X. ATALA

 

        Bainutegietan —eta, dirudienez, Europa osoan—, hoteletako arduradun eta zerbitzu-buruek, inori gela agintzeko orduan, gehiago hartzen dute aintzat beraien irudipen pertsonala, bezeroen eskakizun eta desioak baino; eta aitortu beharra dago gutxitan nahasten direla. Baina amonari, ez jakin zergatik, halako apartamendu bikaina paratu zioten non gehiegizkoa ere bai baitzen: dotore jantzitako lau gela, bainuarekin, koartoak mirabeentzat, koarto berezia gelariarentzat, eta abar eta abar. Berez, grande duchesse bat egon zen gela horiexetan aurreko astean, eta hori, noski, berehala adierazten zitzaien bezero berriei, horrela gelaren balioa areagotzeko. Amona airean, edo hobeki esanda, arrastaka eraman zuten gela guztietatik, eta arretaz eta zorrotz ikertu zituen. Zerbitzu-buruak, gizon adindu eta burusoila, errespetu handiz lagundu zion lehen azterketa hartan.

        Ez dakit nortzat hartu zuten amona, baina, nonbait, pertsona ikusgarri prestu eta, batez ere, aberastzat. Berehala ipini zuten liburuan: «Madame la générale princesse de Tarassevitcheva», nahiz amona inoiz printzesa izan ez. Bere mirabetza, treneko departamendu berezia, eta amonarekin batera etorritako alferrikako baul, maleta eta kutxa pila izan ziren segur aski bere prestigioaren oinarri hasieran; eta besaulkiak, amonaren hizkera zakar eta ahotsak, bere galdera eszentrikoek, batere erreparorik gabeak eta inongo ihardespena onartzen ez zuen aurpegiarekin eginak, hitz batean, amonaren figura osoak —zuzena, zakarra, agintaria—, harenganako mirespen orokorra osatzea erdietsi zuten. Azterketan zehar, amonak aldian behin besaulkia geldiarazten zuen bat-batean, altzarien alderdi bat seinalatu eta ustekabeko galderekin jiratzen zen zerbitzu-buruagana, honek errespetuzko irribarrearekin segitzen ziolarik, baina beldurtzen hasita. Amonak frantsesez egiten zituen galderak, gaizki samar bestalde, eta beraz itzuli egiten nituen nik. Zerbitzu-buruaren erantzun gehienak gustatu ez eta eskasak iruditzen zitzaizkion. Gainera, zerikusirik gabeko gauzak galdetzen zizkion, Jainkoak daki zer esan nahian. Bat-batean, esate baterako, koadro baten aurrean gelditu zen, mitologiari buruzko original ezagun baten kopia kaxkar samarra.

        — Noren erretratua da?

        Zerbitzu-buruak azaldu zion segur aski kondesaren batena izango zela.

        — Ez dakik ala? Hemen bizi eta jakin ez. Zergatik dago hemen? Nolatan da begi ezkela?

        Galdera guzti haien aurrean zerbitzu-buruak erantzun egokia ematerik ez eta txundituta zegoen.

        — Inozo alaena! —mintzatu zen amona errusieraz.

        Aurrera eraman zuten. Berriro errepikatu zen lehengo istorioa Sajoniako portzelanazko estatuatxo batekin, eta amonak, luzaro aztertu ondoren, handik baztertzeko agindu zuen, auskalo zergatik. Azkenerako zerbitzu-burua zeharo amorrarazi zuen galderekin: ea zenbat kostatu ziren logelako alfonbrak eta non iruten zituzten. Galdetuko zuela agindu zion zerbitzu-buruak.

        — Asto hutsak dira! —amonak purrustan esan, eta ohean jarri zuen bere arreta osoa.

        — Zer baldakino dotorea! Zabal ezazue.

        Tapakiak zabaldu zituzten.

        — Gehiago, gehiago, dena zabal ezazue. Kendu burkoak, estalkiak, eta altxa koltxoia.

