APIRILAK 7, 1928

 

        Hesitik barrena, lore katramilatuen arteko tarteetan, joka ikusten nituen. Bandera zegoen tokirantz zetozen eta nik hesi ondotik segi nuen. Luster bila zebilen belarretan zuhaitz loredunaren aldamenean. Bandera atera zuten, eta joka ari ziren. Orduan bandera berriro jarri eta muntora joan ziren, eta hark jo zuen eta besteak jo zuen. Orduan aurrera egin zuten, eta nik hesi ondotik segi nuen. Luster zuhaitz loredunetik apartatu zen eta hesi ondotik segi genuen eta haiek gelditu eta gu gelditu eta nik hesitik barrena begiratu nuen Luster belarretan bila zebilen bitartean.

        «Etorri, caddie». Jo egin zuen. Belardian barrena joan ziren. Nik hesiari heldu eta joaten ikusi nituen.

        «Aizu, entzun», esan zuen Lusterrek. «Hori ere bada ba, hogeita hamahiru urterekin tankera horretan ibiltzea. Nik zuri tarta hori erosteko herrirainoko bide guztia egin eta gero. Isildu lanturu horiek. Ez al didazu lagundu behar hogeita bost zentaboko hori aurkitzen gauean funtziora joan nadin».

        Gutxi ari ziren jotzen, belardian barrena. Ni hesi ondotik bandera zegoen tokiraino joan nintzen. Kulunka zebilen belar distiratsu eta zuhaitzen gainean.

        «Goazen», esan zuen Lusterrek. «Hor nahikoa begiratu dugu. Orain ez dira gehiago etorriko. Jaitsi gaitezen errekara eta aurki dezagun hogeita bost zentaboko hori beste beltz horiek baino lehen».

        Gorria zen, belardi gainean kulunkan. Orduan txori bat etorri zen zeharka eta haren gainean jarri zen okerka. Lusterrek tira egin zion. Bandera kulunkatu egin zen belar distiratsuaren eta zuhaitzen gainean. Nik hesiari heldu nion.

        «Utzi lanturu horiek», esan zuen Lusterrek. «Etortzekoak ez badira nik ezin ditut behartu, ezta. Ez bazara isiltzen, mammyk ez du zuretzako urtebetetze festarik egingo. Ez bazara isiltzen, ba al dakizu zer egingo dudan. Neronek jango dut oso-osorik tarta hori. Kandela eta guzti. Hogeita hamahiru kandelak jango ditut. Goazen, jaitsi gaitezen errekara. Nire hogeita bost zentabokoa aurkitu beharra daukat. Beharbada beste bola horietakoren bat ere aurkituko dugu. Horra. Horra non dauden. Han haranzko aldean. Ikusten». Hesiraino etorri eta besoa luzatu zuen. «Ikusi. Ez dira gehiago hona etorriko. Goazen».

        Hesi ondotik segi genuen eta lorategiko hesira etorri ginen, gure itzalak zeuden tokira. Hesiaren gainean nire itzala luzeagoa zen Lusterrena baino. Toki hautsiraino etorri eta handik barrena pasa ginen.

        «Itxoin pixka bat», esan zuen Lusterrek. «Berriro ere trabatu zara iltze horrekin. Ez al dakizu arrastaka pasatzen iltze horrekin trabatu gabe».

        Caddyk libratu egin ninduen eta arrastaka pasa ginen. Osaba Mauryk esan du inork ez gaituela ikusi behar, hortaz hobe dugu makurtzea, esan zuen Caddyk. Makurtu, Benjy. Holaxe, begira. Makurtu eta lorategia zeharkatu genuen, loreek gure kontra arraskatu eta zirri-zarra egiten zuten tokitik. Lurra gogorra zegoen. Hesi gainera igo ginen, txerriak kurrinka eta usnaka ari ziren tokira. Bat hil egin dute gaur eta nik uste horregatik daudela penatuta, esan zuen Caddyk. Lurra gogorra zegoen, nahastua eta korapilatua.

        Gorde eskuak poltsikoetan, esan zuen Caddyk. Izoztu egingo zaizkizu bestela. Ez duzu ba Eguberri egunerako eskuak izoztea nahiko, ezta.

        «Hotz handiegia egiten du hor kanpoan», esan zuen Vershek. «Ez duzu ba kanpora atera nahiko».

        «Zer duzue orain», esan zuen Amak.

        «Atera egin nahi du», esan zuen Vershek.

        «Utziozu ateratzen», esan zuen Osaba Mauryk.

        «Hotz handiegia egiten du», esan zuen Amak.

        «Hobe du barruan geratzea. Benjamin. Ea, nahikoa dugu».

        «Ez dio kalterik egingo», esan zuen Osaba Mauryk.

        «Aizu, Benjamin», esan zuen Amak. «Ez bazara zintzo portatzen, sukaldera joan beharko duzu».

        «Mammyk esaten du gaur ez uzteko sukaldera inguratzen», esan zuen Vershek. «Esaten du janari guzti hori prestatu beharra daukala».

        «Utziozu ateratzen, Caroline», esan zuen Osaba Mauryk. «Gaixotu egingo zara beragatik horrenbeste kezkatuta».

        «Badakit», esan zuen Amak. «Gaztigua daukat gainean. Batzuetan galdetu ere egiten diot neure buruari».

        «Badakit, badakit», esan zuen Osaba Mauryk. «Indarrak gorde beharra daukazu. Pontxea prestatuko dizut».

        «Nahastu besterik ez nau egiten lehenaz gain», esan zuen Amak. «Ez al dakizu».

        «On egingo dizu», esan zuen Osaba Mauryk. «Ondo-ondo jantzi ezazu, mutil, eta pixka batean atera ezazu kanpora».

        Osaba Maury joan egin zen. Versh joan egin zen.

        «Mesedez ixo», esan zuen Amak. «Ari gara ahaleginak egiten lehenbailehen atera zaitzaten. Ez dut nahi gaixotzea».

        Vershek eskalapoiak eta berokia jarri zizkidan eta nire txanoa hartu eta atera egin ginen. Osaba Maury botila arasan gordetzen ari zen jangelan.

        «Ordu erdi batez edo eduki ezazu kanpoan, mutil», esan zuen Osaba Mauryk. «Ez hesia pasatzen utzi».

        «Bai, nagusi», esan zuen Vershek. «Behin ere ez diogu hortik ateratzen uzten».

        Kanpora atera ginen. Eguzkia hotza eta distiratsua zen.

        «Nora zoaz», esan zuen Vershek. «Ez duzu ba usteko herrira joango zarela, ezta». Hosto zirri-zarratsuetan barrena joan ginen. Langa hotza zegoen. «Hobe duzu esku horiek poltsikoetan gordetzea», esan zuen Vershek. «Izoztu egingo zaizkizu langa horren gainean, eta orduan zer. Zergatik ez diezu etxe barruan itxoiten». Nire eskuak nire poltsikoetan sartu zituen. Versh hosto artean zirri-zarra sentitzen nuen. Hotzaren usaina aditzen nuen. Langa hotza zegoen.

        «Tori intxaur batzuk. Iufa. Igo zaitez zuhaitz horretara. Begira hemen katagorria, Benjy».

        Ez nuen langa batere sentitzen, baina hotz distiratsuaren usaina aditzen nuen.

        «Hobe duzu esku horiek berriro poltsikoetan sartzea».

        Caddy bazetorren. Orduan korrika abiatu zen, liburu-kartera atzean dilindaka eta saltoka zuela.

        «Kaixo, Benjy», esan zuen Caddyk. Langa ireki eta barrura etorri eta makurtu egin zen. Caddyk hosto usaina zeukan. «Nire bila etorri al zara», esan zuen. «Caddyren bila etorri al zara. Utzi egin beharko zenion eskuak horrela hoztu arte, e Versh».

        «Esan diot poltsikoetan gordetzeko», esan zuen Vershek. «Baina horrako langa horri helduta».

        «Caddyren bila etorri al zara», esan zuen, nire eskuak igurtziz. «Zer duzu. Zer esan nahi diozu Caddyri». Caddyk zuhaitz usaina zeukan eta lotan geundela esaten duenean bezalakoa.

        Zer dela eta lanturu horiek, esan zuen Lusterrek. Errekara heltzen garenean ikusiko dituzu berriro. Tori. Torizu sorgin-belarra. Lorea eman zidan. Hesia zeharkatu eta terrenora sartu ginen.

        «Zer duzu», esan zuen Caddyk. «Zer esan nahi diozu Caddyri. Kanpora bidali al dute, Versh».

        «Ezin barruan eduki», esan zuen Vershek. «Ez du onik izan ateratzen utzi dioten arte eta hemen behera etorri da zuzenean, langatik begiratzera».

        «Zer duzu», esan zuen Caddyk. «Zer uste zenuen, Eguberri eguna izango zela ni eskolatik etxeratutakoan. Hori uste al zenuen. Biharkoa pasatakoan da Eguberri eguna. Santy Klaus, Benjy. Santy Claus. Tira, goazen korrika etxeraino, ea berotzen garen». Eskutik heldu zidan eta korrika joan ginen hosto kirriskari distiratsuetan barrena. Korrika igo genituen eskailera-koskak, eta hotz distiratsutik atera eta hotz ilunera sartu ginen. Osaba Maury botila berriro arasan uzten ari zen. Caddyri hots egin zion. Caddyk esan zuen;

        «Eraman ezazu sutondora, Versh. Zoaz Vershekin», esan zuen. «Minutu batean hor naiz».

        Sutondora joan ginen. Amak esan zuen,

        «Hotza al dauka, Versh».

        «Ez, etxeko'ndre», esan zuen Vershek.

        «Erantzizkiozu berokia eta eskalapoiak», esan zuen Amak. «Zenbat aldiz esan behar dizut ez ekartzeko etxe barrura eskalapoiak jantzita».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Vershek. «Ea, zaude geldirik». Nire eskalapoiak erantzi eta nire berokiaren botoiak askatu zituen. Caddyk esan zuen,

        «Itxoin, Versh. Ez al dauka berriro kanpora ateratzerik, Ama. Nirekin etortzea nahi dut».

        «Hobe duzu etxean uztea», esan zuen Osaba Mauryk. «Gaurkoz nahikoa atera da».

        «Nire ustez biok ere hobe duzue etxean geratzea», esan zuen Amak. «Hozten ari du, hala dio Dilseyk».

        «O, Ama», esan zuen Caddyk.

        «Txorakeriak», esan zuen Osaba Mauryk. «Egun osoa eskolan egin du. Haize freskoa behar du. Segi ezazu, Candace».

        «Utziozu ateratzen, Ama», esan zuen Caddyk. «Mesedez. Badakizu negarrez hasiko dela».

        «Orduan zergatik aitatu duzu kontua bere aurrean», esan zuen Amak. «Zertara etorri zara hemen barrura. Berari aitzakiaren bat ematera ni berriro kezkatzeko. Gaurkoz nahikoa atera zara. Nire ustez hobe duzu hemen eseri eta berarekin jostatzea».

        «Utziezu ateratzen, Caroline», esan zuen Osaba Mauryk. «Hotz pixka batek ez die kalterik egingo. Gogoratu, indarrak gorde beharra daukazu».

        «Badakit», esan zuen Amak. «Inork ez daki zer beldurra diedan Eguberriei. Inork ez daki. Ez naiz ni edozein gauzarekin burutzeko gai diren andre horietakoa. Nahiago nuke indartsuagoa banintz, Jason eta umeen onerako».

        «Zuk egin ahal duzuna eta ez utzi kezka zaitzaten», esan zuen Osaba Mauryk. «Segi ezazue, zuek biok. Baina ez denbora asko egin kanpoan. Zuen ama kezkatu egingo da».

        «Bai, nagusi», esan zuen Caddyk. «Goazen, Benjy. Atera egingo gara berriro». Nire berokiaren botoiak lotu zituen eta ate aldera joan ginen.

        «Eskalapoirik gabe atera behar al duzu umea kanpora», esan zuen Amak. «Gaixotu egin nahi al duzu, etxe guztia jendez beteta dagoela».

        «Ahaztu egin zait», esan zuen Caddyk. «Uste nuen soinean zeuzkala».

        Itzuli egin ginen. «Pentsatu egin behar duzu», esan zuen Amak. Orain zaude geldirik esan zuen Vershek. Eskalapoiak jarri zizkidan. «Egunen batean joan egingo naiz ni, eta orduan zuk pentsatu beharko duzu bere ordez». Orain zapaldu esan zuen Vershek. «Zatoz hona eta eman musu Amari, Benjamin».

        Caddyk Amaren aulkira eraman ninduen eta Amak nire aurpegia bere eskuetan hartu eta orduan bere kontra estutu ninduen.

        «Nire ume gizajoa», esan zuen. Joaten utzi zidan. «Ondo kasu egiozue Versh eta biok, laztana».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Caddyk. Atera egin ginen. Caddyk esan zuen,

        «Zuk ez daukazu etorri beharrik, Versh. Edukiko dut nik pixka batean».

        «Ondo da», esan zuen Vershek. «Hotz honekin ni ez noa kanpora alferrik». Segi egin zuen eta gu sarreran gelditu ginen eta Caddyk belaunikatu eta bere besoak nire inguruan jarri zituen eta bere aurpegi hotz distiratsua nirearen kontra. Zuhaitz usaina zeukan.

        «Ez zara ume gizajo bat. Ezta. Zure Caddy badaukazu. Ez al daukazu zure Caddy».

        Ezin al dituzu lanturu eta lerde jario horiek utzi, esan zuen Lusterrek. Ez al zara zeure buruaz lotsatzen, horrenbesteko zalapartarekin. Kotxearen etxe aurretik pasa ginen, kotxea zegoen tokitik. Errubera berri bat zeukan.

        «Sartu barrura, eta egon geldirik amatxo etorri arte», esan zuen Dilseyk. Kotxe barrura bultza ninduen. T.P.-k uhalei heltzen zien. «Ez dakit nolatan ez duen Jasonek karrikotxe berria erosten», esan zuen Dilseyk. «Egunen batean traste hau puska-puska eginda geldituko da zuen azpian. Begira horrako errubera horiei».

        Ama atera zen, bere beloa beheratuz. Loreak zeuzkan.

        «Non da Roskus», esan zuen.

        «Roskusek ezin du gaur besorik altxa», esan zuen Dilseyk. «T.P.-k ederki gidatzen du».

        «Beldurra ematen dit», esan zuen Amak. «Denon artean nik uste astean behin jarri beharko zenidaketela kotxearentzako gidaria. Ondo daki Jainkoak ez dela asko eskatzen dudana».

        «Miss Cahline, nik bezalaxe dakizu Roskus erreumak jota dagoela dagokiona baino lan gehiago egiteko», esan zuen Dilseyk. «Zatoz eta sartu barrura. T.P.-k Roskusek bezain ondo eramango zaitu».

        «Beldurra ematen dit», esan zuen Amak. «Ume eta guzti».

        Dilseyk koskak igo zituen. «Umea esaten al diozu zera horri», esan zuen. Besotik heldu zion Amari. «T.P. adinako gizon puska. Ea, etorri, joatekoa baldin bazara».

        «Beldurra ematen dit», esan zuen Amak. Koskak jaitsi zituzten eta Dilseyk barrura sartzen lagundu zion Amari. «Beharbada horixe izango da onena, denontzat», esan zuen Amak.

        «Ez al zara lotsatzen, tankera horretan hitz eginda», esan zuen Dilseyk. «Ez al dakizu hemezortzi urtetako beltz bat baino gehixeago beharko litzatekeela Queenieri korri egin erazteko. Zaharragoa duzu bera, Benjy eta biak batera jarrita baino. Eta ez gero Queenie zirikatzen hasi, aditzen al didazu, T.P. Ez baldin baduzu gidatzen Miss Cahlineri gustatzen zaion bezala, ikusiko duzu Roskusekin. Horretarako ez dago pattalegi».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen T.P.-k.

        «Nik bakarrik dakit zer edo zer gertatuko dela», esan zuen Amak. «Nahikoa dugu, Benjamin».

        «Emaiozu lore bat eskura», esan zuen Dilseyk. «Horrexen atzetik dabil». Barrura sartu zuen eskua.

        «Ez, ez», esan zuen Amak. «Narrastu egingo dituzu denak».

        «Zuk eutsi», esan zuen Dilseyk. «Bat aterako diot». Lore bat eman zidan eta bere eskua joan egin zen.

        «Orain segi ezazue, Quentinek ikusi eta bera ere zuekin joan nahian hasi baino lehen», esan zuen Dilseyk.

        «Non da», esan zuen Amak.

        «Etxean, Lusterrekin jostatzen», esan zuen Dilseyk. «Segi ezazu, T.P. Eraman ezazu karrikotxe hori Roskusek esanda bezala».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen T.P.-k. «Arre, Queenie».

        «Quentin», esan zuen Amak. «Ez gero utzi».

        «Horixe ezetz», esan zuen Dilseyk.

        Kotxea saltoka eta kriski-kraskaka zihoan bidetik. «Beldurra ematen dit Quentin hemen utzita joateak», esan zuen Amak. «Hobe dut ez joatea. T.P». Langa zeharkatu genuen. Han ez zuen gehiago saltorik egiten. T.P.-k jo egin zuen Queenie latigoarekin.

        «Aizu, T.P», esan zuen Amak.

        «Ibil erazi egin behar ba», esan zuen T.P.-k. «Esna eduki behar atzera ukuilura etorri arte».

        «Eman buelta», esan zuen Amak. «Beldurra ematen dit Quentin hemen utzita joateak».

        «Hemen ezin ba buelta eman», esan zuen T.P.-k. Orduan zabalagoa zen.

        «Ezin al duzu hemen buelta eman», esan zuen Amak.

        «Ondo da», esan zuen T.P.-k. Buelta ematen hasi ginen.

        «Aizu, T.P», esan zuen Amak, niri helduz.

        «Buelta eman behar ba nolabait», esan zuen T.P.-k. «So, Queenie». Gelditu egin ginen.

        «Irauli egingo gaituzu», esan zuen Amak.

        «Zer egin nahi duzu, hortaz», esan zuen T.P.-k.

        «Beldurra ematen dit zu buelta ematen saiatzeak», esan zuen Amak.

        «Aurrera, Queenie», esan zuen T.P.-k. Segi egin genuen.

        «Nik bakarrik dakit Dilseyk min hartzen utziko diola Quentini kanpoan naizen bitartean», esan zuen Amak. «Itzuli egin behar dugu lehenbailehen».

        «Ea, arre», esan zuen T.P.-k. Jo egin zuen Queenie latigoarekin.

        «Aizu, T.P», esan zuen Amak, niri helduz. Queenieren hankak aditzen nituen eta forma distiratsuak goxo eta etengabe zihoazen bi alderdietatik, itzalak Queenieren bizkar gainean irristatuz. Erruberen gain distiratsuak bezalaxe zihoazen. Orduan alderdi batekoak gelditu egin ziren soldadua zegoen zutabe zuri luzean. Baina beste alderdian goxo eta etengabe zihoazen, baina polikixeago.

        «Zer nahi duzu», esan zuen Jasonek. Eskuak poltsikoetan zeuzkan eta belarri atzean lapitz bat.

        «Kanposantura goaz», esan zuen Amak.

        «Ondo da», esan zuen Jasonek. «Ez dut zuek geldiarazteko asmorik, ezta. Hori al zenuen guztia, niri hori esatea».

        «Badakit ez zarela etorriko», esan zuen Amak. «Seguruago sentituko nintzateke etorriko bazina».

        «Zeri buruz seguruago», esan zuen Jasonek. «Aitak eta Quentinek ezin dizute minik egin».

        Amak beloaren azpian jarri zuen bere painelua. «Nahikoa dugu, Ama», esan zuen Jasonek. «Zer nahi duzu, erdi ero madarikatu hori marruka hastea plazaren erdian. Segi aurrera, T.P».

        «Arre, Queenie», esan zuen T.P.-k.

        «Gaztigua daukat gainean», esan zuen Amak. «Baina ni ere laster joango naiz».

        «Egon», esan zuen Jasonek.

        «So», esan zuen T.P.-k. Jasonek esan zuen,

        «Osaba Mauryk berrogeita hamar kargatu ditu zure kontuan. Zer egingo duzu».

        «Zertan galdetzen didazu niri», esan zuen Amak. «Nik ez daukat horretaz zer esanik. Ahaleginak egiten ditut zu eta Dilsey ez kezkatzeko. Laster joango naiz, eta orduan zuk»

        «Segi, T.P.», esan zuen Jasonek.

