XVII. ATALA
Bada urtea eta zortzi hilabete ez niola izkribu honi begiratzen, eta orain, triste eta samin, distraitzeko asmoz irakurri dut gainetik. Homburgora joango nintzela aipatuta utzi nuen. Ene Jainkoa! Neurri batean behintzat, zer arinki idatzi nituen azken lerro horiek! Edo, zehatz esanda, ez arinki, baizik eta zer segurtasunez, zer itxaropen iraulezinez! Ba ote neukan zalantza bakar bat nire buruarekiko? Baina igaro da urte t'erdi baino gehixeago, eta, nire iritziz, eskalea baino askoz okerrago nago! Eta zer, eskalea banaiz! Bost axola eskaletza! Neroni hondatu naiz! Bestalde, ezin dut nire burua ia beste ezerekin konpara, eta alferlana da norberari morala irakastea! Honelakoetan ez dago morala baino gauza txoroagorik! O, beren buruekin aseta daudenak: zer asetasun harroz egoten diren hitzontzi horiek inor epaitzeko gertu! Balekite zenbateraino ulertzen dudan nire oraingo egoeraren itsuskeria, ez lukete, ez, mingaina dantzatuko niri lezioak emateko. Izan ere, zer esan diezadakete, neronek ez dakidanik? Eta hori al da kontua? Kontua da gurpilaren itzuli bakar batek dena aldatzen duela, eta moralista horiek berak etorriko liratekeela lehenbizikoak (seguru nago) beren txantxeria atseginenekin ni zoriontzera. Eta ez lidakete bizkarra emango, orain bezala. Baina bost axola niri horiengatik! Zer naiz ni orain? Zéro. Zer izan naiteke bihar? Bihar hilen artetik berpiztu naiteke, eta berriro bizitzen hasi! Gizasemea aurki dezaket nire baitan, hura erabat ezkutatu baino lehen!
Joan nintzen aspaldi hartan Homburgora, zinez, baina... ondoren Ruletenburgon nintzen berriro, eta Span, eta baita Badenen ere, gelari lanetan Hinze kontseilariarentzat, hemen nire ugazaba izandako gizon bilau bat. Bai, morrontzan jardun nuen bost hilabete osoz! Espetxetik atera eta berehala gertatu zen hori (espetxean ere egona bainaiz Ruletenburgon, hango zor batengatik. Ezezagunen batek askatu ninduen. Nork ote? Mister Astley-k? Polinak? Ez dakit, baina dena delakoak zorra ordaindu, denera berrehun talero, eta libre geratu nintzen). Zeri ekin? Hinze horren zerbitzura sartu nintzen. Gizon gazte eta haizea zen, zabarkeria zalea, baina nik hiru hizkuntzetan mintza eta idatz dezaket. Hasieran idazkari bezala hartu ninduen, hileko hogeita hamar florinen truke; baina benetako morroi bukatu nuen: ez zeukan eskuarterik idazkaria edukitzeko, eta soldata beheratu zidan; nik nora joanik ez eta bertan geratu... eta modu horretan bihurtu nintzen morroi. Egarri eta gose nintzen bere zerbitzuan, baina hala ere hirurogeita hamar florin aurreratu nituen bost hilabetetan. Arratsalde batean, Badenen, utzi egin nahi nuela adierazi nion; arratsalde hartantxe jo nuen erruletara. O, haiek bihotzaren taupadak! Ez, ez nintzen dirukoia! Zera bakarrik nahi nuen, biharamunean Hinze guzti haiek, zerbitzu-buru guzti haiek, Badeneko dama bikain guzti haiek nitaz hitz egitea, elkarri nire historia kontatzea, ni mirestea, ni laudatzea eta nire irabazi berrien aurrean makurtzea. Horiek denak umearen amets eta kezkak besterik ez ziren, baina... auskalo: agian Polinarekin topatuko nintzen, dena kontatuko nion eta ni destinoaren bultzada txoro guztien gainetik nengoela ikusiko zuen... O, ni ez nintzen dirukoia! Seguru nago berriro ere dena harrika botako nuela edozein Blancherekin, eta berriro ibiliko nintzela Parisen barrena hiru astez, hamasei mila frankotako neronen zaldi parearekin. Seguru baitakit ez naizela zikoitza; seguru nago xahutzailea ere banaizela, baina, aldi berean, zer bihotzeko dardara eta estutasunarekin entzuten ditudan croupier-aren oihuak: trente et un, rouge, impair et passe, edo quatre, noir, pair et manque! Zer irritsarekin begiratzen diodan joko-mahaiari, non sakabanatuak baitaude luisak, federikoak eta taleroak, eta urre piloei, croupier-aren eskuareak zabaltzen dituenean sua bezalako mordoxka goritan, edo gurpil inguruko zilar zutabeei, arxina osoko luzeran. Joko-salara sartu aurretik, bi gela lehenagotik, piririka dabilen diruaren tintinotsa aditu orduko, dardarizoa jartzen zait kasik.
