XI. ATALA
Ate aldera eraman zuten besaulkia, salaren beste ertzera. Amona distiraz zegoen. Gutarrek berehala inguratu zuten, zoriontzeko. Eszentrikoa izan arren amonaren portaera, bere garaipenak hainbat gauza ezkutatu zituen, eta jeneralak jadanik ez zeukan jendaurreko estutasunaren beldurrik, halako emakume bitxiaren senide izateagatik. Onginahiezko irribarre alai eta familiarteko batekin zoriondu zuen amona, ume batekin txantxetan ari balitz bezala. Gainerakoan, beste ikusle guztiak bezain txunditua ematen zuen. Inguruan denek amonaz hitz egin eta behatzaz seinalatzen zuten. Asko ondora hurbiltzen zitzaizkion, hobeto ikusteko. Mister Astley, izkina batean, hari buruz ari zen hizketan bi ezagun ingelesekin. Dama handios batzuek harridura handiosez begiratzen zioten, berebiziko zerbaiti bezala. Des Grieux-k barra-barra sakabanatzen zituen zorionak eta irribarreak.
— Quelle victoire! —zioen.
— Mais, madame, c'était du feu! —gaineratu zuen mademoiselle Blanchek irribarre lausengatzailez.
— Bai, ez non eta ez han hamabi mila florin irabazi ditut. Eta hamabi mila horiez gain urrea, noski! Urrearekin batera hamahiru milara iristen da ia. Zenbat da hori gure dirutan? Sei mila edo?
Nik argitu nion sei milak ere gainditzen zituela, eta egungo trukearekin agian zortzira ere helduko zela.
— Sekulakoa, zortzi mila! Eta zuek berriz hemen eserita, artaburu alaenak, ezertxo ere egin gabe! Potapitx, María, ikusi al duzue?
— Emakumea, nola lortu duzu? Zortzi mila errublo! —hots egin zuen Maríak, gorputza bihurrituz.
— Honatx bosna urrezko txanpon, torizue!
Potapitx eta María eskuan muin ematera oldartu ziren.
— Eta eman diezaietela garraiolariei federiko bana. Emaiek urrezko txanpon bana, Alexei Ivanovitx. Zergatik egiten dit erreberentzia morroi horrek, eta beste hark ere? Ni zoriontzen? Horiei ere emaiek federiko bana.
— Madame la princesse... un pauvre expatrié... malheur continuel... les princes russes sont si généreux —zebilen harantz eta honantz besaulkiaren inguruan lebita higatuko gizon bat, koloretako txalekoarekin, biboteduna, eskua luzatuta kapelari eusten eta irribarre makurrez...
— Emaiok horri ere federikoa. Ez, bi emazkiok; tira, nahikoa diagu, bestela ez diagu inoiz amaituko. Altxa eta eraman nazazue! Praskovia —jiratu zen Polina Alexandrovnagana—, bihar soineko baterako oihala erosiko dinat, eta baita mademoiselle... nola da ba? Mademoiselle Blanche, ezta? Berari ere soinekorako oihala erosiko zionat. Itzulion, Praskovia!
— Merci, madame —egin zion xamurki agur mademoiselle Blanchek, irribarre isekati batekin ahoa okertuz, Des Grieux eta jeneralari begira.Jenerala nahastuxea zegoen eta izugarri poztu zen etorbidera heldu ginenean.
— Fedosia, Fedosia bai harrituko dela —esan zuen amonak, jeneralaren umeen inudea gogoan—. Berari ere oparitu behar zionat soinekorako oihala. E, Alexei Ivanovitx, Alexei Ivanovitx, emaiok eskale horri!
Arlote konkordun bat zihoan bidetik, eta begira geratu zitzaigun.
— Agian eskalea ez baizik alprojaren bat izango da, amona.
— Emaiok! Emaiok! Emaiok florin bat!
Hurbildu eta eman egin nion. Harridura garratzez begiratu zidan, baina isilik hartu zuen florin. Ardo usaina zerion.
— Eta hik, Alexei Ivanovitx, ez al duk oraindik hire zortea frogatu?
— Ez, amona.
— Baina begiak ñirñirka heuzkan, neronek ikusi haut.
— Horixe frogatuko dudala, amona, baina geroago.
— Hasieratik zéro-an jarri! Ikusiko duk! Zenbat diru daukak?
— Denera hogei federiko bakarrik, amona.