        «Arre, Queenie», esan zuen T.P.-k. Formak irristatu egiten ziren. Beste alderdikoak berriro hasi ziren, distiratsu eta bizkor eta goxo, Caddyk lotara goazela esaten duenean bezala.

        Mainontzi, esan zuen Lusterrek. Ez al zara lotsatzen. Ukuilua zeharkatu genuen. Ganbela guztiak irekita zeuden. Orain ez daukazu zalditxo pinttadunik gainean ibiltzeko, esan zuen Lusterrek. Lurra lehorra eta hautsez betea zegoen. Teilatua erortzen ari zen. Zulo okertuetan horitasuna zurrunbiloan mugitzen zen. Zertarako joan nahi duzu hortik. Horretako bola batek bururik gabe uztea nahi al duzu.

        «Gorde eskuak poltsikoetan», esan zuen Caddyk, «Izoztu egingo dira bestela. Ez duzu ba Eguberri egunerako eskuak izoztea nahiko, ezta».

        Ukuilua inguratu genuen. Behi handia eta ttikia atean zeuden, eta Prince eta Queenie eta Fancy ukuilu barruan zapalka aditzen genituen. «Horrelako hotza egingo ez balu, Fancyren gainean ibiliko ginateke», esan zuen Caddyk, «Baina gaur hotz handiegia egiten du zaldiz ibiltzeko». Orduan erreka ikusi genuen, kea aldean zebilen tokia. «Hortxe ari dira txerria hiltzen», esan zuen Caddyk. «Hortik itzuliko gara eta horrela ikusi egingo ditugu». Muinoan behera jaitsi ginen.

        «Eskutitza eraman nahi duzu», esan zuen Caddyk. «Eraman ba». Eskutitza bere poltsikotik atera eta nirean sartu zuen. «Eguberrietako oparia da», esan zuen Caddyk. «Osaba Mauryk sorpresa bat eman nahi dio Mrs Pattersoni. Inork ikusi gabe eman behar diogu. Ea, gorde ondo eskuak poltsikoetan». Errekara heldu ginen.

        «Izoztuta dago», esan zuen Caddyk. «Begira». Uraren gaina hautsi eta haren puska bat nire aurpegian jarri zuen. «Izotza. Hor ikusten da zer hotza dagoen». Zeharkatzen lagundu zidan eta muinoan gora igo ginen. «Aita eta Amari ere ezin diegu esan. Nire ustez ba al dakizu zer den. Nire ustez sorpresa bat da Aita eta Amarentzat eta Mr Pattersonentzat, Mr Pattersonek gozokiak bidali zizkizulako. Gogoratzen al zara lehengo udan Mr Pattersonek gozokiak bidali zizkizunean».

        Hesi bat zegoen. Aihenak lehorrak zeuden, eta haizea zirri-zarra zebilen han.

        «Ulertzen ez dudana da zergatik ez duen Osaba Mauryk Versh bidali», esan zuen Caddyk. «Vershek ez luke kontatuko». Mrs Patterson leihotik begira zegoen. «Zuk itxoin hemen», esan zuen Caddyk. «itxoin hementxe. Minutu batean hemen naiz. Emadazu eskutitza». Nire poltsikotik atera zuen eskutitza. «Gorde eskuak poltsikoetan». Eskutitza eskuan zuela hesiaren gainetik pasa eta lore marroi, zirri-zarratsuetatik barrena joan zen. Mrs Patterson atera etorri zen eta ireki zuen eta hantxe gelditu zen.

        Mr Patterson aitzurrean ari zen lore berdeen artean. Aitzur lana utzi eta begiratu egin zidan. Mrs Pattersonek lorategia zeharkatu zuen, korrika. Bere begiak ikusi nituenean negarrez hasi nintzen. Idiota hori, esan zuen Mrs Pattersonek, esan nion ba nik gehiago ez bidaltzeko bakarrik. Emadazu. Azkar. Mr Patterson bizkor etorri zen, aitzurrarekin. Mrs Patterson okertuta jarri zen hesi gainean, eskua luzatuta. Hesi gainetik pasa nahian ari zen. Emadazu, esan zuen, Emadazu. Mr Patterson hesi gainetik pasa zen. Eskutitza hartu zuen. Mrs Pattersonen soinekoa hesian trabatu zen. Nik berriro bere begiak ikusi eta korrika joan nintzen muinoan behera.

        «Hor haranzko aldean etxea besterik ez dago», esan zuen Lusterrek. «Errekara jaitsiko gara».

        Garbiketan ari ziren errekan. Bat kantari ari zen. Kulunkan zebilen arroparen usaina aditzen nuen, eta erreka gainean aldean zebilen kearena.

        «Zu geldi zaitez hemen», esan zuen Lusterrek. «Hor haranzko aldean zer eginik ez duzu. Beste jende horrek jo egingo zaitu, seguru».

        «Zer egin nahi du».

        «Ez daki zer egin nahi duen», esan zuen Lusterrek. «Zera uste du, hor haranzko aldera joan nahi duela, bola horri joka dabiltzan tokira. Eseri hemen eta jostatu zure sorgin-belarrarekin. Begiratu errekan jostatzen dabiltzan ume horiei, zerbaiti begiratu beharra baldin baduzu. Zergatik ezin ote zara ibili gainerako jende guztia bezala». Ni ertzean eseri nintzen, haiek garbiketan ari ziren tokian, eta kea aldean urdin-urdin.

        «Inork ikusi al du hogeita bost zentaboko bat hemen nonbait», esan zuen Lusterrek.

        «Zer hogeita bost zentaboko».

        «Gaur goizean hemen nuena», esan zuen Lusterrek. «Galdu egin dut non edo han. Poltsikoko txulo honexetatik erori zait. Ez badut aurkitzen gaur gauean ez dut funtziora joaterik izango».

        «Nondik atera duzu txanpon hori, mutil. Zuriren baten poltsikotik, bestaldera begiratzen zuen bitartean».

        «Ateratzen diren tokitik atera dut», esan zuen Lusterrek. «Oraindik mordoa dago hura hartu dudan tokian. Bakarrik zera, nik hura aurkitu behar dudala. Inork ez al du aurkitu».

        «Axola zaizkit ba niri zure hogeita bost zentabokoak. Bestela ere badaukat nik nahiko lan».

        «Etorri hona», esan zuen Lusterrek. «Lagundu bilatzen».

        «Horrek ikusita ere ez luke txanpona ezagutuko, ezta».

        «Halere bilatzen lagundu ezinik ez dauka», esan zuen Lusterrek. «Denok funtziora joatekoak al zarete gauean».

        «Ez niri funtzio konturik aitatu. Barrenoi honekin bukatzen dudanerako nekatuegia egongo naiz eskua altxatzeko ere».

        «Apustua, han izango zarela», esan zuen Lusterrek. «Apustua, atzo gauean ere han izan zinela. Apustua, han izango zaretela denok, karpa zabaltzen dutenean».

        «Ni gabe ere nahiko beltz izango da han. Atzo gauean izan nintzen».

        «Ba nik esango nuke beltzen dirua zuri-jendearena bezain ona dela».

        «Zuri-jendeak beltzei dirua ematen die zera, badakitelako estreina banda batekin azaltzen den gizon zuriak bereganatu egingo duela dena berriro, eta hortaz beltzak lanean segi behar beste pixka bat irabazteko».

        «Ez ote zaitu inork funtzio horretara joan araziko».

        «Ba oraingoz ez. Pentsatu egin beharko dut». «Zer daukazu zuk zuri-jendearen kontra».

        «Nik ez daukat ezer horien kontra. Ni neure bidetik, eta zuri-jendea doala beretik. Axola zait ba niri funtzio hori».

        «Badago gizon bat zerrotearekin kanta bat jotzen duena. Banjo bat balitz bezalaxe jotzen du».

        «Zu atzo gauean joan zinen», esan zuen Lusterrek. «Ni gaur gauean joango naiz. Galdutako hogeita bost zentaboko hori aurkitzen baldin badut».

        «Hori zeurekin eramango duzu ba».

        «Nik», esan zuen Lusterrek. «Ikusiko al nindukezu berarekin, orroka hasten denean».

        «Zer egiten duzu orroka hasten denean».

        «Astindu bat eman», esan zuen Lusterrek. Eseri eta buzoaren galtza barrenak goratu zituen. Haiek jostatzen zebiltzan errekan.

        «Ez al duzue bolarik aurkitu», esan zuen Lusterrek.

        «Ez al zabiltza harroxko samar. Ez al duzu zure amonaren aurrean tankera horretan hitz egingo».

        Luster errekara sartu zen, haiek jostatzen zebiltzan tokira. Bila zebilen uretan, ertzaren ondotik.

        «Nirekin nuen goizean hemen egon garenean», esan zuen Lusterrek.

        «Zer ingurutan galdu duzu».

        «Poltsikoko txulo honexetatik erori da», esan zuen Lusterrek. Bila zebiltzan errekan. Orduan denak azkar zutitu eta gelditu egin ziren, orduan zipriztinka eta borrokan zebiltzan errekan. Lusterrek hartu zuen eta haiek pikotxetan jarri ziren uretan, muinorantz begira sastraka artetik.

        «Non dira», esan zuen Lusterrek.

        «Oraindik ez dira ageri».

        Lusterrek poltsikoan sartu zuen. Haiek muinoan behera etorri ziren.

        «Bolaren bat etorri al da hemen behera».

        «Uretan behar luke. Ez al du zuen arteko inork ikusi edo sentitu».

        «Hemen behera etortzen ez dut nik ezer sentitu», esan zuen Lusterrek. «Zerbaitek hor haranzko aldeko zuhaitz horri eman diola bai. Ez dakit zer aldetara joan den».

        Errekan begiratu zuten.

        «Arraioa. Begiratu errekan. Honantz zetorren. Ikusi egin dut».

        Errekan begiratu zuten. Muinoan gora joan ziren berriro.

        «Zuk al daukazu bola hori», esan zuen mutilak.

        «Zertarako dut», esan zuen Lusterrek. «Nik ez dut bolarik ikusi».

        Mutila uretara sartu zen. Aurrera segi zuen. Jira eta Lusterri begiratu zion berriro. Errekan behera segi zuen.

        Gizonak muino gainetik «Caddie» esan zuen. Mutila uretatik atera eta muinoan gora joan zen.

        «Entzun, aizu», esan zuen Lusterrek. «Isildu».

        «Zer du orain lanturuka hasteko».

        «Auskalo», esan zuen Lusterrek. «Holaxe hasten da. Holaxe egon da goiz osoan. Gaur urteak dituelako edo».

        «Zenbat urte».

        «Hogeita hamahiru», esan zuen Lusterrek. «Hogeita hamahiru une gaur goizean».

        «Zera esan nahiko duzu, azken hogeita hamar urteetan hiru urte izan dituela».

        «Mammyk dioena diot nik», esan zuen Lusterrek. «Nik ez dakit. Nolanahi ere, hogeita hamahiru kandela jarriko ditugu tarta gainean. Tarta txikia. Kabitu ere ez dakit egingo diren. Isildu. Etorri hona». Etorri eta besotik heldu zidan. «Erdi ero zahar hori», esan zuen. «Astindu bat ematea nahi al duzu».

        «Apustua ezetz».

        «Eman izan diot. Ea, ixo», esan zuen Lusterrek. «Ez al dizut esan ez daukazula hor gora igotzerik. Burua hautsiko dizute horietako bola batekin. Etorri hona». Bultza egin zidan. «Eseri». Ni eseri egin nintzen eta berak oinetakoak kendu zizkidan eta nire galtza barrenak goratu zituen. «Tira, sartu uretara jostatzera eta ea lerde-jario eta lanturu horiek utzi ditzakezun».

        Ni isildu eta uretara sartu nintzen eta Roskus etorri zen eta afaltzera joateko esan zuen eta Caddyk esan zuen,

        Oraindik ez da afalordua. Ni ez noa.

        Bustita zegoen. Jostatzen genbiltzan errekan eta Caddy pikotxetan jarri zen eta soinekoa busti zuen eta Vershek esan zuen,

        «Zure amatxok astindu egingo zaitu soinekoa bustitzeagatik».

        «Ez du horrelakorik egingo», esan zuen Caddyk.

        «Nola dakizu», esan zuen Quentinek.

        «Zer axola dio nola dakidan», esan zuen Caddyk. «Eta zuk nola dakizu».

        «Esan egin zuen», esan zuen Quentinek. «Gainera, ni zu baino zaharragoa naiz».

        «Nik zazpi urte baditut», esan zuen Caddyk, «Jakin beharko nuke, nik uste».

        «Ni hori baino zaharragoa naiz», esan zuen Quentinek. «Ni eskolara joaten naiz. Ezta, Versh».

        «Ni ere datorren urtean eskolara joango naiz esan zuen Caddyk». «Garaia ailegatutakoan. Ezta, Versh».

        «Ondo asko dakizu astindu egiten zaituela soinekoa bustitzen duzunean», esan zuen Vershek.

        «Ez dago bustita», esan zuen Caddyk. Uretan zutitu eta bere soinekoari begiratu zion. «Kendu egingo dut», esan zuen. «Horrela lehortu egingo da».

        «Ezetz kendu», esan zuen Quentinek.

        «Baietz kendu», esan zuen Caddyk.

        «Baietz zuretzako hobe ez kentzea», esan zuen Quentinek.

        Caddyk Vershengana eta nigana etorri eta atzea eman zigun.

        «Askatu botoiak, Versh», esan zuen.

        «Ez askatu, Versh», esan zuen Quentinek.

        «Ez da nire soinekoa», esan zuen Vershek.

        «Askatu, Versh», esan zuen Caddyk, «Edo bestela kontatu egingo diot Dilseyri atzo egin zenuena». Hortaz Vershek askatu egin zizkion.

        «Kendu, bai, eta ikusiko duzu», esan zuen Quentinek. Caddyk soinekoa kendu eta erreka ertzera bota zuen. Orduan gorontza eta azpiko galtzatxoak bakarrik zeuzkan soinean, eta Quentinek masaileko bat eman zion eta bera irristatu eta uretara erori zen. Altxa zenean Quentini zipriztinak botatzen hasi zitzaion, eta Quentinek zipriztinak bota zizkion Caddyri. Vershi eta niri ere bota zizkiguten batzuk eta Vershek ni altxa eta ertzean jarri ninduen. Esan zuen kontatu egingo zuela Caddy eta Quentinena, eta orduan Quentin eta Caddy zipriztinak botatzen hasi zitzaizkion Vershi. Versh sastraka baten atzean gorde zen.

        «Kontatu egingo diot dena mammyri», esan zuen Vershek.

        Quentin ertzera igo eta Versh harrapatu nahian hasi zen, baina Vershek korrika alde egin zuen eta Quentinek ezin. Quentin itzuli zenean Vershek gelditu eta kontatu egingo zuela dena esan zuen oihuka. Caddyk esan zion ez baldin bazuen kontatzen, utziko ziotela itzultzen. Hortaz Vershek esan zuen ez zuela kontatuko, eta utzi egin zioten.

        «Orain gustura egongo zara noski», esan zuen Quentinek, «Biok astinduko gaituzte orain».

        «Niri berdin zait», esan zuen Caddyk. «Alde egin egingo dut».

        «Nola ez ba», esan zuen Quentinek.

        «Alde egin egingo dut eta ez naiz gehiago itzuliko», esan zuen Caddyk. Ni negarrez hasi nintzen. Caddy jiratu zen eta «Ixo» esan zuen. Hortaz isildu egin nintzen. Orduan jostatzen zebiltzan errekan. Jason ere jostatzen zebilen. Bakarrik zebilen errekan beherago joanda. Versh sastrakaren atzetik atera zen eta uretara eraman ninduen berriro. Caddy erabat bustita eta lokaztuta zegoen atzetik, eta nik negarrari eman nion eta bera etorri eta pikotxetan jarri zen uretan.

        «Ixo», esan zuen. «Ez dut alde egingo». Hortaz ni isildu egin nintzen. Caddyk zuhaitzek euritan bezalako usaina zeukan.

        Zer pasatzen zaizu, esan zuen Lusterrek. Ezin al dituzu lanturu horiek alde batera utzi eta beste guztiak bezala errekan jostatu.

        Zergatik ez duzu etxera eramaten. Ez al zizuten esan ez handik ateratzeko.

        Oraindik uste du belardi hau beraiena dutela, esan zuen Lusterrek. Dena dela inork ezin gaitu etxetik ikusi.

        Guk bai. Eta jendeari ez zaio gustatzen erdi ero bat aurrean ikustea. Ez du horrek suerte onik ekartzen.

        Roskus etorri zen eta afaltzera joateko esan zuen eta Caddyk esan zuen artean ez zela afalordua.

        «Bai, bada», esan zuen Roskusek. «Dilseyk esan du joateko denok etxera. Eramaitzazu, Versh». Muinoan gora joan zen, behia marruka ari zen tokitik.

        «Beharbada lehortuta egongo gara etxera ailegatzerako», esan zuen Quentinek.

        «Dena zugatik izan da», esan zuen Caddyk. «Nahiago nuke astindu bat emango baligute». Bere soinekoa jantzi zuen eta Vershek botoiak lotu zizkion.

        «Ez dira konturatuko busti egin zaretela», esan zuen Vershek. «Ez zaizue antzematen. Non eta nik eta Jasonek kontatzen ez dugun».

        «Kontatu egingo al duzu, Jason», esan zuen Caddyk.

        «Kontatu zer», esan zuen Jasonek.

        «Ez du kontatuko.» esan zuen Quentinek. «Ezta, Jason».

        «Apustua baietz», esan zuen Caddyk. «Amamari kontatuko dio».

        «Amamari ezin», esan zuen Quentinek. «Gaixorik dago. Poliki joaten bagara ilunegi egongo da beraiek ezer ikusteko».

        «Ba niri ikusten bagaituzte ere berdin-berdin zait», esan zuen Caddyk. «Nik neuk kontatuko dut. Eraman ezazu zuk muinoaren goialderaino, Versh».

        «Jasonek ez du kontatuko», esan zuen Quentinek. «Gogoratzen al zara zuretzako egin nituen arkua eta geziaz, Jason».

        «Puskatuta daude», esan zuen Jasonek.

        «Konta dezala», esan zuen Caddyk. «Bost axola niri. Eraman ezazu Maury muinoaren goialderaino, Versh». Versh pikotxetan jarri zen eta ni bere bizkarrera igo nintzen.

        Funtzioan ikusiko gara gauean, esan zuen Lusterrek. Etorri hona. Hogeita bost zentaboko hori aurkitu beharra daukagu.

        «Poliki joaten bagara, ilun egongo da ailegatzen garenean», esan zuen Quentinek.

        «Ba ni ez noa poliki», esan zuen Caddyk. Muinoan gora igo ginen, baina Quentin ez zetorren. Behean zegoen errekan gu txerrien usaina aditzen genuen tokira heldu ginenean. Kurrinka eta usnaka ari ziren txokoan askan. Jason gure atzetik zetorren, eskuak poltsikoetan. Roskus behia jezten ari zen ukuiluko atean.

        Behiak saltoka atera ziren ukuilutik.

        «Segi», esan zuen T.P.-k. «Egin oihu berriro. Ni neu ere oihuka hastera noa. Iufa». Quentinek ostikoz jo zuen T.P. berriro. Ostikoz jo eta txerriak jaten ari ziren askara bota zuen T.P. eta hantxe gelditu zen T.P. «Bejondeiola», esan zuen T.P.-k, «Ederki harrapatu nau. Ikusi al duzue zer ostikoa eman didan oraingoan zuri horrek. Iufa».

        Ni ez nintzen negarrez ari, baina ezin nintzen gelditu. Ni ez nintzen negarrez ari, baina lurra ez zen geldirik egoten, eta orduan negarrez ari nintzen. Lurrak goraka eta goraka segitzen zuen eta behiek korri egiten zuten muinoan gora. T.P.-k altxatzekoa egin zuen. Erori egin zen berriro eta behiek korri egiten zuten muinoan behera. Quentinek besotik heldu zidan eta ukuilu aldera joan ginen. Orduan ukuilua ez zegoen han eta itxoin egin behar izan genuen itzuli zen arte. Nik ez nuen ikusi itzultzen. Gure atzetik etorri zen eta Quentinek behiek jaten zuten askan jarri ninduen. Nik heldu egin nion askari. Hura ere bazihoan, eta nik heldu egin nion. Behiek korri egiten zuten berriro muinoan behera, atetik barrena. Ni ezin nintzen gelditu. Quentin eta T.P. muinoan gora zetozen, borrokan. T.P. erortzen ari zen muinoan behera eta Quentinek arrastaka ekarri zuen muinoan gora. Quentinek jo egin zuen T.P. Ni ezin nintzen gelditu.

