrik egin ni gaiztoa naiz dena dela zuk ezin duzu ezer egin

        madarikazio bat daukagu gainean ez da gure errua gure errua al da

        ixo ea segi ezazu ohera

        ezin nauzu behartu madarikazio bat daukagu gainean

        azkenean ikusi nuen barberoarenera sartzera zihoan begiratu egin zuen eta nik hurbildu eta itxoin egin nuen

        azken bi edo hiru egunotan zure bila ibili naiz

        nirekin egon nahi al zenuen

        egon ere egingo naiz gainera

        azkar bildu zuen zigarroa mugimendu pare batez pospoloa piztu zuen behatz lodiarekin

        hemen ezin dugu hitz egin zer iruditzen zaizu beste nonbait elkartzea

        zure gelara joango naiz hotelean al zaude

        ez ez da toki ona ezagutzen al duzu erreka gaineko zubi hori han zeraren atzean

        bai ondo da

        ordu batean ondo

        bai

        jiratu egin nintzen

        mila esker

        aizu

        gelditu egin nintzen atzera begiratu nuen

        ez zitzaion ba ezer gertatuko

        brontzez egina zirudien bere alkandora kakiarekin

        nire behar handia dauka orain

        han izango naiz ordu batean

        Caddyk sentitu egin ninduen T.P.ri ordu baterako Princeri zela jartzeko esaten ari nintzaiola ni zaintzen ibili zen ez zuen asko jan etorri egin zen bera ere

        zertara zoaz

        ezertara ez ez al daukat zaldi gainean paseo bat ematerik gogoak ematen badit

        zerbait egitera zoaz zer

        ez da zure kontua puta puta

        T.P.k alboko atean zeukan Prince

        ez dut beharko oinez joango naiz

        kamioan behera jaitsi eta langa pasa eta bidezidorra hartu nuen orduan korrika abiatu nintzen zubira heldu baino lehen barandan apoiatuta ikusi nuen zaldia basoan lotuta bere sorbalda gainetik begiratu zuen gero bizkarra bueltatu zuen ez zuen berriz gora begiratu ni zubiraino ailegatu eta gelditu nintzen arte zuhaitz-azal puska bat zeukan eskuetan hari puskak kendu eta uretara botatzen zituen barandaren gainetik

        herritik joateko esatera natorkizu

        puska kendu zion azalari intentzio guztiarekin uretara bota zuen kontu handiz nola urruntzen zen begira geratu zen

        herritik joan behar duzula esan dizut

        begiratu egin zidan

        Caddyk bidali al zaitu nigana

        neuk esaten dizut joan behar duzula ez aitak ez beste inork neuk esaten dizut

        entzun uztazu hori geroxeagorako bera ondo dagoen jakin nahi dut zer ibili dira etxean bera amorrarazten

        horregatik ez daukazu kezkatu beharrik

        orduan zera esaten aditu nuen neure burua eguzkia sartu arteko denbora ematen dizut herritik joateko

        azalari puska kendu eta uretara bota zuen gero azala barandaren gainean utzi eta zigarro bat bildu zuen bi mugimendu azkar haiekin pospoloa piztu zuen barandaren gainean

        zer egingo duzu joaten ez banaiz

        hil egingo zaitut ez pentsa zuk mutil-koskor baten itxura ikusten didazulako

        kea bi irristadatan atera zitzaion sudur-zuloetatik aurpegia zeharkatuz

        zenbat urte dituzu

        dardarka hasi nintzen nire eskuak barandaren gainean zeuden pentsatu nuen gordetzen banituen hark arrazoia asmatuko zuela

        gaur gauera arteko denbora ematen dizut

        aizu adiskidea zer izen duzu inuzentea Benjy da ezta zu zera izango zara

        Quentin

        nire ahoak esan zuen ez nuen nik esan

        eguzkia sartu arteko denbora ematen dizut

        Quentin

        zigarroa barandaren kontra igurtzi zuen errautsa kentzeko poliki eta kontu handiz egin zuen lapitz bat zorrozterakoan bezala nire eskuek ez zuten orain dardararik

        aizu ez du merezi hain serio hartzea ez da zure errua mutiko beste edozein izango zen

        sekula izan al duzu arrebarik e

        ez baina denak putak dira

        jo egin nuen nire esku irekiak eutsi egin zion haren aurpegian ixteko inpultsoari haren eskua nirea bezain azkar mugitu zen zigarroa baranda gainetik erori zen beste eskuari eragin nion hark heldu egin zion hari ere zigarroa uretara ailegatu baino lehen nire bi eskumuturrak helduta zeuzkan esku berberaz bere beste eskuak bere galtzarbera jo zuen ziztuan txamarraren azpitik bere atzean eguzkia zeharka jaisten zen eta txori bat kantari ari zen nonbait eguzkia baino harantzago elkarri begiratu genion txoriak kantatu bitartean nire eskuak askatu zituen

        ikusi hau

        azala barandatik hartu eta uretara bota zuen ur gainera atera zen korronteak hartu zuen bazihoan haren eskua barandaren gainean zegoen pistolari eutsiz axolagabeki itxoin egin genuen

        orain ezin diozu eman

        ez

        bazihoan ur gainetik basoa nahiko lasai zegoen txoria aditu nuen berriro eta ura gero pistola altxa egin zen ez zuen apuntatu azala ezkutatu egin zen gero haren puskak ur gainera atera ziren sakabanatuz eman egin zien zilarrezko dolarrak adinakoak ez ziren beste bi azal puskari ere

        honekin nahikoa izango da noski

        zilindroa ireki eta kainoi barrura haize eman zuen ke hari mehe bat aldean xahutu zen berriro kargatu zituen hiru kamerak zilindroa itxi zuen eskura eman zidan kulataz aurrera

        zertarako ez naiz zurea hobetzen saiatuko

        beharko saiatu esan duzuna esan eta gero hau ematen dizut zer egin dezakeen ikusi duzulako