O, nire hirurogeita hamar florinak hartuta joko-mahaira joan nintzen arratsalde hura ere gogoangarria izan zen. Hasieran hamar florin jarri nituen, eta berriro passe-an. Joera berezia daukat passe-rako. Galdu egin nuen. Hirurogei florin geratzen zitzaizkidan, zilarrezko txanponetan. Hausnartu eta zéro hautatu nuen. Aldiko bost florin hasi nintzen zéro-an jartzen; hirugarren apustuan zéro atera zen bat-batean, eta gutxigatik ez nintzen bertan pozez hil, ehun eta hirurogeita hamabost florin jasotzean; ez nintzen hainbeste poztu ehun mila irabazi nituenean. Berehala ehun florin rouge-an jarri... irabazi; berrehun rouge-an... irabazi; laurehunak noir-ean... irabazi; zortziehunak manque-an... irabazi. Lehengoari zenbatuz, mila eta zazpiehun florin neuzkan, eta hori... bost minutu baino gutxiagoan! Bai, halako momentuetan ahaztu egiten dituzu aurreko zorigaitz guztiak! Izan ere, bizitza baino areago arriskatuz erdietsi nuen hori, arriskatzeko ausardia izan nuen— eta berriro nintzen gizon!
Hotelean gela bat hartu, bertan giltzaperatu, eta gaueko hirurak arte egon nintzen nire dirua zenbatzen. Goizean esnatzean ez nintzen jadanik morroi. Egun hartan bertan Homburgora bidaiatzea erabaki nuen: han morrontzan jardun edo espetxean egon gabea nintzen. Trenaren irteera baino ordu erdi lehenago kasinora joan nintzen bi apustu egiteko, gehiago ez, eta mila eta bostehun florin galdu nituen. Nolanahi ere Homburgora joan nintzen, eta bada hilabete hemen nagoela...
Jakina, etengabeko larritasunean bizi naiz; oso urri jokatzen dut eta zerbaiten zain nago, kontuak ateratzen, egun osoa joko-mahaien aurrean, jokoari begira. Ametsetan ere agertzen zait jokoa, baina, halaz guztiz ere, iruditzen zait moteldu-edo egin naizela, lokazti batean harrapatuta bezala. Ondorio hori atera dut, mister Astley-rekin egokitu eta ondorengo zirraragatik. Ez genuen ordu ezkero elkar ikusi, eta ustekabean egokitu ginen. Hona nola gertatu zen: lorategian nenbilen, nire artean kontuak egiten, alegia ia dirurik gabe nengoela baina artean berrogeita hamar florin neuzkala, eta horretaz gain herenegun ordaindu nuela hoteleko nire koarto-zuloa. Hala, beste behin erruletara joateko aukera neukan. Zerbait irabaziez gero, jokatzen jarrai nezakeen; galduez gero, berriro morrontzan hasi beharra, baldin ez banuen aurkitzen irakasle baten premia zeukan errusiarrik. Gogoeta horiekin nindoan nire eguneroko paseoan, parketik eta basotik barrena, aldameneko printzerriraino. Zenbaitetan lau orduz horrela ibili eta nekatuta eta gosez itzultzen nintzen Homburgora. Irten berria nintzen lorategitik parkera, bat-batean mister Astley ikusi nuenean bankuan eserita. Berak ezagutu ninduen aurrena, eta deitu egin zidan. Ondoan eseri nintzaion. Beragan hoztasun antzeko bat sentitzean berehala eutsi nion nire pozari; bestela gehiegizkoa izango zen.
— Hemen zara beraz! Pentsatzen nuen, bai, zurekin egokituko nintzela —esan zidan—. Ez lanik hartu gauzak kontatzen: badakit, badakit dena; badut urtebete eta zortzi hilabete hauetako zure bizitzaren berri.