        «Zutik», esan zuen Quentinek, «Gelditu hemen. Ez joan ni etorri arte».

        «Benjy eta biok bodara goaz berriro», esan zuen T.P.-k. «Iufa».

        Quentinek jo egin zuen T.P. berriro. Orduan bultzaka hasi zitzaion T.P.ri paretaren kontra. T.P. barrez ari zen. Quentinek paretaren kontra bultzatzen zionero berak Iufa esateko ahalegina egiten zuen, baina ezin zuen esan barreagatik. Nik negarrak utzi nituen, baina ezin nintzen gelditu. T.P. nire gainera erori eta ukuiluko atea joan egin zen. Muinoan behera joan zen eta T.P. borrokan zebilen bera bakarrik eta erori egin zen berriro. Barrez segitzen zuen, eta ni ezin nintzen gelditu, eta altxatzen saiatu eta erori egin nintzen, eta ezin nintzen gelditu. Vershek esan zuen,

        «Ederra egin duzu oraintxe. Esango nuke. Utzi uhuri horiek».

        T.P.-k barrez segitzen zuen. Ate gainera erori eta barre egin zuen. «Iufa», esan zuen. «Benjy eta biok bodara goaz berriro. Zartzaparrila», esan zuen T.P.-k.

        «Ixo», esan zuen Vershek. «Nondik atera duzu».

        «Sototik», esan zuen T.P.-k. «Iufa».

        «Isilik», esan zuen Vershek. «Sotoko zein tokitatik».

        «Edozeinetatik», esan zuen T.P.-k. Barre egin zuen beste pixka bat. «Ehun botilatik gora gelditu dira. Milioitik gora. Kontuz, beltza, oihu egitera noa-eta».

        Quentinek esan zuen, «Altxa ezazu».

        Vershek altxa egin ninduen.

        «Edan hau, Benjy», esan zuen Quentinek. Basoa beroa zegoen. «Ea, ixo», esan zuen Quentinek. «Edan».

        «Zartzaparrila», esan zuen T.P.-k. «Utzidazu edaten, Mr Quentin».

        «Zuk itxi ahoa», esan zuen Vershek, «Mr Quentinek ederki berotuko zaitu».

        «Heldu honi, Versh», esan zuen Quentinek.

        Heldu egin zidaten. Beroa neukan kokotsean eta alkandoran. «Edan», esan zuen Quentinek. Burutik heldu zidaten. Berna neukan nire barruan, eta berriro hasi nintzen. Orain negarrez ari nintzen, eta nire barruan zerbait ari zen gertatzen eta negar egin nuen gehiago, eta haiek heldu egin zidaten hura gertatzetik gelditu zen arte. Orduan isildu egin nintzen. Bueltaka segitzen zuen, eta orduan formak hasi ziren. «Ireki mandioa, Versh». Poliki zihoazen. «Zabaldu zaku huts horiek lurrean». Azkarrago zihoazen, ia nahiko azkar. «Ea. Heldu hanketatik». Segi egiten zuten, goxo eta distiratsu. T.P. barrez aditzen nuen. Beraiekin batera segi nuen, muino distiratsuan gora...

        Muinoaren goialdean Vershek lurrean utzi ninduen. «Etorri hona, Quentin», hots egin zuen, muinoan behera begiratuz. Quentinek han erreka ondoan segitzen zuen. Aztarrika zebilen itzal artean, erreka zegoen tokian.

        «Gera dadila bertan nazkante hori», esan zuen Caddyk. Eskutik heldu zidan eta ukuilu aurretik pasa eta langa zeharkatu genuen. Igela zegoen adreiluzko bidezidorrean, hantxe erdi erdian pikotxetan jarrita. Caddy haren gainetik pasa zen eta tira egin zidan niri.

        «Goazen, Maury», esan zuen. Hark pikotxetan segitzen zuen Jasonek hanka punttarekin eman zion arte.

        «Garatxoa aterako zaizu», esan zuen Vershek. Igelak saltoka alde egin zuen.

        «Goazen, Maury», esan zuen Caddyk.

        «Gaur gauean jendea dute», esan zuen Vershek.

        «Nola dakizu», esan zuen Caddyk.

        «Argi horiek denak piztuta», esan zuen Vershek, «Leiho guztietan argia».

        «Ba nik uste jenderik gabe ere piztu ditzakegula argi guztiak, nahi izan ezkero», esan zuen Caddyk.

        «Baietz jendea izan», esan zuen Vershek. «Hobe duzue atzetik sartu eta eskailerak inork ikusi gabe igotzea».

        «Niri berdin zait», esan zuen Caddyk. «Ni saloira sartuko naiz zuzenean, beraiek dauden tokira».

        «Baietz zure aitatxok astindu hori egiten baldin baduzu», esan zuen Vershek.

        «Niri berdin zait», esan zuen Caddyk. «Ni saloira sartuko naiz zuzenean. Ni zuzenean jangelara sartu eta afaldu egingo dut».

        «Non eseriko zara», esan zuen Vershek.

        «Amamaren aulkian eseriko naiz», esan zuen Caddyk. «Berak ohean jaten du».

        «Goseak nago», esan zuen Jasonek. Guri aurrea hartu eta korrika abiatu zen bidezidorrean gora. Eskuak poltsikoetan zeuzkan eta erori egin zen. Vershek joan eta altxa egin zuen.

        «Eskuak poltsikoetatik atera ezkero, hanka gainean egon ezinik ez zenuke», esan zuen Vershek. «Ez dizu ateratzeko betarik ematen zure buruari eusteko, horren gizena zaudela».

        Aita zutik zegoen sukaldeko kosken ondoan.

        «Non da Quentin», esan zuen.

        «Badator bidezidorrean gora», esan zuen Vershek. Quentin poliki zetorren. Bere alkandora mantxa zuri bat zen.

        «O», esan zuen Aitak. Argia kosketan behera jaisten zen, bere gainera.

        «Caddy eta Quentin bata besteari ura botatzen ibili dira», esan zuen Jasonek.

        Guk itxoin egin genuen.

        «Ba ote», esan zuen Aitak. Quentin etorri zen, eta Aitak esan zuen, «Gaur gauean sukaldean afalduko duzue». Gelditu zen eta altxa egin ninduen, eta argia kosketan behera jaitsi eta nire gainera ere etortzen zen, eta nik behera begiratu eta Caddy eta Jason eta Quentin eta Versh ikusten nituen. Aita kosken aldera jiratu zen. «Baina zintzo egon behar duzue», esan zuen.

        «Zergatik egon behar dugu zintzo, Aita», esan zuen Caddyk. «Jendea al daukagu».

        «Bai», esan zuen Aitak.

        «Esan dizut nik jendea zegoela», esan zuen Vershek.

        «Zuk ez», esan zuen Caddyk, «Nik esan dut hori. Nik esan dut nik»

        «Ixo», esan zuen Aitak. Isildu egin ziren eta Aitak atea ireki eta guk atzeko portxea zeharkatu eta sukaldera sartu ginen. Dilsey han zegoen, eta Aitak ni aulkian jarri eta barra beheratu eta mahai ondora bultza zuen aulkia, afaria zegoen tokira. Lurruna botatzen zuen.

        «Eta orain obeditu Dilseyri», esan zuen Aitak. «Ahal dela ez utzi hotsik ateratzen, Dilsey».

        «Bai, nagusi», esan zuen Dilseyk. Aita joan egin zen.

        «Gogoratu Dilseyri obeditu behar diozuela», esan zuen gure atzetik. Nik afaria zegoen tokira makurtu nuen aurpegia. Lurruna botatzen zuen nire aurpegira.

        «Esan gaur niri obeditzeko, Aita», esan zuen Caddyk.

        «Nik ez», esan zuen Jasonek, «Nik Dilseyri obedituko dint».

        «Beharko obeditu, Aitak hala esaten badu», esan zuen Caddyk. «Esan niri obeditzeko, Aita».

        «Nik ez», esan zuen Jasonek, «Nik ez dizut obedituko».

        «Ixo», esan zuen Aitak. «Orduan obeditu denok Caddyri. Bukatzen dutenean, eraman gora atzeko eskaileratik, Dilsey».

        «Bai, nagusi», esan zuen Dilseyk.

        «Begira», esan zuen Caddyk, «Orain obeditu egin beharko didazue ba».

        «Ea, ixo denok», esan zuen Dilseyk. «Gaur gauean zintzo egon behar duzue».

        «Zergatik egon behar dugu zintzo gaur gauean», xuxurlatu zuen Caddyk.

        «Hori ez zaizue inporta», esan zuen Dilseyk, «Jakingo duzue Jainkoak aukeratutako egunean». Nire katilua ekarri zuen. Hango lurrunak gora etorri eta kilimakiak egiten zizkidan aurpegian. «Etorri hona, Versh», esan zuen Dilseyk.

        «Noiz da Jainkoak aukeratutako eguna, Dilsey», esan zuen Caddyk.

        «Igandean», esan zuen Quentinek. «Ezer ez dakizu ala».

        «Xhhhhhh», esan zuen Dilseyk. «Mr Jasonek ez al dizue esan zintzo egoteko. Ea, jan denok zuen afaria. Zatoz, Versh. Hartu bere koilara». Vershen eskua koilararekin etorri zen, katilu barrura. Koilara nire ahoraino igo zen. Lurrunak kilimakiak egiten zizkidan aho barruan. Orduan denok gelditu jatetik eta elkarri begiratu eta zintzo geunden, eta orduan berriro entzun genuen hura eta ni negarrez hasi nintzen.

        «Zer zen hori», esan zuen Caddyk. Bere eskua nire eskuaren gainean jarri zuen.

        «Ama zen», esan zuen Quentinek. Koilara igo zen eta nik jan egin nuen, orduan negar egin nuen berriro.

        «Ixo», esan zuen Caddyk. Baina ni ez nintzen isildu eta bera etorri zen eta nire inguruan jarri zituen bere besoak. Dilsey bi ateak ixtera joan zen eta orduan guk ezin genuen hura aditu.

        «Ea, ixo», esan zuen Caddyk. Nik isildu eta jan egin nuen. Quentin ez zen jaten ari, baina Jason bai.

        «Ama zen», esan zuen Quentinek. Altxa egin zen.

        «Eseri segituan», esan zuen Dilseyk. «Jendea daukate hor, eta zuek arropa lokaztu horiekin. Eseri zu ere, Caddy, eta bukatu afaria».

        «Negarrez ari zen», esan zuen Quentinek.

        «Kantari ari zen norbait», esan zuen Caddyk. «Ezta, Dilsey».

        «Ea, jan denok zuen afaria, Mr Jasonek esanda bezala», esan zuen Dilseyk. «Jakingo duzue Jainkoak aukeratutako egunean». Caddy bere aulkira itzuli zen.

        «Esan dizuet nik festa bat zela», esan zuen.

        Vershek esan zuen, «Jan du dena».

        «Ekarri hona bere katilua», esan zuen Dilseyk. Katilua joan egin zen.

        «Dilsey», esan zuen Caddyk. «Quentin ez da bere afaria jaten ari. Ez al dit ba obeditu behar».

        «Jan zure afaria, Quentin», esan zuen Dilseyk, «Bukatu eta alde egin egin behar duzue denok nire sukaldetik».

        «Nik ez dut gehiago afaldu nahi», esan zuen Quentinek.

        «Ba jan egin beharko duzu nik hala esaten baldin badut», esan zuen Caddyk. «Ezta, Dilsey».

        Katiluak lurruna botatzen zuen nire aurpegira, eta Vershen eskuak sartu zuen koilara han eta keak kilimakiak egin zizkidan aho barruan.

        «Ez dut gehiago nahi», esan zuen Quentinek. «Nola izango dute ba festa Amama gaixorik dagoela».

        «Beheko bizitzan izango dute», esan zuen Caddyk. «Berak eskailera-burura etorri eta handik ikustea badauka. Hori da nik egingo dudana kamisoia janzten dudanean».

        «Ama negarrez ari zen», esan zuen Quentinek. «Ez al zen negarrez ari, Dilsey».

        «Ez niri berriketan hasi, mutil», esan zuen Dilseyk. «Afaria prestatu beharra daukat jende guzti horrentzat zuek zuena bukatu bezain azkar».

        Handik pixka batera Jason ere jatetik gelditu eta negarrez hasi zen.

        «Orain zure txanda al dugu berriz», esan zuen Dilseyk.

        «Holaxe hasten da gauero Amama gaixotu eta berarekin lo egiterik ez daukan ezkero», esan zuen Caddyk. «Mainontzi».

        «Kontatu egingo dut egin duzuna», esan zuen Jasonek.

        Negarrez ari zen. «Lehen ere kontatu duzu», esan zuen Caddyk. «Orain ez daukazu beste ezer kontatzeko».

        «Ohera joan behar duzue denok», esan zuen Dilseyk. Etorri zen eta ni lurrean jarri eta zapi bero batekin nire aurpegia eta eskuak garbitu zituen. «Versh, isil-isilik igoko al dituzu atzeko eskaileratik. Aizu, Jason, utzi negar horiek».

        «Goizegi da ohera joateko», esan zuen Caddyk. «Behin ere ez dugu hain goiz oheratu beharrik izaten».

        «Ba gaur gauean bai», esan zuen Dilseyk. «Zuen aitatxok esan du igotzeko segituan gora afaria bukatutakoan. Aditu diozue».

        «Esan du niri obeditzeko», esan zuen Caddyk.

        «Ba nik ez dizut obedituko», esan zuen Jasonek.

        «Beharko», esan zuen Caddyk. «Ea, goazen. Nik esandakoa egin behar duzue».

        «Zintzo eduki itzazu, Versh», esan zuen Dilseyk. «Zintzo ibiliko zarete denok, ezta».

        «Zergatik ibili behar dugu hain zintzo, gaur gauean», esan zuen Caddyk.

        «Zuen amatxo ez dago ondo», esan zuen Dilseyk. «Ea, segi ezazue denok Vershekin».

        «Esan dizut nik Ama negarrez ari zela», esan zuen Quentinek. Vershek altxa ninduen eta atzeko portxera ematen zuen atea ireki zuen. Atera ginen eta Vershek atea itxi zuen beltz-beltz. Nik sentitu egiten nuen Versh eta bere usaina aditzen nuen. «Ea, egon zintzo denok. Ez gara oraindik gora igoko. Mr Jasonek esan du igotzeko gora segituan. Esan du niri obeditzeko. Ba nik ez dizut obedituko. Baina berak esan du denok niri obeditzeko. Ezta, Quentin». Nik Vershen burua sentitzen nuen. Gu denok aditzen nituen nik. «Ezta, Versh. Bai, egia. Orduan nik esaten dut atera egin behar dugula pixka batean. Goazen». Vershek atea ireki eta kanpora atera ginen.

        Koskak jaitsi genituen.

        «Nik uste hobe dugula Vershen etxera joatea, hortaz zintzo egongo gara», esan zuen Caddyk. Vershek lurrean utzi ninduen eta Caddyk niri eskutik heldu eta adreiluzko bidezidorretik joan ginen.

        «Goazen», esan zuen Caddyk, «joan egin da igela. Honezkero lorategiraino ailegatuko zen saltoka. Beharbada beste bat ikusiko dugu». Roskus esnearen pertzekin etorri zen. Segi egin zuen. Quentin ez zetorren gurekin. Sukaldeko eskailera-kosketan eserita zegoen. Gu Vershen etxera jaitsi ginen. Gustatu egiten zitzaidan Vershen etxeko usaina aditzea. Sua zegoen barruan eta haren aurrean T.P. pikotxetan zegoen alkandora hutsik, eta eragin egiten zion sugar handiak ateratzeraino.

        Orduan jaiki nintzen eta T.P.-k jantzi egin ninduen eta sukaldera joan eta jan egin genuen. Dilsey kantari ari zen eta ni negarrez hasi eta bera isildu egin zen.

        «Ez etxera inguratzen utzi», esan zuen Dilseyk.

        «Ezin gara hortik joan», esan zuen T.P.-k.

        Jostatu egin genuen errekan.

        «Ezin gara joan hor haranzko aldetik», esan zuen T.P.-k. «Ez al dakizu mammyk galarazi egin digula».

        Dilsey kantari ari zen sukaldean eta ni negarrez hasi nintzen.

        «No», esan zuen T.P.-k. «Goazen. Jaitsi gaitezen ukuilura».

        Roskus jezten ari zen ukuiluan. Esku batekin jezten zuen, eta marmarka. Txori batzuk ukuiluko atean jarrita zeuden eta begiratu egiten zioten. Haietako batek behera etorri eta behiekin jan zuen. Nik Roskusek nola jezten zuen ikusten nuen T.P.-k Queenie eta Princeri jaten ematen zien bitartean. Txahala txerritegian zegoen. Sudurra txarrantxaren kontra igurzten zuen, marruka.

        «T.P», esan zuen Roskusek. T.P.-k Nagusi esan zuen, ukuilutik. Fancyk burua ate gainean zeukan, T.P.-k ez ziolako artean jaten eman. «Bukatu horko lana», esan zuen Roskusek. «Lagundu egin beharko didazu jezten. Ni ezin naiz gehiago nire eskuineko eskuaz baliatu».

        T.P. etorri eta jezten hasi zen.

        «Zergatik ez duzu medikuarekin hitz egiten», esan zuen T.P.-k.

        «Medikuak ezer egiterik ez dauka», esan zuen Roskusek. «Etxe honetan behintzat ez».

        «Zer du ba txarra etxe honek», esan zuen T.P.-k.

        «Etxe honetan suerterik ez dago», esan zuen Roskusek. «Sartu txahala bukatu baldin baduzu».

        Etxe honetan suerterik ez dago, esan zuen Roskusek. Sua igo eta jaitsi zebilen haren eta Vershen atzean, haren eta Vershen aurpegi gainetik lerratuz. Dilseyk nire oheratze lana bukatu zuen. Oheak T.P.-ren usaina zeukan. Gustatu egiten zitzaidan.

        «Zer dakizu zuk horretaz», esan zuen Dilseyk. «Zer trantze izan duzu ba».

        «Trantze beharrik ez da», esan zuen Roskusek. «Ez al dago seinalea ohe horretantxe etzanda. Ez al da seinalea hementxe jendearen bistan egon azken hamabost urteetan».

        «Baliteke», esan zuen Dilseyk. «Baina kalterik ez dizue egin ez zuri eta ez zuretarrei, ezta. Vershek badu bere lana eta Frony ezkondu zitzaizun eta T.P. ere ari da handitzen zure tokia hartzeko erreumak ezertarako ez zarela uzten zaituenean».

        «Bi izan dira, orain arte», esan zuen Roskusek. «Beste bat ere izango da. Seinalea ikusi dut, eta zuk ere bai».

        «Hontz-zuria aditu nuen gau hartan», esan zuen T.P.-k. «Eta Danek ere ez zuen afaltzera etorri nahi. Ez zuen ukuilua baino harantzago joan nahi. Uluka hasi zen ilundu eta segituan. Vershek aditu zuen».

        «Bat baino gehiago ere izango dira oraindik», esan zuen Dilseyk. «Erakutsidazu hiltzekoa ez den gizona, Jesus bedeinkatua».

        «Hiltzea ez da dena», esan zuen Roskusek.

        «Badakit zertan pentsatzen ari zaren», esan zuen Dilseyk. «Eta izen hori aitatzeak ez du suerterik ekarriko, non eta berarekin gelditu nahi ez duzun negarrez hasten denean».

        «Etxe honetan suerterik ez dago», esan zuen Roskusek. «Hasieratik ikusi nuen baina izena aldatu ziotenean seguru jakin nuen».

        «Zuk itxi ahoa», esan zuen Dilseyk. Tapakiak goratu zituen. T.P.-ren usaina zeukaten. «Eta orain egon denok isilik, berak lo hartu arte».

        «Seinalea ikusi dut», esan zuen Roskusek.

        «Hemen seinale bakarra zera da, T.P.-k zure lan guztia egin beharra daukala», esan zuen Dilseyk. Eraman Quentin eta biak etxera, T P, eta ibil daitezela Lusterrekin jostatzen Fronyk zain ditzakeen toki batean, eta zu joan aitatxori laguntzera.

