XII. ATALA

 

        Luzeiritzita eta aztoratuta zegoen amona; argi zegoen sendo errotu zitzaiola buruan erruleta. Gainerako guztia ez zuen aintzakotzat hartzen eta erabat distraituta zegoen. Bidean, adibidez, ez zidan lehenago bezala galdetu. Oso kotxe dotore bat gure ondotik ziztuan igarotzen ikustean, eskua jaso eta galdetu zuen: «Zer da hori? Norena da?», baina nonbait ez zuen nire arrapostua entzun ere egin; imintzio eta ateraldi zakar eta urduriek eteten zuten etengabe bere hausnarketa. Kasinora hurbiltzerakoan, Wurmerhelm baroia eta baronesa erakutsi nizkionean urrutira, berak distraiturik begiratu, batere axolarik gabe «Ah!» esan, eta atzetik zetozen Potapitx eta Maríagana bizkor jiratuz, honela bota zien:

        — Zertara zatozte niri segika! Ezin zaituztet beti nirekin eraman! Alde etxera! Aski diat hirekin —zuzendu zen nigana, haiek presaka agur egin eta etxera abiatu zirenean.

        Kasinoan amonaren zain zeuden ordurako. Berehala ezarri zuten lehengo leku berean, croupier-aren ondoan. Croupier horiek beti fin eta funtzionario arrunten itxura egiten dute, berdin-berdin balitzaie bezala bankak irabazi ala galdu, baina niri iruditzen zait ez direla hain axola gutxikoak bankako galeren aurrean, eta, noski, nolabaiteko instrukzioak ematen zaizkiela jokalariak erakartzeko eta negozioaren interesak zaintzen ahalegintzeko; horretarako, zalantzarik gabe, eskupeko eta sariak jasotzen dituzte. Amonari behinik behin biktimari bezala begiratu zioten. Ondoren, gutarrek iragarritakoa gertatu zen.

        Hona nola izan zen:

        Amonak zuzenean ekin zion zéro-ari, eta hamabi federiko jarrarazi zizkidan berehala. Jarri nituen behin, bitan, hirutan... ez zen zéro-rik egokitzen. «Jar ezak, jar ezak» —jotzen ninduen amonak ukalondoz, egonezinik. Esana betetzen nuen nik.

        — Zenbat aldiz galdu dugu? —galdetu zidan azkenean, hortzak ezinegonez karraskatuz.

        — Hamabi aldiz jarri dut, amona. Ehun eta berrogeita lau federiko galdu ditugu. Esaten dizut ba, amona, iluntzera arte agian...

        — Ixo! —eten ninduen amonak—. Jarri zéro-an eta jarri beste mila florin gorrian. Tori billetea.

        Gorri egokitu bai, baina zéro-an berriro ere kale; mila florin berreskuratu genituen.

        — Ikusten? Ikusten? —xuxurlatu zidan amonak—. Galdutako ia guztia berreskuratu diagu. Jarri berriro zéro-an; beste hamar aldiz jarri eta utziko diagu.

        Baina bosgarren aldirako amona asper-asper zegoen.

        — Joan dadila pikutara zéro tzar hori. Tori, jarri lau mila florinak gorrian —agindu zidan.

        — Amona! Askotxo da hori! Eta ez bada gorria irteten? —erregutu nion; baina amonak gutxigatik ez zidan zartakoa jo. (Gainera, halako ukalondokadak ematen zizkidan non bazirudien zigortzen ari ninduela). Alferrik zen, lehentxeago irabazitako lau mila florinak jarri nituen gorrian. Jiraka hasi zen gurpila. Amona lasai eta harro zegoen, tente eserita, zalantzan jarri gabe seguru irabaziko zuela.

        — Zéro —hots egin zuen croupier-ak.

        Amonak hasieran ez zuen ulertu, baina croupier-ak lau mila florinak eta mahai gaineko guztia hartzen ikusi zuenean, eta jakin zuenean, propio bezala, hainbeste denboran irten ez eta hartan ta berrehun federiko galdu ondoren zéro-a egokitu zela, alegia orduantxe gaitzetsi eta alde batera utzitako zenbakia, orduan amonak hasperen egin eta sala guztian entzun zen bere txaloa. Algara ere egin zuten ingurukoek.