        Dena azpikoz gain jiratu zuten. Amonak arretaz aztertu zuen.

        — Eskerrak txumitxarik ez dagoen. Utikan mihise guztiak! Ipini nire mihiseak eta nire burkoak. Baina hau dena dotoreegia da. Zertarako du nire moduko amonak honelako gela? Aspertu egingo naiz bakarrik. Alexei Ivanovitx, etor hadi sarri, umeei irakastez bukatzen duanean.

        — Atzodanik ez nago jeneralaren zerbitzuan —erantzun nion—, erabat neure kontura bizi naiz hotelean.

        — Zer dela eta?

        — Orain dela zenbait egun baroi alemaniar prestu bat etorri zen hona bere emazte baronesarekin, Berlinetik. Atzo, paseoan, alemanieraz hitz egin nion, ahoskera berlindarrari atxiki gabe.

        — Eta horrekin zer?

        — Berak gordinkeriatzat hartu eta jeneralagana joan zen kexatzera. Jeneralak atzo egotzi ninduen.

        — Zer ba, baroia iraindu al huen? Irainduta ere ez zuan hainbesterako!

        — O, ez. Alderantziz, makila altxatu zuen nire kontra.

        — Eta hik, lerde horrek, zer eta onartu, hire irakaslea horrela tratatu izana —jiratu zen bat-batean jeneralagana—, eta gainera lanetik bota! Artaburuak, denok zarete artaburuak, ikusten nago.

        — Ez larritu, izebatxo —erantzun zuen jeneralak familiarteko doinu harro batekin—. Badakit nire gauzak bideratzen. Gainera, Alexei Ivanovitxek ez dizkizu kontuak erabat zuzen eman.

        — Eta hik ametitu egin al huen? —jiratu zen berriro nigana.

        — Nik duelu desafioa egin nahi nion baroiari —erantzun nuen ahalik apaltasun eta lasaitasun handienaz—, baina jeneralak gogor egin zidan.

        — Zergatik egin hion gogor? —jiratu zen berriro amona jeneralagana—. Hi berriz, gizon, joan hadi, etorriko haiz deitutakoan —jiratu zen zerbitzu-buruagana ere—. Ez daukak hor aho zabalik egon beharrik. Ezin diat jasan mutur Nürnberg-dar hori!

        Honek erreberentzia egin eta joan egin zen, amonaren konplimendua ulertu gabe, noski.

        — Mesedez, izebatxo, zilegi al dira ba dueluak? —erantzun zuen jeneralak barre-iduri batekin.

        — Zergatik ez? Gizon guztiak dituk oilarrak; lehian aritu behar ziaten. Artaburuak zarete denok, ikusten dudanez, ez dakizue zeuon aberriaren izenari eusten. Tira, altxa nazazue! Potapitx, ardura hadi beti bi garraiolari prest egon daitezen, dena antolatu eta akordio batera iritsi hadi. Ez ditiat bi baino gehiago behar. Eskaileretan bakarrik garraiatu beharko naitek, baina zelaian, kalean, bultzatuta joaten dela esaiek. Aldez aurretik ordaindu, hartara errespetu gehiago izango diate eta. Hi beti egongo haiz nire ondoan, eta hik berriz, Alexei Ivanovitx, baroi hori erakutsiko didak paseoan: zer nolako von Baron den ikusi nahi diat. Tira, non da delako erruleta hori?

        Nik azaldu nion erruletak kasinoan zeudela. Galdera hauek egin zizkidan segidan: asko al zeuden, asko jokatzen al zen, egun osoan jokatzen al zen, nola zegoen antolatua... Nik azkenean erantzun nion denetan onena norberak ikustea zela, deskribatzea zail samarra zenez.

        — Ba eraman nazatela zuzenean hara! Hoa aurretik, Alexei Ivanovitx!

