XIV. ATALA
Garrasi egin nuen.
— Zer duzu? Zer duzu? —galdetu zidan, modu arraroan. Zurbil zegoen eta begirada goibela zeukan.
— Zer dudan diozu? Zu al zara? Zu, nire gelan!
— Inora noanean nire gorputza ere nirekin eramaten dut. Ohitura hori daukat. Orain ikusiko duzu; piztazu kandela bat.
Piztu egin nuen. Bera zutitu, mahaira hurbildu eta gutun zabaldu bat jarri zuen nire aurrean.
— Irakur ezazu —agindu zidan.
— Hau... hau Des Grieux-ren idazkera da!— hots egin nuen nik, gutunari eutsiz. Dardarka neuzkan eskuak eta lerroek dantza egiten zuten nire begi aurrean. Ahaztu zaizkit gutunaren adierazpen zehatzak, baina ondoren doa, hitzez hitz ez bada ere, gutxienez ideiaz ideia.
«Mademoiselle —idazten zuen Des Grieux-k—, hainbat arazo larrik berehala joatera behartzen nau. Zerorri ere jabetuko zinen, noski, nik zuri azalpen zehatzik ematea saihestu dudala, harik eta gorabehera guztiak argitu arte. Zure senide zaharraren etorrerak (la vieille dame) eta bere jarrera ergelak nire zalantza guztiak desegin ditu. Guztiz errautsitako nire arazoek behin betirako debekatzen didate itxaropen goxo horien jabe izaten jarraitzea, aldi batez nire baitan ernetzen utzitakoak. Damu dut gertatu denagatik, baina espero dut nire buruzpidean ez duzula ezer desegokirik aurkituko gizaseme prestu eta fin batentzat (gentilhomme et honnête homme). Ia diru guztia galdu dudanez zure aitaordearentzako maileguekin, geratzen zaidan bide bakarra hartzeko premia larrian aurkitzen naiz: eman diet jadanik jakitera nire Petersburgoko lagunei, ekiteko berehala nire alde bahitutako jabetza guztiak saltzeari. Badakidanez, ordea, zure aitaorde buruarinak harrika bota duela zeure dirua zena ere, berrogeita hamar mila franko barkatzea erabaki dut eta itzuli egiten diot bere jabetza bahituen zati bat, kopuru horri dagokiona, eta hartara zu orain gai zara lehen galdu duzun guztia berreskuratzeko, jabetza hori lege bidez galdeginda. Espero dut, mademoiselle, oraingo egoeraren aurrean, nire ekintza hau zure mesederako izango dela. Espero dut, halaber, ekintza honen bitartez erabat betetzen dudala nire zeregina, gizaseme fin eta noble gisa. Zaude seguru zure oroitzapena bihotzean daramadala betirako grabaturik».
—Tira ba, argi dago kontua —esan nuen nik, Polinagana jiratuta—. Bestelakorik espero al zenezakeen? —gaineratu nuen, suminez.
— Nik ez nuen ezer espero —erantzun zidan, itxuraz lasai, baina ahotsa dardarka bezala—. Aspaldi neukan dena erabakia; irakurriak nituen bere gogoetak eta banekien zer pentsatzen zuen: nire nahia zela... ni gogotik saiatuko nintzela... —hartan gelditu, eta hitz egitez bukatu gabe, ezpainei hozka egin eta isilik egon zen pixka batean—. Propio areagotu nuen beraganako mespretxua —hasi zen berriro—, zer egingo ote zuen zain. Herentziari buruzko telegrama iritsi izan balitz, idiota horren zorrak (aitaordearenak) muturrera bota eta airean bidaliko nukeen! Aspaldi aspalditik gorroto nuen. O, ez zen lehenagoko gizon bera, mila aldiz desberdina zen, baina orain, orain...! O, zenbateko plazeraz jaurtiko nizkiokeen orain bere aurpegi txatxura berrogeita hamar mila hauek, eta gainera txistua bota... eta txistua bertan igurtzi!
— Baina berrogeita hamar mila frankoren bahitura itzultzen dueneko agiria jeneralak dauka ala? Hartu eta itzuliozu Des Grieux-ri.
— O, ez da hori! Ez da hori kontua!
— Bai, egia, ez da hori kontua! Ezertarako gai ba ote da orain jenerala? Eta amona? —hots egin nuen bat-batean.
Polinak distraiturik eta eramanezinik bezala begiratu zidan.
— Zertarako duzu amona? —mintzatu zen haserre—. Ezin naiz beragana joan... Eta ez diot inori barkamen eskatu nahi —gaineratu zuen, amorrarazita.
