HITZAURREA

 

        Hitz egidazu Hegoalderi buruz. Nolakoa da? Zer egiten du han jendeak? Zergatik bizi dira han? Zergatik bizi dira, hitz batean? (Absalom, Absalom!)

 

 

I

 

        «Idazle amerikar guztiei begiratu, eta Faulknerren bizitza iruditzen zaigu misteriotsuena», idatzi zuen behin Raymond Queneauk, eta arrazoiz agian, zeren denbora askoan gaizki ezagutua izan baita Absalom, Absalom, Santutegia eta gure Hotsa eta Ardaila honen egilearen bizitza. Izanez ere, idazleak ez zuen gogoko bere bizitzari buruz hitz egitea, eta inork hartara behartu ezkero nahastu egiten zuen benetan bizi izandakoa eta bere asmaketa hutsa zena. Kazetarien aurrean, kasu, noizbait edukitako lanpostuak sekula egin gabeko lanekin batera aipatzen zituen, eta, umoretsu, putetxe bat zuzentzeko lana eskaini berria ziotela ere aitortu zuen Jean Stein kazetari eta lagunaren aurrean; «sekula eskaini zioten lanik onena» zela gehituz gainera. Portaera hau ez zen ordea lan kontuetan bukatzen, eta badira bere bizitzako zenbait pasadizo ospetsu —biografia askotan aipatuak— putetxeko kontu hura bezain oinarri gabeak direnak. Bere gerrako zauriarena, adibidez. Lehenengo mundu gerratearen bukaeran, Faulkner gaztea —hogeita bat urte zituen orduan— herrenka itzuli omen zen Oxford bere herrira, esanez berak pilotatzen zuen aeroplanoak Frantziako soro batean bukatu zuela bataila baten erdian. Baina, herrian laster jakin zenez, Faulknerrek ez zuen inongo batailatan parte hartzeko aukerarik izan, zeren Gerra Handia bera artean The British Royal Flying Corps delakoaren pilotu-eskolan zegoela bukatu baitzen. Guztiarekin, Faulknerrek bizitza osoan mantendu zuen gerrako zauriaren kontu hura.

        Ez zen, bada, bere bizitzaren xehetasunak eman-zale eta imajinatu ere egin dezakegu puritanismo estuan hazitako mississippiar haren ezkutatzeko nahi horren arrazoia. Begiratuko zion bere pilotu karreran egin zuen bide motzari, begiratuko zien bizitza sentimentalean egindako estropezuei edota diru aldetik ere urte askotan ezagututako larritasunei... eta bere begiek ikusten zutena ez zitzaion beharbada inori kontatzeko modukoa irudituko. Ezkutatzen hasita, bere ofizioa ere ezkutatzen zuen ahal zuen guztietan: «Ni ez naiz idazlea, ni nekazaria naiz!», deklaratzen omen zuen Nobel Saria jaso eta gero ere.

        Dena dela, Faulknerren biografian bada atal bat aski ezaguna, hain zuzen bere haurtzaroa, eta horrekin batera bere jatorria —bere odola, idazlearentzat hainbesteko garrantzia zuen hitzarekin esateko. Aipa ditzagun, azaletik bada ere, atal horretako datu bat edo beste, idazlearen bizitza eta obra markatu zutenak.

        William Faulkner Estatu Batuetako Hegoaldean jaio zen, New Albany izeneko herrian, Mississippin, 1897. urtean; «Hegoalde bentzutuan», The Unvanquished-eko pertsonaia baten hitzekin esanda. Zaharrena izan zen lau anaien artean, eta berak bost urte zituela familia Oxfordera joan zen bizitzera, Lafayette konderriko herri nagusira. Baso handiek inguratzen zuten herri hura, eta lau anaiak maiz barruratzen ziren bai baso haietara, eta bai Yokona edo Yokonapatafa izenaz ezagutzen zen ibai hartaraino ere. Denborarekin leku guzti haiek Faulknerren nobela eta ipuinetara pasako ziren: Oxford Jefferson bezala, Lafayette eta Yokonapatafa berriz, Yoknapatawpha-ko konderri bezala.

