XVI. ATALA
Zer esan Parisi buruz? Hau dena, noski, eldarnioa eta erokeria hutsa izan zen. Denera hiru aste pasatxo besterik ez nituen egin Parisen, eta epe horretan erabat agortu ziren nire ehun mila frankoak. Ehun mila bakarrik aipatzen ditut; gainerako ehun milakoa mademoiselle Blancheri eman nion eskudirutan: berrogeita hamar mila Frankfurten, eta handik hiru egunetara Parisen beste berrogeita hamar mila franko eman nizkion truke-letra baten bidez, handik astebetera kobratuko zuena. «Et les cent mille francs, qui nous restent, tu les mangeras avec moi, mon outchitel!» Beti outchitel deitzen zidan. Zaila da mademoiselle Blanche baino izaki kalkulatzaile, zikoitz eta goseagorik imajinatzea. Baina hori bere diruarekin. Nire ehun mila frankoei zegokionez, argi adierazi zidan geroago, beharrezko zituela bere lehen antolaketetarako Parisen. «Izan ere orain finetik abiatu nauk betirako, eta ez naitek luzaroan bidetik okertuko, behinik behin horretarako neurriak hartu ditiat», gaineratu zuen. Bestalde, ia ez nuen ikusi ehun milako hori; berak gordetzen zuen denbora guztian dirua, eta berak egunero-egunero miatutako nire diru-zorroan behin ere ez ziren biltzen ehun frankotik gora, gehienetan gutxiago.
— Zertarako duk dirua? —esaten zuen batzuetan aire lainoenaz, eta nik ez nuen eztabaidatzen. Bestalde, diru horrekin oso-oso txukun jantzi zuen bere etxea, eta ondoren estrainaldira eraman ninduenean hala esan zidan gelak erakutsiz: «Honatx zer egin daitekeen hutsaren hurrengoarekin, kontuak atera eta gustu ona edukiez gero». Hutsaren hurren hori, ordea, berrogeita hamar mila franko kostatu zen, zehatz. Beste berrogeita hamar milakoarekin kotxea erosi zuen, zaldiak, eta gainera bi dantzaldi eman genituen, alegia bi festa, bertan zirelarik Hortense, Lisette eta Cléopâtre: emakume bikainak, alderdi askotatik begiratuta, eta itsusitik batere ez zeukatenak. Bi festa horietan etxeko jaunaren paper txoroa egin beharra izan nuen, ongietorria eta solasa emanez baldarkeria eta gordinkeria harrigarrizko merkatari aberastu eta inozoei, baita teniente, idazle kaxkar penagarri eta kazetari xaborrei ere, modazko fracka jantzita lasto kolorezko eskularruekin azaldu zirenak, hainbeste norberaganako estima eta harrokeriaz, non gure artean Petersburgon ere pentsaezina izango baitzen... eta hori asko esatea da. Nire bizkar barre egitea ere bururatu zitzaien, baina ni xanpainez mozkortu eta atzeko gelara desagertu nintzen. Ezin higuingarriagoa iruditzen zitzaidan hura dena. «C'est un outchitel —zioen Blanchek nitaz—, il a gagné deux cent mille francs, eta ni gabe ez lekike nola gastatu. Ondoren berriro arituko da irakasletzan. Ez al duzue inork postu bat ezagutzen? Zer edo zer dago berarentzat egin beharra». Nik xanpainerako gero eta joera handiagoa hartu nuen, beti oso triste eta ikusgarri aspertzen bainintzen. Giro burges eta merkantilenean bizi nintzen, non sos bakoitza zenbatzen eta neurtzen baitzen. Blanchek ez ninduen asko maite lehen bi asteetan, ongi konturatzen nintzen; egia da berak ni apain jantzi eta egunero egiten zidala gorbataren korapiloa, baina bere barrenean zinez gutxiesten ninduen. Nik ez nuen hori batere aintzakotzat hartzen. Asperturik eta goibel, Château des Fleurs-era joateko ohitura hartu nuen, non erregularki, arratsaldero mozkortzen bainintzen, eta cancan-ean ere ikasi nuen (likits dantzatzen