XIII. ATALA
Ia hilabete daramat, zirrara nahasi baina indartsuen eraginpean hasitako nire ohar hauei ekin gabe. Aurrez iragartzen nuen katastrofea gertatu zen zinez, baina nik uste baino ehun aldiz garratz eta ustekabeago. Dena izan zen arraroa, izugarri zatarra eta baita tragikoa ere, behinik behin niri dagokidanez. Ia miresgarriak ziren zenbait gertaera bizitu nituen; horrela datozkit behintzat oraindik ere gogora, nahiz eta beste ikuspegi batetik, eta batez ere kontutan harturik zer zurrunbiloren barruan nengoen orduan, ez ziren batere arruntak. Baina jazoera guzti horiekiko nire jarrera zen denetan miresgarriena. Egundaino ez dut neure burua ulertu! Ametsaren antzera igaro zen dena, baita nire pasioa ere, hain indartsua eta benetakoa izan arren, baina... zertan geratu da orain? Izan ere, zenbaitetan zera bururatzen zait: ez ote nuen orduan zentzua galdu eta ez ote nintzen denbora guzti hartan eroetxe batean egon, eta ez ote nago oraindik ere bertan, hura dena lehen irudipena zelarik eta orain ere irudipen hutsa...
Nire orriak bildu eta berriro irakurri ditut. (Auskalo, agian neure buruari sinestarazteko ez nituela eroetxean idatzi?) Orain bakar-bakarrik nago. Udazkena dator eta hostoak horitzen ari dira. Herrixka triste honetan nago (o, zer tristeak diren herrixka alemanak!), eta nire hurrengo pausoez hausnartu beharrean, iraganeko sentsazioen eraginpean bizi naiz, lehentxeagoko oroitzapenen eraginpean, aspaldi gabe ni zurrunbiloan harrapatu eta berriro norabait jaurti ninduen zirimola haren eraginpean. Aldian behin iruditzen zait oraindik zurrunbilo hartan nabilela jiraka, eta aurki berriro lehertuko dela ekaitza, pasaeran bere hegaletan atxikiko nauela, eta berriro orden eta neurri guztietatik irtenda hasten naizela jira eta bira.
Bestalde, baliteke nik nola hala planto egitea eta jiraka ibiltzeari uztea, baldin eta, ahal dudan neurrian, hilabete hartan gertatu zitzaidanaz zehatz-mehatz jabetzea lortzen badut. Berriro sentitzen dut lumari heltzeko gogoa; gainera, batzuetan ez dakit arratsaldez zer egin. Xelebrea bada ere, zer edo zertan jardutearren, hemengo liburutegi higuingarritik Paul de Kock-en nobelak hartzen ditut (alemanezko itzulpenean!), ia jasanezinak, baina hala ere irakurri eta nire buruarekin harritzen naiz: badirudi beldur naizela, liburu serios edo beste edozein jardun seriosen bidez suntsitu egingo ote dudan iragan berri denaren xarma. Badirudi hain maitea dudala amets zatar hori eta horrek nigan utzitako zirrara guztiak, non beldur eta guzti ematen baitit zerbait berria ukitzeak, hura ketan desegingo ote den! Hain maitea al dut? Bai, noski, maitea dut; agian oroituko naiz berrogei urte barru ere...
Honenbestez hasten naiz beraz idazten. Bestalde, hau dena, hein batean, laburrago ere konta dezaket orain: zirrarak ez dira inolaz ere lehengo berak...
Lehenik buka dezagun amonarena. Biharamunean, azkenik, den-dena galdu zuen. Ezin bestela izan: behin bide horretan sartuez gero, halako jendea gero eta arinago irristatzen da mendi-magal elurtuan behera, lera gainean bezala. Jokoan aritu zen egun osoan arratsaldeko zortziak arte; ni ez nengoen bertan eta bestek esandakotik bakarrik dakit.
