XV. ATALA
Gogoan daukat modu izugarrian josi zituela begiak nire aurpegian, baina zegoen lekutik mugitu edo bere jarrera aldatu gabe.
— Berrehun mila franko irabazi ditut —hots egin nuen, azken erroilua mahai gainera botatzerakoan. Billete pila latz hark eta urre erroiluek mahai osoa betetzen zuten, eta ezin nituen nire begiak handik aldendu; minutu batzuetan erabat ahaztu nintzen Polinarekin. Hantxe ari nintzen, bateko billete mordoxkak ordenan jarri eta bateratzen, besteko urrea pila batean biltzen, gero dena bertan utzi eta pauso azkarrez gelan barrena oinez, pentsakor, ondoren berriro mahaira hurbildu eta berriro dirua zenbatzen hasteko. Bat-batean, nire onera etorrita bezala, atera korrika joan eta berehala itxi nuen, giltzari bi buelta emanaz. Gero gogoetatsu geratu nintzen, nire maleta txikiaren aurrean.
— Eta maletan sartuko banu bihar arte? —galdetu nuen nik, bat-batean Polinagana jiratu eta berarekin bat-batean gogoratuz. Bera zirkinik egin gabe zegoen, lehengo leku berean eserita, begiradaz niri adi-adi segika. Bere aurpegiko egitea arraroa zen, ez zitzaidan gustatzen! Ez nago oker, beragan gorrotoa zegoela baldin badiot.
Arin hurbildu nintzaion.
— Polina, hogeita bost mila florin daude hemen, alegia berrogeita hamar mila franko edo gehiago. Hartu eta botaizkiozu bihar aurpegira.
Ez zidan deus erantzun.
— Nahi baduzu neronek eramango dizkiot bihar goizean. Ados? Barreari eman zion bat-batean. Luzaz aritu zen barrez.
Harriturik eta atsekabez begiratu nion. Barre hark bazeukan antzik nire aitorpen sutsuenen aurrean aspaldi gabe egin ohi zuen barre isekatiarekin. Azkenean isildu eta bekozkoa ilundu zitzaion; zorrotz bota zidan zehar-begirada.
— Nik ez dut zure dirurik hartuko —esan zuen, mespretxuz.
— Nola? Zer esan duzu? —egin nuen garrasi—. Zergatik ordea, Polina?
— Nik ez dut dirua dohainik hartzen.
— Lagun bezala eskaintzen dizut; nire bizitza eskaintzen dizut. Luzaroan eta aztertuz begiratu zidan, alderik alde zeharkatu nahi banindu bezala.
— Garesti ordaintzen duzu —esan zuen, barre-iduri batekin—. Des Grieux-ren maitaleak ez ditu balio berrogeita hamar mila franko.
— Polina, nola hitz egin dezakezu horrela nirekin! —oihukatu zuen gaitzespenez—. Ni Des Grieux naiz ala?
— Gorroto zaitut! Bai... bai...! Ez zaitut maite Des Grieux baino gehiago —oihukatu zuen, begiak dirdir.
Hartan, aurpegia eskuekin estali eta histeriak hartu zuen. Beragana oldartu nintzen.
Ni kanpoan nintzen bitartean zer edo zer gertatu bide zela ulertu nuen. Bere onetatik aterea ematen zuen.
— Eros nazak! Nahi duk? Nahi duk? Berrogeita hamar mila frankogatik, Des Grieux-k bezala? —alde egin zion, lanturu ikaren artean. Nik orduan besarkatu, esku eta oinetan muin eman, eta belauniko erori nintzen bere aurrean.
Igaro zitzaion histerialdia. Bere eskuak nire sorbalda gainetan larri eta adi-adi begiratu zidan; bazirudien zerbait irakurri nahi zuela nire aurpegian. Entzun bai, baina nik uste ez zuela aditzen esaten niona. Kezka eta hausnarketa islatu ziren bere aurpegian. Beldurtu egin nintzen beragatik; inondik ere zentzua galdu zuela iruditzen zitzaidan. Bat-batean ni bere ondora eramaten hasi zen emeki; irribarre fidakor bat erne zen bere aurpegian; baina gero ni baztertu eta berriro goibel begira jarri zitzaidan.
Bat-batean nire besoetara oldartu zen.