        — Hara, ez al duzu ba bidaiaren ondoren atseden hartuko, izebatxo? —galdetu zion jeneralak, kezkaturik. Apur bat urduri ematen zuen, beste guztiak ere nahastuta zeuden eta elkarri begira hasi ziren. Segur aski delikatua iruditzen zitzaien, baita lotsagarria ere, amonari zuzenean kasinora laguntzea, honek han, inondik ere, nabarmenkeriaren bat egin baitzezakeen, eta gainera jendaurrean; hala ere denak eskaini ziren laguntzeko.

        — Zertarako atseden hartu? Ez nago nekatuta; gaurkoa zenbatu gabe, bost egunez egon naiz eserita. Ondoren, hemen zer iturri eta sendatzeko ur dauden ikusiko dugu, eta non dauden. Ondoren... nola zen ba, zer aipatu dun, Praskovia, point bat?

        — Bai, amona.

        — Ba hala bada, hala bedi. Zer gehiago dago hemen?

        — Gauza asko daude hemen, amona —erantzun zuen Polinak, estututa.

        — Herorrek ere ez dakin! María, hi ere nirekin etorriko haiz —esan zion bere gelariari.

        — Baina zertarako, izeba? —ekin zion bat-batean jeneralak—. Azken batean, ezinezkoa da. Eta Potapitxeri ere nekez utziko diote kasinoan sartzen.

        — Txorakeriak! Nola baztertuko dute ba neskamea delako! Bera ere gizakia da; astebete ibili gara bidaian harantz eta honantz, berak ere ikusi nahi ditu bazterrak. Norekin joango da ni ez banauka? Bera bakarrik ez da sudurra kalera atzeratzera ere ausartzen.

        — Baina amona...

        — Hi lotsatu egiten haiz nirekin joateaz, ezta? Ba gera hadi etxean, inork ez dik etortzeko eskatu. Hau da hau jenerala; neroni ere jeneral baten emazte naiz. Gainera, zertarako zatozte errenkadan nire atzetik? Alexei Ivanovitxekin ikusiko dut dena...

        Baina Des Grieux-k irmoki adierazi zuen denei zegokiela joatea, eta esaldi eztienak jalki zituen amonari laguntzearen plazeraz eta abar. Denak abiatu ziren.

        — Elle est tombée en enfance —errepikatu zion Des Grieux-k jeneralari—, seule elle fera des bêtises...

        Ez nuen besterik aditu, baina, antza, bazeuzkan honek asmoren batzuk, eta, agian, itxaropen berriak ere erne zitzaizkion.

        Versta erdia-edo zegoen kasinoraino. Gure bidea gaztainondoen etorbidean zehar zen lorategiraino, eta honen ondoren zuzenean iristen zen kasinora. Jenerala apur bat lasaitu zen, zeren gure segizioa, nahiz eszentriko samarra izan, duina eta itxurazkoa baitzen. Gainera, ez zen batere harrigarria bainutegian pertsona gaixo ahul bat agertzea, elbarritua. Baina, antza, kasinoaren beldur zen jenerala: zertara doa erruletara gaixo elbarri bat, eta gainera atsoa? Polina eta mademoiselle Blanche besaulki gurpildunaren alde banatan zihoazen. Mademoiselle Blanchek barre egiten zuen, poztasun diskretu bat erakusten zuen eta aldian behin jator jarduten zuen txantxetan amonarekin, eta honek azkenean goraipatu egin zuen. Polina, beste aldean, behartuta zegoen amonaren galdera etengabe eta bukaezinei erantzutera, hala nola: nor da pasatu berri dena? zein da kotxez igaro den emakumea? handia al da hiria? handia al da parkea? zer zuhaitz dira horiek? zer mendi dira horiek? ba al dago bertan arranorik? zer teilatu barregarri da hori? Mister Astley nire alboan zihoan, eta xuxurlatu zidan itxaropen handiak zeuzkala goiz hartarako. Potapitx eta María besaulkiaren atzetik zihoazen: Potapitxek fracka eta gorbata zuria soinean, kapela batekin, eta María berriz, berrogei urteko neskazahar musugorria baina ilea zuritzen hasia zeukana, buruko sarea, soineko estanpatua eta ahuntz-larruzko oinetako zaratatsuekin. Amona sarritan jiratu eta hitz egiten zuen beraiekin. Des Grieux eta jenerala apur bat atzeratu eta bero-bero ari ziren zerbaitez hizketan. Jenerala oso makalduta zegoen; Des Grieux-k itxura irmoz hitz egiten zion. Agian kemena ematen ari zitzaion jeneralari; zer edo zer aholkatzen zion, antza. Baina amonak arestian jalkia zuen harako esaldi latz hura: «Ez diat dirurik emango». Des Grieux-ri agian sinestezina iruditzen zitzaion ateraldi hura, baina jeneralak ondotxo ezagutzen zuen bere izebatxo. Ni konturatu nintzen Des Grieux-k eta mademoiselle Blanchek elkarri begiekin keinuka jarraitzen zutela. Printzea eta bidaiari alemaniarra etorbide bukaeran ikusi nituen: atzean geratu eta beste norabait zihoazen.