        Jatez bukatu genuen. T.P.-k Quentin altxa zuen eta T.P.-ren etxera joan ginen. Luster jostatzen zebilen hauts artean. T.P.-k Quentin lurrean utzi zuen eta Quentinek ere jostatu egin zuen hauts artean. Lusterrek bobina batzuk zeuzkan eta berak eta Quentinek borroka egin zuten eta Quentinek zeuzkan bobinak. Lusterrek negar egin zuen eta Fronyk etorri eta lata bat eman zion Lusterri harekin jostatzeko, eta orduan nik neuzkan bobinak eta Quentin borrokan hasi zitzaidan eta nik negar egin nuen.

        «Ixo», esan zuen Fronyk. «Ez al zara zure buruaz lostatzen. Haur bati jostailua kendu». Niri bobinak kendu eta Quentini eman zizkion berriro.

        «Ea, ixo», esan zuen Fronyk. «Ixo, esan dizut».

        «Isilik», esan zuen Fronyk. «Astindu eder bat, hori da zuk behar zenukeena». Luster eta Quentin altxa zituen. «Etorri hona», esan zuen. Gu ukuilura joan ginen. T.P. behia jezten ari zen. Roskus kaxa gainean eserita zegoen.

        «Zer pasatzen zaio orain», esan zuen Roskusek.

        «Hemen eduki behar duzue», esan zuen Fronyk. «Berriro ere haurrekin borrokan.Jostatzekoak kentzen. Gelditu hemen T.P.-rekin, eta ea pixka batean isiltzerik badaukazun».

        «Garbitu ondo errape hori», esan zuen Roskusek. «Lehengo urtean lehortzeraino jetzi zenuen behi gazte hura. Hau ere lehortzeraino jezten baduzu, esnerik gabe gara».

        Dilsey kantari ari zen.

        «Hor haranzko aldetik ez», esan zuen T.P.-k. «Ez al dakizu mammyk hortik ez joateko esan duela».

        Kantari ari ziren.

        «Goazen», esan zuen T.P.-k. «Quentinekin eta Lusterrekin jostatzera joango gara. Goazen».

        Quentin eta Luster hauts artean jostatzen zebiltzan T.P.-ren etxe aurrean. Sua zegoen etxe barruan, igo eta jaitsi, eta Roskus haren kontra eserita beltz-beltz.

        «Horrekin hiru, Jainkoari eskerrak», esan zuen Roskusek. «Esan nizun orain dela bi urte. Etxe honetan suerterik ez dago».

        «Zergatik ez zoaz, orduan», esan zuen Dilseyk. Ni eranzten ari zen. «Zure suerte txar kontuek sartu zioten buruan Vershi Memphisera joateko ideia. Horrekin nahikoa behar zenuke».

        «Hori baldin bada Vershen suerte txar guztia», esan zuen Roskusek.

        Frony sartu zen.

        «Bukatu al duzue», esan zuen Dilseyk.

        «T.P. bukatzen ari da», esan zuen Fronyk. «Miss Cahlinek zuk Quentin oheratzea nahi du».

        «Ahalik eta azkarrena ari naiz», esan zuen Dilseyk. «Hegorik ez daukadala jakin behar luke honezkero».

        «Hori esaten dizut ba nik», esan zuen Roskusek. «Bertako ume baten izena sekula aitatzen ez den etxean ezin suerterik izan».

        «Ixo», esan zuen Dilseyk. «Martxan jarri nahi al duzu berriro».

        «Umea bere amatxoren izena jakin gabe hazi», esan zuen Roskusek.

        «Harengatik ez ezazu buruhausterik pasa», esan zuen Dilseyk. «Nik hazitakoak dira den-denak eta beste bat hazteko modua izango dudala nik uste. Ixo orain. Lo har dezala nahi badu».

        «Izena aitatu», esan zuen Fronyk. «Inoren izenik ez du ezagutzen-eta».

        «Aita ezazu, eta ikusiko duzu ezagutzen duen ala ez», esan zuen Dilseyk. «Aitatu, lotan dagoen bitartean, eta baietz berak aditu».

        «Jendeak uste duena baino askoz gehiago daki», esan zuen Roskusek. «Bazekien azken ordua hurbil zutela, pointer horrexek bezalaxe jakin ere. Hitz egiterik baleuka, berari ere ordua noiz etorriko zaion esango lizuke. Edo zuei. Edo niri».

        «Atera Luster ohe horretatik, mammy», esan zuen Fronyk. «Mutil horrek sorgindu egingo du».

        «Zuk itxi ahoa», esan zuen Dilseyk, «Ba ote hain buru gutxi izatea. Gainera, zertan zaude Roskusi entzuten. Sartu, Benjy».

        Dilseyk bultza egin zidan eta ni ohera sartu nintzen, Luster ordurako etzanda zegoen tokira. Lotan zegoen. Dilseyk egur puska luze bat hartu eta Luster eta nire artean jarri zuen. «Egon zure alderdian», esan zuen Dilseyk. «Luster ttikia da, eta ez diozu ba minik egin nahiko».

        Oraindik ezin zara joan, esan zuen T. P.-k. Itxoin.

        Etxearen ertzetik begiratu eta kotxeak abiatzen ikusi genituen.

        «Orain», esan zuen T.P.-k. Quentin altxa zuen eta korrika hesiaren ertzeraino joan eta pasatzen ikusi genituen. «Hortxe doa», esan zuen T.P.-k. «Ikusten kristalarekiko hori. Begira bera ere. Hortxe barruan doa etzanda. Ikusi».

        Goazen, esan zuen Lusterrek, etxera eramango dut honako bola hau, galduko ez dudan tokira. Ez, nagusi, ez da zuretzako. Beste gizon horiek ikusten badizute, lapurtu egin duzula esango dute. Ea, ixo. Ez da zuretzako. Zertarako zenuke. Ez dakizu bolekin jostatzen.

        Frony eta T.P. jostatzen zebiltzan hauts artean atearen ondoan. T.P.-k ipurtargiak zeuzkan botila batean.

        «Nolatan atera zarete berriro», esan zuen Fronyk.

        «Jendea daukagu», esan zuen Caddyk. «Aitak esan du guk denok gaur gauean niri obeditzeko. Zuk eta T.P.-k ere obeditu egin beharko didazue».

        «Ba nik ez dizut obedituko», esan zuen Jasonek. «Frony eta T.P. ere ez daude behartuta».

        «Beharko, nik hala esaten badut», esan zuen Caddyk. «Beharbada ez diet esango».

        «T.P.-k ez dio inori obeditzen», esan zuen Fronyk. «Hasi al dute hileta».

        «Zer da hileta», esan zuen Jasonek.

        «Mammyk ez al dizu esan horiei ez kontatzeko», esan zuen Vershek.

        «Lanturu egiten duten tokia», esan zuen Fronyk. «Bi egunez aritu ziren lanturuka Beulah Clayrengatik».

        Lanturu egiten zuten Dilseyren etxean. Dilsey lanturuka ari zen. Dilsey lanturuka ari zenean Lusterrek esan zuen, Ixo, eta gu isildu egin ginen, eta orduan ni negarrez hasi nintzen eta Blue uluka ari zen sukaldeko eskailera-kosken azpian. Orduan Dilsey isildu egin zen eta gu isildu egin ginen.

        «O», esan zuen Caddyk, «Hori beltzen kontua da. Zuri-jendeak ez du hiletarik izaten».

        «Mammyk esan digu ez kontatzeko horiei, Frony», esan zuen Vershek.

        «Kontatu zer», esan zuen Caddyk.

        Dilseyk lanturu egiten zuen, eta hura toki hartara heldu zenean ni negarrez hasi nintzen eta Blue uluka ari zen eskailera-kosken azpian. Luster, esan zuen Fronyk leihotik, Eraman itzazu ukuilura. Ez daukat janaria prestatzerik zalaparta guzti horrekin. Txakur hori ere bai. Eraman denak hemendik.

        Ni ez noa hara, esan zuen Lusterrek. Aitatxorekin topo egingo nuke beharbada. Atzo gauean ikusi nuen, ukuiluan besoei eragiten.

        «Ba nik jakin nahi nuke zergatik ez», esan zuen Fronyk. «Zuri-jendea ere hiltzen da. Zure amona edozein beltz egon litekeen bezain hila dago, nik uste».

        «Txakurrak hiltzen dira», esan zuen Caddyk, «Eta Nancy zangara erori zenean eta Roskusek tiroa bota zion eta putreak etorri eta biluztu egin zuten».

        Hezurrak kanpora ateratzen ziren zangatik, aihen ilunak zanga beltzean zeuden tokitik, ilargi argitan sartuz, haietako forma batzuk gelditu egin balira bezala. Orduan denak gelditu egin ziren eta ilun zegoen, eta ni berriro hasteko gelditu nintzenean Ama aditu nuen, eta hankak bizkor-bizkor urruntzen, eta haren usaina aditu nuen. Orduan gela etorri zen, baina nire begiak itxi egin ziren. Ez nintzen gelditu. Haren usaina aditzen nuen. T.P.-k oheko tapakien urtxiloak askatu zituen.

        «Ixo», esan zuen. «Xhhhhhhhh».

        Baina nik haren usaina aditzen nuen. T.P-k altxa ninduen eta arropak jarri zizkidan bizkor-bizkor.

        «Ixo, Benjy», esan zuen. «Gure etxera jaitsiko gara. Gustura jaitsiko zara gure etxera, Frony dagoen tokira, ez da hala. Ixo. Xhhhhh».

        Lotu zituen nire zapatak eta txanoa jarri zidan eta atera egin ginen. Argia zegoen pasilloan. Pasilloaren beste aldean Ama aditzen genuen.

        «Xhhhhhh, Benjy», esan zuen T.P.-k, «Segituan aterako gara».

        Ate bat zabaldu zen eta nik behin ere baino gehiago aditu nuen haren usaina, eta buru bat azaldu zen. Ez zen Aita. Aita gai= xorik zegoen gela hartan.

        «Ezin al duzu etxetik atera».

        «Horretara goaz», esan zuen T.P.-k. Dilseyk eskailerak igo zituen.

        «Ixo», esan zuen, «Ixo. Eraman ezazu etxera, T.P. Frony ohea prestatzen ari zaio. Ondo zain ezazue denok. Ixo, Benjy. Segi T.P.-rekin».

        Joan egin zen Ama aditzen genuen tokira.

        «Hobe han edukitzea». Ez zen Aita. Atea itxi zuen, baina nik artean haren usaina aditzen nuen.

        Eskailerak jaitsi genituen. Eskailerak ilunpetan sartzeraino jaisten ziren eta T.P.-k eskutik heldu zidan, eta atetik kanpora atera ginen, ilunpetatik kanpora. Dan atzeko patioan eserita zegoen, uluka.

        «Usaina aditu du», esan zuen T.P.-k. «Zuk ere horrela jakin al duzu».

        Koskak jaitsi genituen, gure itzalak zeuden tokitik.

        «Zure txamarra ahaztu dut», esan zuen T.P.-k. «Behar zenuke. Baina ni ez noa berriro».

        Dan uluka ari zen.

        «Orain ixo», esan zuen T.P.-k. Gure itzalak mugitu egiten ziren, baina Danen itzala ez zen mugitzen ezpazen ulu egiten zuenean.

        «Ezin zaitut etxera eraman, tankera horretan orroka», esan zuen T.P.-k. «Nahiko lan bazen zurekin igel marrulariaren ahots hori jarri baino lehen ere. Goazen».

        Adreiluzko bidezidorretik joan ginen, gure itzalekin. Txerritegiak txerri usaina zeukan. Behia terrenoan zegoen, guri begiratuz mastekatzen. Dan uluka ari zen.

        «Herri guztia esnatuko duzu», esan zuen T.P.-k. «Ezin al zara isildu».

        Fancy ikusi genuen, erreka ondoan jaten. Ilargia ur gainean distiraka zegoen hara ailegatu ginenean.

        «Ez, nagusi», esan zuen T.P.-k, «Hori hurbilegi da. Ezin gara hemen gelditu. Goazen. Baina, ikustazu zeure burua. Berna guztia busti duzu. Ea, etorri hona». Dan uluka ari zen.

        Zanga belar txistukariaren artetik azaldu zen. Hezurrak atera egiten ziren aihen beltzen artetik.

        «Orain bai», esan zuen T.P.-k. «Orain nahi baduzu hasi orroka ito arte. Gau osoa eta hogei akretako belardia zureak dituzu orroka aritzeko».

        T.P. zangan etzan zen eta ni eseri egin nintzen, putreek Nancy jan zuten tokiko hezurrei begira, zangatik kanpora beltz-beltz eta poliki eta makal hegan eginez.

        Nirekin nuen lehen hemen egon garenean, esan zuen Lusterrek. Erakutsi dizut. Ez al duzu ikusi. Hementxe bertan poltsikotik atera eta erakutsi egin dizut.

        «Zer uste duzu, putreek biluztu egingo dutela Amama», esan zuen Caddyk. «Zu erotuta zaude».

        «Eta zu nazkante hutsa zara», esan zuen Jasonek. Negarrez hasi zen.

        «Ba zu potolo planta», esan zuen Caddyk. Jasonek negar egin zuen. Eskuak poltsikoetan zeuzkan.

        «Jason aberatsa izango da», esan zuen Vershek. «Beti bere diruari helduta».

        Jasonek negar egin zuen.

        «Orain ere jarri duzu martxan», esan zuen Caddyk. «Isildu, Jason. Nola sartuko dira ba putreak Amama dagoen tokira. Aitak ez lieke utziko. Zuk utziko al zenioke putre bati zu biluzten. Ea, isildu».

        Jason isildu egin zen. «Fronyk esan du hileta dela», esan zuen.

        «Ba ez da», esan zuen Caddyk. «Testa da. Fronyk ez daki ezer horretaz. Zure ipurtargiak nahi ditu, T.P. Utziozu pixka batean edukitzen».

        T.P.-k ipurtargien botila eman zidan.

        «Saloiko leihotik begiratu ezkero baietz zerbait ikusi», esan zuen Caddyk. «Orduan sinetsiko didazue».

        «Nik dagoeneko badakit», esan zuen Fronyk. «Ez daukat ikusi beharrik».

        «Hobe duzu ahoko zuloa ixtea, Frony», esan zuen Vershek. «Mammyk astindu egingo zaitu».

        «Zer da», esan zuen Caddyk.

        «Nik zertxobait badakit», esan zuen Fronyk.

        «Goazen», esan zuen Caddyk, «Aurrealdera joango gara».

        Joaten hasi ginen.

        «T.P.-k bere ipurtargiak nahi ditu», esan zuen Fronyk.

        «Utziozu beste pixka batean edukitzen, T.P», esan zuen Caddyk. «Ekarriko dizkizugu».

        «Zuek ez dituzue behin ere harrapatzen», esan zuen Fronyk.

        «Zuk eta T.P.-k ere etortzea badaukazuela esaten badut, utziko al diozue edukitzen», esan zuen Caddyk.

        «Niri inork ez dit esan nik eta T.P.-k zuri obeditu behar dizugunik», esan zuen Fronyk.

        «Zuek obeditu beharrik ez daukazuela esaten badut, utziko al diozue edukitzen», esan zuen Caddyk.

        «Ondo da», esan zuen Fronyk. «Utziozu edukitzen, T.P. Lanturuka nola dauden ikustera joango gara».

        «Ez dira lanturuka ari», esan zuen Caddyk. «Esan dizut festa dela. Lanturuka ari al dira, Versh».

        «Ez dugu jakingo zertan ari diren, hemen geldituta», esan zuen Vershek.

        «Goazen», esan zuen Caddyk. «Frony eta T.P.-k ez daukate niri obeditu beharrik. Baina gainontzekoak bai. Hobe zuk eramatea, Versh. Iluntzen ari du».

        Vershek altxa ninduen eta sukaldea inguratu genuen.

        Ertzetik begiratu genuenean argiak ikusi genituen kamioan gora etortzen. T.P. sotoko atera itzuli zen eta ireki egin zuen.

        Ba al dakizu zer dagoen hor behean, esan zuen T P-k. Gaseosak. Bi eskuak gaseosez beteta igotzen ikusi dut Mr Jason. Itxoin hemen pixka bat.

        T.P. sukaldeko atetik begiratzera joan zen. Dilseyk esan zuen, zertan zabiltza hor zelatan. Non da Benjy.

        Hortxe kanpoan, esan zuen T.P.-k.

        Segi ezazu zaintzera, esan zuen Dilseyk. Ez utzi etxera inguratzen. Bai, etxeko'ndre, esan zuen T. P.-k. Hasi al dira.

        Segi ezazu eta ez utzi mutil horri hemen azaltzen, esan zuen Dilseyk. Nahiko tan badaukat bestela ere.

        Sugea arrastaka atera zen etxe azpitik. Jasonek esan zuen berak ez ziela beldurrik sugeei eta Caddyk esan zuen Jasonek baietz baina berak ezetz eta Vershek esan zuen biak ala biak ere baietz eta Caddyk esan zuen zintzo egoteko, aitak esanda bezala.

        Ez zara ba orain orroka hasiko, esan zuen T.P.-k. Zartzaparrila pixka bat nahi duzu.

        Kilimakiak egiten zizkidan sudurrean eta begietan.

        Ez baduzu edan behar, eman niri, esan zuen T.P.-k. Ondo da, holaxe. Hobe dugu beste botila bat hartzea inork enbarazurik egiten ez digun bitartean. Ea, egon zintzo.

        Gelditu egin ginen zuhaitz azpian saloiko leihoaren ondoan. Vershek belar bustiaren gainera jaitsi ninduen. Hotza zegoen. Argiak zeuden leiho guztietan.

        «Hori da Amama dagoen tokia», esan zuen Caddyk. «Orain egunero gaixorik dago. Ondo jartzen denean mendira joango gara meriendatzera».

        «Nik zertxobait badakit», esan zuen Fronyk.

        Zuhaitzak ziztuka ari ziren, eta belarra ere bai.

        «Horren aldamenekoan pasatzen dugu guk elgorria», esan zuen Caddyk. «Zuk eta T.P.-k non pasatzen duzue elgorria, Frony».

        «Ba non egokitu hantxe, nik uste», esan zuen Fronyk.

        «Oraindik ez dira hasi», esan zuen Caddyk.

        Hasteko prestatzen ari dira, esan zuen T.P.-k. Zu gelditu hemen ni kaxa horren bila noan bitartean. Hartara dena ikusiko daga leihotik. Tira, goazen honako zartzaparrila bat bukatzera. Barruan hontz-zuria banu bezalaxe sentiarazten nau.

        Zartzaparrila edan genuen eta T.P.-k botilari burdinsaretik behera bultza, etxe azpira, eta joan egin ginen. Nik aditu egiten nituen saloian eta paretari josita jarri nituen eskuak. T.P.-k arrastaka ekarri zuen kaxa. Erori egin zen, eta barrez hasi zen. Hantxe gelditu zen, barrez belarretan. Altxa zen eta kaxa leiho azpiraino arrastatu zuen, barrerik ez egiten saiatuz.

        «Oihuka hasiko ote naizen beldurrez nago», esan zuen T.P.-k. «Igo kaxa gainera eta ikusi ea hasi diren».

        «Ez dira hasi orkestina ez delako oraindik etorri», esan zuen Caddyk.

        «Ez dute orkestinarik izango», esan zuen Fronyk.

        «Nola dakizu», esan zuen Caddyk.

        «Nik zertxobait badakit», esan zuen Fronyk.

        «Zuk ezer ez dakizu esan zuen Caddyk. Zuhaitzera joan zen. «Bultza gora, Versh».

        «Zure aitatxok esan zizun ez inguratzeko zuhaitz horretara», esan zuen Vershek.

        «Hori aspaldiko kontua da», esan zuen Caddyk. «Honezkero ahaztuko zen horretaz. Gainera, gaur gauean niri obeditzeko esan du. Ez al du esan gaur gauean niri obeditzeko».

        «Ba nik ez dizut obedituko», esan zuen Jasonek. «Frony eta T.P.-k ere ez».

        «Bultza gora, Versh», esan zuen Caddyk.

        «Ondo da», esan zuen Vershek. «Zuri emango dizute astindua. Ez niri». Joan eta Caddyri zuhaitzean gora bultza zion aurreneko adarreraino. Bere azpiko galtzatxoen atzealde lokaztua ikusi genuen. Orduan ez genuen bera ikusten. Zuhaitza zirti-zartaka sentitzen genuen.

        «Mr Jasonek esan zuen zuhaitz hori puskatzen bazenuen astindu egingo zintuela», esan zuen Vershek.

        «Kontatu egingo dut Caddyrena ere», esan zuen Jasonek.