— Gutxitxo. Nahi baduk berrogeita hamar federiko utziko ditiat. Tori erroilu hau. Baina hik, motel, ez ezak ezer espero, ez diat emango eta! —zuzendu zen bat-batean jeneralagana.
Honek jiratzeko imintzioa egin baina isilik geratu zen. Des Grieux-k kopeta ilundu zuen.
— Que diable, c'est une terrible vieille! —xuxurlatu zion ahopeka jeneralari.
— Eskalea, eskalea, beste eskalea! —egin zuen amonak garrasi—. Alexei Ivanovitx, emaiok horri ere florina.
Ile griseko agure bat zen oraingoan, egurrezko hankaduna, lebita urdin puntaluze batez jantzia eta bastoi luze batekin eskutan. Soldadu zahar bat ematen zuen. Baina nik florina luzatu nionean, pauso bat atzera egin eta zakar begiratu zidan.
— Was ist's der Teufel! —hots egin zuen, dozena bat birao gaineratuz.
— Ergela! —hots egin zuen amonak, baztertzeko keinua eginez eskuekin—. Jarraitu aurrera! Gosetu naiz! Orain bixkor bazkaldu, ondoren pixka batean etzan eta berriro itzuliko gara.
— Berriro jokatu nahi al duzu, amona? —hots egin nuen nik.
— Zer uste huen ba? Zuek eserita aspertzen zaudetela-eta zuei begira jardungo dudala?
— Mais, madame —hurbildu zen Des Grieux—, les chances peuvent tourner, une seule mauvaise chante et veas perdrez mut— surtout avec votre jeu... c'était terrible!
— Vous perdrez absolument —bota zuen mademoiselle Blanchek purrustan.
— Eta zuei zer axola? Ez dut zuena galduko, baizik eta neronena! Non da mister Astley hori? —galdetu zidan niri.
— Kasinoan geratu da, amona.
— Lastima; gizon jatorra da.
Etxera heldu eta amonak eskaileretan zerbitzu-buruarekin topo egitean, ondora deitu eta irabazitakoaz harrotu zen; gero Fedosiari deitu, hiru federiko oparitu eta bazkaria zerbitzatzeko agindu zion. Bazkaldu bitartean, Fedosia eta María losintxan aritu zitzaizkion.
— Zuri begiratu, amatxo —ari zen María tartarrean— eta hala esan diot Potapitxeri: «Zer egin nahi ote du gure amatxok?» Mahaian berriz dirua erruz, alajainkoa! Ez dut nire bizitza osoan hainbeste diru ikusi. Eta inguru guztian gizonezkoak, denean gizonezkoak eserita. Nondik ordea, galdetu diot Potapitxeri, azaldu dira gizonezko hauek denak? Lagun diezaiola Jainkoaren amak, pentsatu dut nire artean. Zuretzat errezatzen hasi, amatxo, eta gelditu egin zait bihotza, gelditu, gorputz osoa dardar. Emaiozu zorte ona, Jainkoa, pentsatu dut nire artean, eta bai eman ere. Orduztik, amatxo, dardara batean daukat gorputz osoa.
— Alexei Ivanovitx, bazkalondoan laurak aldera prest egon hadi, berriro joateko. Bien bitartean agur, eta ez ahaztu medikuren bati deitzea nigana etor dadin. Ur horiek ere edan beharrak zeuzkaat, hiri beharbada ahaztu egingo zaik eta.