— Hara! Segitzen duzu beraz aspaldiko lagunen zantzua! —ihardetsi nion—. Zure ohorerako da, ez ahazte hori... Baina zaude, zerbait gogorarazi didazu: zuk askatu al ninduzun Ruletenburgoko espetxetik, bertan nengoenean berrehun florineko zorragatik? Ezezagun batek askatu ninduen.
— O, ez, ez! Nik ez zintudan askatu Ruletenburgoko espetxetik, bertan zeundenean berrehun florineko zorragatik, baina jakin nuen espetxean egon zinela berrehun florinetako zorragatik.
— Beraz badakizu nork askatu ninduen?
— O ez, ezin dut esan nork askatu zintuen dakidanik.
— Arraroa da. Errusiarretako inork ez ninduen ezagutzen, eta gainera hemengo errusiarrek ez lukete besteren zorrik ordainduko; han Errusian bai, ortodoxoek zorrak ordaintzen dizkiete ortodoxoei. Uste nuen ingeles xelebreren batek egingo zuela, bitxikeria moduan.
Mister Astley-k harridura aire batekin entzuten zidan. Ni goibel eta lur jota aurkitzea espero zuen, nonbait.
— Dena den asko pozten naiz, zure izpirituaren jabe eta alai jarraitzen duzula ikusita —jalki zuen, itxura desatsegin samarrez.
— Alegia, zeure barruan amorrazioz lehertzen zaudela, jota eta umiliatua ez nagoelako —esan nuen, barrez.
Ez zuen segituan ulertu, baina gero irribarre egin zuen.
— Gogoko ditut zure ateraldiak. Hitz horien bidez nire aspaldiko lagun bizkor, sutsu eta zinikoa zarela ezagun duzu. Errusiarrek bakarrik bil ditzakete aldi berean beren baitan hainbeste kontraesan. Izan ere, gizona zale da bere lagunik onena aurrean umiliatuta ikusteko; umilazioan oinarritzen da batez ere adiskidetasuna; egia zahar bat da hori, pertsona bizkor guztiek dakitena. Baina honako kasu honetan, benetan diotsut, ikusgarri pozten naiz umiliatu ez zarelako. Esadazu, ez al daukazu jokoa uzteko asmorik?
— O, joan dadila pikutara! Berehala utziko dut, baldin eta...
— Baldin eta ordaina eskuratzen baduzu? Hala pentsatzen nuen, bai. Ez esaldia bukatu, badakit. Konturatu gabe alde egin eta hartara egia esan duzu. Esadazu, jokatzeaz gain ez ai zara beste ezertan ari?
— Ez, ezertan ez...
Ni aztertzen hasi zen. Nik ez nekien ezer, ia ez zuen egunkariei begiratu ere egiten eta bitarte guzti hartan ez nuen liburu bakar bat ere zabaldu.
— Zeharo moteldu zara —aipatu zuen—. Bizitzari ez ezik uko egin diezu zeure eta gizartearen interesei, hiritar eta gizon-zereginei, zeure lagunei (bai baitzeneuzkan); uko egin diozu irabaztea ez den beste guztiari; baina uko egin diezu zeure oroitzapenei ere. Gogoan zaitut zure bizitzako momentu bere eta bortitzetan, baina seguru nago orduko zure zirrara on guztiak ahaztu zaizkizula; zeure ametsak, zeure oraingo desio larrienak pair eta impair dira, rouge, noir, erdiko hamabiak, eta abar, eta abar. Seguru nago!
— Aski da, mister Astley. Mesedez, mesedez, ez gogorarazi —hots egin nuen kexu, ia amorruz—. Izan ere, ez zait ezertxo ere ahaztu; baina bolada baterako burutik kendu dut hori dena, baita oroitzapenak ere, harik eta nire egoera errotik hobetzen dudan arte; orduan... orduan ikusiko nauzu hilen artetik berpizten.
— Hamar urte barru ere hemen egongo zara —esan zuen—. Apustu egiten dizut horixe bera gogoraraziko dizudala, bizi banaiz, banku honetan bertan.
— Aski da —eten nion hitza, ezinegonez—. Eta iraganari buruz horren ahazkorra ez naizela frogatzeko, arren esadazu: non da orain miss Polina? Zuk ez baninduzun espetxetik askatu, segur aski bera izango zen. Garai hartatik ez dut izan bere berri bakar bat ere.