da bertan), eta ospea ere nireganatu nuen lan egite horretan. Blanchek azkenean nire barrena ikusi zuen: aldez aurretik uste zuen gure elkarbizitzak iraun bitartean ni atzetik joango nintzaiola eskuan arkatza eta papera hartuta, eta kontu guztiak aterako nituela, zenbat gastatzen zuen, zenbat lapurtzen, beste zenbat gastatuko eta beste zenbat lapurtuko. Eta, noski, seguru zegoen iskanbila edukiko genuela hamar franko bakoitzeko. Nire eraso guztientzat, aurrez baitzeuzkan iragarrita, arrapostu egokia zeukan; baina nigandik inolako erasorik ez ikustean, bera hasi zen arrapostuak ematen. Aldian behin bero-bero ekiten zion, baina ni isilik nengoela ikustean —gehienetan sofa gainean etzan eta mugitu gabe sabaiari begira—, harritu egin zen azkenerako. Hasieran uste zuen ni tentel hutsa nintzela, un outchitel, eta bere hartan eteten zituen azalpenak, segur aski bere artean pentsatuz: «Tentela da eta, zertarako ezer jakinarazi, ez badu ulertuko?» Horrenbestez joan ohi zen, baina handik hamar minututara itzultzeko (bere gastu nabarmenekin gertatzen zen hau, hain zuzen ere gure aukeren gainetik zeudenekin: adibidez, lehengoak aldatu eta zaldi pare bat erosi zuenean hamasei mila frankogatik).
— Zer, haserre al hago, Bibi? —hurbiltzen zen nigana.
— E-e-ez! Utzi bakean! —esaten nion nik, eskuaz baztertuz. Baina hain zen hau berarentzat bitxia, non berehala esertzen baitzitzaidan aldamenean.
— Zera, hainbeste pagatzea erabaki badut, aukera onekoak zirelako izan duk. Berriro sal daitezkek hogei mila frankogatik.
— Sinesten dinat, bai; zaldi ederrak ditun; eta orain kotxe bikaina daukan. Ondo etorriko zain, eta horrekin kito dinagu.
— Ez al hago beraz haserre?
— Zer dela eta? Buruz jokatzen dun, ezinbestekoak ditunan gauzak eskuratuta. Gerora ondo etorriko zain hau dena. Ikusten dinat bide horretatik daukanala abiatu beharra; bestela ez dun inoiz milioia hireganatuko. Gure ehun mila frankoak hasiera besterik ez ditun, tantatxo bat itsasoan.
Blanchek nigandik inolaz ere espero ez halako arrazoiak (garrasi eta purrustak baizik!), eta zerutik lurrera erorita geratzen zen.
— Horrelakoa... horrelakoa haiz beraz! Mais tu as de l'esprit pour comprendre! Sais-tu, mon garçon, irakasle bahaiz ere, printze izan behar huen jaiotzez! Ez al hau beraz nahigabetzen, guri dirua hain bizkor barra-barra joateak?
— Bai zera, nigatik joatea din berehala!
— Mais... sais-tu... mais dis donc, aberatsa haiz ala? Mais sais-tu, ezinikusi handiegia diok diruari. Qu'est-ce que tu feras après, dis donc?
— Après Homburgora joan eta beste ehun mila franko irabaziko ditinat.
— Oui, oui, c'est ça, c'est magnifique! Eta bazekiat inondik ere irabazi eta hona ekarriko dituala. Dis donc, horrela azkenean zinez maiteko haut! E bien, hi horrelakoa izanda, denbora guzti honetan maite egingo haut eta ez natzaik behin ere infidela izango. Ikusten, orain artean, nahiz eta ez hindudan maite, parce que je croyais que tu n'es qu'un outchitel (quelque chose comme un laquais, n'est-ce pas?), hala ere fidela izan natzaik, parce que je suis bonne fille.
— Gezurra! Ez al hindudan lehengoan Albertekin ikusi, ofizialtxo beltzaran horrekin?
— O, o, mais tu es...
— Dena gezurra; baina zer uste dun, haserretu egingo naizela? Bost axola! Il faut que la jeunesse se passe. Nola baztertuko dun ba, ni baino lehenagotik maite badun. Baina ez dirurik eman, aditzen?