— Hik maite nauk, maite nauk, ezta? —mintzatu zen—. Izan ere, hik... lehian aritu nahi huen baroiarekin nigatik!
Eta bat-batean algarari eman zion, zerbait barregarri eta atseginaren txinparta barrenean piztu balitzaio bezala. Negar eta barre egiten zuen, aldi berean. Zer egin nezakeen nik? Neroni ere sukarrez bezala nengoen. Gogoan daukat zer edo zer esaten hasi zitzaidala, baina nik ez nuen ia deus ere ulertzerik izan. Eldarnio baten antzekoa zen hura, marmar baten antzekoa, lehenbailehen zer edo zer kontatu nahi balit bezala; eta batzuetan eldarnio hau barre algara alai batek eteten zuen, ni beldurtzen hasteraino. «Ez, ez, hi jatorra haiz, jatorra! —errepikatzen zuen—. Hi leiala haiz nirekin!» Eta berriro ipintzen zituen eskuak nire sorbaldetan, berriro niri begira eta errepikatuz: «Hik maite nauk... maite nauk... maiteko al nauk?» Nik ez nuen beragandik begirik kentzen; inoiz ez nuen ikusi halako samurtasun eta maitasun joerarekin; egia da eldarnio hutsa zela, noski, baina... nire begirada sutsuari erreparatu eta maltzur hasi zen irribarrez. Ez non eta ez han, mister Astley-ri buruz ekin zion.
Dena den, etengabe aritua zen mister Astley-ri buruz hizketan (batez ere arestian niri zerbait kontatzen saiatu zenean), baina hain zuzen zertaz, ez neukan argi; haren bizkar barrez ere aritu zela uste dut; etengabe errepikatzen zuen hura zain zegoela... eta ea ba al nekien segur aski leiho azpian egongo zela orduantxe. «Bai, bai, leiho azpian. Ireki eta begira ezak, begira ezak, hor zegok, hor!» Leiho aldera bultzatzen ninduen, baina nik hara joatekoa egin bezain laster bera barrez lehertu, ni bere aldamenean gelditu, eta besarkatzera oldartzen zitzaidan.
— Joango al gara? Joango al gara bihar? —bat-batean bururatu eta urduri jarri zen—. Tira... (eta gogoetan hasi zen) tira, amona harrapatuko diagu, zer deritzok? Nik uste Berlinen harrapatuko dugula. Zer uste duk esango duela guk bera harrapatu eta ikusten gaituenean? Eta mister Astley...? Tira, horrek ez dik Schlangenberg-etik behera jauzi egingo, ez zaik iruditzen? (Algara egin zuen). Adi ezak hau: ba al dakik nora den joatekoa hurrengo udan? Ipar polora joan nahi dik ikerketa zientifikotarako, eta berarekin gonbidatu naik, ja ja ja! Guk errusiarrok ez omen geniake ezer jakingo europarrengatik ez balitz, eta ez omen gaituk ezertarako gai... Baina jatorra ere baduk! Zera, jeneralaren jarrera zuritzen dik; berak dioenez, Blanche... pasioa... tira, ez zekiat, ez zekiat —errepikatu zuen bat-batean, hizketaren haria galduta bezala—. Pena ematen zidatek koitadu horiek, eta amonak... Baina entzuidak, entzuidak, nolaz sumatu duk Des Grieux hiltzea? Hilko huela pentsatu duk ala? Txoro alaena! Nola pentsatu duk ordea utzi egingo niakeela Des Grieux-rekin lehiatzen? Baroia bera ere ez lukek hilko eta —gaineratu zuen, bat-batean barreari ekinez—. O, zer barregarria hengoen beste aldi hartan baroiarekin; bankutik begira egon nintzaizuen; eta zenbat aitzakia jarri hituen harengana ez joateko, agindu nianean. Haiek barreak egin nitian, haiek barreak! —gaineratu zuen, karkar batean.
Eta bat-batean berriro muxuka eta besarkatzen hasi zitzaidan, pasioz eta samurki estutu zuen berriro bere aurpegia nirearen kontra. Nik ez nuen beste ezertan pentsatzen, ezta ezer aditzen ere. Jiraka zebilkidan burua...