        Zuhaitza zirti-zartaka ibiltzetik gelditu zen. Gora begiratu genuen adar geldietara.

        «Zer ikusten duzu», xuxurlatu zuen Fronyk.

        Ikusi egin nituen. Orduan Caddy ikusi nuen, ilean loreak jarrita, eta haize distiratsua bezalako belo luze batekin. Caddy Caddy.

        «Ixo», esan zuen T.P.-k. «Sentitu egingo zaituzte. Jaitsi azkar». Tira egin zidan. Caddy. Eskuak paretari josita jarri nituen Caddy. T.P.-k tira egin zidan. «Ixo», esan zuen, «Ixo. Etorri hona segituan». Tira egin zidan. Caddy «Isilik, Benjy. Zer nahi duzu, horiek sentitzea. Goazen, edan dezagun beste zartzaparrila pixka bat, gero itzuliko gara isiltzen baldin bazara. Hobe dugu beste botila bat hartzea edo bestela aurki gara biok oihuka. Danek edan duela esan dezakegu. Mr Quentin hor dabil beti oso bizkorra dela esaten, guk esan dezakegu txakur zartzaparrila zalea dela, gainera».

        Ilargiaren argia sotoko kosketan behera jaisten zen. Guk beste zartzaparrila pixka bat edan genuen.

        «Ba al dakizu zer nahi nukeen», esan zuen T.P.-k. «Sotoko ate horretatik hartza sartzea nahi nuke. Ba al dakizu zer egingo nukeen. Jo zuzenean bere ondora eta txistua botako nioke begira. Emadazu botila hori oihuka hasi baino lehen nire aho hau ixteko».

        T.P. erori egin zen. Barrez hasi zen, eta sotoko atea eta ilargiaren argia joan egin ziren kolpetik eta zerbaitek jo egin ninduen.

        «Isilik», esan zuen T.P.-k, barrerik ez egiten saiatuz, «Jainko santua, sentitu egingo gaitu mundu guztiak. Altxa», esan zuen T.P.-k, «Altxa azkar, Benjy». Zanbuluka eta barrez zebilen eta ni altxatzen saiatu nintzen. Sotoko koskak korrika zihoazen muinoan gora ilargiaren argitan eta T.P. erori egin zen muinoaren goialdean, ilargiaren argitan, eta nik korri egin nuen hesiaren kontra eta T.P.-k korri egin zuen nire atzetik esanez «Isilik, isilik». Orduan lore artera erori zen, barrez, eta nik korrika joan eta kaxa jo nuen. Baina haren gainera igotzen saiatu nintzenean joan egin zen kolpetik eta buruaren atzeko partean jo ninduen eta nire eztarriak hots bat atera zuen. Hotsa atera zuen berriro eta nik utzi egin nion altxatzen saiatzeari, eta hotsa atera zuen berriro eta ni negarrez hasi nintzen. Baina nire eztarriak hotsa ateratzen segitzen zuen T.P. tiraka ari zitzaidan bitartean. Ateratzen segitzen zuen eta nik ezin nuen esan negarrez ari nintzen ala ez, eta T.P. nire gainera erori zen, barrez, eta hark hotsa ateratzen segitzen zuen eta Quentinek ostikoz jo zuen T.P. eta Caddyk bere besoak nire inguruan jarri zituen, eta bere belo distiratsua, eta nik ez nuen gehiago zuhaitzen usaina aditzen eta negarrez hasi nintzen.

        Benjy, esan zuen Caddyk, Benjy. Bere besoak nire inguruan jarri zituen berriro, baina ni joan egin nintzen. «Zer duzu, Benjy», esan zuen, «Sonbreiru honengatik al da». Sonbreirua kendu eta etorri egin zen berriro, eta ni joan egin nintzen.

        «Benjy», esan zuen, «Zer duzu, Benjy. Zer egin du Caddyk».

        «Ez zaio gustatzen soineko moñoño hori», esan zuen Jasonek. «Zera usteko duzu, pertsona nagusia zarela, ezta. Beste edozein baino hobea zarela usteko duzu, ezta. Moñoña».

        «Itxi ahoa», esan zuen Caddyk, «Asto zikin hori. Benjy».

        «Hamalau urte dituzula-eta zera usteko duzu, pertsona nagusia zarela, ezta», esan zuen Jasonek. «Zerbait bazarela usteko duzu. Ezta».

        «Ixo, Benjy», esan zuen Caddyk. «Enbarazu egingo diozu Amari. Ixo».

        Baina ni ez nintzen isildu, eta bera joan zenean nik segi egin nion, eta berak eskaileretan gelditu eta itxoin egin zuen eta ni ere gelditu egin nintzen.

        «Zer duzu, Benjy», esan zuen Caddyk, «Kontatu Caddyri. Berak egingo du. Saiatu».

        «Candace», esan zuen Amak.

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Caddyk.

        «Zergatik amorrarazten duzu», esan zuen Amak. «Ekar ezazu hona».

        Amaren gelara joan ginen, etzanda zegoen tokira gaixotasuna zapi baten gainean jarrita buru gainean.

        «Zer duzue orain», esan zuen Amak. «Benjamin».

        «Benjy», esan zuen Caddyk. Etorri egin zen berriro, baina ni joan egin nintzen.

        «Zerbait egingo zenion-eta», esan zuen Amak. «Zergatik ez duzu bakean uzten, nik lasaitasun pixka bat izan dezadan. Emaiozu kaxa eta mesedez segi hemendik eta uztazu bakean».

        Caddyk hartu zuen kaxa eta lurrean jarri eta ireki egin zuen. Izarrez beteta zegoen. Ni geldirik nengoenean, haiek geldirik zeuden. Ni mugitzen nintzenean, haiek dizdiz eta bristadaka hasten ziren. Isildu egin nintzen.

        Orduan Caddyren pausoak aditu nituen eta berriro hasi nintzen.

        «Benjamin», esan zuen Amak, «Etorri hona Ni atera joan nintzen. «Aizu Benjamin», esan zuen Amak.

        «Zer da orain», esan zuen Aitak, «Nora zoaz».

        «Eraman ezazu behera eta norbaitek zain dezala, Jason», esan zuen Amak. «Jakin gaixorik nagoela, eta halere zuek ezin».

        Aitak area itxi zuen gure atzetik.

        «T.P», esan zuen.

        «Nagusi», esan zuen T.P.-k behetik.

        «Benjy behera doa», esan zuen Aitak. «Zoaz T.P.-rekin».

        Bainuko atera joan nintzen. Ura aditzen nuen.

        «Benjy», esan zuen T.P.-k behetik.

        Nik ura aditzen nuen. Entzun egiten nion.

        «Benjy», esan zuen T.P.-k behetik.

        Entzun egiten nion urari.

        Ezin nuen ura aditu, eta Caddyk atea ireki zuen.

        «Zer, Benjy», esan zuen. Begiratu egin zidan eta joan egin nintzen eta berak bere besoak nire inguruan jarri zituen. «Aurkitu al duzu Caddy berriro», esan zuen. «Caddyk alde egin egin zuela uste al zenuen». Caddyk zuhaitz usaina zeukan.

        Caddyren gelara joan ginen. Ispilu aurrean eseri zen. Eskuak gelditu eta begiratu egin zidan.

        «Zer, Benjy. Zer da», esan zuen.» Ez duzu negarrik egin behar. Caddy ez da joango. Ikusi hau», esan zuen. Botila hartu eta tapoia kendu eta nire sudurraren ondoan jarri zuen. «Goxoa. Usaindu. Zer ona».

        Ni joan egin nintzen eta ez nintzen isildu, eta berak eskuan zeukan botila, niri begira.

        «O», esan zuen. Botila utzi eta etorri eta bere besoak nire inguruan jarri zituen. «Hori zen hortaz. Eta Caddyri esan nahian ari zinen eta ezin zenuen. Nahi bai, baina ezin, ezta. Ez du ez Caddyk horrelakorik egingo. Ez du ez Caddyk horrelakorik egingo. Itxoin janzten naizen arte».

        Caddy jantzi zen eta hartu berriro botila eta sukaldera jaitsi ginen.

        «Dilsey», esan zuen Caddyk, «Benjyk opari bat dauka zuretzako». Makurtu eta botila nire eskuan jarri zuen. «Ea, emaiozu Dilseyri». Caddyk nire eskua luzatu zuen eta Dilseyk botila hartu zuen.

        «Hara, hara», esan zuen Dilseyk, «Nire umeak ez dio ba Dilseyri perfume botila bat ekarri. Ikusi hau, Roskus».

        Caddyk zuhaitz usaina zeukan. «Guk geuk ez dugu perfumea maite», esan zuen Caddyk.

        Zuhaitz usaina zeukan.

        «Ea, goazen», esan zuen Dilseyk. «Handiegia zara beste batekin lo egiteko. Orain mutil handia zara. Hamahiru urte. Nahiko handia Osaba Mauryren gelan bakarrik lo egiteko», esan zuen Dilseyk.

        Osaba Maury gaixorik zegoen. Bere begia gaixorik zegoen, eta bere ahoa. Vershek bandejan igo zion afaria.

        «Mauryk esaten du tiroa botako diola alproja horri», esan zuen Aitak. «Nik zera esan diot, hobe duela Pattersoni aldez aurretik ezer ez aitatzea». Edan egin zuen.

        «Jason», esan zuen Amak.

        «Tiroa bota nori, Aita», esan zuen Quentinek. «Zergatik botako dio tiroa Osaba Mauryk».

        «Bromatxo bat ondo hartzen jakin ez duelako», esan zuen Aitak.

        «Jason», esan zuen Amak, «Gogorra zara gero. Hortxe geratuko zinateke eserita, Maury enboskada batean nola hiltzen duten ikusteko, eta barre egingo zenuke gainera».

        «Hortaz Mauryk hobe du enboskadetara ez inguratzea», esan zuen Aitak.

        «Tiroa bota nori, Aita», esan zuen Quentinek, «Nori botako dio tiroa Osaba Mauryk».

        «Inori ez», esan zuen Aitak. «Ez daukat pistolarik».

        Ama negarrez hasi zen. «Hain gogoz kontra ematen baldin badiozu jana Mauryri, zergatik ez diozu, gizon jokatu, eta aurpegira esaten. Umeen aurrean barregarri utzi, bere atzetik».

        «Nik horrelakorik, ez horixe», esan zuen Aitak, «Miretsi egiten dut Maury. Estima ezina da, arraza nagusitasunari buruzko nire printzipioen arabera. Ez nuke Maury aldatuko ezta zaldi pare baten trukean ere. Eta ba al dakizu zergatik, Quentin».

        «Ez, jauna», esan zuen Quentinek.

        «Et ego in arcadia ahaztu egin zait nola esaten den latinez saralea», esan zuen Aitak. «Tira, tira», esan zuen, «Txantxetan ari nintzen». Edan egin zuen eta basoa utzi eta eskua Amaren sorbaldan jartzera joan zen.

        «Ez da txantxetako kontua», esan zuen Amak. «Nire familiakoak zurekoak bezain odol onekoak dira. Dena zer eta Mauryk osasun txarra duelako».

        «Horixe», esan zuen Aitak. «Osasun txarra bizirik dagoen guztiaren lehen arrazoia da. Gaitzetik sortua, putrefakzioaren baitan, ustelduraraino. Versh».

        «Nagusi», esan zuen Vershek nire aulkiaren atzetik.

        «Hartu botila eta bete ezazu».

        «Eta esan Dilseyri etortzeko Benjamin oheratzera», esan zuen Amak.

        «Mutil handia zara», esan zuen Dilseyk, «Caddy nekatuta dago zurekin lo egiteaz. Ixo, ea lo hartzen duzun». Gela joan egin zen, baina ni ez nintzen isildu, eta gela itzuli zen eta Dilsey etorri eta ohe gainean eseri zen, niri begira.

        «Ez al duzu zintzo-zintzo isildu nahi», esan zuen Dilseyk. «Ez, ezta. Orduan ea minutu bat itxoiterik badaukazun».

        Joan egin zen. Ez zegoen ezer atean. Orduan Caddy zegoen han.

        «Ixo», esan zuen Caddyk. «Hemen naiz».

        Ni isildu egin nintzen eta Dilseyk sobrakama erretiratu eta Caddy sobrakama eta tapakiaren artean sartu zen. Ez zuen kendu bere bainuko bata.

        «Begira», esan zuen, «Hemen nago». Dilsey tapaki batekin etorri zen eta Caddyren gainean zabaldu eta harekintxe bil-bil egin zuen.

        «Segituan hartuko du lo», esan zuen Dilseyk. «Argia piztuta utziko dut zure gelan».

        «Ondo da» esan zuen Caddyk. Bere burua nirearen ondora ekarri zuen burko gainean. «Gabon, Dilsey».

        «Gabon, laztana», esan zuen Dilseyk. Gela belztu egin zen. Caddyk zuhaitz usaina zeukan.

        Gora begiratu genuen bera zegoen zuhaitzera.

        «Zer ikusten du, Versh», xuxurlatu zuen Fronyk.

        «Xhhhhhhh», esan zuen Caddyk zuhaitzetik. Dilseyk esan zuen,

        «Zatozte denok hona». Etxearen ertzetik etorri zen. «Zergatik ez zarete denok gora igo, aitatxok esan dizuen bezala, nire ezkutuka alde egin beharrean. Non dira Caddy eta Quentin».

        «Nik esan diat zuhaitz horretara ez igotzeko», esan zuen Jasonek. «Kontatu egingo dut egin duena».

        «Nor eta zer zuhaitzetan», esan zuen Dilseyk. Etorri eta gora begiratu zuen zuhaitzera. «Caddy», esan zuen Dilseyk. Adarrak dardarka hasi ziren berriro.

        «Zu, Satanas», esan zuen Dilseyk. «Jaitsi hortik».

        «Ixo», esan zuen Caddyk, «Ez al dakizu Aitak zintzo egoteko esan duela». Bere bernak agerian jarri ziren eta Dilseyk besoak goratu eta zuhaitzetik jaitsi zuen.

        «Ba ote hain buru gutxi izatea, nora eta hona inguratzen uzteko», esan zuen Dilseyk.

        «Ezin izan dut horrekin ezer egin», esan zuen Vershek.

        «Zertan zabiltzate denok hemen», esan zuen Dilseyk. «Nork esan dizue etxera etortzeko».

        «Honek», esan zuen Fronyk. «Honek esan digu etortzeko».

        «Nork esan dizue berak esandakoa egin behar zenutela», esan zuen Dilseyk. «Ea, segi ezazue etxera». Frony eta T.P. joan egin ziren. Ezin genituen ikusi joaten ari ziren bitartean.

        «Hemen kanpoan gauaren erdian», esan zuen Dilseyk. Altxa ninduen eta sukaldera joan ginen.

        «Nire ezkutuka alde egiten», esan zuen Dilseyk. «Aspalditik ohean behar zenutela jakinda.»

        «Xhhhh, Dilsey», esan zuen Caddyk. «Ez hitz egin hain buila handian. Zintzo egon behar dugu».

        «Orduan itxi ahoa eta egon zintzo», esan zuen Dilseyk. «Quentin non da».

        «Quentin amorrarazita dago gaur gauean niri obeditu behar zidalako», esan zuen Caddyk. «Oraindik berak dauka T.P.-ren ipurtargi botila».

        «Nik uste hura gabe ere pasako dela T.P», esan zuen Dilseyk. «Zoaz Quentinen bila, Versh. Roskusek ukuilu aldera joaten ikusi omen du». Versh joan egin zen. Guk ezin genuen ikusi.

        «Ez dira ezer egiten ari hor barruan», esan zuen Caddyk. «Aulkietan eseri eta begiratu, hori besterik ez».

        «Ez dute zuen denon laguntza beharrik horretarako», esan zuen Dilseyk. Sukaldea inguratu genuen.

        Nora joan nahi duzu orain, esan zuen Lusterrek. Bolari nola ematen dioten ikustera al zoaz berriro. Hor lehen ere begiratu dugu. Aizu. Itxoin pixka bat. Zuk itxoin hemen ni bola horren bila noan bitartean. Zerbait bururatu zait.

        Sukaldea ilun zegoen. Zuhaitzak beltz-beltz zeuden zeruan. Dan zinbili-zanbala atera zen kosken azpitik eta nire orkatilan hozkaka hasi zen. Sukaldea inguratu nuen, ilargia zegoen tokitik. Dan hankak arrastaka etorri zen, ilargi argiaren barruraino.

        «Benjy», esan zuen T.P.-k etxe barrutik.

        Saloiko leihoaren ondoko zuhaitz loreduna ez zegoen ilun, baina zuhaitz lodiak bai. Belarra ziztuka ari zen ilargi argitan, nire itzala belarretatik zihoan tokian.

        «Aizu, Benjy», esan zuen T.P.-k etxe barrutik. «Non gorde zara. Isilka alde egin nahian zabiltza. Badakit».

        Luster itzuli egin zen. Itxoin, esan zuen. Aizu. Ez joan harantz. Miss Quentin eta bere senargaia hamakan daude hor haranzko aldean. Etorri hemendik. Itzuli hona, Benjy.

        Ilun zegoen zuhaitz azpian. Danek ez zuen etorri nahi. Ilargi argitan geratu zen. Orduan hamaka ikusi nuen eta negarrez hasi nintzen.

        Alde hortik, Benjy, esan zuen Lusterrek. Badakizu Miss Quentin amorrarazi egingo dela.

        Orain bi zeuden hamaka gainean, eta gero bat bakarrik. Caddy korrika etorri zen, ilunpetan zuri-zuri.

        «Benjy», esan zuen, «Nola alde egin duzu. Non da Versh».

        Bere besoak nire inguruan jarri zituen eta ni isildu egin nintzen eta bere soinekoari heldu eta tira egin nion handik eramateko.

        «Zer, Benjy», esan zuen. «Zer da. T.P.» hots egin zuen.

        Hamakakoa zutitu eta etorri egin zen, eta nik negar egin nuen eta tira egin nion Caddyren soinekoari.

        «Benjy», esan zuen Caddyk. «Charlie da. Ez al duzu Charlie ezagutzen».

        «Non da bere beltza», esan zuen Charliek. «Nolatan uzten diote hortik barrena libre ibiltzen».

        «Ixo, Benjy», esan zuen Caddyk. «Alde, Charlie. Ez zaitu gustukoa». Charlie joan egin zen eta ni isildu egin nintzen. Tira egin nion Caddyren soinekoari.

        «Zer, Benjy esan zuen Caddyk. «Ez al didazu hemen geratzen utziko Charlierekin pixka batean hitz egiteko».

        «Hots egiozu beltz horri», esan zuen Charliek. Itzuli egin zen. Nik negar handiagoak egin nituen eta tira egin nion Caddyren soinekoari.

        «Alde, Charlie», esan zuen Caddyk. Charliek etorri eta eskuak Caddyren gainean jarri zituen eta nik negar gehiago egin nuen. Negar handiak egin nituen.

        «Ez, ez», esan zuen Caddyk. «Ez. Ez».

        «Ezin du hitz egin», esan zuen Charliek. «Caddy».

        «Erotu egin al zara», esan zuen Caddyk. Arnasa oso azkar hartzen zuen. «Baina ikusi bai. Ez. Ez». Caddy borrokan art zen. Biek oso azkar hartzen zuten arnasa. «Mesedez. Mesedez», xuxurlatu zuen Caddyk.

        «Bidaltzazu», esan zuen Charliek.

        «Bidaliko dut», esan zuen Caddyk. «Askatu».

        «Bidaliko al duzu», esan zuen Charliek.

        «Bai», esan zuen Caddyk. «Askatu». Charlie joan egin zen. «Ixo», esan zuen Caddyk. «Joan da». Isildu egin nintzen. Aditu egiten nuen Caddy eta bere bularra mugitzen sentitzen nuen.

        «Etxera eraman beharko dut», esan zuen. Eskutik heldu zidan. «Banator», xuxurlatu zuen.

        «Itxoin», esan zuen Charliek. «Hots egiozu beltzari».

        «Ez», esan zuen Caddyk. «Itzuliko naiz. Goazen, Benjy».

        «Caddy», xuxurlatu zuen Charliek, indarrez. Guk segi egin genuen. «Ez gero niri han gelditu. Itzuliko al zara». Caddy eta ni korrika gindoazen. «Caddy», esan zuen Charliek. Ilargi argitaraino heldu ginen korrika, sukalderako bidean.

        «Caddy», esan zuen Charliek.