        Ehiztari trebea izan zen gaztetatik, baina eskola, aldiz, ez zuen gustukoa izan, eta batxilergoa ere bukatu gabe utzi zuen. Eskolara joan ordez, plazarako bidea hartu eta hantxe bildutako zaharrei gerrako kontuak —Gerra Zibilekoak— entzuten egoten zen. Edo bestela, etxean gelditu eta orduak pasatzen zituen irakurtzen: Shakespeare, Dickens, Balzac, Conrad... eta baita bere jaioterriari buruzko historia liburuak ere. Sukaldean esertzen zenean, berriz, etxeko zerbitzari beltzei entzutea gustatzen zitzaion, esklabotza garaiko kontuak, gerra edo Ku Klux Klan-i buruzkoak. Kontu guztiak entzuten zituen adi, eta adiago bere familiarenak, Faulkner-tarrenak. Istorio haietan, pertsonaia bat nagusitzen zen besteen gainetik: William Clark Faulkner, Falkner edo Faulkner koronela, idazlearen birraitona. Koronel zahar hura, militar eta politikaria ez ezik, trenbidearen eraikitzaile izana zen, eta baita zenbait liburu arrakastatsuren idazlea ere. Bere aspaldiko kide batek kale erdian hil zuenerako Estatuko Parlamentaria zen, eta heroien estatusa zeukan Lafayetteko jendearen artean. Faulkner-tarren etxean behin eta berriz gogoratzen ziren koronel zaharraren balentriak, denborarekin, idazleak gerora aitortuko zuenez, borobilduz eta edertuz joandakoak... Baina aspaldiko kontuak ziren haiek, zeren gerra ondorenean Hegoalde osoak ezagutu zuen gainbeherak —idazlearen gai nagusietako bat den gainbehera horrek— ukitua baitzuen Faulkner-tarren familia ere. Idazlearen aitak, hainbat lanpostuetatik pasa eta gero, Oxforden bertan kokatutako Mississippiko Unibertsitatean ofizinista soil bezala bukatu zuen.

        Lehenengo liburua, The Marble Faun izeneko poema bilduma, 1924an argitaratu zuen, arrakasta eskasarekin. Gero beste bi nobelek ikusi zuten argia, Soldier's Pay (1926) eta Mosquitoes (1927) izenekoak, kritiko bat edo besteren oniritzia jaso zutenak, baina ia batere saldu ez zirenak. Sartoris bere ondorengo nobelak, berriz, eta nahiz besteak bezain gutxi zabaldu, garrantzi berezia du Faulknerren nobelagintzan, berak ematen baitio hasiera Yoknapatawpha konderrian kokatutako nobela eta ipuinen sailari. Nobela hura abiapuntua izan zen, bere maisu eta lagun Sherwood Andersonek eskatzen zion zentzuan: «Abiapuntu bat aukeratu behar da; gero, denborarekin, ofizioa ikasiz joango zara...Tokiak berdin dio, baldin eta haren oroitzapena gorde baduzu eta hartaz lotsatzen ez bazara... Herri txiki batekoa zara, zure jatorri den Mississippiko txoko txiki hura besterik ez duzu ezagutzen. Baina hori ere ederki baliatuko zaizu».