        Garaile heldu ginen kasinora. Atezain eta morroien artean lehen hoteleko mirabetzagan bezalako begirunea azaldu zen. Jakin-minez begiratu ziguten, ordea. Amonak aurrena sala guztietara eraman zezatela agindu zuen; gauza batzuk goraipatu eta beste batzuekin lehen bezalaxe geratzen zen; denagatik egiten zuen galdera. Azkenean joko-saletara heldu ginen. Ate itxiaren aurrean zutik zaintzen zegoen morroi batek zeharo harrituta zabaldu zuen atea parez pare.

        Amonaren agerpenak zirrara bizia sortu zuen erruleta aretoko jendartean. Erruleta-mahaien atzean eta salaren beste muturrean, non trente et quarante-ren mahaia baitzegoen, ehun eta berrogeita hamar edo berrehunen bat jokalari egongo ziren pilatuta, ilaratan jarrita. Mahairaino bidea egitea erdietsi zutenak, ohiturari jarraituz, tente zeuden bertan eta beren lekuari eusten zioten harik eta dena galdu arte; izan ere ez da zilegi bertan ikusle hutsaren moduan egotea eta jokalari baten lekua alferrik betetzea. Nahiz mahai inguruan aulkiak egon, jokalari gutxi esertzen dira, batez ere jendearen emana handia denean, zeren zutik egonda gehiago hurbil baitaiteke, eta beraz lekua irabazi, eta erosoagoa da apustu egitea ere. Lehen ilararen atzean estu-estu zeuden bigarrena eta hirugarrena ere, txandaren zain eta aztertzen; baina zenbaitetan, ezinegonik, eskuren bat lerratzen zen lehen ilaratik barrena, apustua egiteko. Bazen hirugarren ilaratik asmatzen zuenik ere; hau dela eta, ez ziren hamar minutu igarotzen, ezta bost ere, mahaiaren edozein muturretan «berriketa»ren bat sortu gabe, apustu istilu batengatik. Kasinoko polizia, bestalde, on samarra da. Hango estutasuna, noski, ezin da saihestu; alderantziz, poztekoa izaten da jendearen emana, hori mesedegarria baita; baina zortzi croupier-ek, mahai inguruan eserita, erne zaintzen dituzte apustuak, kontuak egin ere bai, eta baita auziak erabaki ere. Ezinbestean poliziari deitu eta laster batean amaitzen da istilua. Salan bertan egoten dira poliziakoak, kalez jantzita, ikusleen artean, ezagutu ezin direla. Lapurrak eta iruzurtiak hartzen dituzte bereziki aintzakotzat, oso ugariak erruletetan, ezin leku egokiagoak direnez iruzurrerako. Izan ere, beste edozein lekutan poltsikoetatik edo sarrailak apurtuta egiten da lapurreta, eta horrek, kontua okertzen denean, oso emaitza bihurriak izaten ditu. Hemen, ordea, aski da erruletara hurbildu eta jokatzen hastea, eta bat-batean, denen bistan, lagun hurkoaren irabaziei heldu eta norberaren poltsikoan sartzea; sesioa sortzen bada, amarrugileak ahotsa goratuta aldarrikatzen du berea dela apustua. Trebe jardun eta lekukoak zalantza eginez gero, lapurrak askotan lortzen du diruarekin geratzea, kopurua ikaragarria ez denean, noski. Beste gainontzean, lehenago konturatu ohi dira croupier-ak edo beste jokalarietako norbait. Baina kopurua ikaragarria ez bada, benetako jabeak batzuetan sesioa utzi, eskandaluaren beldur, eta joan egiten da. Baina lapurrari igarriez gero, eskandalu artean kaleratzen dute berehala.