        — Ene bada! Nazkante hori irten ez da ba! —egin zuen amonak garrasi—. Madarikatu alaena! Higatik! Dena higatik! —oldartu zen nigana sutan, ukalondoz joka—. Heuk hoztu nauk!

        — Amona, nik zentzuz hitz egin dizut. Nola izan naiteke aukera guztien erantzule?

        — Nik emango dizkiat aukerak nik! —xuxurlatu zuen mehatxukor—. Alde nire ondotik.

        — Adio, amona —jiratu nintzen handik alde egiteko.

        — Alexei Ivanovitx, Alexei Ivanovitx, gera hadi. Nora hoa? Zer duk ordea? Hara, haserretu egin da! Txoroa! Geratu, geratu beste pixka batean, ez haserretu, neroni nauk txoroa! Esadak zer egin orain!

        — Amona, ez dizut gehiago aholkurik emango, gero niri botako didazu-eta errua. Joka ezazu zerorrek; zuk agindu eta nik jarri egingo dut.

        — Tira ba! Jarri beste lau mila florin gorrian! Horra hor kartera, hartu —poltsikotik atera eta eman zidan kartera—. Tira, hartu azkar, hogei mila errublo zeudek hor eskudirutan.

        — Amona —xuxurlatu nion—, halako pila...

        — Bertan hiltzen banaiz ere, berreskuratu egingo diat. Jarri!

        Jarri eta galdu egin genuen.

        —Jarri, jarri, zortziak jarri!

        — Ezinezkoa, amona. Lau da apustu handiena!

        — Ba jarri lau!

        Oraingoan irabazi egin genuen. Amona animatu egin zen.

        — Ikusten? Ikusten? —jo zidan ukalondokada—. Jarri beste lau! Jarri eta galdu egin genuen; ondoren, behin eta berriro galdu genuen.

        — Amona, bukatu dira hamabi milak —jakinarazi nion.

        — Ikusten diat, bai —esan zuen amorru lasaiez, horrela adierazterik baldin badago—. Ikusten diat, motel, ikusten diat —toteldu zuen, mugitu gabe aurrera begira eta hausnartzen bezala—. Ah! Bertan hiltzen banaiz ere, jarri beste lau mila florin!

        — Ez dago diru gehiago, amona; hemen karteran ehuneko bosteko balore errusiarrak eta jiro batzuk daude, baina dirurik ez.

        — Eta diru-zorroan?

        — Txanponak bakarrik, amona.

        — Ba al dago hemen aldaketa etxerik? Esan zidatenez, gure balore guztiak alda daitezkek hemen —galdetu zidan amonak irmoki.

        — O, nahi hainbat! Baina galdu egingo duzu trukean... judu bat ere izutzeko moduan!

        — Berriketak! Galdutakoa berreskuratuko diat! Eraman nazak. Deitu kirten horiei!

        Nik besaulkiari bultzatu, garraiolariak azaldu eta joan ginen kasinotik.

        — Arin, arin, arin! —agintzen zuen amonak—. Erakutsiek bidea, Alexei Ivanovitx, hurbilena har ezak... Urruti al dago?

        — Bi pausotara, amona.

        Baina lorategitik etorbiderako bihurgunean gure lagunarte guztiarekin topatu ginen: jenerala, Des Grieux eta mademoiselle Blanche bere amatxorekin. Polina Alexandrovna ez zegoen beraiekin, eta ezta mister Astley ere.

        — Tira, tira, tira! Ez gero gelditu! —oihukatu zuen amonak—. Zer duzue ordea? Ez daukat astirik zuentzat!

        Ni atzetik nindoan; Des Grieux nigana etorri zen zalapartan.

        — Lehengo guztia galdu eta hamabi mila bota ditu harrika. Ehuneko bosteko baloreak aldatzera goaz orain —xuxurlatu nion presaka.

        Des Grieux-k lurra ostikoz jo eta jeneralari berri ematera joan zen korrika. Amonari bultzaka jarraitu genuen guk.

        — Geldi ezazu, geldi ezazu! —marmaratu zidan jeneralak, asaldaturik.

        — Saia zaitez zerorri —xuxurlatu nion.