        Idazleak berak egindako mapen arabera, «seilu bat adinako jaioterri» hartatik sortutako Yoknapatawpha konderria 2400 milia karratuko lurralde imajinarioa da, 15.611 biztanle imajinario dituena (6.298 Zuri, 9.313 Beltz). Ondorengo urteetan argitaratuko dituen nobela eta ipuinetan, biztanle horietatik berrehun baino gehiagori emango die izena, bizitza, nortasuna. «Neuretzako kosmos bat asmatu dut», dio konderriko «jaun eta jabe bakarrak» —bere mapa haietan Faulknerrek erabiltzen zuen formulaz esateko. Obraz obra, puzzle baten puskak batzen dituenak bezala, idazlea bere kosmos partikular hori osatuz joango da. Nobela batean ezagututako pertsonaiak beste nobeletan ere aurkituko ditu irakurleak, gehienetan beren bizitzaren beste etapa batean, gazteago edo zaharrago. Eta obren arteko harremana hain da estua non, batzuetan, zenbait aipamen ulertezinak diren ez badira egilearen beste testuak ezagutzen. Adibide on bat daukagu Hotsa eta Ardaila nobelan bertan. Benjyren bakarrizketan etxe ondoko zanga batean dauden Nancy izeneko norbaiten hezurrak aipatzen dira. Ez dakigu nor den Nancy delako hori, eta ematen zaigun datu bakarra horixe da, bere hezurrak zanga batean botata daudela. That Evening Sun izeneko ipuina irakurri behar aipamena ulertzeko. Ipuin zoragarri horretan Nancy izeneko zerbitzari beltzaren beldurra, izua, erakusten zaigu, etxe ondoko zangan gizon bat gordeta dagoela uste baitu, bera hiltzera etortzeko momentu aproposaren zain.

        Hit zen arte, 1962an, Yoknapatawphan kokatutako hamalau nobela idatzi zituen Faulknerrek. Denborarekin, bere obretan azaltzen diren Zuri eta Beltzen ahotsak, azaltzen diren gaizkile, ero, hildako, sheriff, predikari, puta eta beste hainbat eta hainbat pertsonaia, Hegoaldeko sinbolotzat hartuak izango dira; Yoknapatawpha mitiko hartako istorioak, berriz, Hegoalde Sakonaren parabolatzat. Faulknerri dagokionez, beti gordeko du ohorezko postua ingelesez idatzi duten literaturagileen artean.

 

 

II

 

        Esan bezala Sartoris-ekin ere ez zuen Faulknerrek bere irakurlegoa sendotzerik lortu, eta hala, bere ordura arteko obren harrera eskasa zela eta, aurrerantzean bere plazer hutserako idaztea erabaki omen zuen publikoa, argitaletxeak eta salmentak kontutan hartu gabe. Eta emaitza Hotsa eta Ardaila izan zen, askorentzat, eta Faulknerrentzat berarentzat, idatzi zuen nobelarik onena.

        Honela azaldu zuen Hotsa eta Ardaila-ren sorrera elkarrizketa batean:

        «Buruan neukan irudi batekin hasi zen. Ez nuen ordu hartan konprenitu sinbolikoa zela. Irudia udare batera igotako neskato baten azpiko galtzatxo lokaztuena zen. Han gora igota, leihotik bere amonaren hileta ikusi eta gertatzen ari zenaren berri eman ziezaiekeen behean zeuden bere anaiei. Nortzuk ziren eta zertan ari ziren eta neskatoaren galtzatxoak nola zikindu ziren azaldu nuenerako, hura dena ipuin batean sartzea ezinezkoa izango zela eta liburu bat izan beharko zuela konprenitu nuen... Ume idiota baten begien bitartez hasia nuen kontaketa, efikazagoa izango zela iruditzen baitzitzaidan baldin eta, gertatzen zena bai, baina zergatia ezagutzen ez zuen norbaitek kontatzen bazuen. Baina horrekin ez nuela istorioa kontatu ikusi nuen. Berriro kontatzen salatu nintzen, istorio bera beste anaia baten begietatik. Hura ere ez zen nahikoa. Hirugarren aldiz kontatu nuen hirugarren anaiaren begien bitartez. Hura ere ez zen nahikoa. Orduan puska guztiak biltzen eta hutsuneak betetzen saiatu nintzen ni neu kontalari bihurtuz.»