        Caddy eta nik korri egin genuen. Korrika igo genituen sukaldeko koskak, portxeraino, eta Caddyk ilunpetan belaunikatu eta heldu egin zidan. Nik aditu egiten nuen Caddy eta bere bularra sentitzen nuen. «Berriz ez», esan zuen. «Berriz ez dut egingo, sekula. Benjy. Benjy». Orduan negarrez ari zen, eta nik negar egin nuen, eta elkarri heldu genion. «Ixo», esan zuen. «Ixo. Berriz ez dut egingo». Hortaz ni isildu egin nintzen eta Caddy zutitu egin zen eta sukaldera sartu eta argia piztu genuen eta Caddyk sukaldeko xaboia hartu eta ahoa garbitu zuen arraskan, indarrarekin. Caddyk zuhaitz usaina zeukan.

        Mila aldez esan dizut ez horra inguratzeko, esan zuen Lusterrek. Zutitu egin ziren hamaka gainean, segituan. Quentinek eskuak ilean zeuzkan. Hark gorbata gorria zeukan.

        Erdi ero zahar hori, esan zuen Quentinek. Kontatu egingo diot Dilseyri noan tokira noala nire atzetik etortzen uzten diozula. Ea astindu eder bat ematen dizun.

        «Ezin izan dut geldiarazi», esan zuen Lusterrek. «Etorri hona, Benjy».

        «Bai, geldiarazteko modua bazenuen», esan zuen Quentinek. «Ez zara saiatu. Nire atzetik zelatan zenbiltzaten biok. Amonak bidali al zaituzte ni espiatzera». Hamakatik jaitsi zen salto batez. «Ez baldin baduzu oraintxe bertan hemendik eraman eta aparte edukitzen, Jasoni zuri astindu bat emateko esango diot».

        «Ezin dut berarekin ezer egin», esan zuen Lusterrek. «Saia zaitez zeu posible duzula uste baduzu».

        «Itxi ahoa», esan zuen Quentinek. «Eramango duzu ala ez».

        «E, utziozu geratzen», esan zuen hark. Gorbata gorria zeukan. Eguzkia gorri zegoen haren gainean. «Ikusi hau, motel». Pospoloa piztu eta ahoan sartu zuen. Orduan pospoloa ahotik atera zuen. Artean sutan zegoen. «Probatu nahi», esan zuen. Ni harantz joan nintzen. «Ireki ahoa», esan zuen. Nik ahoa ireki nuen. Quentinek zartako bat eman zion pospoloari eta hura joan egin zen.

        «Madarikatu hori», esan zuen Quentinek. «Martxan jarri nahi al duzu berriro. Ez al dakizu egun osorako negarra balukeela. Dilseyri kontatuko diot». Joan egin zen korrika.

        «Aizu, neska», esan zuen hark. «E. Itzuli hona. Ez diot gehiago adarrik joko».

        Quentinek korrika segi zuen etxeraino. Sukaldea inguratu zuen.

        «Ederra egin duzu», esan zuen hark. «E, mutil».

        «Ez daki zer esaten diozun», esan zuen Lusterrek. «Gor-mutua da».

        «Bai», esan zuen hark. «Noiz ezkero dago horrela».

        «Gaur hogeita hamahiru urte horrela dagoela», esan zuen Lusterrek. «Erdi eroa jaiotzez. Zu horietako komedianteren bat al zara».

        «Zer ba».

        «Ez zaitut lehenago hemen horietan ikusi», esan zuen Lusterrek.

        «Hara, eta», esan zuen hark.

        «Ezer ez esan zuen Lusterrek. «Ni gauean joango naiz».

        Hark niri begiratu zidan.

        «Ez zara ba zu izango zerrotearekin kanta jotzen duena, ezta», esan zuen Lusterrek.

        «Hogeita bost zentabo kostako zaizu hori jakitea», esan zuen hark. Niri begiratu zidan. «Zergatik ez dute nonbait ixten», esan zuen. «Zergatik ekarri duzu hona».

        «Ez niri esan», esan zuen Lusterrek. «Ezin dut berarekin ezer egin. Galdu dudan hogeita bost zentabokoaren bila etorri naiz, gauean funtziora joan ahal izateko. Antza denez ez dut joaterik izango». Lusterrek lurrera begiratu zuen. «Ez duzu hogeita bost zentaboko bat soberan izango, ezta», esan zuen Lusterrek.

        «Ez», esan zuen hark. «Ez daukat».

        «Orduan beste hura aurkitu beharko dut», esan zuen Lusterrek. Eskua poltsikoan sartu zuen. «Golf bolarik ere ez duzu erosi nahiko, ezta», esan zuen Lusterrek.

        «Zer bola klase», esan zuen hark.

        «Golfekoa», esan zuen Lusterrek. «Hogeita bost zentabo bakarrik eskatzen ditut».

        «Zertarako», esan zuen hark. «Zer egingo nuke nik horrekin».

        «Pentsatzen nuen bai ez zenuela nahiko», esan zuen Lusterrek. «Etorri hona, astakirten hori», esan zuen, «Etorri hona bola horri nola ematen dioten ikustera. Tori. Baduzu hemen zerekin jostatua, beste sorgin-belar horrekin batera». Lusterrek hura jaso zuen eta eman egin zidan. Distiratsua zen.

        «Nondik atera duzu hori», esan zuen hark. Bere gorbata gorri-gorri zegoen eguzkitan, oinez zihoala.

        «Sastraka horren azpian aurkitu dut», esan zuen Lusterrek. «Momentu batez iruditu zait galdutako txanpona zela». Hark etorri eta hartu egin zuen.

        «Ixo», esan zuen Lusterrek. «Emango dizu begiratzetik bukatzen duenean».

        «Agnes Mabel Becky», esan zuen hark. Etxe aldera begiratu zuen.

        «Ixo», esan zuen Lusterrek. «Oraintxe emango dizu».

        Hark eman egin zidan eta ni isildu egin nintzen.

        «Nor etorri zitzaion bart ikustera», esan zuen hark.

        «Ez dakit», esan zuen Lusterrek. «Gauez zuhaitz horretatik jaisteko modua duenero etortzen dira. Ez ditut nik haien aztarnak segitzen».

        «Norbaitek utzi du ba hemen aztarna», esan zuen hark. Etxera begiratu zuen. Orduan joan eta hamakan etzan zen. «Alde», esan zuen. «Ez enbarazurik egin».

        «Etorri hona», esan zuen Lusterrek. «Ederra egin duzu oraintxe. Honezkero Miss Quentinek kontatu du zer egin duzun».

        Hesira joan eta lore katramilatuen arteko tarteetatik begiratu genuen. Luster bila zebilen belarretan.

        «Hementxe nuen», esan zuen. Bandera kulunkatzen ikusi nuen, eta eguzkia belar zabalaren gainera zeharka jaisten.

        «Segituan etorriko da bat edo beste», esan zuen Lusterrek. «Orain ere badaude batzuk, baina badoaz. Etorri bilatzen laguntzera».

        Hesi ondotik joan ginen.

        «Ixo», esan zuen Lusterrek. «Nola etor araziko ditut ba, etortzekoak ez badira. Itxoin. Laster etorriko da bat edo beste. Begira harako hartara. Hemen dira».

        Hesi ondotik segi nuen, langaraino, neskak beren liburu-karterekin pasatzen ziren tokiraino. «Aizu, Benjy», esan zuen Lusterrek. «Itzuli hona».

        Ez duzu ezer aurreratuko langatik begiratuta, esan zuen T P-k. Miss Caddy urrutira joan zen. Ezkondu eta utzi egin zintuen. Ez duzu ezer aurreratuko, langari heldu eta negar eginda. Ezin dizu aditu.

        Zer nahi du, T P, esan zuen Amak. Ezin al duzu berarekin jostatu eta zintzo eduki.

        Harako hartara jaitsi nahi du langatik begiratzera, esan zuen T P-k.

        Ba ezin du, esan zuen Amak. Euria ari du. Berarekin jostatu eta zintzo eduki beharko duzu. Aizu, Benjamin.

        Ez da hau zintzo edukiko duenik, esan zuen T P-k. Zera uste du, langara jaitsi ezkero Itzuli egingo dela Miss Caddy.

        Txorakeriak, esan zuen Amak.

        Hizketan aditzen nituen. Atetik atera nintzen eta ez nituen aditzen, eta langara joan nintzen, neskak beren liburu-karterekin pasatzen ziren tokira. Begiratu egiten zidaten, azkar-azkar zihoazela, buruak jiratuta. Ni esaten saiatu nintzen, baina haiek aurrera segi zuten, eta ni hesi ondotik joan nintzen, esan nahian, eta haiek azkarrago zihoazen. Orduan korrika ari ziren eta ni hesiaren ertzeraino heldu eta ezin nintzen harantzago joan, eta hesiari heldu nion, haiei atzetik begiratuz eta esan nahian.

        «Aizu, Benjy», esan zuen T.P.-k. «Zertan zabiltza, alde eginda. Ez al dakizu Dilseyk astindu egingo zaituela».

        «Ez duzu ezer aurreratuko, langa aurrean lanturuka eta lerde-jarioka egonda», esan zuen T.P.-k. «Ikaratu egin dituzu ume horiek. Begiraiezu, kalearen beste aldetik doaz».

        Nola atera da, esan zuen Aitak. Langa irekita utzi al duzu sartu zarenean, Jason.

        Horixe ezetz, esan zuen Jasonek. Ez al dakizu horretarako baino buru gehixeago badudala. Zer uste duzu, nik nahi nuela horrelakorik gertatzea. Bestela ere nahiko lan badugu familia honetan, ondo daki Jainkoak. Lehendik ere banekien nik hau. Orain Jacksonera bidaliko duzue noski. Mrs Burguessek ez badio aurretik tiro bat botatzen.

        Ixo, esan zuen Aitak.

        Lehendik ere banekien nik hau, esan zuen Jasonek.

        Irekita zegoen ukitu nuenean, eta heldu egin nion ilunsentian. Ez nintzen negarrez ari, eta gelditzen saiatu nintzen, ilunsentian zetozen neskei begira. Ez nintzen negarrez ari.

        «Hor dago».

        Gelditu egin ziren.

        «Ezin da atera. Inori ez dio minik egiten, dena dela. Goazen».

        «Ikara ematen dit. Ikaratuta nago. Ni kalea gurutzatzera noa».

        «Ezin da atera».

        Ni ez nintzen negarrez ari.

        «Ez izan beldurtia. Goazen».

        Ilunsentian zetozen. Ni ez nintzen negarrez ari, eta langari heldu nion. Poliki zetozen.

        «Ikaratuta nago».

        «Ez dizu minik egingo. Ni egunero pasatzen naiz hemendik. Hesi ondotik korrika ibiltzea besterik ez du egiten».

        Bazetozen. Nik langa ireki eta haiek gelditu egin ziren, jiratuz. Ni esan nahian ari nintzen, eta heldu egin nion hari, esan nahian, eta hark garrasi egin zuen eta ni esan nahian eta esan nahian ari nintzen eta forma distiratsuak gelditzen hasi ziren eta ni ateratzen saiatu nintzen. Haiek nire aurpegitik kentzen saiatu nintzen, baina forma distiratsuak martxan jarri ziren berriro. Muinoan gora zihoazen hura ezkutatzen zen tokirantz, eta ni negar egiten saiatu nintzen. Baina arnasa hartutakoan, ezin nuen berriro arnasa bota negar egiteko, eta muinoan behera ez erortzen saiatu nintzen eta muinoan behera erori nintzen jirabiraka zebiltzan forma distiratsuetara.

        Aizu, erdi eroa, esan zuen Lusterrek. Hemen datoz batzuk. Utzi zure lerde jario eta lanturu horiek.

        Banderaraino etorri ziren. Hark atera zuen eta haiek jo egin zuten, orduan hark jarri egin zuen bandera berriro.

        «Jauna», esan zuen Lusterrek.

        Hark bere ingurura begiratu zuen. «Zer», esan zuen.

        «Golfeko bola bat erosi nahi», esan zuen Lusterrek.

        «Ea ikusi», esan zuen hark. Hesiraino etorri zen eta Lusterrek bola luzatu zion handik barrena.

        «Nondik atera duzu», esan zuen hark.

        «Aurkitu egin dut», esan zuen Lusterrek.

        «Hori badakit», esan zuen hark. «Non. Norbaiten golfeko poltsan».

        «Hemen atarian botata aurkitu dut», esan zuen Lusterrek. «Hogeita bost zentabo eskatzen ditut».

        «Zerk pentsarazten dizu zurea dela», esan zuen hark.

        «Nik aurkitu dut», esan zuen Lusterrek.

        «Orduan beste bat aurki ezazu», esan zuen hark. Bere poltsikoan sartu zuen eta joan egin zen.

        «Gaur gauean funtzio horretara joan beharra daukat», esan zuen Lusterrek.

        «Hara», esan zuen hark. Muntora joan zen. «Kontuz, caddie», esan zuen. Eman egin zion.

        «Oraindik holakorik», esan zuen Lusterrek. «Ikusten ez dituzunean builaka eta ikusten dituzunean builaka. Zergatik ezin zara isildu. Ez al zara jabetzen jendea nekatu egiten dela denbora guztian zuri entzuteaz. Tori. Erori egin zaizu sorgin-belarra». Jaso zuen eta eman egin zidan. «Berria behar duzu. Hau ederki maiztu duzu». Hesian gelditu ginen, haiei begira.

        «Gizon zuri hori ez da tratatzen erraza», esan zuen Lusterrek. «Ikusi al duzu nola hartu duen nire bola». Aurrera egin zuten. Guk hesiaren ondotik segi genuen. Lorategiraino etorri eta ezin izan ginen harantzago joan. Nik hesiari heldu nion eta loreen arteko tarteetatik begiratu nuen. Haiek joan egin ziren.

        «Orain ez daukazu lanturuka aritzeko arrazoirik», esan zuen Lusterrek. «Isildu. Denez ere nik daukat, lanturuka aritzeko arrazoia, baina zuk ez. Tori. Zergatik ez diozu heltzen lore horri. Hurrena horregatikantxe hasiko zara orroka». Lorea eman zidan. «Nora zoaz orain».

        Gure itzalak belar gainean zeuden. Gu baino lehen heldu ziren zuhaitzetara. Nirea heldu zen aurrena. Orduan hara heldu ginen, eta orduan itzalak joanak ziren. Lore bat zegoen botilan. Nik beste lorea sartu nuen han.

        «Zu bezalako gizon puska», esan zuen Lusterrek. «Botilan sartutako bi loretxoekin jostatzen. Ba al dakizu zer egingo duten zurekin Miss Cahline hiltzen denean. Jacksonera bidaliko zaituzte, dagokizun tokira. Hala dio Mr Jasonek. Han bai izango duzula egun osoa barroteei heldu eta lerde-jarioka egoteko modua, beste erdi ero guztiekin batera. Zer iruditzen zaizu».

        Lusterrek irauli egin zituen loreak zartako batez. «Horixe egingo dizute Jacksonen orroka hasten zarenean».

        Ni loreak jasotzen saiatu nintzen. Lusterrek jaso zituen, eta joan egin ziren. Ni negarrez hasi nintzen.

        «Egin orro», esan zuen Lusterrek. «Egin orro. Orro egiteko arrazoiren bat nahi. Ba ondo da. Caddy», xuxurlatu zuen. «Caddy. Egin orro orain. Caddy».

        «Luster», esan zuen Dilseyk sukaldetik.

        Loreak itzuli egin ziren.

        «Ixo», esan zuen Lusterrek. «Hemen dituzu. Begira. Lehen bezalaxe jarri ditut. Ea, ixo».

        «Aizu, Luster», esan zuen Dilseyk.

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. «Bagoaz. Ederra egin duzu. Altxa». Besotik tira zidan eta ni altxa egin nintzen. Zuhaitzetatik atera ginen. Gure itzalak joanak ziren.

        «Ixo», esan zuen Lusterrek. «Ikusi jende guzti hori zuri begira. Ixo».

        «Ekartzazu hona», esan zuen Dilseyk. Eskailera-koskak jaitsi zituen.

        «Zer egin diozu orain», esan zuen.

        «Nik ez diot ezer egin», esan zuen Lusterrek. «Orroka hasi da, besterik gabe».

        «Bai, zera», esan zuen Dilseyk. «Zerbait egingo zenion-eta. Non izan zarete».

        «Han zedro haien azpian», esan zuen Lusterrek.

        «Quentin amorrarazteko», esan zuen Dilseyk. «Zergatik ez duzu harengandik aparte edukitzen. Ez al dakizu ez zaiola gustatzen Benjy bere ondoan ibiltzea».

        «Ba nik adina denbora badauka horri kasu egiteko», esan zuen Lusterrek. «Ez da nire osaba».

        «Ez gero niri lotsagabekerian hasi, beltza», esan zuen Dilseyk.

        «Nik ez diot ezer egin», esan zuen Lusterrek. «Hortxe zebilen jostatzen, eta ez non eta ez han orroka hasi da».

        «Ez zinen ba bere hilobian lardaskan ibiliko», esan zuen Dilseyk.

        «Nik ez dut bere hilobia ukitu», esan zuen Lusterrek.

        «Ez gero niri gezurrik esan, motel», esan zuen Dilseyk. Koskak igo eta sukaldean sartu ginen. Dilseyk labeko atea ireki eta aulki haren parera eraman eta ni bertan eseri nintzen. Isildu egin nintzen.

        Zergatik jarri nahi duzu hura martxan, esan zuen Dilseyk. Zergatik ez duzu handik aparte edukitzen.

        Suari begiratzea besterik ez zuen egiten, esan zuen Caddyk. Ama izen berria esaten ari zitzaion. Ez genuen martxan jarri nahi.

        Badakit ezetz, esan zuen Dilseyk. Bata etxearen punta batean eta bestea bestean. Eta orain utzi nire gauzak bakean. Ez ezer ukitu ni itzuli arte.

        «Ez al zara zure buruaz lotsatzen», esan zuen Dilseyk. «Hau zirikatzen ibiliko zinen ba». Tarta mahai gainean jarri zuen.

        «Ez dut nik zirikatu», esan zuen Lusterrek. «Asta-mantzanilez betetako botila horrekin jostatzen zebilen eta ez non eta ez han orroka hasi da. Zerorrek ere aditu duzu».

        «Ez al diezu ezer egin bere loreei», esan zuen Dilseyk.

        «Nik ez dut bere hilobia ukitu», esan zuen Lusterrek. «Zertarako ditut nik bere trasteak. Ni nire hogeita bost zentabokoaren bila nenbilen».

        «Galdu egin duzu, e», esan zuen Dilseyk. Kandelak piztu zituen tarta gainean. Batzuk txikiak ziren. Beste batzuk handiak puska ttikitan moztuak. «Esan nizun ba nik gordetzeko. Orain zera nahiko duzu, nik Fronyri bestea eskatzea».

        «Funtzio horretara joan beharra daukat, Benjy bai edo Benjy ez», esan zuen Lusterrek. «Ez naiz bere atzetik ibiliko gau eta egun».

        «Berak zer nahi huraxe egingo duzu zuk, beltza», esan zuen Dilseyk. «Aditzen».

        «Ez al dut ba beti hala egiten», esan zuen Lusterrek. «Ez al dut ba beti berak nahi duena egiten. Ez al da hala, Benjy».

        «Orduan eutsi horri», esan zuen Dilseyk. «Hona ekarriko zenuen ba, marruka, beste hori ere martxan jartzeko. Ea, segi denok tarta jatera, Jason etorri baino lehen. Ez dut nahi niri errietan hastea zer eta neronen diruarekin eros! dudan tarta batengatik. Nola egingo nuen ba tarta hemen, kontatu egiten ditu-eta sukalde honetara sartzen diren arrautza guztiak. Ea orain bakean uzten duzun, ez baduzu gauean funtzio horretara joan gabe gelditu nahi».

        Dilsey joan egin zen.

        «Zuk ezin dituzu kandelak haize eman», esan zuen Lusterrek. «Ikusi nola haize ematen ditudan nik». Makurtu eta aurpegia puztu zuen. Kandelak joan egin ziren. Ni negarrez hasi nintzen. «Ixo», esan zuen Lusterrek. «Ea. Begiratu suari nik tarta ebakitzen dudan bitartean».

        Erlojua aditzen nuen, eta Caddy aditzen nuen nire atzean zutik, eta teilatua aditzen nuen. Euria ari du oraindik, esan zuen Caddyk. Gorrotoa diot euriari. Gorrotoa diot denari. Eta orduan bere burua nire magalera etorri zen eta bera negarrez ari zen, niri helduta, eta ni negarrez hasi nintzen. Orduan suari begiratu nion berriro eta forma distiratsu, goxoak bazihoazen berriro. Erlojua eta teilatua eta Caddy aditzen nituen.