Txundituta bezala joan nintzen amonagandik. Gure taldearekin zer gertatuko zen eta arazoak zer bide hartuko zuen saiatu nintzen imajinatzen. Argi zegoen artean beren onera etorri gabe zeudela (batik bat jenerala), ezta lehenengo zirrara gainditu ere. Amona bera azaldu izanak orduz ordu itxoindako heriotza-telegramaren ordez (herentziaren telegrama beraz), hainbeste inarrosi zuen beren asmo eta erabakien sistema, non, zeharo harrituta ez ezik, zur eta lur geratu baitziren amonaren erruletako balentriekin. Baina hala ere bigarren gertaera hau kasik garrantzitsuagoa zen lehenengoa baino, zeren, amonak bi aldiz esan arren ez ziola jeneralari dirurik emango, auskalo... artean goiz zen itxaropena galtzeko. Ez zuen galdu jeneralaren arazo guztietan nahastuta zegoen Des Grieux-k ere. Seguru nago mademoiselle Blanchek ere, haiexetan erabat nahastuta halaber (are gehiago: jeneralaren emaztegai eta dezenteko herentzia espero zuena!), ez zuela itxaropena galdu eta koketeriaren lilura guztiak erabiliko zituela amonarekin, Polina harroak ez bezala, zakarra eta inori txerak egiten ez zekiena. Baina orain, orain, amonak erruletan halako balentriak burutu ostean, orain, amonaren nortasuna hain argi eta nabarmen agertu zitzaienean denei (amon setati aginduzalea et tombée en enfance), orain, agian, hondamena zetorren: izan ere bera umea bezain alegera zegoen arrakastaz, eta, ohitura den bezala, azken hondarra arte galduko zuen dena. Ene Jainkoa! pentsatu nuen nire artean (eta Jaunak barka nazala, irribarrerik maltzurrenaz), ene Jainkoa, amonak lehen jarritako federiko bakoitzak bihotza urratzen zion jeneralari, sutan jartzen zuen Des Grieux eta amorrarazi egiten zuen mademoiselle de Cominges, honi aho aurretik pasatu baitzioten eztiaren koilara. Beste datu bat: irabazi ondoren ere, amonak denei pozez dirua banatu eta oinezko bakoitza eskaletzat hartu zuenean, orduan ere zerak alde egin zion, jenerala zela eta: «Hiri hala ere ez diat emango!» Honek esan nahi du tinko heldu diola ideia horri, hitza eman duenez. Latza! Latza!
Hausnarketa hauek denak nerabilzkien buruan, amona utzi ondoren eskailera nagusitik azken solairura nindoala, nire gela-zulora. Asko larritzen ninduen guzti honek; nahiz ni aurrez ere gai izan igartzeko zein hari nagusik lotzen zituzten nire aurreko aktoreak, azken batean ez nituen ezagutzen joko haren sekretu eta bitarteko guztiak. Polinak ez zuen nirekin inoiz erabat zinez jardun. Zenbaitetan bere bihotza zabaltzen bazidan ere, nahi gabe bezala, nik antzemanda neukan sarritan, ia beti, bihotz zabaltze horien ondoren, esandako guztia txantxetan hartu edo bestela nahaspilatu egiten zuela, itxura faltsua eman nahirik. O! Gauza asko ezkutatzen zituen! Nolanahi ere, iruditzen zitzaidan hurbil zegoela egoera misteriotsu eta larri guzti haren azkena. Beste jokaldi bat eta dena bukaturik eta agerian geratuko zen. Neure zorteaz, guzti honetan interesa baineukan neuk ere, ia ez nintzen batere kezkatzen. Aldarte bitxian nengoen: hogei federiko besterik ez poltsikoan; atzerrian urrun, lanbiderik gabe eta bizitzeko bitartekorik gabe, itxaropenik gabe, inongo planik gabe... eta hala ere ez nintzen estutzen! Polinagan pentsatzen egon ez banintz, besterik gabe murgilduko nintzen hurrengo emaitzaren interes komikoan, eta algara bizian jardungo nuen barre eta barre. Baina Polinak kezkatu egiten nau; irudipena daukat bere zortea erabakitzera doala, baina hala ere, aitortzen dut, ez da bere zortea larritzen nauena. Bere sekretuetan sartu nahi dut; bera nigana etorri eta «Maite zaitut» esatea nahiko nuke. Baina hala ez bada, ezinezko erokeria bat bada, orduan... zertarako ezer desiratu? Neronek ere ba ote dakit zer desio dudan? Galduta bezala nago; nahi nukeen bakarra da bere aldamenean egotea, bere aureolan, bere distiran, behin betirako, bizitza osoan. Ez dakit beste ezer! Alde egin ote nezake bere ondotik?
Bigarren solairuan, gutarren pasilloan, kolpe antzeko bat sentitu nuen. Itzuli nintzen eta, hogei pausotara edo gehiago, Polina ikusi nuen ate batetik irteten. Bazirudien nire zain zelatan egon zela, eta berehala egin zidan beragana hurbiltzeko keinu.
— Polina Alexandrovna...
— Isilago —ohartarazi zidan.
— Imajina ezazu —xuxurlatu nuen—, kolpe antzeko bat sentitu dut oraintxe saihetsean; ingurura begiratu eta zerorri! Badirudi argindarra isurtzen duzula!
— Tori gutun hau —mintzatu zen Polina, kezkatuta eta bekozko ilunez, segur aski nik esandakoa entzun gabe—, eta emaiozu oraintxe mister Astley-ri berari. Lehenbailehen, mesedez. Ez da beharrezkoa erantzuna. Berak...
Ez zuen azkenera arte hitz egin.