        The Sound and the Fury titulua jarri zion nobelari Macbeth-en ematen zaigun bizitzaren definizio ezagun hura gogoan hartuta: «It is a tale told by an idiot, full of sound and fury, signifying nothing». «Idiota batek kontatutako istorioa da, hots eta ardailez betea, esanahirik gabea». Titulu egokia, jaiotzez inuzentea den Benjyren bakarrizketarekin hasten den nobelarentzat.

        Garai batean izan zuen handitasunaren oroitzapenarekin bizi den Mississippiko familia baten gainbehera kontatzen du nobelak. Aita, Mr Compson, gizon inteligente baina ahula da, bere nihilismoarentzat irteera alkoholean bilatzen duena. Ama berriz, Mrs Compson, andre berekoi eta neurotikoa; bere kexa-jarioak nobela guztia zeharkatzen du. Ez bata ez bestea ez dira seme-alabei maitasunik eskaintzeko gauza. Eta lau umeek ahal duten bezala konpondu beharko dute, babesik gabe, Dickensen nobeletan azaltzen zaizkigun ume abandonatu horiek bezala. Baina gala horrela laburtuz ez da asko esaten nobelaz. Zeren azken batean Hotsa eta Ardaila-k, istorio baten aurrean baino areago, istorio bat kontatzeko ahaleginaren aurrean jartzen baikaitu. Hiru anaien bakarrizketen bidez kontatzen da aurrena, eta gero gertaerak kanpotik ikusten dituen kontalari baten bitartez. Istorio berdina, beraz, lau aldiz kontatzen zaigu, kontalari bakoitzaren nortasun eta jarrera desberdinak xehetasunak gehitzen dizkiolarik, egiazko istorioa behin betirako ezagutzea ezinezkoa balitz bezala.

        Nobelaren lehen orrialdeak irakurtzea aski zaio irakurleari Faulknerrek bere istorioa kontatzeko aukeratu duen teknikaren bitxitasunaz ohartzeko. Idazleak esaten zuen ez zela bere asmoa tour de force bat egitea izan, baizik eta horrela osatu zela liburua bere aurrean. Bitxitasun horretan, denboraren, edo hobeto esanda, orden kronologikoaren haustura da gauzarik nabarmenena. J.P. Sartrek idatzi zuen bezala: «Faulknerren mundu ikuspegia, kotxe ireki batean eserita atzerantz begiratzen duen gizonaren ikuspegiarekin aldera daiteke. Momenturo, formarik gabeko errainuak, bristadak, dardarizo emeak eta argi pusketak sortzen dira bere alde batean eta bestean, eta soilik geroago, perspektiba pixka bat hartutakoan, bihurtzen dira zuhaitz eta gizon eta kotxe».

        Nobelaren lehen atalak 1928ko apirilaren 7ko fetxa darama (larunbat santua), bigarrenak 1910eko ekainaren 2koa (Corpus Christi eguna), hirugarrenak 1928ko apirilaren 6koa (ostiral santua) eta laugarrenak 1928ko apirilaren 8koa (Pazko eguna).