        zoaz pikutara zure pistolarekin

        jo egin nuen jotzeko ahaleginak egiten segitzen nuen hark bi eskumuturretatik heldu eta puska batera ere baina berriro ahalegindu nintzen orduan koloretako beira batetik begiratu izan banio bezala izan zen nire odola aditzen nuen eta orduan zerua ikusi nuen berriro eta haren kontra adarrak eta haietatik barrena eguzkia zeharka jaisten eta hura niri zutik eutsi nahian

        jo egin al nauzu

        ez nuen aditzen

        zer

        bai zer moduz zaude

        ondo askatu

        askatu egin ninduen barandan apoiatu nintzen

        ondo al zaude

        utzi bakean ondo nago

        etxera joaterik izango al duzu bakarrik

        alde utzi bakean

        hobe zenuke oinez joaten ez sartzea hartu nire zaldia

        ez alde

        uhalak kakotik eskegi eta utzi libre bere gisara itzuliko da ukuilura

        utzi bakean alde eta utzi bakean

        barandaren gainean apoiatu nintzen uretara begira zaldia libratu eta abiatzen sentitu nuen eta handik pixka batera ura besterik ez nuen aditzen eta gero berriro txoria zubia utzi eta eseri egin nintzen bizkarra zuhaitz baten kontra nuela eta burua zuhaitzaren kontra apoiatu eta begiak itxi nituen eguzki pusketa bat zeharka etorri eta nire begi gainean pausatu zen eta ni mugitu egin nintzen apur bat zuhaitzaren bestalderantz txoria aditu nuen berriro eta ura eta orduan denak piririka alde egin balu bezala izan zen eta ez nuen ezertxo ere sentitzen ia ondo ere sentitu nintzen egun guzti haiek eta gero eta gau guzti haiek ilunpetatik nire gelaraino igotzen zen ezker-aihenarekin ni nire gelan lo egiten saiatzen nintzen bitartean handik pixka batera hark ez ninduela jo jakin nuenean ere gezurra esan zuela Caddyren izenean eta nik neska batek bezala zorabiatzea besterik ez nuela egin baina horrek ere ez zuen jadanik axolarik eta zuhaitzaren kontra eserita nengoen eguzki printza txikiek hosto horiak bezala adar batean aurpegia ukitzen zidatela urari entzuten eta ezertan pentsatu gabe zaldia arrapaladan hurbiltzen aditu nuenean ere hantxe nengoen eserita begiak itxita eta zaldiaren hankak belar txistukaritik habailan aditu nituen eta hankak korrika eta Caddyren esku gogorrak ere korrika

        txoroa txoroa mina hartu al duzu

        begiak zabaldu nituen bere eskuak korrika zebiltzan nire aurpegian

        ez nekien tokia pistola aditu dudan arte ez nekien non ez nuen uste bera eta zu alde egiten ezkutuka ez nuen uste zera edukiko zuenik

        nire aurpegia bi eskuekin helduta zeukan zuhaitzaren kontra kolpatzen zuen nire burua

        nahikoa da nahikoa da

        eskumuturretatik heldu nion

        geldi geldi

        banekien ez zuela egingo banekien ezetz

        nire burua zuhaitzaren kontra kolpatzen saiatu zen

        esan diot ez gehiago niri hitzik egiteko esan diot

        bere eskumuturrak libratzen saiatu zen

        askatu

        nahikoa da zu hain indartsuagoa naiz nahikoa duzu

        askatu harrapatu egin behar dut eskatu egin behar diot bere askatu Quentin mesedez askatu askatu

        bat-batean etsi egin zuen bere eskumuturrak laxatu egin ziren

        bai esan diezaioket behartu egingo dut sinestera noiznahi behartuko dut

        Caddy

        Prince lotu gabe utzia zuen kapaza zen etxerantz alde egiteko gogoak ematen bazion

        noiznahi sinetsi egingo dit

        maite al duzu Caddy

        ea nik zer

        begiratu egin zidan orduan dena ezkutatu egin zen bere begietatik eta estatuen begiak ematen zuten hutsak eta itsuak eta bareak

        jarri zure eskua nire eztarrian

        nire eskua hartu eta bere eztarrian jarri zuen zabalduta

        orain esan bere izena

        Dalton Ames

        lehen odol olatua sentitu nuen han taupada indartsu geroz biziagoekin igo zen

        esan berriro

        bere aurpegiak zuhaitzetarantz begiratu zuen non eguzkia zeharka jaisten zen non txoria

        esan berriro

        Dalton Ames

        bere odola etengabe igotzen zen taupaka eta taupaka nire eskuaren kontra

        Martxan segi zuen denbora puska batean, baina nik hotz eta hilda bezala sentitzen nuen nire aurpegia, eta nire begia, eta behatzeko ebakia erresuminduta neukan berriro. Shreve bonbari eragiten aditu nuen, gero palankanarekin itzuli zen eta ilunsenti burbuila borobil bat haren barruan flotatzen, ertz horikoa husten ari den puxika batena bezala, gero nire isla. Nire aurpegia han ikusten saiatu nintzen.

        «Gelditu al zaik?» esan zuen Shrevek. «Emadak zapia». Eskutik kendu nahi izan zidan.

        «Kontuz», esan nuen, «Nik egingo diat. Bai, ia gelditu zaidak». Uretan sartu nuen berriro zapia, puxika puskatuz. Zapiak ura tindatu zuen. «Nahiago nikek garbi bat baneuka».

        «Haragi gordin puska bat behar huke begi horrentzako», esan zuen Shrevek. «Apustu egingo nikek bihar ubeldu ederra edukiko duala. Putaseme hori», esan zuen.

        «Minik egin al diot?» Painuelua bihurritu eta txalekoko odola garbitzen saiatu nintzen.

        «Ezingo duk kendu», esan zuen Shrevek. «Garbitzera eraman beharko duk. Ea, jar ezak begi gainean, zergatik ez duk jartzen».

        «Pixka bat kentzea bazeukaat», esan nuen. Baina ez nintzen ezer asko aurreratzen ari. «Zer moduz daukat alkandoraren lepoa?»