        Amonak urrunetik begiratzen zion guzti honi, jakin-min sutsuz. Asko gustatu zitzaion lapurrak kaleratzearena. Trente et quarante-ak ezer gutxi piztu zuen bere jakin-mina; gehiago gustatu zitzaion erruleta eta bertako bolatxoa piririka. Azkenean, hurbilagotik ikusi nahi izan zuen jokoa. Ez dakit nola gertatu zen, baina morroiek eta zenbait agente saiatuk (batez ere dena galdutako poloniarrak, beren zerbitzuak onarrarazi nahian jokalari zorionekoei eta atzerritar guztiei) berehala egin zuten lekua amonarentzat, hango estutasuna gorabehera, mahaiaren erdi-erdian, croupier nagusiaren alboan, eta haraino bultzatu zioten besaulkiari. Bisitari asko, jokatu gabe saihetsetik besteen jokoari begira zeudenak (batez ere ingelesak beren familiekin), berehala bildu ziren mahai aldera, jokalarien atzetik amonari kirika egiteko. Monokulo asko zuzendu ziren beragana. Croupier-en artean itxaropena jaio zen: izan ere, hain jokalari eszentrikoak ez-ohiko zerbait agintzen zuela zirudien. Hirurogeita hamar urteko emakume elbarritua eta jokatzeko gogoz ez zen, noski, eguneroko gauza. Nik ere mahairaino bidea zabaldu eta amonaren alboan jarri nintzen. Potapitx eta María alde batera geratu ziren, multzoaren erdian. Jenerala, Polina, Des Grieux eta mademoiselle Blanche ere alde batera ipini ziren, ikusleen artean.

        Amonak hasieran jokalariei begiratzen zien. Isilka egiten zizkidan galdera zakar eta elkorrak: nor da gizon hori? Nor da emakume hori? Biziki gustatu zitzaion mahaiaren beste muturreko gizon oso gazte bat, oso joko handian ari zena, milakoak ezarriz, eta, ingurukoek elkarri xuxurlatzen ziotenez, ordurako berrogei milaren bat franko irabazita zegoena, dena aurrean pilatuta, urre eta billetetan. Zurbil zegoen; begiek distira egiten zioten eta eskuek dardar; batere kalkulurik gabe jokatzen zuen, eskuetan sartu ahal hainbat, baina hala ere irabazi eta irabazi, bildu eta bildu ari zen. Morroiak bere inguruan lehiatzen ziren, atzean besaulkia jarri eta inguruan lekua zabalduz, eroso mugitu ahal izan zedin, bultzatu ez ziezaioten, eta hori dena sari eder baten itxaropenetan. Hainbat jokalarik irabazietatik oparitu ohi du, poltsikotik eskuetan hartzen duena zenbatu ere egin gabe, pozaren pozez. Gizon gaztearen alboan poloniar bat zegoen jadanik finkatua, gogotik saiatzen, eta errespetuz baina etengabe xuxurlatzen zion zer edo zer, segur aski dirua nola jarri, aholkuak ematen eta jokoa zuzentzen... Jakina, bera ere geroko eskupekoaren itxaropenetan! Baina jokalariak ez zion ia begiratzen ere, itsu-itsuan apustu egin eta pila handitzen segitzen zuen. Argi zegoen ez zela bere buruaren jabe.

        Amona begira egon zitzaion minutu batzuetan.