Uste dut goizeko zazpiak aldea izango zela esnatu nintzenean; eguzkiak gela barrua argitzen zuen. Polina nire ondoan zegoen eserita, modu arraroan begira, ilunpetatik orduantxe irten eta bere gogoetak antolatzen ari balitz bezala. Bera ere esnatu berria zegoen eta adi-adi begiratzen zion mahaiari eta diruari. Burua astuna eta minbera neukan. Eskutik heldu nahi izan nion Polinari, baina berak ni baztertu eta jauzi egin zuen dibanetik. Tankera goibela zeukan egunak; euria egin zuen goiztiria baino lehen. Bera leihora hurbildu, zabaldu, burua eta bularraldea atera, eta eskuak bermatuta, ukalondoak leiho uztarrian jarrita, hiruren bat minutu igaro zituen horrela, nigana jiratu gabe eta esaten niona entzun gabe. Beldurtu egin nintzen zera pentsatuta: Zer gertatuko da orain eta nola bukatuko da hau? Bat-batean bera leihotik zutitu, mahaira hurbildu, eta gorroto amaigabez niri begira, ezpainak suminez dardarka, honela esan zidan:
— Tira, emazkidak nire berrogeita hamar mila frankoak!
— Polina, berriro ere kontu horrekin? —hasi nintzen ni.
— Iritziz aldatu duk ala? Ja ja ja! Damutu egin al zaik orain?
Mahai gainean zeuden hogeita bost mila florinak, bezperan zenbatu nituenak; hartu eta eman egin nizkion.
— Orain nireak dira, ezta? Ez da hala? —galdetu zidan sumindurik, dirua eskutan.
— Beti izan ditun hireak —esan nion.
— Toizkik ba hire berrogeita hamar mila frankoak! —besoa goratu eta bota zizkidan. Fardeltxoak niri aurpegian kolpe mingarria eman eta lurrean barreiatu zen. Ondoren, Polina korrika irten zen gelatik.
Badakit, noski, bera momentu hartan ez zegoela bere onean, nahiz eta nik ero bolada hura ulertu ez. Izan ere ordu ezkero, eta bada hartatik hilabete, gaixo jarraitzen du. Zein izan zen, ordea, egoera haren arrazoia, baina batez ere azken istilu harena? Urguilu iraindua? Nigana etortzea erabaki izanaren etsipena? Zer iruditu ote zitzaion, izandako zortearekin nik nire burua puztu eta, Des Grieux-k bezalaxe, alde batera utzi nahi nuela berrogeita hamar mila franko oparituz? Baina ez zen halakorik, hala esaten dit kontzientziak. Nik uste dut bere harrokeria izan zela hein batean erruduna: harrokeriak bultzatu zuen niri ez sinestera eta ni iraintzera, nahiz eta berak agian hau dena batere argi eduki ez. Kasu horretan, nik, jakina, Des Grieux-gatik pagatu eta errudun bihurtu nintzen, agian erru handirik gabe. Egia da hau dena eldarnioa besterik ez zela; egia da ere nik banekiela bera eldarniatzen zegoela, eta... ez nuela alderdi hau aintzakotzat hartu. Ezin ote dit orain niri hori barkatu? Bai, baina hori orain; eta lehen, lehen? Izan ere, Des Grieux-ren gutunarekin nigana etortzean, bere eldarnioa eta gaitza ez ziren hain bortitzak, egiten ari zenaz guztiz ahazteraino behinik behin. Alegia bazekiela zertan ari zen.
Nola hala sartu bizkor nire billeteak eta urre mordoxka ohean, dena estali eta Polina baino hamar minutu beranduago irten nintzen. Seguru nengoen bere gelara itzulia izango zela, eta isilka hurbildu nahi nuen sarrera aldera, inudeari andereñoaren osasunagatik galdetzeko. Zur eta lur geratu nintzen, ordea, eskaileretan inudearekin topatu eta jakin nuenean Polina ez zela artean bere gelara itzuli, eta inudea bera nirera zihoala haren bila.
— Oraintxe —esan nion—, oraintxe irten da nire gelatik, duela hamar minutu. Non ezkutatu ote da?
Inudeak gaitzespenez begiratu zidan.