— Ez, o ez! Ez dut uste berak askatu zintuenik. Suitzan da orain, eta mesede handia egingo didazu miss Polinari buruz galdetzeari uzten badiozu —esan zuen irmoki, baita haserre ere.
— Horrek esan nahi du zu ere asko mindu zintuela —egin nuen barre, nahi gabe.
— Begirune gehien merezi duten pertsona guztien artetik, miss Polina beste inor baino gehiago da, baina, berriro diotsut, sekulako mesedea egingo didazu miss Polinari buruz galdetzeari uzten badiozu. Zuk ez zenuen bera inoiz ezagutu, eta bere izena zure ahotik entzutea nire gizalegezko sentimenduen aurkako iraina da.
— Benetan ari al zara! Dena den, ez duzu arrazoirik; horretaz ez bada zertaz hitz egin dezaket zurekin? Pentsa ezazu. Hori da gure oroitzapen guztien mamia. Baina ez zaitez estutu, ez dagozkit niri zure kontu min, ezkutuak... Nire interes bakarra da, nolabait esatearren, miss Polinaren kanpoko egoera, orain zein girotan dabilen soil-soilik. Bi hitzetan azal dezakezu hori.
— Ederki baina bi hitz horiekin dena bukatzekotan. Miss Polina gaixo egon zen luzaroan; oraindik ere hala dago. Bolada bat igaro zuen nire ama eta arrebarekin Ingalaterra iparrean. Bere amarra... gogoratzen al duzu emakume erdi ero hura, orain dela urte erdia hil zen, berari zazpi mila librako ondasuna utzita. Orain miss Polina bidaian da nire arreba ezkonduaren familiarekin. Bere anaia eta ahizpa txikia ere ongi hornituak geratu ziren amamaren testamentuarekin, eta Londresen dira ikasten. Jenerala, bere aitaordea, orain dela hilabete hil zen Parisen, atake batek jota. Mademoiselle Blanchek ongi tratatu zuen, baina amamagandik jasotako guztia bere izenean ipinarazi zion jeneralari... horra, nire ustez, den-dena.
— Eta Des Grieux? Ez al da bera ere Suitzan barrena bidaian?
— Ez, Des Grieux ez da Suitzan barrena bidaian, eta ez dakit non den ere. Gainera, behin betirako ohartarazten dizut alde batera utz ditzazun horrelako eztenkadak eta parekatze makurrak, bestela istiluak izango dituzu nirekin eta.
— Zer? Nahiz eta guk lehen halako lagunarteko harremana eduki?
— Bai, nahiz eta guk lehen halako lagunarteko harremana eduki.
— Arren eta arren barkaidazu, mister Astley. Baina zilegi bekit esatea hemen ez dagoela ezer iraingarri edo makurrik. Nik ez diot miss Polinari ezer leporatzen. Gainera, frantses bat eta andereño errusiar baten artekoa, ez zuk eta ez nik epaitu edo erabat ulertu ezin dugun parekatzea da.
— Ez baduzu aipatzen Des Grieux-ren izena beste izenarekin batera, zera argitzeko eskatuko nizuke, ea zer ulertzen duzun «frantses bat eta andereño errusiar bat» esaeraren azpian. Zer da «parekatze» delako hori? Zergatik hain zuzen ere frantses bat eta andereño errusiar bat?