        — Esaiok —asaldatu zen bat-batean amona, niri ukalondoarekin emanez—, esaiok bertan uzteko, dirua lehenbailehen hartu eta joateko. Dena galduko dik, dena galduko dik berehala! —ekin zion, larritasunez arnasestuka bezala—. Non da Potapitx? Bidali ezak Potapitx beragana! Esateko, esateko ba —jo ninduen ukalondoz—. Non da ordea Potapitx? Sortez, sortez! —hasi zen gizon gazteari garrasika. Ni beragana makurtu eta ez zegoela garrasi egiterik xuxurlatu nion irmoki, eta ez zela zilegi ozenki hitz egitea ere, honek kalkuluak galarazten baitzituen, eta kalera botako gintuztela.

        — Zer pena! Galdua zegok, bere errua duk... Ezin diat aurrean ikusi, jira-biraka zebilkidak dena. Ergel alaena! —eta amonak berehala begiratu zuen beste aldera.

        Han, ezkerretan, mahaiaren beste muturrean, jokalarien artean, dama gazte bat nabarmentzen zen, ondoan ipotx batekin. Ez dakit nor ote zen ipotx hura: agian senidea zuen, agian zirrara sortzeko eraman zuen. Lehenago ere ohartua nintzen andre hartaz; egunero etortzen zen joko-saletara, eguerdiko ordu bata aldera, eta ordu bietan puntuan joaten zen; ordubetez jokatzen zuen egunero. Jadanik ezaguna zuten eta berehala hurbiltzen zioten besaulkia. Poltsikotik urrezko txanpon batzuk eta mila frankotako billete batzuk atera eta lasai hasten zen apustuan, odol hotzez, kalkuluak eginez, orri batean arkatzez zenbakiak idatziz eta momentu jakinen batean aukera egokia erakutsiko zuen sistema aurkitu nahian. Dezenteko apustuak egiten zituen. Mila, bi mila, gehienez hiru mila franko irabazten zituen egunero, gehiago ez, eta irabazi ostean berehala joaten zen. Amona luzaroan egon zen hari begira.

        — Horrek ez dik galduko! Horko horrek ez dik galduko! Zer maila du? Ez al dakik? Nor da bera?

        — Beste horietako frantses bat, segur aski —xuxurlatu nuen.

        — Hegadatik antzematen zaiok txoriari. Argi ikusten duk atzapar zorrotzak dauzkala. Baina azalduidak zer esan nahi duen jira bakoitzak eta nola jarri behar den dirua.

        Ahal bezain ongi azaldu nion amonari zer esan nahi zuten apustuen hainbeste konbinaziok: rouge et noir, pair et impair, manque et passe, eta azkenik, zenbaki sistemaren hainbat xehetasun. Amonak arretaz entzun, gogoan hartu, berriro galdetu eta ikasten zuen. Apustuen sistema bakoitzerako berehala aipa zitekeen adibidea, eta hala gauza franko ikasi eta hartu zituen gogoan, aise eta bizkor. Amona oso kontent geratu zen.

        — Eta zer da zéro hori? Horko croupier horrek, ilekizkurrak, nagusiak, oraintxe hots egin dik zéro. Zergatik bildu du mahaian zegoen guztia? Berarentzat hartu al du halako pila? Zer esan nahi du horrek?

        — Zéro, amona, esan nahi du bankak irabazi duela. Bola zéro-an erortzen bada, mahaian jokatutako guztia bankuari dagokio, banaketarik gabe. Beste tiraldi bat egiten da, noski, baina bankak ezer ordaindu gabe.

        — Hara, hara! Eta ez al nuke orduan ezer jasoko?

        — Ez, amona. Zuk lehenago zéro-ra jokatu eta ondoren zéro egokituez gero, hogeita hamabost aldiz gehiago ordaintzen dizute.

        — Zer? Hogeita hamabost aldiz gehiago? Eta maiz egokitzen al da? Zergatik ez dute txoro horiek hartan jokatzen?