        «Ez zekiat», esan zuen Shrevek. «Jar ezak begian. Tori».

        «Kontuz», esan nuen. «Nik egingo diat. Minik egin al diot?»

        «Ez zekiat jo duan, beharbada bai. Beharbada nik bestaldera begiratu diat orduantxe edo begiak kliskatu ditiat edo auskalo. Ederki atera ditik hautsak. Pelele bat bahintz bezala jipoitu hau. Nola bururatu zaik berarekin ukabilkazoka hastea? Txoro arraio hori. Zer moduz hago?»

        «Ondo nagok», esan nuen. «Ez zekiat zer edo zer aurkitzerik izango dudan txalekoa garbitzeko».

        «O, ahaztu itzak hire arropa madarikatuak. Minik ematen al dik begiak?»

        «Ondo nagok», esan nuen. Dena bare eta bioleta kolorekoa bezala zegoen, zerua berde etxearen erpinaren atzealdean urre bilakatuz eta tximiniatik gora ke luma bat batere haizerik gabe. Bonba aditu nuen berriro. Gizon bat pertza betetzen ari zen, eta begira geneukan bonbari eragiten zion sorbaldaren gainetik. Andre bat atetik pasa zen, baina ez zuen kanpora begiratu. Behi bat aditzen nuen nonbaitetik marruka.

        «Goazen», esan zuen Shrevek, «Utzi bakean hire arropak eta jarri zapi hori begian. Bihar aurreneko gauza hire trajea garbitzera bidaltzea egingo diat».

        «Ondo da. Lastima ez dudala bere gainera odol pixka bat bota, besterik ezean».

        «Putaseme hori», esan zuen Shrevek. Spoade etxetik atera zen, andrearekin hitz eginez, uste dut, eta ataria zeharkatu zuen. Begiratu egin zidan bere begi hotz, burlosoekin.

        «Beno, adiskidea», esan zuen, niri begira, «Ez duk ukatuko lan handiak hartzen dituala dibertitzeko. Aurrena bahiketa eta gero borroka. Oporretan zertan ibiltzen haiz? etxeei su ematen?»

        «Ondo niagok», esan nuen. «Zer esan du Mrs Blandek?»

        «Geraldi errietan ari zaiok odola egin dialako. Ikusten hauenean, errieta egingo dik hiri ere, utzi dioalako. Borroka bera ez dik gaizki ikusten, odola duk gustatzen ez zaiona. Nik uste puntuak galdu dituala bere aurrean odolari hobetoxeago eusten ez jakiteagatik. Zer moduz hago?»

        «Jakina», esan zuen Shrevek, «Bland etxekoa izaterik ez badaukak, onena zera duk, kasuak kasu, Bland batekin adulterioan sartzea edo mozkortu eta berarekin borroka egitea».

        «Halaxe duk», esan zuen Spoadek. «Baina ez nekian Quentin mozkortuta zegoenik».

        «Ez zegoen-eta», esan zuen Shrevek. «Mozkortuta egon behar al da putaseme horri jo nahi izateko?»

        «Begira, nik behintzat mozkor-mozkor egon beharko nikek proba egiteko, Quentinek nola bukatu duen ikusi eta gero. Non ikasi du boxeoan?»

        «Egunero Mikeren zera horretara joaten ibili duk», esan nuen nik.

        «Bai?» esan zuen Spoadek. «Ba al hekien hori jo duanean?» «Ez zekiat», esan nuen. «Segur aski. Bai».

        «Busti ezak berriro», esan zuen Shrevek. «Nahi al duk ut freskoa?»

        «Hau ondo zegok», esan nuen. Berriro zapia busti eta begian jarri nuen. «Nahiago nikek txalekoa garbitzeko zerbait baneuka». Spoadek niri begira segitzen zuen.

        «Aizak», esan zuen, «Zergatik jo duk? Zer esan du?»

        «Ez zekiat. Ez zekiat zergatik egin dudan».

        «Aurrena salto batez zutitzen ikusi haut eta jartzen haiz-eta, sekula izan al duk arrebarik? E? eta berak Ez esan duenean, jo egin duk. Hari begirik kendu gabe hengoela antzemanda nengoan, baina zera ematen zian, inori kasurik egin gabe hengoela, azkenean zutik jarri eta arrebarik ba al zuen galdetu dioan arte».

        «O, fanfarroikeriatan ari zuan beti bezala bere emakume istorio horiekin», esan zuen Shrevek. «Badakik, nesken aurrean aritzen den bezala, zertaz ari den zehatz jakin ez dezaten. Batere zentzurik ez duten bere hitz-erdi eta gezur eta berriketa madarikatu guzti horiek. Zera ari zitzaiguan kontatzen zita eman ziola neska bati Atlantic Cityko dantza saloi batean eta berak kale egin ziola eta hotelera joan eta ohean sartu eta hantxe egon zela neskari pena hartuz moilan bere zain egongo zelako eta bera berriz hara joan gabe neskari nahi zuena ematera. Gorputzaren edertasunaz ari zuan eta haren azken penagarriaz eta zer zaila den emakumezkoentzat, bizkar gainean etzatea besterik ezin dutela egin. Leda sastraka artetik zelatan, antsika eta lanturuka bere zisnearen bila, jabetzen al haiz. Putaseme hori. Neronek joko mari. Baina ni bere amaren ardo saski madarikatu horretaz baliatuko ninduan».

        «O», esan zuen Spoadek, «dama guztien babeslea. Adiskidea, mirespena bakarrik ez, horrorea ere eragiten duk».

        Begiratu egin zidan, hotz eta burloso. «Jainko santua», esan zuen.

        «Damutan nagok jo dudalako», esan nuen. «Itxura txarra al daukat zera guztia konpontzera itzultzeko?»

        «Pikutara, barkamen hitzak», esan zuen Shrevek, «doazela pikutara. Gu herrira goazak».

        «Itzuli egin behar likek, eta gizaseme batek bezala borrokatzen badakiela erakutsi», esan zuen Spoadek. «Badakiela jipoia gizaseme batek bezala jasotzen, alegia».