— Mister Astley-ri? —galdetu nuen harriturik.
Baina ordurako Polina ate atzean ezkutatua zen.
«Ah, elkarri idazten diote beraz!» Ni, jakina, berehala abiatu nintzen mister Astley-ren bila, lehenik bere hotelera, non ez bainuen aurkitu, ondoren kasinora, non sala guztiak zeharkatu bainituen, eta azkenik, amorrazioz eta ia etsita, etxera itzultzerakoan, kasualitatez egokitu nintzen berarekin, gizon eta emakume ingelesen kabalgata batean zihoala, zaldiz. Nik keinu egin, bera gelditu eta gutuna eman nion. Ez genuen izan elkarri begiratzeko betarik ere. Baina susmoa daukat mister Astley-k propio abiarazi zuela zaldia bizkor.
Jelosiak oinazetzen ote ninduen? Nolanahi ere, oso aldarte erorian nengoen. Ez nuen jakin ere egin nahi zeri buruz idazten zioten elkarri. «Polinaren konfidentea, beraz! Laguna, beraz —pentsatu nuen—, argi dago (noiz lortu ote zuen hala bihurtzea?) Baina ba ote dago maitasunik tartean?» «Ez noski», xuxurlatu zidan zentzuak. Baina holako kasuetan ezer gutxi balio du zentzuak. Dena den, argitu beharra neukan hura. Modu itsusian ari zen arazoa lardaskatzen.
Hotelean sartu bezain laster, atezainak eta bere gelatik irtendako zerbitzu-buruak adierazi zidaten niretzako deiak izan zirela, ni non nintzen galdetzeko agindu zutela hiru aldiz, arren ahalik eta azkarrena joateko jeneralaren apartamendura. Ni aldarte ezin txarragoan nengoen. Jeneralaren kabinetean, jenerala bera ez ezik, Des Grieux eta mademoiselle Blanche aurkitu nituen, bakarrik, ama gabe. Ama, inondik ere, azpitik sartutako norbait zen, antzezpen hutserako; baina benetako arazoari ekiterakoan, bere kontura jarduten zuen mademoiselle Blanchek. Eta nahiko lan amak ezertxo ere jakitea alaba izenekoaren arazoez.
Oso gogor ari ziren hirurak eztabaidan, eta kabineteko atea ere itxita zegoen, inoiz ez bezala. Atera hurbiltzerakoan ahots ozenak aditu nituen: Des Grieux-ren hizketa lotsagabe eta isekatia, Blancheren garrasi gordin iraintzaile eta amorratuak, eta jeneralaren ahots lanturosa, bere burua zuritu nahian edo. Ni agertzearekin bat denak zentzatu bezala, eta beren onera etorri ziren. Des Grieux-k ilea txukundu eta bere aurpegi sumindua irribarretsu bihurtu zen: irribarre frantses zirtzil, ofizialtasunez gizalegezkoa den hori, nik hainbeste gorroto dudana. Jeneralak, abailduta eta bere artean galduta, haizea eman zion bere buruari modu mekanikoan. Mademoiselle Blanchek ordea ez zuen ia aldatu bere amorruzko aurpegia eta isilik geratu zen, begirada nigan josita, eramanezinez zain. Aitor dezadan sinestezineko mespretxuz jardun zuela ordura arte nirekin, ez zion nire diosalari erantzun ere egiten: nitaz ohartuko ez balitz bezalaxe.
— Alexei Ivanovitx —hasi zen jenerala doinu samurrean errietan—, utzidazu adierazten arraroa dela, guztiz eta erabat arraroa... hitz batean, zure portaera nirekiko eta nire familiarekiko... hitz batean, guztiz eta erabat arraroa dela...
— E, ce n'est pas ça! —eten zion Des Grieux-k haserre eta mespretxuz (Zalantzarik gabe, bera zen han nagusi!)— Mon cher monsieur, notre cher général se trompe, zurikeriazko doinu horretan hitz eginda (errusieraz jarraitzen dut bere solasa), esan nahi zizun... hau da, zuri ohartarazi, edo hobeki esanda, zuri arren eskatu ez diezaiozula hondamena ekarri, bai, hondamenik ez ekartzeko! Esamolde horixe erabiltzen dut...
— Baina nondik nora? —eten nion hitza.