Potapitx bere aldamenean egon zen egun osoan kasinoan. Poloniarrak, amonaren zuzendariak, aldatzen joan ziren egunean barrena. Amonaren lehen egitekoa bezperan kalparretik tiratutako poloniarra botatzea izan zen, eta beste bat hartu zuen, baina hau kasik okerragoa suertatu zen. Azken hau ere bota eta berriro lehenbizikoa onartu ostean —honek alde egin ez eta baztertua izan zenetik besaulki atzean egon baitzen ukalondokadak joaz, momenturo burua luzatuz— amona azkenean erabateko etsipenean murgildu zen. Bidalitako bigarren poloniarrak ere ez zuen inolaz ondotik joan nahi; bata eskuinean eta bestea ezkerrean ipini ziren. Denbora guztian errieta eta iraina egiten zioten elkarri apustu eta jokaldiengatik, batak besteari «lajdak» eta antzeko goxotasun poloniarrak esan eta ondoren berriro adiskidetzen ziren, inongo ordenarik gabe botatzen zuten dirua, buruzpide narrasez. Hika-mikan aritu ondoren, bakoitzak bere aldetik jartzen zuen dirua, batek adibidez gorrian, eta besteak berriz beltzean. Ondorioz, hainbeste nahaspilatu eta txunditu zuten amona, non azkenean, ia malkotan, croupier zaharragana bihurtu baitzen babes eske, haiek kanpora zitzaten. Bai berehala kanporatu ere, beren garrasi eta protesta guztiak gorabehera: biek batera garrasi egin eta adierazi zuten amona zorretan zegoela beraiekin, engainatu egin zituela eta itxuragabe eta makur jardun zuela beraiekin. Potapitx gizajoak malko artean kontatu zidan hau dena, arratsalde hartan bertan, galeren ondoren; eta kexu zen haiek biek poltsikoak diruz bete zituztelako, berak ikusi zituen haiek batere lotsarik gabe lapurtzen eta momenturo poltsikoan zer edo zer sartzen. Haietako batek, esate baterako, bere lanagatik amonari bost federiko eskatu eta berehala erruletan jarri zituen, amonak jarritakoen alboan. Amonak irabazi baina beste horrek garrasi egin zuen, alegia bere apustuak irabazi zuela, eta amonak berriz galdu. Haiek kanporatzerakoan, Potapitxek salatu zuen urrez lepo zeramatzatela poltsikoak. Amonak berehala eskatu zion croupier-ari hartaz arduratzeko, eta bi poloniarrek garrasi egin arren (eskuez eutsitako bi oilarren antzera), polizia agertu eta berehala hutsarazi zizkien poltsikoak amonaren mesedetan. Dena galdu ez zuen bitartean, amonak egun osoan disfrutatu zuen itzal nabariaz croupier eta kasinoko nagusi guztien artean. Pixkana-pixkana hiri osoan zabaldu zen bere ospea. Bainuzale guztiak, nazio guztietakoak, nola arruntak hala prestuak ere bildu ziren ikustera «une vieille comtesse russe, tombée en enfance», jadanik «milioi batzuk» galdu zituena.
Baina amonak oso-oso gutxi irabazi zuen bi poloniarrengandik libratuta. Haien ordez berehala eskaini zizkion bere zerbitzuak hirugarren poloniar batek, errusieraz txukun mintzatzen zena, gentleman baten antzera jantzia, nahiz morroi itxura eduki, sekulako bibotearekin eta ustearekin. Berak ere muin eman zien amonaren stopki panski-ei eta honen stopki panski-en pean jarri zen, baina beste guztiekin harro jarduten zuen, despota batek baino areago; hitz batean, amonaren zerbitzaria ez baizik buruzagia balitz bezala. Momenturo, jokaldi bakoitzean amonagana jiratu eta biraorik izugarrienaz hots egiten zion bera honorowy pan zela, eta ez zuela kopek bakar bat ere hartuko amonaren dirutik. Birao horiek errepikatzearen poderioz, amona izutu egin zen azkenerako. Baina pan hark hasieran jokoa benetan hobetu eta irabaziak ere erdiesten zituenez, amonak ezin zuen harengandik aldendu. Ordubeteren buruan, lehen kasinotik bidalitako bi poloniarrak berriro amonaren besaulki atzean azaldu ziren, ostera beren zerbitzuak eskainiz, enkargu soiletarako bazen ere. Potapitxek zin egin zuen honorowy pan-ak keinu egin ziela biei, eta zerbait eman ziela eskura. Amonak bazkaldu ez eta ia besaulkitik mugitu gabe zegoenez, poloniarretako bat mesedegarria gertatu zen, zinez: korrika joan kasinoko jatetxera eta katilukada salda ekarri zion, eta gero tea. Biak joan ziren hartara korrika. Baina egunaren bukaera aldera, erabat argi zegoenean bere azken billetea galtzera zihoala, besaulki atzean sei poloniar zeuzkan jadanik, han inoiz ikusi gabeak eta ezezagunak. Amonak azken txanponak galdu bitartean, haiek, bere esana ez entzuteaz gain, ez zuten batere aintzat hartzen; bere ondotik igarota mahairaino sartu, diruari heldu eta nolanahi jokatzen zuten, errietan eta oihuka, familiaritate osoz berriketan amonaz zeharo ahaztuta zegoen honorowy pan-arekin. Gero ere, amona den-dena galduta hotelera zihoala iluntzeko zortzietan, hiruzpalau poloniarrek etsi ez eta besaulkiaren alde banatan joan ziren lasterka, indar guztiekin garrasika eta zalapartan adieraziz amonak ziria sartu ziela, eta zer edo zer zor ziela. Hala jarraitu zuten hoteleraino, handik bultzaka bota zituzten arte.