        «Horrela?» esan zuen Shrevek, «Arropak odolez beteta dituela?»

        «Beno, ondo da», esan zuen Spoadek, «hik hobeto dakik nik baino».

        «Ez zeukak elastiko hutsik azaltzerik», esan zuen Shrevek, «Oraindik ez zegok azken ikasturtean. Tira, goazen herrira».

        «Ez daukazue etorri beharrik», esan nuen. «Itzul zaitezte merienda horretara».

        «Doazela pikutara», esan zuen Shrevek. «Ea, etorri hona».

        «Zer kontatuko diet?» esan zuen Spoadek. «Quentinek eta biok ere borroka izan duzuela?»

        «Ez ezer esan», esan zuen Shrevek. «Beste horren amari esan bere aukera eguzkia sartzearekin batera ahitu dela. Goazen, Quentin. Andre horri galdetuko zioat interurbanorik hurbilena non...»

        «Ez», esan nuen, «Ez nauk herrira itzuliko».

        Shreve gelditu egin zen, niri begira. Jiratzen ari zela, bere betaurrekoek ilargitxo horiak ematen zuten.

        «Zer egingo duk?»

        «Ez nauk oraindik herrira itzuliko. Zuek segi ezazue merienda horretara. Esan nik ez dudala itzuli nahi izan arropak zikinduta neuzkalako».

        «Aizak», esan zuen berak, «Zer asmo duk?»

        «Batere ez. Ondo nagok. Itzul zaitezte Spoade eta biok. Bihar arte». Ataria zeharkatu eta errepide aldera jo nuen.

        «Ba al dakik non dagoen geltokia?» esan zuen Shrevek.

        «Aurkituko diat. Bihar arte denoi. Esan Mrs Blandi sentitzen dudala bere festa hondatu izana». Niri begira geratu ziren. Nik etxea inguratu nuen. Harrizko bidezidor bat errepideraino jaisten zen. Arrosak hazten ziren bidezidorraren bi aldeetan. Langa pasa eta errepidean aurkitu nintzen. Muinoan behera jaisten zen, basoetarantz, eta automobila ikusi nuen bide bazterrean. Muinoan gora jo nuen. Argitasuna hazi egiten zen ni igo ahala, eta gailurreraino heldu baino lehen kotxe hotsa aditu nuen. Oso urruti zegoela ematen zuen, ilunsentia baino harantzago, eta gelditu egin nintzen entzutera. Ordurako ez nuen automobila bereizten, baina Shreve errepidean zegoen, etxe aurrean, muinoan gora begira. Bere atzean argitasun horiak pintura kapa bat ematen zuen etxearen teilatu gainean. Eskua altxa eta muinoan gora segi nuen, automobila entzunez. Gero etxea ezkutatu egin zen eta ni argitasun berde eta horian gelditu nintzen eta automobilaren hotsa handitzen eta handitzen eta handitzen sentitu nuen, harik eta moteltzen hasi eta kolpetik erabat isildu zen arte. Berriro martxan jartzen aditu arte itxoin nuen. Gero aurrera segi nuen.

        Ni jaitsi ahala argia ahulduz zihoan pixkanaka, baina bere kualitatea aldatu gabe hala ere, ni banintz bezala, ez argia, aldatuz zihoana, apalduz, nahiz eta, errepidea zuhaitz artean barruratzen zen tokian ere, egunkaria irakurtzeko adina argi bazegoen. Laster bidezidor batera heldu nintzen. Handik jo nuen. Errepidea baino estuagoa eta ilunagoa zen, baina tranbiaren geltokira atera nintzenean —beste egurrezko estalpe bat— argiak lehengoan segitzen zuen. Bidezidorraren ondoren biziagoa ere ematen zuen, gauez bidezidorretik ibili eta goizez atera banintz bezala handik. Laster heldu zen tranbia. Igo egin nintzen, eta haiek jiratu egiten ziren nire begiari begiratzeko. Ezkerreko aldean eserleku bat banuen.

        Argiak piztuta zeuden tranbian, eta beraz zuhaitz artetik gindoazen bitartean neure aurpegia bakarrik ikusten nuen eta andre bat pasilloaren bestaldean buruaren gain-gainean sonbreiru bat zeramana hautsitako luma batekin, baina zuhaitzetatik atera ginenean ilunsentia ikusi nuen berriro, argiaren kualitate hura, denbora gelditu egin balitz bezala une batez, eguzkia juxtu zeruertzaren azpian eskegita balego bezala, eta orduan gizon zahar hura poltsatik jaten aritutako estalpea pasa genuen, eta errepideak ilunsentiaren azpitik segitzen zuen, ilunsentian sartuz eta harantzago ur baketsu eta arinaren sentsazioa. Gero tranbiak segi egin zuen. Ate irekian alde korrontea etengabe pilatuz zihoan azkenean tranbiatik barrena etengabe mugitzen hasi zen arte uda eta iluntasunaren usainarekin baina ezker-aihenik gabe. Denetan usainik tristeena ezker-aihenarena, nik uste. Asko dauzkat gogoan. Glizinarena, esate baterako. Egun euritsuetan Ama leihoetara inguratzeko gaixoegi sentitzen ez zenean haren azpian ibiltzen ginen jostatzen. Ama ohean geratzen zenean Dilseyk arropa zaharrak janzten zizkigun eta euritara ateratzen uzten zigun zeren euriak gazte jendeari kalterik ez diola egiten esaten baitzuen. Baina Ama jaikita bazegoen beti portxean hasten ginen jostatzen berak hots handiegia egiten genuela esan arte, orduan kanpora atera eta glizinaren babespean jostatzen genuen.