        — Izebatxo! —hurbildu zen jenerala—. Izebatxo... gu orain... gu orain... —bere ahotsak dardara egin eta urrituz zihoan—. Zaldiak akuran hartu eta hiritik kanpora goaz... Ikusmira zoragarria dago... eta harako point hura... zu gonbidatzera gentozen.

        — Hor konpon hadi hire point horrekin! —baztertu zuen amonak sumindurik.

        — Herrixka bat dago bertan... tea hartuko dugu han... —jarraitu zuen jeneralak, jadanik zeharo etsita.

        — Nous boirons du lait, sur l'herbe fraîche —gaineratu zuen Des Grieux-k amorru basatiz.

        Du lait, de l'herbe fraîche: horixe da burges paristarren idilio ideal bakarra. Hori da, jakina denez, nature et vérité delakoaz duten ikuspegia.

        — Hor konpon hadi hire esnearekin! Irentsi ezak herorrek, niri urdaileko mina ematen zidak eta. Zergatik galarazten didazue?! —egin zuen amonak garrasi—. Esan dizuet ez daukadala betarik.

        — Heldu gara, amona! —egin nuen nik garrasi—. Hemen da!

        Banku bateko bulegoak zeuden etxeraino eraman genuen. Aldatzera sartu nintzen ni; amona zain geratu zen sarreran; Des Grieux, jenerala eta Blanche saihets batean zeuden, zer egin jakin gabe. Amonak haserre begiratu zien eta hauek kasinoko bidea hartu zuten.

        Hain zen izugarria eskaintzen zidaten kitapena non ezin erabaki eta amonagana itzuli bainintzen instrukzio eske.

        — Ah, lapur alaenak —egin zuen garrasi, eskuekin txalo eginez—. Zer egingo dugu ba! Alda ezak! —hots egin zidan irmoki—. Egon hadi, hots egiok bankulariari nigana etortzeko.

        — Bulegari bati edo, amona?

        — Bo, bulegari bati. Berdin duk. Ah, lapur alaenak!

        Bulegariak irtetea onartu zuen, kondesa zahar gaixo eta ezindu batek deitzen ziola jakitean. Amonak luzaz, haserre eta ozenki aurpegiratu zion iruzur hura eta errekardaritzan hasi zen errusiera, frantsesa eta alemana nahasiz, ni itzultzaile lanetan saiatzen nintzelarik. Bulegariak bioi serioski begiratu eta isilik astindu zuen burua. Amonari jakin-min handiegiz begiratzen zion, batere fintasunik gabe; azkenean irribarrez hasi zen.

        — Alde hemendik! —hots egin zuen amonak—. Kontrako eztarrira joan dakiala nire dirua! Alda ezak bertan, Alexei Ivanovitx. Ez zeukaat betarik, bestela beste norabait joango nindukek...

        — Bulegariak dioenez, besteetan gutxiago ematen dute.

        Ez daukat gogoan orduko kitapena, baina latza izan zen. Hamabi mila florin urretan eta billetetan aldatu, kontua hartu eta amonari eraman nion dena.

        — Tira, tira, tira! Zertarako zenbatzen hasi —eragin zien eskuei—, arin, arin, arin!

        — Ez diat inoiz zéro madarikatu horretan jarriko, eta hain gutxi gorrian —adierazi zuen kasinora hurbiltzerakoan.

        Oraingoan nire indar guztiekin saiatu nintzen ahalik eta gutxiena jar zezan, sinestarazi nahirik beti zegoela kopurua handitzeko astia, aukerak azaldu ahala. Baina hain zegoen artega non, nahiz hasieran ados izan, ezinezkoa baitzen hari jokoan geldiaraztea. Hamar eta hogei federikotako apustuak irabazten hasi bezain laster, «Horratx! Horratx! —hasi zen niri ukalondoz joka—. Horratx irabazi! Hamarren ordez lau mila ipini bagenitu, lau mila irabaziko genitian. Eta orain berriz? Dena higatik, dena higatik!»

        Nahiz eta ni amorrarazten egon jokatzeko modu hura ikusita, isildu eta besterik ez aholkatzea erabaki nuen azkenean.