        Tarta pixka bat jan nuen. Lusterren eskua beste tarta puska bat hartzera etorri zen. Jaten aditzen nuen. Suari begiratu nion.

        Alanbre puska handi bat pasa zen nire sorbalda gainetik. Ateraino joan zen, eta orduan sua joan egin zen. Ni negarrez hasi nintzen.

        «Eta orain zer duzu uluka hasteko», esan zuen Lusterrek. «Begiratu harako hartara». Sua han zegoen. Isildu egin nintzen. «Ezin al zara eseri eta zintzo-zintzo suari begira egon mammyk esan dizun bezala», esan zuen Lusterrek. «Lotsa behar zenuke zure buruaz. Begira. Tori beste tarta pixka bat».

        «Zer egin diozu orain», esan zuen Dilseyk. «Ezin al duzu une batez bakean utzi».

        «Isilarazi nahian ari nintzen Miss Cahlineri enbarazurik egin ez diezaion», esan zuen Lusterrek. «Zerbaitek martxan jarri du berriro».

        «Badakit nik zerbait horren izena», esan zuen Dilseyk. «Etxeratzen denean nik esango diot Vershi makilarekin bero-bero egiteko. Horren atzetik zabiltza. Horren atzetik daramazu egun osoa. Errekara eraman al duzu».

        «Ez, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. «Hortxe atarian egon gara egun osoan, zuk esanda bezala».

        Bere eskua beste tarta puska baten bila etorri zen. Dilseyk jo egin zuen haren eskua. «Luzatu, luzatu berriro, eta txiki-txiki egingo dizut honako harakin labana honekintxe», esan zuen Dilseyk. «Apustu egingo nuke berak ez duela puska bakar bat hartu».

        «Ba hartu du» esan zuen Lusterrek. «Nire bi halako jan du dagoeneko. Galdetu berari bestela».

        «Luzatu beste behin», esan zuen Dilseyk. «Luzatu beste behin eta ikusiko duzu».

        Ondo da, esan zuen Dilseyk. Hurrena nire negar egiteko txanda izango da noski. Mauryk utziko dit noski beragatik ere negar pixka bat egiten.

        Orain bere izena Benjy da, esan zuen Caddyk.

        Nolatan, esan zuen Dilseyk. Oraindik ez du gastatu jaiotakoan eman zioten izena, ezta.

        Benjamin Bibliatik dator, esan zuen Caddyk. Berari hobeto doakio Maury baino.

        Nolatan, esan zuen Dilseyk.

        Amak hala dio, esan zuen Caddyk.

        Ba, esan zuen Dilseyk. Izenak ez dio batere lagunduko. Kaltetu ere ez. Jendeak ez du suerterik izaten, izenak aldatzen ibilita. Nire izena Dilsey izan da gogora dezakedana baino lehenagotik ere eta Dilsey izango da aspaldi ahaztua nautenean ere.

        Eta nola jakingo dute Dilsey dela, aspaldi ahaztua zaituztenean, Dilsey, esan zuen Caddyk.

        Liburuan egongo da, laztana. Idatzita.

        Zuk irakurtzerik bai, esan zuen Caddyk.

        Beharrik ere ez, esan zuen Dilseyk. Irakurri egingo didate. Nik hemen nago esan eta horrekin dena egina izango dut.

        Alanbre luzea nire sorbalda gainetik pasa zen, eta sua joan egin zen. Negarrez hasi nintzen.

        Dilsey eta Luster borrokan ari ziren.

        «Ikusi zaitut», esan zuen Dilseyk. «O, ikusi zaitut». Luster arrastaka atera zuen txokotik, astinduz. «Orduan ez zion ezerk enbarazurik egiten, e. Ikusiko duzu zure aitatxo etxeratzen denean. Nahiago nuke garai bateko sasoia banu, ederki asko taxutuko zintuzket. Gogoa ematen dit sotoan itxi eta gauean funtziora joan gabe uztekoa, hara zer esaten dizudan».

        «O, mammy», esan zuen Lusterrek. «O, mammy».

        Nik eskua luzatu nuen sua egondako tokira. «Heldu horri», esan zuen Dilseyk.

        «Heldu horri».

        Nire eskuak salto egin zuen atzerantz eta nik ahoan sartu nuen eta Dilseyk heldu egin ninduen. Nire ahotsaren artetik erlojua aditzen nuen orduan ere. Dilseyk jira eta buruan jo zuen Luster. Nire ahotsa gero eta indartsuagoa zen.

        «Ekarri gaseosa hori», esan zuen Dilseyk. Atera egin zidan eskua ahotik. Orduan nire ahotsa areago indartu zen eta nire eskua ahora joaten saiatu zen berriro, baina Dilseyk heldu egin zion. Nire ahotsa indartu egin zen. Berak gaseosaz zipriztindu zuen nire eskua.

        «Segi despentsara eta kendu puska bat iltzetik zintzilik dagoen zatar horri», esan zuen. «Ea, ixo. Ez duzu ba zure amatxo berriro gaixotu nahiko, ezta. Zatoz, begiratu suari. Minutu batean kenduko dizu Dilseyk eskuko mina. Begiratu suari». Labeko atea ireki zuen. Nik suari begiratu nion, baina nire eskuko mina ez zen gelditu eta ni ez nintzen gelditu. Nire eskua nire ahora joan nahian ari zen, baina Dilseyk heldu egin zion.

        Zapian bilduta jarri zuen. Amak esan zuen,

        «Zer duzue orain. Gaixorik ere ezin ote naiz lasai egon. Ohetik jaiki behar ote dut zertan dabilen ikusteko, bi beltz handi edukita bera zaintzeko».

        «Ondo dago orain», esan zuen Dilseyk. «Segituan isilduko da. Eskua erre du pixka bat, hori du dena».

        «Bi beltz handi edukita, etxera marruka sartzen utzi», esan zuen Amak. «Propio jartzen duzue martxan, bai baitakizue gaixorik nagoela». Etorri eta nire ondoan jarri zen. «Ixo», esan zuen. «Oraintxe bertan. Zuk eman al diozu tarta han».

        «Nik erosi dut», esan zuen Dilseyk. «Ez da Jasonen despentsatik atera. Festa pixka bat egin diot bere urtebetetzerako».

        «Pozondu egin nahi al duzu almazeneko tarta merke horiekin», esan zuen Amak. «Horren atzetik al zabiltza. Ez ote dut sekula minutu bateko bakerik izango».

        «Segi gora eta etzan zaitez», esan zuen Dilseyk. «Segituan joango zaio erresumina, eta isilduko da. Ea, segi ezazu».

        «Bera hemen utzita zuek beste zerbait egin diezaiozuen», esan zuen Amak. «Nola egongo naiz ba han etzanda, bera hemen behean marruka dagoela. Benjamin. Ixo segituan».

        «Nora eramanik ez daukagu», esan zuen Dilseyk. «Ez daukagu lehen adina toki. Atarian ere ezin egongo da ba, negarrez, auzoko guztien bistan».

        «Badakit, badakit», esan zuen Amak. «Dena nire erruz da. Laster joango naiz, eta Jason eta biok hobeto konponduko zarete». Negarrez hasi zen.

        «Isil zaitez», esan zuen Dilseyk. «Okerrago jarriko zara. Segi ezazu gora. Lusterrek liburutegira eramango du eta berarekin jostatzen ibiliko da nik bere afaria prestatu bitartean».

        Dilsey eta Ama atera egin ziren.

        «Isildu», esan zuen Lusterrek. «Zaude isilik. Beste eskua erreko dizut, hori nahi baldin baduzu. Minik ez duzu, isildu».

        «Tori», esan zuen Dilseyk. «Eta orain utzi negar horiek». Txapina eman zidan, eta ni isildu egin nintzen. «Eraman liburutegira», esan zuen. «Eta berriro sentitzen badut, neronek astinduko zaitut».

        Liburutegira joan ginen, Lusterrek argia piztu zuen. Leihoak beltz-beltz jarri ziren, eta hormako toki dun luze hura etorri egin zen eta ni hura ukitzera joan nintzen. Ate bat bezalakoa zen, bakarrik zera, ez zela ate bat.

        Sua nire atzetik etorri zen eta ni suaren ondora joan eta lurrean eseri nintzen, txapinari helduta. Sua gorago igo zen. Amaren aulkiko kuxinaren gaineraino igo zen.

        «Isildu», esan zuen Lusterrek. «Ezin al zara ordea pixka batean isildu. Nik zuretzako sua piztu, eta zuk ezta begiratu ere».

        Zure izena Benjy da, esan zuen Caddyk. Aditzen. Benjy. Benjy.

        Ez hori esan, esan zuen Amak. Ekarri hona.

        Caddyk beso azpietatik altxa ninduen.

        Altxa, Mau... edo Benjy, esan zuen.

        Ez ezazu altxa, esan zuen Amak. Ezin al duzu honaino gidatu. Horrenbeste ere ezin ote duzu pentsatu.

        Altxatzea badaukat, esan zuen Caddyk. «Utzidazu altxatzen, Dilsey».

        «Bai zera, txikitxo», esan zuen Dilseyk. «Arkakuso bat altxatzeko ere nahiko handia ez zara-eta. Ea, egon zintzo, Mr Jasonek esanda bezala».

        Argi bat zegoen eskaileraren goialdean. Aita han zegoen, alkandora hutsik. Bere begiratzeko moduak Ixo esaten zuen. Caddyk xuxurlatu zuen,

        «Ama gaixorik al dago».

        Vershek lurrean utzi ninduen eta Amaren gelara joan ginen. Sua zegoen. Horma gainetik igo eta jaitsi zebilen. Ispiluan beste su bat zegoen. Nik gaixotasunaren usaina aditzen nuen. Amaren buru gainean tolestutako zapi bat zen. Bere ilea burko gainean zegoen. Sua ez zen haraino heltzen, hain bere eskuaren gainean distiratzen zuen, eraztunak saltari zebiltzan tokian.

        «Etorri Amari gabon esatera», esan zuen Caddyk. Oheraino joan ginen. Sua ispilutik atera zen. Aitak ohetik zutitu eta altxa egin ninduen eta Amak nire buruan jarri zuen bere eskua.

        «Zer ordu da», esan zuen Amak. Bere begiak itxita zeuden.

        «Zazpiak hamar gutxi», esan zuen Aitak.

        «Oraindik goizegi du oheratzeko», esan zuen Amak. «Egunsentian esnatuko da, eta nik ez dut gaurkoa bezalako beste egun batekin burutzerik izango».

        «Ea ba, ea ba», esan zuen Aitak. Amaren aurpegia ukitu zuen.

        «Badakit karga bat besterik ez naizela zuretzat», esan zuen Amak. «Baina laster joango naiz. Eta egiten dizudan enbarazuaz libratuko zara».

        «Ixo», esan zuen Aitak. «Behera eramango dut pixka batean». Altxa egin ninduen. «Goazen, adiskide. Jaitsi gaitezen behera pixka batean. Isilik ibili beharko dugu Quentinek estudiatzen duen bitartean».

        Caddy oheraino joan eta burua okertu zuen haren gainetik eta Amaren eskua suaren argitasunean sartu zen. Bere eraztunak saltari zebiltzan Caddyren bizkar gainean.

        Ama gaixorik dago, esan zuen Aitak. Dilseyk oheratuko zaitu. Non da Quentin.

        Verbs haren bila joan da, esan zuen Dilseyk.

        Aita zutik zegoen eta begiratu egiten zigun pasatzen ari ginela. Ama bere gelan aditzen genuen. Caddyk esan zuen «Ixo». Jason artean eskailerak igotzen ari zen. Eskuak poltsikoetan zeuzkan.

        «Gaur zintzo ibili behar duzue denok», esan zuen Aitak. «Eta isilik, Amari enbarazurik ez egiteko».

        «Isilik ibiliko gara», esan zuen Caddyk. «Orain isilik ibili behar duzu, Jason», esan zuen. Hanka punttatan joan ginen.

        Teilatua aditzen genuen. Sua ere ikusten nuen ispiluan. Caddyk altxa egin ninduen berriro.

        «Ea, goazen», esan zuen. «Gero etorriko zara berriro sutondora. Ea, ixo».

        «Candace», esan zuen Amak.

        «Ixo, Benjy esan zuen Caddyk. «Amak ikusi egin nahi zaitu minutu batez. Izan mutil zintzoa. Gero etorriko zara berriro, Benjy».

        Caddyk lurrean utzi ninduen, eta ni isildu egin nintzen.

        «Utziozu hemen geratzen, Ama. Suari begiratzeaz nekatzen denean, esango diozu».

        «Candace», esan zuen Amak. Caddyk makurtu eta altxa egin ninduen. Balantza egin genuen. «Candace», esan zuen Amak.

        «Ixo», esan zuen Caddyk. «Oraindik ikusi ahal duzu. Ixo».

        «Ekarri hona», esan zuen Amak. «Handiegia da zuk altxatzeko. Ez gehiago saiatu ere egin. Mina hartuko duzu bizkarrean. Gure familiako andre guztiak beti harro egon dira beren tentetasunagatik. Arropa-garbitzaile baten itxura eduki nahi al duzu».

        «Ez du horrenbeste pisatzen», esan zuen Caddyk. «Altxatzea badaukat».

        «Beno, ez dut ba nahi altxatzea», esan zuen Amak. «Bost urtetako umea. Ez, ez. Nire magalean ez. Zutik gera dadila».

        «Hartzen baduzu, isilduko da», esan zuen Caddyk. «Ixo», esan zuen. «Segituan itzuliko zara. Tori. Hemen duzu zure kuxina. Ikusi».

        «Ez, Candace», esan zuen Amak.

        «Utziozu honi begiratzen eta zintzo egongo da», esan zuen Caddyk. «Altxa pixka bat, atera egingo dut-eta. Horra, Benjy. Begira».

        Nik hari begiratu eta isildu egin nintzen.

        «Laineza gehiegi ematen diozue», esan zuen Amak. «Bai zuk eta bai zure aitak. Ez duzue konprenitzen ondorioak nik pagatu behar ditudala. Amamak ere holaxe mimatzen zuen Jason eta bi urte behar izan zituen hura gainditzeko, eta indarra falta dut nik, Benjaminekin ere horretatik pasatzeko».

        «Zuk ez duzu beragatik kezkatu behar», esan zuen Caddyk. «Nik gustura zaintzen dut. Ezta, Benjy».

        «Candace», esan zuen Amak. «Esan nizun ez horrela deitzeko. Nahiko lan izan genuen zure aitari zuri ezizen barregarri hori jartzeko tema egin zitzaionean, eta ez dut ametituko honi ere beste bat jartzea. Ezizenak baldarrak dira. Jende arruntak bakarrik erabiltzen ditu. Benjamin», esan zuen.

        «Begiratu niri», esan zuen Amak.

        «Benjamin», esan zuen. Nire aurpegia bere eskuetan hartu eta berearen aldera jiratu zuen.

        «Benjamin», esan zuen. «Kendu hortik kuxin hori, Candace».

        «Negarrez hasiko da», esan zuen Caddyk.

        «Kendu hortik kuxin hori, esan dizudan bezala», esan zuen Amak. «Obeditzen ikasi beharra dauka».

        Kuxina joan egin zen.

        «Ixo, Benjy», esan zuen Caddyk.

        «Zoaz hara eta eser zaitez», esan zuen Amak. «Benjamin». Nire aurpegia berearen ondoan jarri zuen.

        «Nahikoa dugu», esan zuen. «Nahikoa da».

        Baina ni ez nintzen isildu eta Amak besoetan hartu ninduen eta negarrez hasi zen, eta nik negar egin nuen. Orduan kuxina itzuli zen eta Caddyk heldu eta Amaren buru gainean eduki zuen. Ama aulkiaren bizkarraren kontra jarri zuen eta Ama negarrez geratu zen kuxin gorri eta horiaren kontra.

        «Ixo, Ama», esan zuen Caddyk. «Segi ezazu gora etzatera, horrela gaixorik egon ahal izango zara. Ni Dilseyren bila joango naiz». Suaren ondora eraman ninduen eta nik forma distiratsu, goxoei begiratu zuen. Sua eta teilatua aditzen nituen.

        Aitak altxa egin ninduen. Euri usaina zeukan.

        «Zer, Benjy», esan zuen. «Zintzo ibili al zara gaur».

        Caddy eta Jason borrokan ari ziren ispilu barruan.

        «Aizu, Caddy», esan zuen Aitak.

        Borrokan ari ziren. Jason negarrez hasi zen.

        «Caddy», esan zuen Aitak. Jason negarrez ari zen. Orain ez zuen borrokarik egiten, baina Caddy ispilu barruan borrokan ikusten genuen eta Aitak lurrean utzi ninduen eta ispilu barrura joan eta borroka egin zuen berak ere. Altxa egin zuen Caddy. Borrokan ari zen Caddy. Jason lurrean zegoen, negarrez. Artaziak eskuan zeuzkan. Aitak Caddyri heltzen zion.

        «Moztu egin ditu Benjyren panpina guztiak», esan zuen Caddyk. «Nik muturra puskatuko diot berari».

        «Candace», esan zuen Aitak.

        «Puskatu, bai», esan zuen Caddyk. «Puskatu, bai». Borroka egin zuen. Aitak heldu egin zion. Caddyk ostikoa eman zion Jasoni. Jason piririka joan zen txokoraino, ispilutik kanpora. Aitak suaren ondora ekarri zuen Caddy. Denak ispilutik kanpora zeuden. Barruan sua bakarrik zegoen. Sua ate batean balego bezala.

        «Nahikoa dugu», esan zuen Aitak. «Ama bere gelan gaixorik jartzea nahi al duzu».

        Caddy gelditu egin zen. «Moztu egin ditu Mau... Benjyk eta biok egindako panpina guztiak», esan zuen Caddyk. «Gaiztakeria hutsagatik».

        «Ez», esan zuen Jasonek. Zutitzen ari zen, negarrez. «Ez nekien bereak zirela. Paper zaharrak zirela uste nuen».

        «Jakingo ez zenuen ba», esan nuen Caddyk. «Propio egin duzu».

        «Ixo», esan zuen Aitak. «Jason», esan zuen.

        «Bihar beste batzuk egingo dizkizut», esan zuen Caddyk. «Pila bat egingo ditugu. Tori, kuxinari ere begiratzea badaukazu».

        Jason sartu zen.

        Mila aldiz esan dizut isiltzeko, esan zuen Lusterrek.

        Zer duzue orain, esan zuen Jasonek.

        «Amorrarazteagatik ari da», esan zuen Lusterrek. «Holaxe darama egun osoa».

        «Zergatik ez duzu hortaz bakean uzten», esan zuen Jasonek. «Ezin baduzu zintzo eduki, sukaldera eraman beharko duzu. Besteok ezin dugu geure burua gela batean itxi Amak bezala».

        «Mammyk dio ez uzteko sukaldera inguratzen berak afaria prestatu arte», esan zuen Lusterrek.

        «Orduan jostatu berarekin eta eduki zintzo», esan zuen Jasonek. «Egun osoa lanean pasa eta etxeratutakoan eroetxe bat aurkitu behar ote dut». Egunkaria zabaldu eta irakurri egin zuen.

        Suari eta ispiluari eta kuxinari ere begiratzea badaukazu, esan zuen Caddyk. Ez daukazu afarira arte itxoin beharrik kuxinari begiratzeko. Teilatua aditzen genuen. Jason ere aditzen genuen, indarrez negar egiten hormaren bestaldean.

        Dilseyk esan zuen, «Zatoz, Jason. Eta zuk uztazu bakean, aditzen».

        «Bai, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek.

        «Non da Quentin», esan zuen Dilseyk. «Afaria ia prest dago».

        «Ez dakit, etxeko'ndre», esan zuen Lusterrek. «Ez dut ikusi».

        Dilsey joan egin zen. «Quentin», esan zuen pasilloan. «Quentin. Afaria prest dago».

        Teilatua aditzen genuen. Quentinek euri usaina zeukan, berak ere.

        Zer egin du Jasonek, esan zuen.

        Moztu egin ditu Benjyren panpina guztiak, esan zuen Caddyk.

        Amak esan zuen ez deitzeko Benjy, esan zuen Quentinek. Gure ondoan eseri zen alfonbra gainean. Nahiago nuke euririk egingo ez balu, esan zuen. Ezin da ezer egin.

        Borrokan ibili zara, esan zuen Caddyk. Ezta.

        Ez da ezer izan, esan zuen Quentinek.