        Hemen ikusi dut ibaia gaur goizean azkeneko aldiz, hemen nonbait. Ura senti nezakeen ilunsentia baino harantzago, bere usaina. Udaberrian break hasten zirenean eta euria egiten zuenean usaina toki guztietan zegoen bestetan ez zen hainbeste antzematen baina euria egiten zuenean usaina etxean sartzen hasten zen ilunsentian edo euri gehiago egiten zuelako ilunsentian edo argiak berak zuen zerbaitengatik baina orduan beti usain biziagoa izaten zuen azkenean ohean etzaten nintzen arte noiz bukatuko ote da noiz bukatuko ote da pentsatuz. Ateko alde korronteak ur usaina zeukan, bafada heze etengabekoa. Batzuetan lortzen nuen loak hartzea behin eta berriz hura errepikatuz harik eta azkenean ezker aihena han erabat nahasten zenean hura guztia gauaren eta egonezinaren sinbolo bihurtzen zen arte iruditzen zitzaidan ez nengoela ez lo eta ez esna erdi iluntasun griseko pasabide batetik begiratzen nuela non gauza finko guztiak zehaztugabeak paradoxikoak bihurtzen ziren nik egindako gauza guztiak itzalak besterik ez ziren nik sentitutako nik sufritutako guztiak forma absurdo eta perbertsoak hartzen zituen nire begi aurrean burla eginez batere barne-egokitasunik gabe baieztatu beharko zuketen esanahi ukazioarekin pentsatuz ni nintzela ez nintzela ni hura egin ez nintzela ez nintzela hura egin

        Ibaiaren bihurguneen usaina aditzen nuen ilunabarra baino harantzago eta azken argi nagi eta baketsua ispilu hautsi baten puskak bezalako baxen gainean ikusi nuen, gero haiek baino harantzago argiak hasten ziren alde zurbil garbian, apur bat dardaratiak urrutian hegaldatzen ziren tximeletak balira bezala. Benjamin nire seme. Nola egoten zen eserita ispilu haren aurrean. Babes segurua zeinetan gatazka baretu isildu adiskidetu egiten zen. Benjamin nire seme zahartzarokoa Egipton bahitua. O Benjamin. Dilseyk esaten zuen ama harentzat harroegia izateagatik zela dena. Holaxe sartzen dira zuri jendearen bizitzetan gauza zuriak isolatzen dituzten bat-bateko jario beltz zorrotzen modura haietatik une batez egia eztabaidaezinak ateratzeko mikroskopiopean bezala; gainerako denboran ahots hutsak barrez ezer barregarririk ez denean, malkoak malkoentzako arrazoirik ez denean. Apustuak egiten dituzte baietz edo ezetz hileta batean bildutakoen kopurua parea izan. Menphiseko putetxe bateko guztiak trantze erlijiosoan sartu ziren larrugorritan atera ziren kalera korrika. Bat bakarra menderatzeko hiru poliziako behar izan ziren. Bai Jesus O Jesus gizon ona O gizon on hura.

        Tranbia gelditu egin zen. Jaitsi egin nintzen, haiek nire begiari begiratzen ziotela. Trolebusa heldu zenean beteta zegoen. Ni atzeko plataforman geratu nintzen.

        «Eserlekuak aurrealdean», esan zuen gidariak. Barrurantz begiratu nuen. Ez zegoen eserlekurik ezkerreko aldean.

        «Ez noa urrutira», esan nuen. «Hementxe geratuko naiz».

        Ibaia zeharkatu genuen. Zubia alegia, poliki eta espazioan oso gora arkutzen zena, isiltasuna eta ezerezaren artean non argiek —hori eta gorri eta berde— dardara egiten zuten alde garbian, beren buruak errepikatuz.

        «Hobe duzu aurrealdera pasa eta eserleku bat hartzea», esan zuen gidariak.

        «Segituan jaitsiko naiz», esan nuen. «Etxe sail pare bat».

        Postetxera heldu baino lehen jaitsi nintzen. Edozein modutara han nonbait eserita egongo ziren denak ordurako, eta orduan nire erlojua aditu nuen eta kanpaiak entzungo ote hasi nintzen eta Shreveren eskutitza ukitu nuen txamarratik barrena, zumarren itzal koskadunak nire esku gainetik irristatzen zirela. Eta orduan patioan sartu nintzenean hasi egin ziren kanpaiak eta nik oinez segi nuen notak urmaelean uhinak bezala niganaino etorri eta ni pasa eta aurrera segitzen zuten bitartean, esanez Zer laurden gutxi? Ondo da. Zer laurden gutxi.

        Gure leihoak ilun zeuden. Sarrera hutsik zegoen. Ezkerreko hormaren ondotik joan nintzen sartu nintzenean, baina hutsik zegoen: soilik eskailerak itzaletan gora kurbatuz belaunaldi tristeen oinen oihartzunak hauts fin bat bezala itzalen gainean eta nire oinak haiek esnatzen berriro emeki lurreratuko zen hautsa bezala.

        Argia piztu baino lehen ikusi nuen eskutitza, mahai gainean liburu baten kontra apoiatuta ondo ikus nezan. Shreveri nire senarra deitzen. Eta orduan Spoadek esan zuen nonbaitera joatekoak zirela, ez zirela berandu arte itzuliko, eta Mrs Blandek beste cavalier bat beharko zuela. Baina nik ikusia izango nuen eta hark ezingo du ordubetean tranbiarik aurkitu zeren seiak eta gero. Atera nuen nire erlojua eta bere tiki-taka entzun nuen, gezurrik ere ezin zuela esan jakin gabe. Gero mahai gainean ahoz gora jarri nuen eta Mrs Blanden eskutitza hartu eta urratu eta puskak zakarrontzira bota eta txamarra erantzi nuen, eta txalekoa, alkandora-lepoa, gorbata eta alkandora. Gorbata ere zikinduta zegoen, baina orduan beltzek. Beharbada hari odolezko marrazki bat irudituko zitzaion Kristok zeramana bezalakoa. Shreveren gelan aurkitu nuen gasolina eta txalekoa mahai gainean luzatu, han zabal-zabal egongo baitzen, eta gasolina ireki nuen.