        Bat-batean Des Grieux azaldu zen. Hurbil zeuden hirurak; konturatu nintzen mademoiselle Blanche bere amarekin zegoela alde batean, printzearekin losintxan. Jenerala zorigaitz nabarian zegoen, ia zokoratuta. Blanchek ez zion begiratu ere egiten, nahiz eta hau txerak egiten ahalegindu aldamenean. Jeneral gizajoa! Zurbildu, gorritu, dardara egin eta ez zuen jokoa aintzat ere hartzen. Azkenean Blanche eta printzea joan egin ziren; jeneralak atzetik segitu zien korrika.

        — Madame, madame —xuxurlatu zion ahots eztiz Des Grieux-k amonari, belarriraino hurbilduta—. Madame, hola ez da jokatzen... ez, ez, ezin da... —murduskatu zuen errusieraz—. Ez!

        — Nola ba? Erakutsidak! —jiratu zen beragana amona.

        Des Grieux bat-batean frantsesez hasi zen tar-tarrean, aholkuak emanez, urduri jarrita, esanez aukera egokiaren zain egon behar zela, hainbat numero zenbatu... Amonak ez zuen ezer ulertzen. Des Grieux nigana bihurtzen zen momenturo, itzul niezaion; mahaia seinalatzen zuen eskuaz, erakusteko; azkenean arkatza hartu eta kontuak egiten hasi zen orri batean. Amonak azkenean pazientzia galdu zuen.

        — Utikan, utikan! Denak txorakeriak! «Madame, madame», baina hik ere ez daukak ideiaren arrastorik. Utikan!

        — Mais, madame —bota zuen Des Grieux-k purrustan, berriro mahaia ukituz eta seinalatuz. Bere barrenean kabitu ezinik zegoen.

        — Tira, jar ezak behingoz berak dioen bezala —agindu zidan amonak—. Ikusiko diagu: agian zer edo zer aterako duk.

        Des Grieux-k amona apustu handietatik urruntzea besterik ez zuen nahi: zenbakitan jartzea proposatu zion, banaka eta multzotan. Nik, bere oharren arabera, federiko bana jarri nuen erreskadan lehen hamabi biritxitan, eta bosna federiko hamabitik hemezortzira eta hemezortzitik hogeita laura bitarteko multzoetan: guztira hamasei federiko.

        Gurpila jiraka ibili zen. Zéro! —oihukatu zuen croupier-ak. Dena galdu genuen.

        — Babalore alaena! —oihukatu zuen amonak, Des Grieux-gana jiratuta—. Frantximan txatxu alaena! Kontseilu onak ematen ditik animalia tzar honek! Alde, alde! Ezer ulertu ez eta denetan lardaskan!

        Izugarri irainduta, Des Grieux-k sorbaldei eragin, amonari mespretxuz begiratu eta alde egin zuen. Lotsatua zegoen hartan sartu zelako; ez zion bere buruari eusterik izan.

        Handik ordubetera, gogotik saiatu arren, galdua geneukan dena.

        — Etxera! —hots egin zuen amonak.

        Ez zuen txintik ere atera etorbideraino iritsi ginen arte. Etorbidean, hotelera hurbiltzen joan ahala, oihuka hasi zen:

        — Ni bai txoroa! Ni bai txorokila! Atso txorokil ez bestena!

        Gelan sartu bezain laster:

        — Ekarri tea! —egin zuen garrasi—. Eta egin prestaketak oraintxe! Bagoaz hemendik!

        — Nora joan gogo duzu, amona? —hasi zen María.

        — Hiri zer axola zain? Sartu hadi hirean! Potapitx, bildu dena, ekipaia osoa. Moskura itzuliko gaituk! Hamabost mila errublo xahutu ditiat!

        — Hamabost mila, enetxoa! Jainko santua! —hots egin zuen Potapitxek, modu hunkigarrian txalo eginez, horrekin oniritzia jasoko zuelakoan.

        — Tira, tira, txoroa! Ez gero antsika hasi! Ixo! Egin prestaketak! Azkar kontua, azkar!

        — Hurrengo trena bederatzi t'erdietan ateratzen da, amona —jakinarazi nion, bere herio hura baretzeko.

        — Eta zer ordu da orain?

        — Zazpi t'erdiak.

        — Hau amorrazioa! Ez ziok axola! Alexei Ivanovitx, ez zeukaat kopek bakar bat ere. Tori bi billete, hoa korrika eta aldaitzak hauek ere. Bestela ez zeukaat nola joanik.