Bien bitartean istorio oso bat piztu eta zabaldu zen hotelean. Atezaindegian eta zerbitzu-buruarenean esamesa zebilen, alegia goizeko seietan irten zela fräulein hoteletik, korrika, euritan, Hôtel d'Angleterre-rantz. Beren hitz eta alusioengatik, igarri nuen bazekitela nire gelan igaro zuela gau osoa. Gainerakoan, jeneralaren famili osoa zen hizpide: jakin zenez, jeneralak bezperan zentzua galdu eta hotel osoan aditu ziren bere negarrak. Horretaz gain, bidaian heldutako amona bere ama zela ere kontatzen zen, propio Errusiatik etorria, semea eta mademoiselle de Comingesen ezkontza debekatzeko, eta desobedituez gero ondarea ukatzeko asmoz; eta obeditu ez zuenez, orduan kondesak, haren begi aurrean, propio galdu zuela diru guztia erruletan, hari deus ere geratu ez zekion. Diese Russen! errepikatzen zuen zerbitzu-buruak haserre, buruari eraginaz. Besteek barre egiten zuten. Zerbitzu-buruak kontua prestatu zuen. Zabaldu zen nire irabazien berri ere; Karl, nire pasilloko morroia, izan zen ni zoriontzen lehena. Baina ni ez nengoen berriketarako. Hôtel d'Angleterre-ra abiatu nintzen agudo.
Artean goiz zen. Mister Astley-k ez zuen inor hartzen, baina ni nintzela jakitean pasillora irten eta nire aurrean gelditu zen, bere begirada hitsa nigan isilik josiz, nik zer esango zain. Polinagatik galdetu nion segituan.
— Gaixo dago —erantzun zidan mister Astley-k, lehen bezala adi-adi begira, nigandik urrundu gabe begiak.
— Zurekin al dago beraz?
— Bai, hala dago.
— Orduan zuk... bera zure ondoan edukitzeko asmoa al duzu?
— Bai, horixe da nire asmoa.
— Mister Astley, horrek eskandalua sortuko du; ezinezkoa da. Gainera, oso gaixo dago. Ez zara konturatu, ala?
— Bai, konturatu naiz, neronek esan dizut gaixo dagoela. Hala egon ez balitz, ez zukeen gaua zure gelan igaroko.
— Hori ere jakin al duzu?
— Jakin dut, bai. Atzo bera hona etorri eta nire senide batengana bidali nuen, baina gaixo zegoenez nahastu, eta zure gelan sartu zen.
— Oraindik holakorik! Zorionak, mister Astley. Beste kontu bat gogorarazi didazu horrekin: ez al duzu gau osoa gure gelako leiho azpian igaro? Miss Polinak gau osoa jardun du nik leihoa zabaldu eta begira nezan leiho azpian ote zeunden, eta modu izugarrian barrez.
— Benetan? Ez, ez naiz leiho azpian egon; pasilloan egon naiz zain, harantz eta honantz.
— Baina artatu beharra dago bera, mister Astley.
— O bai, deitu diot medikuari; baina hiltzen bada zeuk eman beharko didazu horren kontu.
Txundituta geratu nintzen.
— Mesedez, mister Astley, zer nahi duzu?
— Egia al da berrehun mila talero irabazi zenituela atzo?
— Denera ehun mila florin baino ez.
— Ikusten? Zoaz goiz honetan bertan Parisera.
— Zertara?
— Dirua daukatenean Parisera joaten dira errusiar guztiak —azaldu zuen mister Astley-k, liburu batetik irakurtzen ari balitz bezala, ahotsa eta doinuagatik.
— Zer egingo dut orain, udan, Parisen? Nik bera maite dut, mister Astley! Ongi dakizu zerorrek.
— Benetan? Seguru nago ezetz. Gainera, hemen segi ezkero dendena galduko duzu segur aski, eta ez duzu edukiko Parisera zerekin joanik. Baina agur, erabat seguru nago Parisera abiatuko zarela gaur bertan.
— Ederki, agur, baina ez naiz Parisera joatekoa. Pentsa ezazu, mister Astley, zertan bukatuko dugun orain. Hitz batean, jenerala... eta orain abentura hau miss Polinarekin... hiri osoan zabalduko da.
— Bai, hiri osoan. Baina nik uste dut jeneralak ez duela horretan pentsatzen, eta ez dagoela horretarako. Gainera Polinak eskubide osoa dauka nahi duen lekuan bizitzeko. Familiari dagokionez berriz, zuzen esan daiteke deseginda dagoela.