        herriko lehen kotxea neska batek Neskak hori da Jasonek eraman ezin zuena gasolina usaina gaixotu egiten zuen horrek orduan behin ere baino gehiago amorrarazi zen zeren neska batek Neskak ez zuen arrebarik baina Benjamin Benjamin nire min-semea sikiera ama izan banu hartara Ama Ama esan ahal izateko Gasolina pila behar izan zuen, eta orduan ez neukan esaterik edo lehengo mantxa zen edo gasolina besterik gabe. Erresumindu egin zidan behatza berriro eta hala garbitzera joan nintzenean txalekoa aulki batetik zintzilik utzi eta argiaren soka beheratu nuen bonbillak mantxa lehor zezan. Aurpegia eta eskuak garbitu nituen, baina orduan ere haren usaina aditzen nuen xaboian, hazkura ematen, sudur-txuloak apur bat estutzen. Gero poltsa ireki eta alkandora eta lepoa eta gorbata atera eta odoldutakoak sartu eta poltsa itxi nuen, eta jantzi egin nintzen. Ilea orrazten ari nintzela ordu erdia jo zuen. Baina nolanahi ere laurden gutxi arte baneukan artean salbu eta eman dezagun ihesi zihoan iluntasunean haren gizonezko aurpegia bakarrik ikusiz hautsitako lumarik ez non eta bi ez ziren baina ez halako bi Bostonera joaten gau berean orduan nire aurpegia haren aurpegia une batez eztanda hotsean iluntasunetik aterata bi leiho argituk elkar jotzen dutenean beren ihes zurrunean bere aurpegia eta nirea ezkutatuak baina nik ikusten dut ikusi dut ikusi al dut ez adio estalpea hutsik jaten duenik gabe errepidea hutsik iluntasunean isiltasunean zubia arkutuz isiltasunean iluntasunean joan ura baketsu eta bizkor adiorik ez

        Argia piztu eta gasolina atzean utzita nire logelara sartu nintzen, baina haren usaina aditzen nuen han ere. Leihoan geratu nintzen gortinak emeki mugitzen ziren iluntasunetik kanpora eta aurpegia ukitzen zidaten lotan arnasa hartzen duen norbaitek bezala, iluntasunean berriro astiro arnasa hartuz, ukituak utzita. Haiek gora igo zirenean Ama bere besaulkian hondoratu zen, alkanforez kutsatutako painuelua ahoan jarrita. Aita mugitu gabe zegoen Amaren ondoan eserita segitzen zuen hari eskutik helduta orroak mailukazoka urruntzen zirela isiltasunean tokirik ez balute bezala Txikia nintzenean marrazki bat zegoen gure liburu batean, toki ilun bat zeinetan argi izpi ahul bakar bat zeharka jaisten zen itzal artetik goratutako bi aurpegiren gainera. Ba al dakizu zer egingo nukeen Errege banintz? bera behin ere ez zen erregina edo amandrea bera beti erregea edo digantea edo jenerala zen horra indarrean sartu eta arrastaka atera erazi eta astindu ederra emango nieke Hautsita zegoen, koskak zeuzkan. Pozik nengoen. Berriro begiratu beharko nuke harik eta ziega Ama bihurtu arte Aita eta biak gorantz argitasun ahulean elkarri eskutik helduta eta gu galduta haiek baino beheragoko tokiren batean argi izpi bat ere gabe. Orduan ezker-aihena sartu zen tartean. Argia itzali eta lotara jartzen nintzenarekin batera gelara sartzen hasten zen olatuetan pilatuz eta pilatuz azkenean nik arnaska hasi beharra izan arte handik alderik atera nahi banuen harik eta jaiki eta itsumustuan bidea bilatu beharra izaten nuen arte mutil-koskorra nintzenean bezala eskuek ikusi egiten dute ukituz buruan forma emanez ikusi gabeko ateari Atea orain hutsa eskuek ikusten dute Nire sudurrak gasolina ikusten zuen, txalekoa mahai gainera, atea. Pasilloak ur bila abiatutako belaunaldi triste guztien oinik gabe segitzen zuen. eta hala ere begiak ikusi ezin dutela hortzak bezala estututa ez sinesgogorrak minik ezaz ere duda eginez hankezurra orkatila belauna eskailera barandaren isuri luze ikusiezina non pauso txar bat loz betetako iluntasunean Ama Aita Caddy Jason Maury atea ez daukat beldurrik bakarrik Ama Aita Caddy Jason Maury hainbeste urrunduz lo hartuta segituan hartuko dut lo baldin eta nik atea Atea atea Hutsik zeuden baita ere, kaineriak, portzelana, horma lasai zikinduak, kontenplazio tronua. Ahaztuta utzi nuen basoa, baina posible nuen eskuek ikusi egiten dute zisne zintzur ikusiezina behatzak freskatzen non Moisesen makilaren beharrik ez den basoa ukitu kontuz ez dadila takatekoka zintzur luze freskoan takatekoka metala freskatzen basoa beteta gainezka kristala behatzak freskatzen loa isuriz lo hezearen zaporea utziz zintzurraren isiltasun luzean Pasillotik itzuli, isiltasunean batailoietan xuxurlatzen zuten oin galdu guztiak esnatuz, eta gasolinan barruratu nintzen, erlojuak mahai ilunean bere gezur errabiatua esaten zuela. Orduan gortinen arnasa iluntasunetik nire aurpegira, nire aurpegian utziz arnasa. Ordu laurden bat falta. Eta orduan ez naiz izango. Denetan hitzik baketsuenak. Hitzik baketsuenak. Non fui. Sum. Fui. Non sum. Behin batez kanpaiak aditu nituen nonbait. Mississippi edo Massachusetts. Banintzen. Ez naiz. Massachussets edo Mississippi. Shrevek botila bat dauka bere baulean. Ireki ere ez al duzu egin behar Mr eta Mrs Jason Richmond Compsonek zera jakin arazten dute Hiru aldiz. Egun. Ireki ere ez al duzu egin behar beren alaba Candaceren ezkontza pattar horrek bitartekoak helburuarekin nahasten erakusten dizu. Banaiz. Edaten dut. Ez nintzen. Sal dezagun Benjyren belardia Quentinek Harvardera joateko modua izan dezan eta nik nire hezurrak elkar joka eta joka edukitzeko modua izan dezadan. Hila izango naiz hemendik. Urtebete esan al zuen Caddyk. Shrevek botila bat dauka bere baulean. Jauna ez dut Shreverena beharko Benjyren belardia saldu dut eta Harvarden hiltzeko moduan naiz Caddyk esan zuen itsasoko leize eta hartzuloetan bake-bakean dinbili-danbala marea gorabeheratsuekin zeren Harvard hitzak hain baitu soinu ederra berrogei akre ez da prezio garestia soinu eder batentzat. Hildako soinu ederra Benjyren zelaia hildako soinu eder batengatik trukatuko dugu. Luzarorako dauka ezin baitu aditu non eta usaina hartzen ez dion bera atean azaldu zenarekin batera hura negarrez hasi zen Ni denbora guztian herriko harroxkoaren bat besterik ez zelakoan egon nintzen Aita beti adarra jotzen ari baitzitzaion haien kontura harik eta. Ez nintzen harekin beste edozein kanpotar biajante edo dena delakorekin baino gehiago ohartu ejertzitoko alkandorak zirelakoan egon nintzen harik eta kolpetik ez ninduela kalte iturri posibletzat jotzen konprenitu nuen arte, baizik eta Caddy zeukala gogoan niri begiratzen zidanean harengandik barrena begiratzen zidala kristal koloredun batetik barrena bezala zergatik sartzen zara nire kontuetan ez al dakizu ez duzula ezer aurreratuko uste nuen Ama eta Jasonen esku utziko zenuela hori