        Zuk hala diozu, esan zuen Caddyk. Aitak antzeman egingo du.

        Berdin zait, esan zuen Quentinek. Nahiago nuke euririk egingo ez balu.

        Quentinek esan zuen, «Dilseyk ez al du esan afaria prest dagoela».

        «Bai», esan zuen Lusterrek. Jasonek Quentini begiratu zion. Orduan egunkaria irakurri zuen berriro. Quentin sartu zen. «Esan du ia prest dagoela», esan zuen Lusterrek. Quentinek salto egin zuen Amaren aulkian. Lusterrek esan zuen.

        «Mr Jason».

        «Zer», esan zuen Jasonek.

        «Emazkidazu hogeita bost zentabo», esan zuen Lusterrek.

        «Zertarako», esan zuen Jasonek.

        «Gauean funtziora joateko», esan zuen Lusterrek.

        «Uste nuen Dilseyk hogeita bost zentaboko bat eskatzekoa ziola Fronyri zuretzat», esan zuen Jasonek.

        «Eskatu zion», esan zuen Lusterrek. «Galdu egin dut. Benjy eta biok txanpon horren bila ibili gara egun osoan. Galdetu berari».

        «Orduan eskatu beste bat berari», esan zuen Jasonek. «Nik lan eginda irabazten dut nire dirua». Egunkaria irakurri zuen. Quentinek suari begiratzen zion. Sua bere begien barruan eta bere aho gainean zegoen. Bere ahoa gorri-gorri zegoen.

        «Ahaleginak egin ditut hara ingura ez zedin», esan zuen Lusterrek.

        «Itxi ahoa», esan zuen Quentinek. Jasonek begiratu egin zion.

        «Zer esan nizun nik egingo nuela berriro funtzioko elementu horrekin ikusten bazintudan», esan zuen. Quentinek suari begiratu zion. «Aditu al didazu», esan zuen Jasonek.

        «Aditu dizut», esan zuen Quentinek. «Zergatik ez duzu egiten, orduan».

        «Ez kezkatu», esan zuen Jasonek.

        «Ez nago kezkatuta», esan zuen Quentinek. Jasonek egunkaria irakurri zuen berriro.

        Nik teilatua aditzen nuen. Aitak aurrerantz makurtu eta Quentini begiratu zion.

        Kaixo, esan zuen. Nork irabazi du.

        «Inork ez», esan zuen Quentinek. «Banatu egin gaituzte. Maisuek».

        «Nor zen», esan zuen Aitak. «Ez al didazu esan nahi».

        «Zuzena izan da», esan zuen Quentinek. «Ni bezain handia zen».

        «Ondo», esan zuen Aitak. «Zergatik izan den esaterik ba al daukazu».

        «Ezergatik ez», esan zuen Quentinek. «Esan du igela sartuko zuela maistraren pupitrean eta maistra ez zela ausartuko berari astindu bat ematera».

        «A», esan zuen Aitak. «Maistra. Eta gero zer».

        «Bai, ba hori», esan zuen Quentinek. «Ba nik orduan jo egin dut».

        Teilatua aditzen genuen eta sua eta negar-zotin bat atetik kanpora.

        «Nondik atera behar zuen igela azaroan», esan zuen Aitak.

        «Ez dakit, jauna».

        Aditu egiten genituen.

        «Jason», esan zuen Aitak. Jason aditzen genuen.

        «Jason», esan zuen Aitak. «Etorri hona eta egon isilik».

        Teilatua eta sua eta Jason aditzen genituen.

        «Nahikoa dugu», esan zuen Aitak. «Beste astindu bat ematea nahi al duzu». Aitak Jason altxa eta bere ondoan jarri zuen besaulkian. Jason negar-zotinka ari zen. Sua eta teilatua aditzen genituen. Jasonek negar-zotin handixeagoak egin zituen

        «Beste behin», esan zuen Aitak. Sua eta teilatua aditzen genituen.

        Dilseyk esan zuen, Ondo da. Etortzea badaukazue afaltzera.

        Vershek euri usaina zeukan. Txakur usaina zeukan, baita ere. Sua eta teilatua aditzen genituen.

        Caddy aditzen genuen azkar-azkar zebilela. Aitak eta Amak atera begiratu zuten. Caddy haren aurretik pasa zen, azkar-azkar zebilela. Ez zuen begiratu. Azkar-azkar zebilen.

        «Candace», esan zuen Amak. Caddy ibiltzetik gelditu zen.

        «Bai, Ama», esan zuen.

        «Ixo, Caroline», esan zuen Aitak.

        «Etorri hona», esan zuen Amak.

        «Ixo, Caroline», esan zuen Aitak. «Uztazu bakean».

        Caddy atera etorri eta han gelditu zen Aitari eta Amari begira. Bere begiak nigana etorri ziren hegan, eta joan egin ziren. Ni negarrez hasi nintzen. Negarra handiagoa egin zen eta ni altxa egin nintzen. Caddy barrura sartu eta hormari bizkarra emanda gelditu zen, niri begira. Ni beragana abiatu nintzen, negarrez eta bera areago atzeratu zen hormaren kontra eta nik bere begiak ikusi eta indar handiagoz egin nuen negarra eta soinekotik tira nion. Berak eskuak luzatu zituen baina nik soinekotik tira nion. Bere begiek korri egiten zuten.

        Vershek esan zuen, orain zure izena Benjamin da. Ba al dakizu nolatan taren Benjamin orain. Hortzurdin egin nahi zaituztelako. Mammyk esaten du aspaldi batean zure aitonak izena aldatu ziola beltz bati, eta predikari egin omen zen, eta begiratu ziotenean, hortzurdina omen zen hura ere. Baina lehenago ez omen zen hortzurdina, Eta andre haurdunek ilargi beteko gauetan begiratzen ziotenean, umeak hortzurdinak jaiotzen omen ziren. Eta iluntze batean, dozenaren bat ume hortzurdin inguru haietatik korrika zebiltzan batean, ez omen zen etxera itzuli. Zarigueiak harrapatzen zebiltzan ehiztari batzuek aurkitu omen zuten basoan, goitik behera janda. Eta ba al dakizu nork jan zuen. Ba ume hortzurdin haiexek.

        Pasilloan geunden. Caddyk niri begira segitzen zuen. Eskua ahoaren kontra zeukan eta nik bere begiak ikusi eta negar egin nuen. Eskailerak igo genituen. Bera gelditu egin zen berriro, hormaren kontra, niri begira eta nik negar egin nuen eta berak segi egin zuen eta nik bere atzetik, negarrez eta bera areago atzeratu zen hormaren kontra, niri begira. Bere gelako atea ireki zuen, baina nik soinekotik tira nion eta bainugelara joan ginen eta bera atearen kontra gelditu zen, niri begira. Orduan besoa aurpegiaren aurrean jarri zuen eta nik bultza egin nion, negarrez.

        Zer egiten diozu, esan zuen jasonek. Zergatik ez duzu bakean uzten.

        Ukitu ere ez dut egin, esan zuen Lusterrek. Holaxe darama egun osoa. Astindu bat behar luke.

        Jacksonera bidaltzea behar luke, esan zuen Quentinek. Nola bizi liteke inor horrelako etxea batean.

        Ez baduzu gustukoa, andereño, joatea aski duzu, esan zuen Jasonek.

        Asmo hori dut, esan zuen Quentinek. Ez kezkatu.

        Vershek esan zuen, «Atzera zaitez pixka bat, ea bernak lehortzerik badudan». Bultza egin ninduen pixka bat atzerantz. «Ez orain orroka hasi. Oraindik ikus dezakezu. Beste lanik ez daukazu. Ez duzu nik bezala euritan ibili beharrik izan. Suerte onarekin Jalo zinen eta ez zara konturatu ere egiten». Bizkar gainean etzan zen suaren aurrean.

        «Ba al dakizu zergatik jarri dizuten Benjamin izena», esan zuen Vershek. «Zure amatxo harroegia da zuretzako. Hala dio mammyk».

        «Zaude geldirik eta ea bernak lehortzen uzten didazun», esan zuen Vershek. «Bestela ba al dakizu zer egingo dudan. Ipurtzuloa larrutuko dizut».

        Sua eta teilatua eta Versh aditzen genituen.

        Vershek salto batez zutitu eta hankak atzeratu zituen. Aitak esan zuen, «Ondo da, Versh».

        «Gaur gauean nik emango diot jana», esan zuen Caddyk. «Batzuetan negar egiten du Vershek ematen dionean».

        «Eraman gora bandeja hau», esan zuen Dilseyk. «Eta etorri azkar Benjyri jana matera».

        «Ez al duzu nahi Caddyk jana ematea», esan zuen Caddyk.

        Txapina zahar zikin hori mahai gainean eduki beharra al dauka, esan zuen Quentinek. Zergatik ez diozu jana sukaldean ematen. Txerri batekin jatea bezalaxe da.

        Ez bazaizu gustatzen gure jateko modua, mahaira ez etortzea aski duzu, esan zuen jasonek.

        Lurruna ateratzen zitzaion Roskusi. Sukaldearen aurrean eserita zegoen. Labeko atea irekita zegoen eta Roskusek han zeuzkan jarrita hankak. Lurruna ateratzen zitzaion katiluari. Caddyk aise sartu zuen koilara nire ahoan. Mantxa beltz bat zegoen katiluaren barruan.

        Ea, ea, esan zuen Dilseyk, ez dizu gehiago enbarazurik egingo.

        Arrastotik behera jaitsi zen. Orduan katilua hutsik zegoen. Joan egin zen. «Goseak dago gaur gauean», esan zuen Caddyk. Katilua etorri egin zen atzera. Ez nuen mantxa ikusten. Orduan bai. «Goseak akabatzen dago, gaur gauean», esan zuen Caddyk. «Begira zenbat jan duen».

        Bai egingo dit, esan zuen Quentinek. Zuek bidaltzen duzue niri zelata egitera. Gorroto diot etxe honi. Alde egin egingo dut.

        Roskusek esan zuen «Furia izango dugu gau osoan».

        Aspalditik zabiltza alde egiten, baina ez zara sekula jateko ordua baino urrutirago joaten, esan zuen jasonek.

        Ikusiko dugu, esan zuen Quentinek.

        «Orduan ez dakit zer egingo nukeen», esan zuen Dilseyk. «Dagoeneko aldaka erabat hartua daukat eta ia ezin naiz mugitu ere egin. Ilunabar osoa eskailera horietan gora eta behera».

        O, ez ninduke harrituko, esan zuen Jasonek. Ez ninduke harrituko zuk egindako ezertxok ere.

        Quentinek mahai gainera bota zuen bere serbileta.

        Itxi ahoa, Jason, esan zuen Dilseyk. Joan eta Quentinen inguruan jarri zuen bere besoa. Eseri, laztana, esan zuen Dilseyk. Lotsa behar luke bere buruaz, zure errua ez dena zuri tankera horretan aurpegiratzeko.

        «Berriro ere petralduta dago, ezta», esan zuen Roskusek.

        «Zuk itxi ahoa», esan zuen Dilseyk.

        Quentinek apartatu egin zuen Dilsey. Jasoni begiratu zion. Bere ahoa gorri-gorri zegoen. Bere ur basoa hartu eta atzerantz bota zuen besoa, Jasoni begira. Dilseyk besotik heldu zion. Borroka egin zuten. Basoa mahai gainean puskatu zen, eta urak mahai gainera alde egin zuen. Quentin korrika ari zen.

        «Ama gaixorik dago berriro», esan zuen Caddyk.

        «Nola ez ba», esan zuen Dilseyk. «Horrelako eguraldiak edozein gaixotzen du. Noiz bukatu behar duzu afaria, mutil».

        Madarikatu hori, esan zuen Quentinek. Madarikatu hori. Korrika aditzen genuen eskaileretan. Liburutegira joan ginen.

        Caddyk kuxina eman zidan, eta nik baneukan kuxinari eta ispiluari eta suari begiratzerik.

        «Isilik ibili behar dugu Quentinek estudiatzen duen bitartean», esan zuen Aitak. «Zertan ari zara, Jason».

        «Ezertan ez», esan zuen Jasonek.

        «Eta hona etorri eta zerbaitetan hasiko bazina», esan zuen Aitak.

        Jason txokotik atera zen.

        «Zer ari zara mastekatzen», esan zuen Aitak.

        «Ezer ez», esan zuen Jasonek.

        «Papera mastekatzen ari da berriro», esan zuen Caddyk.

        «Etorri hona, Jason», esan zuen Aitak.

        Jasonek sutara bota zuen. Txistua atera eta zabaldu egin zen, belztuz. Orduan grisa zen. Orduan joan egin zen. Caddy eta Aita eta Jason Amaren besaulkian zeuden. Jasonen begiak itxita eta puztuta zeuden eta bere ahoa mugitu egiten zen, zerbait probatzen ari balitz bezala. Caddyren burua Aitaren sorbaldan zegoen. Bere ilea sua bezalakoa zen, eta bere begietan su puntu txikiak zeuden, eta ni joan nintzen eta Aitak altxa egin ninduen ni ere besaulkira, eta Caddyk heldu egin zidan. Zuhaitz usaina zeukan.

        Zuhaitz usaina zeukan. Txokoan ilun zegoen, baina leihoa ikusten nuen. Pikotxetan jarri nintzen han, txapinari helduta. Nik ez nuen ikusten, baina nire eskuek ikusten zuten, eta iluntzen ari zuela aditzen nuen, eta nire eskuek ikusten zuten txapina baina nik ez, baina nire eskuek ikusten zuten txapina, eta ni pikotxetan jarri nintzen han, nola iluntzen zuen aditzen.

        Hemen zaude, esan zuen Lusterrek. Begira zer daukadan. Erakutsi egin zidan hura. Badakizu nondik atera dudan. Miss Quentinek eman dit. Banekien nik ez nindutela joan gabe utziko. Zer egiten duzu hemen. Uste nuen kanpora alde egin zenuela. Ez al duzu gaurkoz nahiko lanturu eta lerde jario izan, gela huts honetan ezkutatu gabe, marmarka eta builaka. Etorri ohera, ea hasi baino lehen ailegatzen naizen. Gaur ezin dut gau guztia zurekin txorakeriatan pasa. Aurreneko korneta hotsak aditu orduko ospa egingo dut.

        Ez ginen joan gure gelara.

        «Hemen pasatzen dugu guk elgorria», esan zuen Caddyk. «Zergatik egin behar dugu lo hemen gaur gauean».

        «Zer axola dizu zer tokitan lo egiten duzun», esan zuen Dilseyk. Atea itxi eta etorri eta ni eranzten hasi zen. «Ixo», esan zuen Dilseyk.

        «Nik Amamarekin lo egin nahi dut», esan zuen Jasonek.

        «Gaixorik dago», esan zuen Caddyk. «Ondo jartzen denean egingo duzu lo berarekin. Ezta, Dilsey».

        «Ea, ixo», esan zuen Dilseyk. Jason isildu egin zen.

        «Gure kamisoiak eta denak hemen daude-eta», esan zuen Caddyk. «Etxez aldatzea bezala da».

        «Ba hobe duzu janztea», esan zuen Dilseyk. «Eta askatu botoiak Jasoni».

        Caddyk botoiak askatu zizkion Jasoni. Jason negarrez hasi zen.

        «Astindu bat nahi ai duzu», esan zuen Dilseyk. Jason isildu egin zen.

        Quentin, esan zuen Amak pasilloan.

        Zer, esan zuen Quentinek hormaren bestaldean. Ama atea giltzaz ixten aditu genuen. Gure gela barrura begiratu zuen eta sartu eta ohe ondoan makurtu eta musu eman zidan kopetan.

        Ohean sartzen duzunean, zoaz Dilseyri galdetzera ea gaizki ikusten duen nik poltsa bero bat edukitzea, esan zuen Amak. Esan gaizki ikusten badu, saiatuko naizela gabe pasatzen. Esan jakin egin nahi dudala, besterik gabe.

        Bai etxeko'ndre, esan zuen Lusterrek. Tira. Erantzi galtzak.

        Quentin eta Versh sartu ziren. Quentinek bestaldera jirata zeukan aurpegia. «Zergatik ari zara negarrez», esan zuen Caddyk.

        «Ixo», esan zuen Dilseyk. «Ea, erantzi zaitezte denok. Eta zuk segi ezazu etxera, Versh».

        Ni erantzi nintzen eta neure buruari begiratu eta negarrez hasi nintzen. Ixo, esan zuen Lusterrek. Alferrik zabiltza haien bila. Joan ziren haiek. Horrela segitzera, ez dizugu gehiago urtebetetze festarik egingo. Kamisoia jarri zidan. Ni isildu egin nintzen, eta orduan Luster gelditu egin zen, burua leiho aldera zuela. Orduan leihora joan eta kanpora begiratu zuen. Itzuli eta besotik heldu zidan. Hor doa, esan zuen. Ea, egon zintzo. Leihora joan eta kanpora begiratu genuen. Hura Quentinen leihotik atera eta zuhaitzean barrena sartu zen. Zuhaitza dardarka ikusi genuen. Dardara zuhaitzean behera jaitsi zen, orduan hura handik atera zen eta guk belarretatik alde egiten ikusi genuen. Orduan ezin izan genuen gehiago ikusi. Goazen, esan zuen Lusterrek. Horra. Aditzen al dituzu kornetak. Sartu ohean, nire hankak zintzo dauden bitartean.

        Bi ohe zeuden. Quentin bestean sartu zen. Aurpegia hormaren aldera jiratu zuen. Dilseyk haren ondoan sartu zuen Jason. Caddyk bere soinekoa kendu zuen.

        «Begira zure azpiko galtzatxoak», esan zuen Dilseyk. «Eskerrak amatxok ikusi ez zaituen».

        «Ba nik dagoeneko kontatu diot», esan zuen Jasonek. «Banekien bai nik kontatuko zeniola», esan zuen Dilseyk.

        «Ba begira zer aurreratu duzun horrekin», esan zuen Caddyk. «Kontakatilu».

        «Zer aurreratu dut horrekin», esan zuen Jasonek.

        «Zergatik ez duzu kamisoia janzten», esan zuen Dilseyk. Joan eta Caddyri gorontza eta azpiko galtzatxoak kentzen lagundu zion. «Begira zer itxura daukazun», esan zuen Dilseyk. Galtzatxoak estutu eta igurtzi bat eman zion haiekin Caddyri atzealdean. «Blai utzi zaituzte», esan zuen. «Baina gaur gauean ez duzu bainurik. Etorri». Kamisoia jantzi zion Caddyri eta Caddy ohean sartu zen eta Dilsey ateraino joan eta gelditu egin zen eskua argiaren gainean zuela. «Eta orain egon denok zintzo, aditzen», esan zuen.

        «Ondo da», esan zuen Caddyk. «Ama ez da etorriko gaur gauean», esan zuen. «Hortaz denok niri obeditu beharra daukagu oraindik».

        «Bai», esan zuen Dilseyk. «Ea ba, egin lo».

        «Ama gaixorik dago», esan zuen Caddyk. «Amama eta biak gaixorik daude».

        «Ixo», esan zuen Dilseyk. «Lo egin ezazue».

        Gela belztu egin zen, atea izan ezik. Orduan atea belztu egin zen. Caddyk esan zuen, «Ixo, Maury», bere eskua nire gainean jarriz. Hortaz ni isilik geratu nintzen. Geure buruak aditzen genituen. Iluntasuna aditzen genuen.

        Joan egin zen iluntasuna, eta Aitak begiratu egin zigun. Quentini eta Jasoni begiratu zien, eta orduan etorri eta Caddyri musu eman eta nire buru gainean jarri zuen bere eskua.

        «Ama oso gaixorik al dago», esan zuen Caddyk.

        «Ez», esan zuen Aitak. «Ondo zainduko al duzu Maury».

        «Bai», esan zuen Caddyk.

        Aita atera joan zen eta begiratu egin zigun berriro. Orduan iluntasuna itzuli zen, eta bera atean gelditu zen beltz-beltz, eta orduan atea belztu egin zen berriro. Caddyk heldu egin zidan eta nik geure buruak aditzen nituen, eta iluntasuna, eta beste zerbait usaindu egiten nuena. Eta orduan leihoak ikusi nituen, zuhaitzak ziztuka ari ziren tokia. Orduan iluntasuna joaten hasi zen forma goxo, distiratsuekin, beti egiten duen bezala, baita Caddyk lo egon naizela esaten duenean ere.

 

 

 

© William Faulkner

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"William Faulkner / Hotsa eta ardaila" orrialde nagusia