        Abiatu egin nintzen. Handik ordu erdira hotelera itzultzean, amonarenean aurkitu nituen gutarrak. Amona Moskura itzultzekoa zela jakitean, bazirudien gehiago hunkitu zirela bere galerengatik baino. Joanera hark agian beren ondasuna salbatuko zuen, baina non gelditzen zen orain jenerala? Nork ordainduko zion Des Grieux-ri? Mademoiselle Blanchek, noski, ez zuen amona hil arte itxoingo, eta segur aski printzearekin edo beste norbaitekin egingo zuen hanka. Denak amonaren aurrean zutik, kontsolatzen eta atzera eginarazi nahian ari ziren. Oraingoan ere Polina ez zegoen han. Amonak sutan egiten zien garrasi.

        — Utzi bakean, deabruak! Zer ardura dizue zuei? Zergatik zirikatzen nau ahuntx-bixar honek? —hots egin zion Des Grieux-ri—. Eta hik berriz zer nahi dun, ñarra? —jiratu zen mademoiselle Blanchegana— Zertan babil zurikerian?

        — Diantre! —marmarkatu zuen mademoiselle Blanchek, begiak erresuminez distiran, baina bat-batean algara egin eta joan zen.

        — Elle vivra cent ans! —oihukatu zion, atetik irtetean, jeneralari.

        — Hi ere ni hiltzen naizenerako kontuak egiten ala? —egin zion makakorro amonak jeneralari—. Utikan! Kanpora itzak denak, Alexei Ivanovitx! Zuei zer axola? Neronena bota dut harrika, zuena ez.

        Jeneralak sorbaldei eragin, burua apaldu eta kanpora irten zen. Atzetik segitu zion Des Grieux-k.

        — Deitu Praskoviari —agindu zion amonak Maríari.

        Handik bost minututara itzuli zen María Praskoviarekin. Bitarte guzti hartan Polina bere gelan egona zen umeekin, eta, agidanean, egun osoan ez ateratzeko asmo sendoarekin. Bere aurpegia seriosa zen, goibela eta kezkatua.

        — Praskovia —hasi zen amona—, egia al da lehentxeago besterengandik jakin dudana, alegia hire aitaorde txoro horrek ezkondu egin nahi duela frantses txoriburu tuntun horrekin, aktoresa edo, zerbait okerragoa ere ez bada? Esan, egia al da?

        — Ez dakit segururik, amona —erantzun zuen Polinak—, baina mademoiselle Blanchek berak dioenez, ez baitio irizten isilik gordetzekoa, ondorioa atera dut...

        — Aski da! —eten zion amonak zorrotz—. Dena ulertzen dinat! Beti uste izan dinat holako zerbaiterako gai zela, eta beti uste izan dinat gizonik belaxka eta haizeena dela. Bere burua harrotzen din jenerala dela-eta (koroneletik igo zinaten, erretiratu zenean), eta sekulako ustea zeukan. Nik ondo asko zekinat, txikitxo nirea, nola bidali dituzuen Moskura telegramak bata bestearen atzetik: «azkar joango al da atsoa hankaz aurrera?» Herentziaren zain; dirurik ezean, beste neskazahar ziztrin horrek, zer izen du ba... De Cominges, ezta?, ez din morroitarako ere hartuko, hainbat gutxiago jeneralaren hortz faltsuekin. Diotenez, beste horrek dirua erruz zeukan, interesen truke eman eta poliki biltzen omen din. Hiri ez dinat errurik botatzen, Praskovia; telegramak ez hituen hik bidali; eta ez dinat aspaldiko zerez gogoratu nahi. Bazekinat izaera elkorra daukanala: errea! Non koska, han puztutasuna. Baina pena ematen didan, asko maite baininan Katerina, hire ama zena. Beraz, nahi badun, dena bertan utzi eta hator nirekin. Izan ere, ez daukan nora joanik; eta ez dun itxura hi hemen beraiekin geratzea. Itxoin! —moztu zion amonak hizketan hastera zihoan Praskoviari—. Ez dinat oraindik bukatu. Ez dinat higandik ezer eskatzen. Nire Moskuko etxea, badakin herorrek, jauregia dun; nahi badun hartu solairu osoa eta ez naun aste osotan bisitatu beharrik izango, ez bazain nire izaera atsegin. Nahi dun ala ez?