— Orduan zer egin? —hots egin nuen nik—. Nola ordea, nola maitatu ahal izan duzu Des Grieux? Halako txatxurik! Nahi baduzu, dueluan hilko dut! Non dago orain?
— Frankfurten, hiru egun igaroko ditu bertan.
— Zuk hitz bakar bat esan eta bihar bertan joango naiz, lehenengo trenean! —jalki nuen, lehia txoroz.
Polinak barreari eman zion.
— Bai zera, agian esango lizuke: lehenik itzuli berrogeita hamar mila frankoak. Eta zer aurreratuko luke norgehiagoka horrekin...? Erokeria ona!
— Orduan nondik, nondik atera berrogeita hamar mila franko horiek —errepikatu nuen, hortzak karraska, diru hura hartzeko eskua luzatzea besterik ez balego bezala—. Aizu, eta mister Astley? —galdetu nion, beragana jiratuta ideia arraro baten aztarnarekin.
Ñirñir egin zioten begiek.
— Zer ba, herorrek nahi al duk nik higandik ingeles horrengana alde egitea? —jalki zuen berak, niri aurpegira zorrotz begira eta saminki irribarrez. Lehen aldia zuen niri hika hitz egiten.
Antza, asalduragatik ondoeza egin zitzaion une hartan, eta dibanean eseri zen bat-batean, akituta bezala.
Tximistak jota bezala sentitu nintzen; hantxe nengoen zutik, nire begiei sinetsi ezinik, nire belarriei sinetsi ezinik! Maite nau, beraz! Nigana etorri zen, eta ez mister Astley-gana! Bera, bakarrik, neska gaztea, nire gelara etorri zen, hotelean —hartara bere burua agerian jarriz denen aurrean—, eta ni hantxe, ezer ulertu gabe!
Ideia zoro bat bururatu zitzaidan.
— Polina! Emadan ordubete bakarrik! Itxoin ezan hemen ordubete bakarrik eta... itzuliko naun! Hau... hau ezinbestekoa dun! Ikusiko dun! Geratu hemen, geratu hemen!
Eta korrika irten nintzen gelatik, bere galderazko aurpegi harrituari erantzun gabe; zerbait hots egin zidan atzetik, baina ez nintzen jiratu.
Bai, zenbaitetan ideia zoroena, ezinezkoena dirudien ideia halako indarrez txertatzen zaigu buruan non azkenean posibletzat hartzen baitugu... Are gehiago: irrika sutsu bizia elkartzen bazaio ideia horri, hartara, azkenerako, zenbaitetan halabehartzat hartzen dugu ezinbestekoa, predestinatua, nahitaez gertatu beharrekoa! Baliteke hor beste zer edo zer ere egotea, aurresentipenen konbinazio bat, borondatearen ahalegin berezi bat, norbere fantasiaren bidezko auto-toxikazio bat edo beste zerbait... ez dakit; baina ilunabar hartan (ez dut nire bizitzan ahaztuko) zerbait miresgarria gertatu zen nigan. Nahiz eta aritmetikak poliki asko argitzen duen, hala ere miresgarria iruditzen zait oraindik ere. Eta zergatik ordea, zergatik errotu ote zen nire baitan segurtasun hura hain sakon eta irmo, eta gainera hain aspalditik? Nik, berez, ez nion honi —berriro diotsuet— kasualitate hutsa irizten, beste hainbat aukeren artean azal zitekeena (eta, beraz, azaldu gabe ere gera zitekeena), baizik eta derrigorrez gertatu beharreko zerbait!
Hamarrak eta laurden ziren. Inoiz sentitu ez bezalako itxaropen tinkoarekin, eta baita asaldurarekin ere, kasinoan sartu nintzen. Joko-saletan jende dezente zegoen artean, baina gehienez goizekoaren erdia.