        Amak zuri zelata egiteko esan al dio Jasoni Nik ez nukeen

        Emakumezkoek besteen ohore kodigoak erabiltzea besterik ez dute egiten dena da berak Caddy maite duelako behean geratuz gaixorik zegoenean ere hartara Aitak Osaba Mauryri burlarik egin ez ziezaion Jasonen aurrean Aitak esan zuen Osaba Maury ez zela izpirituz behar bezain klasikoa mutiko hilezin itsuarekin ausartzeko Jason aukeratu beharko zukeen zeren Jasonek Osaba Mauryren oker berbera egingo baitzuen begi belztu batekin bukatu gabe Pattersondarren mutikoa ere Jason baino gazteagoa zen kometak bosna zentabotan saldu zituzten finantzei buruzko arazoak hasi arte Jasonek beste kide are txikiago bat hartu zuen behar bezain txikia nolanahi ere zeren T.P.-k esan zuen Jason oraindik tesorero baina Aitak esan zuen zertarako ekingo dio lanari Osaba Mauryk berak aitak modurik baldin bazuen hankak labean jarrita eserita egotea besterik egiten ez zuten sei edo zazpi beltz mantentzeko bai Osaba Mauryri ostatua eta babesa eskaini ahal zizkion aldian behin eta baina diru pixkaren bat utzi ere nori eta bere Aitaren sinesmena bere espeziearen jatorri zerutiarrean hain gartsuki gordetzen zuenari orduan Ama negarrez hasten zen eta esaten zuen Aitak bere familia harena baino hobea zela uste zuela Osaba Maury barregarri uzten ari zela guri gauza bera erakusteko ezin zuen konprenitu Aitak zera erakusten zigula gizon guztiak pilaketak panpinak direla ordura arte bazterrera botatako panpina guztien hondakin piletatik bildutako zerrautsarekin betetakoak zerrautsa isuriz zaurietatik nigatik hil ez ziren saihetsetan. Heriotza Aitonaren antzeko gizon bat bezala imajinatu ohi nuen haren adiskide bat bezala halako adiskide partikular eta berezi bat Aitonaren idazmahaia imajinatu ohi genuen bezala ez ukitu ezta ozenki hitz egin ere hura zegoen gelan beti biak tokiren batean elkarrekin imajinatu ohi nituen denbora guztian Sartoris Koronela beraiekin esertzera noiz jaitsiko zain zedroak baino goragoko tokiren batean zain Sartoris Koronela are eta goragoko toki batean zegoen zerbaiti begira eta haiek zain zeuden ea noiz bukatzen zuen begiratzetik eta jaisten zen Aitonak bere uniformea zeraman soinean eta guk zedroak baino harantzagotik zetorren haien ahotsen murmurioa aditzen genuen hizketan ari ziren beti eta Aitonak beti arrazoia zuen.