Joan nintzen, eta nire artean barrez aritu nintzen ingeles hark zeukan uste arraroagatik, alegia Parisera joango nintzela. «Hala ere tiroz garbitu nahi naik dueluan —pentsatu nuen—, mademoiselle Polina hiltzen bada: hau duk komeria!» Hitza hitz, pena ematen zidan Polinak, baina xelebrea izan arren, bezperan joko-mahaia ferekatu eta dirua metatzen hasi nintzen unean bertan, nire maitasuna bigarren plano antzeko batera zokoratu zen. Hau orain diot, baina orduan ez nintzen artean argi jabetzen. Benetako jokalaria ote naiz, hain modu arraroan maitatu ote nuen Polina? Ez, oraindik ere maite dut, Jainkoa lekuko! Baina aldi hartan, mister Astley-gandik etxera nindoanean, nire sufrimendua benetakoa zen eta nire burua errudun egiten nuen. Baina... baina orduantxe gorabehera ikusgarri bitxi eta txoroa gertatu zitzaidan.
Banindoan lasterka jeneralagana, bat-batean, haren apartamendutik urruti gabe, ate bat ireki eta norbaitek hots egin zidanean. Madame veuve Cominges zen, eta mademoiselle Blancheren aginduz hots egiten zidan. Honen apartamenduan sartu nintzen.
Bizileku txikia zeukaten, bi gelatakoa. Logelatik iristen ziren Mademoiselle Blancheren barre eta oihuak. Ohetik jaikitzen ari zen.
— Ah! C'est lui! Viens donc, bête! Egia al da que tu as gagné une montagne d'or et d'argent? J'aimerais mieux l'or.
— Hala irabazi dut, bai —erantzun nuen barrez.
— Zenbat?
— Ehun mila florin.
— Bibi, comme tu es bête. Baina sartu aurrera, ez diat ezer aditzen eta. Nous ferons bombance, n'est-ce pas?
Beragana sartu nintzen. Etzanda zegoen satinezko estalki arrosa baten azpian, handik agertzen zirelarik sorbalda beltzaran, bikain, zoragarri batzuk —ametsetan bakarrik ikus daitezkeen sorbaldak—, apur bat gordeak batistazko kamisoi batekin, begiak xingola zuri-zuriz apainduak, ezin egokiago bere larru beltzaranarekin.
— Mon fils, as-tu du coeur? —hots egin zuen ni ikustean, eta algaran hasi zen. Beti oso alai egiten zuen barre, eta batzuetan zinez ere bai.
— Tout autre... —hasi nintzen ni, Corneille parafrasatuz.
— Ikusten, vois-tu —hasi zen hitz jarioan—, lehenik bilaizkidak galtzerdiak, lagundu janzten; ondoren, si tu n'es pas trop bête, je te prends à Paris. Zera, oraintxe niak!
— Oraintxe?
— Hemendik ordu erdira.
Izan ere, bilduta zegoen dena. Prest zeuden maleta eta gauza guztiak. Kafea ere aspaldi zegoen zerbitzaturik.
— E bien! Nahi baduk, tu verras Paris. Dis donc qu'est ce que c'est qu'un outchitel? Tu étais bien bête, quand tu étais outchitel. Non daude nire galtzerdiak? Ea, jantzizkidak!
Hanka xarmangarri bat atera zuen, beltzarana, txikia, bota barruan hain politak iruditu arren berez okerrak egon ohi diren hanka gehienak ez bezalakoa. Nik barre egin eta zetazko galtzerdia janzten hasi nintzaion. Mademoiselle Blanche bitartean ohean eserita zegoen, tar-tar hizketan.
— E bien, que feras-tu, si je te prends avec? Lehenik, je veux cinquante mille francs. Frankfurten emango dizkidak. Nous allons à Paris; elkarrekin biziko gara han, et je te ferai voir des étoiles en plein jour. Inoiz ikusi ez dituan bezalako emakumeak ikusiko dituk. Entzun...
— Itxoin, berrogeita hamar mila franko ematen badizkinat, zer geratuko zait niri?