        Benjyren bakarrizketarekin hasten da liburua. Lehenengo sekuentzia nobelako presenteari dagokio: Benjy eta Luster errekarantz doaz, han Lusterrek golfeko bolaren bat aurkitzea espero du-eta. Baina bidean, makurtu eta hesi bat pasa beharra daukate, eta Benjy iltze batekin trabatzen da. Horrek Benjyren haurtzaroko pasadizo batera garamatza, arreba Caddyrekin zihoala, hesia pasatzerakoan iltzearekin trabatu zen beste aldi hartara. Kasu horretan iltzea da, ideien asoziazioa dela-eta, pasadizo batetik, garai batetik, beste batera garamatzana; beste kasu batean hotza edo sua edo hesi bat izango da. Letra arruntetik makurtuetara pasatuz bereizten dira testuan garai batetik besterako jauzi horiek, nahiz Faulknerrek, hasiera batean, garai bakoitza kolore desberdin batez inprimatzeko asmoa izan zuen, irakurlearen lana errazteko. Letra aldaketak beste funtzio bat ere izan dezake, hain zuzen elkarrizketa baten barruan ematen den beste elkarrizketa markatzea. Nolanahi ere, testuan marka horiek azaltzen badira ere, Benjyren buruan ez dira iraganekoak eta orainaldikoak bereizten; idiotaren buruak ez du kronologia bezalako sofistikazioen berririk. Berarentzat dena da presentea, eta beste garai batean bizi izandakoak, gogoratu baino gehiago, berriro bizitzen ditu. Interpretatu gabe, erabateko objetibotasun eta neutraltasunez erreproduzitzen ditu bere bizitzako uneak. Hasieran nekeza gerta dakioke irakurleari Benjyren hitz-jarioan sartzea, baina, orrialde gutxi batzuk irakurri orduko, Benjyren buruan flashak bezala pizten diren bizipenak horrenbeste ere ez direla ikusiko du. Bat edo beste ahaztuko bazaigu ere, hauek dira lehenengo atal honetan kontatzen diren gertaerak: Amama hiltzen da, Benjyk 3 urte ditu; izena aldatzen diote, 5 urte; Caddyren ezkontza, 14 urte; neskato bat bortxatzeko ahalegina egin eta zikiratu egiten dute, 15 urte; Quentinen heriotza; bere aitaren heriotza; kanposantura egindako bisita; pasadizoaren eguna, presentea, Benjyk 33 urte ditu.

        Bigarren atalean Quentinen bakarrizketan sartzen gara. «Zeren Aitak esan zuen erlojuek denbora akabatzen dutela», dio Quentinek halako batean. «Esan zuen hilda dagoela erruberatxoek tikitakatzen duten bitartean; soilik erlojua gelditutakoan hasten da denbora bizitzen». Bere kontaketaren hasieran, denbora konjuratu nahian, Quentinek erlojua puskatuko du, eta hartara bere denbora ere, Benjyrena bezala, erlojurik gabekoa izango da. Baina Quentinek Benjyk baino askoz sintaxi konplexuagoan biltzen du bere esperientzia. Hitzaldi baten ondoren, atal honetan azaltzen diren puntuaziorik gabeko esaldi luze horien arrazoia galdetu omen zion estudiante batek Faulknerri. Berarentzat gizona bizi izan duen guztiaren batuketa zela esanez erantzun zuen idazleak.»...gizona, istorio bateko pertsonaia akzioaren edozein momentutan, ez da soilik gizon hori une horretan dena, baizik eta den bezalakoa egin duen guztia, eta esaldi luzea bere lehena eta agian bere geroa ere zerbait egiten duen une horretan sartzeko ahalegina da». Denboraren obsesioak Quentinen bakarrizketa guztia zeharkatzen du, suizidioaren ideiarekin batera, eta baita bere arreba Caddyrekin sekula bete gabeko inzestuaren ideiarekin batera ere.

        «Behin puta izan dena beti puta, ni horretan nago». Esaldi horrekin hasten da hirugarren atala, Jasonen bakarrizketa. Pertsonaia arrunta da Jason, prosaikoa, berekoia, diru-gosea. Hizkuntza zuzen eta bortitzean emango digu gertaerei buruz duen ikuspegia. Bere hitzei mesprezioa darie eta ez da bere mihiaren eztenetik libratzen denik, ez aita eta ama, ez anaiak, ez iloba Quentin, ez etxeko zerbitzari beltzak... Baina batez ere bere arreba Caddygana zuzenduko du bere amorrazioa eta bilaukeria.