        Hiru laurdenak hasi ziren. Aurreneko nota aditu zen, neurtua eta lasaia, barea eta behin-betikoa, isiltasun presa gabea hustuz hurrengo notari tokia egiteko eta hori da jendeak tankera horretan bata bestearen tokian jartzerik baleuka betirako sugar harrotu bat bezala une batez gailendu eta gero garbiro iluntasun hotzean betirako itzali han etzanda gelditu ordez hamakaz ez gogoratzeko ahaleginak egiten azkenean zedro guztiek Benjyk hainbeste gorrotatzen zuen perfume usain hil bizi hura hartzen zuten arte. Zuhaitz multzoa imajinatze hutsarekin murmurioak oldar sekretuak aditzen nituela iruditzen zitzaidan odol beroaren taupaden usaina sentitzen nuela haragi sekretu gabe basatiaren azpitik betazal gorrien kontra binaka libratutako txerriak ikusiz itsasorantz jotzen parekatuta eta hark esna egon beharra daukagu gaizkia nola egiten den ikusteko pixka batean ez da beti eta nik gizon kementsu batentzat ez du hain luzea izan beharrik ere eta hark hori kemena iruditzen al zaizu eta nik bai jauna zuri ez eta hark gizon bakoitza bere bertuteen arbitroa da zuri kementsua iruditzea ala ez inportanteagoa da ekintza bera baino edozein ekintza baino bestela ezingo zinateke egiatan aritu eta nik ez naizela benetan ari uste al duzu eta hark serioegia zarela iruditzen zait niri kezkatzeko arrazoirik emateko bestela ez zenuen zeure burua intzestua egin duzula esatera behartua ikusiko eta nik ez nintzen gezurretan ari ez nintzen gezurretan ari eta hark gizonak berezkoa duen erotasunaren parte bat horrore bihurtzeraino sublimatu nahi zenuen gero egiaren bitartez exortzizatzeko eta nik caddy mundu zalapartatsu horretatik isolatzeagatik zen mundua guri bizkarra ematera behartzeagatik eta orduan haren hotsa halakorik sekula existitu ez balitz bezala izango zen eta hark sekula saiatu al zara bera horretara behartzen eta nik beldurra ematen zidan beldurra ematen zidan berak beharbada eta orduan ez zuen ezertarako balioko baina nik zuri hura egin genuela esaten banizun izan ere halaxe izango zen eta orduan besteak desberdinak izango ziren eta orduan mundua zalaparta batean urrunduko zen eta hark eta orain beste kontu hori orain ere ez zara gezurretan ari baina oraindik ez duzu ikusten zure baitan dagoena egia jeneralaren parte hori gizon guztien kopeta baita benjyrena ere iluntzen duen gertaera naturalen eta dagozkien kausen sekuentzia hori ez zara gauza bukatu batean pentsatzen ari apoteosi bati begira zaude zeinetan aldi bateko aldartea simetrikoa bihurtuko den haragiaren gainetik eta kontzientea bai bere buruaz bai haragiaz ez zaitu erabat baztertuko hilda ere ez da egongo eta nik aldi batez eta hark ezin duzu eraman egunen batean ez dizula orain bezala sufriaraziko pentsatzea orain bide onetik goaz badirudi nolabait esateko zuk besterik gabe gauetik goizera ileak zurituko dizkizun esperientzia bat bezala ikusten duzula zure itxura batere aldatu gabe ez duzu baldintza horien pean egingo apustu bat izango da eta xelebreena da gizonak halabeharrez sortua izanik eta bere arnas bakoitza jokaldi berri bat besterik ez delarik bere kontra trukatutako dadoekin ez diola aurre egin nahi azken apustu horri nahiz aldez aurretik jakin aurre egin beharko diola aurre egin indarkeriatik hasi eta trikimailu ziztrinetaraino doazen bitartekoak probatu gabe ume bat ere engainatuko ez luketen bitartekoak eta azkenean egunen batean nazkak bultzatuta alde itsuaz gora jarritako karta batean arriskatzen du dena gizon batek ez du horrelakorik egiten lehen etsipen edo alhadura edo atsekabezko haserre joeran bakar-bakarrik egiten du konturatzen denean etsipenak edo alhadurak edo atsekabeak ez dutela inportantzia berezirik dado botatzaile ilunarentzat eta nik aldi batez eta hark zaila da sinestea maitasuna atsekabea beste asmorik gabe erositako obligazioak direla eta heldutasunera ailegatzen direla nahi eta nahi ez eta inolako abisurik gabe bere jabeagana bihurtzen direla haien tokian une horretan jaungoikoek bidaltzen duten beste edozein gauza jartzeko ez ez duzu horrelakorik egingo konprenitu arte berak ere ez zuela zure etsipen hori merezi beharbada eta nik nik behin ere ez dut hori egingo inork ez daki nik dakidana eta hark uste dut hobe duzula oraintxe bertan cambridgera joatea mainera ere joan zintezke hilabete pasatzera modurik baduzu kontuz ibiltzen baldin bazara sosak bertatik bertara zaintzeak jesusek baino orbain gehiago sendatu ditu eta nik egizu kontu konprenitzen dudala zure ustetan han datorren astean edo datorren hilabetean konprenituko dudana eta hark orduan gogoan izan zure amaren ametsa jaio zinen ezkero zu harvardera joatea izan dela eta compsondar batek sekula ez diola dama bati kale egin eta nik aldi batez hobe izango da niretzat denontzat eta hark gizon bakoitza bere bertuteen arbitroa da baina ez dezala inongo gizonek beste bati zer komeni zaion erabaki eta nik aldi batez eta hark denetan hitzik tristeena zen ez da besterik munduan ez da etsipena harik eta denbora bera denbora ere ez den arte izan zen arte

        Azken notak jo zuen. Azkenean gelditu zen dardara egitetik eta iluntasuna bare zegoen berriro. Salan sartu eta argia piztu nuen. Txalekoa jantzi nuen. Gasolina ahula zen orain, apenas nabaria, eta ispiluan ez zen mantxa ageri. Ez behintzat nire begia adina. Txamarra jantzi nuen. Shreveren eskutitzak karraska egin zuen oihaletik barrena eta atera eta helbidea aztertu nuen, eta saihetseko poltsikoan gorde nuen. Gero erlojua Shreveren gelara eraman eta haren tiraderan sartu nuen eta nire gelara joan eta painuelu garbi bat hartu eta ateraino joan eta argiaren etenkarian jarri nuen eskua. Orduan gogoratu zitzaidan ez nituela hortzak garbitu, beraz poltsa ireki behar izan nuen berriro. Nire hortzetako zepiloa aurkitu nuen eta Shreveren ore pixka bat hartu eta atera eta hortzak garbitu nituen. Zepiloa ahal hainbat lehortzeraino estutu eta poltsan sartu eta itxi egin nuen poltsa, eta atera joan nintzen berriro. Argia itzali baino lehen ingurura begiratu nuen beste ezer ba ote zegoen ikusteko, orduan sonbreirua ahaztu nuela ikusi nuen. Postetxetik pasa beharko nuen eta seguru haietakoren batekin egokituko nintzela, eta senior itxura eman nahi duen Harvardeko estudiante tipikoa nintzela pentsatuko zuten. Zepilatzea ere ahaztua nuen, baina Shrevek bazuen zepilo bat, beraz ez nuen poltsa berriz ireki beharrik.

 

 

 

© William Faulkner

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"William Faulkner / Hotsa eta ardaila" orrialde nagusia