— Ez al haiz horregatik ere haserretzen? Mais tu es un vrai philosophe, sais-tu? Un vrai philosophe! —hots egin zuen, aztoratua—. E bien, je t'aimerai, je t'aimerai: tu verras, tu seras content!
Eta, hain zuzen ere, ordu ezkero bazirudien niganako lotura sentitzen zuela, baita adiskidantza ere, eta halaxe igaro ziren gure azken hamar egunak. Ez nituen ikusi agindutako «izarrak»; baina zenbait alderditik begiratuta, bere hitzari eutsi zion. Gainera Hortenseren ezaguera eman zidan, dohain sobera bikainak zeuzkan emakumea, gure artean Thérèse-philosophe izenez ezaguna...
Gainerakoan, alferlana da honi buruz zabal jardutea; beste kontaera bat osa liteke guzti honekin, beste kolore batekoa, baina ez dut istorio honetan tartekatu nahi. Berez, nik indar guztiekin desio nuena zen hura dena lehenbailehen amaitzea. Baina gure ehun mila frankoak aski izan ziren, jadanik esan dudanez, ia hilabeterako, benetan harritzekoa bazen ere: gutxienez laurogei milarekin Blanchek berarentzako gauzak erosi zituen, eta guk biok ez genuen inolaz ere hogei mila franko baino gehiago gastatu, eta hala ere iritsi zitzaigun. Blanchek, azkenerako ia guztiz egiatia nirekin (batzuetan gutxienez ez zidan gezurra esaten), aitortu zidan ez zirela gutxienez nire bizkar jausiko berak ezinbestean bildutako zorrak. «Ez diat kontu eta truke-letrarik sinarazi —esan zidan—, errukitu egin nauk hitaz eta; beste edonork zalantzarik gabe egingo zian hori, eta espetxera bidaliko hinduen. Ikusten, ikusten nola maitatu haudan eta zer zintzoa izan naizen! Zer kostatuko ote zaidak ezkontza deabru hau!»
Izan ere ezkontza ospatu zen. Gure hilabetearen azken aldera gertatu zen, eta pentsatzekoa da horrekintxe joan zirela nire ehun mila frankoen azken ipitzak. Horrenbestez amaitu zen gure hilabetea, eta nik erretiro formala jaso nuen.
Honela gertatu zen: gu Parisen jarri eta handik astebetera, jenerala heldu zen. Zuzenean joan zen Blanchegana, eta lehen bisita ezkero gutxitan aldendu zen gure ondotik. Egia da gelatxo bat zeukala non edo han. Blanchek bihotzez eman zion ongietorria, oihu eta algara artean, eta besarkatzera ere oldartu zitzaion. Kontuak aurrera egin ahala, Blanche bera zen askatzen ez zuena jenerala, eta honek atzetik jarraitu behar izaten zion bazter guztietara: bulevarrera eta, paseora eta, antzerkira eta, ezagunengana eta... Jeneralak artean balio zuen erabilpen horietarako: itxurazkoa eta gisako samarra zen: ia altua, patila eta bibote tindatuekin (korazeroetan zerbitzatu zuen antzina), aurpegi atseginekoa, nahiz apur bat zarpaildua. Bere azturak bikainak ziren eta oso iaioa ematen zuen fracka jantzita. Bere kondekorazioak janzten hasi zen Parisen. Bulevarrean barrena horrelako norbaitekin paseatzea posible ez ezik gomendagarria ere bazen, horrela izendatzerik baldin badago behintzat. Jeneral zintzo ergela izugarri pozik zegoen guzti honekin; ez zuen honelakorik espero, Parisera heldu eta gugana azaldu zenean. Ia beldurrez dardarka azaldu zen; uste zuen Blanche garrasika hasi eta airean bidaliko zuela. Horregatik, egoeraren