Hamarretatik aurrera benetako jokalariak geratzen dira, porrokatuak, bainutegietan erruleta besterik behar ez dutenak, horregatik bakarrik etortzen direnak, inguruan jazotzen denaz ozta-ozta jabetzen direnak, eta denboraldi osoan ezertaz arduratzen ez direnak, non eta ez den goizetik gauera arte jokatzeaz, eta prest leudekeenak gau osoan ere jokatzeko, egunsentira arte, posible balitz behintzat. Beti muturtuta banakatzen dira, hamabietan erruleta ixtean. Eta croupier nagusiak, erruleta itxi aurretik, hamabiak baino lehentxeago zera aldarrikatzen duenean: «Les trois derniers coups, messieurs!», prest egon ohi dira, azken hiru jokaldiotan, poltsikoan daukaten guztia jartzeko: gehienetan halaxe galtzen dituzte azken apurrak. Lehenago amona egondako mahai berera hurbildu nintzen. Estutasun handirik ez zegoenez, laster hartu nuen lekua mahai ondoan. Nire aurrean, oihal berdean, Passe hitza zegoen idatzita. Passe zenbaki errenkada bat da, hemeretzian hasi eta hogeita hamaseiraino. Lehen errenkadak, batetik hemezortziraino, manque du izena; baina zer axola zitzaidan niri hori dena? Ez nuen ez konturik atera eta ez azken jokaldian zer zenbaki atera zen aditu, eta jokatzen hasterakoan ere ez nuen galdetu, nola hala kontuak daramazkien edozein jokalarik egingo zukeen bezala. Nire hogei federikoak atera eta aurreko passera bota nituen.
— Vingt deux! —hots egin zuen croupier-ak.
Irabazi egin nuen; berriro jokatu nuen dena: lehengoa eta irabazitakoa.
— Trente et un! —hots egin zuen croupier-ak. Berriro irabazi! Denera, beraz, laurogei federiko neuzkan! Laurogeiak hartu eta erdiko hamabi zenbakietara aldatu nituen (hirukoitza da bertako irabazia, baina bi aukera daude aurka); gurpila jiraka ibili eta hogeita laua atera zen. Berrogeita hamar federikotako hiru erroilu eta urrezko hamar txanpon eskuratu zizkidaten: denera, lehengoarekin, berrehun federikoren jabe nintzen.
Sukarrak jota bezala nengoen, diru pila guzti hura jarri nuen gorrian... eta bat-batean etorri nintzen nire onera! Ilunabar hartan, jokatu bitartean, orduantxe bakarrik zeharkatu zidan barrena beldurrezko hotzikara batek, eta dardarka hasi zitzaizkidan eskuak eta hankak. Izuturik antzeman eta konprenitu nuen berehala zer esan nahi zuen orduan galtzeak! Nire bizitza osoa ari nintzen jokatzen!
— Rouge! —hots egin zuen croupier-ak... eta lasai hartu nuen arnasa. Oilo-azala jarri zitzaidan gorputz guztian. Billetetan ordaindu zidaten; beraz, lau mila florin eta laurogei federiko! (Artean gauza nintzen kontuak ateratzeko)
Gero, gogoan daukat, jarri berriro bi mila florin erdiko hamabi zenbakietan eta galdu egin nuen; jarri nuen nire urrea eta laurogei federiko eta galdu egin nuen. Amorrua nagusitu zen nitaz: hartu geratzen zitzaizkidan azken bi mila florinak eta lehen hamabietan jarri nituen, halaxe, itsumustuan, nolanahi, inongo kalkulurik gabe! Itxoinaldi bat egon zen ondoren, madame Blanchard Parisen globotik lurrera erortze orduko zirrararen antzekoa.
— Quatre! —hots egin zuen croupier-ak. Denera, lehengo apustuarekin, sei mila florin neuzkan berriro. Garaile banintz bezala begiratzen nuen jadanik, ezeren beldurrik gabe, ezta ezertxorenik ere, eta lau mila florin bota nituen beltzera. Beste bederatzi gizonek ere, nire atzetik, beltzean jarri zuten agudo. Croupier-ek elkarri begiratu eta hitz batzuk esan zizkioten elkarri. Ingurukoak hizketan zeuden, zain.
Beltza atera zen. Ez naiz gogoratzen ez ondorengo kalkuluez, ez nire apustuen ordenaz. Amets artean bezala gogoratzen dudan bakarra da ordurako hamasei mila florin inguru neuzkala irabaziak; bat-batean, hiru jokalditan kale eginda, hamabi galdu nituen; ondoren azken lau milak passe-an ipini (baina ia ezertxo ere sentitu gabe: itxoitea besterik ez nuen egiten, modu mekanikoan, gogoetan jardun gabe), eta berriro irabazi nuen; gero beste lau aldiz irabazi nuen, segidan. Gogoratzen dudan bakarra da milaka jaso nuela dirua; gogoan daukat ere denetan sarriena erdiko hamabiak irteten zirela, eta hauexei eusten nien nik. Aldian-aldian azaltzen ziren: hiruzpalau aldiz, huts egin gabe, segidan, ondoren bi aldiz desagertu, eta ondoren berriro itzultzen ziren hiruzpalau alditarako, segidan. Erregulartasun harrigarri hau gertatu ohi da aldian behin, eta horrexek nahaspilatzen ditu jokalari porrokatuak, eskuetan arkatza hartu eta kontuak egiten dituztenak. Bai izugarriak direla destinoak batzuetan sartzen dituen ziriak!