Potapitxek ateratako kontuen arabera, amonak egun hartan laurogeita hamarren bat mila errublo galdu zituen guztira, alde batera utziz bezperako galerak. Estatu maileguen ehuneko bosteko balore guztiak, berarekin zeuzkan akzio guztiak aldatu zituen, bata bestearen segidan. Ni harritu egin nintzen nola iraun ahal izan ote zuen zazpi edo zortzi orduz besaulkian eseri eta mahaitik ia aldendu gabe, baina Potapitxek kontatu zidan hiru aldiz hasi zela amona poliki irabazten; baina berriro itxaropenak eraginda, ez zuen jakin garaiz alde egiten. Bestalde, jokalaria denak ongi daki posible dela ia egun osoa kartetan aritzea begiak eskuinetara edo ezkerretara saihestu gabe.
Bien bitartean, egun guzti hartan gauza guztiz erabakigarriak gertatu ziren hotelean gure artean ere. Goizean bertan, hamaikak aldera, amona artean etxean zegoenean, gutarrek, alegia jeneralak eta Des Grieux-k, azken urratsa ematea erabaki zuten. Jakin zutenean amonak ez zeukala joateko asmorik, baizik eta kasinora abiatzekoa zela berriro, denak batzarrean (Polina izan ezik), hitz egitera joan zitzaizkion, bene-benetan eta argi eta garbi. Jenerala, zetozkion ondorioen aurrean dardarizoka eta lur jota, urrutitxo joan zen: ordu erdiz otoi egiten eta erreguka aritu ondoren, eta dena argi aitortu ostean, hots, bere zorrak eta bere pasioa mademoiselle Blanchegana (zeharo nahastuta zegoen), jeneralak bat-batean mehatxuzko doinua hartu eta amonari garrasika eta lurrari ostikoka hasi zen; garrasi batean esan zuen amona lotsaizun hutsa zela familiarentzat, hiri osoan zabaldu zuela eskandalua, eta azkenean... azkenean: «Lotsagarria zara Errusiarentzat, andrea —egin zuen jeneralak garrasi—, eta horretarako dago polizia!» Amonak azkenean bastoiaz joka bidali zuen (benetako bastoiaz gainera). Jeneralak eta Des Grieux-k beste hitz-aspertu bat edo beste izan zuten goiz hartan, zalantzan, ea ez ote zegoen berez nola hala poliziagana jotzeko moduren bat. Esango zuten atso gajo baina ohoragarri bat erotu egin zela, azken sosak galtzen ari zela, eta abar. Hitz batean, ez ote zegoen lortzerik hura zaintzea edo hari jokoa debekatzea... Baina Des Grieux-k sorbaldei eragin besterik ez eta agerian egin zuen barre jeneralaren bizkar, hau etengabe hitz jarioan eta kabinetean harantz eta honantz zebilelarik. Azkenean Des Grieux-k dena bere hartan utzi eta desagertu zen. Arratsaldean jakin zen hoteletik joan zela, aurrez mademoiselle Blancherekin elkarrizketa funtsezko eta misteriotsua eduki ondoren. Mademoiselle Blancheri dagokionez, goiz hartan bertan hartu zituen neurri tinkoak: bere ondotik jenerala uxatu eta ez zuen begi aurrean ere onartzen. Jenerala bere atzetik kasinora presaka joan eta printzeari besotik helduta aurkitu zuenean, madame veuve Comingesek eta biek ezezagutua egin zioten. Printzeak ere ez zuen agurtu. Egun osoan saiatu zen mademoiselle Blanche printzea zirikatzen, behingoz argi mintza zedin. Baina ai ene! Zeharo engainatuta zegoen printzearekiko itxaropenekin! Arratsalde hartantxe gauzatu zen katastrofe txikia: printzea zorria baino pobreagoa zela jakin zen bat-batean, eta gainera dirua eskatzekotan zebilela, letra baten truke, erruletan jokatzeko. Blanchek hura suminez bota eta bere gelan giltzaperatu zen.