— Ikusten, interesa piztu zaizu. Baina oso gal luzea da, mister Astley. Aldez aurretik gauza asko jakin behar dira. Dena den galdera garrantzitsua da, lehen begiradan barregarria iruditu arren. Frantsesa, mister Astley, forma bukatua eta ederra da. Zeu, britainiarra zaren aldetik, agian ez zatoz bat; neu ere, errusiarra naizen aldetik, ez nator bat, inbidia hutsez bada ere; baina gure andereñoek beste iritzi bat eduki dezakete. Zuk Racineri afektatua, deformatua eta perfumatua iritzi diezaiokezu; irakurri ere ez duzu segur aski egingo. Neuk ere afektatua, deformatua eta perfumatua irizten diot, ikuspuntu batetik baita barregarria ere; baina xarmanta da, mister Astley, eta, bereziki, poeta bikaina, guk nahi ala ez. Frantsesaren forma nazionala, alegia paristarrarena, dotorea hasi zen izaten, gu artean artzak ginenean. Nobleziaren oinordeko izan zen Iraultza. Orain frantximan traketsenak ere eduki ditzake guztiz dotoreak diren jokamoldeak, ibilerak, ateraldiak eta burutapenak, nahiz eta berak parterik izan ez forma horien sorreran, ez ekintzaz, ez arimaz, ez bihotzez; herentzian jaso du hori dena. Berez, hutsal eta zirtzil porrokatuak izan daitezke. Hala ere, mister Astley, jakin ezazu ez dagoela munduan inor fidakor eta egiatiagorik, afektatuegia ez den andereño errusiar zintzo eta bizkorra baino. Des Grieux, edozein itxuran aurkeztuta, mozorroturik aurkeztuta, haren bihotzaren jabe egin daiteke ikusgarri erraz; forma dotorea dauka, mister Astley, eta andereñoak forma hori benetako arimatzat hartzen du, bihotza eta arimaren berezko formatzat, eta ez herentzian jasotako janzkeratzat. Zure muzina erneko duen arren, adierazi beharra dizut, ingeles gehienak traketsak eta dotoreziarik gabeak direla, baina errusiarrek fin samar dakite edertasuna nabaritzen, eta horrexen irritsa daukate. Baina arimaren edertasuna eta inoren originaltasuna bereizteko, independentzia eta askatasun askoz handiagoa behar da gure emakumeena baino, eta zer esanik ez andereñoena baino; eta, edozein kasutan, esperientzia gehiago. Miss Polinak —barkaidazu, baina ahotik irtendakoa ez dago atzera sartzerik—, denbora asko eta asko behar du, Des Grieux bilau hori ez baizik zu nahiago zaituela erabakitzeko. Estimatuko zaitu, zure lagun bihurtuko da, zabalduko dizu bere bihotza; baina bihotz horretan, hala ere, bilau gorrotagarri hori izango da nagusi, Des Grieux lukurreru zirtzil eskas hori. Eta horrek iraun egingo du gainera, harrokeria eta setagatik, nolabait esatearren, zeren Des Grieux hori behin batean markes dotorearen aureolapean aurkeztu baitzitzaion, liberal desilusionatu bat balitz bezala, bere familiari eta jeneral buruarinari laguntzeagatik arruinatua (ba ote?). Geroago argitu ziren amarru horiek denak. Baina berdin da argitu izana: emaiozu hala ere lehengo Des Grieux hura orain, horrexen premia baitauka! Eta zenbat eta berak gorroto handiagoa eduki oraingo Des Grieux-ri, orduan eta mira handiagoa izango du lehengo harekiko, nahiz eta lehengoa bere irudimenean bakarrik bizi izan. Azukregilea al zara zu, mister Astley?
— Bai, partea daukat Lowell & Co. azukretegi ezagunean.
— Horra ba, mister Astley. Alde batetik azukregilea, eta bestetik Belvedereko Apolo; ez dira elkarrentzako eginak. Ni berriz azukregilea ere ez; erruletazale kaxkar bat besterik ez naiz, morroi ere izandakoa, segur aski Polinak honezkero jakingo duen bezala, hain polizia bikaina daukanez, antza.
— Mindurik zaude eta horregatik botatzen dituzu txorakeria horiek denak —esan zuen hoztasunez mister Astley-k, pentsatzen egon ondoren—. Gainera, zure hitzek ez dute originaltasunik.
— Ados! Baina hori da izugarria, nire lagun prestua: nire salaketa hauek guztiak, zaharkituak egon arren, baldarrak izan arren, vaudevillezkoak izan arren, hala ere egiak direla! Kontuak kontu, guk biok ez dugu fitsik lortu!
— Higuingarria da hori... zeren, zeren... ez badakizu ere —mintzatu zen mister Astley ahots dardaratiz eta begiak ñirñirka—, ez badakizu ere, gizon esker txarreko, zirtzil, kaxkar eta zorigaiztoko, bere aginduz etorri naiz Homburgora, zu ikusteko, zurekin hitz egiteko luzaz eta zinez, gero berari dena kontatzeko: zure sentimenduak, ideiak, itxaropenak eta... oroitzapenak!
— Benetan? Benetan? —hots egin nuen nik, eta malkoak mara-mara isuri nituen. Ez nien eusterik izan, eta uste dut hori lehen aldiz gertatu zaidala bizitza osoan.