— Begira, zeure gain hartu duzu atso horren gidari izatea (nolabait esateko), cette pauvre terrible vieille —nahasten hasia zen Des Grieux bera ere—, baina dena galduko du, azken hondarreraino galduko du! Zerorrek ikusi duzu, zerorri izan zara bere jokatzeko moduaren lekuko! Galtzen hasten bada ez da mahaitik aldenduko, temaz, amorrazioz, eta dena jokatuko du, dena jokatuko du, eta halakoetan ez dago ezer berreskuratzerik, eta hartara... eta hartara...
— Eta hartara —ekin zion jeneralak—, hartara zuk hondamena ekarriko diozu familia osoari! Ni eta nire familia gara oinordekoak, ez du senide hurbilagorik. Argi esango dizut: nire arazoak gaizki doaz, izugarri gaizki ere. Zeuk ere badakizu zer edo zer... Dezenteko kopurua galtzen badu, edo agian ondasun osoa «ene Jainkoa!», non geratuko dira nire seme-alabak? (Jeneralak Des Grieux-ren aldera begiratu zuen) Eta neroni? (so egin zion mademoiselle Blancheri, honek mespretxuz bizkarra ematen ziola) Alexei Ivanovitx, salba gaitzazu, salba gaitzazu!
— Baina nola, jenerala, nola ordea... Zer ikusi daukat nik honetan?
— Esan ezetz, esan ezetz, bakarrik uztazu!
— Hartara beste norbait aurkituko du! —oihukatu nuen.
— Ce n'est pas ça, ce n'est pas ça —eten zuen berriro Des Grieux-k—. Que diable! Ez, ez ezazu utzi, baina gutxienez aholkatu, konbentzitu, beste kontuak gogorarazi... Alegia, ez utzi gehiegi galtzen, nola hala beste kontuak gogorarazi.
— Nola egin dezaket hori? Zerorri arduratuko bazina horretaz, monsieur Des Grieux... —gaineratu nuen ahalik eta lainoen.
Mademoiselle Blanchek Des Grieux-ri botatako begiradaz ohartu nintzen orduan, bizkorra, sutsua, galdegilea. Des Grieux-ren aurpegia zeharkatu zuen zerbait bereziak, bene-benetakoa eta eutsiezina.
— Hor dago koska, orain ez nauela onartuko! —hots egin zuen Des Grieux-k eskuei eraginez—. Beharbada... geroago...
Des Grieux-k modu azkar eta esanguratsuan begiratu zion mademoiselle Blancheri.
— O, mon cher monsieur Alexis, soyez si bon —etorri zen nigana irribarre liluragarriz mademoiselle Blanche bera, niri bi eskuak heldu eta indartsu estutuz. Arraioa! Aurpegi deabru hura segundo bakar batean alda zitekeen. Une hartan itxura erregutzailea, atsegina hartu zuen, umearen irribarrearekin eta bihurria; esaldia bukatzean maltzurki egin zidan keinu, besteak konturatu gabe; lehenbizikoan harrapatu nahi ote ninduen? Hainbestean egin zuen, baina izugarri baldar.
Bere atzetik egin zuen jeneralak salto; bai, hori da, salto.
— Alexei Ivanovitx, barkatu ni zurekin lehenago hala aritu banaiz, ez nuen inolaz ere esan nahi... Mesedez eskatzen dizut, erregutzen dizut, zure aurrean makurtzen naiz beheraino errusiarren eran: zuk bakar-bakarrik salba gaitzakezu! Mademoiselle Comingesek eta biok erregutzen dizugu... ulertzen duzu, ulertzen duzu, ezta? —erregutu zidan, begiekin mademoiselle Blanche seinalatuz. Pena ematen zuen.
Momentu hartan hiru kolpe leun eta errespetuzko entzun ziren atean; zabaldu eta pasilloko morroia zen, eta honen atzean, pauso bakar batzuetara, Potapitx zegoen. Amonak bidali zituen. Ni bilatu eta beragana eraman behar ninduten berehala, «haserretzen ari da eta», aipatu zuen Potapitxek.
— Baina oraindik hiru t'erdiak dira.
— Ezin zuen lorik hartu, alde batetik bestera. Bat-batean jaiki, besaulkia ekartzeko agindu eta zugana bidali nau. Atarian dago jadanik.
— Quelle mégère! —hots egin zuen Des Grieux-k.
Hain zuzen ere atarian aurkitu nuen amona, ageri ez nintzelako luzeiritzita. Ez zuen laurak arte itxoiterik izan.
— Tira, altxa nazazue! —hots egin zuen, eta berriro abiatu ginen erruletara.
© Fedor Dostoievski
© itzulpenarena: Antton Garikano