Goiz hartantxe joan nintzen mister Astley-gana, edo, hobeki esanda, goiz osoan ibili nintzen bere bila, inolaz ere aurkitzerik izan gabe. Ez zegoen ez etxean, ez kasinoan, eta ezta parkean ere. Ez zuen bere hotelean bazkaldu ere. Bostak aldera ikusi nuen bat-batean, geltokitik zuzenean Hôtel d'Angleterre-ra zihoala. Presa zeukan eta oso kezkatua ematen zuen, nahiz zaila izan bere aurpegian kezka edo asaldurarik antzematea. Jator luzatu zidan eskua, bere ohiko antsiarekin, «Ah!», baina ez zen gelditu eta pauso azkar samarrez jarraitu zuen oinez. Ni atzetik nindoakion, baina erantzuten zidan moduagatik ez nion ezertaz galdetzerik izan. Gainera berebiziko lotsa ematen zidan, ez dakit zergatik, Polinari buruz hitz egiteak; berak ere ez zidan hari buruz deus galdetu. Nik amonarena kontatu nion; arretaz eta serioski entzun, eta sorbaldei eragin zien.
— Dena galduko du —aipatu nuen.
— O bai —erantzun zuen berak—, ni trena hartzera eta bera kasinora zihoan; seguru nengoen dena galduko zuela. Betarik baldin badut kasinora joango naiz ikustera, interesgarria da-eta...
— Non izan zara? —hots egin nuen nik, ordura arte galdetu ez nuelako harrituta.
— Frankfurten.
— Negozioak direla eta?
— Bai, negozioak.
Zer beste galde nezakeen? Bestalde, artean bere aldamenean nindoala, bat-batean Des quatre saisons hotel aldera jiratu, agur egin eta ezkutatu zen. Etxerakoan, pixkana-pixkana jabetu nintzen berarekin bi ordutan hizketan arituta ere ez nuela ezertxo ere jakingo... ez baineukan zer galdeturik! Hala da, bai! Ez nintzen inolaz ere nire galdera formulatzeko gai.
Egun oso hura Polinak umeekin eta inudearekin parkean paseatzen edo bestela etxean eserita igaro zuen. Jeneralari aspalditik egiten zion muzin eta ia ez zion hitz egiten ere, gutxienez arazo larriez. Aspalditik neukan hori antzemana. Baina banekienez zer egoeran zegoen jenerala, pentsatu nuen honek ezin zuela hori eta horrenbestez Polina baztertu, hau da, derrigorrezkoa zela esplikazio sendo bat bien artean. Hala ere, Mister Astley-rekin hitz eginda hotelera itzuli eta Polina umeekin aurkitu nuenean, bere aurpegian lasaitasunik bareena islatzen zen, familiako ekaitzek bera bakarrik utzi balute bezala hunkitu gabe. Nire diosalari buruaz keinu eginda erantzun zion. Haserre bizian sartu nintzen nire gelan.
Noski, nik berarekin hitz egitea saihesten nuen, eta ez nintzen berarekin behin ere elkartu Wurmerhelm-darrekiko gorabehera harrezkero. Horretarako nik nire buruari haizea eman eta itxura egiten nuen; baina, denbora pasatu ahala, gero eta gehiago nagusitzen zen nire baitan benetako sumina. Berak ni fitsik ere maite ez izan arren, hala ere ez zen zilegi, nire listez, niri sentimenduak hala zanpatzea eta nire aitorpena halako arbuioz hartu izana. Bai baitzekien zinez maite nuela; berak eman zidan baimena, berak utzi zidan modu hartan hitz egiten! Egia zen gure artekoa arraro samar hasi zela. Aldi batez, aspaldi, bi hilabete lehenago edo, konturatzen hasia nintzen bere lagun bihurtu nahi ninduela, bere konfidente, eta hein batean frogatu ere egin ninduen. Baina arrazoiren batengatik hori ez zen aurrera atera, eta horren ordez harreman arraro hura geneukan; horregatik hasi nintzen berarekin modu hartan hizketan. Baina nire maitasuna higuingarria baldin bazitzaion, zergatik ez zidan zorrozki debekatzen hartaz hitz egitea?