        — Utzidazu lehenbizi galdetzen: oraintxe al zara joatekoa?

        — Txantxetan ari naizela uste al dun, txikitxo? Hala esan dinat eta banian. Hamabost mila errublo xahutu ditinat gaur zuen erruleta madarikatu horretan. Orain dela bost urte hitza eman ninan Mosku aldeko egurrezko eliza bat harriz sendotzeko, eta horren ordez hemen garbitu ditinat nire sosak. Orain, txikitxo, eliza hori eraikitzera mari.

        — Eta bainuak, amona? Izan ere bainuak hartzekotan etorri zinen.

        — Has hadi hi ere! Ez nazan amorrarazi, Praskovia; propio ari haiz ala? Esan, ba hator ala ez?

        — Bihotz-bihotzez eskertzen dizut, amona —hasi zen Polina hunkiturik—, eskaintzen didazun babesa. Ongi igarri diozu nire egoerari, hein batean. Hainbesteko ezagutza dizut non, sinestazu, agian laster joango bainaiz zugana; baina orain badaude arrazoiak... garrantzitsuak... eta ezin dut oraintxe, momentu honetan bertan, erabakia hartu. Gutxienez aste pare bat geratuko bazina...

        — Ez dunala nahi esaten al didan?

        — Ezin dudala esaten dizut. Gainera ezin ditut inolaz ere anaia eta ahizpa abandonatu, eta nola... nola... nola benetan gerta daitekeen beraiek abandonatuta geratzea, orduan... umeekin batera onartzen banauzu, amona, orduan noski joango naizela zurekin, eta, sinestaidazu, jasoko duzu ordaina nigandik —gaineratu zuen lehiaz—. Baina umeak gabe ezin dut, amona.

        — Tira, ez lanturuan hasi! (Polinak ez zuen lanturuan hastea pentsatzen, ez zuen berez inoiz negar egiten). Txitentzat ere egingo dinagu lekua, oilategia handia dun eta. Gainera, eskolarako adinean zeuden. Ez haiz beraz orain etorriko? Begiron gero, Praskovia! Onbeharrez ari naun, bai baitakit zergatik ez hatorren. Dena zekinat, Praskovia! Frantses horrek ez din onik ekarriko.

        Polina txingarra adina gorritu zen. Nik dardara sentitu nuen. (Denek zekiten! Beraz, ni bakarrik ezjakin!)

        — Tira, tira, ez muturtu. Ez dinat horretan jardungo. Baina begiron gaizki ez bukatu, ulertzen? Neska bizkorra haiz; pena emango hidake. Baina nahikoa dinagu, hobe ninan begiratu ere egin ez banizue! Alde! Agur!

        — Lagunduko dizut geltokira, amona —esan zuen Polinak.

        — Ez dun beharrezkoa; ez enbarazurik egin, nazkatu nauzue denon artean.

        Polinak muin eman zion amonari eskuan, baina honek eskua baztertu eta masailean eman zion Polinari muxu.

        Nire ondotik pasatzerakoan, Polinak niri bizkor begiratu eta berehala saihestu zituen begiak.

        — Agur hiri ere, Alexei Ivanovitx! Ordubete besterik ez duk geratzen trenerako. Bai, eta uste diat nekatu haizela nirekin. To, hartu urrezko berrogeita hamar txanpon hauek.

        — Apalki eskertzen dizut, amona, lotsatuta nago...

        — Tira, tira! —hots egin zuen amonak, hain indartsu eta mehatxukor non ez bainintzen ukatzera ausartu, eta hartu egin nituen.

        — Moskun lanik gabe habilenean, hator nigana; gomendatuko haut nonbaiterako. Tira, alde!

        Nire gelara joan eta ohean etzan nintzen. Uste dut ordu erdi inguru egon nintzela etzanda buruz gora, eskuak garondo azpian gurutzatuta. Lehertua zen katastrofea eta baneukan zertan pentsatua. Biharamunean Polinarekin irmoki hitz egitea erabaki nuen. Ah! Frantximana? Egia zen beraz! Baina zer ote zegoen bien artean? Polina eta Des Grieux! Alajainkoa, a zer elkarketa!