— Et cent cinquante mille francs, ahaztu al zaik, eta gainera ados nagok hire apartamenduan bizitzeko hilabete edo bi, que sais-je! Noski, ehun eta berrogeita hamar mila frankoekin biziko gara bi hilabete horietan. Ikusten, je suis bonne enfant eta aldez aurretik esaten diat, mais tu verras des étoiles.
— Zer, dena bi hilabetetan?
— Hara! Izutu egiten al hau! Ah, vil esclave! Ez al dakik bizimodu horretako hilabete bakarra askoz hobea dela hire existentzia osoa baino? Hilabete, et après le déluge! Mais tu ne peux comprendre, va! Alde, alde, ez duk merezi eta! Ai, que fais-tu?
Une hartan beste galtzerdia ari nintzaion janzten, baina nire buruari eusterik ez eta muxu eman nion oinean. Berak hura saihestu eta joka hasi zitzaidan oinaren muturraz aurpegian. Azkenean kanpora bidali ninduen.
— E bien, mon outchitel, je t'attends, si tu veux; ordu laurden barru niak! —hots egin zidan atzetik.
Nire gelara itzultzerakoan, zorabiatuta bezala nengoen. Ez nintzen errudun mademoiselle Polinak diru mordoxka hura aurpegira bota zidalako eta bezperan ni baino nahiago izan zuelako mister Astley. Hainbat billete lurrean sakabanatuta zeuden artean; bildu egin nituen. Une hartantxe atea zabaldu eta zerbitzu-burua azaldu zen (ordura arte niri begiratzera diñatu gabea), honako gonbidapen honekin: ea ez al nuen nahiago behera aldatzea, V. baroiak utzi berri zuen egoitza bikainera.
Pentsatzen geratu nintzen.
— Kontua! —egin nuen garrasi—. Berehala noa, hamar minutu barru. «Parisera? Ba Parisera!» —pentsatu nuen nire artean. Hala zegoen idatzita!
Handik ordu laurdenera, hain zuzen ere, hirurok geunden eserita famili bagoi batean: ni, mademoiselle Blanche eta madame veuve Cominges. Mademoiselle Blanchek algara egiten zuen, niri begira, histeriak jota. Beste hainbeste veuve Comingesek ere. Ezin esan kontent nengoenik. Erdibituta neukan bizitza, baina bezpera ezkero ohituta nengoen dena karta bakarrean jokatzen. Agian egia zen ni ez nintzela jaio dirua edukitzeko, zorabioa ematen zidala. Peut-être, je ne demandais pas mieux. Irudipena neukan, alegia bolada baterako —baina bolada baterako bakarrik—, inguruko dekorazioa aldatzen zela. «Baina hemen izango naiz berriro hilabeteren buruan, eta orduan... orduan egingo ditugu elkarrekikoak, mister Astley!» Ez, orain gogoratzen dudanez, izugarri triste nengoen orduan, nahiz eta lehertu beharrean algaran jardun Blanche tuntun harekin.
— Zer duk ordea? Hi bai ergela! Bai ergela haizela! —egiten zuen garrasi Blanchek, bere barre saioa eten eta niri serioski errietan hasiz—. Baietz ba, baietz, hire berrehun mila frankoak xahutuko ditiagu, mais tu seras heureux, comme un petit roi; neronek egingo diat gorbataren korapiloa, eta Hortenseren ezaguera emango diat. Eta gure diru guztia xahutzen dugunean, hi hona etorri eta berriro saltaraziko duk banka. Zer esan ziaten juduek? Garrantzitsuena ausardia duk. Hik hori badaukak, eta hik behin eta berriro eramango didak dirua Parisera. Quant à moi, je veux cinquante mille francs de rente et alors...
— Baina jenerala? —galdetu nion.
— Jenerala, badakik herorrek ere, egunero joaten duk ordu honetan niri lore sorta bat erostera. Oraingoan propio agindu zioat lorerik bakanenak aurkitzeko. Gizajoa itzultzen denean, txoria hegaz joana egongo duk. Atzetik etorriko zaiguk, ikusiko duk. Ja ja ja! Asko poztuko nauk. Balio handikoa izango zaidak Parisen; bere hemengo kontuak mister Astley-k ordainduko ditik...
Eta honelaxe joan nintzen Parisera.
© Fedor Dostoievski
© itzulpenarena: Antton Garikano