Ez debekatzeaz gain, aldian behin berak bultzatu ninduen hizketa horretara, eta... noski, txantxetan. Seguru nago horretaz, ezbairik gabe konturatu nintzen: gogoko zuen, entzuten egon eta ni oinaze punturaino erresumindu ondoren, bat-batean ni ahoa bete hortz uztea mespretxu eta gutxiespen latzeko ateraldiren batekin. Bai baitaki ezin naizela bera gabe bizi. Baroiarekiko istilutik hiru egun igaro dira, eta jadanik ezin dut jasan gure bereizketa. Lehentxeago kasino ondoan topatu dudanean, bihotza indarrez taupaka hasi eta zurbildu egin naiz. Baina berak ere ez dauka ni gabe bizitzerik! Behar nau, baina Balakiref pailazoaren moduan bakarrik ala?
Sekretu bat dauka, jakina! Amonarekin izan zuen elkarrizketak bihotza mindu zidan garrazki. Izan ere mila bider gonbidatu nuen nirekin zinez jardun zezan, eta bazekien erabat prest nengoela beragatik nire bizitza emateko. Baina berak beti baztertzen ninduen mespretxuz, edo bestela nire bizitzaren sakrifizioa ez, nik hala eskaintzen bainion, baizik baroiarena bezalako erokeriak eskatzen zizkidan! Ez al zen hori latza? Frantses hori ote zen berarentzat mundu osoa? Eta mister Astley? Puntu honetan arazoa guztiz ulertezina bilakatzen zen, eta hartara... ene Jainkoa, haiek oinazeak nireak!
Etxeratzean, amorrualdi batean lumari heldu eta hitz hauek zirriborratu nizkion:
«Polina Alexandrovna, argi ikusten dut bidegurutzera iritsi garela, eta horrek zugan ere badu eragina. Azken aldiz errepikatzen dizut: nire bizitza behar duzu, bai ala ez? Beharrezkoa banauzu edozertarako, zeure esku naukazu. Bien bitartean neure gelan egongo naiz, gehienetan behintzat, eta ez naiz inora joango. Beharrezkoa bada, idatzi edo dei nazazu».
Gutuna zigiluz itxi eta huraxe hartuta bidali nuen pasilloko morroia, eskura emateko aginduarekin. Ez nuen erantzunik espero, baina handik hiru minututara itzuli zen morroia, Polinak bere «agurrak igortzen» zizkidala eta.
Seiak jo eta gero jeneralagana deitu zidaten.
Kabinetean zegoen, norabait joatekoa balitz bezala jantzita. Kapela eta bastoia diban gainean zeuden. Sartzerakoan iruditu zitzaidan gelaren erdian zegoela zutik, hanka-zabalik, buru apal, eta bere artean ozenki hizketan. Baina ni ikusi bezain laster nigana oldartu zen ia garrasi eginaz: nik nahi gabe atzera egin eta ihesi joatekoa egin nuen. Baina berak bi eskuetatik heldu eta dibanera eraman ninduen; bera bertan eseri, niretzat bere aurrean besaulkia ezarri, eta, nire eskuak askatu gabe, ezpainak dardarka, betileetan bat-batean distiratu zuten malkoekin, erregu ahotsez mintzatu zen:
— Alexei Ivanovitx, salba nazazu, salba nazazu, erruki zaitez!
Luzaroan ez nuen ezer ulertzerik izan; hitz egin eta hitz egin aritu zen, etengabe errepikatuz: «Erruki zaitez, erruki zaitez!» Azkenean igarri nion aholku antzekoren bat espero zuela nigandik; edo, hobeki esanda, denek abandonatu ondoren, itun eta larri, nitaz oroitu eta deitu zidala, hitz egin eta hitz egin aritzeko bakarrik.