Uste dut ez zela ordu erdia baino gehiago igaro nire etorreraz gero. Bat-batean croupier-ak jakinarazi zidan hogeita hamar mila florin neramazkiela irabaziak, eta nola bankuak ez zuen hori baino gehiago bere gain hartzen saio bakoitzeko, bada erruleta itxita geratzen zela biharamunera arte. Heldu nire urreari, sartu poltsikoetan, heldu billete guztiei eta berehala aldatu nintzen beste mahai batera, beste sala batean, non beste erruleta bat baitzegoen; nire atzetik oldartu zen jendetza osoa. Berehala apailatu zidaten han lekua, eta berriro hasi nintzen jokoan, itsumustuan eta kontuak atera gabe. Ez dut ulertzen zerk salbatu ninduen!
Noizik eta behin, ordea, kalkulu batek distira egiten zidan buru barruan. Zenbaki eta aukera zenbaiti eusten nien, baina horiek laster utzi eta ia jabetu gabe jokatzen nuen berriro. Oso distraiturik bide nengoen; gogoan daukat croupier-ek zenbait aldiz nire jokaldiak zuzendu zituztela. Hutsegite nabarmenak egiten nituen. Lokiak izerditan blai eta eskuak dardarka neuzkan. Poloniarrak ere hurbildu ziren lau-oinean, beren zerbitzuak eskainiz, baina ez nituen aintzakotzat hartu. Nire zorteak ez zuen mugarik! Bat-batean hizketa eta algara hots handia harrotu zen inguruan. «Bravo, bravo!» oihukatu zuten denek, eta batzuek baita txalo egin ere. Hemen ere hogeita hamar mila florin bildu nituen, eta bankak berriro ixten zuen hurrengo goizera arte!
— Zoaz, zoaz —xuxurlatu zidan ahots batek eskuinetik. Frankfurteko judu bat zen; nire ondoan egona zen denbora guztian, eta, nonbait, jokatzen ere lagundu zidan batzuetan.
— Zoaz, Jainkoaren izenean —xuxurlatu zidan beste ahots batek ezkerreko belarrira. Kirika egin nuen. Oso xume eta fin jantzitako dama bat zen, hogeita hamarren bat urtekoa, gaitzak zurbildutako aurpegi nekatuarekin, baina artean lehenagoko edertasun miresgarria gogorarazten zuena. Orduantxe ari nintzen poltsikoak billetez puzten, zimur-zimur, eta mahaian geratutako urrea batzen. Hartu berrogeita hamar federikotako azken erroilua, eta, inor konturatu gabe, dama zurbilaren eskuan lerratu ahal izan nuen; izugarrizko gogoa etorri zitzaidan horixe egiteko, eta, oraindik ere oroitzen naiz, bere behatz fin meheek indartsu estutu zuten nire eskua, eskerron biziz. Une labur bateko kontua izan zen.
Dena jaso eta bizkor aldatu nintzen trente et quarante-ra.
Trente et quarante-an aristokratikoa da publikoa. Ez da erruleta, baizik eta kartak. Bankak ehun mila talero hartzen ditu bere gain, aldiko. Apusturik handiena lau mila florinekoa da hemen ere. Nik ez nuen joko honi buruz ideiaren arrastorik eta ia ez nuen apustu bakar bat ezagutzen, gorria eta beltza izan ezik, han ere bai baitzeuden. Hauexei eutsi nien nik. Kasino osoa pilatu zen inguruan. Ez naiz gogoratzen denbora guzti hartan behin ere Polinataz pentsatu nuen. Berebiziko plazera sentitzen nuen billeteak jaso eta metatzearekin, pila hura nire aurrean haztearekin.
Zinez, bazirudien destinoak bultzatzen ninduela. Aldi hartan, apropos bezala, gorabehera bat gertatu zen, jokoan sarri samar suertatu ohi dena. Esate baterako, zorteak gorriari eutsi eta ez du uzten hamar edo hamabost aldiz segidan. Bi egun lehenago entzuna neukan, aurreko astean gorria hogeita bi aldiz atera zela segidan; holakorik erruletaren kasuan ere ez zen gogoratzen, eta harriturik aipatzen zen. Bistan da, halakoetan denek gorria utzi eta hamargarren txandaren ondoren-edo inor ez da ausartzen hartan jartzera. Baina jokalari trebeak ez du haatik beltzean jartzen, gorriaren alderantzizkoan. Jokalari trebeak badaki zer esan nahi duten «kasualitatearen setakeria» horiek. Konparazio batera, hamasei aldiz segidan gorria atera ondoren, irudi luke hamazazpigarrenean beltza egokitu behar duela. Sare honetan erortzen dira hasiberri franko, apustuak bikoiztu eta hirukoiztuz, eta latz galduz.