itzuli berri honen aurrean, zeharo aztoratu eta hilabete osoa igaro zuen aztoramen txoro batean; halaxe utzi nuen nik. Hemen bertan jakin nuen gerora zehatz-mehatz, guk harako hartan Ruletenburgotik itsumustuan alde egin ondoren, atake antzeko bat jasan zuela goiz hartantxe. Kordea galduta erori, eta ondoren aste osoa eman omen zuen eroa baino areago, tar-tar hizketan. Tratamendua jarri zioten, baina berak bat-batean dena bertan utzi, trenera igo eta Parisera etorri zen. Bistan da Blancheren harrera suertatu zela berarentzat botikarik onena; baina eritasun aztarnek denbora askoan iraun zuten, poztasun eta aztoramen guztiak gorabehera. Guztiz ezinezkoa zitzaion arrazoitzea edota elkarrizketa serios samar bati ekitea; halakoetan, orori «hm!» esan eta buruari eragitea besterik ez zuen egiten. Sarritan egiten zuen barre, baina irri urduri, eri batekin, bertan lehertzeko zorian; beste batzuetan ordu osotan egoten zen eserita, gaua bezain ilun, bere betile lodiak zimurtuta. Gauza askotaz ez zen gogoratzen ere; jasanezineraino bihurtu zen distraitua, eta bere artean hitz egiteko ohitura hartu zuen. Blanchek bakarrik susper zezakeen zertxobait; eta goibel eta ilun zegoenean, izkina batean kuzkurtuta, horren esanahi bakarra zen ez zuela Blanche aspaldi ikusi, edo Blanche norabait joana zela bera gabe, edo irteeran ez ziola berari laztanik egin. Berak ere ez zuen esaterik izango zer nahi zuen, eta ez zekien goibel eta triste zegoenik. Ordubete edo bi eserita egon ondoren (bi aldiz konturatu nintzen honetaz, Blanche egun osorako joana zenean, segur aski Albert-gana), bat-batean inguruetara kirika hasten zen, larritzen, atzera begira, oroitzen, norbaiten bila bezala; baina inor ikusi ez eta oroitzen ez zenez zertaz galdetu nahi zuen, berriro murgiltzen zen lehengo geldoaldian, harik eta Blanche azaldu arte, alai, bizi, apain, algara ozenez; jeneralagana agudo hurbildu eta zirika hasten zitzaion, baita muxuka ere, nahiz hori sari bakana izan. Behin batean jenerala hainbeste poztu zen hura ikusita, non negarrari eman baitzion. Gogotik harritu nintzen.
Gugana azaldu bezain laster, haren alde egin zuen Blanchek nire aurrean. Bere elokuentziaz ere baliatu zen; gogora ekarri zuen nigatik izan zela infidela jeneralarekin, haren emaztegaia zela kasik, hitza emana ziola; beragatik utzi zuela hark familia, eta, azkenik, ni haren zerbitzura egona nintzela eta hori kontutan hartu behar nuela, eta ea ez al nintzen lotsatzen... Ni denbora guztian isilik egon nintzen, berak tar-tar hitz egin bitartean. Azkenean barreari eman nion eta horrela bukatu zen kontu guztia, hau da, hasieran ergeltzat banindukan ere, azkenerako bere iritzia zen ni oso gizon jator eta dohatsua nintzela. Hitz batean, azkenerako andereño ohoragarri haren onginahia nireganatzeko zortea izan nuen. (Blanche, bestalde, neskatxa bikaina zen... bere eran, noski; hasieran ez nion hala iritzi). «Gizon bizkor eta ona haiz —esaten zidan azkenerako—, eta... eta... lastima duk hi hain ergela izatea. Inoiz ez haiz ezertxoren jabe izango!»