        — Hogeita hamasei aukera daude horren kontra, amona.

        — Txorakeriak! Potapitx! Potapitx! Egon hadi, soinean zeukaat dirua... honatx! —Poltsikotik zorro bete bat atera eta federiko bat hartu zuen handik—. Tori, jarri zéro-an.

        — Amona, oraintxe egokitu da zéro —esan nion—. Ez da beraz luzaroan egokituko. Asko galduko duzu, itxoin ezazu apur bat.

        — Gezurra! Joka ezak!

        — Ederki, baina agian ez da iluntzera arte egokituko. Milaka galduko duzu, lehenago ere gertatu izan da.

        — Txorakeriak! Txorakeriak! Otsoari beldur diona ez dadila basora joan. Zer? Galdu? Joka ezak berriro!

        Bigarren federikoa ere galdu egin genuen; hirugarrena jokatu genuen. Amonak ezin zuen trankil eserita etsi, begiak sutan zeuzkan josita gurpil jiratzailearen zirrikituetatik saltoka zihoan bolan. Hirugarrena ere galdu egin genuen. Bere onetatik aterata zegoen amona, ezin zuen eserita etsi, ukabilkada eta guzti jo zion mahaiari croupier-ak trente six adierazi zuenean, hainbeste itxoindako zéro-ren ordez.

        — Hau duk marka! —haserretu zen amona—. Laster egokituko ote da zéro madarikatu hori? Hementxe hil beharra badaukat ere, zéro irten arte geratuko nauk bertan. Horko croupier tzar ilekizkur madarikatu hori ederki moldatzen duk zéro egokitu ez dadin! Alexei Ivanovitx, jarri urrezko bi txanpon batera! Hain gutxi jokatuta, zéro irteten bada ez diagu deus jasoko.

        — Amona!

        — Jarri, jarri! Ez dituk hireak.

        Bi federiko jarri nituen. Bolatxoa luzaroan ibili zen hegan gurpilean barrena, eta azkenik jauzika hasi zen zirrikituetatik. Amona izozturik zegoen, niri eskua estuturik, eta halako batean... taka!

        — Zéro —aldarrikatu zuen croupier-ak.

        — Ikusten? Ikusten? —jiratu zen amona nigana agudo, pozez distiratzen—. Esan diat, esan diat! Jainkoak berak eman zidak urrezko bi txanpon jartzeko ideia. Eta? Zenbat dagokit orain? Zergatik ez dute ordaintzen? Potapitx, María, non daude ordea? Nora joan dira gutarrak? Potapitx! Potapitx!

        — Gero, amona —xuxurlatu nion—. Atean dago Potapitx, ez diote sartzen uzten eta. Begira, amona, zure dirua ematen dizute, bar ezazu!

        Paper urdinean bildutako erroilu astun zigilatu bat bota zioten amonari, berrogeita hamar federikorekin, eta zigilatu gabeko beste hogei zenbatu zituzten berarentzat. Eskuare baten bidez bultzatu nuen hura dena amonaren aldera.

        — Faites le jeu, messieurs! Faites le jeu, messieurs! Rien ne va plus? —hots egin zuen croupier-ak, apustura gonbidatuz eta erruleta jiratzeko gertu.

        — Jainko maitea! Berandutu egin zaiguk! Berehala jiratuko diate! Joka ezak, joka ezak! —larritu zen amona—. Ez zabartu, bizkor! —atera zen bere senetik, indar guztiekin niri ukalondokada joaz.

        — Zertan jokatuko dugu, amona?

        — Zéro-an, zéro-an! Berriro zéro-an! Joka ezak ahal den guztia! Zenbat daukagu denera? Hirurogeita hamar federiko? Ez ezak damurik izan, jarri hogei federiko batera.

        — Zentzuz, amona! Zenbaitetan ez da berrehun alditatik behin ere irteten! Zaude seguru diru guztia galduko duzula.

        — Gezurra, gezurra! Joka ezak! Zenbat txorakeria! Bazekiat zertan ari naizen —dardara eta guzti egiten zuen amonak, asaldatuta.