        Guztiz sinestezina zen hura dena. Zutitu egin nintzen bat-batean, nire onetatik aterata, berehala mister Astley-ren bila joan eta harixe kosta ahala kosta hitz eginarazteko. Berak, noski, nik baino gehiago zekien. Mister Astley? Beste enigma bat niretzat!

        Baina bat-batean nire atea jo zuten. Begiratu eta Potapitx.

        — Alexei Ivanovitx, madamek deitzen dizu!

        — Zertarako? Badoa, ezta? Hogei minutu dauzka trena abiatu arte.

        — Urduri dago, adiskide, ez da eserita geldirik egoteko gauza. «Arin, arin» esaten du zugatik. Jainkoaren izenean, zatoz bizkor.

        Berehala jaitsi nintzen korrika. Amona pasillora aterata zeukaten. Kartera zeukan eskuetan.

        — Alexei Ivanovitx, hoa aurretik, goazen!

        — Nora, amona?

        — Bertan hiltzen banaiz ere, nire ordaina jasotzera! Tira, martxa, galderarik gabe! Gauerdira arte jokatzen al da?

        Harri eta zur geratu nintzen. Hausnartu eta berehala hartu nuen erabakia.

        — Nahi duzuna, Antonida Vasilievna, baina ni ez noa.

        — Zergatik ordea? Zer dela eta? Goiko ganbaran haizea ala?

        — Nahi duzuna: gero nire burua egingo nuke erantzule, eta ez dut hori nahi. Ez dut izan nahi ez lekuko eta ez parte hartzaile; barkaidazu, Antonida Vasilievna. Tori atzera zure berrogeita hamar federikoak. Adio! —eta amonaren besaulki ondoko mahaitxoan federikoen erroilua utziz, agur egin eta joan nintzen.

        — A zer erokeria! —hots egin zuen amonak nire atzetik—. Ez hadi ba etorri, neronek aurkituko diat bidea! Potapitx, hator nirekin! Tira, altxa eta eraman nazazue.

        Mister Astley aurkitzerik ez eta etxera itzuli nintzen. Iluntzean, gauerdia baino beranduago, Potapitxengandik jakin nuen nola amaitu zen eguna amonarentzat. Nik lehenago aldatutako guztia galdu zuen, hau da, beste hamar mila errublo, gure dirutan. Goizean beragandik bi federiko jasotako poloniar hura aldamenean itsatsi, eta honek zuzendu zion joko guztia. Hasieran, poloniarra bildu aurretik, Potapitx behartu zuen apustuak egitera, baina laster baztertu zuen; orduan agertu zen poloniarra. Apropos eginda bezala, honek errusiera ulertu eta erdipurdi murduskatzen zuen hiru hizkuntzen nahasketa bat, eta hala erdipurdi konprenitzen zioten elkarri. Amonak gupidarik gabe laidotzen zuen etengabe, eta nahiz hark etengabe adierazi amonaren «stopki panski»en pean zegoela, «ez zegoen zurekin alderatzerik, Alexei Ivanovitx —kontatzen zuen Potapitxek—. Zurekin gizon prestu batekin bezala jarduten zuen amonak, baina beste horrek (neure begiez ikusi dut, hil nazala Jainkoak hala ez bada) mahaitik bertatik osten zion. Amonak bi aldiz harrapatu du eskuak bero-bero, eta bereak eta bi esan dizkio, enetxoa, tankera guztietako hitzak, halako batean kalparretik tiratu ere bai; benetan, ez naiz gezurretan ari, denek egin dute inguruan barre. Dena galdu du, enetxoa; direnak eta ez direnak, aldatu diozun guztia. Ekarri dugu gajoa hona, eskatu du edateko ur pittin bat, eta gurutze santuaren eginda joan da ohera. Leher eginda zegoen nonbait, berehala hartu du lo eta. Aingeruzko ametsak eman diezazkiola Jaunak! Ah, latza da atzerriko bizitza! —bukatu zuen Potapitxek—. Nik bai esan ez zegoela gauza onik. Nahiago nuke lehenbailehen gure Moskura itzuliko bagina! Zer ez daukagu Moskuko etxean? Hemen ez bezalako loreak, usaina, sagarrak heltzen, zabaltasuna... Baina ez: atzerrira joan beharra zegoen! Ai ai ai!...»

 

 

 

© Fedor Dostoievski

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"Fedor Dostoievski / Jokalaria" orrialde nagusia