«Un vrai russe, un calmouk!» Aldian behin jenerala paseatzera eramanarazten ninduen, morroia erbi-zakurrarekin bezalaxe. Nik berriz antzokira gidatzen nuen, Bal-Mabillera eta restaurantetara. Blanchek ematen zidan honetarako dirua, nahiz jeneralak berea eduki eta besteren aurrean diru-zorroa ateratzeko oso zalea izan. Behin batean Palais Royal-ean zazpiehun frankotako brotxe batekin txoratu eta Blancheri oparitu behar ziola-eta hasi zenean, indarra erabili behar izan nuen kasik. Zertarako zuen Blanchek zazpiehun frankotako brotxea? Gainera jeneralak ez zeuzkan mila franko baino gehiago. Inoiz ez nuen jakiterik izan nondik sortu zituen. Segur aski mister Astley-gandik, hotelarena ere honek ordaindu baitzuen. Bitarte guzti hartan jeneralak begiratzen zidan moduagatik, nik uste ez zituela susmatu ere egiten Blancherekiko nire harremanak. Nahiz eta lauso artean entzuna eduki kapital handia irabazi nuela, segur aski uste zuen Blancherenean etxeko sekretarioa-edo nintzela, agian morroia. Behinik behin kopeta goratuta hitz egiten zidan beti, lehengo moduan, nire nagusia balitz bezala, eta noiz edo noiz errietan ere hasten zitzaidan. Goiz batean, etxean, kafearen orduan, sekulako barreak eginarazi zizkigun Blancheri eta bioi, etxean, goizeko kafearen orduan. Ez zen batere gizon irainbera baina aldi hartan iraindua sentitu zen bat-batean. Egundaino ez dut jakin zergatik. Noski, berak ere ez zekien. Hitz batean, ez hanka eta ez buru hasi zen berriketan, à bâtons-rompus, deiadarka, ni mukitsu bat nintzela eta berak irakatsiko zidala... nire berri emango zuela... eta abar, eta abar. Baina inork ez zion ezer ulertzerik izan. Blanche algara batean hasi zen; azkenean jenerala nolabait lasaitzea lortu eta paseatzera atera genuen. Bestalde, askotan antzeman nuen triste jartzen zela, pena zeukala norbaitengatik edo zerbaitengatik, norbaiten hutsunea sentitzen zuela, Blanche ondoan izan arren. Bi aldiz hasi zitzaidan halako momentuetan mintzatzen, baina inoiz ez zuen bere barrua argi azaltzerik izan: bere soldadutza aipatu zidan, emaztea zena, bere jabetzen gobernua, bere ondasunak. Hitzen bat burura etorriez gero poztu, eta ehun aldiz errepikatzen zuen egunean zehar, nahiz bere sentimendu edo ideiak ez adierazi. Bere umeez hitz egiten saiatu nintzen, baina berak hori baztertu, lehengo hizketa arinez, eta lehenbailehen egiten zuen hitz beste: «Bai, bai! Umeak, umeak, arrazoi duzu, umeak!» Behin bakarrik hunkitu zen. Antzerkira gindoazen: «Ume dohakabeak! —jalki zuen halako batean—. Bai, jauna, bai, ume dohakabeak!» Hainbat bider errepikatu zituen arratsalde hartan hitz haiek: «Ume dohakabeak!» Nik behin Polina aipatu nionean, sutan jarri zen: «Esker txarrekoa da! —oihukatu zuen—. Gaiztoa eta esker txarrekoa! Familiaren lotsaizuna! Hemen legeak baleude, laster makurraraziko nioke burua! Horixe bai!» Des Grieux-ri buruz berriz, ezin zuen honen izena entzun ere. «Nire hondamena izan da —zioen—, ebatsi egin nau, jota utzi nau! Nire lokamutsa izan da azken bi urte oso hauetan! Hilabete osotan zehar azaldu zait ametsetan. Hori, hori, hori da... O, ez niri inoiz berataz hitz egin.»
Bien artean ongi etortzen zirela ikusi bai, baina ni isilik nengoen, nire ohiturari segituz. Blanchek berak argitu zidan, gu banandu baino astebete lehenago:
— Il a de la chance —hasi zitzaidan barra-barra hizketan—, amona orain benetan gaixo zegok eta hil egingo duk, inondik ere. Mister Astley-k telegrama bidali dik. Onartuko duk bera dela oinordekoa, kontuak kontu. Eta ez balitz ere, ez ziok inori galaraziko. Batetik, bazeukak bere zahar-saria, eta bestetik, atzeko gelan biziko duk eta guztiz zoriontsua izango duk. Ni «madame la générale» izango nauk. Jendarte finean sartuko nauk (horixe zen Blancheren betiko ametsa), eta ondoren lurjabe errusiarra izango nauk, j'aurai un château, des moujiks, et puis j'aurai toujours mon million.
— Baina jeloskorra izaten hasten bada, zera eskatuko din... Jainkoak zekin zer. Ulertzen?