        — Arauak direla-eta ez da zilegi zéro-an hamabi federiko baino gehiago jartzea, amona! Horratx, horixe jarri dut!

        — Ez dela zilegi? Ez haiz ba gezurretan ariko? Monsieur! Monsieur! —jo zion ukalondokada bere ezkerretara gurpila jiratzeko prest zegoen croupier-ari—. Combien zéro? Douze? Douze?

        Nik azkarxeago argitu nion galdera frantsesez.

        — Oui, madame —baieztatu zuen croupier-ak gizalegez—. Aldiko lau mila florinetik gorako apustua egin ezin daitekeen bezalaxe, arauak direla eta —gaineratu zion azalpenari.

        — Tira, alferrik duk, jarri hamabi.

        — Le jeu est fait! —hots egin zuen croupier-ak. Gurpila jiraka ibili eta hamahirua irten zen. Galdu beraz!

        — Berriro! Berriro! Berriro! Jokatu berriro! —egin zuen amonak garrasi. Nik ez nion gehiago gogor egin, eta, sorbaldei eraginda, beste hamabi federiko jarri nituen. Gurpila luzaroan ibili zen jiraka. Amona dardarka zegoen, gurpilarekin adi-adi. «Benetan uste ote du zéro egokituko dela berriro?» pentsatu nuen nik, berari harriduraz begira. Bere aurpegian dirdira egiten zuen irabaztearen konbentzimendu tinkoak, itxaropen itzali ezinak, alegia berehala entzungo zela oihua: Zéro! Bolatxoak txulora egin zuen jauzi.

        — Zéro! —oihukatu zuen croupier-ak.

        — Ikusten? —jiratu zen nigana amona, garaipen pozez zoratzen.

        Neroni ere jokalari nintzen; momentu hartantxe antzeman nuen. Dardarka neuzkan eskuak eta hankak, burua berriz nahastuta. Kasualitate bakana zen, noski, hamarren bat jokalditik hiru bider irtetea zéro; baina ez zen batere harrigarria. Neroni izan nintzen lekuko, nola herenegun hiru zéro egokitu ziren segidan, eta, honen aurrean, jokalarietako batek, emaitza guztiak orri batean arretaz idazten zituenak, ozenki adierazi zuen zéro ez zela aurreko egun osoan behin besterik irten.

        Amonak bildu zuenez irabazirik handiena, begirune eta fintasun bereziz banatu zioten dirua. Zehazki laurehun eta hogei federiko jasotzea zegokion, hau da, lau mila florin eta hogei federiko. Hogei federikoak urretan eman zizkioten, eta beste lau milakoa billetetan.

        Baina aldi hartan ez zion Potapitxeri deitu; beste zerbait zeukan buruan. Ez zuen ez ukabilkadarik jotzen eta ez dardara egiten, kanpotik behintzat. Honela adierazterik baldin badago, barrutik egiten zuen dardara. Bere baitan bilduta zegoen, begiak zorrotz:

        — Alexei Ivanovitx! Honek esan dik lau mila florin bakarrik jar daitezkeela aldiko! Torizkik, jar itzak lau mila hauek gorrira —erabaki zuen amonak.

        Alferrik zen atzera eginarazi nahi izatea. Jiraka hasi zen gurpila.

        — Rouge! —aldarrikatu zuen croupier-ak.

        Lau mila florineko irabazia berriro ere, denera zortzi mila beraz.

        — Emazkidak lau, eta beste laurak jarri berriro gorrira —agindu zuen amonak.

        Lau mila jarri nituen berriro.

        — Rouge! —aldarrikatu zuen ostera croupier-ak.

        — Hamabi mila guztira! Emadak dena. Sartu urrea hemen, poltsan, eta billeteak gorde. Nahikoa diagu! Etxera! Bultza besaulkiari!

 

 

 

© Fedor Dostoievski

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"Fedor Dostoievski / Jokalaria" orrialde nagusia