Baina ni, setakeria arraroren batengatik, konturatzean gorria zazpi aldiz atera zela segidan, propio eutsi nion harixe. Seguru nago erdia nire buruarekiko estimagatik izan zela: ikusleak harritu nahi nituen arrisku zoro haren bidez, eta —zer sentsazio arraroa!— zehatz-mehatz gogoratzen dut nola bat-batean, nire buruarekiko estimaren inongo eraginik gabe, arriskurako grina izugarria nagusitu zitzaidan. Agian, hainbeste sentsazio nabaritzean, ase ordez arima aztoratu egiten da, eta sentsazio gehiago galdegiten ditu, gero eta indartsuagoak, azken akidura arte. Eta ez naiz gezurretan ari: joko arauengatik zilegi izan balitz berrogeita hamar florin jartzea aldiko, jarri egingo nituzkeen. Zoroarena zela hots egiten zuten inguruan, gorria hamalau aldiz atera zela jadanik!
— Monsieur a gagné déjà cent mille florins —aditu nuen nire ondoan norbaiten ahotsa.
Bat-batean etorri nintzen nire senera. Zer? Ehun mila florin irabazi nituen ilunabar hartan! Zertarako nuen gehiago? Billeteak atzaparka hartu, zimurtuz poltsikoan sartu, zenbatu gabe, nire urre guztia bildu, baita erroilu guztiak ere, eta presaka abiatu nintzen kasinotik kanpora. Saletan barrena nindoanean inguruko guztiek barre egiten zuten, nire poltsiko hanpatuak eta urrearen pisuagatik neraman ibilera balantzakorra ikustean. Nik uste dut pud erdia baino askoz gehiago neramala. Nigana luzatzen zen hainbat esku; nik barra-barra banatzen nuen, eskuetan hartu hainbat. Bi juduk sarreran geldiarazi ninduten.
— Ausarta zara! Oso ausarta! —esan zidaten—. Baina bihar goizean zoaz hemendik gero, lehenbailehen, bestela den-dena galduko duzu eta...
Ez nituen aintzakotzat hartu. Ilun zegoen etorbide, neronen eskuak ere ezin ikusteraino. Versta erdia zegoen hotelera. Inoiz ez nien beldurrik izan lapur eta bandiduei, ezta txikitan ere; orduan ere ez nuen haiengan pentsatu. Gainerakoan, ez naiz gogoratzen zertaz pentsatu nuen bidean; hutsik neukan burua. Berebiziko plazera besterik ez nuen sentitzen, arrakastagatik, garaipenagatik, botereagatik... ez dakit nola adierazi. Polinaren irudia ere azaldu zen nire aurrean; gogoan neukan eta konturatzen nintzen beragana nindoala, laster berarekin elkartuko nintzela, dena kontatu eta erakutsiko niola... baina ozta-ozta gogoratzen nuen aurrez esan zidana, eta zertara joan nintzen kasinora. Nire arestiko sentsazio guztiak, ordu t'erdi lehenagoko haiek, aspaldiko kontua iruditzen zitzaizkidan, jadanik zuzenduak, zaharkituak, gehiago gogoratuko ez genituenak, orain dena berritik hasten zenez. Ia etorbidearen azkenean, izuak jo ninduen bat-batean: «Eta orain hil eta lapurtzen banaute?» Urrats bakoitzero, bikoiztu egiten zen nire izua. Ia korrika nindoan. Halako batean, etorbidearen bukaeran, gure hotelak distiratu zuen bat-batean, ezin konta hainbat argirekin. Jainkoari eskerrak etxean nintzen!
Nire solairura korrika igo eta bizkor zabaldu nuen atea. Han zegoen Polina, nire dibanean eserita, kandela piztuaren aurrean, besoak antxumatuta. Harriturik begiratu zidan; noski, nik une hartan itxura arraro samarra bide neukan. Bere aurrean zutik geratu eta mahai gainera botatzen hasi nintzen nire diru pila guztia.
© Fedor Dostoievski
© itzulpenarena: Antton Garikano