        Laugarren atalean, azkenik, kontalari batek hirugarren pertsonan kontatzen dizkigu gertaerak. Teknika aldetik hau da atalik konbentzionalena. Azkenean, irakurleak jadanik ezagunak dituen pertsonaien fisikoa ikusteko aukera izango du, orain deskribatzen baitzaizkigu aurreneko aldiz. Aipagarria da Dilseyk, mammy beltzaren pertsonaiak, atal honetan hartzen duen gorputza eta indarra. «Hasiera ikusi dut, eta orain azkena ikusten dut», dio, Compsondarrak behin izandakoaren, eta orain direnaren lekukoak. Eta hondamendiaren aurrean, bera izango da, gosaria koordinatzerakoan erakusten duen sasoiarekin, guztien gainetik digante batek bezala zutik iraungo duen bakarra. Erotasun eta gorrotozko istorio honetan, berak bakarrik hartzen du bera une batez gelditu, eta Benjyren burua laztantzeko.

        Behin bere «emakume ideiala» deskribatzeko eskatu omen zioten Faulknerri. «Ezingo nuke ilearen edo begien kolorearen arabera deskribatu», erantzun omen zuen, «zeren behin deskribatu ezkero, desegin egingo bailitzateke, nolabait.» Hotsa eta Ardaila-n ere bada emakume bat, nobelako pertsonaia nagusia segur aski, Caddy, sekula deskribatzen ez dena. Hiru anaien bakarrizketek arreba Caddyren inguruan dihardute, baina beste norbaiten begien bitartez ikusten dugu beti, bere anaien oroitzapenean bakarrik bizi da. Idazleak ez digu bere ilearen eta begien kolorea esaten, eta ez dio gertaerei buruz duen ikuspegia emateko aukerarik uzten ere, hori egin ezkero, berarentzat bere pertsonaiarik ederrena zenak, bere «bihotzeko kuttunak» —hitz horiekin aipatzen baitzuen Faulknerrek— xarma guztia galtzeko arriskua balu bezala.

        Nobelaren lehen sekuentziarekin hasi orduko, irakurle nagiak etsi ere egin lezake inolako aurkezpenik gabe aipatzen zaizkion pertsonaia horiek nortzuk diren, elkarren artean zer harreman duten, asmatu ezinik. Berarentzat da, irakurle nagi horrentzat, pertsonaiei buruzko azken azalpen hau... Alde batetik zuriak daude, Compson-Bascomb familiakoak, hiru belaunaldi hartzen dituztelarik: Jason Compson eta bere emazte Caroline Bascomb (edo Cahline); horien alaba Caddy (edo Candace) eta hiru semeak, Quentin, Jason eta Maury (geroago Benjy, izena aldatuko baitiote, idiota batek bere Osaba Mauryren izen bera izan ez dezan); azkenik Quentin, Caddyren alaba. Beste aldetik beltzak, hiru belaunaldi hartuz beraiek ere: Dilsey eta bere senar Roskus; horien umeak, Versh, T.P. eta Frony; eta azkenik Luster, Fronyren semea. Bi Jason daude, beraz, aita eta semea. Bi Maury, osaba eta iloba. Eta bi Quentin, osaba eta iloba (neska).

        Azalpen hori gogoan hartuta ere, Hotsa eta Ardaila irakurtzen hasten dena beiraduren argi printzek bakarrik argitutako katedral gotikoan sartzen den bisitaria bezala sentituko da. Lehen momentuan apenas ikusiko duen ezer. Baina begiak ilunpe horretara ohitu arte irakurtzen segitzen badu, hasierako forma zirriborrotsuek gorputz eta kolore hartuko dute, eta, sari bezala, katedralak ezkutuan gordetzen zuen edertasun guztia zabalduko du bere begi aurrean.

Maria Garikano

 

 

Itzultzailearen oharra: Liburuan azaltzen diren aipamen gehienak, batez ere Bibliakoak, Norton argitaletxeak ateratako Hotsa eta Ardaila-ren edizio kritikotik hartuak dira. Eta aipamen horien itzulpenerako, Bilboko Elizbarrutiko Gotzaintzak argitaratutako Euskal Biblia hartu dut oinarritzat.

 

 

 

© Maria Garikano

 

 

"William Faulkner / Hotsa eta ardaila" orrialde nagusia