Zoratuta zegoen, edo gutxienez guztiz eta erabat txundituta. Eskuak bildu eta nire aurrean belauniko jartzeko prest zegoen, ahalik eta (zer uste duzue?) ni orduantxe mademoiselle Blanchegana joan eta erregutu, konbentzi nezan beragana itzultzeko eta berarekin ezkontzeko.
— Mesedez, jenerala —hots egin nion—, baliteke ordea mademoiselle Blanchek oraindaino nigan erreparatu ez izana! Zer egin dezaket nik?
Baina alferrik zen gogor egitea: ez zuen ulertzen esaten zitzaiona. Amonari buruz ere hasi zen hizketan, baina izugarri modu etenean; poliziagana jotzearen alde jarraitzen zuen.
— Gure artean, gure artean —hasi zen, bat-batean amorrazioz irakiten—, hitz batean, gure artean, agintariak dauden estatu ongi antolatu batean, berehala jarriko zituzten holako atsoak zainketapean! Bai, jauna —jarraitu zuen, bat-batean purrusta doinua hartu, eserlekutik jauzi egin eta gelan barrena abiatuz—. Zuk oraindik ez zenekien hori, jauna —jiratu zen gela izkinan imajinatutako jaunen batengana—, ba jakin dezazun... ba bai... gure artean uztarripean jartzen ditugu holako atsoak, uztarripean, uztarripean, bai... zer arraio!
Eta berriro bota zuen bere burua diban gainera, baina handik minutu batera, erdi negarrez eta arnasestuka hasi zitzaidan kontatzen mademoiselle Blanchek ez zuela berarekin ezkondu nahi, telegramaren ordez amona heldu eta orain argi baitzegoen berak ez zuela herentziarik jasoko. Iruditzen zitzaion nik ez nekiela ezertxo ere honetaz. Des Grieux-ri buruz hasi nintzen hizketan; jeneralak keinu egin zuen eskuaz.
— Joan egin da! Nire jabetza osoa dago bere izenean bahituta; zorria baino pobreagoa naiz! Zuk ekarritako diru hartatik... diru hartatik, ez dakit zenbat geratzen den, uste dut zazpiehun franko, eta kito, hori da dena. Etorkizunaz ez dakit ezer, ez dakit ezer...
— Nola ordainduko duzu hotelekoa? —hots egin nuen ikaratuta—. Eta ondoren?
Berak niri pentsakor begiratu, baina ez zidan nonbait ezer ulertu; agian aditu ere ez. Hizketan saiatu nintzen Polina Alexandrovnari buruz, umeei buruz; bizkor erantzun zidan:
— Bai, bai! —baina berehala hasi zen berriro hizketan printzeari buruz, alegia harekin joango zela Blanche eta orduan... orduan...
— Zer egin behar dut, Alexei Ivanovitx? —jiratu zen bat-batean nigana—. Jainkoaren izenean! Zer egin behar dut? Esadazu, esker gaiztoa da hau eta! Ez al da hau esker gaiztoa?
Azkenean mara-mara eman zion negarrari.
Ez zegoen ezer egiterik holako pertsona batekin; baina hura bakarrik uztea ere arriskutsua zen, agian zerbait gerta zekiokeen. Dena den libratu nintzen nola hala beragandik, baina inudeari jakitera eman nion aldian behin hari kirika egiteko, eta pasilloko morroiarekin ere hitz egin nuen, oso gizon zentzuzkoa; zainduko zuela hitz eman zidan hark ere.
Nik jenerala utzi orduko, Potapitx azaldu zen nigana, amonak deitzen zidala eta. Zortziak ziren eta kasinotik itzuli berria zen, dena azken hondarreraino galduta. Berehala abiatu nintzen. Amona besaulkian eserita zegoen, leher eginda, eta, antza, gaixo. Katilukada bat te ari zitzaion María ematen, ia indarrean edanaraziz. Amonaren ahotsa eta doinua erabat bestelakoak ziren orain.