— Bai, zorigaiztoko gizon, maite zintuen, eta orain argi adieraz diezazuket, zeharo galduta zaude eta! Are gehiago, oraindik maite zaituela esango banizu ere hemen geratuko zinateke! Bai, zerorri galdu zara. Bazeneuzkan zenbait gaitasun, izaera bizia, eta ez zinen lagun txarra; halako jende premia daukan zure aberriarentzat ere mesedegarri izan zintezke, baina hemen geratuko zara, eta kito da zure bizitza. Ez zaitut errudun egiten. Nire iritziz horrelakoak dira errusiar guztiak, edo horrela izateko joera daukate. Erruleta ez bada, antzeko beste zerbait. Bakanegiak dira salbuespenak. Ez zara lana zer den ulertzen ez duen lehenengoa (ez naiz ari zure herrikoez). Erruleta errusiarren jokoa da batik bat. Oraindaino ondratua izan zara, eta nahiago izan duzu morroi bihurtzea, lapurtzea baino... Baina beldur ematen dit zer gertatuko den gerora. Nahikoa dugu, agur! Diru beharra daukazu noski, ezta? Tori nigandik hamar luis hauek; ez dizut gehiago ematen, hala ere dena galduko baituzu. Hartu eta agur! Hartu behingoz!
— Ez, mister Astley, hitz egin berri dugun guztiaren ondoren...
— Hartzeko! —oihukatu zuen—. Seguru nago oraindik gizon prestua zarela, eta lagunak egiazko lagunari emango liokeen bezala ematen dizut. Seguru baneki zuk oraintxe utzi jokoa, utzi Homburgo, eta zure aberrira itzuliko zarela, prest nengoke zuri berehala mila libra emateko, bizibide berria has dezazun. Baina ez dizut mila librarik ematen, baizik eta hamar luis bakarrik, zeren mila libra izan edo hamar luis izan, momentu honetan zuretzat berdin-berdin baita: dena galduko duzu. Hartu eta agur!
— Hartuko dut, besarkada batez agurtzen uzten badidazu!
— O, gustu handiz!
Bihotzez besarkatu, eta mister Astley joan egin zen.
Ez, ez du arrazoirik! Ni zakar eta ergel aritu banintzen Polina eta Des Grieux-ri buruz, bera ere zakar eta arinegi aritu zen errusiarrei buruz. Nire buruaz ez dut ezer esaten... Dena den... Dena den, ez da hori kontua. Horiek denak hitzak dira, hitzak eta hitzak, eta ekintzat dira funtsezkoak! Orain ezer baino lehenago Suitzara! Bihar bertan... o, bihar bertan abiatzerik baneuka! Berriro jaio, berpiztu. Frogatu behar diet... Polinak jakin dezala oraindik gizon izan naitekeela... Aski nuke... orain ordea berandu da, baina bihar... O, aurresentipena daukat, eta ezin dit huts egin! Hamabost luis dauzkat orain, eta hamabost florinekin hasi nintzen! Zuhur hasten banaiz... baina benetan ote naiz, benetan ote naiz ume koxkor bat? Ez ote dut ulertzen galduta nagoela? Baina... zergatik ezin naiz berpiztu? Bai, aski da bizitzan behingoz bada ere kalkulatzaile eta eramankor izatea, hori besterik ez! Aski da, behingoz bada ere, tinko eustea, eta ordubetean nire destino osoa alda dezaket! Funtsezkoa tinko eustea da. Gogoratzea, orain zazpi hilabete Ruletenburgon zer gertatu zitzaidan, nire erabateko galeraren aurretik. Erabakiak hartzeko gaitasun bikaina erakutsi nuen: den-dena galdua nuen... Kasinotik irteterakoan, txalekoaren poltsikoan begiratu eta florin bat azaldu zen. «Ah, bazkaltzeko behintzat badaukat!» pentsatu nuen, baina ehun pauso ematerako iritziz aldatu eta buelta hartu nuen. Florin hura manque-an jarri nuen (aldi hartan manque-an izan zen), eta, benetan, sentsazio berezia nozitzen da bakarrik zaudenean, lur arrotzean, herria eta lagunengandik urrun, egun horretan zer jango duzun jakin gabe, eta azken florina jokatzea, azken azkenekoa! Irabazi egin nuen, eta handik hogei minututara ehun eta hirurogeita hamar florinen jabe irten nintzen kasinotik. Hori da benetako ekintza! Horra zer esan nahi duen batzuetan azken florinak! Eta orduan kemena galdu izan banu, erabakia hartzera ausartu izan ez banintz?
Bihar, bihar amaituko da dena!
© Fedor Dostoievski
© itzulpenarena: Antton Garikano