— O ez, non, non, non! Ez duk ausartuko! Hartu ditiat neurriak, hago lasai. Truke-letra zenbait sinarazi zizkioat Alberten izenean. Huskeriarik txikiena... eta laster jasoko dik zigorra. Baina ez duk ausartuko!
— Ezkon hadi ba...
Handitasunik gabe burutu zen ezkontza, familiartean eta bare-bare. Albert eta lagun-minen bat izan ziren gonbidatu bakarrak. Hortense, Cléopâtre eta besteak tinko baztertu zituzten. Senargaiak oso aintzakotzat hartu zuen bere egoera berria. Blanchek berak egin zion gorbataren korapiloa, igurtzi nion pomada, eta très comme il faut ematen zuen fracka jantzita eta txaleko zuriarekin.
— Il est pourtant très comme il faut —azaldu zidan Blanchek berak jeneralaren gelatik ateratzean, jenerala très comme il faut zelako harrituta bezala. Hain gutxi arduratu nintzen xehetasunez, soilik ikusle nagiaren antzera parte hartuz, non asko ahaztu baitzait orduko berri. Oroitzen dudan bakarra da Blanche ez zela inolaz de Cominges moduan aurkeztu, ama ere inolaz ez veuve Cominges bezala, baizik eta du-Placet izenez. Zergatik izan ziren biak ordura arte de Cominges... ez jakin. Baina jenerala asko poztu zen honetaz, eta du-Placet gehiago atsegin zitzaion de Cominges baino. Ezkon goizean, jadanik erabat jantzita, han ibili zen salan gora eta behera, bere buruari errepikatzen, itxura txit seriosa eta itzaltsuarekin: «Mademoiselle Blanche du-Placet! Blanche du-Placet! Du-Placet! Blanka du-Placet andereñoa!...» Eta asetasun aztarna batek distiratzen zuen bere aurpegian. Elizan, udalean eta etxeko otordu garaian, alai eta ase ez ezik harro ere bazegoen. Zer edo zer gertatu zitzaien biei hala biei ere. Blanchek ere duintasun antzeko batez begiratzen zuen.
— Orain zeharo aldatu behar diat nire jarrera —esan zidan, ikusgarri serioski—. Mais vois-tu, ez zitzaidakean madarikazio hau bururatu: imajina ezak, oraindik ere ez zekiat nire deitura berria: Sagorianski, Sagosianski, madame la générale de Sago... Sago, ces diables des noms russes, enfin madame la générale à quatorze consonnes! Comme c'est agréable, n'est-cepas?
Azkenean bereizi ginen, eta Blanchek, Blanche tuntunak, negar malko batzuk isuri zituen agurtzerakoan. «Tu étais bon enfant —esan zidan zizpuruka—. Je te croyais bête et tu en avais l'air, baina ongi doakik hori». Eta, bukatzeko, eskua eman zidanean, bat-batean «Attends!» hots egin, bere boudoir-era oldartu eta mila frankotako billete bi ekarri zizkidan laster. Sinestea ere! «Poliki etorriko zaik hau, baliteke hi oso outchitel jakintsua izatea, baina izugarri inozoa haiz. Ez dizkiat bi mila baino gehiago emango, berdin-berdin galduko dituk eta. Bo, agur! Nous serons toujours bon amis, eta berriro irabazten baduk etorri nigana, et tu seras heureux!»
Bostehun franko neuzkan artean; horretaz gain, mila frankotako erloju bikaina, brillantezko gemeloak eta abar, beraz denbora gehixeagoan bizitzeko modua nuen, ezertaz kezkatu gabe. Nahita jarri naiz herrixka honetan, nire barrena argitzeko, baina batez ere mister Astley-ri itxoiteko. Seguru nago bera hemendik igaro eta egun baterako geratuko dela, negozioak direla eta. Dena jakingo dut orduantxe... eta ondoren, ondoren Homburgora zuzenean. Ez naiz Ruletenburgora joango, denez ere datorren urtean. Izan ere, adur gaiztokoa omen da mahai berean bi aldiz segidan zortea frogatzea, eta gainera Homburgo da benetako joko lekua.
© Fedor Dostoievski
© itzulpenarena: Antton Garikano