— Kaixo, Alexei Ivanovitx, ene adiskide —esan zuen astiro, burua gizalegez apalduz—, barkatu berriro enbarazu egitea, barkatu andre zahar honi. Han utzi diat dena, motel: ia ehun mila errublo. Ongi egin huen atzo nirekin ez etortzea. Orain dirurik gabe nagok, sos bakar bat ere gabe. Ez diat hemen minutu batean ere zabartu nahi, bederatzi t'erdietan nauk joatekoa. Hire ingeles horri deiarazi zioat, Astleyri, astebeterako hiru mila franko maileguan eskatzeko. Konbentzi ezak, zer edo zer susmatu eta ukatu ez diezadan. Ni oraindik, adiskide, aberats samarra nauk. Hiru herrixka eta bi etxe zeuzkaat. Eta aurkituko diat oraindik dirua ere, ez nian dena ekarri eta. Inolako zalantzarik eduki ez dezan esaten diat hori... Ah, hemen duk! Berehala antzematen zaiok gizaseme prestuari.
Amonaren lehen deia jaso orduko etorri zen mister Astley presaka. Ezer gutxi pentsatuta eta hitz handirik gabe eskuratu zizkion berehala hiru mila franko, amonak izenpetutako letra baten truke. Egitekoa amaitu, agur egin eta presaka joan zen.
— Orain alde hik ere, Alexei Ivanovitx. Ordubete pasatxo geratzen zaidak; etzan egin nahi diat, hezurretako mina zeukaat eta. Izan hadi errukiorra atso tuntun honekin. Orain ez zieat gazteei arinkeria leporatuko, eta ez duk bidezkoa ere nik zuen jeneral gizajo horri orain ezer leporatzea. Nolanahi ere ez zioat berak nahi bezala dirurik emango, nire iritziz ergel hutsa baituk, nahiz eta neu ere, atso tuntun alaena, bizkorragoa ez izan. Zinez, zahartzaroan ere Jainkoak harrokeria gaitzetsi eta zigortzen dik. Bo, adio. Marfuxa, altxa nazan.
Nik, ordea, geltokira lagundu nahi nion amonari. Gainera, zerbaiten irudipena neukan, alegia orduantxe bertan zer edo zer gertatuko zela. Ez neukan nire gelan eserita egoterik. Pasillora irten eta etorbidean zehar ere ibili nintzen pixka batean. Polinari idatzitako gutuna argia eta tinkoa zen, eta oraingo katastrofea ere erabakigarria zen, noski. Des Grieux joana zela entzun nuen hotelean. Azken finean, Polinak lagun moduan ere baztertzen banau, agian ez nau baztertuko morroi moduan. Izan ere beharrezkoa nau, enkargutarako bederen. Bai, mesederako izango nau, inondik ere!
Trena irteteko orduan geltokira joan eta bere lekuan jartzen lagundu nion amonari. Familientzako bagoi berezi bat hartu zuten. «Eskerrik asko, adiskide, hire arreta desinteresatuagatik —agurtu zen nigandik—. Praskoviari gogoraraziok atzo esan niona, bere zain egongo nauk».
Etxera bildu nintzen. Jeneralaren gelen aurretik igarotzerakoan, inudearekin topatu eta haren galdera egin nion. «Hola-hola, gizon» erantzun zidan goibel. Hala ere nik burua sartu, baina kabinetearen atean erabat harrituta gelditu nintzen. Mademoiselle Blanche eta jenerala barrez ari ziren lehertu beharrean. Veuve Cominges dibanean zegoen eserita. Jenerala, pozez zoratzen nonbait, tar-tar ari zen txorakeriak esaten, algara luze urduriekin, hauek bere aurpegian ezin konta hainbat zimur ezarriz eta begiak haiexetan ezkutaraziz. Geroago jakin nuen, Blanchek berak esanda, honek, printzea baztertu eta jeneralaren negarrez jakitun, azken hau kontsolatzea bururatu eta honengana sartu zela minutu baterako. Baina jeneral gizajoak ez zekien minutu hartan bertan bere zortea erabakia zegoela, eta Blanche hasia zela maletak egiten, ahalik eta biharamunean, goizeko lehen trenean, airean Parisera joateko.
Jeneralaren kabinete atarian egon ondoren, barrura sartzeaz etsi eta inork ikusi gabe joan nintzen. Nire gelara igo eta atea irekitzean, norbaiten irudia igarri nuen erdi ilunpetan, aulkian eserita, izkinan, leiho alboan. Ez zen zutitu ni azaltzean. Arin hurbildu, begiratu, eta arnasarik gabe geratu nintzen: Polina zen!
© Fedor Dostoievski
© itzulpenarena: Antton Garikano